BIDAIA

 

        Picton ontzia hamaika eta erdietan zen irtetekoa. Gau giro ederra zegoen, epel, izartsu, baina taxitik irten zirenean eta portu muturrera luzatzen zen moila zaharrean zehar ibiltzen hasi, itsasotik zetorren haize ahul batek gora harrotu zuen Fenellaren kapelua, eta hark eskua gainean jarrita eutsi zion. Moila ilun zegoen, oso ilun; artilearen estalpeak, abereen kamioiak, garabiak goian zutik, lokomotor txiki mozkotea, dena ilunpe trinko batean bezala zegoen landua. Han-hemenka, egur pila biribil baten gainean —perretxiko beltz erraldoi baten kirtena ematen zuen—, kriseilu bat zegoen zintzilik, baina bazirudien beldur zela bere argi herabe, dardaratia ilunpe hartan guztian zabaltzeko; eztiro egiten zuen su, bere buruarentzat bezala.

        Fenellaren aita urrats bizi, urduriz lehiatzen zen. Aldamenean zetorren amama zalapartan, beroki beltz zaratatsua soinean; oso bizkor zihoazen eta berak, aldian behin, jauzi txiki lotsatu bat egin behar zuen haien parean jartzeko. Lukainka txukun baten gisa lotutako maletari ezezik, Fenellak gogor heltzen zion amamaren aterkiari ere, eta kirtenak, zisne buru bat, atximur txiki zorrotz bat egiten zion sorbaldan, hark ere arinka joanarazi nahian bezala... Ondotik zebiltzan gizonezkoak, kapelua barrura, lepoaldea gora zutela; emakume bakar batzuk igaro ziren lasterka, tapa-tapa eginik; eta mutiltxo bat, artilezko txal zuri baten artetik beso eta hanka beltz txikiak bakarrik ageri zituela, aitak eta amak zeramaten haserre tiraka; kremaren gainera eroritako eulikumea zirudien.

        Ustekabe, hain ustekabe non Fenellak eta amamak dar-dar egin baitzuten, orduantxe entzun zen artilearen estalpe handienaren atzetik, goian ke adar bat zintzilik zuenetik, Tuuuuut!

        — Lehenbiziko txistua! —esan zuen aitak labur, eta une hartantxe iritsi ziren Picton ontziaren bistara. Moila ilunaren alboan etzana, erabat lotua, erabat urrezko argi biribilez tantotua, Picton ontziak gehiago ematen zuen izar artetik nabigatzera zihoala, itsaso hotzetik baino. Jendea mailadian zegoen bildua. Amama igo zen aurrena, gero aita, eta azkena Fenella. Koska handi bat zegoen ontzi gainera jaisteko, eta ondoko marinel zahar jertsedun batek esku lehor, zakar bat eman zion. Iritsi ziren, bada; jende presatuaren bidetik kendu, eta ontziaren goiko gainera ematen zuen eskailera txiki, burdinazko baten azpian hasi ziren despeditzen.

        — Tori, ama, zure hatuak! —esan zuen Fenellaren aitak, amamari beste lukainka lokarritu bat emanez.

        — Eskerrik asko, Frank.

        — Hor dituzu gelako txartelak?

        — Bai, seme.

        — Eta beste txartelak?

        Amamak eskularruaren barrena haztatu eta haien punta erakutsi zion.

        — Ederki.

        Zakar ari zen, baina Fenellak, aitari adi-adi begira, itxura nekatu eta tristea hartu zion. Tuuuuut! Bigarren txistuak beren buru gaineantxe burrunbatu zuen, eta garrasi baten antzera hots egin zuen ahots batek:

        — Beste inor behera?

        — Eskumuinak aitari —ikusi zuen Fenellak aitaren ezpainek ziotela.

        Eta amamak, aztoratua, erantzun zion:

        — Hire partetik, seme. Baina hoa. Hemen utziko haute. Hoa, Frank. Hoa.

        — Lasai, ama. Oraindik hiru minutu ditut.

        Harritu zen Fenella, aita kapelua kentzen ikusi zuenean. Hark amama besarkatu eta bere kontra estutu zuen.

        — Jainkoak gorde zaitzala, ama! —aditu zion esaten.

        Eta amamak masailan ipini zion eskua —harizko eskularru beltza, eraztunaren hatza sareturik zuena—, eta zotinka esan zion:

        — Hi ere berdin, seme maitea!

        Hura jasan ezinik, Fenellak bizkarra eman, txistua irentsi behin, bitan, eta begirasun latza bota zion masta gaineko izar berde txiki bati. Baina jiratu beharra zuen berriro; bazihoan aita.

        — Agur, Fenella. Txintxo ibili.

        Haren bibote hotz, bustiak masaila igurtzi zion. Baina Fenellak paparretik oratu zion.

        — Noiz arte geratu beharko dut han? —xuxurlatu zuen estuasunez.

        Aitak ez zion begiratu ere egin. Eztiro bazterreratu eta eztiro esan zion:

        — Ikusiko dinagu. Hartu! Non dun eskua? —Zerbaitekin estutu zion esku barrena—. Hor dun txelin bat, behartzen bahaiz ere.

        Txelin bat! Betiko zihoan, inondik ere.

        — Aita! —hots egin zuen Fenellak.

        Baina ordurako joana zen. Azkena irten zen ontzitik. Marinelek mailadiari ekin zioten. Soka ilunezko txibista handi bat airean joan eta «plasta» erori zen moilan. Kanpai batek hots egin zuen; txistu batek garrasi. Isil-isilik moila iluna irristatzen hasi zen, lerratzen, urruntzen. Tarteko ura zalapartan zebilen. Fenellak ahalegin guztiak egin zituen ikusteko. Aita ote zen jiratu zen hura? edo agur egiten ari zena? edo bakar-bakarrik zutik zegoena? edo bere kasa zihoana? Ur zerrenda zabalduz joan zen, ilunduz. Picton ontzia jiratzen hasi zen astiro, itsaso aldera. Alferrik zen begira jarraitzea. Ez zen ezer igartzen argi bakar batzuk besterik, herriko erlojuaren aurpegia airean zintzilik, eta argi gehiago, gune txikiak, kasko ilunetan.

        Haize freskatuak Fenellari gonatik tiratu zion; amamaren ondora itzuli zen. Asko lasaitu zen, amamari itxura tristea joan zitzaiola ikusita. Bi maleta lukainkak bata bestearen gainean jarri eta hantxe zegoen eserita, eskuak bilduta, burua apur bat saiheska zuela. Aurpegian begirada argi, ernea zuen. Orduan Fenellak mugitzen ikusi zizkion ezpainak, eta otoitzean ariko zela iruditu zitzaion. Baina andre zaharrak keinu nabarmen bat egin zion buruaz, esanez bezala aurki bukatuko zuela otoitza. Eskuak askatu, hasperen egin, berriro bildu, aurrera makurtu eta azkenean astindu xume bat eman zion bere buruari.

        — Ea ba, umea —esan zuen, txanoko soken txibista ukituz—, ikusi beharko ditinagu gure gelak ere. Nire ondoan joan eta kontuz gero laprast egin.

        — Bai, amama!

        — Eta begiron aterkiak ez katigatu eskailerako barandan. Honakoan aterki eder bat ikusi dinat erditik puskatuta.

        — Bai, amama.

        Giza errainu ilunak zeuden barandetan nagi jarrita. Haien pipen galdak sudur bat argitzen zuen, edo kapelu baten ertza, edo harritu itxurako bekain batzuk. Fenellak gora begiratu zuen. Airean esekia, irudi txiki bat zegoen itsasora so, eskuak zamar motzeko sakeletan sartuta. Ezer gutxi kulunkatzen zen ontzia, eta bazirudien izarrak ere kulunkatzen zirela. Eta orain zerbitzari zurbil bat —linozko zamarra jantzirik eta esku barrenarekin erretilu bati goian eusten ziola—, ate argitu batetik irten eta beren ondotik igaro zen. Ate hartatik sartu ziren biak. Koska altu, ertz letoizkotik gomazko tapiz batera kontu handiarekin pasatu, eta gero eskailera batetik jaitsi ziren, hain pikoa non amamak bi oinak jarri behar izan baitzituen maila bakoitzean, eta Fenellak letoizko baranda likatsuari eutsi, aterki zisne-lepoduna batere gogoan izan gabe.

        Amama behean gelditu zen; Fenella apur bat beldurtu zen, berriro otoitzean hastera ote zihoan. Baina ez, gelako txartelak atera baino ez. Jangelan zeuden. Argitasun itsu eta itogarria zegoen han; giroan pinturaren usaina, saiheski-hezur erreena eta kautxoarena. Fenellak nahiago zuen amamak aurrera jarraitzea, baina andre zaharra ez zegoen presaka ibiltzeko. Sekulako otarre bat hauteman zuen, urdaiazpikozko ogitartekoz betea. Haietaraino joan eta fintasunez ukitu zuen goikoa hatzarekin.

