BADIAN
I
Goizean goiz. Artean eguzkia atera gabe, itsasoko gandu zuri batek ezkutatzen zuen Crescent badia osoa. Atzeko mendiak, sasiz gainezka, erdi itoan zeuden. Ez zegoen antzematerik haiek non bukatzen ziren eta non hasten ziren larre eta baserriak. Joanak ziren errepide hondartsua eta bestaldeko larre eta baserriak; han ez zegoen duna zuririk belar gorrixkekin; ezerk ez zuen markatzen zer zen hondartza eta non zegoen itsasoa. Gogor erori zen ihintza. Belarra urdin zegoen. Tanta handiak zeuden sasietan zintzilik, erori gabe; kirten luzeen gainean zegoen erasana toi-toi iletsu, zilartsua, eta bustitasunak lurrera makurtuta zeuzkan lorategietako ebaki-belar eta krabelin guztiak. Blaituta zeuden fuksia hotzak, eta ihintz perla biribilak zeuden iturri-belarren hosto zapalen gainean. Bazirudien itsasoak eraso zuela goxo-goxo ilunpetan, olatu erraldoi bat etorri zela zeharka-zeharka... noraino? Gauaren erdian esnatuz gero, agian arrain handi bat ikusiko zenuen leihoan dardara egin eta ezkutatzen...
«Aaa!», aditzen zen itsaso logaletua. Eta sasietatik erreka txikien hotsa etorri zen, jarioan, bizkor, arin, harri leunen artetik irristan, garo-zokoetan bildu eta gainezkatuz; eta tanta handiak aditzen ziren hosto zabaletan plastaka, eta beste zerbait zer ote zen?, nahaste eta astintze xume bat, adaxka baten etetea eta ondoren halako isila, non bazirudien norbait entzuten zegoela.
Crescent badiako ertzetik, arkaitz pila puskatuen artetik, artalde bat zetorren korrika txikian. Bil-bil eginda zeuden, artilezko mataza txiki bat mugimenduan, eta bizkor eragiten zieten hanka mehe makila antzekoei, hotzak eta isilak beldurtuta bezala. Atzetik artzain-zakur zahar bat, hankak hareaz estalita blai, lasterka zebilen, muturra lurrari begira, baina axolagabe, beste zerbaitetan pentsatzen bezala.
Orduan, arkaitz arteko atakan artzaina bera azaldu zen. Aitona ihar, tente bat zen, frisazko zamarra tanta ñimiñoz josia, panazko galtzak belaun azpian lotuta, eta kapelu zabalaren ertzean eskuzapi urdin bat tolestuta. Esku bat gerrikoan sartua, besteak makila leun hori eder bati eusten zion. Eta oinez zihoala, patxada onean, oso goxo eta bizi egiten zuen txistu, goibel eta xamur itxurako txirula hots urruna. Zakur zaharrak zilipurdi bat edo beste egin eta erne jarri zen, bere arinkeriaz lotsatuta, eta pauso serio batzuk eman zituen nagusiaren ondoan. Ardiak aurrera zihoazen, lasterka-saio zalapartatsutan; marruka hasi ziren, eta multzo eta saldo fantasmek erantzun zieten itsas azpitik. «Bee! Beee!» Une batez leku berean jarraitzen zutela zirudien. Aurrean zabaltzen zen hareazko bidea putzu axalekin; alde bakoitzean sasi blaitu berdinak eta langa ospel berdinak ageri ziren. Orduan berealdikoa agertu zen: sekulako erraldoia, ile-tximak banatuta eta besoak zabal-zabal. Mrs. Stubbsen denda aurreko goma arbola handia zen, eta ondotik pasatzean eukalitu usain sendoa iritsi zitzaien. Eta orain argiune handi batzuek distiratzen zuten lainotan. Artzainak txistu egiteari utzi zion; sudur gorria eta bizar bustia mahuka bustian igurtzi eta, begiak kizkurtuta, itsaso aldera egin zuen so. Eguzkia irteten ari zen. Zoragarria izan zen lainoa zer bizkor saretu zen, alde egin zuen, desegin zen ordekan, sasiartetik gora piririkatu eta joan zen presaka, ihesi bezala; zurrunbilo eta kiribil handiak elkar bultzaka eta ukondoka zebiltzan, izpi zilartsuak nagusitu ahala. Urrutiko zerua urdin argi, hutsa islatzen zen putzuetan, eta tantek, telegrafo harietan igeri, txinparten antzera dirdiratzen zuten. Orain itsaso jauzkari, distiratzailea hain dirdiratsu zegoen ezen begietako mina ematen zuela begiratzeak. Artzainak bularreko sakelatik pipa bat atera zuen, ontzixka ezkurra bezain txikia, tabako mantxatu puxka bat haztaka bilatu, ipitz batzuei tiratu eta ontzia bete zuen. Itxura oneko gizon zahar, irmoa zen. Pipa piztu eta ke urdina buruan gora bihurritu ahala, zakurrak, erne begira, nagusiaz harro ematen zuen.
«Bee! Beee!» Ardiak zabalean sakabanatu ziren. Udako kolonia atzean utzia zuten, hango lehen lotia ohean jiratu eta buru logaletua altxatu aurretik; haien marrua aditu zuten ume koskorrek ametsetan... besoak altxatuz ahalik eta behera ekartzeko, goxo-goxo besarkatzeko ametsetako bildots iletsu txiki politak. Orduan azaldu zen lehenbiziko biztanlea; Burnelleneko katua zen, Florrie, ateko zutabean eserita, beti bezala goizegi, esnezalearen zain. Artzain-zakur zaharra ikusita tente jarri bizkor, bizkarra okertu, buru nabarra barrura bildu, eta amorraziozko dardara antzeko bat egin zuen. «Ba! Piztia txatxu, zatarra!», esan zuen Florriek. Baina artzain-zakur zaharra, gora begiratu gabe, atzeari eraginez pasatu zen, hankak aldez alde luzatuz. Belarri bakar bat okertu zuen, alegia ikusi zuela, eta bere ustez katu tuntun bat besterik ez zela.
Goizeko brisa harrotu zen sasiartean, eta hosto eta lur beltz bustiaren usaina nahasi zen itsas usain zakarrarekin. Milaka txori ari ziren kantari. Karnaba bat hegatu zen artzainaren buru gainetik eta, adaxka baten mutturrean jarrita, eguzki aldera jiratu zen, bular txikiko lumak harrotuz. Pasatu berria zuten arrantzalearen txabola, pasatu zuten erreta ematen zuen etxola txikia, non Leila esnezalea bizi zen amona zaharrarekin. Ardiak padura hori batean barreiatu ziren eta Wag artzain-zakurrak, atzetik segika, haiek bildu eta haitzezko pasabide mehar, aldapatsura bideratu zituen, Crescent badiatik Daylight golkora ematen zuena.
«Bee! Beee!» Ahul iristen zen ardien marrua, bide gero eta lehorragotik balantzaka zihoazela. Artzainak ahotik pipa kendu eta bularreko sakelan sartu zuen, ontzixka kanpoan zuela. Eta berehala ekin zion berriro txistu gozo arinari. Wagek zerbait usaindu eta lasterka joan zen arkaitz ertz batetik, eta nazkarekin itzuli zen lasterka. Orduan, bultzaka, indarka, presaka, ardiek bihurgunea hartu eta artzaina haien atzetik ezkutatu zen.
II
Handik gutxira baserri baten atzeko atea zabaldu zen, eta bainu-jantzi marra-zabal bat zeraman irudi bat larrean behera oldartu, langa igaro, lasterka joan belar tontortuen artetik sakan aldera, aldaroka igo hareazko mendixka, eta ziztu bizian joan zen harri handi porotsuen gainetik, txintxar hotz bustien gainetik, olioa bezala distiratzen zuen harea gogorreraino. Plisti-plasta! Plisti-plasta! Stanley Burnell gozatsu sartu zenean, urak burbuilak egin zizkion hanken inguruan. Beti bezala lehenbizikoa! Berriro irabazi zien denei. Eta burua eta lepoa bustitzeko makurtu zen.
Egun on, adiskidea! Egun on deiala Jainkoak! iritsi zen ahots lodi belusatu bat ur gainetik burrunban.
Alajaina! Zer arraio ordea! Stanleyk kopeta jaso eta buru beltz bat gora eta behera ikusi zuen urrutian, beso bat altxatuta. Jonathan Trout zen. Aurrea hartu zion!
Ederra goiza! kantatu zuen Jonathanek ahotsak.
Bai, bikaina! esan zuen berak labur.
Zer demontre dela eta ez zen idisko hura beste nonbait ureratu? Zer dela eta sartu behar zuen muturra toki hartantxe? Stanleyk ura ostikoz jo, gogor ekin, eta besoei eragin zien aurrera. Baina Jonathan bera adinakoa zen. Ondoraino etorri zitzaion, ile beltza kopetan argitsu, bizar motza argitsu.
Sekulako ametsa izan diat bart oihukatu zuen.
Zer zuen gizon hark baina? Hizketan jarduteko grina hark bere onetik ateratzen zuen Stanley. Eta beti kontu berdina; beti berriketaren bat amets baten gainean, edo ateraldi txororen bat, edo azken irakurritako zaborren bat. Stanley buruz gora etzan eta hankak astindu zituen, iturri bizi baten antzera. Baina halere...
Izugarrizko labar goratik zintzilik nengoela egin diat amets, beheko norbaiti deiadarka.
«Merezi bai!», pentsatu zuen Stanleyk. Ezin zuen gehiagoan burutu. Ura astintzez gelditu zen.
Aizak, Trout esan zion. Gaur presa diat.
Zer esan duk?
Jonathan, zeharo harrituta edo bestela itxura zen, ur azpira murgildu eta arnaska agertu zen atzera.
Esan nahi diat jarraitu zuen Stanleyk ez dudala astirik zera... txorakeriatarako. Buka dezagun behingoz. Presaka nauk. Lana diat gaur... ulertzen?
Jonathan joana zen Stanleyk amaitu aurretik.
Adio, hi! esan zuen ahots lodiak eztiro, eta ia batere izurrik gabe labaindu zen uretan barrena.
Madarikatu alaena! Erabat hondatu zuen Stanleyren bainua. Ergela ez bestena! Stanleyk berriro besoei eragin, berriro bizkor hondoratu eta zalapartan irten zen kanpora. Adarra jo ziotela sentitzen zuen.
Jonathan denbora gehixeagoan geratu zen uretan. Ur gainean zegoen, besoak hegalen antzera leun-leun mugituz, eta itsasoaren esku utziz bere gorputz luze hezurtsua kulunkatzea. Bitxia zen baina, kontuak kontu, begi onez ikusten zuen Stanley Burnell. Egia, batzuetan hari iseka egiteko gogo gaiztoa izaten zuen, ziria sartzekoa, baina azken batean errukia zion gizagaixoari. Patetikoa zen haren grina, dena halako ardura larriz hartzeko! Ezin zuen burutik kendu egunen batean kale egingo zuela, eta orduan pott! Une hartan sekulako olatuak altxatu zuen Jonathan, gainetik pasatu, eta hondartzan lehertu zen pozezko hots batekin. Zer ederra! Eta orain beste bat. Hura bai bizimodua: axolagabe, arduragabe, zeure buruari begira. Zutik jarri eta lehorrera abiatu zen, behatzekin harea sendo, zimurra zapalduz. Gauzak lasai hartu, bizitzako atzera-aurreren kontra ez borrokatu, amore eman... horixe zen bidea. Estuasuna kalterako zen. Bizi! Bizi! Eta goiz paregabea, fresko eta bikain, eguzkitan etzanda, bere buru ederrari barrez bezala, xuxurlan ari zela ematen zuen: «Zergatik ez?»
Baina uretatik aterata, Jonathan kolorea joanda zegoen, hozminduta; gorputz osoko minez. Bazirudien norbait odola zurrupatzen ari zitzaiola. Eta hondartzan gora ezinean, dardaraka, giharrak gogortuta, bainuak kalte egin ziola pentsatu zuen. Denbora gehiegian ibili zen.
III
Stanley agertu zenean, artilezko janzki urdina, lepoa estu eta gorbata tantaduna, Beryl bakarrik zegoen egongelan. Stanleyk ez zuen parte onekoa ematen, hain garbi eta txukun; herrira zihoan egun-pasa. Aulkian zapla eseri, erlojua atera eta plater ondoan utzi zuen.
Hogeita bost minutu besterik ez ditut esan zuen. Joan eta begiratuko duzu ea ahia prest dagoen, Beryl?
Horretan da oraintxe ama esan zuen Berylek. Mahaian jarri eta tea zerbitzatu zion.
Mila esker! Stanleyk txurrut egin zuen. Hara! esan zuen harrituta. Azukrea ahaztu duzu!
O, barkatu!
Baina orduan ere Berylek ez zion bota; ontzia hurbildu zion. Zer gertatzen zen? Azukrea hartzerakoan Stanleyren begi urdinak zabaldu ziren; dardarka ematen zuen. Errainari kirik azkar bat egin eta bizkarra atzeratu zuen.
Ez zen okerren bat gertatuko, ezta? galdetu zuen axolagabe, lepo aldea haztatuz.
Beryl burumakur zegoen; platera jiratu zuen hatzekin.
Ez, ezer ez esan zuen haren ahots arinak. Orduan gora begiratu eta irribarre egin zion Stanleyri. Zer ba?
Oo! Nik dakidala ezergatik ez. Zure itxura ikusita pentsatu dut...
Orduantxe atea zabaldu eta hiru neska koskorrak azaldu ziren, ahi platerkada bana hartuta. Hirurak berdin jantzita zeuden, elastiko urdina eta azpiko galtzak; agerian zituzten hanka beltzaranak, eta ilea zaldi-buztana izeneko eran bildu eta lotua. Fairfield andrea etorri zen atzetik erretiluarekin.
Kontuz, umeak ohartarazi zien.
Baina oso kontu handiz ari ziren. Gustukoa zuten gauzak eramaten uztea.
Egun on esan diozue aitari?
Bai, amona.
Bankuan eseri ziren, Stanley eta Berylen aurrean.
Egun on, Stanley! Fairfield andre zaharrak platera eman zion.
Egun on, ama. Zer moduz mutila?
Zoragarri! Behin bakarrik esnatu duk bart. Hau goiz giro bikaina!
Andre zaharra bertan gelditu zen, eskua ogiaren gainean, ate irekitik lorategira begira. Itsasoa aditzen zen. Leiho erabat zabaldutik eguzkiak blaitzen zituen horiz bernizatutako hormak eta zorua, estali gabea. Mahaian zegoen guztiak egiten zuen argi eta distira. Erdian azpil zahar bat zegoen, iturri-belar hori eta gorriz beteta. Fairfield andreak irribarre egin eta zorion sakoneko begirada batek dirdaitu zion aurpegia.
Ogi horretatik xerra bat moztuko bazenit, amona esan zuen Stanleyk. Hamabi minutu eta erdi ditut kotxea pasatu arte. Inork eman dizkio nire oinetakoak neskameari?
Bai, prest dituk. Fairfield andrea erabat bare zegoen.
O, Kezia! Orain ere kuxidade ederra ari dun! hots egin zuen Berylek etsipenez.
Ni, izeba?
Kezia begira jarri zitzaion. Zer egin zuen bada? Ahiaren erditik ibai bat egin, hura esnez bete, eta bazterrak jaten ari zen. Baina goizero egiten zuen hori, eta ordu arte inork ez zion tutik esan.
Ezin dun taxuz jan Isabel eta Lottiek bezala?
Zer okerrak diren nagusiak!
Baina Lottiek beti uharte bat egiten du, ezta, Lottie?
Nik ez esan zuen Isabelek bizkor. Nik nireari azukrea bota, esnea gaineratu eta jaten dut. Umeak ibiltzen dira janariarekin jolasean.
Stanleyk aulkia atzeratu eta zutitu zen.
Ekarriko dizkidazu oinetakoak, ama? Eta Beryl, bukatu baduzu, nahiago nuke atarira joan eta zalgurdia geldituko bazenu. Korri amarengana, Isabel, ea non dagoen nire kapelua. Egon hadi. Nire makilarekin jolasten ibili zarete, umeak?
Ez, aita!
Ba hemen utzi nuen. Stanley purrustan hasi zen. Ondo asko gogoratzen naiz txoko honetan utzi nuela. Ea, nork du? Ez nago denbora galtzeko. Bilatu azkar! Makila aurkitu beharra dago.
Alice neskamea ere ehizara bildu zuen.
Ez zenuen ba sukaldeko sua zirikatzen erabiliko?
Linda etzanda zegoen logelan sartu zen Stanley zalapartan.
Harrigarria da gero! Ezin neure gauza bakar bati eutsi. Orain berriz makila ezkutatu didate!
Makila, maitea? Zer makila?
Sinestezina zen Lindaren bururik eza halakoetan, iritzi zion Stanleyk. Ez ote zen inor beraz errukituko?
Kotxea! Kotxea, Stanley! oihukatu zuen Berylek atakatik.
Stanleyk besoa altxatu zuen Linda zegoen aldera.
Ez dut betarik agurtzeko oihukatu zuen. Eta hori zigor moduan esan zion.
Kapeluari atzaparra bota, etxetik zalapartan irten eta ziztuan jaitsi zen lorategiko bidexkatik. Bai, gurdia hantxe zegoen zain, eta Beryl, ataka irekian bermatuta, baten batekin barrez ari zen ezertxo ere gertatu ez balitz bezala. Emakume bihozgabeak! Normala iruditzen zaie zuk egun guztia haiengatik bizkarra hautsi beharrean jardutea, eta haiek berriz ez dira arduratzen makila galdu bazaizu ere. Kellyk zartailuaz jo zituen zaldiak.
Adio, Stanley hots egin zuen Berylek, goxo eta alai. Oso erraza zen adio esatea! Han geratu zen hura, nagi, begiei eskuaz itzala ematen. Okerrena zen Stanleyk ere adio oihukatu behar izan zuela, itxuragatik. Orduan jiratzen ikusi zuen, salto txiki bat egin eta lasterka etxeratzen. Bera joan zelako pozik!
Bai, eskerrak eman zituen. Egongelan sartu eta hots egin zuen:
Joan da!
Lindak gelatik oihu egin zuen:
Beryl! Joan da Stanley?
Fairfield andre zaharra azaldu zen, mutila flanelazko jakatxoan zeramala.
Joan da?
Bai, joan da.
O, hura lasaitua, hura aldea gizona etxetik kanpo edukita! Ahotsak ere aldatu zitzaizkien, elkarri deika; epel eta eztiak ematen zuten, sekretu bat elkarbanatuko balute bezala. Beryl mahai aldera joan zen.
Har ezazu beste kikera bat te, ama. Oraindik beroa dago.
Ospatu nahi zuen, nola edo hala, zer-nahi-hura egin ahal izatea orain. Ez zegoen gizonik galaraziko zienik; egun paregabe guztia berentzat zen.
Ez, eskerrik asko, alaba esan zuen Fairfield andre zaharrak, baina une hartan mutikoa altxatu eta «upalatx» esan zion moduak seinale zuen berak ere berdin sentitzen zuela.
Neska koskorrak korrika irten ziren zelaira, kotatik ateratako oiloak bezala.
Alice neskamea ere, sukaldean ontziak garbitzen ari zela, giroak kutsatu zuen eta batere arretarik gabe gastatu zuen deposituko ur estimatua.
Gizon horiek! esan zuen, eta teontzia perrailean sartu eta ur azpian eduki zuen burbuilak egiteari utzi ondoren ere, hura gizon bat balitz bezala eta hura itotzea gutxitxo izan.
IV
Itxaron, Isa-bel! Kezia, itxaron!
Han zen Lottie txiki gaixoa, berriro ere atzean, izugarri zaila egiten zitzaiolako langa gainetik bakarrik pasatzea. Lehenbiziko hagan oina jarri eta dardaraka hasi zitzaizkion belaunak; hesolari eutsi zion. Ondoren hanka bat pasatu behar zen beste aldera. Baina zein? Ezin erabaki. Eta azkenean hanka bat pasatu zuenean ostiko etsitu bat emanez bezala, hura beldurra! Erdia larrean eta beste erdia belardian zegoen. Etsi-etsian hesolari heldu eta ahotsa altxatu zuen:
Itxaroidazue.
Ez, ez itxaron, Kezia! esan zuen Isabelek. Tuntun hutsa dun. Beti istilua sortzen. Goazeman! Eta elastikotik tiratu zion Keziari. Etortzen bahaiz nire baldea utziko dinat esan zion jator. Hirea baino handiagoa dun.
Baina Keziak ezin zuen Lottie bere kasa utzi. Lasterka itzuli zen harengana. Ordurako Lottie aurpegia gorri-gorri eginda zegoen, arnasa berotuta.
Ea, jarri hemen beste oina esan zion Keziak.
Non?
Lottiek mendi gain batetik bezala begiratu zion Keziari.
Eskua dudan tokian. Keziak eskuaz jo zuen.
O, hemen?
Lottiek hasperen sakon bat egin eta beste aldera pasatu zuen bigarren hanka ere.
Orain jira hadi, eseri eta behera irristatu esan zion Keziak.
Baina ez dago ezer gainean esertzeko esan zuen Lottiek.
Azkenean moldatu zen, eta bukaeran dar-dar egin eta irribarrez hasi zen.
Ari naiz ikasten langan gora igotzen, e Kezia?
Lottie oso baikorra zen.
Txapel arrosa eta urdina Isabelen txapel gorri biziaren atzetik joan ziren aldapa labain, irristakor hartan gora. Gailurrera iristean, nora joan erabakitzeko gelditu ziren, eta ordurako han nor zegoen ongi begiratzeko. Atzetik ikusita, zerumugaren parean zutik, beren palekin imintzio nabarmenak eginez, esploratzaile ñimiño zalantzatiak ematen zuten.
Han zegoen Samuel Josephsen familia osoa; umezaina, berriz, aulki tolesgarri batean eserita lepoko txilibitu batekin ordena jartzen, eta kanabera txiki batekin hango gobernua zuzentzen. Samuel Josephsenekoak sekula ez ziren gauza bakarrik jolasteko edo jokoren bat asmatzeko. Hala hasiz gero, mutilek neskei golkotik behera ura botatzen edo neskek mutilei sakelan karramarro beltz txikiak sartu nahian bukatzen zuten. Hala, Samuel Josephsen andreak eta umezain gaixoak «brograma» izeneko bat prestatzen zuten goizero, horrela haurrak «bibertitu eta inor ez aborrarazteko». Beti apustuak edo lasterketak edo talde jokoak ziren. Umezainak txilibituari zorrotz haize emanda hasi eta bukatzen ziren. Sariak ere bazituzten: paper zikin samarrean bildutako pakete handiak, umezainak sokazko poltsa puztu batetik atereak irribarre txiki ozpindu batekin. Samuel Josephsenekoak gogotik saiatzen ziren sariak lortzeko, eta batak besteari engainatu eta besoan atximur egiten zioten; trebeak ziren inor atximurkatzen. Burnelleneko umeak haiekin jolastu ziren aldi bakarrean Keziak sari bat irabazi zuen, eta hiru paper puska askatu zituenean krisket txiki herdoildu bat topatu zuen. Ezin zuen ulertu haien ahalegin neurrigabea.
Baina orain ez ziren inoiz Samuel Josephsenekoekin jolasten, ezta haien festetara joaten ere. Samuel Josephsenekoek ume festak antolatzen zituzten etengabe badian, eta beti janari berdina zegoen: garbiketako pazia handi batean mazedonia oso ilun bat, opilak lau puskatan zatituta eta garbiketako pitxer bat, umezainak «liboi ura» deitzen zion zera batez beteta. Eta iluntzean soineko farfailaren erdia libratuta edo mantal bordatuaren aurre guztia zerbaitekin zikinduta joaten ziren handik, Samuel Josephsenekoak basatiak baino areago saltoka utzita beren zelaian. Ez, ezin zen haiekin burutu.
Hondartzaren beste aldean, uraren ertzean, bi mutil koskor, barruko galtzak goratuta, bizi-bizi zebiltzan armiarmen antzera. Bata zuloa egiten, bestea plisti-plasta uretan sartu eta atera, balde txiki bat betetzen. Trouteneko mutilak ziren, Pip eta Rags. Baina Pip hain zegoen emana zuloa egiteari eta Rags hain zegoen emana laguntzeari, non ez zituzten lehengusu txikiak ikusi oso hurre egon arte.
Begira! esan zuen Pipek. Begira zer aurkitu dudan.
Eta mastrikatu itxurako bota zahar busti bat erakutsi zien. Hiru neska koskorrak begira jarri ziren.
Zer egin behar duzu horrekin? galdetu zuen Keziak.
Jaso, noski! Pip oso lakarra zegoen. Aurkikuntza bat da, ulertzen?
Bai, ulertzen zuen Keziak. Halere...
Gauza pila bat dago harea azpian azaldu zuen Pipek. Ontzi hondoratuen hondarrak dira. Altxorrak. Zera, posible da aurkitzea...
Baina zergatik aritu behar du Ragsek ura botaka? galdetu zuen Lottiek.
O, hezetzeko esan zuen Pipek. Lana pixka bat errazteko. Segi ezak, Rags.
Eta Rags gizagaixoa gora eta behera zebilen lasterka, zulora botaz kakaoa adina belzten zen ura.
Aizue, ikusi nahi atzo zer aurkitu nuen? galdetu zien Pipek misterioz, eta harean sartu zuen pala. Hitz eman ezazue inori ez esatea.
Hitz eman zuten.
Esazue: bene-benetan, hitza hitz.
Hala esan zuten neska koskorrek.
Pipek sakelatik zer edo zer atera, denbora puska batean elastiko aurrearekin igurtzi, haize eman eta berriro igurtzi zuen.
Orain jira zaitezte agindu zuen.
Jiratu ziren.
Jarri zaitezte alde berera begira! Geldi! Orain!
Eta eskua zabaldu zuen; zerbaiti eutsi zion argitan distiratsu, keinuka, berde zoragarria.
Nemeralda bat da esan zuen Pipek handikiro.
Egiatan, Pip? Isabel ere harri eta zur zegoen.
Gauza berde zoragarri hark dantzatu bezala egiten zuen Pipen hatz artean. Izeba Berylek ere bazuen nemeralda bat eraztun batean, baina oso txikia. Hau izar bat adinakoa zen eta askoz ederragoa.
V
Goizak aurrera egin ahala, talde osoak agertu ziren hareazko dunetan eta hondartzara jaitsi ziren bainatzera. Gauza jakina zen hamaiketan itsasoa udako koloniako emakume eta haurrentzat zela. Lehenbizi emakumeak eranzten ziren, bainu-arropak jantzi eta burua tapatzen zuten, esponjazko poltsen antzeko txano zatarrekin. Ondoren botoiak askatzen zizkieten umeei. Hondartza josita zegoen arropa eta oinetako tontor txikiz; udako kapelu handiek, barruan harriak sartuta haizeak eraman ez zitzan, berealdiko maskorrak ematen zuten. Bitxia zen itsasoak ere hots desberdina egitea figura barregile, saltari haiek olatuetara laster egin zutenean.
Fairfield andre zaharrak, kotoizko soineko lila bat jantzita eta kapelu beltz bat kokots azpian lotuta, bere umeteria bildu eta denak prest jarri zituen. Trouteneko mutil koskorrek alkandora buru gainetik harrika bota eta abaila bizian irten ziren, amonak bitartean esku bat josteko gauzen poltsan zeukala, artilezko mataza ateratzeko gertu, umeak seguru zeudela iritzitakoan.
Neska koskor, sendo, mardulak ez ziren mutil koskor xamur, delikatu itxurakoek zuten ausardiaren erdira ere iristen. Pipek eta Ragsek, dardaraka, kizkurtuta, uretan plastaka, ez zuten zalantza egin. Baina Isabelek, hamabi besakada emateko gauza, eta Keziak, ia zortzi emateko gauza, ez zipriztintzeko baldintza zorrotzarekin bakarrik segitu zieten. Lottiek berriz ez zien segitu. Nahiago zuen bere kasa bakarrik uztea. Eta bere kasa uztea zen uraren ertzean esertzea, hankak luzatuta, belaunak elkarri erantsita, eta besoekin mugimendu ahulak egitea, itsasoak eraman zain bezala. Baina besteak baino olatu handiago bat, bibotedun zahar bat, trostan ikusiz gero beragana etortzen, beldurrez pasatuta zutitu eta hondartzan gora ihes egiten zuen.
Tori, ama, gorde izkidazu hauek.
Bi eraztun eta urrezko kate mehe bat erori ziren Fairfield andrearen magalera.
Bai, maitea. Baina ez haiz hemen bainatuko ala?
Eez luzatu zuen Berylek hitza. Ezbaian ematen zuen. Harantzago aldatuko naiz. Kember andrearekin bainatuko naiz.
Oso ondo.
Baina Fairfield andreak ezpainak estutu zituen. Begitan hartua zuen Kember andrea. Berylek bazekien.
Ama zahar gaixoa, egin zuen irribarre haitzen gainetik irristan. Ama zahar gaixoa! Zaharra! O, zer gozamena, zer zoriona gazte izatea...
Oso pozik ematen dun esan zion Kember andreak. Harri gainean konkortuta zegoen eserita, besoekin belaunak besarkatuta, erretzen.
Ederra eguna esan zuen Berylek, hari behera begira irribarrez.
O, zoragarria!
Kember andrearen ahotsa adituta, bazirudien kontu asko zekizkiela. Haren ahotsa adituta, bazirudien hark beti gehixeago zekiela zeuri buruz zuk zeuk dakizuna baino. Itxura arraroko emakume luze bat zen, esku eta oin estukoa. Aurpegia ere luzea, estua eta akitu itxurakoa; arropako hegi izur ederrak ere errea eta zimeldua ematen zuen. Badia osoan bera zen emakume erretzaile bakarra, eta etengabe erretzen zuen, hitz egin bitartean zigarrotxoari ezpain artean eutsiz, eta ez zuen ahotik kentzen harik eta hautsa ez erortzea sinestezina ematen zuen arte. Bridgean jokatzen ari ez zenean eguna joan eta eguna etorri aritzen zen bridgean, eguzki galdan etzanda igarotzen zuen denbora. Botatako guztia hartzen zuen; ez zen asetzen. Halere, ez zuen ematen berotzen zenik. Txigortuta, zimelduta, hotz, haitzen gainean zabal-zabal eginda egoten zen, itsasoak botatako egur zati bat bezala. Badiako emakumeek oso azkartzat zeukaten. Haren hantuste eza, haren hizkera, nola tratatzen zituen gizonak, bera ere haietako bat balitz bezala, etxeagatik piperrik ere ez inporta izatea eta Gladys neskameari «Glad-eyes» deitzea, hori dena penagarria zen. Atariko eskaileran zutik zegoela hots egiten zion Kember andreak ahots nekatu, axolagabearekin:
Aizan, Glad-eyes, inon baldin badago behintzat, ekarriko didan eskuzapi bat mesedez?
Eta Glad-eyes, ilean txibista gorri bat txanoaren ordez eta oinetako zuriak zituela, irribarre lotsagabe batekin etortzen zen lasterka. Halako eskandalurik! Egia zen ez zuela seme-alabarik, eta senarra berriz... Honetaz beti sortzen zen istilua; denak gartsuki hasten ziren. Nola hartu ote zuen halako emaztea? Nola baina, nola? Diruagatik izango zen, noski, baina halere!
Kember andrearen senarra gutxienez hamar urte gazteagoa zen, eta hain egokia non maskara bat ematen zuen, edo nobela amerikar bateko ilustrazio perfektu bat, gizona behintzat ez. Ile-beltza, begi urdin ilunak, ezpain gorriak, irribarre logaletu lasaia, tenis jokalari bikaina, dantzari paregabea, eta gainera misteriotsua. Harry Kemberek lotan oinez dabilen gizona ematen zuen. Gizonezkoek ezin zuten jasan, ezin zioten kontu bakar bat ere atera; emazteak bera ez, eta berak ere ez zuen emaztea aintzat hartzen. Zer bizimodu zuen? Makina bat istorio bazebilen, baina nolakoak! Esan ezin zirenak. Zer emakumerekin ikusi zuten, zer lekutan ikusi zuten... baina ezer ez zen seguru, ezer ez zehatz. Badiako emakume batzuek hala zioten isilka: hark noizbait hilketa bat burutuko zuela. Bai, Kember andrearekin hizketan eta haren zarpa arloteei erreparatu bitartean ere, hantxe ikusten zuten, orduan bezalaxe hondartzan etzanda; baina hotz, odolduta, artean ere zigarrotxoa aho ertzean itsatsita.
Kember andrea altxatu, aharrausi egin, gerrikoa lasaitu, eta blusaren zintari tiratu zion. Beryl, berriz, gonaren gainetik atera, elastikoa bota, eta zutik geratu zen azpiko gona zuri motzean, eta sorbaldetan lazoak zituen kamisolarekin.
Jaungoiko santua esan zuen Kember andreak, xarmagarria haiz!
Ixo! esan zuen Berylek eztiro; baina lehenbizi galtzerdi bat eta gero bestea kentzerakoan, xarmagarria sentitu zen.
Zer ba, laztana? galdetu zuen Kember andreak, azpiko gona zapalduz.
Izan ere... hura azpiko arropa! Barruko galtz urdin kotoizkoak eta linozko gerruntzea, burkoaren azala ematen zuena.
Eta ez dun kortserik erabiltzen, ezta?
Beryli gerrian ukitu eta hark salto egin zuen garrasi itxurati bat eginez.
Inoiz ez! esan zuen tinko.
Hik bai zortea, eder hori! egin zuen, hasperen Kember andreak, berea askatuz.
Berylek bizkarra eman eta nekez hasi zen mugitzen, arropak erantzi nahi eta aldi berean bainu-arropa jantzi nahian.
O, laztana! Ez nigatik arduratu esan zuen Kember andreak. Zergatik lotsatzen haiz? Ez haunat jango. Ni ez naun beste inozo horien antzera izutuko. Eta betiko barre bitxi hura egin zuen, beste emakumeak seinalatuz.
Baina Beryl herabea zen. Ez zen sekula inoren aurrean eranzten. Txorakeria zen hori? Kember andreak txorakeria zela sentiarazi zion, baita lotsatzekoa ere. Zertarako izan herabe! Kirik egin zion ondokoari: ausardiaz zutik, elastikoa urratuta eta zigarrotxo berria pizten; eta orduan zirrara bizi, ausart, gaizto bat erne zitzaion bularrean. Barre zakar eginez, erabat lehorra ez zegoen bainu-arropa zimur, hondartsua jantzi eta botoi okertuak lotu zituen.
Horrela hobeto esan zuen Kember andreak. Hondartzan behera abiatu ziren biak elkarrekin. Benetan esaten dinat, bekatu egiten dun arropa jantzita, maitea. Norbaitek esan beharko din egunen batean.
Epel-epel zegoen ura. Urdin garden zoragarria, zilarrezko tantekin. Baina hondoko hareak urrea ematen zuen, eta behatzekin eragiten zenuenean urre-hautsezko laino xehe bat harrotzen zen. Bularraren parera iristen ziren orain olatuak. Beryl besoak luze zegoen, urrutira begira, eta olatu bakoitzarekin salto txiki ñimiño bat egiten zuen, olatua balitz bezala bera eztiro altxatzen zuena.
Nire ustez neska politek dibertsioa behar diten esan zuen Kember andreak. Zergatik ez? Ez hadi nahasi, maitea. Ongi pasa ezan.
Eta bat-batean hankaz gora jarri, urperatu eta igeri urrundu zen bizkor-bizkor, arratoia bezala. Ondoren buelta eman eta beragana abiatu zen berriro. Beste zerbait zihoan esatera. Beryl jabetzen zen emakume hotz hau barrena pozoitzen ari zitzaiola, baina entzuteko irrika zuen. Baina zer arraroa, zer latza! Kember andrea hurreratu zenean, txano beltz irazgaitza, aurpegi logaletua agerian zuela, kokotsa ur azalean, senarraren karikatura beldurgarri bat ematen zuen.
VI
Etzaulki batean, sarrerako belardiko manuka arbolaren azpian, Linda Burnellek ametsetan zeraman goiza. Ez zen ezertan ari. Gora begira zegoen, manukaren hosto ilun, itxi, lehorrei, tarteko zirrikitu urdinei; eta noizean behin lore hori tipi bat erortzen zitzaion gainera. Ederra, bai. Horietako lore bat esku ahurrean hartu eta hurbiletik begiratzen bazenuen, bitxi polit bat zen. Esku maitale baten lan fina balitz bezala distiratzen zuen hosto zurbil, hori bakoitzak. Erdiko mihi tipiak txintxarri forma ematen zion. Eta jiratuz gero, kanpoa brontze iluna zen. Baina loratu bezain laster erori eta sakabanatzen ziren. Gonatik astintzen zenituen, hizketan ari zinela; izpi txiki narras haiek buruko ilean eransten ziren. Orduan zertarako loratzen ziren? Nor aritzen da lanean, edo jolasean, gauza horiek denak sortzen, zer eta gero alferrik galtzeko? Parte gaiztokoa zen hura.
Aldamenean zegoen mutila, bi burkoen artean etzanda belartzan. Seko zegoen lo, burua amaren beste aldera. Haren ile eder beltzaranak gehiago ematen zuen itzala, benetako ilea baino. Haren belarria, ordea, koral argi bizi bat zen. Lindak buru gainean eskuak estutu eta hankak gurutzatu zituen. Oso atsegina zen jakitea baserri horiek denak hutsik zeudela, guztiak hondartzara jaitsi zirela, ez ikusteko moduan, ez entzuteko moduan. Berarentzat zen lorategia; bakarrik zegoen.
Itsutzeraino distiratzen zuten krabelinek zuriz; urre-begizko ilen kultibatuak dirdir; iturri-belarrak atariko hesoletan bihurritzen ziren, sugar berde eta urrezkoz. Nahi bai, lore hauei patxadan begira egoteko denbora eduki, berri eta arrotz sentimendua gainditzeko denbora, ezagutzeko denbora! Baina hasi hostoak baztertzen, azpia ikertzen, eta hor azaltzen zen Bizitza zu handik bidaliz. Zumitzezko jarlekuan etzanda, Linda oso arin sentitzen zen, hostoaren pare. Hor azaldu zen Bizitza haizearen pare, berari heldu eta astinduz; joan beharra zuen. Ene, beharrezkoa ote zen beti berdin gertatzea? Ihesbiderik ez?
...Orain beren Tasmaniako atarian zegoen eserita, aitaren belaunaren kontra jarrita. Aitak hitz eman zion: «Gu biok helduak garenean, Linny, sokak apurtu eta ihesi joango gaitun. Bi mutil elkarrekin. Txinako ibai batean gora nabigatzeko gogoa dinat.» Lindak ibai hura ikusi zuen, oso zabala, almadia eta txalupa txikiz estalia. Txaluparien kapelu horiak ikusi zituen, eta haien ahots fin, zorrotzak deika...
Bai, aita.
Baina, orduantxe, ile gorri biziko gizon gazte sendo bat pasatu zen astiro beren etxe aurretik, eta astiro, handikiro ere bai, erantzi zuen kapelua. Aitak isekati tiratu zion Lindari belarritik, ohitura zuen bezala.
Linnyren galaia xuxurlatu zuen.
O, aita, hori ateraldia, ni Stanley Burnellekin ezkontzea!
Bada bai, harekin ezkondu zen. Are gehiago, huraxe maite zuen. Ez edonork ikusten zuen Stanley hura, eguneroko hura, baizik eta Stanley lotsati, sentibera, gizagaixo hura, gauero belaunikatzen zena otoitz egiteko, eta zintzoa izan nahi zuena. Xaloa zen. Inorengan sinesten zuenean beragan, esate baterako bihotz-bihotzez izaten zen. Ezin zen desleiala izan; ez zekien gezurra esaten. Eta haren sofrimendua, pentsatzen bazuen ezen norbaitek berak ez zuela erabat argi eta garbi jokatu! «Oso nahasia da hori niretzat!» botatzen zuen Stanleyk, baina haren begirada zabal, dardarati, galduak, piztia harrapatu batena ematen zuen.
Baina, eta hori zen arazoa honetan Lindari barregura etorri zitzaion ia, Jainkoak ongi dakien arren ez dela barre egitekoa, oso gutxitan ikusten zuen bere Stanley hura. Bazeuden lasaitasunezko printza, une, arnasaldiak, baina beste guztietan bazirudien behin eta berriro sua hartzen duen etxe batean bizi zinela, egunero hondoa jotzen duen barku batean. Eta beti Stanley zegoen arrisku bizian. Lindak denbora guztia hura salbatzen pasatzen zuen, hura bere oneratzen, hura goxatzen, haren kontakizuna entzuten. Eta geratzen zen denbora guztia, mundura haurrak ekartzeko izuak hartzen zuen.
Lindak kopeta ilundu zuen; etzaulkian bizkor tentetu eta orkatilei heldu zien. Bai, horixe zen bizitzaren aurrean zuen sumina; horixe ezin zuen ulertu. Galdera horixe egiten zuen behin eta berriro, erantzuna noiz jasoko alferrik zain. Oso ongi zegoen esatea emakumeen halabeharra dela mundura haurrak ekartzea. Baina ez zen egia. Berak, adibidez, ezetz frogatzen zuen. Desegin, ahuldu, kemena galarazi zion mundura haurrak ekartzeak. Eta, are latzago, ez zituen bere haurrak maite. Alferrik zen itxura egitea. Indarra eduki balu ere, ez zien sekula neska txikiei bularra emango, ezta haiekin jostatzen ibiliko ere. Ez, bazirudien arnasa hotz batek barrena zeharo izoztu ziola, bidaia izugarri horietako bakoitzean; ez zuen berotasun hondarrik haiei emateko. Mutila berriz... bueno, Jainkoari eskerrak amak hartu zuen; amarena zen, edo Berylena, edo hura nahi zuen edonorena. Ia ez zuen besoetan ere eduki. Hain gutxi axola zitzaion hura, non etzanda ikusi eta... Lindak behera begiratu zuen.
Mutila jiratu zen. Berari begira zegoen etzanda, loa utzita. Zabalik zituen begi umetsu, urdin ilunak; amari zelatan ematen zuen. Eta halako batean txulo bana azaldu zitzaion masailetan; irribarre zabal, horzgabe bat egin zuen, argi izpi paregabe bat.
«Hemen nago!» ematen zuen esaten zuela irribarre alai hark. «Zergatik ez nauzu maite?»
Irribarre hark bazuen zerbait xelebrea, uste gabekoa, eta Lindak ere irribarre egin zuen. Baina bere buruari eutsi eta hotz esan zion mutilari, «Ez ditiat haurrak maite.»
«Haurrak maite ez?» Mutilak ezin zuen sinetsi. «Ni maite ez?» Zoroaren moduan eragin zien besoei amaren aldera.
Linda belar gainera zutitu zen aulkitik.
«Zergatik jarraitzen duk irribarrez?», esan zion irmoki. «Baheki zer nengoen pentsatzen, ez huke egingo.»
Baina mutilak begiak kizkurtu, maltzur, eta burkoaren kontra igurtzi zuen burua. Ez zion hitzik ere sinetsi.
«Denok dakigu!», egin zuen mutilak irribarre.
Gaztetxo honen konfiantzak erabat harritu zuen Linda... Ez, aitortu egia. Ez zuen hori sentitu; oso bestelako zerbait zen, zerbait guztiz berria, guztiz... Begietan malkoak zituen zintzilik; marmar txiki batez xuxurlatu zion mutilari:
Kaixo, pottoko!
Baina mutila ja ahaztuta zegoen amarekin. Serio zegoen berriro. Zerbait arrosa, zerbait leuna hegatu zitzaion aurrean. Heltzekoa egin, eta berehala desagertu zen zera hura. Baina berriro etzan zenean beste bat agertu zen, aurrekoa bezalakoa. Oraingoan harrapatzeko asmo sendoa zuen. Bere ahaleginean hankaz gora joan zen.
VII
Itsas behera zegoen, hondartza hutsik zegoen, nagi astintzen zuen itsaso epelak. Eguzkiak harea fina zigortzen zuen, bero eta sutsu zigortu ere, hartxintxar grisak eta urdinak eta beltzak eta zuriak kiskaliz. Txirla kiribilen txuloan geratutako ur erreusa hurrupatzen zuen; zurixka uzten zuen konbolbulo arrosa, hondar-muinoetan barrena bihurritua. Bazirudien ezer ez zela mugitzen, matxinsalto txikiak izan ezik. Pit-pit-pit! Ez ziren sekula gelditzen.
Harago, haitz algatsuetan, edatera jaitsitako piztia galpartsuen antzekoak itsas beheran, bazirudien eguzkiaren argia jirabiran zebilela, haitz arteko putzu txiki bakoitzera botatako zilarrezko txanponak bezala. Dar-dar egin, ikara egin, eta izur ñimiñoek mihizten zituzten ertz porotsuak. Behera begiratuz, hara makurtuz, putzu bakoitza aintzira bat bezalakoa zen, etxe arrosa eta urdinak ertzean bil-bil eginda; eta oi!, etxe horien atzeko mendialde zabala, malkar, amildegi, pitzadura arriskutsu eta bidezidor beldurgarriak uretaraino. Azpian kulunkatzen zen itsas basoa, haria bezalako arbola arrosak, belusezko anemonak, eta sasi laranja marrubi-tantadunak. Orduan hondoko harri bat mugitu, astindu, eta garro beltz batek kirik egin zuen; orduan haria bezalako piztia bat kili-kolo joan eta ezkutatu zen. Zerbait gertatzen zitzaien arbola arrosa, kulunkariei; ilargiaren kolore urdin hotza ari ziren hartzen. Eta orduan «plop» entzun zen, xume. Nork egin zuen hots hori? Zer ari zen gertatzen han behean? Eta zer zakarra, zer bustia zen algen usaina eguzki galdan...
Itxita zeuden leiho-sare berdeak udako koloniako baserrietan. Atarietan, belardi aldera, hesi gainetan botata, nekatu itxurako bainu-jantziak eta eskuoihal marradun zakarrak zeuden. Bazirudien atzeko leiho bakoitzean hondartzako oinetako pare bat zegoela koskan, eta harri mordoxka batzuk edo pertz bat edo pawa txirlen bilduma bat. Sasia dardaraz zegoen gandu kiskalitan; errepide hondartsuan Trouteneko Snooker zakurra besterik ez zegoen, erdi-erdian etzanda. Begi urdina gora begira, hankak zurrun luzatuta, eta etsita bezala egiten zuen putz noizean behin, esanez bezala behingoz bakea egin eta gurdi bat noiz azalduko zain zegoela.
Zeri begira zaude, amona? Zergatik geratzen zara adi-adi hormari so?
Kezia eta amona elkarrekin zeuden siestan. Neska koskorra, barruko galtzak eta azpiko gona beste jantzirik gabe, besoak eta hankak agerian zituela, amonaren oheko burko harrotu batean zegoen etzanda, eta andre zaharra, mantal zuri farfailadun batekin, aulki kulunkari batean eserita leiho ondoan, puntuzko lan luze arrosa bat magalean zuela. Gela hartan, baserriko beste geletan bezala, egurrak berniz argia zuen eta zorua jantzi gabe zegoen. Altzariak arruntak eta soilak ziren guztiz. Apain-mahaia, kasu, kutxa bat zen, gainean muselinazko azpiko gona adaxkadun bat zuela, eta goiko ispilua oso berezia: bazirudien tximista puxka oker bat zegoela bertan gatibu. Mahai gainean txarro bat zegoen basakrabelinekin, estu-estu, belusezko kutun baten antzera, eta txirla bitxi bat Keziak amonari emana orratz-ontzi gisa, eta beste bat are bitxiagoa, bere ustetan oso txoko egokia barruan erlojua gordetzeko.
Kontatu, amona esan zuen Keziak.
Andre zaharrak hasperen egin, hariari bi aldiz eragin erpuruan, eta barrutik sartu zuen hezurrezko jostorratza. Ilara berri bati ekin zion.
Hire osaba Williamekin nengonan pentsatzen, maitea esan zuen emeki.
Australiako osaba William? esan zuen Keziak. Beste bat ere bazuen.
Bai, noski.
Inoiz ikusi ez dudana?
Horixe bera.
Ta? Zer gertatu zitzaion ba?
Keziak ongi asko zekien, baina berriro kontatzea nahi zuen.
Meatzari joan, eta eguzkiak jota hil zunan esan zuen Fairfield andreak.
Keziak begiak kliskatu eta berriro ekarri zuen irudia gogora: gizon txiki bat berunezko soldadu baten antzera lurrera erorita, zulo beltz handi baten ondoan.
Triste jartzen zaitu berarekin pentsatzeak, amona?
Ezin zuen eraman amona triste egotea.
Orain amonari zegokion gogora ekartzea. Triste jartzen zuen? Atzera, atzera begiratzea. Urteetan behera so egitea, Keziak ikusi izan zuen bezala. Haiei kasu egitea emakumeek egiten duten bezala, haiek aspaldi ezkutatu direnean ere. Triste jartzen zuen? Ez, horrelakoa zen bizitza.
Ez, Kezia.
Baina zergatik? galdetu zuen Keziak. Agerian zuen besoa jaso eta gauzak marrazten hasi zen airean. Zergatik hil behar izan zuen osaba Williamek? Ez zen zaharra.
Fairfield andrea hirunaka hasi zen puntuak zenbatzen.
Halaxe gertatu zunan esan zuen bere baitan bildutako ahotsez.
Denok dugu hil beharra? galdetu zuen Keziak.
Denok!
Nik?
Keziak izugarri sinesgaitz ematen zuen.
Egunen batean, maitea.
Baina amona! Keziak ezkerreko hanka dantzatu eta behatzei eragin zien. Hondarra nabari zuen. Eta ez banaiz hiltzen?
Andre zaharrak berriro hasperen egin eta hari luze bat atera zuen matazatik.
Hori ez zegon geure nahian, Kezia esan zuen triste. Guztioi gertatzen zaigun, lehenago ez bada geroago.
Kezia isilik geratu zen, pentsatzen. Ez zuen hil nahi. Joan beharko zuen hemendik, denetik joan, betiko, joan... amonagandik joan. Bizkor jiratu zen.
Amona esan zuen ahots asaldatuz.
Zer, laztana!
Zu ez zara hilko.
Tinko zegoen Kezia.
Ai, Kezia! amonak begiak jaso, irribarre egin eta burua astindu zuen. Ez dezagun horretaz hitz egin.
Zu behintzat ez. Ezin nauzu utzi. Ezin zara hemendik joan. Hori izugarria zen. Emaidazu hitza ez zarela inoiz joango, amona erregutu zuen Keziak.
Andre zaharrak puntua egiten jarraitu zuen.
Eman hitza! Inoiz ez!
Baina halere amona isilik.
Kezia piririka irten zen ohetik; ezin zuen gehiagoan jasan, eta amonaren belaunetara arin igo, eztarritik heldu eta musuka hasi zitzaion kokots azpian, belarri atzean, eta lepoan behera haize emanka.
Inoiz ez... inoiz ez... inoiz ez...
Arnasestu egiten zuen musu batetik bestera. Eta orduan hasi zen, oso goxo eta arin, amona kilikatzen.
Kezia!
Andre zaharrari puntu-lana erori zitzaion, eta atzera eragin zion aulki kulunkariari. Bera ere Kezia kilikatzen hasi zen.
Inoiz ez, inoiz ez, inoiz ez egin zuen Keziak bor-bor, elkar besarkatzen zutela barre eta barre.
Nahikoa dinagu, kattagorri! Nahikoa dinagu, pottoka! esan zuen Fairfield andreak, kapelua zuzenduz. Jaso nire puntu-lana.
Biei ahaztu zitzaien lehengo «inoiz ez» hura.
VIII
Artean eguzkiak gogor ematen zuelarik lorategian, Burnelldarren etxean atzeko atea danba itxi, eta irudi alai bat abiatu zen bidexkatik ataka aldera. Alice zen, neskamea, jai zuen arratsalderako apainduta. Kotoizko soineko zuriz jantzia, tanta gorri hain handi eta hain ugariekin non hotzikara ematen zuen, oinetako zuriak eta lastozko kapelua, hegala goratuta eta mitxoletekin. Eskularruak zeramatzan noski, zuriak, itxigailuak lizunez ilunduta, eta esku batean eguzkitako zarpail bat, berak paraxola deitzen ziona.
Berylek, leihoan eserita, ile garbitu berria haize ematen, pentsatu zuen sekula ez zuela halako txorimalorik ikusi. Aurpegia kortxo puska batez belztea bakarrik falta zitzaion Aliceri, irudi hura bete-betekoa izateko. Nora zihoan halako neska bat honelako leku batean? Fidjiko haizemaile bihotz-formadunak burlati astintzen zion galpar argi ederra. Alice seguru asko arlote baldarren batekin adiskidetu eta sasi artera zihoan harengana. Pena zen horrela nabarmentzea; lanak izango zituzten inon gordetzen, Aliceren arropa haiekin.
Baina ez, Beryl oker ari zen. Alice tea hartzera zihoan Stubbs andreagana, honek inbitaziyua bidali baitzion mandatuak egiten zituen mutilarekin. Stubbs andrea oso begikoa egin zitzaion dendara lehen aldiz joan zenetik, eltxoen kontrako zerbait erostera.
Gaixo errukarria! Stubbs andreak bere saihetsa jo zuen. Hori ziztada pila egin dizute. Badirudi kanimaliek eraso dizutela.
Alicek gustura hartuko zukeen animazio apur bat errepidean. Arraro sentitzen zen, atzean inor gabe. Bizkarra ahul sentitzen zuen. Ezin zuen sinetsi inor ez egotea berari begira. Baina tuntunkeria zen atzera jiratzea; agerian geratzen zinen. Eskularruei gora tiratu, ahopean kantatu eta urrutiko goma arbolari esan zion: «Laster naiz hor.» Baina hori konpainia eskasa zen.
Stubbs andrearen denda errepide ertzeko kaxko batean zegoen esekia. Bi leiho handiak begiak, ataripe zabala kapelua, eta sabaiko iragarkia, MRS STUBBS´S zirriborraturik, kapelu hegalean zut-zuta erantsitako txarteltxo baten antzekoa.
Ataripean bainu-jantzi zerrenda luze bat zegoen sokatik zintzilik, elkarri lotuta itsasotik salbatu berriak balira bezala, ez barrura sartu zain, eta haien aldamenean hondartzako oinetako mordo bat zegoen, hain harrigarri nahasiak non pare bat topatzeko gutxienez berrogeita hamar oinetako hankaz goratu eta indarka bereizi beharko zenituen. Hartara ere, gaitza izango zen ezkerra eskuinarekin batzea. Izan ere, makina batek pazientzia galdu eta joan zen oinetako bat ongi eta bestea handiegia zuela... Denetik zerbait zuela eta, Stubbs andrea harro zegoen. Bi leihoak, piramideen antzera larri-larri kokatuak, hain zeuden gainezka eta gauzaz leporaino, non bazirudien azti bati esker ez zela dena goitik behera erortzen. Leiho baten ezkerreko ertzean, berinari itsatsirik lau gelatina zatirekin, idazki bat zegoen, eta hantxe zegoen antzina-antzinatik.
URREZKO BROTXE DOTOREA
GALDU DA
HONDARTZAN EDO INGURUAN.
SARITUKO DA
Alicek atea bultzatu eta zabaldu zuen. Kanpaiak jo, sargazko errezela gorriak erdibitu eta Stubss andrea agertu zen. Irribarre zabalarekin eta hirugiharra ebakitzeko labana luzea eskuan zuela, bidelapur jator bat ematen zuen. Alicek hain ongi etorri beroa jaso zuen, non zaila egin zitzaion modu onari eustea. Honen seinale ziren eztul eta eztarri hots ugariak, eskularruei tiratzea, gona atximurkatzea, eta zailtasun bitxi bat, aurrean zuena ikusteko edo esaten ziotena ulertzeko.
Denda-osteko mahaian zegoen tea: xingarra, sardinak, gurin libra osoa, eta berebiziko arto-opila, legami iragarki baterako edo egina. Baina Primus labearen marruekin alferrik zen hura baino ozenago hitz egiten jardutea. Alice zumitzezko eserleku baten ertzean jarri zen, Stubbs andreak labea orduan eta gehiago berotu bitartean. Halako batean Stubbs andreak aulki bateko kuxina baztertu eta estraza paperezko pakete bat agertu zuen.
Argazki berriak eginarazi ditinat, maitea hots egin zion pozez Aliceri. Ea zer iruditzen zaizkinan.
Oso modu fin delikatuan, Alicek hatza busti eta sedazko papera kendu zion lehenbizikoari. Ene! Hura pila! Gutxienez hiru dozena bai. Argitara altxatu zituen.
Stubbs andrea ageri zen besaulki batean eserita, gorputza zeharo alde batera. Harridura goxoko begirada zuen aurpegi zabalean, eta edukitzekoa zen. Izan ere, nahiz eta besaulkia tapiz baten gainean egon, ezkerrean, mirariz bezala tapizaren ertza inguratuz, berealdiko ur-jauzia zegoen. Eskuinean zutabe greko bat zegoen, alde bakoitzean iratze erraldoi bat, eta atzean mendi agor bat tentetzen zen, elurrez zurbil.
Estilo atsegina, ezta? hots egin zuen Stubbs andreak; eta Alicek «xarmagarria» garrasi egin bezain laster, Primus labearen marru hotsa gutxitu, baretu, bukatu, eta «Polita» esan zuen isiltasun beldurgarri baten erdian.
Hurrera ezan hire aulkia, laztana esan zuen Stubbs andreak, zerbitzatzen hasiz. Bai esan zuen pentsakor, tea ematerakoan. Baina ez nagon gustura neurriarekin. Handitzera bidaliko ditinat. Ongi zeuden Gabon txartel gisa, baina ni ez naun behin ere argazki txikien aldekoa izan. Halakoekin satisfazio gutxi. Egia esan, ni goibel jartzen naiten.
Alicek ongi ulertu zion.
Neurria esan zuen Stubbs andreak. Neurri ona. Horixe esaten zinan beti nire senar maite gizagaixoak. Ezin zinan burutu gauza txikiekin. Ondoezik jartzen zunan. Eta arraroa bada ere, laztana honetan, Stubbs andreak kirrinka egin, eta oroitzearen poderioz zabaldu bezala egin zen, azkenean hidropesiak eraman zinan. Ospitalean behin baino gehiagotan hustu ziotenan pinta bat eta erdi... Hura gurutze bat zunan.
Alice desiratzen zegoen zehatz jakiteko zer hustu zioten. Esatera ausartu zen:
Ura, noski?
Baina Stubbs andreak begiak Alicegan josi eta esanguratsu erantzun zion:
Likidoa, laztana.
Likidoa! Alicek, hitz haren aurrean, katuak bezala atzera egin eta berriro hurbildu zen, usnaka eta susmati.
Hauxe zunan! esan zuen Stubbs andreak, eta dramatismoz seinalatu zituen gizon mardul baten neurri naturaleko buru eta sorbaldak, zamarraren botoi zuloan arrosa zuri ihar, gantz puska kiribil baten antzekoa zuela. Azpian, kartoi gorrian zilarrezko letraz zegoen idatzita: «Ez beldurtu, ni naiz».
Zer aurpegi ederra esan zuen Alicek emeki.
Stubbs andreak ile kizkur argien gainean zeraman txibista urdin zurixkak dar-dar egin zuen. Lepoalde guria okertu zuen. Hura lepoa! Hasieran arrosa bizia, gero alberretxiku iluna, hortik arrautz azal gorrira ahuldu eta azkenik krema kolore sendoa.
Kontuak kontu, maitea esan zuen ustekabean, gora askatasuna!
Urruma ematen zuen haren barre iduri lodi, gozoak.
Gora askatasuna esan zuen Stubbs andreak berriro.
Askatasuna! Alicek barre txiki, txoro, ozen bat egin zuen. Gogaitua sentitu zen. Bere sukalderaino hegatu zitzaion pentsamendua. Bai xelebrea! Haraxe itzuli nahi zuen atzera.
IX
Tea hartu eta gero, lagun talde bitxi bat elkartu zen Burnelldarren garbitokian. Hango mahaiaren jiran eseri ziren zezena, oilarra, astoa zela ahazten zitzaion astoa, ardia eta erlea. Garbitokia leku paregabea zen hala elkartzeko, zeren nahi hainbat hots egiten ahal zuten, sekula inortxok galarazi gabe. Burdinzurizko estalpe txiki bat zen, baserritik bereiz. Hormaren kontra aska sakon bat zegoen eta kantoian pazia bat, gainean pintzak edukitzeko saski bat zuela. Leiho txikian, dena amaraunez josia, kandela mutur bat eta sagutegi bat zegoen koskako hauts artean. Arropa-sokak zeuden goi guztian bihurri, eta hormako kako batetik zintzilik zaldi-ferra handi, ikusgarri, herdoildu bat. Erdian zegoen mahaia, alde bakoitzean bankua zuela.
Ezin zara erlea izan, Kezia. Erlea ez da aberea. Moxorroa da.
O, baina nik erlea izan nahi nuke egin zuen intziri Keziak... Erletxo bat, ile-horia eta hanka marradunak. Hankak azpian bildu eta mahai gainean luzatu zuen gorputza. Erle sentitzen zen. Erlea aberea da esan zuen temati. Hotsa egiten du. Ez da arraina bezalakoa.
Ni zezena, ni zezena! oihukatu zuen Pipek. Eta sekulako makakorroa egin nola egiten zuen hots hura?, eta Lottie izutu bezala egin zen.
Ni ardia esan zuen Rags txikiak. Artalde osoa pasatu da goizean.
Nola dakizu?
Attak entzun ditu. Bee!
Atzetik ttattoka datorren arkumea ematen zuen, norbaitek besoetan eraman zain.
Kukurruku! egin zuen Isabelek garrasi. Oilarra ematen zuen, masailak gorri eta begiak argi.
Eta ni zer?
Denei galdezka zegoen Lottie, eta irribarretsu zegoen, besteek erabaki zain. Zerbait erraza izan behar zuen.
Astoa, Lottie bururatu zitzaion Keziari. Hi-ha! Ez zaizu ahaztuko.
Hi-ha! esan zuen Lottiek handikiro. Noiz esan behar dut?
Lasai, argituko dizut eta esan zuen zezenak.
Berak zeuzkan kartak. Buruaren inguruan ibili zituen.
Ixo! Entzun! Eta zain jarri zen. Begira, Lottie. Karta bat altxatu zuen. Bi puntu ditu. Ikusten? Ba zuk karta hori erdian jarri eta beste norbaitek ere bi puntuko bat badu, zuk «Hi-ha» esan eta karta zeuretzat.
Niretzat? Lottiek begiak biribildu zituen. Betiko?
Ez, tuntuna. Partida horretan. Jokatzen dugun bitartean. Zezena oso haserre ari zitzaion.
O, Lottie, zer tuntuna zaren esan zuen oilar harroak.
Lottiek biei begiratu zien. Orduan burua makurtu zuen; ezpainak dar-dar zituen.
Ez dut ibili nahi xuxurlatu zuen.
Besteek elkarri so egin zioten, konspiratzaileen antzera. Bazekiten horrek zer esan nahi zuen. Hark handik alde egin eta beste nonbait topatuko zuten, mantala burutik behera, zutik kantoi batean, edo hormaren kontra, edo baita aulki baten atzean ere.
Bai, nahi duzu, Lottie. Oso erraza da esan zuen Keziak.
Eta Isabelek, damututa, pertsona heldu batek bezalaxe esan zion:
Begira niri, Lottie, eta laster ikasiko duzu.
Aupa, Lot esan zuen Pipek. Badakizu zer? Lehenbizikoa emango dizut. Berez nirea da, baina zuretzat. Tori. Eta Lottieren aurrera bota zuen karta.
Horrekin bizkortu zen Lottie. Baina orain beste larritasun bat zuen.
Eztaukat musuzapirik esan zuen. Behar handia dut.
Tori, Lottie, nirea erabil ezazu.
Ragsek marinel blusan eskua sartu eta itxura oso bustiko bat atera zuen, korapiloarekin.
Kontuz ohartarazi zion. Ertz hori bakarrik erabili. Ez askatu. Itsas izar txiki bat daukat barruan, hezteko.
Mugitu, neskak esan zuen zezenak. Eta ez gero kartei begiratu. Mahai azpian eduki behar dituzue eskuak, nik «Ja» esan arte.
Di-da zabaldu ziren kartak mahaian zehar. Ahalegin guztiak egin zituzten ikusteko, baina Pip bizkorregi aritu zen. Zirrara handia zen garbitokian egotea; gogotik saiatu ziren abere koruari ez ekiten, Pipek banaketa amaitu aurretik.
Ea, Lottie, hasi.
Lottiek eskua lotsati luzatu, goiko karta hartu sailetik, ongi begiratu argi zegoen ttanttoak zenbatzen ari zela, eta buruz behera jarri zuen.
Ez, Lottie, horrela ez. Ez duzu aurrena ikusi behar. Beste aldera jarri behar duzu.
Baina orduan nirekin batera ikusiko dute besteek ere esan zuen Lottiek.
Jokoak aurrera egin zuen.
Muuuu! Latza zen zezena. Mahaiari oldartu eta bazirudien kartak jango zituela.
Ziiii! esan zuen erleak.
Kukurruku! Zirrararekin Isabel zutitu eta ukondoei eragin zien hegoen antzera.
Bee! Rags txikiak Errege Diamantea bota eta Lottiek Errege Espainiako deitzen ziotena bota zuen. Ia kartarik gabe zegoen.
Zergatik ez duzu oihukatu, Lottie?
Ahaztu zait zer naizen esan zuen astoak atsekabez.
Ba aldatu! Zu zakurra! Au-au!
O, bai. Hori bai erraza.
Lottiek irribarre egin zuen atzera. Baina berak eta Keziak batekoa agertu zutenean, Kezia nahita geratu zen zain. Besteek keinuak egiten zizkioten Lottieri, seinalatuz. Hau zeharo gorritu zen; zur eta lur zirudien, eta azkenean esan zuen:
Hi-ha! Kezia.
Ixx! Egon zaitezte!
Denak buru-belarri zeudela geldiarazi zituen zezenak, eskua goratuta.
Zer da hori? Zer da zarata hori?
Zer zarata? Zer diozu? galdetu zuen oilarrak.
Ixx! Isilik! Entzun!
Mutu geratu ziren.
Ate hotsa iruditu zait esan zuen zezenak.
Nolakoa? galdetu zuen ardiak emeki.
Erantzunik ez.
Erleak dar-dar egin zuen.
Zertarako itxi dugu atea? esan zuen ahopean. O, zergatik, zergatik itxi ote zuten atea?
Jolasten zeudela, ilundu zuen eguna; arrats oparoak distira egin eta itzali zen. Eta orain ilunpe azkarra lasterka zetorren itsasoan barrena, hondar-muinoetan barrena, soroetan gora. Beldur ematen zizun garbitoki ertzetara begiratzeak, baina halere nahitaez begiratu behar zenuen. Eta nonbait, oso urruti, kriseilua pizten ari zen amona. Saretak jaisten; sukaldeko sua jauzika zebilen, tximiniaren koskako ontzietan.
Hori beldurra esan zuen zezenak, orain armiarma bat erortzea sabai gainetik mahaira.
Armiarmak ez dira sabai gainetik erortzen.
Eroriko ez dira! Gure Minek platera adinako armiarma ikusi omen zuen behin, tximua bezain ile-luzea.
Buru txiki guztiak bizkor tentetu ziren; gorputz txiki guztiak elkarrengana bildu ziren, estu-estu.
Zergatik ez dator norbait gure bila? egin zuen oilarrak garrasi.
Oi helduak, gozo-gozo barrez, kriseilu-argitan eserita, kikeratik edaten! Ahaztuta zeuden berekin. Ez, ahaztuta ez. Irribarrean antzematen zitzaien. Hantxe bakarrik uztea erabaki zuten.
Bat-batean, Lottiek sekulako deiadar zorrotza bota eta denak altxatu ziren bankutik, denak deiadarka.
Aurpegi bat... Aurpegi bat dago begira! egin zuen Lottiek garrasi.
Egia zen, hantxe zegoen. Leihoari erantsita zegoen aurpegi zurbil bat, begi beltzak eta bizar beltza.
Amona! Ama! Norbait!
Baina artean ateraino heldu ez, bata bestearen gainetik zilipurdika, eta osaba Jonathanek zabaldu zuen. Mutilak etxeratzera zetorren.
X
Lehenago iristeko asmoa zuen, baina aurreko lorategian topo egin zuen Lindarekin, belardian hara eta hona zebilela, gelditu eta krabelin hil bat biltzen, edo heldulekua jartzen sortako krabelin buru-astun bati, edo zerbait sakon usaintzen, eta berriro ere oinez, urruti dagoenaren airearekin. Soineko zuriaren gainean txal hori bat zeraman, beheko barrena arrosaduna, Chinaman dendakoa.
Kaixo, Jonathan! hots egin zion Lindak.
Eta Jonathanek bere panama-kapelu narrasa bizkor erantzi, bularraren kontra ezarri, belaun bat makurtu eta muin eman zion Lindari eskuan.
Agur, eder hori! Agur, zeruko muxika lore! burrunbatu zuen ahots lodiak xamur. Non dira beste andereño xarmantak?
Beryl kanpoan bridgean jokatzen eta ama mutikoa bainatzen. Zerbaiten eske zatoz?
Troutenekoei beti gauzak bukatu eta Burnellenera jotzen zuten azken orduan. Baina Jonathanen erantzun bakarra:
Maitasun apur bat, goxotasun apur bat eta koinataren aldamenetik abiatu zen.
Berylen hamakan etzan zen Linda, manuka arbolaren azpian. Jonathan ere ondoan etzan belardian, belar izpi luze bat hartu, eta hari hozka hasi zen. Ongi ezagutzen zuten batak bestea. Ume oihuak iristen ziren beste lorategietatik. Arrantzale baten gurdi arina igaro zen bide hondartsutik danbaka, eta zakur bat aditzen zen urruti zaunkaka; motel iristen zen hotsa, zakurrak burua zaku batean baleuka bezala. Arreta jarriz, itsas goraren ziztu gozoa aditzen zen, hartxintxarra astintzen. Abailtzen ari zen eguzkia.
Bulegora itzuliko omen zara astelehenean, e Jonathan?
Astelehenean kaiola ireki eta taka itxiko da biktimaren atzean, hamaika hilabete eta astebete erantzun zuen Jonathanek.
Linda apur bat kulunkatu zen.
Latza izan behar du esan zuen astiro.
Nahi duzu barre egitea, arreba maite? Nahi duzu negar egitea?
Linda ohituta zegoen Jonathanen hizkerarekin eta ez zuen aintzat hartu.
Dirudienez esan zuen ezbaikor, azkenerako etsitzen da. Edozertara etsitzen da.
Bai? Mm! «Mm» hura hain izan zen sakona, non bazirudien lur azpiko durundia izan zela. Nola egiten ote da hori? hausnartu zuen Jonathanek. Nik ez dut egundo lortu.
Hura han etzanda ikusita, Lindari berriro etorri zitzaion gogora zer gizon egokia zen. Arraroa zen pentsatzea bulegari arrunta besterik ez zela, Stanleyk hark halako bi irabazten zuela. Zer gertatzen zitzaion Jonathani? Anbizio falta; hori izango zen. Baina, halere, argi zegoen dohainak zituela, berezia zela. Sekulako irrika zuen musikarako; sos guztiak liburutan joaten zitzaizkion. Beti zituen ideia berriak, proiektuak, planak. Baina atarramenturik ez. Su berriaren galda zuen; ia-ia txingar hots gozoa ere entzun zitekeen, hura gauza berriak azaltzen, jorratzen eta lantzen hasten zenean; baina handik laster, dena amatatu eta ez zegoen errautsa besterik, eta Jonathan han ibiltzen zen, gosetutako begi beltzekin. Halakoetan hizkera zentzugabe hura nabarmentzen zuen, eta elizan kantatzeko orduan koruko zuzendaria zen, halako intentsitate dramatikoz aritzen zen, non himno eskasenak ere gorentasun profano bat hartzen zuen.
Hain da txoroa eta madarikatua bulegora joan beharra astelehenean esan zuen Jonathanek, orain arte eta gerora ere berdin. Bizitzako urterik onenak aulki batean eserita bederatzietatik bostak arte, besteren liburuetan kontuak zirrimarratzen! Xelebrea da horrela erabiltzea inoren bizitza bakarra, ezta? Ameslari hutsa ote naiz?
Belarretan buruz gora jarri, eta Lindari begiratu zion.
Esaidazu zer alde dagoen nire bizitza eta gatibu arrunt batenaren artean. Neuk sartzen dudala neure burua kartzelan, eta inork ez nauela sekula askatuko. Hori da nik ikusten dudan alde bakarra. Nirea okerragoa da. Izan ere, gogoz kontra bultzatu banindute ostikoka edo, atea itxitakoan, edo handik bost urtera, agian egoera onartu eta hasiko nintzen interesatzen eulien hegaldiarekin, edo igarobidetik dabilen zaindariaren pausoak zenbatzen, ibilera aldaketei-eta adi-adi. Baina orain nagoen bezala, gela barrura bere kabuz hegatu den zomorroaren antzekoa naiz: hormak jo, leihoak jo, goiko sabaian kolpea hartu, direnak eta ez direnak egiten ditut, kanpora irtetea izan ezik. Eta bien bitartean sitsa, edo tximeleta, edo dena delako horren moduan ari naiz pentsatzen: «Zer laburra bizitza! Zer laburra bizitza!» Gau bat edo egun bat besterik ez dut, eta hortxe dago, kanpoan zain, lorategi zabal arriskutsu hori, ezagutu gabea, ikertu gabea.
Baina horrela sentitzen bazara, zergatik... hasi zen Linda bizkor.
Ai! hots egin zuen Jonathanek. Eta «Ai!» hura ia bozkariozkoa izan zen. Hor dago koska. Zergatik? Zergatik, baina? Hori da zoratzeko galdera misteriotsua. Zergatik ez naiz berriro hegaz irteten? Hor dago leihoa edo atea edo sartzeko erabili dudana. Ez dago esperantzarik gabe itxia... ezta? Zergatik ez dut aurkitzen eta alde egiten? Erantzun, arrebatxo. Baina ez zion erantzuteko betarik eman. Zomorro hori bezalaxe nago. Zerbaitengatik Jonathanek eten bat egin zuen, ez da zilegi, debekatua dago, zomorroen legearen kontra doa, istant batez bada ere ezin dut utzi kristalean gora arrastatzea, jotzea eta astintzea. Zergatik ez dut bulegotik hanka egiten? Zergatik ez dut serio aztertzen, oraintxe bertan, zerk galarazten didan joatea? Ez dut sekulako loturarik. Bi mutil mantendu behar ditut, baina, azken batean, mutilak dira. Itsasora alde egin nezake, edo lana topatu barrualdean, edo... Bat-batean Lindari irribarre egin eta ahotsa aldatuta esan zion, sekretu bat kontatzen ari balitzaio bezala: Ahula... ahula. Kemenik ez. Tinkotasunik ez. Nire bizitzan printzipio gidaririk ez, esan liteke.
Baina orduan haren belusezko ahots beltza hedatu zen:
Entzun ezazu istorioak
Nola duen jarraitzen...
eta isilik geratu ziren.
Eguzkia ezkutatua zegoen. Sartaldeko zeruan arrosa koloreko hodei zanpatuen masa handiak zeuden. Argi izpi zabalek distiratzen zuten hodei artetik, eta baita harago ere, zeru osoa estaliko balute bezala. Goialdean desegiten zihoan urdina; urre zurbil bihurtu zen, eta sasien islak, hantxe erantsita, ilun eta distiratsu argitzen zuen, metala bailitzan. Batzuetan, argi izpi horiek beldur ematen dute, zeruan agertzen direnean. Gogora ekartzen dizute han goian Jehova dagoela, Jainko jeloskorra, Ahalguztiduna, begia zure gainean, beti erne, sekula nekatu gabe. Oroitzen zara ere, Bera datorrenean mundu osoa hilerri erraustu bilakatuko dela; aingeru hotz, argitsuek batera eta bestera eramango zaituzte, eta ez da astirik egongo hain erraz esplika litekeena esplikatzeko... Baina gau honetan, Lindari iruditu zitzaion zilarrezko izpi haietan bazegoela zerbait txit pozgarri eta maitagarria. Eta orain ez zen iristen itsasoko hotsa. Eztiro haize ematen zuen, edertasun xamur, maitagarri hori haren altzora bilduta bezala.
Dena okerra, dena okerra heldu zen Jonathanen ahots goibela. Hau ez da agertokia, ez da kokaleku egokia... hiru aulki, hiru idazmahai, hiru tintontzi eta burdin harizko sareta bat.
Lindak bazekien Jonathan ez zela aldatuko, baina halere esan zion:
Beranduegi da orain?
Zahartu naiz, zahartu... intonatu zuen Jonathanek. Lindarengana makurtu eta burua igurtzi zuen eskuaz. Ikusi!
Ile beltza erabat zilarrez zipriztindua zeukan, hegazti beltz baten bularreko lumajea bezala.
Harritu zen Linda. Ez zuen asko uste ilea zuritzen hasi zitzaionik. Baina halere, hura ondoan zegoen bitartean, antsika eta nagiak ateratzen, lehenbiziko aldiz ikusi zuen, ez irmo, ez galai, ez axolagabe, baizik eta ja urteetan sartua. Belar gero eta beltzagoan oso garaia zirudien, eta Lindari burutik pasatu zitzaion: «Belar gaiztoa bezalakoa dun.»
Berriro makurtu eta musu eman zion hatzetan.
Zeruak sari dezala zure pazientzia gozo hori, andereño xuxurlatu zuen. Nire fama eta fortunaren oinordekoen bila noa.
Horrenbestez joan zen.
XI
Argia ageri zen baserriko leihoetan. Urrezko bi laukitxo erortzen ziren krabelin eta ilen kultibatu puntadunen gainera. Florrie, katua, ataripera irten eta goiko mailan eseri zen, atzapar zuriak bata bestetik hurre, buztana gorputz azpian kiribildua. Pozik ematen zuen, egun osoa une honexen zain egon ondoren bezala.
«Eskerrak, ari du iluntzen esan zuen Florriek. Eskerrak, amaitu da egun luzea.» Aran antzeko begi berdeak zabaldu zituen.
Orduantxe zalgurdiaren burrunba entzun zen, Kellyren zarta hotsa. Hurbildu ahala, aditzeko modukoak egin ziren herriko gizonen ahotsak, ozen hizketan. Burnelleneko atarian gelditu zen.
Stanleyk bidexkaren erdia egina zuenean gorantz, Linda ikusi zuen.
Zu zara, bihotza?
Bai, Stanley.
Lore-multzoaren gainetik salto egin eta besoetan hartu zuen emaztea. Linda bil-bil eginda geratu zen besarkada ezagun, sendo, sutsu hartan.
Barkatu, laztana, barkatu toteldu zuen Stanleyk, eskua Lindaren kokots azpian jarri eta aurpegia bere aldera jasoz.
Barkatu? egin zuen Lindak irribarre. Zer ordea?
Jainko maitea! Nola ahaztuko zitzaizun bada! hots egin zuen Stanleyk. Egun osoa horretan pentsatzen eraman dut. Izugarri egun txarra izan dut. Airean joan eta zuri telegrama bidaltzekotan egon naiz, baina konturatu naiz ni neu seguru asko mezua baino lehen helduko nintzela. Gorriak ikusi ditut, Linda.
Baina Stanley esan zuen Lindak. Zer barkatu behar dizut?
Linda! oso minduta zegoen Stanley. Ez zara ohartu ohartuko zinen, gaur goizean zuri adio esan gabe joan naizela? Nolatan egin ote dut horrelako zerbait. Nire umore xelebre hau! Baina tira hasperen egin eta berriro hartu zuen Linda besoetan, nahikoa sofritu dut gaur.
Zer duzu eskuan? galdetu zuen Lindak. Eskularru berriak? Utzi ikusten.
O, larruzko zatar merke batzuk esan zuen Stanleyk umil. Gaur zalgurdian Belli berdinak ikusi eta, denda aurretik pasaeran, bizkor sartu eta pare bat erosi dut. Zeri egiten diozu barre? Ez diozu gaizki irizten, ezta?
Alderantziz, maitea esan zuen Lindak. Zentzuz jokatu duzu.
Lindak eskularru zabal, zurixketako bat jantzi eta eskuari begira jarri zen, jira hona eta jira hara. Irribarretsu jarraitzen zuen.
Stanleyk gustura esango ziokeen: «Erosten nituen bitarte guztian zugan egon naiz pentsatzen.» Egia zen, baina, auskalo zergatik, ezin izan zuen esan.
Goazen barrura esan zuen.
XII
Zergatik sentitzen zara hain desberdin gauez? Zergatik da hain emozionantea esna egotea, beste guztiak lo daudenean? Berandu, oso berandu da! Halere, gero eta esnago sentitzen zara, eta arnasa hartzen duzunero badirudi pixkana esnatzen ari zarela, egun argikoa baino mundu berri, zoragarri, askoz zirraragarri eta emozionanteagoan. Eta zer da konspiratzaile bat zaren sentsazio bitxi hau? Bizi-bizi, ezkutuan zabiltza zure gelan. Apain-mahai gainetik zerbait hartu, eta berriro bertan uzten duzu, hotsik atera gabe. Eta guztiak, baita oheko adarrak ere, zu ezagutu, zurekin bat egin, zure sekretua gordetzen du...
Egunez ez duzu oso gogoko zure gela. Sekula ez zara berarekin oroitzen. Sartu eta atera ibiltzen zara, atea han dabil ireki eta itxi, armairua kirrinka. Ohe ertzean eseri, oinetakoz aldatu eta bazoaz airean. Ispiluan murgildu, ilean bi urkila, sudurrean hautsa eta ospa berriro. Baina orain, bat-batean, oso begiko duzu. Gela txiki bitxi polit bat. Zeurea. O, zer poza ematen duen gauzen jabe izateak! Neurea, neronena!
Neronena betiko?
Bai. Bien ezpainak batu ziren.
Ez, noski, horrek ez zuen zerikusirik. Hori dena txorakeria eta berriketa zen. Baina, nahiz eta berak nahi ez, Berylek argi ikusi zuen bikote bat zutik gelaren erdian. Neskaren besoak mutilaren lepoan; mutila neskari eusten. Eta mutila marmarka:
Nire ederra, eder maitea!
Berylek ohetik salto egin, leihoraino bizkor joan eta leiho ondoan belaunikatu zen, ukondoak goiko koskan. Baina gau ederra, lorategia, sasi bakoitza, hosto bakoitza, bai hesola zuriak, bai izarrak, denak ziren konspiratzaile. Ilargiaren distira hain zen handia, non loreek egunez bezala distiratzen zuten; iturri-belarren itzala, lirio antzeko hosto finekin eta loreak zabal-zabal, ataripe zilartsuan sakabanatzen zen. Manuka arbola, hego haizearekin makurtua, txoria ematen zuen hanka bakarrean, hego bat luzatua.
Baina Berylek sasiartera begiratu zuenean, sasiartea triste zegoela iruditu zitzaion.
«Zuhaitz mutuak gara, gauean tente jarri eta ez dakigu zer eskatzen, otoi», esan zuen sasiarte penatuak.
Egia da, bakarrik egon eta bizitzaz pentsatzen duzunean, hau beti tristea da. Emozioak eta horrek guztiak bat-batean ihes egiten dizu nola edo hala, eta badirudi, isiltasunean, norbaitek deitzen dizula, eta zuk lehenengo aldiz aditzen duzula zeure izena:
Beryl!
Bai, hemen nago. Beryl naiz. Nor dabil nire bila?
Beryl!
Utzi zugana joaten.
Bakartia da zeure gisa bizitzea. Jakina, badaude senideak, lagunak, hainbat eta hainbat; baina ez da hori kontua. Inork ezagutzen ez duen Beryl hori aurkituko duen norbait nahi du, beti Beryl hori izatea espero izango duen norbait. Maitale bat nahi du.
«Eraman nazazu jende honen guztiaren ondotik, maitea. Goazen hemendik urruti. Bizi dezagun geure bizitza, dena berria, dena geurea, hasiera-hasieratik. Pitz dezagun geure sua. Eseri eta jan dezagun elkarrekin. Hitz egin dezagun gauez, luze eta zabal.»
Eta pentsamendua zen kasik: «Salba nazazu, maitea. Salba nazazu!»
...«Aurrera! Ez geldoa izan, bihotza. Ongi pasa ezan, gaztea haizen bitartean. Kontseilu hori ematen dinat.» Eta Kember andrearen irrintzi ozen, arduragabeari barre txoroko erreka bat elkartu zitzaion.
Izan ere, ikaragarri zaila da inor gabe egotea. Beti edozeren menpe. Eta ezin zakarra izan. Beti beldur, badiako beste txorokiloak bezain ezjakin eta ilauna emango ote duzun. Eta... liluragarria da jendearen gain boterea duzula jakitea. Bai, liluragarria...
O, zergatik, zergatik ez da «hura» laster etortzen?
«Hemen bizitzen segituz gero pentsatu zuen Berylek, edozein gauza gertatuko zaidan.»
«Baina nola dakin hura noizbait etorriko zainala?», egin zuen iseka bere baitako ahots txiki batek.
Baina uxatu zuen Berylek. Ez zen bazterrean geratuko. Besteak agian, baina bera ez. Ez zen posible Beryl Fairfield ez ezkontzea, hain neska jator, xarmanta.
Gogoratzen Beryl Fairfield?
Gogoratu? Nola ahaztuko naiz! Uda batez ikusi nuen badian. Hondartzan zegoen, muselinazko soineko urdin bat zeramala... ez, arrosa, lastozko kapelu krema kolore batekin... ez, beltza. Baina urteak dira ja.
Beti bezain ederra dago, gehiago ez bada.
Berylek irribarre egin, ezpaina ausiki eta lorategian barrena so egin zuen. Eta so egitean norbait ikusi zuen, gizon bat, errepidea utzi eta hesolen ondoko belarditik etortzen, zuzenean beragana bezala. Beryli taupaka hasi zitzaion bihotza. Nor zen? Nor izan zitekeen? Lapurra behintzat ez, nola bada, erretzen zetorren, tipi-tapa. Bihotzak salto egin zion; buruz behera bezala jarri zitzaion, eta gero gelditu. Ezagutu zuen.
Gabon, Beryl andereñoa esan zuen ahotsak goxo.
Gabon.
Etorri nahi duzu paseatzera? arrastatu zituen hitzak.
Paseatzera... gaueko garai hartan!
Ezin dut. Denak ohean daude. Denak lo.
O! esan zuen ahotsak arin, eta ke bolada gozo bat zabaldu zen. Ze inporta besteak? Zatoz! Gau giro ederra dago. Ez da arimarik ere ageri.
Berylek ezetz egin zuen buruaz. Baina bere baitan zerbait itzarri zen, burua jaso zuen zerbaitek.
Ahotsak esan zuen:
Beldurra? Eta burlazko doinu batez: Neska gaixoa!
Ezta batere esan zuen Berylek. Hitz egin ahala, bazirudien barruko gauza ahul hura harrotzen ari zela, bat-batean ikaragarri indartzen; joateko gogoa zuen!
Eta hau ongi ulerturik bezala, ahotsak esan zuen, goxo eta ezti, baina erabakiz:
Goazen!
Beryl leiho apaletik irten, ataripea zeharkatu eta lasterka joan zen belarretik atakaraino. Hantxe zuen beste hura aurrean.
Hori da arrazoia! egin zuen ahotsak hasperen, eta ondoren iseka: Ez zara beldur, ezta? Ez zara beldur?
Baina bai; izututa zegoen, eta dena desberdin iruditu zitzaion. Ilargia erne eta dir-dir; itzalak burdin barrak balira bezala. Eskutik heldu zion hark.
Ezta batere esan zuen arin. Zer dela eta?
Eskutik tiratu zion goxo, erakarriz. Berak eutsi egin zion.
Ez, ez naiz urrutiago joango esan zuen Berylek.
Txorakeriak! Harry Kemberek ez zion sinesten. Goazen! Fuksia landare horretaraino bakarrik. Goazen!
Fuksia landarea garaia zen. Hesi gainera erortzen zen, erreka bezala. Ilunpe gune txiki bat zegoen azpian.
Ez, egiatan, ez dut nahi esan zuen Berylek.
Une batez, Harry Kemberek ez zuen erantzun. Orduan hurreratu, aurrean jarri, irribarre egin eta bizkor esan zuen.
Ez tuntuna izan! Ez tuntuna izan!
Sekula ez zuen halako irribarrerik ikusi. Mozkorra ote zegoen? Irribarre argi, itsu, izugarri hark izoztuta utzi zuen beldurrez. Zer zebilen? Nolatan joan zen haren ondora? Lorategia horrela zorrotz galdezka ari zitzaiola, ataka
zabaldu eta katua bezain arin sartu zen Harry Kember eta heldu zion.
Deabru arraioa! Deabru arraioa! esan zuen ahots gorrotagarriak.
Baina Beryl indartsua zen. Irrist egin, saihestu eta libratu zen.
Bilaua zara, bilaua esan zion berak.
Orduan zergatik etorri zara, Jainkoaren izenean? toteldu zuen Harry Kemberek.
Inork ez zion erantzun.
Laino txiki, bare batek zeharkatzen zuen ilargi gaina. Iluntasunezko une hartan entzun zen itsasoa sakon, aztoratua. Gero hodeia igaro, eta itsas hotsa zurrumurru ahul egin zen, amets ilun batetik esnatuta bezala. Dena isil.
© Katherine Mansfield
© itzulpenarena: Anton Garikano