JAI EGUNA

 

        Gizon sendo musu-gorri batek flanelazko galtza zuri zikin batzuk daramatza, zamar urdin batean eskuzapi arrosa bat ageri duela, eta buru atzean zintzilik lastozko kapelu bat, berarentzat txikiegia. Gitarra jotzen ari da. Lagun txiki bat —kalamuzko oinetako zuriekin, aurpegia ezkutaturik hego hautsi baten antzeko feltrozko kapelu baten azpian—, txirula bati haize ematen ari da; eta mutil mehe garai batek, puztu-puztu egindako bota botoidunak lehertzear dituela, musikazko txirbilak ateratzen dizkio —xingola luze, bihurri, dantzariak— biolin bati. Zutik daude, irribarrerik gabe baina serio ere ez, fruitu denda aurreko egutera zabalean; armiarma antzeko esku arrosak gitarra astintzen du, eta esku mozkote txikiak, letoi eta turkesazko eraztun bat duenak, txirula gogogabetuari ekiten dio, eta biolinistaren besoa biolina bitan zerratu nahian ari da.

        Jende mordoxka bat bildu da, laranjak eta bananak jaten, azalak kentzen, zatitzen, partitzen. Neska gazte batek saski bat dauka marrubiekin, baina ez da jaten ari.

        — Zer politak diren!

        Fruitu ttipi puntadunei begira dago, beldurra balie bezala. Australiako soldaduak barre egiten du:

        — Jan itzazu, ahokada bat besterik ez dago.

        Baina berak ere ez du nahi neskak jaterik. Haren aurpegi txiki ikaratuari so egotea gustatzen zaio, eta haren begi txundituak berari gora begira:

        — Kutixi ona dira!

        Soldaduak bularra zabaldu eta barre iduri egiten du. Andre zahar gizenak belusezko gerruntzeekin —orratz ontzi zahar haustuak—; aterki gastatuen antzeko atso zahar okerrak, goiko aldean txano bat dardaraka dutela; andre gazteak, muselinaz jantzita, landare-hesietan jaioak ematen duten kapeluekin, eta zapata takoi zorrotzekin; gizonak kakiz, marinelak, bulegari narrasak, judu gazteak oihal fineko jantziekin, sorbaldak harro eta galtzak zabal dituztela, «ospitaleko mutilak» urdinez —eguzkiak salatzen ditu—, musika ozen, sendoak denak elkartzen ditu momentu batez korapilo handi batean. Gazteenak jolasean ari dira, elkar bultzaka espaloian gora eta behera, korrika, ukondoka; zaharrenak hizketan ari dira:

        — Orduan esan zioat: medikuak ikustea nahi baduk, joan hadi herori.

        — Eta egosi zirenerako eskukada ere ez zuan geratzen!

        Isilik dauden bakarrak ume arloteak dira. Han daude, musikariengandik ahal den hurbilena, eskuak bizkarrean, begiak zabal. Aldian behin hanka bat txingoka jartzen dute, beso bati eragiten. Ume balantzati bat, eutsi ezinik, bi aldiz jiratu, handiki eseri, eta altxatzen da berriro.

        — Zoragarria, ezta? —egiten du marmar neska txiki batek, eskua aho parean.

        Eta puska argitsuak eginez zatitzen da musika, eta elkartzen da berriro, eta berriro zatitzen, eta desegiten, eta jendetza sakabanatzen, aldapan gora astiro.

        Bide ertzean hasten dira txosnak.

        — Kilikatzekoak! Kilikatzeko batek bi penike! Baduzu kilikatzekoa? Kilika itzazu neskak!

        Erratz txiki leunak burdin harizko kirtenekin. Barra-barra erosten dituzte soldaduek.

        — Erosi panpina! Bi penike panpina batek!

        — Erosi asto saltaria! Bixi-bixia!

        — Sekulako gomagoxoa. Erosi, mutilak.

        — Arrosak. Emaiozu arrosa, mutil. Arrosak, andereño?

        — Lumak! Lumak!

        Zaila da haiei ezetz esatea. Luma eder, jariotsuak, berde esmeraldak, purpurak, urdin argiak, hori kanarioak. Haurrek ere lumak daramatzate txanoetan kiribilduta.

        Eta andre zahar bat, hiru puntako kapelu paperezko batekin, hoska ari da, mundua utzi aurretik bere azken aholkua balitz bezala, zeure burua salbatzeko edo zentzatzeko bide bakarra:

        — Erosi hiru puntako kapelua, maitea, eta janztazu!

