NESKA GAZTEA

 

        Soineko urdinarekin, masailak gorrituxeak, begi urdin-urdinak eta urrezko ile izurrak lehenbiziko aldiz bezala goratuta zituela —hegan hasteko goratuta—, Raddick andrearen alabak zeru distiratsutik jaitsia ematen zuen. Raddick andrearen begirada herabe, apur bat harritu, baina mirespen sakonekoa ere, uste horretan zegoela zirudien; baina alaba ez zen batere pozik ageri —bera pozik?— kasinoko eskailera aurrean hanka jarririk. Izan ere aspertua zegoen... aspertua, zerua kasinoz betea balego bezala, croupierren ordez santu zahar elkorrak eta fitxen lekuan koroak.

        — Berdin zaizu Hennierekin joatea? —esan zuen Raddick andreak—. Seguru zaude? Hor dago autoa, zuek tea hartu eta hemendik ordu betera itzuliko gara atari honetara, honaxe. Bera hor sartzea nahi baitut. Lehenbiziko aldia du eta merezi du ikustea. Bestela ez litzateke gizalegezkoa izango.

        — O, ixo, ama —esan zuen berak, nekearekin—. Goazen. Etzazu hainbeste hitz egin. Eta irekita duzu zorroa; berriro galduko duzu diru guztia.

        — Barkatu, bihotza —esan zuen Raddick andreak.

        — O, goazen barrura! Dirua irabazi nahi dut —esan zuen ahots pazientzia gabeak—. Zuek bai ongi... baina ni miseria gorrian nago!

        — Tori. Hartu berrogeita hamar libera, bihotza, hartu ehun!

        Raddick andrea ikusi nuen berari eskuan billeteak estutzen, ate jirakorretatik pasatzen ziren bitartean.

        Hennie eta biok atarian geratu ginen pixka batean, jendeari begira. Oso irribarre zabal, alaia zuen.

        — Hara! —hots egin zuen—. Bulldog ingeles bat. Uzten dute zakurrak sartzen?

        — Ez, ez dute uzten.

        — Hori bai bikaina, e? Hartuko nuke nik bat. Oso atseginak dira. Ondokoak erabat izutu eta ez dira batere zakarrak jabearekin. —Bat-batean eskutik heldu zidan—. Hara! Begira atso horri. Nor ote da? Zer itxura da hori? Jokalaria da?

        Emakume adineko zimela, soinean satenezko jantzi berde bat zuela, belusezko longain beltza eta kapelu zuri bat luma moreekin, errenka igo zen poliki-poliki eskaileretan gora, burdin hariz tiratuta bezala. Aurrera begira zihoan, bere artean barrez, marmarka eta buruari eraginez; atzaparrekin diru-zorro antzeko zikin bati eusten zion.

        Baina orduantxe azaldu zen Raddick andrea, berarekin, beste emakume bat ere atzetik zuela. Lasterka etorri zitzaidan. Masailak gorri-gorri zituela zetorren, alai, zeharo aldatuta. Trena irteteko zorian dagoela, geltokiko nasan lagunei adio esaten ari den emakumea zirudien.

        — A, oraindik hemen zaude. Eskerrak! Ez zara joan. Ze ongi! Izugarri gaizki pasatu dut beste... honekin —eta alaba seinalatu zuen, hantxe geldi-geldi, mesprezioz, behera begira zegoela, oinarekin koska haztaka, oso urruti—. Ez diote sartzen uzten! Hogeita bat urte dituela hitz eman diet. Baina ez didate sinesten. Diru poltsa ere erakutsi diot gizonari; ez naiz ausartu beste ezer egiten. Dena alferrik izan da. Barre egin du gure bizkar... Eta oraintxe egin dut topo New Yorkeko MacEwen andrearekin, hamahiru mila irabazi ditu oraintxe Salle Privée-an... eta ni beragana joatea nahi du, bolada onak iraun bitartean. Ezin dut ordea bakarrik utzi... hau. Baina zuk...

        Hartan, gora begiratu zuen berak; sua antzematen zitzaion.

        — Utz nazazu behingoz! —esan zuen amorruz—. Hau da ergelkeria! Sortu duzu ba zuk saltsa hau! Azkenekoz nator zurekin. Ez dago zurekin burutuko duenik. —Goitik behera begiratu zion amari—. Lasai zaitez! —gehitu zuen nagusitasunez.

        Raddick andrea etsi-etsian zegoen. Desiratzen zegoen MacEwen andrearekin joateko, baina aldi berean...

        Nire kemenak bildu nituen.

        — Beharbada zuk... nahi zenuke gurekin tea hartzera etorri?

        — Bai, bai, pozik joango da. Horixe nahi ninan, bihotza. MacEwen andrea... Hemen egongo naiz ordu bete barru... edo gutxiago... Ni...

        Raddick andreak ziztuan igo zituen eskailerak. Berriro ere poltsa zabalik zuela ikusi nuen.

        Bakarrik geratu ginen, beraz, hirurok. Baina izatez, ez zen neure errua izan. Henniek ere leher eginda begiratzen zuen lurrera. Autoa heldu zenean, berak musu aldean bil-bil egin zuen bere beroki beltza, kutsaduraren kontra. Bere oin txikiek muzinez bezala ekarri zuten eskaileretan behera gugana.

        — Izugarri sentitzen dut —murkurikatu nuen autoa abiatzean.

        — O, hor konpon —esan zuen—. Ez dut hogeita bat urtekoa eman nahi. Izan ere... hamazazpi urte izanik! Horko... —eta hotzikara xume bat egin zuen— ergelkeria hori ezin dut eraman, eta gizon zahar potoloak begira-begira edukitzea. Basapiztiak!

        Henniek begirada bizkor bat bota zion, eta gero leihotik zelatan hasi zen.

        Marmol zuri-arrosazko jauregi itzel baten aurrean gelditu ginen, atarian upel urre-beltzetan laranjondoak zituela.

        — Sartu nahi? —eskaini nion.

        Berak zalantza egin, begiratu, ezpainari hozka egin eta amore eman zuen.

        — Bueno, badirudi ez dagoela beste nora joanik eta —esan zuen—. Atera, Hennie.

        Ni sartu nintzen aurrena —mahaia topatzeko, noski—, eta gero bera. Baina denetan okerrena bere hamabi urteko neba txikiarekin ibili beharra zen. Horixe bakarrik falta zen, ume hura bere hankapean.

        Bazegoen mahai bat. Krabelin arrosak eta plater arrosak zituen, bela itxurako mahaizapi txiki urdinekin.

        — Hementxe eseriko gara?

        Berak gogaiturik ipini zuen eskua zumitzezko aulki zuri baten bizkarrean.

        — Eser gintezke. Zergatik ez? —esan zuen.

        Hennie bere ondotik estu-estu igaro eta izkinako aulki batean eseri zen, gorputza bihurrituz. Erabat lekuz kanpo sentitzen zen. Berak, berriz, ez zituen eskularruak kendu ere egin. Begiak beheratu eta mahaia joka hasi zen hatzekin. Biolin hots xume bat zabaldu zenean, dar-dar egin eta berriro hozkatu zuen ezpaina. Isiltasuna.

        Zerbitzaria agertu zen. Ia ez nintzen ausartzen galdetzera:

        — Tea? Kafea? Txinako tea... edo te hotza limoiarekin?

        Ez zitzaion ardura. Berarentzat dena berdin zen. Berez, ez zuen ezertxo ere nahi. Henniek xuxurlatu zuen:

        — Txokolatea!

        Baina zerbitzaria jiratu bezain laster, axolagabe hots egin zuen:

        — O, niri ere txokolatea ekartzen badidazu...

        Zain geunden bitartean, hauts-kutxatila urrezko bat atera zuen, tapan ispiluduna, gorrotoa balio bezala kotoi gaixoa astindu eta igurtzi zuen bere sudur xarmanta.

        — Hennie —esan zuen—, ken itzak lore horiek. —Kotoiarekin seinalatu zituen krabelinak, eta ahopean entzun nion—: Ezin ditut jasan loreak mahai gainean. —Bistan zen atsekabe handia sortzen ziotela, izan ere begiak itxi baitzituen nik haiek baztertzerakoan.

