III

 

        Hurrengo eguna goibel eta pisu agertu zen, eta bideak beldurgarriak zeuden, euria eginez baitzeramatzan asteak, baina gazteak beren txangoan irten ziren, amonaren mandatua hartu ere egin gabe. Isilka irten ziren amona bere bazkalondoko goiko buelta geldia egiten zen bitartean. Ezergatik ez zuketen Lady Louthen etxean aterik joko. Noble egindako doktore baten alargun hura, kaltegabeko pertsona noski, gogaimen bat bihurtu zitzaien.

        Sei gazte errebelde, autoan eserita barbuilerian zihoazen lokatzetan aurrera kirriski-karraska. Bazuten, ordea, halako itxura erori bat ere. Azken finean, ez zuten zeren kontra errebelaturik, inortxok ere. Askatasunez mugitzen uzten zieten. Gurasoek ia nahi zuten guztia egiten uzten zieten. Ez zegoen, egotez, ez hautsi beharreko katerik, ez zerratu beharreko espetxe-barroterik, ez bota beharreko sarrailarik. Eskuetan zituzten bizitzako giltzak. Eta hantxe zeuzkaten dilin-dilin geldi.

        Askoz errazagoa da espetxe-barroteak haustea, bizitzari ate berriak irekitzea baino. Belaunaldi gazteenak nolabait bere desilusiorako ikasi ohi duen bezala. Egia, amona zegoen. Baina amonatxo zahar gaixoari ezin esango zenion: «Etzan eta hil zaitez, atso zahar hori!» Traba handia izango zen, baina inoiz ez zuen ezer egin. Ez zen bidezkoa hura gorrotatzea.

        Gazteak, bada, beren ibilaldia egitera joan ziren, pozez gainezka agertzen saiatuz. Nahi zutena egin zezaketen. Eta, jakina, ez zegoen beste zereginik: autoan eserita jendea galanki kritikatu eta galaikeria-maitakeria txepel aspergarrietan jardun. Egon balira behintzat «agindu zorrotz» bakar batzuk desobeditu ahal izateko! Baina ezer ez, Lady Loutheri mezua eramateko errefusaz gaindikorik, eta hori erretoreak onartuko zukeena, ez zelako bera ere begiko fitsaren zale.

        Abesten zihoazen, lakatz samar, azken abesti komiko-ustekoak, herrixka muzinak igarotzen zituzten bitartean. Parke handian oreinak taldeka zeuden bide ondoan, orkatzak eta adarzabalak, arratsaldeko goibeltasunean elkarrengana bilduta bide ondoko harizpeetan, giza lagunartearen arrimura bezala.

        Yvettek gelditu eta haiei hitz egitera irten behar zelako seta hartu zuen. Neskak, beren bota errusiarrekin, belar bustitan tapa-tapa sartu ziren, oreinak, begi handi izugabez begira geratzen zitzaizkien bitartean. Orein arra emeki urrundu zen trostan, burua atzera tiraka zuela, adarren pisuagatik. Baina orein emea, belarri luzeak zabuka, ez zen arbolapetik irten, bere kume koskortuekin, neskak ia gainean izan zituen arte. Arin urrundu zen orduan, isatsa ipurtalde pintotik gora jasota, kumeak trosta bizkorrean zituela.

        — Ez didazue esango izugarri politak ez direnik! —esan zuen Yvettek—. Ez dakit nola egon daitezkeen belar busti beldurgarri horren gainean etzanda hain goxo.

        — Pentsatzen dinat noizbait ere etzan beharko dutela —esan zuen Lucillek—. Eta arbolapean nahiko lehor zegon.

        Oreinak etzanda egondako guneko belar zapalduari begiratu zion Lucillek. Joan zen Yvette eta eskua lurrera eraman zuen, nolakoa zegoen ikusteko.

        —Bai! —esan zuen duda eginez—, uste dut epel antzekoa dagoela.

        Oreinak metro batzuk harantzago samaldaturik ziren, eta geldi-geldi zeuden arratsaldeko goibeltasunean. Urrunago, belardi eta zuhaizti malden barrenean, ibai bizi, zubi barandaduna zuenaren beste aldean, duketxe galanta ageri zen, tximinia bat edo bestetik ke urdinka zeriola. Haren atzetik baso gorriztak ikusten ziren.

        Neskak, anokiei belarrietaraino tira eginez, beste besoa alboan dilindan, begira zeuden isilik, bota errusiar handiek belar bustitatik babesten zituztela. Lau kantoiko etxetzarra zapal eta gris-horizta ageri zen behean. Oreinak, talde txikietan, inguruko arbola zaharren azpietan zeuden sakabanaturik. Dena zegoen hain geldi, hain apal, eta hain triste.

        — Non ote da orain dukea? —esan zuen Ellak.

        — Hemen ez, edozeinetara ere —esan zuen Lucillek—. Pentsatzen dut kanpoan leku eguzkitsuren batean izango dela.

        Autoaren tutuak dei egin zuen bidetik, eta Leoren ahotsa entzun zuten:

        —Tira, mutilak! Headeraino iritsi eta terako Amberdalera jaitsi behar badugu, mugitzea izango dugu onena.

        Auto barrean pilatu ziren berriro, oinak hozturik, eta jarraitu zuten parkean aurrera, elizako orratz isila igaro, irteerako ate handiak zeharkatu, eta zubia gaindi Woodlinkingo herrixka zabal, heze, harkaiztsu, ibaiak korritzen zueneraino. Eta handik aurrera, denbora luzean, ibarreko basatze, ilunpe eta hezetasunean ibili ziren, buruz goitik sarritan haitz bizia zutela: ura lehian alde batean, haitz malkarra edo arbola ilunak bestean.

        Harik eta, arbola gailenen ilunpean, aldapari ekin eta, Leok abiada aldatu zuen arte. Poliki-poliki eta nekez egin zuen autoak basatze gris-zurixkatan gora, Bolehillgo herrixka harkaiztsu, maldan esekitakora; inguratu zuten gurutze zaharra, harmailaduna, bidea elkartzen zen gunean zegoena, utzi zituzten basetxeak atzean, te-opil bero usain zoragarria zeriela, eta aurrera, aldatze gora jarraitu zuten, arbola tantatsuen azpitik eta garadi bizkarrak gaindi, igo eta igo. Harik eta haitzartea leundu, arbolak amaitu, eta bi aldeetan malda soilak, belardi laiotzak, harrizko pareta baxuz inguraturik agertu ziren arte. Head gainera irteten ari ziren.

        Lagun taldeak isilik zeraman hainbat denbora. Bidearen bi aldeetara belarra zegoen, hurrena harrizko itxitura baxu bat, eta mendi gailurraren kurba puztua, harrizko pareta baxuz marraztua. Gainean, zeru astuna.

        Autoa bazihoan, zeru gris astunaren azpian, gainalde biluzietan aurrera.

        — Geldituko gara une batean? —galdetu zuen Leok.

        — Bai, bai! —oihu egin zuten neskek.

        Eta arrapastaka kanporatu ziren berriro, ingurura begiratzera. Lekua oso ondo ezagutzen zuten. Baina hala ere, Headera iritsiz gero, begiratzera irten behar izaten zen.

        Tontorrak eskuko behatz-koskorrak bezalakoak ziren, azpian zeuden haranak, hatzen artean, estuak, maldatsuak eta ilunak. Sakanean trena zihoan lurruna zeriola, iparraldera astiro arrastan: azpimunduko gauza ñimiño bat. Lokomotorearen hotsak oihartzun harrigarria egiten zuen goialdera. Gero, harrobiko eztanden soinu hil ezaguna etorri zen.

        Leo, zertan edo hartan beti, azkar mugitu zen.

        —Abiatuko al gara? —esan zuen—. Jaitsi nahi al dugu Amberdalera terako? Ala nonbait gertuago probatuko dugu?

        Denek Amberdaleren alde, Granthamgo markesaren alde, eman zuten botoa.

        — Beno, nondik itzuli behar dugu? Codnortik Crosshill igaroz joango gara, ala Ashbournetik joango gara?

        Betiko dilema zen. Azkenean Codnorreko gainbidea hartzea erabaki zuten. Abiatu zen autoa, airoski.

