GURE GARAIKO HEROIA
Liburu orotan hitzaurrea aurreneko eta, aldi berean, azkeneko atala izaten da; obraren helburuak azaltzeko edo zuribide gisa eta kritikei erantzuteko balio izan ohi du. Baina, gehienetan, irakurleei ez diete axola ez helburu moralek, ez aldizkarien erasoek, eta horregatik ez dituzte hitzaurreak irakurtzen. Eta hori, tamalez, gure herrialdean gertatzen da bereziki. Gure irakurlegoa hain da gaztea eta lañoa oraindik, ezen amaieran ikasbiderik aurkitu ezean ez baititu alegiak ulertzen. Ez ditu bromak atzematen, ez da ironiaz jabetzen; hitz batean, txarto hezita dago. Oraindik ez daki ageriko irainak ezin dezakeela lekurik izan ez gisako gizarte batean, ez gisako liburu batean; ez daki egungo kulturak arma zorrotzago bat asmatua duela, ia ikusiezina baina, hala ere, hilgarria, lausenguaren mozorropean zartada jarkiezin eta doia jotzen duena. Gure irakurlegoa, elkarren etsai diren bi erresumatako bi diplomatikoren arteko elkarrizketa ezustean entzunik, elkarrenganako adiskidetasun ezinago samurraren mesedetan nork bere gobernuari ziria sartzen diola sinetsita geratzen den herritar xumearen antzekoa da.
Arestian, liburu honek berak jasan behar izan du hainbat irakurlek, eta baita zenbait aldizkarik ere, esandakoa hitzez hitz ulertzeko duten zoritxarreko joera hori. Batzuk ikaragarri mindu dira, eta seriotan gainera, eredu gisa Gure Garaiko Heroia, hain moral gabea den gizakume bat alegia, jarri zaielako; beste batzuek zorroztasun handiz ohartarazi dute idazleak bere buruaren erretratua eta bere ezagunen erretratuak egin dituela... Hori bai broma zaharra eta negargarria! Baina, dirudienez, Rus halako moldez sortu zuten, non dena zaharberritzen baita, tamaina horretako burugabekeriak izan ezik. Gure herrialdean, ipuin fantastikoetan fantastikoenak ere nekez lortuko luke gizabanakoaren izaeraren aurkako erasoa dela inork ez leporatzea.
Gure Garaiko Heroia, jaun txit agurgarriok, izan ere, erretratua da, bai, baina ez gizabanako bakar baten erretratua: gure belaunaldi guztiaren keriak, hazkunde betean dauden keria horiek bilduz egindako erretratua da. Berriro esango didazue gizakia ezin izan daitekeela horren ergela, eta nik hau esango dizuet: gaizkile tragiko eta erromantiko guztiak izan bazitezkeela sinetsi duzuenok, zergatik ez duzue sinesten Petxorin ere badela? Askozaz ere asmakeria izugarri eta okaztagarriagoak miretsi badituzue, zergatik izaera honek, asmakeriatzat hartuta ere, ez du zuengan barkamenik aurkitzen? Agian berarengan zuek nahi baino tamaina handiagoko egia dagoelako?
Esango duzue horrekin moraltasunak ez duela irabazten? Barkatu. Jendeari gozoki gehiegi eman diote; eta horren ondorioz hondatuta dauka urdaila: botika mingotsak behar ditu, egia garratzak. Hala ere, ez ezazue pentsa liburu honen egileak jendearen keriak zuzentzea bezain amets harrorik izan duenik inoiz. Jainkoak gorde nazala horrelako ezjakintasunetik! Besterik gabe, alaigarri zaio egungo gizakiaren erretratua egitea, berak ulertzen duen moduan; eta bai zuen bai bere zoritxarrerako, nahi baino sarriagotan aurkitu izan du. Gaixotasuna erakutsi dugu, eta ez da gutxi, baina nola sendatu, hori, jakin ere, jainkoak daki!
© M.J. Lermontov
© itzulpenarena: Jose Morales Belda