SEIGARREN ZATIA
Azaroa, 1862
Maria Stella printzesa karrozara igo, kuxinen arraso urdinean eseri eta ahal izan zuen beste bildu zituen bere inguruan jantzien tolesdura kraskariak. Bien bitartean, Concetta eta Carolina ere igo eta elkarren aurrez aurre eseri ziren; haien soineko arrosa berdinei bioleta-lurrin arina zerien. Gero, dendelean jarritako oin baten pisu neurrizgainekoak balantza eginarazi zion calèche-ari haren bultzailu handien gainean: Don Fabrizio ere an zen igotzen. Zaldi-kotxea lepo zegoen. Zetak eta hiru mirinaken euskarriek, kulunkan, elkar jo egiten zuten, nahaspilatu egiten ziren buruen pareraino ia; azpian, oinetako mordo bat nahasian: nesken zetazko zapatatxoak, Printzesaren mordoré eskarpinak eta Printzearen larru dizdiratsuko zapata handiak. Inork ez zekien oinak nola jarri, ez eta non zituen ere.
Dendeleko bi mailatxoak tolestu ondoren, zerbitzariak agindua jaso zuen: Ponteleone jauregira.
Gidalekura igo, ahokoari eusten zion zaldi-mutila baztertu, gidariak inor ezin ohartzeko moduan klaska eginarazi zion mingainari eta calèche-a aurrerantz lerratu zen.
Dantzaldira zihoazen.
Garai hartan, Palermo noizbehinka eduki ohi zituen bere mundutartasun-aldietako batetik igarotzen ari zen eta nonahi antolatzen ziren dantzaldiak. Piamontetarrak iritsi ondoren, eta Aspromonteko gertakizunen ondoan, desjabetzapenen eta indarkeriaren mamuak uxatu eta gero, "mundua" osatzen zuten berrehun pertsonak nekatu gabe biltzen ziren, beti berberak, elkarri zorionak emateko bizirik jarraitzen zutelako.
Hain sarritan egiten ziren festa beti berdin horiek, non Salina printze-printzesak hiru astez joan baitziren hiriko beren jauregira, gauero San Lorenzotik harako bide luzca egin beharrik ez izateko. Andreen soinekoak Napolitik iristen ziren zerraldoen antzeko kutxa beltz luze batzuetan, eta jostunak, ileapaintzaileak eta zapatariak zoraturik ibiltzen ziren batetik bestera; mirabeek, larriturik, premia handiko enkarguak eramaten zizkieten jostunei. Ponteleone etxeko dantzaldia sasoi labur hartako garrantzitsuena izango zen: garrantzitsua guztientzat, familiaren eta jauregiaren handitasunagatik eta gonbidatu kopuruagatik; are garrantzitsuagoa Salinatarrentzat, Angelica, ilobaren emaztegai ederra aurkeztu behar baitzuten "gizartean".
Hamar t'erdiak baino ez ziren, inor dantzaldi batean agertzeko goizegi, batez ere inor hori Salina printzea bada, festa unerik onenean dagoenean iritsi behar baitu berak, zuzena denez. Aldi hartan, ordea, ezin zuen bestela egin, han egon nahi izanez gero Sedàratarrak agertzerako; izan ere «Gaixoak!, oraindik ez dakite» gonbite-txartel dizdiragarrian idatzitako ordua hitzez hitz hartzen zuen jendea zen. Lan pixka bat kosta izan zen txartel horietako bat haiei ere bidalaraztea: inork ez zituen ezagutzen, eta Maria Stella printzesak, hamar egun lehenago, bere gain hartu behar izan zuen Margherita Ponteleoneri ikustaldi bat egiteko ardura; dena ezin hobeto atera zen, noski, baina, hala ere, Tancrediren ezkonbideak Gattopardoren erpe minberetan iltzatu zituen arantzatxoetako bat izan zen orduko hura.
Ponteleone jauregira arteko bide laburra kaleska ilunen mataza batetik luzatzen zen, eta pausuan zebiltzan; Salina kalea, Valverde kalea, Bambinai aldapa, egunez hain alaia argizarizko irudiak saltzen zituzten dendekin, eta gauez, ordea, hain ikaragarria. Zaldien ferrek zuhur-hotsa egiten zuten lotan edo itxuraz lotan zeuden etxe beltzen artetik.
Neskak, dantzaldi bat gizartearekiko betebehar aspergarritzat ez baizik festatzat hartzen duten izaki ulertezin horiek, alaitsu ari ziren berriketan, ahapeka; Maria Stella printzesak poltsan haztatzen zuen, barruan "gatz lurrungarri" frasko txikia zegoela ziurtatzearren. Don Fabrizio aldez aurretik ari zen dastatzen ezagutzen ez zuen jende guzti harengan Angelicaren edertasunak izango zuen eragina, bai eta Tancrediren fortunak, bera ongiegi ezagutzen zuen jende horretxengan izango zuena ere. Alabama, itzal batek iluntzen zion satisfazioa: nolakoa izango ote zen don Calogeroren fraka? Ez, noski, Donnafugatan soinean eraman zuen hura bezalakoa: Tancrediren esku geratu zen, eta jostunik onenarengana eraman zuen arrastaka, bai eta aprobetan egon ere; ofizialki, pozik geratu zen emaitzarekin, aurreko egunean, baina gero apartean zera esan zuen: «Fraka ahal den bezalakoa da, baina Angelicaren aitari chic deitzen den hori falta zaio.» Hori ukatu ezinezkoa zen. Baina Tancredik bizarra ezin hobeto moztuta egongo zela eta zapatak dezenteak izango zirela segurtatuko z'zela agindu zuen. Hori bazen zerbait.
Karroza Bambinai aldapa San Domenicoko abside ondora ateratzen den lekuan geratu zen. Txilin-hots arin bat aditzen zen, eta kantoi batetik apaiz bat azaldu zen, kaliz batean Jesus Sakramentatua zeramala; atzean, meza-mutil batek guardasol zuri urrez bordatu bati eusten zion apaizaren buru gainean. Aurrean, beste batek argizagi lodi pieu bat zeukan ezkerrean, eta eskubiarekin zilarrezko txintxarri bati eragiten zion, poz-pozik. Atea itxita zeukaten etxe haietako batean norbait hilbeharrean zegoela esan nahi zuen horrek; Biatiko Santua zen. Don Fabrizio jaitsi eta espaloian belaunikatu zen, andreek aitaren egin zuten; txintxarri-hotsa luzatu egin zen San Giacomorantz jaisten ziren karriketatik, eta calèche-a berriz abiatu zen ordurako hurbil zegoen helbururantz, errieta osasungarri bat jasandako bidaiariekin.
Iritsi eta bebarruan jaitsi ziren; kotxea patioko mugagabetasunean desagertu zen, lehenago heldutako karrozen dizdira iheskorrak eta zaldien oinkada-hotsak iristen zitzaizkien bitartean.
Eskailerak gai apalekoak ziren, baina neurri guztiz noblekoak. Harmaila bakoitzaren alboetan, lore apalei beren lurrin zakarra zerien; bi eskailera zatiak bereizten zituen mailadiartean, beren pelukaren azpian geldirik zeuden bi mirabeen uniforme amarantoek kolore biziko nota bat jartzen zuten giro perla-grisean. Urre koloreko sareak zeuzkaten leiho handi batzuetatik ume batzuen barre-hotsak eta murmurioak iristen ziren: Ponteleoneren bilobatxoak ziren; festatik kanpo geratu ziren, eta gonbidatuen lepotik barre eginez hartzen zuten mendekua. Andreek zetaren tolesdurak txukuntzen zituzten; Don Fabriziok, besapean gibus kapelua zeramala, buruaren aldea ateratzen zien, nahiz eta maila bat beherago joan. Etxeko jaun-andreak lehen aretoko atean aurkitu zituzten: gizona, Don Diego, buruzuri eta sabel-handi, begi maltzurrek bakarrik salbatzen zutena plebeio itxuratik; emakumea, donna Margherita, diademaren eta esmeralda-lepoko hirukoitzaren dizdira artetik kalonje zaharrarena bezalako aurpegi makurra erakusten zuena.
Goiz etorri zarete!, askoz hobe! Baina egon lasai, zuen gonbidatuak ez dira oraindik azaldu beste lasto-izpi batek zirikatu zituen Gattopardoren azkazal sentiberak. Tancredi ere iritsi da.
Izan ere, aretoko kontrako izkinean, ilobak, beltz eta suge bat bezain mehe, hiruzpalau mutil gazte zeuzkan inguruan eta barrez lehertu beharrean bere istorio egiaz ausart batzuekin, baina begiak, beti bezain arduratsuak, sarrerako ateari tinko. Dantzak hasita zeuden ordurako eta orkestrinaren notak iristen ziren dantzagelatik, hiru, lau, bost, sei aretotan barrena.
Eta Pallavicino koronela ere etortzea espero dugu, Aspromonten hain egoki ibili zen huraxe bera.
Ponteleone printzearen esaldi hark sinplea zirudien, baina izan, ez zen, inondik ere. Azaletik begiratuta, esanahi politikorik gabeko baieztapen bat baino ez zen, helburu bakarra zuena: goraipatzea nolako uki onaz, nolako arretaz, zirraraz eta, ia-ia, samurtasunez ere sartu zen bala bat Jeneralaren oinean, bai eta balarekin batera heroi zaurituak, hunkituta eta irribarrez (baina ez ironiaz, beharko zukeen bezala, ezen Garibaldik, tamalez, umorerik ez zuen) jaso zituen kapelu-agurrak, belaunikatzeak eta eskumuinak, Calabriako mendietako gaztainondo baten pean etzanda zegoen bitartean. Printzearen psikearen bitarteko maila batean esaldiak esanahi teknikoa zeukan eta koronela laudatu nahi zuen bere erabakiak ongi hartu, batailoiak egokiro antolatu, eta lortu ahal izan zuelako Landik Calatafimin, batek jakin nola, aurkari beraren kontra ezin egin izan zuena. Printzearen bihotzaren hondoan, gainera, koronela «egoki aritu zen», ezen Garibaldi geraraztea, garaitzea, zauritzea eta harrapatzea lortu zuen, bai eta horrela egoera zaharraren eta berriaren artean nekez erdietsitako konpromezua salbatu ere.
Hitz lausengarriek eta gogoeta are lausengarriagoek deitua, sortua ia, koronela eskaileretan azaldu zen. Zintzilikario, kateatxo, ezproi eta dominen txintxin artean zebilen, bularralde gurutzatuko uniforme ongi jantziarekin, kapelu lumaduna eramanez besapean, eta sable makurra ezkerreko eskumuturrean bermatua; mundu handiko gizona zen, kemen handia erakusten zuena bere jokamoldean, esanahiz beteriko eskumuinetan aditua, ordurako Europa osoak zekienez; gau hartan bibote usaintsu haiek hatzamarretan pausaturik eduki zituzten andre guztiak herri-irudiek ordurako goraipatua zeukaten istant historiko hura ezagutza osoz gogora ekartzeko moduan geratu ziren.
Ponteleonetarrek isuritako laudorio jarioa jasan eta Don Fabriziok luzatu zizkion bi hatzak estutu ondoren, Pallavicino andre talde baten borbor lurrintsuan murgildua izan zen; haren hazpegiak, gizontasunez beteak, sorbalda zurien gainetik irteten ziren azalera, eta haren esaldi solteak aditzen ziren noizean behin. «Negarrez ari nintzen, kontesa, ume baten antzera negarrez», edota «Goi-aingeru bat bezain eder eta lasai zegoen». Haren gizon-sentimentaltasunak liluratu egiten zituen dama haiek, haren bersagliere-en tiroekin jadanik lasaituak.
Angelica eta don Calogero berandutzen ari ziren, eta Salinatarrak beste saloietan sartzea pentsatzen ari zirela, Tancredi tximista bezala sarrerarantz abiatu zen, bere taldea bertan utzita: espero zirenak iritsiak ziren. Mirinake arrosaren zirimola ordenatuaren gainean, Angelicaren sorbalda zuriak beso indartsu eztien aldera luzatzen ziren; burua txiki eta harro altxatzen zen lepo gazte-leun eta apropos aukeratutako perla umilez apainduaren gainean. Guante glacé luzearen irekiduratik eskua atera zuenean, txikia ez baina tankera perfektukoa, zafiro napolitarra ikusi zen dizdizka. Don Calogero haren atzetik zihoan, larrosa su-gartsu baten sagutxo zaindari. Haren trajea, dotorea ez, baina dezentea behintzat bazen, aldi hartan; haren akats bakarra, arestian emana zioten Italiako Koroaren gurutzea eramatea botoi-zuloan, baina berehala desagertu zen Tancrediren frakeko poltsiko ezkutuetako batean.
Orduko, senargaiak ongi irakatsia zion Angelicari zeinen garrantzitsua zen burua beti hotz edukitzea, horixe baitzen gorentasunaren oinarria «nirekin bakarrik izan zaitezke zabal eta zaratatsua, maitea; beste guztientzat Falconeri printzesagaia izan behar duzu, askoren gaineko, edonoren pare», eta, hortaz, etxeko andreari egin zion agurra birjin-apaltasunez, harrotasun neo-aristokratikoz eta gazte-graziaz osaturiko nahasketa bat izan zen, bere baitatik berez sortua ez, baina bai egoki-egokia.
Palermotarrak, azken finean, italiarrak dira, eta beraz edertasunaren lilurarekiko eta diruaren ospearekiko sentiberak; bestalde, Tancredi, erakargarria izan arren, gauza jakina zen sosik gabe zegoela, partidu ez desiragarritzat jotzen zuten (oker jo ere, geroago ikusi zen bezala, beranduegi zenean); gauzak horrela, askoz gehiago estimatzen zuten emakume ezkonduek neska ezkongaiek baino. On-gaitz guzti horiek zirela bitarte, Angelicak izan zuen barrera uste baino beroagoa izan zen; jakina, edozein gazteri damutuko zitzaion txanponez beteriko horrelako kutxa eder bat lur azpitik beretzat atera ez izana, baina Donnafugata Don Fabrizioren jabetza zen, eta altxor hura bertan aurkitu eta bere bihotzeko Tancrediri pasatu bazion, ezin kexatu, bere lurrean azufre-mehategi bat topatu balu bezala zen: bere gauza zen.
Nolanahi ere, aurkakotasun ahul haiek ere desagertzen ziren begi haien errainuekin; halako batean, hainbat mutil gaztek inguratu zuten aurkeztuak izateko eta dantza bat eskatzeko asmoz; Angelicak irribarre bana eskaini zien bere marrubizko ahoarekin eta bakoitzari bere carnet-a erakutsi, polka, mazurka eta bals bakoitzaren ondoren izenpe posesibo bat agertzen zuena: Falconeri. Andereñoen artetik "hika egiteko" proposamenak barra-barra iristen zitzaizkion, eta ordubeteren buruan Angelica gustura zegoen, amaren arlotekeriaren eta aitaren zikoizkeriaren berririk bat ere ez zuten pertsonen artean.
Angelicaren jokaerak ez zuen minutu batez ere huts egin: behin ere ez zuten ikusi bakarka edo burua hodeietan zuela; besoak behin ere ez zitzaizkion apartatu gorputzetik; bere ahotsa behin ere ez zen altxatu beste emakumeen "diapasoiaren" gainetik (hau berez nahiko altua izan arren). Izan ere, aurreko egunean Tancredik honela esan zion:
Begira, maitea, guk (eta orain zuk ere, beraz) beste edozer baino estimu handiagotan dauzkagu geure etxeak eta altzariak; beste edozerk baino areago iraintzen gaitu horrekako arretarik ezak; hortaz, begiratu dena eta lauda ezazu dena; gainera, Ponteleone jauregiak merezi ere merezi du. Baina dagoeneko guztiaz harritzen den probintziano bat ez zarenez gero, neurriz esan behar dituzu laudorioak; miretsi, bai, baina beti aldera ezazu lehenago ikusitako arketiporen batekin, eta ospetsua izan dadila.
Donnafugatako jauregira eginiko bisita luzeek asko irakatsi zioten Angelicari, eta, horrela, gau hartan tapiz guztiak miretsi zituen, baina Pitti jauregikoek ertzak ederragoak zeuzkatela esan zuen; Dolciren madonna bat goraipatu zuen, baina baita gogorarazi ere Granducarenak malenkonia hobe adierazia zuela; eta jaun gazte batek eraman zion pastelaz, orobat, bikaina eta ia "monsú Gaston", Salinatarren sukaldariarena bezain ona zela esan zuen. Eta "monsú Gaston" sukaldarien artean Rafael zenez, eta Pittiko tapizak tapizerien artean "monsú Gaston", inork ez zuen ezer esaterik izan; aitzitik, denak lausengatuta geratu ziren konparazioarekin, eta Angelica gau haretxetatik hasi zen, bidegabeki, arte-aditu gizabidetsu baina gogorraren ospea irabazten, eta bere bizitza luze guztian izan zuen.
Angelicak laudorio-uzta biltzen zuen bitartean, Maria Stella berriketan ari zen diban batean bi lagun zaharrekin, Concettak eta Caterinak mutil kortesiatsuenak izozten zituzten beren lotsaz, eta Don Fabrizio areto batetik bestera zebilen, alderrai: eskuetan muin ematen zien aurkitzen zituen andreei, minduta uzten zien sorbalda ohoratu nahi zituen gizonei, baina umore txarra ezarian-ezarian berataz jabetzen ari zela sentitzen zuen. Ezer baino lehen, etxea ez zitzaion atsegin: baziren hirurogeita hamar urte Ponteleonetarrek dekorazioa berritzen ez zutela; artean ere Maria Carolina erreginaren garaikoa zen, eta bera, ustez gustu modernoak izanik, sumindu egiten zen horrekin.
