FAMILIA IDEAL BAT

 

        Arrats hartan, bizitza osoan lehenbiziko aldiz, ate birakaria bultzatu eta hiru harmaila zabalak jaistean beheko espaloiraino, Neave jaun zaharrak sentitu zuen bera zaharregia zela udaberrirako. Hantxe zegoen udaberria —bero, gogotsu, urduri—, bere zain urrezko argitan, denen aurrean prest lasterka hasteko, bere bizar zuriari haize emateko, besotik goxo-goxo tiratzeko. Baina bera ezin zen harengana joan; ezin zuen beste behin bizkarra tentetu eta oinez ekin, gizon gazte bat bezain ausart. Nekatua zegoen, eta azken printzek oraindik jotzen zuten arren, hotz bitxi bat zeukan, gorputza hozmindua. Bat-batean ez zeukan kemenik, ez zeukan bihotzik ibilera alai eta bizi honi gehiagoan eusteko; txunditua zegoen. Bertan zutik gelditu nahi zuen, hura handik uxatu makilarekin, hari esan: «Alde hemendik!» Bat-batean, berealdiko lana zen egunero bezala agurtzea —makilarekin kapelu ertza ukituz— ezagun guztiak, lagunak, elaireak, dendariak, postariak, gidariak. Baina keinu harekin batera eman ohi zuen begirada alaia, begiak kliskatze jator hura, esanez bezala: «Zuetako edozein adina edo gehiago naiz», hura inola ere ezin zuen egin Neave jaun zaharrak. Dinbi-danba oinez, goraino igotzen zituen belaunak, ura bezain astun eta lodi bihurtutako airea zapaltzen bezala. Eta jendetza etxera bidean igaro zen presaka, tranbiak kirrinka, gurdi arinak kirrika, taxi handi balantzariak ziztuan, axola-eza anker, desafiatzaile batekin, ametsetan bakarrik agertzen dena...

        Besteak bezalako eguna izan zen bulegoan. Ez zen ezer berezirik gertatu. Harold ez zen bazkaritik itzuli laurak aldera arte. Non izan zen? Zertan ibili zen? Ez zion aitari jakinaraziko. Neave jaun zaharra sarreran gertatu zen orduantxe, bezero bat despeditzen, Harold ondotik igaro zenean, beti bezala ezin hobeto jantzia, lasai, goxo, erdi irribarre txiki, berezi, emakumeen ustez hain xarmagarria ezpainetan zuela.

        A! Harold oso egokia zen, egokiegia; hori izan zen arazoa denbora guztian. Inongo gizonek ez zuen eskubiderik halako begiak izateko, halako betileak eta halako ezpainak; ez zen parte onekoa. Ama, arrebak eta mirabeentzat jainko gazte baten pare zela esatea ez zen gehiegi; goresten zuten, den-dena barkatzen zioten; eta zer barkatua izan zuen, hamahiru urterekin amari poltsa ostu zionetik, dirua hartu, eta sukaldariaren gelan ezkutatu poltsa. Neave jaun zaharrak gogor jo zuen espaloi ertza makilarekin. Baina, pentsatu zuen, ez zen familia bakarrik Harold gaizki ohitu zuena, denak izan ziren; hark begiratu eta irribarre egin orduko, aurrean belaunikatzen zitzaizkion denak. Beraz, agian ez zen harritzekoa, hark bulegoan ere beste hainbeste itxarotea. Mm, mm! Baina hori ez zen posible. Lana —ezta negozio arrakastadun, sendo, ongi ordaindu bat ere— ez zen jolasa. Gizonak gorputz eta arima jarri behar zuen hartan bere burua, edo bestela txiki-txiki egiten zen guztia...

        Eta gainera Charlotte eta neskak beti ari ziren esan eta esan dena Harolden gain utzi eta erretiroa hartzeko, ongi pasatzeko. Ongi pasatu! Neave jaun zaharrak planto egin zuen antzinako palmondo batzuen azpian, Gobernu egoitzaren atarian. Ongi pasatu! Arratseko haizeak hosto ilunak astindu zituen, irriño arin airakor batekin. Etxean eserita, besoak antxumatuta, ederki jabetuz bizitza osoko lana zihoakiola ihesi, urtzen, desagertzen Harolden hatz finen tartetik, Harolden irribarre artean...

        — Zergatik duzu hain buru gutxi, aita? Ez dago inongo beharrik zu bulegora joateko. Ikusteko ezinegona sortzen digu denoi, jendeari behin eta berriro entzuteak oso itxura nekatua darabilzula. Begira etxe puska hau eta lorategi hau. Igualeko biziko zinateke, hemen duzuna estimatzen hasiko bazina. Edo denbora-pasaren bat bazenu.

        Eta Lola umeak burgoi baietsi zuen:

        — Gizon guztiek behar lukete denbora-pasa bat. Bestela ez da giro beren ondoan.

        Tira, tira! Ezin izan zion eutsi irribarre zakar bati, ezinean hasi zenean Harcourt Avenuera ematen zuen aldapan gora. Non egongo ote ziren Lola eta haren ahizpak eta Charlotte, berak denbora-pasa bat hartu balu, non baina? Ezin ziren denbora-pasekin ordaindu hiriko etxea eta kostako bungalowa, eta haien zaldiak, eta haien golfa, eta hirurogei gineako gramofonoa dantzan aritzeko musika-gelan. Ez zen bera zekena gauza horietarako. Ez, neska argi, itxura ederrekoak ziren, eta Charlotte emakume bikaina; haientzat naturala zen egunean egotea. Izan ere, hiri guztian ez zegoen beste etxe bat berena bezain ezaguna; beste ezein familiak ez zituen hainbeste festa ematen. Eta Neave jaun zaharrak zenbat eta zenbat aldiz, zigarro-kutxa bultzatu erretzaile-gelako mahai gainean eta entzun zituen laudorioak emazteaz, alabez, edo bere buruaz.

        — Nahikoa dugu, gazte —erantzun ohi zuen Neave jaun zaharrak—. Har ezazu hauetako bat; nik uste gustatuko zaizkizula. Eta nahiago baduzu lorategian erre, seguru asko belardian topatuko dituzu neskak.

        Horregatik ez ziren neskak sekula ezkondu, jendearen esanetan. Edonorekin ezkontzeko aukera izan zuten. Baina gusturaegi zeuden etxean. Pozikegi zeuden elkarrekin, neskak eta Charlotte. Mm, mm! Tira, tira! Agian horrela...

        Joana zen alderik alde Harcourt Avenue apainean zehar; iritsia zen kantoiko etxera, beren etxera. Zalgurdiaren atakak zabalik zeuden; gurpil marka berriak zeuden bidexkan. Aurrean zuen etxe handi zuriz pintatua, leihoak parez pare irekita, tulezko errezelak kanpora hegan, hiazintoen txarro urdinak koska zabaletan. Zalgurdiaren estalpeko alde bietan hortentsiak —hiri osoan ospetsuak— loratzen ari ziren; lore multzo urdinxka, arrosaxkak argia balira bezala zeuden, hosto erdi irekien artean. Eta nola edo hala, Neave jaun zaharrari iruditu zitzaion etxea eta loreak, eta baita bidexkako marka berriak ere, esaten ari zirela: «Gaztetasuna dago hemen. Neskak daude...»

        Ezkaratza, beti bezala, ilunpean zegoen pakete-paperekin, eguzkitakoekin, eskularruekin, haritzezko kutxa gainetan pilatuak. Musika-gelatik piano hotsa zetorren, bizkor, ozen eta artega. Salako ate zirrikitutik ahotsak heltzen ziren igeri.

        — Eta bazegoen izozkirik? —entzun zen Charlotte. Ondoren haren aulki kulunkariaren intziria.

        — Izozkiak? —hots egin zuen Ethelek—. Amatxo maitea, inoiz ez duzu halakorik ikusi. Bi mota bakarrik. Eta bat marrubizko txiki arrunta, papera bustita blai.

        — Janari guztia zunan penagarria —iritsi zen Marionen ahotsa.

        — Halere goiztxo dun izozkientzat —esan zuen Charlottek airoski.

        — Bai, baina salgai baldin badituzu... —hasi zen Ethel.

        — Hori ere egia dun, laztana —xaramelatu zuen Charlottek.

        Bat-batean musika-gelako atea zabaldu eta airean irten zen Lola. Dar-dar egin zuen, ia garrasi, Neave jaun zaharra ikustean.

        — Hara hara, aita! Beldur ona eman didazu! Orain heldu zara? Zergatik ez dago hemen Charles, zuri zamarra kentzen laguntzeko?

        Pianoan jardunda masailak gorri-gorri zeuzkan, begiak distiratsu, ilea kopetan behera erorita. Eta arnaska zegoen, ilunpetan barrena lasterka etorri eta beldurrez balego bezala. Neave jaun zaharrak adi-adi begiratu zion alaba gazteenari; sekula ez zuela ikusi iruditu zitzaion. Hura zen Lola, ezta? Baina aitarekin ahaztua ematen zuen; ez zegoen han zain beragatik. Orain eskuzapi bil-bil eginaren puntari hortzekin heldu eta haserre tiratu zion. Telefonoa hoska hasi zen. Aaa! Lolak zotin antzeko oihu bat egin eta ziztuan joan zen bere ondotik. Telefonoa zegoen gelako atea danba itxi, eta orduantxe hots egin zuen Charlottek: «Zu zara, aita?»

        — Orain ere nekatua zatoz —egin zion Charlottek purrustada, aulki kulunkaria gelditu eta berari aran antzeko masaila bero hura eskainiz. Ethel ile-argiak mokokada eman zion bizarrean; Marionen ezpainek belarria igurtzi zioten.

        — Oinez etorri zara, aita? —galdetu zion Charlottek.

        — Bai, oinez etxeratu naiz —esan zuen Neave jaun zaharrak, salako besaulki puska haietako batean bere burua botaz.

        — Zergatik ez duzu taxia hartu, baina? —esan zion Ethelek—. Ehundaka ibiltzen dira ordu honetan.

        — Ahizpa maitea —hots egin zuen Marionek—, aitak nahiago badu neka-neka eginda bukatu, ez dun gure kontua horretan sartzea.

        — Umeak, umeak! —egin zien Charlottek gogor.

        Baina Marion ez zegoen isilik egoteko.

        — Ez, ama, gaizki ohitu duzu aita, eta hori ez dago ongi. Zorrotzago jokatu behar zenuke berarekin. Oso bihurria da. —Bere algara ozen, gogor hura egin eta buruko ilea zapaldu zuen ispilu aurrean. Bai bitxia! Neska koskorretan oso ahots leun, zalantzatia eduki zuen; totel ere egin zuen, eta orain, zernahi esanda ere —baita esateko ere «Marmelada, mesedez, aita»—, antzeztoki gaineko ahots bat ematen zuen.

        — Zu baino lehen irten da Harold bulegotik, maitea? —galdetu zion Charlottek, berriro kulunkan hasita.

        — Ez dakit seguru —esan zuen Neave jaun zaharrak—. Ez dakit seguru. Ez dut ikusi lauretatik aurrera.

        — Esan du... —hasi zen Charlotte.

        Baina une hartantxe Ethel, egunkariren baten orriak zimurtzen arituta, lasterka joan amarengana eta aulki ondoan bota zuen bere burua.

        — Horra, ikusten? —hots egin zion—. Hau esan nahi nuen, ama. Horia, zilar ukituekin. Ez zaizu iruditzen?

        — Emaidan, laztana —esan zuen Charlottek. Kareizko betaurrekoak aztaka bilatu ondoren jantzi, orriari ukitutxo bat eman bere hatz txiki mozkoteekin, eta ezpainak biribildu zituen—. Zoragarria! —xaramelatu zuen ahul; Etheli begiratu zion betaurrekoen gainetik—. Baina buztanik gabe hobeto.

        — Buztanik gabe! —auhendatu zuen Ethelek tragikoki—. Baina buztana da funtsezkoa.

        — Ekarri, ama, utzi erabakitzen. —Marionek jolasean kendu zion orria Charlotteri—. Arrazoi din amak —hots egin zuen garaile—. Buztanak astunegi egiten din.

        Neave jaun zaharra, ahaztua, besaulkiaren altzo zabalean barneratu zen eta, lo kuluxkan, ametsetan bezala entzuten zien. Zalantzarik gabe, neka-neka eginda zegoen; ez zion bere buruari neurria hartu. Are Charlotte eta neskak gehiegi ziren berarentzat gau honetan. Zeraegi ziren... Baina bere garun logaletuari otu zitzaion bakarra izan zen: aberatsegiak. Eta han nonbait, guztiaren atzean gizon txiki zimel adineko bat ikusi zuen, eskailera amaigabe bat igotzen. Nor ote zen?

        — Gaur ez naiz afaltzeko jantziko —esan zuen ahopean.

        — Zer esan duzu, aita?

        — Ee? Zer, zer? —Neave jaun zaharra aztoratuta esnatu eta zeharka begiratu zien—. Gaur ez naiz afaltzeko jantziko —errepikatu zuen.

        — Baina aita, Lucile da etortzekoa, eta Henry Davenport, eta Teddie Walkerren andrea.

        — Lekuz kanpo emango duzu.

        — Ondoezik zaude, maitea?

