II

 

        Alabaina, azkenean eskolatik etxera itzuli ziren arte neskek ez zuten amonaren esku zahar bizigabeak beren bizitzetan zuen pisu guztia sentitu. Lucillek ia hogeita bat urte zituen orain eta Yvettek hemeretzi. Familia oneko neskentzako eskola batera joan ziren, azken urtea Lausanan egin zuten, eta zegokien bezalakoxeak ziren: gaztetxo garaiak, aurpegi guri, adierazkorrak, ile motza eta mutil-tankerako oso manera ez-formalak zituztenak.

        — Gizonik ez dagoelako dun Paplewick horren aspergarria —esan zuen Yvettek kanaleko ontzian Dovergo itsas haitz gris-grisak hurbiltzen ikusten zituzten bitartean—. Zergatik ez ote dizkin aitak lagun jator batzuk? Osaba Fredekin, berriz, akabo!

        — Beno, ez zegon esaterik zer gerta daitekeen —esan zuen Lucillek, filosofikoagoa hura.

        — Ondotxo dakin zer espero daitekeen —esan zuen Yvettek—. Igandeetan korua, eta gorroto dizkinat koru mistoak. Mutilen ahotsak ederrak ditun, emakumezkorik ez dagoenean. Eta Igande-Eskola eta Neska-Elkartea eta giza harremanak, amonaren galdezka aritzen den zahar-jende koitadu hori! Ezta itxurazko mutil-gazte bakar bat ere miliatan!

        — Ez zekinat, ba! —esan zuen Lucillek—. Hor ditun Framleytarrak. Eta badakin Gerry Somercotesek adoratu egiten hauela.

        — Baina gorroto dizkinat adoratzen nauten mutilak! —esklamatu zuen Yvettek, bere sudur fina zimurtuz—. Aspertu egiten nauten! Beruna baino astunagoak ditun!

        — Zer dun, ba, nahi dunana, adoratzailerik onez eraman ezin badun? Neri oso ongi iruditzen zaidan adoratzaileak izatea. Badakin inoiz ez haizela horiekin ezkonduko; orduan, zergatik ez, jarrai dezatela adoratzen, horrekin jostatzen baditun.

        — Nik ezkondu nahi dinat, ordea —egin zuen oihu Yvettek.

        — Ba, kasu horretan, utzien, jarrai dezatela adoratzen, ezkontzeko moduko bat aurkitzen dunan arte.

        — Ezingo ninake, horrela. Ezerk ez naun gogaitzen adoratzaile batek baino gehiago. Hainbesteraino aspertzen nauten! Erabateko gaizki sentiarazten nauten.

        —A, ni ere bai, astuntzen baditun. Baina distantziatxoa gordez, neri nahiko atseginak iruditzen zaizkidan.

        — Bortizki maitemindu nahi ninake.

        —Bai zera! Nik ez! Ez ninake atsegin izango. Ezta hik ere ziurrenera, benetan gertatuko balitz. Azken finean, zentzatu egin behar dinagu pixka bat, zer nahi dugun jakiteko.

        — Baina ez al zain gorrotagarri Papplewickera itzultzea? —oihu egin zuen Yvettek, bere sudur gazte fina zimurtuz.

        — Ez, ez bereziki. Uste dinat nahikoa aspertuko garela. Nahiago ninake aitak auto bat erosiko balu. Bizikleta zaharrak tarraka ditugula ibili beharko dinagu. Ez al litzainake Tansy Moorrera igotzea gustatuko?

        — Izugarri! Baina leherrenak egitea dun, bizikleta zaharra tontor haietaraino bultzaka eramatea.

        Ontzia itsas haitz grisetara hurbiltzen zihoan. Uda zen, baina egun goibela. Bi neskek abrigoak larruzko anokiak goratuta zituzten, eta kapelatxo chic-ak belarrietaraino sartuta. Garaiak, lerdenak, aurpegi-guriak, xaloak, eta hala ere asko-ustekoak, gehiegi-ustekoak, beren eskolatu-harrokerian, izugarri ingelesak ziren. Oso askeak ziruditen, baina, izatez, oso korapilatuak eta lotuak zeuden barrutik. Estilo handikoak eta ohiko moldeez kanpokoak ziruditen, baina, izatez, hain ziren konbentzionalak, hain zeuden, nolabait esan, beren baitan itxirik. Balandro gazte, garai, ausartak ematen zuten, kaitik bizitzako itsaso zabaletara lerratzen. Eta, izatez, lema gabeko bi bizitza gazte koitadu ziren, elkarri amarratu itsasontziak bezala zabuka.

        Erretore-etxeak bihotza izoztu zien sartu zirenean. Itsusia ematen zuen, eta lohia ia, erdi-mailako erosotasun endekatu, erosoa izateari utzi eta kargatua, ez-garbia bihurtu giro heze harekin. Harrizko etxe gogorrak zikin-inpresioa egin zien neskei, ez zekiten zergatik. Etxeko altzari menstuek, nolabait esan, narras samarrak ziruditen; ez zegoen ezer garbirik. Otorduetako janariak ere bazuen kanpotik datorren gazteari hain higuingarri zaion zikoiztasun triste hori. Haragi errea eta arbia uretan igeri, ardiki hotza eta patata zukutua, gatzitu garratzak, nahitanahiezko pudding-ak.

        Amonak, «txerriki muturtxo bat gustora» jaten baitzuen, plato bereziak ere izaten zituen, haragi-salda eta opilak, edo ahi goxo pixka bat. Izeba Cissie aurpegi-zurbilak ez zuen ezer jaten. Esertzen zen mahaian eta patata ale egosi bakar bat hartzen zuen platerera. Haragirik ez zuen probatzen. Hala, eramankortasun zikoitzez egoten zen eserita, otorduak zirauen bitartean, eta amonak presaka bere partea lardaskatzen zuen arte —pozik sabel irtenaren gainera ezer isurtzen ez bazuen. Janaria bera ez zen gustagarria; nola izango zen, izeba Cissiek berak janaria gorroto zuela, jatea gorroto zuela, eta inoiz neskame batek hiru hilabete irauten ez ziola? Neskek nazkaz jaten zuten, Lucillek ausarki jasanez, Yvetteren sudur finak bere nazka agertuz. Erretore ile-zuriak bakarrik, bibote gris luzea serbiletarekin igurtzi eta, egiten zituen txantxak. Hura ere baldartzen eta geldotzen ari zen, egun guztian bere estudioan eserita, batere soin-ariketarik egin gabe. Baina denbora guztian bromatxo sarkastikoak egiten aritzen zen, han Materraren babesean eserita.

        Eskualdea, bere mendi-tontor aldapatsu eta ibar sakon estuekin, iluna eta goibela zen, baina bazuen indar handi bat berezkoa. Handik hogei miliatara zegoen iparraldeko industrialismo beltza. Hala ere Papplewick, konparazioan, herri bakarti, ia galdua zen: gogorra eta hotza bertako bizitza. Dena zen harria, gogortasun ia poetikozkoa, zurrunaren zurrunez.

        Neskek uste bezala gertatu zen: korura itzuli ziren, parrokian laguntzen zuten. Baina Yvettek uko borobila egin zien Igande-Eskola, Itxaropen-Talde eta Neska-Elkarteei, hau da, neskazahar erabakiko eta agure burugogor ergelek zuzentzen zituzten eginkizun horiei guztiei. Elizako betebeharrak ahal ziren guztietan baztertzen zituen, eta erretore-etxetik ahal zuen guztietan alde egiten zuen. Framleytarrak, Landetxean bizi zen familia handi, ez oso txukun, jator bat, laguntza handikoak gertatzen zitzaizkion. Eta inork otorduren batera gonbidatzen bazuen, baita langile-etxeetako emakumeren batek tea hartzera geratzeko esaten bazion ere, berehala onartzen zuen. Egia esan, zirraraz beterik egoten zen. Gizon langileekin hitz egitea gustatzen zitzaion, hain mentalitate praktikoa eta zehatza baitzuten gehienek. Baina, jakina, beste mundu batean zeuden haiek.

        Hala igaro ziren hilabeteak. Gerry Somercotesek adoratzaile jarraitzen zuen. Baziren beste batzuk ere, nekazari edo errotarien semeak. Yvettek benetan ondo pasatu beharko zukeen. Beti festetara edo dantzaldietara irtenda zen; lagunak etortzen zitzaizkion autoan bila, eta hirira joaten ziren, hotel nagusiko arratsaldeko dantzaldira edo Palais de Danse berri zoragarri, Pally deitzen ziotenera.

        Hala ere, kreatura hipnotizatu bat ematen zuen beti Yvettek. Inoiz ez zen guztiz alai egoteko bezain aske. Barren-barrenan amorru jasanezin bat zerabilen, ez lukeela sentitu behar pentsatzen zuena eta sentitzea gorroto mena, eta beraz, okerragotzen zitzaiona. Ez zuen ulertzen nondik sortzen zitzaion.

        Etxean, oso suminbera egoten zen, izeba Cissierekin irainera iristeraino lotsagabe. Egia esan, Yvetteren jenio txarra hizpide bilakatu zen familian.

        Lucillek, praktikoagoa baitzen beti hura, lan bat aurkitu zuen hirian frantsesez aise eta takigrafia zekien bat behar zuen gizon baten idazkari pribatu bezala. Egunero egiten zuen joan-etorria, osaba Freden tren berean. Baina Lucillek inoiz ez zuen bidaia osabarekin egiten, eta eguzki ala euri, bizikletaz egiten zuen geltokiraino bidea, osaba, berriz, oinez joaten zela.

        Bi neskek erabakia zuten benetako lagunarte alai bat behar zutela. Eta biziro gaitzitzen zitzaien erretore-etxea izatea, beren lagunentzat, jasanezina. Lau gela bakarrik zeuden behean: sukaldea, bi neskame deskontent bizi zirena; jangela iluna; erretorearen estudioa; eta egongela edo saloi handi, «etxe-zoko» aspergarria. Jangelan gas-estufa bat zegoen. Egongelan bakarrik egoten zen su bero on bat piztuta. Zeren, nola ez, han egoten baitzen amona erregina.

        Gela horretan egoten zen familia bildurik. Arratsean, afalondoan, behin ere huts egin gabe osaba Fred eta erretoreak hitz gurutzatuak egiten zituzten amonarekin.

        —Ea, Mater, prest zaude? T, hutsunea, hutsunea, hutsunea, L: diru siamesa.

        — Zer? Zer? D, hutsunea, hutsunea, hutsunea, L?

        Amonak gorraizea zuen.

        — Ez, Mater. D ez! T, hutsunea hutsunea hutsunea L: diru siamesa.

        — T, hutsunea, hutsunea, hutsunea, L: diru japonesa.

        — S I A M E S A.

        — E?

        — S I A M E S A! S I A M!

        — Diru siamesa! Zer ote da hori? —esan zuen andre zaharrak serioski, sabel borobilaren gainean eskuak tolesturik. Bi semeak iradokizunak egiteari ekin zioten, eta andre zaharrak orduan A! A! egiten zien. Erretorea izugarri bizkorra zen hitz gurutzatuetarako. Baina Fredek halako hitz-zerrenda tekniko bat zuen.

        — Hezur gogorra da hauxe! —esan zuen andre zaharrak, denak asmaezinik geratu zirenean.

        Bitartean Lucille bazter batean eserita zegoen eskuak belarrietan jarrita, irakurtzen ariko balitz bezala, eta Yvettek, haserre, marrazkiak egiten zituen, edo doinu ozen arnegagarriak kanta-marmaratzen zituen, berak ere famili kontzertuan parte izateko. Izeba Cissie bonboia hartu eta bonboia hartu ari zen, eta masailezurrak lanean zerabiltzan etengabe. Bonboi hutsez mantentzen zen. Urrunean eserita, sartzen zuen beste bat ahoan eta parrokiko aldizkariari begiratzen zion berriro. Gero, burua jaso eta amonaren katilu Horlicks-aren bila joateko ordua zela ikusi zuen.

        Joan zenean, nerbioek gaina hartuta Yvettek leihoa zabaldu zuen. Gelan inoiz ez zen haize freskorik sartzen, usaina zegoela iruditzen zitzaion: amonaren usaina. Eta amonak, gorra egonda, erbinudeak bezala aditzen zuen berak aditzea nahi ez zenetan.

        — Leihoa zabaldu al duzu, Yvette? Gogoan izan behar zenuke gelan badirela zu baino pertsona zaharragoak —esan zuen.

        — Ito egiten da! Ez dago jasaterik! Ez da harritzekoa denok katarroa harrapatuta ibiltzea beti.

        — Uste dut gela aski handia badela, eta su ederra dago piztuta —Andre zaharra hotzikaratxo batek hartu zuen—. Hilko gaitu denok korronte honek.

        — Ez da korrontea —orro egin zuen Yvettek—. Aho bete haize fresko.

        Andre zaharra hotzikaratu zen berriro, eta esan zuen:

        — Horixe!

        Erretorea, isilik, joan zen leihora eta itxi egin zuen tinko. Ez zion alabari begiratu bitarte horretan. Ez zuen gogoko hari ezer galaraztea. Baina ikasi behar zuen zer bai eta zer ez!

        Gurutzegramek, Satanek berak asmatuak, amona bere Horlicks-a hartuta oherako prestatzen zen arte irauten zuten. Orduan «ondo lo egin»en zeremonia iristen zen! Zutitzen ziren denak. Neskak andre zahar itsuarengana joaten ziren musu eman ziezaien, erretoreak besoa ematen zion, eta izeba Cissiek kandela batekin jarraitzen zien.

        Baina honetarako bederatziak izaten ziren jada, nahiz eta amona oso zahartzen ari zen, eta lehenago oheratu beharko zukeen. Baina oheratzen zenean, ezin lo egin izaten zuen izeba Cissie joan arte.

        — Begira —esaten zuen amonak—, ez dut inoiz bakarrik lo egin. Berrogeita hamalau urtetan ez dut gaurik izan Paterraren besoak inguratzen ez ninduela lo egindakorik. Eta joan zenean saiatu nintzen bakarrik lo egiten. Baina lotarako begiak ixten zitzaizkidan orduko, bihotzak jauzi egiten zidan gorputzetik irten beharrean bezala, eta pilpira batean geratzen nintzen. Nahi duzuena pentsatuko duzue, baina esperientzia beldurgarria izan zen, berrogeita hamalau urteko ezkon bizitza laino gabearen ondoren! Nahiago nukeen Jainkoak neu eraman banindu lehenik, baina Paterra, ba ez, ez dut uste jasateko gauza izango zenik.

        Horregatik izeba Cissiek lo egiten zuen amonarekin. Eta ez zitzaion gustatzen. Esaten zuen ezin izaten zuela batere lorik egin. Eta kolorea txartzen-txartzen joan zitzaion, etxean janariak okerragora egin zuen, eta izeba Cissie operatu egin behar izan zuten.

        Baina Materra ohi bezala jaikitzen zen, eguerdi aldera, eta bazkaria presiditzen zuen besaulkitik, bere sabel irtenarekin; aurpegi gorrizta gingiltsua, halako maiestate lazgarri bat mena, bekoki zabalaren paretatik behera belaxka erortzen zitzaiola, eta begi urdinak ikusi gabe ñarrotzen zituela. Ile zuria bakantzen ari zitzaion, ez zen oso itxurazkoa oro har. Baina erretoreak alaikiro txantxak egiten zizkion, eta Materrak gaitzesten balitu bezala egiten. Baina atseginez beterik egoten zen, bere gizentasun antzinakoan eserita, eta otorduen ondoren, sabeleko haizeak ateraz, bularraldea eskuarekin estutu eta atsegin fisiko zakarrez «korrok» eginez.

        Neskei gehien axola zitzaiena zen, laguntxoak etxera ekartzen zituztenetan, amona beti han egoten zela, haragi zaharrezko idolo izugarri bat bezala, arreta guztia bereganatzen. Gela bakarra zen denentzat. Eta han esertzen zen andre zaharra, izeba Cissiek guardia mikatza egiten ziola. Mundu guztia amonari aurkeztu behar izaten zitzaion lehenengo: prest zen adeikor agertzeko, atsegin zuen lagunartea. Jakin behar izaten zuen zein nor zen, nongoak ziren, eta bakoitzaren bizitzako pasadizo guztiak. Eta orduan, au fait jartzen zenean, solasari ekin ahal izango zion.

        Ez zegoen gauza arnegagarriagorik neskentzat:

        — Bai miresgarria dela Saywell andrea! Nolako interesa jartzen duen bizitzan, ia laurogeita hamar urterekin!

        — Jartzen du bai interesa jendearen egitekoetan, hori baldin bada bizitza —esaten zuen Yvettek.

        Gero berehalaxe errudun sentituko zen. Azken finean, mirestekoa zen ia laurogeita hamar urte izatea, eta halako buru argia edukitzea! Eta amonak, egitez, ez zion sekula inori kalterik egin. Gehiago zen traba egiten zuela. Eta ziurrenera oso gaizki zegoen inor, zaharra zelako eta traba egiten zuelako, gorrotatzea.

        Yvette berehalaxe damutzen zen, eta onera etortzen. Amonak Buckinghamshire herri txikian neskatoa zeneko oroitzapenen kontakizunetan gozatzen zuen. Hitz eta pitz jarduten zuen, eta hain zen entretenigarria. Amona miresgarria zen bai.

        Gero arratsaldean Lottie, Ella eta Bob Framley etorri ziren, Leo Wetherellekin.

        — Aurrera! —eta barrura sartu ziren denak tropelean egongelara. Han zegoen amona, bere txano zuriarekin, sutondoan eserita.

        — Amona, Wetherell jauna da hau.

        — Zer jaun esan duzu? Barkatu behar didazu, gorraize pixka bat daukat!

        Amonak esku eman zion ezeroso sentitzen zen mutil-gazteari, eta isilik geratu zitzaion begira, ikusi gaberik.

        — Ez al zara gure parrokikoa? —galdetu zion amonak.

        — Dinningtongoa! —mutilak garrasi.

        — Egunpasa joan nahi dugu bihar, Bonsall Headera, Leoren autoan. Estu-estu eginda sartuko gara denok —esan zuen Ellak ahopean.

        — Bonsall Head diozue? —galdetu zuen amonak.

        — Bai!

        Isilaldi bat izan zen.

        — Autoan zoaztela diozue?

        — Bai! Wetherell jaunarenean.

        — Gidari ona izango ahal da. Oso bide arriskutsua da.

        — Oso gidari ona da.

        — Ez dela oso gidari ona?

        — Bai! Oso gidari ona dela.

        — Bonsall Headera bazoazte, uste dut mezu bat bidaliko diodala Lady Loutheri.

        Amonak Lady Louth gajo hura ateratzen zuen beti, jendea zegoenean.

        — Ez gara bide horretatik joango —egin zuen oihu Yvettek.

        — Zer bidetatik? —esan zuen amonak—. Heanortik joan behar duzue nahitaez.

        Talde guztia zegoen, Bobek adierazten zuen bezala, indiolar beteak bezala, nor bere aulkian egonezinez eserita.

        Izeba Cissie sartu zen, eta ondoren neskamea tearekin. Erositako cake pusketa eternoa eta betiraunekoa zegoen. Platerkada gailetatxo egin berri azaldu zen gero. Egia esan, izeba Cissiek okinarenetik ekarrarazi zituen.

        —Tea, Mater!

        Andre zaharrak aulkiaren besoei heldu zien. Denak altxatu eta zutik geratu ziren, hura poliki-poliki eta astun, izeba Cissieren besotik, mahaira bere lekura joan zen bitartean.

        Tea hartzen ari zirela Lucille etorri zen hiritik, lanetik. Leher eginda zetorren, betondoak belzturik zituela. Oihu bat jaulki zuen, jende guztia ikustean.

        Zarata baretu eta berriro ezerosotasuna itzuli zen orduko, amonak esan zuen:

        — Ez didazu inoiz Wetherell jauna aipatu, ezta, Lucille?

        — Ez naiz gogoratzen —esan zuen Lucillek.

        — Ez zenidan aipatuko. Izena ezezaguna zait.

        Yvettek oharkabean bezala beste gaileta bat hartu zuen, orain ia husturik zegoen plateretik. Izeba Cissiek, Yvetteren portaera lauso eta begiramenik gabekoak onetatik aterata, haserrealdi beltz hura batzen sentitu zuen bihotzean. Hartu zuen bere platera, bere buruari opa zion gaileta bakarra zuena, eta bitrioluz beteriko gizabidez esan zuen, Yvetteri eskaintzen ziola:

        — Ez al duzu nirea ere nahi?

        — A, eskerrik asko! —esan zuen Yvettek, bere lausotasun muzinarekin oldartuz. Eta axolagabekeria bera erakutsiz, hartu egin zuen izeba Cissieren gaileta ere, eta eranskin gisa esan zuen:

        — Zuk nahi ez baduzu...

        Bi gaileta zeuzkan orain platerean. Lucille hildakoa baino zurbilago zegoen, bere tearen gainera makurtuta. Izeba Cissie ezin-eramanaren pozoiak ubeldurik zegoen. Ezerosotasuna agonia bat zen.

        Amonak, ordea, astunki tronuraturik eta ezjakinean, hauxe esatea besterik ez zuen egin, zikloiaren erdian:

        — Bihar autoan Bonsall Headera bazoazte, Lucille, Lady Loutheri nire partetik mezu bat eramatea nahi nuke.

        —O! —esan zuen Lucillek, begirakune gaiztoa luzatzen ziola mahaiaren beste aldera ikusmenik gabeko andre zaharrari. Lady Louth zen familiaren begiko fitsa, bisitarien mesedetan amonak beti ateratzen zuena—.Ederki!

        — Hain jator portatu zen lehengo astean. Txoferra bidali zidan gurutzegrama liburu batekin.

        — Baina eman zenizkion eskerrak orduan —oihu egin zuen Yvettek.

        — Ohar bat bidali nahi nioke.

        — Postaratu egingo dugu —oihu egin zuen Lucillek.

        — Ez, ez! Zuek eramatea nahi nuke. Orain hurrena Lady Louth etorri zenean...

        Gazteak eserita zeuden arrainkume saila ur-azalean lelo-lelo ahozka bezala, amonak Lady Loutheri buruzkoekin jarraitzen zuen bitartean. Izeba Cissie, bi neskek bazekiten, gauza ez zela zegoen oraindik, cake-arengatiko amorrualdiak gainezka eragin eta ia zentzumena galduta. Otoitzean arituko zen beharbada, gaxoa.

        Bedeinkazio bat izan zen lagunek alde egin zutenean. Ordurako, ordea, bi neskak begiradak galduta zeuden. Eta orduan ikusi zuen Yvettek bat-batean, beste aldera begiratzean, botere-nahi gogor gupidagabea, itxura amatiarreko amona zaharrarengan. Han zegoen hura bere aulkian tronpoilo atzerantz eserita, hunkigaitz, bere aurpegi zahar gorrizta gingiltsua erabat pikardaturik, ia zentzumenik gabe, baina damugaitz, aurpegiak zirudiela maskara bat, zerbait gogorra, ankerra, ezkutatzen zuena. Bere botere makurraren inertzia estatikoa zen. Baina berehala zabalduko zuen aho antzinakoa Leo Wetherelleri buruzko xehetasun guztiak jakiteko. Momentuz negu-lozorroturik zegoen bere zahartasunean, bere atsotasunean. Baina berehala zabalduko zuen ahoa, piztuko zitzaion gogoa eta ase-ezinezko bizitza-gosez, besteren bizitza-gosez, hasiko zen xehetasun guztien berri galdezka. Halakoxea zen apotzar hura ere, Yvette, liluraturik, begira egon zitzaiona, erlauntzaren apalean jarri, erleak irteten diren atakatxoaren parez pare, eta, tximista baino bizkorrago masail izurtuei grausk eraginez, kanpora aireratzen ziren erle guztiak harrapatu eta bata bestearen atzetik irensten zituena, erlauntzakada osoa kontsumitu ahal balu bezala bere zimurtasun zahar, puztu, zorro modukoaren barruan. Erleak udaberriko airera irten ahala, haiek irensten aritu zen, urteak joan eta urteak etorri, urteak joan eta urteak etorri, belaunaldiz belaunaldi.

        Baina baratzaina, Yvettek deituta, haserrez bete zen, eta harri batekin akabatu zuen izaki hura.

        — Marraskilo'ntzat ona izango haiz —esan zuen baratzainak, harriarekin etorri zenean—. Baina ne'i ez di'k erlauntza tripazorro'a hustuko.

 

 

 

© D.H. Lawrence

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"D.H. Lawrence / Birjina eta ijitoa" orrialde nagusia