LEHENBIZIKO DANTZALDIA
Leilak ez zekien noiz hasi zen dantzaldia zehazki. Agian taxia bera izan zuen lehenbiziko dantza-laguna. Berdin zen taxi berean Sheridan neskak eta haien neba joanda ere. Bazterreko txoko batean jarri, eta heldulekua, eskua gainean ipini zuenean, gizon gazte ezezagun baten janzkiko besoa iruditu zitzaion; eta ziztuan abiatu ziren, atzean utziz balsean zebiltzan kaleargiak eta etxeak eta hesiak eta zuhaitzak.
Lehen aldia dun dantzaldi batera joaten, Leila? Baina neska, zer gauza xelebrea... hots egin zuten Sheridan neskek.
Hamabost miliara ninan auzo hurbilena esan zuen Leilak goxo-goxo, emeki ireki eta itxiz haizemailea.
O, bai zaila zela besteak bezain axolagabe egotea! Irribarre zabalegia ez egiten saiatzen zen; garrantzirik ez ematen saiatzen zen. Baina gauza bakoitza hain zen berria eta zoratzekoa... Megen akara loreak, Joseren anbarezko lepoko luzea, Lauraren buru txiki beltxa larruki zuritik agertzen, lore bat elur artean bezala. Beti gordeko zuen gogoan. Zarrada ere sentitu zuen, lehengusu Lauriek eskularru berrien itxigailuko seda paper izpiak bota zituenean. Gustura gordeko zituen berak izpi haiek eskuerakutsi gisa, oroigarri gisa. Laurie aurreratu eta belaunean jarri zion eskua Laurari.
Aizan, hi esan zuen. Beti bezala hirugarrena eta bederatzigarrena. Aittu?
O, zer ederra neba bat edukitzea! Aztoraturik, Leilak sentitu zuen ezen astia egon balitz, ezinezkoa izan ez balitz, ezingo zion negarrari eutsi, bera alaba bakarra baitzen, eta sekula ez zion nebak berari «Aittu?» esan; ahizpak ere ez zion sekula esango, orduantxe Megek Joseri bezala, «Behin ere ez dinat hire ilea gaur bezain dotore harrotuta ikusi!»
Baina, jakina, ez zegoen astirik. Dantzalekuan zeuden ja; taxiak aurrean eta taxiak atzean. Ezker eta eskuin ageri ziren errepidean argi mugikorrak, haizemaile gisakoak, eta espaloiko bikote alaiak hegan bezala zihoazen; txorien antzera segitzen zioten elkarri satenezko oinetako txikiek.
Heldu niri, Leila; galduko haiz bestela esan zuen Laurak.
Ea, arrebak, ekin gogor esan zuen Lauriek.
Leilak hatz bi ipini zituen Lauraren belusezko kapa arrosan, eta zerbaitek hegan bezala eraman zituen urrezko kaleargi handiaren ondotik, igarobidean zehar, eta bultzatu zituen «Emakumeak» zioen gela txikira. Hango jende pilarekin ozta-ozta zegoen eranzteko lekua; gortzekoa zen zarata. Alde bakoitzeko bankuan tontorka zegoen biltzeko papera. Bi andre zahar, mantal zuriz jantzita, gora eta behera zebiltzan, besakadaz besakada pila handitzen. Eta denak aurrera bultzaka, beste puntako apain-mahaira eta ispilura iritsi nahian.
Gasezko lanpara handi dardarati batek argitzen zuen emakumeen gela. Ezin zuen itxaron; hasia zen dantzan. Atea berriro zabaldu eta dantzalekutik musika jario bat heldu zenean, ia sabairaino saltatu zen.
Neska ile-beltz eta ile-horiak orrazkera txukuntzen ari ziren, zintak berriro lotzen, golkoan behera musuzapiak sartzen, eskularru elur zuriak berdintzen. Eta denak barrez ari zirenez, Leilari zoragarriak iruditu zitzaizkion denak.
Ez ote dago ileko urkila ikustezinik? hots egin zuen ahots batek. Bai bitxia dela! Sekula ez dinat topatzen urkila ikustezin bakar bat ere.
Emaidan hautsa bizkarrean, laztana hots egin zuen besteren batek.
Orratza eta haria behar dinat. Berebiziko tarratada zeukanat farfailan ari zen intzirika hirugarren bat.
Ondoren:
Pasa aurrera, pasa aurrera! Eskutik eskura ibili zen programen saskia. Programa txiki xarmantak, arrosa eta zilartsuak, arkatz arrosa eta borla harroekin. Leilaren hatzek dar-dar egin zuten saskitik bat hartzerakoan. Norbaiti galdetzeko gogoa zeukan: «Nik ere hartu behar dut?», baina zera bakarrik irakurri zuen: «3, bals. Bi lagun kanoan. 4, polka. Jarri lumak hegan», orduantxe hots egin baitzion Megek:
Prest, Leila? eta ezinean joan ziren, igarobidetik estu-estu, dantzalekuko ate bikoitz handirantz.
Hasteko zegoen dantza baina orkestrak bukatua zuen tresnak gozatzea, eta hango zaratarekin bazirudien jotzen hasten zenean ez zela entzungo. Megen ondo-ondoan, haren sorbalda gainetik begira, Leilari iruditu zitzaion sabaian aldez alde zabaldutako zapi koloretsuak ere hizketan ari zirela. Ahaztua zuen lotsa; ahaztua zuen ezen lehenago, prestatzen ari zela, ohean eseri zen oinetako bat kenduta eta bestea jantzita, eta arren eskatu zion amari lehengusuei deitzeko, alegia ezingo zela joan. Eta hasierako irrika mendi bazterreko beren etxe atarian eserita, hontzakumeen ulua entzuten, zorion bizi bihurtu zen ilargitan, barruan gordetzeko gozoegia. Haizemaileari atxiki, eta begi aurrean zuela lur distiratsu urrezkoa, azaleak, kaleargiak, punta batean taulada hura tapiz gorri eta aulki doratuekin eta ertz batean orkestra, hats-bahitua pentsatu zuen, «Zerutiarra, guztiz zerutiarra!»
Andereño guztiak elkarren ondoan zeuden, atearen alde batean zutik, gizonak bestean, eta beltzeko neskameak, irribarre zoroxkekin, pauso txiki arretatsuak emanez zihoazen lur argizarituan zehar taulada aldera.
Hau Leila dun, baserriko nire lehengusu txikia. Jatorra izan berarekin. Lagunak bilaizkion; neure ardurapean zegon zioen Megek, neska batengandik besteagana.
Aurpegi ezezagunek egin zioten irribarre Leilari, goxo, xume. Ahots ezezagunek erantzun zuten:
Noski, laztana.
Baina Leilari iruditu zitzaion neska haiek ez zutela bera ikusi ere egin. Gizonen aldera zeuden begira. Zergatik ez ziren hasten gizonak? Zeren zain zeuden? Hantxe zeuden zutik, eskularruak berdintzen, ile likatsua zuzentzen eta bata besteari barrez. Orduan, ez non eta ez han, huraxe egiteko bat eginda bezala, gizonak irristan etorri ziren parket gainean. Pozezko ardaila bat harrotu zen neskatilen artean. Gizon egoki, garai bat hegan hurreratuta, Megi programa hartu eta zerbait zirriborratu zion; Megek Leila erakutsi zion:
Aurkeztuko zaitut?
Gizonak agur egin zuen, irribarretsu. Gizon beltzaran bat etorri zen monokulo batekin, gero lehengusu Laurie lagun batekin, eta gero Laura, gixon txiki, orindun, gorbata okerreko batekin. Gero, gizon zahar samar batek lodia, buruan soilgune handi bat zuena berari programa hartu eta ahopean esan zuen:
Ea ikusi! eta denbora askoan egon zen bere programarekin konparatzen, dena izenez belztua. Bazirudien ezinean ari zela, eta Leila lotsatu egin zen.
O, ez larritu esan zion tinko. Baina, erantzun beharrean, gizon lodiak zerbait idatzi eta berriro so egin zion.
Beste inon ikusi al dut aurpegitxo alai hori? esan zuen goxo. Ezaguna dut lehendik?
Une hartan hasi zen orkestra jotzen; gizon lodia desagertu egin zen: urrutiraino jaurti zuen musikazko olatu handi batek, lur distiratsuan zehar hegan etorria, taldeak binaka jarriz, denak sakabanatu eta jira-bira bidaliz...
Leilak barnetegi eskolan ikasi zuen dantzan. Larunbat arratsaldero, estalpe txiki, burdina ildoxkatuko batean, Eccles andereñoak (Londreskoa bera) lezio «bikain» haiek ematen zituen. Baina parez pare jarriz gero orduko zoko usaina batetik perkalezko idazkiak hormetan, andre txiki gaixo izutua belusezko toka marroi untxi-belarri bat jantzita piano hotza astintzen, Eccles andereñoa nesken oinak jotzen makila luze zuri batekin, eta bestetik hau, bien arteko aldea ikaragarria zen, eta Leila seguru zegoen, dantza-lagunik etorri ez eta musika zoragarri hura entzuten egon behar bazuen eta besteak irristan ikusi urrezko lurrean barrena, gutxienez hil edo zorabiatuko zela, edo besoak goratu eta hegan irtengo zela, han goian izarrak ageri zituzten leiho ilun haietako batetik.
Gurea dela uste dut...
Norbaitek burua makurtu, irribarre egin, eta besoa eskaini zion. Ez zen behintzat hilko! Gerritik heldu zion norbaiten eskuak, eta urmael batera botatako lorea bezala joan zen igeri.
Lur ederra, ezta? xuxurlatu zion ahots ahul batek belarri ertzean.
Irristan ibiltzeko dotorea esan zuen Leilak.
Zer? ahots ahulak harritua zirudien. Leilak berriro esan zuen lehengoa. Eta eten ñimiño bat egon zen, ahotsak oihartzun egin zuen arte: Bai, egia eta berriro eraman zuen Leila jira-biran.
Izugarri ongi gidatzen zuen. Neskekin ala gizonekin dantzatu, horixe zen aldea, iritzi zion Leilak. Neskek bata bestearen kontra tupust egin eta batak bestearen oina zapaltzen zuten; gizonarena egiten zuen neskak beti oker heltzen zizun.
Azaleak ez ziren ja banaka ageri; zapi zuri eta arrosen jarioa ziren.
Izan zinen Belldarrenean iragan astean? etorri zen ahotsa berriro. Nekatua zirudien. Leilak zalantza egin zuen, gelditu nahi zuen galdetu ala ez.
Ez, nire lehen dantzaldia da hau esan zuen.
Lagunak barre txiki arnasestu bat egin zuen.
Hara! bota zuen.
Bai, hauxe da dantzara natorren lehenbiziko aldia gaineratu zuen Leilak gartsuki. Sekulako arindua zen norbaiti esan ahal izatea. Izan ere, baserrian bizi izan naiz orain arte...
Une hartan musika gelditu eta esertzera joan ziren, horma ondoko bi aulkitan. Leilak saten arrosazko oinak azpian gorde eta bere buruari haize ematen hasi zen, zoriontsu begiratuz ate birakarietatik igaro eta ezkutatzen ziren beste bikoteei.
Ongi ari haiz pasatzen, Leila? galdetu zion Josek, bere buru urretsuari eraginez.
Laurak ere keinu xume txiki bat egin zion pasaeran; istant batez Leilak zalantza egin zuen, bera erabat heldua ote zen. Ondoko laguna, berriz, ez zen oso hiztuna. Hark eztul egin, musuzapia gorde, txalekoari behera tiratu, eta hari ñimiño bat kendu zuen mahukatik. Baina berdin zen. Ia berehala ekin zion berriro orkestrak, eta goiko sabaitik salto eginda bezala azaldu zitzaion bigarren dantza-laguna.
Ez da lur txarra esan zuen ahots berriak. Ohitura ote zen beti lurrarekin hastea? Eta ondoren: Izan zinen Neavetarren dantzaldian asteartean? Eta Leilak berriro argitu zuen. Agian arraro samarra zen dantza-lagunek interes gehiago ez agertzea. Zirrara ona zen! Lehenbiziko dantzaldia! Hasiera-hasiera zen berarentzat. Gaua nolakoa zen ikasi berri zuela iruditzen zitzaion. Orain arte gauza iluna izan zen, isila, sarritan ederra o bai!, baina goibel antzekoa. Hotsandikoa. Eta orain ez zen gehiago horrelakoa izango: bizi-bizi ageri zitzaion.
Izozki bat nahi? esan zion lagunak. Eta ate birakaritik joan ziren, igarobidean zehar, jangelaraino. Sutan zituen masailak, egarriz puskatzen zegoen. Zer goxoa ematen zuen izozkiak kristalezko plater txikietan, eta zer hotza zegoen koilara lausotua, hura ere izoztua! Eta dantzalekura itzuli zirenean han zegoen gizon lodia beraren zain ate ondoan. Hura hain zahar ikusita berriro ere jota geratu zen; hobeto egongo zen hura tauladan aita eta amen ondoan. Eta lehengo dantza-lagunekin konparatu zuenean, Leilak itxura narrasa eman zion. Txalekoa zimurturik, eskularruko botoi bat galduta, eta zamarrean, berriz, jostun-xaboiaren arrastoak bezala.
Zatoz, andereño esan zuen gizon lodiak. Ez zion berari ia batere heldu, eta goxo-goxo ibili ziren, dantzan ez baizik ibiliz bezala. Baina hark ez zuen lurrik aipatu. Lehenbiziko dantzaldia duzu, ezta? xuxurlatu zuen.
Nola igarri didazu?
Aa esan zuen gizon lodiak, horra zer den zahar izatea! eta arnasestu xume bat egin zuen, bikote trakets baten ondotik gidatzen zuela. Izan ere, hogei eta hamar urte daramatzat honetan.
Hogei eta hamar urte! hots egin zuen Leilak. Bera jaio baino hamabi urte lehenago!
Latza da pentsatze hutsa, e? esan zuen gizon lodiak goibel. Leilak hari buru soilera begiratu eta errukia sentitu zuen.
Zoragarria da halere jarraitzea esan zion jator.
Zu bai andereño jatorra esan zuen gizon lodiak, eta hurbilxeagotik helduz, balsaren konpas bat kantatu zuen ahopean. Jakina jarraitu zuen, zuk ez duzu inola ere hainbeste iraungo. Bai zera esan zuen gizon lodiak, hori baino askoz lehenago egongo zara hor goiko tauladan, begira jarrita, belus beltz ederrez jantzia. Eta beso polit hauek motz eta lodi edukiko dituzu, eta doinua segituko duzu haizemaile erabat desberdin batekin, hezurrezko beltz batekin. Gizon lodiak hotzikara bezala egin zuen. Eta hor goiko zahar jende gaixoak bezala egingo duzu irribarre, eta zure alaba seinalatuko duzu, eta zure aldameneko andere adinekoari esango diozu gizon zantar batek musu eman nahi izan ziola klubeko dantzaldian. Eta bihotzak min emango dizu, min handia gizon lodiak are hurbilago estutu zuen, bihotz gaixo hartaz errukituta bezala, inork ez dizulako ja musu eman nahi. Eta lur argizaritu horietatik ibiltzea zer desegoki den esango duzu, zer arriskutsu diren. E, mademoiselle Hanka Arin? esan zuen gizon lodiak leun-leun.
Leilak barre txiki arin bat egin zuen, baina ez zuen barre egiteko gogorik. Hala ote zen? Posible ote zen? Egia latza zirudien. Lehenbiziko dantzaldi hau azken dantzaldiaren hasiera besterik ez ote zen? Hartan, aldatu bezala egin zen musika; itxura tristea hartu zuen, oso tristea; hasperen handi bat izateraino goratu zen. O, zer agudo aldatzen ziren gauzak! Zergatik ez zuen zorionak betiko irauten? Betiko irautea ez zen gehiegizkoa.
Gelditu egin nahi dut esan zuen Leilak arnasa joanda. Gizon lodiak ate aldera eraman zuen.
Ez jarraitu zuen, kanpora ez. Ez dut eseri nahi. Hementxe geratuko naiz, eskerrik asko eta hormaren kontra jarri zen, oinarekin doinua jarraitzen, eskularruei gora tiraka eta barre itxura egiten. Baina, barru-barruan, neska txiki bat mantala burutik behera botata zotinka ari zen. Zergatik hondatu zion dena beste hark?
Baina aizu esan zion gizon lodiak, ez nazazu aintzat hartu.
Horretarakoxe nago! esan zuen Leilak, bere buru txiki ilunari eragin eta beheko ezpaina hurrupatuz...
Berriro desfilatu zuten bikoteek. Ate birakariak ireki eta itxi zebiltzan. Orkestra zuzendariak musika berri bati ekin zion. Baina Leilak ez zuen gehiago dantzatu nahi. Etxean egon nahi zuen, edo ataripean eserita hontzakumeei entzuten. Leiho ilunetan barrena begiratu izarrei eta haiek hego antzeko izpi luzeak zituzten...
Baina orduantxe doinu gozo, ezti, zirraragarri bat hasi zen, eta gazte ile-kizkur bat makurtu zitzaion aurrean. Dantzatu beharra zeukan gizalegez, Meg topatu arte. Oso zurrun joan zen oinez erdi aldera; oso harro ipini zuen eskua bestearen besoan. Baina handik laster, handik jira-bira batera, han zihoazkion oinak irrist eta irrist. Argiak, azaleak, soinekoak, aurpegi arrosak, belusezko aulkiak, guztia bihurtu zen gurpil hegalari eder bat. Eta ondoko lagunak gizon lodia joarazi zionean eta hark «Pardon» esan, Leilak inoiz baino arraiago egin zion irribarre. Ez zuen hura ezagutu ere egin.
© Katherine Mansfield
© itzulpenarena: Anton Garikano