V

 

        Te-garaia zen berehala. Negu-txilintxak zeuden kanpoan etxe ondotik sarrateraino zihoan sarbide laburraren bazterretan, eta baratzaina zebilen zirri-mirri, errekara makurtzen zen zelai bustiko parterre borobil hezeetan. Sarratetik aurrera jarraitzen zuen bide zurixka lokaztuak, ia berehalaxe harrizko zubia gurutzatu, bihurgunean buelta hartu eta gora, kea zerion ipar herrixka aldapatsu metatu mugerrera, zeina baitzegoen kokaturik harrizko errota goibelen haranztik, eta errota horiek ikusten zituen Yvettek aurrean ibar estuaren hondoan, tximinia luzeak garai eta zut zituztela.

        Erretore-etxea Pappleren alde batera zegoen, ibar sakonean sartua; herria, berriz, beste muturrean goian, askoz aurrerago, erreka biziaren beste aldetik. Erretore-etxearen atzean mendi aldapatsua gailentzen zen, alertze soildu iluneko basoxka batekin, han barrena desagertzen zelarik bidea. Eta erretore-etxetik erreka igaro eta bertan, etxearen parez pare, ezponda sakon eta sastrakatsua heltzen zen gaineko belardi goibel aldapatsuetaraino, eta horien maldak, berriz, oraindik gorago, zuhaiztiz ilundutako mendi-hegal, harkaitz grisez zipriztinduetaraino.

        Baina etxearen muturretik, Yvettek bidea bakarrik ikusi ahal zuen bihurgunean buelta hartzen, pareta eta bere erramu-hesia igaro eta zubira jaisten, eta handik gaingora berriro bizkarra gaindi Papplewick herriko lehen etxe-sail gogor hartara, landa maldatsuetako harrizko paretetatik aurrera.

        Yvette beti zerbait etorri behar zuelakoan egoten zen Papplewickeko bidean behera, eta beti eskailburuko leihoan geratzen zen. Askotan gurdi bat etortzen zen, edo auto bat, edo kamioi bat harriz kargaturik, edo nekazari bat, edo zerbitzarietako bat. Baina inoiz ez ibai ertzean Tira-lira abesten zuenik. Joanak ziren, antza, tiralira-garaiak.

        Egun horretan, ordea, bide zurixkaren ertzetik, belar eta harrizko pareta baxuen artean, zaldi gorri bat zetorren pauso kementsu eta bizkorrean mendian behera, gizon biseradun batek, karro armaren aurrealdean kokaturik, gidatzen zuela. Gizona karroaren zabura kulunkatzen zen aske, zaldia mendian behera zetorrela, arratsaldeko goibeltasun isilean. Karroaren atzean, lezkazko eta lumazko erratz luze hautsak kentzekoak ageri ziren, kanaberazko kirtenetan astinka.

        Yvette leihora arrimatu zen, eta tapizezko gortinak bere atzetik jarri zituen, besagain biluziak eskuekin oratzen zituela. Maldaren oinetan zaldiak trosta bizkorrari ekin zion zubi aldera. Karroak kirrin-karran egin zuen harrizko zubi gainean, bilin-bolon astindu ziren erratzak, ametsetan bezala zihoan eserita gidaria, zabu eta zabu. Lotan ikusitako zerbait zirudien.

        Baina zubiaren azken muturra gurutzatu zuenean, eta erretore-etxeko paretaren ondotik pasatzean, gizonak begiak jaso zituen harrizko etxe goibel, sarratetik atzera eginda bezala, mendipean zegoenera. Yvettek agudo igurtzi zituen besoak eskuekin. Eta baita agudo ere, bisera hegalaren azpitik, ikusi zuen gizonak, eta atzartu zitzaion aurpegi beltzaran harraparia.

        Bat-batean gelditu zen sarrate zurian, eskailburuko leihora begira jarrita; Yvette berriz, beso hoztu eta pikardatuak oratuta zituela, baitaraturik begira zegokion, leihotik.

        Gizonak buruari mugimendu arin bizkor bat eraginez zeinu egin zuen, eta zaldiari barter-bazterrera eragin zion, belar gainera. Gero, malgu eta erne, atzera bota zuen karroaren estalkia, gai batzuk atera zituen, tira egin zien lezka eta indioilar-lumazko bizpahiru erratz luzeri, karroa estali eta etxe aldera hartu zuen, Yvetteri gora begiratzen ziola sarrate zuria zabaltzean.

        Yvettek buruarekin keinu egin zion, eta aldean bainugelara joan zen soinekoa janztera, bere keinua disimuluan pasatuko ahal zelakoan, gizonak ziur jakin ez zezan keinu egin zionik. Bien bitartean Rover erotzar haren orro sakon erlatsa entzun zuen. Trixie idiota gazte haren aiuriek etenda.

        Yvette eta neskamea biak batera iritsi ziren egongelako atera.

        — Gizon erratz-saltzailea al zen? —esan zion Yvettek neskameari—. Ondo da! —eta atea zabaldu zuen—. Izeba Cissie, erratzak saltzen dituen gizon bat da. Joango naiz?

        — Zer gizon? —esan zuen izeba Cissiek, erretorea eta Materrarekin tea hartzen ari zela, behingoagatik neskak otordutik kanpo utzita.

        — Gizon karrodun bat —esan zuen Yvettek.

        — Ijito bat —esan zuen neskameak.

        Izeba Cissie berehala altxatu zen noski. Begiratu behar zion.

        Ijitoa atzeko atean zegoen zutik, alertzeak zeuden begi ilun aldapatsuaren barrenean. Erratz luzeak erakusten zituen esku batean, eta kobre eta latoi distiratsuzko hainbat gauza zituen bestetik zintzilik: eltze bat, kandela-ontzi bat, kobre jozko platerak. Gizona bera garbi eta txukun zegoen, ponpox kasik, bere bisera berde ilunarekin eta zamarra berde koadrodun gurutzatuarekin. Baina jarrera apala zuen, oso isila, eta aldi berean harroa, etorkortasun eta erreserba puntu batekin.

        — Gaur ezer, andre? —esan zuen, izeba Cissieri begiratzen ziola begi ilun maltzur sarkorrekin, baina oso ahots xamur apala ipiniz.

        Izeba Cissiek ikusi zuen zein ederra zen ijitoa, ikusi zuen haren ezpainen kurba malgua bibote beltzaren marraren azpian, eta aztoratuta zegoen. Gizonaren aldetiko zakarkeria edo eraso seinalerik txikienak izeba Cissiek destainaz atea aurpegian danba ixtea zekarkiokeen. Baina hain sotilki asmatu zuen ijitoak bere ar-jasari menekotasun itxura ematen, non izeba Cissie duda egiten hasi baitzen.

        — Polita da kandela-ontzia! —esan zuen Yvettek—. Zuk egin al duzu?

        Eta gizonarengana jaso zituen ume-begi inozenteak, esanahi bikoitzak adierazteko gizonarenak berarenak bezain trebeak.

        — Bai, andereño!

        Gizonak begietara begiratu zion une batez, desirazko iradokizun nabarmen, Yvette sorginduta bezala eta borondate gabe uzten zuen harekin. Yvetteren aurpegi xamurrak lokartua zirudien.

        — Izugarri polita da! —murmuratu zuen Yvettek lausoki.

        Izeba Cissie tratuan hasi zen kandela-ontziagatik: zeina baitzen kobrezko kirten lodi motz bat, gopor bikoitz baten erditik irteten zena. Egonarriz eta zuhurtziaz atenditu zuen ijitoak izeba Cissie, begiratu ere egin gabe Yvetteri, zeina baitzegoen atean apoiatuta gogoetatsu begira.

        — Zer moduz emaztea? —galdetu zion bat-batean Yvettek, izeba Cissie barrura sartu zenean kandela-ontzia erretoreari erakustera, eta merezi ote zuen galdetzera.

        Gizonak bete-betean begiratu zion, eta ozta-ozta nabari zen irribarreak kizkurtu zion ezpaina. Begietan ez zuen irribarrerik: suzko begiradak indartuagotzen zion iradokizuna soilik.

        — Ondo dago. Noiz etorri behar duzu berriro alde hartara? —xuxurlatu zuen, ahots apal ferekari barnekoiez.

        — Ba, ez dakit —esan zuen Yvettek lausoki.

        — Etorri ostiralez, orduan han izaten naiz eta —esan zuen gizonak.

        Ivettek ijitoaren sorbalda gainetik urrunera luzatu zituen begiak aditu ez balio bezala. Izeba Cissie itzuli zen, kandela-ontziarekin eta hura ordaintzeko diruarekin. Jiratu eta nagitsu aldendu zen Yvette, bere doinu kraskatuetako bat txorrotxiatuz, halako arrunkeria batez dena bertan behera utzita.

        Alabaina, eskailburuko leihoan ezkutatuta oraingoan, gizona joaten ikusten geratu zen. Jakin nahi zuena zen, ea ba ote zuen gizon hark egiazko botererik beregan. Yvettek oraingo honetan ez zuen ijitoak ikusterik nahi.

        Sarrate aldera joaten ikusi zuen, bere erratz eta lapikoekin, eta sarratetik irten eta karrora. Lapiko eta erratzak berriro beren lekuan jarri zituen tentuz, eta estalkia karro gainera bota eta egokitu zuen. Gero, esfortzurik gabe jauzi txiki bat ipurkain malguei eraginez, karroratu zen berriro, eta hedeekin ukitu zuen zaldia. Zaldi gorria segituan aldendu zen, karroaren gurpilak mendian gora kirrinka, eta berehala desagertu zen gizona, atzera begiratu gabe. Ametsa baizik izan ez den ametsa bezala joan zen, eta hala ere Yvettek burutik kendu ezin zuen.

        — Ez, ez du niregan inolako botererik —esan zion Yvettek bere buruari, nahiko desilusionaturik egia esan, nahi baitzuen norbaitek, edo zerbaitek, beregan boterea izan zezan.

        Gora igo zen, Lucille zurbil eta asaldatuarekin arrazoitzera, eta errietan eman zion hutsagatik horrela jarri zelako.

        — Zer axola din —protestatu zuen—, amonari isiltzeko esan badion? Zer ba! Edozeinek merezi din isiltzeko esatea, gaiztoa jartzen denean. Baina ez zinan intentzio txarrik, badakin? Ez, ez zinan intentzio txarrik. Eta asko sentitzen duela esan din. Ez zegon motiborik hainbesteko garrantzia emateko. Tira, jantzi eta jaitsi gaitezen afaltzera dukesak bezala. Horrela pegatuko dizkinagu. Tira, Lucille!

        Halako sentsazio estrainio eta katramilatsu bat, aurpegian amaraunak eransten direnean bezalakoa, sortzen zuen Yvetteren bozkario lausoak, desatsegina zitzaiona saihesteko zuen modu arraro, lainotsuak. Alaigarria ere bazen. Baina udazkeneko lanbro arte horietan armiarma sareak aurpegian erasten direla ibiltzea bezala zen. Batek ez daki oso ondo non dagoen.

        Lortu zuen, dena den, Lucille konbentzitzea, eta neskek jai-soineko onenak atera zituzten: Lucillek berde eta zilar-kolorekoa jantzi zuen, Yvettek lila argi turkesa-koloreko brodatuduna. Ezpainak pixka bat gorritu eta masailak pixka bat hautseztatu, zituzten oinetakorik onenak jantzi, eta paradisuko jardinak loratzen hasi ziren. Yvettek huumm egin eta bere buruari begiratu zion, eta markesa gazte baten manera dégagé-enak hartu zituen. Modu xelebrean okertzen zituen bekainak eta zimurtzen zituen ezpainak, eta itxura guztien arabera kontsiderazio material guztietatik apartaturik, bere perla-koloreko pentsamenduen lainoan flotatzen zuen. Barregarria zen, eta ez oso konbentzigarria.

        — Jakina nagoela polita, Lucille —esan zuen ilaunki—. Eta hi benetan zoragarri hago; beno, haserre-itxura pixka bat dunala. Hori bai, hi haiz biotan aristokratikoena, sudur horrekin! Eta gero begi haserreak ditun, eta horrek itxura erakargarriagoa ematen din, eta ezin hobeto hago, ezin zoragarriago. Baina ni distiratsuago nengoen, alde batera... Ez zain iruditzen?

        Sinpletasun artetsu konplikatuz itzuli zen Lucillerengana.

        Egiazko sinpletasunez esan zuen esan zuena. Pentsatzen zuena baino ez zen. Baina ez zuen iragartzen kezkatzen zuen oso bestelako sentimendu bat ere bazuela: begiz neurtua izandako sentimendua, ez kanpotik, baizik eta barrutik, bere emetasun gordetik. Jantzi onenak janzten eta bere burua ahalik eta distiratsuen ipintzen ari zen, arintzeko hain zuzen ere ijitoak egin zion efektua, begiratu zionean eta ikusi ez bere aurpegi polita edo manera politak, baizik eta bere birjintasunaren sekretu indartsu, dardarati, iluna.

        Bi neskak eskaileretan behera abiatu ziren ponpa handiz afaritarako gong-ak jo zuenean; baina itxaron egin zuten gizonen ahotsak entzun zituzten arte. Orduan arranditsu jaitsi eta egongelan sartu ziren, Yvette gandorturik bere jarrera lauso alaitsuan, zertxobait distraiturik beti; eta Lucille lotsati, negarrari emateko puntuan.

        — Jainko maitea! —esklamatu zuen izeba Cissiek, artean puntuzko txaketa marroi iluna jantzita zegoela—. Hau agerpena! Nora joan behar duzue?

        — Familiarekin afaldu behar dugu —esan zuen Yvettek xaloki—, eta ditugun zirtzileria onenak jantzi ditugu okasiorako.

        Erretoreak barre ozena egin zuen, eta osaba Fredek esan zuen:

        — Familia, berriz, oso ohoratua sentitzen da. Bi gizon nagusiak oso adeitsu zeuden: Yvettek nahi zuena.

        — Zatozte eta utzidazue soinekoak ukitzen, tira! —esan zuen amonak—. Dituzuen onenak al dira? Tamalgarria da nik ezin ikusi izatea.

        — Gaur, Mater —esan zuen osaba Fredek—, andereñoei lagundu beharko diegu afaltzera, ohore honi dagokion bezala erantzuteko. Joango zara Cissierekin?

        — Bai horixe —esan zuen amonak—. Gaztetasuna eta edertasuna dira lehenik.

        — Gaur behintzat, Mater! —esan zuen erretoreak atseginez.

        Eta besoa eskaini zion Lucilleri, osaba Fredek Yvette eskoltatzen zuen bitartean.

        Baina otordu narras tristea izan zen, hala eta guztiz ere. Lucille alai eta adiskidetsu egoten saiatu zen, eta Yvette egia esan oso adeitsu egon zen, bere jarrera lauso amarauntsuan. Ilunki, bere gogoaren zokondoan, pentsatzen zuen: Zergatik gara denok altzari pieza hilkorrak bezalakoak? Zergatik ez dago ezer garrantzizkorik?

        Hori zuen bere arteko etengabeko leloa: Zergatik ez dago ezer garrantzizkorik? Elizan bazegoen, edo gazteen party batean, edo hiriko hotelean dantzan, galderatxo bitxi bera etortzen zitzaion behin eta berriz gogora: Zergatik ez dago ezer garrantzizkorik?

        Mutil gazte asko ziren gorteatzen zutenak: leialki gainera. Baina Yvettek lehenbailehen uxatu behar izaten zituen ondotik. Zergatik ziren hain garrantzi gabeak? Hain amorragarriak?

        Ijitoarengan ez zuen gehiago pentsatu. Batere muntarik gabeko pasadizo bat izan zen hura. Hala ere ostiralaren gerturatzeak ustekabeko garrantzia hartu zuen.

        — Zer egin behar dinagu ostiralean? —galdetu zion Lucilleri.

        Eta Lucillek erantzun zion ez zutela ezer egin behar. Eta horrek nahigabetu egin zuen Yvette.

        Etorri zen ostirala eta, gogoz beste izan arren, egun osoan Bonsall Head gaineko bide ondoko harrobian pentsatzen egon zen Yvette. Han egon nahi zuen. Hori besterik ez zekien. Han egon nahi zuen. Bertara joatea ez zitzaion burutik ere pasatu. Gainera, euria ari zuen berriz ere. Baina soineko urdina josten ari zela, biharko Lambley Closeko party-rako bukatzeko, sentitzen zuen gogoa han goian zuela, harrobian, karabana artean, ijitoekin. Galdu dena bezala, edo gogoa ebatsi diotena bezala, ez zegoen gorputzean, gorputzaren oskolean, presente. Gorputz intrintsekoa harrobian zuen, karabanen artean.

        Hurrengo egunean, party-an, ez zen konturatu Leo maitekiro tratatzen ari zenik. Ez zen konturatu Ella Framley tormentatuari harrapatzen ari zitzaionik. Ez harik eta, pistatxozko izozkia jaten ari zela, Leok esan zion arte:

        — Zergatik ez gara zu eta ni konprometitzen, Yvette? Konbentzituta nago hori dugula biok onena.

        Leo arrunt samarra zen, baina bihotz onekoa eta diruduna. Yvettek oso gogoko zuen. Baina konprometitu! A zer lelokeria! Zetazko azpiko arropa joku bat eskaintzeko gogoa ematen zion, konpromiso seinale bezala.

        — Baina uste nuen Ella zela! —esan zuen Yvettek, harriturik.

        — Beno, izan zitekeen, zu izan ez bazina. Zure jokabidea izan da, badakizu? Ijito horiek fortuna esan zizutenetik, sentitu dut ni beste inor ez dela, zuretzat, eta zu beste inor ez, niretzat.

        — Benetan? —esan zuen Yvettek, txundiduraz galduta—. Benetan?

        — Ez al duzu zuk ere gauza bertsua sentitu? —galdetu zion mutilak.

        — Benetan? —jarraitzen zuen Yvettek esaten, txatxuaren moduan.

        — Gauza bertsua sentitu duzu, ezta? —esan zion Leok.

        — Zer? Zertaz? —galdetu zuen Yvettek, senera etorriz.

        — Nireganako, nik zureganako sentitzen dudan bezala.

        — Zer? Zer? Konprometitu, diozu? Ni? Ez! Baina nola egingo dut horrelakorik? Ez zait inoiz burutik pasatu ere egin hain gauza ezinezkorik.

        Ohiko xalotasun arduragabez mintzo zen Yvette, Leoren sentimenduak batere aintzakotzat hartu gabe.

        — Zerk galarazten dizu? —esan zion Leok, zertxobait minduta—. Uste nuen baietz.

        — Hori uste zenuen benetan? —arnastu zuen txunditurik Yvettek, miresleak eta etsaiak sortzen zizkion xalotasun leun, birjinazko, arduragabe harekin.

        Hain zegoen txunditurik, ezen Leok ezin baitzuen ezer egin, higuinez eskuak antxumatu besterik.

        Musika hasi zen, eta Leok Yvetteri begiratu zion.

        — Ez! Ez noa dantza gehiago egitera —esan zuen Yvettek, burua tentetu eta harroxko samar taldearen gainetik beste aldera begira, Leo ez balego bezala. Harridura eta nahasmen ukitu bat zuen bekokian, eta bere birjina-aurpegi zurbil leunak zinez gogorarazten zuen aitaren imajinateria patetikoko negu-txilintxa.

        — Baina zuk dantza egingo duzu noski —esan zuen, berehalako etorkortasunez Leorengana jiratuta—. Eskaiozu norbaiti hau zurekin dantzatzeko.

        Jaiki zen Leo, haserre, eta gelan barneratu zen.

        Yvette leun eta urrun geratu zen bere txundiduran. Leok ezkon proposamena egingo ziola uste! Rover ternu-zakur zaharrak ezkon proposamena egingo ziola uste izatea bezala. Konprometitu, munduko edozein gizonekin ere? Ez, arranetan, gauza itxuragabeagorik ez zitekeen imajina!

        Orduan ohartu zen, zehar-pentsamendu bizkor baten eraginez, ijitoa bazela. Istanteko, amorruz bete zen. Hura, zein eta hura! Hura! Ezta inola ere!

        — Baina zergatik? —galdetu zion bere buruari, berriro txundi eta mutu—. Zergatik? Guztiz ezinezkoa da hori: guztiz ezinezkoa! Zergatik orduan?

        Ez zen korapilo samurra askatzen. Mutilei begiratu zien dantzan ari zirela: ukondoak kanpoaldera, mehaka irtenak, gerria dotore sartuta. Ez zioten aztarnarik eman bere arazoarentzat. Baina bereziki desatseginak zitzaizkion gerrien dotorezia behartua eta mehaka irtenak, zeinen gainera erortzen baitziren txaketa ongi egituratuak txukuntasun emetu batekin.

        — Badut nik horiek ikusten ez duten eta inoiz ikusiko ez duten zerbait —esan zion haserre bere buruari. Eta aldi berean lasaitu egin zuen ez zutela ikusten eta ez zutela ikusiko jakiteak. Askoz errazagoa bihurtzen zuen horrek bizitza.

        Eta berriz ere, irudi bidez pentsatzen duten pertsona horietakoa zenez, ijitoaren galtza beltzen goiko jertse berde iluna, haren mehaka fin, bizi, begiak bezain erneak ikusi zituen. Haiek dotoreak ziren. Dantzari hauen dotoretasunak hain zirudien puztua: haragi hutsez beteak mehakak. Berdin Leo, bere burua hain dantzari iaiotzat, hain itxura ederreko mutiltzat zeukana!

        Eta ijitoaren aurpegia ikusi zuen: sudur zuzena, ezpain lirain mugikorrak, eta begirada sarkor adierazgarria begi beltzetan, zeinek bai baitziruditen Yvetteren gune bizi, deskubritu gaberen batera tirokatzen zutela, huts egin gabe. Burua tentetu zuen Yvettek haserre. Nola ausartu zitzaion horrela begiratzera? Eta begiak sutan begiratu zien dantzalekuko galai gatzgabeei. Eta mesprezatu egin zituen. Emakume ijito zarpa-jarioek ijito ez diren gizonak mesprezatzen dituzten bezala, kalean zehar daramaten zakur-ibilera mesprezatzen duten bezala, bera ere konturatu zen mesprezua ziola talde horri. Non zuten horiek bera uki zezakeen erronka sotil, bakarti, iradokior hura?

        Ez zuen elkartu nahi etxe-zakur batekin.

        Sudur sentikorra zimurtzen zuela, gaztaina koloreko ile leunak zorro leun batek bezala lore-aurpegi xamurra biltzen ziola, gogoetari zegoen Yvette eserita. Hain zirudien birjinazkoa. Eta aldi berean, bazuen birjina gazte zut sorginaren ukitu bat, gizon etxe-zakurrak urrunarazten zituena. Gauza misteriotsu batean metamorfosa zitekeen inor konturatzerako.

        Horrek bakardadea ekartzen zion, gorteaketak gorteaketa. Gorteaketek ez zioten agian bakardade handiagoa ekarri besterik egiten.

        Leo, artzain-zakur moduko bat etxe-zakurren artean, dantza saioaren ondoren itzuli zen, animotsu eta adoreberriturik.

        — Pentsatu duzu pixka bat horretan, ezta? —esan zuen, Yvetteren ondoan esertzen zela: modu oneko mutila, ondo elikatua, erabakikoa. Yvettek ez zekien zer zen hain arrazoigabe amorrarazi zuena, Leo, galtzei tira egin belaun parean gora, zango proportzionatu baina ez oso printzipalen gainera, eta ziurtasunez aulki batean eseri zenean.

        — Pentsatu? —esan zuen Yvettek lausoki—. Zer?

        — Badakizu zer —esan zuen Leok—. Erabaki al duzu?

        — Zer erabaki? —esan zuen Yvettek, xaloki.

        Kontzientziaren maila gorenean, benetan zegoen ahazturik.

        — O! —esan zuen Leok, berriro galtzei eraginez—. Zu eta ni konprometitzearena, badakizu.

        — Ia Yvette bezain natural zegoen.

        — Guztiz ezinezkoa da hori —esan zuen Yvettek, adeitasun onberaz, gainerako guztietatik aldentzen zen gaia balitz bezala—. Begira, ez dut horretan gehiago pentsatu ere egin. Tira, ez ezazu horrelako zentzugabekeriarik esan! Guztiz ezinezkoa da hori —errepikatu zuen umea bezala.

        — Guztiz ezinezkoa hori? —esan zuen Leok, Yvetteren baieztapen lasai, urrunaren aurrean irribarre estrainio bat eginez—. Beno, eta zer da posible, orduan? Ez duzu, ba, neskazahar hil nahiko, ala?

        — Ez dit axola —esan zuen Yvettek distraiturik.

        — Niri bai —esan zuen Leok.

        Yvettek burua jiratu eta Leori begiratu zion harriturik.

        — Zergatik? —esan zuen—. Zergatik axola behar dizu zuri ni neskazahar izateak?

        — Munduko arrazoi guztiengatik —esan zuen Leok Yvetteri begiratzen ziola irribarre ausart esanguratsu batekin, esanahia argi eta garbi, ukaezin ez esateagatik, agertu nahirik.

        Baina Yvetteren toki sakon sekreturen batean sarta eta han jo ordez, Leoren irribarre ausart argi eta garbiak gorputzaren kanpoko aldean jo zuen Yvette, tenis pilota batek bezala, eta gisa bereko amorruzko erreakzioa eragin zion bat-batean.

        — Nik uste, kontu hau ergelkeria galanta da —esan zuen, mokoti batena bezalako higuinez—. Tira, esateko moduan konprometituta zaude beste... beste... —hitzekin batera bere burua tentetzen zuen— ...beharbada dozena erdiren bat neskarekin. Ez nau lausengatzen esan didazunak. Ez nuke nahi inork jakiterik!... Inork!... Nik ez dut hitzik aterako honetaz, eta espero dut zuk ere izango duzula hainbeste zentzun. Hor dago Ella!

        Eta Leori begiratu gabe, lore garai leun bat bezala arranditsu aldendu zen, Ella Gramley gaixoarekin elkartzera. Leok bere goante zuriak zaplatu zituen.

        — Katakume sorgin maltzurra! —esan zuen bere artean. Baina Leo artzain-zakurretakoa zen, gustatu egiten zitzaion kasik katakumeek muturrean purrust egin ziezaioten. Yvette besteen artetik erabat bereizten hasi zen.

 

 

 

© D.H. Lawrence

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"D.H. Lawrence / Birjina eta ijitoa" orrialde nagusia