IV
Eguna joan eta eguna etorri jainko masail-beroak zeru-espazioetan barrena gidatzen zuen koadriga sujarioa, bere adats horia ekialdetiko haize oldartsuaren ufadaz astinduz. Erlantza zetazko eta zuriska batek estaltzen zituen Pontoren lautadetako olatu nagiak. Hondarra kiskaltzen zegoen. Ganga urdinaren azpian eterezko dirdira zilarkarekin, herdoil-koloreko toldo batzuk ageri ziren txosnen aurrean hedaturik, zeinen zehazki mugaturiko itzalgunean ematen baitzituen jendeak bere goiz-orduak. Baina gaua ere xarmangarria zen, parkeko landareei baltsamo-usaina zerienean, konstelazioek beren erronda han goian egiten zutenean, eta itsasoaren murmurioa eztiki ilunpetatik altxatzen zenean arimari aholku emateko. Gau haiek eguzki-egun berri oaten promesa dohatsua zuten beren baitan, halabehar maitagarri batekin topo egiteko ahalbide ia etengabe eta zenbatuezinena.
Ostaria, ezbehar moldakor batek bertan eradukia, oso urrun zegoen bere ekipaia berreskuratzean berriro alde egiteko arrazoia ikustetik. Bi egunez jasan behar izan zituen zenbait gabezia eta jantoki handian bidai trajea jantzirik aurkeztu zen. Gero, azkenean gelara mukulu errebelatua jaso ziotenean, erabat hustu eta kaxoi eta armairuak bere gauzaz bete zituen, ordukoz denbora mugagabez bertan irautea deliberaturik, hondartza-orduak bere zeta-trajea jantzirik pasatzeko eta, afalorduan, berriro bere mahaitxoan gau-traje egoki batekin agertzeko aukera zuelako zoriontsu
Existentzia honen arauzkotasun atseginak Taster liluratu zuen; berehalakoan sentitu zuen bizimodu honen patxada ezti eta distiratsuaren xoramena. Izan ere, haiek oporrak bereak: hegoaldeko hondartza batean bainu-bizitza eroso baten xarma hiri aparteko eta miresgarri baten hurbiltasunarekin batera! Aschenbach ez zen plazeraren zalea. Festa egin behar zen bakoitzean, atseden bat hartu, tokiten batean egun atseginen batzuk pasatu, berehalaxe eta hau batez ere gaztaroko urteetan gertatu ohi zitzaion nahigabeak eta ezinegonak neke gorenera bultzatzen zuten, bere eguneroko zerbitzuaren gartxutasun sakratura. Gune horrek bakarrik liluratzen zuen, erlaxatzen zion nahimena eta zoriontsu sentiarazten. Goiz batzuetan, bere txosnaren atean eserita, hegoaldeko itsasoaren urdinean begirada galdurik, edo gau epel batzuetan ere bai, gondolako kuxinen artean erdi-etzanik zeinak, San Marcos plazatik, non ordu luzeak ematen zituen, berriro Lidora ekartzen baitzuen zeru izarratupean argi koloreanitzak eta serenaten oihartzun urtukorrak atzean utzirik, mendiko bere etxeaz oroitzen zen, hainbeste uda-batailaren eszenatokiaz, non hodeiak lorategian barreneraino sartzen baitziren, non ekaitz lazkarriek itzaltzen baitzituzten gauez argia eta berak elikatzen zituen beleak, pinu-erpinetan kulunkatzen baitziren. Orduan Elisear Zelaietara eramana bezala sentitzen zen, munduaren azken bazterrera, non gizakiak bizitzarik errazena egiten duen eta inoiz elurrik, negurik, ekaitzik ez eurijasa bapatekorik ez dagoen, aitzitik Ozeanoari beti brisa leun eta freskagarria clarion; non egunak aisia jainkotiar batean igarotzen diren, borrokarik gabe, nekerik gabe, eguzkiari eta bere ospakizunei bakarrik emana.
Askotan, ia atergabe ikusten zuen Aschenbachek Tadzio; leku mugatuak eta guztiek zuten bizimodu berdinak nerabe ederrak egun osoa, eten labur batzuk salbu, berarengandik hurbil pasatzea eragiten zuten. Edonon ikusten eta topatzen zuen: hotelaren behe-solairuan, hirirako joan-etorri freskagarrietan, plaza arazeriatsuaren erdian, eta sarritan bide eta pasalekutan ere bai, zoriak hala nahi zuenean. Baina bereziki hondartzan pasaturiko eguerdiarteek eskaintzen zioten arauzkotasun zorintsuenez agerkari maitagarriari jaiera eta arreta eskaintzeko aukera bikaina. Eta hain zuzen ere, zorionaren iraumen horrek, aldeko zirkunstantziak agertzen zireneko eguneroko erregulartasun horrek betetzen zuen atsegin eta bizi-pozez, bertan egotea maitagarri bihurtu eta eguzki-egun baten ondoren beste bat hainbesteko plazerez lerrokarazten zion.
Goiz jaikitzen zen, lanerako bulkada bereziki bizia izaten zuenetan bezala, eta lehendabizikoen artean jaisten zen hondartzara, oraindik eguzkia ahula eta itsasoa, goi-ametsetan murgildurik, zuritasun itsugarriz dirdirka ari zela. Txosnazaina adeitasunez agurtu eta egunon esaten zion tokia prestatzen zion agure oinuts eta bizar-zuriari, toldo nabarskoa hedatu eta txosnatik alatzariak tranpalera ateraz, non bera kokatzen baitzen. Hiruzpalau ordu izaten zituen, zeinetan eguzkia goratu eta indar ikaragarriz jabetzen zen, itsasoa gero eta urdinagotzen baitzen, eta zeinetan Tadzio ikusi ahal izaten zuen.
Ezkerretik ikusten zuen etortzen, itsasoaren hegitik; atzetik txosna artean nola agertzen zen ikusten zuen, edota supituki, beldurrezko ikara pozkariotsuz, ohartzen zen ez zuela iristen ikusi baina han zegoela, hondartzan erabiltzen zuen arropa bakarra zuen marra zuri-urdindun bainujantzi harekin, eta ohizko bere iharduerei berrekin ziela hondarretan, eguzkipean, bizitza maitagarriro hutsal, ezegonkor eta aisiazkoari, zeina aldi berean jolas eta atseden, atergabe harat-honat ibiltzea, txipli-txapla egin, hondarra zulatu, zelatan egon, etzan eta igerian egitea zen, tranpaletik ahots faltsotuz: «Tadziu! Tadziu!» garrasi egiten zuten emakumeen zaindaritzapean, eta zeinenganantz bera lasterka joaten zen keinu biziak eginez, bere abenturak kontatu eta bildutako buztina erakusteko prest: muxilak, itsas zaldiak, marmokak eta alboka ibiltzen ziren amarratzak. Aschenbachek ez zuen esaten zuenaren hitzerdirik ulertzen eta, zenik hutsal eta egunerokoena zelarik ere, belarriek bilbadura harmonitsu lauso moduko bat entzuten zuten. Mutikoaren hizketak zeukan arroztasuna musika bihurtzen zen, eguzki arranditsu batek bere erlantz zarrastelak isurtzen zizkion eta itsasoaren ikuspegi gurenak hondoa eta erliebea ematen zizkioten bere irudiari.
Laster ezagutu zuen begiztatzaileak hain libreki aurkezten zen gorputz gailen haren lerro eta pose bakoitza; pozik agurtzen zuen berriz ere jadanik ezaguna zen edertasuna eta miresmenak eta zentzumenen gozamen samurrak ez zuen amaierarik. Noizean behin damek, bere errespetuak aurkezten zizkien bisitariren bat agur egitera deitzen zuten mutikoa; Tadziok txosnara egiten zuen lasterka, agian oraindik bustita eta kizkurrei atzera eraginez, eta eskua hedatzean, zango batean bermatuz eta bestea orekan zuela oin-puntan, gorputza alboratu eta biratu egiten zuen keinu teinkatu eta kilikagarriz, berezko maitasunez lotsor eta eginbeharraren zentzu noblez pertxenta. Edo etzan egiten zen toaila bularraren biran loturik zuela, besoaren eskultura fina hondarrean eta kokotsa esku-ahurrean ezarriz; eta «Jaschu» deitzen zioten mutikotea pikotxean jarri alboan eta laztanka aritzen zitzaion, eta ez zegoen ezer liluragarriagorik nagusiak menpekoari, zerbitzariari begiratzen zioneko begi eta ezpainen irribarrea baino. Beste batzuetan zutik geratzen zen uraren hegian, beretarrengandik aldendurik eta Aschenbachengandik oso hurbil, esku gurutzatuak garondoan zituela, oineko behatzen gainean astiro kulunkatuz eta neurgabetasun urdinaren aurrean ametsetan, itsas hegiko olatuek oinzolak bustitzen zizkioten bitartean. Ezti-koloreko ilajea otzanki kiribiltzen zitzaion baldoki-garondoetan, eguzkiak lepagaineko ilats leuna irazekitzen zion, eta saihetsetako marrazki fina eta bularraren simetria nabarmen geratzen zitzaizkion bizkarraldeko estalki segailaren azpitik, galtzarbeak oraindik estatuarenak bezain leunak zituen, belaunpeek dir-dir egiten zioten eta zain-sare urdinskak gorputza gai argiagoz egina zeukala nabariarazten zuten. Zer diziplina, zer zehaztasuna ideiatan adierazten zuen lerdena eta gaztetasunean perfektua zen gorputz hark! Baina nahimen garbi eta zorrotza, ilunpetan obratuz, estatua jainkotiar hura argitara atera zuena, ez ote zitzaion agian ezagun eta ohizkoa artistari? Ez ote zuen obratzen berarengan ere, grina gartsu batek bultzaturik, hizkuntzaten marmolezko masatik bere izpirituan begiztaturiko forma liraina askatu eta edertasun izpiritualaren irudi eta ispilu gisa gizakiei eskaintzen zienean?
Irudi eta ispilu! Han behean urdinaren hegian zegoen irudi noblea inguratu zuten bere begiek eta aztoramenduzko suharraldi batean begirada harekin edertasuna, forma pentsamendu jainkozko gisa, izpirituan bizi den perfekzio huts eta bakarra bera atzeman zuela sinetsi zuen, zeinaren giza kopia eta sinbolo bat, arintasun eta graziaz betea, adoraziorako egiten den. Hordimena zen; eta ohar tzeke, edo gozamenez areago, zahartzen ari zen artistak ongietorri egin zion. Izpiritua biraka hasi, ikasitakoak borborrean jarri zitzaizkion eta oroimena gaztaroan hartutako ideia txit antzinakoak eta ordura arte inoiz bere suz birbiztu gabeak erreskatatzen hasi zen. Eta ez al zegoen idatzirik eguzkiak gure arreta adimenezkoetatik zentzumenezkoetara saihesten duela? Zeren, ziotenez, liluratu eta trabatu egiten zituen adimena eta oroimena hainbesteraino, non arimak, plazerrak bultzaturik, erabat ahazten baitzuen bere egoera eta, txundimen miresleak menperaturik, eguzkiak argitzen dituen gauzarik ederrenei itsatsirik baitzirauen: bai, gorputz oaten laguntzaz bakarrik irits zitekeen gero begiespen-maila jasoago batera. Amorrek, zinez, matematikariak imitatzen zituen honetan, zeintzuek aurkezten baitizkiete haur eskarmentugabeenei ere forma puruen irudi atzemangarriak: horrela, bada, izpirituzkoa ikuskor bihurtzeko giza gaztetasunaren irudi eta kolorera jotzeko gogoa izaten zuen jainkoak, zeina bihurtzen baitzuen oroimenaren tresna edertasunaren dirdira guztiaz apainduz, eta zeinaren ikuspenaren aurrean kiskaltzen baikintuen saminak eta esperantzak.
Hala pentsatzen zuen suhartuak; halakoak zituen bere sentimenduak. Eta itsas hordimenak eta eguzki-lamarak ikuskizun liluragarriak hedatu zioten begien aurrean. Albo zaharra zen Atenasko harresietatik hurbil samar, leku sagaratu eta itzaltsu hura, zalitzuki loratuaren usain gozoz betea eta ninfen eta Akelooren ohoretan imajina sagaratu eta emari jaierazkoz apainduriko hura. Adar hostotsudun zuhaitzaren oinean errekasto gardena zihoan harbil leunezko ohatzean barrena, eta txitxarrek kirri-kirri egiten zuten. Baina soropilaren gainean, zeinaren malda leunak burua gora edukitzeko aukera ematen baitzuen etzanda egonik ere, egunaren lamaratik ihesi bertara geriza-bila joandako bi gizon zeuden atsedena hartzen: zaharra eta gaztea, bata itsusia eta bestea ederra, jakintsua maitagarriaren alboan. Eta laudorioak era guztietako txantxa eta galaikeria zuhurrez txandakaturik Sokratesek Fedro desiraz eta bertuteaz eskolatzen zuen. Gizaseme sentikorrak pairatzen dituen beldur biziez hitz egiten zion bere begiek betiereko Edertasuna begiztatzen dutenean; iniziatu gabearen apetituez hitz egiten zion, Edertasunaz pentsatzeko gai ez den gizonaz haren errainua ikustean eta, horregatik, hari gur egiteko gai ez denaz; hitz egiten zion nolako izuikarak menperatzen duen sentimendu prestuak dituen gizona jainkoena bezalako aurpegi bat, gorputz bikain bat aurkezten zaionean, nola inarrosten duen dardarizoak eta, bere senetik irtenda, doi-doi nola begiratzen dion, eta Edertasunaren jabe denari nola gur egiten eta opariak ere egingo lizkiokeen koloma botibo bati bezala gizonen begietan tenteltzat hartua izatearen beldur izango ez balitz. Zeren Edertasuna, ene Fedro, eta berg bakarrik da aldi berean ikuskor eta maitagarri: eta oso gogoan izan, zentzumenez atzeman eta jasan dezakegun izpirituzkoaren forma bakarra da. Ze, zer izango litzateke gutaz jainkozkoaren gainerako forma guztiek, Arrazoiak, Bertuteak edo Egiak gure zentzumenen aurrean beren buruak agertu nahiko balituzte? Agian ez al ginateke galdu eta kiskaliko maitasunez Semele Zeus begiestean bezala? Edertasuna da, beraz, gizon sentikorrak izpirituarenganako duen bidea..., bidea soilik, bitarteko hutsa, ene Fedrotxo... Eta gorteiari maltzurrak bere ideiarik finena gaineratu zuen: maitalea maitatua baino jainkotiarragoa dela, zeren jainkoak bera baitauka bizilekutzat eta ez bestea..., agian inork sortutako pentsamendurik samur eta isekatiena zen, eta zeinari baitarizkio pikardia eta desiraren plazerrik bernekoi eta misteriotsuena.
Idazlearen zoriona da erabat sentimendu bihurtzeko gai den pentsamendua, eta erabat pentsamendu bihurtzeko gai den sentimendua. Pil-pilka ari den pentsamendu horietako bat, sentimendu zehatz horietako bat zebilkion biraka eta zitzaion esaneko orduan bakartiari: naturak plazerrez dardar egiten duela izpiritua, erreberentziaz, Edertasunaren aurrean makurtzen denean. Eta supituki idazteko gogoa sortu zitzaion. Egia da, noski, Erosek aisia maite duela, eta horretarako bakarrik izan zela sortua. Baina krisiaren kinka hartan erasanaren asaldura ekoizpenera zuzendurik zegoen. Berdintsu zitzaion aitzakia bat izan ala bestea. Inkesta bat, kultura eta gustuarekin zerikusia zuen arazo serio eta goriren bati buruz iritzia emateko gonbidapena arestian zabal ibili zen mundu intelektualean, Aschenbach bidaia betean harrapatuz. Gaia ohizkoa zuen, bizi izandako esperientzia; eta bere hitzaren argitan distirarazteko gogoa bapatean jasanezinezko bihurtu zitzaion. Areago oraindik, bere guraria Tadzioren aurrean lan egitea zen, idaztean mutikoaren irudia eredutzat hartzea, bere estiloari gorputz haren lerroak segiaraztea, zeinari jainkotiar baitzeritzon, eta bere edertasuna izpiritu-mailara jasotzea, behiala arranoak artzain troiarra eterera jaso zuenez. Ez zuen inoiz eztitasun handiagoz hitzaren plazerra sentitu, ezta jakitunago egon ere Eros hartan bizi zenaz, ordu arriskugarriro preziatu haietan, toldopeko mahai zakarrean eserita, bere idoloaren aurrean eta haren ahots-musika belarrian zuela, Tadzioren edertasunean inspiraturik entsegu labur bati eitea eman zionean bezala, orri eta erdi prosa hautari, zeinaren gardentasun, noblezia eta lirismo teinkatu eta bibrakorrak, handik gutxira, jende askoren miresmena eragingo baitzuen. Ona da benetan munduak obra ederra ezagutzea eta ez haren jatorria ezta sorrerak izan zituen zirkunstantziak, zeren artista inspiratu zuten iturrien ezagutzak nahastu eta ikaratu egingo luke eta horrela bikaintasunaren efektuak deuseztatu. Ordu bitxiak! Neke bitxi eta unagarria! Izpirituak gorputzarekiko duen harreman bitxi eta ernalkorra! Aschenbach, bere lana gorde eta hondartzatik alde egin zuenean, unaturik sentitu zen, agortua, kontzientziak orgia oaten errua leporatuko balio bezala.
Biharamun goizean, hoteletik irteteko zorian, kanpoko mailaditik Tadzio ikusi zuen, zeina, itsasora zihoala, eta bakar-bakarrik gainera hondartza hesitzen zuten langetara hurbiltzen ari baitzen. Desira, hainbesteko emozio eta suharra, jakin gabe, sortzen zizkion haren ezagupidea erraz eta alaikiro egin, mintzatu, eta bere erantzun eta begiradaz gozatzeko aukera hartaz baliatzeko ideia soila, hurbildu eta nagusitu egin zitzaizkion. Tadzio ederrak astiro egiten zuen aurreaa, ez zen zaila hura harrapatzea. Eta Aschenbachek pausua agudotzen du, harrapatzen du pasarelan, txosnen atzean, esku bat ezarri nahi dio buruan, sorbaldan... eta edozein hitz, esaldi maitakor batek pil-pil egiten dio frantsesez ezpainetan; baina sentitzen du bihotzak, agian hain presaka ibili izanagatik, mailu batek bezala jotzen diola bularra; berak, ia arnasarik gabe, ahots dardarati eta zanpatuz bakarrik hitz egin lezakeela; keko-meko dago, bere burua menperatzen ahalegintzen da; bapatean pausuak luzaroegi segitu izanaren, mutiko ederra konturatzearen beldur da, bere begirada itaunlariaren beldur da aurpegia bihurtzean; hartzen du azken bulkada bat, gelditzen da, uko egin eta burumakur, parean pasatzen da.
«Beranduegi!», pentsatu zuen une hartan. «Beranduegi!» Baina beranduegi ote zen gero? Eman ez zuen pausua, seguraski bere on, lasaitasun eta pozerako izango zatekeen, desliluratze osasungarria ekarriko ziokeen. Ezik zahartzen ari zen idazleak ez zuen nahi desliluratzerik: horditasuna gogokoegi zuen. Nork dezifra zitzakeen adiurri artistikoaren izatasun eta funtsa? Nork uler zezakeen oinarritzat daukan diziplina eta desarauzko sintesi sakon eta instintuzkoa? Zeren desliluratze osasungarri bat ez nahi izatea desaraua baita. Aschenbachek ez zuen inolako isuririk sentitzen autokritika burutzeko; bere zaletasunak, bere adinekoek berezkoa duten izpirituzko jitea, bere buruarenganako begirunea, heldutasun eta sotiltasun berankor batek ez zuten zioak aztertzera aurreprestatzen ezta eskrupuluz, zabarkeriaz edo ahuleziaz bere asmoa burutzerik lortu ez ote zuen. Nahasturik zegoen, norbaiten beldur zen, nahiz eta hondartzaren jagolearena izan, bere lasterketa eta porrotaz jabetu ote zen: beldur handia zion barregarri geratzeari. Bestalde, bere buruarekin txantxetan ari zen aldi berean barregarri eta sakratu zen bere beldurraz. «Laborriturik», pentsatu zuen, «laborriturik borrokaren erdian hegalei erortzen uzten then oilarra bezala. Jainkoa bera da, maitagarria ikustean, kemena hautsi eta gure harrokeria erabat lurrera botatzen duena...» Hala jolas egiten zuen, ametsetan eta harroegi agertzen zen sentimendu baten beldur izateko.
Jadanik ez zuen bere buruari eskainitako denbora librea kontrolatzen; etxera itzultzearen ideiak ez zion ukiturik ere egiten. Dirukopuru handi bat bidaltzeko eskatu zuen. Bere kezka bakarra poloniar familiaka agian alde egingo ote zuen besterik ez zen; baina egun batean, hoteleko ilemoztailearekin berriketan ari zela, ezkutuka jakin zuen ostari haiek bera baino zertxobait lehenago iritsi zirela. Eguzkiak aurpegia eta eskuak beltzarantzen zizkion, goizeko brisa kitzikagarriak sentitzera bultzatzen zuen bitartean; eta nola eskuarki obra batean agortu ohi zuen, luzamendurik gabe, loak, janariak edo naturak eskuratu bide zioten kemen guztia, orain amore ematen zuen pertsona bakarrarengan eguzkia, aisia eta itsas airearen egintzaz metaturiko indar guztia zarrastelkeria eskuzabalez zentzumenen horditasunean suntsitzea.
Lo arina zuen; egun preziatuen uniformetasuna gau labur eta bibrakorrezko sosegaezin zoriontsuak eteten zuten. Nahiz eta goiz joaten zen atsedena hartzera, zeren bederatzietan, Tadzio eszenatik desagertzean, amaitzen baitzen berarentzat eguna, beldurrezko hotzikara samur batek esnatzen zuen egunsentiaren lehen argi-xintekin; bihotzak abentura gogorarazten zion, eta berak, maindireak gehiago jasan ezinik eta, arinki estalirik goizeko freskuratik babesteko, leiho irekiaren ondoan esertzen zen eguzkiaren irteeraren zain. Ikuskizun miragarriak bildutasuna ematen zion loak sagaraturiko bere arimari. Zerua, lurra eta itsasoa oraindik mamuzko inular-zurbiltasun beirazkoan zeutzan; amaigabean oraindik hilzoriko izarren bat zebilen igerian. Baina bapatean brisa batek, egoitza hurbilezinetatiko mezu hegaldun batek, Eosek senarraren ohea utzi zuela iragartzera etortzen zen; eta zerua eta itsasoaren alderdirik urrunduenetan gorritasun ezti hura agertzen zen lehendabizi, zeinaren bitartez sorkuntza zentzugai bihurtzen dela iragartzen baita. Jainkosa hurbiltzen zen, Klito eta Kefalo harrapatu zituen mutikolapur hura eta, Olinpiar guztien bekartzari erronka eginez, Orion ederraren maitasunaz gozatu baitzen. Arrosa-barreiaketa bat munduaren muturrean, ezinesanezko eztitasun-argitze eta loratze bat, hodei garden eta xaloak itxuraldaturik igerika Amoretxo zerbitzari gisa espazio erdiarrosazko eta urdinska batean, eta itsasoa tindu purpurazkoz estaliz zihoan pixkanaka, zeina olatuak hegirantz hedatzen ari zirela baitzirudien. Urrezko lantzak altxatzen ziren gero zeru-gangaraino, erlantza isilean sure bilakatzen zen, eta sugarrak eta desirak amorru jainkotiarrez jaurtikitzen zuten gorantz beren mihi sujarioez, nebaren zaldi sakratuek apatx ezinegonez ortzearen gailurrak zigortzen zituzten bitartean. Jainkoaren erlantzaren errainupean, bidaiari bakartiak begiak ixten zituen jainkozko maiestateak betazaletan mun egin ziezaion. Irribarre erdi-nahasi eta miretsi batekin antzinako sentimenduak ezagutzen zituen orduan, bihotz-samin goiztiar eta preziatuak, zeinak bizitza oso bateko lanbide zorrotzak iratorik, berriz itzultzen baitziren orain, estrainioki eraldaturik. Gogoeta, amets egiten hasten zen; poliki-poliki ezpainek izen bat eratzen zioten eta, irribarre egiteari utzi gabe, aurpegia gorantz begira zuela eta eskuak magalean tolesturik, berriro siloian loak hartzen zuen.
Baina eguna, su eta festaz hasten zena, oso era bakanean jasoa eta mitikoki eraldatua geratzen zen. Nondik zetorren eta nongoa zen brisa hura, inspirazio bat bezain biguin eta esanguratsu, bapatean bere baldoki eta eta belarrietan jostatzen zena? Lumazko hodeitxo zuriek zeruan barrena sakabanaturiko artaldeak ziruditen jainkoen larreetan. Haize indartsuago batek jotzen zuen eta Poseidonen zaldiak etortzen ziren, aztoratuak, eta jainko kizkur-urdinaren zezenak ere oldartu egiten ziren adarrak apal eta murruntzaka. Olatuek behin eta berriz jauzi egiten zuten hondartza hurbilenaren harkaizti leunduen artean, ahuntzek bezala. Bizitza panikoz beteriko mundu sagaratuki itxuraldatu batek inguratzen zuen Aschenbach liluratua, eta bere bihotzak alegia samurrak amets egiten zituen. Sarritan, Veneziaren atzean eguzkia sartzean, parkeko aulki batean esertzen zen Tadzio begiztatzeko, zeina zuriz jantzirik eta gerriko nabar batekin, pilotan olgatzen baitzen legar launduriko orubean; eta Jazinto, jainkoek maite zutelako hil behar zuen gaztea ikusten zegoela uste zuen. Bai, Zefiroren zelu mingarriak ere sentitu zituen orakulua, arkua eta zitara ahazten zituen arerioarengatik beti mutiko ederrarekin jolas egiteko; zelu krudelek saihesturiko diskoak burn preziatua zauritzen ikusten zuen, eta gorputz driskilatua, bera ere zurbilduz, jasotzen zuen besoetan; eta odol eztitik sorturiko break bere lanturu amaigabea zeukan idatzia...
Ez dago ezer bakanago eta finagorik bistaz bakarrik elkar ezagutzen duten pertsonen arteko harremana baino, egunero topo egin eta, orduoro, elkar behatzen dutenena baino, eta halere, gizarte-komentzionalismoz edo norbere apetaz, estrainiotasun axolakabearen itxurak egitera eta diosal edo hitzik ez trukatzera beharturik aurkitzen direnena baino. Beraien artean jakimin neurriz gain kitzikatu eta artega sortuz )oaten da, histeria sortzen da ezagutza eta komunikazio-premia asegabe eta anormalkiro erreprimatutik, eta, batez ere, errespetu teinkatu batetik. Zeren gizakiak maitatu eta errespetatu egiten baitu gizakia epaitzeko eran aurkitzen ez den bitartean, eta jorana ezagutza akastunaren emaitza da.
Ezinbestekoa zen Aschenbach eta Tadzio gaztearen artean nolabaiteko harreman eta ezagupidea sortzea, eta zaharragoak pozez egiaztatu ahal izan zuen bere begikotasun eta arreta ez zirela erabat erantzunik gabe geratu. Zerk bultza zezakeen mutiko ederra, esate baterako, txosnen atzeko pasarela inoiz ez erabiltzera goizean goiz hondartzara jaisten zenean, baizik eta beretarren txosnara aurrealdetik igarotzera, nagitasunez hondarra Aschenbachen aurretik gurutzatuz eta premiarik gabe berarengana hurbilduz, batzuetan ia mahaia eta aulkia ukitzeraino? Hain handia ote zen sentimendu garai batek objektu samur eta pentsamendugabearen baitan zeukan erakarmena, lilura? Egunero itxaroten zuen Aschenbachek Tadzioren helduera, eta batzuetan une hartan lanpeturik balego bezalako itxurak egiten zituen, mutiko ederrari oharkabean bezala albotik pasatzen utziz. Baina beste batzuetan begiak jaso eta bien begiradak gurutzatu egiten ziren. Biek seriotasun sakoneko itxura hartzen zuten halakoetan. Ez zuen ezerk zaharrenaren aurpegi egin eta duinean barne-mugimendurik salatzen; baina Tadzioren begietan ikernahi bat, itaunketa pentsakor bat; ibilera ezbaiti bihurtzen zitzaion, begirada beheratu eta keinu zoragarriz jasotzen zuen berriro, eta pasatu zenean, bere jarreran zerbaitek iradokitzen zuen heziera honak bakarrik eragozten ziola bira ematea.
Gau batean, halere, zeharo besterik gertatu zen. Neba-arreba poloniarrak eta haien institutriza ez ziren areto handian agertu afarikoan, eta Aschenbachek nahigabe handiz ohartu zuen hori. Afaria amaitu, eta hutsune harengatik oso artega, gaueko trajea eta lastozko kapelarekin, hotelaren aurreko terrazaren oinera zihoala, supituki, arku-lanparen argitan, moja gisako ahizpak beren hezitzailearekin agertzen ikusi zituen eta, lau pausu atzerago, Tadzio. Bistan zegoen ontzirategitik zetozela, arrazoiren batengatik hirian afaldu eta gero. Hotz egiten zuen zingiran, nonbait; Tadzio urre-botoidun marinel-jake urdin-iluna eta zegokion txanoa buruan zekartzan soinean. Ez eguzkiak eta ez itsas aireak beltzarandu zuten, larrumintzak lehen egunetako marmol-afire horiska bera zeukan. Baina gau horretan ohi baino zurbilago zirudien, freskurarengatik edo lanparen ilargi-argitasunarenatik agian. Bekainen marra erregularra oraindik areagotua zeukan eta begietan iluntasun sakonagoa zuen. Esan zitekeena baino ederragoa zen, eta Aschenbachek, atsekabeturik, sentitu zuen hitzak ospatu bakarrik egin dezakeela zentzumenezko edertasuna, ez birsortu.
Ez zuen espero han agerkari maitearekin topo egiterik, itxarongabe gertatu baitzen eta ez zion eman baretasun eta duintasunezko aurpegikera taiutzeko astirik. Alaitasuna, ustekabea eta miresmena argiro errainutu bide zitzaizkion begirada galduetsiarenarekin gurutzatzean, eta une horretan bertan Tadzio irribarre egin zuen: ezpainak poliki-poliki erdi-irekiz egin zion irribarre era esankor, fidatu, seduzitzaile eta benetakoan. Narzisoren irribarrea zen, uraren ispiluaren gainera makurturik, norbere edertasunaren errainura besoak hedatzearen keinua laguntzen duen irribarre luze, sakon eta lilurazkoa zen; bere itzalaren ezpain eztiei musu emateko ahalegin etsituan oso arinki uzkurtzen den irribarre hori; iribarre pertxenta, jakiminezkoa eta tormentatu samarra, birloratua eta birloratzailea.
Irribarre hau hartu zuenak parte txarreko opari batekin bezala alde egin zuen presaka handik. Hain zegoen asaldatua, non terraza eta lorategiko argietatik ihes egin behar izan baitzuen, eta pausu bizian atzeko parkearen ilunpea bilatu. Han haserre samur eta estrainioki suminduak egin zizkion: «Ez duk horrela irribarre egin behar! Aizak, inori ez zaiok horrela irribarre egin behar!» Aulki batean amildu zen eta, senetik irtenda usnatu zuen landareen gaueko urrina. Gero, aulki-bizkarretik besoak esekirik, behin eta berriz hotzikaraz abaildurik eta inarrosirik, joranaren formula finkoa xuxurlatu zuen, ezinezkoa orain, zentzugabea, ziztrina, barregarria eta, halere, sakratua, hemen ere beneragarria: «Maite haut!».
© Thomas Mann
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu