USO JAUN-ANDREAK

 

        Berak ongi zekien —inork baino hobeto—, ez zuela aukera bakar baten arrastorik, ezta izpirik ere. Hartan pentsatze hutsa ergela zen. Hain zen ergela, gainera, non ederki ulertuko baitzuen, baldin eta neskaren aitak... bueno, ederki ulertuko zuen neskaren aitak zernahi eginda ere. Izan ere desesperazioa zen, auskalo noiz arte Ingalaterran pasatzen zuen azken eguna izatea zen, bera kinka hartan jarri zuena. Eta oraindik ere... Komodatik gorbata bat aukeratu, lauki urdin eta krema kolorekoa, eta ohe ertzean eseri zen. Dama gazteak «Lotsagabea halakoa!» esaten bazion, harrituko zen? Ezta batere, pentsatu zuen, lepo biguna goratu eta gorbataren gainera jaitsiz. Horrelako zerbait esango zion, seguru asko. Ezin zuen igarri, arazoari hotz-hotzean begiratuz gero, zer beste erantzun jaso zezakeen.

        Horratx! Ispilu aurrean zinta urduri lotu, ilea esku biekin behera sakatu, eta kanpora atera zituen zamarraren sakela barrenak. Urtean bostehun edo seiehun libra inguru ematen zituen fruitu plantazioak, non eta Rodesiako puntan. Kapitalik ez. Diru iturririk ez. Aukerarik ez hurrengo lau urteetan irabaziak handitzeko. Kanpoko itxura, berriz, hutsaren hurrengoa. Osasun bikainez ere ezin harrotu, zeren Afrika Sortaldeko negozio harekin sekulako egurra jaso, eta sei hilabeteko atsedena hartu behar izan baitzuen. Artean izugarri zurbil zegoen —gaur inoiz baino okerrago—, pentsatu zuen, aurrera makurtu eta ispilua aztertuz. Jainko santua! Zer gertatu zen? Ilea berdexka zeukan. Hor konpon, berak ez zuen ile berderik, eta kito. Hori gehiegi zen. Orduan argi berdeak dar-dar egin zuen kristalean: kanpoko zuhaitzaren errainua zen. Reggie jiratu, zigarro-kutxatila atera, baina berak logelan erretzeak amatxori zer nazka ematen zion gogoratu zuenean, berriro lehengo lekuan utzi eta komoda aldera hurreratu zen. Ez, ezin, alajaina, bere buruari ezer onik aurkitu, eta beste hari berriz... A! Bertan gelditu, besoak antxumatu eta gogor bermatu zen komodan.

        Nahiz hark halako posizioa eduki, aita aberatsa, alaba bakarra eta askogatik ere auzoko neskarik ongien ikusia; nahiz hain ederra eta argia izan... Argia? Hori gutxi esatea zen: ez zegoen ezer, hark egiten ez zekienik; bistakoa zen, beharrezkoa izan balitz, hura jeinu bat izango zen edozertan; nahiz gurasoek alaba eta alabak gurasoak maite, eta hari joaten utzi baino nahiago izango zuten... Nahiz hau nahiz hura, hainbestekoa zen bere amodioa, non ezin zuen itxaropena baztertu. Baina itxaropena ote zen? Aitzitik, hari goxo-goxo kasu egiteko, hari zer-nahi-hura emateko, hari ondora perfektu dena bakarrik ametitzeko irrika bitxi, herabe hau, maitasuna bakarrik ote zen? Berak bai hura maite! Komodaren kontra gorputza estutu eta murmurikatu zuen: «Maite dut, maite dut!» Eta, orduantxe, harekin zihoan Umtalira bidean. Gaua zen. Ertz batean zegoen hura, eserita lo. Kokots xamurra lepo xamurrean gordea, betile beltzaran urretsuak masaila gainetan kokatuak. Txoraturik zegoen haren sudurtxo finarekin, haren ezpain perfektuekin, haurrarena bezalako haren belarriarekin, eta hau erdi estaltzen zuten kizkur beltzaran urretsuekin. Oihanean barrena zihoazen. Bero eta ilun eta urruti. Orduan hura esnatu eta esan zuen: «Lo egin dut?», eta berak erantzun: «Bai. Ongi zaude? Utzidazu...» Eta bera hurreratu eta ondoan makurtu zitzaion. Ezin zuen ametsetan jarraitu, hainbestekoa zen bere zoriona. Baina halere kemena izan zuen behera jaitsi, lastozko kapeluari atzaparra bota sarreran, eta kaleko atea ixterakoan zera esateko:

        — Saiatuko nauk, ea zortea dudan.

        Baina zorteak ia berehala eman zion, gutxi esaten jarrita, astindu gogor bat. Lorategiko bidean gora eta behera pasieran, Chinny eta Biddy pekines zaharrekin, amatxo zebilen. Reginaldek asko nahi zion amatxori, noski. Hura... hura beti on beharrez aritzen zen eta ez zuen berehalakoan amore ematen. Baina guraso zakarra zen, hori ez zegoen ukatzerik. Eta bizitzan zehar batzuetan, sarri —osaba Alick hil eta berari fruitu plantazioa utzi aurretik—, Reggiek argi izan zuen, mutiko batentzat ez dagoela zigor okerragorik alargun baten seme bakarra izatea baino. Eta berak zeukan guztia amatxo izatea are latzagoa zen. Nola edo hala aita eta ama batera izateaz gain, beraren eta tutorearen senide guztiekin izan zuen sesioa, Reggie lurrean agertzen hasi aurretik. Hori horrela, Reggiek, etxeminez zegoenero, izarren azpian eserita ataripe ilunean, eta gramofonoa joka, «Bihotz, bizitzea ez al da maitatzea?», begi aurrera zetorkion bakarra amatxo zen, garai eta sendo, lorategiko bidexkan tirriki-tarraka, hankapean Chinny eta Biddy zituela...

        Amatxo, guraizeak zabalik, hildako zer edo zeren burua moztera zihoala, Reggie begiztatzean gelditu zen.

        — Ez haiz ba inora joango, e Reginald? —galdetu zuen, ikusirik bazihoala.

        — Tearen ordurako hemen izango naiz —esan zuen Reggiek ahul, eskuak zamarraren sakeletan sartuz.

        Zast. Buru bat mozturik. Reggiek ia salto egin zuen.

        — Uste nian amarentzat gordeko huela azken arratsaldea —esan zuen.

        Isiltasuna. Pekinesak erne begira. Amatxok zioen guztia ulertzen zuten. Biddy etzanda zegoen, mingaina zintzilik; lodi eta distiratsu, toffee puska bat ematen zuen, erdi urtua. Baina Chinnyren portzelanazko begiek ilun so egin zioten Reginaldi, eta sudurrari tiratu zion xuabe, mundu osoa usain txar bat balitz bezala. Zast, berriro guraizeek moztu. Gaixo errukarriak; ikusten ari zirenak!

        — Eta nora hoa, amak jakiterik badauka? —galdetu zuen amatxok.

