Hitzaurrea
Orain dela gutxi jakin dut Petxorin hil zela Pertsiako itzuleran. Albiste horrek biziki alaitu ninduen: ohar hauek argitaratzeko eskubidea ematen zidan, eta egokieraz baliatu nintzen neure izena jartzeko beste batek idatzitakoari. Jainkoa lagun, espero dut irakurleak ez nauela zigortuko faltsutze laño horregatik!
Orain, zenbait azalpen eman behar ditut sekula ezagutu ez dudan gizabanako baten bihotz barreneko sekretuak jendaurrean zabaltzera bultzatu nauten zioen gainean. Gutxienez haren adiskidea izan banintz, edonork ulertuko zukeen benetako adiskidearen arinkeria maltzurra; baina behin bakarrik ikusi nuen neure bizitza osoan, gurdibide batean; horrenbestez, ezin dut haren aldera sentitu adiskidetasunaren mozorropean ezkutaturik egon ohi den gorroto ulergaitz hori, zeina lagun hurkoaren heriotzaren edo ezbeharraren zain baitago haren buru gainera gaitzespen, aholku, iseka eta auhen jasa batez oldartzeko, txingor-erauntsiaren antzera.
Ohar hauek berriro irakurri ditudanean, etsita geratu naiz egiatia behar duela bere ahulkeriak eta akatsak hain gupidagabeki kanpora agertarazten dituen gizonak. Gizaki baten arimaren historia —baita arimarik zikoitzena izanik ere— herri osoarena bezain interesgarria eta baliagarria izan daiteke, batez ere adimen argiko norbaitek bere buruaz egindako azterketaren emaitza bada eta begikotasuna edo harridura sortzeko asmo handiusterik gabe idatzita badago. Rousseauren aitorkizunek akats hori dute sortzetik beretik, lagunei irakurtzen baitzizkien.
Beraz, onuragarri izateko gogoak soilik bultzatu nau halabeharraren zoriaz eskuratu dudan egunkari honen atal batzuk argitaratzera. Izen-abizenak aldatu baditut ere, segur aski, bertan agertzen diren pertsonek beren burua ezagutuko dute eta, beharbada, gaurgero mundu honekin inolako loturarik ez duen gizaki bati orain arte leporatu dizkioten egintzak zuritzeko argudioak aurkituko dituzte: ia beti barkatzen dugu ulergaitz zaiguna.
Liburu honetan, Petxorinek Kaukason egindako egonaldiarekin zerikusia duena besterik ez dut bildu; nire eskuetan beste koaderno lodi bat geratu da, zeinean bere bizitza osoaren berri ematen baitu. Egunen batean argitara emango dut, munduak epai dezan. Baina oraingoz, pisuzko arrazoi asko direla eta, ez naiz ausartzen erantzukizun hori neure gain hartzen.
Agian, hainbat irakurlek jakin nahiko lukete zer deritzodan Petxorinen izaerari. Nire erantzuna liburu honen izenburu bera da. «Hori bai ironia makurra!», esango dute. Ez dakit.
© M.J. Lermontov
© itzulpenarena: Jose Morales Belda