        Zerbitzariak txokolatea eta tea ekarri zuen. Kikera handi, apartsuak haien aurrean ipini eta nigana bultzatu zuen baso argia. Henniek sudurra sartu eta han agertu zen, une beldurgarri batez, puntan krema tanta ikarati bat zuela. Baina bizkor garbitu zuen, jaun txiki batek bezala. Zalantza nuen, berari adierazi ala ez aurrean zeukala kikera. Ez zen ohartu —ez zuen ikusi—, harik eta bat-batean, kasualitate hutsez, txurrut egin zion arte. Estu eta larri begiratzen nion; dar-dar xume bat egin zuen.

        — Gozoegia! —esan zuen.

        Mutil koskor bat, burua mahaspasa bezalakoa eta gorputza txokolatezkoa, han etorri zen pasta erretilu batekin, lerro-lerro kutixi txikiak, inspirazio txikiak, amets deseginkor txikiak. Berari eskaini zizkion.

        — O, ez naiz batere gose. Eramaitzazu.

        Hennieri eskaini zizkion. Henniek begiratu bizkor bat bota zidan —nirea onespenezkoa izan, nonbait—, eta txokolatezko kremadun bat hartu zuen, kafezko éclair bat, merenge bat barrena gaztainekin, eta marrubi freskoz betetako adartxo bat. Bere ezineramana neba ikusita! Baina mutila jiratu bezain laster jaso zuen platera.

        — Bueno, bakar bat emaidazu —esan zuen.

        Zilarrezko kurrikak bat, bi, hiru bota zituen... eta baita gerezizko tartatxo bat ere.

        — Ari zara ba zu niri hauek denak ematen! —esan zuen, erdi irribarrez—. Ez ditut jango. Ezingo nuke!

        Askoz erosoago sentitu nintzen. Nire teari txurrut egin, bizkarra atzeratu eta erretzeko baimena eskatu nuen. Orduan bera gelditu, sardexka eskuan zuela, begiak zabaldu eta nabarmen egin zuen irribarre.

        — Jakina —esan zuen—. Beti espero dut ondokoek erretzea.

        Baina orduan izugarria gertatu zitzaion Hennieri. Pasta adar hura gogorregi zulatu, bi zati egin, eta erdi bat mahai gainera erori zen! Hura estuasuna! Gorri-gorri jarri zen. Belarriak ere sutan zituen, eta esku lotsatu bat arrastatu zen mahaian zehar, gorputzaren hondarra kentzeko.

        — Basapiztia! —esan zion berak.

        Jainko santua! Airean joan behar nuen salbatzera. Presaka hots egin nuen:

        — Denbora askorako zoaz atzerrira?

        Baina ja ahaztua zegoen Hennierekin. Ahaztua zegoen nirekin ere. Zerbait gogoratu nahian ari zen... Oso urruti.

        — Ez... ez dakit —esan zuen astiro, urruti haietatik.

        — Londres baino nahiago izango duzu noski? Hura da... da...

        Ez nuenez jarraitzen, bera itzuli eta begira jarri zitzaidan, txunditua.

        — Da...

        — Enfin... alaiagoa —hots egin nuen, nire zigarrotxoa astinduz.

        Pastel oso bat behar izan zuen, hartan pentsatzen. Eta ondoren:

        — Bueno, nondik begiratzen den... —izan zen lasai esan ahal izan zuen bakarra.

        Henniek bukatu zuen. Bero-bero jarraitzen zuen.

        Tximeleta itxurako zerrenda hartu nuen mahaitik.

        — Aizu eta... izozki bat, Hennie? Mandarina eta jengibrezkoa. Ez, zerbait freskoagoa. Zer iruditzen pinazko krema hotza?

        Henniek baiezko biribila. Guri begira zegoen zerbitzaria. Eskaria hartua zuenean, berak burua altxatu zuen apurretatik.

        — Mandarina eta jengibrea esan duzu? Ni jengibre zalea naiz. Ekar idazu bat. —Eta segidan—: Nahiago nuke orkestra horrek garai bateko gauzak joko ez balitu. Horrekin ibili ginen dantzan aurreko Gabon denbora guztian. Nazka ematen du!

