VIII
Heldu zen erretorearen belarrietara Yvettek Eastwoodtarrekin zituen harreman estuen berri, eta neska nolabait ere izuturik geratu zen emaitzarekin. Uste zuen aitak ez ziola garrantzirik emango. Hitzez, agertzen zuen jarrera umoretsu-ustekoan, hain ez-konbentzionala zen erretorea, hain gizaseme jatorra. Esaten zuen bezala, anarkista kontserbadore bat zen; esan nahi baita jende asko eta asko bezalakoa zela: sinesgogor hutsa. Anarkia hedatzen zitzaion hizketa umoretsura eta pentsamendu ezkutuetara. Kontserbadorismoak, anarkiaren beldur artean oinarrituak, ekintza oro kontrolatzen zion. Erretorearen pentsamenduak ezkutuki, beldur izatekoak ziren. Horregatik, eguneroko bizitzan, beldur itsua zion itxurak ez gordetzeari.
Kontserbadorismoa eta beldur doilorra nagusitzen zitzaizkionean, beti ezpaina jaso eta hortzak erakusten zituen pixka bat, zakurrarena bezalako irri gaiztoz.
— Esan didate lagun berriak dituzula Fawcett andre erdi dibortziatua eta Eastwood maquereau hori —esan zion Yvetteri.
Yvettek ez zekien maquereau-a zer zen, baina pozoia sumatu zuen erretorearen betortzetan.
— Ezagutu berriak ditut —esan zuen Yvettek—. Izugarri atseginak dira, benetan. Eta hilabete barru edo ezkonduko dira.
Erretoreak gorrotoz begiratu zion Yvetteren aurpegi kezka gabeari. Erretorea bere baitan, koldarra zen, koldar jaio zen. Eta koldar jaio direnak esklabo dira berez, eta sena sakonak eraginda beldur izaten diete, beldur pozoitsua, lepoan katea erantsi diezaieketenei.
Arrazoi horregatik kikildu zen hain doilorki erretorea, eta hain doilorki kokildu Cynthia-zelako-haren aurrean ere: esklaboaren beldurra ziolako haren mesprezuari, jaiotzez aske den izakiak morroi jaioari dion mesprezuari.
Yvettek ere aske jaioaren ezaugarriak zituen. Hark ere, egunen batean, ezagutuko zuen erretorea, eta lotuko zion mesprezuaren esklabo-katea lepoan.
Baina ahal izango al zuen? Hil arteraino borrokatuko zen erretorea, oraingo honetan, lehenbizi. Barrean zeraman esklaboa inguratuta zegoen orain, inguratutako arratoia bezala, eta inguratutako arratoiaren kuraiaz beterik.
— Elkarrekin ondo etorriko zarete! —egin zuen irri gaiztoz.
— Ba, bai, oso ondo, —esan zuen Yvettek, lausotasun alai harekin—. Izugarri gustatzen zaizkit. Hain dirudite serioak, badakizu, hain onestak.
— Onestasunaren nozio berezia daukazu! —egin zuen irri gaiztoz erretoreak—. Aprobetxati gazte bat bera baino emakume zaharrago batekin dabilena, haren dirutik bizi ahal izateko! Emakumea, berriz, etxea eta haurrak abandonatu dituena! Ez dakit nondik jaso duzun onestasunaren ideia hori. Ez niregandik, espero dut... Eta oso ondo ezagutzen bide dituzu, esan duzun bezala ezagutu berriak dituzula esateko. Non ezagutu zenituen?
— Bizikletan irten nintzenean. Haiek autoz zihoazen, eta elkarrekin hitz egitea fortunatu zitzaigun. Emakumeak berehalaxe esan zidan nor zen, tronpa ez nendin. Ondratua da.
Yvette gaixoak lanak zituen eusten.
— Eta zenbat aldiz ikusi dituzu geroztik?
— Ba, bitan bestetan ez naiz joan.
— Joan, nora?
— Scoresbyn duten baserrira.
Erretoreak gorrotoz begiratu zion, hil nahiko balu bezala. Eta atzeraka aldendu zen Yveterengandik, bere estudioko leihoko gortinen kontrara, inguratutako arratoia bezala. Buruaren zokoren batean esan ezin ahalako gaiztakeriak pentsatzen zituen alabaz, Cynthia-zelako-hartaz pentsatu izan zituen bezala. Ez zuen indarrik gogoaren iradokizun txikienari ere kontra egiteko. Eta aurrean oraindik koldartu gabe baina ikaraturik zuen neskari egozten zizkion gaiztakeria horiek, atzera eragiten zioten, betortz guztiak agerian zituela aurpegi ederrean.
— Ezagutu berriak dituzu orduan, ez? —esan zuen—. Gezurra daramazu odolean, ikusten dut. Ez dut uste niregandik datorkizunik.
Yvettek erdi ernatu zuen aurpegi mututua, eta amonak kopeta guztiarekin esandako faltsukerian pentsatu zuen. Ez zuen erantzun.
— Zeren bila joaten zara horrelako bikoteen inguru-minguruan ibiltzera? —egin zuen erretoreak irri gaiztoz—. Ez al da zuretzat adina pertsona taxuzko munduan? Edozeinek pentsatuko luke txakur galdu bat zarela, bikote gisa-gabeen atzetik ihesi joateko, gisa onekoek nahi ez zaituztela eta. Gezurra hain zerbait okerragoa al daramazu odolean?
— Zer daramat odolean gezurra baino okerragoa? —galdetu zuen Yvettek.
Hildura hotz bat nagusitzen ari zitzaion. Anormala, anormal erdi-kriminal horietako bat ote zen? Heriozko hotza sentitu zuen.
Erretorearen begietarako, Yvettek lotsagabeki eutsi baino ez zion egiten bere txori-aurpegi xamur birjinazkoaren azpian zuen galdukeriari. Cynthia-zelako-hura horrelakoa izan zen: elur-lilia. Eta sadismo latzak astintzen zuen erretorea, Cynthia-zelako-haren galdukeria benetan nolakoa izango zen pentsatzean. Izan zion maitasuna bera ere, koldar jaioaren maitasun lizuna, galdukeria izan zen, barru-barruan, erretorearentzat. Zer izango ote da orduan legez-kanpoko maitasuna?
— Zerorrek dakizu ondoen, zer daramazun —egin zuen irri gaiztoz—. Baina hobe izango duzu muga jartzea, eta lehenbailehen jartzea, ero kriminalentzako egoitza batean bukatu nahi ez baduzu.
— Zergatik? —esan zuen Yvettek, zurbil eta mututurik, beldur hotzak zurrunduta—. Zergatik ero kriminala? Zer egin dut nik?
— Hori zeuk eta zeure Egileak bestek ez daki —barre egin zion—. Ez dut galdetuko. Baina zenbait joera erotasun bihurtzen dira azkenean, garaian muga jartzen ez bazaie.
— Eastwoodtarrak tratatzea bezalakoengatik diozu? —galdetu zuen Yvettek, beldurrez sorgortuta une batean egon ondoren.
— Galdetzen didazu ea Fawcett andrea, judua, eta Eastwood komandante ohia, diruagatik bera baino emakume zaharrago batekin dabilen gizona bezalako jendearen inguruan muturra sartzen ibiltzeagatik diodan? Ba, bai, hain zuzen ere!
— Baina ezin duzu hori esan! —esklamatu zuen Yvettek—. Komandantea izugarri gizon laua eta zuzena da.
— Ematen duenez gogoko duzu.
— Ba... Neurri batean, baietz uste nuen. Pentsatzen nuen zuri ere gustatuko zitzaizula —esan zuen lauki, zer esaten zuen gehiegi ez zekiela.
Erretorea gortinetara atzeratu zen, neskak gauza beldurgarriren batekin mehatxatuko balu bezala.
— Ez ezazu besterik esan —orro egin zuen, zitalki—. Ez ezazu besterik esan. Esan duzu gehiegi, zeure burua konpromisoan jartzeko. Ez dut ikaragarrikeria gehiago entzun nahi.
— Baina zer ikaragarrikeria? —eutsi zion Yvettek.
Yvetteren inozentzia eskrupulu gabearen xalotasun berberak eragiten zion erretoreari atzera, koldartzen zuen are gehiago.
— Ezta hitz bat ere gehiago! —esan zuen, ahopean, ziztu eginez—. Baina hilko zaitut amaren bidea har dezazun baino lehen.
Yvettek ikusi zuen erretorea, han bere estudioko belusezko gortinen kontra atzeratuta, aurpegia hori, arratoiarenak bezalako begi beldurtuekin, amorruz eta gorrotoz zorabiatua, eta bakardade hotz gogor bat nagusitu zitzaion. Yvetterentzat ere, zentzua galdu zuten gauza guztiek.
Gaitza izan zen ondorengo isiltasun hotz antzua haustea. Azkenean, ordea, Yvettek begiratu zion. Eta bere gogoz beste, berak jakin ere gabe, erretorearenganako mesprezua ageri zuen begi gazte garbi harrituetan. Esklabo-katea lepoan bezala egokitzen zitzaion erretoreari, finean.
— Esan nahi duzu ez ditudala Eastwoodtarrak tratatu behar? —galdetu zuen.
— Trata ditzakezu nahi baduzu —erretoreak irri gaiztoz—. Baina ez dezazula espero amonarekin, izeba Cissierekin eta Lucillerekin kidetzerik, hori egiten baduzu. Ez ditut kutsatu nahi. Amona alargun leiala eta ama leiala izan da, inor izan bada. Dagoeneko jasan behar izan du lotsaizunak eta gaitzespenak emandako kolpe bat. Ez da beste baten arriskuan berriz jarriko.
Yvettek dena ilunki entzuten zuen, erdia aditu gabe.
— Gutun bat bidaliko diet ez duzula onartzen esanez —esan zuen ilunki.
— Zeuk ikusi zer egin behar duzun. Baina gogoan izan, aukeratu beharrean zaude: jende garbia, eta amonaren zahartzaro mantxagabeari errespetua, ala gogoz eta gorputzez ez-garbia den jendea.
Berriro isilaldi bat izan zen. Ondoren Yvettek begiratu zion, eta ez dakit zer baino aurpegi txundituagoa zuen. Baina txundiduraren atzean han zegoen gorderik aske jaioak morroi jaioarenganako duen mesprezu bare birjinazko hain berezia. Erretorea, eta Saywelltar guztiak, morroi jaioak ziren.
— Ondo da —esan zuen Yvettek—. Idatzi eta ez duzula onartzen esango diet.
Erretoreak ez zion erantzun. Alde batera lausengaturik zegoen, garaile bere artean, nahiz zitalki.
—Ahalegindu naiz amonak eta izeba Cissiek jakin ez dezaten —esan zuen—. Ez dago zertan publiko eginik, zure adiskidetasuna klandestinitatean eramatea aukeratu duzunez.
Isiltasun beldurgarri bat izan zen.
— Ondo da —esan zuen Yvettek—. Joan eta idatzi egingo diet.
Eta burumakur irten zen gelatik.
Eastwood andreari zuzendu zion ohartxoa. «Eastwood andre maitea, aitak ez dio ondo irizten zuek ikustera joateari. Ulertuko duzu, beraz, harremanak eten beharrean bagaude. Izugarri sentitzen dut...» Hori zen guztia.
Baina hustasun triste bat sentitu zuen eskutitza postaratu zuenean. Bere pentsamenduen beldur zen orain. Orain, ijitoaren bularralde lerden ongi osatuaren kontra estuturik egon nahi zuen. Ijitoak besoetan har zezala nahi zuen, behin bakarrik, behin bakarrik bederen, eta kontsola eta arrazoi eman ziezaiola. Arrazoi eman ziezaiola nahi zuen, aitaren kontra, aitak nazka eta beldurra besterik ez baitzion.
Eta aldi berean koldartu eta kikildu egin zen, ia ibili ere ezin izateraino, pentsamendu lizuna eroa eta kriminala izango zen beldurrez. Bazirudien ibiltzean orpoak urratzen zizkiola, beldurrak. Beldur hotz itzel morroi jaiotakoenak, aitarenak, giza arraza guztiaren beldurrak. Zingira handi batek bezala irensten zuen gizadiak, eta bertan hondoratzen zihoan, belaunak indarge, topatzen zuen pertsona ororenganako nazkaz eta beldurrez beterik.
Laster egokitu zen, ordea, jendeari buruz zuen iritzi berrira. Bizi behar zuen. Alferrik da jaten ematen dizunarekin haserretzea. Eta bizitzan itxaropen handiak jartzea umekeria da. Beraz, gerra osteko belaunaldiaren moldakortasun bizkorrez, egoera berrira egokitu zen. Zen bezalakoa zen aita. Hark itxurak zurituko zituen beti. Berak ere gauza bera egingo zuen. Berak ere itxurak zurituko zituen.
Horrela bada, axolagabekeria alaitsu amaraunetan galduaren azpian, halako gogortasun bat formatu zitzaion, bihotzean kristaldu harkaitza bezala. Ilusioak galdu zituen, sinpatiak gainbehera etortzean. Kanpotik, lehengoa zirudien. Barrutik, gogorra eta ezeri atxikimendurik gabea, eta berak ez zekiela, mendekaria.
Kanpotik lehengoa izaten jarraitzen zuen. Hori zuen jokoa. Zirkunstantziak aldatzen ez ziren bitartean, egokitu egin behar zitzaion, itxuraz behintzat, beregandik espero zenari.
Baina mendekua azaldu zitzaion jendea ikusteko modu berrian. Erretorearen itxura eder dotorearen azpian, Yvettek ezereztasun makal ahula ikusten zuen. Eta mesprezatu egiten zuen erretorea. Baina hala ere, neurri batean, gogoko ere bazuen. Hain dira konplikatuak sentimenduak.
Amona izan zen Yvettek arima guztiarekin gorrotatu zuena. Andre zahar gizen hura, perretxiko handi tanta-gorri baten gisara han bere itsutasunean eseririk egoten zen hura, lepoa irentsirik zuela sorbalda konkortuen eta kokots-gingila elkargaineratuen artean, lepo gabea, beraz, patata ale bikoitza bezala, hura zen Yvettek benetan gorrotatzen zuena, ia-ia gozamena den gorroto huts garbi horrekin. Hain zen gorroto garbia berea, ezen biziki sentitzen zuenean, gozatu egiten baitzuen.
Andre zaharra eserita egoten zen bere aurpegi handi gorritua zertxobait atzera-zapaldurik zuela, enkajezko txanoa ile zuri urriaren gainean kokatuta, sudur motza irmo oraindik, eta aho zaharra zepoa bezala itxita. Atso zahar amatiar hura, ahoak salatzen zuen. Estua izan zuen beti. Baina zahartzaroan, apoarena bezalakoa bihurtu zitzaion, ezpain gabea, masailezurra zepoaren beheko arkua bezala gora estuturik zuela. Yvettek gehien gorrotatzen zuena beheko masailezurra gora irmo estutua ikustea zen, kokotsa urteetako erabakizunez luzatua, modu horretara sudur motza tentetzera behartzen zuela, eta aurpegi guztia atzera-zapaltzen zitzaiola, bekoki zabal horma bezalakoaren azpian. Borondatea, andre zaharraren borondate likits urtetsu nazkagarria, beldurgarria zen, behin ikusten zenean: setakeria nazkagarri jainkogabe bat, eta gizatasunaren azpikoa! Apoen, edo dortoken, arraza zahar iraunkorrari zegokiona. Pentsarazten zion bati amona ez zela inoiz hilko. Bizitzen jarraituko zuela narrasti nagusiago horiek bezala, erdi-koma egoeran, betiko.
Yvette ez zen ausartzen aitari amona perfektua ez zenik iradokitzen ere. Ero-etxearekin mehatxatuko zukeen alaba. Hori zen, antza, maukan beti gordeta zuen mehatxua: ero-etxea. Hain zuzen ere amona eta etxe izugarri hartako senitartekoak atsegin ez izate hutsa, berez, erotasun froga, erotasun arriskutsuaren froga, baldin balitz bezala.
Hala ere, bere amorrualdi haietako batean, behin bota zuen bai Yvettek:
— Hauxe bai dela etxe nazkagarria! Etortzen dira izeba Lucy, izeba Nell eta izeba Alice, eta biribilean jartzen dira beleak bezala, amona eta izeba Cissirekin, denak gonak jaso eta sutan zangoak berotzen, Lucille eta ni kanpoan utzita. Kanpotarrak beste ezer ez gara etxe nazkagarri honetan!
Aita adi-adi geratu zitzaion begira. Baina Yvettek asmatu zuen hitzak halako harropuzkeria batez janzten, eta begietan haserrearen zakarkeria baino ez erakusten, eta aitak barre egin ahal izan zuen, ume-kasketaldi baten aurrean bezala. Barrenean, ordea, erretoreak bazekien Yvettek hoztasunez eta makurki benetan sentitzen zuela esan zuena, eta kontuan zegoen.
Yvetteren bizitza orain frikzio sumingarri bat baino ez zen Saywelltarren etxakidetza mikatzaren kontra, non baitzegoen bera murgilduta. Gorroto zuen erretore-etxea bizi-indar guztia kontsumitzen zion gorrotoz, gorroto hain biziz ezen ezin baitzen lekutik mugitu. Irauten zion bitartean, haren sorginduraren mende egoten zen, nazkaturik.
Ahaztu zituen Eastwoodtarrak ere. Azken finean, zer zen judu txikiak zuen higuina, amonarekin eta Saywelltarren taldearekin konparatuta! Senar bat erdi-menturazko zerbait baino ez zen! Baina familia? Inoiz bananduko ez zen familia zikin nazkagarri, erdi hilean andre zahar perretxikotu baten oinari estekatua? Nola aurre egin horri?
Ijitoa ez zuen erabat ahaztu. Baina ez zuen harentzat denborarik. Yvettek, nahiz asperdurak hiltzen egon, eta egiteko ezer ez eduki, ez zuen denborarik pentsatzeko, serioski, ezertan. Denbora ez baita, azken finean, arimaren errekaren isuria baizik.
Bi aldiz ikusi zuen ijitoa. Etxera etorri zen behin, gauzak saltzen. Eta Yvettek, eskailburuko leihotik begira, uko egin zion jaisteari. Ijitoak ere ikusi zuen, gauzak atzera karroan jartzen ari zen bitartean. Baina hark ere ez zuen zeinurik egin. Gure gizartearen aldiriak erasotzeko bestetarako ez den arrazakoa izanik, beti etsai eta harrapaketatik bizi dena, ondoegi zekien hark bere burua menderatzen, eta kontuz ibiltzen, gure legearen atzapar luze eta beldurgarriaren aurrean ageriki arriskuan jartzeko. Gerran ibilia zen. Gogoz kontra esklabotzara behartu zuten, orduan.
Orain, bada, erretore-etxean azaldu zen, eta astiro, lasai, karroaren egitekoetan aritu zen sarrate zuriaz kanpotik, arroztasun-aire isil eta betiere menderakaitzak ematen zion xarma bakarti harrapari harekin. Bazekien Yvettek ikusi zuela. Eta menderakaitz ikusi behar zuen, lasai-lasai kobrezko ontziak biderik bide saltzen, Yvette bezalakoen aurkako gerrara zeraman bide-zidor antzinakoan barrena.
Yvette bezalakoak? Tronpatzen zen agian. Yvetteren bihotzak, taupaka, ijitoaren mailuak kobrearen gainean bezalako hotsa egiten zuen orain, zirkunstantzien kontra jotzean. Baina ijitoak isilgordeka kanpoaldetik kolpatzen zuen, eta oraindik isilago Yvettek ezarkuntzaren barrutik. Gustatzen zitzaion Yvetteri ijitoa. Gustatzen zitzaion haren presentzia lasai isil zehatza. Gustatzen zitzaion haren pairamen-indar misteriotsua, aurkako egoerari irauten diona, garaipenean pentsatu gabe. Eta gustatzen zitzaion horretaz gainera zuen gupidagabetasun berezi hura, desilusio etsaitasunez betea, gerra ondorenari dagokiona. Bai, alderdiren batekoa, edo clan-en batekoa izatekotan, ijitoarenekoa zen Yvette. Harekin joateko, eta emakume ijito paria bat izateko bezain bihotz gogorra zuen ia.
Baina gizartearen altzoan jaioa zen Yvette. Eta atsegin zuen erosotasuna, eta halako itzal bat. Erretorearen alaba izate hutsak ere, halako itzal bat ematen zuen. Eta gustatzen zitzaion hori. Halaber gustatzen zitzaion tenpluko pilareak koskatzea, barrutik. Onik egon nahi zuen tenpluaren teilatupean. Baina pilare euskarriei zatikiak kentzen gozatzen zuen. Zalantzarik gabe zatiki asko kraskatu izango ziren filistearren pilaretatik, Sansonek tenplua behera bota aurretik.
— Ez dinat ikusten zergatik ez dituen batek bere txorakeriak egin behar hogeita sei urte arte, eta orduan etsipena hartu eta ezkondu!
Hori zen Lucilleren filosofia, emakume zaharragoengandik ikasia. Yvettek hogeita bat urte zituen. Horrek esan nahi zuen beste bost geratzen zitzaizkiola txorakeria preziatu horietarako. Eta txorakeriak, momentu honetan, ijitoa esan nahi zuen. Ezkontzak, hogeita sei urterekin, Leo edo Gerry esan nahi zuen.
Hartara, emakumeak jan zezakeen tarta eta eskura zezakeen ogia.
Yvette, Saywelltarren etxakidetzaren aurkako etsaitasun izugarrian finkaturik, irtenbiderik gabe, oso zahar eta oso zuhur sentitzen zen: gaztearen zahartasun eta zuhurtziarekin, zuhurtzia handiagoa beti, zaharrena, nagusiena baino.
Bigarren aldian kasualitatez topatu zuen ijitoa. Martxoa zen, eta eguraldi eguzkitsua, ikusi ez bezalako euriteen ondoren. Hesietan korradu-belar loreak hori zeuden, eta San Jose loreak harkaitz arteetan. Baina artean urrutiko altzairutegietako sulfuro usaina heltzen zen, altzairuzko zeru urdinetik.
Eta udaberria zen haatik!
Yvette bizikletari astiro eraginez zihoan Codnor Gate aldetik, karobietatik aurrera, eta orduantxe harrizko baserri baten atetik ijitoa etortzen ikusi zuen. Karroa han zuen bidean. Erratz eta kobrezko gauzekin bueltan zetorren, karrora.
Bizikletatik jaitsi zen Yvette. Ijitoa ikusi zuenean, xamurtasun bereziz maitatu zuen jertse berdearen azpiko soin-egitura liraina, aurpegi isilaren ingurubira. Iruditu zitzaion hobeto ezagutzen zuela hura munduan ezagutzen zuen beste inor baino, Lucille ere baino, eta harena zela, nolabait, betiko.
— Egin al duzu gauza berri politen bat? —galdetu zion xaloki, kobrezko gauzei begira.
— Ez dut uste —esan zuen ijitoak, begiak Yvetterengana itzuliz.
Desira han zegoen oraindik, erne eta ageri, ijitoaren begietan. Baina urrunagoa zen, ez hain lotsagabea. Distira ñimiño bat zuen begiradan, Yvette desatsegin balu bezala. Baina desagertu zitzaion atzera, Yvette kobrezko pieza eta latoi-lanen artean begira ikusi zuenean. Arreta handiz aztertzen zituen.
Bazen latoizko plater txiki obal bat, gainean palmondoaren tankerako irudi bitxi bat grabatua zuena.
— Hauxe gustatzen zait —esan zuen Yvettek—. Zenbat da?
— Nahi duzuna —ijitoak.
Horrek urduri jarri zuen Yvette; ijitoa konfiantza gehiegi hartuta, ia isekari iruditu zitzaion.
— Nahiago dut zuk esatea —esan zion Yvettek, gora begiratzen ziola.
— Eman nahi duzuna —esan zuen ijitoak.
— Ez! —esan zuen Yvettek bat-batean—. Esaten ez badidazu, ez dut hartuko.
— Ondo da —esan zuen ijitoak—. Bi txelin.
Yvettek koroa erdikoa aurkitu zuen, eta ijitoak esku bete txanpon poltsikotik atera eta sei penikekoa itzuli zion.
—Andre zahar ijitoak zuri buruzko emets bat izan du, esan zion gizonak, begi sarkorrez aztertzen zuela.
— A, bai? —esklamatu zuen Yvettek, istanteko interesaturik—. Zer zen?
— Hau esan zuen: Izan adoretsuago bihotzez, bestela galdu egingo duzu jokoa. Berak honela esan zuen: «Izan adoretsuago gorputzez, bestela zorteak ihes egingo dizu.» Eta hau ere bai: «Adi egon uraren mintzoari.»
Yvette oso inpresionaturik geratu zen.
— Eta zer esan nahi du horrek? —galdetu zion.
— Galdetu diot —esan zuen ijitoak—. Ez omen daki.
— Esadazu berriro nola zen —esan zuen Yvettek.
— «Izan adoretsuago gorputzez, bestela akabo zortea.» Eta: «Adi egon uraren mintzoari.»
Ijitoak Yvetteren aurpegi leun pentsatiari begiratu zion isilik. Ematen zuen perfumea bezalako zerbait iristen zitzaiola zuzenean Yveteren papar gaztetik, eskerronezko lotura gisara.
— Gorputzez adoretsuago izan behar dudala, eta uraren mintzoa aditu behar dudala! Ederki! —esan zuen Yvettek—. Ez dut ulertzen, baina baliteke egunen batean ulertzea.
Begirada garbiz begiratu zion Yvettek. Gizonak zein emakumeak alde asko ditu. Alde batetik, Yvettek gizon ijito hura maite zuen. Beste alde askotatik, ez zuen kontutan hartzen edota desatsegina zitzaion.
— Ez duzu Headera gehiago igo behar? —galdetu zion ijitoak.
Orain ere Yvettek distraiturik begiratu zion.
— Agian bai —esan zuen—, egunen batean. Baliteke.
— Udaberri eguraldia! —esan zuen ijitoak, irribarre arin batekin, burua jaso eta eguzkiari begira—. Aurki kanpamendua jaso eta bagoaz.
— Noiz? —galdetu zuen Yvettek.
— Datorren astean edo.
— Nora joateko?
Ijitoak berriro buruarekin keinu egin zuen.
— Iparraldera edo —esan zuen.
Yvettek begiratu egin zion.
— Ederki! —esan zuen—. Igoko naiz beharbada joan zaitezten baino lehen zure emazteari eta mezua bidali didan andre zaharrari agur esatera.
© D.H. Lawrence
© itzulpenarena: Irene Aldasoro