I
Gustav Aschenbach edo von Aschenbach, ofizialki ezagutzen zutenez berrogeita hamargarren urteurrenaz geroztik, 19... urteko udaberri-arratsalde batean, gure kontinenteari aurpegi hain mehatxuz eta arriskuz betea hilabete luzetan erakutsi zion hartan, Prinzregentenstrasseko bere apartamendutik irten zen, Munichen barrena eta, bakarrik paseo luze bat egitera. Goizeko lan zail eta gorabeheratsuak asaldatua, zeinak egun horietan hain zuzen ahalik eta arreta, zuhurtzia, sen eta dendunik gehien eskatzen baitzion, idazleak ezin izan zuen, ezta bazkalondoan ere, bere barrenean sormenaren, «motus animi continuus» horren hedapena geldiarazi, zeinean baitatza, Zizeronen arabera, oratoriaren funtsa; ez zuen aurkitu, indarrak gero eta gehiago ahitzen zitzaizkiolarik, egunean behin hain beharrezko zuen lo suspertzaile hori ere. Horregatik erabaki zuen tearen ondoren etxetik irtetea, aireak eta mugimendu apur batek suspertzen lagundu eta arratsean lan etekintsu bat eskuratuko ziotelakoan.
Maiatzeko hila hasi berria zen eta zenbait aste busti eta hotzen ondotik, eguraldi sasi-udatiarra heldua zen. Nahiz eta orri samurrez jantzia, Jardin Ingelesari lizun-usaina zerion abuztuan bezala eta hiriaren ingurumariak kotxez eta oinezkoz beterik zeuden. Aumeister ostatuan, nora gidatu baitzuten gero eta bide isilago eta aldenduagoek, Aschenbachek une batez begiztatu egin ahal izan zuen, jardineko jendearen iskanbila, zeinaren hegietan itxaroten baitzeuden zenbait berlina eta luxuzko kotxe; bertatik, eguzkia sartzen hastean, itzulbideari heldu zion parketik irtenez, landa zehar, eta nekaturik zegoenez, eta Fohring aldetik ekaitz-mehatxua zetorrenez gero, lparKanposantuaren ondoan, zuzenean hirira eramango zuen tranbiari itxarotea erabaki zuen.
Geralekua eta ingumariak, halabeharrez, erabat jendegabe zeuden. Ez zen kotxe bat bakarrik ere ageri Ungererstrassen, zeinaren tronadura artean lerratzen baitziren, bakarti eta distiratsu, Schwabingeko tranbiaren karrilak, ezta Fohringer Chausseen ere; ez zuen ezerk zirkinik egiten marmoldegien esparruan, non salgai zeuden gurutze, lapida eta hilarriek bigarren kanposantu bat eratzen baitzuten, bizilagunik gabea, zeinaren aurrean ageri bait zen, egunaren azken erlantzatan isilik, ehortz-kapilaren eraikin bizantiarra. Fatxadak, tonu argitan pintaturiko gurutze greko eta irudi hieratikozko apainduriekin, gainaldean letra urreztatuz eta simetrikoki ezarririkoz, haraindiko bizitzari buruzko inskripzio hautatuak ageri zituen, hala nola: «Jainkoaren egoitzan sartuko dira» edo «Betiereko argia izan bezate». Aschenbachek bazeramatzan zenbait minutu benetan sorturik formula horiek dezifratzen eta bere izpirituaren begiradak mistizismo haren gardentasunean galtzen utziz eta halako batean, bere ametsetatik itzarriz, elizatarian, eskilara jagoten zeuden bi piztia apokaliptikoen gainetik gizaseme bat nabaritu zuen, zeinaren itxura ohiezak bere pentsamenduei guztiz bestelako norabidea ezarri zien.
Zaila zen erabakitzen kapilatik brontzezko atean zehar irtena ala kanpotik etorri eta, inor ohartzeke, bertara igoa zen. Auzian bereziki murgildu gabe, Aschenbach lehen ustekizunera makurtu zen. Gorpuzkera ertainekoa, argala, bizarrik gabea eta sudur harrigarriro motzekoa, ilegorrien motakoa zen eta horrelakoek ohi duten larrumintz esnezko eta pekaztatuaren jabea. Ez zen inondik ere jatorriz bavariarra; burua estaltzen zion hegal zabal eta zuzeneko feltru-kapelak kanpotar kutsua ematen zion, etorkia urruneko lurraldetan duenarena, nahiz eta egiazki bizkarrean herrialdean tipikoak diren motxila horietako bat erabili eta, agi zenez, tiroldar oihal-jantzi horiska bat zerabilen soinean uhal eta guzti. Euritako esklabina gris bat zeukan zintzilik ezkerreko besaurretik, gerrian bermaturik, eta eskuinean makila mutur-burdineztatua lurrean tinkaturik, zeinaren heldulekuan, zangoak gurutzaturik zituela, mehakak atsedena hartzen zion. Burua tense, bere zintzur-sagar soil eta irtena, oraindik areago nabarmentzen zen kirol-alkandoratik ageri zen lepo mazkarrean, begi kolorge eta betile gorriskadunez arakatzen zuen urruna, zeinen artean, eta bere sudur motz eta zapalarekiko kidetasunean, bi zimur sakon eta zutikako irekita zeuden. Horrek eta agian aurkitzen zeneko tokiaren altuerak areagotu egiten zuen inpresio horihalako nagusitasun eta agintari, ausart eta uzu-kutsu bat ematen zion bere jarrerari; zeren sartaldetiko errainuek pariztak egitera behartzen zutelako, edota aurpegian deformazio iraunkor bat zeukalako, haren ezpainek laburregiak baitziruditen: erabat atzeratuak baitzeuden hortzetatik, halako moldez, non ohietaraino agerian, zuri eta luze, erditik gailentzen ziren.
Baliteke kanpotarra begi itaunkari eta barreiatuz aztertzean, Aschenbachek jakinmin handiegiz jokatu izana, zeren supituki konturatu baitzen besteak hain zuzen eta erasokor erantzuten ziola bere begiradari, gauzak muturreraino eramateko eta bista eraistera behartzeko asmo hain agerikoaz, non Aschenbachek lotsa-lotsa eginik, bira eman eta esparruan zehar paseatzeari ekin zion, gizon hari gehiago jaramonik ez egiteko asmoz. Handik minutu batera ahazturik zeukan. Baina bai kanpotarraren txangolari-kutsuak irudimena eragiten ziolako, edo bai beste eragin psikiko edo fisiko batzuk jokoan sartzen zirelako, gauza da, harri-harri eginik, barne-hedapen estrainio bat sumatu zuela, ondoez bultzatzaile baten moduko zerbait, urrutimin gazte eta bizi bat, sentsazio hain bizi, berri bat edo, gutxienez, aspaldian hain zabartua eta ahaztua, non eskuak bizkarrean eta begirada lurrean tinko zituela, tarte batean zirkinik egin gabe egon baitzen pertzepzio hura bere izaeran eta xedean aztertzeko.
Bidaiatzeko hirrika zen, besterik ez; baina hainbesteko suharrez sentitua, non grinaren, haluzinazioaren mugetaraino eramana. Bere desiratik ikuskariak sortu ziren; bere irudimenak, lanean atsedena hartu zuenetik artean baretu gabeak, eta bapatean Lur nabarreko izugarrikeria eta mirari guztiak irudikatu nahian, eredu bat gatzatu nahi izan zuen haietaz. Eta ikusi egin zuen, paisaia bat ikusi zuen, lurrinez kargaturiko zerupean padura tropikal bat, paisaia umel, jori ibai-adar lohitsuz betea; iratze-multzo lizun baten artean, landareria oparo, hanpatu eta loramen desarauzko sasitza baten gainean palmondo iletsuak ikusi zituen zutik, hurbil eta urrun; ikusi zituen zuhaitz estrainioki itxuragabetuak ur geldi eta errainu goibel berdeskazkoetan beren erroak murgilduak zituztenak, non esne-koloreko eta erratiluak bezain handiak ziren ur-loreen artean, moko eskerga eta lepo eroriko hegazti exotiko multzoak zeharka begiratzen baitzuen, haitzarrien erdian zirkinik egiteke; banbudi bateko kainabera korapilatsuen artean tigre zelatari baten betseinen distira ikusi zuen... eta bihotza beldurrez eta desira enigmatikoz taupaka somatu. Ikuskaria ezabaturik, Aschenbachek buruari eragin eta berriro paseoari ekin zion marmoldegietako esparruan zehar.
Nazioarteko komunikazioez bere nahierara gozatzeko bitartekoak zituenez geroztik, bidaiatzea higiene-neurri bat besterik ez zuen izan, borondateaz kontrara ere, noizean behin egin beharrekoa zerbait. Bere Niak eta europar arimak ezartzen zizkioten eginkizunetan gehiegi murgildurik, ekoiztearen betebeharrak gehiegian zamaturik, eta distrakziorako uzkurregi kanpokaldeko munduaren nabarduraz maitemintzeko, onarturik zeukan bakoitza Lurraren gainazalaz jabetu daitekeelako ideia, bere zirkulutik gehiegi aldendu gabe, eta ez zuen inoiz Europatik alde egiteko inolako tentaziorik sentitu izan. Batez ere bere bizitzak astiro behera egiteari ekin zionetik, bere obrari amaiera emango ez zion beldurrak artistek hain berea duten erlojuaren hondarrak ihes egingo ote dion kezka hori beren egitekoari gailurra ezarri eta burutzapen osoa lortu baino lehen apeta huts arbuiagarria izateari utzi zionetik, bere kanpobizitza mugatua zeukan, ia erabat, aberri zitzaion hiri ederrera eta mendian jasoarazia zuen landetxe soilera, non ematen baitzituen uda euritsuak.
Gainera, hain berandu eta supituki eraso Zion apeta hura laster gartxutu eta arteztu zuten arrazoiak eta gaztaroko urteetatik landua zuen autodiziplinak. Landara ez abiatzeko asmoa zuen, harik eta puntu jakin bateraino obra aurreratu ezean, zeinetarako bizi baitzen, zenbait hilabetez bere lanetik aldenduz, mundua korritzearen ideiari funtsik gabeegia eta bere asmoen kontrakoegia iritzi zion benetan kontuan hartu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, ondotxo zekien zer sakoneratatik sortua zen hain supituki tentazio hura. Ihes egiteko joran suharra, bere buruari aitortzen zion hura, gauza berrien eta urrutiaren min hura, askapen, deskarga eta ahazmendu-nahi hura, obratik, entrega zurrun, grinazko eta hotz baten eguneroko eszenatokitik urruntzearen bulkada hura. Egia zen maite zuela, baina baitere maite zuen edo ia borroka ilaungarri, egunero berritu hura, bere borondate harro eta saiatu, hainbestetan frogatuaren, eta inork beregan susmatu behar ez zuen gero eta nagitasun handiago baten artean eta ezerk, ahulezia edo zabarkeriazko ezein sintomak nabariarazi behar ez zuena bere lanaren emaitzean. Baina, halaber, arrazoizkoa zirudien arkua gehiegi ez teinkatzeak ere, eta hain biziki oldartzen zitzaion premia bat itotzen ez saiatzeak ere. Pentsatu zuen bere lanean, pentsatu zuen pasartean, zeina egun horretan aurrekoan bezala berriz ere bertan behera utzi behar izan zuen, eta zeinak ez baitzirudien oso prest zegoenik tratamendu egonarritsu edo eskukolpe bizkor baten azpian bere burua jartzeko. Berriz aztertu zuen, eragozpena saihestu edo erabaki nahian, baina nahigabezko hotzikara batez errendatu zen. Eta pasartea ez zen bereziki zaila izan, ez; gogogabeziaren eskrupuluek geldiarazten zuten, ezerk bete ez zezakeen asezintasuna bezala agertzen zitzaionak. Egia da gaztetandik asezintasuna talentuaren funts eta izaera sakonentzat hartu izan zuela, eta horrexegatik balaztatu eta hoztu izan zuela sentimendua, zeina bai baitzekien isuria zegoela «gutxi asko» alai eta erdizka lorturiko perfekzio batekin konformatzera. Mendeku hartu nahi ote zion orain bere sentiberatasun morrontzapekoak bertan behera utziz, bere arteari bulkada eta hegalak emateari uko eginez, berekin formaren eta adierazpenaren gozamen guztia, xarma guztia eramanez? Idazten zuena ez zen txarra izatez: hori zen, gutxienez, adinaren abantaila, zeinak uneoro eta baretasun handiarekin bere maisutasunaz seguru sentiarazten baitzuen. Baina nazioak omen egiten zion bitartean, bera ez zen hartaz pozik aurkitzen eta bazuen halako susmo bat bere obrak alaitasunaren fruitu den umore jostari eta sutsu hori ez zuela erakusten, zeinak eusten baitzion edozein barne-edukin edo meritu garrantzizkok baino gehiago irakurlegoaren gozamenari. Beldurra zion udaldia landan eman beharrari, etxetxo horretako bakardadeari, zedna partekatzen baitzuen jatekoa prestatzen zion neskamearen eta zerbitzatzen zion maiordomoaren artean; beldurra zien mendien aurpegi ezagunei, zeinen gailur eta hegiek ingururatuko baitzuten berriz ere bere berankortasun asegabea. Beharrezko zuen, beraz, etenaldi bat, halako harreman bat inprobisazioa eta nagikeriarekin, odolberrituko zuen aire-aldaketa bat, uda toleragarri eta emankorra izan zedin. Bidaiak egin, bai... onartzen zuen ideia. Ez urrunegi; ez tigreen herrialderaino noski. Gau bat literan eta hiruzpalau astetako atsedenaldia Hegoalde kuttuneko udaleku kosmopolita horietako batean...
Honetan ari zen pentsatzen tranbiaren zarata Ungererstrassen barrena hurbiltzen ari zitzaion bitartean; eta igotzean arratsalde hura mapa eta ibilpideak aztertzen ematea erabaki zuen. Plataformara igo ondoren, feltru-kapela zerabilen gizona begiradaz bilatzea bururatu zitzaion, azken buruan, hain ondorio aberatsak izan zituen itxaronaldian kide izan baitzuen. Baina ezin izan zuen aurkitu, ez baitzegoen arestian ikusitako tokian, ez geralekuan, ezta tranbian ere.
© Thomas Mann
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu