IV

 

        Istilu ikaragarria izan zen erretore-etxean, Yvette eta Leihoaren Fondoa zirela eta. Gerra ondorenean, izeba Cissieri buruan sartu zitzaion elizan beirate bat jartzea, erori ziren elizbarrutiko gizonen oroigarri. Baina eroritakoen gehiengoa ez-konformistak izan zirenez, oroigarria kapera metodistaren aurrean ezarritako monumentu txiki itsusi batean geratu zen.

        Ez zuen izeba Cissiek horregatik etsi. Boto bila ibili zen, ongile-azokak antolatu zituen, antzerki-ikuskizun amateurrak muntarazi zizkien neskei, bere leiho kuttunaren alde. Yvettek, antzeztearen eta norbere burua erakustearen alderdi hori oso atsegin baitzuen, Mari Ispiluan izeneko fartsaren ardura hartu zuen eta salmenta-diruak, kontuak egindakoan Leihoaren Fondoari ordainduko zitzaizkionak bildu zituen. Neska bakoitzak bere itsulapikoa izango zuen Fondorako.

        Izeba Cissie, batutako diru-kopuruak honezkero ia aski izango zirela iritzita, Yvetteren itsulapikokoak jasotzera joan zen. Hamabost txelin zeuden. Une lazgarria izan zen.

        — Non da gainerako guztia?

        — A! —esan zuen Yvettek arreta gabe—. Maileguan hartu dut. Ez zen hainbeste ere.

        — Eta non dira Mari Ispiluan-ekin ateratako hiru libra eta hamahiruak? —galdetu zuen izeba Cissiek, infernuak ahoa zabaldu balu bezala.

        — Bai, ba! Maileguan hartzea baino ez dut egin. Itzuliko ditut.

        Izeba Cissie gaixoa! Gorrotoaren bunpuilu garratza lehertu zitzaion barrenean, eta eszena ikaragarria, itxuragabea, gertatu zen, zeinek beldurrez eta gorrotoz dardaraz utzi baitzuen Yvette.

        Erretoreak ere gogor egin zion.

        — Dirua behar bazenuen, zergatik ez didazu esan? —esan zion lehor—. Ukatu al zaizu inoiz arrazoizko gauzarik?

        — U ...uste nuen ez ziola axolarik —totelka esan zuen Yvettek.

        — Eta zer egin duzu diruarekin?

        — Uste dut gastatu egin dudala —esan zuen Yvettek begi asaldatuak zabal-zabalik eta aurpegi-goibel.

        — Gastatu, zertan?

        — Dena ez dut gogoan: galtzerdiak eta gauzak, eta zerbait eman ere egin dut.

        Yvette gaixoa! Bere molde eta jarrera handikien ordainak jasotzen ari zen, bueltan. Erretorea haserre zegoen: aurpegian zakurrarena bezalako irri gaizto bat zuen. Beldur zen alaba ez ote zitzaion arituko Cynthia-zelako-haren ezaugarri mordoilo kutsaturen batzuk garatzen.

        — Besteren diruarekin eskuzabaltasunez jokatzeko bazara, orduan? —esan zuen zakur-irri lehor batekin, zeinek erakusten baitzuen sinesgogor hutsa zela, bihotzez. Ez sinesmen berorik barrean, ez duintasunik bizitzan duen bihotzaren menpekotasuna. Erretoreak ez zuen Yvetterengan konfiantzarik.

        Yvettek zurbildu egin zen, eta oso urrundu. Haren harrotasuna, mundu guztiak itzali nahi zion gar hauskor preziatu hura, haize hotzak putz egindako garra bezala kikildu zen, itzali bezala, eta aurpegiak, orain negu-txilintza bezala zuri eta geldiak, erretorearen harrotasuna zen elur-lili zuriak, ez zuen ageri bizi-aztarnarik: abstrakzio huts estrainioa soilik.

        — Ez du nigan konfiantzarik! —pentsatu zuen Yvettek ariman—. Ez naiz ezertxo ere beretzat. Ez naiz ezer, lotsaizuna besterik. Dena da lotsaizuna, dena da lotsaizuna!

        Grina edo haserrealdi baten garrak, Yvette abail edo amorruz bete bazezakeen ere, ez zukeen degradatuko aitaren mesfidantzak, erakutsi zion jarrera sarkastikoak, degradatu zuen bezala.

        Erretorea pixka bat izutu egin zen, gogoeta antzuaren isiltasunean. Azken finean, beharrezkoak zituen maitasun, konfiantza eta bizitza argi baten itxurak, ez zen ausartuko bihotzean zebilkion sinesgorgorkeriaren har lodiari aurpegi ematera.

        — Zer duzu esateko zeure burua zuritzeko? —galdetu zion.

        Begiratu bakarrik egin zion Yvettek, erretoreari izua sortzen zion negu-txilintxa aurpegi kordegabe harekin, eta errudun sentiarazi zuen. Beste hark, Cynthia-zelako-hark ere beldur hits sor berarekin begiratu zion: sinesgogorkeria degradatzailearen, erretoreak bihotzaren erdian zuen harraren beldurrez. Erretoreak bazekien bihotzaren erdian har lodi ikaragarri bat zuela. Beste inork jakiteari zion beldur. Gorroto eria erakusten zion jakin eta atzera egiten zuen inori.

        Atzera egiten ikusi zuen Yvette, eta bertantxe jarrera aldatu eta hartu zuen ziniko mundutar umoretsuaren itxura.

        — Beno! —esan zuen—. Itzuli egin behar duzu atzera, neskato, hori da guztia. Neuk aurreratuko dizut zure saritik. Baina hilean ehuneko lauko interesa kargatuko dizut. Deabruak berak ere ordaindu behar izaten du portzentaje bat zorren gainean. Hurrengoan, ziur ez bazaude, ez erabili zurea ez den dirurik. Tranpa egitea ez dago ongi.

        Yvette hondatuta geratu zen, eta desloratuta eta umiliatuta. Burumakur arrastatu zen, harrotasun izpiak tarraka zituela. Bere buruak ere nazka ematen zion. Zergatik ukitu ote zuen, ukitu, diru legentsua! Haragi guztia kizkurtu zitzaion usteldurik bezala. Zergatik zen hori? Zergatik, zergatik zen hori?

        Aitortu zion bere buruari dirua gastatzea gaizki egin zuela.

        — Ez nuen egin behar, ez. Arrazoiz osoz haserretu dira —esan zion bere buruari.

        Baina nondik zetorren haragiaren kizkurtze izugarri hura? Zergatik iruditzen zitzaion gaitz kutsakorren bat harrapatu zuela?

        — Horren tuntuna bahaiz, horrexegatik dun, Yvette —eman zion errietan Lucillek; Lucille gaixoa oso atsekabeturik zegoen—, heuk saltzen dienalako heure burua. Pentsa hezakeen konturatuko zirela. Diruak neuk jaso banitu hire ordez, ez hukeen iskanbila hau guztia gertatuko. Penagarria dun, benetan! Baina hik ez dun inoiz aurretik pentsatuko nora eramango hauten hire ekintzek! Pentsa izeba Cissiek esan dizkin guztiak! Izugarriagorik! Zer esango zinan amak, entzun izan balu?

        Gauzak oso okertzen zirenean, amarengan pentsatzen zuten, eta aita eta Saywelltarren etorki apaleko guztiak mesprezatzen zituzten. Amarena, noski, mundu garaiagoa izan zen, nahiz arriskutsuagoa eta «ezmoralagoa». Mundu berekoiagoa, zalantzarik gabe. Baina itxura begiragarriagoa zuena. Eskrupulu gabeagoa eta destainarako joera handiagokoa, baina ez hain umiliagarria.

        Yvettek beti pentsatu izan zuen bere haragi eder delikatua amarengandik jaso zuela. Saywelltar guztiak larrutsu samarrak ziren, eta barrutik har-joak. Baina bestalde Saywelltarrek ez zintuzten inoiz abandonatzen. Cynthia-zelako-hark, aitzitik, erretorea abandonatu zuen danbateko batekin, eta harekin batera haurtxoak. Bere haurtxoak! Ezin zioten inola barkatu.

        Errietaren ondoren, Yvette barrundatzen hasi zen bere beste sakratutasuna, bere haragi eta odol sentikor garbiaren, Saywelltarrek beren moraltasun izenekoarekin orbantzea lortu zutenaren sakratutasuna. Orbandu egin nahi izan zioten beti. Bizitzan sinesten ez zutenak ziren haiek. Cynthia-zelako-hura, berriz, agin izan zen moralean sinesten ez zuena soilik.