        — Ez duzu lanik hartu beharrik. Zertarako dago Charles?

        — Baina ez bazara gauza... —zalantza egin zuen Charlottek.

        — Ederki! Ederki! —Neave jaun zaharra zutitu, eta goraka zihoan gizaseme txiki zahar harekin elkartzeko abiatu zen, jantzi-gelaraino.

        Han zeukan Charles gaztea zain. Kontu handiz, dena horrexen menpe balego bezala, eskuoihal bat ari zen jartzen ur beroaren antoxinaren jiran. Bere kutuna zen Charles gaztea, musu-gorri txiki bat zela tximiniak zaintzera etorri zenetik. Neave jaun zaharra makurtu, saretazko aulkian eseri leiho ondoan, hankak luzatu eta ilunabarreroko txantxa egin zuen:

        — Dotore janztazu, Charles!

        Eta Charlesek, arnasa sakon hartu eta kopeta belztuz, gorbatako orratza kentzeko okertu zen.

        Mm, mm! Tira, tira! Gustura egoten zen leiho zabalduaren ondoan, oso gustura... ilunabar gozo ederra. Belarra mozten ari ziren beheko tenis-zelaian; segaren txistu biguna entzuten zuen. Aurki hasiko ziren neskak berriro tenis partidekin. Eta horretan pentsatzean entzun uste izan zuen Marionen ahotsa oihuka: «Hori da eta, lagun... Eman, lagun... O, hori da jotzea.» Ondoren Charlotte ataripetik deika: «Non da Harold?» Eta Ethelek: «Hemen behintzat ez, ama.» Eta Charlottek ezbaikor: «Esan du...»

        Neave jaun zaharrak hasperen egin, zutitu eta, esku bat bizar azpian jarriz, Charles gazteari orrazia hartu eta kontu handiz orraztu zuen bizar zuria. Charlesek eskuzapi tolestu bat eman zion, erlojua eta eraztunak, eta betaurrekoen kutxatila.

        — Aski duk, motel. —Itxi zen atea, eseri zen berriro, bakarrik zegoen...

        Eta orain gizaseme txiki zahar hura eskailera amaigabeetan behera zihoan jangela alai, argitsu batera. Haren hankak! Armiarmarenak ematen zuten, mehe, ihar.

        «Familia ideala da zurea, jauna, familia ideala.»

        Baina hori egia bazen, zergatik ez zuten gelditu Charlottek edo alabek? Zergatik zebilen bakar-bakarrik, gora eta behera? Non zen Harold? A, alferrik zen ezer onik itxarotea Haroldengandik. Behera eta behera joan zen armiarma txiki zaharra, eta orduan, hura izua, jangelatik aurrera segitzen zuela ikusi zuen Neave jaunak, ataripe aldera, bidexka ilunetik, zalgurdiaren atakatik, bulegora. Gelditu, gelditu norbaitek!

        Neave jaun zaharrak dar-dar egin zuen. Jantzi-gela ilun zegoen; leihoak distira zurbila zuen. Zenbat denbora egin zuen lo? Entzuten jarri zen, eta etxe handi, airos, ilunduan zehar urrutiko ahotsak zebiltzan hegan, urrutiko hotsak. Agian, pentsatu zuen xumeki, denbora asko egin zuen lo. Ahaztuta utzi zuten. Zer zen berarentzat hura dena —etxe hau eta Charlotte, neskak eta Harold—, zer zekien haietaz? Arrotzak ziren. Ondotik pasatu zitzaion bizitza. Charlotte ez zen bere emaztea! Bere emaztea!

        ...Ataripe ilun bat, erdi gordea pasio-lore aihen batekin, goibel eta itun makurtua, ulertuko balu bezala. Beso txiki, beroak zeuzkan berak lepoan. Aurpegi bat, txiki eta zurbila, berearen parera altxatu, eta ahots batek marmar egin zion: «Adio, kuttuna.»

        Kuttuna! «Adio, kuttuna!» Nork hitz egin zuen? Zergatik esan zuten adio? Akats larri bat egon zen. Hura zen bere emaztea, neska txiki zurbil hura, eta gainerako bizitza osoa ametsa izan zen.

        Orduan atea zabaldu zen, eta Charles gazteak, argitan zutik, eskuak gerrian zituela, soldadu gazte batek bezala egin zion oihu:

        — Mahaian dago afaria, jauna!

        — Banoak, banoak —esan zuen Neave jaun zaharrak.

 

 

© Katherine Mansfield

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Mansfield / Lorategiko festa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus