ZAZPIGARREN ZATIA

 

Uztaila, 1883

 

        Don Fabriziok betidanik ezagutzen zuen sentsazio hura. Hamaika urte baziren sentitzen zuela nola beragandik irteten ziren isuri bizigarria eta esistitzeko ahalmena: bizitza, hitz batean esanda, bai eta bizitzen jarraitzeko nahia ere, poliki baina gelditu gabe, hareerloju baten zulo estuaren aurrean pilatzen eta banan-banan, presarik eta etenik gabe erortzen diren hondar aleak bezala. Zereginen batean oso lanpeturik edo arreta handiz ziharduenean, amaigabeko galera sentsazio hori desagertu egiten zen, baina baita berriz azaldu ere, errukirik gabe, isilik edo barnebildurik egon bezain laster, belarriko burrundara atergabe bat edo horma-ordulari baten tiki-taka gailentzen diren bezala gainerako guztia isiltzen denean, eta konturatzen garenean han egon direla beti, erne, guk entzun ez arren ere.

        Gainerako mementu guztietan arreta pittin bat aski izaten zuen ohartzeko arin labantzen ziren hondar aletxoen firfiraz, bere bizitzatik ihes egin eta betirako uzten zuten liparrez. Nolanahi ere, sentsazio horrek ez zion inolako ondoezik eragiten, ez behintzat lehenago; aitzitik, bizitasun-galera ohartezin hori, nolabait esateko, bizirik sentitzeko baldintza zen. Eta bera ohiturik zegoenez kanpoko espazio mugagabeak arakatzera eta bere barneko amildegi zabalzabalak ikertzera, sentsazio horrek ez zuen inola ere atsekabetzen: sentitzen zuen nola bere izatasuna hondoa jotzen ari zen, etengabe, xeheki-xeheki, eta, horrekin batera, nolabait susmatu ere egiten zuen beste norbanakotasun bat Jainkoari eskerrak— ari zela beste nonbait berreraikitzen, ez hain bere buruaren jabea, baina bai zabalagoa. Hondar aletxo haiek ez ziren galtzen, desagertzen ziren, bai, baina masa iraunkorrago bat zimentatzeko metatzen ziren, batek jakin non. Baina masa hitza, hausnartu zuen, ez zen egokia, zerbait astuna adierazten baitzuen; eta hondar aletxoak esatea ere ez, bestalde; gehiago ziren urmael itxi batetik aireratutako lurrun-partikula batzuk, zerurantz igo eta han hodei arin libreak osatzen zituztenak. Batzuetan harritu ere egiten zen bizi-biltegiak artean ere zerbait edukitzeaz, hainbat urtetako galeren ondoren. «Piramide bat bezain handia balitz ere!» Aldiz, beste batzuetan, sarriagotan, harrotu egiten zen, berak bakarrik erreparatzen ziolako etengabeko ihes horri, bere inguruan inork ez zuelako antzekorik sentitzen, antza zenez; eta besteak erdeinatzera iritsia zen horregatik, hala nola soldadu zaharrak erdeinatzen baitu inguruan txistuka igarotzen diren balak eulitzar kaltegabeak direla imajinatzen duen kintoa. Horiek, ordea, auskalo zergatik, aitortzen ez diren gauzak dira; igarri egin behar dute besteek, baina bere inguruko inork ez zituen inoiz igarri: ezta bizitza honen erabat antzeko heriotz-oste batekin (epaile, sukaldari, komentu, erlojugile eta guztikoarekin) amets egiten zuten bere alabetako bakar batek ere; ezta Stellak ere, diabetearekin agortzen ari zen arren, zikoizkeriaz eusten baitzion atsekabezko bizitza honi. Beharbada, Tancredik bakarrik ulertu zuen, une batez, bere ironia mukerraz «Heriotza kortejatzen ari zara, osabatzarra» esan zionean. Orain, kortejamendua amaitua zen: emakume ederrak emana zuen bere baietza, erabakita zegoen ihesaldia, erreserbatuta treneko konpartimendua.

        Izan ere, kontu hori desberdina zen orain, guztiz bestelakoa. Besaulki batean eserita, bere hanka luze-luzeak manta batez estalita zituela, Trinacria ostatuko balkoian, bere baitatik bizitza olatu handiz, presaka irteten zela sentitzen zuen, Rihn-eko urjauziarenarekin gonbara daitekeen arrabots izpiritual bat eginez, gainera. Uztail bukaerako astelehen eguerdi bat zen, eta Palermoko itsasoa, trinkoa, oliotsua, geldia, bere aurrean zabaltzen zen, uste ezin zen bezain geldirik eta nagusiaren mehatxuetarako ikustezin bihurtu nahi lukeen zakur bat bezain apaldua; baina eguzki geldi perpendikularra han goian zegoen, eta errukirik gabe zigortzen zuen. Isiltasuna erabatekoa zen. Argi altu-altuaren azpian, bere baitatik kanporatzen zen bizitzak barnean egiten zuen zarata baino ez zuen aditzen Don Fabriziok.

        Goizez iritsi zen Napolitik, ordu gutxi lehenago; Sémmola irakaslea kontsultatzeko joan zen hara. Bere alaba Concettak, ordurako berrogei urte zituenak, eta Fabrizietto bilobak lagundurik, bidaia goibel hura egin zuen, hileta elizkizun bat bezain motela. Suminduta zegoen portuko iskanbilarekin, bai irtetean bai Napolira iristean ere, kamaroteko usain minarekin eta hiri paranoiko hartako zalaparta etengabearekin; oso ahul daudenen sumina zen, haiek nekatzen eta agortzen dituena, eta aldi berean hide-zorroan bizitzeko urte ugari dituzten kristau zintzoak sumintzen dituena. Lehorretik itzultzeko erabakia hartua zeukan, zuhurtasun gutxiz hartua ere, eta sendagileak gogor egin nahi izan zion; baina berak ez zuen etsi, eta artean hain itzelezkoa zen bere ospearen itzala, non berearekin atera baitzen; ondorioz, hogeita hamasei ordu igaro behar izan zituen kaxa goritu batean sartuta, amets sukartsuen antzera errepikatzen ziren tuneletako keak itota, eguzkiak itsututa errealitate tristeak bezain nabarmenak ziren ageriko tarteetan, eta lotsatuta iloba ikaratuari eskatu behar izan zizkion hamaika fabore umiliagarriekin; paisaia kaltegarriak, mendi-lerro madarikatuak, lautada malariatsu eta nagiak zeharkatzen ari ziren; Calabria eta Basilicatako paisaia haiek barbaroak iruditzen zitzaizkion, nahiz eta, egiatan, Siziliakoak bezalakoxeak izan. Artean, burnibidea amaitu gabe zegoen: bere azken tartean, Reggiotik hurbil, itzulinguru handi bat egiten zuen Metapontotik, iseka gaiztoz Crotone eta Sibari bezalako izen atletiko eta boluptatetsuak zeuzkaten ilargi-paisaietan zehar. Gero, Messinan, Itsasartearen irribarre gezurtia, Peloro aldeko mendiska larrutuek berehala ukatua, eta ondoren, berriro ere itzulinguru bat, epaiketa-atzerapen anker bat bezain luzea; Cataniara jaitsi ziren, Castrogiovannirantz igo; bazirudien lokomotorak, malkar izugarrietatik gora arnaska, zaldi agortu baten antzera lehertu behar zuela; eta, jaitsiera zalapartatsu baten ondoren, Palermora iritsi ziren. Iristean, senitartekoen betiko maskarak, poz-irribarrea pintatuta zeukatela bidaia ongi atera izanagatik. Geltokian zain zituen pertsonen irribarre lasaigarriak berak, haien itxurazko —gaizki itxuratutako— alaitasunak berak jakinerazi zioten Sémmolaren diagnostikoaren egiazko zentzua, berari orokortasun batzuk baino ez baitzizkion esan lasaitzeko; eta orduantxe, trenetik jaitsi eta gero, alargun-arropatan lurperaturiko erraina, irribarrearekin hortzak erakusten zituzten seme-alabak, Tancredi, bere begi izutiekin berari begira, eta Angelica, bere bular helduek teinkaturiko zetazko gerrontzeaz jantzita, besarkatzen zituen bitartean, orduantxe entzun ahal izan zen urjauziaren arrabotsa.

        Seguru aski konortea galdu zuen, ez baitzuen gogoratzen nola iritsi zen zalgurdira; barruan etzanda aurkitu zuen bere burua, hankak gogortuta zituela, eta bere ondoan Tancredi bakarrik. Karroza ez zen mugitu, eta kanpotik senitartekoen berriketa belarriratzen zitzaion.

        — Ez da ezer.

        — Bidaia luzeegia izan da.

        — Bero honekin denok galduko dugu konortea.

        — Jauretxera joanez gero gehiegi nekatuko da.

        Berriro zeharo argi zeukan burua: ohartzen zen Concetta eta Francesco Paolo serio ari zirela hizketan, Tancredi oso dotore zegoela, lauki marroi-grisekiko trajearekin eta kapelu ingeles nabar batekin; eta, orobat, ilobaren irribarrea oraingoan trufazkoa ez zela ere ohartu zen; aitzitik, maitasun malenkoniatsuaz kutsaturik zegoen; eta horrek halako sentsazio gazi-gozo bat eragin zion: ilobak maite zuen, eta bazekien harenak egina zuela, samurtasunak uxatu baitzuen betiko ironia. Karrozak mugitu eta eskubitarantz hartu zuen.

        — Baina, nora goaz, Tancredi?

        Bere ahotsak berak harritu zuen, barruko durundioaren oihartzuna aurkitzen zion.

        — Trinacria ostatura goaz, osabatzarra; nekatuta zaude, eta jauretxea urrun; gau batez atseden hartu eta bihar itzuliko zara etxera. Ez al zaizu zuzena iruditzen?

        — Orduan, goazen gure itsasondoko etxera, hurbilago dago.

        Hori ezinezkoa zen, ordea: etxea antolatu gabe zegoen, ongi zekienez; itsasora begira otordu bakanen bat egiteko hamo ez zuten erabiltzen; ez zegoen ohe bakar bat ere.

        — Ostatuan hobeto egongo zara, osaba; erosotasun guztiak edukiko dituzu.

        Jaioberri bat bezala tratatzen zuten; gainera, jaioberri baten indarra zeukan, eduki ere.

        Sendagile bat izan zen ostatuan aurkitu zuen lehen erosotasuna; presaka deitu zioten, konorterik gabe egon zen bitartean, beharbada. Baina ez zen Cataliotti doktorea, bera beti sendatzen zuena, bere korbata zuriarekin, aurpegi irribarretsuarekin eta bere urrezko antiojo aberatsekin; koitadu bat zen, auzo atsekabetu hartako sendagilea, mila agonia errukarriren lekuko ezindua. Josturak urratuak zituen bere redingote-aren gainean ile zuriz beteriko aurpegi gaixo mehartua zabaitzen zen, gosez hildako intelektual baten aurpegi etsitua; patrikatik katearik gabeko erlojua atera zuenean, urreztadura faltsua lizunak janda zegoela ikusi zen. Bera ere mandabidean tarratada batek hondatutako zahagi pobre bat zen, jakin gaberik azken olio-tantak erortzen uzten zituena. Eskumuturreko taupadak neurtu, kanfor tanta batzuk agindu eta txantxarrak jotako bere hortzak erakutsi zituen lasaigarria izan nahi zuen baina, aldiz, errukia eskatzen zuen irribarre batez; urrats isilekin alde egin zuen.

        Tantoak laster iritsi ziren hurbileko botikatik; on egin zioten; ez zegoen lehen bezain ahulduta, baina ihes egiten zion denboraren oldarrak ez zuen gutxitu bere indarra.

        Don Fabriziok armairuko ispiluan begiratu zion bere buruari; bere burua baino areago bere arropa ezagutu zuen: oso altua, zimeldua, masailak hondoratuta zituela eta bizarra hiru egunekoa; Gabonetan Fabriziettori erregalatzen zizkion Verneren liburuetako irudietan erromes zebiltzan ingeles maniatiko haietako bat zirudien: oso sasoi txarreko Gattopardo bat. Zergatik nahi ote zuen Jainkoak inor bere aurpegiarekin ez hiltzea? Izan ere, mundu guztiari gertatzen zaio hori: aurpegian mozorro bat daukagula hiltzen gara; baita gazteak ere; baita aurpegi lokaztuko soldadu hura ere; haita Paolo ere, aurpegia okertuta eta zanpatuta zeukala espaloitik altxatu zutenean, jendeak, hauts artetik, hera lurrera bota zuen zaldia harrapatu nahi zuen bitartean. Eta zaharra izanik, bere baitan hain indartsua izan bazen ihesi zihoan bizitzaren arrabotsa, nolakoa izango ote zen gorputz gazte gaixo haien biltegi beteen iskanbila, istant batean husten zirenean? Ahal zuen neurrian hautsi nahi izango zukeen derrigorrez mozorrotuta hiltzeko arau hori, baina ezin zuela sentitzen zuen, bizarra mozteko labana altxatzea beste garai batean bere idazmahaia altxatzea bezala izango zela.

        — Bizargin bati deitu behar diogu —esan zion Francesco Paolori. Baina, berehala, «Ez. Joko-arau bat da, gorrotagarria baina nahitaezkoa. Gero moztuko didate bizarra» pentsatu eta ozenki esan zuen: —Ahaztu hori; gero pentsatuko dugu zerbait.

        Bizargina bere gorpu geldiaren gainean makurtuko zela pentsatu arren, ez zen aztoratu.

        Zerbitzaria ur epelez beteriko palangana eta belaki bat ekarriz sartu zen; jaka eta alkandora erantzi eta aurpegia eta eskuak garbitu zizkion, urne bat garbitzen den bezala, hildako bat garbitzen den bezala. Egun t'erdiko burnibideko kedarrak hileta kutsua utzi zion urari. Itotzen ari zen gela baxu hartan: beroaren beroz, usainak harrotu egiten ziren, eta hautsa gaizki kenduta zeukaten peluche-en kiratsa biziagotu; zapaldutako hamaika labezomorroren itzalak haien botika usainarekin azaltzen ziren; gau-mahaitik kanpo, txiza zahar eta desberdinen oroitzapen setatsuek oroitzapen ilunez betetzen zuten gela. Pertsianak igotzeko eskatu zuen: ostatua itzalpean zegoen, baina itsaso metalikoak islaturiko argia itsutzeko modukoa zen; halere, hobe hori, hango presondegi-hatsa baino; balkoira besaulki bat eramateko eskatu zuen; norbaiten besoari heldurik, kanpora arrastatu zen, eta metro pare haren ondoren eseri zenean garai batean mendian sei orduz ehizean ibili ondokoa bezalako lasaitasuna sentitu zuen.

        — Esan guztiei bakean utz nazatela; hobeto nago, baina lo egin nahi dut.

        Logale zegoen, benetan; baina pentsatu zuen bankete irrikatu baten aurrean pastel pusketa bat jatea bezala izango zela orduan ak hartzen uztea. Irribarre egin zuen. «Litxarrero burutsua izan Liz beti.» Eta han geratu zen, kanpoko isiltasun handian, barneko canbila ikaragarrian murgildurik.

        Burua ezkerretarantz mugitu ahal izan zuen: Pellegrino mendiaren ondoan mendi-zirkuluko koska ikusten zen, eta haruntzago bi mendiska; haien magalean zegoen bere etxea, oso urrun, hala iruditzen zitzaion orain, hartara iritsi ezinik baitzegoen. Bere behatokia etorri zitzaion gogora, aurrerantzean hainbat hamarkadatan hautsak janda egotera derrigortutako bere katalexuak; aita Pirrone gaixoa, bera ere ordurako hautsa; feudoen koadroak, tapizeriako tximinoak, bere Stelluccia hil zen brontzezko ohe handia; orduan, baliotsuak izanda ere, apalak iruditzen zitzaizkion gauza guztiak gogoratu zituen: metalezko mataza haiek, hari-bilbe haiek, lurrez edo belar-zukuz estalitako oihal haiek, berak atxeki zituenak bizirik, baina laster abandonamenduz eta ahaztueraz eginiko linbo batera eroriko zirenak, inolako errurik eduki gabe; bihotza estutu egin zitzaion eta bere agonia ahaztu, gauza arraro gaixo haien berehalako amaieraz pentsatzean. Bere atzeko etxe lerro geldiak, mendi-hormak eta eguzkiak zigortutako zabaldiek Donnafugataz argi pentsatzea ere eragozten zioten; ametsetan agertutako etxe bat iruditzen zitzaion, ordurako berea ez zena. Orain, bere ondasun bakarrak gorputz ahitu hura, oinen azpiko arbel-lauza haiek eta leizerantz jausten ziren ur ilunbetsuen amildegi hura besterik ez ziren. Bakarrik zegoen, balsa batean naufrago urak eramanka, korronte menderagaitzen jostailu.

        Seme-alabak bazituen, noski. Seme-alabak. Bere antza zeukan bakarra, Giovanni, orduko ez zen han. Bi urtez behin bere agurrak bidaltzen zituen Londrestik; ordurako utzia zuen ikatza, eta diamantemerkataria zen. Stella hil ondoren harentzako gutuntxo bat iritsi zen, eta handik gutxira pakete txiki bat, besoko bat zuena. Hori bai. Berak ere «Kortejatu zuen heriotza»; are gehiago, dena bertan behera utziz, bizitzeari utzi gabe eduki daitekeen heriotz apur hori antolatu zuen beretzat. Baina besteak... Bilobak ere bazituen: Fabrizietto, Salinatarren artean gazteena, hain ederra, hain bizia, hain maitagarria.

        Hain gorrotagarria. Màlvicaren kastako bere odol dosi bikoitzarekin, bere gozamendurako senarekin, bere dotorezia burgeserako joerarekin. Alferrik zen alderantzizkoa pentsatu nahi izatea: bera zen azken Salina, ostatu bateko balkoian orain hilurren zegoen erraldoi melar hura. Izan ere, leinu baten funtsa tradizioetan dago osorik, bizitzako oroitzapenetan; eta bera zen oroitzapen ezohikoak, beste familienak ez bezalakoak zeuzkan azkena. Fabriziettok oroitzapen hutsalak edukiko zituen, bere ikastegiko lagunek zituztenen berdinak, askari merkeei buruzkoak, irakasleei eginiko txantxa gaiztoei buruzkoak eta balioari baino areago prezioari begira erositako zaldiei buruzkoak; eta Salina izena edukitzeko harrotasuna ponpezia hutsa izango zen, beti mingostua besteek berak baino ponpezia handiagoa erakuts zezaketelako eztenarekin. Ezkontza aberatsaren ehizari ekingo zitzaion, hori ohiko errutina bihurtuko zen, eta ez zen izango Tancredirena bezalako mentura ausart harraparia. Donnafugatako tapizeriak, Ragattisiko almendrondo-sailak eta, beharbada, batek jakin, Anfitriteren iturria ere, lehenago gauza delikatu eta zehazkabe haiek, berehala urdailean egositako foie gras pote bat baino ez ziren izango, edo kabaretetako andereño batzuk baino ez, beraien ukendu edergarriak baino galkorragoak. Eta oroitzapen bakarra geratuko zen berataz: aitona erretxin bat zela, uztaileko arratsalde batean, mutikoari Livornora bainuak hartzera joatea eragozteko garaiz lehertu zena; besterik ez. Behin esan zuen Salinatarrak beti Salinatar izango zirela. Oker zegoen. Bera zen azkena. Azken finean, Garibaldi hura izah zen garailea, Vulcano bizardun hura.

        Balkoi berera jotzen zuen alboko gelatik Concettaren ahotsa iristen zitzaion.

        — Ezin zitekeen besterik egin; hona etorrarazi beharra zegoen. Bizitza guztian damututa egongo nintzen, deitu izan ez bagenio.

        Berehala ulertu zuen: apaizaz ari ziren. Une batez, ukatzeko burutazioa eduki zuen, gezurra esateko, oso ondo zegoela eta ez zuela ezeren beharrik oihuka hasteko. Baina segituan konturatu zen zeinen barregarria zen asmo hori: Salinako printzea zen, eta Salinako printze baten antzera behar zuen hil, alboan apaiza zuela. Concettak arrazoia zuen. Gainera, zergatik ihes egin behar zion hilurren zeuden beste hainbat milak desio zutenari? Eta isilik geratu zen, Biatiko-txintxarria entzun zain. Ponteleone etxeko dantzaldi hura! Angelicak lore baten antzerako usaina zeukan bere besoen artean.

        Laster entzun zuen: Errukiaren parrokia ia parean zegoen. Soinu zilartsu jostaria eskaileretan gora zetorren, sartzen zen pasabidean, zorrotz bilakatu zen atea ireki zenean; aurretik ostatuaren zuzendaria sartu zen, suitzar bat, oso gogaitua bere establezimenduan hiltzorian zegoen norbait zeukalako, eta gero aita Balsàno erretorea, ostiontzian Jaun Txit Santua eramanik larruzko kutxa batean babestua. Tancredik eta Fabriziettok besaulkia altxatu eta gelara eraman zuten; gainerakoak belauniko zeuden.

        — Alde, alde! —esan zuen, ahotsaz baino areago keinuaz.

        Konfesatu nahi zuen. Gauzak ondo egin behar dira, bestela hobe ez egin. Denak irten ziren, baina hitz egin behar izan zuenean, zer esan askorik ez zuela ohartu zen: bazituen gogoan bekatu jakin batzuk, baina hain hutsalak iruditzen zitzaizkion, non egiatan ez baitzuten merezi egun sargoritsu hartan apaiz duin bat gogaitu izana. Ez zen hobenik gabe sentitzen, ez zen hori, baina bizitza guztian zegoen hobena, ez halako edo holako ekintza xume batean; egiazko bekatu bakarra dago, jatorrizkoa, eta hori esateko astirik ez zeukan ordurako. Bere begiek azaltzen zuten aztoramendua damutzat hartu zuen apaizak, nonbait; barkamena lortu zuen. Okotza bularraren gainera eroria zeukan, antza, ezen apaizak belauniko jarri behar izan zuen ostia haren ezpainetan uzteko. Gero, bidea errazten duten antzinatikako silabak murmuriatuak izan ziren, eta apaiza erretiratu egin zen.

        Besaulkia ez zen berriz balkoira eramana izan. Fabrizietto eta Tancredi ondoan eseri zitzaizkion, eta esku banatatik heldu zioten; mutilak zuzen begiratzen zion, lehen agonia ikusten duenaren berezko jakinminaz, eta besterik ez; hiltzen ari zena ez zen gizon bat, aitona baizik, nahiko gauza desberdina. Tancredik indarrez estutzen zion eskua, asko hitz egiten zuen eta alai hitz egiten zuen: bere asmoak azaltzen zizkion, haietan bera sartuz, eta gertakari politikoei buruzko iritziak ematen zituen; diputatua zen, Lisboako enbaxadore postua agindu zioten eta pasadizo isilpeko gazi askoren berri zekien. Sudur-ahotsak eta lexiko zorrotzak alferreko friso bat marrazten zuten bizi-uren jauzi gero eta zaratatsuagoaren gainean. Printzéa esker onez zegoen berriketagatik, eta ahalegin handiaz baina emaitza eskaxaz estutzen zion eskua. Eskertzen zion, baina ez zegoen adi. Bere bizitzako galdu-irabaziak neurtzen ari zen, zorionuneen urrezko lasto izpiak banan-banan atera nahi zituen pasiboko errauts mordo eskergatik; horra hor: ezkondu aurreko bi asteak, ondoko seiak; ordu erdi Paolo jaiotzean, Salina etxeko zuhaitzari adartxo bat erantsi ziolako barro sentitu zenean —harrotasun hura zentzugabea izan zen, orain bazekien, baina egiazkoa halere—; Giovanni desagertu aurretik, berarekin egindako solasaldi batzuk, bakarrizketa batzuk, egia esanda, zeinetan berearen antzeko izpiritua aurkitu uste izan baitzion mutilari; behatokian igarotako ordu asko, kalkuluen abstrakzioan eta iritsi ezinezkoaren atzetik emandakoak. Baina, benetan koka ote litezke ordu haiek bizitzaren aktiboan? Ez al ziren heriotz ondoko zorionaren aurretiazko opari bat? Ez zuen axola; gertatu ziren.

        Behean, kalean, ostatuaren eta itsasoaren artean, organilo bat gelditu eta jotzen ari zen, kanpotarrak —sasoi hartan horrelakorik egon ez arren— hunkitzeko itxaropen irrikatsuarekin. "Jainkoarengana hegan joan zinen" ari zen ehotzen; Don Fabriziorengandik geratzen zenak pentsatu zuen zenbat behazun nahastuko ote zen Italian une hartan hainbat agoniarekin, musika mekaniko horiek eraginda. Tancredik, bere intuizioarekin, balkoira laster egin, txanpon bat jaurti eta isiltzeko keinua egin zuen. Isiltasuna zegoen berriz kanpoan; barruan, aldiz, arrabotsa erraldoitu egin zen.

        Tancredi. Bai, aktiboaren zati handi bat beragandik zetorren: bere ulerkortasuna, ironikoa izanik are baliotsuagoa, bizitzako oztopoen artean nola moldatzen zen ikusteko gozamen estetikoa, bere maitasun burlazalea, komeni den bezala; gero, zakurrak: Fufi, bere haurtzaroko mops handia; Tom, ur-txakur oldarkorra, adiskide eta isileko kontuen entzulea; Sveltoren begi otzanak; Bendicóren ergeltasun zoragarria; Pop, orain jauretxeko landare-multzoen eta besaulkien artetik bera bilatzen arituko zen eta inoiz berrikusiko ez zuen pointer-aren hanka laztankariak; zaldiren bat edo beste, urrun eta arrotzagoak hauek. Hor ziren, orobat, Donnafugatara itzultzen zeneko lehen orduak, harrietan eta uretan azaldutako tradizio eta galduezintasun sentsazioa, denbora izoztua; ehizaldi batzuetako tiroketa alaia, untxi eta eperren sarraski txeratsua, Tumeorekin batera eginiko barre-algara on batzuk, damu-minutu batzuk komentuan, lizun eta konfitura usain artean. Besterik? Bai, bazegoen besterik, baina lurrarekin nahasturiko pipitak baino ez ziren orduko: inozoei erantzun zorrotzak eman zizkienean izandako satisfazio-uneak; Concettaren edertasunean eta izaeran egiazko Salinatar bat betirakotzen zela ohartu zenean sentitu zuen poza; maitasun-suharraldiren bat; Aragoren gutuna jaso zueneko ustekabea, bere kabuz zorionak ematen baitzizkion Huxley kometari buruzko kalkulu zailen zehaztasunagatik. Eta, zergatik ez? Sorbonnen domina jaso zuenean bere golkoan gorde ezin izan zuen bozkarioa; korbata-zeta batzuen ikutu delikatua; larru ondu batzuen usaina; ezagututako emakume batzuen itxura irribarretsua, itxura boluptatetsua: aurreko egunean bertan Cataniako geltokian begiztatu zuen hura, jendetzaren erdian, bere bidai-soineko marroiarekin eta orkatz-larruzko guanteekin, une batez konpartimentu zikinaren kanpoaldetik bere aurpegi agortua bilatzen zuela iruditu zitzaiona. Jendetzaren oihuak! «Otartekoak!», «Il Corriere dell'Isola!» Eta gero, arnasarik gabeko tren nekatuaren herioa... Eta eguzki beldurgarri hura iritsi zenean, irribarre gezurti haiek, ur-jauzien leherketa...

        Itzalak inguratzen zuen bitartean, egiatan zenbat denboraz bizi izan zen kontatzeari ekin zion; bere burmuinak ezin zuen ordurako kalkulurik xinpleena ere harilkatu: hiru hilabete, hogei egun, guztira sei hilabete, sei bider zortzi laurogeita lau... berrogeita zortzi mila... 840.000. Suspertu egin zen.

        — Hirurogeita hamahiru urte ditut; egiatan bizi, guztira, bi urtez... gehienez ere hiru urtez bizi izango nintzen.

        Eta oinazeak, aspertasunak, zenbat urtekoak izan ziren? Zertarako kontatu?, gainerako guztiak: hirurogeita hamar urte.

        Bere eskuak orduko ez zituela besteenak estutzen sentitu zuen. Tancredi azkar zutitu eta atera zen... Jadanik ez zen ibai bat bere baitatik kanpora oldartzen ari zena, ozeano bat baizik, ekaiztsu, aparrez eta olatu geldiezinez kizkur...

        Berriro galdu zuen konortea, nonbait, ezen halako batean ohe gainean etzanda zegoela konturatu zen; norbaitek eskumuturretik heltzen zion; leihotik, itsasoaren islada kupidagabeak itsutu egiten zuen; gelan txistu bat entzuten zen: bere arnas-estua zen, baina berak ez zekien; bere inguruan jende multzo txiki bat zegoen, ikaratu aurpegiz begiratzen zioten pertsona arrotz batzuk. Gutxinaka ezagutu zituen: Tancredi, Concetta, Angelica, Francesco Paolo, Carolina, Fabrizietto; eskumuturretik heltzen ziona Cataliotti doktorea zen; sendagileari ongi-etorria ematearren irribarre egin ziola iruditu zitzaion, baina inor ezin izan zen konturatu: denak, Concetta izan ezik, negarrez ari ziren; baita Tancredi ere, «Osaba, osabatzar maitea!» zioelarik.

        Halako batean, jende taldearen artetik emakume gazte bat agertu zen: liraina, tournure zabaleko bidai-soineko marroi batez jantzia, lastozko kapela bat buruan, begitartearen edertasun zoragarria ezkutatzea lortzen ez zuen pinportadun mantelina batez apaindua. Orkatz-larruzko guante batez estalitako esku bat uzten zuen agerian, negargileen ukondo bataren eta bestearen artean, barkatzeko eskatzen zuen, hurbiltzen ari zen. Hura zen, betidanik irrikatutako izakia, bera hartzera zetorrena: harrigarria zen bere burua berari eskaini nahi izatea, hain gaztea izanik; trena abiatzeko ordua hurbil zegoen, antza. Aurpegiz aurpegi, mantelina altxatu eta horrela, lotsati baina gozatua izateko prest, inoiz izarrarteetan begiztatu zuenean baino askoz ere ederragoa azaldu zitzaion.

        Itsas-arrabotsa zeharo baretu zen.

 

 

© Giuseppe Tomasi di Lampedusa

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giuseppe Tomasi di Lampedusa / Gattopardo" orrialde nagusia