        Egun bizi-bizia da, erdi eguzki, erdi haize. Eguzkia joan eta itzala hedatzen da; berriro argitzen duenean zakar jotzen du. Gizon eta emakumeek kiskaltzen sentitzen dituzte bizkarrak, bularrak eta besoak; beren gorputzak sentitzen dituzte zabaltzen, berpizten... eta, hala, besarkatzeko keinu handiak egiten dituzte, altxatzen dituzte besoak, ezergatik ez, ekiten diote neskaren bati, lehertzen dira barrez.

        Limoi ura! Ontzikada bete dago mahai gain batean, zapi batez estalita; eta arrain amutsen antzeko limoiek zipriztintzen dute ur horia. Sendoa ematen du, gelatina bezala, baso lodietan. Ezin ote dute edan lurrera isuri gabe? Denei isurtzen zaie, eta basoa itzuli aurretik jira guztian botatzen dituzte azken tantak.

        Izozki gurdiaren inguruan, toldoa marraduna eta tapa letoi argia dituena, ume pila bat dago. Mingain txikiak miazka eta miazka kremazko tronpeten inguruan, laukituen inguruan. Tapa altxatu eta zurezko koilara murgiltzen da; begiak ixten dira hura sentitzean, isil-isil marraskatzen.

        — Utzi txori txiki hauei zuen geroa esaten! —Kaiolaren ondoan dago andre italiar zimel, denbora ezagutzen ez duen bat, atzapar beltzak itxi eta ireki. Aurpegia, oso fin landutako altxorra, lepoko berde-urre batez dauka lotua. Eta, presondegi barruan, maitasunaren txoriek hegan egiten dute hazi-ontziko orritxoetara.

        — Izakera oso sendoa duzu. Gizon ile-gorri batekin ezkondu eta hiru haur izango dituzu. Begirozu emakume ile-hori batekin. Kontuz! Kontuz! Txofer lodi batek gidatutako automobil bat aldapan behera dator ziztu bizian. Bertan doa emakume ile-hori bat, kopeta beltz, gorputza aurreratuta... zeure bizitzan zehar ziztuan. Begirozu! Begirozu!

        — Jaun-andreok; ni enkanteak egitetik bizi naiz, eta esaten dizuedana egia ez bada, arriskua dut niri baimena kendu eta espetxera bidaliko nautela. —Bularraren parean eusten dio baimenari; aurpegian behera doakio izerdia paperezko lepora; izoztuak bezala ditu begiak. Kapelua eranzten duenean, haragi haserreko zimur sakon bat ageri zaio kopetan. Inork ez dio erlojurik erosten.

        Kontuz berriro! Zalgurdi ikaragarri bat dator aldapan behera aldaroka, barruan bi haur zahar-zahar dituela. Andrea eguzkitako farfaila batekin; gizona makilaren kirtena milikatzen, eta bien gorputz zahar lodiak piririka datoz, sehaska kulunkatzen den bitartean, eta zaldi lurrintsuak, aldapan behera trostan, simaur arrasto bat uzten du.

        Zuhaitz baten azpian Leonard profesorea, birreta eta toga jantzita, bere iragarkiaren ondoan dago. «Egun bakar baterako» etorri da, Londres, Paris eta Bruselako Erakusketatik, aurpegia ikusita zuri etorkizuna esatera. Eta hantxe dago, irribarre eginez animatu nahian, dentista trakets baten antzera. Gizon handiak, lehenxeago zalapartan eta biraoka ibiliak hurreratu eta sei penikekoa ematen diotenean, eta haren aurrean zutik geratzen, bat-batean serio jartzen dira, uzkur, lotsati, ia gorriturik, profesorearen esku biziak txartel idatzia zulatzean. Ume txikien antzekoak dira, lorategi debekatu batean jolasean harrapatu dituenean jabeak, zuhaitz baten atzetik irtenda.

        Iritsi dira aldapa gainera. Zer beroa! Zer giro ederra! Benta irekita dago eta bultzaka sartzen da jendetza. Espaloiaren koskan esertzen da ama haurrarekin, eta aitak basokada ilun, arre bat ateratzen dio, eta ondoren basaki sartzen da berriro ukondoka. Garagardo kiratsa dario bentari, eta ahots zarata eta ardaila.

        Haizea baretu da, eta eguzkiak are gogorrago erretzen du. Bi ate birakarien kanpo aldean ume multzo trinko bat dago, euliak gozoki-txarro baten ahoan bezala.

        Eta gora eta gora dator jendea aldapan, kilikariak eta panpinak hartuta, eta arrosak eta lumak. Gora eta gora murgiltzen dira argitan eta berotan, oihuka, barreka, txilioka, zerbaitek bultzatuko balitu bezala, azpi-azpitik, eta eguzkiak, han aurrean urruti, tiratzen ditu distira bizi, argitsu, itsugarri hartara... nora?

 

 

© Katherine Mansfield

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Mansfield / Lorategiko festa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus