II. Meri printzesatxoa
Maiatzak 11
Atzo Piatigorskera heldu nintzen. Gela bat alokatu dut hiriaren mutur batean, alderdirik garaienean, Mashuk mendiaren oinean: ekaitz egunetan hodeiak nire teilaturaino jaitsiko dira. Gaur, goizeko bostetan leihoa ireki dudanean, etxeko lorategi txikian hazten diren loreen lurrinak bete du gela. Gereziondoak loretan daude eta haien abarrek leihoaz bestaldetik begiratzen didate, eta batzuetan haizeak petalo zuriz estaltzen dit idazmahaia. Etxearen hiru aldetan ikusmira zoragarria dago. Mendebaldean urdin nabarmentzen da Beshtu mendia bere bost tontorrekin, «ekaitza baretu ondorengo azken hodeia» balitz bezala; iparraldean Mashuk dago, Pertsiako txano iletsu baten antzeko, ortzi-mugaren zati hori guztia atzean ezkutaturik; ekialdeko ikuspegia alaiagoa da: behean hiri txiki bat dago, nabarra, garbi-garbia eta berria, sendatzeko uren iturburuen gurguria eta gizalde eleanitzaren marmar-hotsa entzuten dira; han, urrunago, mendiek, gero eta urdinago eta lainotsuago, anfiteatro moduko bat osatzen dute, eta horizontearen muturrean gailur elurtuekiko mendikatea zilarkara ageri da, Kazbeken hasi eta Elbrus mendiaren bi kaskoetan amaitzen dena... Alaigarria da horrelako lurralde batean bizitzea! Zein sentipen atsegina hedatzen zaidan zain guztietatik! Airea garbia eta freskoa da, haur baten musuaren antzekoa; eguzkia distiratsu dago, zerua urdin-urdin; zer gehiago eska daiteke?, ez grinek, ez irrikek, ez arrangurek ez dute lekurik hemen!... Baina bada ordua. Elisavetinskaia iturburura joango naiz: diotenez, goizean han biltzen da balnearioko gizarte osoa.
* * *
Hiriaren erdialdera jaitsi eta bulebarretik abiatu naiz. Zenbait talde goibel aurkitu ditut bertan, mendian gora astiro igotzen; gehienak estepako lurjabeak eta haien familiak ziren; aise igartzen zitzaien hori gizonezkoen lebita higatu eta garaiz bestekoetan eta emazteen zein alaben janzkera arrandiosoan; itxuraz, dagoeneko ondo asko ezagutzen dituzte hemen diren urzale guztiak, ikusmin xeratsuz begiratu didate eta: lebitaren joskera Petersburgekoak nahasi egin ditu hasieran, baina txarratelei erreparatu bezain laster gaitzitu eta bizkarra eman didate.
Bertoko agintarien emazteak, alegia uren jabeak, bihozberagoak dira; inpertinenteak erabiltzen dituzte, ez diote horren garrantzi handia ematen uniformeari, ohituta daude Kaukason bihotz sutsuak aurkitzen militarren botoi zenbakidunen azpian eta adimen landuak kapela zurien azpian. Dama horiek oso atseginak dira; eta urte askotarako! Miresle berriak irabazten dituzte urtetik urtera, eta agian, horretan datza haien adeitasun iraungiezinaren sekretua. Bide-zidor meharrean gora Elisavetinskaia iturburura nindoala, aurrea hartu diot gizon-talde handi bati; zibilak eta militarrak ziren han eta, gerora jakin dudanez, klase berezi bat osatzen dute uraren eraginaren bila hona inguratzen direnen artean. Edan egiten dute, baina ez ura; gutxitan paseatzen dira; iraizean soilik gorteiatzen dituzte emakumeak; jokoari ekiten diote eta arrangura erakusten dute aspertu egiten direlako. Ezti-metxa hutsak dira: jarrera ikasiak hartzen dituzte zumezko zorroekiko edalontziak sufre-uraren putzuan sartzean; zibilak gorbata urdin argiak jantzita ibiltzen dira, militarrek farfailezko lepo-xerra erakusten dute idunekoaren azpian. Sakoneko erdeinua agertzen dute probintzietako etxeen aldera, eta irrikaz desiratzen dituzte hiriburuko aristokraziaren aretoak, zeinetara ez baitiete sartzen uzten.
Azkenean, horra hor iturburua!... Bertatik hurbil dagoen plazatxoan, teilatu gorriko etxe txikia eraiki dute bainu-lekuaren gainean, eta apur bat urrunago, galeria bat, euria ari duenean bertan paseatzeko. Ofizial zauritu batzuk jarlekuetan eserita zeuden, makuluak alboan utzita, zurbil eta triste. Zenbait dama pauso azkarrean zebilen aurrera eta atzera plazatxoan, uraren eragina noiz sumatuko. Haien artean baziren bizpahiru aurpegitxo polit. Mashuken maldak estaltzen dituzten mahatsondo-errenkaden artean, noizetik noizera ageri ziren beste norbaitekin bakarrean egotea maite duten emakumezkoen buruko koloretsuak; izan ere, horrelako burukoen alboan beti bereizten nuen edo kapela militar bat edo sonbreiru biribil itxuragabe bat. Eoloren Harpa izeneko pabilioia haitz malkartsu baten gainean eraikita dago, eta paisaia mirestea gogoko dutenek hantxe ematen dute denbora guztia, teleskopioa Elbruserantz zuzenduta; haien artean, bi irakasle zeuden ikasleekin, gurintxoak sendatzera etorriak baitziren.
Mendiaren hegian gelditu naiz, arnasestuka, eta, etxetxo baten ertzean bermaturik, ingurumari ikusgarri hura aztertzen hasi naiz; eta horretan nengoela, ustekabean, ahots ezagun bat entzun dut atzean:
— Petxorin! Aspaldi da hemen haizela?
Jiratu egin naiz: Grushnitski! Elkar besarkatu dugu. Jardunean zebilen destakamendu batean egin nuen haren ezaupidea. Bala-zauria dauka hanka batean eta ni baino aste bete lehenago etorria da balneariora.
Grushnitski kadetea da. Urtebete besterik ez darama zerbitzuan, eta bere gisako dotorekeria bitxi bat dela medio, soldadu-longain zatarra ibiltzen du beti soinean. San Jorgeren gurutzea dauka, soldadu arruntentzakoa. Gorpuzkera onekoa da, beltzarana eta ile-beltza; itxurari erreparatuta, hogeita bost urte inguru dituela pentsa daiteke, nahiz eta hogeita bat bete berri dituen. Hitz egiten duenean, atzerantz jasotzen du burua, eta uneoro bibotea bihurritzen du ezkerreko eskuaz, eskuinekoaz makuluan bermatzen da eta. Haren hizketa-modua bizkorra eta bilatua da: bizitzako gertaera guztietarako esaldi biribilak prest izaten dituzten horietakoa da, edertasun hutsak hunkitzen ez dituen eta beren burua ohiz besteko sentimenduz, grina goitarrez eta egundoko pairamenez handikiro apaintzen duten horietakoa. Horrelakoen gozamen nagusia bihotzean ukitzea da; probintzietako neskatxa erromantikoek txoratzeraino atsegin dituzte. Zahartzaroan, edo mozkorti edo etxagun baketsu bihurtzen dira, batzuetan bi gauzak batera. Sarritan, haien ariman bada ezaugarri on ugari, baina poesia izpirik ez. Grushnitskiren grinarik behinena deklamatzea da: elkarrizketa gai arrunten ildotik atera bezain laster, hitz mardulez itotzen zaitu; ez dut inoiz berarekin eztabaidatzeko aukerarik izan. Ez dio zuk ihardetsitakoari erantzuten, ez dizu entzuten. Zu isildu orduko, erretolika luzea hasten du, itxuraz zuk esandakoarekin nolabaiteko lotura baduena baina, egiatan, beraren hitzaldiaren jarraipena besterik ez dena.
Nahikoa burutsua da: haren epigramak barregarriak izan ohi dira, baina sekula ez doiak eta mingarriak: ez du inor hitzez hilko; ez ditu ezagutzen ez gizakiak ez hauen argaluneak, bizitza osoan bere buruaz soilik arduratu da eta. Nobela-heroia izatera iristea du jomuga. Hainbestetan saiatu da besteei sinetsarazten bera ez dela mundu honetarako sortutako izakia eta pairamen misteriotsuak nozitzera kondenatuta dagoela, non berak ere sinetsi egin baitu kasik. Hain zuzen ere, horregatik eramaten du hain harro bere soldadu-longain zatarra. Nik igarri egin diot, eta horregatik ez nau gogoko, nahiz eta azalean gure arteko harremanak ezin adiskidetsuagoak diren. Grushnitskik izugarri ausarta delako fama du; ikusia dut borrokan: sablean eragin, garrasika hasi, eta aurrera oldartzen da begiak hertsi-irekita dituela. Hori ez da errusiarron ausardia!...
Nik ere ez dut bera gogoko: nago edozein egunetan bide estu batean elkarrekin topo egingo dugula eta bietako bat ez dela onik aterako.
Kaukasora etortzea bera ere haren fanatismo erromantikoaren ondorioa izan da: ziur nago alde egin zuen egunaren bezperan, aitaren herrian, gogoilun mintzatu zela auzoko edozein neska lirainekin, esanez bera ez zihoala, hain zuzen ere, zerbitzura, baizik eta heriotzaren bila, zeren... orduan, inondik ere, begiak eskuaz estali eta horrela jarraituko zuen: «Ez, zuk (edo hik) ez duzu horren berririk jakin behar! Zure arima makulagabeak zirgit egingo luke! Eta gainera, zertarako? Zer naiz ni zuretzat? Ulertzeko gai izango zinateke?...», eta abar.
Grushnitskik berak aitortu dit K. erregimentuan sartzera bultzatu zuen arrazoia beraren eta zeruaren arteko sekretua izango dela betiko.
Bestetik, tragediaren soingainekoa eranzten duenean, nahikoa atsegina eta jostagarria da. Irrikaz nago emakumeekin nola jokatzen duen ikusteko: uste dut gogotik ahaleginduko dela orduan!
Aspaldiko lagunak bagina bezala hartu dugu elkar. Balnearioko bizimoduaz eta pertsona nabarmengarriez galdezka hasi natzaio.
— Gure bizimodua prosaiko samarra duk —esan dit hasperen egin ondoren—, goizean ura edaten dutenak sorgorrak dituk, gaixo guztiak bezalaxe, eta arratsean ardoa edaten dutenak, berriz, eramanezinak, osasundun guztiak bezalaxe. Emakumezkorik ere baduk hemen; baina ez diate kontsolamendu handirik ematen: whistean jokatzen dituk, itsusi jantzi eta ikaragarri txarto hitz egiten ditek frantsesez. Aurten, Ligovskaia printzesa eta haren alaba beste inor ez duk etorri Moskutik; baina ez ditiat ezagutzen. Nire soldadu-longaina laidoaren ikurra bezalakoa duk. Pizten duen begikotasuna etsigarria duk, limosna bezainbateko.
Horretan ari ginela, bi dama igaro dira gure aurretik putzurako bidean: bata adinekoa, bestea gazte-gaztea eta pinpirina. Ezin izan dut haren aurpegiak bereizi, burukoen azpian gorderik zituzten eta, baina gusturik onenaren arau zorrotzen arabera jantzita zeuden: ezer ez soberan. Bigarrenak gris de perles soineko itxia zeraman, eta zetazko zapi arma lepo zaluaren inguruan bilduta. Botek, couleur puce, hain txairoki eusten zieten hanka segailen orkatilei, non edertasunaren misterioaz ezer gutxi dakienak ere hasperen egingo baitzukeen segur aski, harriduragatik besterik ez balitz ere. Arina da, eta haren ibilera prestuak badu birjin kutsuko zerbait, zehazterik ez dagoena baina begiradak aise antzeman dezakeena. Aldamenetik igaro denean, halako lurrin azal ezin bat zabaldu da guganaino, maite dugun emakumearen eskutitzek batzuetan isurtzen dutena bezalakoa.
— Horra hor Ligovskaia printzesa —esan dit Grushnitskik— eta haren alaba; Meri deitzen ziok, ingelesen erara. Hiru egun soilik zeramatzatek hemen.
— Baina, hala ere, hik berehala jakin duk nola duen izena!
— Bai, halabeharrez entzun diat —erantzun dit, gorriturik—, egia esan, ez diat batere gogorik haien ezaupidea egiteko. Noble harroputz horiek basatiak bagina bezala begiratzen zigutek militarroi. Bost axola ziek kapela zenbakidunaren azpian adimenik eta longain zatarraren azpian bihotzik badugunetz!
— Longain errukarria! —esan diot, erdi irribarre eginez—, eta nor da haiengana hurbildu eta hain adeitsuki edalontziak eman dizkien jaun hori?
— Oh! Raevitx duk, Moskuko ezti-metxa bat! Jokalaria duk: berehalakoan igartzen zaiok koratilo urdin argian behera kiribilka jaisten zaion katetzar urrezkoan. Zer makila lodia daraman, Robinson Crusoerena ematen dik gero! Eta bizarra ere harena bezalakoxea zeukak, eta à la moujik orrazten duk.
— Gorroto duk gizateria osoa.
— Badiat horretarako arrazoirik asko...
— O! Benetan?
Bitartean, damak, putzutik aldendu eta gure parera iritsi dira. Grushnitskik denbora izan du makuluaren laguntzaz farrera dramatikoa hartzeko, eta ozenki erantzun dit frantsesez:
— Mon cher, je hais les hommes pour ne pas les mépriser, car autrement la vie serait une farce trop dégoûtante.
Printzesatxo ederrak jiratu eta ikusminezko begirada luzea egin dio opari hizlariari. Esanahi zehaztugabeko begirada izan da, baina ez burlatia, eta arimaren barren-barrenetik zorionak eman dizkiot lagunari.
— Meri printzesatxo hori zoragarri polita duk —esan diot—. Hain ditik begiak beluskarak, bai, hori da, beluskarak: hitz horretaz jabetzea gomendatzen diat, haren begiez mintzatzen haizenerako; beheko eta goiko betileak hain dituk luzeak, non eguzkiaren errainuak ez baitzaizkio begi-ninietan islatzen. Atsegin ditiat begi dirdirarik gabeko horiek: bazirudik laztan egiten diatela, hain dituk leunak... Bestetik, antza denez, haren aurpegian ederra duk dena... Eta zer?, hortzak zuriak dira? Garrantzi handikoa duk hori! Bai tamalgarria hire esaldi ponposo horri irribarrerik egin ez izana.
— Ingalaterrako zaldi batez ariko bahintz bezala hitz egiten duk emakume eder bati buruz —esan dit Grushnitskik gaitzituta.
— Mon cher —erantzun diot, berak erabilitako tonua antzeratzen saiatuz—, je méprise les femmes pour ne pas les aimer; car autrement la vie serait un mélodrame trop ridicule.
Jiratu eta harengandik aldendu naiz. Ordu erdiz, paseatzen aritu naiz mahatsondo-errenkadetan barrena eta karaitzetan dingilizka hazten diren zuhamuxken artean. Berotzen hasi du eta azkar joan naiz etxera. Sufre-uraren iturburuaren albotik igarotzean, galeria estalian gelditu naiz hango gerizpean arnasa hartzeko, eta eszena bitxi samar baten lekuko izateko aukera eman dit horrek. Pertsonaien kokapena honako hau zen: printzesa eta Moskuko ezti-metxa galeria estaliko jarleku batean eserita zeuden, itxuraz elkarrizketa serio batean murgilduta biak. Printzesatxoa, inondik ere azken edalontzia hustua baitzuen, pentsakor zebilen putzuaren inguruan. Grushnitski putzuaren alboan bertan zegoen, zutik; plazatxoan ez zen beste inor ageri.
Areago hurbildu eta galeriaren ertz baten atzean ezkutatu naiz. Une horretan, Grushnitskik bere edalontzia lurrera erortzen utzi du eta makurtzeko ahaleginak egiten hasi da, jasotzeko asmoz, baina hanka zaurituak eragotzi egin dio. Errukarria!, senperrenak egiten zituen makuluan bermatuta, baina, hala ere, alferrik. Haren begitarte adierazgarriak benetako oinazea agertzen zuen.
Meri printzesatxoak nik baino hobeto ikusi du hori guztia.
Txoritxoa baino arinago hurreratu zaio, makurtu, jaso edalontzia, eta eman egin dio ezin adierazizko liluraz hornitutako mugimendua eginez gorputzarekin; gero, gorri-gorri jarri da, galeria aldera begiratu du, eta, egiaztaturik amatxok ez bide duela ezer ikusi, behingoan lasaitu da. Grushnitskik eskerrak emateko asmoz ahoa zabaldu duenerako, urrun zegoen jada. Pixka bat geroago, galeriatik irten da amarekin eta eztimetxarekin batera, baina Grushnitskiren aldamenetik igarotzean eite arranditsu eta serioa hartu du, eta atzera jiratu ere ez da egin, erreparatu ere ez dio egin menditik jaitsi denetik bulebarreko ezkien artean gorde den arte luzaz bidali dion begiratu gartsuari... Lipar batez, haren burukoa ikusi da kalea zeharkatzean; gero, Piatigorskeko etxerik onenetako baten atarian sartu da. Printzesak atzetik jarraitu dio atarian Raevitx agurtu ondoren.
Orduan soilik konturatu da kadete sutsu gizajoa ni han nintzela.
— Ikusi duk? —esan dit eskua indarrez estutuz—, aingeru hutsa duk!
— Zergatik? —galdetu diot lañotasunik xaloena erakutsiz.
— Ez al duk ikusi?
— Bai, ikusi diat: hire edalontzia jaso dik. Kale-zaina bertan izan balitz, gauza bera egingo zian, eta are lehiatsuago gainera, vodkatarako eskupekoren bat jasoko zuelakoan. Gainera, oso ulergarria duk hitaz errukitu izana: horren imintzio izugarria egin duk balak zauritutako hankan bermatu haizenean...
— Eta hi ez haiz ezta pittin bat ere hunkitu hari so hengoela arimak aurpegian dirdai egin dion une horretan?
— Ez.
Gezur esan dut; baina Grushnitski amorratzen jartzeko gogoa nuen. Jaiotzetik bertatik, berezko joera dut aurka egiteko; nire bizitza osoa, hala bihotzari nola arrazoimenari aurka egiteak ekarritako gertaera goibel eta zoritxarrekoz osatutako katea besterik ez da izan. Aurrean gizabanako gogotsu bat izateak urtarrileko izotzaldi gorriek baino hotzago uzten nau, eta uste dut ameslari sutsu bihurtuko nintzatekeela luzaroan lagun nagi eta patxadatsu batekin harremanak izango banitu. Beste gauza bat ere aitortuko dut: une horretan, sentimendu gozakaitz baina ezagun batek leunki ukitu dit bihotza; sentimendu hori bekaizkeria izan da; argi eta garbi diot «bekaizkeria», den-dena aitortu ohi diot-eta neure buruari; eta nekez aurkituko genuke gizon gazterik arreta erakartzen dion emakume polit batekin topo egindakoan harridura gogaikarria sentituko ez lukeenik baldin eta emakume horrek, bat-batean, nabarmenki erreparatuko balio bera bezain ezezagun zaion beste gizon bati; bai, nekez aurkituko genuke horrelako gizon gazterik (esan gabe doa, mundu zabalean bizi den eta bere buruarenganako estimuari atsegin ematen ohituta dagoen gizon batez ari naizela).
Grushnitski eta biok isilik jaitsi gara menditik, bulebarrera jo eta gure ederra gorde den etxeko leihoen azpitik igaro gara. Bera leiho alboan eserita zegoen. Grushnitskik besotik tiraka egin dit eta emakumeengan horren eragin ahula izan ohi duten begirada samur eta lauso horietako bat egotzi dio. Nik, harenganantz zuzendu ditut inpertinenteak, eta konturatu naiz irribarre batekin erantzun diola Grushnitskiren begiratuari, eta nire inpertinenteen mutiritasunak, aldiz, haserretu egin duela, bene-benetan gainera. Izan ere, nolatan ausartzen da Kaukasoko armadako militar bat inpertinenteak Moskuko printzesa batenganantz zuzentzen?...
Maiatzak 13
Gaur goizean doktorea etorri zait; Werner du izena, baina errusiarra da. Harritzekoa al da hori? Nik Ivanov alemaniar bat ezagutu dut.
Werner gizon nabarmengarria da arrazoi askorengatik. Eszeptikoa eta materialista da, ia mediku guztiak bezala, eta aldi berean poeta, eta ez txantxetakoa: poeta da beti egintzetan eta maiz esanetan, nahiz eta bizialdi osoan bi bertso ere ez duen idatzi. Gizakiaren bihotzean diren soka bizi guztiak ikertu ditu, gorpu bateko zaintxuriak ikertzen diren bezalaxe, baina sekula ez du bere ezagupenez baliatzen jakin; horrela, batzuetan, anatomistarik bikainenak ez daki sukarra sendatzen! Wernerrek, bere gaixoen lepotik trufa egin ohi du isil-ostuka; baina, behin, ikusi nuen nola negar egiten zuen hilzorian zegoen soldadu baten gainean... Behartsua da, milioiekin amets egiten du, baina diruagatik ez luke ezta urrats bat ere emango: behin esan zidan lehenago mesede egingo ziokeela etsai bati adiskide bati baino, zeren adiskideari egitea bere eskuzabaltasuna saltzea bailitzateke, eta gorrotoa, ordea, areagotu baizik ez du egiten aurkariaren gogo-zabaltasunak. Mihi gaiztoa dauka: haren epigramen eraginez onkote batek baino gehiagok ergel hutsaren fama irabazi du; behin, lehiakideek, bainu-etxeko mediku bekaiztiek alegia, bere gaixoen karikaturak pintatzen zituelako surmurra zabaldu zuten; gaixoak sutan jarri ziren, eta ia denek berarengana joateari utzi zioten. Lagunak, hau da, Kaukason zerbitzuan ziren jende benetan zintzo guztiak, alferrik saiatu ziren haren omen galdua lehengoratzen.
Haren itxurak harritzeraino zakarra ematen du lehen begiratuan, baina benetan gogoko bihurtzen da gero, begiek hazpegi eragabeetan arima saiatu eta goitsuaren zantzuak antzematen ikasten dutenean. Batzuetan, emakumeak txoratzeraino maitemintzen dira horrelako gizonez, eta, aukeran, haien itsusitasunaren ordez ez lukete Endimion sasoikoenaren eta zurigorrienaren edertasuna nahiago izango; zor zaiena ezagutu behar diegu emakumezkoei: arimako edertasunaren sena dute; Werner bezalako gizonek agian horregatik maite dituzte horren sutsuki emakumeak.
Werner txikia da goibehean, eta argala, eta ahula, haur baten modukoa; hanka bat bestea baino laburragoa dauka, Byronek bezala; buruak ikaragarri handia ematen du enborraren aldean. Ileak larru-arras moztuta ditu, eta burezurreko irtenuneek, agerian geratzen baitzaizkio, edozein frenologo harrituko lukete elkarren aurkako jaiduren egitura bitxiaren kariaz. Begi beltz txikiak, beti urduri, besteen pentsamenduetan barneratzen saiatzen dira. Janzkeran, nabarmen ditu gustu ona eta txukuntasuna; eskularru hori argiek apain biltzen dizkiote esku argal, zaintsu eta txikiak. Lebita, gorbata eta koratiloa, kolore beltzekoak beti. Gazteek Mefistofeles deitzen diote; berak haserretzen delako itxurak egiten ditu, baina bere buruarenganako estimuaren balakagarri gertatzen zaio izengoiti hori. Berehala aditu dugu elkar, eta lagun bihurtu gara, ni ez naiz-eta adiskidetasunerako gauza: bi adiskideren artean, bata bestearen esklabo izaten da beti, nahiz eta gehienetan bietako inork ez dion horrelakorik aitortzen bere buruari; ni ezin naiz esklabo izan, eta aginduak ematea lan gogaikarria da horrelako harreman batean, agintzearekin batera engainatu beharra baitago; eta gainera, nik baditut lekaioak eta dirua! Hona nola ezagutu genuen elkar: S.-n aurkitu nuen, gazte-talde handi eta zaratatsu baten erdian; bileraren amaieran, elkarrizketak norabide filosofiko-metafisikoa hartu zuen; sineskizunez eztabaidatzen ari ziren; era askotako sinesmenak zituzten, bakoitzak berea.
— Niri dagokidanez, gauza bakarra sinesten dut... —esan zuen doktoreak.
— Zer gero? —galdetu nion, ordura arte isilik egona zen gizon haren iritziaren berri jakin nahirik.
— Lehenago edo beranduago, goiz eder batean hil egingo naizela —erantzun zuen.
— Ni zu bainoago naiz —esan nion—, horrez gain, beste sinesmen bat ere badut: jaiotzeko zoritxarra egokitu zitzaidala arrats zikin ezin nazkagarriago batean, hain zuzen ere.
Guztiei iruditu zitzaien zozokeriak esaten ari ginela, baina haietako inork ez zuen ezer zentzuzkoagorik esan. Une hartatik aurrera elkar bereizten genuen taldean. Sarritan elkartzen ginen biok bakarrik, eta oso serio eztabaidatzen ginen gai abstraktuez, harik eta elkarri burua nahasten geniola ohartzen ginen arte. Orduan, batak besteari begietara modu adierazgarrian so egin ondoren —Zizeronen hitzetan Erromako augureek egiten zuten bezala—, barre-algaraka hasten ginen, eta, lehertzeraino barre egin ondoren, banandu egiten ginen, gure beila-aldiak gogobeterik.
Dibanean etzanda nengoen, begiak sabaian finkaturik eta eskuak garondoaren azpian jarrita, Werner nire gelan sartu denean. Besaulkian eseri da, makila bazter batean utzi, aharrausi egin, eta kanpoan berotzen ari zuela jakinarazi dit. Nik erantzun diot euliek enbarazu egiten zidatela, eta isilik geratu gara biok.
— Pentsa ezazu, doktore maitea —esan diot—, ergelik gabe mundua oso aspergarria izango litzatekeela... Begira, hemen gaude gu, bi gizon argi: aldez aurretik badakigu infinituraino eztabaida daitekeela gauza guztien gainean, eta horrexegatik ez gara eztabaidatzen; bestearen ideia ezkutuko guztien edo ia guztien berri dakigu; guretzat, hitz bat istorio oso bat da; gure sentimendu bakoitzaren muina ikusten dugu geruza hirukoitz batean zehar. Gauza tristeek barre eragiten digute, gauza barregarriek goibel jartzen gaituzte, eta oro har, egia esan, axolagabe samar jokatzen dugu guztiarekin, geure buruarekin izan ezik. Eta halatan, gure artean ez dago ez sentimendurik ez ideiarik trukatzerik: jakin nahi dugun guztia dakigu elkarri buruz, eta ez dugu gehiagorik jakin nahi; irtenbide bakarra geratzen zaigu: albisteei buruz mintzatzea. Konta ezazu, beraz, albisteren bat.
Hitzaldi luzeak ahiturik, begiak itxi eta aharrausi egin dut...
Apur batean hausnartu ondoren, hala erantzun dit:
— Zure hitz-jario nahasi horretan bada, hala ere, ideia bat.
— Bi! —erantzun diot.
— Esadazu zein den bata eta nik bestea esango dizut.
— Ondo da, has zaitez! —esan diot, sabaia aztertzeari utzi gabe eta neure golkorako irribarre eginez.
— Zuk hainbat xehetasun jaso nahi duzu balneariora etorri direnen arteko norbaiti buruz, eta nik dagoeneko asmatua dut nork arduratzen zaituen, zeren han zutaz galdetu baitidate jadanik.
— Doktorea!, argi dago gu biok ezin garela solasean aritu: arima irakurtzen diogu elkarri.
— Orain bestea...
— Hona hemen beste ideia: zerbait kontatzera behartu nahi zintudan; lehenik, entzutea ez delako hain nekagarria; bigarrenik, horrela ez dagoelako isilean gorde beharreko ezer oharkabean esaterik; hirugarrenik, aukera ematen duelako beste norbaiten sekreturen bat edo beste jakiteko; laugarrenik, zu bezalako pertsona argiek entzuleak narratzaileak baino gogokoago dituztelako. Orain, gatozen harira: zer esan dizu nitaz Ligovskaia printzesak?
— Oso ziur zaude printzesa izan dela... eta ez printzesatxoa!
— Erabat etsita nago.
— Zergatik?
— Printzesatxoak Grushnitskiz galdetu duelako.
— Gaitasun handia duzu gauzen nondik norakoa igartzeko. Printzesatxoak esan dit ziur dagoela soldadu-longainez jantzita dabilen gazte horri gradua kendu diotela duelu batengatik, eta soldadu utzi dutela...
— Espero dut ez zeniola okerreko uste atsegin hori zapuztuko...
— Ez noski.
— Badugu korapiloa! —oihu egin dut pozarren—. Geu arduratuko gara komedia honen amaieraz. Argi dago patuak niri aspertzen ez uzteko erabaki sendoa hartua duela.
— Susmoa dut —esan du doktoreak— Grushnitski gizajoa zure biktima izango dela...
— Segi, doktorea...
— Printzesatxoak esan du zure aurpegia ezaguna egiten zaiola. Nik ohartarazi diot ezen, segur aski, Petersburgen topo egin duela zurekin, goi-gizarteko biltokiren batean... zure izena esan diot... Ezaguna du. Antza denez, zure istorioak oihartzun zabala sortu du han... Printzesa zure menturak kontatzen hasi da, kaleko esamesei inondik ere berak asmatutako zertzeladak erantsiz... Alabak jakin-minez entzuten zion. Haren irudimenean, egungo gustuaren araberako eleberrietako heroi bihurtu zara... Nik ez diot printzesari aurka egin, nahiz eta banekien zozokeriak esaten ari zela.
— Zu bai lagun zintzoa! —esan diot eskua luzatzearekin batera. Doktoreak gogoz estutu eta hizketan jarraitu du:
— Nahi baduzu, aurkeztu egingo zaitut...
— Zer diozu?! —esan diot, besoak harriduraz jasorik—. Noiztik egiten da heroien aurkezpena? Heroiak, bere maitea halabeharreko heriotzatik salbatuz soilik ematen du bere burua ezagutzera.
— Printzesatxoa gorteiatzeko asmoa duzu? Benetan?...
— Bai zera, kontrakoa, guztiz kontrakoa!... Doktorea, azkenean nagusitu natzaizu: ez nauzu ulertzen!... Bestetik, doktorea, atsekabetu egiten nau horrek —jarraitu dut une batez isilik egon ondoren—, inoiz ez ditut neure sekretuak agertarazten, baina ikaragarri atsegin zait besteek igartzea, zeren horrela, behar izanez gero, ukatu ahal baititut. Dena dela, ama eta alaba deskribatu behar dizkidazu. Nolakoak dira?
— Aurrena, printzesa. Berrogeita bost urteko emakumea da —erantzun du Wernerrek—, urdail bikaina dauka, baina odola hondatuta; orban gorriak ditu masailetan. Moskun igaro du bere bizialdiaren azken erdia, eta hango bizimodu patxadatsuak loditu egin du. Atsegin ditu pasadizo lizunak, eta berak ere gauza zikinak kontatzen ditu alaba gelan ez dagoenean. Jakinarazi dit alaba usoak bezain xaloa dela. Niri zer axola dit horrek?... Erantzutekotan egon naiz lasai egon daitekeela, ez diodala inori esango! Printzesa erreumatismoa sendatzera etorri da, eta alaba jainkoak daki zer; biei ala biei ere agindu diet egunero bina edalontzi bete sufre-ur edateko eta astean birritan ur sendagarrien putzuan bainatzeko. Printzesak, dirudienez, ez du aginduak emateko ohiturarik; begirunea erakusten du alabaren argitasunaren eta jakinduriaren aldera; izan ere, neskak Byron irakurria du ingelesez, eta aljebra daki: Moskun, argi dago, andereñoak jakintza arloan sartzen hasiak dira, eta ondo aritzen dira, bai horixe! Gure gizonak, oro bar, guztiz zakarrak dira, eta emakume argi batentzat jasanezina izan behar du haien aurrean maitagarri agertu nahirik ibiltzeak. Printzesak oso gogoko ditu gizon gazteak; printzesatxoak, ordea, nolabaiteko destainaz begiratzen die; Moskuko usadioa berori! Moskun, berrogei urteko gizon zirtolariz soilik elikatzen dira.
— Eta zu, doktorea, Moskun izana zara?
— Bai, han jardun nuen denboraldi labur batean.
— Segi.
— Ba, uste dut dena esana dudala... Ah, ez! Bada besterik: printzesatxoak, dirudienez, gogoko du sentimenduez, grinez eta horrelakoez mintzatzea... negu batez Petersburgen izan zen, eta ez zitzaion gustatu, batik bat gizartea: inondik ere, harrera hotza egin zioten.
— Gaur ez duzu haien etxean inor ikusi?
— Bai; baziren han edekan bat, guardiako ofizial haizeputz bat, eta balneariora iritsi berria den dama bat, printzesaren ahaidea senarraren aldetik; polit-polita da, baina, dirudienez, oso gaixorik dago... Ez duzu putzuan topo egin berarekin? Goibehe ertainekoa da, ilehoria, hazpegi ondo eratuak ditu, aurpegia birikeriak jota daudenen koloreko, eta orezta beltza eskuineko masailean: txundituta utzi nau haren aurpegiaren adierazgarritasunak.
— Orezta beltza! —murmurikatu dut hortz artean—. Ba ote gero?
Doktoreak begiratu, eta, eskua nire bihotzean jarrita, arrandiro esan du:
— Ezaguna duzu! —Izan ere, bihotza ohi baino indar handiagoz ari zitzaidan pilpiraka.
— Oraingoan zeu garaile! —esan diot—. Gauza bakarra espero dut zugandik: ez nauzula salduko. Oraindik ez dut ikusi, baina ziur nago, aspaldi maite izan nuen emakume bat ezagutu dut zure potret horretan... ez diezaiozula niri buruz hitz bakar bat ere esan; galdetzen badizu, gaizki esan nitaz.
— Nahi duzun bezala! —esan du Wernerrek, sorbaldei gora eraginez.
Alde egin duenean, tristezia izugarri batek zapaldu dit bihotza. Patuak elkartu gaitu berriro Kaukason ala berariaz etorri da hona, berton aurkituko ninduela jakinik?... eta nola egingo dugu topo elkarrekin?... Eta gainera, bera al da?... Neure susmoek ez didate sekula hutsik egiten. Ez da munduan beste gizabanakorik zeinarengan iraganak nire gainean bezain ahalmen handia duenik. Lehengo denboretako edozein atsekabe edo pozaldi gogora ekartze hutsak era mingarrian kolpatzen dit arima eta oihartzun berberak ateratzen dizkio beti... Lelo sortu naute: ez zait ezer ahazten, ezertxo ere ez!
Bazkalostean, seiak aldera, bulebarrera joan naiz: jendetza handia zegoen; printzesa eta printzesatxoa banku batean eserira zeuden, gaztez inguratuta, zein baino zein losentxariago. Ni beste jarleku batean eseri naiz, ez oso urrun haiengandik; D. erregimentuko bi ofizial gelditu ditut eta zerbait kontatzen hasi natzaie; inondik ere, zerbait barregarria izan da, ero legez barre-algaraka hasi dira eta. Jakin-minak niganantz bultzatu ditu printzesatxoaren inguruan zirenetako batzuk; apurka-apurka, bakarrik utzi dute eta nire ingurura bildu dira denak. Ni ez nintzen isiltzen: nire kontakizunak ergeltasuneraino ziren burutsuak, aldamenetik pasatzen ziren norbanako bitxiei buruzko txantxak, berriz, amorratzeraino gaiztoak... Publikoaren gozamenerako, kontu-kontari jardun dut eguzkia sartu arte. Behin baino gehiagotan, printzesatxoa nire albotik igaro da aman eskutik helduta, honek agure zahartxo herren bat lagun zuela; behin baino gehiagotan, neskaren begiradak haserrea adierazi du nirekin topo egitean, nahiz eta axolagabetasuna adierazi nahi zuen...
— Zer kontatu dizue? —galdetu dio gizalegeak eraginda berarengana itzuli diren gazteetako bati—, inondik ere, oso istorio barregarria zen, gudaldietako balentriak agian?... —Ozenki samar esan du hori eta, segur aski, niri min egiteko asmoz. «Hara! —pentsatu dut—, ez zara txantxetan haserretzen, printzesatxo maitea; itxaron, hau ez da azkena izan!»
Grushnitski atzetik zebilkion, zelatan, hegazti harrapari baten antzera, eta ez zizkion begiak aldetik kentzen: apustu egingo nuke bihar bertan baten bati eskatuko diola printzesatxoa aurkezteko. Neska poz-pozik jarriko da, ikaragarri aspertzen da eta.
Maiatzak 16
Aurreko bi egunotan nire zereginek aurrerapen nabarmena egin dute. Ezbairik gabe, printzesatxoak gogotik gorrotatzen nau; dagoeneko, bizpahiru epigramaren berri helarazi didate, nire lepotik asmatuak denak, nahikoa zorrotzak baina, aldi berean, oso balakagarriak. Ikaragarri bitxia iruditzen zaio ni, goi-gizartera ohituta bainago, Petersburgen dituen lehengusinen eta izeben lagun mina bainaiz, beraren ezaupidea egiten saiatu ez izana. Egunero ikusten dugu elkar putzuan edo bulebarrean; neure indar guztiez baliatzen naiz miresleak, edekan distiratsuak, moskutar zurbilak eta gainerako guztiak haren ingurutik uxatzeko; eta ia beti lortzen dut. Betidanik gorrotatu dut etxean gonbidatuak hartzea: ba, orain, jendez gainezka izaten dut egunero-egunero, bertan bazkaltzen dute, afaltzen dute, jokoan aritzen dira; eta, ai!, xanpainak printzesatxoaren begitxoen magnetismoak baino indar handiagoa erakusten du!
Atzo, Txelakhoven dendan aurkitu nuen; Pertsiako tapiz zoragarri bat erosi nahi zuen, eta dirua ez begiratzeko eskatzen zion amatxori: tapiz horrek hain polito apainduko lioke gela!... Nik, balio zuena baino berrogei errublo gehiago ordaindu, eta hantxe eraman nuen; suminik liluragarrienaz distiratzen zuen begirada batez saritua izan nintzen. Bazkalordua baino lehentxeago, agindu eman nuen nire zaldi txerkesa, tapiza edergarri zuela, berariaz paseatzeko printzesatxoaren etxeko leihoen aurrean. Une hartan Werner haien etxean zen, eta esan zidan eszena horren eragina ezinago dramatikoa izan zela. Printzesatxoak milizia moduko bat antolatu nahi du nire kontra jotzeko; izan ere, konturatu naiz nola, dagoeneko, edekan bik oso zakarki agurtzen nauten bera aurrean dagoenean, baina, hala eta guztiz, nire etxean bazkaltzen dute egunero.
Grushnitskik itxura misteriotsua hartu du: batera eta bestera ibiltzen da, eskuak bizkar atzean uztarturik, eta ez du inor ezagutzen; hanka zauritua bat-batean sendatu zain: ia ez du herrenik egiten. Egokiera aurkitu du printzesarekin solasean aritzeko eta printzesatxoari konplimenduren bat edo beste esateko; hau, inondik ere, ez da oso zorrotza, zeren une hartatik aurrera irribarrerik xaloenaz erantzuten baitie haren kilimusiei.
— Benetan ez duk nahi Ligovskaiatarrei aurkeztea? —esan zidan atzo.
— Benetan.
— Jainkoarren!, balnearioko familiarik atseginena duk! Hemengo gizarterik oneneko kide guztiak...
— Ene adiskidea, zeharo gogait eginda nagok hango zein hemengo gizarterik oneneko kide guztiez. Eta hi, joaten haiz haienera?
— Oraindik ez; birritan-edo hitz egina nauk printzesatxoarekin, baina, badakik?, apur bat aztoragarria duk etxera gonbidatzeko eskatzea, nahiz eta hemen horrela egin ohi duten... Bestelakoa lukek uniformean txarratelak izango banitu...
— Jainkoarren!, orain askoz ere erakargarriagoa haiz! Ez dakik heure egoera onuratsuaz baliatzen, hori duk kontua... Izan ere, soldadu-longainak heroi eta martin bihurtzen hau edozein andereño sentiberaren begietarako.
Grushnitskik irribarre egin zuen, harropozturik.
— Hori bai lelokeria!
— Ziur nagok —jarraitu nuen— dagoeneko printzesatxoa hitaz maitemindurik dagoela.
Belarrietaraino gorritu, eta oilartu egin zen.
Oh, nork bere burua maitatze hori! Heu haiz Arkimedesek mundua mugitzeko behar zuen berma puntua!...
— Hik txantxetan hartzen duk dena! —esan zidan, haserre zegoelako itxurak eginez—. Lehenengo eta behin, hain azaletik ezagutzen naik oraindik...
— Emakumeek, ezagutzen ez dutena soilik maite ditek.
— Baina nik ez diat haren gogoko izateko inolako asmorik: familia atsegin baten ezaupidea egin besterik ez diat nahi, eta oso barregarria lukek beste ezer gerta litekeela espero izatea... Baina zuen kasua, esaterako, bestelakoa duk! Zuek jaun eta jabe zarete Petersburgen: begiratu besterik ez, eta maitez urtzen zaizkizue emakumeak... Eta ba al dakik, Petxorin, printzesatxoak hitaz hitz egiten duela?
— Zer diok?, dagoeneko nitaz hitz egin dik?
— Ez pozik jarri, hala ere. Lehengo batean, hizketan aritu ninduan berarekin putzuaren alboan, ustekabean gertatu zuan; hiru hitz trukatu orduko, zera galdetu zidaan: "Nor da horren begirada latz eta gozakaitza duen jaun hori? Zurekin zegoen halako egunean...». Gorri-gorri jarri eta ez zuen eguna aipatu nahi izan, bere bihurrikeria gozo hartaz oroiturik. «Ez duzu zein egunez ari zaren zehaztu beharrik —erantzun nion—, betiko izango dut gogoan...» Petxorin, adiskidea, ezin diat zorionik eman: iritzi txarra dik hitaz... Eta, egia esan, tamalgarria duk! Meri oso liluragarria duk eta!
Ohartarazi beharra dago ezen, Grushnitski, emakumeren batek haien gustuko izateko zortea izaten duenean, gaingiroki bakarrik ezagutzen badute ere, beraz mintzo direlarik nire Meri, nire Sofia eta horrela deitzeko ohitura duten gizon horietakoa dela.
Itxura serioa hartu, eta hala erantzun nion:
— Bai, ez duk itsusia... Baina tentuz ibili, Grushnitski! Errusiako andereñoak, gehienbat, maitasun platonikoz soilik elikatzen dituk, berau inongo ezkon asmorekin nahasi gabe; eta maitasun platonikoa maitasunik asaldariena duk. Dirudienez, printzesatxoa gizonezkoek josta ditzaten gogoko duten emakume horietakoa duk; bi minutuz jarraian hire alboan aspertzen bada, hireak egin dik ezinbestean: hire isiltasunak jakin-mina ernatu behar ziok, hire solasak ez dik inoiz guztiz askietsirik utzi behar; uneoro zirikatu behar duk; higatik, hamaika aldiz gutxietsiko ditik jendaurrean gainerakoen juzkuak, eta sakrifizio bat dela esango dik, eta, bere burua horregatik saritzeko, hi oinazetzen hasiko duk, eta gero besterik gabe esango dik ezin hauela jasan. Ez baduk haren gaineko botererik eskuratzen, beraren estreinako musuak ez dik bigarrenerako eskubiderik emango; asebeterik gelditu arte arituko duk hirekin maitakerietan, eta pare bat urte geroago munstroren batekin ezkonduko duk, amatxoren nahiei otzanki men eginik, eta bere buruari sinetsarazten hasiko duk zorigaiztokoa dela, berak gizon bakarra maite izan duela —hi alegia—, baina zeruak ez duela gizon horrekin elkartu nahi izan, soldadu-longaina janzten duelako, nahiz eta longain gris zatar horren azpian bihotz sutsu eta zintzoa pilpiratzen den...
Grushnitski ukabilaz mahaia jo eta atzera-aurrera hasi zen gelan.
Ni barre-algaraka ari nintzen barrutik, eta bi aldiz irribarre ere egin nuen zabalki, baina bera, zorionez, ez zen ohartu. Begi bistakoa da maitemindurik dagoela, lehen baino are sinesberago bihurtu da eta; gainera, nielez apaindutako eraztun zilarrezkoa ikusi diot aldean; bertoko eskulana da eta susmagarria iruditu zait... Aztertzeko aukera izan dudalarik, hara zer aurkitu dudan!... barneko aldean Meri izena dago letra txiki-txikitan zizelatuta, eta alboan, zorioneko edalontzi hura jaso zioneko eguna. Isilean gorde dut neure aurkikuntza; ez dut ezer aitortzera behartu nahi; ni bere aitorpenen entzule aukeratzea nahi dut, eta orduan bai hartuko dudala atsegin...
* * *
Berandu jaiki naiz gaur; putzura heldu naizenerako, han ez zen inor geratzen. Berotzen ari zuen; hodeitxo zuri saretuak lasterka aldentzen ziren gailur elurtuetatik, ekaitzaren iragarle; Mashuken tontorra ketan zegoen, zuzi itzali berriaren antzera; inguruan hodei zerrenda grisak kiribiltzen zitzaizkion, arrastaka, sugeak balira bezala, zeinak, joanaldian geldiarazita, irudi luke sasietako arantzetan trabatuta geratuak zirela. Giroa elektrizitatez beteta zegoen. Haitzulora daramaten mahatsondo-errenkadetan barrena abiatu naiz; triste nengoen. Gogoan nerabilen masailean orezta daukan emakume gazte hura, doktoreak aipatu zidana... Zertarako etorri ote da hona? Eta bera al da? Eta zergatik uste dut bera dela? Eta zergatik nago horren ziur? Hain bakanak al dira masailetan oreztak dituzten emakumeak? Horrelako gogoetetan murgilduta, haitzuloraino iritsi naiz. Honakoa ikusi dut: leizeko sabaiaren itzal hozkirrian emakume bat zegoen harrizko jarleku batean eserita, lastozko kapelarekin, txal beltz batean bilduta, burua bular gainera apalduta; kapelak aurpegia ezkutatzen zion. Atzera itzultzekotan nengoen, haren amets-aldia ez eteteko, begiratu egin didanean.
— Vera! —ateta zait nahi gabe.
Emakumea zirgit egin eta zurbil jarri da.
— Banekien hemen zinela —esan dit. Aldemenean eseri eta eskua hartu diot. Dardarizo aspaldi ahaztua zainetan hedatu zait berriro ahots maitagarri horren doinua entzun dudanean; begietara so egin dit bere begi sakon eta bareekin: sinesgogortasuna eta gaitzespenaren antzeko zerbait adierazten zuten.
— Aspalditik ez dinagu elkar ikusi —esan diot.
— Aspalditik, bai, eta oso aldatu gaituk biok!
— Beraz, dagoeneko ez naun maite?
— Ezkonduta nagok!... —esan dit.
— Berriro? Hala eta guztiz, orain dela urte batzuk ere arazo hori berori geneukanan, baina orduan...
Eskua niretik askatu eta gorri-gorri jarri zaizkio masailak.
— Agian, maite dun bigarren senarra?
Jiratu egin da ezer erantzun gabe.
— Ala oso jeloskorra da?
Isiltasuna.
— Zer gero? Ziur gaztea dela, ederra, eta, batez ere, aberatsa, eta hi beldur haiz... —Begiratu, eta ikaratu egin naiz; haren aurpegiak etsipen sakona adierazten zuen, malkoak dirdirka ari zitzaizkion begietan.
— Esadak —xuxurlatu dit azkenean—, oso pozgarri zaik niri min ematea? Gorrotatu egin beharko hinduket. Elkar ezagutu genuen egunetik bertatik, sufrimendua besterik ez didak eman... —Dardarka zeukan ahotsa, niganantz makurtu eta bularrean bermatu dit burua.
«Akaso —pentsatu dut—, hain zuzen ere horrexegatik maite nindunan: pozak ahaztu egiten ditun, baina nahigabeak sekula ez...»
Indarrez besarkatu dut, eta horrelaxe geratu gara puska luze batean. Azkenean, gure ezpainek elkarrengana hurbildu eta bat egin dute musu gartsu eta hordigarri batean; eskuak izotza bezain hotz zituen, baina sutan burua. Orduan, paperean guztiz zentzugabeak diren, berriz esaterik ez dagoen eta gogoratzea bera ere ezinezkoa den elkarrizketa horietako bat hasi da bion artean: hotsen esanahiak hitzen adiera ordeztu eta osatu egiten du, Italiako operan bezala.
Inola ere ez du nahi beraren senarraren ezaupidea egin dezadan. Bulebarrean iragaitzaz ikusi nuen agure zahartxo herren hura da: semearengatik ezkondu da berarekin. Aberatsa da eta erreumatismoak jota dago. Ez diot neure buruari haren lepotik txantxa bat bera ere egiterik onartu: Verak aita balu bezala errespetatzen du, eta senar duen aldetik engainatu egingo du... Oro har, gizakien bihotza gauza bitxia da, eta batik bat emakumezkoena!
Veraren senarra, Semion Vasilievitx G., Ligovskaia printzesaren ahaide kutsua da. Elkarren aldamenean bizi dira; Vera sarritan joaten da printzesaren etxera; hitz eman diot Ligovskaiatarren ezaupidea egingo dudala eta printzesatxoa gorteiatuko dudala, itxurak egite aldera. Horrela nire planak ez dira inondik inora lardaskatuko, eta jostatu egingo naiz...
Jostatu, bai!... Dagoeneko, atzean utzia dut bizitzaren garai hori, zeinean arimak zoriona soilik bilatzen duen, zeinean bihotzak norbait biziro eta sutsuki maitatzeko premia sentitzen baitu. Orain, maitatua izan besterik ez dut nahi, eta oso gutxik maitatua halere; areago, nago aski izango nukeela nahitasun iraunkor batekin: bihotzaren ohitura deitoragarria!
Gauza batek harritu nau beti: inoiz ez naiz maite izan ditudan emakumeen esklabo bihurtu; aitzitik, botere ezin garaituzkoa lortu dut beti haien nahimenaren zein bihotzaren gainean, eta batere ahaleginik egin gabe. Zergatik hori? Akaso, inoiz ez baitut ezer estimu handitan edukitzen, uneoro beldur zirelako esku artetik ihes egingo ote zuen? Ala organismo indartsuaren eragin magnetikoa da? Ala, besterik gabe, ez zait egokitu adiurre biziko emakumerik aurkitzea?
Aitortu beharra daukat sekula ez ditudala gogoko izan, hain zuzen ere, izaera irmoko emakumeak: ez da gisakoa haiengan!
Egia esan, oraintxe gogoratu naiz behin, behin bakarrik, maite izan dudala borondate sendoko emakume bat, zeina inoiz ezin izan bainuen garaitu... Etsaituta banandu ginen, baina, agian, bost urte beranduago aurkitu izan banu, beste modu batera bananduko ginatekeen...
Vera gaixorik dago, oso gaixorik, nahiz eta ez duen aitortu nahi; beldur naiz ez ote dagoen birikeriak edo fièvre lente deritzon gaixotasunak jota; gaixotasun hori ez da inondik inora Errusiakoa, eta gure hizkuntzan ez dauka izenik.
Ekaitzak haitzuloan harrapatu gaitu eta ordu erdi baino gehiago gelditu behar izan dugu bertan. Verak ez nau behartu leial izango natzaiola zin egitera, ez dit galdetu ea banandu ginenez geroztik beste emakumerik maite izan dudan. Lehengo denboretako uste oso berbera erakutsi dit berriro ere, eta ez dut engainatuko: bera da engainatzeko gai izango ez nintzatekeen munduko emakume bakarra. Badakit laster bereiziko garela berriro eta, beharbada, betiko: bakoitza bere bidetik joango da hilobiraino; baina haren oroitzapenak sendo sustraiturik iraungo du nire arima barrenean; beti errepikatu izan diot hori, eta berak sinetsi egiten dit, nahiz eta kontrakoa esan ohi duen.
Azkenean, elkarrengandik banandu gara; begiradaz jarraitu diot tarte luze batean, harik eta burukoa zuhaixken eta haitzen atzean ezkutatu den arte. Mingarriro estutu zait bihotza, estreinako banantzearen ondoren bezala. O, nola alaitu nauen sentimendu horrek! Agian, gaztetasunak nigana itzuli nahi du bere erauntsi osasungarriekin; ala agur egitean oroimenerako azken opari gisa bidali didan begiratua besterik ez da izan?... Eta barregarria da pentsatzea itxuraz mutil gaztea naizela oraindik: zurbil daukat aurpegia, baina irmo hala ere; soin-atalak zalu eta lerden; ilea sarri eta kizkur, begiak sutsu, odola irakiten...
Etxerako bidean, zaldi gainera igo eta lauoinka jo dut estepara; gogoko dut belar garaian barrena lauoinka ibiltzea zaldi suhar baten gainean, lautada zabaleko haizeari aurpegi emanez; lehiaz irensten dut aire usaintsua, eta urruntasun urdinera zuzentzen dut begirada, gauzen isla lainotsua begiztatzen saiatuz, arian-arian geroago eta argiago azaltzen baitira. Bihotza estutzen didan atsekabe oro, adimena oinazetzen didan kezka oro, dena aienatzen da behingoan; arindu egiten zait arima, gorputzaren nekea buruaren estutasunari nagusitzen zaio. Ez dago emakume-begiradarik ahaztuko ez zaidanik hegoaldeko eguzkiak argitutako mendi oihantsu haiek ikustean, zeru urdinari so egitean edo haitzez haitz jauzika jaisten diren baserreken xuxurla aditzean.
Iruditzen zait ezen kosakoak, beren talaietan asper-asper eginda baitaude, ez premia ez helburu zaldi gainean dabilen hau ikusirik, aldi luze batean estu eta larri egongo direla enigma argitu ezinik, zeren, segur aski, nire janzkerari erreparaturik txerkesa naizela kontu egingo baitute. Izan ere, esana didate txerkesez jantzita zaldi gainean noanean kabardiar askok baino kabardiar itxura handiagoa dudala. Eta, hain zuzen ere, gudu-jantzi prestu horri dagokionez, dandy peto-petoa naiz: galoi bat ere ez soberan; arma baliotsuak baina apainduretan xumeak; txanoaren ilea ez luzeegia, ez laburregia; artile lodizko galtzerdiak eta bortzegiak ahal bezain estu jantzita; longaina, zuria; txerkeska, arre iluna. Denbora luzea eman dut menditarrak nola zamalkatzen diren ikasten: kaukasoarren erara zaldiz ibiltzean erakusten dudan trebezia gorestea baino lausengu handiagorik ezin diote egin neure buruarenganako estimuari. Lau zaldi dauzkat: bat niretzat eta hiru lagunentzat, aspergarria baita mendietan gora eta behera bakarrik ibiltzea; haiek atsegin handiz hartzen dituzte nire zaldiak, baina sekula ez dira nirekin etortzen. Arratsaldeko seiak ziren gogoratu dudanean bazkaltzeko ordua zela; zaldia ahiturik zegoen; Piatigorsketik alemaniarren koloniara daraman bidera irten naiz. Balnearioko jendea sarritan joaten da hara en piquenique. Bidea, zuhaixken artean sigi-sagaka, sakan txiki batzuetara jaisten da, non errekasto burrunbatsuak isurtzen baitira belardi garaiaren babespean; inguruan, anfiteatro moduko bat osaturik, urdin ageri dira Beshtu, Zmeinaia, Jeleznaia eta Lisaia menditzarrak. Sakan horietako batera jaisten ari nintzela —bertoko hizkeran balka esaten diete sakonune horiei—, gelditu egin naiz zaldiari edaten emateko; eta orduan, zaldizko-talde zalapartatsu eta dirdiratsua azaldu da bidean: damek amazona beltz eta urdin argiak zituzten soinean; gizonezkoen janzkera, berriz, txerkesen eta Nijni Novgorodeko janzkeraren nahastea zen; aurrealdean Grushnitski zetorren Meri printzesatxoaren alboan.
Balnearioko damek oraindik ere uste dute txerkesek egun-argitan eraso egiten dutela; segur aski horregatik Grushnitskik sablea eta pistola pare bat zeramatzan soldadu-longainaren gainetik: nahiko barregarri zegoen heroien tankerako janzkera horrekin. Zuhaixka garai batek haien begien bistatik ezkutatzen ninduen, baina nik dena ikus nezakeen hostoen artetik, eta, aurpegierei erreparatuta, haien artekoa elkarrizketa sentimentala zela igarri diet. Azkenean, aldapara inguratu dira; Grushnitskik hedeetatik heldu dio printzesatxoaren zaldiari, eta orduan, haien arteko elkarrizketaren amaiera entzun dut:
— Eta zuk bizitza osorako geratu nahi duzu Kaukason? —zioen printzesatxoak.
— Zer da niretzat Errusia? —erantzun dio Grushnitskik—. Herrialde horretan, milaka pertsonak erdeinuz begiratuko didate, zergatik eta ni baino aberatsagoak direlako soilik; hemen, ordea, hemen longain zatar honek ez dit eragotzi zu ezagutzea...
— Alderantziz... —esan dio printzesatxoak, lotsagorrituta.
Grushnitskiren aurpegiak gogobetetasuna adierazten zuen. Honela jarraitu du:
— Hemen, nire bizitza zaratatsu, oharkabean eta arin igaroko da, basatien balen artean, eta jainkoak urtero bidaliko balit emakume baten begirada distiratsua, halako begirada bat...
Une horretan, nire parera iritsi dira; zaldia zigorraz jo eta zuhaixkaren atzetik irten naiz...
— Mon dieu, un Circassien!... —garrasika esan du printzesatxoak izuturik.
Erabat oker zegoela erakusteko, frantsesez erantzun diot buru-makurtu arina eginez:
— Ne craignez rien, madame: je ne suis pas plus dangereux que voltre cavalier.
Asaldatu egin da; baina zergatik?, bere hanka-sartzeagatik ala nire erantzuna ozarra iruditu zaiolako? Nahi nukeen bi aieru horietan azkena izatea zuzena. Grushnitskik begirada atsekabetua egotzi dit.
Arrats beranduan, hamaikak aldera, bulebarreko ezkien azpian paseatzera joan naiz. Hiria lo zegoen, leiho banaka batzuetan soilik ikusten zen argia. Hiru aldetatik, beltz antzematen ziren haitzen tontorrak, Mashuken mendi-saihetsak, zeinaren gailurrean hodeitxo ilun-beltza baitzegoen; ilargia agertzen ari zen ekialdetik; urrunean, mendi elurrez estaliek zerrenda zilarkarak bailiran distiratzen zuten. Aldizka, jagoleen oihuak entzuten ziren iturbegi beroen gurguriarekin nahasirik, gauean aske isurtzen baitira. Noizean behin, zaldiren batek apatxen hotsa zabaltzen zuen kalean, orgaren kirrinka eta tatariarren errepika malenkoniatsuak lagun zituela. Jarleku batean eseri eta pentsakor geratu naiz... Barnea husteko eta lagunarteko elkarrizketa batean neure gogoetak azaltzeko premia nabaritzen nuen... baina norekin?... «Zertan ari ote da orain Vera?», pentsatu dut... Edozer emango nukeen une horretan haren eskua estutzearren.
Bat-batean, urrats bizkor eta desberdinak entzun ditut... Segur aski, Grushnitski... Bai horixe, bera zen!
— Nondik hator?
— Ligovskaia printzesaren etxetik —esan dit oso handipuzturik—. Nola abesten duen Merik!
— Badakik zer? —esan diot—, apustu egingo nikek ez dakiela kadetea haizela; gradua kendu dioten ofizial bat haizelakoan zegok...
— Balitekek! Niri bost axola!... —esan dit jaramon handirik egin gabe.
— Tira, zerbait esate aldera esan diat...
— Eta hik badakik gaur ikaragarri haserrarazi duala? Neurriz kanpoko ozarkeria iruditu zaiok hire jokabidea. Egundoko ahaleginak egin behar izan ditiat sinetsarazteko hi horren heziketa onekoa haizela eta horren ondo ezagutzen duala goi-gizartea, non ezinezkoa litzatekeen bera iraintzeko asmoz jardun izana; berak esan dik hire begirada lotsagabea dela eta segur aski denik eta iritzirik onena duala heure buruaz.
— Ez zebilek oker... Eta hik ez duk bera defendatu nahi?
— Tamalez, oraindik ez diat horretarako eskubiderik...
«Hara! —pentsatu dut—, dirudienez, dagoeneko badik itxaropena...»
— Gainera, are okerragoa duk hiretzat —jarraitu du Grushnitskik—, orain oso zail izango duk haien ezaupidea egitea. Tamalgarria! Ezagutzen dudan etxerik atseginenetakoa duk...
Irribarre egin dut neure golkorako.
— Nik, orain, neurea diat etxerik atseginena —esan dut aharrausika, eta alde egiteko zutitu naiz.
— Baina esadak egia, ez zaik damutzen?...
— Ergelkeria handiagorik! Nahi izango banu, bihar arratsean bertan printzesaren etxean izango nindukek...
— Ikusiko diagu...
— Gainera, hiri atsegin ematearren, printzesatxoa gorteiatzen hasiko nauk...
— Bai, baldin eta hirekin hitz egiteko gogoa badu...
— Zain egongo nauk hire berriketarekin noiz aspertuko... Agur!...
— Ba, ni joan-etorri bat egitera noak hor zehar... orain ez nindukek inola ere lokartuko... Aizak, goazen jatetxera, jokoan ari dituk han... gaur sentipen gogorrak behar ditiat...
— Lumatuko ahal haute!...
Eta etxera joan naiz.
Maiatzak 21
Ia aste bat igaro da eta oraindik ez dut Ligovskaiatarren ezaupidea egin. Abagune egokiaren zain nago. Grushnitskik haren itzala balitz bezala jarraitzen dio printzesatxoari leku guztietara; haien solasaldiak amaigabeak dira: ez al du inoiz aspertuko?... Amak ez die arretarik jartzen, Grushnitski ez da-eta alabarekin ezkontzeko modukoa. Horra hor amen logika! Nik, ordea, bizpahiru begirada samur atzeman ditut jadanik; bada garaia honi amaiera emateko.
Atzo, Vera estreinako aldiz agertu zen putzu inguruan... Etxetik irten gabea zen haitzuloan elkarrekin topo egin genuenetik. Biok batera beheratu genituen edalontziak, eta, makurtuta zegoela, xuxurlaka esan zidan:
— Ez duk Ligovskaiatarren ezaupidea egin nahi! Eta haien etxean bakarrik ikus zezakeagu elkar...
Kargu hartu dit!... bai gogaikarria! Baina merezia dut...
Bidenabar: bihar abonatuentzako dantzaldia dago jatetxeko aretoan, eta mazurka dantzatuko dut printzesatxoarekin.
Maiatzak 22
Jatetxeko aretoa Nobleen Elkarteko areto bihurtu dute. Bederatzietarako hara bilduak ziren denak. Printzesa eta alaba azkenetarikoak azaldu dira; dama askok bekaizkeriaz eta gogo gaiztoz begiratu diote Meri printzesatxoari, oso gustu onarekin jantzita etorri baita. Beren burua bertoko aristokratatzat daukatenak, aldiz, bekaizkeria barnean gorde eta hurbildu egin zaizkio. Beharko! Emakume-multzo bat biltzen den tokian, behingoan sortzen da goi-mailako talde bat eta behe-mailako talde bat. Leiho baten azpian, jendartean, zutik zegoen Grushnitski, aurpegia kristalari itsatsita eta begiak bere jainkosarengandik aldendu gabe; honek, aldamenetik igaro delarik, doi-doi antzemateko moduko buru-makurtua egin dio. Grushnitski eguzkia baino distiratsuago jarri da... Dantzaldia polonesa batekin hasi da; gero, baltsea jotzeari ekin diote. Ezproiak tintinka hasi dira, lebiten barrenak goraka eta jira-biraka.
Burukoan arrosa-koloreko luma-sorta zeukan dama lodi baten atzean nengoen ni; haren soinekoaren zabaltasunak gogora ekarri dit krinolinen denbora; eta larruazal latzaren nabartasunak, berriz, tafetan beltzezko sasi-orezten garai zoriontsuak. Idunekoaren buruorratzak lepoko garitxarik handiena estaltzen zion. Hizketan ari zen bere galaiarekin, dragoi-kapitaina bera:
— Ligovskaia printzesatxo hori neska jasanezina da benetan! Pentsa, bultzatu egin nau eta ez dit barkamenik eskatu, are gehiago, jiratu eta inpertinenteekin begiratu dit... C'est impayable!... Zergatik da hain harroputza? Zentzagarri on baten beharra dauka...
— Horixe beharra daukala, guztiz bat nator zurekin! —erantzun dio adeitsuki kapitainak, eta alboko gela batera joan da.
Bertantxe printzesatxoarengana hurbildu eta baltsea dantzatzera gonbidatu dut, hemengo ohitura lasaien arabera zilegi baita dama ezezagunekin dantza egitea.
Ahalegin biziak egin behar izan ditu irribarreari eusteko eta bere garaipena ezkutatzeko; hala ere, berehalakoan lortu du oso itxura axolagabea eta latza hartzea. Eskua zabarkeriaz nire sorbaldan jarri, burua alde batera pittin bat okertu, eta mugitzen hasi gara. Ez dut gerri atsegingarriagorik ez zaluagorik ezagutzen! Haren arnasa freskoak aurpegia laztantzen zidan; batzuetan, kizkur bat, baltsearen zurrunbiloan bere kideengandik bereizita, leunki lerratzen zitzaidan masaila goritik... Hiru itzulbira egin ditut. (Berak harrigarri ondo egiten du baltsean). Arnasestuka zegoen, lausoturik zituen begiak eta, ezpainak hertsi-irekita, ozta-ozta xuxurlatu ahal izan dit «Merci, monsieur» derrigorrezkoa.
Minutu batzuk isilik egon ondoren, ahalik eta eiterik otzanena harturik, hala esan diot:
— Entzun dudanez, printzesatxoa, ezagutzen ez banauzu ere dagoeneko zure ezinikusia merezi izateko zoritxarra egokitu zait... nonbait, lotsagabea eta ozarra naizela uste duzu... baliteke hori egia izatea?
— Eta orain, uste hori sendotu nahi didazu? —erantzun dit imintzio ironikoa eginez, zeina, bestetik, oso ondo zetorren beraren fisonomia mudakorrarekin.
— Nola edo hala zu iraintzeko ausardia izan badut, zilegi izan bekit orain are ausardia handiagoa erakustea zure barkamena eskatzeko... Eta, zinez diotsut, biziki gustatuko litzaidake frogatzea niri dagokidanez oker zaudela...
— Zail samar izango duzu hori...
— Zergatik?
— Ez zarelako gure etxera agertzen, eta dantzaldi hauek, berriz, ez direlako sarri errepikatuko.
«Horrek esan nahi dik —pentsatu dut— beraren etxeko ateak betiko itxita daudela niretzat».
— Aizu, printzesatxoa —esan diot apur bat haserre—, inoiz ez da gaizkile damutuarenganako gaitzespenik agertu behar: etsipenak eraginda, baliteke krimen askoz ere larriagoak egitea... eta orduan...
Ingurukoen barre-algarek eta marmar-hotsak esaldia etenarazi eta jiratzera behartu naute. Nigandik pauso batzuetara gizonezko-talde bat zegoen, lehentxeago printzesatxoaren kontra asmo gaiztoak agertuak zituen dragoi-kapitaina haien artean; bazen zerbait oso pozten zuena: barre-algaraka ari zen, eskuak igurzten eta adiskideei imintzioka. Halako batean, frakez jantzitako gizon bibote-luze eta mutur-gorri bat taldetik bereizi da eta balantzaka baina erabakitasunez bideratu ditu urratsak printzesatxoarenganantz: mozkortuta zegoen. Gelditu da printzesatxo aztoratuaren aurrean eta, eskuak bizkar atzean ezkutatuta, begi gris uherrak berarengan finkatu eta ahots erlatsez bota dio:
— Permete... baina, zer gertatzen da?... mazurka dantzatzera gonbidatu nahi zaitut, besterik ez...
— Zer nahi duzu? —esan du printzesatxoak ahots dardaratiz, ingurura begiratu arrenkaria bidaltzen zuen bitartean. Ai!, ama urrun zegoen, eta aldamenean ez zeukan bere galai ezagunetako bat ere; edekan batek, itxuraz, dena ikusi du, baina jendartean ezkutatu da, istiluan ez nahasteko.
— Zer diozu? —esan du jaun mozkortuak, begi-keinua eginik dragoi-kapitainari, zeinak imintzioka adore ematen baitzion—, ez duzu nahi, akaso?... ba, ohore handiz, berriro ere gonbidatzen zaitut pour mazure... Zuk, beharbada, mozkortuta nagoela uste duzu? Berdin dio!... askoz hobe horrela, hitz ematen dizut...
Ikusten nuen printzesatxoa kordea galtzeko zorian zegoela beldurraren eta gaitziduraren eraginez.
Jaun mozkortuarengana hurbildu naiz, bortizki samar beso batetik oratu eta, begietara tinko so eginez, handik alde egiteko eskatu diot, zeren —gaineratu dut— printzesatxoak aspaldi agindua baitzidan mazurka dantzatuko zuela nirekin.
— Tira, ez dago zer eginik! Hurrengo batean izango da! —esan du, barrezka, eta han alde egin du bere lagunengana, eta hauek, lotsaturik, beste gela batera eraman dute segituan.
Begirada liluragarri eta sakon batez saritua izan naiz.
Printzesatxoa amarengana hurbildu da eta dena kontatu dio; honek jendartean bilatu eta eskerrak eman dizkit. Azaldu dit nire ama ezagutu zuela eta nire izebetako dozena erdi baten adiskidea zela.
— Ez dut ulertzen nolatan ez dugun orain arte elkar ezagutu —gaineratu du—, baina onartuko didazu zeu izan zarela errudun bakarra: ihes egiten diozu mundu guztiari, inoiz ez dut horren zapuzkeria handiko inor ikusi. Espero dut nire egoitzako aireak zure mukerkeria uxatuko duela... Ez al da egia?
Horrelako egokieretarako denok prest izan behar ditugun esaldi horietako batez erantzun diot.
Kontradantzak ikaragarri luzatu dira.
Azkenean, orkestra mazurka jotzen hasi da; printzesatxoa eta biok eseri egin gara.
Behin ere ez diot aipatu ez jaun mozkortua, ez lehenagoko neure portaera, ez Grushnitski. Apurka-apurka arinduz joan zaio eszena gogaikarriak eragindako ondoeza; edertu egin zaio aurpegitxoa; txantxetan aritu da oso modu atseginean; barrea eragiteko asmorik gabe ere, haren solasa zorrotza zen, bizia eta etorri handikoa; batzuetan, iruzkin sakonak egiten zituen... Oso esaldi nahasi baten bidez, aditzera eman diot aspalditik gustatzen zaidala. Burutxoa makurtu eta apur bat gorritu da.
— Gizon bitxia zara! —esan dit gero, begi beluskarak niganantz jasorik eta era bortxatuan irribarre eginez.
— Ez nuen zure ezaupidea egin nahi —jarraitu dut—, inguruan miresle-samalda joriegia duzulako, eta beldurrez nengoen ez ote nintzen haien erdian guztiz oharkabeko izango.
— Ez zenuen zertan beldur izanik! Horiek guztiak zeharo aspergarriak dira...
— Guztiak! Guzti-guztiak?, benetan?
Bekoz beko begiratu dit, zerbait gogoratzeko ahaleginak eginez bezala; gero, apur bat lotsagorritu da ostera ere eta, azkenik, etsi-etsian esan du: guztiak!
— Baita Grushnitski nire laguna ere?
— Zure laguna al da? —esan dit, nolabaiteko zalantza erakutsiz.
— Bai.
— Bera, jakina, ez da aspergarrien sailean sartzen...
— Bai, ordea, zoritxarrekoen sailean —esan diot barrez.
— Bai horixe! Eta zuri barregura ematen dizu? Gustatuko litzaidake zu haren tokian ikustea...
— Hara! Ni ere kadetea izan nintzen garai batean eta, egia esateko, nire bizitzako sasoirik onena izan zen!
— Bera kadetea da ala? —esan du azkar; eta ondoren, erantsi du—: Eta nik uste nuen...
— Zer uste zenuen?
— Berdin dio!... Nor da dama hori?
Une horretan, elkarrizketak hizpidea aldatu du eta ez da berriro lehengo gai horretara itzuli.
Amaitu da mazurka eta diosal egin diogu elkarri, ikusi arte. Damak erretiratu egin dira... Ni afaltzera joan naiz, eta Werner aurkitu dut.
— Alajaina! —esan dit—. Horra zertan ari zaren! Eta halabeharreko heriotzatik salbaturik izan ezean, ez zenuen printzesatxoaren ezaupidea egin nahi.
— Zerbait hobea egin dut —erantzun diot—, dantzaldiaren erdian kordea galtzetik salbatu dut.
— Nola gertatu da? Esadazu!
— Ez, asma ezazu, zuk mundu honetan dena asmatzen duzu eta!
Maiatzak 23
Arratseko zazpiak aldera bulebarrean paseatzen nenbilen. Grushnitski, urrunetik ikusi bainau, nigana hurbildu da: begien dirdirak halako gogo-berotasun barregarria erakusten zuen. Eskua indarrez estutu eta ahots tragikoz esan dit:
— Eskerrik asko, Petxorin... Ulertzen didak?
— Ez; baina, dena dela, ez dik eskerrik merezi —erantzun diot, nik dakidanez behintzat ez baitiot inolako mesederik egin.
— Nola? Eta atzokoa? Ahaztu al zaik?... Merik dena kontatu zidak...
— Hara! Dagoeneko dena partekatzen duzue?, baita esker ona ere?
— Entzun —esan dit Grushnitskik oso arrandiro—, mesedez, nire laguna izaten jarraitu nahi baduk, ez trufarik egin nire maitasunaren kontura... Begira: txoratzeko punturaino maite diat... eta uste diat berak ere maite nauela, edo hori espero diat behintzat... Mesede bat eskatu nahi diat: gaur gauean haien etxean izango haiz; hitz emadak guztiari erreparatuko dioala: bazekiat hi gizon saiatua haizela kontu horietan, nik baino hobeto ezagutzen dituk emakumeak... Emakumeak, emakumeak! Nork ulertu? Irribarreek gauza bat adierazten ditek eta begiradek kontrakoa, hitzek prometatu eta dei egiten ditek, baina ahotsaren doinuak aldentzeko esaten dik... Batzuetan, igarri eta ulertu egiten zizkigutek pentsamendurik ezkutukoenak; beste batzuetan, aldiz, ez zekitek keinurik argienak konprenitzen... Horra hor, esaterako, printzesatxoa: atzo, begiak nigan finkatzen zituenean, irritsaren suak pizten zizkioan; gaur, ordea, bizitasunik gabe eta hotz begiratzen zidak...
— Balitekek hori uraren eragina izatea —erantzun diot.
— Alderdi gaiztoa ikusten duk hik gauza guztietan... materialista! —gaineratu du destainaz—. Baina alda dezagun materiaz —Eta, hitz-joko txar horrek alaituta, aldarte oneko jarri da.
Bederatzietan printzesaren etxera joan gara biok elkarrekin.
Veraren etxe albotik igarotzean, leihoan ikusi dut. Itzalgaizka begiratu diogu elkarri. Gu baino apur bat geroago sartu da Ligovskaiatarren egoitzan. Printzesak ahaide gisa aurkeztu dit. Tea edan dugu; gonbidatu asko zegoen; elkarrizketa orokorra zen. Printzesarentzat atsegina izateko ahaleginak egin ditut, txantxetan aritu naiz, eta barrealdi ederrak eragin dizkiot hainbat bider; printzesatxoari ere barre-algaraka hasteko gogoa piztu zaio behin baino gehiagotan, baina eutsi egin dio, bere buruari ezarritako jokamoldea ez haustearren: uste du eroritasunak ondo ematen diola, eta, agian, ez dago oker. Grushnitski, itxuraz, oso pozik zegoen Meri ez zelako nire alaitasunaz kutsatzen.
Tearen ondoren, areto nagusira joan gara.
— Askietsirik geratu haiz nire menpekotasunarekin, Vera? —esan diot aldamenetik igarotzean.
Maitasunez eta esker onez betetako begirada bidali dit. Orain, ohituta nago begirada horietara, baina garai batean haiexek ziren nire zorionik handiena. Printzesak pianoaren aurrean eserarazi du alaba; zerbait kantatzeko eskatu diote denek. Ni isilik egon naiz eta, zalaparta aprobetxatuz, leiho aldera urrundu naiz Verarekin, biontzat garrantzi handikoa zen zerbait esan nahi zidan eta... Zozokeria hutsa izan da...
Bitartean, egotzi didan begiratu haserre eta dirdiratsu batetik igarri ahal izan diodanez, printzesatxoa suminduta zegoen nirekin erakusten nion arduraren urriagatik... Oh, ederki asko ulertzen dut solas mota hori, hitzik gabea baina adierazgarria, laburra baina errimea!
Kantatzen hasi da: nahiko ahots polita dauka, baina txarto kantatzen du... Gainera, ez nion arretarik jartzen. Ordea Grushnitskik, pianoaren beste aldean ukondoetan bermaturik, begiak Merirengan josita, uneoro errepikatzen zuen ahotsa goratu gabe: «Charmant! délicieux!»
— Entzun —esan dit Verak—, ez diat nahi nire senarraren ezaupidea egin dezaan, baina printzesaren gogoko izan behar duk derrigorrez; eginkizun erraza duk hiretzat, nahi duan guztia lortzeko gauza haiz eta. Hemen bakarrik ikusiko diagu elkar...
— Bakarrik?
Verak lotsagorritu eta hizketan jarraitu du:
— Hik badakik hire esklaboa naizela; sekula ez diat hiri gogor egiten jakin... eta zigortua izango nauk horregatik: ni maitatzeari utziko diok! Gutxienez, neure izen ona gorde nahi diat... ez nigatik: oso ondo dakik hori!... O, arren eskatzen diat: ez jarraitu ni oinazetzen betiko susmo funsgabeekin eta itxurazko hoztasun horrekin: beharbada, laster hilko nauk, egunean-egunean baino ahulago nagoela sumatzen diat... eta, guztiarekin ere, ezin diat geroko bizitzaz pentsatu, hitaz bakarrik pentsatzen diat... Zuek, gizonezkook, ez dakizue zein atsegina izan daitekeen begirada bat edo esku-estutze bat... baina nik, zin degiat, nik horren zorion sakon eta berezia sentitzen diat hire ahotsa entzuten dudan bakoitzean, non musurik sutsuenek ere ezin baitute ordeztu.
Bitarte horretan, Meri printzesatxoak bere kantu-saioa amaitu du. Laudoriozko zurrumurrua zabaldu da haren inguruan; ni azkena inguratu natzaio eta, zabarkeria handi samarrez, zerbait esan diot bere ahotsari buruz.
Berak imintzio bat egin du beheko ezpaina aurreratuz, eta oso kilimusi isekaria eskaini dit.
— Lausengutzat hartu behar dut hori —esan dit—, batez ere kontuan izanik ez didazula jaramonik egin; ez zaizu musika gustatzen?
— Alderantziz... batez ere bazkalostean.
— Arrazoi du Grushnitskik zure gustuak guztiz prosaikoak direla dioenean... ikusten dudanez, gastronomiaren aldetik gustatzen zaizu musika...
— Oker zaude berriro ere: ez naiz inola ere gastronomoa, urdail ezin kaskarragoa daukat. Baina bazkalostean musikak logaletu egiten nau, eta oso osasungarria da bazkaldu eta gero lo-kuluxka bat egitea: horrenbestez, medikuntzaren aldetik gustatzen zait musika. Arratsean, ordea, airean jartzen dizkit nerbioak: edo tristeegi edo alaiegi egoten naiz. Bai bata eta bai bestea, gogaikarria da triste edo pozik egoteko benetako arrazoirik ez badago, eta gainera, goi-gizartean, tristura barregarria izaten da eta alaitasun handiegia ez dago ondo ikusita...
Nigandik aldendu da azkeneraino entzun gabe, Grushnitskiren alboan eseri, eta elkarrizketa sentimental horietako bat hasi da bien artean. Iruditu zaidanez, printzesatxoak nahikoa axolagabeki eta berotasun handirik gabe erantzuten zien bestearen esaldi ponpoxoei, baina arretaz entzuten ziolako itxurak egiten saiatzen zen, zeren noizetik noizera Grushnitskik harriduraz begiratzen baitzion, aldian behin begirada urdurian islatzen zitzaion barneko kitzikapenaren zergatia igartzen ahaleginduz...
Baina igarri egin dizut, printzesatxo maitea, eta tentuz ibili! Begia begi truk, moneta berean ordaindu nahi didazu, neure buruarenganako estimua zauritu; baina ez duzu lortuko!, eta gerra deklaratzen badidazu, gupidagabea izango naiz.
Arrats osoan zehar zenbait bidet saiatu naiz haien elkarrizketan sartzen, baina Merik lehor samar hartu ditu nire iruzkin guztiak, eta azkenean amore eman dut haserre-itxura eginez. Printzesatxoa garaile sentitu da, eta Grushnitski ere bai. Ospa ezazue garaipena, adiskideak, ez denborarik galdu, zuen ospakizunak ez dira-eta luzerako izango!... Zer egin? Badut halako susmo bat... Emakume bat ezagutzen dudanean, hutsik egin gabe asmatzen dut beti maitatuko nauen ala ez...
Veraren aldamenean eman dut arratsaren gainerakoa, eta asetzeraino hitz egin diot iraganari buruz... Egia esan, ez dakit zergatik maite nauen horren sutsuki! Batez ere, kontuan izanik bera izan dela, nire ahuleziarik txikienekin eta grinarik itsusienekin, bete-betean ulertu nauen emakume bakarra... Horren erakargarria al da gaizkia?
Grushnitskirekin batera irten gara; kalean, besotik oratu eta, isilune luze baten ondoren, hala esan dit:
— Eta, zer?
«Leloa haiz», horixe erantzutekotan egon naiz, baina, neure burua menperaturik, sorbaldak goratu besterik ez dut egin.
Maiatzak 29
Azken egunotan behin ere ez naiz hartutako bidetik saihestu. Printzesatxoa nire hizketara zaletzen hasi da; neure bizitzako pasadizorik bitxienetako batzuk kontatu dizkiot, eta gizon berezia ikusten hasi da nigan. Barre egiten dut munduan den guztiaren kontura, bereziki sentimenduen kontura: beldurtzen hasi da jarrera hori dela eta. Nire aurrean dagoenean, ez da ausartzen Grushnitskirekin solasaldi sentimentaletan aritzen, eta behin baino gehiagotan trufazko irribarrez erantzun die haren ateraldiei, baina, hala ere, Grushnitski hurbiltzen zaion bakoitzean, etsipen-plantak eginez aldendu eta bakarrik uzten ditut; aurreneko aldian, poztu egin zuen horrek, edo pozten zuelako itxurak egin zituen behintzat; bigarrenean, nirekin haserretu zen; hirugarrenean, berriz, Grushnitskirekin.
— Oso estimu gutxi erakusten duzu zeure buruaren aldera! —esan zidan atzo—. Zerk pentsarazten dizu gusturago nagoela Grushnitskirekin?
Erantzun nion neure atsegina sakrifikatzen nuela adiskidea zoriontsua izan zedin...
— Baita nire atsegina ere —gaineratu zuen.
Finko so egin eta begitarte iluna jarri nuen. Gero, egun osoan ez nuen berarekin hitz bat bera ere trukatu... Pentsakor eman zuen arratsaldea, eta gaur goizean are pentsakorrago zegoen putzuan. Grushnitski berriketan ari zen, paisaia goresten itxuraz, eta hurbildu naizenean Meri adigabe entzuten ari zen haren solasa, baina ni ikusi bezain laster barre-algaraka hasi da (oso garaiz kanpo), nire presentziaz ohartu ez delako itxurak eginez. Apur bat urrundu naiz eta printzesatxoa itzalgaizka zelatatzeari ekin diot: solaskideari bizkarra eman eta aharrausi egin du birritan. Argi dago Grushnitskik aspertu egiten duela jadanik. Beste bi egunean ez naiz berarekin mintzatuko.
Ekainak 3
Sarritan galdetzen diot neure buruari zergatik ahalegintzen naizen, horren hisituki, xarmatu nahi ez dudan eta emaztetzat inoiz hartuko ez dudan neska gazte bat neureganatzen. Zer dela-eta emakume-irtirinkeria hori? Meri printzesatxoak sekula erakutsiko didana baino maitasun handiagoa erakusten dit Verak; ezin lortuzko emakume eder iritziko banio, eginkizunaren zailak liluratu egingo ninduke agian...
Baina ez da hori, inondik ere ez! Ez da gaztaroko aurreneko urteetan bihotza oinazetzen digun maitasun-premia urduri hori. Maitasun-mota horrek emakume batetik bestera eramaten gaitu, harik eta ezin jasan gaitzakeen bat aurkitzen dugun arte: orduantxe sortzen dira gure egonarria eta benetako irrits azkengabea, zeina, matematikaren metodoen arabera, puntu batean hasi eta infinituraino luzatzen den lerro baten antzera irudika baikenezake. Azkengabetasun horren sekretua bat besterik ez da: helburura, amaierara alegia, iristeko ezintasuna.
Halatan, zerk bultzatzen nau horrela tematzera? Grushnitskirenganako bekaizkeriak? Gizajoa!, ez du inondik ere horrelakorik merezi! Edo, beharbada, horren eragilea sentimendu gaizto baina ezin menperatuzko bat da, lagun hurkoaren amets gozoak suntsitzera eramaten gaituena, zertarako eta gero, etsipenak jota zer sinetsi behar dien galdetzera datorkigunean, hala erantzuteko plazer doilorra dastatu ahal izateko: «Adiskidea, niri ere gauza bera gertatu zaidak eta, ikusten duanez, guztiarekin ere, lasai asko bazkaldu, afaldu eta lo egiten diat, eta espero diat aienerik eta malkorik gabe hiltzen jakingo dudala!»
Ah, baina zein gozamen paregabea den arima gazte zabaldu berri batez jabetze hori! Usainik gozoena eguzkiaren lehen errainuaren bila barreiatzen duen lorearen antzekoa da; une horretantxe moztu beharra dago, eta, ase arte usaindu ondoren, bide-bazterrera bota: agian, norbaitek jasoko du! Aurrean aurkitzen duen guztia irensten duen gose aseezin hori sentitzen dut neure barnean. Ni ukitzen nauten neurrian soilik izaten ditut kontuan besteen sufrimenduak eta pozak, nire arimako indarrak mantentzen dituen janaria bailiran. Neure aldetik, ez naiz gauza grinek eraginda erokeriak egiteko; bizitzaren gora-beherek handinahia ito didate, baina beste itxura bat hartuta azaleratu da, zeren handinahia botere-egarria besterik ez da, eta nire plazerrik behinena inguruan dudan guztia azpiratzea eta neure nahimenera makurraraztea da; niganako amodioa, leialtasuna eta beldurra piztea ez al da boterearen aurreneko aztarna eta garaipenik handiena? Horretarako inolako eskubide benetakorik izan gabe ere, besterentzat sufrimendu eta poz iturria izatea ez al da norberaren harrotasuna elikatzen dien jakirik gozoena? Eta zer da zoriontasuna? Harrotasun asebetea. Neure aburuz munduko gizonik onena eta ahaltsuena izango banintz, zoriontsua izango nintzateke; denek maitatuko banindute, maitasun-iturburu agortezinak aurkituko nituzke neure baitan. Baina gaizkiak gaizkia dakar; aurreneko sufrimenduak besteri sufriaraztea zein atsegingarria izan daitekeen iradokitzen digu; gaizkiaren ideia ezin sar daiteke gizabanakoaren buruan gaizkia egiteko gogoa piztu barik. Norbaitek esan zuenez, ideiak sorkari organikoak dira: jaiotzeak forma ematen die, eta forma hori ekintza da; buruan zenbat eta ideia gehiago sortu, orduan eta eginahal biziagoz ekiten dio gizakiak jardunari; horregatik, jeinuak hil edo zoratu egiten dira burokraziaren bulegoetako mahaietara lotzen badituzte, nola eta gorpuzkera sendoko gizabanakoa apoplexiak jota hiltzen den oin geldiko bizieraren edo portaera neurrizkoaren eraginez.
Grinak, garapenaren hastapenetan dauden ideiak besterik ez dira; bihotzaren gaztaroari dagozkio, eta ergela da bizitza osoan kilikatuko dutela uste duena: ibai bare asko ur-jauzi zalapartatsuetan jaiotzen dira, baina batek ere ez du burrunbatsu eta apartsu irauten itsasoraino. Hala ere, sarri askotan, baretasun hori indar izugarri baina ezkutuko baten seinalea izan ohi da; sentimenduen oparoak eta sakonak ez du neurriz gaindiko suhar aldirik onartzen: arimak, hala sufritzean nola gozatzean, guztiaren kontu zorrotza ematen dio bere buruari, baina sinetsarazi ere horrela behar duela; badaki ekaitzik izan ezean eguzkiaren bero sapa atergabeak idortu egingo lukeela; biziduna denez gero, bere burua saritu eta zigortu egiten du, ume kuttun bat balitz bezala. Bere buruaren ezagutzan goragorik gabeko maila horretara iritsita soilik epai dezake gizakiak jainkoaren zuzentasuna.
Orri hau berriro irakurtzean, ohartu naiz oso urrundu naizela neure gaitik... baina, bost axola horrek!... Izan ere, neuretzat idazten ari naiz egunkari hau, eta, beraz, orri hauetara husten dudan guztia denboraren poderioz balio handiko oroitzapena izango da niretzat.
* * *
Grushnitski etorri da eta sutsuki besarkatu nau: ofizial izendatu dute. Xanpaina edan dugu. Apur bat geroago Werner doktorea azaldu da.
— Nik ez dizut zorionik ematen —esan dio Grushnitskiri.
— Zergatik?
— Soldadu-longainak oso ondo ematen dizulako, eta onartu beharko didazu ezen hemen balnearioan josiko dizuten infanteriako armadaren uniformeak ez dizula ezer interesgarririk erantsiko... Begira, orain arte berezia izan zara hemen, baina aurrerantzean gainerako guztien moldean sartuko zara.
— Hitz egin, hitz egin, doktorea! Ez duzu nire poza ilunduko. Honek ez zekik —esan dit Grushnitskik belarrira— norainoko itxaropena ematen didaten txarratel hauek... O, txarratelak, txarratelak! Zuen izartxoak iparra erakusten duten izartxoak dira... Ez! Orain guztiz zoriontsua naiz.
— Etorriko haiz gurekin paseatzera trokara? —galdetu diot.
— Ni? Inondik ere ez nauk printzesatxoaren aurrera agertuko uniformea prest ez dagoen bitartean.
— Nahi baduk, hire pozaren berri jakinaraziko zioat.
— Ez, mesedez, ez esan ezer... ustekabea eman nahi zioat...
— Esadak, hala ere, zertan diren zuen harremanak.
Asaldatu, eta pentsakor geratu da: harro antzean agertu nahiko zukeen, baina ahalkegarri zeritzon gezurretan aritzeari eta, aldi berean, lotsa ematen zion egia aitortzeak.
— Zer uste duk? Maite hau?
— Maite? Mesedez, Petxorin, nolako gauzak bururatzen zaizkian!... Litekeena al da horren goiz?... Gainera, behar bezalako emakumea duk, eta maite izango banindu ere ez lidakek ezer esango...
— Ederki! Eta, segur aski, hire ustez, behar bezalako gizon batek ere isilean gorde behar ditik bere grinak.
— Ah, adiskidea! Gauza bakoitzak bere taxua dik: asko ez dituk esaten, baina igarri egiten dituk...
— Egia... Baina begietan irakurtzen diogun maitasun horrek ez dik ezertara behartzen emakumea, baina hitzek, aldiz... Tentuz ibili, Grushnitski, faltsukeriatan ari duk hirekin...
— Bera? —erantzun dit, begiak zerura jasota eta buruaskitasunez irribarre eginez—. Pena ematen didak, Petxorin! joan egin da.
Arratsean, gizalde handia abiatu da oinez trokara.
Bertoko jakintsuen iritziz, troka hori krater itzali bat da; Mashuken maldan dago, herritik versta batera. Bide-zidor mehar batek darama haraino zuhamuxka eta haitz artetik. Mendian gora gindoazela, besoa eskaini diot printzesatxoari, eta harrezkeroztik ez dit askatu ibilaldi osoan.
Maiseatzearekin ekin diogu elkarrizketari: neurria hartu diet gure ezagun guztiei, hemen direnei zein ez direnei. Aurrena haien ezaugarri barregarriak eta hurrena alderdi itsusiak ipini ditut agerian. Barren txarra jarri zait. Txantxetan hasi naiz, baina amorru hutsak hartuta amaitu dut. Hasieran, barre egin du printzesatxoak, baina gero, izutu egin da.
— Gizon arriskutsua zara! —esan dit—. Aukeran nahiago nuke basoan hiltzailearen aiztoari aurre egin, zure mihiaren mintzagai izan baino... Zinez eskatzen dizut: egunen batean nitaz gaizki esaka aritzea bururatzen bazaizu, hobe aiztoa hartu eta lepoa mozten badidazu. Uste dut ez litzakeela oso zaila izango zuretzat.
— Hiltzailea ematen dut ala?
— Hori baino okerragoa zara...
Pentsakor geratu naiz lipar batez, eta gero, biziki hunkituta nengoelako itxurak eginez, hala esan diot:
— Bai, horixe izan da nire patua txiki-txikitatik! Izaera gaiztoaren zantzuak ikusten zizkidaten denek aurpegian. Gaiztotasunaren ezaugarririk batere ez neukan, baina, denek egozten zizkidatenez, agertu egin ziren azkenean. Tolesgabea nintzen, baina maltzurtzat jotzen ninduten: barnekoi bihurtu nintzen. Oso minbera nintzen hala ongiaren nola gaizkiaren aldera; inork ez zidan oniritzirik agertzen, iraindu bai denek: aihertsu bilakatu nintzen; gogoiluna nintzen, gainerako umeak, aldiz, alaiak eta berritsuak; haien gainetik nekusan neure burua, eta haien azpira apaltzen ninduten. Bekaizti bihurtu nintzen. Jende guztia maitatzeko prest nengoen, baina ez ninduen inork ulertu, eta gorrotatzen ikasi nuen. Neure buruarekin eta munduarekin borrokan joan zen nire gaztaro ilauna; iseken beldur, bihotzaren sakonean gordetzen nituen neure sentimendurik onenak: hortxe hil ziren. Egia esaten nuen eta ez zidaten sinesten: engainatzeari ekin nion. Mundua eta gizarteari eragiten dioten indarrak ondo ezagutu nituenean, bizitzaren zientzian trebatu nintzen, eta ikusi nuen besteak zoriontsuak zirela zientzia hori menperatu gabe ere, eta doarik gozatzen zirela nik horren neke handiz eskuratzen ahalegintzen nintzen onura haietaz. Eta orduan, etsipenak hartu zidan gogoa, baina ez zen pistolaren kanoiaz sendatzen den etsipen-mota hori, ezpada gizalegearen eta irribarre onberaren mozorropean ezkutaturik gordetzen den etsipen hotz eta indargea. Moraltasunean elbarri geratu nintzen: arimaren erdiak ez zuen bizirik iraun, idortuta, lurrinduta, hilik geratu zen, moztu eta bota egin nuen; beste erdia, aldiz, bizi-bizirik zegoen, eta edonori zerbitzatzeko prest, baina inor ez zen horretaz ohartu, inork ez baitzekien hildako arima-erdia izan bazenik ere; baina zuk haren oroitzapena piztu didazu orain, eta nik beraren epitafioa irakurri dizut. Askori, oro har, barregarriak iruditzen zaizkio epitafioak, baina ez niri, batez ere haien azpian zer datzan gogoratzen dudanean. Bestetik, ez dizut eskatzen nire iritziarekin bat etortzeko: esandakoari barregarri baderitzozu, mesedez, egizu barre. Gaztigatzen dizut horrek ez nindukeela inola ere nahigabetuko.
Une horretan, topo egin dut haren begiekin: malkoz lausoturik zeuden; eskua, nire besoan tinkaturik, dardarka ari zitzaion; sutan zituen masailak; nitaz errukituta zegoen! Gupidak, emakumezkoez hain erraz jabetzen den sentimendu horrek, sartuak zizkion atzaparrak bihotz eskarmentu gabean. Ibilaldiak iraun duen denbora guztian axolagabe azaldu da, inori jaramonik egin gabe, eta hori oso seinale ona zen!
Trokara heldu gara; damak bidelagunengandik bereizi dira, baina printzesatxoak ez du nire besoa askatu. Ez die barrerik egin hemengo dandyen ateraldiei; zutik geratu da amildegiaren ertzean; gainerako andereñoak garrasika ari ziren begiak itxita, baina berak ez du beldurrik erakutsi.
Itzultzean, ez diot ostera ekin gure elkarrizketa tristeari, baina laburrean eta bestela bezala erantzun die nire galdera eta txantxa funsgabeei.
— Maiteminduta egon zara inoiz? —galdetu diot azkenean.
Bekoz beko begiratu dit, buruari eragin eta gogoetetan murgildu da berriro: argi zegoen zerbait esan nahi zidala baina ez zekiela nondik hasi; dardarka zeukan bularra... Zer egin? Muselinazko mahuka babes ahula da, eta txinpart elektriko bat igaro da nire besotik haren eskura; horrelaxe hasten dira grina-aldi gehienak, eta sarri askotan erabat okertzen gara emakume batek gure tasun fisiko edo moralengatik maite gaituela uste badugu; jakina, tasun horiek haren bihotza prestatu eta su sakratua hartzera bultzatzen dute, baina, hala ere, aurreneko ukituak erabakitzen du auzia.
— Ez duzu uste gaur oso atsegina izan naizela? —esan dit printzesatxoak, irribarre behartu batekin, txangotik itzuli garenean.
Elkarrengandik bereizi gara.
Ez dago pozik bere buruarekin; damu du horren hotz jokatu izanaz... O, hara hemen estreinako garaipena, garrantzitsuena! Bihar, ni saritzeko gogoa izango du. Buruz dakit hori guztia, horregatik da hain aspergarria!
Ekainak 4
Gaur, Vera ikusi dut. Oinazetu egin nau bere jeloskortasunaz. Dirudienez, bihotzeko sekretuen berri jakinaraztea bururatu zaio printzesatxoari: arraioa, aukera ederra egin du!
— Susmatzen diat norantz jo duen honek guztiak —esan dit Verak—, hobe duk oraintxe bertan argi eta garbi esatea maite duala.
— Eta ez badut maite?
— Orduan, zertan ari haiz haren atzetik, zergatik zirikatzen duk, zer dela-eta ernarazten diok irudimena?... O, ondo ezagutzen haut! Entzun: sinestea nahi baduk, hator aste bete barru Kislovodskera; gu etzi joango gaituk hara. Printzesa hemen geratuko duk puska batean oraindik. Etxe bat alokatu guretik hurbil; gu, iturri inguruan dagoen etxe handi batean biziko gaituk, ganbaran; Ligovskaia printzesak beheko etxebizitza hartuko dik, baina handik hurbil baduk beste etxe bat; jabe berberarena duk eta oraindik ez zegok alokatuta... Etorriko haiz?
Hitz eman diot, eta gaur bertan morroi bat bidali dut etxe bon alokatzera.
Arratsaldeko seietan Grushnitski etorri da, eta jakinarazi dit bihar prest edukiko duela uniformea, dantzaldirako hain zuzen ere.
— Azkenean, berarekin dantzan emango diat beila oso bat... Patxada ederrean hitz egingo zioat! —gaineratu du.
— Noiz izango da dantzaldia?
— Ba, bihar! Ez duk jakin ala? Jai handi bat, bertoko agintariek antolatu ditek...
— Goazen bulebarrera...
— Ezta pentsatu ere, longain nazkagarri honekin ez...
— Zer, begitan hartu duk ala?
Bakarrik irten naiz. Meri printzesatxoarekin egin dut topo eta nirekin mazurka bat dantzatzeko eskatu diot. Harritu eta pozik jarri dela iruditu zait.
— Uste nuen halabeharrez soilik egiten zenuela dantzan, aurreko aldian bezala —esan dit, oso irribarre xeratsua osatuz...
Dirudienez, ez du inondik inora Grushnitskiren falta nabaritzen.
— Ustekabe atsegina izango duzu bihar —esan diot.
— Zer?
— Sekretua da... zerorrek igarriko duzu dantzaldian.
Printzesaren etxean amaitu dut arratsa; bi gonbidatu besterik ez zegoen: Vera eta agure zahartxo bat, oso barregarria. Umore oneko nengoen, istorio harrigarri batzuk asmatu ditut hitzetik hortzera; aurrean eserita neukan printzesatxoa, eta horren arreta zorrotza, sakona eta, areago, samurra jartzen zien nire zozokeriei, ezen lotsatu ere egin bainaiz. Non ezkutatu du bere bizitasuna, bere irtirinkeria, bere nahikeriak, bere imintzio ozarra, destainazko irribarrea, begirada axolagabea?...
Vera horretaz guztiaz ohartu da: sakoneko tristura ageri zuen gaixo-aurpegian. Ilunpetan eserita zegoen leiho alboan, besaulki zabal batean hondoratuta... Pena eman dit...
Orduan, gure harremanen, gure amodioaren historia dramatiko osoa kontatzeari ekin diot; alegiazko izenak baliatuz, jakina.
Horren bizitasun handiz irudikatu ditut neure kezkak, neure samurtasuna, neure beroaldiak; hain sutsuki goraipatu ditut haren egintzak, haren izaera, non derrigorrez barkatu behar izan baitit printzesatxoarekiko lakrikunkeria.
Zutik jarri eta gure aldamenean eseri da, suspertuta... eta gaueko ordu biak arte ez zaigu gogoratu sendagileek hamaiketan oheratzea gomendatzen dutela.
Ekainak 5
Dantzaldia hasi baino ordu erdi lehenago Grushnitski etorri zait etxera, infanteriako armadaren uniforme berria jantzita. Brontzezko katea txiki bat zeukan hirugarren botoiari lotuta, eta bertan dingilizka inpertinenteak; txarratel ikaragarri handiak gorantz jasota ageri ziren, Kupidoren hegalñoen antzera; botek karraska egiten zuten; ezkerreko eskuan kapela eta ahuña-larruzko eskuzorro gaztainkara ilunak zituen, eta eskuinekoaz etengabe harrotzen zituen kopeta gaineko ile-multzo kirimilatuko kizkur meheak. Handiustea eta, aldi berean, nolabaiteko segurtasunik eza antzematen zitzaizkion aurpegian; haren eite hotsandikoak eta ibilera harroak barre-karkara ederrak eragingo zizkidaten hori nire asmoekin bat etorri izan balitz.
Kapela eta eskularruak mahai gainera jaurtiki, eta uniformearen barrenak egokitzen eta bere burua txukuntzen hasi da ispiluaren aurrean. Jakaren idunekoa hain zen luzea, ezen goiko ertzak kokospeari eusten baitzion; zapi beltz handia zeraman lepo inguruan biribilkaturik, lau hazbete agerian utzita idunekoaren ertzaren gainetik; gutxi iritzirik, gehiago atera eta belarrietaraino jaso du. Lan neketsu horren ondorioz —uniformearen idunekoa oso estua eta zurruna baitzen—, aurpegia odolgorritu zain.
— Diotenez, egunotan jo eta ke jardun duk nire printzesatxoa gorteiatzen! —esan dit, zabarkeria handi samarrez eta begiratu gabe.
— Eztia ez ditek guretzat astoontzat asmatu! —erantzun diot, Pushkinek poesi lan batean pintatutako behialako parranda zalerik iaioenetako baten esaerarik gogokoena errepikatuz.
— Esadak, ondo ematen dit uniformeak?... Ah, judu madarikatua!... estu zeukaat galtzarbeetan!... Badaukak hortik lurringairen bat?
— Mesedez, zer gehiago behar duk? Arrosa-ukenduaren itzelezko usaina barreiatzen duk dagoeneko...
— Berdin ziok! Ekar ezak hona...
Flaskoaren erdia isuri du gorbatara, sudur-zapira eta mahuketara.
— Dantza egingo duk? —galdetu dit.
— Ez diat uste.
— Susmatzen diat niri egokituko zaidala printzesatxoarekin mazurka dantzatzen hastea, eta urrats batzuk besterik ez ditiat menperatzen.
— Mazurka hirekin dantzatzeko eskatu diok?
— Oraindik ez...
— Kontuz ibili gero, bestela aurrea hartuko diate...
— Arrazoi duk! —esan du, bekokian zartako bat emanez—. Agur, banoak... sarreran itxarongo zioat —Kapela hartu eta korrika alde egin du.
Ordu erdi geroago abiatu naiz ni. Kalea ilun eta hutsik zegoen; jendea estu-estu bildua zen Elkartearen edo jatetxearen inguruan —nahi duzuen bezala deitu—; leihoak argitan zeuden; gaueko haize leunak erregimentuko banda jotzen ari zen musikaren doinua ekartzen zidan. Astiro nenbilen, gogoa ilun... Ba ote liteke, pentsatzen nuen neure artean, besteen ametsak zapuztea izatea mundu honetan dudan helburu bakarra? Bizi naizenetik, neure egintzen erantzule naizenetik, gainerakoen drametan nola edo hala esku hartzera bultzatu nau beti patuak, besteek ni gabe hiltzerik edo etsipenean erortzerik ez balute bezala! Antzezlanaren bosgarren ekitaldiko pertsonaia ezinbestekoa izan naiz beti; nahi gabe ere, borreroaren zein traidorearen rol itsusia jokatzea egokitu zait. Zein helburu iritsi nahi izan du patuak horrekin? Tragedia kaxkarrak eta famili eleberriak idazteko eginkizuna xedatu al dit?, ala errelato-hornitzailearen laguntzaile izateko aukeratu nau, esaterako, Irakurgaien biblioteka aldizkarirako?... Batek daki!... Gizaki askok Karlomagno edo lord Byron bezala amaituko dutela amesten dute bizitzaren hasieran eta, hala ere, ohorezko kontseilari izatera besterik ez dira iristen bizialdi osoan.
Aretoan sartutakoan, gizon-talde baten erdian ezkutatu eta ingurua zelatatzeari ekin diot. Grushnitski printzesatxoaren alboan zegoen eta zerbait esaten ari zitzaion oso gogoberoturik; arretarik jarri gabe entzuten zion honek, alde batera eta bestera so eginez, haizemailea ezpainei kontra estuturik; aurpegiak ezinegona adierazten zuen, begiek norbait bilatzen zuten inguruan; zaratarik atera gabe hurbildu natzaie atzetik, haien elkarrizketa entzuteko.
— Oinazetu egiten nauzu, printzesatxoa! —zioen Grushnitskik—, ikaragarri aldatu zara ikusi zintudan azkenengo alditik...
— Zu ere aldatu egin zara —erantzun dio, begiratu azkar bat egotziz. Grushnitski ez da gai izan begirakune horretan gorderik zegoen ironiaz jabetzeko.
— Ni? Aldatu naiz?... O, inola ere ez! Badakizu hori ezinezkoa dela! Behin ikusi zaituenak betiko eramango du berekin zure irudi zoragarria.
— Ez jarraitu, mesedez...
— Zergatik orain ez diozu belarri eman nahi aspaldi ez dela, eta hain sarritan, bihotz onez entzuten zenuen horri?
— Errepikatzeak ez zaizkidalako gustatzen —erantzun dio, barrez...
— Ai, hau oker mingotsa nirea! Uste nuen, burugabe halakoa, txarratel hauek itxaropena izateko eskubidea emango zidatela gutxienez... Inondik ere, hobe nukeen betiko geratu izan banintz soldadu-longain ziztrin horrekin. Agian, berari zor diot zure arreta nireganatu izana...
— Izan ere, longainak askoz hobeto ematen zizun...
Une horretan, hurbildu eta buru-makurtua egin diot printzesatxoari; apur bat lotsagorritu, eta segituan galdetu dit:
— Ez al da egia, monsieur Petxorin, longain grisak askoz hobeto ematen ziola monsieur Grushnitskik?
— Ez nago ados zurekin —erantzun diot—, uniformearekin gazteagoa dirudi.
Grushnitskik ezin izan du kolpe hori eraman: gaztetxo guztiek bezala, zaharra eman nahi du; bere aurpegian grinen arrasto sakonek urteen aztarnak ordezten dituztelakoan dago. Amorruz betetako begirada luzatu dit, ostikada bat eman lurrari, eta kanpora joan da.
— Aitor ezazu egia —esan diot printzesatxoari—, nahiz eta oso barregarria izan den beti, orain dela gutxira arte interesgarria iruditzen zitzaizun... longain gris eta guzti...
Begiak apaldu, eta ez dit ezer erantzun.
Zela dantzan, zela vis-à-vis, Grushnitskik beila-aldi osoa eman du printzesatxoari erasoka; begiekin jaten zuen, hasperenka jarraitzen zion atzetik, erreguekin eta kargu hartzeekin nekarazten zuen. Hirugarren kontradantzara iristerako, gorrotoa hartua zion printzesatxoak.
— Ez nian horrelakorik espero higandik —esan dit Grushnitskik, nigana hurbilduta eta besotik oratu ondoren.
— Zer?
— Mazurka dantzatuko duk berarekin? —galdetu dit ahots-doinu latzez—. Berak aitortu zidak...
— Tira, eta zer? Isilpekoa al zen?
— Argi zegok... Horrelako zerbait espero behar nian neskato batengandik... irtirin batengandik... Baina mendeku hartuko diat!
— Kontuak eskatu heure longainari edo heure txarratelei, baina zergatik leporatu errua printzesatxoari? Dagoeneko ez hau atsegin, berak al du errua?
— Ba, orduan, zergatik piztu du nigan itxaropena?
— Eta hi zergatik egon haiz horren ustean? Ulergarria iruditzen zaidak zerbait nahi izan eta hura lortzen saiatzea, baina nori bururatzen zaio lortuko duelako itxaropenik izatea?
— Irabazi duk lehia, baina ez guztiz —esan dit, amorruz irribarre eginez.
Hasi da mazurka. Grushnitskik printzesatxoa beste emakumezkorik ez zuen aukeratzen, eta gainerako gizonek ere behin eta berriro hautatzen zuten bera; nabaria zen nire kontrako konplota antolatua zutela; are hobeto: Merik nirekin hitz egiteko gogoa du, eragotzi egiten diote, askoz ere gogo biziagoa piztuko zaio, beraz.
Eskua estutu diot birritan; bigarren aldian, hitzik esan gabe askatu du.
— Txarto lo egingo dut gaur gauean —esan dit mazurka amaitu denean.
— Grushnitski da horren erruduna.
— O, ez! —Eta hain pentsakor, hain goibel geratu zaio aurpegia, neure buruari zin egin baitiot arrats horretan bertan muin egin behar niola eskuan.
Sakabanatzen hasi da jendea. Zaldi-kotxera igotzen laguntzen ari nintzaiola, Meriren eskutxoa hartu eta ezpainak itsatsi dizkiot une labur batez. Ilun zegoen, eta inork ez du hori ikusterik izan.
Neure buruarekin oso pozik itzuli naiz aretora.
Jende gaztea mahai handi baten inguruan bilduta afaltzen ari zen, eta haien artean Grushnitski zegoen. Sartu naizenean, isilik geratu dira denak: argi zegoen nitaz ari zirela. Aurreko dantzalditik, bekozkoa jartzen didate haietako askok, batez ere dragoi-kapitainak, eta orain, dirudienez, Grushnitski gidari dutela, talde bat antolatzen ari dira nire kontra jotzeko. Hain ageri da harroputz eta mihiluze...
Poz-pozik nago; maite ditut etsaiak, baina ez kristauek maite dituzten bezala. Jostarazi egiten naute, odola berotzen didate. Adi eta zurt egon beti, begirada guztiak harrapatu eta hitz bakoitzaren zentzua antzeman, asmoak igarri, konplotak hankaz goratu, ziria sartu dizutelako itxurak egin eta, tupustean, zartako batez eraitsi horren neke handiz jasotako jukutrien eta egitasmo maltzurren eraikin erraldoia: horra zeri deritzodan nik bizitzea.
Harrezkeroztik, Grushnitskik dragoi-kapitainarekin marmarrean eta keinuka jardun du afari osoa.
Ekainak 6
Gaur goizean, Vera Kislovodskera joan da senarrarekin. Haien kotxearekin topo egin dut Ligovskaia printzesaren etxera nindoala. Buruaz agurtu nau: begiradak gaitzespena adierazten zuen.
Nor da erruduna? Zergatik ez dit bakarrean ikusteko aukerarik eman nahi? Maitasuna sua bezalakoa da: erregairik bota ezean, itzali egiten da. Beharbada, jeloskortasunak egingo du nire eskariek lortu ez dutena.
Ordu bete eman dut Ligovskaia printzesaren etxean. Meri ez da azaldu: gaixorik dago. Arratsean ez da bulebarrean izan. Nire kontra antolatu berri den taldeak, inpertinentez armatuta, itxura larderiatsua hartu du. Pozten nau printzesatxoa gaixorik egoteak: hauek edozein lotsagabekeria egiteko gauza lirateke. Grushnitski txima-jario dabil, etsipenak jota dagoenaren itxuraz. Zinez minduta dagoela dirudi, bere buruarenganako estimuan du zauririk larriena; baina zenbait gizabanakorengan etsipenak berak ere barregarri ematen du!
Etxera bidean, zerbait falta zitzaidala sumatu dut. Ez dut ikusi! Gaixorik dago! Benetan maiteminduta al nago?... Hori burugabekeria!
Ekainak 7
Goizeko hamaiketan —Ligovskaia printzesa Ermolovskiko bainu-lekuan izerditzen egon o, den orduan alegia— haren etxe ondotik igaro naiz. Printzesatxoa pentsakor eserita zegoen leiho alboan; ni ikusi, eta jauzi batez zutitu da.
Ezkaratzera igo naiz; morroirik batere ez zen ageri eta, iragarrita ez banengoen ere, hemengo ohituren lasaitasunaz baliaturik, aretoraino jo dut.
Zurbiltasun hits batek biltzen zuen printzesatxoaren aurpegi atsegina. Zutik zegoen pianoaren alboan, esku batez besaulkiaren bizkarraldean bermatuta: leunki dardarka ari zitzaion esku hori. Isilean hurbildu, eta galdetu diot:
— Haserre zaude nirekin?
Begiak niganantz jasorik, begiratu makal eta sakona bota eta buruari eragin dio; ezpainek hitzen bat ebaki nahi izan dute, baina ezin; malkoz bete zaizkio begiak; gorputza besaulkian erortzen utzi eta eskuekin estali du aurpegia.
— Zer duzu? —esan diot, eskutik heldu ondoren.
— Ez didazu inolako begirunerik erakusten!... O! Emadazu bakea!
Urrats batzuk egin ditut... Besaulkian agondu da, ñirñirka hasi zaizkio begiak...
Jadanik eskua atearen heldulekuan nuela, gelditu eta hala esan diot:
— Barka iezadazu, printzesatxoa! Bururik gabe jokatu dut... ez da berriro gertatuko: neurriak hartuko ditut... Zer dela-eta jakin behar duzu orain arte nire ariman gertatu denaren berri? Ez duzu inoiz jakingo, eta hobe horrela zuretzat. Agur.
Irtetean, negarrez ari zela entzun uste izan dut.
Iluntzera arte, galdu-gordean ibili naiz Mashuken ingurumarietan; ikaragarri nekatu naiz eta etxera itzulitakoan zeharo leher eginda erori naiz ohean.
Werner etorri da.
— Egia da —galdetu dit— Ligovskaia printzesatxoarekin ezkontzekoa zarela?
— Zer diozu?
— Hiri guztiaren ahotan dabil; nire gaixoek beste konturik ez darabilte, eta ale ederrak dira gaixo horiek: guztiaren berri dakite!
«Grushnitskiren azpilana duk hau!», pentsatu dut.
— Doktorea, esamesa horiek guztiak gezur hutsa direla frogatzeko, sekretu bat jakinaraziko dizut: bihar Kislovodskera joango naiz...
— Eta printzesa ere bai?
— Ez, oraindik beste aste bat geratuko da hemen...
— Beraz, ez zara ezkonduko?
— Doktorea, doktorea! Errepara iezadazu: ezkongaiaren edo horren antzeko zerbaiten tankerarik hartzen didazu?
— Ez dut horrelakorik esan... Baina, dakizunez, badira abagune batzuk... —gaineratu du maltzurki irribarre eginez— zeinetan gizon prestuak ezkontzera behartuta ikusten baitu bere burua, eta badira besterik ez bada ere abagune horiei aurrea hartzen ez dieten amatxoak... Hori horrela, eta adiskide gisa, kontuz jokatzeko aholku ematen dizut. Balnearioko airea oso arriskutsua da: ikusia dut nola makina bat gazte jator, zorte hobea merezi bazuen ere, zuzen-zuzenean joan den hemendik elizara... Areago oraindik: nerau ere ezkondu nahi izan ninduten, sinetsidazu! Hain zuzen ere, alaba oso zurbil zeukan probintzietako amatxo bat izan zen. Zoritxarreko orduan esan nion ezkonduz gero aurpegiaren kolorea itzuliko zitzaiola; amak, esker oneko malkoak zerizkiola, alabaren eskua eta bere ondasun guztiak eskaini zizkidan: berrogeita hamar arima, oker ez banago. Nik erantzun nion ez nuela horretarako balio...
Alde egin du, erabat sinetsita arriskuaren jakitun ipini nauela.
Haren hitzetatik atera dut askotariko zurrumurru gaiztoak zabaldu direla hirian printzesatxoaren eta bion gainean: larrutik ordainduko dit Grushnitskik!
Ekainak 10
Hiru egun dira Kislovodsken naizela. Egunero ikusten dut Vera putzuan eta ibiltegian. Goizean, esnatutakoan, leiho alboan eseri eta haren balkoira zuzentzen ditut inpertinenteak; goiz-goizetik jantzita egon ohi da, hitzartutako seinalearen zain; gure etxeetatik putzura jaisten den lorategian elkartzen gara, halabeharraren zoriaz bezala. Mendiko aire bizkorgarriak indarrak eta aurpegiko kolorea itzuli dizkio. Hain zuzen ere, osasunaren eta indarraren iturburu deitzen diote Narzango iturriari, eta ez daude oker. Bertoko biztanleek diotenez, Kislovodskeko aireak maitasunera bultzatzen du; hemen burutzen dira Mashuken oinean noizbait sortutako amodio guztiak. Eta, izan ere, hemen, bildutasuna arnasten da bazter guztietan; hemen, dena da misteriozkoa: sabai hostotsuko ezki-ibiltokiak, mendi berdetsuen artean bidea urratuz, burrunbari eta apartsu, lauzaz lauza jauzika jaisten den errekaren gainera makurtuak; mendiarte isil, gandutsuak, zeinen saihetsak, bertatik abiatuta, alderdi guztietara zabaltzen baitira; hegoaldeko belaze garaien eta askazi zurien lurrinaz jantzitako aire usaintsuaren freskotasuna; baserreka hotzen xuxurla etengabea, gozoa, urrumakaria; baita baserrekak berak ere, haranaren amaieran bat eginik lehia adiskidetsuan isuri eta, azkenean, Podkumok ibaira oldartzen baitira. Mendiartea zabalagoa da alde honetan, eta ibartxo berde bat osatzen du, zeinean barrena sigi-saga doan bide hautseztatu bat. So egiten diodan bakoitzean, beti iruditzen zait zaldi-kotxe bat doala hortik, eta aurpegitxo zurigorri bat ageri dela leihatilan. Dagoeneko kotxe asko etorri da bide horretatik, baina nik espero dudana ez. Gotorlekuaren aldiriak jendez hornitu dira jada; nire etxetik urrats batzuetara, jatetxea dago muino baten tontorrean, eta arratsean, ñirñirka hasten dira argiak lertxun-ilara bikoitzaz bestaldean; berbaroa eta edalontzien hotsa entzuten da gau berandura arte.
Inon ez da hemen bezainbeste Kakhetiako ardo eta ur mineral edaten.
Askok du gogoko bi langintza horiek nahastea,
ba, ni ez nauzue horietakoa.
Egunero, Grushnitski eta beraren lagun-taldea bazterrak nahasten aritzen dira tabernan, eta ozta-ozta agurtzen naute.
Atzo bertan iritsi zen hona, eta dagoeneko hiru agurerekin etsaitu da, zergatik eta berak baino lehenago hartu nahi izan dutelako bainua. Argi dago: zoritxarrek gogo liskartia kitzikatzen diote.
Ekainak 11
Azkenean, heldu dira. Leiho alboan eserita nengoen kotxe baten zarata entzun dudanean: zirgit egin dit bihotzak... Zer gertatzen zait? Maiteminduta al nago?... Hain sortu naute ergel, horrelakoak espero baitaitezke nigandik.
Haien etxean bazkaldu dut. Printzesak oso samurki begiratzen dit eta ez da alabarengandik aldentzen... bai txarto! Ordea, Vera jeloskor agertzen zait printzesatxoa dela eta: ederra benetan nire egoera! Zer ez lukeen egingo emakume batek aurkariari atsekabe ematearren! Gogoan dut bat nitaz maitemindu zela zergatik eta nik beste bat maite nuelako. Emakumezkoen adimena baino paradoxikoagorik ez dago: zaila da emakume bati ezer sartzea buruan, berak bere kabuz etsitzeko moduan jokatu behar da; oso bitxia da beren aurreiritziak ezabatzeko erabiltzen dituzten argudioen antolamendua; haien dialektika menperatuko baduzu, zeure buruan gain-azpi ipini behar dituzu eskolan ikasitako logika-arau guztiak. Hona hemen, adibide gisa, ohiko arrazoibidea:
Gizon honek maite nau; baina ni ezkonduta nago: beraz, ez dut maitatu behar.
Emakumezkoen arrazoibidea:
Ez dut maitatu behar, ezkonduta nago eta; baina berak maite nau, beraz... Eta hemen, hiru puntu, zeren, hona iritsitakoan, adimena isiltzen da, eta aurrerantzean mihiak eta begiek hitz egiten dute batik bat, eta haien ondoren, bihotzak, horrelakorik bada.
Zer gertatuko litzateke lerro hauek emakume baten begipean eroriko balira egunen batean? «Irainak!» esango luke oihuka, gaitzituta.
Poetek idatzi eta emakumezkoek irakurtzen dituztenetik (eskerrik beroenak eman behar dizkiegu horregatik), hainbestetan deitu diete aingeru, non, emakumeek, horren xaloak izaki, konplimendu hori sinetsi baitute, ahaztuta poetek diru-truke deitzen ziotela erdi jainko Neroni.
Berez, ez da gisakoa ni horren gaiztotasun handiz mintzatzea emakumeei buruz, haiek izan ezik munduan ez baitut beste ezer maitatu, haiengatik lasaitasuna, goranahia eta bizia bera ere sakrifikatzeko prest egon bainaiz beti... Begirada trebatu batek soilik zeharka dezakeen belo lilurazko hori aldetik kentzen saiatzen banaiz, ez da haserreak odolberotuta nagoelako edo neure buruarenganako estimua minduta dudalako. Ez, haietaz diodan guztiak honako hau du sorburu:
Adimenaren azterketa hotzak
eta bihotzaren bizipen garratzak.
Emakumeek, desiratu egin beharko lukete gizon guztiek nik bezain ondo ezagutzea: izan ere, ehun aldiz gehiago maite ditut haienganako beldurra galdu eta haien ahulezia txikiak ulertzen ditudanetik.
Bidenabar: Wernerrek, duela gutxi, Tassok bere Jerusalem Askatua-n deskribatu zuen oihan sorginduarekin alderatu ditu emakumeak: «Jainkoak gorde zaitzala, han sartu bezain laster hainbat gauza ikaragarri jausiko zaizu-eta bazter guztietatik: eginbeharra, harrokeria, moduzkotasuna, jendearen juzkua, iseka, erdeinua... Aurrera jo besterik gabe, ez begiratu inguruetara: apurka-apurka munstroak desagertu, eta soilune lasai eta argitsua zabalduko da zure aurrean, eta haren erdian mitre berde bat ikusiko duzu loretan. Baina zoritxarrekoa zu, aurreneko urratsetan bihotza ikaratu eta atzera itzultzen bazara!»
Ekainak 12
Gaurko arratsa gertakariz josita etorri da. Kislovodsketik hiru bat verstara, Podkumok ibaia isurtzen den arroan, Koltso izeneko haitza dago. Naturak berez eratutako atari moduko bat da; mendi-kasko garai baten erpinean dago eta, ilunabarrean, eguzkiak hortik zehar egozten du lurrera azken begirada suzkoa. Zaldizko mordo bat inguratu gara hara, eguzki-sartzea ikusteko harrizko leihatila horretatik. Egia esan, gutariko inork ez zuen eguzkian pentsatzen. Printzesatxoaren aldamenean nindoan; etxera itzuleran, alderik alde igaro behar izan dugu Podkumok. Mendiko errekak —txikiak izanda ere— arriskutsuak dira, batez ere hondoa kaleidoskopio baten antzekoa delako erabat: uraren indarrak egunetik egunera aldatzen du; atzo harria zegoen tokian, sakonunea dago gaur. Ibira iristean, bridatik oratu diot printzesatxoaren zaldiari eta errekan barrena gidatu dut. Ura ez zitzaion belaunburuak baino gorago heltzen. Poliki mugitzen hasi gara, trabeska, ur-lasterraren kontrako norabidean. Gauza jakina da erreka biziak zeharkatzean ez dela uretara begiratu behar, behingoan burua zorabiatzeko arriskua dago eta. Ba, ahaztu egin zitzaidan Meri printzesatxoa jakinaren gainean jartzea.
Errekaren erdian geunden, ur bizkorrenetan, Merik bat-batean zabu egin duenean zelaren gainean. «Ondoezik nago!», jaregin du ahots ahulez... Agudo makurtu naiz berarenganantz eta besoa ipini diot gerri zaluaren inguruan. «Begira ezazu gora! —xuxurlatu diot—. Ez da ezer gertatzen, ez izan beldur; alboan nauzu».
Hobeto sentitu da; nire besotik askatu nahi izan du, baina are indar handiagoz estutu diot gorputz samur, lerdena; nire masailak ia ukitu du berarena; sua zerion.
— Zertan ari zara?... Ene jainkoa!...
Ez diet jaramonik egin beraren ikaraldiari eta nahasmenduari, eta nire ezpainek azaletik laztandu diote masailtxo leuna; zirgit egin du, baina ez du ezer esan; atzealdean gindoazen: ez gaitu inork ikusi. Ibai-ertzera heldu garenean, trostan abiatu gara denok. Printzesatxoak urratsa motelarazi dio zaldiari; berarengandik hurbil geratu naiz; nabaria zen nire isiltasunak kezkatuta zeukala, baina, hala ere, jakin-minak eraginda, zin egin dut ez niola hitzik esango. Ikusi nahi nuen nola ateratzen zen egoera labain hartatik.
— Edo mesprezatzen nauzu, edo biziki maite nauzu! —esan du azkenean, negarrak dardarazitako ahotsez—. Beharbada, barre egin nahi duzu nire lepotik, arima kitzikatu, eta gero bazterrera utzi... Hain doilorra, hain zitala litzateke hori, non susmatze hutsa ere... O, ez! Ez al da egia —gaineratu du doinuan fidantza lañoa erakutsiz—, ez al da egia nire jokabidean ez dagoela ezer niganako errespetua galtzera bultzatzen duenik? Zure portaera lotsagabea... barkatu egin behar dizut, bai, barkatu, onartu egin dudalako... Erantzun, esan zerbait, zure ahotsa entzun nahi dut! —Irribarre egin dut, azken hitzetan hain baitzen nabarmena emakumezkoek berezko duten erretasun hori; zorionez, iluntzen hasia zen... Ez diot ezer erantzun.
— Isilik geratzen zara? —jarraitu du—. Zer nahi duzu?, ni izatea maite zaitudala esaten lehena?
Ni, isilik...
— Hori nahi duzu? —jarraitu du, brastakoan niganantz jiraturik... Haren begiradaren eta ahotsaren erabakitasunean bazen zerbait izugarria...
— Zertarako? —erantzun diot, sorbaldei gora eraginez.
Zaldia zigorraz jo eta ziztu bizian abiatu da bide-zidor arriskutsuan aurrera; hain azkar gertatu da, non ozta-ozta iritsi ahal izan bainaiz haren parera, eta ordurako gainerako taldekideekin elkarturik zegoen. Etxera heldu arte, hizketan eta barrez aritu da etengabe. Halako bizitasun sutsu bat antzematen zitzaion mugimenduetan; behin ere ez dit begiratu. Denak ohartu dira ezohiko alaitasun horretaz. Printzesa pozarren zegoen bere artean, alabari begira; eta alabari kirioak azalegi zituela besterik ez zitzaion gertatzen: gauean ez du begirik bilduko eta negar egingo du. Ideia horrek berebiziko plazera eman dit: badira une batzuk banpiroak ulertzen ditudanekoak... Eta, guztiarekin ere, mutil ona naizelako fama dut, eta ospe horri eusten ahalegintzen naiz!
Zaldietatik jaitsita, damak printzesaren etxera igo dira; ni urduri nengoen eta lauoinka jo dut mendira, buruan metaturik nituen gogoetak egurasteko asmoz. Arratsak, ihintzak bustirik baitzegoen, hozkirri hordigarria zekarren. Ilargia agertzen ari zen tontor ilunen atzetik. Zaldi ferratu gabearen urrats bakoitzak sor durunditzen zuen mendiarteko isiltasunean; edaten eman diot ur-jauzi batean, gutiziaz arnastu dut bi aldiz hegoaldeko gauaren aire freskoa eta etxeko bidea hartu dut ostera ere. Aldirietatik nindoan. Argiak itzaltzen hasiak ziren leihoetan; gotorlekuaren harresiko jagoleek eta inguruetako zaintza-piketeetako kosakoek deiadar luzeak trukatzen zituzten elkarrekin...
Berebiziko argitasuna antzeman dut aldirietako etxeetako batean, amildegiaren ertzean eraikia; noizetik noizera, algarak eta oihu itxuragabeak entzuten ziren, militar batzuk parrandan zebiltzalako seinale. Zalditik jaitsi, eta itzalgaizka hurbildu naiz leihora; leiho-tapa hertsi-irekita zegoen, eta parrandariak ikusteko eta haien ahotsak entzuteko aukera eman dit horrek. Nitaz ari ziren.
Dragoi-kapitainak, ardoak odolberoturik, ukabilaz jo du mahaia arreta eskatzeko.
— Jaunak! —esan du—. Sekula ez da horrelakorik ikusi. Zentzagarri on bat eman behar diogu Petxorini. Petersburgeko babalore horiek harropuzkeria itzela erakusten dute sudurreko bat ematen ez zaien bitartean! Uste du bera dela goi-gizarteko jendearekin harremanetan ibili ohi den bakarra, zergatik eta eskularru garbi-garbiak eta bota distiratsuak janzten dituelako beti.
— Eta nolako irribarre harroa darabilen! Baina, itxurak gora-behera, ni ziur nago koldar hutsa dela, bai, koldar hutsa!
— Ni ere horretan nago —esan du Grushnitskik—. Gogoko du dena txantxetan hartzea. Behinola, horren gauza gordinak esan nizkion, non beste batek txiki-txiki egingo bainindukeen hantxe bertan, baina Petxorinek barregarri iritzi zion. Nik, noski, ez nion desafiorik bota, hori berari zegokion eta; gainera, ez nuen istilutan sartu nahi...
— Grushnitski sutan dago printzesatxoa kendu diolako —esan du norbaitek.
— Burugabekeria handiagorik! Ni, egia esan, printzesatxoaren atzetik ibili nintzen bolada batean, baina, ezkontzeko asmorik batere ez dudanez, segituan utzi nion gorteiatzeari. Andereñoei izen ona kentzea ez dator bat nire portaera-arauekin.
— Ba, benetan diotsuet, denik eta koldarrik koldarrena da, Petxorin alegia, ez Grushnitski; o, Grushnitski gizon suharra da eta, horrez gain, nire benetako adiskidea! —hitza hartu du berriro dragoi-kapitainak—. Jaunak! Hemengo inork ez du haren alde egingo? Inork ere ez? Ondo baino hobeto! Probatu nahi duzue haren ausardia? Oso jostagarria litzateke...
— Bai, nahi dugu; baina nola?
— Hara, entzun: Grushnitski biziki haserretuta dago berarekin, hortaz, berak jokatuko du rol nagusia! Edozein huskeria aitzakiatzat harturik, duelurako desafioa joko dio Petxorini... Itxaron, oraintxe dator txantxaren mamia... Duelurako desafioa joko dio: ederto! Hori guztia —desafioa, prestamenak, baldintzak— ahal bezain hotsandikoa eta izugarria izango da, neu arduratuko naiz horretaz; neu izango nauzu laguntzaile dueluan, nire adiskide dohakabe horrek! Ondo! Baina hona zein den trikimailuaren gakoa: ez dugu balarik sartuko pistoletan. Elkarrengandik sei pausora jarriko ditut biak eta, deabruak naramala okertzen banaiz, ziur nago Petxorin behingoan kikilduko dela! Ados zaudete, jaunak?
— Oso ondo asmatuta dago! Ados gaude! Zergatik ez? —entzun da alde guztietatik.
— Eta zu, Grushnitski?
Ezinegonik geratu naiz Grushnitskiren erantzunaren zain. Amorru hotz batek hartu dit barrena konturatu naizenean halabehar hutsaren zoriaz izan ez balitz, ergel haiek barregarri utziko ninduketela. Grushnitskik ezetz esan balu, gogotik besarkatuko nukeen. Baina, isilune labur baten ondoren, bere lekutik altxatu, kapitainari eskua luzatu, eta oso handikiro esan du: «Ondo da, ados nago».
Zail litzateke azaltzen nolako garra jabetu zen tropel horretaz.
Etxera itzuli naiz, bi sentimendu desberdinek astinduta. Lehena, tristura zen. «Zergatik gorrotatzen naute denek? —pentsatzen nuen—. Zer dela eta? Iraindu al dut inor? Ez. Itxurarekin bakarrik gaizkinahia pizten duten horietakoa al naiz?» Eta sumatzen nuen nola, arian-arian, amorru pozoitsu batek gainez egiten zidan ariman. «Tentuz ibili, Grushnitski jauna! —esan dut neure golkorako, gelan aurrera eta atzera nenbilela—. Horrelako txantxarik ez nirekin. Baliteke garesti ordaintzea zure adiskide kirten horien asmoak onetsi izana. Ni ez naiz zure jostailua!...»
Ez dut lorik egin gau osoan. Limoia baino horiago jaiki naiz.
Goizean, printzesatxoarekin topo egin dut putzuan.
— Gaixorik zaude? —galdetu dit, ikusminez begiratzen zidala.
— Bart ez nuen lorik egin.
— Nik ere ez... hainbat okerkeria leporatu dizkizut... agian bidegabeki. Baina azalpenak ematen badizkidazu, dena barkatuko dizut...
— Den-dena?
— Den-dena... baina egia esan behar didazu... eta lehenbailehen... Begira, luzaz aritu naiz pentsatzen, zure portaera ulertzen eta zuritzen ahalegindu naiz; beharbada, beldur zara oztopoak aurkituko ote dituzun nire senitartekoen aldetik... ez kezkatu; jakiten dutenean... (dardara egin dio ahotsak) nik limurtuko ditut. Edo, agian, zure egoera... baina jakizu ni gauza naizela dena sakrifikatzeko maite dudan gizonagatik... O, erantzun lehenbailehen, erruki zaitez... Ez nauzu arbuiatzen, ez al da egia?
Eskua hartu dit.
Printzesa gure aurretik zihoan Veraren senarrarekin, eta ez gintuen ikusten; baina bazitekeen ikustea inguruan paseoan zebiltzan gaixoek, begiluze guztietan begiluzerik kontakatiluenek alegia, eta agudo askatu dut eskua haren tinkaldi sutsutik.
— Egia osoa esango dizut —erantzun diot printzesatxoari—, ez dut neure burua zurituko, ez neure egintzen zergatia azalduko; ez zaitut maite.
Apurtxo bat zurbildu zaizkio ezpainak...
— Urrun zaitez nigandik —esan du doi-doi aditzeko moduan.
Sorbaldak goratu, jiratu, eta alde egin dut.
Ekainak 14
Batzuetan, neure burua mesprezatzen dut... agian horregatik mesprezatzen ditut besteak ere?... Galdua dut zintzotasunez jokatzeko gaitasuna; beldur naiz ez ote diodan neronek neure buruari barregarri iritziko. Nire tokian egonez gero, beste edonork son coeur et sa fortune eskainiko zizkiokeen printzesatxoari; baina ezkondu hitzak halako botere magiko bat du niretzat: emakume bat oso sutsuki maite badut ere, berarekin ezkondu behar dudala sentiarazten didan bezain laster, akabo maitasuna!, nire bihotza harri bihurtzen da, eta ez dago ezer berriz berotuko duenik. Edozein sakrifizio egiteko prest nago, hori izan ezik; hogei aldiz jokatuko nuke karta bakarrera neure bizia, baita ohorea ere... baina askatasuna ez dut salduko. Zergatik diot horren atxikimendu handia? Zer ematen dit?... Nolako asmoak ditut? Zer espero dut etorkizunetik?... Egia esan, deus ere ez. Berezko izu antzeko bat da, ezin azalduzko susmo bat... jende askok, zergatik jakin gabe ere, beldurra die armiarmei, labezomorroei eta saguei... Aitortuko al dut azkenik?... Artean umegorria nintzela, atso zahar batek nire patua iragarri zion amari, esan zion emazte gaizto batek ekarriko zidala heriotza; garai hartan, lur jota utzi ninduen iragarpen horrek; ezkontzeari buruzko ezinikusia jaio zen nire ariman... Nolanahi ere, zerbaitek esaten dit atsoaren iragarpena bete egingo dela; gutxienez, ahalik eta beranduen gauza dadin ahaleginduko naiz.
Ekainak 15
Atzo, Apfelbaum prestidigitadorea iritsi zen. Jatetxeko atean iragarki luze bat azaldu da, zeinean ikusle agurgarriei jakinarazten zaien delako prestidigitadore, akrobata, kimikari eta optikari harrigarri horrek bere emankizun miresgarria eskaintzeko ohorea izango duela gaur, arratseko zortzietan, Nobleen Elkarteko aretoan (hau da, jatetxean); sarreraren prezioa: bi errublo eta erdi.
Prestidigitadore harrigarria ikustera joateko asmoa dute denek; Ligovskaia printzesak berak ere, alaba gaixorik duen arren, sarrera bat erosi du.
Gaur, bazkalostean, Veraren leiho albotik igaro naiz; balkoian eserita zegoen, bakarrik; ohar bat erori da nire oinetara:
«Gaur, gaueko hamarretan, hator nire etxebizitzara eskailera nagusitik; senarra Piatigorskera joan duk eta bihar goizera arte ez duk itzuliko. Morroiak eta neskameak ez dituk etxean izango: sarrerak eman zizkieat guztiei, baita printzesaren zerbitzariei ere. Hire zain nagok; hator, ez hutsik egin».
«Hara! —pentsatu dut—. Azkenean, egin egin diat neurea!»
Zortzietan, prestidigitadorea ikustera joan naiz. Ikusleek bederatziak aldera bete dute aretoa; eta hasi da ikuskizuna. Veraren eta printzesaren lekaioak eta neskameak begiztatu ditut atzeko aulki-errenkadetan. Den-denak ziren han, batere salbuespenik gabe. Grushnitski aurreneko ilaran eserita zegoen, inpertinenteak aldean zituela. Prestidigitadorea berarenganantz zuzentzen zen sudur-zapia, erlojua, eraztuna eta horrelako gauzak behar zituen bakoitzean.
Bada denboraldi bat Grushnitskik agurtzen ez nauela, eta gaur birritan begiratu dit ozar samar. Hori guztia gogoraziko diot gure kontuak garbitzeko tenorea iristen denean.
Hamarrak jo baino lehentxeago, zutitu eta joan egin naiz.
Ilun zegoen kanpoan eta ez zen tutik ikusten. Hodei astun eta hotzek estaltzen zituzten inguruko mendien gailurrak; tarteka soilik, haize ahul baten xuxurla entzuten zen jatetxe inguruan hazten diren lertxunen adaburuen artean; herritarrak leihoetara pilaturik zeuden. Menditik jaitsi, sarbideko ate aldera hartu, eta urratsa azkartu dut. Bat-batean, iruditu zait norbait nuela atzetik jarraika. Gelditu, eta inguruak arakatu ditut begiradaz. Iluntasunean ez zegoen ezer bereizterik; dena dela, zer gerta ere, itzulia egin dut etxearen inguruan, paseatzen ibiliko banintz bezala. Printzesatxoaren leihoen parean nengoela, ostera entzun ditut pausoak atzean; gizon bat, longainean bildurik, korrika igaro da nire aurretik. Asaldatu egin naiz; hala ere, arkupean sartu eta lasterka igo naiz eskailera ilunetan gora. Atea ireki da; esku txiki batek nire eskua hartu du...
— Ez hau inork ikusi? —galdetu dit Verak ahapeka, niri kontra estuturik.
— Inork ez!
— Orain sinesten duk maite haudala? O, luzaroan egon nauk ezbaian, luzaroan sufritu diat... baina, hik, gogoak ematen diana egiten duk nirekin.
Bihotza indarrez pilpiraka ari zitzaion, izotza bezain hotz zituen eskuak. Hor hasi dira kargu hartzeak, jelosiak, auhenak; hertsiki eskatzen zidan dena aitortzeko, esanez nire zoriontasuna besterik ez zuela nahi eta, horregatik, otzantasunez eramango zuela nire saldukeria. Ez diot erabat sinetsi hori, baina lasaitu egin dut zin-hitzekin, agintzariekin eta horrelakoekin.
— Beraz, ez haiz ezkonduko Merirekin? Ez duk maite?... Eta berak uste dik... Badakik?, txoratzeko punturaino maiteminduta zegok hirekin; neskatxa errukarria!...
* * *
Goizaldeko ordu biak jotzear zirela, bi txal elkarri lotu, leihoa ireki, eta goiko balkoitik behekora jaitsi naiz, koloma bat euskarritzat hartuta. Meriren gelan argia piztuta zegoen artean. Hango leihora bultzatu nau zerbaitek. Errezelak ez zeuden guztiz hedatuta, eta ikusminezko begiratu bat bota ahal izan dut gela barrura. Meri ohean eserita zegoen, eskuak belaunen gainean uztarturik; farfailez azpildutako gau-txano baten azpian bilduta zeukan adats sarria; lepo-oihal gorrimin handi batek estaltzen zizkion sorbaldatxo zuriak; oin ttipiak, berriz, Pertsiako babutxa nabarretan gorderik zituen. Mugitzeke eserita zegoen, burua bularrera beheratuta; liburu bat zeukan zabalik aurreko mahaitxoan, baina, nonbait, begi geldo eta tristura azal ezin batez beteak ehungarren aldiz lerratzen zitzaizkion orrialde beretik, gogoa handik urrun izango balu bezala...
Une horretantxe, norbait higitu da zuhaixken atzean. Jauzi egin dut balkoitik soropilera. Esku ikusiezin batek sorbaldatik eutsi dit.
— Hara! —esan du ahots zakar batek—. Harrapatu zaitut!... Neuk erakutsiko dizut zer dakarren gauez printzesatxoen geletan sartzen ibiltzeak!...
— Gogorrago heldu! —oihukatu du beste batek, kantoiaren atzetik agertuta.
Grushnitski eta dragoi-kapitaina ziren.
Bigarrenari ukabilkada bat eman buruan, lurrera bota, eta sastrakara ihes egin dut herio suharrean. Ondo asko ezagutzen ditut gure etxeen aurreko mendi-malda osoa hartzen duen lorategiko bide-zidor guztiak.
— Lapurrak! Lagundu, hel guri!... —garrasika biak; fusil baten tiro-hotsa entzun dut; nire oinen albo-alboan erori da puska ketsua.
Minutu bat geroago, neure gelan nengoen; jantziak erantzi eta ohean sartu naiz. Lekaioak krisketari eragin eta berehala, ate joka hasi zaizkit Grushnitski eta kapitaina.
— Petxorin! Lo zaude? Hor barruan zara? —oihu egin du kapitainak.
— Lotan nago —erantzun diot haserre.
— Altxa zaitez! Lapurrak... txerkesak.
— Marrantak hartuta nago —erantzun dut—, eta ez dut hoztu nahi.
Alde egin dute. Oker jokatu dut, erantzun izan ez banie, beste ordu bat emango zuten oraindik nire bila lorategian. Bitartean, iskanbila ederra sortu da. Kosako bat lauoinka bizian etorri da gotorlekutik. Giroa pil-pil zegoen; txerkesen bila hasi dira sasirik sasi; eta, jakina, ez dute ezer aurkitu. Baina, inondik ere, jende asko zeharo etsita geratu da goarnizioak adore handiagoa eta lehia biziagoa erakutsi izan balitu, ordurako gutxienez hogei gaizkile zerraldo egongo zirela tokian bertan.
Ekainak 16
Gaur goizean, txerkesen gaueko erasoaldia beste mintzagairik ez zebilen putzu aldean. Agindutako neurrian Narzango iturritik ura edan eta ezki-ibiltoki luzea hamar bat aldiz ibili ondoren, Veraren senarrarekin egin dut topo, Piatigorsketik etorri berria baita. Besotik hartu nau eta jatetxera joan gara gosaltzera. Oso kezkatuta agertu zait emaztea dela eta. «Nolako ikaraldia hartu zuen bart! —esan du—. Noiz eta ni kanpoan nintzela gertatu behar hau ere». Albo-gela batera ematen zuen ate batetik hurbil eseri gara gosaltzera. Hamar bat gazte zegoen gela horretan, haien artean Grushnitski. Bigarren aldiz, gizon horren zoria erabakiko duen elkarrizketa bat entzuteko aukera eman dit patuak. Berak ez ninduen ikusten eta, hortaz, ezin pentsa nezakeen berariaz nik entzun niezaion hitz egiten zuela; baina horrek haren errua nire begietan handitu besterik ez du egin.
— Baina egia da txerkesak izan direla? —esan du baten batek—. Inork ikusi ditu?
— Istorio osoa kontatuko dizuet —erantzun dio Grushnitskik—, baina, mesedez, gero ez zabaldu hortik. Hona zer gertatu zen: izena ez dizuet aipatuko, baina atzo lagun bat inguratu zitzaidan eta esan zidan ikusia zuela nola, gaueko hamarrak aldera, norbait isil-ostuka sartu zen Ligovskaiatarren etxean. Jakin beharra duzue printzesa hemen zela, eta printzesatxoa, berriz, etxean. Laguna eta biok hara abiatu ginen zorioneko hura harrapatzeko asmoz.
Aitortu behar dizuet beldurrak hartu ninduela: nire mahaikideak gosarian jarrita zeukan arreta osoa, baina gauza gozagaitz samarrak entzungo zituen baldin eta Grushnitskik, halabeharrez, egia igarria bazuen; baina, jeloskorkeriak itsututa baitzegoen, susmatu ere ez zuen egiten.
— Halatan —jarraitu du Grushnitskik—, hara abiatu ginen biok, fusila aldean, zarata hutsezko kartutxoz kargatuta, ikaratzea beste asmorik ez genuen eta. Ordu biak arte egon ginen zain lorategian. Azkenean, han agertu zen jainkoak daki nondik, leihotik ez behintzat, ez baitzen ireki; beharbada, kolomaren atzean dagoen beiratetik irten zen. Azkenean, beraz, norbait ikusi genuen balkoitik behera jaisten... Nolakoa den printzesatxoa, e? Egia esan, ez dira makalak Moskuko andereño hauek! Hori ikusita, zertan sinetsi ahal dugu? Gizona harrapatzen saiatu ginen, baina ihes egin zuen eta, erbia baino arinago, sasien artean galdu zen; une hartan, tiro egin nion.
Sinesgogortasunezko zurrumurrua hedatu da Grushnitskiren inguruan.
— Ez didazue sinesten? —jarraitu du—. Zin degizuet, ohorezko hitza ematen dizuet hori guztia egia biribila dela, eta hori frogatzeko, nahi baduzue, jaun horren izena esango dizuet.
— Esan, esan, nor zen? —entzun da alde guztietatik.
— Petxorin —erantzun du Grushnitskik.
Une horretan, begiak jaso ditu. Ni zutik nengoen atean, berarekin aurrez aurre; gorri-gorri jarri da. Berarengana hurbildu, eta hala esan diot, astiro eta ondo entzuteko moduan:
— Tamalgarria da sekula entzun dudan gezur-laidorik nazkagarriena baieztatzeko ohorezko hitza dagoeneko emana duzula etorri izana. Lehenago agertu izan banintz, premiagabeko doilorkeria batetik salbatuko zintudan.
Grushnitski jauzi batez zutitu da, berotu antzean.
— Mesedez —jarraitu dut lehengo ahots-doinu berberari eutsiz—, mesedez eskatzen dizut oraintxe bertan ukatzeko esandako guztia; ondo asko dakizu asmakeria hutsa dela. Ez dut uste zure berezitasun distiratsuen aurrean emakume batek erakutsitako axolagabetasunak horren mendeku izugarria merezi duenik. Hausnartu ondo: esandakoari eusten badiozu, gizon prestua deitua izateko eskubidea galdu eta arriskuan jarriko duzu zeure bizia.
Grushnitski zutik zegoen nire aurrean, begiak beheratuta eta zirrara bortitz batek astinduta. Alabaina, labur jo du kontzientziaren eta norberarenganako estimuaren arteko borrokak. Dragoi-kapitainak, aldamenean eserita baitzeukan, ukondoaz bultzatu du; Grushnitskik zirgit egin eta arrapataka erantzun dit, begiak goratu gabe:
— Jaun agurgarria, zerbait esaten dudanean, uste horretan nagoelako esaten dut, eta batere arazorik gabe errepika dezaket... Zure mehatxuek ez didate beldurrik ematen eta edozertarako prest naukazu.
— Dagoeneko frogatua duzu azken hori —erantzun diot hoztasunez. Dragoi-kapitainari besotik heldu, eta gelatik atera naiz.
— Zer nahi duzu? —galdetu dit kapitainak.
— Grushnitskiren adiskidea zara eta, segur aski, beraren laguntzailea izango zara dueluan...
Kapitainak kilimusia egin dit punpezia handiz.
— Bete-betean asmatu duzu —erantzun dit—, areago esango dizut, beraren laguntzailea izatera behartuta nago, zeren berari egin berri diozun irainak ni ere ukitzen bainau: bart, neu nintzen berarekin —gaineratu du, gorputz apur bat konkortua tenteturik.
— Hara! Beraz, zuri eman nizun halako zartako trakets hura?
Hori jarri da, urdin jarri da; barnean eutsitako amorrua azaleratu zaio aurpegira.
— Neure laguntzailea bidaliko dizut gaur bertan —esan diot, gizalege handiz agurtuz eta haren suminari arretarik jartzen ez niolako itxurak eginez.
Vetaren senarrarekin egin dut topo jatetxeko atarian. Nire zain zegoen, antza.
Besotik heldu dit biziki hunkituta.
— Zu bai gazte prestua eta jatorra! —esan dit, begiak malkoz beteta—. Dena entzun dut. Hori gizon doilorra! Gizatxar alaena!... Horren ondoren, nolatan onartuko du inork behar bezalako etxe batean? Jainkoari eskerrak, nik ez dut alabarik! Baina bizia arriskatzera zoaz emakume batengatik eta berak sarituko zaitu. Jendaurrean zabaltzeko premiarik sortzen ez den bitartean, ziur egon zaitez isilean gordeko dudala hau —jarraitu du—. Ni ere gaztea izan naiz eta armadan zerbitzatu dut: badakit honelako auzietan ez dagoela tartean sartzerik. Agur.
Errukarria!, pozik dago alabarik ez duelako...
Zuzenean jo dut Wernerrengana, etxean aurkitu dut eta dena kontatu diot: batera, Verarekin eta printzesatxoarekin ditudan harremanak, eta bestera, berriz, ustekabean entzundako elkarrizketa, zeinari esker jakin ahal izan bainuen jaun horiek zer-nolako asmo gaiztoak zerabiltzaten nire lepotik trufa egiteko, balarik gabeko duelu batean parte hartzera behartuz. Baina, dagoeneko, auziak gaindituak ditu txantxaren mugak; haiek, segur aski, ez zuten inondik ere horrelako amaierarik espero.
Doktoreak onartu du nire laguntzaile izatea; argibide batzuk eman dizkiot duelua dela-eta ezarri beharreko baldintzen inguruan; ahaleginak egin behar ditu auzia ezkuturik ezkutuenean bideratzeko, zeren, heriotzari edozein unetan aurre egiteko prest banago ere, inola ere ez bainago gertu mundu honetan dudan etorkizuna betiko hondatzeko.
Horren ondoren, etxera joan naiz. Ordu bete geroago doktorea itzuli da, bere eginkizuna beteta.
— Izan ere, konplota antolatu dute zure kontra —esan dit—. Grushnitskiren etxean dragoi-kapitaina eta beste gizon bat aurkitu ditut. Ez dut gogoan jaun horren izena. Atalondoan geratu naiz apur batean, eskalapoiak eranzteko. Eztabaidan ari ziren eta zalaparta ikaragarria entzuten zen... «Ez dut horrelakorik onetsiko, inola ere ez! —zioen Grushnitskik—. Lehen, oso bestelakoa zen auzia; baina orain, jendaurrean iraindu nau...» «Eta zuri zer axola dizu horrek? —erantzun dio kapitainak—. Ni arduratuko naiz gora-behera guztiez. Dagoeneko, laguntzaile jardun dut bost duelutan eta badakit nola antolatu behar diren gauza hauek. Dena lotuta daukat buruan. Mesedez, ez ipini trabarik, hori bakarrik eskatzen dizut. Beldurra sartu behar diogu, zer dago txarrik horretan? Eta, gainera, salbatzeko aukera izanik, zergatik jarri zeure burua arriskuan?» Une horretan sartu naiz. Tupustean isildu dira. Luze samar jo digu baldintzak adosteak; azkenean, honako hau erabaki dugu: mendiarte oihantsua dago hemendik bost bat verstara; haiek hara abiatuko dira bihar goizeko lauretan; gu ordu erdi geroago irtengo gara; sei urratseko tartea egongo da duelu-kide batetik bestera: Grushnitskik berak ezarri du baldintza hori. Hildakoa txerkesei leporatuko diegu. Eta orain, hona nire susmoa: inondik ere, laguntzaileek apur bat aldatu dute hasierako plana eta, dirudienez, balaz kargatu nahi dute Grushnitskiren pistola. Hori, nolabait, hilketa moduko zerbait da, baina gerra-denboran, eta bereziki Asiako gerretan, ontzat ematen dira mota guztietako amarrukeriak. Nolanahi ere, badirudi Grushnitski adiskideak baino zintzoagoa dela. Zer deritzozu? Aditzera eman beharko genieke usaina hartu diegula?
— Ezta pentsatu ere, doktorea! Egon lasai, ez didate ziri hori sartuko!
— Ba, zer egiteko asmoa duzu?
— Hori nire sekretua da.
— Tentuz ibili... gogoan izan sei urratseko tartea besterik ez dela izango!
— Doktorea, zure zain egongo naiz bihar goizeko lauretan; prest izango ditut zaldiak... Agur.
Iluntzera arte, etxean egon naiz, neure gelan sartuta. Lekaio bat etorri zait printzesak ikusi nahi nauela jakinaraztera. Gaixorik nagoela esateko agindu diot.
* * *
Gaueko ordu biak... esna nago... Baina lo egin behar dut bihar eskua dardarka hasiko ez bazait. Dena dela, sei urratseko tartearekin zail da huts egiten. Ah, Grushnitski jauna, zure amarruak ez du arrakastarik izango!... Rolak trukatuko ditugu: orain, niri dagokit barnean gordetako izuaren aztarnak bilatzea zure aurpegi zurbilean. Zergatik ezarri duzu sei urratseko tarte zorigaiztoko hori? Zer uste duzu?, besterik gabe jarriko dudala bekokia zure balaren bidean?... Bai zera! Zotz egingo dugu!... eta orduan... orduan... zer gertatuko da zortea haren aldera makurtzen bada? Zer gertatuko da nire izarra itzaltzen bada azkenean?... Ez nintzateke harrituko: aspaldi da zintzo-zintzo babesten dituela nire kasketaldi guztiak, eta zeruak ez dit lurrak baino atxikimendu handiagorik erakutsiko.
Tira ba! Noiz edo noiz hil beharra dago! Ez da galera handia izango munduarentzat; eta gainera, asper-asper eginda nago jadanik. Dantzaldian aharrausika dagoen gizon horren antzekoa naiz: logura da, baina ez da etxera joaten zergatik eta oraindik ez diotelako kotxea ekarri. Baina zain daukat kotxea... agur!...
Neure iragan osoa dakusat oroimenean, eta nahi gabe galdetzen diot neure buruari: zertarako bizi izan naiz? Zer helburu betetzeko jaio nintzen?... Inondik ere, bazen helbururen bat; inondik ere, jomuga handi bat gorderik zegoen niretzat, zeren indar neurrigabeak sumatzen baititut ariman... Baina ez dut igarri zein zen jomuga hori, itsu-itsuan sorgindu ninduen esker gaiztoko grina hutsalen lilurak; burdina bezain gogor eta hotz atera nintzen haien arragotik, baina betiko galdu nuen asmo zintzoen garra, eta berori da bizitzako lorerik preziatuena. Eta harrezkeroztik, zenbat aldiz izan naizen aizkora patuaren eskuetan! Kondenatuen buru gainera erori naiz borreroaren arma banintz bezala, gaizkinahirik gabe sarritan, gupidarik gabe beti... Nire maitasunak ez dio zorionik ekarri inori, ez dut-eta ezertxo ere sakrifikatu maite izan ditudanen alde: neure buruarentzat maite nuen, neure gozamenerako bakarrik; bihotzaren premia bitxi bati erantzun besterik ez nuen egiten, gutiziaz hurrupatzen nituen besteen sentimenduak, samurtasuna, pozak eta nekeak; eta sekula ez nuen lortzen egarri hura asetzea. Horrelako zerbait gertatzen zaio goseak oinazetuta dagoenari, akiturik lokartu eta aurrean jaki gozoak eta ardo apartsua ikusten dituenean: lehiaz irensten ditu irudimenak egiten dizkion airezko opari horiek, eta arindurik sentitzen da; baina esnatu bezain laster, ametsa aienatu egiten da... gosea eta etsipena, ordea, hor geratzen dira, lehen halako bi!
Baliteke bihar hiltzea!... eta lurrean ez da geratuko erabat ulertu nauen izaki bizidunik. Benetan naizena baino gaiztoagotzat joko naute batzuek, izan naizena baino hobetzat besteek... Batzuek esango dute: mutil jatorra zen; eta besteek, aldiz: gizatxar hutsa zen! Uste okerra, bai bata eta bai bestea. Hori guztia kontuan izanik, merezi al du bizirik irauteko lanik hartzea? Baina, hala eta guztiz, bizi zara, jakin-minak eraginda, zerbait berriaren zain... Barregarria eta amorratzekoa!
* * *
Hilabete eta erdi da N.-ko gotorlekuan nagoela; Maxim Maximitx ehizara joan da... bakarrik nago; leiho alboan eseri naiz; hodei grisek goitik behera estali dituzte mendiak; eguzkiak orban horia dirudi lainoaz bestaldean. Hotz da; haizeak, txistuka, leiho-tapak astintzen ditu... Hau bai aspergarria! Neure egunkaria idazten jarraituko dut, hainbat gertaera bitxi zirela medio bertan behera utzi behar izan nuen eta.
Berriro irakurri dut azken orria: barregarria! Hilko nintzela uste nuen, baina ezinezkoa zen: artean ez neukan erabat hustuta sufrimenduen kaliza, eta orain sumatzen dut luze biziko naizela oraindik.
Zein argi, zein zehatz finkatu zitzaizkidan oroimenean orduko gora-behera guztiak! Denborak ez du ezta marra bat bera ere, ezta ñabardurarik txikiena ere ezabatu!
Gogoan dut dueluaren bezperan ez nuela begirik bildu gau osoan. Ezer gutxi idazteko gauza izan nintzen, horren urduritasun handia jabetu baitzen nitaz. Ordu bete eman nuen gelan hara eta hona; gero eseri, eta mahai gainean neukan liburua zabaldu nuen: Walter Scotten Eskoziako puritanoak; hasieran, gogo handirik gabe irakurri nuen, baina gero, denaz ahaztu nintzen, elezahar zoragarriak liluratuta... Beste munduan ez ote dizkiote Eskoziako poetari ordainduko liburu honek biziarazi dizkidan atseginezko minutu guztiak?
Azkenean, argitu zuen eguna. Lasaiago nengoen. Neure irudiari erreparatu nion ispiluan; zurbiltasun hits batek biltzen zidan aurpegia, nabariak ziren loezinaren estirak utzitako aztarnak. Begiek, ordea, itzal ilun batek inguratuta bazeuden ere, harro eta gupidagabe distiratzen zuten. Oniritzia eman nion neure buruari.
Zaldiak zelatzeko agindu, jantzi, eta abiadan jo nuen bainu-etxera. Narzango iturriko ur irakinetan eta hotzetan aldizka murgiltzean, gorputzeko zein arimako indarrak itzultzen zitzaizkidala sentitu nuen. Sasoiko eta suspertuta atera nintzen bainutik, dantzaldi batera joatekoa banintz bezala. Horren ondoren, esadazue arima ez dela gorputzaren menpeko!
Etxera itzuli nintzenean, doktorea aurkitu nuen han. Zaldi gainean ibiltzeko praka grisak, larru-zamarra eta txano txerkesa zituen soinean. Barrez lehertu nintzen haren irudi txikia txano iletsu ikaragarri handi horren azpian ikustean: Wernerren aurpegiak ez zuen inolako gudu-airerik agertzen, baina egun hartan ohi baino luzeagoa ematen zuen.
— Zergatik zaude horren gogoilun, doktorea? —galdetu nion—. Ez al diozu, ba, jendeari makina bat aldiz beste mundura lagundu inolako zirrararik sentitu gabe? Egizu kontu, sukar ustelak jota nagoela; baliteke sendatzea, eta baliteke hiltzea; bai bata, bai bestea, gauzen berezko ordenan sartzen dira; egizu ahalegintxo bat eta begira iezadazu oraindik ezagutzen ez duzun gaitz batek jota dagoen gaixo bat banintz bezala; orduan, zure jakin-minak goiena joko du; orain aukera paregabea daukazu garrantzi handiko fisiologi azterketa mordoa egiteko nirekin... Bortxazko heriotzaren zain egotea ez al da, berez, benetako eritasuna?
Harrituta utzi zuen gogoeta horrek, eta alaitu egin zen.
Zaldi gainera igo ginen; Wernerrek bi eskuekin hedeei heldu, eta bideari ekin genion. Lauoinka bizian gindoazela, aitaren batean aldiriak zeharkatu, gotorlekua atzean utzi, eta mendi-zintzurrean sartu ginen. Bidea sigi-sagaka zihoan arroilaren hondotik, erdi ezkutaturik belar garaien artean. Erreka burrunbatsu batek mozten zuen hemen bai eta han ere bai, eta behin eta berriro igaro behar izan genuen alderik alde. Doktorea etsipenak jota zegoen erabat, zaldia behin eta berriro gelditzen baitzitzaion ur-lasterraren erdian.
Ez dut hura baino goiz urdinagorik eta freskoagorik oroitzen! Eguzkia doi-doi ageri zen tontor berdetsuen atzetik; errainuen aurreneko berotasunak bat egiten zuen gaueko hozkirriaren azken hondarrekin, eta nahasketa horrek halako hildura gozo bat zekarren sentimen guztietara; egun urratu berriaren argitasun alaia artean ez zen iristen arroilara, haitzen erpinak bakarrik urreztatzen zituen, gure buruen gainetik zintzilik ageri baitziren bidearen alde banatan; euri zilarkara batek bustitzen gintuen haize-bolada meheek harkaitzen arrakalen artean hazten ziren zuhaixka hostotsuak astintzen zituzten bakoitzean. Gogoan dut egun hartan beste inoiz baino bizikiago maite izan nuela natura. Nolako ikusminez, nolako arretaz begiratzen nion ihintz-tanta bakoitzari, mahatsondoaren hosto zabalean dardarka milioika argi-izpi ñabar islatzen zuenean! Nolako grinaz saiatzen nintzen begirada urruneko ortzi-muga gandutsuan barneratzen! Urrun hartan, bidea gero eta estuago bilakatzen zen, haitzak gero eta urdinago eta beldurgarriago ageri ziren, eta, azkenean, bazirudien bat egiten zutela murru ezin barrenduzko batean. Isilik gindoazen.
— Idatzi duzu testamentua? —galdetu zidan bat-batean Wernerrek.
— Ez.
— Eta hiltzen bazara?
— Berez azalduko dira oinordekoak.
— Ez daukazu azken agurra bidali nahi diozun adiskiderik?
Ezker-eskuin eragin nion buruari.
— Ez da munduan emakumerik oroigarri gisa zerbait utzi nahi diozunik?
— Nahi baduzu, doktorea —erantzun nion—, neure arima zabalduko dizut... Begira: gainditua dut jadanik bizitzaren aldi hori, zeinean maitearen izena ezpainetan duzula hiltzen zaren eta adiskideari, ilea ukenduz igurtzita zein ukendurik gabe duzula ere, xerlo xume bat uzten diozun oinordekotzan. Orain, baliteke hiltzea, hurbil daukat heriotza, eta heriotzaz pentsatzean, neure buruaz soilik pentsatzen dut: besteek ezta hori ere ez dute egiten. Adiskideek, bihar bertan ahaztuko naute edo, are okerrago, jainkoak daki zer-nolako faltsukeriak leporatuko dizkidaten; emakumeek, berriz, beste baten bat besarkatzen duten bitartean, barre egingo dute nire lepotik, hildakoak maitale berria jeloskor jar ez dezan. Jainkoak gorde ditzala! Bizitzaren ekaitzetik ideia banaka batzuk besterik ez dut atera, eta sentimendurik bat ere ez. Aspaldi da ez naizela bizi bihotzarekin, buruarekin baizik. Jakin-min zorrotzez neurtzen eta aztertzen ditut neure grinak eta egintzak, baina inolako interesik gabe. Bi izaki dira nire barnean: bata, bizi da, hitz horren zentzuari bete-betean atxikirik; besteak, ordea, pentsatzen du, eta lehena epaitu. Lehenak, beharbada, ordu bete barru agur esango dizue betiko bai zuri eta bai munduari; baina bigarrena... zer gertatuko da bigarrenarekin?... Aizu, doktorea: ikusten duzu hor, eskuineko haitz horren tontorrean, hiru irudiren isla beltza? Nonbait, gure aurkariak dira...
Trostan jarri genituen zaldiak.
Haitzaren oinean, zuhaixka artean, hiru zaldi zeuden loturik; hantxe lotu genituen guk ere geureak; gero, bide-zidor mehar batean gora hartuta, zapalda batera iritsi ginen. Han, gure zain zegoen Grushnitski, dragoi-kapitainarekin eta beste laguntzaile batekin. Azken honek Ivan Ignatievitx zuen izena, baina behin ere ez nuen haren abizena entzun.
— Denbora luzea da zuen zain gaudela —esan zuen dragoi-kapitainak, ironiazko irribarrea aurpegian.
Atera erlojua, eta erakutsi egin nion.
Barkamena eskatu zidan, esanez aurreraturik zeukala berea.
Zenbait minutu joan ziren isiltasun astun baten zamapean; azkenean, doktoreak eten zuen isilaldia, Grushnitskiri hala mintzatuz:
— Nire iritziz —esan zion—, biok ala biok ere borroka egiteko gogoa erakutsi duzue, eta, horrenbestez, bete dituzue ohorearen arauak. Beraz, jaunak, kitatua duzue zor hori, eta orain, onez onean elkarrekin hitz egin eta besterik gabe bukatutzat jo zenezakete auzia.
— Ni prest nauzue horretarako —esan nuen.
Kapitainak begia keinatu zion Grushnitskiri, eta honek, beldurrak jota nengoelakoan, itxura harroa hartu zuen, nahiz eta une horretara arte zurbiltasun hits batek biltzen zizkion masailak. Heldu ginenetik, aurreneko aldiz jaso zituen begiak niganantz; halako larritasun bat antzeman nion begiradan, barne-gatazkaren adierazgarri.
— Azaldu zein diren zeure baldintzak —esan zidan— eta zer egin ahal dudan zugatik, eta ziur egon zaitezke ezen...
— Hona nire baldintzak: gaur bertan, jendaurrean, zeure gezur-laido guztiak ezeztatu eta barkamena eskatuko didazu...
— Jaun agurgarri hori, harrituta nago, nolatan ausartzen zara horrelako gauzak proposatzen?
— Zer proposatu ahal dizut bestela?
— Dueluari ekingo diogu.
Sorbaldak goratu nituen.
— Tira, baina kontuan izan biotako bat hilik geratuko dela ezinbestean.
— Gogoko nuke zu izatea...
— Ba, ni ziur nago alderantzizkoa gertatuko dela... Gorritu egin zen, gogoa nahasirik; gero, bere burua bortxatuz, barre-algaraka hasi zen.
Kapitainak besotik hartu eta bazter batera eraman zuen; luzaz aritu ziren hor txutxu-mutxuka. Ni, nahikoa aldarte bakezaleko iritsia banintzen ere, ordurako ernegatzen hasita nengoen komeria horiek guztiak zirela eta.
Doktorea inguratu zitzaidan.
— Aizu! —esan zidan, nabarmenki kezkatuta—. Inondik ere, ahaztua duzu nolako azpijokoa darabilten hauek!... Nik ez dakit pistolak kargatzen, baina abagune honetan... Gizon bitxia zara benetan! Esaiezu badakizula euren asmoen berri, eta ez dira ausartuko... Zurea bai erokeria! Tiroka hilko zaituzte txoritxo bat bazina bezala...
— Mesedez, ez kezkatu, doktorea, eta itxaron... Halako moldez antolatua dut dena, non haien aldean ez baita inolako atarramendu onik izango. Utziezu oraindik marmar egiten puska batean...
— Jaunak, aspertzen hasita nago —esan nien ozenki—, borroka egin behar badugu, borroka egin dezagun; atzo nahi beste denbora izan zenuten berriketan aritzeko...
— Prest gaude —erantzun zuen kapitainak—. Bakoitza bere tokira, jaunak!... Doktorea, plazer baduzu, neurtu sei urratsak...
— Bakoitza bere tokira! —errepikatu zuen Ivan Ignatievitxek ahots zoliz.
— Egon apur batean! —esan nuen—. Beste baldintza bat ipini nahi dut: borroka biotako batek bizia galtzekoa denez, behartuta gaude ahal dugun guztia egitera hau dena isilpean gera dadin eta gure laguntzaileek inolako erantzukizunik izan ez dezaten. Ados zaudete?
— Guztiz ados...
— Beraz, hona zer bururatu zaidan. Ikusten duzue zapalda estu hori eskuineko haitz zut horren gainaldean? Hamahiru sajen inguru izango dira goitik beheraino, edo agian gehiago; behean, harri zorrotzak daude. Zapaldaren mutur banatan jarriko gara; horrela, zauririk arinena ere hilgarria izango da: inondik ere, hori bat dator zuen asmoekin, zuek erabaki duzue-eta sei urratseko tartea uztea. Halatan, zauriturik geratzen dena, nahitaez eroriko da beheraino, eta han, mila zatitan txikituko da; doktoreak bala aterako du, eta horrela oso erraza izango da azaltzea zoritxarreko erortze batek ekarri duela bat-bateko heriotza hori. Zotz egingo dugu nor izango den tiro egiten lehena. Eta bukatzeko, jakizue baldintza horiek bete ezean ez dudala borroka egingo.
— Ondo da! —esan zuen kapitainak, Grushnitskiri begiratu adierazgarria bota ondoren. Honek buruari eragin zion ados zegoela agertzeko. Etengabe mudatzen zitzaion begitartea. Ataka gaiztoan jarria nuen. Duelua ohiko arauak betez egin izan bagenu, hankara zuzen ziezadakeen arma, arinki zauritu eta, horrela, mendeku-gosea berdindu kontzientziaren gainean zama astunegirik hartu gabe; orain, ordea, hiru aukera zituen: edo airera tiro egin, edo hiltzaile bihurtu, edo, azkenik, bere asmo makurrak bertan behera utzi eta, nik bezala, bizia arriskuan jarri. Une hartan, ez nukeen haren tokian egon nahi izango. Bazter batera eraman zuen kapitaina eta zerbait esaten hasi zitzaion biziki aztoraturik; ikusi nuen dardara batean zituela ezpain urdinduak; baina kapitainak bizkarra eman zion erdeinuzko irribarre batekin. «Ergel hutsa haiz! —esan zion Grushnitskiri ozenki samar—. Ez duk tutik ulertzen! Goazen, jaunak!»
Bide-zidor mehar bat maldan gora zihoan sasi artean; haitz-puskek harmaila kolokak osatzen zituzten naturak berez eratutako zurubi hartan; zuhaixkei helduta, aldats pikoari ekin genion. Aurrean, Grushnitski zihoan, laguntzaileak atzetik zituela, eta haien jarraian doktorea eta biok gindoazen.
— Miresgarria zara —esan zidan doktoreak, eskua tinko estutzen zidala—. Utzi pultsua hartzen... Arraioa! Izugarri bizia da... baina aurpegian ez zaizu ezer nabaritzen... begiek ohi baino argitsuago distiratzen dutela, besterik ez.
Tupustean, harri-kozkor mordo bat zarataka labaindu zen gure oinetaraino. Zer gertatzen zen? Grushnitski behaztopatua zen; helduta zeukan abarra kraskatu zitzaion eta, laguntzaileek eutsi izan ez baliote, bizkarrez eroriko zen maldan behera.
— Kontuz ibili! —esan nion oihuka—, behar baino lehenago ez erori; aieru txarra da. Gogoan izan Julio Zesar.
Azkenean, haitz garaiaren tontorrera heldu ginen. Zapalda, duelurako berariaz prestatu balute bezala, hondar mehe batez estalita zegoen. Inguruan, egunsentiko laino urrekaran arian-arian galduz, estu-estu hedatzen ziren mendi-gailurrak, azkengabeko aldra bat bailiran. Hegoaldean, Elborusek bere masa zuriarekin burutzen zuen tontor izotzez estalien katea, zeinen artetik noraezean lerratzen baitziren jada ekialdetik agertutako hodei apatzak. Zapaldaren ertzera hurbildu, eta behera begiratu nuen, ozta-ozta ez zitzaidan burua zorabiatu; hondoa ilun eta hotz zegoen, hilobi batena iduri; ekaitzek eta denborak behera amilarazitako haitzen hortz goroldiotsuak harrapakinen zain zeuden.
Borroka egiteko aukeratua genuen zapaldak triangelu erregular baten itxura zuen gutxi gora-behera. Erpin nagusitik sei urrats neurtu, eta erabaki genuen etsaiaren tiroa aurrena jasotzea egokitzen zitzaiona erpin horretan bertan kokatuko zela, bizkarra amildegi aldera; ez bazen hiltzen, aurkariek lekuak trukatuko zituzten.
Deliberatuta nengoen Grushnitskiri abantaila guztiak ematera; probatu nahi nuen; zitekeena zen haren ariman bihotz-zabaltasunezko txinpart bat piztea, eta orduan, onez onean konponduko genukeen auzia; baina, azken batean, izaera ahula eta bere buruarenganako estimua nagusitu behar zitzaizkion... Patuak bizia barkatzen bazidan, aurkariaz ez errukitzeko eskubide osoa eman nahi nion neure buruari... Nork ez du inoiz horrelako itunik egin bere kontzientziarekin?
— Zotz egin, doktorea! —esan zuen kapitainak.
Doktoreak zilarrezko txanpon bat sakelatik atera eta gora jaso zuen.
— Gurutzea! —oihu egin zuen Grushnitskik itsumustuan, lagunaren bultzadak eraginda bat-batean esnatu den gizonaren antzera.
— Arranoa! —esan nuen nik.
Txanpona jira-biraka goratu, eta berriz erori zen, tintin-hotsa atereaz; denok oldartu ginen bertara.
— Zorionekoa zu —esan nion Grushnitskiri—, lehena izango zara tiro egiten! Baina gogoan izan: ez banauzu hiltzen, nik ez dut hutsik egingo; ohorezko hitza ematen dizut.
Gorri-gorri jarri zen; lotsagarri zeritzon armarik batere ez zeukan gizon bat hiltzeari; bekoz beko begiratu nion; une batez iruditu zitzaidan oinetara apalduko zitzaidala, barkamen eske; baina nolatan aitortuko zizkidan bere asmo makurrak?... Irtenbide bakarra zuen: airera tiro egitea. Ziur nengoen airera tiro egingo zuela! Gauza batek bakarrik eragotz ziezaiokeen hori: nik duelua errepikatzeko eskatuko nuelako usteak.
— Iritsi da ordua! —xuxurlatu zidan doktoreak, mahukatik tiraka—, ez baduzu oraintxe bertan esaten badakizula haien asmoen berri, akabo dena! Begira, dagoeneko pistolak kargatzen ari da... zuk ez baduzu ezer esaten, orduan, neronek...
— Ezta pentsatu ere, doktorea! —erantzun nion, besotik eutsiz—. Pikotara bidaliko duzu dena; hitz eman didazu ez zenuela trabarik jarriko... Zuri zer axola? Agian, heriotza nahi dut...
Harriduraz so egin zidan.
— O! Hori beste kontu bat da!... baina beste munduan niri kargu hartzen ez hasi gero...
Ordurako, kapitainak kargatuak zituen pistolak; Grushnitskiri eman zion bata, irribarrez zerbait xuxurlatzen zion bitartean; niri luzatu zidan bestea.
Zapaldaren erpinean kokatu nintzen, ezkerreko hankaz harri batean irmo bermaturik eta apur bat makurtuta aurrerantz, zauri arina hartuz gero atzera ez erortzeko.
Grushnitski aurrez aurre jarri zitzaidan, eta, arauzko seinalea egindakoan, pistola altxatzen hasi zen. Dardarka zituen belaunak. Bekokira zuzendu zidan arma...
Amorru ezin azalduzko bat borborka hasi zitzaidan bularrean.
Bat-batean, pistolaren ahoa lurrera begira jarri, eta, elurra baino zuriago, laguntzailearenganantz jiratu zen.
— Ezin diat —esan zion ahots sortez.
— Koldar halakoa! —erantzun zion kapitainak.
Tiroaren durundia entzun zen. Balak azaletik harramazkatu zidan belaunburua. Senak akuilatuta, urrats batzuk egin nituen aurrerantz, ertzetik lehenbailehen urruntzeko.
— Horratx, Grushnitski adiskidea, tamalez, huts egin duk! —esan zion kapitainak—. Orain hire txanda duk, hoa heure tokira! Baina, aurrena, besarka nazak, ez diagu-eta berriro elkar ikusiko! —Besarkatu zuten elkar; kapitainak nekez eusten zion barre egiteko gogoari—. Ez izan beldur —gaineratu zuen, Grushnitskiri maleziaz begiratuz—, mundu honetan ergelkeria duk nagusi!... Natura inozoa duk, patua zozoa galanta, eta bizitzak ez dik putzik balio!
Ahotsari gisako seriotasun-doinua emanez esaldi tragiko hori bota ondoren, bere lekura itzuli zen; hurrena, Ivan Ignatievitxek besarkatu zuen Grushnitski, malkoak zerizkiola. Gero, bakarrik geratu zen nire aurrean. Harrezkeroztik, behin eta berriro saiatu naiz neure buruari azaltzen une hartan zer sentimendu-mota pilpiratzen zitzaidan bularrean: batetik, haserrea zen, neure buruarenganako estimuari irain egin ziotelako; bestetik, berriz, erdeinua eta amorrua une hartan horren ziurtasun handiz, horren mutiritasun handiz begira neukan gizonaren aldera, bi minutu lehenago, berak inolako arriskurik izan gabe, ni txakur baten gisara hiltzeko prest egon zelako, zeren hankako zauria apur bat larriagoa izan balitz, ezinbestean amilduko bainintzen haitzetik behera.
Puska batean aurpegira tinko begira geratu nintzaion, damuaren aztarnarik ttipiena antzematen saiatuz. Baina iruditu zitzaidan irribarrez ari zela bere artean.
— Hil aurretik, jainkoari otoitz egin diezaiozun aholkatzen dizut —esan nion orduan.
— Ez arduratu nire arimaz zeureaz baino gehiago. Gauza bakarra eskatu nahi dizut: tiro egin lehenbailehen.
— Ez dituzu zeure gezur-laidoak ezeztatuko? Ez didazu barkamenik eskatuko?... Hausnartu ondo: kontzientziak ez dizu ezer esaten?
— Petxorin jauna! —oihu egin zidan dragoi-kapitainak—. Ohartarazi beharrean nago hona ez zaretela aitortza egitera etorri... Amai dezagun ahalik eta arinen; litekeena da ustekabean norbait agertzea arroilan, eta ikusi egingo gintuzke.
— Ondo da. Doktorea, hurbildu nigana.
Hurbildu zitzaidan. Doktore errukarria! Hamar minutu lehenago Grushnitski zegoen baino zuriago ageri zen.
Hurrengo hitzak astiro ebaki nituen, pausak eginez, ozen eta argi, heriotza-epaiak irakurri ohi diren moduan:
— Doktorea, jaun hauei, presak direla-eta segur aski, ahaztu egin zaie nire pistolan bala sartzea: mesedez eskatzen dizut berriro kargatzeko, eta oraingoan ondo!
— Ezinezkoa da! —atera zitzaion kapitainari—. Ezinezkoa da! Bi pistolak kargatu ditut; beharbada, gero, bala erori zaio zureari, baliteke... Ez da nire errua! Eta ez duzue berriro kargatzeko eskubiderik... inolako eskubiderik... horrek arauen kontra jotzen du bete-betean; ez dut onartuko...
— Ondo! —esan nion kapitainari—. Horrela bada, nirekin borrokatzeko desafioa egiten dizut, oraingo baldintza berberetan...
Ezbaian geratu zen.
Grushnitski bere lekuan zegoen mugitu gabe, burua bularrera makurtuta, nahasirik eta gogoilun.
— Utzi! —esan zion azkenik kapitainari, honek nire pistola eskutik kendu nahi baitzion doktoreari—. Ondo asko dakik egia esaten ari direla.
Kapitainak mota guztietako keinuak egin zizkion, baina alferrik: Grushnitskik begiratu ere ez zuen egin nahi.
Bitartean, doktoreak pistola kargatu eta eskura luzatu zidan.
Hori ikusita, kapitainak tu egin eta lurra zapaldu zuen oin azpian.
— Ergela haiz, adiskidea! —esan zuen—, ergel hutsa!... uste osoa jarri huen nigan, eta, beraz, nire esanak egin behar hituen... Merezia duk! Akabatu hadi euli bat bezala... Jiratu eta, alde egiteaz batera, purrustadaka bota zuen—: Hala eta guztiz ere, arauen kontrakoa da erabat.
— Grushnitski! —esan nuen—. Garaiz zaude oraindik: ezeztatu zeure gezur-laidoak eta dena barkatuko dizut. Ez duzu lortu nire lepotik trufa egitea, eta neure buruarenganako estimua askietsirik geratu da; gogoan izan garai batean lagunak izan ginela...
Aurpegia sutu zitzaion, dirdira egin zioten begiek.
— Tiro! —erantzun zidan—. Mesprezua diot neure buruari, eta gorrotoa zuri. Ez banauzu hiltzen, zintzurra moztuko dizut gauean kalezulo zikin batean. Mundu honetan ez dago lekurik biontzat...
Tiro egin nuen...
Kea barreiatu zenean, zapaldan ez zegoen Grushnitskiren arrastorik. Hautsezko hodei txiki bat amildegiaren ertzean, besterik ez.
Oihu egin genuen denok batera.
— Finita la comedia! —esan nion doktoreari.
Izuturik jiratu zen, ezer erantzun gabe.
Soinak goratu, eta buru-makurtu batekin diosal egin nien Grushnitskiren laguntzaileei.
Bide-zidorrean behera nindoala, Grushnitskiren gorpu odoleztatua ikusi nuen haitzetako arrakalen artean. Begiak itxi nituen nahi gabe...
Zaldia askatu, pausoan jarri, eta etxera abiatu nintzen. Harlauza baten antzeko zama astuna neraman bihotzean. Hits neritzon eguzkiari, haren printzek ez ninduten berotzen.
Aldirietara iritsi aurretik, eskuinetara jo nuen arroilan barrena. Jasanezina zitzaidakeen ezein gizaki ikustea: bakarrik egon nahi nuen. Hedeak askatu eta bular aldera makurtu nuen burua. Luzaz ibili nintzen. Azkenean, erabat ezezagun zitzaidan leku batean aurkitu nintzen; zaldiari atzera jirarazi, eta bidea bilatzeari ekin nion; eguzkia sartzen hasia zen Kislovodskera heldu nintzenean, ahiturik zaldi ahituaren gainean.
Lekaioak esan zidan Werner etorri zela eta bi gutun utzi zituela niretzat: bata berea, bestea... Verarena.
Lehena zabaldu nuen. Honakoa zioen:
«Ezin hobeto konpondu dugu dena: gorpua ekarri dute, zeharo itxuragabeturik zegoen eta bala bularretik aterata zeukan. Denak ziur daude zoritxarreko istripu baten ondorioz hil dela; komandanteak bakarrik —inondik ere bai baitzekien zuen arteko liskarraren berri— buruari eragin dio, baina ez du ezer esan. Zure aurkako frogarik batere ez dago, lasai lo egizu... ahal baduzu... Agur.»
Bitarte luzea egin nuen bigarren gutuna zabaltzera deliberatu gabe... Zer idatziko ote zidan Verak?... Susmo latz batek ziztatu zidan arima.
Hona hemen gutun hori. Hitz bakoitza oroimenean tinko josirik geratu zait betiko, bertatik ezin ezabaturik.
«Gutun hau idazten dizut erabat etsita ez dugula inoiz elkar ikusiko berriro. Orain dela urte batzuk, zugandik banandu nintzenean, gauza bera pentsatu nuen; baina zeruak bigarren aldiz probatu nahi izan ninduen; eta ez naiz gauza izan proba hori gainditzeko, nire bihotz ahulak men egin dio berriro aspalditik ezaguna zuen ahotsari... ez nauzu arbuiatuko horregatik, ez da egia? Gutun hau agurra eta aitortza da aldi berean: maite zaitudanetik bihotzean metatu zaidan guztia esatera behartuta nago. Ez dizut ezer leporatuko, beste edozein gizonek jokatuko zukeen bezala jokatu duzu nirekin: zeurea eta ez beste inorena banintz bezala maitatu nauzu; pozen, kezken eta atsekabeen iturburutzat hartu nauzu, hirurak aldizkatuz, haiek gabe bizitza aspergarria eta monotonoa baina. Hasieratik jakin nuen... Baina zoritxarrekoa zinen, eta sakrifikatu egin nintzen, egunen batean nire sakrifizioa estimatuko zenuelako esperoan, inolako baldintzaren menpean jarri gabe eskaintzen nizun samurtasun sakona egunen batean ulertuko zenuelako ustean. Denbora luzea igaro da harrezkeroztik: zure arimaren zirrikitu ezkutu guztietan sartu naiz... eta argi ikusi dut nire itxaropena zentzugabea dela. Mingotsa izan da! Baina maitasuna bat eginik dago nire arimarekin: moteldu da, baina ez itzali.
Behin-betiko bereiziko gara; baina ziur egon zaitezke inoiz ez dudala beste gizonik maitatuko: nire arimak bere altxor guztiak, bere malko eta esperantza guztiak agortu ditu zurekin. Zutaz maiteminduta egon denari ezinezkoa zaio gainerako gizonei nolabaiteko destainarik gabe ez begiratzea, eta ez zu haiek baino hobea zarelako, o, ez!, baina zure adiurrean bada zerbait berezia, zeure-zeurea bakarrik dena, harroa eta misteriotsua; diozuna diozula, ezin garaituzko boterea duzu ahotsean; inork ez daki maitatua izateko gogoa zuk bezain hisituki erakusten; gaiztotasuna inorengan ez da zugan bezain erakargarria; zureak baino atsegin handiagoa agintzen duen begiradarik ez dago; inork ez daki bere abantailak zuk bezain ondo baliatzen, eta ez dago inor zu bezain zoritxarreko, zinez zoritxarreko izan daitekeenik, inor ez baita ahalegintzen bere buruari aurkakoa frogatzen.
Orain, azaldu behar dizut zergatik alde egin dudan horrela, bat-batean eta presaka; arazoa nirea da bakarrik, eta, beraz, garrantzi gutxikoa irudituko zaizu.
Gaur goizean, senarra nire gelara sartu da eta Grushnitskirekin izan duzun liskarraren berri eman dit. Inondik ere, nabarmenki mudatu zait begitartea, zeren berak luze eta finko begiratu baitit begietara; ozta-ozta ez naiz konorterik gabe erori jakin dudanean gaur bertan borroka egin behar zenuela eta neu nintzela dueluaren arrazoia; zoratzeko puntuan egon naiz... Baina orain, arrazoitzeko gauza naizelarik berriro, ziur nago bizirik atera zarela: ezinezkoa da zu ni gabe hiltzea, ezinezkoa! Senarra luzaz ibili da batera eta bestera gelan; ez dakit zer esaten zidan, ez dut gogoratzen zer erantzuten nion... antza, maite zaitudala esan diot... Bakarrik gogoratzen dut nola, gure elkarrizketa amaitzean, hitz ikaragarri batekin iraindu nauen gelatik irten baino lehen. Kotxea prestatzeko agindu duela entzun dut... Badira hiru ordu leiho alboan eserita nagoela, zu noiz itzuliko zain... Baina bizirik zaude, ezin zara hil!
Kotxea laster egongo da prest... Agur, agur... Nireak egin du, baina zer axola dio?... Gutxienez ziurtzat jo ahal izango banu beti gogoratuko nauzula; ez dut maitatu esan, ez, gogoratu bakarrik... Agur; badatoz... eta gutuna ezkutatu behar dut...
Egia al da ez duzula Meri maite eta ez zarela berarekin ezkonduko? Sakrifizio hori egin behar duzu nigatik; nik, munduan neukan guztia galdu dut zugatik...»
Ero legez atalondora irten, jauzi batez nire Txerkesaren gainera igo —une hartantxe etxe inguruan paseatzera baitzeramaten—, eta herio suharrean abiatu nintzen Piatigorskeko bidetik. Gupidarik gabe zigortzen nuen zaldi ahitua, zeinak, bafaka eta adurra barra-barra zeriola, ziztu bizian ninderaman bide harritsuan aurrera.
Eguzkia gordea zen jada sartaldeko mendi-gailurretan pausaturik zegoen hodei beltz baten atzean; arroila ilun eta heze zegoen. Podkumokek, bere burrunba sor eta beti-berdinarekin, bidea ebakitzen zuen harrien artean. Lauoinka nindoan, ezinegonak hatsanditurik. Jadanik Piatigorsken aurkituko ez nuelako pentsamenduak mailu baten antzera kolpatzen zidan bihotza! Minutu bat, minutu bat bakarrik bera ikusteko, agurtzeko, eskua estutzeko... Otoitz egiten nuen, birao, negar, barre... Ez, ezerk ez zuen nire larritasunaren, nire etsipenaren norainokoa adierazten!... Betiko galtzeko zorian nengoen, eta abagune horretan Vera munduko izakirik maiteena bihurtu zen niretzat; bizia, ohorea eta zoriona baino maiteagoa! Jainkoak daki nolako ideia bitxi eta eroak ernetzen zitzaizkidan buruan... Bitartean, lauoinka bizian jarraitzen nuen, zigorrari gupidarik gabe eraginez. Eta, halako batean, konturatu nintzen zaldiak nekez hartzen zuela arnasa; ordurako, pare bat aldiz behaztopatua zen oztoporik ez zegoen lekuetan... Bost versta inguru zegoen Essentukov herrixka kosakoraino. Han, zaldia aldatzeko aukera izango nuen.
Dena ondo aterako zatekeen zaldiak beste hamar minutu ibiltzeko indarrik atera ahal izan balu! Baina, bat-batean, aldats leunean gora mendien artetik ateratzen ari ginela, zerraldo erori zen bihurgune malkartsu batean. Zaluki hanka gainean jarri eta, hedeei tiraka, zaldia altxatzen saiatu nintzen, baina alferrik: doi-doi entzun nuen hortz estutuen artetik jaulki zitzaion intziri ahula; minutu batzuk geroago hil zen; bakarrik geratu nintzen esteparen erdian, azken itxaropen-hondarra galduta; oinez jarraitzeko saioa egin nuen, baina hankek ez zidaten zutik eusten; eguneko zirrarek eta lorik ezak unaturik, belar bustiaren gainera erori, eta negarrez hasi nintzen haur baten antzera.
Luzaz egon nintzen etzanda, geldi-geldirik, saminki negarrez, malkoei eta zotinei eusteko ahaleginik egin gabe; bularra lehertzeko zorian neukala iruditzen zitzaidan; nire fermutasun guztia, nire odol hotz guztia, kea bezala aienatuak ziren. Indargabeturik neukan arima, etenda pentsatzeko ahalmena, eta une hartan norbaitek ikusi izan banindu, bizkarra emango zidan destainaz.
Gaueko ihintzak eta mendiko haizeak nire buru sukartsua hoztu eta pentsamenduak ohiko bidera bihurtu zirenean, ulertu nuen alferrikakoa eta zentzugabea zela galdutako zoriona berreskuratzen saiatzea. Zer gehiago behar nuen? Vera ikusi? Zertarako? Ez al zen, ba, behin-betiko amaitu gure arteko guztia? Azken musu mingots batek ez zituen nire oroitzapenak aberastuko, eta musu horren ondoren are latzagoa izango zen elkarrengandik banantzea.
Hala eta guztiz, atsegingarri zitzaidan ikustea artean ere negar egiteko gai nintzela! Bestetik, agian, nerbioek jasandako astinaldia, lorik gabeko gaua, bi minutu pistola-ahoaren aurrean egon izana eta urdail hutsa izan ziren negarraren eragileak.
Baina ez dago alderdi onik gabeko ezbeharrik! Militarren hizketa-modua erabiliz, esango nuke sufrimendu berri hura zorioneko dibertsio-maniobra baten antzekoa izan zela niretzat. Negar egitea osasungarria da; eta gainera, zaldian lasterraldi hura egin ez banu, eta gero, etxera itzultzeko, hamabost verstako tartea oinez ibili behar izan ez banu, segur aski, gau hartan ere ez nuen begirik bilduko.
Goizeko bostetan heldu nintzen Kislovodskera; gorputza ohe gainean erortzen utzi, eta Napoleon Waterlooko batailaren ondoren baino lo astunagoak hartu ninduen.
Esnatu nintzenean, ilun zegoen kanpoan. Leiho irekiaren alboan eseri, larru-zamarraren botoiak askatu, eta mendiko haizeak bularra freskatu zidan, nekeak ekarritako lo astunak ez baitzuen artean baretu. Urrunean, errekaz bestaldean, gotorlekuko eta aldirietako etxeetako argiak ñirñirka ari ziren ur-ertzeko ezki hostotsuen adaburuen artean. Kalean isiltasuna zen nagusi, printzesaren etxea ilun zegoen.
Doktorea sartu zen: bekozko iluna zekarren; ez zidan, ohi bezala, eskua luzatu.
— Nondik zatoz, doktorea?
— Ligovskaia printzesaren etxetik; gaixorik dauka alaba: nerbioen erorialdia... Baina kontua ez da hori, beste arazo batek ekarri nau zugana: agintariek susmoak dituzte, oraindik ezin izan dute ezer frogatu, baina kontuz ibili behar duzu. Gaur, printzesak esan dit badakiela duelua izan duzula beraren alaba dela kausa. Agure zahar horrek kontatu dio dena... nola du izena? Jatetxean Grushnitskirekin izan zenuen istiluaren lekuko suertatu zen. Jakinaren gainean jartzera etorri naiz. Agur. Beharbada, ez dugu berriro elkar ikusiko, beste nonbaitera bidaliko zaituzte.
Atalasean gelditu zen: eskua estutzeko gogoa zuen... eta nik ere horretarako gogo-izpirik ñimiñoena erakutsi izan banu, nigana oldartu eta sutsuki besarkatuko ninduen; baina hotz geratu nintzen, harrizkoa banintz bezala; eta alde egin zuen.
Horra gizakiak! Denak dira berdinak: aldez aurretik egintza baten alderdi txar guztien jakitun egonda ere, laguntzen dute, aholkuak ematen dituzte, onetsi ere egiten dute beste irtenbiderik ez dagoela ikusita; baina gero, eskuak garbitzen dituzte eta, haserre, bizkarra ematen diote erantzukizunaren zama guztia bere lepo gainean hartzeko ausardia izan duenari. Horrelakoak dira denak, baita onberenak ere, baita argienak ere!
Biharamun goizean, agintari gorenen eskuetatik N. gotorlekura joateko agindua jaso ondoren, printzesa agurtzera joan nintzen.
Galdetu zidan ea zerbait bereziki garrantzitsua jakinarazi behar nion; eta harrituta geratu zen zoriona opa niola erantzun eta tankera horretako beste gauza batzuk esan nizkionean.
— Ba, nik oso serio hitz egin behar dut zurekin.
Eseri nintzen, isilik.
Nabaria zen ez zekiela nondik hasi; gorri-gorri jarri zitzaion aurpegia, hatz mardulek tarrapatakoa jotzen zuten mahaian; azkenean, honela hasi zen, ahotsa eteten zitzaiola:
— Entzun, monsieur Petxorin! Uste dut gizon ona zarela.
Buru-makurtua egin nion.
— Bai, ziur nago horretaz —jarraitu zuen—, nahiz eta zure portaera, neurri batean, hala-holakoa den; baina, agian, badituzu nik ezagutzen ez ditudan arrazoiak, eta orain, hain zuzen ere, arrazoi horiek zertan diren azaldu behar didazu. Nire alaba defendatu zenuen iraindu zutenean, eta dueluan borrokatu zara, hau da, bizia arriskatu duzu berarengatik... Ez erantzun, badakit ez duzula aitortuko, dueluan Grushnitski hilik geratu zelako (aitaren egin zuen). Jainkoak barkatuko dio, baita zuri ere, espero dut!... Hori ez da nire kontua, ez naiz ausartzen zu epaitzen zeren, errugabea bada ere, nire alaba izan baita dueluaren karia. Dena esan dit... dena, uste dut: zuk zeure maitasuna adierazi zenion... berak berea aitortu zizun (hemen printzesak hasperen sakona egin zuen). Baina gaixorik dago, eta ziur nago ez dela gaixotasun arrunta! Bihozmin ezkutuko batek jota hiltzen ari da; berak ez du aitortu nahi, baina ziur nago zu zarela horren erantzulea... Entzun: baliteke uste izatea gizartean gora egin nahi dudala edo neurrigabeko aberastasunen atzetik nabilela... Oker zaude!, alabaren zoriona besterik ez dut bilatzen. Orain zure egoera ez da batere erosoa, baina hori konpon daiteke: badituzu ondasunak; nire alabak maite zaitu, heziketa ona eman diogu eta jakingo du senarrari zoriona ekartzen; ni aberatsa naiz, eta bera nire alaba bakarra... Esadazu zein den eragozpena. Zerk geldiarazten zaitu?... Begira, ez nizuke hau guztia esan beharko, baina neure uste osoa ipinia dut zure bihotzean, zure ohorean; gogoan izan alaba bakarra dudala... bakarra...
Negarrez hasi zen.
— Printzesa —esan nion—, ezin dizut erantzun; utzi zure alabarekin bakarrean hitz egiten...
— Sekula ere ez! —garrasi egin zuen, biziki narritatuta aulkitik altxatzeaz batera.
— Nahi duzun bezala —erantzun nion, alde egiteko prest.
Lipar batez pentsakor egon ondoren, esku-keinu batez itxaroteko eskatu eta gelatik atera zen.
Bost bat minutu igaro ziren; bihotza bortizki pilpiratzen zitzaidan, baina hotz neukan burua eta pentsamenduak bare zetozkidan. Gogoz bilatu nuen bularrean Meri zoragarriaren alderako maitasun-txinparten bat, baina ahalegin guztiak antzuak izan ziren.
Orduan, atea ireki eta bera sartu zen. Jainkoa!, zeinen aldatuta zegoen azkenengoz ikusi nuenetik; eta ez zen aspaldi izan!
Gelaren erdira iristean, zabu egin zuen; jauzi batez zutitu, besoa eskaini, eta besaulkiraino lagundu nion.
Zutik geratu nintzen haren aurrean; luzaz egon ginen isilik; iruditu zitzaidan haren begi handiek, ezin esanezko tristeziaz beterik, itxaropenaren antzeko zerbait bilatzen zutela nire begietan; ezpain zurbilak alferrik saiatzen ziren irribarre bat osatzen; esku leunak, belaunetan uztarturik, hain ageri ziren zimel eta garden, non errukitzen hasi bainintzen.
— Printzesatxoa —esan nion—, badakizu iseka egin dizudala?... Erdeinua zor didazu horregatik.
Gorritasun makala azaleratu zitzaion masailetara.
Jarraitu nuen:
— Beraz, ezin nauzu maitatu...
Berak jiratu, ukondoak mahai gainean bermatu, eta eskuen artean ezkutatu zuen aurpegia; iruditu zitzaidan malkoen distira zuela begietan.
— Ene jainkoa! —jaregin zuen, doi-doi aditzeko moduan.
Egoera jasanezina zen: beste minutu bat, eta oinetara apalduko nintzaiokeen.
— Halatan, zeure kabuz ohartuko zinen —esan nion, ahal bezain ahots sendoz eta erdi irribarre bortxatu batekin—, zeure kabuz ohartuko zinen ezin ezkon naitekeela zurekin, eta orain zure nahia hori balitz ere, luze gabe damutuko litzaizuke. Zure amarekin izan dudan solasaldiak behartu nau azalpen argi eta gordin hau ematera; bera oker dago, hala espero dut behintzat, eta zuretzat erraza izango da oker horretatik ateratzea. Dakusazunez, rolik gaitzesgarriena eta zitalena jokatzen ari naiz zure aurrean, eta aitortu ere egiten dut hala dela; hau da zure alde egin dezakedan guztia. Ontzar emango nuke niri buruz izan zenezakeen iritzirik txarrena... Ikusi duzu zein doilor agertu naizen zure aurrera... Orain arte maite izan baninduzu ere, une honetatik aurrera gogotik mesprezatzen nauzu, ez da egia?
Niganantz jiratu zen; marmola bezain zurbil zegoen baina distira liluragarria zeukan begietan.
— Gorroto dizut... —esan zuen.
Eskerrak eman, begirune handiz kilimusia egin, eta joan nintzen.
Ordu bete geroago, postako troikak abiadan atera ninduen Kislovodsketik. Essentukovetik versta batzuetara, neure zaldi kementsuaren gorpua ezagutu nuen bidetik hurbil; kenduta zeukan zela —segur aski handik igaro zen kosakoren batek eramango zuen—, eta haren ordez, bi belabeltz pausaturik zituen bizkarrean. Hasperen egin eta aurpegia jiratu nuen...
Eta orain, hemen, gotorleku aspergarri honetan nagoela, sarri askotan, gogora ekartzen dut iragana, eta neure buruari galdetzen diot: zergatik ez nuen zapaldu nahi izan patuak ireki zidan bide hura, bertan gozamen lasaiak eta izpirituzko baretasuna aurkituko bainituen nire zain?... Ez, ezin eraman nezakeen zori hura! Bergantin pirata batean jaio eta bertan hazi den marinela bezalakoa naiz: ekaitzei eta borrokei eginda dauka gogoa, eta, lehorrean geraraziz gero, baso itzaltsuak liluratzen badu ere, eguzkiak bere errainu epelekin laztantzen badu ere, gogaitu egiten da, iraungi egiten da han; itsasertzeko hondartzan joan-etorrian ematen du egun osoa, olatuen burrunba beti-berdinari adi, ortzi-muga lainotsua begiekin arakatzen, irrikaz, itsaso zabal urdina eta hodeitxo grisak bereizten dituen marra zurixkan bela bat noiz agertuko zain, kaio baten hegoaren antzeko hasieran, baina gero, apurka-apurka gandor apartsuen artean nabarmendurik, ezarian hurbilduz kai inor gabera...
© M.J. Lermontov
© itzulpenarena: Jose Morales Belda