HITZAURREA

 

        Mikhail Jurievitx Lermontov Moskun jaio zen 1814an. Hiru urte bete gabe zituela, ama hil zitzaion eta aitak amonaren ardurapean utzi zuen. Elizaveta Alekseievna, Lermontoven amona, emakume aberatsa zen, itzal handikoa Moskuko zein San Petersburgeko goi-gizartean. Hamahiru urte bete arte, bere etxaguntza handian hazi zuen umea, maitasun handiz eta haren heziketaz biziki arduratuta. Urte haiek berebiziko garrantzia izan zuten Lermontoven bizitzan. Amonaren etxeko liburutegi oparoak irakurtzeko grina piztu zion. Horrekin batera, biziki atsegin zitzaion haurtzainarekin eta jopuekin hizketan aritzea, eta Errusiako historiari buruzko makina bat ipuin eta kondaira entzun zuen haien ahotik. Solasaldi haiek, batetik, aukera paregabea eman zioten herri xeheak erabiltzen zuen errusiera menperatzeko, eta bestetik, haiei esker ohartu zen Errusiako herriak zapalkuntza gogorra jasaten zuela, nekazarien eta jopuen bizi-baldintzak ezin latzagoak zirela eta tsarrek bidegabe eta neurrigabeko ankerkeriaz gobernatzen zutela Errusia zabala.

        Osasun kaxkarreko haurra zenez, amonak hirutan eraman zuen Kaukasora, Piatigorsk hirira hain zuzen ere, bertako balnearioan ur sendagarriak hartzera. Bestelako herriak ezagutu zituen menditzar eder eta liskartsu haietan (txetxeniarrak, txerkesak, kabardiarrak, osetiarrak...), hango paisaiak eta giroak erabat liluratuta utzi zuten eta, harrezkeroztik, ezin hautsizko lotura sortuko zen idazlearen eta Kaukasoren artean. Gure garaiko heroia liburuan maisutasun handiz deskribatu zituen bai hango paisaiak eta bai garai hartako giroa.

        XVII. mendean Errusia Kaukaso kolonizatzen hasi zen eta 1830etik 1859ra bitartean gerra luze bati ekin zion Kaukasoko iparraldean matxinatutako menditarren aurka. Kaukaso zigor latza zen tsarren etsaientzat: hara erbesteratzen zuten Errusiako egoera salatzen zuen oro, hara bidaltzen zituzten gobernuaren kontra azaltzen ziren militarrak.

        1825ean Alexandre I.a hil zen ustekabean. Abenduaren 14an, armadak Nikolas I.a tsar berriari leialtasun-zina egin behar zion egunean alegia, militarrik aurrerazaleenek (dekabristak) matxinada antolatu zuten San Petersburgen. Errusiak Konstituzioaren eta Legebiltzarraren premia larria zeukala aldarrikaturik, tsarrari zuen ez egiteko eskatu zioten armadari. Baina egun horretan bertan Nikolas I.a altxamendua zapaldu eta gupidarik gabe zigortu zituen matxinatuak: zaurituak Neva ibai izoztura bota, buruzagiak urkatu, ofizialak Siberiara erbesteratu eta soldaduak jipoitu eta Kaukasora bidali zituen. Iraultza-saio ustel horren ostean, Nikolas I.ak izuaren bidez sendotu zuen bere boterea.

        1827an, amonak, Moskura bidali zuen Lermontov, nobleen semeentzako eskola batean ikastera. Ordurako, oso ondo ezagutzen zuen Errusiako poesia eta, eskolan zegoela, besteak beste, gogo biziz irakurri zituen Schiller, Goethe, Voltaire, Rousseau, Hugo, Shakespeare, Byron eta Scott, den-denak jatorrizko hizkuntzan.

        1830ean Moskuko unibertsitatean sartu zen eta buru-belarri ekin zion ikasteari eta idazteari. Urte horretan bertan, poema bat argitaratu zioten estreinako aldiz.

        Tsarraren aburuz, unibertsitatea leku arriskutsua zen, librepentsalarien eta gazte iraultzaileen gordeleku; zorrotz kontrolatzen zuen eta hango irakaspenen helburua errejimen autokratikoari atxikitako funtzionario leialak sortzea besterik ez zen. Baina ikasleek taldeak antolatzen zituzten eta ezkutuan biltzen ziren liburu debekatuak irakurtzeko, filosofiaz eta politikaz hitz egiteko eta tsarren errejimena kritikatzeko. Errusiako historian itzal handia izango zuten gizonak ezagutu zituen orduan Lermontovek, hala nola Herzen idazle iraultzailea, Belinski literatur kritikaria eta Gontxarov idazle errealista. Urte haietan, poesia bazter utzi gabe, antzerkigintzari heldu zion. Bi drama eta tragedia bat idatzi zituen: Gizon bitxi bat, Grinak eta gizakiak eta Espainiarrak, hurrenez hurren.

        1832an, zenbait irakaslerekin istiluak izan zituela eta, unibertsitatetik egotzi zuten. San Petersburgeko unibertsitatean sartzen saiatu zen, baina itxita aurkitu zituen hango ateak ere. Halatan, Kadete Eskolan sartu beste irtenbiderik ez zuen izan. Diziplina ikaragarri zorrotzak itota, bi urte latz igaro zituen eskola militar horretan, zeinean debekatuta baitzegoen literatura irakurtzea. Hala ere, Lermontovek ez zuen amore eman eta, narratibaren bidea hartuta, Vadim eleberria idazten hasi zen, ezkutuan eta kandela baten argitan. Umetan amonaren jopuek Pugatxoven altxamenduari buruz kontatutakoa jaso nahi izan zuen obra horretan, baina ez zuen inoiz burutu.

        1834an Kadete Eskolako ikasketak amaitu eta buru-belarri ekin zion berriro poesiari.

        1837an Pushkin poeta handia hil zuten duelu batean. Ezbehar ikaragarri horrek hunkituta, Lermontovek Poetaren heriotza poema ospetsua idatzi zuen. Bertan, asasinatzetzat jotzen zuen duelua, gobernuari leporatzen zion Pushkinen heriotzaren errua eta hitz gordinez salatzen zuen goi-mailako gizartearen galdukeria. Poemak arrakasta izugarria izan zuen eta, herritarren gogoan zirrara bizia eraginik, berehala zabaldu zen bazter guztietan. Amorruak hartuta, tsarrak Kaukasoko gerran borrokatzera bidali zuen egilea. Lermontovek gero eta argiago zekusan joputzak eta Errusiako gizartearen zein politikaren antolamenduak aurrerapen oro eragozten zutela, eta gero eta argiago azaltzen zen orduko errejimenaren aurka. Askatasun-egarria zen haren poesien gai nagusia, eta gizartearen interesak jartzen zituen ororen gainetik.

        1838an, Kaukasotik itzuli eta Gure garaiko heroia idazten hasi zen. Gobernuak ez zeukan, inondik ere, Errusiako poesiagintzan Pushkinen parera iristen hasia zen poeta jadanik ospetsuari bakerik emateko asmorik. Hamaika trikimailu erabili zuen Lermontov zirikatzeko. Agintarien morroiek hedatutako sarean harrapaturik, 1839an duelua izan zuen atzerritar batekin. Atxilotu, epaitu eta Kaukasora bidali zuten berriro. Baina, gaixorik zegoela eta, guda-lekura joan beharrean Piatigorsken geratzeko baimena lortu zuen. Sekula ez zen berriro handik itzuliko. Izan ere, goi-gizarteko eta aristokraziako kide asko zegoen Piatigorsken, eta Lermontov hara iritsi bezain laster, haren aurkako konplotak antolatzen hasi ziren. 1840an Gure garaiko heroia argitaratu zen. Handik gutxira, Lermontov gogaitzeko antolatutako taldeak idazlearekin dueluan borrokatzera bultzatu zuen Martivon komandante erretiratua, liburuan haren karikatura egin zuela aitzakiatzat hartuta.

        1841eko uztailaren 15ean, arratsaldeko 7etan, 27 urte zituela, Lermontov hilik geratu zen Mashuk mendiaren oinean, Piatigorsketik hurbil. Dueluan, Lermontovi egokitu zitzaion tiro egiten lehena izatea, baina gora jaso zuen arma eta tiroa hutsean galdu zen. Dueluaren arauek agintzen zutenez, bi aurkarietako batek airera tiro eginez gero, besteak debeku zuen haren aurka tiro egitea. Hala ere, Martinovek ez zituen arauak bete eta bertan hilik utzi zuen Lermontov. Gora-behera horiek zirela eta, jendeak asasinatzetzat jo zuen idazlearen heriotza.

        Mikhail Jurievitx Lermontov Errusiako poetarik handienetakoa izan zen Pushkinekin batera. Gazte hil bazen ere, obra ugari sortu zuen lirika arloan, haien artean: Aingerua, Kaukasoko gatibua, Maskara-dantzaldia, Otoitza, Orsha boiardoa, Ivan Vasilievitx tsarraren kantua, Pentsamendua eta Deabrua.

        Gure garaiko heroia menturazko nobela psikologikoa da. Errusiako literaturan inork ez zuen ordura arte pertsonaien azterketa psikologiko sakonik egin, baina harrezkeroztik hango idazle gehienen ezaugarri nagusietarikoa bilakatu zen. Liburuan, Petxorin ofizial errusiarrari Kaukason gertatutakoak kontatzen dizkigu Lermontovek. Hala ere, hori guztia aitzakia besterik ez da Petxorinen eta gainerako pertsonaien azterketa psikologikoa egiteko. Izan ere, Gure garaiko heroia pertsonaia ugariren bilduma eta erretratua da. Haien jokaera garaiari dagokiona da, baina izaera psikologikoak balio unibertsala du. Kaukasoko paisaien deskribapen ederrekin batera, hori dugu Lermontovek liburu honetan egindako ekarpenik garrantzitsuena.

        1840an salgai jarri, eta berehala agortu zen. Eragin handia izan zuen garaiko gizartean eta geroko literaturan. Bost narrazio labur biltzen ditu: Bela, Maxim Maximitx, Taman, Meri printzesatxoa eta Fatalista. Kaukasora bidalitako Petxorin ofizial gaztea da bost atal horiek elkarrekin lotzen dituen haria. Lermontoven alter ego-tzat jotzen da. Izan ere, liburua, neurri batean autobiografikoa dela esan daiteke, nahiz eta hitzaurrean egileak berak hori ukatzen duen: «Gure Garaiko Heroia, jaun txit agurgarriok, izan ere, erretratua da, bai, baina ez gizabanako bakar baten erretratua: gure belaunaldi guztiaren keriak, hazkunde betean dauden keria horiek bilduz egindako erretratua da».

        Lermontoven garaiko heroia, azken batean, garaiko eta garaiaren biktima besterik ez da. Izenburuak berak adierazten du idazleak bere garaiko gizarteari egiten dion kritika zorrotza, zeren heroi gisa aurkezten diguna moralik gabeko gizona baita, «gaizkile tragiko eta erromantikoa». Dekabristen porrotaren ondorengo belaunaldi gaztea itxaropenik eta jomugarik gabe bizi zen, baina azaleko alaitasunez eta amets handiz beteta. Lermontovek, belaunaldi horren eta, oro bar, garaiko gizartearen ikur jartzen digu Petxorin.

        Gure garaiko heroia eleberri errealista da, bai existentzia interpretatzeko moduagatik, bai idazleak erakusten duen jarrera subjektiboagatik. Lermontov erromantikoa zen, baina errealismoaren bila zebilen, eta «errealismo erromantikoa» izan zen bilatze horren emaitza.

        Gure garaiko heroia Errusiako prosaren eredutzat hartu ohi den obra klasikoa da eta, aldi berean, liburu erabat europarra, tankera horretako lehenetarikoa Errusiako literaturan. Lermontovek, errealitatea besterik gabe kontatzera mugatu beharrean, sentimenduen eta pertsonaien jokaeren azteketara mugitu zuen narrazioaren gunea. Harrezkeroztik, Errusiako prosak, nagusiki, Lermontovek urratutako bide horretatik joko zuen.

 

Jose Morales Belda

 

 

 

© Jose Morales Belda

 

 

"M.J. Lermontov / Gure garaiko heroia" orrialde nagusia