ZORTZIGARREN ZATIA

 

Maiatza, 1910

       

        Salina andereño zaharrei bisita egitera joaten zenak gutxienez apaiz-kapelu bat aurkituko zuen beti harrera-gelako aulkietan. Andereñoak hint ziren. Etxeko nagusitasuna lortzeko ezkutuko borrokak zirela bide, txirtxilatuta zeuden, eta norbere modura izaera gogorrekoak izanik, bakoitzak bere aitor-entzule berezia eduki nahi zuen. 1910garren urte hartan ere aitorpenak etxean egiteko ohitura zegoen, eta aitorleen eskrupuluek eskaturik, ugariak ziren. Aitorentzule taldetxo hari erantsi behar zitzaizkion kapilaua, goizero kapera pribatuan meza ospatzera joaten zena, etxeko izpiritu-zuzendaritza orokorra bere gain hartua zuen jesulaguna eta halako edo holako parrokia edo erruki-ekintzarako limosnak biltzera joaten ziren fraile-apaizak; horrela laster ulertuko da apaizen sartu-irtena etengabea zela eta Villa Salinako harrera-gelak maiz ekartzen zituela gogora Erromako Piazza della Minerva inguruko dendak, pentsa daitezkeen eliz-kapelu guztiak saltzen zituztenak, hasi kardinaleen sugar kolorekoetatik eta herriko apaizen ilinti kolorekoetara.

        1910eko maiatzeko arratsalde hartan, hango kapelu bilduma inoiz baino handiagoa zen. Artxidiozesiko Bikario Jenerala bertan zen, argi eta garbi, han baitzen bere kastore-larru fineko kapelu zabal-zabala, fuksia kolore zoragarrikoa, aparteko aulki batean pausatua, eta ondoan guante bakar bat, eskubikoa, kolore delikatu bereko zetazkoa; bere idazkaria ere bazegoen: horren lekuko, ile luzeko peluche beltz dizdiragarria, burukoan kordoi more txiki bat zuena; bai eta bi jesulagun ere, han baitzeuden beren kapeluak, fieltro ilunbetsukoak, apaltasun eta begirakortasun seinale. Kapilauaren kapelua aulki bakartu batean zetzan, espedientepean dagoen pertsona bati zegokion bezala.

        Izan ere, egun hartako bilera ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Aitasantuaren xedapenak betetzearren, kardinale-artzapezpikuak Artxidiozesiko otoileku pribatuak ikuskatzeari ekin zion, haietan elizkizunak egiteko baimena zeukatenen merezimendua ziurtatzeko, bai eta hornigaiak eta kultua Elizaren kanonen araberakoak ote ziren eta haietan adoratutako erlikiak egiazkoak ote ziren erabakitzeko ere. Salina andereñoen kapera pribatua hiriko ospetsuenetako bat zen, eta Kardinaleak bisitatu nahi zituen lehenetakoa; eta gertakari hori biharamun goizean egitekoa izanik, prestakuntzak egitearren joana zen Bikario Jauna Villa Salinara. Kapera hari buruzko esamesa desatseginak iritsiak ziren Artzapezpikutegira, auskalo nolako iragazkietatik bahetuta; ez, noski, jabeen merezimenduei eta etxean erlijio-beharrak betetzeko beren eskubideei buruzkoak; horiek eztabaidan jarri ezinezko kontuak ziren; kultuaren maiztasuna eta jarraitasuna ere ez ziren zalantzatan jartzen, ia hobetu ezinezkoak baitziren, alde batera utziz gero Salina andereñoak beren senide-zirkulurik hurbilenetik kanpoko pertsonei erritu sakratuetan esku hartzen uzteko gehiegizko nahi-eza, ulergarria, bestalde. Kardinalearen kezka beste nonbait zegoen: kaperan adoratutako irudi batean eta erlikietan, han erakusten ziren hamaika erlikietan; izan ere, azken hauen egiazkotasunaz marmarizorik kezkagarrienak entzuten ziren, eta benetakoak zirela frogatu beharra zegoen. Kapilauak, kultura oneko eta itxaropen handiko elizgizona izanik, errieta gogorra jasan zuen andereño zaharrei begiak behar adina ez irekitzeagatik; "orraztu ederra eman zioten tonsuran", horrelakorik esatea zilegi bada.

        Bilera jauretxeko erdiko aretoan zen, tximinoak eta papagaiak zituen hartan. Concetta andereñoa eta, eskubian, Bikario Jauna hogeita hamar urte lehenago erositako diban batean eserita zeuden; oihala urdin iluna zuen, gorria ertzetan, eta dexente desentonatzen zuen tapizeria baliotsuaren kolore ajatuekin; dibanaren alboetan, antzeko beste bi besaulki zeuden, eta haietan Carolina andereñoa eta jesulagunetako bat, aita Corti; bestalde, Caterina andereñoa, hankak perlesiak jota zituenez gero, gurpil-aulki batean zegoen, eta beste elizgizonei aukera bakarra geratu zitzaien: tapizeriako zeta berberaz forratutako aulki batzuk, mundu guztiari besaulki inbidiatuak baino balio gutxiagokoak iruditu zitzaizkionak.

        Hiru ahizpek hirurogeita hamarna urte zituzten, gutxi gorabehera, eta Concetta ez zen zaharrena, baina hasieran aipatu dugun nagusitasuna lortzeko borroka hura kontrakoen debellatio deitzen denarekin amaitu zenez gero, aspaldi amaitu ere, inori ez zitzaiokeen bururatuko eztabaidan jartzea hari zegokiola etxeko nagusiaren maila. Artean edertasun iragan baten hondarrak geratzen zitzaizkion: lodia eta itzal handikoa bere moire beltzeko soineko serioarekin, motots batean bildua zeraman bere ile zuri-zuria, bekoki ia zimurrik gabea agirian utziz; horrek, sudur gaineko arrenkurazko kuzkurdura batekin eta begietako harrotasunarekin batera, agintedun itxura ematen zion, inperiala ia. Hainbesteraino eman ere, non bere iloba batek, batek jakin zein liburutan zarina ospetsu baten erretratua begiztatu ondoren, La Grande Catherine deitzen baitzion ezkutuan, deituera ezegokia eta, gainera, Concettaren bizitzaren garbitasuna eta ilobak Errusiako historiaz zeukan ezjakintasuna kontutan harturik, guztiz kalterik gabekoa, azken finean.

        Ordubete bazen hizketan ari zirela, kafea hartua zuten eta berandu egiten ari zen; Bikario Jaunak bere argudioak laburbildu zituen.

        — Kardinaleak, aita baten gogoaz, pribatuan ospatzen den kultua Eliza Ama Santuaren erriturik garbienen araberakoa izan dadin nahi du, eta horrexegatik, zuen kaperari eskaintzen dio bere artzainardura lehendabizikoen artean, ongi baitaki zuen etxeak argi egiten duela, argi-dorre baten antzera, Palermoko laikoen gainean, eta, orobat, objetu adoratuen dudaezintasunetik, bai zuentzat, bai arima fededun guztientzat ere, are onura handiagoa irten dadin desio du.

        Concetta isilik zegoen, baina Carolinak, ahizpa nagusiak, leher egin zuen.

        — Orain akusatuak bagina bezala agertu beharko dugu gure ezagunen aurrean; barkatu, Bikario Jauna, baina gure kapera ikuskatzea Kardinalearen burutik pasatu ere beharko ez zukeen gauza da. Bikario Jaunak irribarrez entzuten zion.

        — Andereño, ez dakizu zeinen atsegina den nire begien aurrean zure bihotzikara: fede lafioaren azalpena da, erabatekoa, Elizaren, eta, ezbairik gabe, Jesukristo Gure Jaunaren gogokoa, zeharo; eta fede hori areago loratzeko eta garbitzeko asmoz bakarrik gomendatu ditu Aitasantuak ikuskapen hauek; gainera, mundu katoliko guztian betetzen ari dira azken hilabeteotan.

        Aitasantuari buruzko aipamenik egitea ez zen oso egokia izan, egia esanda; izan ere, Carolina erlijio-egiak Aitasantuak baino sakonkiago ezagutzen dituztela uste duten katoliko horietakoa zen, eta lehendik ere suminduta zegoen Pio Karen berrikuntza epel batzuekin, bigarren mailako aginduzko jaiegun batzuk kendu izanarekin, batez ere.

        — Aitasantu honek bere kontuez arduratu beharko luke; hobe egingo luke.

        Eta urrutiegi joan ez ote zen zalantza sortu zitzaionez gero, aitaren egin eta Gloria Patri bat murmuriatu zuen.

        Concettak hartu zuen hitza.

        — Kontuz, Carolina, ez ezazu esan pentsatzen ez duzun gauzarik. Nolako ustea aterako du guri buruz hemen dagoen Bikario Jaunak?

        Berau, egia esateko, lehen baino irribarretsuago ageri zen; ideia zorrotzekin eta argirik gabeko praktikekin zahartutako neskato baten aurrean zegoela bakarrik pentsatzen zuen. Eta, bihotz onez, barkatu egiten zion.

        — Hiru emakume santuren aurrean dagoela uste du Bikario Jaunak —esan zuen.

        Aita Cortik, jesulagunak, tentsioa arindu nahi izan zuen.

        — Bikario Jauna, berorren hitzak hobekien egiazta ditzaketenetako bat naiz. Aita Pirronek, ezagutu zuten guztiek bihotzean daukate haren oroitzapena, askotan esaten zidan, ni nobizio nintzela, nolako giro santuan hazi ziren andereñoak; gainera, Salina izenak aski izan behar luke guztiaren kontu emateko.

        Bikario Jaunak muinera heldu nahi zuen.

        — Beraz, Concetta andereñoa, orain dena argi dagoenez gero, kapera bisitatu nahi nuke, lizentzia ematen badidazue, Kardinalea prestatu ahal izateko bihar goizean ikusiko dituen fedezko mirarietarako.

       

        Fabrizio printzearen garaian, jauretxean ez zegoen kaperarik; familia osoa elizara joan ohi zen jaiegunetan, eta aita Pirronek ere bide puska on bat egin behar izaten zuen goizero meza emateko. Don Fabrizio hil eta gero, ordea, kontatzen gogaikarriak izango liratekeen heredentzia-gorabehera batzuk zirela medio, jauretxearen jabe bakar hiru ahizpak bihurtu zirenean, bertan beren otoilekua eraikitzea pentsatu zuten segituan. Horretarako, aparte samarreko saloitxo bat aukeratu zuten, basilika erromatar bat gogoratzen baitzuen, nola edo hala, paretetan sartutako sasi-marmolezko bere zutabeekin; sabai erditik pintura mitologiko desegoki bat karrakatuz kendu eta aldare bat atondu zen. Eta horrela, dena konponduta.

        Bikario Jauna sartu zenean, arratsaldeko eguzkiak argitzen zuen kapera, eta, aldare gainean, argiz beterik zegoen andereñoek guztiz adoratzen zuten koadroa; Cremonako tankerara eginiko pintura bat zen, eta neskatila argal bat azaltzen zuen, nahiko atsegingarria, begiak zerurantz zituena, eta ile beltzaran biguina nahaspila politean sakabanaturik sorbalda erdibiluzien gainean; eskubian gutun lardaskatu bat zeukan. Irrikaz beterik zain dagoenaren aurpegikera zuen, bai eta nolabaiteko alaitasuna ere bere begi argi-argietan dizdizka; bere atzean, Lombardiako paisaia ezti berde bat ageri zen. Ez zegoen Jesus Haurrik, ezta koroarik, ez sugerik, ez izarrik, hau da, Mariaren irudiari lagun egiten dioten sinbolo horietako bakar bat ere; pintoreak, nonbait, hobe beharrez uste zuen birjinaurpegia aski izango zela nor zen jakiteko. Bikario Jauna hurbildu, aldareko harmailetako bat igo eta, aitaren egin gabe, koadroari begira geratu zen zenbait minutuz, mirespen irribarretsua agertuz, artekritikari bat balitz bezala. Haren atzean, ahizpak gurutzearen seinalea egin eta Ave Maria murmuriatzen ari ziren.

        Gero, prelatua harmaila jaitsi eta bueltatu egin zen.

        — Pintura ederra —esan zuen—, oso adierazkorra.

        — Mirarizko irudi bat da, Bikario Jauna, oso mirarizkoa! —azaldu zuen Caterinak, gaixo koitaduak, bere tortura-tresna ibiltaritik gorputza aurreratuz—. Zenbat mirari egin dituen!

        Carolinak jarraitu zion.

        — Gutuna duen Amabirjina agertzen du. Amabirjina Eskutitz Santua ematear dago, eta babesa eskatzen dio bere Jainkozko Semeari Messinako herriarentzat; loria handiz emandako babesa, duela bi urteko lurrikara gertatu zenean izandako mirari ugariekin ikusi zen bezala.

        — Pintura ederra, andereño; edozer dela ere agertzen duena, koadro ederra da eta zaindu beharra dago.

