KORONEL ZENAREN ALABAK
I
Hurrengo astea beren bizitzako lanpetuenetakoa izan zen. Ohean etzanda ere, beren gorputzak ziren atseden hartzen zutenak; buruak pentsatzen segitzen zuen, eztabaidatzen, zalantza egiten, erabakitzen, gogoratzeko ahaleginak egiten ea non...
Estatua baten pare zegoen Constantia etzanda, eskuak saihetsetan, oinak bata bestearen mutur gainean, izara kokotseraino. Sabaiari begira zegoen.
Aitari inporta izango ote litzaioke bere kapelu kopaduna atezainari ematea?
Atezainari? jaurti zuen Josephinek. Zer eta atezainari? Hori burutazio xelebrea!
Izan ere esan zuen Constantiak astiro, sarri joango dun hiletetara. Eta han nengoela, kanposantuan, onddo-kapelu hori besterik ez duela ohartu naun. Eten bat egin zuen. Burura etorri zaidan nola estimatuko lukeen kapelu kopaduna. Gainera opari bat egin beharko zionagu. Aitaren oso laguna izan dun beti.
Baina hots egin zuen Josephinek, bere burua inarrosiz burkoan, eta ilunpean barrena Constantiari so, aitaren burua!
Eta bat-batean, istant latz batez, barre egiteko zorian egon zen. Ez, noski, barre egiteko gogorik zuelako. Ohitura izango zen. Aspaldian, gau osoa esna eta hizketan pasatzen zutenean, sekulako algarak ezagutu zituen beren oheak. Eta orain atezainaren burua ikusi zuen, kandela bat bezala, aitaren kapelu azpian desagertzen. Barregura handitzen eta handitzen joan zen; eskuak estutu zituen; nola edo hala eutsi zion; ilunpe aldera kopeta belztu eta «Gogora hadi» esan zion bere buruari, izugarri zorrotz.
Bihar erabakiko dinagu esan zuen.
Constantia ez zen ezertaz konturatu; hasperen egin zuen.
Gure mantalak ere tindatu beharko ote ditugu?
Beltzez? ia garrasi egin zuen Josephinek.
Nola ba? esan zuen Constantiak. Pentsatzen aritu naun, ez dela itxura beltzez joatea etxez kanpo eta kalerako jantzita gaudenean, eta etxean berriz...
Baina hemen inork ez gaitin ikusten esan zuen Josephinek. Halako tiraldia eman zien oheko arropei, non agerian geratu zitzaizkion bi oinak, eta burkoan gora joan zen arrastaka, haiek berriro tapatzeko.
Katek bai esan zuen Constantiak. Eta posible dun postariak ere ikustea.
Josephineri gogora etorri zitzaizkion bere txapin gorri ilunak, mantalarekin bat zetozenak, eta Constantiaren kuttun ziren berde zehaztezinak, haren mantalarekin bat ere. Beltzez! Bi mantal beltz eta artilezko bi txapin pare beltz, komunera bidean arrastaka katu beltzak bezala.
Ez dinat uste horren premia dagoenik esan zuen.
Isilunea. Ondoren Constantiak esan zuen:
Albistea dakarten egunkariak bihar bertan bidali beharko ditinagu, Zeilango postara garaiz irits daitezen... Zenbat gutun jaso ditugu orain arte?
Hogeita hiru.
Josephinek denak erantzun zituen, eta «Aitaren falta handia sentitzen dugu» idatzi beharrera heltzean, hogeita hiru bider tristurak jo eta musuzapia erabili behar izan zuen, eta batzu-batzuetan baita malko oso urdin argi bat lehortu ere, xukatzeko paper mutur batekin. Zer arraroa! Ezinezkoa zen itxura hutsa izatea, baina hogeita hiru bider... Orain ere, ordea, bere artean goibel esan «Aitaren falta handia sentitzen dugu», eta nahi izan balu negar egingo zukeen.
Badun nahikoa zigilu? atera zitzaion Constantiari.
Nik zer dakit? erantzun zuen Josephinek, muturtuta. Zergatik galdetzen didan hori?
Zalantza ninan esan zuen Constantiak eztiro.
Berriro isilunea. Zurrumurru, lasterkaldi, salto baten hotsa entzun zen.
Sagua esan zuen Constantiak.
Bai zera sagua, ez zegon ogi papurrik eta esan zuen Josephinek.
Baina berak ez zekin esan zuen Constantiak.
Errukizko pilpira batek bihotza estutu zion. Gaixoa! Besterik ez bada gaileta puxka txiki bat utzi balu apain-mahai gainean! Latza zen, saguak ezer ez zuela topatuko pentsatzea. Zer egingo zuen hark?
Ez zekinat nola moldatzen diren bizitzeko esan zuen astiro.
Nor? itaundu zuen Josephinek.
Eta asmoa zuena baino ozenago esan zuen Constantiak:
Saguak.
Josephine sutan jarri zen.
Hori txorakeria! esan zuen. Zer hasten haiz orain sagu kontuan? Hi erdi lotan hago.
Ez dinat uste esan zuen Constantiak. Begiak itxi zituen, seguru egoteko. Hala zegoen, bai.
Josephinek bizkarra okertu, belaunak gora luzatu, ukabilak belarri atzean jarriz besoak tolestu, eta gogor sakatu zuen masaila burkoan.
II
Arazoa korapilatzeko, gainera, aste hartan etxean zuten Andrews erizaina. Beren errua izan zen, berek eskatu zioten. Josephineri bururatu zitzaion. Goizean, bueno, azken goizean, medikua etxetik joan eta Josephinek esan zion Constantiari:
Zer iruditzen zain Andrews erizaina etxera gonbidatzea astebeterako?
Oso ongi.
Pentsatu dinat jarraitu zuen Josephinek bizkor, arratsaldean pagatu eta esatea: «Zuk gugatik egin duzuna eta gero ahizpa eta biok asko poztuko ginateke, astebeterako gure gonbidatu izango bazina.» Gonbidapen hitza aipatu beharko zionat, badaezpada...
O, baina ez din ba espero izango ezer pagatuko diogunik! hots egin zuen Constantiak.
Ez zegon jakiterik esan zuen Josephinek zuhur.
Andrews erizainak, noski, berehala onartu zuen. Baina sekulako nahastea zen. Hura zela eta, bere garaian mahaira eseri eta egin behar zuten otordua; bakarrik egon balira, aldiz, Kateri mesedez erretilu bat eramateko eskatuko zioten, bakoitza zegoen lekura. Eta lehengo estuasuna joan ondoren, latzak ziren orain janaldiak.
Gurin zale amorratua zen Andrews erizaina. Aitortu beharra zuten: gurin kontuan behintzat, beren esku zabalaz probetxatzen zen. Eta edonor zoratzeko moduko ohitura zeukan: ogi pitin bat gehixeago eskatzen zuen platereko hondarrak bukatzeko, eta gero, azken ahokadarekin, distraitua ez zegoen, noski, batere distraitua, beste errazio bat hartzen zuen. Josephine zeharo gorritzen zen halakoetan, eta zamauan itsasten zituen begi txiki, koxkor antzekoak, jostura artetik xomorro bitxi ñimiño bat ikusi balu bezala arrastaka. Constantiaren aurpegi luze zurbila, berriz, luzatu eta gogortzen zen, eta urrutira so egiten zuen, oso urrutira ere, desertuan barrena, gamelu ilara hura artilezko mataza bat bezala askatzen zen aldera...
Lady Tukesen etxean esan zuen Andrews erizainak, asmakizun xarmanta genuen gurinarentzat. Zilarrezko Cupido bat kristalezko ontzi baten ertzean, sardetxo bat eskuan zuela. Eta gurina nahi zenuenean, hari oina zapaldu, makurtzen zen eta puxka bat zulatzen zuen. Oso joko polita zen.
Josephinek lanak zituen hura jasaten.
Xelebrekeriak dira horiek esan zuen, besterik gabe.
Zer ba? galdetu zuen Andrews erizainak, betaurrekoen atzetik begiak dir-dir. Inork ez luke, noski, behar baino gurin gehiago hartuko, ezta?
Deitu ion, Con hots egin zuen Josephinek. Ez zen bere buruaz fidatzen, erantzuten hasten bazen.
Eta Kate gazte harroa, printzesa sorgindua agertu zen, ea oraingoan zer nahi zuten neskazaharrek. Itxura hutseko platerak atzaparka kendu eta lirdinga zuri, izutu bat bota zien.
Konfitura, mesedez, Kate eskatu zion Josephinek jator.
Kate makurtu, armairua zakar ireki, konfitura potoari tapa altxatu, hutsik zegoela ikusi, mahai gainean utzi eta alde egin zuen.
Sentitzen dut esan zuen Andrews erizainak handik gutxira. Ez dago batere.
Hau buruhaustea esan zuen Josephinek. Hozka egin zion ezpainari. Zer egingo dugu?
Constantia zalantzan zegoen.
Ezin diogu Kateri berriro enbarazu egin esan zuen emeki.
Andrews erizaina zain zegoen, biei irribarrez. Begiak pasieran ibili zituen, betaurreko atzetik guztia zelatatuz. Constantia, etsitua, gameluetara itzuli zen. Josephinek zeharo ilundu zuen kopeta, kontzentraturik. Emakume erdiero honengatik izan ez balitz, Conek eta berak, noski, ezer gabe jango zuten blancmange hura. Bat-batean bururatu zitzaion.
Horixe esan zuen. Marmelada dago armairuan. Ekatzan, Con.
Ez ahal da... egin zuen barre Andrews erizainak, eta haren barrea koilara bat bezalakoa zen, botikaren basoa joka, ez ahal da oso marmelada mikatza izango.
III
Baina, kontuak kontu, laster joango zen betiko. Eta ezin zen ahaztu oso jatorra izan zela aitarekin. Gau eta egun kasu egin zion bukaera aldera. Berez, bai Constantiari bai Josephineri gehiegizkoa iruditu zitzaien hark amaieran ere ondoan jarraitzea. Izan ere, azken agurra ematera sartu zirenean, Andrews erizaina ohe alboan egon zen denbora guztian eserita, gaixoari eskumuturretik heldu eta ordulariari begira dagoenaren itxura egiten. Ez zen beharrezkoa. Gainera, fintasun gutxi izan zuen. Aitak zerbait esan nahi izan balie-edo, zerbait pribatua. Baina ez zuen nahi. Bai zera! Etzanda zegoen, moretuta, aurpegia more zuela haserrearekin, eta ez zien begiratu ere egin, sartu zirenean. Orduan, hantxe zutik zeudela, zer egin zalantzan, begi bat zabaldu zuen bat-batean. O, zer aldea izango zen, zer aldea beren oroimenerako, zenbatez errazago jendeari kontatzeko, begi biak zabaldu balitu! Baina ez, bakarra. Une batean suminez begiratu eta... joan zen.
IV
Hori dela eta oso desatsegina gertatu zitzaien, Saint Johneko Farolles jauna etorri zenean arratsalde hartantxe.
Azken baketsua izango zuen, ezta? esan zituen lehenbiziko hitzak, haiengana irristan zetorrela sala ilunean.
Guztiz esan zuen Josephinek ahul.
Biek apaldu zuten burua. Seguru zeuden biak, begi hura ez zela inola ere begi baketsua izan.
Eseri nahi? esan zuen Josephinek.
Eskerrik asko, Pinner andereñoa esan zuen Farolles jaunak esker onez. Zamarraren atzeko barrenak bildu eta makurtzen hasi zen aitaren besaulki gainera, baina hura ukitu bezain laster, ia salto eginez aldatu zen aldameneko eserlekura.
Eztul egin zuen. Josephinek eskuak estutu zituen; Constantiak joanda ematen zuen.
Jakin ezazu, Pinner andereñoa esan zuen Farolles jaunak, eta zuk, Constantia andereñoa, lagundu nahian ari naizela. Bioi lagundu nahi dizuet, uzten badidazue behintzat. Honelako momentuetan esan zuen Farolles jaunak, soil eta irmo, Jainkoak elkarri laguntzeko agintzen digu.
Eskertzen dizugu, Farolles jauna esan zuten Josephine eta Constantiak.
Ez da ezeri esan zuen Farolles jaunak eztiro. Antxumezko eskularruak erantzi hatzetan behera, eta aurrera makurtu zen.
Eta zuetako edozeinek Jauna hartu nahi balu, batek edo biok, orain eta hemen, esatea besterik ez duzue. Jauna hartzea laguntza handia da sarri... gozotasun handia gaineratu zuen emeki.
Baina arras izutu zituen Jauna hartzearen ideiak. Zer! Salan beste inor gabe... ez aldare ez ezer! Pianoa goregi egongo zen, pentsatu zuen Constantiak, eta Farolles jaunak ezingo zukeen noski haren gainean makurtu kalizarekin. Eta jakina zegoen Kate zapla sartu eta etengo zituela, pentsatu zuen Josephinek. Eta deskuiduan hartan ari zirela txirrinak joko balu? Norbait inportantea izan zitekeen... doluagatik etorria. Begirunez zutitu eta irten, ala itxaron egin beharko ote zuten... oinazez puskatzen?
Nahi izanez gero, bidal ezazue abisua Kate jatorrarekin esan zuen Farolles jaunak.
O bai, eskerrik asko! esan zuten biek.
Farolles jauna zutitu eta lastozko kapelu beltza hartu zuen mahai biribiletik.
Hileta, berriz esan zuen goxo, utzi neure esku, zuen aitaren aspaldiko laguna naiz, eta baita zuena ere, Pinner andereñoa eta... Constantia andereñoa?
Josephine eta Constantia ere zutitu ziren.
Gauza soila nahi nuke esan zuen Josephinek tinko, garestiegia ere ez. Horretaz gain, nahi nuke...
«Ona eta iraungo duena», pentsatu zuen Constantia ameslariak, Josephine gau-atorra erosten ari balitz bezala. Baina Josephinek ez zuen, noski, hori esan.
Gure aitaren mailakoa.
Oso urduri zegoen.
Gure lagun on Knight jaunarengana azalduko naiz esan zuen Farolles jaunak, giroa lasaitzeko. Zuengana etortzeko eskatuko diot. Ikusiko duzue zer mesede ederra.
V
Kontuak kontu, bukatu zen hori dena, nahiz eta biek ala biek ere ezin sinetsi aita ez zela sekula itzuliko. Josephinek izu-laborrizko momentu bat izan zuen kanposantuan, hilkutxa beheratzen zutela, pentsatuz aitari baimen eskatu gabe ari zirela hau egiten Constantia eta bera. Zer esango zuen aitak konturatzen zenean? Bai, jakina zegoen konturatuko zela, lehenago edo geroago. Beti konturatzen zen. «Lurpean. Lurpean sartu nauzue!» Haren makilaren danbatekoa aditu zuen. O, zer esan orduan? Zer aitzakia emango zioten? Izugarri latza zen, hain zital inortaz probetxatzea, zer eta une hartan ezindua zegoelako. Beste guztientzat, nonbait, ohiko gauza zen. Arrotzak ziren; ezin zitzaien ulertarazi aita zela azken pertsona halakorik gertatzeko. Ez, bera eta Constantiarena izango zen kulpa guztia. Eta gastua, pentsatu zuen, zalgurdi dotorera igotzerakoan. Fakturak erakusten zizkionean. Zer esango zuen orduan aitak? Haren marru hotsa entzun zuen: «Zer uste duzue, nik pagatuko dudala zuen ibilera eskas hori?»
Ai! ozen egin zuen intziri Josephine gaixoak, ez geninan egin behar, Con!
Eta Constantiak, limoia bezain zurbil belztasun haren erdian, xuxurla beldurtu batez esan zuen:
Egin zer, Jug?
Aitari horrela lur eman esan zuen Josephinek, dolurako musuzapi berri, usain arrarokoan negarrez, tristurak jota.
Zer egin behar genuen ba? galdetu zuen Constantiak ezbaikor. Ezin geninan eduki, Jug... ezin geninan eduki lur eman gabe. Ez behintzat gurea bezain etxe txikian.
Josephinek zintz egin zuen; sekulako zoko usaina zegoen zalgurdian.
Ez zekinat esan zuen etsian. Hain dun latza! Saiatu behar geninan, besterik ez bada bolada batean. Erabat seguru egon arte. Gauza bat behintzat jakina zegon eta malko artean lehertu zen berriro, aitak ez zigun hau sekula barkatuko... sekula!
VI
Aitak ez zien sekula barkatuko. Are indar handiagoz sentitu zuten hori handik bi egunera, haren gelara sartu zirenean gauzak ikertzera. Lasaitasun osoz hartutako erabakia zuten. Josephinek zereginen zerrendan eta guzti zuen: Aitaren gauzak ikertu eta zer egin erabaki. Baina oso bestelako kontua zen gosalondoan aipatzea:
Prest hago, Con?
Bai, Jug... Nahi dunanean.
Behingoz buka dezagun.
Ilun zegoen sarrera. Edozein gauza gertatuta ere, urteetako araua izan zen goizean aitari enbarazu ez egitea. Eta orain jo ere egin gabe zihoazen atea zabaltzera... Pentsatze hutsarekin ikusgarritu ziren Constantiaren begiak; Josephinek hanketako ahulezia zuen.
Hi... hi aurretik esan zuen arnasestuka, Constantia bultzatuz.
Baina halakoetan esan ohi zuena esan zuen Constantiak:
Ez, Jug, hori ez dun bidezkoa. Hi haiz zaharrena.
Bazihoan Josephine bere azken arma erabiltzera: «Hi haiz ordea garaiena» besteetan ez zuen hala zenik onartuko, baina orduan jabetu ziren sukaldeko atea zabalik eta hantxe zegoela zutik Kate...
Gogorra dago esan zuen Josephinek, kisketari heldu eta jiratzeko ahaleginean. Baina Katek ez zuen berehalakoan amore emango!
Alferrik zen. Neska hura baino... Orduan atea beren atzean itxi, baina... baina hura ez zen inola ere aitaren gela. Nahasi eta beste etxebizitza batean sartu bide ziren, horman barrena. Atzean ote zegoen atea? Beldur handiegia zuten atzera begiratzeko. Hura han baldin bazegoen, Josephinek ongi zekien erabat itxita zegoela. Ametsetako ateetan bezala, hangoak ez zuela inongo kisketik sentitu zuen Constantiak. Hoztasunak egiten zuen egoera hura hain beldurgarri. Ala zuritasuna ote zen? Estalia zegoen dena. Leihosareak itxita, ispiluan zapi bat esekia, ohea izara batez gordea, paper zurizko haizemaile eskerga bat sutondoan aldez alde. Constantiak herabe luzatu zuen eskua, elur maluta bat eroriko zelakoan. Josephinek azkura bitxi bat sentitu zuen sudurrean, suminduta balu bezala. Orduan zalgurdi baten ferra hotsa aditu zen beheko galtzadetan, eta isiltasuna puxka-puxka bezala egin zen.
Sarea altxatzera noan esan zuen Josephinek ausart.
Bai, ideia ona izan liteken xuxurlatu zuen Constantiak.
Sarea ukitu besterik ez, baina goraino hegan joan zen eta soka ere bai atzetik, sarearen jiran bilduz, eta borla txikia joka hasi zen, bere burua askatu nahian bezala. Gehiegi zen hura Constantiarentzat.
Ez da hobe... ez da hobe beste baterako uztea? xuxurlatu zuen.
Zer ba? bota zuen Josephinek, beti bezala askoz hobeto sentituz orain, bazekienez Constantia izututa zegoela. Egin beharra zegon. Eta ez idan isilka hitz egin, Con.
Ez naun jabetu isilka ari nintzenik esan zuen Constantiak isilka.
Eta zergatik hago adi-adi oheari begira? esan zuen Josephinek, ahotsa ia desafioz altxatuta. Hor ez zegon ezertxo ere.
O, Jug, ez hori esan! esan zuen Connie gaixoak. Ez behintzat hain ozen.
Bera urrutiegi joan zela iruditu zitzaion Josephineri. Komodarantz baztertu, eskua luzatu, baina berehala atzeratu zuen.
Connie! esan zuen arnasestuka, jiratu eta bizkarra komodaren kontra jarriz.
O, Jug! Zer?
Josephinek sua zeukan begietan. Zerbait izugarritik larri-larri libratu denaren sentsazio bitxia. Baina nola azaldu Constantiari komodaren barruan zegoela aita? Goiko kaxoian musuzapi eta gorbatekin, edo hurrengoan alkandora eta pijamekin, edo behekoan janzkiekin. Zelatan zegoen, ezkutuan, ateko kisketaren atzean, gainera saltatzeko prest.
Aspaldiko keinu bitxi bat egin zion Constantiari, antzina ohitura zuen bezala, negarrez hastera zihoanean.
Ezin dinat ireki egin zuen adia.
Ez ireki, Jug xuxurlatu zuen Constantiak zorrotz. Hobe dun. Ez dezagun ezer ireki. Puska batean behintzat.
Baina hori... ahula izatea dun esan zuen Josephinek, jota.
Eta zergatik ez behingoz ahulak izan, Jug? erantsi zuen Constantiak, gogor samar xuxurlatuz. Ahula izatea baldin bada.
Eta haren begirada zurbilak utzi idazmahai itxia erabat segurua, arropategi erraldoi distiratsura joan zen, eta arnaska hasi zen arraro, ezinean.
Zergatik ez gara bizitzan behingoz ahulak izaten, Jug? Aitzakia ona dinagu. Izan gaitezen ahulak... ahulak, Jug. Atseginagoa dun ahula izatea, indartsua izatea baino.
Eta bizitzan beste bitan-edo egina zuen gauza izugarri ausart haietako bat egin zuen: arropategira joan, giltzaz itxi eta sarrailatik atera zuen. Sarrailatik atera eta Josephineri luzatu zion, adieraziz, berebiziko irribarrearekin, bazekiela zer egin zuen, hau da, aita hantxe berokien artean egotearen arriskua onartu.
Arropategi puska hura zanbuluka etorri eta Constantiaren gainean lehertu balitz, Josephine ez zen batere harrituko. Aitzitik, horixe irudituko zitzaiokeen gauzarik normalena. Baina ez zen ezer gertatu. Gela barruak lehen baino isilago ematen zuen, eta haize hotzezko maluta gehiago erori ziren Josephineren sorbalda eta belaunetara. Dardaraka hasi zen.
Goazen, Jug esan zuen Constantiak, artean irribarre izugarri nagi harekin, eta Josephinek atzetik segitu zion beste hartan bezala, Constantiak Benny ur-putzu biribilera bota zuenean.
VII
Baina, jangelara itzultzean, estuasunak erasan zien. Eseri, ikarati, eta elkarri begiratu zioten.
Ez naun ezertan hasteko gauza esan zuen Josephinek, ez badut zerbait hartzen. Eskatuko diogu Kateri bi katilukada ur bero?
Zergatik ez diogu eskatu behar? esan zuen Constantiak kontu handiz. Bere onera etorrita zegoen. Ez zionat deituko. Sukaldeko atera joan eta eskatuko zionat.
Bai, hoa esan zuen Josephinek, aulki batean murgilduz. Esaion, bi katilu, besterik ez... erretiluan.
Ez din pitxerra jarri beharrik, ezta? esan zuen Constantiak, pitxerra ere ipini beharrak agian Kateren kexa piztuko balu bezala.
O, ez noski! Ez dinagu pitxer premiarik. Eltzetik zuzenean emango zigun hots egin zuen Josephinek, horrekin lana gutxituko ziolakoan.
Haien ezpain hotzek dar-dar egin zuten ertz berdexketan. Josephinek katiluaren jiran bildu zituen esku txiki gorriak; Constantiak bizkarra zuzendu eta lurrin uhinei haize eman zien, alde batetik bestera harrotuz.
Benny dela eta... esan zuen Josephinek.
Eta Benny aipatu ez zuten arren, lehendik aipatu balute bezala begiratu zuen Constantiak berehala.
Aitaren zerbait bidaliko diogulakoan egongo dun, noski. Baina oso zaila dun Zeilanera zer bidali jakitea.
Alegia, gauzak hondatzen direla bidean? murmurikatu zuen Constantiak.
Ez, galdu esan zuen Josephinek gogor. Badakin, han ez zegon postarik. Oinezko mezulariak bakarrik.
Biak geratu ziren gizon beltz bati begira, linozko galtzazpi zuriak zeramatzala, amorratu beharrean lasterka soro zurixketan barrena, eskuetan estraza paperezko pakete handi bat zuela. Josephineren gizon beltza txikerra zen, txindurria bezala distiratuz zihoan ihesi. Baina, Constantiaren erabakiz, bere gizaseme garai, iharrak bazuen zerbait itsu eta nekaezina, oso desatsegin egiten zuena... Etxeko ataripean zegoen Benny, dena zuriz jantzita eta kortxozko kaskoarekin. Gora eta behera zerabilen eskuineko eskua, aitak ohitura zuen bezala urduri zegoenean. Eta atzean, inongo interesik jarri gabe, Hilda zegoen eserita, koinata ezezaguna; zumitzezko aulki kulunkari batean zebilen, Tatler-eko orriak zartaka pasatzen.
Erlojua oso opari egokia izango huke esan zuen Josephinek.
Constantiak gora begiratu zuen; harritua ematen zuen.
O, utziko huke urrezko erloju bat natibo baten eskuetan?
Gordeta, noski esan zuen Josephinek. Inork ez liken jakingo erlojua denik.
Gustatu zitzaion pakete bat egitearen ideia, forma berezia eman eta zer ote zen ez igartzeko moduan. Une batez, otu zitzaion erlojua gordetzea kortse baten kartoizko kaxa estu batean, aspalditik jasota zuena, noiz edo noiz zerbaiterako balioko zuela eta. Kartoi sendo ederrekoa zen. Baina ez, ez zen aproposa honetarako. Idatzi bat zuen: Emakumeen erdi neurria, 28. Balea-bizar sendoak. Ustekabe handiegia izango zen Bennyrentzat, ireki eta aitaren erlojua topatzea barruan.
Eta ez dun noski ibiliko... tiki-taka alegia esan zuen Constantiak, artean ere gogoratuz natiboek bitxiei dieten maitasuna. Behintzat gehitu zuen, harritzekoa izango huke, hainbeste denbora pasata gero oraindik ibiltzea.
VIII
Josephinek ez zuen ezer erantsi. Hitz beste egin zuen. Bat-batean, Cyrilekin gogoratu zen. Ez zen normalagoa biloba bakarrarentzat izatea erlojua? Eta Cyril maitea hain zen esker onekoa, eta gizon gaztearentzat hain zen baliotsua urrezko erlojua! Bennyk, seguru asko, utzia zuen erlojua eramateko ohitura; klima bero haietan gizonek bakan janzten dute txalekoa. Cyrilek, berriz, urtearen hasieratik bukaera arte ibiltzen zuen Londresen. Eta zer ederra izango zen bera eta Constantiarentzat, Cyril tea hartzera etorri eta hura ikustea. «Ibiltzen duzu aitonaren erlojua, Cyril.» Zer pozgarria izango zen!
Kuttuna! Bai latza izan zela haren abisu labur, goxo, errukiorra! Ulertu zuten, noski; baina nahigabe handia izan zen.
Alde ederra izango zunan, etorri balitz esan zuen Josephinek.
Eta poliki asko pasatuko zinan esan zuen Constantiak, zer esaten ari zen pentsatu gabe.
Halere, itzuli bezain laster etorriko omen zen izebatxoengana tea hartzera. Cyrilekin tea hartzea zen haien plazer bakarretako bat.
Aizu, Cyril, ez gero gure pastelekin beldurtu. Izeba Conek eta biok erosi ditugu goizean Buszardenean. Ezagutzen dugu gizonen apetitua. Nahikoa egin arte jan ezazu, lotsarik gabe.
Josephinek errukirik gabe zatitu zuen pastel ilun bikaina, nahiz eta hura ekartzeagatik orain berak ezin erosi neguko eskularruak, edo Constantiak ezin jarri takoia eta zolerdiak itxurazko oinetako bakarrei. Baina Cyrilen apetitua ez zen gizonezkoena.
Ezin dut baina, izeba. Bazkaldu berria naiz.
O, Cyril, ez da egia izango! Laurak pasatuta dira eta hots egin zuen Josephinek. Constantia, berriz, labana txokolatezko erroiluaren gainean zintzilik zuela zegoen.
Ba bai esan zuen Cyrilek. Gizon batekin nengoen geratuta Victorian, eta hantxe eduki nau ez dakit noiz arte. Bazkaldu eta hona etortzea egin dut. Eta gainera... fiu! Cyrilek bekokira eraman zuen eskua, sekulako jatea egin dugu.
Hura desilusioa... justu egun hartan. Baina Cyrilek ez zekien ezer.
Merengea behintzat hartuko duzu, ezta Cyril? esan zuen izeba Josephinek. Propio zuretzat erosi ditugu merenge hauek. Zure aita maitea oso zalea zen. Zu ere hala izango zara, noski.
Horixe, izeba Josephine hots egin zuen Cyrilek gartsuki. Badaukat erdia hartzea, hasteko?
Jakina, mutiko; baina ez zara horrekin geratuko.
Zure aita maitea merenge zalea da oraindik? galdetu zuen izeba Conek emeki. Dar-dar xume bat egin zuen, bereari azala apurtzean.
Ez dakit ba, izeba Con esan zuen Cyrilek bizi-bizi.
Biek begiratu zuten orduan gora.
Ez dakizu? bota zuen Josephinek. Ez dakizu horrelako zerbait zeure aitari buruz, Cyril?
Egia esan zuen izeba Conek goxo.
Barre eginez saiatu zen Cyril kontu hura saihesten.
O, izan ere esan zuen, urte asko dira bera...
Hitza trabatu zitzaion. Isildu egin zen. Ezin zituen haien aurpegiak jasan.
Halere... esan zuen Josephinek.
Eta izeba Con begira zegoen.
Cyrilek mahaian utzi zuen kikera.
Itxaron hots egin zuen. Itxaron, izeba Josephine. Non dut nik burua?
Gora begiratu zuen. Zabaltzen hasi zen ahizpen irribarrea. Cyrilek belauna jo zuen eskuaz.
Noski esan zuen, merengeak. Nola ahaztu zait ordea? Bai, izeba Josephine, arrazoi osoa duzu. Aitari ikaragarri gustatzen zaizkio merengeak.
Irribarre bakarrik ez. Izeba Josephine zeharo gorritu zen pozez. Izeba Conek sakon-sakon egin zuen intziri.
Eta orain, Cyril, zatoz aita ikustera esan zuen Josephinek. Bazekien gaur etortzekoa zinela.
Bai esan zuen Cyrilek, oso tinko eta bihoztun. Aulkitik altxatu zen; bat-batean, kirik egin zion erlojuari.
Aizu, izeba Con, zuen erlojua atzera dabil, ezta? Gizon batekin hitz hartu dut zera, Paddingtonen, bostak jota. Zoritxarrez, ezingo naiz luze geratu aitonarekin.
O, ez du espero zu oso luze geratzea! esan zuen izeba Josephinek.
Constantiak erlojuari so jarraitzen zuen. Ezin zuen erabaki aurrera edo atzera zegoen. Bata edo bestea, hori ia seguru zekien. Lehen ere hala egona zen.
Artean, Cyril atzean zegoen.
Ez zatoz gurekin, izeba Con?
Jakina esan zuen Josephinek. Denok joango gara. Goazeman, Con.
IX
Jo zuten atea, eta Cyrilek izebei jarraitu zien aitonaren gela bero, melengara.
Aurrera esan zuen aitona Pinnerek. Ez hor geratu. Zer dugu? Zer saltsa darabilzue?
Su burrunbatsu baten aurrean zegoen, makilari helduta. Tapaki lodi bat zuen belaun gainean. Magalean sedazko musuzapi eder hori argi bat zeukan.
Cyril da, aita esan zuen Josephinek lotsati. Eta Cyril eskutik hartuta, aurrera eraman zuen.
Arratsalde on, aitona esan zuen Cyrilek, eskua izeba Josephinerenetik libratu nahian.
Aitona Pinnerek Cyrilengan josi zituen begiak, modu ospetsu hartan. Non zegoen izeba Con? Izeba Josephineren beste aldean zegoen, beso luzeak aurrean zintzilik, eskuak estututa. Ez zituen begiak aitonagandik baztertzen.
Eta? esan zuen aitona Pinnerek, lurra joz. Zer berri dakarkidak?
Zer berri, zer berri zekarkion? Txoroaren moduan irribarrez ikusi zuen Cyrilek bere burua. Gelako giroa, gainera, itogarria zen.
Baina izeba Josephine etorri zitzaion salbatzera. Ozen hots egin zuen:
Cyrilen aitari oraindik asko gustatzen omen zaio merengea, aitatxo.
E? esan zuen aitona Pinnerek, merenge-azal more bat bezala okertuz eskua belarri parean.
Josephinek errepikatu zuen:
Cyrilen aitari oraindik asko gustatzen omen zaio merengea.
Ez dut aditzen esan zuen Pinner koronel zaharrak. Eta Josephine makilaz uxatu ondoren, Cyril keinatu zuen makilaz.
Esaidak zer adierazi nahi didan esan zuen.
«Jainko santua!»
Esango diot? galdetu zuen Cyrilek, gorritu eta adi-adi izeba Josephineri begira.
Bai, maitea egin zion irribarre. Poz handia emango dio.
Ea, bota ezak! hots egin zuen Pinner koronelak erretxinduta, berriro lurra astinduz.
Cyril makurtu eta garrasi egin zuen:
Aitari oraindik asko gustatzen zaio merengea.
Orduan aitona Pinnerek salto egin zuen, tiroz jota bezala.
Marrurik ez! hots egin zuen. Zer arraio du mutil honek? Merengea! Niri ze axola!
O, izeba Josephine, segitu beharra dugu? kexatu zen Cyril etsipenez.
Lasai, maitea esan zion izeba Josephinek, biak elkarrekin dentistarenean baleude bezala. Segituan ulertuko du.
Eta Cyrili belarrira esan zion:
Gorreria hasi zaio.
Orduan izeba makurtu zen eta deiadarka ekin zion osaba Pinneri:
Cyrilek esan nahi dizun bakarra da, aitatxo, bere aitari oraindik asko gustatzen zaiola merengea.
Pinner koronelak oraingoan ongi entzun, eta hausnartzen jarri zen, Cyrili goitik behera begira.
Harrigarria! esan zuen aitona Pinnerek. Etorri haiz ba hi hain urrutitik honaino, niri kontu harrigarri hori esatera!
Eta Cyrili ere hala iruditu zitzaion.
Bai, Cyrili bidaliko zionat erlojua esan zuen Josephinek.
Ederki legoken esan zuen Constantiak. Uste dinat azkeneko etorri zenean arazotxoren bat izan genuela orduarekin.
X
Katek eten zituen, betiko moduan atetik zalapartan sartuta, horman panel sekretu bat aurkitu balu bezala.
Frijitua ala egosia? galdetu zuen ahots lotsagabeak.
Frijitua ala egosia? Josephine eta Constantia txundituta geratu ziren une batez. Ezin zioten tankera hartu.
Frijitua ala egosia zer, Kate? galdetu zuen Josephinek, kontzentratzen hasteko ahaleginetan.
Katek purrustada bota zuen.
Arraina.
Zergatik ez zara hortik hasi? aurpegiratu zion Josephinek goxo. Nola nahi duzu ulertzea? Mundu honetan gauza asko dira, izan ere, frijitu ala egosten direnak.
Eta adorezko erakustaldi haren ostean, guztiz argi esan zion Constantiari:
Hik ze nahiago dun, Con?
Ederra egongo huken frijitua esan zuen Constantiak. Bestela, egosia ere ederra dun, noski. Niri berdin zaidan edonola... Hik ez badun nahiago... Hartara...
Frijitua! esan zuen Katek, eta berriro indarrean joan zen, beren atea zabalik utzi eta sukaldekoa danba itxiz.
Constantiari begira jarri zen Josephine; bekain zurixkak goratu zituen, ile zurixkako zimur artean desagertu ziren arte. Zutitu zen. Oso modu goren, tinkoan esan zuen:
Hator mesedez nirekin salara, Constantia. Garrantzi handiko zerbait dinat hirekin eztabaidatzeko.
Izan ere, salara biltzen ziren Kateren gainean hitz egitekoak zirenero.
Josephinek esanguratsu itxi zuen atea.
Eseri, Constantia esan zuen, artean ere handikiro. Bazirudien estreinako aldia zuela Constantia errezibitzen. Hau zalantzati ari zen ingurura begira aulki baten bila, zinez arrotz sentituz bezala.
Hauxe dinagu kontua esan zuen Josephinek, aurrera makurtuz: berarekin jarraitu ala ez.
Horixe dun kontua baieztatu zuen Constantiak.
Eta oraingo honetan esan zuen Josephinek irmo, behin betiko erabakia hartu behar dinagu.
Une batez, bazirudien aurreko aldi haiek denak aztertzen hastera zihoala Constantia, baina bere buruari eutsi eta esan zuen:
Bai, Jug.
Aizan, Con azaldu zion Josephinek, dena aldatu dun orain.
Constantiak gora begiratu zuen bizkor.
Izan ere jarraitu zuen Josephinek, ez dinagu lehen bezala Kateren premiarik. Pitin bat gorritu zen. Ez zeukan aitaren janaria prestatu beharrik.
Egia galanta baietsi zuen Constantiak. Aitak ez din noski orain ez janaririk, ez ezer nahi...
Josephinek zorrotz moztu zion:
Ez haiz ba erdi lotan egongo, e Con?
Erdi lotan, Jug? Constantiak zabal-zabal zituen begiak.
Ba jar ezan arreta gehiago esan zuen Josephinek zorrotz, eta berriro gaiari heldu zion. Hori horrela dela eta hau ahots izpi batez xuxurlatu zuen, ateari zelatan, Kate bidali berriro altxatu zuen ahotsa, eta geuk prestatuko geniken janaria.
Zergatik ez? hots egin zuen Constantiak. Ezin zion irribarreari eutsi. Hura zirrara! Eskuak estutu zituen. Zer janda biziko gara, Jug?
O, arrautza forma guztietan! esan zuen Jugek, berriro goren. Eta gainera bazegon makina bat janari prestatu ere.
Baina nik beti entzun dinat esan zuen Constantiak, oso garestiak direla.
Neurrian erosi behar esan zuen Josephinek. Baina bere burua bidezidor liluragarri honetatik baztertu eta atzetik joanarazi zuen Constantia. Orain, halere, Katerekin fidatzen garen ala ez erabaki behar dinagu.
Constantiak bizkarra atzeratu zuen. Barre txiki motel batek alde egin zion ezpainetatik.
Bitxia dun, Jug esan zuen, baina behin ere ez naun gauza izan, gai honi buruz erabakia hartzeko.
XI
Behin ere ez zen gauza izan. Frogak ematea zen arazo nagusia. Nola frogatu gauzak, nola? Esate baterako Katek beraren aurrean keinu itsusi bat egitea. Ez zen posible minagatik egitea? Nola galdetuko zion, bada, ea keinu itsusi bat egin zuen? Katek «Ez» erantzunez gero eta jakina zegoen hala esango zukeela, hura larria! Hura lotsaizuna! Gainera, Constantiak susmoa zuen, ia seguru zegoen, Kate komodara joaten zela bera eta Josephine kanpoan zirenean; ez lapurretara, baizik bazterrak miatzera. Etxeratu, eta sarri topatu zuen amatistazko gurutzea leku harrigarrienean: farfailazko zinten azpian edo gaueko bertharen gainean. Behin baino gehiagotan jarri zion Kateri tranpa. Gauzak ordena berezi batean utzi, eta gero Josephineri deitzen zion, lekuko gisa.
Ikusten, Jug?
Argi eta garbi, Con.
Orain jakingo dinagu.
Baina, ai ene, gero begiratzen hasi eta hura ez zen inongo froga! Zerbait mugituta bazegoen, oso posible zen berak komoda ixterakoan gertatu izana; kolpe batengatik izan zitekeen.
Hik erabaki, Jug. Nik ezin dinat. Zailegia dun.
Baina tarte bat eta azterketa luze baten ostean, Josephinek hasperen egiten zuen:
Zalantza sortu didan, Con, neronek ere ez zekinat.
Ezin dinagu berriro beste baterako utzi esan zuen Josephinek. Beste baterako uzten badugu...
XII
Baina, une hartantxe, organilo bat hasi zen joka beheko kalean. Josephine eta Constantia batera jarri ziren hanka gainean.
Azkar, Con esan zuen Josephinek. Joan hadi azkar. Sei penikekoa zegon horko...
Orduan oroitu ziren. Berdin zen. Ez zuten gehiago organilo-jotzailea isildu beharko. Bera eta Constantiari ez zieten gehiago aginduko tximu hura musika eta guzti handik bidaltzeko. Ez zuten gehiago entzungo deiadar ozen, arraro hura, aitak pentsatzen zuenean ez zebiltzala presaka. Egun osoa organiloari eragiten arituta ere, makilak ez zuen lurra joko.
Ez du lurra joko,
Ez du lurra joko,
zioen organiloak.
Zer ari zen Constantia pentsatzen? Oso irribarre bitxia zuen; besteetan ez bezala zegoen. Ez ahal zen behintzat negarrez hasiko.
Jug, Jug esan zuen Constantiak goxo, eskuak atxikiz. Badakin zer egun den gaur? Larunbata. Astea joan dun, astebete.
Astebete aita hil dela,
Astebete aita hil dela,
hots egin zuen organiloak. Eta Josephineri ere ahaztu zitzaion buruz eta zentzuz jokatzea; irribarre egin zuen xume, arraro. Indiako tapizean eguzkizko lauki batek jotzen zuen, gorri zurixka; etorri, joan, etorri azkenean bertan geratu zen, indarrez, ia urretsu distiratu zuen arte.
Atera dun eguzkia esan zuen Josephinek, horrek inporta balu bezala.
Organiloa bor-bor ari zen akorde jario paregabe bat dardaraka isurtzen, akorde biribil argiak, axolagabe sakabanatuak.
Haiek harrapatu nahian bezala, Constantiak bere esku handi, hotzak jaso, eta ondoren berriro jaitsi zituen. Tximiniako koska aldera joan zen, bere Buda kuttuna zegoen lekura. Eta harrizko eta urre itxurako irudi hartan haren irribarreak sentsazio bitxi bat sortzen zion beti, ia mina ere bai, baina min atsegina, bazirudien gaur irribarrea baino gehiago ageri zela. Bazekien hark zerbait; bazuen sekreturen bat. «Badakit nik zuk ez dakizun zerbait», zioen Budak. O, zer ote zen, zer izan zitekeen? Baina sentitu zuen bazegoela... zerbait.
Eguzki printzak bultzaka ari ziren leiho artetik, itzalgaizka sartzen, argiaz jotzen altzariak eta argazkiak. Josephine haiei begira zegoen. Amaren argazkira, piano gaineko argazki handitura iritsi zirenean, harrituta bezala gelditu ziren hantxe, izan ere oso gutxi geratzen zen amaren iruditik; bakar-bakarrik pagoda ñimiño baten formako belarritakoak, eta lepoko katu luma-beltza. Zergatik lausotzen ziren hildakoen argazkiak beti horrela?, galdetu zuen Josephinek bere artean. Norbait hil bezain laster hiltzen zen haren argazkia. Baina jakina, amaren hau oso zaharra zen. Hogeita hamabost urte. Josephine bere buruaz gogoratzen zen, aulki baten gainean zutik eta lumazko katua seinalatzen Constantiari, eta esanez suge harexek hil zuela ama Zeilanen... Ama hil ez balitz, dena desberdin izango ote zen? Berak ez zuen horretarako arrazoirik ikusten. Izeba Florence etorri zen berekin bizitzera eskola bukatu zuten arte, eta hiru bider aldatu ziren etxez eta urtero joan ziren oporretan eta... eta neskame aldaketak ere izan zituzten, noski.
Txolarre txiki batzuk jaio berriak ematen zuten, txioka zeuden leihoko koskan. Pi-pi-pi. Baina Josephineri iruditu zitzaion ez zirela txolarreak, ez zeudela leihoko koskan. Barrutik zetorkion negar hots bitxi, ñimiño hura. Pi-pi-pi. A!, zer ari zen negarrez, hain ahul eta etsi?
Ezkondu izango ote ziren ama bizi izan balitz? Baina ez zuten izan norekin ezkondurik. Han ibili ziren aitaren lagun anglo-indiarrak, aita haiekin haserretu zen arte. Handik aurrera, bera eta Constantia ez ziren inoiz gizon ezkongabe bakar batekin ere topatu, elizgizonekin izan ezik. Nola topatu gizonak? Eta topatuta ere, nola ezagutu arrotz izateari uzteraino? Irakurriak zituzten jendearen abenturak, atzetik norbait zutenenak eta. Baina Constantiak eta berak sekula ez zuten inor izan atzetik. O bai, izan zen urte batean Eastbournen gizon misteriotsu bat beren ostatuan, ohar bat utzi ziena beren gelaren kanpoko ate aurrean, ur beroaren antoxinean! Baina Conniek aurkitu zuenerako, lurrinak desegina zuen idatzia, irakurtezin bihurtzeraino; ez zuten antzematerik izan bietako zeinentzat zen ere. Eta gainera, hurrengo egunean joan zen. Hori izan zen dena. Beste guztia aita zaintzea izan zen, eta aldi berean aitaren ondotik alde eginka ibiltzea. Baina orain? Orain? Lapur batek bezala ukitu zuen eguzkiak Josephine, emeki. Burua jaso zuen. Argi printza emeek leihora eraman zuten.
Organiloak jotzeari utzi arte Budaren aurrean egon zen Constantia, pentsakor, baina ez besteetan bezala burua joanda. Oraingo honetan, irrika baten modukoa zen bere pentsamendua. Gogora etorri zitzaion honaino etorri ezkutuan jaiki eta lo-atorrean, ilargi betez, eta lurrean etzaten zenean, besoak zabal-zabal eginda, gurutziltzatua bezala. Zergatik? Ilargi handi, zurbilak behartuta. Zur landuko bionbotik zehar-begirada botatzen zioten irudi dantzari izugarriek, baina berari ez zion axola. Gogora etorri zitzaion ere nola, kostaldean zirenero, bere kasa alde egiten zuen ur ertzeraino, eta zerbait kantatzen zuen, berak asmatutako zerbait, ur pila harro hari arretaz begira. Izan zen bestelako bizitza bat ere: irten lasterka, ekarri gauzak etxera poltsatan, probatu, eztabaidatu Jugekin, atzera eraman, ondoren gauza gehiago ekarri eta probatu, eta prestatu aitaren erretiluak, eta saiatu aita ez amorrarazten. Baina bazirudien hori dena tunel moduko batean gertatu zela. Ez zen benetakoa. Soilik tuneletik irteten zenean, ilargi argitara edo itsasertzera edo trumoi-tximista artera, sentitzen zen bera zen bezalakoa. Zer esan nahi zuen horrek? Zeren bila zebilen beti? Nora zihoan hortik? Eta orain? Orain?
Budaren paretik jiratu zen, bere imintzio zalantzati haietako bat eginez. Josephine zutik zegoen aldera joan zen. Zerbait esan nahi zion Josephineri, zerbait izugarri inportantea, alegia... alegia etorkizuna eta zer...
Ez dun uste, agian... hasi zen.
Baina eten zuen Josephinek.
Neure artean pentsatzen nagon, ea orain... murmurikatu zuen.
Biak isildu ziren; bata bestearen zain geratu ziren.
Segi, Con esan zuen Josephinek.
Ez, ez, Jug; hi lehenbizi esan zuen Constantiak.
Ez, esazan zer dunan esateko. Hi hasi haiz esan zuen Josephinek.
Ba... ba nahiago dinat lehenbizi hirea entzun esan zuen Constantiak.
Ez hadi txoroa izan, Con.
Benetan, Jug.
Connie!
O, Jug!
Tarte bat. Ondoren Constantiak esan zuen, oso xume:
Ezin dinat esan esatera nindoana, Jug, ahaztu zaidan eta... zer nindoan esatera.
Josephine isilik geratu zen pixka batean. Lehenago eguzkia egondako lekuan zegoen hodei handiari so jarri zen. Ondoren, labur gehitu zuen:
Niri ere ahaztu zaidan.
© Katherine Mansfield
© itzulpenarena: Anton Garikano