        Baina doinu xarmagarria zen. Honetaz konturatzeak goxotasuna eman zidan.

        — Oso leku atsegina da hau, ezta Hennie? —esan nuen.

        Eta Henniek:

        — Sekulakoa! —Asmoa oso isilik esatekoa zuen, baina oso ozen atera zitzaion, garrasiaren antzera.

        Atsegina? Leku hau? Atsegina? Lehenbiziko aldiz begiratu zuen ingurura, zer ote zegoen ikusteko... Begiak kliskatu zituen; zalantzan geratu ziren bere begi zoragarriak. Itxura oso ederreko gizon adineko bat berari begira zegoen, zinta beltzeko monokulo baten bitartez. Baina berak ezin zuen hura ikusi. Zulo bat zegoen haren tokian. Berak beste alderaino begiratzen zuen.

        Azkenean, kristalezko plateretan geratu ziren koilara txiki xapalak. Henniek leher eginda ematen zuen, baina berak berriro jantzi zituen eskularru zuriak. Ezin zuen asmatu diamantezko ordulariarekin; trabatu egin zitzaion. Gogor tiratu —traste txoro hura hautsi eta kito—, baina ezin. Azkenean, gainetik jarri behar izan zuen eskularrua. Antzeman nion ezin zuela han jarraitu, eta baita bera zutitu eta jiratu ere, ni tea ordaintzeko zeregin arruntean ari nintzela.

        Berriro kanpoan ginen. Iluntzen hasia zegoen. Zeruan izar txikien ziliportak zeuden; kaleargi handiek dir-dir egiten zuten. Autoa iritsi zain geundela koskara igo zen, lehen bezala oina dantzatzen zuela, behera begira.

        Henniek aurrera salto eginez atea ireki, eta bera berriz han eseri zen —oi!— hasperen eta guzti.

        — Esaiozu —bota zuen arnasestuka—, ahal duen arinen joateko.

        Henniek barre iduri egin zion bere lagun txoferrari:

        — Allie vit! —esan zion. Ondoren, baretu eta gure aurreko eserleku txikian jarri zen.

        Berriro agertu zen hauts-kutxatila urrezkoa. Berriro jaso zuen astindua kotoi gaixoak; berriro egon zen begirada bizi, guztiz sekretu bat bera eta ispiluaren artean.

        Hiri beltz-urrea aldez alde moztu genuen, guraizeek brokadua mozten duten bezala. Henniek lan handiak zituen, helduta zihoala ezkutatzeko.

        Eta kasinora heldu ginenean, Raddick andrea ez zegoen, noski, bertan. Ez zegoen haren arrastorik eskaileretan, ezta arrastorik ere.

        — Nahi duzue autoan geratu, ni bila noan bitartean?

        Baina ez, horretarakoxe zegoen! Jainkoaren izenean, nola bada! Hennie bai. Baina bera ez zegoen autoan eserita egoteko. Eskaileretan itxarongo zuen.

        — Baina ez zait gustatzen zu hemen uztea —murmurikatu nuen—. Ez zaitut hemen utzi nahi.

        Orduan berokia atzeratu zuen; jiratu eta begira jarri zitzaidan; bere ezpainak erdibitu ziren.

        — Jainkoaren izenean... zer ba! Ez... ez zait batere axola. Zain.. zain egotea gustatzen zait. —Eta bat-batean gorri-gorri jarri zitzaizkion masailak, begiak ilundu... une batez pentsatu nuen negarrez hastera zihoala—. Utz... utz nazazu, mesedez —toteldu zuen ahots bero, irrikatsuz—. Gustatzen zait. Txoratzen nau zain egoteak! Benetan... bene-benetan! Beti nago zain... makina bat lekutan...

        Bere beroki iluna zabaldu zen, eta bere lepo zuria —bere gorputz gazte goxo guztia, soineko urdinez jantzia—, lore baten antzekoa zen, kimu ilunetik orduantxe jaiotzen.

 

 

© Katherine Mansfield

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Mansfield / Lorategiko festa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus