LORATEGIKO FESTA
Azken batean, eguraldi bikaina zuten. Eskatzen hasita ere ezingo zuten lortu egun bikainagoa lorategian festa egiteko. Bare, epel, zerua oskarbi. Uda hasieran gertatu ohi den moduan, urrezko gandu arin batek biltzen zuen goi urdina. Egunsentian hasi zen lorazaina belardia mozten eta eskuaretzen, distira antzeko batez utzi arte belarra eta erroseta zapal ilunak, non lehen bitxiloreak egon ziren. Arrosei dagokienez, argi zegoen hango jendeak bazekiela horiek direla lorategiko festetan jendea hunkitzen duten lore bakarrak; denek ongi ezagutzen dituzten lore bakarrak. Gau bakarrean ehundaka jaio ziren, bai, ehundaka; zuhaixka berdeak makurtuta zeuden, aingeruen bisita jaso ondoren bezala.
Artean gosaria bukatzeko zeudela etorri ziren gizonak estalpea muntatzera.
Non jarriko duzu estalpea, ama?
Alferrik galdetzen didan, laztana. Aurten zuen bizkar utziko dinat dena. Ahaztu zuen ama naizela. Ohorezko gonbidatua banintz bezala trata nazazue.
Baina Meg inola ere ezin zen gizonengana joan eta ezer zuzentzen hasi. Gosalaurretik ilea garbitu eta kafea hartzen ari zen, buruan turbante berdea zuela eta masaila bakoitzean ile kizkur ilun busti bat erantsita. Jose, tximeleta, azpiko gona sedazkoa eta kimono txaketa jantzita jaisten zen beti.
Zeuk joan beharko duzu, Laura; zeu zara artista.
Airean joan zen Laura, eskuan ogi xerra gurinarekin zuela. Izan ere, zoragarria da kanpoan jateko aitzakia edukitzea, eta gainera izugarri gustatzen zitzaion gauzak antolatzea; horretan nagusi zela uste zuen beti.
Lorategiko bidexkan lau gizonezko zeuden, taldean jarrita mahuka hutsik. Oihalez bildutako hagak zekartzaten, eta bizkarrean behera lanabes poltsa handiak. Zirrara sortzen zuten. Une hartan Laurak nahiago izango zukeen gurinaren ogi xerra eskuan eduki ez balu, baina ez zegoen hura non utzirik eta ez zeukan botatzerik ere. Gorritu zen, eta haiengana hurbildu ahala izakera zorrotza eta bista txar samarra balu bezala egin zuen.
Egun on esan zuen, amaren ahotsa kopiatuz. Baina hain faltsua atera zitzaion non lotsatu baitzen, eta neska txiki batek bezala toteldu zuen: O... ee... zer duzue... estalpea jarri beharra?
Bai, andereño erantzun zuen gizon garaienak, argala eta orinduna, tresnen poltsa berdindu, lastozko kapelua atzera bota eta irribarre eginez. Horixe.
Irribarre zabal eta jator hark on egin zion Laurari. Zer begi politak, txikiak baina urdin ilun-ilunak! Eta orain besteei begiratu zien, haiek ere irribarretsu. «Lasai, ez dugu hozka egiten eta,» ematen zuen zioela haien irribarreak. Zer langile atseginak! Eta zer goiz giro ederra! Baina ez zuen giroa aipatu behar; fundamentuz aritu behar zuen. Estalpea.
Lirioen belardian ipiniko bagenu? Zer iruditzen?
Eta lirioen belardia seinalatu zuen, ogi-puskaren eskuarekin ez bestearekin. Orduan haiek jiratu eta hara so egin zuten. Gizon mozkote batek beheko ezpaina okertu eta gizaseme garaiak kopeta zimurtu zuen.
Ez dakit ba esan zuen. Ez da nahikoa nabarmentzen. Izan ere, estalpea jartzerakoan eta Laurarengana jiratu zen oso modu naturalean, aurrez aurre begia joko dizun lekua da onena, ez dakit ulertzen didazun.
Lauraren heziketak pixka batean zer-pentsa eman zion, alegia zuzena ote zen langile batek begia jotzeaz hitz egitea berari. Baina ongi asko ulertu zion.
Tenis-zelaiaren ertz batean proposatu zuen Laurak. Baina orkestra egongo da horietako batean.
Mm, orkestra egongo da beraz? esan zuen beste langile batek.
Zurbila zen. Itxura erasana zuen, begi ilunez tenis-zelaia ikertzerakoan. Zer ote zerabilen buruan?
Oso orkestra txikia esan zuen Laurak goxo-goxo. Beharbada ez zuen garrantzirik izango orkestra txikia bazen.
Baina tartean sartu zen gizaseme garaia:
Begira, andereño, hortxe bertan. Zuhaitz aurre horretan. Horko aldean. Ederki geratuko da.
Karaken aurrean. Baina hartara karaka arbolak ezkutuan geratuko ziren. Eta politak ziren zinez, hosto zabal distiratsuak, eta ale-xorta horiak zituztela. Halakoxe arbolak imajinatuko zenituzke uharte desertu batean hazten, harro, bakarti, hostoak eta aleak eguzki aldera tente, gorentasun isilean bezala. Estalpeagatik ezkutuan geratu beharko ote zuten?
Hala beharko. Nork bere hagak sorbaldaratu eta abiatu ziren. Gizaseme garaia bakarrik geratu zen atzean. Hura makurtu, izpiliku mutur bat atximurkatu, hatz lodia eta erakuslea sudurrera eraman eta usaindu zituen. Keinu hura ikusita, Laurari karaken kontua ahaztu zitzaion, erabat harrituta gizaseme hura halako gauzen zale zelako... izpiliku usainaren zale. Ezagutzen zituen gizonetatik zenbatek egingo zuen hori? O, haiek bai langile atseginak, pentsatu zuen. Zergatik ez lagun gisa langileak eduki eta ez beste mutil txoro haiek, berarekin dantzara eta igandeko afarira etortzen zirenak? Askoz hobeto konponduko zen honelako gizonekin.
Erru osoa, iritzi zion, gizaseme garaia gutun-azal baten atzean zerbait marrazten ari zela, gero non edo non lotu edo esekitzeko, klase arteko diferentzia inozo horiena da. Bada berak ez zituen aintzat hartzen. Ezta batere, ezta zipitzik ere... Eta orduan iritsi zitzaion zurezko mailuen dinbi-danba. Norbaitek txistu egin, norbaitek hots egin zuen:
Hor hago, motel?
«Motel!» Hura bai lagunartekoa, hura bai... Zer pozik zegoen frogatzeko, gizaseme garaiari erakusteko zer eroso sentitzen zen, eta nola arbuiatzen zituen konbentzionalismo txoroak, marrazki txiki hari erreparatu bitartean Laurak hozkada handi bat eman zion ogi xerrari. Bera ere langile sentitzen zen.
Laura, Laura, non zara? Telefonoa, Laura! egin zuen garrasi ahots batek etxe barrutik.
Banoa!
Han joan zen lasterka, belardian barrena, bidexkan gora, mailetan gora, atarian zehar, portxe barrura. Sarreran zeuden aita eta Laurie, kapeluak igurtzitzen bulegorako prest.
Aizu, Laura esan zuen Lauriek oso bizkor, ea arratsalderako begirada bat ematen diozun nire zamarrari. Lisatu beharra duen edo.
Bai erantzun zion. Ez non eta ez han, ezin izan zion bere buruari eutsi. Lauriegana lasterka joan eta besarkada txiki, arin bat eman zion. Zenbat gustatzen zaizkidan festak, zuri ez? esan zuen Laurak arnaska.
Dezente esan zuen Laurieren mutil-ahots beroak, arreba besarkatuz eta bultzadatxo bat emanez. Korri telefonora, neska.
Telefonoa.
Bai, bai; o bai. Kitty? Egun on, bihotza. Etorriko zara bazkaltzera? Mesedez. Bai pozik. Oso otordu arina izango da... sandwichen ogi azalak eta merenge hautsiak, hondarrak baino ez. Bai, giro ederra, ezta? Soineko zuria? O, nik zu bezala izatera bai. Itxaron, ez moztu. Ama dut deika. Laurak bizkarra atzeratu zuen: Zer, ama? Ez dizut aditzen.
Sheridan andrearen ahotsa eskaileretan behera isuri zen.
Esaion joan den igandeko kapelu zoragarria janzteko.
Amaren partetik, joan den igandeko kapelu zoragarria janzteko. Ondo. Ordu batean. Gero arte.
Laurak telefonoa eseki, besoak burutik gora eraman, arnasa sakon hartu, nagiak atera eta erortzen utzi zituen besoak.
A! egin zuen antsia, eta antsia egin bezain laster zuzendu zuen bizkarra. Geldirik geratu zen, entzuten.
Bazirudien zabalik zeudela etxeko ate guztiak. Etxea bizi-bizi zegoen pauso leun, arinekin eta ahotsen joan-etorriarekin. Sukalde ingurura eramaten zuen feltro berdezko atea ireki eta itxi zebilen, danbateko motelez. Eta ondoren hots bat iritsi zen, barre luze txoro batena. Piano astun, gurpil gogorra ari ziren mugitzen. Baina airea! Pentsatzen jarrita, horrelakoa zen beti airea? Harrapaketan zebiltzan haize bolada xumeak, leiho gainetik sartu eta atetik irten. Eta bi txoko zeuden eguzkitan, bata tintontzia, bestea argazki baten lauki zilartsua, haiek ere jolasean. Txoko txiki kuttunak. Batez ere tintontziaren tapa. Bero samar zegoen. Zilarrezko izar txiki beroa. Musu emateko modukoa.
Atariko txirrinak gogor jo eta Sadieren gona irudiduna aditu zen eskaileretan zurrumurruka. Gizon ahots batek marmar egin zuen; Sadiek axolarik gabe erantzun zuen:
Nik ez dakit ezertxo ere. Itxaron. Galdetzera noa Sheridan andreari.
Zer dugu, Sadie?
Laura sarrerara etorri zen.
Lore-dendakoa da, andereño Laura.
Hala zen, bai. Hantxe, atetik barrualdera, azpil axal, zabal bat zegoen lirio arrosen ontziz beteta. Denak berdinak. Lirioak besterik ez... Kana-lirioak, lore arrosa handiak, erabat zabalik, ikustekoak, kirten gorriminen gainean bizi-bizi, ia beldurra emateraino.
Ooo, Sadie! esan zuen Laurak, intziri baten antzean.
Makurtu zen, lirioen galda haren aurrean berotu nahian bezala; hatzetan sentitzen zituen, ezpainetan, bularrean hazten.
Okerren bat da esan zuen ahul. Ez da posible inork hainbeste eskatzea. Sadie, zoaz amaren bila.
Baina une hartan Sheridan andrea ondoratu zitzaien.
Oso ongi esan zuen patxadan. Bai, nik eskatu ditut. Ez dira ederrak? Lauraren besoa estutu zuen. Atzo denda aurretik pasatzerakoan ikusi nitinan erakusleihoan. Eta bat-batean bururatu zitzaidanan, bizitzan behingoz bada ere nahi hainbat lirio edukiko nituela. Lorategiko festa aitzakia aproposa dun.
Esan ez duzu ba aurten ez zarela horretan sartuko? galdetu zuen Laurak.
Sadie joana zen. Lore-dendakoa artean kanpoan zegoen furgoian. Laurak besoa amaren lepotik pasatu eta xamur, oso xamur, hozka egin zion amari belarrian.
Alabatxo, ez dun nahiko ama erabat zentzuzkoa izatea, ezta? Ez idan hori egin. Hemen dun gizona.
Lirio gehiago zekartzan, beste azpilkada bat.
Pila itzazu barruan, atearen alde bakoitzean, mesedez esan zuen Sheridan andreak. Ez dun uste, Laura?
O, bai, ama.
Salan, Meg, Jose eta Hans txiki saiatuaren artean lortu zuten azkenean pianoa mugitzea.
Aizue, zer iruditzen zaizue besaulkia hormaren kontra jarri eta aulkiak ez beste guztia gelatik ateratzea?
Ongi.
Hans, eramaitzazu mahai hauek erretzaile-gelara, eta ekarri erratza tapizeko marka hauek kentzeko eta... itxaron, Hans.
Josek oso gustukoa zuen aginduak ematea morroiei, eta hauek berriz Joseren esana egitea. Drama batean ari zirela sentitzen zuten.
Esan amari eta andereño Laurari segituan etortzeko.
Oraintxe, andereño Jose.
Megengana jiratu zen Jose:
Pianoarekin saiatu nahi dut, badaezpada arratsaldean kantatzeko eskatzen badidate. Jo dezagun «Bizitza Tristea».
«Pom! Ta-ta-ta ti-ta!» Pianoaren oldar sutsuak Joseren aurpegia aldatu zuen. Eskuak estutu zituen. Triste eta misteriotsu begiratu zien sartzen ari ziren amari eta Laurari.
Bizitza tristea,
Malko ta hasperen.
Maitea badoa,
Bizitza tristea,
Malko ta hasperen.
Maitea badoa,
Pixkana... ahazten!
Baina «Ahazten» hitzarekin batera, pianoak inoiz baino etsiago jotzen zuen arren, Joseren aurpegian irribarre distiratsu bat agertu zen, ikaragarri gupidagabea.
Ahotsa ongi dut, ezta amatxo? esan zuen arraiki.
Bizitza tristea,
Esperantza hiltzen.
Ametsa... Esnatzea.
Baina orduan Sadiek eten zituen.
Zer duzu, Sadie?
Arren, madam, sukaldariaren partetik ea gertu dauden sandwichen txartelak.
Sandwichen txartelak, Sadie? errepikatu zuen Sheridan andreak ametsetan. Alabek aurpegian antzeman zioten ez zeudela gertu. Utzi pentsatzen. Eta tinko esan zion Sadieri: Esaiozu hamar minutu barru edukiko dituela.
Sadie joan zen.
Ea, Laura, esan zion amak bizkor. Hator nirekin erretzaile-gelara. Gutun-azal baten atzean ditinat izenak. Heuk idatzi beharko dizkidan. Meg, igo segituan gora eta ken ezan burutik zatar busti hori. Jose, korri, bukatu janztez. Egizue esana, umeok, bestela aitari esan beharko zionat iluntzean datorrenean. Eta... eta Jose, mesedez lasai ezan sukaldaria, sukaldera bahoa. Izututa naukan gaur.
Azkenean jangelako erloju atzean topatu zuten gutun-azala, nahiz eta Sheridan andreak ezin asmatu nola iritsi zen hara.
Inondik ere zuetako batek lapurtu zidan poltsatik, argi eta garbi gogoratzen bainaun... gaztazko krema eta limoizko gaztanbera. Hartu dun?
Bai.
Arrautza eta... Sheridan andreak gutun-azala urrutiratu zuen. Azenarioa jartzen duela zirudin. Ez din azenarioa jartzen, ezta?
Azeituna, amatxo esan zuen Laurak sorbalda gainetik begira.
Bai, noski. Azeituna. Hara zer nahasketa. Arrautza eta azeituna.
Azkenean bukatu zuten, eta Laurak sukaldera eraman zituen txartelak. Jose aurkitu zuen han sukaldaria lasaitzen, nahiz eta honen itxura ez zen batere izugarria.
Inoiz ez ditut hain sandwich ederrak ikusi esan zuen Joseren ahots aztoratuak. Zenbat klase esan duzu daudela? Hamabost?
Hamabost, andereño Jose esan zuen sukaldariak.
Ba zorionak, aizu.
Sukaldariak sandwichen labana luzeaz apurrak bildu, eta zabal egin zuen irribarre.
Hemen da Godberenekoa eman zuen Sadiek jakitera, janaritegitik irtenez. Leiho ondotik pasatzen ikusi zuen gizona.
Han ziren, beraz, kremazko opilak. Ospetsuak ziren Godbereneko kremazko opilak. Inori ez zitzaion bururatzen etxean egiten hastea.
Ekarri eta jar itzazu mahai gainean agindu zuen sukaldariak.
Sadiek opilak sukaldera sartu eta ate aldera baztertu zen. Jakina, Laura eta Jose helduegiak ziren halako gauzez arduratzeko. Nolanahi ere, biek aitortu zuten opilek itxura bikaina zutela. Oso. Sukaldaria haiek txukuntzen hasi zen, gehiegizko azukrea kentzen.
Garai bateko festak gogorarazten dituzte, ezta? galdetu zuen Laurak.
Nola edo hala esan zuen Jose praktikoak, ez baitzitzaion gustatzen inork ezer gogoraraztea. Itxura ederra dute, arinak eta harroak. Bai horixe.
Har ezazue biok bana, maiteok esan zuen sukaldariak ahots patxadatsuz. Ama ez da enteratuko.
O, nola bada. Kremazko opil finak gosalondoan. Hotzikara ematen zizun pentsatze hutsak. Nolanahi ere, bi minuturen buruan Jose eta Laura hatzak miazkatzen ari ziren, esnegain harrotuak bakarrik pizten duen begirada bildu, galdu horrekin.
Goazen lorategira atzeko aldetik proposatu zuen Laurak. Gizonak estalpearekin nola ari diren ikusi nahi dinat. Izugarri gizon atseginak ditun.
Baina atzeko atea trabatua zuten sukaldariak, Sadiek, Godbereneko gizonak eta Hansek.
Bazen gorabeheraren bat.
Ta-ta-ta ari zen sukaldaria, oiloa karakaz bezala.
Sadiek masailan zuen eskua erantsita, hagineko minez bezala. Hans berriz aurpegia okertuta, ongi ulertzeko ahaleginean. Godbereneko gizonak bakarrik ematen zuen gozatzen egotea; bera zen kontalaria.
Zer duzue? Zer gertatu da?
Ikaragarrizko istripua esan zuen sukaldariak. Gizon bat hil da.
Gizon bat hil! Non? Nola? Noiz?
Baina Godbereneko gizona ez zegoen albistea hori eta horrenbestez saltzeko.
Ezagutzen dituzu han beheko etxetxoak, andereño? Ezagutu? Horixe ezagutzen zituela! Ba gizon gazte bat bizi zen bertan, Scott izenekoa, gurdizaina. Haren zaldia traktore batekin izutu Hawke kale kantoian gaur goizean, eta airean bota du buruz behera. Bertan gelditu da.
Hilda! Godberenekoari begira zegoen Laura.
Altxatu dutenerako hilda zegoen esan zuen Godbereneko gizonak atseginez. Ni hona nentorrela zeramaten gorpua etxera. Eta esan zion sukaldariari: Emaztea eta bost txiki utzi ditu.
Jose, hator nirekin.
Laurak ahizpari mahukatik heldu eta bultzaka eraman zuen, sukaldean zehar, feltrozko ate berdeaz bestaldera. Gelditu eta atearen kontra jarri zen.
Jose! esan zuen izututa, bertan behera utzi behar dinagu dena.
Bertan behera utzi, Laura? hots egin zuen Josek harrituta. Zer esan nahi dun?
Lorategiko festa bertan behera uztea, noski.
Zergatik egiten zuen Josek itxura?
Baina Jose are gehiago txunditu zen.
Lorategiko festa bertan behera uztea? Laura maitea, ez burua galdu. Nola egingo dugu ba horrelakorik. Inork ez din gugandik hori espero. Ez hadi zentzugabea izan.
Ezinezkoa dun ordea guk lorategian festa egitea, ate aurrean gizon bat hil denean.
Hori zentzugabea zen zinez, izan ere baserritxoak kale bazter batean zeuden, beren etxeko aldapa gogorraren behean. Errepide zabal bat zegoen tartean. Hurbilegi zeuden, bai. Mingarria zen ikuste hutsa eta ez zuten haiek inongo eskubiderik auzoan egoteko. Marroi txokolatez pintatutako estalpe eskasak ziren. Lorategi zuloetan aza-kirtenak, oilo gaixotuak eta tomate potoak besterik ez zeuden. Tximinietatik jalgitzen zen kea bera ere miserablea zen: ke adar zarpailak, Sheridandarren tximinietatik harrotzen zen zilarrezko lumaje ederra ez bezalakoak. Latsariak bizi ziren kale zuloan, garbitzaileak eta zapatagin bat, eta etxe aurrea txori-kaiola ñimiñoz josia zuen gizon bat. Umeak berriz barra-barra. Sheridandarrek, artean txikiak zirela, debekatua zuten han oina jartzea, hango hizkera gordinagatik eta badaezpada zerbaitek kutsatuko ote. Baina koskortu zirenetik, Laura eta Laurie batzuetan handik pasatzen ziren zelatan. Nazka ematekoa zen hango narraskeria. Hotzikaraz irteten ziren. Baina halere denetara joan behar da; dena ikusi behar da. Horregatik pasatzen ziren handik.
Pentsa ezan zer sentituko duen alargun gaixoak orkestra entzunda esan zuen Laurak.
O, Laura! Zeharo haserretzen hasia zegoen Jose. Norbaitek istripua duenero orkestra isildu behar badun, bizitza latza izango dun. Hik adinako pena dinat nik ere. Hik adinako sentimendua. Begirada gogortu zitzaion. Haurrak zirenean borrokan bezalaxe begiratu zion ahizpari. Ez dun langile mozkor bat berpiztuko sentimentala jarrita esan zuen isilik.
Mozkorra! Nork dio mozkorra zegoenik? Laurak suminez ekin zion Joseri. Halakoetan esan ohi zutena esan zuen: Amari esatera noan oraintxe.
Hoa bai, maitea urrumatu zuen Josek.
Ama, badaukat zure gelan sartzea? Laurak kristalezko helduleku handiari eragin zion.
Horixe, umea. Hara! Zer dun? Zer dela eta horren zurbil?
Eta Sheridan andrea apain-mahaitik jiratu zen. Kapelu berria ari zen saiatzen.
Ama, gizon bat hil da hasi zen Laura.
Lorategian ez, ezta! eten zion amak.
Ez, ez!
O, ederki beldurtu naun!
Sheridan andreak lasaituta hasperen egin, kapelu zabala erantzi eta belaun gainean ipini zuen.
Baina entzun, ama esan zuen Laurak. Arnasestuka, itolarrian eman zion kontu latz guztiaren berri. Ezingo dugu noski festa egin, ezta? erregutu zuen. Orkestra eta jende guztia hemen dela. Entzungo lukete, ama; eta ia gure auzoak dira!
Harritu zen Laura, ikusirik Josek bezala jokatzen zuela amak, baina gogorragoa zen honena, kontuak grazia egiten ziola ematen baitzuen. Ez zegoen Laura aintzat hartzeko.
Baina alabatxo, non dun zentzua! Kasualitatez jakin dinagu. Berez hil balitz eta ezin dinat ulertu nola bizi daitezkeen sator zulo horietan, halere guk festa egingo geninan, ezta?
Laurak baietz erantzun behar izan zuen, baina denak oker zeudela uste zuen. Amaren besaulkian eseri eta kuxinaren litsa atximurkatu zuen.
Ama, ez da hori bihozgabea izatea? galdetu zuen.
Laztana!
Sheridan andrea zutitu eta ondora etorri zitzaion, kapelua eskuetan zuela. Gelditu ahal izan baino lehen, buruan zuen Laurak.
Ume! jarraitu zuen amak. Hiretzat dun kapelu hau. Hiretzat eginarazia. Ni gazteegi egiten nain. Inoiz ez haunat hain xarmanta ikusi. Begira! eta eskuko ispilua ipini zion parean.
Baina, ama hasi zen Laura berriro. Ezin zuen ispilura begiratu; alde batera jiratu zen.
Orduan Sheridan andreari pazientzia agortu zitzaion, lehenago Joseri bezala.
Bururik gabe ari haiz, Laura esan zion hoztasunez. Horrelako jendeak ez din sakrifiziorik espero gugandik. Eta ez dun oso fina, orain hi ari haizen bezala, besteren alaitasuna hondatzea.
Ez dut ulertzen esan zuen Laurak, eta bizkor joan zen gela hartatik bere logelara.
Bertan, ez non eta ez han, ikusi zuen lehenbiziko gauza ispiluko neska xarmanta izan zen, kapelu beltza urrezko bitxilorez dotoretuta, eta belusezko zinta beltz luze batekin. Behin ere ez zitzaion burutik pasatu halako itxura eduki zezakeenik. Arrazoi ote du amak? pentsatu zuen. Amak arrazoi izatea espero zuen. Zentzugabe ari ote naiz jokatzen? Beharbada bai. Istant batez berriro agertu zitzaion emakume gaixo hura eta seme-alaba txiki haien irudia, eta gorpua etxera sartzen. Baina lausotua bezala ikusi zuen dena, irreala, egunkari bateko argazkia bezala. Festa bukatu eta gero ekarriko dinat berriro gogora, erabaki zuen. Eta bazirudien horixe zela nola edo hala planik onena...
Ordu bata eta erdian bukatu zen bazkaria. Ordu bi eta erdirako denak prest zeuden saiorako. Hantxe zen zamar berdeko orkestra, tenis-zelaiko ertz batean.
Ene bada! xaramelatu zuen Kitty Maitlandek. Igelak bezalakoxeak ematen dute. Urmael inguruan jarri behar zenituzten, zuzendaria erdian hosto baten gainean.
Laurie iritsi eta diosal egin zien, janztera zihoala. Hura ikustean Laura berriro gogoratu zen istripuaz. Kontatu nahi zion. Lauriek ere besteen moduan pentsatzen bazuen, bada hala izango zen. Sarreraraino joan zitzaion atzetik.
Laurie!
Kaixo!
Eskaileren erdibidean zegoen, baina jiratu eta Laura ikusita, bat-batean masailak puztu eta begiak zabal-zabal zituela begiratu zion.
Jesus, Laura! Ikustekoa hago esan zuen Lauriek. Hori kapelu dotorea!
Laurak ahots izpi batez «Bai?» esan, Laurieri irribarre egin eta azkenean ez zion ezer kontatu.
Handik laster hasi zen jendearen emana. Orkestra jotzen hasi zen; kontratatutako zerbitzariak etxetik estalpera zebiltzan lasterka. Alde guztietan zebiltzan bikoteak paseatzen, loreen aurrean makurtzen, elkarri diosal egiten, belardian atzera eta aurrera. Txori koloretsuen antzekoak ziren, arratsalde pasa Sheridandarren lorategian geratuak; norako bidean? A, zer pozgarria den pozik dagoen jendearekin egotea, bostekoa ematea, musu emateko masaila jartzea, begietara irribarre egitea.
Laura maitea, zer ederra zauden!
Zer ongi duzun kapelu hori, umea!
Laura, espainiarra ematen duzu. Behin ere ez zaitut hain liluragarri ikusi.
Eta Laurak, gorrituta, goxo-goxo erantzuten zuen:
Hartu duzu tea? Ez duzu izozkia nahi? Pasio-fruituzko izozkiak izugarri bereziak dira. Aitarengana joan eta mesedez eskatu zion: Aitatxo, ez diegu orkestrakoei trago bat eskainiko?
Eta arratsalde paregabea pixkana loratu, pixkana zimeldu, pixkana itxi zituen hostoak.
Hau bezain festa ederrik inoiz ez...
Sekulako arrakasta...
Honelakorik ezta ezta...
Laurak lagundu zion amari agurren orduan. Atarian egon ziren elkarren ondoan, dena bukatu arte.
Bukatu dun, Jainkoari eskerrak esan zuen Sheridan andreak. Esaien besteei etortzeko, Laura. Har dezagun kafe egin berri pixka bat. Leher eginda nagon. Bai, arrakasta handia. Baina ai, festa hauek! Zuek umeok beti festa egiteko eta egiteko!
Denak eseri ziren inor gabeko estalpean.
Hartu sandwich bat, aitatxo. Neuk idatzi diot txartela.
Eskerrik asko. Sheridan jaunak ahokada bat eman eta desagertu zen sandwicha. Beste bat hartu zuen. Ez zenuten noski entzungo gaur gertatu den istripu latz horrena? esan zuen.
Jesus! esan zuen emazteak, eskua goratuta. Entzungo ez genuen ba! Gure festa hondatu ez duenean! Laura tematuta zegoen, dena bertan behera utzi behar genuela.
O, ama! Laurak ez zuen nahi kontu horrekin adarra jotzerik.
Kontuak kontu, gogorra izan da esan zuen Sheridan jaunak. Gizaseme ezkondua zen. Beheko kale zuloan bizi zen eta emaztea eta dozena erdi bat ume utzi omen ditu.
Isilune astun bat jausi zen. Sheridan andrea jolasean zebilen kikerarekin. Bai, oso kontu gutxirekin ari zen aita...
Halako batean gora begiratu zuen Sheridan andreak. Mahai gaina beteta zegoen sandwich, gozoki eta opilez, denak jan gabe, denak alferrik galtzeko. Ideia bikain haietako bat izan zuen.
Hori da esan zuen. Bete dezagun saskikada. Bidaliogun gaixo horri apur bat hemendik, jateko aproposa dago eta. Gozatu ona hartu behar dute umeek. Ez duzue uste? Eta auzoak eta etorriko zaizkio bisitan, seguru. Hau da zortea dena prest edukitzea. Laura! honek salto egin zuen. Ekatzan eskailerako armairutik saski handia.
Baina ama, benetan uste duzu ideia ona dela? esan zuen Laurak.
Berriro ere, zer bitxia, beste guztiak ez bezalakoa ematen zuen. Festako hondarrak eramatea. Gustatuko ote zitzaion hori emakume gaixoari?
Noski! Zer gertatzen zain gaur ordea? Orain dela ordu batzuk hor ari hintzen errukia izan behar genuela, eta orain zer eta...
Tira! Laura lasterka joan zen saskiaren bila. Amak bete zuen, bai mukuru bete ere.
Herorrek eramaien, maitea esan zion. Jaitsi hadi jantzita hagoen bezala. Ez, itxaron, hartu lirioak ere. Maila horretako jendea lirio zalea dun oso.
Soinekoaren farfaila hondatuko zaio kirtenekin esan zuen Jose praktikoak.
Egia. Eskerrak jabetu zen.
Orduan saskia bakarrik. Eta Laura! ama estalpetik etorri zitzaion. Ez gero...
Zer, ama?
Ez, hobe zen umeari buruan halako ideiarik ez sartzea!
Ezer ez! Joan hadi!
Iluntzen ari zuen, Laurak lorategiko ateak itxi zituenean. Zakur handi bat pasatu zen lasterka, itzal baten antzera. Distira zuria zeukan errepideak, eta beheko sakanean etxetxoak erabat itzaletan zeuden. Zer lasaitasuna arratsalde hura bukatzen zenean. Hildako gizon batengana zihoan aldapan behera, eta ezin zen horretaz konturatu. Zergatik ez baina? Bertan gelditu zen apur batean. Iruditu zitzaion musuak, ahotsak, koilare hotsa, barre algara, belar zanpatuaren usaina zeukala, nola edo hala, barrenean. Beste ezertarako lekurik gabe. Zer arraroa! Goiko zeru zurbilera begiratu, eta pentsatu zuen bakarra izan zen: «Bai, sekulako arrakasta izan dun festa.»
Han bukatzen zen errepide zabala. Kale zuloa hasten zen, iluna eta ketsua. Txalez jantzitako emakumeak eta gizonen tweedezko kapeluak lasterka igaro ziren. Gizonak zeuden hesien kontra; umeak atarietan jolasten. Zurrumurru isil bat zetorren etxetxo kaxkarretatik. Batzu-batzuetan argi izpi bat zegoen, eta itzal bat, karramarroa iduri, pasatzen zen leiho ondotik. Laurak burua makurtu eta arin-arin jarraitu zuen. Zamarrik gabe etorri izanaz damutu zen. Hura distira soinekoak! Eta kapelu handi hura belusezko zinta hegan zuela. Beste kapelu bat izan balitz! Berari begira ote zegoen jendea? Bai, inondik ere. Gaizki egin zuen etortzea; hasieratik zekien gaizki egin zuela. Eta atzera egitea? Ez, beranduegi. Huraxe zen etxea. Inondik ere. Jende multzo beltz bat zegoen kanpoan zutik. Ate ondoan emakume oso zahar bat zegoen eserita aulki batean makuluarekin, erne begira. Egunkari baten gainean zituen oinak. Laura hurbildu ahala, isilduz joan ziren ahotsak. Taldea erdibitu zen. Bazirudien beraren zain egon zirela, jakinean zeudela etorriko zela. Laura izugarri urduri zegoen. Belusezko zinta sorbaldan behera botaz, ondoko emakume bati galdetu zion:
Hau da Scott andrearen etxea?
Eta emakumeak, irribarre bitxi batekin, esan zion:
Bai, neskatxa.
O, handik urruti balego! Bere artean «Lagundu, Jainkoa» esanda, bidexka txiki hartan gora joan eta atea jo zuen. Begi zorrotz haiengandik urruti balego, edo edozein gauzaren azpian gordeta, baita emakume haien txal baten azpian ere. «Saskia utzi eta joango naun erabaki zuen. Ez dinat hustu zain itxarongo.»
Atea zabaldu zen. Beltzeko emakume bat azaldu zen ilunpean.
Laurak esan zuen:
Zu zara Scott andrea?
Baina latza izan zen emakumeak erantzun zuenean:
Aurrera, andereño. Eta korridorean geratu zen itxita.
Ez esan zuen Laurak. Ez dut sartu nahi. Saski hau uztea bakarrik. Amak bidaltzen dizue...
Korridore ilun hartako emakume txikiak ez zion nonbait aditu.
Zatoz hemendik, mesedez, andereño esan zuen ahots koipetsuz, eta atzetik joan zen Laura.
Lanpara ketsu batek argitutako sukalde baxu txiki zaztar batean aurkitu zuen bere burua. Emakume bat zegoen sutondoan eserita.
Em! esan zuen sartzen utzi zion andre txikiak. Em! Andereño bat dun. Laurarengana jiratu eta modu esanguratsuan esan zuen: Ni ahizpa naiz. Barkatuko diozu, ezta?
Noski! esan zuen Laurak. Mesedez, mesedez, ez iozu galarazi. Hau uztera etorri naiz...
Baina orduantxe sutondoko emakumea jiratu zen. Haren aurpegiak, gorri-gorri puztuta, begiak handituta eta ezpainak handituta, itxura beldurgarria zuen. Bazirudien ez zuela ulertzen zergatik zegoen Laura han. Zer nahi zuen? Zergatik zegoen arrotz hura saski bat hartuta sukaldean? Zer zen hura dena? Eta aurpegi gaixo hura berriro zimurtu zen.
Lasai, bihotza esan zuen besteak. Nik emango zizkionat eskerrak andereñoari. Eta berriro hasi zen: Barkaiozu, mesedez, andereño. Eta haren aurpegia, handitua hau ere, irribarre koipetsu bat egiten saiatu zen.
Laurak handik joatea besterik ez zuen nahi, alde egitea. Korridorean zegoen ostera. Atea zabaldu zen. Zuzenean sartu zen hildako gizona zegoen logelara.
Ikusi nahiko duzu, ezta? esan zuen Emen ahizpak, eta ohe aldera zihoala, Laura ukitu zuen. Ez ikaratu, neskatxa. Orain eme eta zuri antzekoa zen haren ahotsa, eta emeki tiratu zion atzera maindireari. Pintura bat ematen du. Ez zaio ezer nabari. Zatoz, laztana.
Laura ondora joan zen.
Gizon gazte bat zen, lozorroan... lo betean, gozo, sakon, biengandik oso-oso urrun. Urruti eta bakean. Ametsetan. Sekula esnatuko ez dena. Burua burkoan hondoratua, begiak itxita, itsututa betazal itxien azpian. Erabat ametsari emanda. Zer axola hari lorategiko festak eta saskiak eta soineko farfailak? Gauza horietatik bereiz zegoen. Miresgarria zen, ederra. Sheridanenean denak barrez eta orkestra jotzen ari zela, marabila hau gertatu zen kale zuloan. «Zoriontsu... zoriontsu... Dena ongi zioen aurpegi lokartuak. Honelaxe izan behar zuen. Pozik nago.»
Baina halere negar egin beharra zegoen, eta ezin zen gelatik irten zer edo zer esan gabe. Laurak ume baten zotin hotsa egin zuen.
Barkatu kapeluagatik esan zuen.
Eta oraingoan ez zen egon Emen ahizparen zain. Asmatu zuen nola joan etxe hartatik kanpora, bidexkan behera, jende ilun haren ondotik. Kale zuloko kantoian Laurierekin egin zuen topo. Gerizpetik atera zen hura.
Hi haiz, Laura?
Bai.
Ama larritzen hasia zegonan. Dena ongi joan da?
Bai, oso. O, Laurie! Besotik oratu eta beraren kontra estutu zen.
Ez haiz ba negarrez ariko! galdetu zuen nebak.
Laurak ezetz egin zuen buruaz. Hala ari zen.
Lauriek besoaz inguratu zion sorbalda.
Ez negar egin esan zion ahots goxo, maitekor harekin. Latza izan da?
Ez egin zuen Laurak zotin. Miragarria izan duk. Baina, Laurie gelditu eta nebari begiratu zion, ez al da bizitza toteldu zuen, ez al da bizitza...
Baina ezin zuen azaldu bizitza zer zen. Berdin zen. Ongi ulertu zuen nebak.
Bai, ezta maitea? esan zuen Lauriek.
© Katherine Mansfield
© itzulpenarena: Anton Garikano