III
Gizarte eta literatur izaerako zenbait arazok oraindik Munichen egotera behartu zuten Aschenbach, paseo hura egin eta oraindik aste pare batean. Azkenik, lau aste baino lehen bere landetxea press eduki ziezaioten aginduak eman ondoren, maiatzaren erdia eta amaiera bitarteko egun batean gaueko trenez Triestera joan zen, non hogeita lau orduz bakarrik egon zen, biharamunean ontzia hartu eta Polara joateko.
Nola arrotza eta ohieza, baina irispide errazekoaren bila zebilen, azken urteetan sonatu bihurtu zen Adriatikoko irla batean geratu zen, Istriako kostaldetik hurbil; bertako biztanleria zarpail nabarrez jantzirik eta soinu estrainioz mintzatzen zen eta labar harrigarriro tailatuak ageri zituen itsaso irekiaren aldetik. Euria eta sargoria, hoteleko jendetza austriarraren mundu itxiak eta hondartza biguin eta hareatsuak ematen duen itsasoarekiko harreman baketsu eta barnekoiaren gabeziak atsekabetu egin zuten, kontzientzia harrarazi zioten ez zuela gogo zuen tokia aurkitu; barreneko bulkada batek, nahiz eta garbi ez zeukan norantz, kezkatzen zuen, itsasuntzien ibilpideak aztertzeari ekin zion eta inguruan irtenbide bila begiratzen hasi zen, eta halako batean era normal eta harrigarrian helmuga begien aurrean ikusi zuen. Baldin eta gauetik goizera konparaezina, ipuinetako bestelakotasuna aurkitu nahi bada, nora jo behar zen? Erantzuna argi zegoen. Zertan zegoen han? Huts egin zuen. Han behera joan nahi izan zuen. Eta laster aldatu zuen egonleku erratua. Irlara iritsi eta aste eta erdira motoreuntzi bizkor batek goizeko lainotan, bere ekipaia eta guzti, uretan zehar portu militarrera itzuli baten gainalde bustia zapaltzeko, zeina lurrin artean Veneziara bidaia egiteko prest baitzegoen.
Italiar banderapeko itsasuntzi zaharkitu bat zen, urtetsua, gedarreztatu eta goibela. Haitzulo oaten gisako eta argi artifizialez argituriko barne-ganbarote batean, zeinera Aschenbach untzia zapaldu bezain laster bere adeitasunez nekarazten zuen marinel zikin eta konkordun baten lagundurik Joan zen, berta mahai baten atzean eserita, kapela okerturik zuela eta puru-zuztar bat ahoan zuela, ahuntzbizarrarekiko gizon bat zegoen, antzinako erako zirko-zuzendari baten itxurarekin, zeinak profesionariaren mugimendu erosoekin xehetasun pertsonalak idatzi eta bidai-txartela luzatzen baitzuen.
Veneziara! esan zuen Aschenbachen hitzak errepikatuz, besoa hedatu eta tintontzi inklinatu bateko hondakin ukendutsutan luma murgiltzen zuen bitartean.
Veneziara, lehen klasean! Zerbitzaturik zaude, jauna.
Eta kirrimarro handiak idatzi zituen, kaxatxo batetik hondar urdina barreiatu idatziaren gainean, isuri zuen buztinezko gopor batean, tolestu zuen papera atzamar hori hezurtsuez eta berriro idatzi zuen.
Primeran aukeratu duzu bidai helmuga! esan zion bitartean.
Ah, Venezia! Hiri bikaina! Jende ikasiarentzat erakarmen aparta duen hiria, bere historia eta gaur eguneko bere xarmengatik!
Bere mugimenduen txairotasun bizkorra eta haiek laguntzeko zerabilen berriketa hutsak zerbait txundigarria, durdigarria zeukan, bidaiariak Veneziara joateko bere erabakian oraindik koloka egongo balitz bezala eta horrek kezkatuko bailuen. Presaka kobratu eta croupier-trebetasunez utzi zituen diru-itzulkinak erortzen mahaiko oihal mantxatuan.
Ongi pasa dezazula, jauna! esan zuen gero, erreberentzia teatrozko batekin.
Niretzat ohorea da zuek garraiatzea... jaunok! jaregin zuen gero besoa altxatuz negozioa purl purian balego bezala, nahiz eta besterik ez egon txartela eskatu zuenik. Aschenbach berriro untzigainera itzuli zen.
Beso bat barandilan zuela, jendetzari begiratzen aritu zen, zeina kaian harat-honat nagian baitzebilen itsasuntzia noiz abiatuko itxaroten, eta baita untzigaineko pasaiariei ere. Bigarren klasekoak, gizon eta emakumezkoak, brankako gainaldean kokatu ziren, kaxa eta pardelak eserlekutzat harturik. Gazte-talde batek eratzen zuen lehen-klaseko pasaia: agi zenez, Polako dendetan zerbitzari izaki, suharraldi batean Italiara bidaia egiteko elkartu ziren. Oso harro ageri ziren beren buruekin eta enpresarekin: berriketan edo barrezka ari ziren, atseginez gozatzen zuten keinuak egiten eta untziaren gainaldetik gorputza ateraz, lagunei zirtoak eta trufak egiten zeinak, kartera galtzarbean zutela, zeregintsu baitzebiltzan portuko kalean barrena eta mehatxu egiten baitzieuen beren makilatxoez txangolariei. Hauetariko bat, azken modako uda-traje hori-argi bat zerabilena, guztien artean nabarmentzen zen bere ahots garrasitsu eta umore bikainarengatik. Baina Aschenbachek aditasun handiagoz behatu zuelarik, laster ohartu zen, izuturik, gazte aizun bat zela. Agure bat zen, ez zegoen inolako zalantzarik. Zimur sakonak zituen begien eta ahoaren inguruetan. Masailetako karmin distiragabea makilaia zen; koloredun zintekiko panamaren azpitik ageri zitzaion He gaztaina peluka bat zen; lepoko azala mengel eta zaintsua zeukan; bigotetxo bihurritua eta kokots-bizarra tindatuak zerabiltzan; hortzadura horiska eta osoa, barre egitean erakusten zuena, ordeko merke zuen, eta eskuak, zeinetako hatz erakusleetan kamafeoak ageri baitzituen, agure-eskuak ziren. Aschenbach izutu egin zen halako lagunartean ikustean. Ez ote zekiten, ez ote ziren konturatzen, agian, zaharra zela eta eta ez zeukala bere dandy-janzkera hura erabiltzeko eta beraien arteko bat bezala ibiltzeko eskubiderik. Baina kontua zen, naturaltasun handiz eta ohituraz bezala, antza zenez, beren taldean jasaten zutela eta eta kidetzat hartzen zutela, bere ukondokada gogaikarriak nazkarik gabe itzuliz. Nola zitekeen halakorik? Aschenbachek eskuaz bekokia estali eta gutxiegi lo egin zuelako gorriturik zituen begiak. Espero zitekeen bezala gauzak ez zihoazelako susmoa izan zuen, ametsetako besterentze bat inguruneaz jabetzen hasi balitz bezalako zerbait, une batez aurpegia esku artean ezkutatu eta gero ingurura begiratzean kontrakartu zezakeen mundua ezohizkorantz balihoa bezalako zerbait. Baina une horretan bertan flotatzen ari bailitzan bezalako sentsazioa izan zuen eta, beldur arrazoigabe batek eraginik, ireki begiak eta ontziaren mukulu astun eta goibela kaiko hormetatik astiro aldentzen ari zela konturatu zen. Hazbetez hazbete, aurrera eta atzera zebiltzan makinen txandakako mugimenduari esker, kaia eta ontziaren kaskoa bereizten zituen ur zikin eta tornasolatuzko zerrenda zabalduz joan zen eta, maniobra astun batzuk egin ondoren, lurrinontziak itsas zabalerantz zuzendu zuen branka. Aschenbachek istriborrera jo zuen, non konkordunak kulunkaulki bat ireki eta frak koipetsudun kamarari batek zerbait nahi al zuen galdetu zion.
Zerua gris zegoen eta haize bustiak jotzen zuen. Atzean geratu ziren portua eta irlak eta laster ezabatu zen horizonte gurmatsuan lehor-aztarna oro. Untzigainalde garbituan, baina artean lehortu gabean, bustiak hanpaturiko gedar-giloak erortzen ziren. Handik ordu betera toldoa hedatu behar izan zuten euria hasi baitzuen.
Berokian sarturik, altzoan liburu bat zuela, bidaiariak atsedena hartu zuen, eta orduak oharkabean pasatu zitzaizkion. Euria atertu zuen eta toldoa baztertu egin zuten. Horizontea oskarbi zegoen. Zeruaren ganga arrearen azpian inguruan itsaso mortuaren disko eskerga hedatzen zen. Baina espazio huts eta artikulatugabean azkenerako denboraren nozioa galtzen Jute zentzuek eta neurgabearen inularrean lausotzen gara. Goibelki irudi estrainioak irtirin zaharra, kabinako ahuntz-bizarduna keinu zehazkabez eta hitz nahasiekin desfilatuz pasatu ziren loak hartu zuen Aschenbachen izpirituan barrena.
Eguerdian jantokira jaisteko eskatu zioten, ganbaroteen ateak irekitzen zireneko pasilu-gisako batera eta non burutzat hartu zuen mahai luze baten muturrean eserita, dendako zerbitzariak, agurea barne, hamarrak ezkero edaten ari baitzien kapitain arraiaren konpainian. Otordua eskasa zen eta laster amaitu zuen. Airepera irteteko gogoa zeukan eta agian Veneziaren gain oskarbituko zuen zeruari begira egotekoa.
Izan ere horrela gertatuko zela baizik ez zuen pentsatu, zeren hiriak beti distiratsu egin izan baitzion abegia. Baina zeruak eta itsasoak arre eta berunezko zirauten, tarteka langarra ari zuen eta bidaiariak etsi egin behar izan zuen lehorrez hurbiltzean beti aurkitu izan zuenaz zeharo bestelako Venezia batera iristeaz. Trinketehagaren ondoan zegoen zutik, begirada urrunean, lehorraren zain. Poeta melankoliati eta suharra gogoratu zuen, zeinaren begiek behiala bere ametsetako ganga eta dorreak olatu haietatik sortzen ikusi zituzten; isilean errepikatu zuen behinola gunmen, zorion eta zorigaitzezko kantu neurritsu bihurtu zen hartatik, eta jadanik formaz mamituriko sentsazioei libreki mugitzen utzirik, bere bihotz serio eta nekatua arakatu zuen ea suharraldi edo nahaste berriren bat, sentimenduzko abentura berantiarren bat oraindik gogoetalari ibiltariarentzat gordeta ote zegoen.
Supituki eskuinaldean kostalde lau bat sortu zen, arrantzaletxalupak itsasoa bizierazten hasi ziren eta bainu-irla agertu zen, baporeak ezkerretara utzi zuen, portutxoan barrena, zeinak bere izena duen, abiada geldoz lerratu zen, eta zingiran, etxe ziztrin batzuen aurrean gelditu zen, zeren osasun-zerbitzukoen lantxari itxaron beharra baitzegoen.
Ordu bete behar izan zuen agertzeko. Iritsita zeuden baina ez erabat; ez zuten inolako presarik, baina, halere, ezinegonak bultzatuak sentitzen ziren. Polako mutil gazteak, militarren korneta-hotsak entzutean aberriaren erakarmena sentiturik, zeinak lorategi publikoetatik uretan zehar baitzetozen, ontziaren gainaldera igo eta, Astiak suharturik, bestaldean entseatzen ari ziren bersaglierei txaloka ari zitzaien. Higuingarria zen, halere, zen egoerataraino eraman zuen agure konponduak gazteekiko bere harremana. Bere garun urtetsuak ezin izan zuen gazte eta sendoenak bezala ardoa jasan eta mozkor negargarria zeukan aldean. Begirada lausotua eta atzamar ikaratien artean zigarroa zuela, alkoholaren eraginpean atzerantz eta aurrerantz zebilen lekuz aldatu gabe, ozta-ozta orekari eutsiz. Nola lehen pausuan eroriko zatekeen, ez zen ematera ausartzen, baina hantuste negargarri bat erakusten zuen eta totelka onatzen zien hurbiltzen zitzaion guztiaren botoiei, keinu eta barre txiki trufazkoen artean bere hatz erakusle zimur eta eraztunez estalia txantxa tentelen bat ospatzeko, eta aldi berean zeharo modu bikoitz batez aho-bazterrak mihi-puntaz milikatzen zituen bitartean. Aschenbachek kopetilun begiratzen zion, eta berriz ere larritasun-sentsazio baten menpean erori zen, munduak desitxuratze-joera arin, baina geldiezin bat balu bezala, ezhoia eta groteskoa denera jotzekoa: sentsazio hori, noski, zirkunstantziek laster ezabatu zuten; zeren makinek berriro ekin baitzioten beren iharduera dardararazleari eta ontziak helmugatik hurbil etendako bidaiari heldu zion berriro San Marco kanalean zehar.
Eta orduan ikusi zuen berriz ere untzirategirik txundigarriena, hurbiltzen ari diren itsas bidaiarien begirada errespetuzkoari Errepublikak eskaintzen lien arkitektura fantastikozko osakera liluragarri hori: Palazioaren bikaintasun arina eta Zizpuruen Zubia; hegiko kolomak Lehoia eta Santuarekin; Tenplo sorginduaren albo-irtengune arazeriatsua, ate nagusia eta erloju haundiaren zehar-ikuspegiarekin, eta ikuskari honen aurrean pentsatu zuen Veneziara lehorrez, geltokitik sartzea jauregi batean atze-ate batetik sartzea bezala zela, eta bera orain bezala, untziz eta itsas zabaletik bakarrik iritsi behar zela egiantzekotasunik gutxieneko hiri honetara.
Gelditu ziren makinak, hurbildu zen gondola-mordo bat, eraitsi zen eskilaratxoa, aduanako enplegatuak igo untzira eta beren egin-beharrak burutzen aritu ziren; desuntziratzea hasteko moduan zegoen. Aschenbachek aditzera eman zuen gondola bat nahi zuela bera eta bere ekipaia hiria eta Lidoren artean dabiltzan baporetxo haietako oaten geltokira garraiatzeko; gero itsas hegian gela bat hartzeko asmoa zeukan. Onartzen zaio asmoa, eta oihuka aditzera ematen zaio bere nahia uraren azalean zehar, gondolariak dialektoz eztabaidan ari ziren tokiraino. Jaisteko eragozpenak jartzen dizkiote: kutxak eragozten dio, zeina kostata arrastatzen eta lerratzen baitute sokazko eskilaratxoan behera. Eta horrela zenbait minutuz ezin izan die ihes egin agurearen gogaikarrikeriei, zeinak horditasunak ilunki bultzaturik, despedida-ohoreak egiten baitizkio bidaiariari.
Egonaldirik zoriontsuena opa dizugu! esaten dio marraka eginez erreberentzi artean. Oroitzapen ona izan dezazula! Au revoir, excusez eta bonjour, gorentasuna!
Ahoan ura egiten zaio, ixten ditu begiak eta aho-ertzak milikatzen ditu eta perila tindatua nabarmentzen zaio agure-ezpainean azpian.
Bejondeiola! esaten du hitz-totelka bi atzamar-puntak ahoratuz, bejondeiola maitetxoari, maitetxorik kuttunenari, ederrenari...!
Eta supituki hortzadura kengarriaren goiko zatia beheko ezpainaren gainera erortzen zaio.
Aschenbachek azkenean ihes egitea lortuz zuen. «Maitetxoari, maitetxo xarmangarri horri», entzun zuen atzealdetik urruma baldar eta huts baten gisara, bera sokazko eskulekuari helduz eskilaratxoan behera jaisten ari zen bitartean.
Nork ez zuen borroka egin beharko hotzikara pasakor, beldur ezkutu eta itolarriren baten kontra lehen aldiz edo denboraldi luze baten ondoren, veneziar gondola batera igotzean? Ontzi bitxi hotrek, baladen garaietatik aldatu gabe iritsi eta, besteak beste, atauteak izan ohi diren bezain bereziki beltza den horrek abentura isil eta makurrak oroitarazten ditu uraren gaueko txipli-txaplan; heriotza bera oroitarazten du oraindik gehiago, zerraldoa eta hiletaren goibeltasuna, baina azken bidaia isila ere. Eta ohartu al du inork ontzi horietako hileta-beltzez bernizaturiko eta beltz matez tapizaturiko siloi hori dela munduko eserlekurik biguin, guri eta erlaxagarriena? Aschenbachek ohartu zuen gondolariaren oinetan, afretaz branka aurpegidunaren ondoan ezarritako bere ekipaiaren aurrez aurre kokatu zenean. Arraunlariek oraindik eztabaidan jarraitzen zuten; zakar, ulergaitz, mehatxuzko keinuekin. Baina ur-hiriaren isiltasun bereziak bazirudien ahots horiei abegi biguina egin, desaragiztatu eta bere uretan barreiatzen zituela. Bero egiten zuen portuan. Sciroccoaren hatsak doi-doi ukiturik, bidaiaria elementu esanekoaren gainean kuxinetan etzanik, begiak itxi zituen hain nagitasun ezohizko bezain eztiaz gozatzeko. «Bidaia laburra izango da», pentsatu zuen. «betikoa izango balitz!» Balantzaketa arinean sentitu zuen jendetza eta ahots-nahaspilatik aldentzen ari zela
Nola ari zen gero eta isilagotzen bere ingurua! Arraunaren txilipala besterik ez zen entzuten, olatuek ontziaren brankaren kontra ateratzen zuten zarata sorra, zeina tente, beltz eta alabarda erara gailurturik baitzegoen uretan... eta zerbait gehiago ere bai: xuxurlaketa bat, txutxuputxu bat, soinuak ahapean ateratzen eta bere besoetako lanaz zanpatzen ari zen gondolariaren bakarrizketa etena. Aschenbachek begirada jaso eta eta, zertxobait harriturik, ohartu zuen zingira inguruan zabaltzen ari zitzaiola eta gondola itsasoan barrena zihoala. Bazirudien, beraz, ez zeukala atseden handiegirik hartzerik, aitzitik jaramon egin beharko ziola bere nahiaren beterazpenari.
Vaporettoaren geltokira, eh? esan zuen atzerantz birerdi eginez.
Txutxuputxua isildu zen baina, baina ez zen erantzunik etorri.
Vaporettoaren geltokira, eh? errepikatu zuen oraingoan bira osoa emanez eta gondolariari aurpegira begiratuz, zeinaren isla, bere atzean ertz jasoan zutik, zeru margularen kontra nabarmentzen baitzen. Fisonomia higuingarri, ia zakarreko gizasemea zen, marineljantzi urdina zerabilen soinean, txal hori bat gerriko gisa zuela, eta, ausarkiro alboratua buru gainean ehuna desegiten hasia zeukan lastozko kapela handi bat. Aurpegikerak eta sudur motzaren azpitik ageri zuen bigote horail bihurriak ez zioten inondik ere italiar itxurarik ematen. Nahiz eta gorpuzkeraz mazkar samarra zen, hainbesteraino ezen ez baitzuen inola ere bere lanbiderako egokia ematen, kemen handiz zerabilen arrauna, kolpe bakoitzean gorputz osoa jarriz. Ahaleginak pare bat aldiz ezpainei atzera eginarazi zizkien, hortz zuriak agerian utziz. Bekain gorriska zimurturik, pasaiariren gainetik begiratzen zuen, eta irme, ia zakar, erantzun zuen:
Zu Lidora zoaz.
Aschenbachek erantzun zion:
Hala da. Baina gondola San Marcora joateko bakarrik hartu dut. Vaporettoaz baliatu nahi dut.
Ezin zaitezke vaporettoaz baliatu, jauna. Eta zergatik ez?
Vaporettoak ez duelako ekipaiarik ametitzen.
Egia zen; Aschenbach ere oroitu zen hartaz. Isilik geratu zen. Baina gizonaren doinu zakar eta hantusteari, bere herrialdean atzerritarrarekin erabiltzen denaz hain bestelakoari jasanezin iritzi zion, eta esan zion:
Hori nire kontua da. Agian kontsignan utziko dut ekipaia. Itzul zaitez.
Isilunea sortu zen. Arraunak txipili-txapala egiten zuen; urak kolpe sorrak ematen zituen brankaren kontra. Eta berriz hasi ziren marmarra eta txutxuputxua: gondalaria bere buruarekin ahapean hizketan ari zen.
Zer egin? Zingiran bakarrik hain gizaseme menperakaitz, parte txarreko eta erabakitsuarekin, bidaiariak ez zuen bere nahia beterazteko inolako erarik ikusten. Gainerakoan zeinen biguinkiro atsedena har zezakeen haserretzen ez bazen! Ez al zuen nahi izan bidaia luzatzea, betikoa izatea? Arrazoizkoena, eta batez ere, atseginena gauzei beren bidetik ibiltzen uztea zen. Aulkiari nagitasunezko begizko bat zeriola ematen zuen, gondolari despotikoaren arraunkaden arabera hain biguinkiro zabukatzen zen siloi apal eta beltzez tapizatuari. Gaizkile baten eskuetan erori izanaren ideia amets baten modura pasatu zitzaion burutik; baina ez zuen defentsa aktibora bultzatzeko ahalmenik izan. Gogaikarriago zeritzon oraindik dena lapurretaahalegin huts izateari. Eginbehar edo harrotasun gisako zerbaitek; gauzei aurre hartu behar zaielako oroitzapenaren moduko zerbaitek beste behin ahuleziatik indarrak ateratzera bultzatu eta galdetu zuen:
Zenbat kobratzen duzu bidaiarengatik?
Eta gondolariak, gainetik begiratuz, erantzun zion:
Ordainduko duzu.
Argi zegoen zer erantzun behar zitzaion. Aschenbachek mekanikoki esan zuen:
Ez dizut xemeikorik ordainduko, nahi dudan tokira eramaten ez banauzu.
Zuk Lidora joan nahi duzu.
Baina ez zurekin.
Ongi gidatuko zaitut.
«Egia duk» pentsatu zuen Aschenbachek zertxobait erlaxatuz. «Egia duk ongi gidatzen nauala. Nahiz eta begiak aldean daramadan diruan jarri eta atzealdetik arraunkada batez Hadesera bidali, halere ongi gidatuko nauk».
Baina ez zen halakorik gertatu. Lagunartea ere izan zuten musikari-mauseariz beteriko txalupa bat, gitarra eta mandolinak lagun zituztela kantari zebiltzan gizon-emakumeek hertsatu zuten gondola, bordari itsatsirik eta uretako isiltasuna turistentzako poesia eskalariz betez. Aschenbachek dirua bota zuen kapela hedatura. Orduan isildu eta alde egin zuten. Eta orduan gondolariaren xuxurlaketa entzun zen berriro, bere buruarekin tarteka eta loturarik gabe hitz egiten.
Azkenean iritsi egin ziren, hirira zihoan baporeuntzi baten uharak kulunkaturik. Bi udaltzain, eskuak bizkarrean, aurpegiak zingirara begira, hegitik paseoan zebiltzan. Pasarelaren aurrean Aschenbachek utzi egin zuen gondola Veneziako edozein trikalekutan bere burdinkakoarekin egoten den agure horietako batek lagundurik; eta diru xehea falta zuela ikustean, baporeuntzien zubiaren ondoko hotel batera jo zuen, bertan aldatu eta eta arraunlaria gogara saritzeko. Zerbitzatzen Jute sarreran, bira eman eta bere ekipaia kaian aurkitzen du, karrotxo baten barruan, baina gondola eta gondolaria desagertu egin dira.
Ospa egin du esan zuen burdinkakodun agureak. Gizon txarra, baimenik gabeko gizona, jaun prestua. Baimenik ez daukan gondolari bakarra da. Besteek hona deitu dute telefonoz eta itxaroten zeuzkala ikustean, ospa egin du.
Aschenbachek sorbaldak uzkurtu zituen.
Jaunak doan egin du bidaia esan Zion agureak kapela luzatuz. Aschenbachek txanpon batzuk bota zizkion, gero ekipaia bainuhotelera eramateko agindu zion eta karroari hiribidetik jarraitu zion, lore zurizko hiribide horretan barrena, zeinak alde bietako taberna, bazar eta ostatuen artean irla zeharretara gurutzatzen baitu hondartzaraino.
Atzealdetik sartu zen hotel hedatsuan, lorategiko terrazatik, eta areto handia eta eskaratza gurutzaturik, harreraraino iritsi zen. Helduera iragarria zuenez gero, adeitasun zerbitzariz egin ziouen abegia. Administrariak, gizontxo zuhur eta manera zilibokariak zituenak, bigote beltza eta frantses ebakerako lebitarekin, igogailuan bigarren pisuraino lagundu zuen eta bere gela erakutsi zion, gerezizko altzariz eta usain bizi eta sarkorrezko lore-apainduraz hornitua, zeinaren leiho garaietatik itsaso irekiaren ikuspegia begietaratzen baitzen. Haietako batera hurbildu zen Aschenbach jauna laguntzailea aldendu bezain laster, eta bere atzetik ekipaia sartu eta eta gelan kokatzen zuten bitartean, arratsaldeko ordu haietan jende gutxi zeukan hondartzari begira Jam zen eta itsaso eguzkigabeari ere bai, mareabeheran, zeinak erritmo patxadatsuz bidaltzen baitzituen begira olatu apal eta luzangak.
Bakarti hitzurriaren behaketa eta bizipenak aldi berean lausoago eta sarkorragoak dira gizakoiarenak baino, eta bere pentsamenduak, astunago, bitxiagoak eta inoiz ez halako tristura-kutsu bat gabeak. Begirada, irribarre edo iritzi-truke batez gainetik erraz ken daitezkeen irudi eta inpresio batzuek behar baino gehiago kezkatzen dute, sakonera eta garrantzia hartzen dute bere isiltasunean eta bizipen, abentura, sentimendu bihurtzen dira. Bakardadeak umotu egiten du orijinal, edertasun ausart eta kezkagarria, poesia. Baina okerra, desaraua, zentzugabea eta zilegi ez dena sortu ere sortzen ditu. Horregatik oraindik kezkatu egiten zuten bidaiariaren izpiritua bidaiako irudiek, irtirin higuingarri hark «maitetxoari» buruzko bere tentelkeriekin edo kobratu gabe alde egin zuen izen txarreko gondolariak. Arrazoiari eragozpenik sortu gabe, eta gogoeta egiteko egiazko gairik eskaini gabe, izaeraz guztiz irudi estrainioak ziren, Aschenbachen arabera, eta kezkagarriak hain zuzen kontraesan horrengatik. Bitartean begiez itsasoari agur egin eta eta poz hartu zuen Venezia hain eskura zegoela jakitean. Azkenik, itzuli, aurpegia garbitu, eman mirabeari agindu batzuk bere ongitasuna lortzeko eta beheko solairura eramateko eskatu zion librea berdeko ingogailuzain bati.
Itsasoaren aldeko terrazan hartu zuen tea, gero jaitsi eta oinez abiatu zen, itsas pasealekuaren zati bat korrituz Hotel Excelsior aldera. Itzultzean, jadanik garaia zela afaltzeko jantzia alda zezan uste izan zuen. Astiro eta zehatz, bere erara, egin zuen, izan ere toiletea egitean lan egiteko ohitura baitzuen. Halere, goiz samar iritsi zen aretora, non ostarien parte handi bat bildurik aurkitu baitzuen, elkarrekiko arrotz eta Bata bestearenganako axolagabetasun-itxurak egiten baitzituzten, nahiz eta guztiak afari berarekiko interesean bildurik egon. Hartu zuen egunkari bat mahatik, kokatu zen larruzko besaulki batean eta lagunarteari, zorionez lehenengo egonaldikoaz zeharo bestelakoa zenari begiratu zion.
Horizonte zabal, jasankor eta aniztasun handia besarkatzen zuena ireki zitzaion. Hizkuntza nagusienen soinuak marmarra sorturik nahasten ziren. Nazioarteko gau-trajea, gisakotasunaren uniformemodukoa, laburbiltzen zuen gizakiaren aniztasuna batasun komentzional batean. Amerikarraren aurpegi zaildu eta luzangak ikusten ziren, errusiar familia ugaria, dama ingelesak eta haur alemaniarrak inude frantsesekin. Osagai eslabiarra nagusi zela zirudien. Oso hurbil polonieraz ari ziren.
Zumitzezko mahaitxo baten inguruan bilduriko gazte eta nerabe-talde bat zen institutriz edo konpaini dama baten begipean: hiru neskatila itxuraz hamabost-hamazazpi urte bitartekoak, eta mutiko ile-luze bat hamalauren bat urtekoa. Harriduraz ohartu zuen Aschenbachek mutila erabateko edertasunaren jabe zela. Aurpegia, zurbil eta txairoki erreserbatua, ezti-koloreko ilez inguratua, sudur zuzenarekin, ahoa polit eta seriotasun liluragarri eta jainkozkoa zuenak garairik nobleeneko greziar estatuagintza gogorarazten zuen; eta formen perfekzio txit garbi honetaz gainera hain xarma pertsonal eta bakarrekoa zen, non bere behatzaileak ez baitzeritzon ezer lortuagorik ikusita zeukanik ez naturan eta ez arte plastikoetan. Gainera arreta erakartzen zuen, jazteko era gidatzen zioteneko irizpide pedagogikoen eta eta, oro har, arreben portatzeko moduaren artean zegoen kontraste nabarmenkiro funtsezkoak. Hiru neskatilen jantziak zeinetarik zaharrena nagusitzat hat baitzitekeen, ezin gehiagoraino lotsor eta gartxua zen. Arbel-koloreko komentu-jantzi gisako bat, kaizu ertainekoa, soila eta berariaz gaizki ebakia, idun zuri bat beste edergailurik gabea, beren irudiei grazia oro zanpatu eta mugatzen zien. Ilaia leun eta buruari guztiz itsatsiak, moja-antz huts eta adierazpengabea ematen zien haien aurpegiei. Guzti haren atzetik, jakina, ama bat zegoen mutikoari ezartzea inoiz ere pentsatuko ez zukeen zorroztasun pedagogikoa alabei ezartzea ezinbestekotzat jotzen zuena. Nabarmen zegoen samurtasuna eta finezia zirela nagusi mutikoaren bizitzan. Ongi gorde zuen bere burua bere ile ederrera guraizeak hurbiltzetik; «Arantzea ateratzen duen mutikoari» bezala bekokian kiribiltzen zitzaion, belarrien gainean eta oraindik beherago garondoan. Marinel-jantzi ingelesa, zeinaren mahuka laxoak beherantz mehartzen baitzien haur-esku txikien artikulazio finak estutu arte, nahiz eta luzatuak egon beren txirikordatxo, lazo eta bordatuekin aberastasun eta mimo-antxa ezartzen zioten irudi samurrari. Erdi-soslaiz behatzaileen aurrean eserita, oin bat bestearen aurrean txarol beltzezko zapatan, eta ukondo bat zumitzezko aulkiaren besoan kokatua zeukan eta masaila esku itxian, dotorezia nagizko jarreran eta arrebak ohituak ziruditeneko zurruntasun ia menperatuaren aztarnarik txikienik ere gabe. Gaixo ote zegoen? Zeren aurpegiko larrumintzak zuritasun marfilezkoa ageri zuen ilekizkurren marko urre-ilunekiko kontrastean. Ala haurtxo mimatuegi bat ote zen, maitasun alderditar eta kapritxozkoaren sorkari? Aschenbach azken iritzi honetakoa zen. Zeren izaera artistiko ia guztiek izaten baitute berezko isuri bat, aldi berean zentzukoi eta iruzurgilea, edertasunaren bidegabekeria sortzailea sagaratzera eta maila aristokratikoaren interes eta omenean solidariotzera.
Zerbitzari batek inguru egin zuen eta igelesez aditzera eman zuen otordua prest zegoela. Pixkanaka lagunartea galdu egin zen jantokirako beira-ateetan barrena. Gero atzeratu banaka batzuk pasatu ziren, sarrera eta igogailuetatik zetozenak. Baina nahiz eta barruan zerbitzatzen hasita zeuden, gaztejende poloniarrak zumitzezko mahaitxoaren inguruan eserita jarraitzen zuten, eta Aschenbachek, besaulkian eroso murgildurik eta gainera edertasuna begien aurrean zeukala, beraiekin itxaron zuen.
Institutriza, dama moztaka eta mardul eta musu-goriak zutitzeko seinalea eman zuen azkenik. Bekokia zimurtuz, albora eragin bere aulkiari eta makurtu egin zen, andre garai, gris-argiz jantzi eta perlaz apaindu bat aretoan sartu zenean Damaren itxura hotz eta neurtua zen, eta bai arinki hautseztaturiko ileen orrazkerak eta bai bere soinekoaren egikerak pietatea dotoreziaren osagai nonahi delako gustu hori zehazten duen sotiltasuna adierazten zuten. Goifuntzionari alemaniar baten emaztea izan zitekeen. Bere baitan zeukan luxu egiazko fantastikoa bitxiak ziren, balio ia kalkulagaitzekoak, zeinen artean baitzeuden belarritakoak eta lepoko luze-luze bat leunki irisatuak eta gerezialeak bezain handiak ziren hiru perlailadarekin.
Neskatilak bizkor zutitu ziren eta makurtu egin ziren amari eskuan mun egiteko zeinak irribarre eme bat sudur zorrotzeko aurpegi nekatuan azaleratu eta hitz batzuk zuzendu baitzizkion institutrizari. Gero beirazko atera jo zuen, seme-alabak atzetik zituela: aurrena neskatilak adinaren arabera, haien atzetik institutriza eta, azkenik, nerabea. Zerbaitengatik, hau itzuli egin zen atalasea zeharkatu baino lehen, eta nola aretoan besterik ez zegoen, inular-gristasunezko bere begi estrainioek Aschenbachenekin topo egin zuten, zeinak begiespenean murgildurik eta egunkarian belaunetan zuela begiradaz segitu baitzuen taldea.
Ikusi zuen ezerk ez zeukan xehetasun ohargarririk. Ez zen inor ama baino lehenago mahaira eseri, itxaron egin zioten eta begirunez agurtu, jantokian sartzean ohizko manerak gordez. Baina hori guztia hain era adierazkorrean eta diziplina, betebeharra eta autoestimua hainbeste nabarmenduz, non guztiz hunkitua sentitu baitzen. Oraindik une batzuetan itxaron egin zuen bera ere jantokira pasatu eta mahaitxoa seinalatzeko eskatu aurretik, zeina nahigabe-asaldura batez egiaztatu zuenez, aski urrun baitzegoen poloniar familiagandik.
Nekaturik, nahiz eta izpirituz mugitua, gauza abstraktuak, eta trazendenteak ere bai, pentsatzen eman zuen denbora afari luzean, gogoeta egin zuen arauzkoak banakoarekin izan behar duen lotura misteriotsuaz giza edertasuna sor dadin, handik forma eta artearen arazo orokorretara pasatu zen eta azkenean egiaztatu zuen bere ideia eta aurkikuntzek bazutela halako antz bat itxuraz zoriontsuak diren ametsetako irudiekin, esnai gaudenean erabat hutsal eta baliogabe deritzegunekin. Afal ostean erretzen, eserita eta gaueko usain gozoz beteriko parkean paseatzen ibili zen eta goiz joan zen atsedena hartzera eta gaua lo sakon eta jarraituan murgildurik eman zuen, baina amets-irudiz bereziki bizituan.
Biharamunean eguraldia ez zen hobeto agertu. Lehorretik jotzen zuen haizeak. Zeru goibelaren azpian itsasoa nagi eta uzkurtua bezala zegoen, horizonte gartxuki hurbil eta aldentzean hareguneilada luzeak agerian utzi zituen hondartzaren artean. Leihoak irekitzean, Aschenbachek zingiraren kiratsa usnatzen zuela uste izan zuen.
Umore txarrak menperatu zuen. Une horretan bertan alde egitean pentsatu zuen. Behiala, urteak zirela, udaberri-aste alai batzuen ondoren eguraldi honek herrimina sentiarazi zion eta hain gaizki sentiarazi zuen, non ihesliar baten modura Veneziatik alde egin behar izan zuen. Ez al zuen sentitzen orain orduko nakartasun sukartsu bera, baldokietako presio hura bera, betazaletako astuntasun aura bera? Berriz lekuz aldatzea, zalantzarik gabe, gogaikarria izango zen; baina haizea aldatu ezean, han ez zeukan zer eginik. Segurtasunez ez zuen erabat ekipaia desegin. Eta bederatzietan aretotxora aitsi zen gosaltzera horretarako jantokia eta areto handiaren artean itondu zuten aretotxora.
Hotel handiek guraria izan ohi den isiltasun solemne hori zen iagusi bertan. Kamarariek oinotsik egin gabe zerbitzatzen zuten noizbehinkako te-zerbitzuaren txintxina edo ahapean xuxurlaturiko iitzen bat besterik ez zen entzuten. Zoko batean, ia atearen aurrealdean eta eta beretik bi mahai harantzago, Aschenbachek neskatila poloniarrak ikusi zituen beren institutrizarekin. Guztiz tente beren iho urdinezko soinekoetan idun eta eskutur zuriekin, adats horail rrauskara lisatu-berria eta begia gorriturik, ia gosaria amaitua zeukaten neskatilak, elkarri kopakada bat marmelada pasatzen zioten. Mutikoa ez zegoen han.
Aschenbachek irribarre egin zuen. «Kontxo, feazio txikia!», entsatu zuen. «Heure gogara lo egiteko pribilegioaren jabe haizela irudik.» Eta, supituki biziturik, bere baitan bertsoa errezitatu zuen: Apaingarri sarri mudatuak eta bainu beroak eta atsedena».
Presarik gabe gosaldu zuen, atezainaren eskutik hartu zuen, zeia galoidun txanoa eskuan zuela, sartu baitzen aretotxoan, etxetik idaltzen zioten posta atzeratua eta gutun-pare bat ireki zituen zigarroa errez. Horrela lotiaren sarrera ikusteko aukera izan zuen, han ondoan itxaroten baitzioten.
Beira-atetik barrena sartu zen mutikoa eta zeiharka gurutzatu zuen areto isila, arreben mahairaino. Bere ibilera, bai gorputz-enborraren jarreraz eta bai belaunaren, zuriz jantzitako oina ezartzearen mugimenduz, aparteko graziako zen, arina, samurra eta harroa aldi berean, halako haur-lotsortasun batek oraindik areagotua, zeinak aurrera egitean buruari bira ematen zion, pare bat aldiz begirada jaso eta jaitsarazi egin baitzion. Irribarrez, eta bere hizkuntza biguin ezabakorrez zerbait esan zuen ahapean; eta bere behatzailea, orain soslai osoz ikusten zuelarik, berriz ere txunditurik geratu zen, areago, ikaraturik, mutikoaren edertasun egiazki jainkozkoaren aurrean. Ehun garbigarrizko brusa ilauna zerabilen, marra zuri-urdinekin eta zeta gorrizko gibizta bat paparrean eta idun garai, zuri eta soil bat zitueIa. Baina idun honen gainean, zeinaren dotorezia estrainioa ez baitzetorren bat trajearen izaerarekin, bere buru xarmangarriaren lore paregabea zetzan: Erosen burua, Parosko marmolaren esmalte horiskaz estalia, bere betile fin eta serioekin, angelu zuzena eratuz zeukan kizkurren zirimola ilun eta zetazkoaren azpian ezkutaturiko baldoki eta belarriekin.
«Ederki!, ederki!», pentsatu zuen Aschenbachek espezialistak ohi duen onarpenezko keinu hotz horrekin, zeinaren atzean batzuetan artistek disimulatzen baitute maisu-lan baten aurrean beren xoramen edo lilura. Eta halaber pentsatu zuen: «Benetan, itsasoa eta hondartza itxaroten ez baneuzka, hementxe egongo nindukek, hi hagoen bitartean!» Baina azkenik, pertsonalaren adeitasun-seinaleen artean, gurutzatu aretoa eta terraza handia barrena jaitsi zen, zurezko pasarelan zehar hotelaren hondartza pribaturantz. Han, oinutsik, lihozko fraka, marinel-brusa eta lastozko kapelarekin, bainuzantzan aritzen zen agure batek alokaturiko txosna erakutsi zion. Aschenbachek mahaia eta aulkia ezarrarazi zituen zurezko tranpalean eta gero argizari-errainudun hondarrean zehar itsasora hurbildu zuen etzaulkian eroso jarri zen.
Hondartzako ikusmirak, mundu zibilizatu guzti hura bere zentzumenez nagiki elementuaren hegian gozatzen ikusteak olgarazi eta ohi ez bezalako atsegina eskaini zion. Itsasoaren gainazal gris eta leuna txipli-txaplaka ari ziren haur, igerilari eta irudi nabarrez bizitua zegoen ordurako, zeinak besoak garondopean gurutzaturik haremunetan etzanik baitzeuden. Beste batzuk gilarik gabeko ontzitxo gorri eta urdinez pintatutan arraunean ari ziren, eta barrezka murgiltzen ziren. Capanna-erreskada luzearen aurrean, zeinen tranpaletan begiratoki txikitan bezala eser zitekeen, mugimendu jostaria zegoen eta patxada nagia eta teinkatua, bisitak eta berriketa, goizeko dotorezia zaindua eta biluztasuna, zeina jas ausartaz baliatzen baitzen tokiko askatasunez. Aurrerago, hondar busti eta trinkoan, albornoz zuritan edo kolore biziko kamisoi laxotan bilduriko jendea zebilen. Eskuinetara, haur-eskuek eraikitako hondarrezko gaztelu konplexua ageri zen herrialde guztietako banderatxoz inguraturik. Maskor, opil eta fruitu-saltzaileak belaunikatzen ziren beren emaitzak lurrean hedatzeko. Ezkerretara, itsasoa eta besteekiko zeharretara lerrokaturiko txosnetako baten aurrean, zeinak ixten baitzuen hondartza alderdi hartatik, errusiar familia batek zeukan kanpalekua: gizaseme bizartsu hortz-handiak, emakume esaneko eta nagiak, andereno baltiko bat, zeina kabailete baten aurrean eserita, itsasoa pintatzen ari baitzen etsipenezko hasperen artean, bi haur itsusi baina onbera, eta neskame zahar bat buruko zapia eta samurkiro menpekoturiko esklabu-manerak zituela. Eskerronez gozatuz bizi ziren han, nekagaitz beren izenez haur bihurriei deika, txantxetan zekiten italiera apurraz gozokiak saltzen zizkieten agure isekatiarekin, eta masailan elkarri musu ematen zioten, beren giza elkarte txikian izan zitzaketen behatzaile posibleez batere kezkatu gabe.
«Gelditu egingo nauk», pentsatu zuen Aschenbachek. «Non egongo nindukek hobeto?» Eta eskuak magalean tolesturik, begiei itsasoaren urruntasunean galtzen utzi zien, begiradari lerratzen, hausten eta espazio mortuko monotonia gandutsuarekin nahasten. Arrazoi sakonak zituen itsasoa maitatzeko: lan nekosoan aritzen den artistak berezkoa duen atseden-gurariarengatik, zeinak fenomenoen ugaritasun deigarriaren aurrean sinplea eta neurgabea denaren baitan aterpea bilatzeko irrikia izaten baitu, baita debekatua, bere egitekoari erabat kontrajarria eta hain zuzen horrexegatik liluragarria den artikulatugabe, neurgabe eta betierekoa denerako: ezerezerako isuriarengatik. Perfekzioan atsedena hartzea da bikaintasuna lortzen ahalegintzen den ororen jorana; eta agian, ezereza ez al da perfekzioera bat? Baina hutsartean hain sakon amets egiten ari zen bitartean, supituki giza irudi batek ebaki zuen hegiaren lerro horizontala; eta Aschenbachek, galdu zeneko mugagabetik begirada erakarri eta biltzean, han zegoen mutiko ederra eta ezkerretik etorri eta hondarrean aurrealdetik pasatu zitzaion. Oinutsik zihoan, hegian txiplitxaplaka ibiltzeko asmoz, zango lirainak belaunetik gora biluzi zituela, pausu geldiak emanez, baina halako txairotasun eta zalutasnez, non oinetakorik ibiltzera ohiturik zegoela baitzirudien. Zeharretarako erreskada begiradaz segitu eta errusiar familia nabaritu bezain laster, zeina olgetan ari baitziharduen elkargiro atseginean, mesprezu suminkorrezko ilunaldi batek estali zion aurpegia. Bekokia lausotu, ahoa uzkurtu, ezpainetatik alde batera keinu mingots bat egin zuen, masailetako bat zeharkatuz eta bekainak hainbesteraino zimurtu zitzaizkion, non haien presiopean begiek hondoratuak agertu ziren eta gaiztoak eta ilunak eta une batez gorrotoaren mintzairaz jabetu ziren. Behera begiratu, gero berriro mehatxuz bira eman eta sorbaldaz mesprezuzko keinu zakar bat eginez, atzealdean utzi zituen etsaiak.
Finezia edo harridurak, errespetua eta lotsaren antzeko zerbaitek bultzatu zuen Aschenbach ezer ikusi ez balu bezala bihurtzera; zeren grinaren behatzaile serio eta halabeharrezkoa uzkur agertuko da, bere buruaren aurrean bakarrik bada ere, behatuaz baliatzera. Aschenbach, halere, aldi berean hunkitu eta baretu sentitu zen, hau da: dohatsu. Haur-fanatismo hark, hain bizi-atal maitakorraren kontra zuzendua, gizakiareko harremanean jartzen zuen ezinesanezko jainkozkoa, naturaren obra preziatu bihurtzen zuen, ordura arte begien atsegingarri baizik izan ez zena, eta edertasunarengatik bakarrik nabarmena zen nerabearen irudiari erliebea ematen zion, urteei jaramonik egin gabe benetan hartu ahal izateko.
Oraindik bizkarra emanik zegoela, Aschenbach mutikoaren ahotsa entzuten geratu zen, ahots garbi eta ahul samarra, zeinaz urrunetik agur eginez hondarrezko gazteluan buru-belarri murgildurik zebiltzan jolaskideei bazetorrela iragarri nahi zien. Behin eta berriz bere izena oihu eginez erantzun zioten edo agian bere izenaren ttikigarri maitezkoren bat, eta Aschenbach jakimin pixka batez adi egon zitzaion, bi silaba doinutsu hautematea besterik lortu Babe, «Adgio» edo, sarriago, «Adgiu», azken «u» hura oihuak luzatzen zuelarik. Atsegin izan zuen izenaren ozentasuna; bere objektuari bazegokiola konturatu zen eta isilean errepikatu zuen, pozarren, bere gutun eta paperetan bildu baino lehen.
Bere bidai karpetatxoa belaunetan zuela, hartu estilografika eta batari eta bestear gutunak idazteari ekin zion. Baina ordu laurden bat pasatu ondoren pentsatu zuen tamalgarria zela hala, izpirituz, bertan behera uztea ezagutzen zuen egoerarik gozagarriena, eta eginkizun axolakabe batez trukatzea. Alboan utzi zituen, beraz, idaztekoak, eta itsasoan finkatu zuen aditasuna; handik gutxira, hondarrezko gaztelutik zetozen gazte-ahotsek erakarririk, eskuinalderantz bira eragin zion buruari, etzaulkiaren bizkarrean eroso kokatuari, Adgio bikainaren joan-etorriez berriro arduratzeko.
Lehen begiradan aurkitu zuen; paparreko gibizta gorria nahastezina zen. Zubitzat balioko zuen ohol zahar bat gazteluaren hobi bustiaren gainean ezartzen lanpeturik beste mutiko batzuekin, obrarako aginduak oihuka eta buruaz keinuka ematen ari zen. Hamar bat lagun zeuden han berarekin, neska eta mutil, batzuk bere adinekoak eta beste batzuk gazteagoak, zenbait hizkuntzatan berriketan: polonieraz, frantsesez eta hizkuntza balkandarrez. Baina bere izena entzuten zen maizenik. Begibistan zegoen guztiek desiratzen, gorteiatzen eta miresten zutela. Bat bereziki, poloniarra bera bezala, ile beltz eta gominatudun mutiko mardul bat, lihozko traje gerrikoduna soinean zerabilena eta zeinaren izenak «Jaschu» antzeko zerbait baitzirudien, bere menpeko eta adiskiderik minena zuela ematen zuen. Oraingoz hondar-eraikuntzako lana amaiturik, bi adiskideak hondartzan barrena abiatu ziren, besarkaturik, eta «Jaschu» deitzen ziotenak musu eman zion Adgio ederrari.
Aschenbach hatzaz mehatxu egiteko zori-zorian egon zen. «Hiri, berriz, Kritobulo», pentsatu zuen irribarrez, «urte bete osoz bidaiatzeko aholkua ematen diat. Horixe beharko huke gutxienez sendatzeko». Eta gero saltzaile ibiltari bati erositako marrubi handi eta heldu batzuk jan zituen. Beroa asko areagotu zen, nahiz eta eguzkiak zerua goibeltzen zuen hodei-estalkia zulatzerik ez lortu. Nagitasunak kateaturik zeukan izpiritua, zentzumenak itsas isiltasunaren mintzo lazkarri eta sorgortzaileez gozatzen zuten bitartean. «Adgio» bezalakoa zer izen izan zitekeen igartzea, ikertzea zeregin atsegin eta duintzat jo zuen beretzat idazle serioak. Eta eta poloniar oroitzapen batzuen laguntzaz 'Tadzio» izan behar zuela atera zuen, «Tadeusz»en ttikigarria, bokatiboa «Tadziu» bihurtzen zuena.
Tadzio bainatzera sartu zen. Aschenbachek, zeinak begietatik galdu baitzuen, haren burua eta itsasoan barrena arraunean sartzen ari zeneko besoa nabarmendu zituen, zeren itsasoaren gainaldea leun baitzegoen oso urruneraino, nonbait. Baina bazirudien laster arduratu zirela beratzaz, laster ekin zioten emakume-ahotsek txosnetatik deika, ia kontsigna batek bezala hondartza osoa menperatzen zuen izen hura errepikatuz eta, kontsonante bustiekin eta azken «u» luzatuarekin, aldi berean eztia eta basatia zen zerbaiten jabe zen: «Tadziu!! Tadziu!» Mutikoa lasterka bizian itzuli zen, buruari atzera eragin eta bitsa ateraz aiher zitzaion ura zangoez jotzean; eta irudi bizi hura nerabezaroko txairotasun eta zurruntasunarekin ikusteak kizkur bustiekin eta jainko samur baten edertasunarekin, zerua eta itsasoaren sakonetik irtenez, elementutik atera eta ihes eginez: ikuspen horrek burutapen mitikoak iradoki zizkion: aspaldiko garaietatik, formaren jatorri eta jainkoen jaiotzatik etorritako mezu poetiko baten antzeko zerbait zen. Eta begiak itxirik, Aschenbach adi egon zitzaion bere barruan entzuten zuen kanta hartara eta, beste behin, pentsatu zuen han ongi sentitzen zela eta bertan egon nahi zuela.
Geroago, bainutik atsedena hartzeko, Tadzio hondarretan eseri zen izara zuri batean estalita, eskuin-sorbaldapean bildurik eta burua beso biluzian kokatuta. Eta nahiz eta Aschenbachek ez zuen behatzen bere liburuko orrialde bakanen bat edo beste irakurtzeagatik une batez ere ez zuen ahaztu mutikoa alboan zeukala, eta aski zuela buruari zirkin aria bat eskuinaldera eragitea mirari hura begiztatzeko. Ia-ia bazeritzon atsedena hartzen zegoena babesteko zegoela han, bere gorabeheretan murgildua eta halere bere eskuinean, beregandik aski hurbil, zetzan giza irudi noble hura atergabe jagoten. Eta aita-isuri batek, edertasunaren jabe denak, bera, izpiritua hilduraruz, sortzen duenari iradokitzen dion begikotasun hunkituak menperatu eta inarrosi zion bihotza.
Eguerdia gainditurik alde egin zuen hondartzatik, itzuli zen hotelera eta bere gelara igo zen igogailuz. Han luzaroan egon zen ispiluaren aurrean, bere ile grisei eta aurpegi nekatu eta zorrotzari begira. Une hartan bere ospean, aitortzen zuen eta kalean begirunez begiratzen zion jende guztiarengan pentsatu zuen, zalantzarik gabe, graziaz koroaturiko bere hitzaren zehaztasunarengatik; burura etorri nahi izan zuten bere talentuaren arrakasta guztiak iradoki zituen, eta bere noblekuntzaz ere oroitu zen. Gero jaitsi jantokira eta bere mahaitxoan bazkaldu zuen. Bazkaria amaiturik, berriro igogailua hartzean, bazkaltzetik ere zetorren gazte-talde bat sartu zen bere atzetik kamaratxo balantzarian. Tadzio beraiekin zihoan eta Aschenbachengandik oso hurbil jarri zen, hairs hurbil, non honek lehen aldiz ikusi ahal izan zuen ez gertu samarretik bakarrik, estatua bat bezala, baizik eta zehaztasunez, bere giza zertzelada txikienak ere hauteman eta ezagutuz. Norbaitek hitza zuzendu zion eta, eta nerabeak, xarma deskribaezinezko irribarrez erantzuten ziolarik, lehen pisuan utzi zuen igogailua, begiak behera begira, atzera eginez. «Edertasunak lotsati bihurtzen du», pentsatu zuen Aschenbachek eta hisiaz gogoeta egin zuen horren arrazoiaz. Halere, ohartu zuen Tadzioren hortzak ez zirela erabat akaskabeak: irregular samar eta zurbilak, osasunak ematen then esmalterik gabe, klorosia duenengan batzuetan nabari ohi den gardentasun berezi eta hauskor horren jabe ziren. «Oso makal eta gaixotia duk», pentsatu zuen Aschenbachek. «Seguraski ez duk zahartzarora helduko». Eta uko egin zion bere buruaren aurrean ideia hark berekin zuen asetze edo lasaitze-sentipena zuribidetzeari.
Bi ordu eman zituen bere gelan eta, arratsaldean, Veneziara jo zuen vaporettoan, zingira kiratsa zeharkatuz. San Marcosen lehorreratu zen, hartu tea plazan eta gero, egun hartako programaren arabera, kaleetatik paseo bat egiteari ekin zion. Halere, paseo horrek erabateko aldaketa eragin zion bere aldarte eta erabakietan.
Sargori higuingarria zegoen kaleetan; airea hain zen lodia, non etxe, denda eta ostatuetatiko usainak olio-ufadak, perfume-hodeiak eta beste asko mugigaitz flotatzen baitzuten, ezabatu gabe. Zigarroen keak luzaroan zirauen toki berean eta astiro bakarrik aldentzen zen. Estuguneetako jendearen Joan-etorriak gaitzi zitzaion paseatzaileari olgetagarri izen ordez. Zenbat eta gehiago harat-honat ibili, hainbat eta mingarriago jabetzen zen beratzaz itsasoko aireak sciroccoarekin konbinatzean sor dezakeen egoera lazkarri hori, aldi berean aztoramendu eta erorialdikoa den egoera hori. Laster geratu zen blai izerdi gogaikarri batean. Begiek uko egin zioten zerbitzatzeari, bulara trabaturik zeukan, sukarra izan zuen, eta odola taupaka ari zitzaion buruan. Merkatari-kaleetako iskanbilatik ihesi, zubi-sail bat gurutzatu eta auzategi pobreetako kalesketara heldu zen, non eskaleek eta kanaleetako kirats-jarioek ongi arnasa hartzea eragotzi zioten. Plazatxo isil batean, Veneziaren erdian ugari dauden zoko galdu eta sorgindu horietako batean, pozadera baten ahoan hartu zuen atsedena, xukatu bekokia eta alde egin behar zuela ulertu zuen.
Bigarrenez eta behin betikoz egiaztatu zuen hiri hura guztiz kaltegarri zitzaiola halako egutaroarekin. Bertan irauten tematzeak arrazoiaren kontrakoa zirudien, zeren ez baitzegoen ziurtasunik haizea aldatuko zenik. Erabakia bizkor behar zen. Une hartan bertan etxera itzultzea ezinezkoa zen. Ez udako eta ez neguko koartelak ez zeuden harrera egiteko prest. Baina han bakarrik ez zeuden itsasoa eta hondartza, eta beste toki batzuetan ere bazeuden zingiraren eta bere kirats-jarioen gehigarri sukarremailerik gabe. Triestetik hurbil samar zegoen bainuetxe txiki batez oroitu zen, zeinaz modu laudoriozkoan hitz egin baitzioten. Zergatik ez joan bertara? Eta luzamendurik gabe, toki-aldaketa berriak oraindik merezi zezan. Deliberatua sentitu eta zutitu egin zen. Ontzirategi hurbilenean gondola bat alokatu zuen eta San Marcosera gidatzeko eskatu zuen kanale-laberinto arre batetik zehar, lehoi-estatuak alboetan zituzten marmolezko balkoi apainen azpitik, murru lingirdatsuzko kantoiak gaindituz jauregien fatxada minduak atzera utziz, ur ikarati eta hondakinez betean iragarki komertzialak errainutuz. Kosta egin zitzaion bertara iristea, zeren gondolariak, enkajegile eta beira-putzegileekin hitz egina zegoenak, toki guztietan behera jaitsarazi nahi izaten zuen dendak ikusi eta eros zezan; eta Venezian zehar zeharketa bitxia bere liluramena eragiten hasi zenean, itsasoetako erregina murgilduaren merkatari izpirituak ahaleginak egiten zituen zentzumenak atsekabeki xoramenik gabe uzteko.
Hotelera itzultzean, biharamunean goizean goiz alde egiteko zituen zirkunstantzia aurrikusigabeen berri eman zion sarrerako zerbitzariari. Deitoratu zuten eta kontua prestatu zioten. Afaldu eta arrats epela egunkariak irakurtzen eman zuen atzeko terrazan, kulunkaulki batean. Lotara Joan baino lehen, ekipaia prest jarri zuen alde egiteko.
Ez zuen oso ongi lo egin, zeren aurrez aurre zeukan bidaiak kezkatu egiten baitzuen. Goizean leihoa irekitzean, zeruak aurreko egunean bezala goibel jarraitzen zuen, baina airea freskoagoa zen, eta orduan hasi zitzaion damua ere. Ez ote zuen erabakia zalapartaka eta oker, ez ote zen egoera gaixo eta desarauzko baten ondoriozko egintza izan? Zertxobait atzeratu izan balu, hain laster amore eman beharrean Veneziako airera moldatzen ahalegindu izan balitz edo eguraldia hobetzeari itxaron izan balio, orain, hainbeste presa eta nekeren ordez, bezperakoa bezalako hondartza-goiz bat izango zukeen aurrez aurre. Aurreko egunean nahi izandakoa nahi izaten jarraitu behar zuen. Jantzi eta zortzietan gosaltzera jaitsi zen beheko solairura.
Bufete-aretoa oraindik hutsik zegoen Aschenbach sartu zenean. Eseri eta zerbitzuaren zain zegoela, banaka batzuk iritsi ziren. Tekatilua ezpainetan zuela, neskatila poloniarrak eta institutriza sartzen ikusi zituen: serio eta goiz-freskurarekin, begiak gorriturik, zokoko leihoaren ondoko mahaira joan ziren. Handik une batzuetara, eskuetan txanoa zeula, atezaina hurbildu zitzaion, eta alde egiteko garaia zuela adierazi zion: autoa prest zegoela eramateko, beste bidaiari batzuekin batera, Hotel Excelsiorrera, nondik motoreuntzi batek gidatuko baitzituen jaun-andreak geltokiraino, Konpainiaren kanal pribatuan zehar. Denborak presa sartzen zuela, esan zuen. Baina Aschenbachek ez zela egia pentsatu zuen. Ordu bete baino gehiago falta zen trena abiatzeko. Sumindu egiten zuen alde egitera doazen bezeroak aldiz lehen bidaltzeko hoteletan duten ohiturak, eta aditzera eman zion atezainari patxadan gosaldu nahi zuela. Gizona ezbaiti atzeratu zen eta bost minutu geroago berriz etorri zen: kotxeak ezin zuen gehiago itxaron. Bada, orduan bere kutxarekin abia zedila, ihardetsi zion Aschenbachek amorrazioz, berak hartuko zuela vaporettoa bere garaian: alde egitearen arrisku guztiak bere gain uzteko erregutzen ziela. Enplegatua makurtu egin zen, eta Aschenbach, ohar gogaikarriei uko egin zielako pozik, batere presarik gabe amaitu zuen gosaria eta egunkari bat kamarariari eskatu ere egin zuen. Denbora oso mugatua zeukan azkenean jaiki zenean. Eta gertatu zen une horretan bertan Tadzio beira-atetik sartzea.
Beretarren mahairako bidea eta alde egitera zihoanarena gurutzatu egin ziren, eta gizon ilezuri eta bekoki garaikoaren albotik pasatzean, mutikoak apal beheratu zituen begiak eta berehalakoan jaso zituen berarenganantz, hain bereak zituen grazia eta emetasunez irekiz. Eta hala pasatu zen. «Adieu, Tadzio!», pentsatu zuen Aschenbachek. «Labur ikusi haut». Eta bere ezpainek, ohitura hautsiz, pentsatuari forma erreala ematen zioten eta ahapean adierazten zuten bitartean, gaineratu zuen: «Bedeinkatua izan hadi!» Gero prestamenak amaitu, eskupekoak banatu, lebita frantsesdun administrari mazkar eta zuhurrak agur esan zion, eta oinez alde egin zuen hoteletik, iritsi zen bezalaxe, ondoren, eskuko ekipaia zeramakion hotelmutil bat atzetik zuela, irla zeharretara gurutzatzen zuen hiribide zuri-zuriari heltzeko, vaporettoaren geltokiraino. Bertara iristean bere eserlekua hartu zuen ontzian... eta ban hasi zen bere gurutzebidea, damuaren leize-hosin guztietan barrena.
Zingira, San Marcos eta kanal handian zehar ohizko bidaia egin zuen. Brankako aulki biribilean eserita zihoan, beso bat barandilan zuela eta eskuaz begiei itzal eginez. Atzean geratu ziren jardin publikoak, piazzetak bere printze-xarma erakutsi zuen berriro eta ondoren jauregien desfile iraizekoa etorri zen, harik eta kanalaren bihurgune baten ondoren Rialtoko marmot-arku arazeriatsu eta teinkatua agertu zen arte. Bidaiariak begiratu zuen eta bihotza erdibitu egin zitzaion. Hiriaren eguratsa, itsaso eta zingira-usain zertxobait kirastua, zeinatik ihes egiteko hainbesteko premia sentitu baitzuen, ahokada sakon, samur eta mingarritan arnastuz zihoan orain. Posible ote zen, berak ez jakitea, ez pentsatzea, bihotza guzti hari zenbateraino itsatsia zeukan? Zeren goiz hartan ondoez lauso izan zena, bere erabakiaren egokitasunari buruzko zalantza arina, azkenerako atsekabe, benetako samin, hain etsipen mingots eta aurrikustezin bihurtu zitzaion, bere buruari esan zionez, non begian behin baino gehiagotan malkoz bete zitzaizkion. Eramaten hain zaila zitzaiona eta, zenbaitetan erabat jasanezina, Venezia inoiz gehiago ikusiko ez zuen idea zen, nonbait, betirako adioa esaten ari zitzaiolakoa. Zeren bigarrez aldiz erakutsi zion hiriak gaixotu egiten zuela, bigarren aldiz behartu zuen ziztu bizian alde egitera, horregatik aurrerantzean leku debekatu eta ezinezkotzat hartu beharko zuen, bere indarren gainetiko tokitzat, berriz bisitatzea tentelkeriatzat jo zitekeena. Bai, orain alde egiten bazuen sentitu zuen lotsak eta herrak eragotzi egingo ziotela bere hiri kuttuna berriz ikustera, zeinaren aurrean bere gorputzak bi aldiz porrot egin baitzuen; eta arimazko isuria eta gorputzezko ahalmenaren arteko gatazka honi supituki hain larri eta garrantzitsua jadanik heldua zen gizon honi, porrot fisikoa hain laidagarria eta kosta ahala kosta hain eragozkarria, non jadanik ez baitzuen ulertu nola etsipen zentzugabez aurreko egunean hura jasan eta haren kontra serioski borroka egin gabe onartzea erabaki zuen.
Bitartean, vaporettoa geltokira hurbiltzen da, eta samina eta ezbaia nahas-mahas izatera iristen zaizkio. Abiatzeari itzultzeari bezain ezinezko deritzo bidaiari torturatuak. Eta horrela, erabat erdibiturik, sartzen da geltokian. Oso berandu da, ezin du unerik galdu trena hartu nahi badu. Nahi du eta ez du nahi. Baina denborak presa sartzen dio, jarraitzera xaxatzen du; lehenbailehen txartela hartzera doa eta barrunbeko iskanbilan begiradaz hotel-konpainiako enplegatua bilatzen du. Gizona agertzen da eta kutxa handia jadanik fakturaturik dagoela adierazten dio. Fakturaturik? Bai, jauna, Comora. Comora? Eta galdera haserretu eta erantzun nahasi batzuk zakarki trukatu ondoren garbian ateratzen du Hotel Excelsiorren fakturaziobulegoan bertan, kutxa jadanik igorri zutela, beste epikaia batzuekin batera, helbide guztiz erratu batera.
Aschenbachi kosta egin zitzaion zirkunstantzia haietan onargarria zen aurpegikera bakarrari irauneraztea. Abenturazko poz batek, alaitasun sinestezin batek inarrosten zion bularra barrutik era ia espasmozkoan. Enplegatua kanpora oldartu zen kutxa ahal izanez gero eradukitzera, baina espero zitekeenez esku-hutsik itzuli zen. Aschenbachek aitortu zuen orduan ez zuela bere ekipaiarik gabe bidaiatu nahi eta deliberaturik zegoela itzuli eta kutxa heldu arte Bainu-Hotelean. Konpainiaren motoreuntzia artean geltokiaren aurrean al zegoen galdetu zuen. Enplegatuak atearen aurrean zegoela ziurtatu zion. Erretolika guztiz italiarrez komentzitu zuen gero leihatilakoa txartela itzultzea onar zezan, lehenbailehen kutxa berreskuratzeko telegrafiatu, bitarteko guztiak erabiliko zituela zin eginez... eta hala gertatu zen ezustekoa, geltokira iritsi eta handik hogei minutura, bidaiari berriz ere kanal handian aurkitu zela, Lidorako itzulbidean.
Abentura miragarriro sinestezina, lotsagarria, xelebre eta ametsetakoa: toki batzuk, melankoliarik sakonenaz betirako agurtu eta ordu bete barruan destinoaren bapateko aldaketaz berriro ikusi ahal izatea. Brankatik bitsa ateraz, zalutasun txairoz gondola eta baporeuntzitxoei eskintxo eginez, ontzi txiki eta lasterra ziztu bizian zihoan bere helmugarantz, pasaiari bakarra etsipen suminduzko maskarapean, etxetik ihes egin duen mutikoaren aztoramendu, erdibihurri eta beldurtia eskutatzen saiatzen zen bitartean. Halere, tarteka, barrena barrezka inarrosten zitzaionez behar harengatik, ze, berak zioenez, zorteko pertsona bati ezin baitzekiokeen nahigabe atseginagorik gertatu. Azalpenak eman beharko ziren, harridurazko aurpegiei aurre egin... baina gero, gaineratu zuen bere golkorako, dena konponduko zen, gero zorigaitz bat aldendu eta eta makur larri bat zuzenduko zuen eta arzean utzi uste zuen guztia berriro aurrez aurre azalduko zitzaion, berriz ere bere izango zuen nahi zuen denbora guztian... Gainerakoan, lilura bat ote zen txaluparen abiadurak sortua edota benetan jotzen ote zuen, itsasotik, haizeak ugaritasunez?
Olatuek irlak Hotel Excelsiorreraino doan kanal meharraren porlanezko murruak jotzen zuten. Motoredun omnibus bat zeukan han itxaroten bidaiari itzuliak eta itsaso asaldatuari inguru eginez Bainu-Hoteleraino gidatu zuen. Administrari moztaka eta bigoteduna, lebita entailatuduna, kanpoko harmailadian behera jaitsi zitzaion agur egitera.
Losintxari samar aipatu zuen gorabehera, beretzat eta pertsonal guztiarentzat oso tamalgarritzat joz, baina komentziturik onartu zuen bere kutxari bertan itxaroteko Aschenbachen erabakia. Jakina, bere gela hartuta zegoen, nahiz eta eskasagoa ez zen beste bat berehalaxe bere esku jarriko zioten. «Pas de chance, monsieur», esan zion igogailuzain suitzarrak gora zihoazen bitartean. Eta ihesliarra beriz ere aloiaturik aurkitu zen gela batean, zeinaren kokaera eta altzariak aurrekoarenak ia antz-antzekoak baitziren. Goiz bitxi horren zurrunbiloak agorturik eta durditurik, Aschenbachek bere esku-poltsako edukina gelan zehar banatu zuen eta siloi batean kokatu zen leiho irekiaren ondoan. Itsasoak kolore berde-argi bat zeukan, aireak mehe eta garbiagoa zirudien, eta hondartzak, bere txosna eta ontzietan, kolore biziagoak ageri zituen, nahiz eta zeruak oraindik gris zirauen. Aschenbachek kanpora begiratu zuen, eskuak magalean zituela, pozik, berriz ere bertan egoteagatik, atsekabez bere ezbaia gogoratuz, bere gogoa ez ezagutzeagatik. Hala iraun zuen ordubete luzez, erlaxaturik, pentsatzeke, amets lausotan galdurik. Eguerdi aldera Tadzio jo zuen begiz, zeina lihozko traje marraduna eta gibizta gorriarekin, itsasotik hotelera baitzetorren hondartza hesitzen zuten zurezko pasareletatik. Aschenbachek berehala ezagutu zuen, aurkitzen zen altueratik egiazki nabarmendu baino lehen, eta zeraren moduko bat pentsatu zuen: «Tira, Tadzio! Hemen habil berriz ere!». Baina une berean bere diosal ahula iraungi egiten zela sentitu zuen, bere bihotzaren aurrean mututuz; zainetan pilpilka zeukan suharra sentitu zuen, arima gainezkatzen zioten poza eta samina, eta ulertu zuen alde egitea hain gogorra gertatzea Tadziorengatik izan zela.
Isil-isilik, inork ikusten ez zuela eserita zegoen bere toki garaian eta bere barrenera zuzendu zuen begirada. Aurpegikera birbiztu egin zitzaion, bekainak altxatu eta irribarre arretatsu, jakimenezko eta izpiritualak teinkatu zion ahoa. Gero burua jaso eta, siloibizkarraren gainetik zintzilik zeuzkan bi beso nagiekin, goranzko mugimendu birakari bati ekin zion, eskuen ahurrak aurrerantz zituela, bi besoen irekidura eta hedapena iradokiz bezala. Ongietorri bero eta onarpen barezko keinu bat zen.
© Thomas Mann
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu