I

 

        Bikarioaren emazteak gizon gazte arlote batekin ihes egin zuenean eskandaluak ez zuen mugarik izan. Haren bi neskatilek batak zazpi eta besteak bederatzi urte zituzten. Eta bikarioa hain zen senar ona. Egia, ilea zuriturik zuen. Baina bibotea iluna zuen, itxura ederrekoa zen, eta artean bere emazte menderakaitz eta ederrarenganako pasio ezkutuz betea.

        Zergatik joan zen emakumea? Zergatik hartu eta alde egin zuen bat-bateko aldakuntza éclat harekin, eroaldiak emanda bezala?

        Inork ez zuen garbitasunik eman. Jaieratsuek bakarrik esan zuten emakume gaiztoa zela. Emakume onetariko zenbaitzuk, berriz, isilik egon ziren. Bazekiten haiek.

        Bi neskatilek ez zuten inoiz jakin. Minduak, erabaki zuten amak arbuiagarri irizten zielako izan zela.

        Inorentzat ezer onik ez dakarren haize bolada gaiztoak eraman zuen bikario-etxeko familia. Eta gero hara non, bikarioak, zeinek bai baitzuen entsegulari eta eztabaidazale sona apur bat, eta haren kasuak sasi-letrauen artean elkartasuna piztu baitzuen, Papplewickeko eliza-onura jasotzen duen. Jainkoak ipar eskualdeko erretore-etxearekin baretu zuen zorigaiztoko haizea.

        Erretorearena harrizko etxe itsusika bat zen Papple ibaiaren ondoan, hernian sartu baino lehen. Aurrerago, bideak erreka gurutzatzen duen guneaz harunztik, harrizko kotoi-errota zahar handiak, garai batean urak zerabiltzanak, zeuden. Bideak bihurrika jarraitzen zuen aldapan gora herriko kale hotz harrizkoetara.

        Bikario-etxeko familiak aldakuntza garbia izan zuen erretore-etxera lekualdatzearekin. Bikarioak, erretore orain, ama zaharra, arreba eta anaia ekarri zituen hiritik. Bi neskatilek oso ingurune ezberdina izan zuten lehengo etxekoaren aldean.

        Erretoreak bazituen orain berrogeita zazpi urte; atsekabe bizi ez oso duina agertu zuen emaztearen hegaldiaren ondorenean. Andre errukitsuek galarazi zioten bere buruaz beste egitea. Ilea ia zuriturik zuen eta eroaren begirakune tragikoa. Begiratzea nahikoa zuen, hura guztia zeinen ikaragarria izan zitzaion eta zeinen bidegabeki tratatua izan zen konturatzeko.

        Ordea, bazen lainoren bat nonbait. Eta andreetako batzuek, bikarioarenganako elkartasun sakona erakutsi zutenek, ez zuten beren baitan batere gogoko erretorea. Bazuen hark halako fariseukeria ezkutu bat, azken finean.

        Neskatilek, jakina, haurrek ohi duten modu zehazabean, familiaren erabakia onartu zuten. Amona, hirurogeita hamar urtetik gora zituena eta ikusmena galtzen zihoana, bihurtu zen pertsonai zentrala etxean. Izeba Cissie, berrogei urtetik gora zituena, zurbila, jaieratsua eta barne-har batek zimikatzen zuena, arduratzen zen etxeaz. Osaba Fred, berrogei urteko gizon zeken aurpegi-zimela, beretzako bakarrik narraski bizi zena, hirira joaten zen egunero. Eta erretorea zen, jakina, pertsonarik garrantzitsuena amonaren hurrena.

        Materra esaten zioten amonari. Gorpuzkera arrunteko atso zahar argi horietakoa zen, etxeko gizonezkoen ahuleziak zurituz bizitza osoan beti berea egin zuena. Berehalaxe ezarri zuen bere legea. Erretoreak oraindik «maite zuen» emazte lege-hauslea eta hil arteraino «maiteko zuen». Eta kito! Erretorearen sentimendua sakratua zen. Bihotzean erliki bihurturik zeukan esposatu eta gurtu zuen neskatxa garbia.

        Kanpoko mundu gaiztoan, aldi berean, erretoreari traizio egin eta haren haurtxoak abandonatu zituen fama txarreko emakumea zebilen. Orain gizon gazte erdeinagarri bati uztarturik zegokion eta horrek ekarriko zion, zalantzarik gabe, merezi zuen gradu-galtzea. Hori zen ongi ulertu behar zena, eta kito! Zeren erretorearen bihotzeko goitasun garbian loretan baitzirauen oraindik andregai gaztearen elur-lili zuri garbiak. Elur-lili zuri hori ez zen zimeltzen. Beste izaki hark, gizon gazte erdeinagarri harekin joan zenak, ez zuen erretorearekin zerikusirik.

        Materra, alargun eta etxe txiki batean bizi izanik zertxobait gutxietsia eta garrantzi gabetua egona, igo zen orain erretore-etxeko besaulki nagusira eta bertan ezarri zuen tinko bere mamitza. Ez zuten destronatuko. Maltzurki, hasperenezko omena egin zion elur-lili zuri garbiarenganako erretoreak zuen leialtasunari, baina gaitzetsiko balu bezala egiten zuen. Semearen maitasun handiarenganako gurtza maleziatsu gisara, ez zuen hitzik atera mundu gaiztoan loratzen zen asun haren, behin Arthur Saywellen andrea deitu zenaren aurka. Orain, Jainkoari eskerrak, berriro ezkondu zelarik, ez zen jada Arthur Saywellen andrea. Ez zen emakumerik erretorearen izena zeramanik. Elur-lili zuri garbia in perpetuum zegoen loretan, nomenklaturarik gabe. Gogoratu ere, Cynthia-zelako-hura bezala gogoratzen zuen familiak.

        Ur horrek zerabilen Materraren errota. Horrek ematen zion Arthur berriz ezkonduko ez zen ziurtasuna. Ahulezia makalenetik zeukan harrapatuta semea: berekoikeria gordetik. Elur-lili zuri hilezkorra esposatu zuen. Gizon zoriontsua! Iraindua izan zen. Gizon dohakabea! Sufritu egin zuen. Oi! Hori bihotz maitasunez betea! Eta... barkatu egin zuen! Bai, elur-lili zuriari barkatu egin zitzaion. Testamentuan haren aldeko neurriak hartu ere egin zituen, zer eta gero lotsagabe hark... Baina ixo! Ezta pentsamenduz ere gehiegi hurbildu kanpoko mundu nazkagarriko asun gorrotagarri hari! Cynthia-zelako-hari. Bego elur-lili zuria loretan iraganeko gailurretan helgaitz. Oraina beste istorio bat da.

        Haurrak auto-santutze eta aipaezintasun giro sotil horretan izan ziren heziak. Haiek ere ikusi zuten elur-lilia gailur helgaitzetan. Haiek ere konturatu ziren bakarti zegoela tronuan distiraz beren bizitzetatik at, inoiz ukitzeko ez zela.

        Aldi berean, kanpoko mundu lohitik berekoikeria eta gordinkeria ustelaren usain txar nazkagarri bat etortzen zen batzuetan: Cynthia-zelako-haren, asun izugarri haren usaina. Asun horrek, izan ere, lortzen zuen tarteka neskei, bere haurrei, mezu bat helaraztea. Eta orduan Mater buruzuriari gorrotoak astintzen zion barrena. Zeren Cynthia-zelako-hura inoiz itzuliko balitz, Materrarenak egin zuen. Gorroto bafada sekretu bat lerratzen zen amona zaharrarengandik neskengana, gordinkeriazko asun zikin haren, Materra hain maitekiro mesprezatzen zuen Cynthia haren haurrengana.

        Horrekin guztiarekin batera nahasirik, haurrek oso oroitzapen garbia zuten beren benetako etxearena, hegoaldeko bikario-etxearena, eta ama xarmangarri eta ez oso fidagarri Cynthiarena. Cynthiak distira handi bat sortzen zuen etxean, bizi-jario bat, eguzki bizkor arriskutsu baten gisara, beti joan-etorrian. Neskatilek beti argitasunarekin lotzen zuten haren presentzia, baina baita arriskuarekin ere: xarmarekin, baina berekoikeria beldurgarriarekin.

        Joanik zen orain xarma, eta elur-lili zuria, portzelanazko lore-koroa baten gisara, hilobiaren gainean izozturik zegoen. Ezegonkortasun arriskua, berekoikeria estrainio arriskutsua, lehoiak eta tigreak bezalakoa ere joana zen. Orain egonkortasun osoa zegoen, bertan gal zitekeelarik bat arriskurik gabe.

        Baina neskak hazten ari ziren. Eta hazten zihoazen heinean, gero eta nahastuago, gero eta katramilatuago zeuden. Materra zaharragotu eta itsuagotu egin zen. Norbaiten laguntza behar zuen mugitzeko. Eguerdi ingurua arte ez zen jaikitzen. Baina nahiz itsu edo ohean ezindurik egon, berak eramaten zuen etxea.

        Gainera, ez zegoen ohean ezindurik. Gizonak etxean ziren guztietan, bere tronuan izaten zen Materra. Maltzurregia zen gortea zabartzeko. Batez ere, lehiakideak zituela.

        Lehiakide gogorrena neska gazteena zuen, Yvette. Yvettek bazuen Cynthia-zelako-haren alaitasun lauso, arduragabetik pixka bat. Yvette, ordea, otzanagoa zen. Agian hartu zuen amonak garaian! Agian!

        Erretoreak adoratu egiten zuen Yvette eta afektu txatxalez gaizki ohituta zeukan; esanez bezala: ez al naiz bada ni gizaseme bihozbera eta barkabera? Bere burua iritzi horretan edukitzea gustatzen zitzaion, eta Materrak zehatz-mehatz ezagutzen zituen haren ahuleziak. Ezagutzen zituen eta etekina ateratzen zien, semearen, semearen izaeraren, apaingarri bihurtuz. Erretoreak, beretzat, izaera liluragarri bat nahi zuen, emakumeek soineko liluragarriak nahi izaten dituzten bezala. Eta Materrak edertasun tantaz abilki estaltzen zizkion akats eta gabeziak. Ama-maitasunak ematen zion semearen ahulezien aztarna eta apaingarriz ezkutatzen zizkion. Cynthia-zelako-hark, aitzitik...! Baina hura ez dago aipatzerik, horri dagokionean, Harentzat erretorea bizkar-konkorra eta idiota bat zen kasik.

        Bitxiena zen, amonak bere artean Lucille, neska zaharrena, gorrotatzen zuela, Yvette losintxatua baino gehiago. Lucille, urduria eta haserrekorra, gehiago jabetzen zen amonaren mendean zeudela, Yvette gaizki-ohitua eta lausoa baino.

        Bestalde, izeba Cissiek Yvetteri zion gorroto. Gorroto zion izenari berari ere. Izeba Cissieren bizitza Materrari sakrifikatua egon zitzaion eta izeba Cissiek bazekien hori, eta Materrak bazekien izeba Cissiek bazekiela. Hala ere, urteak igaro ahala, itun bihurtu zen. Denek onartu zuten izeba Cissieren sakrifizioaren ituna, Cissiek berak barne. Otoi asko egiten zuen hori zela eta. Eta horrek erakusten zuen bazituela bere sentimenduak ere nonbait, gaixoak. Cissie izateari utzi zion, galduak zituen bizitza eta sexua. Eta orain, berrogeita hamar urtetara gerturatzen ari zen, amorrualdi beltz estrainioak igotzen zitzaizkion barrendik, eta horrelakoetan, eroa bezala jartzen zen.

        Baina amonak mendean eusten zion. Eta izeba Cissieren bizitzako helburua Materra zaintzea zen.

        Izeba Cissieren demoniozko gorrotoaren txinpartak gaztea zen ororen aurka zuzentzen ziren, batzuetan. Gaixoa, otoi eta otoi saiatzen zen zeruko barkamena iristen. Baina hari egin ziotena, hori ezin zuen barkatu, eta zenbaitetan bitriolua barreiatzen zitzaion zainetan.

        Ez da uste izan behar Materra izaki atsegin, gozo bat zenik. Ez zen. Itxurak egiten zituen soilik, maltzurki. Eta pixkanaka-pixkanaka neskak hortaz konturatzen hasi ziren. Modaz pasatutako enkajezko txanoaren azpian, ile urdinaren azpian, gorputz sendo, motz, aurrera-puztuaren zeta beltzaren azpian, bihotz maltzurra zuen emakume hark, ema-aginpidearen bila beti. Eta hazi zituen gizonezko epel motelen ahulezien artean, bere aginpideari eusten zion, urteetan aurrera zihoan heinean, hirurogeita hamarretik laurogeira, eta azkenaldi honetan laurogeitik laurogeita hamarrera bidean.

        Izan ere erabateko «leialtasun» tradizioa zen familian: elkarrenganako leialtasuna eta Materrarenganakoa, batez ere. Materra zen, noski, familiaren ardatza. Materraren «ego»-aren luzapena zen familia. Jakina, hark bere aginpidez estaltzen zuen. Eta, jakina, seme-alabak ahulak eta batasunik gabeak izanik, leialak zitzaizkion. Zer zuten familiatik kanpo, arriskua eta iraina eta lotsaizuna besterik? Ez al zion igarri erretoreak ezkondu zenean? Orain, bada, kontuz! Kontuz eta leial, munduari aurpegi emateko! Izan dadila nahi den adina gorroto eta tira-bira familiaren baitan. Kanpoko mundu aldera, berriz, elkartasunezko hesi tinko bat.

 

 

 

© D.H. Lawrence

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"D.H. Lawrence / Birjina eta ijitoa" orrialde nagusia