—II—

 

        Prusiako Federikoren bizitzaz prosazko epopeia tatxagabe eta kementsua idatzi zuena; «Maya» izeneko tapiz nobelazkoa, saia tematuaz irun zuen artista egonarritsua, ezin konta ahala pertsonaia eta giza destino ideia baten gerizapean bilduz; «Dohakabe bat» titulupean, gazteria esker oneko oso bati halako jatortasun moral bat, ezagueraren sakoneraz haraindi, gorde ahal izateko posibilitatea erakutsi zion erlato adoretsuaren sortzailea; azkenik, (eta hemen amaitzen da bere helduaroko obren zerrenda) «Izpiritua eta artea» saiakera grinatsuaren egilea, zeinaren energia ordenatzaile eta bokantza antitetikoak bultzatu baitzituen kritikari zorrotzak Schillerek poesia xalo eta sentimentalaz egindako gogoetekin alderatzera: Gustav Aschenbach, hitz batean, L.-n jaioa zen, Silesia probintziako epai-barrutiaren hiriburuan, non aitak goi-kargu bat bait zuen epaiadministrazioan. Arbasoak ofizial, epaile eta herri-funtzionari izanak zituen, erregea eta Estatuaren zerbitzutan beren bizitza zurrun, jator eta behartsua eman zuten gizonak izaki guztiak. Izpiritualitate zertxobait barnekoagoa haragitu zen, behin batean, predikari baten pertsonagan; eta aurreko belaunaldian, idazlearen amak, bohemiar kapilamaisu baten alaba zenak, odol hero eta zentzukoiago bat ekarri zuen familiara. Berarengandik zetozen Aschenbachen arraza-zertzelada kanpotarrak. Betebehar zorrotz eta eskrupuluzkoaren zentzua eta bulkada Hun eta sutsuagoak bata bestearekin urtzeak, artista bat sortu zuen, artista berezi hori.

        Nola bere izate osoak ospea irrikatzen zuen, laster agertu zuen bere burua, goiztiar izan gabe ere, bai ordea heldu eta egoki, irakurlegoaren baitan eragina izateko, bere nortasun erabakitsu eta bere intonazioaren giharre pertsonalari esker. Batxilergoko ikasle zela ere bazuen jadanik izena. Hamar urte geroago ikasia zuen, bere idazgutik, gizon garrantzitsuaren papera betetzen, bere ospea administratzen, bere gutunetan atsegin eta adierazkorra, ezinbestez laburra, izaten (zeren asko eskatzen baitzaio arrakasta lortu duenari, fidagarria denari). Berrogei urterekin, bere lanari zegozkion ahalegin eta gorebeherengatik unaturik, munduko herrialde nagusienetako seiluak zeramatzan posta despatxatu behar izaten zuen egunero.

        Hutsalkeria eta nabarmenkeriatik berdin urrundua, bere talentua irakurlego zabalaren faboreak eta konformagaitzen arreta miresle eta zorrotza aldi berean erakartzeko egina zegoen. Eta hala, artean oso gaztea zela eta alderdi guztietatik —normala baino gehiagoematera ohitua, ez zituen inoiz gaztaroaren aisia, ez zabartasun axolakabea ere ezagutu. Hogeita hamabost urte aldera, Vienan gaisotzean, behatzaile fin batek hala esan zuen beratzaz gizarte-bilera batean: «Hara, Aschenbach beti horrela bizi izan da» —eta ezker eskuko atzamarrak ukabil bihurtu zituen—, «inoiz ez honela», eta bere esku irekia zizailuaren besotik lasaitasunez zintzilik utzi zuen. Egia zen. Eta kasuaren heroikotasun morala gorpuzkera sendokoa ez izatean zetzan, eta areago sentitzen zen deitua, izatez aurreprestatua baino, atergabeko tirandura hori jasatera.

        Medikuen ardurak eskolatik baztertu egin zuen mutil gaztea, bere etxean klase partikularrak hartzera behartuz. Bakarrik, lagunik gabe hazi zen, berandura gabe ohartu zen talentua ugari samar zeukan belaunaldi batekoa zela, honek loratzeko beharrezko duen oinarri fisikoa urria zen arren —bere baitatik hoberena ematera ohiturikoa eta ahalmenak urte gutxitan irauten dion belaunaldi batekoa. Bere hitzik gogokoena «iraun» zen eta Federiko Haundiari buruzko bere nobelan goiburu horren apoteosia besterik ez zuen ikusten, zeinak, bere ustetan, norbere iharduerarengatik pairatzen duenaren bertutea laburbiltzen baitzuen. Gogo bizia zuen zahartzarora iristeko, zeren beti uste izan baitzuen egiazki handi, perfektu eta benetako errespetuaren duin izateko artistak giza bizitzaren aro guztietan fruitukor izan behar duela sortzaile gisa.

        Eta nola bere sorbalda delikatuetan, ahalik eta urrunen eramateko, bere talentuak ezartzen zizkion eginbeharrak hartu nahi zituen, diziplinaren premia ezin gehiagorainokoa zuen— eta hori, zorionez beretzat, aitarengandik jasotako berezko heredentzia. Berrogei, berrogeita hamar urterekin, beste batzuk ilauntzen, fantasiatzen eta beren asmo handiak atzeratzen hasten diren adinean, berak goiz hasten zuen eguna, ur hotzezko dutxak bularrean eta bizkarrean hartuz; eta bere eskuizkribuaren alboetan zeuden zilarrezko ganderailuetako bi ezko luze piztu ondoren, arteari eskaintzen zizkion, goizeroko ihardun suhar eta xehezko bizpahiru ordutan, lotan bilduriko indarrak. Hortik barkakizun izatea, bai, eta bai bere moralitatearen garaitia izatea ere, «Maya»ren unibertsoa edo Federikoren bizitzaren atzealdetzat zeuden fresko epikoak, profanoek energi bilketaren eta lan jarraituaren emaitzatzat jotzea, nahiz eta obra horien handitasuna lanaldi laburretan banaturiko ehundaka inspirazio solteren bilketaren ondorioa izan, eta xehetasun bakoitzean hain perfektuak baziren, sortzaileak bere jaiotzako probintzia konkistatu zuten nahimenaren eta saiamenaren oso antzekoz, obra bakar eta beraren tentsiopean urteetan iraun zuelako zen, bere ordurik duin eta arikorrenak sorketa-lanean emanez.

        Obra izpiritual muntadun batek berandura gabe eragin zabal eta sakona izateko behar du ezkutuko ahaidetasun bat, halako harmonic bat ere bai, bere egilearen destino pertsonalaren eta bere belaunaldiaren destino unibertsalaren artean. Gizonak ez daki zergatik ospea ematen dion arte obra jakin bati. Nahiz eta ezagutzetik urrun egon, ehundaka kualitate aurkitzen dizkiotelakoan egoten da hainbesteko onarpena zuribidetzeko; baina bere faboreen benetako arrazoia zerbait atzemanezina da: sinpatia. Bere obrako pasarte ez oso aipatu batean, Aschenbachek inolako akiakularik gabe adierazia zuen egon dagoen ia edozer gauza handi «zerbaiten kontra» bezala dagoela, eta nahigabea eta tormentuak gorabehera hartzen duela forma, miseria, abandonua eta ahulezia fisikoaren kontra, bizioa, grina eta beste mila eragozpenen kontra. Baina ohartu baino gehiago, esperimentatu egin zuen bere bizitza eta ospearen formula hain zuzen, bere obra ulertzeko giltzarena. Nola harritu, beraz, hori egiazki bereenak zituen pertsonaien kanpo-portaera eta izaera morala ere izateaz?

        Heroi-mota berri honetaz —gure idazleak gogokoena zuen eta pertsonaia errepikari sail handi batean haragitzen zenaz— azterlari zuhur batek goiz idatzia zuen «gizontasun intelektual adolezentea sinbolizatzen zuela, zeinak bere ahalke arranditsuan hortzak estutu eta irmo dirauen, nahiz eta gorputza lantzaz eta ezpataz zeharkatua izan». Formula eder, azkar eta zehatza zen, nahiz eta pasiboegia zirudien. Zeren destinoaren aurrean egonarria eta oinazeen artean grazia ez baitira etsipen pairakorra soilik: iharduera ere badira, garaitia positibo, eta Sebastian Santuaren irudia da sinbolorik ederrena, artearena orokorki harturik ez bada, gutxienez arte-mota horrena. Narrazio-unibertso hura sakonean harturik zera nabari zen: norbere burua mendean hartze dotorea, zeinak munduaren begietan barneinduskatze eta biologi-beherakadazko prozesu bat azken uneraino ezkutatzen zituen; itsusitasun goibela, sentsualki desfaboratua, bere grinetatik sugar garden bat sorterazten zuena eta, ederraren erresuman, nagusikoi eta garaile, gailentzera ere iristen zena; ezintasun zurbila, zeinak izpirituaren sakontasun gorietatik indarra ateratzen baitzuen bere gurutzearen oinetara, bere oin propioetara, herri harro oso bat jaurtikitzeko; jokabide maitakor bat formaren zerbitzu zurrun eta hutsean ezarria; zilibokari petoaren bizitza faltsu eta arriskutsua, nostalgia eta arte bizkor ilaungarriak. Destino guzti horiei eta izaera beretsuko beste hainbesteri begira jartzean, zilegi zen ahuleziarena ez zen heroitasun bat zegoelakoa auzitan jartzea. Nolanahi ere, zer heroitasun molda zitekeen honako hau baino hobeki gure garaira? Gustav Aschenbach unatzeko zoriraino lan egiten duten guztien poeta zen, gehiegizko zama baten azpian makurturik, baina tente hala ere, ahaleginaren moralista guzti horiena, zeinek, gorpuzkeraz mazkar eta eskuarte urriko, lortu egiten baitute, denbora batean gutxienez, halako handitasun-kutsu bat lortzea beren buruak zuhurki administratzeari eta beren borondatea estasi moduko bati azpiratuz. Asko dira horrelakoak, horiek ditugu geure garaiko heroiak. Eta denek ezagutzen zuten beren burua haren obran, berretsiak, goratuak, kantatuak aurkitzen ziren; eta izena aldarrikatuz ematen zizkioten eskerrak.

        Gazte-baldarkeriaz jokatu zuen bere aroarekiko eta, berak gaizki aholku emanik, sarritan behaztopak eta irakurlegoarekiko desarauak egin zituen, bere burua arriskatuz eta oldarka, ahoz eta idatziz, dendu on eta zuhurtziaren aurka. Baina irabazia zuen duintasun hori, zeinarantz, bere iritzian, talentu handi oro berez bultzatua eta eztenkatua ikusten baita bai, esan ere egin zitekeen bere garapen osoa duintasuneranzko igoera kontziente eta setatia izan zela, ironiak eta zalantzak ezarritako eragozpen guztien gainetik.

        Arte-formulazioak bizi, ukikor eta izpiritualki fez konprometitutik daukan horrek eratzen du jendemasa burgesen gozamena, baina arazotsua denak bakarrik liluratzen du gazteriaren baldingabezia grinazkoa: eta Aschenbach arazotsua eta baldingabea izana zen edozein adolezente bezala. Erabat izpirituari emana, agortua zuen ezaguera, eihoa hazia eta agerraraziak isilpekoak, talentua zalantzan jarri eta arteari iruzur eginez; bai, bere obrek miresle sineskor talde bat olgarazi, asaldatu eta birbizten zuen bitartean, artista gazteak taigabe xaramelatuak zituen hogei urteko bere irakurleak artearen eta zeregin artistikoa beraren funts badaezpadakoari buruzko bere zinismoez.

        Baina badirudi ezerk ez dituela izpiritu prestuaren ahalmenak bizkorrago eta errotikago kamusten ezagueraren lilura sotil eta mingotsak baino; eta gauza da, denik melankoliati eta artatsuena bada ere, adolezentearen eskrupuluzkotasuna murrizturik geratzen dela gizonaren erabaki sendoarekin alderatuz gero, zeinak, azkenean bere buruaren jabe izaki, jakiteari uko egitea erabakitzen baitu eta arbuiatzea, arranditsu hartaz gabeturik borondatea, ekintza, sentimendua eta baita grina bera ere gelditu, trabatu eta desohoratzeko mehatxua egiten duen neurrian. Zeren, zer zentzutan interpreta daiteke «dohakabeari» buruzko pasarte sonatua, ezik garaiko psikologismo gisagabearen kontrako arbuiozko leherketatzat, zeina baitago pertsonaia erdi-krapula, tentel eta nakar harengan haragitua, zeinak amarrukeriaz destino bat taiutzen baitio bere buruari emaztea —bai inpotentziaz, bizioz edo nahikeria etikoz-bizargabe baten beso-izenean, edozein bidegabekeria egiteko baimena daukala? Hain kondenagarri zena kondenatzen zuen hitz-uholdeak, maila moraleko edozein zentzu bikoitzen arbuioa aldarrikatzen zuen, amildegiarekiko edozein sinpatiarena, «dena ulertzea dena barkatzea da» errukizko goiburuan kondentsaturiko erlaxamendu horri uko egitearena; eta obra hartan prestatzen zena, eta bete ere egiten zena, «xalotasun birjaioaren mirari» hori zen, zeina handik denboraldi batera eta halako misterio-kutsurik gabe egileak bere elkarrizketetako batean espreski aipatuko zuen.

        Kidetasun bitxiak! Agian «birjaiotza» horren ondorio izpirituala ote zen, zorroztasun eta duintasun erabat berri horrena, behatzeko aukera eman zuena ordukoz bere zentzu estetikoaren ia sendakuntza gehiegizkoa, purutasun prestu horrena, konposiziozko sotiltasun eta simetria, zeinek, ordudanik, ezarri baitzioten bere obrei zigilu nabari eta deliberatua, maisutasun eta klasizismozkoa? Baina jakiteaz, ezaguera inhibitzaile eta disolbatzaileaz haraindi obratzen duen deliberamendu moral horrek, ez ote du adierazten bere aldetik sotiltze bat, mundua eta arima etikoki murrizte bat eta baita, ondorioz, gaizkia, debekatua eta moralki onartezinerantz norbere burua sendartze bat ere? Eta ez al ditu formak bi aurpegi ? Ez al da morala eta inmorala aldi berean, morala diziplina jakin baten emaitza eta adierazpen den heinean eta antimoral ere bai izaeraz axoleza etiko bat bere baitan daukan heinean eta morala bere zetro harro eta mugagabearen azpian mendean hartzeko gogoa funtsean daukan heinean?

        Dena den, bilakaera oro destino da. Eta irakurlego handiaren sinpatia eta fidagarritasun erabatekoak zergatik ez zion jarraituko ospeari dagozkion distira eta konpromisurik gabe betetzen denaz bestelako ibilbide bati? Betiereko bohemia batean bizi direnek bakarrik aurkitzen dute aspergarri edo irrigai talentu handi batek, krisalida libertinotik ihes eginik, izpirituaren duintasunari etekina ateratzera ohitzea eta bakardade baten zeremonial aulikoa beretzat hartzea, zeinak borroka eta pairamendu eta zalantza gogorrez josirik, boterea eta ohoreak segurtatuko baitizkiote azkenerako gizakien artean. Zenbat joko, erronka eta gozamen biltzen den gainera talentuaren autoformazioan! Gustav Aschenbachen sorkuntzan denborarekin halako tonu ofizial eta pedagogiko bat joan zen iragaziz; bere estiloa libratu egin zen, azken urteetan, bapateko ausardikeriez, nabardura berri eta sotilez, trinkotasun paradigmatiko gisako baterantz lerratuz, atzehondo usadiozko ongi leundu, kontserbatzaile, formal eta ia formalista bateraino; eta tradizioaren arabera Luis XIV egin zuenez, gure idazleak ere, urteetan aurrera joan ahala, bere mintzairatik esamolde arrunt oro baztertu zuen. Orduan hezkuntz agintariek bere obrako orrialde hautatuak eskola-irakurketako eskuliburuetan sarrarazi zituzten. Oso lausengaturik barrenean, ez zion uko egin tronura igo berria zen alemaniar printze batek eskaini zion nobletasun-tituluari «Federiko»ren poetari bere berrogeita hamargarren urteurrena zela-eta.

        Zenbait urtetako ezinegona eta toki batean baino gehiagotan bertakotzeko ahaleginak egin ondoren, Munich hautatu zuen bizitzeko egoitza finkotzat, izpirituari, kasu oso bakanetan, ematen zaion ohoragarritasun burges horretaz inguraturik. Oraindik gaztea zela familia kultu bateko neskatila batekin egin zuen ezkontza disolbaturik utzi zuen zorionaldi labur baten ondoren heriotzak. Alaba bat, jadanik ezkondua, geratu zitzaion. Ez zen inoiz semerik izatera iritsi.

        Gustav von Aschenbach kaizu ertaina baino zertxobait txikiagoa zen, beltzarana, eta beti afeitaturik ibiltzen zen. Bere buruak handi samarra zirudien gorputz ia hauskorraren aldean. Atzerantz orrazturiko adatsak, burugaran mehatzak, ugariak, eta baldokietan oso urdinduak, inguratzen zion bekoki altu, orbaintsu eta zimurtua. Urrezko betaurrekoen zubia, kristaletan arorik gabea, sudur sendo eta isla prestukoaren oinean hondoratzen zen. Ahoa handia zuen, batzuetan jausia, eta beste batzuetan, supituki txiki eta teinkatua; masailak mazkar eta ildaskatuak zituen, eta xilo batek banatzen zion kokots ongi eratua. Destino garrantzitsuek ziruditen igaroak sufrimendu-kutsuz alboratze keinua egiten zuen buru horretatik; eta, hala eta guzti ere, bere kasuan artea izan zuen fisonomiaren taiutzailea, normalean bizitza zail eta asaldatu baten obra izan ohi dena. Bekoki haren atzean sortuak ziren Voltaire eta Prusiako erregearen arteko elkarrizketan gerrari buruzko ihardespen distiranteak; begi horiek, nekaturik eta betaurrekoetatik sakon begiratzen zutenek, lazaretoetako ifernu odoltsua ikusiak ziren Zazpi Urtetako gerratean. Ikuspegi pertsonal batetik ere, artea bizitza berretua baina. Gozamen biziagoa, xahuketa bizkorragoa. Abentura izpiritual edo irudikatuen aztarnak ezartzen ditu bere zerbitzarien aurpegietan eta, luzera, artistari, nahiz eta berau kanpoaldetik komentu-bake batean murgildurik bizi, halako hipersentiberatasun errefinatua, nekadura eta jakinmin artega sortzen dizkio, gozamen eta grina nahasiz beteriko bizitzak nekez iratzarriko lizkiokeenak.

 

 

© Thomas Mann
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Thomas Mann / Herioa Venezian" orrialde nagusia