V
Lidon zegoenetik laugarren astean, Gustav von Aschenbachek berehalako bere ingurunean zenbait ohar kezkagarri egin zituen. Lehenik, urtaroak egin ahala hotelaren bezeriak gehitu beharrean murriztera areago jotzen zuela iritzi Zion eta, batez ere, hizkuntza alemaniarra urrituz eta mututuz zihoala bere aldamenean, halako moldez, non bai jantokian eta bai hondartzan, soinu arrotzak bakarrik belarrietaratzen baitzitzaizkion. Gero, egun batean ilemoztailearekin berriketan ari zela, zeina orain maiz bisitatzen baitzuen, hitz txundigarri bat harrapatu zuen airean. Gizona familia alemaniar batez ari zitzaion hitz egiten, zeinak egonaldi labur baten ondoren alde egin baitzuen, eta berritsu eta zilibokari gehitu zuen:
Baina zu gelditu egiten zara, jauna; gaitzak ez dizu beldurrik ematen.
Aschenbachek begiratu eta errepikatu zuen:
Gaitzak?
Hitzontzia mututu egin zen, lanpetu-itxurak egin eta ez-entzun egin zion galderari. Baina gero eta hisitukiago egiten ziotela ikusirik, ez zeukala ezeren berririk aitortu eta erretolika ahalketuz hizketa saihesten ahalegindu zen.
Hau eguerdian gertatu zen. Arratsaldean, itsaso barea eta eguzki kiskalgarriaren pean, Aschenbach Veneziara joan zen: zeren maniak neba-arreba poloniarrei jarraitzera bultzatzen baitzuen, zeinak untzirategirako bideari lotzen ikusi baitzituen institutriza lagun zutela. Ez zuen bere idoloa San Marcosen aurkitu. Baina te-garaian, plazaren alderdi itzaltsuan burdinazko mahaitxo biribil batean eserita, airean supituki usain berezi bat hartu zuen zenbait egun lehenago hauteman uste izandakoa, baina gehiegi konturatu gabe ordea: usain gozo botikazkoa, miseria, zauriak eta higiene badaezpadakoa iradokitzen zituena. Arretaz aztertu eta ezagutu egin zuen; gero bere tea amaitu eta alde egin zuen plazatik tenploaz bestaldeko alderditik. Usaina areagotu egin zen mehargunea. Kantoietan kartel inprimatuak tinkaturik zeuden, non biztanleriari aitakiro oharrarazten zitzaion, urtearen aldi hartan maiz izaten ziren urdail-desarau batzuengatik ez zezala ostra eta moluskurik jan, eta kanaleko urarekin ere erne ibiltzeko. Nabaria zen bandoaren tonu disimulatzailea. Zubi eta plazetan taldean ageri ziren isilik zeinen ondotik, eta kanpotarra haien albotik igarotzen zen, usmakor eta pentsalari.
Merkatari bat bere dendako atera arrimaturik ikustean, koralezko lepoko eta sasi-amatistazko apaingailuen artean, informazioa eskatu Zion parte txarreko usain hartaz. Gizonak begi serioez begiratu eta, laster batean adorea berreskuraturik, keinuka erantzun zion:
Prebentzio-neurri bat, jauna; polizi xedapen guztiz laudagarria. Egutaro hau zanpatzailea da eta sciroccoak ez dio mesederik egiten osasunari. Hitz batean, ulertzen didazu... agian arreta gehiegizko bat...
Aschenbachek eskerrak eman eta bideari jarraitu zitzaion. Lidora itzuli zuen vaporettoan ere usnatu zuen desinfektakari-usaina.
Hotelera iristean, sarrerako mahaitxora jo zuen berehalakoan, egunkariak uzten zituzten tokira, eta luzaroan aritu zen orriak iraultzen. Ez zuen atzerrikoetan ezer aurkitu. Herrialdekoek zurrumurruak zekartzaten, zifra aldakorrak eskaini eta gezurtapen ofizialak argitaratzen zituzten, eta beraien egiazkotasuna, halere, auzitan jarriz. Horrek argitzen zuen zergatik alde egin zuen bezeria alemaniar eta austriarrak. Beste nazioetako hiritarrek ez zekiten eta ez zuten susmatzen, agi zenez, ezertxo ere; oraindik ez zeuden alarmaturik. «Isilik egon behar da!», pentsatu zuen Aschenbachek sumindurik, egunkariak mahaiaren gainera jaurtikitzen zituen bitartean. «Isilik eduki behar da hori!». Baina aldi berean gogabeterik aurkitu zuen bihotza bere ingurunea sarturik zegoeneko abenturarengatik. Zeren grina, krimena bezala, bihurri konpontzen baita ordenu ezarria eta eguneroko bizitzaren ongizatearekin, eta sistema burgesaren edozein kolokatze, edo mundua mehatxupean jarriko duen edozein nahaste edo lazeriari ongietorri egingo dio ezinbestean, zeren haietatik abantaila ateratzeko esperantza lausoa baitu. Aschenbachek, beraz, pozkario ilun bat sentitzen zuen agintarien mantupean Veneziako kalesketan gertatzen ari zenaz, hiriaren misterio makur horretaz, zeina bere misteriorik barnekoenaz bat egiten baitzen, eta zeina hain arreta handiz gordetzen baitzuen. Zeren ez baitzuen ezerk laritzen maitemindua Tadziok alde egitearen ahaltasunak baino, eta ez zen beldurrik gabe ohartzen, halakorik gertatuz gero, ez zuela gehiago bizi izaten asmatuko.
Arestian ez zuen aski egunaren gurpila eta zoriaren baitan uztea mutiko ederrarengana hurbildu eta berg begiztatzeko aukerak: pertsegitu egiten zuen, hertsatu egiten zuen. Igandetan, esate baterako, poloniar familia ez Zen inoiz hondartzan agertzen; igarri zuen meza entzutera joaten zirela San Marcosera, eta egun batean, presaka bertara joan zen eta plazako eguzki berotik santutegiko urrezko erdiitzalean babesteko sartzean, bertan aurkitu zuen bere irrikagaia, belaunalki batean makurturik, elizkizunean. Gero atzekaldean kokatu zen, mosaikozko zoru itzausian, belaunikatzen, marmarka eta aitarenka ari zen jendearen artean, eta tenplo orientalaren ponpezia trinkoa bere zentzumenak atseginkiro zamatzen zituela. Jantzi dotore apainduak soinean zerabiltzan apaiz batek, kantari eta intsentsua zeriola, aldareko kandela indargeak lainotu zituen, eta opariaren usain gozoari pixkanaka bigarren bat nahasten zitzaiola ematen zuen hiri gaixotuaren usaina. Baina gandua eta bristaden artean Aschenbachek ikusi ahal izan zuen nerabeak burua bihurtzen zuela, begiradaz bilatu eta ezagutu egin zuela.
Geroago, jendetza ate irekietan zehar usoz gainezka zegoen plaza argitsura oldartu zenean, durditua elizatarian babestu zen eta bertan ezkutatu zen zelatari. Ikusi zituen poloniarrak elizatik irteten; ikusi zituen neba-arrebak zeremoniatsu amari agur esaten, zeina piazzettara joan baitzen gero hotelera joateko; frogatu zuen mutiko ederra, bere komentu-arrebak eta institutriza eskuinaldera abiatu zirela, Erlojuaren Dorrepera, eta Merceriara jo zutela eta aire apur bat emanik, haiek segitzeari, itzalgaizka pertsegitzeari ekin zion Veneziako bere paseoan barrena. Gelditu egin behar izaten zuen haiek gelditzean, ostatu eta ataritan babestu igarotzen uzteko bira ematen zutenean; begietatik galtzen zituen, bero-bero eta unaturik bilatzen zituen zubi edo irteera gabeko kale zikinetan, eta minutu batzuetako suplizio larria pasatzen zuen bereganantz etortzen ikusiz gero pasagune meharren batean, non ezinezkoa zen eskintxo egitea. Halere, ezin daiteke esan sufritzen zuenik. Buru-bihotzak hordituak zeuzkan, eta bere pausuek demonioaren gomendioak segitzen zituzten, zeinak gozatzen baitu gizakiaren duintasun eta arrazoia zapaltzen.
Non edo non Tadzio eta beretarrek gondola bat hartu zuten, eta Aschenbachek, haiek ontziratzen ari ziren bitartean irtengune baten atzean ezkutaturik egon zenak, gauza bera egin zuen, hegitik urruntzen ikusi zituenean. Ahots presati eta itzaliz agindu zion gondolariari, eskupeko bikaina emango zion promesaren pean, begirunez, tarte batera, kantoia gainditu zuen gondola hari jarraitzeko; eta hotzikara batek korritu zion bizkarra gizonak, alkahuete baten bizkortasunaz, tonu berean zerbitzatuko zuela, kontzientziaz zerbitzatuko zuela ziurtatu zionean.
Eta hala, kuxin beltz biguinetara arrimaturik beste ontzi beltz eta aurpegidunaren atzetik lerratu zen, zeinaren uharara kateatzen baitzuen grinak. Tarteka galdu egiten zitzaion, kezka eta ezinegonean murgilduz. Baina gidak, halako eginbeharretan trebea bide zenak, bazekien beti maniobra zuhurren bidez, lasterbide eta laburbideetan barrena, beti irrikagaia berriz ere begien aurrean jartzen. Airea bare eta usaintsu zegoen, eta eguzkiak gogor erretzen zuen zerua arbel-kolorea ematen zion ganduan barrena. Urak plisti-plasta egiten zuen harria eta zuraren kontra tupust eginez. Gondolariaren oihuak, aldi berean erdi-ohar eta erdi-diosal zenak, urrunean erantzun bat lortu zuen laberintoaren isiltasunetik akordio bitxiren baten ondorioz. Unbela, zuri eta purpurazkoak, almendra-usainarekin, murru baten hondakin hauskorretatik zintzilikaturiko lorategitxo batzuetatik esekita zeuden. Arabiar markodun leihoak errainutzen ziren ur arreetan. Eliza baten marmolezko mailak uretan galtzen ziren; haien gaienean, pikotxean zegoen eskale batek bere miseria berresten zuen kapela luzatuz eta begien zurigunea erakutsiz, itsua bailitzan. Bere dendazuloaren aurrean zutik, antikuari batek erreguzko keinuez gonbidatzen zuen paretik pasatzen zena barrura sartzera iruzur egiteko itxaropenean. Hori zen Venezia, eder losintxari eta susmagarria, kanpotarrentzat erdi-alegia eta erdi-tranpa zen hiria, zeinaren egurats ustelduan behiala artea joritasunez loratu baitzen eta zeinak konpositore bati baino gehiagori doinu lizunkiro lokarrarazleak inspiratu baitzizkion. Eta abenturazalearentzat bere begiak oparotasun guzti hartan eradanez bezala erabiltzea zen hura, doinu haiek belarriak gozatuko balizkiote bezala; eta hiria gaixorik zegoela gogoratzean eta irabazi-nahiz disimulatzen zuela, oraindik nasaikiago begiratu zion aurretik zihoan gondola kulunkariari.
Horrela errebelatuak ez zekien eta ez zuen nahi besterik irazekitzen zuen objektua taigabe pertsegitzea baizik, beragan amets egin, aurrez aurre ez zeukanean, eta maitaleen gisara, hitz samurrak zuzendu itzal soil bati. Bakardadeak, atzerriak eta horditasun berantiar eta sakon baten zorionak arrarokeriarik handienetara adoretu eta bultzatzen zuten, beldurrik eta lotsarik gabe, Veneziatik berandu itzuli zen gau batean bezala, hotelaren lehen solairuan mutiko ederraren ate aurrean gelditu, bekokia bertan bermatu, erabat mozkorturik, eta bertatik luzaroan aldendu ezin izan zuenean bezala, hain jarrera zentzugabean ustekabez harrapatua izateko arriskuarekin,
Halere, ez ziren falta izaten arnasuneak, zeinetan erdizka arrazoian sartzen baitzen. «Toki ederrean sartu nauk!», pentsatzen zuen orduan txunditurik. «Toki ederrean sartu nauk!» Berezko merituek bere jatorriaz interes aristokratiko bat sorterazten dioten gizon orok bezala, bizitzak arrakastak eskaintzen zizkionean bere karreran, bere arbasoez oroitzeko ohitura zuen eta mentalki beraien onarpena, gogobetetasuna eta haiengandik merezi uste zuen errespetua ziurtatzekoa. Han ere buruan zeuzkan, hain abentura gisagabean katigaturik zebilenez gero, sentimenduaren saihespen exotikotan harrapaturik; bai, gartxutasun berebizikoan, beren bizitzen gizonezko-irmetasunean pentsatzen zuen, eta melankoliaz irribarre egiten. Zer esango zuketen? Nahiz eta egiazki, zer esango zuketen beren bizitza osoaz, zeina aldenduz joan baitzen beraienetik endekatzeraino; arteari eskainiriko bizitza horretatik, gurasoen izpiritu burgesarekiko leiala zen bizitza horretatik, berak, behiala, gaztaroko iseken jopuntu bihurtu zuen horretatik, eta barrenean beraienaren hain antzekoa izan zen hartatik? Bera ere zerbitzari izan zen, bera ere soldadu eta gerrari izan zen beraietako asko bezala; zeren artea gerra baitzen, gaur eguneko gizonek jadanik balio ez zuteneko borroka unagarri bat. Norbere buruaren menperakuntzan eta setan oinarrituriko bizitza, bizitza latza, iraumen eta ukapenezkoa, heroismo birfindu eta garaikide baten sinbolo berak bihurtua, ongi jo zitekeen biril eta kementsutzat; eta bere buruaz jabetu zen Erosi, nolabait esateko, bereziki aproposa eta halako bizimodu bati atxekia zeritzon. Ez al zuen maitasun horrek estimurik handiena izan kemen handiko herrian artean? Ez al zioten, gainera, kemenak lorarazi zuela beren hirietan? Antzinateko heroi ugarik jasan zuten, gogara, bere uztarpea, zeren ez baitzen ezer umiliagarri jainkoaren eskutik etorriz gero; eta beste xede batzuetarako buruturiko egintzak izan balira koldarkeri seinaletzat txarretsiak izango ziratekeenak beulanikatzeak, zinitzak, arren sutsuak eta esklabu-bizimodua, maitaleari laidagarri ez baizik eta laudagarri bihurtzen zitzaizkion.
Horrela maneiatzen zituen itsutuak bere ideiak, horrela berretsi nahi zituen, horrela gorde nahi zuen bere duintasuna. Baina aldi berean arreta tematu eta ikertzailea zuzentzen zuen Veneziaren barruan gertatzen ziren gauza zikinetara, bere bihotzaren abenturarekin ilunki bateratzen zen kanpo-munduaren hari, bere grina itxaropen lauso eta anarkikoz elikatuz. Gaitzaren egoera eta aurrerapenaz informazio berriak eskuratzen kaskagorturi, irrikaz arakatzen zituen hiriko kafetegi guztietako egunkari alemaniarrak, zeren hotel-sarrerako irakurmahaitik desagertuak baitziren egun batzuk lehenagotik.
Beraietan baieztapenak eta zuzenketak agertzen ziren txandaka. Gaixotasun edo heriotze-kasuen kopurua hogei, berrogei eta ehun eta gehiagoren artean gorabeheraka zebilen; baina berehalaxe, izurritearen aitzineratzeak deplauki gezurtatzen ez baziren, erabat isolaturiko kasuetara mugatzen ziren, kanpotik inportatuetara. Gomendiozko gogoetak, protestak barreiatzen ziren italiar agintarien joko arriskutsuaren kontra. Ez zegoen ezer ziur jakiterik.
Hala ere, bakartiak eskubide berezi bat hartzen zuen beretzat sekretuan parte hartzeko eta, nahiz eta baztertua egon, atsegin estrainioa sentitzen zuen iniziatuei galdera lakiodunak egitean eta horrela, eta elkarri isilik egoteko hitza eman ziotelarik, jakinaren gai nean gezurra esatera behartzen zituen. Horrela gertatu zen goiz batean, jantoki handian gosaltzen ari zela, argitasunak eskatzea frantses lebitadun administrari mazkarrari, zeina begiratuki paseatzen baitzebilen mahaikideen artean, agurka eta zerbitzariak zaintzen, eta Aschenbachen mahaiaren aurrean ere gelditu zen une batez hitz batzuk esateko. Honek ahots nekatuz eta bidenabarrez bezala galdetu zion, zergatik ari ziren Venezia desinfektatzen azken aldi hartan.
Zera da erantzun zuen maltzurrak polizi neurri soil bat, gisakoa denez, osasun publikoaren nahaste edo alterazioak garaiz prebenitzeko, izan ere egutaro zanpagarri eta izugarri bero honetatik edozer sor bailiteke.
Laudatua bedi polizia erantzun zuen Aschenbachek; eta ohar metereologikoak trukatu ondoren, administrariak alde egin zuen.
Egun hartan bertan, berandu, afalostean, kale-kantarien bandatxo bat, hiritik iritsi eta ikuskizun bat antolatu zuela hotel-sarrerako lorategian. Bi gizon eta bi emakume ziren farola baten burdinazko zutabearen ondoan kokatu zirenak, eta argiaren errainuz aurpegi zurbilarekin, terrazarantz begiratzen zuten, non udatiarrak, kafeak eta era guztietako freskagarriak edanez, ikuskizun herritarraz gozatzeko prestatzen ari baitziren Hoteleko pertsonala, igogailuzainak, kamarari eta harreragileak, adi zeuden, aretoko atean ataizean. Errusiar familiak, irrikaz eta orduko olgatzeko aukeraren aurrean, zumitzezko aulkiak jaitsarazi zituzten lorategira komerialariengandik hurbilago egoteko, eta han zegoen zain, zirkulu-erdian eserita, aurpegietan esker ona errainutzen zitzaielarik. Ugazaben atzetik mirabe zaharra ageri zen zutik, burua turbantea bailitzan zapi batez estalia zuela.
Mandolina bat, gitarra bat, armonika bat eta bibolin kirrinkalari batek osatzen zuten eskale bertutetsuen orkestra. Haien tresnazko saioak kantaturiko beste batzuez tartekatzen ziren, zeinetan emakumeetariko gazteenak bere ahots zorrotz eta garrasilaria eztiago eta faltsetezkoa zen tenorearenari batzen zitzaion, maitasunezko duetto sutsu bat eratuz. Baina taldearen egiazko talentu eta gida, zalantzarik gabe, beste gizona zen, gitarraren jabea, ia ahotsik gabeko baritono bufoa, baina mimikarako oso ongi hornitua eta indar komiko apartekoa. Maiz aldentzen zen besteengandik eta, bere tresna besapean zuela, keinuka aurreratzen zen tranpaleraino, non entzulegoaren barre-algara zirikagarriek bufoikeriak saritzen zizkioten. Errusiarrak, batipat, beren parterretik, liluraturik agertzen ziren hain hegoaldekoa zen bizkortasunaren aurrean eta, oihu eta txaloen artean, gero eta segurtasun eta ausardia handiagoz bere burua luzitzera adoretzen zuten.
Balaustradan eserita, Aschenbachek noizean behin ezpainak freskatzen zituen mingrana-muztio eta sodazko nahaste batez, zeinak rubi-distirak egiten baitzituen edalontzitik. Bere nerbioek irrikaz zurrupatzen zituzten soinu latzak, doinu arrunt eta makalak, zeren grinak geldiarazi egiten baitu bereizmena eta, erabateko seriotasunez, adimen argi batek umorez bakarrik onartu edo nahigabeturik baztertuko lituzkeen pizgarrien aurrean amore ematen du. Juglarearen zilipurdiek jadanik mingarri behartzen ari zitzaion iribarre finko bihurtzeraino uzkurtu zioten aurpegia. Baina han segitzen zuen, nagitasunez eserita, nahiz eta arreta bizi batek arima darda gainean zeukakion; zeren beragandik sei pausutara Tadzio baitzegoen harrizko baraldaren kontra.
Han zegoen zutik batzuetan afaltzeko janzten zuen traje zuriarekin, grazia ezinbesteko eta berezkoarekin, ezkerreko besaurrea balaustradaren kontra, zangoak gurutzaturik, eskuin-eskua mehakan zuela, eta musikari ibiltariei begiratzen zien irribarrea doi-doi eta jakinmin urrundua, adeitasun abegikorra areago zen adierazpenez. Tarteka tentetu egiten zen, eta bularra zabalduz, ator zuria larruzko gerrikoaren azpian txukuntzen zuen, bi besoak zoragarriro erabiliz. Batzuetan eta zahartzen ari zen behatzaileak garaipen eta beldur airez ohartzen zuen, bere arrazoiak behaztopa egiten zuen bitartean, burua itzuli ere egiten zuen nola ezbaiti eta begiratua hala bizi eta bapatekoa zen keinu batez, norbait ustekabez harrapatu nahian bezala, eta ezkerreko sorbaldaren gainetik begiratzen zuen maiteminduaren aldera. Baina bere begiek ez zituzten harenak aurkitzen, zeren ardura laidagarri batek behartzen baitzuen errebelatua bere begiradak joranez mendean hartzera. Terrazaren atzealdean kokaturik zeuden Tadzio zaintzen zuten emakumeak, eta gauzak halako puntura iritsiak ziren, non maiteminduak serioski beldurra baitzion arreta erakarri eta susmoak sortarazteari. Bai, behin baino gehiagotan suertatu izan zitzaion hondartzan, hoteleko aretoan edo San Marcos plazan, haiek Tadziori deitzea beragandik hurbil zegoela eta distantziara edukitzen ahalegintzea; keinu hori berak Train ikaragarritzat zeukan, zeinaren aurrean bere harrotasuna egundoko saminetan bihurritzen baitzen eta zeinak bere kontzientziak ez baitzion ez-ikusi eginez pasatzen uzten.
Bitartean, gitarrajoleak solo bat hasi zuen bere burua lagunduz. Zenbait ahapalditako kale-kanta bat zen, garai hartan oso sapan zegoena Italian, zeinaren leloa kantatzerakoan besteek ahots eta tresnekin parte hartzen baitzuten, eta zeina aktoreak halako plastizitatez eta zentzu dramatikoz interpretatzen baitzekien. Gorpuzkeraz ahul, mazkarra eta aurpegiz ere zaildua, feltruzko kapela zaharra garondoraino atzeratua, halako moldez, non ile-xerlo gorrista bat ageri baitzitzaion hegalpetik, gizaseme hura kemen ausartez kokatu zen legarretan, besteengandik aldendurik, eta kordak baldarki igurtziz, terrazarantz jaurtikitzen zuen bere txantxen errezitazio-kanta, ahaleginak bekokiko zainak hanpatzen zizkion bitartean. Jatorriz ez zirudien veneziarra, baizik eta erdi-andrakoi, erdi-komerialari, kitten eta ausart, arriskutsu eta entretenigarri aldi berean diren napolitar komikoen arrazakoa. Kantak, letrari zegokionez tentelkeria nabarmenekoa zenak, bere ahoan, joko fisionomiko, gorputz mugimendu eta alusioz begia keinatu eta aho-ertzak lizunkeriaz milikatzeko zuen moduarengatik, halako kutsu anbiguo eta lausoki eskandaluzkoa hartzen zuen. Bere kirol-alkandoraren idun zuritik, zeinak bestalde kale-traje bat laguntzen baitzuen, bere lepoaren argaleria nabarmentzen zen, eztarri-sagar irten eta soilarekin Eta bere aurpegi zurbil eta sudur-motzak, zeinaren zertzelada bizargabeek nekez ematen baitzuten adina igartzeko aukera, zinu eta bizioak higatua zirudien, eta bi zimur setati, agindukoi eta ia izuek, zeinak bere bekain gorrisken artean irekitzen baitziren, estrainioki bat egiten zuten beti mugimenduan zebilen bere ahoko irribarre malizitiarekin. Hala ere, bakartiaren arreta gehien erakartzen zuena pertsonaia goganbehartsuak itxuraz aldean zeraman giro goganbehartsu propioa zen. Zeren, leloa errepikatzen zen bakoitzean, kantariak parizta eta diosalezko esku-astinketen artean, erronda grotesko bati ekiten baitzion, zuzenean Aschenbach zegoen tokiraino eramaten zuena; eta hori gertatzen zen bakoitzean bere arropa eta gorputzetik fenol-ufada bizi bat igotzen zen terrazaraino.
Kanta amaiturik, gizonak diru-bilketari ekin zion errusiarrengandik hasita, zeinak gogara saritu baitzuten, eta gero mailadian gora To zen. Bere ihardunaldian erakutsi zuen lotsagabezia guztia, han goian umiltasun bihurtu zen. Mahaiz mahai lerratzen zen bizkarra katu batek bezala konkortu eta erreberentziak eginez, maliziazko irribarre batek hortzadura trinkoa agerian uzten zion bitartean, eta bi zimurrak, mehatxukor, areagotzen zitzaizkiolarik bere bekain gorristen artean. Aiher-faltarik ez zuen jakiminez segitzen zituen entzulegoak bere mantenuan eskatzen ari zen izaki haren joan-etorriak, oso kontuz ibiliz, hori bai, haren kapela ez ukitzeko txanponak hatz-puntez botatzen zizkiotenean. Komeriantea eta gisako pertsona baten arteko distantzia ezabatzeak, nahiz eta dibertsioa oso handia izan, nolabaiteko eragozpena sortzen du. Berak ere sentitzen zuen, eta desenkusatzen ahalegintzen zen zurikeriak eginez. Azkenik, Aschenbachengana hurbildu zen eta berarekin inguruko inori zer-pentsaturik ustez ematen ez zion usaina ere bai.
Aizu! esan zuen bakartiak ahots itzaliz eta ia mekanikoki. Venezia desinfektatzen ari dira. Zergatik?
Bufoiak ahots erlatsez erantzun zuen:
Polizi neurri bat da, jauna. Erregelamenduak agintzen du honelako bero eta sciroccoarekin. Sciroccoak zapaldu egiten du. Kaltegarria da osasunerako...
Halako galdera egiteagatik harriduraz hitz egiten zuen, eta eskua zabaldurik erakutsi zion nola zapaltzen zuen sciroccoak.
Orduan ez al dago gaitzik Venezian? galdetu zuen Aschenbachek oso apal eta ahapean.
Pailazoaren aurpegi-zertzelada giharretsuek ezbai komikozko zinu bat egin zuten
Gaitza? Zer gaitzez ari zara? Gaitza al da sciroccoa? Edo gure polizia? Txantxetan ari zara. Gaitza! Horixe besterik ez genuen behar! Prebentzio-neurri bat da, ulertzen? Polizi xedapen bat egutaro itogarri honen efektuen kontra...
Eta keinuka ekin zion.
Ongi dago esan zuen Aschenbachek bizkor eta ahapean, kapelan eskupeko aparteko bat erortzen utziz. Gero, alde egiteko adierazi zion gizonari. Honek irribarre maltzurra eta erreberentziak eginez obeditu zion. Baina oraindik eskilarara iritsi gabe zegoela, hoteleko bi enplegatu oldartu, eta aurpegiak berearen ondo-ondoan zituztela txutxumutxuzko itaunketa bat egin zioten. Sorbaldak uzkurtu zituen, baieztapenak egin zituen, zinitza eman zuen ez zuela ezer esan. Jaregin zutenean, lorategira jaitsi zen eta, beretarrekin kontsulta labur bat egin ondoren farolpean, beste behin aurreratu eta eskerron eta despedidazko kanta bat eskaini zuen.
Bakartiak inoiz entzun zuenik gogratzen ez zuen kanta bat zen; kobla lotsagabe bat zen, dialekto ulergaitzezkoa eta bandak garrasi bizian erregularki errepikatzen zuen lelo barregarri batez hornitua. Une jakin batean eten egiten ziren hitzak eta tresnazko languntza, eta halako ordenu erritmiko, baina aldi berean natural batez egindako barre-algarak bakarrik entzuten ziren, zeintzuei bakarlariaren talentu handiak, batipat, bizitasun txundigarria eransten baitzien. Artista eta entzulegoaren arteko distantzia berreskuraturik, eta lotsagabeki terrazara zuzentzen zuen barre itxuratua algara isekati bat zen. Ahapaldiaren parte artikulatuaren azken aldera kili-kili jasanezin oaten kontra borrokan ari zela zirudien: zotinga ekin, ahotsak dardar egiten zion, eskuaz ahoa estali eta sorbaldak uzkurtzen zituen, harik eta unea iritsirik algarak eutsezin, oldartsu eta hain natural leher egiten zuen ante, non entzuleak kutsatzen zituen, halako moldez, ezen terrazan barrena ere hedatuz baitzihoan halako arraitasun helburugabe bat bere kabuz bakarrik bizi zena. Baina, hain zuzen, bazirudien horrek kantaria adoretu egiten zuela, zeinak belaunak tolestu, izterrak jo eta mehakak hartzen baitzituen bere burua hustu nahi balu bezala; jadanik ez zuen barre egiten: txilioka ari zen atzamarraz goia seinalatuz, han goian barrez hesteak botatzen ari zen jendea baino ezer dibertigarriagorik ez balego bezala, harik eta azkenean guztiek barrez leher gaizto egin zuten arte lorategian eta solairuan, kamarariak, igogailuzain eta ateetako zerbitzariak barne.
Aschenbach artega samar zegoen bere aulkian, tense eserita zegoen bere burua babesteko edo ihes egiteko bezala. Baina barreak, bereganaino iristen zen ospitale-usaina eta mutiko ederraren hurbiltasuna ametsetako sorginkeria suntsiezin eta banaezin batean gibiztatzen zitzaizkion, burua eta zentzumenak harrapatzen zizkiolarik. Astrapala eta nahaste-borraste orokorraren erdian begiak Tadziogana jasotzera ausartu zen, eta hori egiten ari zen bitartean, ohartu ahal izan zuen, mutiko ederrak, bere begiradari entzunez bezala, berak bezain serio zirauela, bere portaera eta aurpegikera beste batenera moldatuko balitu bezala, inguruko giro guztiak beregan inolako ahalmenik ez balu bezala bakartia hartan partaide ez zelako. Haurmenpekotasun, hain esanguratsu honek bazuen bere baitan hain desarmatzailea eta menperatzailea zen zerbait, non ile-grisak ahalegin bat egin behar izan zuen aurpegia esku artean ez ezkutatzeko. Gainera, iruditu zitzaion, Tadziogan aldizka tentetu eta arnasa hartzearen jestua hasperen egiteagatik, bularra trabatua edukitzeagatik zela. «Gaixotia duk, seguraski ez duk zahar izatera iritsiko», pentsatu zuen beste behin batzuetan horditasuna eta desira bata bestetik banatzen direneko objektibitate horrekin; eta zaletasun garbi bat eta aldi berean atsegin lizun bat jabetu zitzaizkion bihotzaz.
Bitartean veneziarrek emaiera eman zioten saioari eta bazihoazen. Txaloen laguntasunean, zuzendariak ez zuen ahaztu alde egiteko unea txantxa gehiagoz apaintzea. Bere erreberentzia eta eskumuinek berriz ere barreak eragin zituzten, eta horregatik ugaldu egin zituen. Taldea kanpoan aurkitu zenean, berak, atzera egin, farol baten zutabearekin tupust egin izan balu bezalako itxura egin eta ateraino lerratu zen, itxurazko oinaze baten menpean okertuz bezala. Han, azkenean komiko dohakabearen bere maskara erantzirik, tentetu salto batez, terrazako entzulegoaren aldera mihia lotsagabeki atera eta ilunpetan galdu zen. Bainuhartzaileen lagunartea sakabanatu egin zen; Tadziok aspaldi alde egin zuen balaustradatik. Baina bakartia, kamarariaren harridura handiarekin, luzaroan geratu zen bere mahaitxoan eserita, mingrana-muztioaren hondarren aurrean. Gaua aurrera zihoan; denbora Joan zihoan. Gurasoen etxean, urtemordo bat lehenago, hondar-erloju bat izan zuten: bapatean aparatutxu hauskor eta garrantzitsua ikusi zuen aurrean baleuka bezala. Isil eta fin, kolore herdoiltsuko hondarra beirazko estugune meharretik zerion, eta goiko gunea ia hutsik zegoelarik, bertan jadanik zirimola txiki eta oldartsua eraturik zegoen.
Biharamunean, arratsaldez, gizon setatiak pausu berri bat eman zuen kanpo-mundua zirikatu eta eta oraingoan ahalik eta arrakasta handienaz jabetzeko. San Marco plazako bidai agentzia ingelesean sartu eta, diruren bat kaxan aldatu ondoren, atzerritar goganbehartsu-aurpegia jarri eta jaramon egiten ari zitzaion enplegatuari galdera patala egin zion. Artilezko arropaz jantzitako ingeles bat zen, gaztea oraindik, buruaren erdian arraia eta begiak oso bilduak zituena, zeinetarik barne-jatortasun patxadatsua baitzegion, hain bitxi eta arraroa gertatzen zaiona hegoaldeko alproja bizkorrari. Zera esaten hasi zen:
Ez dago kezkatzeko arrazoirik, sir. Aparteko garrantzirik gabeko neurri bat da. Era honetako xedapenak sarri izaten dira beroa eta sciroccoaren efektu osasunkaitzei aurre hartzeko...».
Baina bere begi urdinak jasotzean, kanpotarraren begiradarekin topo egin zuen, begirada nekatu eta triste samarrarekin, zeina halako mesprezu batekin ezpainetara zuzendua baitzegoen. Ingelesa gorritu egin zen eta gero ahapean, zertxobait asaldaturik, gaineratu zuen:
Hauxe da hemen ematen duten argibide ofiziala, eta beroni eustea jotzen da egokitzat. Baina nik esango dizut, horren atzean beste gauza batzuk daudela.
Eta bere mintzaira jator eta erosoaz egia esan zion.
Baziren zenbait urte indiar izurria hedatu eta herrialde batetik bestera pasatzeko joera erakusten ari zela. Gangesen deltako fadura beroetan sortua, irla-mundu hartako, gizakiak ihes egiten dion eta bere banbuzko sastrakadian tigrea ataizean daukan oihan birjina jori eta baliaezin hartako lurrin kiratsek elikatua, izurriteak Indostan osoa seta eta oldar ohiezaz sakailatu zuen, Txinara Ekialdetik pasatuz, eta Pertsia eta Afganistanera Mendebaldetik, gero karabanen erruta handiak segitzeko eta bere izularria Astrakaneraino eta Moskuraino bertaraino ere eramateko. Baina Europa dardarka zegoela fantasma handik eta lehorrez, kontinentean sar zitekeela pentsatuz, hura, zenbait merkatal ontzi siriarrek inportaturik ia aldi berean agertu zen Mediterraneoko zenbait portutan. Lehenik Tolon eta Malagan altxatu zuen burua, eta Palermo eta Napolin behin eta berriz bere maskara erakutsi ondoren, bazirudien ez zuela gehiago alde egin nahi Calabria osotik eta Apuliatik. Penintsularen iparraldea salbo geratu zen. Baina urte hartako maiatzaren erdi aldera, Venetian eta egun berean, batelari eta barazki-saltzaile baten gorpu maxkar eta belztuan bazilo ikaragarriak aurkitu zituzten. Bi kasuak isilpean eduki zituzten; baina handik aste betera hamar ziren, hogei, hogeita hamar hoziak, eta auzategi diferentetan. Austriar probintziako gizon bat, Venezian opor egun batzuk eman zituena, zantzu hutsezinekin hil zen bere jaioterritxora itzultzean, eta hala heldu ziren zingiren hiria kutsatu zeneko lehen zurrumurruak alemaniar egunkarietara. Veneziako osasun-agintariek erantzun zuten hiriaren osasun baldintzak inoiz baino hobeak zirela, eta neurririk premiazkoenak hartu zituzten gaitzari erasotzeko. Baina seguraski barazkiak, okela edo esnea bezalako elikagai batzuk ordurako kutsaturik zeuden, zeren ukatua edo estalia, hilkintza sarraskia egiten ari zen kalesken estutasunean, eta kanaletako ura epeltzen zuen uda-bero goiztiarrak bereziki laguntzen baitzion gaitzari hedatzen. Bai, bazirudien, izurria biziberritu egin zela, bere eragileen seta eta emankortasuna ugaldu egin zela. Sendatuen kasuak oso bakanak ziren; erasanen ehuneko laurogei heriotze ikaragarri baten menpe erortzen ziren, zeren gaitza, ankerkeria handiaz jabetu zena, bere formarik arriskutsuenean aurkezten baitzen sarritan, izurri «lehorra» deritzonean. Kasu horietan, odol-hodiek ugari jariatzen zuten likidua husteko gaitasunik ez zuen izaten gorputzak. Gaixoak ordu guzxi behar izaten zituen idortzeko eta bikea bezala likaturiko odoletan itotzen zen, karranpa eta kexu bizien artean. Gaitzerdi, batzuetan gertatzen zenez, eritasuna ondoez lauso batekin hasten bazen ondotik zorabio handi batekin, zeinatik ez baitzen gehiago esnatzen edo ozta-ozta esnatzen baitzen. Ekainaren hasieratik Ospedale Civicoko pabilioi isolatuak isiltasunean betez Joan ziren; lekurik eza sortu zen bi zurztegietan, eta laster hasi zen trafiko lazkarri eta etengabea Fondamenta Nuove kaiaren eta San Michele, kanposantu-irlaren artean. Baina elkarteari kalte egiteko beldurrak, arestian Herri Jardinetan pintura-erakusketa bat estreinatu izanagatik, baina izularria edo izen txarra zabalduz gero hotel, denda eta turismo-makineria osoak izan zitzaketen galera izugarriek erakutsi zuten hirian indartsuagoak zirela egizaletasuna eta nazioarteko komenioekiko errespetua baino, eta beren estaldura eta gezurtatze-politikari eustera bultza egin zieten agintariei. Veneziako osasun-zerbitzuaren zuzendariak, meritu handiko gizonak, dimititu egin zuen bere kargutik, sumindurik, eta ezkutuka moldakorragoa zen beste batek hartu zuen haren lekua. Herriak bazekien hori; eta gailurraren ustelkeriak, nagusi zen segurtasunik ezari eta herioaren erronda hiria sartzen ari zen salbuespen-egoerari elkarturik, halako ohitura-erlaxamendua sortu zuen behe-klaseen artean, neurrigabezia, lotsagabekeria eta gero eta kriminalitate handiagoa ekarri zuten instintu ilun eta gizartekontrakoen berrindartzea. Ohi ez bezala, gauez mozkor-kopuru nabarmena ikusten zen, eta, ziotenez, mota txarreneko jendaila batek segurtasunik eza sortzen zuen kaleetan; atrakoak, eta giza erailketak ere puri purian zeuden, zeren bi kasutan egiaztatu ahal izan baitzen izurritearen ustezko biktimak beren ahaideek pozoituak izan zirela; eta dongakeria profesionala era higuingarri eta makurrak hartzen ari zen, eskuarki toki hartan ezezagunak eta herrialdearen hegoaldean edo Ekialdean bakarrik aurkitzen zirenak.
Ingelesak gauza guzti hauetaz funtsezkoena kontatu zion.
Ongi egingo zenuke alde egitea esan zion azkenean, eta hobeto gaur bihar baino. Berrogeikaroa egun gutxi barru aldarrikatuko dute.
Milesker esan zuen Aschenbachek eta alde egin zuen agentziatik.
Eguzki gabeko sargoria zegoen plazan. Terrazetan eserita edo zutik elizaren aurrean, usoz erabat estalirik, atzerritar informatu gabe batzuk hegaztiak nola zebiltzan begira zeuden, hegaz eta bata besteari bultzaka, esku bat baino gehiagoren zolkonean eskainitako artaleei mokoka. Sukarrezko asaldurak joa, egiaren jabe dena bezala garaikor, eta, aldi berean, nazka-zaporearekin mihian eta eldarniozko izudurarekin bihotzean, bakartia plazako lauzadura apainean barrena zebilen. Egintza gisako eta garbitzaileren bat hausnartzen ari zen. Gau horretan bertan, afalostean, adibidez hurbil zitekeen dama perladunarengana eta hitzez hitz kirrimarratua zuena esan: «Zilegi bekio, Madame, ezezagun honi zuri kontseilu bat ematea, norberakeria orokorrak egiten ez dizun ohar bat egitea. Alde egizu berehalakoan Tadzio eta alabekin: Venezia izurriak iota dago». Gero, despedidaseinaletzat, jainko isekatiren baten tresna gazte horren buru gainean eskua ezar zezakeen, birerdi eman eta berak ere idoi hartatik ihes egin. Baina aldi berean bere burua bazekien infinituki urrun zegoela pausu hori benetan ematetik, atzera eragingo ziokeen pausua, bere baita itzularaziko zuena. Zeren norbere baitatik kanpo dagoenak ezer ez baitu bere baitar itzultzea adina gorrotatzen. Gogora ekarri zuen inularreko arditan distiatzen zuten inskripzioz hornituriko eraikin zuri bat, eta zeinaren mistizismo zeiharrargian bere izpirituaren begirada errebelatu baitzen; gogra ekarri zuen bazterrak ikuste-zalea zen pertsonaia estrainioa, zeinak iratzarri baitzion, zahartzen ari zen gizon hari, urrunera, abenturaren bila joateko gazte-irrika bat; eta etxera, zuhurtziara, zentzura, nekea eta maisutasunera iritsi nahi duen ahaleginera itzultzearen ideiak hainbesteko higuina ematen zion, ezen ondoeza fisikozko parizta batek uzkurtu baitzion aurpegia. «Isildu beharra zegok!», marmar egin zuen biziki. «Eta isilduko nauk!» Sekretu baten eta eta erru baten partaide izatearen kontzientziak ardo-xorta batek zerebro nekatua horditzen duen bezala horditzen zuen. Hiri kaltetu eta babesgabearen irudiak lausoki menperatzen zion burua eta itxaropen atzemanezinak, arrazoia gainditzen zuten eztitasun izugarrizkoak pizten zizkion. Zer zen berarentzat zorion samurra, une bat lehenago amets egin zuena, igurikapen horiekin alderatuta? Zer ardura zitzaizkion orain artea eta bertutea kaosaren abantailen aldean? Isildu eta bertan gelditu zen.
Gau hartan amets beldurgarri bat izan zuen, baldin eta amets deitzerik baldin badago bera lo betean zegoela gertatu zitzaion gorputza eta izpirituaren abentura bati, egia da, bere eskukotasun eta zentzu-presentzia erabatekoan, baina bere burua presente ikusi gabe edo espazioan mugitzen, gertakariez aparte; izan ere hauek eszenatokitzat bere arima areago baitzeukaten eta, kanpotik sartzean, beren kontrakarra kontrakar sakon eta izpirituzkoa zakarki porrokatu zuten, eta beren atzetik, sakailaturik, deuseztaturik utzi zuten bere existentzia, bere bizitzako kultura.
Beldurra izan zuen hasieran, beldurra eta atsegina eta jakimin izugarria etortzekoa zenaz. Gaua zen, eta zentzumenak ernai zeuzkan; zeren oso urrunetik baitzetorren astrapala, zirriparra, zaratanahaste bat: trikilitrakala, kirrinkak eta trumoi sorgorren burrunba, pozkariozko txilioak eta «u» soinua luzatzen zuen heiagora moduko bat, dena elkarnahasturik eta, flauta baten soinu urrumari, makur eta atergabearen menpean, zeinak era lotsagabean sorgintzen baitzituen erraiak. Berak bazekien hitz bat, iluna, baina etortzekoa zena izendatzen zuena: «Jainko arrotza.» Erlantza kejariotsu batean sortu zen: eta orduan bere udako etxea inguratzen zuenaren antzeko mendi-pasaia bat nabaritu zuen. Eta argi urratuan, gailur oihantsuetatik, aldapen behera, zuhaitz-enbor eta goroldioz estaliriko harkaitzen artean zurrunbiloka, gizaki eta animali samalda bat ikusi zuen amiltzen, zirimola bat, jendetza bat aldapa gorpuz eta sugarrez estaliz zihoana erronda-zorabio eldarniozkoan nahasturik. Larruzko beren jantziekin behaztopaka, zeinak luzeegiak izaki, gerriko batetik zintzilik baitzeuden, emakume-taldeek zaldabeak astintzen zituzten hasperanka atzerantz botatako buruen gainetik; zuzi txinpartajarioak eta sastakai biluziak zeuzkaten eskuetan; suge mihizorrotzak zekartzaten gorputzaren erditik oratuta edo bestela, alarauka, beren bularrak zeramatzaten esku banatan. Gizaseme iletsuak ikusi zituen, piztilarruzko gerripeko eta bekokian adarrekin, garondoa makurtu eta beso-zangoak brontzezko zinbaloen eta tinbalen burrunba amorratura inarrosten, mutiko bizargabeek akerrak akuilu hostotsuz eztenkatzen zituzten bitartean, haien adarrei pozkariozko oihuz helduz eta jauzi egitean arrastaka eramaten utziz. Eta posedituek airera jaurtikitzen zuten kontsonante biguinez eta azken «u» luzatuz egindako beren oihua, aldi berean eztia eta basatia zena, ordura arte inoiz entzun gabeko oihua, tokiren batean oreinaren murruntza bezala entzuten zena eta eta beste batean, zoramen garaikorrez, errepikatzen zutena, dantzara eta gorputzadarrak astintzera butzatzen zuten ehundaka ahotsek, inoiz mututzen utzi gabe. Baina flautaren soinu sakon eta liluratzaileak dena blaitzen eta menperatzen zuen. Ez al zuen bultzatzen bera ere, kontra eginez partaide zena, jai lizunean eta sakrifizio gorenaren desarauean parte hartzera? Narda handia sentitzen zuen, beldurra ere handia, eta zinezkoa zuen azkeneraino berea kanpokoaren, izpiritu duin eta barearen etsaiaren kontra babestekoa. Baina harrabotsa eta aiuriak, hormen oihartzunak bidertzen zituenak, gehitu, nagusitu eldarnio suhar izateraino hanpatu zen. Lurrinek, akerren kirats mingatzak, gorputz hatsankarien jarioek eta ur ustelduena bezalako bafada batek, zeinari, zauri eta gaitz-mehatxuzko zen beste ezagun bat gehitzen baitzitzaion, zentzumenak zapaltzen zizkioten. Bihotzean tinbalaren burrunba entzuten zuen, zerebroa biraka zebilkion, eta suminak, itsueriak eta atsegale horditzaileak jota, bere arimak jainkoaren segizioan sartzeko irrika bizia izan zuen. Zurezko sinbolo lizuna, erraldoia, desestali eta eraikia izan zen eta guztiek aiurika esan zuten mugarik gabe araoa. Ezpainetatik bitsa zeriotela elkar kitzikatzen zuten keinu lizun eta esku likitsez, barre eta intziri artean, zigor arantzetsuak haragian sartuz eta beren gorutzadarrei zerien odola milikatuz. Baina ameslaria ordurako beraiekin eta beraien barruan zegoen, jainko arrotzak menperatua hura ere. Bai, haiek bera ziren, animaliengana oldartzen zirenean zarratatuz eta erahilez, haragi-zatal lurrintsuak jaten zituztenean, eta zoru nahasi eta goroldiotsuaren gainean, jainkoari opari gisa, elkar-gurutzatze mugagabe bat hasi zutenean. Eta bere arimak lizunkeria eta behera-beharraren zorabioa ezagutu zituen.
Amets honetatik unaturik, deseginik, erabat demonioaren esku esnatu zen. Jadanik ez zion beldurrik jendearen begiraoa itaunkariari; haren susmopean jartzeak ere ez zuen kezkatzen. Haiek, gainera, joaten hasita zeuden; txosnetako asko hutsik gqatu ziren, jantokian gero eta hutsune ugariago zegoen, eta osQ nekez aurkitzen zen atzerritarrik hirian. Bazirudien egia iragazi egin zela, eta interesatuek gogor elkar hartu bazuten ere, ezinezkoa zen panikoari gehiago eustea. Hala eta guztiz ere, agian zurrumurruak belarrietaratu ez zitzaizkiolako, edota gehiegizko harrotasun edo ausardiak haien aurrean amore ematen utzi ez ziolako, dama perladunak ere ban zirauen beretarrekin. Tadzio gelditu egin zen; eta Aschenbachek, bere eldarnioan, tarteka irudikatzen zuen ihesak eta herioak azkenean inguruan zeukan bizitza gogaikarri guzti hartatik aldenduko zutela, eta bakarrik gelditu ala izango zela irlan mutiko ederrarekin. Bai, goizean, hondartzan, bere begirada zirkinik egiteke, serio eta arduragabe bere irrikagaiean atsedena hartzen zuenean, edota eguna beheraka zihoala, itzalgaizka heriotze estali eta nardagarria nagusi zen kalesketan barrena duintasunik gabe segitzen zuenean, izugarrikeriari promesatsu zeritzon eta lege moralari galkor.
Edozein maiteminduk bezala, atsegin gertatu nahi zuen, eta hori ezinezkoa izan zitekeelakoak ikara bizitan jartzen zuen. Bere trajeei xehetasun birgaztetzaile batzuk gehitzen hasi zen, bitxiak jartzen eta urrineztatzen; bere toilettea egiteko denboraldi luzea behar izaten zuen egunean behin baino gehiagotan, eta mahaira apaindu, kitzikatu eta teinkaturik esertzen zen. Liluratu zuen gaztetasun eztiaren aurrean, nazka hartzen zion zahartzen ari zen bere gorputzari; He grisak eta aurpegiaren zertzelada zorrotzek lotsa eta etsipenean murgiltzen zuten. Eta hala, gorputzez birbiztu eta berreskuratzera bultzatzen zuen; sarri joaten zen hoteleko ileapaindegira.
Ileapaintzaile-mantelean bildurik, berritsuaren esku jagoleen azpian aulkian eserita, begirada tormentatuz begiztatzen zuen ispiluko bere irudia.
Ile grisa esan zuen ahoa okertuz.
Apur bat ihardetsi zuen besteak. Zabarkeria txiki baten erruz, pertsona garrantzitsuengan oso ulergarria den baina baldintzarik gabe onar ez dezakegun kanpo-gauzekiko axolagabekeriagatik, hainbat gutxiago, zeren naturala edo artifiziala izan litekeenari buruzko aurriritziak bihurri samar etortzen baitira pertsona-mota honekin. Baldin eta zenbait jendek kosmetikaren arteari buruz duen gartxutasun uzkurra hedatuko balitz, arrazoizkoa litzatekeenez, hortzen zainketara, a zer nolako eskandalua sortuko litzatekeen! Zeren, azken finean, gure izpirituak eta bihotzak esaten diguten adina baitaukagu, eta He grisak, kasuen arabera, gezur errealagoa dira tindu zuzentzaile hain arbuiatua bera izango litzatekeena baino ere. Eta zuri dagokizunez, eskubide guztia duzu zeure ilearen berezko kolorea berreskuratzeko. Utziko al didazu, bada, zeurea duzuna besterik gabe itzultzen?
Nolatan gero? galdetu zuen Aschenbachek.
Berritsuak bi lozio diferenteez garbitu zion burua, argiaz eta ilunaz, eta ilea gaztaroko urteetan bezala ilun geratu zitzaion. Gero geruza leunetan uhindu zion kizkurtzeko orrikatxoez, atzera-pausu bat egin eta buru landua begiztatu zuen.
Eta orain esan zuen, aurpegiko larrumintza apur bat freskatzeaz aski da.
Eta egin duenaz inoiz pozik egoten ez den jende hori bezala eginkizun batetik bestera pasatu zen gero eta bizitasun handiagoz. Aschenbachek, atseden erosoan, kontrakarrik egin ezinik eta gertatzen ari zenaz itxaropentsu sentituz, ispiluan ikusi zuen bekainak lerro markatu eta berdinago oaten arabera arkutzen zitzaizkiola, begiak luzatu egiten zitzaizkiola eta, betileen itzal lauso batek distira nabarmentzen zitzaiola eta, beherago, larruak halako kolore nabarska, pergamiotu bat zeukan tokian, karmin samur bat pizten iku si zuen, neurriz ezarria, lehentxeago zurbil zeuzkan ezpainak mu-n gurdi-kolorearekin hanpatzen ziren, eta masaila eta ahoko ildaskak, baina begietako zimurrak ere, krema eta afeite-geruza oaten azpian ezabatu ziren: eta bihotzaren zauskada batez gazte guri bat ikusi zuen. Kosmetikaria azkenean pozik geratu zen, adeitasun zilibokariz eskerrak emanez jende-mota horrek egin ohi dionez zerbitzatuberria duenari.
Azken ukitutxo bat esan zen azken esku bat emanez Aschenbachen kanpoaldeari. Eta orain, jauna, inolako beldurrik gabe maitemintzeko moduan zaude.
Atzipetua zoriontsu joan zen, nahasturik eta beldurrez. Gorbata gorria zeraman, eta kolore desberdinetako xingola batek apaintzen zion kapela hegal-zabala.
Ekaitz-haize epel batek jotzen zuen. Euria bakan eta urria zen, baina airea umel, lodi eta ustel-kiratsez beterik zegoen. Era guztietako klaskateko, txistu eta grakadak entzuten ziren, eta Aschenbach, makilaiaren gerizapean sukartsu zegoenak, espazioan bere gisakoak egiten arioziren haize-izpirituen, kondenatuaren jatekoa beren zirinez nahastu, mokokatu eta profanatzen duten itsas hegazti gaizkileen parte txarreko hegalotsa entzuten zuelakoan zegoen. Zeren sargoriak jateko gogoa kentzen baitzuen, eta janariak hozi infekziotsuz kutsaturik zeudelakoak ez baitzuen burutik alde egiten.
Arratsalde batean, mutiko ederraren urratsei segika, Aschenbach hiri gaixotuaren barne-laberintoan galdu zen. Orientatu ezinik, laberinto beren artean antz handiegia zuten kaleska, kanal, zubi eta plazatxoetan barrena, puntu kardinalak zehazteko ere gauza ez zelarik, hain irrika biziz pertsegitzen ari zen irudia bistatik ez galtzen ahalegintzen zen; eta era laidagarriz arretak hartzera bere burua beharturik ikustean, hala nola hormei zeutsela aurrera egitera edo oinezkoen artean ezkutatzera, luzaroan ibili zen bere gurariak eta tirandura etengabeak gorputzean eta izpirituan sortu zizkioten nekeaz, aunaduraz ohartzeke. Tadzio beretarren atzetik zihoan oinez, normalean pausua institutrizari eta bere moja-itxurako arrebei utziz kalerik meharrenetan; eta hala, tarteka bakarrik geratzean, noizbehinka burua itzultzen zuen sorbaldaren gainetik ziurtatzeko, bere begi grisen begirada batez, maiteminduak segitzen zuela. Ikusten zuen eta ez zuen salatzen. Konstatazio horrek horditurik, begi haiek aurrera bultzaturik, grinak txorimamu bat bezala arrastaturik, maiteminduak itzalgaizka pertsegitu zuen bere itxaropen gisagabea harik eta azkenean haren ikuspenaz gabeturik aurkitu zen arte.
Poloniarrek zubi txiki bat gurutzatu zuten, baina arku oso nabarmenekoa, zeinaren altuerak pertsegitzailearen begiradatik estali baitzituen, halako moldez, non berau gora iristean ezin izan zituen banaritu. Hiru norabidetan bilatu zituen: kaleska mehar eta zikinaren alde banatan eta aurrekaldean, baina alferrik. Unadurak eta ahuleziak azkenean bilaketa bertan behera uztera behartu zuten.
Burua kiskaltzen zeukan, izerdi lingirdatsu batek estaltzen zion gorputza, garondoa dardarka zeukan eta ezin jasanezko egarriak sufrierazten zion, inguruan nonbait une bateko aringarria bilatzera bultzatzne zuen. Barazki-dendatxo batean fruta apur bat erosi zuen, marrubi helduegi eta jadanik biguindurik zeudenak, ibili zebilela jaten aritu zenak. Plazatxo abandonatu bat, sorginkeria batetik sortua zirudiena, ireki zitzaion supituki aurrez aurre. Ezagutu zuen: aste batzuk lehenago, bere ihes egite-plan etsitua taiutu zuen toki beta zen. Patinaren mailetan amildu zen, plazaren erdian, eta burua harrizko pozadera-ahora arrimatu zuen. Isiltasuna erabatekoa zen; tronaduran belarra hazten zen; inguruan zaborra-hondarrak zeuden. Inguratzen zuten altuera desberdin eta afrontuak higatuzko etxezirkuluan, jauregi zirudien bat zegoen, oxibazko leihoekin zeinen atzean hutsartea eta lehoiz apainduriko balkoitxoak baitzeuden. Beste etxeetako baten behe-solairuan farmazia bat zegoen. Tarteka, haize berozko boladezk fenol-usaina zekarten.
Eta han, eserita, zegoen maisua, duin bihurtu zen artista, Miserablea obraren egilea, zeinak era garbi eta ereduzkoan uko egin baitzion bohemia eta sakonera arreei, ukatu egin baitzion begikotasuna amildegiari eta nardatu egin baitzuen nardagarria, idazle gurendua, zeinak bere jakitea bera gaindituz eta ironia guztitik bere burua jareginez, jendemasen konfidantzak ezarritako konpromisuetara ohitu baitzen; ospe ofizialeko artista, zeinaren izena nobletua izan baitzen eta zeinaren estiloa eredu bihurtu baitzen adolezenteentzat: han zegoen eserita, betazalak itxita, eta tarteka bakarrik uzten zion lerratzen, presaka bizian berriro ezkutatzeko, begirada burlati eta nahasi bati, eta ezpain mengelek, makilaiak nabarmenduek, hitz solteak ahoskatzen zituzten, bere zerebro lokartuak sortzen zituen amets-logika bitxitik atereak.
«Zeren Edertasuna, Fedro, oso kontutan izan, Edertasuna bakarrik duk aldi berean ikuskor eta jainkotiar, eta horregatik duk zentzugaiaren bidea ere, ene Fedrotxo, artista izpirituaganako duen bidea ere baduk. Baina, agian uste al duk, enetxoa, egunen batean jakituria eta benetako giza duintasuna lortuko dituela izpirituzkora zentzumenen bidez jotzen duenak? Ala areago uste ote duk (erabakitzeko askatasuna uzten diat) hau bide arriskutsua dela eta atsegina aldi berean, egiazko pekatu eta galera-bidea, derrigorrean desbideratzera daramana? Zeren jakin beharra daukak, guk, poetok, ezin dugula korritu Edertasunerako bidea Eros elkartu gabe eta gure gidari bihurtu gabe; bai, nahiz eta geure erara heroi eta gerrari bertutetsu garen, barrenean emakumeak bezalakoak gaituk, zeren gurentzen gaituena grina baituk, eta gure jorana beti, ezinbestean, maitasuna izango baituk: halakoa duk gure atsegina eta gerena. Ulertzen al duk orain zergatik gu, poetok, ezin garen izan ez jakintsu eta ez duin? Ulertzen al duk zergatik desbideratu behar dugun derrigorrean, eta beti nasal, sentimenduaren abenturari izan behar dugun? Gure estiloaren maisutasuna gezurra eta zentzugabekeria duk; gure aintza eta ohoregarritasuna pose bat; jendetzak gugan duen konfidantza ezin barregarriagoa duk, eta herria eta gazteria artearen bitartez hezitzea debekatu beharreko zeregin ausarta. Baina nola izan litekek hezitzaile amildegirako joera berezko eta konponezinarekin jaioa denik? Ukatu eta duintasuna irabazi nahiko geniake, baina noranahi begirada zuzentzen dugula ere, hark erakarri egiten gaitu. Horrela uko egiten zioagu ezaguera ordeztaileari; zeren ezaguerak, Fedro, ez baitu duintasun eta errigorerik: bazekik, ulertzen dik, ez dik inolako forma eta jarrerarik, amildegiaren zalea duk, amildegia bera duk. Horregatik errefusatzen diagu, beraz, deliberamenduz, eta gure ahaleginek etorkizunean helburu bakartzat Edertasuna izango diate, hau duk, sotiltasuna, handitasuna, errigore berri bat, bigarren xalotasun bat, eta forma. Baina formak eta xalotasunak, Fedro, horditasun eta irrikara gidatzen diate, gizon prestua sentimenduaren alorrean izugarrikeriarik makurrenak egitera bultza zezaketek bere seriotasun, beti ederrak, laidagarriak direlako gaitzesten dituenak; haiek amildegira eramaten diate, amildegira haiek ere. Gu, poetok, zioat, bertara arrastatzen gaituzte, zeren ezin baitiagu gurendu, bizioan murgildu baizik. Eta orain, Fedro, alde egin behar diat. Hi, hago hemen, eta ni gehiago ikusten ez nauanean bakarrik, orduan heuk ere alde egin ezak».
Egun batzuk geroago, Gustav von Aschenbach, makalik zegoenak, alde egin zuen Bainu-Hoteletik ohi baino beranduago. Partez bakarrik fisikoak ziren eta gero eta larritasun-sentsazio handiagoz, zentzugabezia erremediaezin eta irteera gabez lagundurik aurkezten ziren zorabio batzuen kontra borroka egin beharra zeukan, zeina berak ere ez baitzekoen kanpo-munduarekin ala bere existentziarekin zerikusia zuen. Sarreran maleta-mordo handi bat ikusi zuen bidaliak izateko prest zeudenak, eta atezain bati alde egitera zihoazenak nortzuk ziren galdetzean, sekretuki entzutea espero zuen poloniar deitura aristokratikoa hartu zuen erantzuntzat. Bere aurpegi-zertzelada eroriek zirkinik egin gabe entzun zuen, burua arinki altxatuz, norbaitek halabeharrez jakin behar ez duen zerbaiten berri izaten duenean bezala, eta gero galdetu zuen:
Noiz?
Bazkalostean erantzun zioten.
Buruaz esker onezko keinu bat egin eta irten egin zen.
Hondartzak ez zeukan oso itxura abegikorra. Ur-zerrenda zabal eta leuna lehen haregunea hegitik bereizten zuena dardara uhintsuak zebiltzan aurretik atzera. Udazkentasuna, superbizimen gisako zerbait zebilela atsegintoki haren gainean ematen zuen, zeina egun batzuk lehenago hain bizirik baitzegoen eta orain hain abandonatua, inork garbitzen ez zuen hondarrarekin. Argazki-kamara bat, itxuraz jaberik gabea, itsas hegian atsedeten zegoen bere hiruhankakoaren gainean, haizeak, orain hozkirriagoa zenak, tarteka zafrarazten zuen oihal beltz batez estalirik.
Tadzio, geratzen zitzaizkion hiruzpalau lagunekin, eskuinaldean jolasean zebilen, bere familiakoen txosnaren aurrean, eta bitartean Aschenbachek, itsasoaren eta txosna-erreskadaren bitarteko erdi-bidean, belaurt gainean manta batekin, begiradaz segitzen zuen beste behin. Jokoak, bidaia prestatzen ari bide ziren emakumeek orain zaindu gabea zenak, bazirudien ez zueia araurik eta Taster endekatu zen.
Haserreturik eta erdi-itsuturik aurpegi-aurpegian hartu zuen hondar-eskutada batengatik, Jaschu, lihozko traje gerrikoduna eta ile beltz eta gominaztatu zituen mutiko morroskoak, berehalakoan mutiko ederra erortzean amaitu zen gudu batera behartu zuen Tadzio, bietan ahulena izaki. Baina gutxiago zenaren zerbitzatzeko borondatea, adio esateko orduan, hain esklabutza luzearengatik mendeku hartu nahi zuen zakarkeria anker bihurtu izan balitz bezala, garaitzaileak ez zuen bapatean garaitua jaregin, aitzitik, bere bizkarrean belaunikaturik, hain luzez zapaldu zion aurpegia hondarraren kontra, non Tadzio, borrokarengatik ia arnasarik gabe, itotzeko zorian egon baitzen. Gaineko zama hura kentzeko egiten zituen espasmozko ahaleginak, batzuetan erabat atertzen ziren, eta zirkin bat bezala bakarrik errepikatzen ziren. Ikaraturik, Aschenbach berari laguntzera abiatzekotan zegoen, baina zakarrak azkenean jaregin zuen bere harrapakina. Oso zurbil, Tadzio erdi-eseri egin zen eta beso batean bermaturik, zirkinik egiteke, egon zen minutu batzuetan, ileak nahasi eta begiak ilun zituela. Gero zutitu eta astiro-astiro urrundu zen. Besteek dei egin zioten, ahots alaiz aurrena, larritu eta erregutzailez gero, baina berak ez zituen entzun. Beltzaranak, bere desarauengatik supituki damuak jota, atzeman eta baretu egin nahi izan zuen, baina sorbalda-zirkin batez errefusatu egin zuen. Tadziok orduan, zeiharretara ibiliz, itsasora jo zuen. Ortozik zihoan eta bere bainujantzi marraduna zeukan soinean gibizta gorriarekin.
Uraren hegian gelditu eta, behera begiraduz, oin-puntaz hondar bustian irudiak marrazteari ekin zion. Gero, itsasoko baizadian barreneratu zen, zeinak bere gunerik sakonenean ez baitzizkion belaunak ere estaltzen, zeharkatu zuen eta hareguneraino nagitasunez aurrera loan zen. Han zutik iraun zuen une batez, aurpegia urruntasunera bihurturik, gero ezkerretara segitzeko, urak agerian utzi zuen lur-zerrenda mehar eta luzea pausu geldoz korritzeko. Ur zabalak hegitik banaturik, apeta harro batek lagunengandik banaturik, oinez jarraitu zuen, itsasoak eta haizeak inguraturik, agerkari erabat isolatu eta loturarik gabea bailitzan, ile zafrakariarekin han itsasoan, haizetan, gruma eta mugagabearen aurrean. Beste behin begiratzeko gelditu zen. Eta supituki, oroitzapen bati, bulkada bati obedituz bezala, esku bat mehakaren kontra zuela, gerritik gorakoari bira txairo bat eragin eta hegira begiratu zuen sorbaldaren gainetik. Han zegoen begiztatzailea, eserita, hasieran bezala, atalase hartatik itzulia, inularreko begirada grisa berarenaz gurutzatu zenean bezala. Aschenbachen buruak, kulunkaulkiaren bizkarraren kontra, urrunean aurrera zihoanaren joan-etorriak pausuz pausu segitu zituen; eta une hartan tentetu egin zen, begiradari erantzunez bezala, berriro bularraren gainean erortzeko, halako moldez, ezen begiek oraindik ikusi egin ahal izan baitzuten, bere aurpegiak lo betean murgildurik dagoenaren adierazpen erlaxatu eta sakona erakusten zuen bitartean. Hala eta guztiz ere, psikagogo zurbil eta maitagarriak urrunetik irribarre, keinuak egiten balizkio bezalako sentsazioa izan zuen; eskua mehakatik aldenduz, bide bat erakutsi eta neurgabetasun promesatsu batera gidatuko balu bezala. Eta beste hainbestetan bezala segitzeko press jarri zen.
Minutu batzuk igaro ziren kulunkaulkiaren beso gainera amildutakoarengana laguntzera joan ziren arte. Bere gelara eraman zuten. Eta egun hartan bertan jakin zuen errespetuz hunkituriko munduak bere heriotzaren albistea.
© Thomas Mann
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu