X

 

        Eguzkia zeruan distiraz zen gizonek esku-eskailera bidez Papple gurutzatu ahal izan zutenerako. Zubia desagerturik zen. Baina apaldurik zen uholdea, eta etxea, errekari erreberentzia zurrun bat egiten bezala aurrerantz okertua, lokatza eta hondakin artean zegoen orain, hego-mendebaleko kantoian pareta eroriak eta hondakin pilak zituela. Beldurgarriak ziren geletako aho-zuloak!

        Barrean, ez zen bizi-aztarnarik. Baina errekaren beste aldetik baratzaina etorri zen errekonozimenduan, eta sukaldaria agertu zen, jakin-minez erretzen. Sukaldariak atzeko atetik ihes egin zuen eta alertze artetik bidean gora jo, etxearen beste aldean ijitoa jauzika ikusi zuenean, norbait hiltzera zetorrela pentsatuta. Goiko sarrate txikian aurkitu zuen karroa geldi. Zaldia baratzainak eraman zuen Darleyra, Red Lionera, gaua iritsi zenean.

        Hori zen Papplewickeko gizonek jakin ahal izan zutena azkenean esku-eskailera bidez erreka gurutzatu eta etxearen atzeko aldera iritsi zirenean. Urduri zeuden, eraikuntza eroriko zen beldurrez: aurreko aldea erabat hondaturik eta atzeko aldea oztopaturik zeuzkan. Izuturik ikusten zituzten erretorearen liburu-ilaren apalak hutsik, estudio zartatuaren zulotik agerian; amonaren gelako kobrezko ohe handia, hain bigun eta erosoa, baina kobrezko ohe-hezurduraren hanka bat hutsartearen gainean koloka zuela amiltzeko arriskuan; neskamearen goiko gelako hondakinak. Neskamea eta sukaldaria negarrez zeuden. Gizon bat sartu zen kontu handiz sukaldeko leiho apurtu batetik, beheko solairuko nahaspila eta istingatara. Andre zaharraren gorputza aurkitu zuen, edo behintzat haren oin bat ikusi zuen, zapatila beltz laua jantzita zuela, hondakin eta lohi pilaren artetik lokazturik irteten. Eta aldean alde egin zuen gizonak.

        Baratzainak esaten zuen bazekiela ziur Yvette etxean ez zela. Ijitoa eta biak urak nola zeramatzan ikusi zuela. Baina poliziak bilaketan jarraitzeko agindu zuen, eta Framley inutilak lasterka heldu zirenean, eskailerak sokaz elkarri loturik geratu ziren. Orduan talde guztia deiadarka hasi zen gogor. Baina alferrik Erantzunik ez barrutik.

        Eskailera bat zutitu zuten eta Bob Framley igo zen: leiho bat hautsi eta izeba Cissieren gelara sartu zen. Hango gauzen etxekotasun eta familiartasunak izpirituak ikusita bezala izutu zuen. Etxea edozein unetan eror zitekeen.

        Eskailera goiko solairuraino luzatuta zutenean, Darleyko gizonak etorri ziren korrika, esanez ijito zaharra Red Lionen izan zela zaldi eta karroaren bila joanda, eta aditzera eman zuela semeak Yvette etxearen goiko aldean ikusi zuela. Baina ordurako polizia Yvetteren gelako leihoa puskatzen ari zen.

        Yvettek, lo astunean baitzegoen, ohe-estalgarrien artetik sustoan irten eta garrasi bat jaurti zuen, kristalak saltatu zuenean. Maindireei estuki helduz estali zuen bere biluztasuna. Poliziaren sorpresazko oihua «Yvette andereño! Yvette andereño!» deiadar bilakatu zen.

        Eskaileraren gainean jiratu eta beheko aurpegiei oihu egin zien:

        — Yvette andereñoa ohean dago! Ohean!

        Eta han geratu zen eskaileraren gainean, gizon ezkongabea, leihoari irmo helduta arriskuan, zer egin ez zekiela.

        Yvette ohean eserita zen, ilea nahas-mahas eginda, eta begi izutuekin begiratzen zuen, maindireak bularralde biluziaren kontra estutuz. Hain lo sakonean egonda, oraindik ez zion antzik ematen non zegoen.

        Polizia, eskailera makalaren beldur, gelara sartu zen, eta esan zuen:

        — Ez ikaratu, andereño! Ez kezkatu gehiago. Salbu zara.

        Eta Yvettek, zuen zorabioarekin, pentsatu zuen ijitoagatik zioela. Non zen ijitoa? Hori zen burura etorri zitzaion lehenengo gauza. Non zen mundu-amaierako gau horretako ijitoa?

        Alde eginda! Alde eginda! Eta polizia bat gelan! Polizia bat!

        Eskuaz igurtzi zuen bekoki zorabiatua.

        — Janzten bazara, andereño, behera eramango zaitugu leku segurura. Etxea ia erorian dago. Ez da, ba, inor egongo beste geletan?

        Kontu handiz korridorera joan zen polizia eta ikaraturik begiratu zuen etxe mutur amilduaren zulotik, eta urrutira erretorea ikusi zuen auto batean zetorrela, eguzkiak argitu mendian behera.

        Yvette, aurpegia sorgor eta desilusionaturik, bizkor jaiki zen; ohe-estalgarriak atzera luzatu zituen, eta bere buruari begiratu zion une batez, eta gero arropen kajoiak zabaldu zituen. Jantzi zen, begiratu zuen ispilura, eta izuturik geratu zen ile katramilatua ikustean. Baina ez zion axola. Ijitoa joanda zen, nolanahi ere.

        Yvetteren arropa zopatuak lurrean zeuden pilan. Bustigune handi bat zegoen alfonbran ijitoarenak egondako lekuan, eta bi toalla zikin odolez mantxatuak. Bestela, ez zen ijitoaren aztarnarik.

        Ileari tiraka ari zen Yvette poliziak atea jo zuenean. Sartzeko esan zion. Arindu zen polizia Yvette jantzita eta bere senean ikusi zuenean.

        — Hobe izango dugu etxetik lehenbailehen irtetea, andereño —esan zion berriro—. Edozein momentutan eror daiteke.

        — Benetan? —esan zuen Yvettek lasai—. Horrenbesterainokoa al da?

        Deiadar handiak entzuten ziren. Yvettek leihora joan behar izan zuen. Han zegoen, behean, erretorea, besoak zabal-zabalik, aurpegian behera malkoak zerizkiola.

        — Ondo nago, aitatxo! —esan zuen Yvettek, bere sentimendu kontrajarrien baretasunarekin. Aitarengandik sekretuan gordeko zuen ijitoa. Aldi berean, malkoak erortzen zitzaizkion aurpegian behera.

        — Ez egin negarrik, andereño, ez egin negarrik! Erretoreak ama galdu du, baina eskerrak ematen dizkio alaba berreskuratzeko izan duen zoriari. Denok uste genuen galdu zinela zu ere, horra!

        — Amona ito egin al da? —esan zuen Yvettek.

        — Zoritxarrez bai, andre gaixoa! —esan zuen poliziak, aurpegi serioz.

        Yvettek malkoak lehortu zituen, kajoira joan eta hartu behar izan zuen paineluarekin.

        — Ausartuko zara eskailera horretatik jaisten, andereño? —esan zuen poliziak.

        Yvettek begiratu zion inklinazio sakonari, eta bertantxe esan zuen bere artean: «Ez! Ezta ezergatik ere!»... Baina orduan ijitoaren hitzak gogoratu zituen: «Izan zaitez adoretsu gorputzez.»

        — Beste gela guztietan izan zara? —esan zuen Yvettek, malkoen artean, poliziarengana jiratuz.

        — Bai, andereño! Baina zu zara etxean zen pertsona bakarra, zera, andre zaharraz gain. Sukaldariak irteteko denbora izan zuen, eta Lizzie amarenean zen. Zuk eta andre zahar gaixoak bakarrik eduki gaituzue kezkatan. Ausartuko ote zara eskailera horretatik jaisten?

        — Bai, bai! —esan zuen Yvettek, indiferentziaz. Ijitoa joanda zen nolanahi ere.

        Eta orain erretore tormentatuak ikusten zuen alaba garai segaila, poliki-poliki eskaileratik atzeraka jaisten, poliziak, hautsitako leihotik heroikoki begira, eskaileraren goiko muturrari eusten zion bitartean.

        Eskaileraren oinetan Yvette egokiro aitaren besoetan erori zen, eta Bobek eraman zituen biak, autoan, Framleytarren etxera. Han Lucille gaixoak, hildakoa baino zurbilago, histeriak hartzerainoko negarrak egin zituen arinduraz, eta izeba Cissiek ere malko artean oihu egin zuen:

        — Eraman ditzala zaharrak eta salba gazteak! Ez dut Materrarengatik negarrik egingo, Yvette salbatu bada!

        Eta iturria bezala negar egiten zuen.

        Erretoretzatik bost miliatara Papple Highdalen zegoen urtegi handia bat-batean lehertu izanak sortu zuen uholdea. Geroago jakin zen antzinako meatze-zulo bat, agian erromatarra ere izan zitekeena, inork susmatzen ez zuela, inork pentsatu ere egiten ez zuela urtegiaren dikearen azpian zegoena, erori egin zela, dike guztia azpijanez. Horregatik etorri zen Papple, azken egun hartan, hain misteriotsuki hazia. Eta gero dikea lehertu zen.

        Erretorea eta bi neskak Framleytarrenean geratu ziren, beste etxe bat aurkitu bitartean. Yvette ez zen izan amonaren hiletan, Ohean zirauen.

        Bere istorioa kontatzerakoan, soilik kontatu zuen ijitoak portxeraino eraman zuela, eta uretatik irten eta eskaileretara arrastatu zela. Bazekiten ijitoa onik zela: hala esan zuen ijito zaharrak, Led Lionera zaldia eta karroaren bila joan zenean.

        Yvettek ez zuen gauza handirik esaten. Ez zuen garbitasunik ematen, nahasturik zegoen, ematen zuen ez zela ia ezertaz gogoratzen. Baina horrelakoxea zen hura.

        Bob Framley izan zen esan zuena:

        — Badakizue zer, pentsatzen dut ijito horrek domina merezi duela.

        Familia guztiari zirrara eragin zion.

        — Eskerrak eman behar genizkioke! —esan zuen Lucillek.

        Erretorea bera joan zen Bobekin autoan. Baina harrobia abandonaturik zegoen. Kanpamendua jaso eta joanda ziren ijitoak, inork ez zekien nora.

        Eta Yvettek, ohean etzanda, intzirika zuen bihotza: O! Maite dut! Maite dut! Maite dut! Harengatiko atsekabeak abailduta zeukan. Baina zentzu praktikoan, bera ere etsipena hartuta zegoen ijitoaren desagerpenaz. Yvetteren bihotz gazteak bazekien hori zela zentzuzkoena.

        Baina amonaren hiletaren ondoren, gutuntxo bat jaso zuen, leku ezezagun batetik igorria.

        «Andereño maitea, ikusi dut periodikoan ondo zarela pulunpaldiaren ondoren, ni ere ondo naizen bezala. Ikustea espero zaitut berriz ere egunen batean, beharbada Tideswellgo ganadu-ferian, edo beharbada alde horretara berriz joaten bagara. Egun hartan adio esatera joan nintzen, eta esan gabe gelditu; beno, urak ez zuen astirik eman, baina esperantzarekin bizi naiz. Zure zerbitzari leial Joe Boswell.»

        Eta orduantxe konturatu zen Yvette hark ere izena bazuela.

 

 

 

© D.H. Lawrence

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"D.H. Lawrence / Birjina eta ijitoa" orrialde nagusia