HITZAURREA

 

        David Herbert Lawrence, Arthur Lawrence eta Lydia Beardsallen laugarren haurra, XX. mendeko nobelagile ingeles garrantzitsu eta eztabaidatuenetakoa izango dena, Eastwooden jaio zen 1885ean. Meatzaria zuen aita eta eskola-maistra ohia ama. Bera ere irakasle izan zen urte batzuetan, 1912an tuberkulosiak irakaskuntza uztera behartu zuen arte.

        Gazterik hasi zen idazten, eta bere lehen poema eta nobelek (The White Peacock, The Trespasser) barrera ona izan zuten Londresko mundu literarioan, Ford Madox Ford eta Edward Garnett-en eskutik sarrera egin ondoren.

        1912an ezagutzen du Frieda von Richthofen emakume aristokratikoa, hizkuntza modernoetako irakasle baten emaztea. Harekin ihes egiten du kontinentera, eta orduan hasten da Lawrenceren bizitza ibiltaria, hil arteraino munduan zehar batera eta bestera eramango duena. Lawrence eta Frieda 1914an Ingalaterrara itzuli eta ezkondu ziren. Bien bitartean Sons and Lovers, heldutasun aroko lehen nobela, argitaratua zen, eta, nahiz salmenta handirik ez lortu, sona handia eman zion.

        Lehen Mundu Gerrako urteak urte ilunak izan ziren Lawrencerentzat. The Rainbow argitaratu bezain pronto debekatua izan zen lizuna zela iritzita, eta Women in Love argitaratuko zionik ez zuen aurkituko askoz berandurago arte. Kolpe horretaz gain, Ingalaterratik irten ezinak, gaixotasunak, bizibide gero eta murritzagoak, zenbait lagunen desertzioak, zerbitzu militarrerako azterketa umiliagarriak, ia desesperaziora eta misantropiara, bere «amesgaiztora», eraman zuten.

        Gerra amaitzean Ingalaterra utzi eta mendebaldeko zibilizazio industrializatua baino bizimodu asebetegarriago baten bila, Europatik alde egin nahian, Indiara, Australiara eta Mexikora jo zuen. Beti ibilian, idazteari utzi gabe, bere bizitza laburrean idazlan kopuru handia sortuko du, eta genero guztiak erabiliko, bere filosofia pertsonala eta munduaren ikuspegia garatzeko. 1925ean berriro Europara itzulita, Lawrencek azken urteak gehienbat pintatzen eta bere azken nobela «eskandalagarria», Lady Chatterley's Lover, idazten eta berridazten pasatu zituen. 1930ean hil zen Frantzian 44 urte zituela.

        Gerra ondorengo hamarkadan Lawrenceren fama alde guztietara zabaldu zen eta miresmen bezain arbuio itsuak sortarazi zituen aldeko eta kontrakoen artean. Ordena zaharra mehatxatzen bide zuten eragin iraultzaileen iruditzat hartua izan zen eta hein horretan gaitzetsia eta goretsia. Eta ez beti ondo ulertua.

 

        Birjina eta Ijitoa-ren istorioan, nobela laburren saileko maisulan gehienetan bezala, gai lawrenziano nagusiak osatuki kondentsaturik aurkitzen dira eta neurrian orekatuak «mezua» eta artea.

        Lawrenceren ustea da mendebaldeko zibilizazioko gizona arrazoiak, zientziak eta kulturak bizigabeturik eta antzuturik dagoela, giza historiaren hasieran zuen edertasuna eta berezkotasuna galduta. Nola berreskuratu eta ekarri gure mundura oraindik etnia primitiboetan, adibidez Mexikoko indioen artean irauten duen izaki aske eta benetako gizontasunaren jabe den hori? Gizonaren eta emakumearen haragizko elkartasunaren bidez, baina elkarketa hori errito sakratu bat bezala burutzeko kondiziotan. Lawrenceren obra osoa maitasun falikoaren gorespena da, unibertsoarekin elkartasun mistikoa lortzeko bide den aldetik.

        Birjina eta Ijitoaren hasieran, Yvette birjinaren ingurunea ezagutzen dugu, zibilizazio ustel horren irudi. Erretorearen alaba familia berekoi, faltsu, nazkagarri batean bizi da, Materraren legearen menpe. Lawrencek Materrarengan, zibilizazioa eta kultura adierazten duen matriarkatuan, deskargatuko du bere gorrotoa.

        Egun batean Yvettek ijito bat topatzen du: basapiztien mailako izakia, ez jainko eta ez lege, gizartetik kanpo bizi dena; baina bi bertute begi-bistako eta ukaezin ditu: edertasuna eta lotsarik eza. Ijitoak bere presentzia hutsarekin aski du birjina inpresionatu eta menderatzeko. Yvettek ez du formulatzen ijitoaren aurrean sentitzen duena, ez baitaki zer den. Gorputzak, haragiak, jakingo du beharbada.

        Lawrenceren ustez izakien arteko harremanak ez dira adimenez edo arrazoiz hautematen, animalien artean bezala baizik, hurbilpen mutu eta sentsazio gama zabal baten bidez. Kontakizunean, ijitoen bizimodua eta Yvetteren ingurunearen arteko oposizioa, ijitoa eta neskaren arteko harremanak, ez dira modu abstraktuan adierazten, baizik eta pertsonai, leku, begirada, keinu eta jarreren deskribapenaren bidez sumatzen dira. Irudiz beteriko idazkeraz agertzen ditu Lawrencek subkontzientearen mailako intuizio eta mugidak, adimenak defini ez ditzakeen emozio eta sentsazioak.

 

 

 

© Irene Aldasoro

 

 

"D.H. Lawrence / Birjina eta ijitoa" orrialde nagusia