VI

 

        Hurrengo astean ere euria goian-behean egin zuen. Eta horrek sortzen zion amorru estrainioarekin erreta zebilen Yvette. Eguraldi ona izango zela espero zuen. Batez ere asteburu aldera ona egingo zuela sinetsita zegoen. Zergatik, ez zion bere buruari galdetu.

        Osteguna, egun erdiko jaia, izotz latz eta eguzki etorri zen. Leo heldu zen autoarekin: betiko taldea. Yvettek zakarki eta ezustean uko egin zion joateari.

        — Ez, eskerrik asko, ez dut gogorik —esan zuen.

        Mari-desberdin izatea gustatzen zitzaion.

        Eta bakarrik joan zen paseatzera, mendi izoztuetan gora, Black Rocks aldera.

        Biharamuna ere eguzkitsua eta izoztua etorri zen. Otsaila zen, baina iparraldean eguzkiak ez zuen lurreko izotza urtzen. Yvettek jakinarazi zuen bizikletan buelta bat ematera zihoala, eta bazkaria eramango zuela agian arratsaldea arte itzuliko ez zenez.

        Abiatu zen, presarik gabe. Izotz eta guzti, eguzkiak udaberriko ukitua zuen. Parkean, oreinak ikusten ziren urrunean, eguzkitan, epelean. Orein eme pintazuri batek zeharkatu zuen poliki-poliki paisaia geldia.

        Bizikletan, Yvetteri zaila gertatzen zitzaion eskuei epel eustea, gorputza aski bero bazuen ere. Aldapa luzean gora, tontorrera bidean, oinez joan behar izan zuenean, eta haizeak jotzen ez zuenean bakarrik.

        Gainaldea oso soila eta argia zen, beste mundu bat bezalakoa. Beste maila batera igoa zen. Poliki-poliki eragiten zion bizikletari, pixka bat beldurturik bide okerra hartuko ote zuen, harrizko hesitura ugarien labirintoan. Zuzena iritzi zion bidean aurrera zihoala, kaska-kaska hots itzali bat, erresonantzia metaliko arin batekoa, entzun zuen.

        Gizon ijitoa zegoen lurrean bizkarra karroaren gurtagaren kontra eserita, kobrezko ontzi bati mailuka. Eguzkitan zegoen, buru-hutsik, baina jertse berdea jantzita. Hiru haur txiki zebiltzan lasai batera eta bestera, zaldiaren aterpean jolasean; zaldia eta karroa ez zeuden. Emakume zahar bat, makurtuta, painelua buruan, arbaz eginiko suaren gainean kozinan ari zen. Mailu txikiak kobre bigunaren gainean egiten zuen tak-tak-tak bizkorraren txirrina beste hotsik ez zen.

        Gizonak segituan jaso zuen burua, Yvette bizikletatik jaitsi zenean, baina ez zen mugitu, mailukatzeari utzi bazion ere. Garaipen-irribarre arin, ozta-ozta suma zitekeen bat zuen aurpegian. Emakume zaharrak burua jiratu eta begiratu zuen, jakin-minez, ile gris zikinaren azpitik. Erdizka entzun zen zerbait esan zion gizonak, eta emakumea atzera bere sura itzuli zen. Ijitoak Yvetteri begiratu zion.

        — Zer moduz zarete denok? —galdetu zuen Yvettek gizabidez.

        — Ondo. E! Eseri nahi minutu batean?

        Ijitoa eserita zegoen lekuan jiratu zen, eta aulki motz bat atera zuen karabanaren azpitik Yvetterentzat. Gero, Yvettek bizikleta harrobi bazterrera zeraman bitartean, mailuka hasi zen berriro, txoriarena bezalako kolpe arin bizkor harekin.

        Yvette suaren ondora joan zen eskuak berotzera.

        — Bazkaria al da? —galdetu zion umearen modura ijito zaharrari, hotzak gorritu esku luze xamurrak txingarren gainera zabaltzen zituela.

        — Bazkaria, bai! —esan zuen andre zaharrak—. Horrentzat! Eta umeentzat.

        Sardexka luzearekin seinalatu zituen hiru haur begi-beltz begiratiak, kopetile beltzen azpitik begirik kendu gabe zegozkionak.