        — Zenbatean dira ogitartekoak? —galdetu zuen.

        — Bi penike! —jaurti zuen zerbitzari zakar batek, labana eta sardea zartako batekin utziaz.

        Amamak lanak zituen hura sinesten.

        — Bakoitza bi penike? —galdetu zuen.

        — Hori da —erantzun zuen besteak, ondoko lagunari begia keinatuz.

        Amamak harritu aurpegia jarri zuen. Ondoren irmoki xuxurlatu zion Fenellari:

        — Lotsagarria! —eta bestaldeko atetik joan eta igarobide bat zeharkatu zuten, alde banatan gelak zituena. Zerbitzari bat etorri zitzaien, ikusgarri jatorra. Erabat urdinez jantzia, lepoa eta eskumuturrak letoizko botoi handiz lotuak zituela. Amama ongi ezagutzen zuela zirudien.

        — Hara Crane andrea! —esan zuen, beren konketa irekiz—. Hemen zaitugu berriro ere. Ez diozu zeure buruari gela bat askotan opatzen.

        — Ez —esan zuen amamak—. Baina oraingo honetan nire seme maitearen arretari esker...

        — Espero dut... —hasi zen zerbitzaria. Baina orduan jiratu eta luze, goibel begiratuz ikusi zuen amamaren belztasuna eta Fenellaren zamar eta gona beltza, blusa beltza eta kapelua krepezko arrosa batekin.

        Amamak baiezkoa egin zuen.

        — Jainkoaren borondatea egin da —esan zuen.

        Zerbitzariak ezpainak itxi eta, arnasa sakon hartuz, puztu bezala egin zen.

        — Nik beti diot —esan zuen, haren aurkikunde berezia bailitzan—, lehenxeago edo geroxeago denok joan behar dugula. Horrek ez du erremediorik. —Eten bat egin zuen—. Nahi duzu zerbait ekartzea, Crane andrea? Kikera bat te? Badakit halako ezdeuskeria bat alferrik dela kanpoko hotza uxatzeko baina...

        Amamak ezezko keinua egin zion buruaz.

        — Ez, mila esker. Ardozko bizkotxoak dauzkagu, eta Fenellak oso banana ederra.

        — Orduan geroxeago etorriko naiz, ea zer moduz zaudeten —esan zuen zerbitzariak, eta joan zen atea itxiaz.

        Hura bai gela txikia! Amamarekin kutxa batean sartuta egotea bezala zen. Konketa gaineko begi biribil beltzak motel begiratzen zien. Fenella lotsatuta zegoen. Atearen kontra zutik zegoen, pardelari eta aterkiari eusten. Han erantziko ote ziren? Amamak kendua zuen ja txanoa, sokak bildu, eta bakoitza orratz batez lotu ondoren eseki zuen txanoa. Seda balitz bezala distiratzen zion ile zuriak; sare beltz batek estaltzen zion atzeko motots txikia. Fenellak oso gutxitan ikusi zuen amama buruhas; itxura arraroa zuen.

        — Hire ama maiteak niretzat egindako artilezko mantelina jantziko dinat —esan zuen amamak, eta lukainkari lokarria kenduz, hura atera eta jira-biratu zuen buruan; izkinako borla grisak begi inguruan dantzan ibili zitzaizkion, Fenellari goxo eta triste irribarre egin bitartean. Ondoren gerruntzea askatu zuen, eta azpiko zerbait, eta azpiagoko beste zerbait. Ondoren borroka labur, gogor baten antzekoa egon zen, eta amama pitin bat gorritu zen. Di-da, askatu zuen kortsea. Hasperen egin lasai, eta felpazko sofan eseriaz, bota saihets elastikoak astiro eta kontuz erantzi eta elkarren ondoan jarri zituen.

        Fenellak zamarra eta gona kendu eta flanelazko mantala jantzi zuenerako, amama prest zegoen.

        — Botak ere kendu behar ditut, amama? Gorainoko txibista dute.

        Amamak arretaz aztertu zituen pixka batean.

        — Eranzten baditun askoz erosoago sentituko haiz, ume —esan zuen. Musu eman zion Fenellari—. Ez ahaztu otoitz egitea. Jainko maitea gure ondoan zegon lehorrean, baino are gehiago itsasoan. Eta bidai kontuan ni esperientzia handiaren jabe naizenez —esan zuen amamak zalu—, goiko ohetxoa hartuko dinat.

        — Baina amama, nola igoko zara hor gora?

