IX

 

        Ez zuen Yvettek agindua bete. Martxoko egun apurrak zoragarriak izan ziren, eta joaten utzi zien. Uzkurtasun harrigarria izaten zuen, beti, zerbaiti ekiteko, edo bere kabuz edozein pauso emateko. Nahi izaten zuen, beti, pausoa bestek eman zezala bere ordez, bizitzan egokitzen zitzaion partea jokatu nahi ez balu bezala.

        Betiko bizimodua zeraman; lagunekin, irteten zen party-etara, eta kikildu ez zen Leorekin dantza egiten zuen. Igo nahi zuen ijitoei agur esatera. Igo nahi zuen. Eta ez zion ezerk galarazten.

        Batez ere ostiral arratsaldez sentitu zuen joateko gogoa. Eguzkia zegoen, eta sarbideko azken krokus horiak garretan zeuden, zabal-zabal eginda, lehen erleak kiribilka zituztela. Papple lasterka zihoan harrizko zubipean, estrainioki igota, ia arkuak betean. Ereinoztxo arbolaren usaina zegoen.

        Eta Yvette sentitzen zen oso nagi, oso, oso nagi. Jardinean ibai ondoan hara-hona zebilen, erdi-ameslari, zerbaiten zain. Udaberriko eguzki-izpiek zirauten bitartean, kanpoan egongo zen. Etxe barruan, amona, prelatu zahar izugarri baten gisara atzerantz eserita, zeta beltz buelotsua soinean eta enkajezko txanoa buruan, sutondoan zen oinak berotzen, eta izeba Nellek kontatzen zion guztia entzuten. Izeba Nellen eguna zen ostirala. Gehienetan bazkal garairako etortzen zen, eta tea goiz hartuta joaten. Horrela, ama eta alaba, emakume handi nahiko arrunta, berrogei urteko alarguna, sutondoan eserita masiaketan aritzen ziren, eta izeba Cissie, berriz, sartu eta irten. Ostirala zen erretoreak hirira joateko zuen eguna, eta baita neskameak egun erdiz jai zuena ere.

        Yvette jardineko egurrezko eserleku batean eseri zen, ibai haziaren ertzetik oin bakar batzuk goraxeago, ibaiak urketa estrainio misteriotsua arrastan zeramala. Krokusak zimeltzen ari ziren parterre apaingarrietan, belarra berde ilun zegoen segatutako lekuan, erramuek zertxobait argiago ziruditen. Izeba Cissie agertu zen portxeko mailen buruan, eta Yvetteri dei egin zion ea goiz-te hartatik katilu bat hartu nahi zuen. Ondoan behean zuen ibaiagatik, Yvettek ez zuen entzun izeba Cissiek zer esan zion, baina imajinatu zuen, eta burua astindu zion. Garai horretan tea hartu, etxera sartu, oraindik eguzkia zegoela? Ez, eskerrik asko!

        Ijitoarengan pentsatzen zuen, han eguzkitan eserita gogoetari zegoela. Yvetteren gogoak erraztasun erdi-mingarri erdi-aringarri bat zuen bere baitatik irten eta, norabait, irudimenera etorri zitzaion norbaitengana ihes egitekoa. Egun batzuetan Framleytarrenean egongo zen, nahiz eta haiengana hurbildu ere egin ez. Beste egun batzuetan, denbora guztian Eastwoodtarrekin egongo zen izpirituz. Eta gaur, berriz, ijitoekin. Gaur ijitoen harrobiko kanpamendura igoa zen. Ikusten zuen gizona kobreari mailuka, burua jaso eta bidera begira; eta haurrak zaltegian jolasean, eta emakumeak, ijitoaren emaztea eta andre zahar sendoa, beren fardelekin etxera bidean, gizon zaharrarekin batera. Izan ere arratsalde horretan, Yvettek biziki sentitzen baitzuen hura zela bere egiazko etxea: ijito-kanpamendua, sua, aulki motza, mailuan ari zen gizona, sorgin zaharra.

        Yvetteren izaeraren parte zen, gogoaren indarrez, ezagutzen zuen lekuren batera joatea, leku jakinen batean egotea, beretzat etxea adierazten zuen norbaitekin. Arratsalde horretan ijitoen kanpamenduan zegoen. Eta gizon jertse berdedunak etxea adierazten zuen beretzat. Hura zegoen lekuan egotea, hori zen etxean egotea. Karabanak, ume-gorriak, beste emakumeak... dena naturala iruditzen zitzaion: bere etxea, han jaio izan balitz bezala. Jakin nahi zukeen ea ijitoa konturatzen ote zen han zela; ikusten ote zuen sutondoan aulki motzean eserita; jasoko ote zuen burua eta ikusiko ote zuen jaikitzen, eta begirada luze eta esanguratsua zuzentzen ziola, haren karabanako mailetara zuzentzen. Konturatzen ote zen? Konturatzen ote zen?

        Begiak jaso zituen lausoki etxearen iparraldeko alertze ilunen aldapara, handik gora baitzihoan ikusiezin bidea, Head aldera. Ez zen ezer ageri, eta begiak behera ekarri zituen berriro. Maldaren oinetan bihurrikatu egiten zen ibaia, jotzen zituen bortizki, adu gaiztoz, beste ertzaren barreneko harkaitzak, eta jardina igaro ondoren zubira isurtzen zen. Naturala ez zen moduan beterik zihoan, eta lokatz-kolore zurixkaz, eta astun.

        — Adi egon uraren mintzoari —esan zuen Yvettek bere artean—. Adi egon beharrik ez, mintzoak zarata esan nahi badu!

        Eta berriro begiratu zion bihurgunera heltzean haserrez hausten zen ibai haziari. Haren gainean baratza goibela zegoen esekirik, eta fruta-arbola gogorrak. Pendizean zegoen dena, hegora edo hego-mendebaldera, eguzkitara begira. Atzean, etxearen eta baratzaren goitik zegoen zintzilik alertze-baso aldapatsu ihartu-itxurakoa. Baratzaina ari zen baratzean lanean, goiko aldean, alertze-basoaren mugan.

        Yvettek dei bat entzun zuen. Izeba Cissie eta izeba Nell ziren. Etxe aurrean zeuden, eskuarekin agurka. Yvettek agurrari erantzun zion. Orduan izeba Cissiek, uren gainetik ahotsa altxatuz, dei egin zion:

        — Ez naiz asko luzatuko. Ez ahaztu amona bakarrik dagoela!

        — Ondo da! —oihu egin zuen Yvettek eragin gutxirekin.

        Eta bankuan eseri eta bi emakume zirtzil abrigo luzedunei begira geratu zen, poliki-poliki oinez zubia igaro eta beste aldeko bihurgunean gora ekiten zioten bitartean, izeba Nell eskuan maleta moduko bat zuela, zeina erabiltzen baitzuen amonari sari batzuk ekartzeko eta itzulerakoan barazkiak edo erretore-etxeko baratzak zein arasak eskaintzen zuenetik eramateko. Poliki-poliki txikiagotu ziren figurak, bide bihurri zurixkan gora, Papplewickeko herrixka aldera neketsu igoz. Izeba Cissie herrira zihoan zerbaitetara.

        Eguzkia horitu eta sartzera zihoan. Zer pena! O, zer pena egun eguzkitsua amaitzear egotea, eta barrara sartu behar izatea, gela gorrotagarri haietara, eta amonarengana! Izeba Cissie berehala itzuliko zen: bostak jota ziren. Eta beste guztiak hiritik iristen hasiko ziren, muturtuta eta nekaturik ziurrenera, seietatik aurrera.

        Egonezinez jiratu zenean, ur-korrontearen beste aldetik, zaldi eta karro baten zarata zorrotza entzun zuen kirrin-karran zetorrela alertze arteko bide ezkutuan aurrera. Baratzaina ere gora begira zegoen. Beste aldera jiratu zen berriro Yvette eta, luzapenetan, pauso bat edo beste eman zituen ibai betearen ondoan, barrura sartzeko gogorik gabe, aldian behin izeba Cissie ba ote zetorren begiak bidera luzatzen zituela. Ikusten bazuen, sartu egingo zen.

        Norbait garrasika entzun zuen, eta burua jiratu zuen. Alertze arteko bidean behera ijitoa jauzika zetorren. Baratzaina ere, harantzago, lasterka zihoan. Une horretan bertan sumatu zuen Yvettek orro handi bat, zeina, mugitu ahal izan zuenerako, burrunba itzel gorgarri bihurtu baitzen. Ijitoa keinuka ari zitzaion. Yvettek atzera begiratu zuen, bizkar aldera.

        Eta bere espantu eta txundidurarako, ibaiaren bihurgunean urezko uhin-buru kima-hori bat ikusi zuen aurreratzen lehoi pareta bat irudi. Orroaren hotsak irentsi zuen dena. Yvette indarge zegoen, txundituegi eta liluratuegi, ikusi egin nahi zuen.

        Bi aldiz pentsatzeko denbora baino lehen, ondoan zuen, urezko pareta bat orroka. Konortea ia galdu zuen espantuz. Ijitoaren garrasia entzun zuen, eta gora begiratu eta jauzika beregana etortzen ikusi zuen, begi beltzak aurpegitik irten beharrean.

        — Korri! —garrasi egin zion ijitoak, besotik heltzen ziola.

        Eta istant berean behetik gora busti zizkion Yvetteri oinak lehen olatuak, eta zurrunbiloak, eromenezko zarataren artean, zeinak une batean batek daki zergatik isiltasuna baitzirudien, jardina uretan ito zuen. Uraren sega izugarria!

        Ijitoak Yvette arrastan zeraman astunki, balantzaka, murgilka, baina arean oinen gainean zirautela biek, etxe aldera. Yvette ia zentzumenik gabe zegoen, uholdeak arima ito balio bezala.

        Bazen jardinean belarrez estali koska bat, etxe bueltako bide ondoan. Ijitoa atzaparka igo zen koskan gora bidea lehorra zegoen parera, Yvette atzetik arrastan zuela, eta harekin batera oldartu zen leihoak pasatu eta portxeko mailetara. Hara heldu ziren baino lehen, beste ur-uhin handi baten sega etorri zen, arbolak sustraietatik botaz, eta irauli zituen haiek ere.

        Ur zurrunbilo izoztuan galduta hilurren sentitu zen Yvette, jira-biraka, eskumuturrean ijitoaren eskuaren estura ikaragarria besterik gabe. Biak azpiraturik eta desagerturik ziren. Yvettek zanpadura sor baina bortitz bat sentitu zuen nonbait.

        Orduan ijitoak gora tira egin zion. Goian zegoen ijitoa, ura zeriola, paretaren kontra hazten zen wisteria handiaren enborrari gogor helduta, urak paretaren kontra estutzen zuela. Burua uraren gainetik zuen Yvettek; besoa eten behar balio bezala tira egiten zion ijitoak, baina ez zuen zorurik ukitzen oinekin. Amesgaiztoetan bezalako ondoez hilgarriz, behin eta berriz ahalegintzen zen, baina ez zuen lortzen omen gainean jartzerik. Ijitoaren eskua eskumuturrari itsatsia, ez zuen besterik.

        Ijitoak ondorago erakarri zuen, Yvettek esku bakarrez zangotik heldu ahal izan zion arte. Ijitoa ia erori zen berriro. Baina wisteriak eutsi zion, eta beregana gora tira egin zion Yvetteri. Yvettek atzaparrak itsatsi zizkion, desesperaturik, eta zutik jarri zen, ijitoa, bitan zatitu gizona irudi, wisteriaren enborrari estekatzen zitzaiolarik.

        Ura belaunetatik gora iristen zitzaion Yvetteri. Gizona eta biak elkarren aurpegi zurbil blaituei begira geratu ziren.

        — Zoaz mailetara! —garrasi egin zion ijitoak.

        Kantoian buelta hartzea besterik ez zen: lau pauso! Yvettek ijitoari begiratu zion: ezin zen joan. Ijitoak suak hartuta tigreak bezala begiratu zion, eta bultza egin zion. Yvette paretari itsatsi zitzaion, eta urak pixka bat behera eginda zirudien. Kantoia inguratuz joan zen balantzaka, baina balantzada batean, oreka galdu eta portxeko mailetako barandaren ertzaren kontra jaurtiki zuen urak, gizona atzetik zuela.

        Mailetan zirela, orro artean beste orro bat entzun zen, eta etxeko paretak dardara egin zuen. Ura berriro zangoetatik gora zuten, baina ijitoak sarrerako atea zabaltzea lortu zuen. Barrura isuri ziren urarekin batera, zanbuluka eskailera aldera. Orduan ikusi zuten amonaren buelo motz estrainioa hall-ean agertzen, jangelako atetik irtenda. Andre zaharrak eskuak goratu eta erpetu zituen, ura zangoen inguruan zirimolatu zitzaionean, eta hilkutxa bezalako ahoa zabaldu zuen garrasi erlats batean.

        Yvettek ez zuen eskailera besterik ikusten. Itsuturik, uraren gainetik zeuden mailei beste ezeri kontu egin gabe, lau-oinean igo zen, katu busti dardarati baten antzera, zentzumenik gabe. Eskailburura iritsi eta geratu zen arte, ura tantaka zuela eta dardaraz zutik egon ezinda, barandari helduta, etxea dardaraz eta behean urak purrustean ziren bitartean, ez zen konturatu ijitoa zopa eginda eskailburuan zegoela, eztulka lehertzen, bisera galduta, ile beltza begien gainera erorita, ile bustiaren artetik begiak ñarrotuz beheko hall-eko uraren pulunpa okaztagarriari begira. Yvettek ere, zorabioan, begiratu zuen eta amona ikusi zuen uraren gainean, flotagailu estrainio bat bezala, aurpegia more, begi urdin itsuak jira-biraka, ahotik bitsa zeriola. Esku zahar more bat kakotu zitzaion barandako barra bati, eta une batean eutsi zion, ezkon eraztun baten distira erakusten zuela.

        Ijitoak, eztul egiteari utzi eta ileari atzera eraginda, beheko flotagailuaren aurpegi beldurgarriari esan zion:

        — Ez dio eusten! Ez dio eusten!

        Trumoia bezalako burrunba sakon batek astindu zuen etxea berriro, eta dardarazi zion, eta kriski-kraska, dinbi-danba eta zirti-zarta hots estrainioak hasi ziren. Itsasoa bezala igo zen ura. Desagertu zen eskua, ez zegoen ezeren arrastorik, altxatzen zihoan ura besterik.

        Ezaguerarik gabeko aldarte itsuan itzuli zen Yvette, katu bustia bezala aldaroka goiko pisuko eskaileretara, eta korrika igo zen. Gelako atera iritsi zenean gelditu zen, zirti-zarta hots zorabiagarri batek paralizaturik: etxea okertzen ari zen.

        — Etxea behera dator! —oihu egin zion ijitoaren aurpegi berdotzak, aurrez aurre.

        Txinpartak zerizkiola begiratzen zion Yvetteren erotu-aurpegiari.

        — Non da tximinia? atzeko tximinia?... zer gela? Tximiniak zutik eutsiko dio...

        Suzko begirada basatia zuzendu zion Yvetteri aurpegira, ulertzera behartzen zuela. Eta Yvettek buruarekin baiezko keinu xelebrea, eroarena bezalakoa egin zion, oso lasai keinu egin eta esan zion:

        — Hemen barruan! Hemen barruan! Lasai.

        Yvetteren gelan sartu ziren; tximinia estu bat zegoen bertan. Atzeko gela bat zen, bi leiho zituena, kebide handiaren bi aldeetan bana. Ijitoa, garrazki eztulka eta soin-adar guztiak dardaraz zituela, leihora joan zen kanpora begiratzera.

        Behean, etxearen eta mendi maldaren artean, ur-naza bortitza zihoan indarrean zaborraz beterik, Roverren txakurtegi berdea ere tartean zeramala. Ijitoak, eztul eta eztul, ilaunki begiratu zuen behera. Bata bestearen atzetik erortzen ziren arbolak, urak, hamar oin sakon izango baitzen, sustraietatik botata.

        Dardaraz eta beso bustiak bularralde bustiaren kontra estuturik, etsipena aurpegi zurbilean, ijitoa Yvetterengana itzuli zen. Zirti-zarta hots beldurgarri batek zartatu zuen etxea, eta gero eztanda sor sakon bat izan zen. Gainbehera etorri zen zerbait, etxearen zatiren bat; zorua altxatuta eta koloka zuten azpian. Une batean biak arnasarik gabe geratu ziren, zur eginda. Ijitoa ernatu zen.

        — Ez dio eusten! Ez dio eusten! Honek eutsiko dio. Honek zutik eutsiko dio. Ikusten tximinia hori? Dorrea bezalakoa. Bai! Lasai! Lasai! Erantzi arropak eta sartu ohean. Hotzak hilko zara.

        — Ondo nago! Oso ondo nago! —esan zion Yvettek, aulki batean eseri eta gora begiratzen ziolarik bere aurpegitxo zuri liluratuarekin, zeinaren inguruan erantsirik baitzuen ile bustia.

        — Ez! —esan zuen ijitoak—. Ez! Kendu arropa eta toalla honekin igurtziko zaitut. Eta ni ere bai. Etxea erortzen bada, epel hil behintzat. Erortzen ez bada, berriz, bizi, pulmoniaz hil gabe.

        Eztulka, dardara bizian, ijitoak jertse barrenari tira egin zion gora, eta dardarak eta hotzikarak uzten zion indar guztiarekin ahalegindu zen jertse busti estua kentzen.

        — Lagunidazu! —oihu egin zuen, aurpegia jertsearekin estalita zuela.

        Yvettek jertsearen ertzari heldu zion, zintzo, eta indar guztiarekin tira egin zion. Jazkia buruaren gainetik pasatu zen, eta ijitoa galtza-uhaletan agertu zen.

        — Kendu arropak! Igurtzi toalla honekin! —agindu zion Yvetteri zorrotz, gerrako basatikeriaz. Eta obsesionatua bezala, atera zituen galtzak, erantzi zuen alkandora busti eranskorra, eta argal eta belun agertu zen, hotzagatik eta inpresioagatik zain guztiak dardaraz.

        Toalla bat hartu zuen, eta azkar-azkar gorputza igurzten hasi zen, hortzak kriskitinak bezala elkar joka zituela. Arrazoizkoa zela ikusi zuen Yvettek lausoki. Soinekoa kentzen ahalegindu zen. Ijitoak erauzi zion herioaren atzaparra bezala itsatsirik zuen arropa busti izugarri hura, eta gero, atzera bere burua igurzten jarraitzen zuela, ate aldera joan zen, zoru bustiaren gainean hanka-puntetan ibiliz.

        Han geratu zen, biluzik, toalla eskuan, harri eginda. Begiratu zuen mendebaldera, lehen goiko eskailburuko leihoa zen lekura, eta eguzkia sartzen ikusi zuen, urezko itsaso zentzugabe, arbola erauziz eta zaborraz laztuaren gainetik. Portxea eta eskailerak zireneko etxearen handiko muturra, desagerturik zen. Pareta erorita zegoen, solairuak zintzilik agerian utzirik. Eskailerak desagerturik ziren.

        Mugitu gabe, urari begira geratu zen. Haize hotz bat sartu zitzaion. Estutu zituen hortz karraskariak borondatearen indar handiz, eta atzera gelara itzuli zen, atea itxita.

        Yvette, biluzik, hain dardara handiek goragalea ematen ziotela, bere burua lehortzeko ahaleginetan ari zen.

        — Lasai! —esan zuen ijitoak—. Lasai! Ura ez da gehiago igo! Lasai!

        Eskuetan zuen toallarekin Yvette iguzten hasi zen, bera ere burutik oinetaraino dardaraz zela, baina Yvetteri sorbaldatik irmo heldu eta, astiro, sorgorki, gorputz xamurra igurzten zion, buru txikia igurzten zion ile penagarri hura pixka bat lehortu nahirik.

        Gelditu egin zen bat-batean.

        — Sartu ohean —agindu zion—. Neuk igurtzi behar dut.

        Hortzek kask-kask egiten zioten, indar handian, hitzak eteten zizkiotela. Yvette dardaraz eta zentzumena erdi galduan ohean sartu zen. Ijitoa, bere buruari geldi eusteko eta igurtzika berotzeko leherrenak eginez, iparraldeko leihora joan zen berriro, kanpora begiratzera.

        Ura gora eginda zegoen pixka bat. Eguzkia sarturik zen, eta argitasun gorrizta bat zegoen. Ilea nahas-mahas beltz heze bat eginda utzi zuen arte igurtzi zuen, eta arnasa hartzeko gelditu zen, bat-batean hotzikaraldi batek erasota; berriz ere kanpora begiratu zuen, bularraldea igurtzi eta eztulka hasi zen, irentsi zuen uragatik. Gorria zeukan toalla: urraturen bat egina zuen nonbait, baina ez zuen ezer sentitzen.

        Uraren hots itzel estrainioa, eta pareten kontra jotzen zuten gauzen danbateko izugarriak entzuten ziren oraindik. Haize hotza harrotzen ari zen eguzkia sartzearekin, indartsu. Eztanda-durundek astindu zuten etxea, eta adu gaiztoko zarata beldurgarriak entzun ziren.

        Izua arimaraino sartuta zuela, berriz ere atera joan zen ijitoa. Haizea, urekin batera orroka, barrura sartu zitzaion atea zabaldu zuenean. Etxeko zirrikitu erdiragarriaren artetik ikusi zuen mundua: urak, ur espantagarrien kaosa, ilunabarra, ilargi bete-betea goian eguzki sartuaren fits ahularen gainetik, eta hodei beltzak zeruan oldartzen, haize hotzaren purrustadak bultzatuta.

        Berriro hortzak estutuz, ariman beldurra eta etsipena, edo fatalismoa, nahasi zituela, ijitoa gelan sartu zen eta atea itxi zuen; Yvetteren toalla hartu zuen ea berea baino lehorragoa, eta gutxiago odoldua, ote zegoen ikusteko, eta berriz ere burua igurtziz, leihora joan zen.

        Itzuli egin zen, hotzikararen astinduak menderatu ezinik. Yvette ohe-estalgarrien azpian desagerturik zen erabat, eta ez zen haren aztarnarik, ohazal zuriaren azpiko konkorraren dardara ezik. Ijitoak eskua jarri zuen konkor dardaratiaren gainean, lagun egiteko bezala. Baina ez zion dardara egiteari utzi.

        — Lasai! —esan zuen ijitoak—. Lasai! Ura jaisten ari da!

        Yvettek bat-batean burua desestali eta begiak ñarrotuz aurpegi-zuri begiratu zion. Begira geratu zitzaion ijitoaren aurpegi berdotz baretasun estrainiokoari, erdi kontziente baino ez zegoenari. Ijitoari hortzek karraska egiten zioten konturatu gabe, Yvetteri begira zegoela, begi beltzak oraindik bizi-suz eta halabeharrezko etsipen bare buhames batez.

        — Bero nazazu! —murmuratu zuen Yvettek, hortzak karraska—. Bero nazazu! Hotzak hilko naiz!

        Zirrada lazgarri batek, zart eragin eta heriotza ekartzeko adinakoak, zeharkatu zuen Yvetteren gorputz zuri biribilkatua.

        Ijitoak buruarekin baietz egin zion, eta besoetan hartu zuen, eta tornuaren besoek bezala estutu zuen, bere dardara gelditzeko. Bera ere dardara ikaragarriarekin zegoen, eta erdi kontziente baino ez. Inpresioagatik zen.

        Inguratzen zuten besoen tornuaren gisako estekadura iruditu zitzaion Yvetteri puntu egonkor bakarra. Arindura beldurgarria izan zen lehertzear zuen bihotzarentzat. Eta nahiz eta ijitoaren gorputza, garroak bezala Yvetteren inguruan estrainio zinbel eta indartsu kiribildua, elektrizitate korrontea bezala dardaratzen zen, Yvette estutzen zuten giharren tenkadura zurrunak biak baretu zituen, eta pixkanaka-pixkanaka, dardararen indar okagarria, inpresioak eragina, apaldu egin zen, ijitoaren gorputzean lehenik, Yvetterenean gero, eta berotasuna suspertu zen bien artean. Eta biziagotu zenean, bien gogo torturatu erdi kontzienteak ez-kontziente bihurtu ziren, loak hartu zituen.

 

 

 

© D.H. Lawrence

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"D.H. Lawrence / Birjina eta ijitoa" orrialde nagusia