ARROTZA
Moilako jende mordoxkak uste zuen ez zela sekula mugituko. Hantxe zegoen, ikusgarri, geldi-geldi ur gris zimurrean, goiko aldean ke adar bat zuela, kaio saldo ikusgarri bat garrasi eta murgil egiten popa aldean, sukaldeko hondakin artean. Bikote txikien hara eta hona ikus zitekeen: euli txikiak gora eta behera oinez mahai oihal gris, zimurraren gaineko platerean. Beste euli batzuk ertzean zeuden pilatuta, burrunban. Orain distira zuri bat agertu zen ontziaren behean: sukaldariaren mantala edo agian zerbitzaria. Orain armiarma beltz ttipi bat igo zen lasterka eskaileratik zubira.
Jendetzaren aurrean gizon heldu bat, itxuraz mardula, oso apain jantzia, oso eroso zamar gris batekin, sedazko lepoko grisa, eskularru lodiak eta feltrozko kapelu iluna zituela, gora eta behera zebilen, aterki bilduari eragiten. Bazirudien bera zela moilako jende mordoxkaren burua, eta aldi berean denak elkarrekin atxikitzen zituena. Artzain-zakur eta artzainaren arteko zerbait zen.
Baina zer txorakeria, zer txorakeria izan zen betaurrekoa ez ekartzea! Hainbesteren artean ez zegoen betaurreko bakar bat ere.
Xelebrea da, Scott jauna, inor betaurrekoekin gogoratu ez izana. Hartara apur bat animatuko genituen. Seinaletxo batzuk egingo genizkien. Lasai lehorreratu. Baketsuak gara. Edo: Ongi etorria jasoko duzue. Dena barkatu dizuegu. Zer iruditzen? E?
Hammond jaunaren begirada bizkor tinkoak, urduria baina jator eta fidakorra, moilako guztiak hartu zituen barruan, kate motzean bildu zituen bi aitona haiek ere, mailadian nagituta zeudenak. Zirenek eta ez zirenek zekiten Hammond andrea zetorrela ontzi hartan, eta senarra hain zegoen aztoratua non ez baitzitzaion sekula burutik pasatu ere egin, gertaera zoragarri hau haiei axola ez zitzaienik. Hala, haiekiko bihotz ona sentitzen zuen. Jende fina zen, iritzi zion baita mailadiko bi aitona zahar haiek ere, gizaseme fin, taxuzkoak. Haien bularrak, alajaina! Berak ere zabaldu, lodi jantzitako eskuak sakeletan sartu eta orpotik behatz puntara kulunkatu zen.
Bai, hamar hilabete egin ditu nire emazteak Europan. Alaba zaharrena bisitatzen, iaz ezkondu zitzaiguna. Neronek ekarri nuen honaino, Crawforderaino. Hala, bila etortzea pentsatu dut. Bai, bai, bai.
Bere begi gris maltzurrak berriro kizkurtu, eta larri, bizkor aztertu zuen ontzi geldia. Askatua zeukan berriro zamarra. Erloju mehe, gurina bezain horia berriro atera, eta hogei, berrogei, berrehungarren aldiz egin zuen kalkulua.
Ea. Ordu biak eta laurdenetan irten da medikuaren txalupa. Oraintxe laurak eta hogeita zortzi dira. Hau da, bi ordu eta hamahiru minutu dira medikua joan dela. Bi ordu eta hamahiru minutu! Fiuu! eta txistu motz bitxi bat eginez berriro itxi zuen erlojua. Baina zerbait gertatu balitz esango ziguten, ezta Gaven jauna?
O, noski, Hammond jauna! Ez dut uste... ez dut uste estutu behar dugunik esan zuen Gaven jaunak, oinetakoaren takoia jo eta pipa hustuz. Gainera...
Egia! Egia! hots egin zuen Hammond jaunak. Kezkak alde batera! gora eta behera bizkor ibili eta berriro etorri zen lehengo lekura, Scott jaun-andreak eta Gaven jaunaren artean. Iluntzen ari du eta aterki bilduari eragin zion, ilunabarrari apur bat atzeratzeko mesedea eskatuz bezala. Baina ilunabarra bazetorren geldiro, orban geldi baten antzera zabalduz ur gainean. Jean Scott txikiak amari tiratu zion eskutik.
Tea hartu nahi dut, amatxo! egin zuen intziri.
Horixe esan zuen Hammond jaunak. Horixe nahiko dute hemengo andereño guztiek eta bere begirada jator, oparo, ia errukarriak kate motzean bildu zituen denak berriro. Bere buruari galdetu zion ea Janey azken te bat hartzen ari ote zen hango salan. Hala opa zion; baina ez zuen uste. Hura ezagututa, ontzi gainean egongo zen. Hartara agian zerbitzariak ekarriko zion kikera bat. Bera han egon balitz eramango zion, nola edo hala. Eta une batez ontzi gainean ikusi zuen bere burua ere, Janey zaintzen, eta hari begira, ohitura zuen bezala esku txikiarekin kikera biltzen, ontzi osoan lor zitekeen te kikera bakarra edaten... Baina bera hemen zegoen, eta Jainkoak bakarrik zekien noiz arte egongo zen kapitain madarikatu hura hantxe planto eginda. Beste itzuli bat eman zuen, gora eta behera, gora eta behera. Taxi geltokiraino joan zen, gidariak ez zuela alde egin segurtatzeko; eta atzera bildu zen jendearen sailera, banana otarreen gerizpean. Jean Scott txikiak tea hartu nahian jarraitzen zuen. Ume gaixoa! Txokolate mutur bat eduki balu hari emateko!
Etorri, Jean! esan zion. Aupatzea nahi? eta goiko barrika batera jaso zuen neskatoa aise, goxo. Hura altxatzeak, hura zutik uzteak berebiziko lasaitua eman zion, bihotza arindu zitzaion.
Heldu esan zion, beso batez inguratzen zuela.
O, ez kasurik egin, Hammond jauna! esan zuen Scott andreak.
Lasai, andrea. Ez da ezer. Ni pozik. Jean eta biok adiskideak gara, ezta, Jean?
Bai, Hammond jauna esan zuen Jeanek, eta hatza pasatu zion feltrozko kapeluaren ertzetik. Baina bat-batean belarritik heldu zion eta garrasi egin zuen: Begira, jauna! Mugitzen ari da! Begira, badator!
Alajaina! Egia zen. Halere! Astiro-astiro ari zen jiratzen. Kanpai hotsa entzun zen uretan barrena eta lurrin parrastada handi bat isuri zen airera. Kaioek gora egin zuten; paper puska zuriak bezala urrundu ziren. Eta Hammond jaunak ezin zuen antzeman taupada gogor hura motorrena zen ala bere bihotzarena. Kemena behar zuen, zernahi izanda ere aurre egiteko. Orduantxe moilan behera etorri zen Johnson zaharra, portuzaina, beso azpian larruzko zorro bat zuela.
Uztazu Jean esan zuen Scott jaunak. Eutsiko diot.
Doi-doia iritsi zen. Hammond jauna ahaztua zegoen Jeanekin. Salto eginda joan zen Johnson kapitain zaharra agurtzera.
Kontxo, kapitain oihu egin zuen ahots urduri, grinatiak berriro, azkenean errukitu zara gutaz.
Ez niri errua egotzi, Hammond jauna esan zuen arnaska Johnson kapitain zaharrak ontziari begira. Emaztea datorkizu hor, ezta?
Bai, bai! esan zuen Hammondek, portuzainaren aldamenetik joan gabe. Hor datorkit emaztea. Eup! Laster da!
Hango telefonoa hoska eta hoska, helizearen burrunbak airea betetzen zuela, barku handiak zuzen jo zuen berengana, ur iluna garbi moztean txirbil zuri handiak alde bietara kiribilduz. Hammond eta portuzaina beste guztien aurrean zeuden. Hammondek kapelua erantzi zuen; ontzi gainak ikertu zituen: bidaiariz lepo zeuden; kapeluari eragin eta «Eup!» ozen, arraro bat bota zuen uretan zehar, eta ondoren jiratu eta barrez lehertu eta zerbait esan zion ezer ez Johnson kapitainari.
Ikusi duzu? galdetu zion portuzainak.
Ez, oraindik ez. Lasai, zaude apur bat! Eta bat-batean, bi ergel kankailuen artetik «Kendu paretik!» seinalatu zien aterkiaz, esku bat ikusi zuen altxatuta, eskularru zuri bat musuzapi bat astintzen. Handik gutxira Jainkoari eskerrak, Jainkoari eskerrak! hantxe zegoen. Hantxe zegoen Janey. Hantxe zegoen Hammond andrea, bai, bai, bai... baranda ondoan zutik eta barreka eta keinuka eta musuzapiari eraginka.
Lehen klasean dator, lehen klasean! Tira tira tira! Ostikoz jo zuen lurra. Tximista bezala zigarro-kutxa atera eta Johnson kapitain zaharrari eskaini zion. Hartu zigarro bat! Onetakoak dira. Hartu bi! Tori! eta portuzainari harrarazi zizkion kutxako zigarro guztiak. Kutxa pare bat ditut hotelean.
Mila esker, Hammond jauna esan zuen Johnson kapitain zaharrak arnaska.
Hammondek zigarro-kutxa jaso zuen. Dardaraka zituen eskuak, baina egin zen berriro bere buruaren jabe. Janeyri aurre egiteko moduan zegoen. Hantxe zegoen hura, barandaren kontra, emakume batekin hizketan eta aldi berean berari begira, berarentzat prest. Hammondi otu zitzaion, ur tartea gutxitzen joan ahala, hark oso txikia ematen zuela ontzi eskerga hartan. Zirraraz puskatzen zeukan bihotza, negar batean hasteko zorian. Zer txikia ematen zuen, joan-etorri hura guztia bakar-bakarrik eginda! Izan ere, horrelakoxea zen. Horrelakoxea zen Janey. Harena bai kemena! Eta orain eskifaia agertu zen, bidaiariak baztertuz; barandak jaitsi zituzten.
Lehorreko ahotsak eta ontziko ahotsak hegaz elkartu ziren.
Dena ongi?
Dena ongi.
Zer moduz ama?
Askoz hobeto.
Kaixo, Jean!
Kaixo, izeba Emily!
Bidaia ona izan duzue?
Bikaina!
Laster gara elkarrekin.
Laster, bai.
Gelditu ziren motorrak. Astiro hurbildu zen ontzia moila aldera.
Egin hor lekua, egin lekua, egin lekua! eta moilako langileek arrasta bizian ekarri zituzten mailadi astunak. Hammondek keinu egin zion Janeyri, hantxe gera zedin. Portuzain zaharrak aurrera egin zuen; atzetik abiatu zen bera. Ez zen «emakumeak lehenbizi» edo antzeko txorakerien zale.
Zu aurretik, kapitain hots egin zuen alegera. Eta, gizon zaharrari orpoz orpo segika, mailadian gora igo zen ontzira, eta zuzen-zuzen Janeygana joanda, besarkatu zuen. Ene, ene! Bai, bai! Azkenean! toteldu zuen. Ezin zuen besterik esan. Eta Janeyk begiratu, eta ahots txiki xume hark munduko ahots bakarra berarentzat esan zuen:
Eta, maitea, denbora askoan zain?
Ez; denbora askoan ez. Edo behintzat ez zuen axola. Bukatu zen eta kito. Baina moilako puntan taxia zegoen zain. Joateko prest? Maletak prest? Hala bazen, gelako maleta hartuta alde egin eta biharamunerako utziko zuten beste guztia bertan. Senarrak behera eta emazteak gora begiratu zion, betiko erdi irribarre harekin. Lehengoa etorri zen, bai. Fitsik aldatu gabe. Beti ezagutu zuen bezalakoxea. Bere besoan jarri zion esku txiki hura.
Zer moduz haurrak, John? galdetu zuen.
(Hor konpon haurrak!) Zoragarri. Inoiz baino hobeto.
Ez didate gutunik idatzi?
Bai, bai, noski! Hotelean utzi ditut, gero lasai azter ditzazun.
Ezin gara honen bizkor joan esan zuen. Adio esan behar diet lagun batzuei, eta kapitainari ere bai. Tristatzen ikusi eta emazteak atximur txiki ulerkor bat egin zion besoan. Kapitaina zubitik irteten bada emaizkiozu arren eskerrak, zure emazteari hain ongi kasu egin diolako.
Behintzat elkarrekin zeuden. Hamar minutu gehiago nahi bazituen... Alde batera egin ahala, jendeak emaztea inguratu zuen. Bazirudien lehen klaseko guztiek nahi ziotela adio esan Janeyri.
Adio, Hammond andre maitea! Zure esperoan egongo naiz hurrengoan Sydneyra zoazenean.
Hammond andre kutuna! Ez ahal zaizu behintzat ahaztuko niri idaztea, e?
Ene, Hammond andrea, zer izango zen barku hau zu gabe?
Janey zen, argi eta garbi, ontziko emakume begikoena. Eta haren jarrera betikoa zen. Erabat tinko. Halakoxea zen, goitik behera Janey; hantxe beloa atzera botata. Hammond sekula ez zen ohartzen emaztearen janzkeraz. Berdin-berdin zitzaion hark zer eraman. Baina gaur ohartu zen «costume» beltz bat zeramala ez zuten horrela esaten? farfaila zuriekin, apaingarriak izango zirela pentsatu zuen, lepoan eta mahuketan. Bitarte guztian Janeyk batera eta bestera ibili zuen bera.
John, maitea! Eta ondoren: Utzidazu aurkezten...
Azkenean ihes egin zuten, eta hark gidatu zuen gelara. Bitxia zen Janeyren atzetik joatea hark hain ongi ezagutzen zituen korridoreetatik; ondoren errezela berdeak zabaldu eta harena izandako gelan sartzeak berebiziko gozamena piztu zion. Baina komedia zen! lurrean zegoen zerbitzaria, tapizak lotzen.
Hau da azkena, Hammond andrea esan zuen zerbitzariak, zutitu eta mahukak jaitsiz.
Berriro aurkeztu zuten bera, eta ondoren Janey eta zerbitzaria korridore aldera desagertu ziren. Marmarka entzun zituen. Eskupekoa ematen, pentsatu zuen. Sofa barratuan eseri eta kapelua erantzi zuen. Han zeuden emazteak eramandako tapizak; berriak ematen zuten. Haren hatu guztiek freskoak ematen zuten, perfektuak. Haren letra txiki argi ederraz zeuden idatzita etiketak: «John Hammonden andrea».
«John Hammonden andrea!» Atseginezko hasperen luze bat egin eta bizkarra atzeratu zuen, besoak gurutzatuz. Joana zen estuasuna. Betiko hantxe geratzeko gauza izan zitekeen, hasperen eginez arinduta, bihotza estu eta larri eduki ondoren arinduta. Joana zen arriskua. Irudipen horixe zuen. Berriro lehorrean ziren. Baina une hartan Janeyren burua agertu zen izkinan.
Maitea, berdin bazaizu medikuagana joan nahi nuke adio esatera.
Hammond tente jarri zen.
Lagunduko dizut.
Ez, ez esan zion emazteak. Ez kezkatu. Nahiago dut bakarrik. Unetxo bat izango da.
Eta erantzuteko denbora eman baino lehen desagertua zen. Atzetik segitzekotan egon zen; baina, horren ordez, ostera eseri zen.
Laster etorriko ote zen? Zer ordu zen orain? Ordularia atera zuen; ezerezari so egon zen. Jokaera xelebrea Janeyrena, ezta? Zergatik ez zion zerbitzariari eskatu bere partetik adio esateko? Zergatik ibili behar zuen ontziko medikuaren atzetik? Bazeukan hoteletik ohar bat bidaltzea, kontua hain larria bazen. Larria? Orduan... gaixo egon ote zen bidaian, zerbait ezkutatzen ari ote zitzaion? Horixe! Kapeluari heldu zion. Berehala gizaseme hura bilatu eta egia osoa aterako zion, kosta ahala kosta. Zerbait antzemanda zegoen, bai. Lasaiegi topatu zuen Janey, irmoegi. Hasiera-hasieratik...
Errezelen hotsa. Han zen Janey. Bera zutik jarri zen.
Janey, gaixo egon zara bidaia honetan? Bai, ezta?
Gaixo? Iseka egin zion haren ahots txiki arinak. Tapizen gainetik pasatu, beragana etorri, bularrean ukitu eta gora aldera begiratu zion. Maitea, ez nazazu beldurtu. Zera egongo nintzen! Zer dela eta pentsatzen duzu hori? Gaixo itxura hartzen didazu?
Baina Hammondek ez zuen ikusten. Gauza bakarra sentitu zuen: hura berari begira zegoela eta kezka guztiak alferrik zirela. Hura egingo zen kargu. Dena ongi zegoen. Den-dena.
Janeyren eskuko estutu goxoak hainbeste lasaitu zuen non berak ere gainean jarri baitzuen eskua, harena hantxe mantentzeko. Eta Janeyk orduan:
Egon geldi. Begiratu nahi dizut. Ez zaitut oraindik ikusi. Oso poliki duzu bizarra txukunduta eta ematen duzu... gazteago edo, eta inondik ere argalago! Mutilzahar bizitzak mesede egiten dizu.
Mesede egiten didala! Maitasunez intziri egin eta berriro estutu zuen Janey. Eta berriro, beti bezala, iruditu zitzaion berea ez zen zerbaiti ari zela heltzen. Zerbait finegia, bereziegia, askatu orduko hegan joango zena. Jainkoaren izenean, alde egin dezagun behingoz hotelera, biok bakarrik egoteko! eta gogor jo zuen txirrina, hatuak behingoz norbaiten bizkar uzteko.
Moilan zehar oinez zihoazela, Janeyk besotik heldu zion. Berriro besoan zuen. Eta hura lasaitua, taxian Janeyren atzetik sartu bien hankak marra gorri eta horiko tapaki batez estali, eta gidariari arin joateko esatea, tea hartu gabe zeudela eta. Bukatu zen tea ez hartzea edo bakar-bakarrik hartu beharra. Etxean zen emaztea. Harengana jiratu, eskua estutu, eta samur esan zion, burlati, harentzat erabiltzen zuen ahots «bereziarekin»:
Pozten zara etxera itzulita, laztana?
Hark irribarre egin zuen; erantzuteko ere lanik hartu gabe, emeki baztertu zion eskua kale argiagoetara iristerakoan.
Hoteleko gelarik onena dugu esan zuen senarrak. Ez nengoen beste edozein hartzeko. Eta sua pizteko eskatu diot gelariari, hotzez etortzen bazinen ere. Oso neska jator eta arretatsua da. Eta zera pentsatu dut, biok hemen gaudenez ez dugula bihar bertan etxeratu beharrik, baizik eguna ikusmiran pasatu eta etzi goizean abiatu. Ongi deritzozu? Ez dugu presarik, ezta? Umeek laster izango zaituzte ondoan... Egun batez bazterrak ikustea eten atsegin bat izango da zure bidaian, e Janey?
Hartuak dituzu etziko txartelak? galdetu zuen.
Izango ez ditut ba! berokia askatu eta zisku puztu bat atera zuen. Honatx! Lehen klaseko zalgurdi baten erreserba egin dut Salisburyrako. Begira: «Hammond jaun-andreak». Biok bakarrik erosoago joango garela pentsatu dut, aldameneko inork muturra sartu gabe, ez da hala? Baina luzaroago geratu nahi bazenu hemen...
O, ez! esan zuen Janeyk agudo. Ezta erotuta ere! Orduan etzi. Eta umeak...
Baina iritsiak ziren hotelera. Ataripe zabal, distiraz argituan zegoen zuzendaria. Ongi etorria ematera jaitsi zen. Morroi bat lasterka etorri zen ezkaratzetik kutxen bila.
Hara ba, Arnold jauna, hemen dut azkenean emaztea!
Zuzendariak berak sarreran barrena bidea erakutsi eta igogailuaren botoia sakatu zuen. Hammondek bazekien laneko ezagun batzuk zeudela sarrerako mahai txikietan eserita kopa bat hartzen afalaurretik. Baina ez zuen nahi inork eteterik; ez zuen begiratu ez ezker ez eskuin. Nahi zutena pentsa zezatela. Ez bazuten ulertzen, inozoak zirelako. Igogailutik irten, beren gelako atea ireki eta barrura gidatu zuen Janey. Atea itxi zen. Orain, azkenean, biak bakarrik zeuden. Argia piztu zuen. Jaitsita zeuden errezelak; sua galdan. Kapelua jaurti ohe eskergara eta emazteagana abiatu zen.
Baina sinesteak ere baditu! berriro eten zituzten. Oraingoan morroia zen, hatuekin. Bi joan-etorri egin zituen, bitartean atea zabalik utziz, patxada ederrean, bere artean txistuka korridorean. Hammond gora eta behera ibili zen gelan, eskularruak indarka kenduz, lepokoa indarka kenduz. Azkenean ohe ertzera jaurti zuen berokia.
Behingoz joan zen memelo hura. Ateak klik hotsa egin zuen. Orain bai, bakarrik zeuden. Hammondek orduan:
Badirudi sekula ez zaitudala berreskuratuko. Madarikatuak! Janey eta harengana beheratu zuen begitarte gorritu, sutsua, afal dezagun hemen goian. Jangelara jaisten bagara eten egingo gaituzte, eta gainera musika penagarri hori aurreko gauean berak hain gogotik goraipatu eta txalotutako musika! Ezingo diogu elkarri entzun. Jan dezagun zerbait hemen goian sutondoan. Beranduegi da terako. Afari legea eskatuko dut, nahi duzu? Zer iruditzen zaizu?
Horixe, maitea esan zuen Janeyk. Eta zoazen bitartean... umeen gutunak...
O, utz itzazu geroko esan zuen Hammondek.
Baina horrela kito egin esan zuen Janeyk, eta denbora edukiko nuke...
O, ez dut behera joan beharrik argitu zion Hammondek. Deitu eta eskaria egingo dut... ez nauzu noski bidali nahiko, ezta?
Janeyk ezezkoa egin zuen, irribarretsu.
Baina zuk beste zerbait duzu buruan. Kezkaren bat edo esan zuen Hammondek. Zer da? Etorri eta eseri hemen... Etorri eta eseri hemen nire belaunetan sutondoan.
Kapelua askatuko dut lehenbizi esan zuen Janeyk, eta apain-mahai aldera joan zen. Aa! egin zuen garrasi txiki bat.
Zer duzu?
Ezer ez, maitea. Umeen gutunak topatu ditut. Berdin da! Gerorako. Ez dago presarik eta beragana jiratu zen, haiei helduta. Soinean zeraman blusa farfailadunean sartu zituen. Bizkor eta alai esan zuen hoska: Zuretzat aproposa apain-mahai hau.
Zer ba? Zer gertatzen zaio? esan zuen Hammondek.
Eternitatean zintzilik topatuko banu ere «John» esango nuke egin zuen Janeyk barre, begi aurrean zuela ileko tonikoaren botila handia, kolonia botila zumitzezkoa, ileko bi eskuilak, eta dozena bat lepoko berri, xingola arrosa batez lotuak. Hauek dira zure hatuak?
Pikutara hatuak! esan zuen Hammondek; baina, nolanahi ere, gustukoa zuen Janeyk bere bizkar barre egitea. Hitz egin dezagun. Gatozen harira. Esaidazu eta Janey belaunetan kokatu zitzaionez, berak bizkarra atzeratu eta eserleku itsusiaren barrenera eraman zuen, esaidazu pozten zarela etxeratuta, Janey.
Bai, maitea, pozten naiz esan zuen.
Baina hura besarkatzen zuenero alde egingo ziola iruditzen zitzaion bezala, era berean Hammondek ezin izan zuen jakin ea hura bera adina pozten zen. Nola jakin? Sekula jakingo ote zuen? Beti bizi beharko ote zuen grina honekin, gose antzeko oinaze honekin, alegia Janeyren jaun eta jabe izan beharra zeukala, horrela haren ezerk ez alde egiteko? Guzti-guztia ezabatu nahi zuen. Argia ez itzalia damutu zitzaion. Horrela, agian, gehiago hurreratuko zitzaiokeen emaztea. Eta orain umeen gutun horiek blusan hots egiten. Gustura botako zituzkeen surtara.
Janey xuxurlatu zuen.
Bai, bihotza? Bere bularraren kontra zegoen, baina oso arin, oso urruti. Bien arnasa batera zebilen, gora eta behera.
Janey!
Zer duzu?
Jira zaitez nigana xuxurlatu zion. Gorritasun bizi, geldi batek blaitu zion kopeta. Emaidazu muxu, Janey! Eman muxu!
Tarte txiki bat egon zela iruditu zitzaion bera oinazez puskatzen jartzeko nahikoa, haren ezpainek bereak ukitu zituzten arte, tinko, arin... hark beti musu ematen zion bezala, eta bazirudien musu emanda nola azaldu? biek esandakoa baieztatzen zela, hitzarmena izenpetzen zutela. Baina berak ez zuen premia hori; ez zuen, inola ere, egarri hori. Izugarrizko nekea sentitu zuen bat-batean.
Bazeneki esan zuen, begiak zabalduz, zer izan den gaur... zure zain egotea! Ontzia sekula ez zela iritsiko uste nuen. Han egon gara, itxaroten. Zer dela eta berandutu zarete?
Ez zion erantzun. Suari begira zegoen, urruti. Garrak lasterka zebiltzan... lasterka ikatz gainean, dardaratu eta erori.
Ez zenuen ba lo hartuko! esan zuen Hammondek, gora eta behera salto eginaraziz.
Ez erantzun zion. Eta ondoren: Ez hori egin, maitea. Ez, pentsatzen ari nintzen. Izan ere esan zuen, bidaiari bat hil zen atzo gauean... gizon bat. Horrek atzeratu gaitu. Geurekin ekarri dugu, zera, ez dugu itsasoan ehortzi. Eta jakina, ontziko medikua eta lehorreko medikua...
Zer zuen? galdetu zuen Hammondek egonezaz. Gorrotagarria zen heriotzaz entzun beharra. Gorrotagarria zen hura gertatu izana. Bitxia bazen ere, bazirudien Janey eta bera hileta batekin gertatu zirela hotelera bidean.
O, ez da ezer kutsukoa izan! esan zuen Janeyk. Ozta-ozta entzuten zitzaion arnasots artetik. Bihotza izan da! Eten bat. Gizagaixoa! esan zuen. Gazte askoa. Eta suari begira jarri zen, hura nola dardaratu eta erortzen zen. Nire besoetan hil da.
Kolpea hain bat-batekoa izan zen non Hammondek pentsatu baitzuen zorabiatuko zela. Ezin zen mugitu; ezin zuen arnasa hartu. Indar guztia jarioan zihoakiola sentitu zuen, eserleku handi ilunera jarioan, eta eserleku handi ilunak bertan eusten ziola, atxikitzen ziola, hura dena jasanarazten ziola.
Zer? esan zuen motel. Zer esan duzu?
Oso azken baketsua izan du esan zuen ahots txikiak. Justu eta Hammondek esku samur hura jasotzen ikusi zuen, arnasarekin batera joan zaio bizitza. Eta eskua jausi zen.
Nor... gehiago zegoen zuekin? galdetu ahal izan zuen Hammondek.
Inor ez. Ni bakarrik.
Jainko santua, zer ari zen ordea esaten! Zer ari zitzaion egiten! Hura agonia! Eta bitartean jarraitu zuen:
Txarrera zihoala ikusi eta medikuaren bila bidali nuen zerbitzaria, baina medikua beranduegi heldu zen. Bestela ere ezingo zuen deus egin.
Baina... zergatik zu, zergatik zu? egin zuen Hammondek intziri.
Orduan Janeyk bizkor jiratu eta bizkor ikertu zion aurpegia.
Ez zaizu inporta, ezta John? galdetu zuen. Ez zaizu... Ez du zerikusirik gu biokin.
Aldez edo moldez, lortu zuen irribarre moduko bat egitea. Aldez edo moldez toteldu zuen:
Ez... segi... ezazu, segi ezazu! Kontaidazu dena.
Baina John, maitea...
Kontaidazu, Janey!
Ez dago zer kontaturik esan zuen, zalantzan. Lehen mailako bidaiari bat zen. Antzeman nion oso gaixo zegoela ontzira heldu zenean... Baina askoz hobeto ematen zuen atzo arte. Atake gogor bat izan zuen arratsaldean: aztoramena, urduritasuna, nik uste, iristen ari ginela eta. Eta ez zen gehiago bere onera etorri.
Baina zergatik ez zen zerbitzaria...
O, maitea... zerbitzaria! esan zuen Janeyk. Zer irudituko zitzaion gizagaixoari! Eta gainera... agian mezu bat utzi nahiko zuen... bere...
Ez zuen utzi? esan zuen Hammondek ahopean. Ez zuen ezer esan?
Ez, maitea, ezta tutik ere! Buruari eragin zion emeki. Ni berarekin egondako denbora guztian ahulegi zegoen... ahulegi zegoen hatz bat mugitzeko ere...
Janey isilik geratu zen. Baina haren hitzak, hain arin, hain eme, hain hotz, airean zintzilik bezala geratu ziren, beraren bularrera elurra bezala isurtzen zirela.
Sua txingar gorri bihurtu zen. Orain hots zorrotz batez erortzen zen eta hotzago zegoen gela. Besoetan gora igo zitzaion hotza. Berebizikoa zen gela, sekulakoa, distiratsua. Bere mundu osoa betetzen zuen. Han zegoen ohe handi itsua, bere zamarra gainean botata, bururik gabeko gizon bat otoitzean bezala. Han zeuden hatuak, berriro nork eramango zain, noranahi, tren bazterretan, barku zokotan.
...«Ahulegi zegoen. Hatz bat mugitzeko ere ahulegi». Baina halere Janeyren besoetan hil zen. Berari... ez zion sekula... sekula ere hainbeste urtetan... sekula santan ere...
Ez; ez zuen horretan pentsatu behar. Erotzekoa zen bestela. Ez, alde batera utziko zuen. Ezin zion aurre egin. Gehiegizkoa zen jasateko!
Eta orain Janeyk gorbata ukitu zion hatzarekin. Gorbata ertzak atximurkatu zizkion.
Ez zaitu... samindu kontatu dizudanak, ezta, John maitea? Ez zinen ba tristatuko? Ez zuen ba hondatuko gure ilunabarra, biok bakarrik egote hau?
Baina, hartan, aurpegia gorde behar izan zuen. Aurpegia haren magalean jarri eta besarkatu zuen.
Beren ilunabarra hondatu! Biak bakarrik egotea hondatu! Sekula ez ziren berriro bakarrik egongo.
© Katherine Mansfield
© itzulpenarena: Anton Garikano