        Noizbait amaitu zuten, baina Reggiek ez zuen pausoa mantsotu, etxearen bistatik ezkutatu eta Proctor koronelaren etxerainoko erdibidea egin arte. Orduantxe jabetu zen zer arratsalde giro bikaina zegoen. Goiz guztian euria aritu zuen, uda bukaerako euria, epela, astuna, bizia, eta orain zerua oskarbi zegoen, salbu hodei txikien zerrenda luze bat, ahatekumeen antzera baso gainetik nabigatzen. Justu zuhaitzetako azken tantak botatzeko adina zebilen haizea; izar bero batek zipriztindu zion eskua. Ttan...! Kapeluan jo zuen beste batek. Errepide hutsa argitsu zegoen, landare-hesiek txilar usaina zuten, eta zer distira handi eta nabaria zuen malbak baserrietako baratzeetan! Hara Proctor koronelaren etxea. Iritsi zen. Eskua atakan, ukondoarekin lilak ukitu, eta hostoak eta polena zabaldu zitzaion zamarraren besoan. Baina itxaron. Azkarregi ari zen. Kontua berriro aztertzeko asmoa zuen. Horrela, lasai. Baina halere bazihoan bidexkan gora, arrosa landare erraldoiak alde banatan. Honela ezin duk. Baina eskuekin txilinari heldu, eragin, eta lehertu beharrean jarri zuen hoska, etxea sutan zegoela abisatzeko bezala. Neskamea sarreran bertan zegokeen, zeren aurreko atea airean zabaldu baitzen, eta txilin nazkagarri hura isildu aurretik Reggie itxita geratu zen sala hutsean. Arraroa izan arren, hura isildu zenean eta bere burua ikusi gela handi hartan —iluna, piano itzelaren gainean eguzkitako bat zegoela—, erabat bizkortu zen, areago, kitzikatu. Hango isiltasuna! Baina noiznahi atea zabaldu eta erabakiko zen bere patua. Sentsazioa, berriz, dentistarenean egotea bezalatsu zen; zalaparta handiegia zen bere hura. Baina aldi berean, eta gogotik harritu zen Reggie, bere buruari esaten entzun zion: «Jauna, ongi dakizu orain artean ez didazula ezer asko lagundu...» Horrek ekarri zuen bere senera; horrek erakutsi zion zer larria zen kontu hura. Beranduegi. Kisketa jiratu zuten. Anne sartu, bien arteko tarte ilunean barrena etorri, eskua eman, eta ahots txiki, gozo harekin esan zion:

        — Asko sentitzen dut, baina aita joana da. Eta ama herrira joan da egun-pasa, kapelu bat erostekotan. Ni bakarrik nago zuri ongi etorria emateko, Reggie.

        Reggiek arnasestu egin, kapelua sakatu zamarreko botoien kontra, eta toteldu zuen:

        — Zera besterik ez nator... adio esatera.

        — O! —hots egin zuen Annek gozo. Pauso batzuk atzeratu eta bere begi grisak dantzatu zituen—. Zer bisita laburra!

        Orduan, Reggieri begira, kokotsa goratu eta ozen egin zuen barre, algara luze, gozoa, eta piano aldera urrunduz hantxe bermatu eta hasi zen jolasten eguzkitakoaren borlarekin.

        — Asko sentitzen dut —esan zuen—, honela barre egin izana. Ez dakit zergatik egiten dudan. Ohitura txar bat da.

        Eta hark zapata grisaz bat-batean lurra jo, eta eskuzapi bat atera zuen artilezko zamar zuritik.

        — Menderatu beharra dut joera txoro hau —esan zuen.

        — Jainko santua, Anne —hots egin zuen Reggiek—. Zoragarria da zuri barrez entzutea! Ez zait bururatzen beste ezer, horrek adina...

        Baina benetan, eta hori biek zekiten, ez zen beti barrez ari; ez zuen ohitura hori. Elkar ezagutu zuten egunaz gero, momentu huraxe ezkero, auskalo zer arrazoi bedeinkatugatik, Annek barre egin zuen bere bizkar. Zergatik? Berdin zen non zeuden edo zertaz ari ziren hizketan. Litekeena zen erabat serio hastea, ezin serioago —behinik-behin bera—, baina halako batean, esaldi baten erdian, Annek begiratua bota eta dardara txiki bizkor bat pasatzen zitzaion aurpegitik. Ezpainak erdibitu, begiak dantzatu eta barrez hasten zen.

        Gainera, bitxia bazen ere, Reggieren ustez hark ez zekien zergatik egiten zuen barre. Ikusia zuen hura bizkarra ematen, kopeta belzten, masailei barrura eragiten, eskuak estutzen. Baina alferrik. Algara luze, gozo hura entzuten zen, baita hots egiten zuenean ere: «Ez dakit zergatik egiten dudan barre». Misterioa zen...

        Eskuzapia jaso zuen.