        Yvette zorabiaturik, eroririk eta nahasturik zebilen. Erretoreak itzuli zion dirua izeba Cissieri, andrearen haserre handirako. Amorru menderaezinaren bunpuilua hazita zuen artean. Ilobaren gaiztakeriaren berri elizbarrutiko aldizkarian ematea gustatuko zitzaiokeen. Samingarria zen emakume hondatuarentzat albistea mundu guztira zabaldu ezin izatea. Nolako berekoikeria! Nolako berekoikeria! Nolako berekoikeria!

        Gero erretoreak alabari bien arteko kontuaren egoera luzatu zion: zor ziona, horren gaineko interesa, Yvetteren sari murritzetik kendutako zenbatekoa. Baina ginea bat jarri zuen Yvetteren hartzekoan: erretoreak bere konplizitateagatik pagatu behar zuen ordaina.

        — Errudunaren aita naizenez —esan zuen umoretsu—, ginea bateko isuna ezartzen zait. Eta horrekin garbitasunak eginda geratzen naiz.

        Eskuzabala zen beti diruari zegokionean. Baina pentsatzen bide zuen dirua askatasunez erabiliz gero bere burua oso gizon eskuzabaltzat eduki zezakeela. Eta dirua erabiltzen zuen, are eskuzabaltasuna, Yvette mendean edukitzeko.

        Eta afera ahaztutzat eman zuen. Dagoeneko ez dakit zer baino jostariago zebilen, itxurei bagagozkie. Uste zuen oraindik seguru zegoela.

        Izeba Cissiek, ordea, ezin zuen bere alditxarra gainditu. Gau batean, Lucille party batera irtenda zela, Yvette aski goiz, oso triste, oheratu zenean, eta, soin-adar bigun eroriak halako zurruntasun eta orbandura batez minbera, etzanda zegoela, atea zabaldu zen emeki, eta izeba Cissie agertu zen, bere aurpegi berdotza ate zirrikitutik luzatuz. Yvette izuturik tentetu zen.

        — Gezurtia! Lapurra! Pizti berekoia! —eraso zuen txilioka izeba Cissieren maniako-aurpegiak—. Hipokrita hori! Gezurti hori! Pizti berekoi hori! Pizti ase-ezin hori!

        Hain gorroto inpertsonal itzela zegoen maskara berdotz hartan, eta hitz frenetiko haietan, ezen Yvettek ahoa ireki zuen histeriak hartuta garrasi egiteko. Baina izeba Cissiek atea itxi zuen zabaldu zuen bezain ustekabean, eta desagertu egin zen. Yvettek ohetik jauzi egin eta giltzari eman zion. Eta berriro oheratu zen, gauza anormal nazkagarri hark eragindako izuak erdi eroturik, harrotasun kaltetuak paralizatu eta erdi sorgorturik. Eta horren guztiaren erdian, barre ero baten bunpuilua igo zitzaion. Hain barregarrikeria zikina zen!

        Izeba Cissieren jokabideak ez zuen neska hainbeste mindu. Gauza fantastikoa zen azken finean. Baina minduta zegoen egotez: soin-adarretan, gorputzean, sexuan, minduta. Minduta, sorgortuta, eta erdi deseginda, nerbioen bibrazioa eta kirrinka beste ezer gabe. Eta hain gaztea oraindik, ez zuen ulertzen zer gertatzen ari zen.

        Etzan eta ijito izatea besterik ez zuen desiratzen. Kanpamendu batean, karabana batean bizitzea, eta gehiago etxe batean oinik ez jartzea, parrokiarik denik ez jakitea, eliza bati inoiz ez begiratzea. Bihotza gogorturik zuen erretore-etxeari zion nazkaz. Gorroto zituen barne-saneamendu eta bainugelaz hornitu etxe okarazleak. Gorroto zuen erretore-etxea, eta hark inplikatzen zuen guztia. Bizimodu maeldu, estoldako gisako hura, estoldarik inoiz aipatu ez arren, erditik hasi eta bi hankako bizilagun guztienganainokoei, amonarengandik zerbitzarienganainokoei usaina zeriena, zikina zen. Ijitoek bainugelarik ez zuten izango, baina behintzat estoldarik ere ez. Aire garbia zuten. Erretore-etxean ez zen inoiz aire garbirik. Eta pertsonen arimetan, itxita egondako airearen kiratsa.

        Gorrotoa piztu zitzaion bihotzean, soin-adarrak sorgorturik etzanda zegoela. Eta emakume ijitoaren hitzak gogoratu zituen:

        — Bada gizon beltzaran bat inoiz etxe batean bizi izan ez dena. Maite zaitu. Gainerakoak bihotza zapaltzen ari zaizkizu. Bihotza zapalduko dizute hilda duzula uste izango duzun arte. Baina gizon beltzaranak geratzen den txinparta su bihurtuko du, su ederra. Ikusiko duzu nolako su ederra.

        Emakumea hori esaten ari zitzaiola ere, Yvettek nolabaiteko bikoiztasun bat sumatu zuen. Baina ez zion axola. Haurraren gorroto hotz garratzarekin gorroto zuen Yvettek erretore-etxearen barrunbea, hango bizitzaren usteldura modukoa. Atsegin zuen otso-itxurako emakume ijito azal-beltz handi hura, urrezko uztai handiak belarrietan, ile beltz uhintsuaren gainean zapi arrosa, belusezko gerruntze marroi estua, eta abaniko gisako gona berdeduna. Atsegin zituen haren esku ilun, indartsu, gupidagabeak, Yvetteren ahur biguna hain gogor, otsoaren erpeak irudi, estutzen zutenak. Atsegin zuen emakume hura. Atsegin zituen haren arriskua eta barrengo beldurrik eza. Atsegin zuen haren sexu sekretu, menderakaitza, ezmorala, baina berezko harrotasun gogor erronkaria zuena. Ezerk ez zukeen azpiratuko emakume hura. Mesprezatu egingo zituzkeen hark erretore-etxea eta erretore-etxeko moralitatea, guztiz! Amona esku batekin itoko zukeen. Eta destaina bera ziekeen aitari eta osaba Fredi, gizon bezala, eta Rover ternu-zakur zahar gizen adurtiari. Ema-destaina sardoniko itzela, beren buruak gizontzat zeuzkaten halako etxe-zakurrei.

        Eta gizon ijitoa bera! Yvette dardaratu egin zen bat-batean, ijitoaren begi handi ausartak desirazko iradokizun nabarmenez beterik beregan jarrita ikusi balitu bezala. Desirazko iradokizun ezin nabarmenagoak ahozpez eta indarge etzanda utzi zuen ohean drogaren batek galdatu eta molde berriren batera isuri balu bezala.

        Ez zion inori aitortu adu gaiztoko Leihoaren Fondoko bi libra emakume ijitoaren eskuetara joan zirenik. Aitak eta izeba Cissiek balekite! Yvette boluptuoski mugitu zen ohean. Ijitoaren oroimenak berpiztu zizkion soin-adarrak, eta erretore-etxearenganako gorrotoa bihotzean hormatu: orain, bada, indartsu sentitzen zen, indarge ez baino.

        Yvettek, geroago, kontatu zionean Lucilleri izeba Cissiek gelako atean eginiko agerraldi dramatikoa, Lucille haserre bizian jarri zen.

        — O, madari! —egin zuen oihu—. Utz zezaken behingoz. Uste dinat nahikoa aditu dugula honezkero! Jesus, esango litzateke izeba Cissie paradisuko hegazti perfektua dela! Aitak ahaztutzat eman din, eta azken finean, aitaren egitekoa dun morena badun. Isil dadila izeba Cissie!

        Hain zuzen ere erretoreak ahaztu izateak, eta berriro Yvette lauso axolagabea baimen berezia lukeen izakia bezala tratatzeak, iraunarazten zion izeba Cissiren behazunari tantaka. Yvette gehienetan besteren sentimenduez ez jabetzeak, eta jabetzen ez zenez, arduratu ere ez egiteak, erotzeko puntuan jartzen zuen izeba Cissie. Zergatik bizi behar zuen kreatura gazte, ama gaizkilea zuen hark, izaki pribilegiatua bezala, beste pertsona batzuk ere bazirela konturatu ere egin gabe, muturraren aurrean zituen arren?

        Lucille aldi honetan oso suminbera zebilen. Oreka pixka bat galtzen zuela ematen zuen, erretore-etxean sartzen zenean. Lucille gaixoa, hain zen serioa eta arduratsua. Harentzat izaten ziren egunerokoez gainerako ardurak, haren kontu izaten ziren sendagileak, botikak, zerbitzariak, eta gauza horiek guztiak. Lana beltz eta gogotik egiten zuen egun osoz hirian, argi artifiziala zuen gela batean hamarretatik bostak arte jardunez. Eta etxera etorri eta amonaren etengabeko galdetu-behar jasanezinak eta zahartasun bizkarroiak nerbioak aldean jartzen zizkioten.

        Leihoaren Fondoaren afera itxura batean ahazturik zen, baina tentsio astun bat geratzen zen airean. Eguraldiak txarrean jarraitzen zuen. Lucille etxean geratu zen erdi-jai zuen eguneko arratsaldean, eta horrekin ez zion bere buruari batere onik egin. Erretorea bere estudioan zen; Lucille eta Yvette soineko bat egiten ari ziren azken andereño horrentzat; amona sofan zegoen atsedeten.

        Soinekoa zetazko belusa urdinezkoa zen, oihal frantsesa, eta oso egoki emango zion. Lucillek berriro probarazi zion Yvetteri: oso urduri eta disgustura zegoen besapeko erorkera zela eta.

        — Bai aspergarria! —esan zuen Yvettek, ume-beso luze, guri, hotzarekin urdinkatzera egiten zutenak, luzatuz—. Ez hadi huskeriei begira ibili, Lucille! Oso ondo zegon!

        — Hori beste eskerrik jasotzen ez badinat, nire arratsalde librea hiretzat soinekoa egiten pasatuta, hobe ninan neronentzat zerbait egitea.

        — Tira, Lucille! Badakin nik ez dinadala eskatu! Badakin ez haizela gustura geratzen azken ikusia heuk ematen ez badion —esan zuen Yvettek, bere leuntasun amorragarri harekin, ukondo biluziak jaso eta sorbalda gainetik ispilu luzera begiak ñarrotuz.

        — Jakina! Hik ez didan eskatu! —oihu egin zuen Lucillek—. Igarri ez banio bezala zer nahi huen, batera eta bestera hasperen eta purrust hasi haizenean.

        — Ni? —esan zuen Yvettek, harridura lauso batekin—. Zer, noiz hasi naun ni batera eta bestera hasperen eta purrust?

        — Bai, andrea, badakin baietz.

        — Bai? Ez, ez nekinan! Noiz hori? —Yvettek higuin berezi bat adierazteko gaitasuna zuen bere galdera suabe iheskorretan,

        — Ez zionat besterik egingo soineko honi, geldi egon eta isiltzen ez bahaiz —esan zuen Lucillek, bere ahots gartsu nahiko ozenarekin.

        — Badakin? Erabateko marmartia eta erretxina haiz, Lucille —esan zuen Yvettek, adreilu gorien gainean bezala.

        — Aizan, Yvette! —oihu egin zuen Lucillek, begietatik tximista bezalako distirak jaurtikitzen zituela ahizparen aurpegira—. Isil hadi segituan! Zer uste dun, mundu guztiak men egin behar diola hire jenio gaizto eta agintzaileari?

        — Ez zekinat, ba, zer jenio —esan zuen Yvettek, erdi eginiko soinekotik astiro irtenez, eta berriro bere soinekoa jantziz.

        Gero, zaputz-aurpegia jarrita, berriro mahaian eseri zen, arratsalde goibelean, eta oihal urdina josten hasi zen. Gelako zorua oihal-izpi urdinez beterik zegoen, guraizeak lurrean, joste-saskia mahai gainean nahas-mahas iraulita, eta bigarren ispilu bat pianoaren gainean arriskutsu zutika jarrita.

        Amona, lo-kuluxka zeritzon erdi-koma egoeran egonda, tentetu zen sofa bigun handian, eta txanoa zuzendu zuen.

        — Ez dut bake handirik begi-bildu bat egiteko —esan zuen, ile zuri fina astiro haztatuz, txukun zegoela ziurtatzeko. Hots zehazgabe batzuk entzun zituen.

        Izeba Cissie sartu zen, bonboi-zorro bati haztamuka.

        — Ez dut horrelako nahaspilarik inoiz ikusi! —esan zuen—. Has zaitez lurreko horiek garbitzen, Yvette.

        — Bai —esan zuen Yvettek—. Berehalaxe.

        — Alegia inoiz ez! —esan zuen izeba Cissiek ironiaz, bat-batean makurtu eta guraizeak jasotzen zituela.

        Isiltasuna izan zen tarte batean, eta Lucillek eskuak ile artean labaintzen zituen emeki, liburu bat irakurtzen ari zela.

        — Garbi ezazu, Yvette —jarraitu zuen berean izeba Cissiek.

        — Garbituko dut, tea baino lehen —erantzun zuen Yvettek, berriz ere altxatu eta soineko urdina burutik behera sartuz, beso luze biluziak mahuka gabeko beso-zuloetatik ateratzen zituela. Gero ispiluen artera joan zen, bere buruari berriro begiratzera.

        Horretan ari zela, bidali zuen bigarren ispilua, pianoaren gainean kontugabe ipinia zuena, labaindu eta klank lurrera. Zorionez, ez zen hautsi. Baina denak aztoratu ziren.

        — Hautsi du ispilua! —egin zuen oihu izeba Cissiek.

        — Ispilua hautsi? Zer ispilu? Zeinek hautsi du? —egin zuen amonaren ahots sarkorrak.

        — Nik ez dut ezer hautsi —egin zuen Yvetteren ahots lasaiak—. Oso-osorik dago.

        — Ez ezan berriro hor goian jar —esan zion Lucillek.

        Yvette, hainbeste zalapartaren aurrean ezinegonezko keinu bat eginez, ispilua beste leku batean zutikatzen saiatu zen. Ez zuen lortu.

        — Nork bere gelan sua balu —esan zuen haserre—, batek ez luke jende pila bat inguruan zirikaka duela ibili beharrik josi nahi duenean.

        — Zer ispilu da atzera eta aurrera darabilkizun hori? —galdetu zuen amonak.

        — Bikario-etxetik ekarritako gure bat —esan zuen Yvettek zakar.

        — Etxe honetan ez dadila hautsi, nonahitik ekarritakoa dela ere —esan zuen amonak.

        Halako higuin bat zion familiak Cynthia-zelako-harena izandako altzariteriari. Gehiena sukaldean eta zerbitzarien geletan sartuta zegoen.

        —A, ez naiz superstizioduna —esan zuen Yvettek—, ez ispilu ez beste horrelako ezerekiko.

        — Zu baliteke ez izatea —esan zuen amonak—. Bere ekintzen erantzukizunik hartzen ez duen pertsona ez da arduratu ohi izaten gertatuko denaz.

        — Dena den —esan zuen Yvettek—, nire ispilua da behintzat, puskatu izan banu ere.

        —Eta nik esaten dut —esan zuen amonak—, etxe honetan ez dela inolako ispilurik puskatuko, galarazi ahal badugu; nornahirenak direla, edo izan direla. Cissie, zuzen al daukat txanoa?

        Izeba Cissie joan zen eta andre zaharra zuzendu zuen. Yvettek ozen eta arnegagarri doinu doinugabe bat txorrotxiatu zuen.

        — Eta orain, Yvette, garbituko al duzu mesedez? —esan zuen izeba Cissiek.

        — Bai aspergarria! —egin zuen Yvettek haserre—. Izugarria da gero beti marmarrean eta ezer ez eta festa dabilen jende pila batekin bizitzea.

        — Zer jende, jakin baliteke? —esan zuen izeba Cissiek amenazuti.

        Beste sesio bat zen gainean. Lucillek burua jaso eta begietan argitasun estrainio bat zuela begiratu zuen. Bi nesken baitan, Cynthia-zelako-haren odola pizturik zen.

        — Horixe jakin daitekeela! Oso ondo dakizu etxe nazkagarri honetako jendeaz ari naizela —esan zuen Yvette iraintzaileak.

        — Gu behintzat —esan zuen amonak—, ez gara erdi galduen jatorrikoak.

        Bigarren isilaldi elektriko bat izan zen. Orduan Lucillek jauzi egin zuen bere aulki baxutik, txinpartak zerizkiola.

        — Zu zaude isilik! —garrasi egin zuen, bete-betean andre zaharraren majestate pikardatuaren gainera oldartuz.

        Andre zaharraren bularra pilpiraz hasi zen Jainkoak daki zer emozioz. Isilaldia oraingoan, trumoiaren ondorenean bezala, jelazkoa zen.

        Orduan izeba Cissiek, zurbil, Lucilleren gainera saltatu zuen, deabruak hartuta bezala bultza egiten ziola.

        — Segi zure gelara! —oihu egin zuen erlasturik—. Segi zure gelara!

        Eta gelatik kanpora bultza egiten zion Lucille zuri baina begi-gartsuari. Lucillek bultzadari amore eman zion, izeba Cissiek deiadar egiten zion bitartean:

        — Ez gelatik irten honegatik barkamena eskatu arte!... honegatik amonari barkamena eskatu arte!

        — Ez dut barkamenik eskatuko! —etorri zen Lucilleren ahots garbia, korridoretik, izeba Cissiek bultzaka zeramala.

        Izeba Cissiek are zakarrago eraman zuen eskaileretan gora.

        Yvette sor eta lor geratu zen egongelan, duintasun iraindua eta aldi berean nahasmena adierazten zuen bere jarrera bitxi harekin. Oraindik beso-hutsik zegoen, soineko urdin erdi-egina soinean. Bera ere erdi izuturik zegoen Lucillek adinaren maiestateari egindako erasoaren aurrean. Baina baita amorru sortez ere, zainetan zeramaten ama-odolari amonak egindako laidoarengatik.

        — Ez nuen inor iraintzeko asmorik noski —esan zuen amonak.

        — Ez? —esan zuen Yvettek lehor.

        —Ez horixe. Bakarrik esan dut ez garela gizagalduak, ispiluak puskatzeari dagokionean superstiziodunak garelako bakarrik.

        Yvettek ia ezin zuen sinetsi entzuten zuena. Ondo aditu ote zuen? Ez zen posible! Edota ari zen amona, zuen adinarekin, kopeta guztiarekin gezurra esaten?

        Yvette konturatu zen andre zaharra lasai-lasai eta kopeta guztiarekin gezurra esaten ari zela. Baina dagoeneko, hain azkar, amonak sinetsirik zuen esan zuena.

        Erretorea agertu zen, gauzak baretzeko denbora utzita gero.

        — Zer gertatzen da? —galdetu zuen kontuz, lagunkiro.

        —A, ezer ez! —esan zuen Yvettek hitzak luzatuz—. Lucillek isiltzeko esan dio amonari, zerbait esaten ari zela. Eta izeba Cissiek gelara eraman du. Tant de bruit pour une omelette! Nahiz eta Lucille marratik pixka bat pasatu den, oraingoan.

        Andre zaharrak ez zuen ondo aditzen Yvettek esaten zuena.

        — Lucillek ikasi beharko du horratik nerbioak menderatzen —esan zuen andre zaharrak—. Ispilua erori da, eta kezkatu egin naiz. Hala esan diot Yvetteri, eta berak superstizioak eta etxe izugarri honetako pertsonak direla-eta zerbait esan du. Nik esan diot etxe honetako pertsonak ez direla gizagalduak, ispilu bat puskatzeak kezkatzen baditu ere. Eta orduan Lucille oldartu zait eta isiltzeko esan dit. Lotsagarria da nola jartzen diren ume hauek nerbioen mende. Badakit ez direla nerbioak besterik.

        Izeba Cissie hitzaldi horren erdian sartu zen. Hasieran bera ere mutu geratu zen. Gero iruditu zitzaion, amonak esan bezala zela.

        — Debekatu egin diot behera jaistea Materrari barkamena eskatzen ez dion bitartean —esan zuen.

        — Duda egiten dut barkamena eskatuko duenik —esan zuen Yvettek baretsu, erregina gisara, beso biluziei helduz.

        — Nik ez dut desenkusarik nahi —esan zuen andre zaharrak—. Nerbioak besterik ez dira. Ez dakit zertara iritsi behar duten, horrelako nerbioak badituzte, adin horretan! Vibrofat hartu behar luke Lucillek. Ziurrenera Arthurrek tea nahiko du, Cissie.

        Yvettek joste-lanak bildu zituen, gora joateko. Eta berriro bere doinua txorrotxiatu zuen, oso ozen eta desberdin. Dardaraz zegoen barrutik.

        — Beste trapu berri bat! —esan zion aitak, lagunkiro.

        — Beste trapu berri bat! —errepikatu zuen Yvettek eratsu, eskaileretan gora astiro zihoalarik, egunezko soinekoa besoan hartuta. Lucille kontsolatu nahi zuen, eta oihal urdina orain nola egokitzen zitzaion galdetu.

        Lehen solairuko eskailburuan geratu zen ia beti egin ohi zuen bezala, bidera eta zubira ematen zuen leihotik begiratzeko. Shalotteko Anderearen gisara, imajinatzen bide zuen norbait etorriko zela ibai ertzean aurrera Tira-lira edo era horretako gauza argiren bat kantari.

 

 

 

© D.H. Lawrence

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"D.H. Lawrence / Birjina eta ijitoa" orrialde nagusia