        Munduaren gainean zeuden orain, ukabilaren gainean. Biluzik zegoen hura ere, ukabilaren gaina bezala, zeruaren azpian garai, eta berde ilun, goibel. Soilik harrizko pareta zaharrezko sare batek zaineztatzen zuen, lur-sailetan zatitzen zuela, eta han-hemenka berun meategi zaharren hondakinek eta obra-lanek hausten. Harrizko baserri eskas bat gailentzen zen sei arbola soildu zorrotzekin. Urrunean harri grisezko gune ketsu bat zegoen: auzo bat. Landa batzuetan ardi gris ilunak zebiltzan larrean isiltsu, itzaltsu. Baina ez zen hotsik ez mugimendurik. Ingalaterraren sabaia zen hura, gogorra eta idorra edozein sabai bezala. Harantzago, behean, konderriak zeuden.

        «Eta hara hor konderri koloretsuak», esan zuen Yvettek bere artean. Hemen behintzat ez zeuden koloretsu. Oskilaso ilara bat hegaldatu zen ezerezetik bezala. Pausatuta ibili ziren, mokoka, simaurtutako lurgorri batean. Autoak aurrera jarraitu zuen mendi-bideko belardi eta harrizko pareten artetik, eta gazteak isilik zihoazen, begiak jarririk harrizko itxitura sare urrunean, zeru azpian, azpiko haran ezkutu baten jauspidea erakusten zuten goitik beherako kurben bila.

        Aurrean karro arin bat zihoan, gizonezko batek gidaturik, eta aldamenean trikili-trakala oinez emakume bat, sendoa eta adinekoa, bizkarrean fardel bat zuela. Karroko gizonak atzetik harrapatu zuen, eta orain elkarren parean zihoazen.

        Bidea estua zen. Leok tutua jo zuen gogor. Karro gaineko gizonak atzera begiratu zuen, baina oinezko emakumeak trikili-trakala jarraitu zuen tinko, bizkor aurrera, bururik jiratu gabe.

        Yvetteren bihotzak jauzi egin zuen. Karroko gizonezkoa ijitoa zen, beltzaran, soin-zinbel, eder horietakoa. Karroan eserita jarraitzen zuen, autozaleengana begiak luzatuz, bisera ertzaren azpitik. Jarrera lasaia zuen, lotsagabea begirada indiferentziaren indiferentziaz. Bibote fin bat zuen sudur fin zuzenaren azpian, eta zetazko zapi gorri eta horia lepoan lotuta. Zerbait esan zion emakumeari. Emakumea gelditu egin zen segundo batean, sendo, atzera jiratu eta autozaleei begiratzeko, autoa orain ondo-ondora gerturaturik zela. Leok tutua jo zuen berriro, zorrotz. Emakumea, buruzapi zuri-gris bat burutik behera lotuta zuela, brastakoan itzuli zen atzera, karroaren parera heltzeko, karroaren gidaria ere berriro zuzen eserita, hedeak jasotzen ari zela, bere sorbalda malgu arinak mugituz. Ez zen, ordea, bazterreratu.

        Leok garrasi eragin zion tutuari, frenoa sartu eta autoa karrotik hurbil geldiagotzen zuela. Ijitoa atzera jiratu zen zaratara, bisera berde ilunaren azpian aurpegi beltza barrez zuela, eta entzun ez zuten zerbait esan zuen, bibote beltzaren marraren azpitik hortz zuriak erakutsiz, eta esku beltz zinbelaz keinu eginez.

        —Ken zaitez paretik! —garrasi egin zion Leok.

        Erantzun gisara gizonezkoak emeki hedeei tira eginez zaldia gelditu zuen, bide bazterrera okertzen zuela. Zaldi gorri on bat eta karro berde ilun, apain, on bat ziren.

        Leok ere, haserrez beterik, frenoa zapaldu eta gelditu egin behar izan zuen.

        — Ez al dute andereño polit hauek beren fortuna entzun nahi? —esan zuen karro gaineko ijitoak barrez, baina begi ilun zelatariak, serio, aurpegiz aurpegi eraman eta Yvetteren aurpegi gazte leunean pausatzen zituela.

        Yvettek segundo batez topo egin zuen ijitoaren begi ilunekin, haien miaketa sarkorrarekin, haien ausardiarekin, Leo eta Bob bezalako pertsonenganako erakusten zuten indiferentzia erabatekoarekin, eta suren bat pieu zitzaion bularrean. Pentsatu zuen: «Ni baino indartsuagoa da! Ez du ezerk ikaratzen!»

        — Bai, bai! Goazen! —esan zuen Lucillek segituan.

        — Bai, bai! —koru egin zioten neskek.

        — Aizue! Eta ordua zer? —atera zen Leo.

        — Zorioneko ordua! Beti bada norbait okasioari oina hartzeko —bota zuen Lucillek.

        — Beno, zuei axola ez badizue noiz itzultzen garen, niri ere ez! —esan zuen Leok heroikoki.

        Ijitoa karroaren alde batean patxadaz eserita egon zen, aurpegiak zaintzen. Gero gurtagatik jauzi egin zuen bigunki, belaunak pixka bat gogorturik. Ikusten zen hogeita hamar urte baino gehixeagoko gizona zela, eta galaia bere heinean. Soinean zamarra moduko bat maman, gurutzatua, aldaketaraino baizik iristen ez zitzaiona, friza-oihal berde ilun eta beltzezkoa; galtza beltz oso estuak, bota beltzak, eta bisera berde ilun bat; lepoko painelu hori-gorri handi bat lepoan. Itxura harrigarri dotorea zuen, eta nahiko garestia ijito-janzkerarako. Ederra zen, gainera, ijito-harrotasun antzinakoaz kokotsa sartzen zuela; eta orain ezezagunei kasu egiteari utzita, zaldi gorri ona bidetik atera eta karroa atzeratzera zihoan.

        Orduantxe ikusi zuten neskek sargune sakon bat bide ertzean, eta bi karabana kea zeriela. Yvette bizkor jaitsi zen. Bat-batean harrobi abandonatu, bide ertzeko maldan zulatu batean ziren, eta ustekabeko ezkutaleku horretan, kobazuloa ia, hiru karabana zeuden, negurako tresnagabeturik. Bazen, atze-atzean, arbaz eginiko aterpe bat ere, zaldiarentzat tegi bezala. Harkaitz gris biziak altuera handia hartzen zuen karabanen gainetik, eta bide aldera borobiltzen zen. Zoruan harri-koskoak zeuden pilan, tartean belar mototsak irteten zitzaizkiela. Neguko kanpamendu ezkutu babes bat zen.

        Adineko emakume fardelduna karabanetako batean sartu zen, atea zabalik utzita. Bi haur zeuden kanpora kirika, buru beltzak agerian. Gizon ijitoak aupadatxo bat egin zuen, karroa harrobian sartu zuenean, eta adineko gizon bat irten zen tresnak kentzen laguntzera.

        Gizon ijitoa bera ere mailetan gora joan eta karabana berrienean sartu zen; hango atea itxita zegoen. Azpitik, lotutako txakur bat irten zen. Txakur zuri pintagorri arrunt bat zen. Gurgur sakona atera zuen Leo eta Bob gerturatu zirenean.

        Une horretan bertan, emakume ijito aurpegi-beltz bat, burutik behera txal edo buruzapi arrosa bat zuela eta urrezko belarritako handiak belarrietan, karabana berrieneko mailetan behera etorri zen, gona berde bolantedun harroa dantzatuz. Halako edertasun bisaje-ilun, beltz, ausart bat zuen, otso-tankerako antzekoa. Espainiako ijito ausart, zangada luzeko horietakoa ematen zuen.

        — Egun on, nire jaun-andreok —esan zuen, begi zorrotz harrapariez neskei begiratzen ziela. Atzerritarraren zurruntasun pixka bat zuen hizketan.

        — Arratsalde on! —esan zuten neskek.

        — Andereño eder hauetako zeinek entzun nahi du fortuna? Zeinek emango dit eskutxoa?

        Emakume garaia zen, lepoa mehatxuan bezala beldurra emateko moduan luzatzen zuena. Begiak aurpegitik aurpegira erabili zituen, bizi-bizi, gupidagabe nahi zuenaren bila. Bitartean gizona, senarra inondik ere, karabanako mailen buruan agertu zen pipa errez, eta haur txiki ile-beltz bat besoetan zuela. Zango zaluen gainean zegoen tente, arretagabe beheko taldeari goitik begira, urrunetik bezala, bere begi beltz, tinko, harro, lotsagabeen gainetik betile beltz luzeak jasota. Halako transfusio-indar berezi bat zuen begirakune hark. Sentitzen zuen Yvettek, belaunetan sentitu ere. Txakur zuri pintagorriarekin interesatuko balitz bezala egin zuen.

        — Zenbat eskatzen duzu, gu denon fortuna esateagatik? —galdetu zuen Lottie Framleyk, sei kristau gazte aurpegi-guriak emakume paria jentilarenganako uzkur samar zeudelarik.

        — Zuek denak? Jaunak eta andreak, denak? —esan zuen emakumeak maltzurki.

        — Nik ez dut nirea esaterik nahi! Jarrai zuek! —atera zen Leo.

        — Ezta nik ere — esan zuen Bobek—. Zuek lau neskok.

        — Lau andereñoak? —esan zuen ijitoak, neskei maltzurki begiak gainean ezartzen zizkiela, mutilei begiratu ondoren. Eta prezioa ezarri zuen.

        — Emango bakoitzak txelin bat, eta pixka bat gehiago zortea izateko? Pixkatxo bat!

        Egiten zuen irribarrea gehiago zen otsoarena losintxazkoa baino, eta bere borondatearen indarra sentitzen zen, burdina bezain astuna hitzen eztiaren azpian.

        — Ondo da —esan zuen Leok—. Egin txelin bat buruko. Ez gehiegi luzatu.

        — E, aizu! —oihu egin zion Lucillek—. Dena entzun nahi dugu.

        Emakumeak bi zurezko aulki motz hartu zituen, karabana baten azpitik, eta gurpilaren ondoan jarri zituen. Heldu zion gero eskutik Lottie Framley garai beltzaranari, eta esertzeko agindu zion.

        — Ez dizu axola denek entzuten badute? —esan zuen, Lottieren aurpegira begiak jakin-minez jasoz.

        Lottie gorri-gorri egin zen urduritasunez, emakume ijitoak eskua hartu eta behatz gogor, itxura krudelekoekin ahurra laztandu zionean.

        — Ez, ez dit axola —esan zuen.

        Ijitoak ahurraren gainera ñarrotu zituen begiak, eskuko arrastoei hatz erakusle beltz gogorrez jarraika. Baina emakumeak garbia zirudien.

        Eta poliki-poliki fortuna esan zion, besteek, entzuten jarrita, oihuka ziharduten bitartean: «Oi, Jim Baggaley da hori! Oi, ezin dut sinetsi! Oi, hori ez da egia! Arbola baten azpian bizi den emakume eder bat! Baina nor arraio da hori?» harik eta Leok gizonki ohar eginez isildu zituen arte:

        — Isil zaitezte, neskak! Dena aireratzen ari zarete.

        Lottie masailak gorri eta nahasturik erretiratu zen, eta Ellaren txanda etorri zen. Ella askoz lasaiago eta maltzurrago egon zen, orakuluzko hitzak ulertzen ahaleginduz. Lucillek egiten zuen etengabe: «Oi, hara!». Mailburuko gizon ijitoa ikaragaitz zegoen, inolako adierazpenik gabe. Baina haren begi ausartek Yvetteri begira jarraitzen zuten, Yvettek masailetan, lepoan sentitzen zituen, eta ez zen begiak jasotzera ausartzen. Framleyk ordea begiratzen zion batzuetan gora, eta berdinez-berdineko begirada tinkoa jasotzen zuen ijitoaren aurpegi ederretik, begi beltz hantuts harroetatik. Begirada berezia zen, xumeen leinuko begi haiek zutena: pariaren harrotasuna, baztertuaren, gizon lege-begiraleei irri egin eta bere gisara dabilenaren erronka erdi-burlosoa. Denbora guztian, ijitoa han egon zen zutik, haurra besoetan zuela, arduragabe begira.

        Lucillek zuen eskua irakurtzeko emana.

        — Itsasoz haranztik izan zinen, eta han gizon bat aurkitu zenuen... gizon ile gaztaina-koloreko bat... baina zaharregia zen...

        —Oi, hara! —oihu egin zuen Lucillek, Yvetterengana jiratuz.

        Baina Yvette gogo-urrundurik, artega, arretarik ia eskaintzen ez zuela zegoen: bere hipnosialdietako batean.

        — Urte gutxitara ezkonduko zara... ez orain, baina urte gutxitara... lau beharbada... eta ez zara aberatsa izango, baina asko izango duzu... nahikoa... eta kanpora joango zara, bidai luze batean.

        — Senarrarekin, ala gabe? —esan zuen Lucillek.

        — Senarrarekin...

        Yvetteren txanda etorri zenean, eta emakumeak zorrotz, krudelki begiratu zionean, aurpegia luzaroan arakatuz, Yvettek urduri esan zuen:

        — Uste dut ez dudala nahi nirea esatea. Ez, ez dut nahi nirea esatea! Ez dut nahi, benetan!

        — Beldurra ematen dizu ala? —esan zuen emakume ijitoak krudelki.

        — Ez, ez da hori... —mugitu zen egonezinik Yvette.

        — Sekreturen bat daukazu? Nik esango dudan beldur zara? Tira, sartu nahi duzu karabanara, inork adituko ez digun lekura?

        Emakumea losintxan ari zitzaion interesaturik; Yvettek, berriz, ezezkoan jarraitzen zuen, zital. Zitalkeria adierazten zuen haren aurpegi gazte leun samurrak orain, eta gogortasun estrainio bat ematen zion.

        — Bai! —esan zuen bat-batean—. Bai! Horixe egin nezake!

        — E, aizu! —oihu egin zioten besteek—. Jokatu garbi!

        — Ez huke hori egin behar! —esan zion Lucillek.

        — Bai! —esan zuen Yvettek, bere jarreratxo petral harekin—. Horixe egingo dut. Karabanan sartuko naiz.

        Emakume ijitoak zerbait oihukatu zion mailetako gizonari. Gizona karabanan sartu zen une batez, agertu zen berriro, eta mailetan behera etorri zen, haur txikia bere oin ez-seguruen gainean utzita, eta eskutik helduta zuela. Dandy bat irudi, bere bota beltz lustretu, fraka beltz estu eta jertse berde ilun estuarekin, astiro igaro zen haurra tipi-tapa zuela, harkaitz grisen hobian arbaz eginiko aterpean, zoruko harri-koskoen gainean garo iharra botata, ijito zaharra zaldi gorriari oloa ematen ari zen lekuraino. Pasatzerakoan Yvetteri begiratu zion, bete-betean begietara, pariaren begirada ausart eta makurrez. Yvettek barrutik gogor eutsi zion begiradari. Baina soin-azala urtzen bezala zuen. Nolanahi ere, barruan grabatu zitzaizkion ijitoaren aurpegiaren forma garbi apartak, sudur zuzen perfektuarenak, masaila eta lokienak. Jertse berdearen azpitik nabarmentzen zen gorputz osoaren perfekzio ilun, suabe, harrigarria: irri biziarena bezalako perfekzioa.

        Eta oinkada luzean, mehaka zaluen gainean, astiro ondotik igaro zitzaionean ere, Yvetteri bera baino indartsuagoa zela iruditu zitzaion. Ikusi zituen gizon guztietatik, hura zen bera baino indartsuagoa zen bakarra, indarrez, eta adimenez.

        Orduan, jakin-minez, Yvettek emakumeari jarraitu zion karabanako mailetan gora, abrigo arre ondo ebakiaren barrena bilin-balan zuela eta belaunak ia ikusten zitzaizkiola, oihal berde argizko soinekoaren azpitik. Oinkada luzeko zango luze dotoreak zituen, meheak, lodiak baino gehiago, eta artile finezko galtzerdi nabar marrazki bitxizkoak, animalia delikaturen baten hankak gogorarazten zituztela.

        Mailen buruan gelditu eta jiratu egin zen, alaitsu, besteengana, bere molde xalo, handiki, hain naturalean esaten zuela:

        — Ez diot luzatzen utziko.

        Larruzko anoki grisa zabalduta zuen, lepo leuna eta soineko berde argia agerian uztez zizkiola, eta larru-koloreko kapela txiki trezatua belarrietaraino sartuta, aurpegi leun guriaren bueltan. Itxura gozo eta aldi berean agintzailea, eskrupulu gabea, zuen. Bazekien gizon ijitoa jiratu egin zela berari begiratzera. Sumatzen zuen haren lepondo ilun perfektua, ile beltz ondo orraztua. Begira zegokion haren etxera sartzera zihoala.

        Emakume ijitoak Yvetteri zer esan zion, inork ez zuen jakin. Luze jotzen zuela, iruditu zitzaien besteei. Ilunabarra sartzen ari zen, eta giroa hozten eta gordintzen. Bigarren karabanako tximiniatik kea eta janari sendoaren usaina zetorren. Jaten emanda zegoen zaldia, manta hori bat gainetik behera uhaleztaturik zuela, eta bi gizon ijito ari ziren urrunean elkarrizketan, ahots baxuan. Isiltasun eta ezkutukotasun giro berezi bat zegoen harrobi gorde bakarti hartan.

        Azkenean zabaldu zen karabanako atea, eta Yvette agertu zen, aurrera makurka eta zango mehe, luze, sorginarenak bezalakoen pausoan mailetan behera. Isiltasun itzaltsu, sorgindurazkoan bezalakoan bildurik agertu zen Yvette ilunabarrean.

        — Luze iruditu al zaizue? —esan zuen lausoki, inori begiratu gabe eta sekretua ondo gorderik zuela bere setakeria leun lausoaren azpian—. Espero dut ez zinetela aspertuko! Bai ederki etorriko litzaigukeela tea! Joango gara?

        — Sartu zuek! —esan zuen Bobek—. Nik ordainduko dut.

        Emakume ijitoaren jade-koloreko alpaka berdezko gona harro metalikoa mailetan behera etorri zen dantzan. Tente-tente eginda jarri zen, garaile-itxuran, otso-aurpegi beltzeko emakume handia. Katxemirezko txal arrosa lore gorriduna alde batera irristatzen zitzaion ile beltz kizkurtuaren gainetik. Ilunabarrean ziren gazteei begiratu zien burgoikeria nabarmenez.

        Bobek bi koroa-erdiko jarri zizkion eskuan.

        — Pixka bat gehiago, zortea izateko, zure andereño gaztearen zorterako —esan zuen losintxari, otso losintxaria bezala—. Beste txanpon txiki bat, zortea izan dezazun.

        — Baduzu txelin bat zorteagatik, nahikoa da hori —esan zuen Bobek poliki eta eratsu, auto aldera abiatzen zirela.

        — Zilar pixka bat! Pixkatxo bat bakarrik, maitasunean zortea izan dezazuen!

        Yvette, bere soin-adar luzeei blaustadan ezusteko mugimendua eraginez, bueltatu egin zen autora sartzera zihoala, eta besoa luzatuta, hiruzpalau pauso eman eta zerbait jarri zuen emakume ijitoaren eskuan, eta gero, bere gorputz garaia makurtuz, autoan sartu zen.

        — Zorion andereño gazte ederrari, eta ijitoaren bedeinkapena beretzat —egin zuen emakumearen ahots iradokior, erdi-isekazkoak.

        Burrun! egin zuen motorrak, burrun! berriz ere zorrotzago, eta abiatu egin zen. Leok argiak piztu zituen, eta berehalaxe geratu zen ijitoen harrobia atzean gauaren belztasunean galduta.

        — Gabon pasa! —dei egin zuen Yvettek, autoa abiatu zenean. Baina berea izan zen altxa zen ahots bakarra, kantaria eta lotsagabea bere nagitasunean. Autoaren argiek dizdiz egin zuten harrizko bidexkan behera.

        — Yvette, esan behar digun emakume ijitoak zer esan dinan —esan zuen Lucillek Yvetteren galde ez ziezaioten nahi isilari buru eginez.

        —A, zirraragarririk ezer ez —esan zuen Yvettek, bizitasun faltsuz—. Betiko kontua: zorte ona adierazten duen gizon beltzaran bat eta zorte txarra adierazten duen horail bat; eta heriotza bat familian, baldin amonarena esan nahi badu, hain ikaragarria izango ez dena; eta hogeita hiru urterekin ezkonduko naizela, eta diru pila eta maitasun pila izango dudala, eta bi haur. Oso polita dena, baina politegia, badakizue.

        — A! Orduan zergatik eman dion diru gehiago?

        — Ba, nahi nuelako! Handiki antzean agertu beharra zegon horrelako jendearekin...

 

 

 

© D.H. Lawrence

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"D.H. Lawrence / Birjina eta ijitoa" orrialde nagusia