        Amaraun antzeko hiru maila txiki besterik ez zituen Fenellak ikusten. Andre zaharrak barre txiki isil bat egin zuen haiei bixkor ekin aurretik, eta goiko ohexkatik egin zion kirik Fenella harrituari.

        — Ez huen uste amama gauza izango zenik, e? —esan zuen. Hura etzaten eta Fenellak barre arin bat aditu zion.

        Xaboi marroiaren koskor gogor hark ez zuen aparrik egiten, eta botilako urak gelatina urdina ematen zuen. Zer zaila zen izara elkor haiek zabaltzea ere; indarka sartu behar zenuen. Kontuak bestela izan balira Fenellak barre egingo zukeen... Azkenean barruratu zen, eta arnasestuka zegoen bitartean, marmar luze, eme bat entzun zuen goitik zetorrela, norbait sedazko paper bat eztiro-eztiro zimurtzen bezala zerbaiten bila. Amama zen otoitz egiten...

        Denbora puska bat igaro zen. Orduan zerbitzaria sartu zen; emeki-emeki etorri eta amamaren ohetxoan ipini zuen eskua.

        — Oraintxe ari gara itsasartean sartzen —esan zuen.

        — A bai?

        — Gau giro ederra dugu baina hutsik samar goaz. Baliteke dantzatu batzuk ematea.

        Eta, hain zuzen ere, orduantxe igo zen Picton ontzia gora eta gora, airean zintzilik geratu arte, hotzikara bat sentitzeko adina, eta ondoren berriro jaitsi, eta uraren zartada gogorra entzun zen alboetan. Aterki zisne-lepoduna sofa txikian zutik utzi zuela gogoratu zen Fenella. Hautsiko ote zen eroriz gero? Baina amama ere orduantxe oroitu zen.

        — Mesedez aterkia etzango bazenu, andereño... —xuxurlatu zuen.

        — Noski, Crane andrea. —Eta zerbitzariak, amamarengana itzulita, ahopean esan zion—: Zure biloba txikia goxo-goxo dago lo.

        — Eskerrak Jainkoari —esan zuen amamak.

        — Poxpolin gaixoa, ama galduta! —esan zuen zerbitzariak. Eta amama zerbitzariari dena kontatzen ari zitzaiola lokartu zen Fenella.

        Baina ametsetan hasteko beta ere eduki aurretik esnatu zen berriro, eta ikusi zuen zerbait buru gainean mugitzen. Zer ote zen? Zer izan zitekeen? Oin txiki gris bat. Eta atzetik bestea. Zerbaiten bila bezala; hasperen bat entzun zen.

        — Esna nago, amama —esan zuen Fenellak.

        — Ai ene, hor dago koska? —galdetu zuen amamak—. Alde honetan zegoela uste ninan.

        — Ez, amama, bestean dago. Ipiniko dizut oina. Iritsi gara? —galdetu zuen Fenellak.

        — Portuan gaitun —esan zuen amamak—. Jaiki beharra dinagu, ume. Altxatu aurretik jan ezan bizkotxo bat, indartzeko.

        Baina Fenella etzantegitik salto eginda zegoen. Artean piztuta zegoen lanpara, baina gaua joana zen eta hotz egiten zuen. Begi biribil hartatik kirika, haitz batzuk ikusi ahal izan zituen urruti. Gero aparrak estali zituen; gero kaio bat ziztuan pasatu zen; eta gero benetako lehor puska bat azaldu zen.

        — Lehorra, amama —esan zuen Fenellak, miretsita, itsasoan asteak eraman balituzte bezala. Bere burua besarkatu zuen; txingoka jarri eta hanka bat bestearen behatzekin igurtzi zuen; dardaraka zegoen. O, dena oso triste izan zen azkenaldian. Aldatuko ote zen? Baina amamak zera bakarrik esan zuen:

        — Agudo, ume. Zerbitzariari utzi beharko zionat hire banana ederra, ez dun jan eta.

        Eta Fenellak berriro jantzi zituen arropa beltzak, eta eskularru batetik botoia erori eta iritsi ezin zen leku bateraino joan zen piririka. Ontzi gainera igo ziren.

        Baina gela hotz bazegoen, ontzi gaina jelatua zegoen. Artean eguzkia atera gabe baina izarrak motel zeuden, eta zeru zurbil hotzak itsaso zurbil hotzaren kolore berdina zuen. Lehorrean gandu zuri bat zebilen gora eta behera. Orain argi ikusi zuten sasiarte iluna. Nabari ziren garo burumakurrak ere, eta eskeleto antzeko zuhaitz ihar zilartsu bitxi horiek... Gero ur ertzeko plataforma eta etxe txiki batzuk ikusi zituzten, haiek ere zurbil, elkarren ondo-ondoan, txirlak bezala kutxatila baten tapan. Beste bidaiariak hara eta hona zebiltzan, baina aurreko gauean baino astiroago, eta itxuraz goibel.

        Eta orain berengana abiatu zen ur ertzeko plataforma. Astiro egiten zuen igeri Picton ontzi aldera, eta han gizon bat zetorren soka bildu bati eusten, eta gurdi bat zaldi txiki burumakur batekin, eta beste gizon bat koskan eserita.

        — Penreddy jauna dun, Fenella, gugana etortzen —esan zuen amamak. Pozik ematen zuen. Masaila zuri argizaritsuak urdinduta zeuzkan hotzarekin, kokotsa dar-dar, eta behin eta berriro lehortu behar zituen begiak eta sudur txiki arrosa.

        — Hik dun nire...

        — Bai, amama.

        Erakutsi zion Fenellak.

        Hegan etorri zen soka eta danba erori zen ontzi gainean. Mailadia jaitsi zuten. Fenellak berriro segitu zion amamari moilatik gurdi txikiraino, eta laster ziren trostan. Zaldi txikiaren ferrek zurezko zutabeak astindu eta ondoren goxo barneratu ziren bide hondartsuan. Ez zen arimarik ageri; ezta ke laino bakar bat bera ere. Harrotu eta abaildu zebilen gandua, eta itsasoak lo zirudien, hondartzan atzera eta aurrera mantsoki.

        — Atzo ikusi nuen Crane jauna —esan zuen Penreddy jaunak—. Itxura ona zeukan. Joan den astean nire andreak opilak egin zizkion korrika batean.

        Eta orain zaldi txikia txirla antzeko etxeetako baten aurrean gelditu zen. Hantxe jaitsi ziren. Fenellak eskua atakan jarri eta ihintz tanta handi, dardaratiek eskularru puntak basitu zizkioten. Hartxintxar zuri biribileko bidexka batean gora joan ziren, alde bietan lore lokartu blaituak zeudela. Amamaren krabelin zuri finak erasanda zeuden ihintz gogorrarekin, baina haien usain gozoa zeukan goiz hotzak. Etxe txikiko saretak itxita zeuden; ataripeko eskailerak igo zituzten. Gomazko bota pare zahar bat zegoen atearen alde batean, eta ureztontzi gorri handi bat bestean.

        — Aitita arraio hori! —esan zuen amamak. Kisketa jiratu zuen. Hotsik ez. Dei egin zuen—: Walter!

        Eta berehala erantzun zuen ahots lodi, erdi ito itxurako batek:

        — Zu zara, Mary?

        — Itxaron, maitea —esan zuen amamak—. Sartu hor —eta goxo bultzatu zuen Fenella sala txiki goibel batera.

        Mahai gaineko katu zuri bat, gamelu baten antzera hankak tolesturik egona, zutitu zen, tiragaleak atera zituen, aharrausi egin zuen eta behatz punten gainera saltatu zen. Fenellak esku txiki hotz bat murgildu zuen ilaje zuri, epel hartan, eta lotsati egin zuen irribarre, katua igurtzitzen eta amamaren ahots leuna eta aititaren solas ozena entzuten.

        Ate baten kirrinka aditu zen.

        — Aurrera, bihotza. —Andre zaharrak keinu egin eta Fenella hara abiatu zen. Han, sekulako ohearen alde batean, aitita zegoen etzanda. Bakar-bakarrik burua gandor zuri batekin, eta musu gorria eta bizar luze zilartsua ageri ziren tapaki gainean. Txori zahar bat ematen zuen, adi-adi.

        — Hara gure neskatoa! —esan zuen aititak—. Eman muxu!

        Fenellak musu eman zion.

        — A! —esan zuen aititak—. Izoztua du sudurtxoa. Zer dauka eskuetan? Amamaren aterkia?

        Fenellak berriro egin zuen irribarre, eta oheko baranda gainetik okertu zuen zisnearen lepoa. Ohe buruan idatzi handi bat zegoen lauki bel-beltz batean:

 

        Urrezko ordu bat galdu da,

                Diamantezko hirurogei minutu ditu.

                EZ da saririk eskaintzen

                BETIKO JOAN DA ETA!

 

        — Amamak margotu zuen hori —esan zuen aititak. Eta haren gandor zuri banatua eta begirada alaia ikusita, begia keinatu ziola iruditu zitzaion Fenellari.

 

 

© Katherine Mansfield

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Mansfield / Lorategiko festa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus