II. MAXIM MAXIMITX
Maxim Maximitxengandik bereizi ondoren, bizkor zeharkatu nituen Terek eta Darialeko arroilak, gosaldu nuen Kazbeken, tea hartu Larsen, eta afalordurako Vladikavkazera heldu nintzen. Ez zaituztet nekatuko mendien deskripzioekin, ezer adierazten ez duten laudorioekin edo —batez ere bertan izan ez direnentzat— ezer irudikatzen ez duten koadroekin, ezta ohar estatistikoekin ere, dudarik gabe inortxok ez bailituzke irakurriko.
Ostatu batean gelditu nintzen. Hor gelditzen dira bidaiari guztiak, baina, hala ere, ez dago faisana erretzeko eta zopa prestatzeko nori eskatu, ostatuaren ardura duten hiru elbarriak izan ezik, baina hain dira ergelak edo mozkortiak, non ez baitago haiengandik ezertxo ere lortzerik.
Jakinarazi zidaten hiru egunez geratu behar nuela han, zeren Jekaterinogradoko «egokiera» artean ez baitzen iritsi eta, beraz, ezin itzuli. Hori bai egokiera ederra!... Baina hitz-joko zozo bat ez da kontsolamendu errusiar batentzat eta, denbora ematearren, Belaren istorioa idaztea otu zitzaidan, Maxim Maximitxen ahotik entzun nuen bezalaxe, irudikatu ere egin gabe kontakizun-katea luze baten lehen maila izango zela; ikusi nola batzuetan munta gutxiko gertaera batek ondorio latzak izaten dituen!... Baina zuek, agian, ez dakizue zer den «egokiera». Eskolta bat da, infanteriako konpainia erdiak eta kanoi batek osatua; Kabardia zeharkatzean konboiei laguntzen die Vladikavkazetik Jekaterinogradora bitartean.
Aurreneko egunean, ikaragarri aspertu nintzen; biharamunean, goizean goiz, zalgurdi bat sartu zen etxartera... Ah! Maxim Maximitx!... Aspaldiko lagunak bagina bezala hartu genuen elkar. Neure logela eskaini nion. Ez zen konplimendutan hasi, bizkarrean txaplaka egin zidan eta ahoa okertu zuen irribarre moduko bat osatuz. Bai gizon bitxia!...
Maxim Maximitxek sukaldaritzaren arteari buruzko ezagupen sakonak zituen: faisai errea maneatu zuen harrigarri ondo, eta oso modu egokian ondu zuen pepino-gatzunez, eta aitortu beharra daukat bera gabe edozein mokadu kaxkarrekin moldatu beharko nukeela. Botila bat Kakhetiako ardok lagundu zigun jaki aukeraren urria ahazten, izan ere jaki bakarra baitzegoen; pipak piztu eta eseri egin ginen: ni leiho ondoan eta bera labetxo piztuaren alboan, zeren eguna hezea eta hotza baitzen. Isilik geunden. Zertaz hitz egin genezakeen?... Ordurako, hark, bere buruaren gainean aipatzekoa zen guztia kontatua zidan, eta nik ez neukan zer kontaturik. Leihotik begira nengoen. Terek gero eta zabalago zihoan, eta zuhaitzen artean etxetxo baxu ugari ageri zen ibaiertzetan han-hemenka barreiaturik; urrunago, mendiak ikusten ziren, urdin, murru almenadunak bailiran, eta haien gainetik Kazbek bere kardinal-kapelu zuriarekin. Diosal egiten nien neure kabutan: pena ematen zidan hori guztia uzteak...
Luzaz egon ginen horrela eserita. Eguzkia tontor hotzen gibelean gorde zen, eta laino zurixka haranetan sartzen hasia zen bidai kanpaitxoen txilin-hotza eta gurtzainen oihuak aditu genituenean kalean. Zenbait orga sartu ziren ostatuko etxartean, armeniar zikin batzuk gidari, eta haien atzetik zaldi-kotxe huts bat; ibiltze arinak, egitura erosoak eta itxura dotoreak halako kutsu atzerrikoa ematen zioten. Kotxearen atzetik bibote handiko gizon bat zetorren, husar-tankerako jaka soinean, nahiko ondo jantzita lekaioa izateko; gizarte-mailari zegokionez, berriz, ez zegoen okertzerik, ikusita nolako harropuzkeriaz kentzen zuen pipako errautsa eta nolako hantustez garrasi egiten zion tarteka kotxe-zainari. Begi bistan zegoen jaun nagiren baten morroi kuttuna zela, Figaro errusiar baten antzeko zerbait.
— Esadak, adiskidea —esan nion oihuka leihotik—, egokiera iritsi da ala?
Ozarki samar begiratu zidan, gorbata doitu, eta jiratu egin zen; haren ordez, beraren aldamenean zihoan armeniar batek, irribarrez, baietz erantzun zidan, egokiera iritsia zela eta biharamun goizean itzulerako bidea hartuko zuela berriro.
— Jainkoari eskerrak! —esan zuen Maxim Maximitxek, une hartan leihora hurbildu berria baitzen—. Bai kotxe miragarria! —gaineratu zuen—. Inondik ere, funtzionarioren bat Tiflisera doa auzibideren bat argitzera. Bistan dago ez dituela gure mendiak ezagutzen! Ba, oker hago, adiskidea: ez ditek hire kotxea begirunez tratatuko, ingelesa izanik ere astindu ederra emango ziotek!
— Baina nor ote da? Goazen ikustera...
Korridorera irten ginen. Korridorearen amaieran, irekita zegoen alboko gela baten atea. Lekaioa eta kotxe-zaina hara eramaten ari ziren maletak.
— Aizak, lagun —galdetu zion kapitain-ordeak lekaioari—, norena da kotxe miragarri hori?... E?... Bai kotxe ederra!... —Lekaioak, jiratu ere egin gabe, zerbait murduskatu zuen bere golkorako maleta baten lokarriak askatzen zituen bitartean. Maxim Maximitx haserretu egin zen; gizon zakar horri sorbalda ukitu, eta esan zion—: Hirekin ari nauk, adiskidea...
— Norena den kotxea?... nire nagusiarena...
— Eta nor da hire nagusia?
— Petxorin...
— Zer diok? Zer diok? Petxorin?... Ah, ene jainkoa!... Baina ez zuten Kaukasora bidali? —galdetu zuen Maxim Maximitxek, mahukatik tiraka egiten zidala. Bozkarioz dirdirka zituen begiak.
— Bai, uste dut hara bidali zutela, baina nik denbora gutxi daramat berarekin.
— Bai ba, gizona, bai ba!... Grigori Aleksandrovitx!... Hori dik izena, ezta?... Hire nagusia eta biok lagunkideak izan gintuan —gaineratu zuen, lekaioari sorbaldan adiskidetasunez zaflada emanik, hain indartsu non erortzeko zorian egon baitzen...
— Mesedez, jauna; enbarazu egiten didazu —esan zuen kopeta zimurtuta.
— Tira, tira, nire lagun hori!... Ez badakik ere, hire nagusia eta biok adiskide minak gintuan, elkarrekin bizi gintuan... Baina non da orain?
Morroiak jakinarazi zion Petxorin N. koronelaren etxean geratua zela afaltzen eta gau egiten...
— Baina arratsean ez da hona inguratuko? —esan zuen Maxim Maximitxek—. Edo agian hik, adiskidea, ez duk zerbaitetarako harengana joan beharrik izango?... Baldin bahoa, esaiok Maxim Maximitx dagoela hemen; horrelaxe esaiok... berak bazekik... Hamar kopekeko zortzi txanpon emango dizkiat vodkatarako...
Lekaioak destainazko imintzioa egin zuen eskaintza xume hori entzundakoan, baina, hala ere, mandatua beteko zuela hitz eman zion Maxim Maximitxi.
— Laster etorriko da! —esan zidan Maxim Maximitxek, garaile eitean—, kanpora joango naiz eta bertan itxarongo diot... Ai!, tamalgarria da N. ez ezagutzea...
Maxim Maximitx kanpoan eseri zen, ate ondoko jarlekuan, eta ni gelara joan nintzen. Egia esan, ni ere apur bat egonezinik nengoen, Petxorin hori noiz agertuko zain; kapitain-ordearen kontakizunean oinarrituta hari buruz osatua nuen iritziak ez zion mesede handirik egiten baina, hala ere, haren izaeraren zenbait ezaugarri mirestekoak iruditu zitzaizkidan. Handik ordu betera, elbarrietako batek samovarra irakitan eta teontzia ekarri zituen.
— Maxim Maximitx, ez duzu terik nahi? —oihuka galdetu nion leihotik.
— Eskerrik asko, ez dut gogorik.
— Tira, edan ezazu! Berandu da, hotz egiten du.
— Berdin dio; eskerrik asko...
— Hara, nahi duzun moduan! —Tea edaten hasi nintzen bakarrik; hamar bat minutu geroago, nire lagun zaharra sartu zen:
— Arrazoi duzu: hobe izango dut te pixka bat edatea; kontua da itxaroten nengoela... Ziur morroia aspaldian iritsi dela berarengana, baina, dirudienez, zerbaitek eragotzi dio etortzea...
Presaka, dangada batean edan zuen tea, bigarren kikarakada bati uko egin, eta berriro irten zen kanpora, apur bat larrituta: nabaria zen zaharra atsekabeturik zegoela Petxorinen zabarkeriagatik, batez ere kontuan izanik arestian bien arteko adiskidetasunaz mintzatu zitzaidala; gainera, ordu bete lehenago ziur zegoen berehalaxe etorriko zela beraren izena entzun bezain laster.
Berandu zen eta ilun zegoen leihoa berriro ireki eta Maxim Maximitxi deika hasi nintzaionean, esanez lotara joateko ordua zela; zerbait murmurikatu zuen hortz artean; gonbitea errepikatu nuen; ez zuen ezer erantzun.
Dibanean etzan nintzen, longainean bildu eta kandela bat utzi nuen labetxoari itsatsitako jarlekuan. Berehala lokartu nintzen, eta patxada ederrean lo egingo nukeen, baldin eta, oso berandu, gelara sartzean Maxim Maximitxek esnatu ez banindu. Mahai gainera bota zuen pipa, gelan hara-hona hasi zen, labetxoari eragiten zion eta, azkenik, oheratu egin zen, baina luzaz aritu zen eztulka, tuka, bihurrika...
— Zer, zimitzak ziztadaka ari zaizkizu? —galdetu nion.
— Bai, zimitzak... —erantzun zidan, hasperen astuna egin ondoren.
Biharamunean, goizean goiz altxatu nintzen; baina Maxim Maximitxek aurrea hartua zidan. Kanpoan aurkitu nuen, ate ondoko jarlekuan eserita. «Komandantearengana joan behar dut —esan zidan—, mesedez, Petxorin badator, bidali norbait nire bila...»
Hitz eman nion. Lasterka alde egin zuen, zangoek gaztetasunaren indarra eta zalutasuna berreskuratu balituzte bezala.
Goiza hozkirria zen, baina polita. Hodei urrekarak metaka pilaturik ageri ziren tontorren gainean, beste mendilerro bat bailiran, airean osatua. Ostatuko atariaren aurrean plaza zabala zegoen, eta haren atzean azoka, jendez borborrean, igandea zen eta. Mutiko osetiarrak, oinutsik, itzulika zebilzkidan inguruan, sorbalda gainean ezti-abaraskak zituztela fardeletan sartuta; uxatu egin nituen, jasanezinik: ez nengoen aldarte oneko, kapitain-orde errukarriaren urduritasuna nitaz ere jabetzen hasia zen.
Hamar minutu ere ez ziren igaro eta, halako batean, zain geundena azaldu zen plazaren muturrean. N. koronela berarekin zetorren; ostaturaino lagundu, diosal egin, eta gotorlekurako bidea hartu zuen ostera. Elbarrietako bat bidali nuen berehala Maxim Maximitxen bila.
Lekaioa Petxorini harrera egitera atera zen, eta jakinarazi zion berehalaxe prestatuko zutela zaldi-kotxea; kutxa bete zigarro puru eman eta, zenbait agindu jaso ondoren, haiek betetzera abiatu zen. Nagusiak zigarro bat piztu zuen, bi aldiz aharrausi egin, eta atearen beste aldeko jarlekuan eseri zen. Orain, haren potreta pintatu behar dizuet.
Goibehe ertainekoa zen; gorpuzkera lerden eta segailak eta bizkar zabalak argi erakusten zuten gizaseme sendoa zela, bizitza ibiltariaren neke guztiak eta klima-aldaketak eramateko gai, ez hiriburuko bizimoduaren galdukeriak ez arimako ekaitzek garaitu ez zutena; belusezko longain hautsez beteak, beheko bi botoiak soilik loturik baitzituen, ikusgai uzten zuen alkandora zuri makulagabea, ondo hezitako gizon txukuna zelako seinale; eskularru zikinduek haren esku txiki aristokratikoen neurrira berariaz josiak zirela ematen zuten, eta haietako bat erantzi zuenean, harritua utzi ninduen hatz zurbilen argalak. Haren ibilera laxoa eta nagia zen, baina ohartu nintzen ez ziela besoei eragiten: izaeraz barnerakoi samarra zelako adierazgarri nabaria. Dena dela, honako hauek nire irudipenak besterik ez dira, nik antzemandakoan oinarrituak, eta inola ere ez zaituztet behartu nahi horrelakoak itsu-itsuan sinestera. Jarlekuan eseri zenean, tailu zuzena malgutu zitzaion, bizkarrezurrean orno bat bera ere izango ez balu bezala; gorputzaren jarrerak, oro har, nolabaiteko ahultasun urduria adierazten zuen; Balzac-en liburuetan hogeita hamar urteko andere irtirinak dantzaldi unagarriaren ostean lumatxazko besaulkietan nola esertzen diren, halaxe zegoen bera eserita. Aurpegiari lehen begiratua emandakoan, ez nion hogeita hiru baino gehiago une egotzi, baina gerora, hogeita hamar zituela egin nuen kontu. Haren irribarrean bazen ume-eiteko zerbait. Larmintza emakumezkoena bezain leuna zen; ile horail eta berez kizkurrak era bitxian inguratzen zion bekoki zurbil prestua, zeinean luzaz erreparatu ondoren soilik suma baitzitezkeen zimurren aztarnak, elkar gurutzaturik, segur aski haserrealdietan edo arimako zirrara aldietan askozaz ere argiago nabarmenduko litzaizkiokeenak. Ilearen kolore argia gora-behera, bibotea eta bekainak beltzak ziren, jatorri onaren adierazle gizakian, hala nola zaldi zurian zurda eta buztan beltzak arraza onaren adierazgarri diren. Potreta biribiltzeko, esango dizuet sudur-punta pittin bat gorantz jasoa zuela; hortzak itsugarri zuriak ziren, eta begiak gaztainkarak; baina begien gainean zertxobait gehiago esan behar dizuet.
Lehenengo eta behin, ez zuten barre egiten berak barre egiten zuenean! Ez diozue inoiz inori horrelako berezitasunik antzeman?... Horrek bietako bat erakusten du: edo adiurre gaiztoa, edo sakoneko tristezia iraunkorra. Halako leinuru fosforeszente batez distiratzen zuten —horrela azaltzerik badago— betile erdi beheratuen atzetik. Ez zen arimako sugarraren edo irudimen jostariaren isla: altzairu leunduaren distiraren antzeko distira zen, itsugarria baina hotza; begirada iraupen laburrekoa zen, baina zorrotza eta astuna; behar gabeko galdera baten inpresio gogaikarria uzten zuen, eta ozarra ere irudi zukeen hain axolagabea eta lasaia ez balitz. Nik Petxorinen bizitzako zenbait xehetasun ezagutzen nuen, eta agian horregatik soilik etorri zitzaizkidan gogoeta horiek guztiak burura, eta agian, beste norbaiti, haren itxurak guztiz bestelako inpresioa eragingo ziokeen; baina nigandik izan ezik ez duzuenez beste inorengandik hari buruzkorik entzungo, zertzelada hauekin askietsirik geratu behar duzue derrigorrez. Laburbiltzeko esango dizuet orokorrean nahikoa polita zela eta goi-gizarteko emakumeei bereziki atsegin zaien ohiz besteko fisonomia horietakoa zuela.
Ordurako zaldiak kotxeari lotuta zeuden; kanpaitxoak aldizka soinu egiten zuen uztaian esekita, eta ordurako lekaioa birritan hurbildua zen Petxorinengana dena prest zegoela iragartzera, baina Maxim Maximitx ez zen artean agertu. Zorionez, Petxorin gogoetetan murgilduta zegoen, Kaukasoko mendi-kasko urdinei begira, eta, itxuraz, ez zuen inolako presarik abian jartzeko. Hurreratu egin nintzaion.
— Plazer baduzu oraindik apur batean itxarotea —esan nion—, aspaldiko lagun batekin elkartzeko aukera atsegina izango duzu...
— Hara, egia da! —erantzun zuen azkar—, atzo esan zidaten; baina non da? —Plaza aldera bihurtu nintzen eta ikusi nuen Maxim Maximitx korrika zetorrela hanken eginahal guztian... Minutu batzuk geroago, aldamenean geneukan; nekez hartzen zuen arnasa; izerdi patsetan zeukan aurpegia; ileurdin-xerlo bustiak, txanoaren azpitik agerian, bekokiari itsatsirik zituen; belaunak dardarka ari zitzaizkion... Sutsuki besarkatu nahi izan zuen Petxorin, baina honek, adiskidetsu irribarre egin bazuen ere, hotz samar luzatu zion eskua. Kapitain-ordea harrituta geratu zen lipar batez, baina gero, gogotsu hartu zion eskua bi eskuekin: artean ez zen hitz egiteko gauza.
— Hau poza, Maxim Maximitx maitea! Tira, zer moduz bizi zara? —esan zion Petxorinek.
— Eta... hi?... eta zu? —murmurikatu zuen zaharrak, begiak malkotan zituela Aspaldiko... zenbat une... baina nora zoaz?
— Pertsiara noa, eta urrutiagora...
— Baina, nola, oraintxe bertan?... Zaude apur batean, nire adiskide maitea!... Nolatan bereiziko gara orain besterik gabe?... Denbora luzea da ez dugula elkar ikusi...
— Alde egin beharra daukat, Maxim Maximitx —Horra erantzuna.
— Jainkoarren, jainkoarren! Baina zer dela-eta horren presa handia?... Hainbat gauza esan nahi nizuke... badut zer galdetua... Zer, armada utzi duzu?... Zergatik?... Zer egin duzu aspaldi honetan?...
— Aspertu! —erantzun zuen Petxorinek, irribarrez...
— Baina gogoan duzu gotorlekuan bizi gineneko garaia? Lurralde bikaina ehizarako!... Izan ere, zu ehiztari sutsua zinen... Eta Bela?...
Petxorin jiratu egin zen apur bat zurbilduta:
— Bai, gogoan dut! —esan zuen, gezurrezko aharrausia egiteaz batera...
Beste ordu pare bat berarekin geratzeko eskatzen hasi zitzaion Maxim Maximitx.
— Bapo bazkalduko dugu —ziotson—, bi faisai dauzkat; eta Kakhetiako ardo paregabea dago hemen... jakina, ez da Georgiakoa bezain ona, baina primerakoa da... Kontu-kontari jardungo dugu... Petersburgeko bizialdiaren gora-beheren berri emango didazu... Bai?...
— Egia esan, ez daukat zer kontaturik, Maxim Maximitx maitea... Tira, agur, alde egin beharra daukat... berandu nabil... Estimatzen dizut nitaz ahaztu ez izana... —gaineratu zuen, lagun-zaharrari besotik helduta.
Honek bekainak okertu zituen... Goibel eta haserre zegoen, baina barnean ezkutatzeko ahaleginak egiten zituen.
— Ahaztu! —esan zuen purrustadaka—, ni ez naiz ezertaz ere ahaztu... Ea, jainkoa zurekin!... Ez nuen uste gure topaketa hau honelakoa izango zenik...
— Tira, aski da, aski da! —esan zuen Petxorinek, adiskidetsu besarkatu ondoren—. Ez al naiz lehengo berbera?... Zer egingo diogu?... Bakoitzak bere bideari jarraitu behar... Agian, elkartzeko aukera izango dugu besteren batean, jainkoak daki!... —Hori esan zuenerako kotxean eserita zegoen, eta kotxe-zaina hedeak biltzen hasia zen.
— Egon, egon! —oihuka hasi zitzaion bat-batean Maxim Maximitx, kotxearen atetilari helduta—, erabat ahaztuta neukan... Zure paperak dauzkat, Grigori Aleksandritx... aldean eramaten ditut beti... Georgian aurkituko zintudalakoan nengoen, baina hara non jainkoak hemen elkartu gaituen... Zer egingo dut haiekin?
— Nahi duzuna! —erantzun zion Petxorinek—. Agur...
— Beraz, Pertsiara zoaz?... eta noiz itzuliko zara?... —oihu egin zion Maxim Maximitxek atzetik...
Ordurako, urrun zegoen kotxea, baina Petxorinek keinua egin zuen eskuaz; agian, honakoa adierazi nahi zuen keinu horrek: batek daki! Gainera, zertarako?
Jadanik ez zen entzuten ez kanpaitxoaren hotsa ez gurpilek bide harritsuaren kontra ateratzen zuten kirrinka, baina zahar gizajoa leku berean zegoen oraindik, hausnartze sakonean murgilduta.
— Bai —esan zuen azkenik, itxura arduragabea ematen saiatuz, nahiz eta haserre-malkoek tarteka distiratzen zuten haren betileetan—, jakina, adiskideak ginen, baina zer da adiskidetasuna egungo garai honetan?... Zer eskaini ahal diot nik? Ez naiz aberatsa, ez dut goi-kargurik, eta adinez ere ez naiz haren pareko... Begira zer handiputz bihurtu den berriro Petersburgen izan denetik... Nolako kotxea!... zenbat fardel!... eta lekaioa bai harroa!... —Irribarre ironiatsuz jaulkitzen zituen hitz horiek—. Esadazu —jarraitu zuen, niganantz jiraturik—, zer deritzozu?... zer arraiotarako joan behar du orain Pertsiara?... Barregarria da, alajainkoa, barregarria!... Baina nik beti jakin dut gizon haizekorra dela eta ez dagoela beraz fidatzerik... Dena dela, egia esan, tamalgarria da amaiera makurra izatea... baina ezin bestela izan!... Izan ere, nik beti esan dut lagun-zaharrak ahazten dituenak ez duela atarramendu onik izaten!... —Orduan, jiratu egin zen, narritadura ezkutatzeko, eta etxartetik ibiltzen hasi zen bere gurdiaren inguruan, gurpilak aztertzen ari zelako plantak eginez, txitean-pitean begiak malkotan blai jartzen zitzaizkiola.
— Maxim Maximitx —esan nion, hurbilduta—, eta zer dira Petxorinek eman zizkizun paper horiek?
— Haren jainkoak daki! Oharrak edo horrelako zerbait...
— Zer egingo duzu haiekin?
— Zer? Kartutxoak egiteko aginduko dut.
— Hobe zenuke niri ematea.
Harriduraz begiratu zidan, hortz artetik zerbait murmurikatu, eta maleta arakatzen hasi zen; halako batean, koaderno bat atera eta erdeinuz bota zuen lurrera; gero, gauza bera egin zuen hurrengoarekin, eta hirugarrenarekin; hamar koadernori egokitu zitzaien patu berbera. Maxim Maximitxen haserrean bazen ume-kutsuko zerbait; barregura eta pena ematen zidan aldi berean...
— Hona hemen guztiak —esan zuen—, zorionak aurkikuntza honengatik...
— Nahi dudan guztia egin dezaket hauekin?
— Baita egunkarietan argitaratu ere. Niri bost axola!... Zer naiz ni gero?, horren adiskidea?... senitartekoa?... Bai, egia da luzaz bizi izan garela teilape berean... Baina ez al zait beste hainbatekin ere gauza bera gertatu?
Paperak jaso eta berehalakoan eraman nituen, kapitain-ordeari damutuko ote zitzaion beldurrez. Handik laster etorri zitzaizkigun jakinaraztera egokiera ordu bete barru irtengo zela; zaldiak prestatzeko agindu nuen. Kapitain-ordea gelara sartu zen jadanik txanoa janzten ari nintzela; nonbait, ez zegoen abiatzeko prest; itxura goibel eta hotza zuen.
— Eta zuk, Maxim Maximitx, ez duzu alde egin behar?
— Ez.
— Zer dela eta?
— Oraindik ez naiz komandantearekin izan, eta estatuaren hornigai-sorta bat eman behar diot...
— Baina lehen ez zara harengana joan?
— Bai, noski —esan zidan, ezbaian baina ez zegoen etxean... eta ez naiz zain geratu.
Ulertu nuen: zahar gizajoak, bere bizialdi osoan aurreneko aldiz segur aski, bertan behera utzia zuen zerbitzuko eginkizun bat norberaren arazoak zirela medio, paperetako hizkera erabiltzearren. Eta bai ondo saritu zutela!
— Tamalgarria da —esan nion—, oso tamalgarria, hain goiz banandu behar izatea.
— Nolatan joango gara gu, zahar ezikasiok, zuen atzetik?... Zuek, gazte munduzaleak, harroak zarete: hemen garelarik, txerkesen balen artean, tira, hainbestean moldatzen gara... baina gero, beste edonon topo egiten badugu, lotsa ematen dizue gulakooi bostekoa emateak.
— Ez dut horrelako kargu hartzerik merezi, Maxim Maximitx.
— Tira, aizu, hitz egiteko modu bat besterik ez zen; eta gainera, munduko zorion guztia eta bidaia ona opa dizkizut.
Lehor samar agurtu genuen elkar. Maxim Maximitx onbera kapitain-orde setatsu eta erretxin bihurtua zen! Zergatik baina? Ba Petxorinek, arduragabekeriagatik edo beste arrazoiren batengatik, eskua estutu ziolako, nahiz eta berak besarkatzeko gogo bizia zuen! Goibeltzekoa da ikustea nola gazte batek bere itxaropen eta ametsik onenak galtzen dituen aurrean daukan errezel arrosa urratzen zaionean, bertatik ikusten baitzituen gizakien egintzak eta sentimenduak; baina gazteak badu zaharren okerrak ordezkatuko dituelako itxaropena, nahiz eta oker berriak lehengoak baino iragankorragoak eta gozoagoak ez izan... Baina zer ordezka daiteke Maxim Maximitxen adinera iritsitakoan? Nahitaez, bihotza sorgortu eta arima itxi egiten da...
Bakarrik joan nintzen.
© M.J. Lermontov
© itzulpenarena: Jose Morales Belda