        Baina haiek garbi zeuden. Andre zaharra bakarrik zegoen zikin. Harrobia bera ere oso garbi zeukaten.

        Yvette pikotxean zegoen isilik, eskuak berotzen. Gizonak mailuari eragiten zion bizkor tarteka isiluneak eginez. Atso zahar enasa astiro igo zen hirugarren karabanako, karabana zaharreneko mailetan gora. Haurrak jolasean hasi ziren berriro, animaliatxo basatiak bezala, lasai eta bizitsu.

        — Zure haurrak al dira? —galdetu zuen Yvettek, sutondotik altxatu eta gizonarengana joanda.

        Gizonak begietara begiratu zion, eta baietz egin zion buruaz. —Eta non da zure emaztea?

        — Saskiarekin irtenda da. Irtenda dira denak, karro eta guzti, gauzak saltzera. Ni ez naiz joaten gauzak saltzera. Nik egiten ditut, baina ez naiz saltzen ibiltzen. Ez askotan. Ez naiz askotan ibiltzen.

        — Zuk egiten dituzu kobrezko eta latoizko gauza guztiak? —esan zuen Yvettek.

        Buruaz baietz egin zion ijitoak, eta aulki motza eskaini zion berriro. Yvette eseri egin zen.

        — Esan zenuen hemen izaten zinela ostiraletan —esan zuen Yvettek—. Eta alde honetara etorri naiz, eguraldi ederra zegoen eta.

        — Oso egun ederra! —esan zuen ijitoak, erreparatzen ziela Yvetteren masaila artean zertxobait hotzak urdinduei, eta belarri gorrituen gaineko ile leunari, eta belaunen gainean zituen esku luze belunduei.

        — Hoztu bizikletan? —galdetu zion ijitoak.

        — Eskuak! —esan zuen Yvettek, urduri estutzen zituela.

        — Ez zenuen goanterik?

        — Bai, baina ez didate askorik balio izan.

        — Hotza sartu egiten dela! —esan zuen ijitoak.

        — Bai! —Yvettek erantzun.

        Andre zaharra astiro, modu groteskoan jaitsi zen karabanako mailetan behera, plater esmaltatu batzuekin.

        — Bazkaria egosirik, ez? —dei egin zion gizonak bigunki. Andre zaharrak ahopean zerbait esan zuen, platerak suaren inguruan zabaltzen zituen bitartean. Bi pertz zeuden zintzilik burdinazko barra horizontal batetik, sutako txingarren gainean. Eltzetxo bat pol-pol burdinazko hiru-hankako batean. Eguzkitan, beroak eta lurrunak batera ñirñir egiten zuten.

        Utzi zituen ijitoak erremintak eta ontzia, eta lurretik altxatu zen.

        — Zer edo zer jango gurekin? —galdetu zion Yvetteri, begiratu gabe.

        — Ekarri dut nik nire bazkaria —esan zuen Yvettek.

        — Egoskari pixka bat jango? —ijitoak.

        Eta isilka, gordeka deitu zion berriro ere andre zaharrari, eta ahopean erantzun zion hark, burdinazko pertza barraren muturrera irristatzen zuen bitartean.

        — Babarrun batzuk, ardiki pixka batekin —esan zuen gizonak.

        — Ez, mila esker! —esan zuen Yvettek.

        Gero, bat-batean adorea bilduz, erantsi zuen:

        — Beno, bai, pixkatxo bat bakarrik, posible bada.

        Yvette bizikletan lotuta zeukan bazkaria hartzera joan zen, eta gizona mailetan gora bere karabanara. Minutu barru agertu zen, eskuzapi batean eskuak lehortuz.

        — Igo eta eskuak garbitu nahi dituzu? —esan zuen.

        — Ez, ez dut uste —esan zion Yvettek—. Garbiak dauzkat.

        Garbitzen erabili zuen ura harrika bota zuen ijitoak, eta bidean behera abiatu zen latoizko pitxer luze batekin, putzu txiki batera zerion iturritik ur garbia hartzera, ura jasotzeko edalontzi bat hartuta.

        Itzuli zenean, sutondoan jarri zituen pitxerra eta edalontzia, eta enbor motz bat ekartzera joan zen, esertzeko. Haurrak lurrean eseri ziren, suaren inguruan, txordoan, babarrunak eta haragi pusketak koilarez nahiz eskuz jaten. Enborrean eseritako gizona isilik, baitaraturik bezala ari zen jaten. Emakumeak kafea egin zuen hiru-hankakoaren gaineko eltze beltzean, eta herrenka joan zen mailetan gora katiluak ekartzera. Isiltasuna zegoen kanpamenduan. Aulki motzean eseri zen Yvette, kapela kendu eta ilea eguzkitan astinduta.

        — Zenbat haur dituzu? —galdetu zion Yvettek bat-batean ijitoari.

        — Bost bat —erantzun zuen astiro ijitoak, Yvetteri begietara begira.

        Eta Yvetteren bihotzaren txinta zapuztu zen berriro eta mututzear zirudien. Lausoki, ametsetan bezala, kafe katilua hartu zuen ijitoarengandik. Ijitoaren irudi isila bakarrik hautematen zuen, itzal bat bezala enborrean eserita, katilu esmaltatu bat eskuetan, isilik kafea edaten. Borondatea aienaturik zen Yvetteren soin-adarretatik; bazuen beregan boterea ijitoak: haren itzala zuen gainean.

        Eta ijitoak, bere kafe beroari putz egiten zion bitartean, gauza bat bakarrik hautematen zuen: Yvetteren birjintasunaren fruitu misteriotsua, haren gorputzaren xamurtasun perfektua.

        Azkenik, utzi zuen kafe katilua sutondoan, eta Yvetteri begiratu zion. Yvetteri aurpegira erortzen zitzaion ilea, katilu berotik txurrut egiten saiatzen zen bitartean. Lore guztiz zabaldurik burua makurtzen duenean bezalako lo-itxura gozoa zuen aurpegian. Lore goiztiar misteriotsu baten gisara, guztiz zabaldurik zen, hiru hego zuriak loraldi laburraren lo-beilara hegaldatzen dituen negu-txilintxa bezala. Birjintasun loratuaren lo-beilan zegoen Yvette, negu-txilintxa bezala eguzkitara murgildurik.

        Ijitoa, Yvettez oroz gain oharturik, zain zegokion itzala bezala, zain eta bertan, itzala bezala.

        Azkenean ijitoaren ahotsak, sorgindura eten gabe, esan zuen:

        — Joan nahi duzu orain nire karabanara, eskuak garbitzera?

        Yvettek birjintasun perfektuzko une hartan zituen ume-begi itzarririk lokartuek ijitoarenei begiratu zieten, ikusi gabe. Ijitoaren indar ilun estrainioak soin-adarrak blaitzen zizkiola, azkenean borondate gabe uzteraino: ez zen bestez ohartzen. Ijitoa hautematen zuen, botere ilun erabatekotzat.

        — Uste dut baietz —esan zuen Yvettek.

        Isilik altxatu zen ijitoa, jiratu eta andre zaharrari hitz egin zion, ahots baxuan agintzen ziola. Eta ondoren Yvetteri begiratu zion berriro, eta bere boterea ezarri zion: Yvettek, bada, ez zuen izan ez bere buruaren ez bere ekintzen erantzukizunik.

        — Etorri! —esan zion ijitoak.

        Yvettek jarraitzea besterik ez zuen egin, jarraitu egin zion aurretik zihoan gorputz haren mugimendu isil, sekretu, menderatzaileari. Ez zitzaion batere kostatzen. Ijitoaren borondatean galdurik zen.

        Ijitoa mailen buruan zela, eta oinetan Yvette, neskak hots bat tartekatu zela sumatu zuen. Gelditu egin zen, mailen barrenean. Auto bat zetorren. Ijitoa mailen buruan geratu zen, jiratu eta estrainioki begira. Andre zaharrak zerbait hots egin zuen gogor, azkar handiagotzen zen hotsez auto bat hurbiltzen ari zela. Pasatzera zihoan.

        Orduan emakumezko baten oihua entzun zuten, eta autoa frenatzen. Gelditurik zen autoa, harrobiaren beste aldean.

        Ijitoa mailetan behera etorri zen, karabanako atea itxita.

        — Kapela jantzi beharko duzu —esan zion Yvetteri.

        Zintzo-zintzo joan zen Yvette sutondoko aulki motzera, eta kapela hartu zuen. Ijitoa karroaren gurpilaren ondoan eseri zen, betilun, eta erremintak hartu zituen. Mailuaren tak-tak-tak bizkorrak ekin zion, bizkor eta haserre orain metraileta txiki baten hotsa bezala, justu emakumearen deia entzun zenean:

        — Berotu al ditzakegu eskuak kanpamenduko sutan?

        Aurrera egin zuen emakumeak, pitotx-larruzko abrigo dotore eta astun bat jantzita zuela. Gizon batek jarraitzen zion, abrigo sendo urdin bat soinean, larruzko goanteak kendu eta pipa ateratzen zuela.

        — Hain itxura tentagarria zuen —esan zuen hainbat animaliatxo hildakoren larruz egindako abrigoa zeraman emakumeak, txolin-irribarre zabal, erdi etorkor, erdi zalantzazko bat eginez, taldeari.

        Inork ez zuen ezer esan.

        Suaren ondora hurreratu zen emakumea, abrigoan bilduta pixka bat dardaratzen zelarik, hotzez. Auto ireki batean etorri ziren.

        Oso emakume txikia zen, sudur-handi samarra: judua ziurrenera. Ia haurra bezain txikia izaki, pitotx-larruzko abrigo harekin askoz buelotsuagoa ematen zuen zegokiona baino, eta judu mizkearen begi beltz handi zertxobait minduek modu bitxian begiratzen zuten arropaia garestiaren artetik.

        Su baxuaren gainera makurtu eta bere esku txikiak zabaldu zituen, esku gainetan diamante eta esmeraldak dizdiz zituela.

        — Ufa! —egin zuen hotzikaraz—. Jakina, ez genuen auto irekian etorri behar! Baina senarrak ez dit utzi ere egingo hotzak nagoela esaten!

        Senarrari begiratu zion ume-begi handi erresuminduekin, zeinetan ageri baitzen emakume judu burgesaren —ziurrenik aberatsaren— buruargitasun maltzurra.

        Bistan zen maitemindurik zegoela, emakume juduaren era berezian, gizon handi horailaz. Gizonak ere begiratu zion bere begi urdin bestetaratu, betilerik ez zutela ziruditenekin, eta irriño batek zimurtu zizkion masaila leun, harrigarri biluziak. Irribarreak ez zuen ezer adierazten.

        Batek berehalaxe negu-kirolekin, eskia eta patinaiarekin, erlazionatzen duen gizon horietakoa zen. Atletiko, bizitzatik deskonektaturik, astiro bete zuen pipa, behatz luze indartsu gorrituarekin tabakoa estutuz.

        Judua begira zegokion ea inolako erantzunik ematen ote zion. Ezta ezer ere, irribarre estrainio arol hura besterik. Emakumea berriro suaren aldera jiratu zen, bekainak jaso eta bere esku txiki zuri zabalduei begira.

        Gizonak bere abrigo ondo forratua erantzi zuen, eta puntuzko jertse eder deigarri bat, horia, grisa eta beltza, agertu zuen, ondo jositako galtza aski lasaien goitik. Bai, biak ziren garestiak! Eta gorpuzkera bikaina zuen, bularralde atletiko irtena. Kanpo-gizon zailduaren gisara, sua suspertzen hasi zen, trankil, soldadua kanpainan bezala.

        — Gaizki irudituko ote zaie pinuburu batzuk botatzen baditugu, garra egiteko? —galdetu zion Yvetteri, mailuan ari zen ijitoari begirada isil bat luzatzen ziola.

        —Izugarri ondo, nik uste —esan zuen Yvettek, zorabioan, ijitoaren sorgindurak poliki-poliki abandonatu zuenean, desanparaturik eta husturik sentitzen zela.

        Gizona autora joan zen, eta pinuburu zakuto batekin itzuli eta eskutada bat atera zuen bertatik.

        — Garra egitea axola? —dei egin zion ijitoari.

        — E?

        — Pinuburu batzuekin garra egitea axola?

        — Egin! —esan zuen ijitoak.

        Gizona pinuburuak jartzen hasi zen han-hemenka, txingar gorien gainean tentuz. Eta berehalaxe, banan-banan, su hartu zuten, eta garrezko arrosak bezala erre ziren, usain gozo batekin.

        — Zoragarria! Zoragarria! —egin zuen judu txikiak, berriro bere gizonari begira. Gizonak maitekiro begiratu zion, eguzkiak izotzari bezala.

        — Ez zaizu sua gustatzen? Niri, izugarri! —oihu egin zion judu txikiak Yvetteri, mailu hotsaren artean.

        Mailu hotsak higuin ematen zion emakumeari. Jiratu egin zen bekain txiki finen tartea zimurtuxe zuela, gizonari gelditzeko eskatu nahian bezala. Yvettek ere burua jiratu zuen. Ijitoa kobrezko ontziaren gainera makurtuta zegoen, hanka-zabalka, burua behera sartuta, besoa bizkor jasotzen zuela. Dagoeneko oso urrun zirudien beregandik.

        Judu txikiari lagun egiten zion gizona geldi-geldi ijitoaren ondora joan zen, eta begira geratu zitzaion isilik, pipa ahoan hartuta. Bi gizon zeuden orain, bi zakur ar estrainio bezala, elkarri usainka.

        — Ezti-ilargitan gaude —esan zion judu txikiak Yvetteri, begirakune gogor erresuminezko batekin. Nahiko ahots ozen erronkariaz mintzatzen zen, txoriren bat, eskinosoa, edo belea, deika bezala.

        — A, bai? —esan zuen Yvettek.

        — Bai! Ezkondu baino lehen! Simon Fawcetten aditzerarik baduzu? —ipar eskualdeko ingeniari aberats oso ezagun bat izendatu zuen—. Ba, Fawcett andrea naiz ni, eta dibortziatu hurren nago!

        Erronka eta malenkonia bitxi batekin begiratu zion Yvetteri.

        — A, bai? —esan zuen Yvettek.

        Orain ulertzen zuen judu txikiaren ume-begi handietan zegoen erresumin eta erronka. Emakumea pertsonatxo onesta zen, baina bazitekeen haren onestasuna arrazoizkoegia izatea. Horrek esplika zezakeen aldez Simon Fawcett entzutetsuaren eskrupulu gabetasun ezaguna.

        —Bai! Dibortzioa lortzen dugun bezain laster, Eastwood komandantearekin ezkonduko naiz.

        Emakumearen karta guztiak mahai gainean zeuden orain. Ez zihoan inor engainatzera.

        Haren atzean, bi gizonek esaldi laburrak gurutzatzen zituzten. Emakumeak burua jiratu zuen, eta ijitoari erreparatu zion bere begi beltz handiekin.

        Ijitoak gora begiratzen zion, lotsati bezala, gizon jertse distiragarridunari, hura, berriz, pipa ahoan zuela zutik, gizonez gizon, behera begira zegokiola.

        — Zaldiekin Arrastik bueltan —esan zuen ijitoak, ahots apalez.

        Gerra kontuan ari ziren. Ijitoak artilleriako zaldiekin zerbitzatu zuen, komandantearen erregimentu berean.

        — Ein schoner Mensch! —esan zuen juduak—. Gizon ederra, e?

        Emakumearentzat ere ijitoa soldadu soil arruntetako bat zen.

        — Oso ederra! —esan zuen Yvettek.

        — Bizikletaz zoaz? —galdetu zion juduak harridurazko tonuan.

        — Bai! Papplewickera. Nire aita Papplewickeko erretorea da: Saywell jauna!

        — A! —esan zuen juduak—. Ezagutzen dut! Idazle argia! Oso argia! Irakurri dut.

        Erabat kontsumiturik ziren dagoeneko pinuburuak; txingar-arrosa pila handi birrindua, apurtua, zen orain sua. Zerua lainotzen ari zen arratsaldea sartu ahala. Bazitekeen iluntze aldera elurra egitea.

        Itzuli zen komandantea, eta abrigoa jantzi zuen.

        — Aurpegi ezaguna iruditu zait! —esan zuen—. Gure zaldi-zainetako bat, punta-puntako gizona zaldiekin.

        — Aizu! —deitu zion juduak Yvetteri—. Zergatik ez zatoz Normantoneraino gurekin autoz. Gu Scoresbyn bizi gara. Bizikleta atzean lotu dezakegu.

        — Hori egin beharko dut —esan zuen Yvettek.

        — Etorri! —dei egin zien juduak haur kurikariei, gizon horaila bizikletarekin urruntzen zen bitartean—. Etorri! Etorri hona! —eta poltsatxoa hartuz, txelin bat eskaini zien.

        — Etorri! —esan zuen—. Etorri hartzera!

        Ijitoa lana utzi eta karabanara joan zen. Andre zaharrak gogorki deitu zien haurrei, bere itxituratik. Bi haur zaharrenak isilgordeka aurreratu ziren. Juduak bi zilarrezko txanpon eman zizkien, txelin bat eta florin bat, poltsatik, eta ikusten ez zen andre zaharraren ahots lakarra entzun zen berriz ere.

        Ijitoa karabanatik jaitsi eta suaren ondora joan zen astiro. Juduak aurpegia aztertu zion bere arrazakoen ausardia burges bereziarekin.

        — Gerran izan zinen, Eastwood komandantearen erregimentuan? —esan zion.

        — Bai, andrea!

        — Pentsa, orain biok hemen topo egin! Elurra egin behar du —gora begiratu zuen zerura.

        — Geroxeago —esan zuen gizonak, zerura begira.

        Ijitoa ere hurbilgaitza bilakatu zen. Haren arraza oso zaharra zen, gizarte eratuarekin zeraman borroka berezian, eta ez zuen garaipenik espero. Noiz edo noiz bakarrik markatu ahal zuen tantoren bat.

        Baina gerraz geroztik, noiz edo noiz tantoren bat markatzeko aukerak ere dezente hoztu ziren. Ez zegoen amore ematerik. Ijitoaren begietan bazen oraindik ausardia, baina gogorragoa eta urrunera zuzendua: desagerturik zen kutuntasun lotsagabearen ukitua. Gerra bizi izan zuen.

        Yvetteri begiratu zion.

        — Autoan itzuli behar? —esan zion.

        — Bai! —erantzun zuen Yvettek, halako afektazio milika batez—. Hain eguraldi traidorea dago!

        — Eguraldi traidorea! —errepikatu zuen ijitoak, zerura begira.

        Yvettek ez zekien zein ziren ijitoaren sentimenduak. Egia esan, hori ez zitzaion gehiegi interesatzen. Liluratuagorik zeukan orain, judu txiki, bi haurren amak, zituen aberastasunak ingeniari entzutetsuari kendu eta Eastwood komandante gazte kirol-zale sosgabeari, bera baino bost edo sei urte gazteago izan behar zuenari, eskuratzera zihoakionak. Jakingarria oso!

        Gizon horaila itzuli egin zen.

        — Zigarro bat, Charles! —esan zion judu txikiak, intzirika.

        Gizonak kaxa atera zuen, astiro, mugimendu astitsu atletikoz. Alderdi sentikorren batek izanarazten zion astitsua, zuhurra, jendearekin min hartuta balego bezala. Zigarro bat eman zion emazteari, eta beste bat Yvetteri, eta kaxa eskaini zion, sinpletasun osoz, ijitoari. Ijitoak bat hartu zuen.

        — Eskerrik asko, jauna!

        Eta isil-isilik sutondora joan zen ijitoa, eta makurtuta, txingar goritan pieu zuen. Bi emakumeak begira geratu zitzaizkion.

        — Agur, ba! —esan zuen juduak, burgesaren kamaraderiaz—. Eskerrik asko su beroagatik.

        — Sua denona da —esan zuen ijitoak.

        Haur txikiena inguratu zitzaion kili-kolo.

        — Agur! —esan zuen Yvettek—. Ez diezazuela elurrik egin.

        — Elur pixka batek ez gaitu ikaratzen —esan zuen ijitoak.

        — Ez? —esan zuen Yvettek—. Baietz usteko nukeen!

        — Ez! —esan zuen ijitoak.

        Yvettek handikiro bota zuen bufanda sorbaldara, eta juduaren larruzko abrigoari jarraitu zion, zeinek bai baitzirudien berezko zango txikien gainean zihoala.

 

 

 

© D.H. Lawrence

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"D.H. Lawrence / Birjina eta ijitoa" orrialde nagusia