        — Eser zaitez —esan zuen—. Eta erre ezazu, nahi baduzu. Zigarrotxoak daude zure ondoko kutxa horretan. Neuk ere hartuko dut bat.

        Reggiek pospoloa piztu zion eta, hura makurtzean, haren perlazko eraztunean sugar txiki baten distira ikusi zuen.

        — Bihar zara joatekoa, ezta? —esan zuen Annek.

        — Bai, bihar, nahitaez —esan zuen Reggiek, ke laino txiki bat botaz. Ze arraiogatik zegoen hain urduri? Baina ez zen urduri hitz egokia—. Lanak... lanak ditut sinesten —gaineratu zuen.

        — Bai... ezta? —esan zuen Annek goxo, aurrera makurtu eta zigarrotxo punta igurtziz hautsontzi berdearen jiran. Zer eder zegoen horrela! Zinez eder, txiki-txikia aulki puska hartan. Reginalden bihotza harrotua zegoen xamurki, baina ondokoaren ahotsa zen, haren ahots goxoa, dardara eragiten ziona.

        — Hemen urteak daramatzazula iruditzen zait —esan zuen.

        Reginaldek tiratu handi bat eman zion zigarrotxoari.

        — Latza da itzuli beharra —esan zuen.

        «Kru kru kru», entzun zen isilune hartan.

        — Baina zuk gustukoa duzu kanpoan ibiltze hori, ezta? —esan zuen Annek. Perlazko lepokoan kiribildu zuen hatza—. Lehengo gauean esaten zuen aitak, bere ustez zer zortea duzun zeure buruaren jabe izanik. —Eta gora begiratu zion. Reginalden irribarrea badaezpadakoa izan zen.

        — Nik ez dut zorte izugarririk nabari —esan zuen arin.

        «Kru kru kru», heldu zen berriro. Eta Annek murmurikatu zuen:

        — Bakardadea, alegia.

        — O, ez zait axola bakardadea —esan zuen Reginaldek, zigarrotxoa amorruarekin txikituz hautsontzi berdean—. Bota ahala jasango nuke hori, gainera lehen gogoko nuen. Baina hasten naizenean pentsatzen...

        Bat-batean hura izua!, gorritasuna sentitu zuen.

        «Kru kru kru! Kru kru kru!»

        Anne airean zutitu zen.

        — Zatoz nire usoei adio esatera —esan zuen—. Saihetseko ataripera aldatu ditugu. Gustatzen zaizkizu usoak, ezta Reggie?

        — Ikaragarri —erantzun zion, hain sukartsu non Anneri leiho-atea zabaldu zionean eta bera alboan zutik jarri, Anne lasterka joan baitzen, usoei barrez balego bezala.

        Hara eta hona, hara eta hona zebiltzan bi usoak oinez, usategiaren lurreko hondar gorri finean. Bata beti bestearen aurrean. Batek aurrera alde egin, garrasi txiki bat eginez, eta bestea segika, burua handikiro makurtu eta makurtu.

        — Begira —azaldu zion Annek—, aurrekoa Uso andrea da. Uso jaunari begiratu, garrasi txiki hori bota eta aurrera alde egiten du, bestea segika duela, burua makurtu eta makurtu. Eta horrek barregura sortzen dio berriro. Orduan berak lasterka egin, eta atzetik du —hots egin zuen Annek, orpoen gainean eseriz—, Uso jaun gizagaixoa, burua makurtu eta makurtu. Horrelakoxea da beren bizitza. Ez dute beste ezer egiten.

        Zutitu eta ale hori batzuk hartu zituen usategiaren teilatuan zegoen zorro batetik.

        — Rodesian zaudela gogora baldin badatozkizu, Reggie, seguru honetantxe ari direla...

        Reggieri ez zitzaion igartzen usoak ikusi edo hitzik entzun zuenik. Momentuz ez zen konturatzen bere ahalegin neketsuaz besterik, hau da, barruko sekretua erauzi eta Anneri eskaintzea.

        — Anne, izango ote naiz ni inoiz zure begikoa?

        Kito. Esan zuen. Eta ondorengo isilunean, Reginaldek lorategia ikusi zuen eguzki argitan, zeru urdin dardaratia, hostoen astindua ataripeko zutabeetan, eta Anne hatz batekin esku ahurreko artaleak jira-biratzen. Orduan hark eskua astiro itxi, eta mundu berri hura aienatu zen, astiro murmurikatu zuenean:

        — Ez, hainbesteraino ez.

        Baina Reggie ezertaz ohartzerako, hura bizkor abiatu zen, eta berak eskaileretan behera jarraitu zion, lorategiko bidexkatik, arrosazko arku gorrien azpitik, belardian zehar. Han, belarrezko ertz alaia atzean zuela, Anne aurrez-aurre jarri zen.

        — Ez dut esan nahi oso gustuko ez zaitudanik —esan zuen—. Gustuko zaitut; baina... —zabal-zabal egin zitzaizkion begiak—, nire hau ez da —dardara bat pasatu zitzaion aurpegitik—, halakoetan sentitzen den gustu klasea...

        Ezpainak erdibitu eta ezin izan zion bere buruari eutsi. Barrez hasi zen.

        — Izan ere, izan ere —hots egin zuen—, zure gorbata laukitu hori! Oraintxe bertan ere, begirunez aritzeko gaia izan arren, zure gorbatak ikaragarri gogorarazten dit katuek argazkietan eramaten duten xingola! O, barkatu hain zitala banaiz, mesedez!

        Reggiek haren esku txiki epelari heldu zion.

        — Ez dago zer barkaturik —esan zuen bizkor—. Nola egongo da ba? Nik uste badakidala zergatik ematen dizudan barregura. Zu denean ni baino gehiago zara eta ni ergelaren pare naiz. Ohartzen naiz horretaz, Anne. Baina ni inorekin...

        — Ez, ez —Annek gogor estutu zion eskua—. Ez da hori. Oso oker ari zara. Ni ez naiz, inola ere, denean zu baino gehiago. Zu ni baino askoz hobea zara. Miresteko moduan zara besteei emana eta... eta fina eta xaloa. Nik ez dut horretatik batere. Ez nauzu ezagutzen. Izakera garratza da nirea —esan zuen Annek—. Ez idazu mesedez hitza eten. Baina ez da hori kontua. Kontua da —ezezkoa egin zuen buruaz—, ezin naizela inola ere ezkondu barre egin diodan gizon batekin. Ulertuko duzu, noski. Nirekin ezkontzen den gizona... —xuxurlatu zuen Annek goxo. Bertan isildu zen. Eskua baztertu, eta, Reggieri begira, irribarre egin zuen arraro, ametsetan—. Nirekin ezkontzen den gizona...

        Eta Reggieri iruditu zitzaion, aurrean jarri eta lekua kentzen ziola arrotz garai, egoki, dirdiratsu batek: Annek eta biek antzokian sarri ikusitako gizon mota, antzeztokian azaldu auskalo nondik, tutik esan gabe emakume heroia besoetan hartu, eta begirada luze, itzel baten ostean eramaten zuen auskalo nora...

        Reggiek burua makurtu zuen ikuskizun haren aurrean.

        — Bai, ulertzen dut —esan zuen lakar.

        — Egiatan? —esan zuen Annek—. O, nahiago nuke. Zital ari naizela jokatzen iruditzen zait. Zaila da azaltzen. Izan ere, ni ez naiz sekula...

        Isildu egin zen. Reggie begira geratu zitzaion. Barrez zegoen hura.

        — Ez da bitxia? —esan zuen—. Zuri edozein gauza esaten ahal dizut. Hasiera-hasieratik esan ahal izan dizut.

        Bera ere saiatu zen barre egin eta «Pozten naiz» esaten. Aurrera jarraitu zuen hark.

        — Sekula ez dut inor ezagutu zu adina atsegin zaidanik. Sekula ez naiz inorekin honen zoriontsu sentitu. Baina seguru nago ez dela hau jendeak eta liburuek aipatzen duten maitasuna. Ulertzen duzu? O, bazeneki zer zital sentitzen naizen! Baina gu biok izango ginateke... Uso jaun-andreak bezala.

        Hori aski izan zen. Behin-betikoa iruditu zitzaion Reginaldi, eta ezin zuen jasan halako egia latza.

        — Ez horretan sakondu —esan zuen, eta, Anneri bizkarra emanda, belardian zehar begira jarri zen.

        Han zegoen lorazainaren baserria, aldamenean arte beltz bat zuela. Ke gardeneko izpi urdin, busti bat zegoen tximiniaren gainean zintzilik. Ez zuen benetakoa ematen. Hura eztarriko mina! Hitz egiteko gauza ote zen? Saiatu zen.

        — Joan beharra dut etxera —bota zuen muturtuta eta abiatu zen belardian barrena. Baina Anne atzetik joan zitzaion lasterka.

        — Ez. Ezin zara oraindik joan —erregutu zion—. Ezin zara inola ere sentimendu horrekin joan.

        Eta beltzuri eginez begiratu zion gorantz, ezpainari hozka.

        — O, lasai —esan zuen Reggiek, bere buruari gogor eginez—. Ni... ni... —Eta eskuari eragin zion, esanez bezala: «egingo dut aurrera».

        — Baina hau izugarria da —esan zuen Annek. Eskuak estututa zegoen aurre-aurrean—. Zu ere ohartuko zara, noski, zer latza izango litzatekeen gu biok ezkontzea, ezta?

        — O, horixe, horixe —esan zuen Reggiek, begi akituekin so.

        — Okerra, txarra, nire ustez behintzat. Uso jaun-andreak bai ongi. Baina atera kontuak eguneroko bizitzan... atera kontuak!

        — Arrazoi osoa duzu —esan zuen Reggiek, eta ibiltzen hasi zen berriro. Baina berriro gelditu zuen Annek. Mahukatik tiratu zion, eta harritzekoa!, barrez ez baizik negarrez hastera doan neska koskorra zirudien oraingoan.

        — Orduan zergatik, hain ongi ulertzen duzula eta, zaude hain triste? —egin zuen antsia—. Zergatik inporta zaizu horrenbeste? Zergatik zaude hain penatua?

        Reggiek txistua irentsi zuen, eta berriro egin zuen zerbait uxatzeko keinua.

        — Ezin dut besterik —esan zuen—. Jota geratu naiz. Orain aldentzen banaiz, nik uste gauza izango naizela...

        — Nola aipa dezakezu aldentzea? —esan zuen Annek arbuioz. Lurra jo zuen oinaz; gorri-gorri zegoen—. Nola izan zaitezke hain bihotz-gogorra? Ezin dizut joaten utzi seguru nagoen arte, zuk niri ezkontza eskaini aurretik bezain pozik zaudela. Ulertuko ahal duzu gauza hain sinplea.

        Baina Reginaldi ez zitzaion batere sinplea iruditzen. Ezin zailagoa zirudien.

        — Ez daukat zurekin ezkontzerik, baina nola egongo naiz ba pentsatzen hain urruti zaudela, ama bilau horri beste inori ezin idatzi diozula, atsekabeak jota, eta hori dena nire erruz?

        — Ez da zure errua. Ez hori pentsa. Destinoa da.

        Reggiek haren eskua besotik kendu eta muin eman zion.

        — Ez nitaz errukitu, Anne maitea —esan zion xamurki. Eta oraingoan lasterka joan zen kasik, arku arrosen azpitik, lorategiko bidexkan aurrera.

        «Kru kru kru! Kru kru kru!» entzun zen ataripeko hotsa.

        — Reggie, Reggie —lorategitik.

        Gelditu eta bizkarra jiratu zuen. Baina Annek, haren begirada lotsati, txunditua ikustean, barre txiki bat egin zuen.

        — Zatoz, Uso jauna —esan zuen Annek.

        Eta Reginald astiro joan zitzaion atzetik, belardian zehar.

 

 

© Katherine Mansfield

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Mansfield / Lorategiko festa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus