VII

 

        Yvette jakin-minez beterik zegoen Eastwoodtarrekin, horrela deitzen baitzien berak. Judu txikiari hiru hilabete bakarrik geratzen zitzaizkion orain, azken dekretua arte itxoiteko. Ausarki, udako baserritxo bat hartu zuen errentan, Scoresbyko basa-lurretan, mendietatik urrutira gabe. Negu-negua zen orain, eta komandantea eta biak neurri bateraino isolaturik bizi ziren, batere neskamerik gabe. Komandanteak utzia zion dagoeneko armada erregularreko zerbitzuari, eta Eastwood jauna izenez ematen zuen bere burua ezagutzera. Izatez, Eastwood jaun-andreak ziren jada, mundu arruntean.

        Judu txikiak hogeita hamasei urte zituen, eta bere bi haurrak hamabi urtetik gorakoak ziren. Senarra bat etorri zen haurren zaintza emazteak izatean, Eastwoodekin ezkontzen zen bezain laster.

        Horra hor bada, bikote bitxi hori, judu fin txikitxoa, bere begi handi erresumindu eta agirikorrekin, eta ile-sapa beltz kizkur ondo zainduarekin, emakumetxo dotorea bere heinean, eta gizon handi begi-zurbila, indartsua eta hotza, antzinako etorki daniar misteriotsuren bateko aztarna ziurrenera, elkarrekin bizitzen etxetxo moderno batean basa-lur eta mendietatik hurbil, eta etxeko lanak beraiek egiten zituztela.

        Etxebizitza bitxia zen. Baserria altzari eta guzti alokatu zuten, baina judu txikiak bere altzari pieza kutunenak ere ekarri zituen. Halako gustu bitxi bat zuen kurba estrainiozko arasa rococo, nakarrez, kareiz, ebanoz, batek daki zerez inkrustatuetarako; bazituen gar-irudiko sila garai estrainioak, Italiakoak, brokatu urdinberdedunak; santu txundigarriak, jantziak haizeak harrotuta bezala eta kolore oparoz landuak eta aurpegi-arrosak; apalak betean Saxe zahar eta Capo di Monteko iruditxo arraroak; eta azkenik, kristalaren atzean pintatu koadro sail harrigarri bat, hemeretzigarren mende hasieran, edo hemezortzigarrenaren amaieran, eginak ziurrenera.

        Barrunbe pilatu eta ohizkanpoko horretan errezibitu zuen juduak Yvette, azken horrek isilkako bisita egin zionean. Goitik beherainoko berogailu sistema zegoen jarrita baserrian; txoko guztiak epel zeuden, bero ia. Eta han ari zen juduaren iruditxo rococo ñimiñoa, soinekotxo egoki batekin, eta amantalarekin, urdaiazpiko xerrak platerean jartzen, komandante elur-txori handiak, berriz, txaketa zuria eta galtza grisak soinean, ogia ebaki, mostaza nahastu, kafea prestatu, eta beste guztia egiten zuela. Komandanteak egina zen jaki hotz eta kabiarraren ondorengo erbi estofatua ere.

        Zilarra eta portzelana balio handikoak ziren: andregaiaren ezkonsarikoak. Komandanteak garagardoa edan zuen zilarrezko antoisin batetik; judu txikiak eta Yvettek xanpaina hartu zuten kopa polit batzuetan; komandanteak kafea ekarri zuen. Solasean aritu ziren. Judu txikia haserrez erretzen zegoen lehen senarraren aurka. Moraltasun zorrotzeko emakumea zen, hain zorrotzekoa, ezen dibortziatu egin baitzen. Komandantea ere, negu-txori estrainioa, hain indartsua, ederra gainera, bere heinean, nahiz izan betinguru zurbilekoa betilerik ez balu bezala, txorien antzera, hura ere, haserreturik zegoen bizitzarekin, moraltasun faltsuaren kausaz. Bularralde indartsu atletiko hark, halako gorroto hotz estrainio bat gordetzen zuen. Eta judu txikiarenganako xamurtasuna justizia laidotuaz zuen zentzuan oinarritzen zen, iparraldeko moraltasun abstraktuak bultzatzen zuela, haize estrainio batek bezala, isolamendura.

        Arratsaldea aurreratu zenean, sukaldera joan ziren, eta komandanteak maukak goratu zituen, beso zuri indartsu atletikoak agerian jartzen zituela, eta kontu handiz, trebeki, platerak garbitu zituen, eta emakumezkoek, berriz, lehortu. Ez zituen alferrik zailduak giharrak. Gero etxe txikiko berogailuei kontu egitera joan zen, egunean behin edo bitan begiratzea aski baitzuten. Eta horren ondoren, auto txiki estalia atera eta Yvette eraman zuen etxera, euritan, eta atzeko sarratean utzi zuen, alertze arteko ataka txikian, zeinetatik behera jaisten baitziren etxeraino lurrezko mailak.

        Yvette txunditurik zegoen bikote horrekin.

        — Benetan, Lucille! —esan zuen—. Inon den jenderik harrigarriena ikusten dinat.

        Eta deskribapen zehatza egin zion.

        — Nahiko itxura atsegina hartzen zienat! —esan zuen Lucillek—. Gustatzen zaidan komandanteak etxeko lanak egite hori, eta halako kategoria handia erakustea edozertan. Pentsatzen dinat oso libertigarria izango dela horiek ezagutzea, ezkontzen direnean.

        —Bai! —esan zuen Yvettek lausoki—. Bai! Bai, noski!

        Judu txikiaren eta ofizial gazte atletiko begi-zurbil haren arteko loturaren estrainiotasun horrek berak ekarri zion berriro gogora Yvetteri bere ijitoa, zeina oroimenetik guztiz joanda eduki baitzuen, baina orain bat-batean indar mingarriz itzuli baitzen.

        — Zer dun, Lucille —galdetu zuen Yvettek—, pertsonei elkartzera eragiten diena? Eastwoodtarrak bezalako pertsonak, adibidez? Eta aita eta ama, hain egokigaitzak? Eta fortuna esan zidan emakume ijito hura, zalditzarra bezalakoa, eta gizon ijitoa, hain egokia eta ondo egina? Zer dun hori?

        — Sexua edo dena delakoa izango dun —esan zuen Lucillek.

        — Bai, zer dun hori? Ez dun inola ere gauza arrunta, sentsualitate arrunta bezalakoa, entenditzen dun, Lucille. Ez dun.

        — Ez, pentsatzen dinat ezetz —esan zuen Lucillek—. Ez din behintzat zertan izanik, nik uste.

        — Ze, begira, mutil arruntak, badakin, neskari baxu sentiarazten diotenak; inork ez zien kasu handirik egiten. Inork ez din horienganako erakarpenik sentitzen. Eta hala ere sexualenak jotzen ditun.

        — Uste dinat —esan zuen Lucillek—, bi sexu mota daudela: baxua den sexua, eta bestelakoa, baxua ez dena. Izugarri konplikatua dun, benetan! Gorroto dizkinat mutil arruntak. Eta inoiz ez dinat sentitzen ezer sexualik —nazka pixka batekin indartu zuen hitza— arruntak ez diren mutilenganako. Beharbada ez dinat sexurik.

        — Horixe bera! —esan zuen Yvettek—. Beharbada ez dinagu ez hik eta ez nik. Beharbada ez dinagu benetako sexurik, gizonekin harremanak izateko.

        — Izugarria zirudin horrela esanda: gizonekin harremanak izan! —esan zuen Lucillek nazkaz—. Ez zain iruditzen gorrotagarria gizonekin era horretako harremanak izatea? Nik uste, pena handia dun sexua izatea! Askoz hobe huke gizon eta emakume izatea, horrelako gauzarik gabe.

        Yvette pentsatzen geratu zen. Han hondoan urrunean zegoen ijitoaren irudia, Yvettek «Hain eguraldi traidorea dago!» esan zionean jiratu eta begiratu zionekoa. Pedro oilarrak jo zuenean bezala sentitu zen Yvette, ijitoa ukatu zuenean. Edo hobeto esan, ez zuen ijitoa ukatu; edozein modutara, ez zion axola hark zer paper jokatzen zuen. Bere izatearen alderdi ezkuturen bat zen Yvettek ukatu zuena: modu misteriotsu eta aitorrezinez ijitoari erantzuten zion alderdia. Eta oilar beltz distiratsu estrainio bat zen Yvetteri isekaz kukurruku jo ziona.

        — Bai! —esan zuen Yvettek lausoki—. Bai! Sexua gogaimen izugarria dun, Lucille. Ez dunanean, beharra sentitzen dun, nolabait esan. Eta dunanean, edo baldin badun —burua jaso eta sudurra zimurtu zuen destainaz— gorroto dion.

        — Ba, ez zekinat! —esan zuen Lucillek—. Uste dinat gustatuko litzaidakeela gizonen batekin izugarri maiteminduta egotea.

        — Hori uste dun! —esan zuen Yvettek, berriro sudurra zimurtuz—. Baina baldin bahengo, ez huke usteko.

        — Hik nola dakin? —galdetu zuen Lucillek.

        — Beno, jakin ez zekinat —esan zuen Yvettek—. Baina hori uste dinat! Bai, hori uste dinat!

        — Bai, oso litekeena dun! —esan zuen Lucillek nazkaz—. Eta nolanahi ere batek bazekin ziur egunen batean maiteminduta egoteari utziko diola, eta hori nazkagarrikeria hutsa dun.

        — Bai —esan zuen Yvettek—. Arazo bat dun.

        Doinutxo bat kanta-marmaratu zuen.

        — O, utz ezan, oraindik ez dun-eta guretzat arazo. Gu ez geuden benetan maitemindurik, eta baliteken inoiz ez egotea; beraz, konponduta geratzen dun horrela arazoa.

        — Ni ez nagon horren ziur! —esan zuen Yvettek zuhurki—. Ni ez nagon horren ziur. Uste dinat, egunen batean, bortizki maiteminduko naizela.

        — Ziurrenera inoiz ez —esan zuen Lucillek zakarki—. Hori dun neskazahar gehienek denbora guztian pentsatzen dutena.

        Yvettek ahizpari begiratu zion pentsati baina kezkatu-itxurarik gabe.

        — Bai? —esan zuen—. Hori uste dun benetan, Lucille? Izugarria dun, gaixoentzat! Zergatik kezkatzen ditun horregatik?

        — Zergatik kezkatu? —esan zuen Lucillek—. Beharbada, kezkatu, ez ditun kezkatzen. Baliteken dena izatea jendeak esaten duelako: «Neskazahar gaixoa, ezin izan du gizonik harrapatu.»

        — Horregatik izango dun! —esan zuen Yvettek—. Azkenean aintzakotzat hartzera iristen direla jendeak neskazaharrei buruz esaten dituen itsuskeriak. Lotsagarria dun!

        — Dena dela, guk ondo pasatzen dinagu, eta mutil pila dinagu guri gutizia nola egingo dabiltzanak —esan zuen Lucillek.

        — Bai! —esan zuen Yvettek—. Bai! Baina ezingo ninduken horietako inorekin ezkondu.

        — Ezta ni ere, —esan zuen Lucillek—. Baina zergatik ez? Zergatik kezkatu behar dinagu ezkontzeaz, ezin hobeto pasatzen dugula mutilekin, eta direla izugarri jatorrak, eta aitortu behar dun, Yvette, oso gizabidetsuak eta begiratuak gurekin.

        — Hala ditun, bai! —esan zuen Yvettek distraiturik.

        — Nik uste dinat ezkontzea pentsatzeko garaia —esan zuen Lucillek—, ondo pasatzeari utzi dionala konturatzen haizenean iristen dela. Orduan ezkondu, eta bizibidea hartu.

        — Jakina! —esan zuen Yvettek

        Baina orain, bere adikortasun bigun leunaren azpian, gogaiturik zegoen Lucillerekin. Bat-batean hari bizkarra emateko gogoak eman zion.

        Gainera, begira Lucille gaixoaren betondo beltzak, eta begi eder haietan nabari zen tristura. O! Baldin gizon on-on maitagarri babesle horietako batek ezkontzeko eskatuko balio! Eta Lucille zintzoak onartu!

        Yvettek ez zien ezer esan erretoreari eta amonari Eastwoodtarrei buruz. Hizpide ugari sortu besterik ez zukeen egingo eta Yvettek gorroto zuen hori. Erretoreak, beregatik, pribatuan, ez ziokeen garrantzirik emango. Baina hark ere bazekien ahalik eta urrunen egon behar zela suge pozoitsu buru-anitz harengandik, jendearen mihitik.

        — Baina nik ez dut nahi zu hona etortzea aitak jakin gabe —esan zion judu txikiak.

        — Esan egin beharko diot —esan zuen Yvettek—. Ziur naiz axolarik ez diola, benetan. Baina jakiten badu, behartuta sentituko da, nik uste.

        Ofizial gazteak Yvetteri begiratzen zion begirada jostari bitxi bat zuela, txoriarena bezalakoa eta emozio gabea, begi zorrotzetan. Hura ere, Yvettez maitemintzeko bidean zen. Yvetteren birjinazko xamurtasun bereziak, eta gogo iheskor, besteratu, gauzei atxikimendurik gabeak erakartzen zuen.

        Yvette konturatuta zegoen gertatzen ari zenaz, eta zertxobait gandortu egin zen. Eastwoodek fantasia kilikatzen zion. Nahasgarria zen ikustea halako ofizial gazte dotorea, izugarri klase handikoa, harrigarri lasaia autoa gidatzen, eta txapeldun petoa igerian, han isil-isilik, pipa errez, lasai-lasai platerak garbitzen, bere lana hain kontuz eta taxuz egiten. Edo, automobil baten barru misteriotsua aztertzen zuen tentu eta interes berarekin, baserriko sukaldean erbi estofatua kuzinatzen. Eta kanpoko izotzetara irten eta autoa garbitzen, harik eta gauza biziduna bezala uzten zuen arte, bere burua miazkatu duen katua irudi. Eta etxean sartu eta handikeriarik gabe eta seriotasunez, nahiz laburki, judu txikiarekin hizketan. Eta inoiz aspertu gabe, antza. Eguraldi txarrarekin, pipa hartu eta leiho ondoan eserita, orduak eta orduak isilik, besteraturik, gogoetari, eta hala ere gorputz atletikoa eme zuela bere geldian.

        Yvettek ez zuen flirteatu komandantearekin. Baina gustatu bai, gustatzen zitzaion.

        — Eta zure etorkizuna zer? —galdetu zion Yvettek.

        — Zer gertatzen zaio nire etorkizunari? —esan zuen gizonak, pipa ahotik ateraz, irribarre-puntu emozio gabea txori-begietan zuela.

        — Karrera bat! Ez al du gizon orok karrera bat prestatu behar? Antzara handi bat saltsan bezala?

        Xalotasun estrainioz begiak zabal-zabalik begiratzen zion Yvettek.

        — Ondo baino hobeto naiz gaur, eta ondo izango naiz bihar —esan zuen gizonak, tonu hotz erabakiorrez—. Zergatik ez du izan behar nire etorkizunak gaur eta bihar etengabe bat?

        Yvetteri begiratzen zion higi gabe aztertzen zuela.

        — Jakina! —esan zuen Yvettek—. Gorroto dut lana, eta bizitzaren alderdi hori guztia —Baina juduaren diruan pentsatzen zuen.

        Gizonak ez zion erantzun. Haren haserrea biguna zen, elurraren gisakoa, arima gozoro biltzen dutenetakoa.

        Iritsiak ziren elkarrekin filosofikoki hitz egiteko puntura. Judu txikiak aurpegi nekatuxea zuen. Harrigarri xalo agertzen zen, eta ez zuen jarrera posesiborik gizonarekiko. Ez zegoen zapuzti ere Yvetterekin. Nekatuxe soilik, eta mutu.

        Yvettek, bat-bateko eragin batek bultzatuta, pentsatu zuen hobe izango zuela bere burua zuritzea.

        — Iruditzen zait izugarri zaila dela bizitza! —esan zuen.

        — Bai horixe! —esklamatu zuen juduak.

        — Okerrena da, suposatzen dela batek maitemindu eta ezkondu egin behar duela! —esan zuen Yvettek, sudurra zimurtuz.

        — Ez duzu maitemindu eta ezkondu nahi? —esklamatu zuen juduak, begi harrituak zabal-zabalik kontra egiten ziola.

        — Ez, ez bereziki! —esan zuen Yvettek—. Batez ere sentitzen duzunean ez dagoela beste ezer egiterik. Markatutako bidetik ibili behar.

        — Baina ez dakizu maitasuna zer den? —esklamatu zuen juduak.

        — Ez! —esan zuen Yvettek—. Eta zuk?

        — Nik! —marru egin zuen judu txikiak—. Nik! Jainko nirea, jakinez!

        Malenkoniazko gogoetan begiratu zion Eastwoodi, zeina pipa erretzen ari baitzen, bere olgeta partikularraren irriñoa ageri zuela aurpegi leun garbian. Oso azal fin leuna zuen, baina hala ere eguraldiak erasaten ez ziona, eta horregatik ematen zuen haur jaioberriarena bezain aurpegi biluzia. Baina ez zen aurpegi borobila: bazuen aski nortasun, eta ironiazko txulotxo bitxiak formatzen zitzaizkion masailetan, maskara komiko baina zurrunaren antzera.

        — Esan nahi duzu maitasuna zer den ez dakizula? —insistitu zuen juduak.

        — Ez! —esan zuen Yvettek axolagabekeria inozentez—. Ez dut uste dakidanik! Txarra al da, nire adinean?

        — Ez dago gizon bat ere guztiz... guztiz desberdin sentiarazten zaituenik? —esan zuen juduak, berriro begiak zabal-zabalik Eastwoodi begiratzen ziola.

        Gizonak erretzen jarraitzen zuen, zeharo desinplikaturik.

        — Ez dut uste —esan zuen Yvettek—. Ez baldin bada... bai! ez baldin bada ijito hura —Burua alde batera okertu zuen pentsati.

        — Zer ijito? —marru egin zuen judu txikiak.

        — Soldadu izan zen hura, gerran Eastwood komandantearen erregimentuan zaldiak zaintzen zituen hura —esan zuen Yvettek lasai.

        Judu txikia zur eginda begiak zabal-zabalik geratu zitzaion Yvetteri.

        — Ez zara ijito horretaz maiteminduta egongo! —esan zuen.

        — Beno! —esan zuen Yvettek—. Ez dakit. Hark bakarrik sentiarazten nau... desberdin! Hark bakarrik!

        — Baina nola? Nola? Inoiz ezer esan dizu?

        — Ez! Ez!

        — Nola orduan? Zer egin du?

        — A! Begiratu egin dik bakarrik!

        — Nola?

        — Ba, egia esan, ez dakit. Baina desberdin! Bai, desberdin! Desberdin, oso desberdin beste edozein gizonek inoiz begiratu didanaren aldean.

        — Baina nola begiratu dizu? —insistitu zuen juduak.

        — Ba... benetan, baina bene-benetan, desiratuko banindu bezala —esan zuen Yvettek, bere aurpegi gogoetatsuak lore-pipita zirudiela.

        — Zitala halakoa! Zer eskubide du zuri horrela begiratzeko? —esklamatu zuen judu haserretuak.

        — Katuak begira diezaioke erregeri —sartu zen komandantea, eta katu-irribarrea zuen orain aurpegian.

        — Uste duzu ez zuela egin behar? —galdetu zuen Yvettek, komandantearengana jiratuz.

        — Horixe ezetz! Ijito batek, dozena erdi bat emakume zikin atzetik arrastaka dituenak! Horixe ezetz! —esklamatu zuen judu txikiak.

        — Duda egiten nuen! —esan zuen Yvettek—. Zeren zoragarria zen, benetan. Oso bestelako zerbait zen nire bizitzan.

        — Nik uste dut —esan zuen komandanteak, pipa ahotik kenduz—, desira dela bizitzako gauzarik ederrena. Hori benetan senti dezakeen nornahi, errege da, eta ez diot beste inori inbidiarik!

        Ahora eraman zuen berriro pipa.

        Juduak sor eta lor begiratu zion.

        — Baina Charles! —esklamatu zuen—. Halifaxko gizon arrunt baxu guztiek ez dute besterik sentitzen!

        Komandanteak pipa ahotik kendu zuen berriro.

        — Hori ez da gosea besterik —esan zuen.

        Eta ahora eraman zuen berriro pipa.

        — Uste duzu ijitoarena egiazkoa dela? —galdetu zion Yvettek.

        Komandanteak sorbaldak jaso zituen.

        — Ez dagokit niri esatea —erantzun zuen komandanteak—. Ni zu banintz, jakingo nuke, ez nintzateke ibiliko inori galdezka.

        — Bai... baina... —etenda geratu zen Yvette.

        — Charles! Oker zaude! Nola izango da egiazkoa! Yvette ijitoarekin ezkondu eta karabanan bueltaka ibili ahal balitz bezala!

        — Nik ez dut esan harekin ezkondu behar duenik —esan zuen Charlesek.

        — Maitasun abentura bat orduan! Baina hori izugarria da! Zer pentsatuko luke Yvettek bere buruaz? Hori ez da maitasuna. Hori... hori prostituzioa da!

        Charlesek erretzen jarraitu zuen pixka batean.

        — Ijito hori zen genuen gizonik onena, zaldiekin. Ia hilean egon zen pulmoniaz. Hilik izango zela uste nuen. Gizon berpiztua da niretzat. Neu ere gizon berpiztua naiz, nolabait esan —Yvetteri begiratu zion komandanteak—. Ehortzirik egon nintzen hogei orduz elur azpian —esan zuen—. Eta hori beste okerrik ez, atera nindutenean.

        Jelazko isilunea izan zen solasaren erdian.

        — Izugarria da bizitza! —esan zuen Yvettek.

        — Kasualitatez atera ninduten —esan zuen gizonak.

        — O!... —luzatu zuen astiro Yvettek—. Halabeharra izango zen, aizu.

        Gizonak ez zion erantzun.

 

 

 

© D.H. Lawrence

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"D.H. Lawrence / Birjina eta ijitoa" orrialde nagusia