        Gero erlikien aldera bueltatu zen; hirurogeita hamalau zeuden, eta mukururaino betetzen zituzten aldarearen alboko bi paretak. Marko banatan sarturik zeuden, eta txartel bana zeukaten, zer ziren zehazten zuena eta egiazkotasun-dokumentazioari buruzko zenbaki bana zituena. Bestalde, dokumentuak berak, haietako asko tamaina handikoak eta zigiluz josiak, damaskoz forratutako kaxa baten barrean gordeta zeuden, txoko batean. Bazeuden zilar landuz eginiko markuak, zilar leunduz eginak, kobrezko eta koralezko markuak, kareizko markuak; bazeuden zilar-harizkoak, egur preziatuz egindakoak, ezpelez egindakoak, tertziopelo gorrizkoak eta urdinezkoak; handiak eta nimiñoak, oktogonalak, karratuak, biribilak, obalak; fortuna oso bat balio zuten markuak, eta edozein dendatan saltzen ziren markuak ere; denak nahas-mahasean arima elizkoi haientzat, naturaz gaindiko altxorren zaindari izateko beren betebehar erlijiosoak goralduta.

        Carolina izan zen bilduma horren egiazko sortzailea; berak ezagutu zuen donna Rosa, atso lodi-lodi bat, erdi monja, harreman onak zituena Palermoko eta ingúruetako eliza guztiekin, komentu guztiekin eta erruki-ekintza guztiekin. Bi hilabetez behin, donna Rosak santu-erlikia bana eramaten zuen Villa Salinara, zeta-paperez bilduta. Esaten zuenez, parrokia behartsuren batetik edota gainbeheran zegoen etxeren batetik eskuratzea lortzen zuen. Zuhurtasun ulergarri eta, are gehiago, txalogarriagatik, saltzailearen izena ez zen inoiz ezagutzera ematen; bestalde, emakumeak inoiz hutsik egin gabe eramaten zituen egiazkotasun-frogak eguzkia bezain argiak izaten ziren beti, latinez edota, bere esanetan, grekoak edo siriarrak ziren hizki misteriotsu batzuez idatzita baitzeuden. Concetta izanik administratzaile eta diruzaina, berak ordaintzen zuen. Gero markuak bilatu eta moldatzeari ekingo zioten. Eta berriz ere Concettak ordainduko zuen, izutu gabe. Halako batean, urte pare batez, bilduma osatzeko grina Carolinareñ eta Caterinaren ametsak ere asaldatzera iritsi zen: goizean elkarri kontatzen zizkioten aurkikuntza miragarriei buruzko beren ametsak, eta haiek benetan gertatzea espero zuten; eta, batzuetan, halaxe gertatzen zen, amets horiek donna Rosari jakinarazi eta gero. Concettaren ametsak, aldiz, ez zituen inork ezagutzen. Gero, donna Rosa hil egin zen, eta erlikien etorrera ia erabat eten zen; gainera, nahikoa eta gehiago ere bazeukaten ordurako.

        Bikario Jaunak arreta gehiegirik gabe begiratu zituen begietatik hurbilen zituen markuak.

        — Altxorrak —zioen—, egiazko altxorrak; zeinen marku ederrak!

        Gero, apaingarri ederrengatik poztuz (Danteren hitzak erabili zituen) eta biharamunean Kardinalearekin itzuliko zela aginduz («Bai, bederatziak jotzean»), belaunikatu eta aitaren egin zuen, alboko paret batean eskegitako Pompeiko Madonna umil batengana zuzenduta; gero, kaperatik irten zen. Laster, aulkiak kapeluen alargun gelditu ziren, eta elizgizonak Artzapezpikutegiaren karrozetara igo ziren, hauek, beren zaldi beltzekin, patioan zain egon ondoren.

        Bikario Jaunak bere karrozan eraman nahi izan zuen kapilaua, aita Titta, eta berau biziki poztu zen goramendu horrekin. Zalgurdiak abiatu ziren; Bikario Jauna isilik zegoen; Villa Falconeri aberatsaren aldamenetik igaro ziren; bere bugainbilea, loran, bikain zaindutako lilitegiko harresitik kanpora hedatzen zen; Palermorantz jaisten zen aldapara iritsi zirenean, laranjondo artetik, Bikario Jaunak hitz egin zuen.

        — Orduan, aita Titta, barrena eduki duzu hainbat urtez Sakrifizio Santua neska horren koadroaren aurrean ospatzeko? Maitalearen gutuna jaso eta haren zain dagoen neska horren aurrean? Ez didazu esango zuk ere ikusten zenuela irudi sakratu bat!

        — Bikario Jauna, erruduna naiz, badakit. Baina ez da erraza Salina andereñoei, Carolina andereñoari, aurre egitea. Berorrek ezin du jakin nolakoa den.

        Bikario Jauna dardarka hasi zen oroitu hutsarekin.

        — Seme, giharrean ikutu duzu, eta aintzat hartuko da hori.

       

        Carolina, bere sumina baretzeko, Chiarari, Napolin ezkonduta bizi zen ahizpari, karta egitera joan zen; Caterina, solasaldi tamalgarriarekin nekatuta, ohean etzan zuten; Concetta bere logela bakartira itzuli zen. Bi aurpegi dituzten gela horietako bat zen —asko izaten dira horrelakoak, edo ia-ia denak, esan liteke—: bata, mozorrotua, bisitari ezjakinari erakusten zaiona; bestea, biluzia, gauzen berri dakienari bakarrik agertzen zaiona, jabeari batez ere, eta beren hutsalkeria salatzen duena. Gela hura eguzkitsua zen, eta lorategi sakonera jotzen zuen; txoko batean, ohe garai bat lau burkorekin —Concettak gaixo zeukan bihotza eta ia eserita egin behar izaten zuen lo—; ez zegoen alfonbrarik, baina bai zoru zuri bat, hori koloreko arabeskoekin, eta dominak gordetzeko altzari zoragarri bat, harri nobleez eta igeltsuz estalitako kajoitxo ugari zituena; idazmahaia, erdiko mahaitxoa eta gainerako altzariak maggiolino tankera probintziano baina kementsu batez eginak ziren, palisandro egurraren gainean anbar kolorez ahalegintsu agertzen ziren ehiztari, zakur eta ehiza irudiekin. Hornigarri haiek zaharkituak iruditzen zitzaizkion Concettari, baita gusturik txarrenekoak ere, baina gaur egun, hura hil zenean enkantean saldu ondoren, merkatal agente aberats batentzat harro egoteko motibua izaten da, "bere andreak" emakumezko adiskide bekaiztiei cocktail bat eskaintzen dienean. Hormetan, aldiz, erretratuak, akuarelak eta irudi sakratuak; dena txukun, dena bere lekuan. Beharbada, bi gauza egon zitezkeen lekuz kanpo: ohearen kontrako txokoan, pilatuta, berdez pintaturiko egurrezko lau kaxa oso handi, bakoitza kandadu lodi banarekin; eta haien aurrean, lurrean, larru higatu bat. Bisitari ezjakinari, gelatxo hark irribarre bat aterako zion, gehienez ere, hain nabarmen agertzen ziren-eta bertan emakume zahar ezkongabe baten zintzotasuna eta ardura.

        Aldiz, ulertzen zekienarentzat, Concettarentzat, oroitzapen momifikatuz beteriko infernu bat zen gela hura. Lau kaxa berdeek brusak eta oherako atorrak, batak, burko-azalak eta izarak zeuzkaten, arreta handiz "onak" eta "arruntak" bezala banatuak: Concettaren arrioa, berrogeita hamar urte lehenago alferrik prestatua. Giltzarrapo haiek ez ziren behin ere irekitzen, kanpora deabru desegoki batzuk irtengo ote ziren beldurrez, eta Palermoko aldeorotako hezetasunarekin arropa horitu eta desegin egiten zen, alferrekoa betiko eta nornahirentzat. Erretratuak jadanik maite ez zituen hildako batzuenak ziren; argazkiak, aldiz, bizi zirenean bera zauritu eta, horrexegatik bakarrik, hil ondoren ahazten ez zituen lagun batzuenak; akuareletan, hainbat etxe eta leku agertzen ziren, gehienak iloba etxekalteek salduak edo, are gehiago, harrika botatakoak. Hormetako santuak beldurra eragin bai, baina funtsean jadanik inork aintzat hartzen ez dituen mamuak bezalakoak ziren. Ongi begiratuz gero, pipiak jotako larru hartan bi belarritxo tente, egur beltzezko mutur bat eta kristal horiko bi begi harritu ikusiko ziren: Bendicó zen, berrogeita bost urte lehenago hila, berrogeita bost urte lehenago disekatua, armiarma-sare eta pipien kabi bihurtua, zerbitzariek gorrotatua, hamaika urte baitzeramaten larru hura zabortegira eramateko eskatzen; baina Concettak beti ezetz: ez zuen urrundu nahi sentsazio samingarririk pizten ez zion iraganeko oroitzapen bakarretik.

        Baina egun hartako sentsazio samingarriak —halako adin batean, egunero puntu-puntuan agertzen da norberaren samina— orainaldiari buruzkoak ziren denak. Carolinak bezain gogo beroa ez zuenez gero eta Caterina bezain sentibera ez izanik, Concettak ongi ulertu zuen Bikario Jaunaren bisitaren esanahia, eta nolako ondorioak izango zituen aurrikusten zuen: hots, erlikia guztiak edo ia guztiak kendu, aldare gaineko koadroaren lekuan beste bat jarri, eta, beharbada, kapera berriro sagaratu beharra. Berak inoiz ez zuen gehiegi sinestu erlikia haien egiazkotasunean, eta berari interesatu ez arren, umeak bakean edukitzeko balio duten jostailuak erosten dituen aita baten axolagabetasunaz ordaindu zituen. Objetu haiek handik kendu beharrak ez zion axola; baina bazegoen zirikatzen zuen zerbait, egun hartako eztenkada: alegia, nolako irudi txarra emango zuen Salina etxeak eliz agintarien aurrean eta, handik gutxira, hiri osoaren aurrean ere; Elizaren zuhurtasuna Sizilian aurki zitekeen handiena zen, baina horrek ez zuen ezer askorik esan nahi. Hilabete bat, bi hilabete barru, dena zabaldu egingo zen, irla honetan dena zabaltzen den bezala; izan ere, Siziliaren sinboloa Trinacria-k baino areago, Siracusako Dionisoren Belarriak izan beharko zukeen, hasperenik txikienaren oihartzuna ematen baitu berrogeita hamar metroko erradioan. Eta berak oso aintzat hartua zuen beti Elizaren oniritzia. Abizenaren ospea ezarian-ezarian itzaliz joan zen, berez. Ondarea, behin eta berriro banatua, maila txikiagoko beste familia batzuen paretsu zegoen, kasurik onenean, eta industri-gizon aberats porrokatu batzuena baino askoz ere txikiagoa zen; baina Elizan, harekiko harremanetan, Salinatarrek eutsi egin zioten beren gorentasunari; ikustekoa zen nolako harrera egiten zien Kardinaleak hiru ahizpei, Gabonetan bisita egitera joaten zitzaizkionean! Baina, orain?

       

        Neskame bat sartu zen.

        — Andre Goren hori, Printzesa iritsi da. Automobila patioan dago.

        Concettak zutitu, ilea txukundu, enkaje beltzezko txal bat jarri sorbaldan eta bere begirada inperiala hartu zuen berriro; harreragelara iritsi zen, Angelicak kanpoko eskaileretako azken mailatxoak igotzen zituen bitartean. Zain handituak zituen, eta hankak, beti laburtxoegiak izan zituenez gero, nekez moldatzen ziren hari eusteko; horregatik, bere otseinaren besoari helduta igotzen zen, otseinaren gaban beltzaren barrenak harmailak garbitzen zituen bitartean.

        — Concetta maitea!

        — Angelica nerea! Aspaldiko!

        Azken bisitaz gero bost egun besterik ez ziren igaro, zehazki esanda, baina hainbesterainokoa izanik bi lehengusinen arteko mamitasuna —handik oso urte gutxitara italiarrak eta austriarrak elkarren ondoko trintxeretan batuko zituenaren antzekoa, bai hurbiltasunagatik, bai sentimenduengatik—, bost egun egiatan asko zirela esan zitekeen.

        Hirurogeita hamar urte izateko gutxi falta zitzaion arren, Angelicaren baitan bere edertasunaren oroigarri ugari aurkitzen ziren, artean ere; azpijanean zeukan ordurako handik hiru urtera hezurzaku errukarri bat izatera eramango zuen gaixotasuna, baina odolaren sakonean ezkutaturik; bere begi berdeak garai batekoak ziren, urteek zertxobait lausotuta egotea bakarrik; eta lepoko zimurrak gordeak zituen, hiru urte lehenago alargunduta, nostalgikoa irudi zezakeen koketeriaz janzten zuen capote baten xingola beltz leunen azpian.

        — Arrazoia duzu —esaten zion Concettari, besotik helduta saloitxo baterantz zihoazela—; arrazoia duzu, baina I Mille-en berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko egitera doazen jai hauekin ez dago ezertarako astirik. Pentsa! Duela hiru egun, Ohorezko Batzordeko partaide izateko deituko zidatela jakinerazi zidaten; gure Tancredi zenaren omenaldi gisa, jakina, baina nolako lana niretzat! Italiako alde orotatik etorriko dira bizirik dirautenak, eta horiei aterpea emateaz nik arduratu behar; tribunetarako gonbidapenak antolatu behar ditut inor ez mintzeko moduan, eta gainera ahalegindu irlako udal guztietako alkateen atxekipena lortzen. Eta, alkateak aipatu ditudanez, maitea, Salinako alkatea elizkoia da eta uko egin dio desfilean parte hartzeari; horrela, zure ilobaz gogoratu naiz berehala, Fabrizioz: bisita egitera etorri zitzaidan eta, horra!, ez nion alde egiten utzi; ezin izan zidan ezetzik esan, eta horrela hil bukaeran longaina jantzita desfilatzen ikusiko dugu Via Libertà-n, letra handiz Salina izena daraman kartel polit batekin. Ez al zaizu kolpe ona iruditzen? Salinatar batek omenaldia egingo dio Garibaldiri; Sizilia zaharra eta berria bat egingo dira horrela. Zutaz ere gogoratu naiz, Concetta maitea; hemen duzu ohorezko tribunarako gonbidapena, tribuna errealaren eskubitara, hain zuzen.

        Eta Parisko poltsatik txartel garibaldizale-gorri bat atera zuen, Tancredik denbora batez alkandora-lepoaren inguruan eraman zuen zetazko zintaren kolore berekoa.

        — Carolina eta Caterina ez dira pozik egongo —jarraitu zuen esaten, bere iritzia inposatuz—, baina leku bat baino ez neukan; gainera, haiek baino eskubide gehiago duzu, zeu zinen Tancredi gurearen lehengusinarik maiteena.

        Asko hitz egiten zuen, eta ondo; Tancredirekin bizitzen igarotako berrogei urteek, elkarbizitza iskanbilatsu eta eten baina behar bezain luzeak, aspalditik ezabatu zituzten, azken arrastoetaraino ezabatu ere, Donnafugatako hizkera eta jokamoldeak; hainbesteraino mimetizatu zen Tancredirekin, non hark egin ohi zuen eskujoko atsegin berbera egiten baitzuen, eskuak gurutzatuz eta bihurrituz. Asko irakurtzen zuen, eta bere saloitxoko mahaian, France-ren eta Bourget-en libururik berrienak D'Annunzio eta Serao-renekin batera agertzen ziren; eta Palermoko saloitxoetan Loirako gaztelu frantsesen arkitekturari buruzko aditu ospea zeukan, sarri mintzatzen baitzen haiei buruz halako berotasun batez, elkarren kontra jarriz, oharkabean beharbada, haien baretasun errenazentista eta Donnafugatako jauregiaren zorabio barrokoa; azken honi, askatasunik eta artarik gabe igarotako bere haurtzaroaren berri ez zekienarentzat ulertu ezinezko gorrotoa zion.

        — Nik daukadan burua! Ahaztuta nengoen esan behar nizula Tassoni senatorea laster etorriko dela; ostatu eman diot Villa Falconerin eta ezagutu nahi zaitu; Tancredi gaixoaren adiskide mina zen, arma-laguna ere, eta, dirudienez, zutaz hitz egiten zion. Gure Tancredi maitea! Ertzak lerro beltz fin-fin batez bordatuta zituen musuzapiak poltsatik irten eta malko bat txukatu zien begi artean eder haiei.

        Concettak beti ere tartekatzen zuen esaldiren bat Angelicaren ahotsaren etengabeko burrunbadan; Tassoniren izena entzutean, aldiz, isilik geratu zen. Berriz ikusten zuen eszena, urrun-urrun baina argia, alderantziz jarritako katalexu batetik begiratzen denean bezala: mahai zuri handia, eta inguruan hildako haiek guztiak; Tancredi, berarengandik hurbil, hura ere orain desagertua, hala nola bera ere, berez, hilik baitzegoen, bestalde; kontakizun gordina, Angelicaren irribarre histerikoa, bere malkoak, histerikoak haiek ere. Bere bizitzako kinka erabakiorra izan zen hura; orduan hartutako bideak haraino eraman zuen, ez amodioa (ordurako hila), ez arrenkura ere (ordurako itzaldua) gordetzen ez zuen basamortu hartaraino.

        — Jakin dut nolako buruhausteak dauzkazun eliz agintariekin. Gogaikarriak dira, gero! Baina, zergatik ez didazu lehenago jakinarazi? Zer edo zer egin ahal izango nukeen: Kardinaleak oniritzia dit; baina beldur naiz orain ez ote den beranduegi. Nolanahi ere, ahal dudantxoa egingo dut. Gainera, ez da ezer izango.

        Tassoni senatorea, aguretxo oso dotore eta bizia, laster iritsi zen. Bere aberastasuna, handia eta gero eta ugariagoa, etsaitasun eta borroka bidez eskuratua zen, baina horrek ez zuen inondik ere ahuldu, eta bai, aldiz, etengabeko sasoia eman urteen gainetik pasatzeko eta beti kementsu mantentzeko. Garibaldiren Hegoaldeko Armadan zerbitzua ematen egon zen hilabete apurretan sekulan ezabatuko ez zitzaion militar-jokabidea bereganatu zuen; hori, galaitasunarekin batera, aspaldian emakumeekin arrakasta gozo ugari ekarri zizkion baliabide bat izan zen, eta orain, ordea, bere akzioen kopuruari erantsita, zeharo baliagarria zitzaion bankuetako eta algodoi-enpresetako administrazio-batzarrak ikaratzeko; Italia erdiak eta herrialde balkanikoetako askok Tassoni & C. etxeko hariekin josten zituzten botoiak.

        — Andereñoa —esan zion Concettari, haren ondoan esertzen zen bitartean, morroi batentzat egokia zen eta horrexegatik aukeratu zuen aulkitxo apal batean—; andereñoa, nire gaztaro urrun-urruneko amets bat ari da gauzatzen orain. Zenbat aldiz, soldadu nintzela, Volturno ondoan gau hotza aterperik gabe igarotzen genuenean, edota Gaeta setiatuko ezponden inguruan, zenbat aldiz hitz egin zidan zutaz gure Tancredi ahaztezinak! Iruditzen zitzaidan ezagutzen zintudala, egona nintzela etxe honetan, Tancrediren gaztaro menderagaitza ezagutu zuten horma hauen artean! Pozik nago, oso berandu bada ere, nire omenaldia ezar dezakedalako gure Askatasunaren heroirik garbienetako baten kontsolabide izan zenaren oinetan!

        Concetta ez zegoen ohituta haurtzarotik ezagutzen ez zituen pertsonekin solas egiten; halaber, irakurtzalea ere ez zen; hortaz, ez zuen erretorikaren kontra bere burua inmunizatzeko modurik izan, eta harekin liluratu egiten zen, guztiz haren menpe gertatu arte. Hunkituta geratu zen senatorearen hitzekin: ia mende erdi lehenagoko gerla-pasadizoa ahaztu, eta Tassoniren baitan ez zuen ikusi komentu-bortxatzaile bat edo monja gaixo ikaratuen burlatzaile bat, baizik eta Tancrediren aspaldiko adiskide zintzo bat, berataz maitasun handiz hitz egiten zuena eta berari, itzal hari, hildakoaren mezu bat ekartzen ziona, zendutakoek oso gutxitan zeharka ditzaketen paduretan zehar helarazia.

        — Eta zer esaten zizun nitaz nire lehengusu maiteak? —galdetu zuen ahots motelez, zeta beltz eta ile zuriko pila hartan hamazortzi urteko neska berpizten zuen halako herabetasun batez.

        — Ah, gauza asko! Angelica andereaz adina hitz egiten zuen zutaz; hura amodioa zen beretzat; zu, aldiz, adolezentzia samurraren irudia, soldaduontzat hain bizkor igarotzen den adolezentzia horrena.

        Izotzak berriz estutu zuen bihotz zaharra; eta Tassoni ahotsa altxatu eta Angelicari mintzo zitzaion.

        — Gogoan al du, Printzesa, zer esan zigun berak orain hamar une Vienan? —Concettarengana bueltatu zen berriro, azalpenak emateko—. Merkataritza-itunerako joan nintzen Italiako ordezkaritzarekin; Tancredik enbaxadan eman zidan ostatu bere lagun eta kamarada bihotz handiarekin, jaun handi bati dagokion bezalako kortesiaz. Beharbada, hunkituta zegoen hiri arerio hartan armalagun bat berrikustearekin; zenbat gauza kontatu zizkigun orduan bere iraganaz! Operako palko-atze batean, Don Giovanni-ren bi ekitaldiren artean, bere paregabeko ironiaz kontatu zigun bekatu bat, bere bekatu barkaezin bat, berak esan ohi zuen bezala, berorren kontrakoa; bai, andereño, berorren kontrakoa —une batez eten zuen mintzoa, ustekaberako prestatzeko astia uztearren—. Bada, han kontatu zigun nola gau batean, Donnafugatan eginiko afari batean, gezur bat asmatu eta berorri kontatzeko ausardia izan zuen, gerraren inguruko asmakeria bat, Palermoko borrokaldiei buruzkoa, tartean neroni ere naliastuz; bai eta nola berori sinestu eta mindu ere egin zen, kontatutako pasadizoa ausart samarra zelako, duela berrogeita hamar urteko iritziaren arabera. Berorrek errieta egin omen zion. «Hain zoragarri zegoen —esan ohi zuen— bere begi haserretuekin niri begira, eta ezpainak, suminaren suminez, grazia handiz puzten zitzaizkion, txakurtxo batenak balira bezala; hain zoragarria!; neure buruari gogor egin izan ez banio, bertan besarkatu egingo nukeen, hogei pertsonaren eta nire osaba izugarriaren aurrean.» Berorrek ahaztua izango du, andereño; baina Tancredik ondo gogoratzen zuen, halako bihotz sentibera zeukan; ondo gogoratzen zuen, baita ere, donna Angelica lehen aldiz ikusi zuen egunean egin zuelako okerkeria hura, hain zuzen.

        Eta printzesaren aldera omenaldi-keinu bat egin zuen, eskubiko eskua jaitsiaz, Erreinuko Senatoreen artean bakarrik bizirik zirauen tradizio goldoniarrari jarraituz.

        Solasaldia apur bat gehiago luzatu zen baina ezin esan daiteke Concettak parte handirik hartu zuenik. Ustekabeko adierazpena poliki sartu zen bere gogoan, eta hasieran ez zion oinaze handiegirik eman. Baina bisitariek agurtu eta alde egin ondoren bera bakarrik geratu zenean, argiago ikusten hasi zen eta, beraz, gehiago sufritzen. Urteak ziren exorzizatuta zeudela iraganeko mamuak; jakina, alde orotan zeuden ezkutaturik, eta haiengatik iruditzen zitzaion mingotsa janaria, aspergarriak lagunak; baina haien egiazko aurpegia aspalditik ez zen agertzen; orain berriz azaltzen ziren, konpondu ezinezko ezbeharren barregarritasun goibeltsuan bildurik. Noski, zentzurik gabea izango litzateke esatea Concettak artean ere maite zuela Tancredi; maitasunaren betierekotasunak une gutxiz irauten du, ez berrogeita hamar urtez; baina hala nola nafarreria berrogeita hamar une lehenagotik sendatua duen pertsona batek, gaitzak eragindako pairamena ahaztuta eduki arren, aurpegian oraindik pikatu-arrastoak baititu, berak ere bazituen bere orduko bizitza zapalduan etsipen ia historiko baten orbainak; hainbesteraino historikoa, gainera, non ofizialki ospatzen baitzen urteurrena. Baina egun hartara arte, oso noizean behin pentsatzen zuenean Donnafugatan uda urrun hartan gertatu zenaz, bazituen euskarri batzuk: martirio bat jasan edo makurkeria bat nozitu zuelako nolabaiteko sentsazio bat, bera sakrifikatu zuen aita harekiko samina edo beste hildako harenganako sentimendu estugarria; orain, ordea, etsipen haren ondorioz bere pentsaera osoa hezurmamitu zuten sentimendu haiek ere suntsitu egiten ziren; ez zuen etsairik izan, aurkari bat besterik ez: bere burua; bere zuhurtziarik ezak hil zuen bere etorkizuna, Salinatarren amorru-oldarrak. Eta oraintxe falta zuen, hain zuzen ere hainbat eta hainbat urteren ondoren oroitzapenak berpizten zirenean, bere zoritxarra inori leporatu ahal izateko kontsolabidea, etsituen azken zora-edari engainagarria den kontsolabidea.

        Gauzak Tassonik esan bezalakoak baziren, orduan ergelkeria hutsa izan zen aitaren erretratuaren aurrean gorrotoa dastatzen ordu luzeak igaro izana eta Tancredi ere gorrotatu beharrik ez izatearren haren argazki guztiak ezkutatu izana ere; are okerrago, bidegabekeria ankerra izan zen. Eta sufritu egin zuen gogoratzean Tancredik nolako ahots beroaz, nolako eske-doinuz erregutu zion osabari komentura sartzen uzteko; berarenganako amodio-hitzak izan ziren haiek, hitz ulertu gabeak, bere harrokeriak eta gogortasunak uxatuta, buztana hanka artean ihes egin zutenak, txakurtxo makilkatuen antzera. Bere izatearen denboragabeko hondotik halako min beltz bat atera zen bera osorik lohitzera, egiaren azalpen haren aurrean.

        Baina, hura al zen egia? Inon ere ez du egiak bizitza laburragorik Sizilian baino: zerbait gertatu da duela bost minutu, eta jadanik bere jatorrizko muina desagertu, bestelakotu, edertu, itxuragabetu, zapaldu edo deuseztu egiten dute irudimenak edota interesek; lotsak, beldurrak, bihotz-zabaltasunak, gaizkinahiak, probetxuzalekeriak, errukiak, grina on zein txar guztiek gertatuaren gainera oldartu eta txiki-txiki egiten dute. Berandu gabe desagertzen da. Eta Concetta dohakabeak egia aurkitu nahi zien mende erdi bat lehenago adieraziak ez, baizik eta erdizka somatuak izan ziren sentimendu batzuei! Egiarik ez zegoen orduko; haren dudagarritasunaren lekuan, bihozminaren ukaezintasuna baino ez zegoen.

        Bien bitartean, Angelica eta Senatorea Villa Falconerirako bide laburra egiten ari ziren. Tassoni kezkatuta zegoen.

        — Angelica —esan zuen; amodio-harreman motz bat izan zuen berarekin orduan berrogeita hamar urte, eta ez zuen galdu izara pare beraren arteko ordu apurrek emandako intimitate berezi hori—, beldur naiz ez ote dudan nolabait mindu zure lehengusina; ez al zara konturatu zeinen isilik zegoen bisitaren bukaeran? Pena izango nuke, andre zoragarria da.

        — Zalantzarik gabe mindu duzu, Vittorio —esan zuen Angelicak, jeloskortasun bikoitz baina irudipen hutseko batek saminduta—; Tancredirekin eroki maiteminduta zegoen, baina Tancredik ez zion inoiz jaramonik egin.

        Eta horrela beste lur-palakada bat erori zen egiaren hobian.

       

        Palermoko Kardinalea gizon santua zen benetan, eta gure artetik aspaldi joan zen arren, bizirik daude oraindik haren karitatearen eta fedearen oroitzapenak. Bizi zen bitartean, ostera, gauzak bestelakoak ziren: ez zen siziliarra, ez zen hegoaldetarra ere edo erromatarra, eta, beraz, iparraldeko gizon haren ahaleginak urte asko lehenago zuzendu ziren orohar Siziliako eta, bereziki, kleroaren izpiritualtasunaren ore geldi-astunari legamia eranstera. Bere herriko bizpahiru idazkarik lagunduta, lehen urteetan uste izan zuen gehiegikeriak zuzen zitezkeela eta behaztopa-harririk nabarmenenak bidetik kendu. Baina usteak alderdia ustel; laster konturatu behar izan zuen algodoi-fardel bati tiro egitea bezala zela: milaka zuntzek, elkar hartuta, berehala betetzen dute egindako zuloa, eta lehen bezalaxe geratzen da dena, baina hor daude bolboraren kostua, materialaren hondamena eta alferreko ahalegin barregarria. Garai haietan siziliarren izaerako zernahi aldatu nahi zuten guztiek bezala, tentel ospea bereganatu zuen laster (nahiko ospe zuzena, giro hartako zer-nolakoak kontutan izanez gero); erruki-ekintza pasiboak egitearekin konformatu behar izan zuen, bai eta horrela bere ospea are gehiago galdu ere, baldin eta ekintza horiek nekerik txikiena eskatzen bazieten onuradunei, laguntzak jasotzearren Artzapezpiku Jauregira joatea, esate baterako.

        Hortaz, maiatzaren hamalauko goizean Villa Salinara hurbildu zen prelatu zaharra gizon zintzo baina etsitua zen, azkenik erdeinuzko urrikalmendua baino ez zen halako jarrera bat (inoiz, bidegabekoa, halere) zeukana bere elizbarrutikoekin; jarrera horrek bultzaturik, jokaera zakar eta zorrotza edukitzen zuen, gero eta gehiago bultzatzen zutena axolagabekeriaren padurara.

        Hiru Salina ahizpak, dakigunez, biziki minduta zeuden beren kaperari egin beharreko ikuskapenarekin; baina, ume-arimak eta, nola ez, emakume-arimak zeuzkatenez gero, horrek zekartzan bigarren mailako baina ukatu ezinezko satisfazioak ere dastatzen zituzten: alegia, haien etxean Elizako Printze bat edukitzea, berari Salina etxearen aberastasuna (haiei artean ere fede onez ukitugabe iruditzen zitzaiena) erakutsi ahal izatea eta, batez ere, ordu erdiz beren etxean ibiltzen ikusi ahal izatea nolabaiteko hegazti gorri arranditsu bat, eta haren purpura desberdinen tonu armoniatsuak eta zeta astun-astunen nabardurak mirestu ahal izatea. Gaixo haiek, hala ere, azken itxaropen apal horrekin ere etsi behar izango zuten: haiek kanpoko eskaileren behealdera jaitsi eta zalgurditik Bere Eminentzia irten zenean, arropa arruntekin jantzita zegoela ikusi zuten: sotana beltzaren gainean, botoitxo txiki-txiki purpura batzuek bakarrik salatzen zuten haren goi-goiko gradua; aurpegiko zintzotasun irainduaz aparte, kardinaleak ez zeukan Donnafugatako erretoreak baino gorentasun itxura handiagorik. Gizabidetsu baina hotza izan zen, eta jakintza handiegiz nahastuta jakin zuen erakusten Salina etxearekiko eta andereñoen bertute pertsonalekiko begirunea eta haien zozokeria eta debozio itxurazalearekiko mespretxua; ez zien hitzik erantzun zeharkatu zituzten saloietako altzarien edertasunaz Bikario Jaunak eginiko goraipamenei; uko egin zion prestatutako freskagarri dotoretik ezertxo ere hartzeari («Eskerrik asko, andereño, ur pixka bat besterik ez: gaur nire Santu Zaindariaren festa-bezpera da.), eta eseri ere ez zen egin. Kaperara abiatu, une batez belaunikatu Pompeiko Amabirjinaren aurrean, eta presaka ikuskatu zituen erlikiak. Alabaina, artzain baten samurtasunaz bedeinkatu zituen etxe-sarreran belauniko zeuden etxeko andreak eta mirabeak. Eta gero:

        — Andereño —esan zion Concettari; beronek lorik egin gabe igarotako gau baten arrastoak zituen begitartean—, hiruzpalau egunez ezingo da elizkizun santurik egin kaperan; baina berriz ere sagaratzeko egin beharrekoak ahalik eta lasterren eginarazteaz arduratuko naiz. Nire iritziz, Pompeiko Amabirjinaren irudiak duintasunez beteko du aldare gaineko koadroaren lekua; berau, bestalde, zuen saloiak zeharkatzean mirestu ditudan artelanekin batera jarri ahal izango da. Erlikiei dagokienez, On Pacchiotti utziko dut hemen, nire idazkari eta apaiz guztiz aditua; berak dokumentuak aztertu eta jakinaraziko dizue bere ikerlanaren emaitza; erabakitzen duen guztia neronek erabaki banu bezala izango da.

        Onberatasunez guztiei eraztunari musu ematen utzi, eta, astun, zalgurdira igo zen bere jarraigo txikiarekin.

        Karrozak Falconeriko errebueltara iritsi gabe ere Carolinak, matrailak gogortuz, begietatik gezi-jaurtika, «Nire ustez Aitasantu hau turkoa da» bota zuen eta Caterinari eter sulfurikoa eman zioten arnasteko. Concetta On Pacchiottirekin hizketan geratu zen, lasai; apaizak, azkenik, kikara bat kafe eta babà bat onartu zituen.

        Gero, apaiza dokumentu-kaxako giltzak uzteko esan, barkatzeko eskatu eta kaperara erretiratu zen, lehenago bere poltsa batetik mailu txiki bat, zerra txiki bat, destorniladore bat, lupa bat eta lapitz pare bat aterata. Vaticanoko Paleografia Eskolako ikasle izan zen eta, gainera, Piamontekoa zen: bere lana luzea eta arretaz egina izan zen; kaperako sarrera aurretik pasatzen ziren zerbitzariek mailukada arinak, torloju-kirrinkak eta hasperenak entzuten zituzten. Hiru orduren buruan azaldu zen berriro, sotana hautsez betebetea eta eskuak beltz zituela, baina alai eta bere aurpegi antiojudunean lasaitasuna erakutsiz. Barkamena eskatu zuen, eskuan zumitzezko saski handi bat zeramalako.

        — Inori baimena eskatu gabe hartu dut saski hau baztertzekoak diren gauzak uzteko; jar al dezaket hemen?

        Eta txoko batean kokatu zuen traste hura, paper urratuz, txartelez, eta barrean hezur eta kartilagoak zeuzkaten kaxa txiki batzuez betea.

        — Poz handiz esan dezaket bost erlikia aurkitu ditudala benebenetan antzinakoak eta debozioz adoragarriak izan daitezkeenak. Besteak han daude —esan zuen, saskia seinalatuz—. Esango didazue, andereño horiek, nora joan behar dudan eskuak garbitu eta zepilatzera?

        Bost minuturen buruan azaldu zen berriro: ertzean hari gorrizko Gattopardo bat dantzan zeukan toaila batekin ari zen eskuak lehortzen.

        — Ahaztu dut esatea markuak kaperako mahai gainean utzi ditudala; batzuk benetan ederrak dira —bazihoan—. Egunon dizuela, andereño horiek.

        Baina Caterinak ez zion eskuetan muin eman nahi izan.

        — Eta zer egin behar dugu saskian dagoen horrekin?

        — Zuek nahi duzuena, andereño; gorde, edo zaborrera bota; ez dute inolako baliorik.

        Concettak karroza bat eskatu nahi zuen harentzat.

        — Ez kezkatu, andereño; oratorianoen komentuan bazkalduko dut, hemendik oso gertu dago eta. Ez dut ezer behar.

        Eta bere tresnatxoak berriz ere poltsan sartu ondoren pausu armez alde egin zuen.

       

        Concetta bere gelara erretiratu zen; ez zeukan inolako sentsaziorik: mundu ezagun baina arrotz batean bizi zela iruditzen zitzaion, ordurako bere indar guztia agortua zuen eta forma soilak baino ez zituen mundu batean. Aitaren erretratua zentimetro karratu batzuk oihal besterik ez zen; bere kaxa berdeak zenbait metro kubiko egur. Handik pixka batera gutun bat eraman zioten. Gutunazalak lerro beltz fin bat zuen inguru guztian eta koroa bat erliebean.

        «Concetta maitea: Bere Eminentziaren ikustaldiaren berri jakin dut, eta pozik nago erlikia batzuk salbatu ahal izan direlako. Bikario Jauna gonbidatu nahi dut kapera berriro bedeinkatu ondorengo lehen meza ematera; espero dut onartuko duela. Tassoni senatoreak bihar alde egingo du, eta bon souvenir bat eskatzen dizu. Laster joango naiz zu ikustera; bitartean, bihotz-bihotzez, besarkada bat zuretzat, bai eta Carolinarentzat eta Caterinarentzat ere. Zure Angelica.»

        Ezer sentitu gabe jarraitzen zuen: barneko hutsunea erabatekoa zen; bakar-bakarrik, larru pila hari halako ezinegon-laino bat zerion. Horixe zen egun hartako samina: Bendicó gaixoak ere ekartzen zituen oroitzapen mingotsak. Zintzarriarekin hotsegin zuen.

        — Annetta —esan zuen—, zakur hau pipiak jota eta hautsez beteta dago. Eraman hemendik, bota ezazue.

        Azal huts hura kanpora zeramaten bitartean, beirazko begiek apalki kargu hartuz begiratu zioten, baztertzen diren, ezeztatu nahi diren gauzen antzera. Handik minutu gutxira, Bendicóren hondakin haiek zabor-biltzaileak egunero bisitatzen zuen patio-txoko batera bota zituzten: leihotik beherako hegaldian une batez osatu zen berriro haren forma; bibote luzeko lau-hankadun bat airean dantzan ikusi ahal izango zen, eskubiko aurreko hanka altxatuta, itxuraz biraoka. Gero, bakea aurkitu zuen denak hauts zurbil pila batean.

 

 

© Giuseppe Tomasi di Lampedusa

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giuseppe Tomasi di Lampedusa / Gattopardo" orrialde nagusia