«Baina, Jainkoarren! Diegoren errentekin gutxi beharko litzateke traste hauek guztiak eta ispilu lausotu hauek botatzeko! Zergatik ez du enkargatzen palisandro eta peluche-zko altzariteria eder bat, bera eroso bizitzeko, eta bere gonbidatuak ez behartzeko katakunba hauetatik bueltaka ibiltzera? Esan egin beharko diot azkenik!»
Baina ez zion inoiz esan Diegori, bere iritzi horiek umore txarretik eta kontraesanerako bere joeratik sortuak zirelako eta berehala ahazten zirelako; berak ere ez zuen ezer aldatzen, ez San Lorenzon, ez Donnafugatan ere. Alabaina, bere ezinegona handitzeko aski izan ziren.
Dantzan zeuden emakumeak ere ez zitzaizkion atsegin: andre zahar haien arteko bi edo hiru bere maitaleak izan ziren eta orain ikusten zituenean, urte eta errain askorekin, ozta-ozta lortzen zuen gogoratzea nolakoak ziren hogei urte lehenago, eta haserre jartzen zen halako emakume trauskilen atzetik ibiliz (bai eta haiek lortuz ere) bota zituelako bere urterik onenak. Gazteek ere ez zioten ezer askorik esaten, pare batek izan ezik: Palmako dukesa gazte-gaztea, bere begi grisak eta jokaeraren leuntasun serioa miresten baitzituen, eta Tutú Làscari, zeinengandik, bera gazteagoa izan balitz, akorde guztiz apartak ateratzen jakingo baitzukeen. Baina besteak... Ongi zegoen Donnafugatako ilunbeetatik Angelica azaleratu izana, emakume eder bat zer den erakusteko andre palermotarrei.
Ez zebilen oker; urte haietan, saloiak betetzen zituzten neskak ezin sinesteko bezain txikiak, itxuragabeki oliba kolorekoak eta ezin jasateko bezain hitzontziak ziren, hainbat arrazoi zirela bide: batetik, lehengusuen arteko ezkontzen maiztasuna, nagikeria sexuala eta lurrari buruzko interesak; eta bestetik, janarien proteina urritasuna, almidoi ugaritasunak larriagotua, eta aire freskorik eta mugimendurik eza. Elkarren ondoan pilatuta pasatzen zuten denbora, mutil ikaratuei gonbidapen koralak jaurtiz bakarrik eta konpainia eginez horretarako zeudela zirudien zisneak zapaburuz beteriko urmael batean bezala irristatuz igarotzen ziren Maria Palma ilehoria edo Eleonora Giardinelli eder-ederra bezalako izaki politei. Haiek ikusiago eta haserreago jartzen zen; bakarraldi luzeetara eta gogoeta abstraktuetara ohitutako bere gogoak, halako batean, begitazio bat eragin zion, galeria luze batetik igarotzean: erdiko pouf-ean bilduta zegoen izaki horien kolonia handi bat ikusirik, iruditu zitzaion zoologiko bateko zaindaria zela, ehun bat tximinotaz arduratu behar zuena; espero zuen tupustean lanparen gainera igotzen ikusiko zituela, eta handik, buztanetatik zintzilik, kulunkari, atzea erakusten, bisitari baketsuei ur-koskolak eta garrasiak jaurtitzen eta hortzak erakusten.
Gauza bitxia da, baina sentsazio erlijioso batek urrundu zuen ikuspen zoologiko hartatik; izan ere, mirinakez jantzitako makako talde hartatik deialdi sakratu betiberdin bat altxatzen zen etengabe: «Amabirjina maitea!», ari ziren etengabe esaka neskatila gaixo haiek.
Amabirjina maitea, hau etxe ederra!», «Amabirjina maitea, ze gizon ederra, Pallavicino koronela!, «Amabirjina maitea, mina dut oinetan!, «Amabirjina maitea, hau gosea! Noiz irekiko da bouffet-a?» Amabirjinak, birjin-koru hark deituak, galeria bete eta berriro emakume bilakatzen zituen tximino haiek, artean Katolizismora bihurtu gabe baitzeuden Brasilgo oihanetako ouistiti-ak.
Apur bat goragaletuta, Printzea alboko aretora igaro zen; bertan gizonen tribu ezberdin eta etsaia zegoen kanpaturik: gazteak dantzagelan zeuden eta han zeudenak agureak baino ez ziren, bere adiskideak denak. Haien artean eseri zen une batez: han ez zen alferrik ezpainetaratzen Zeruetako Erreginaren izena; baina, ordainez, ohiko esaera arruntez eta solasaldi kamutsez beterik zegoen airea. Jaun haien artean, Don Fabriziok "xelebre" ospea zeukan; bere matematikarekiko zaletasuna bekatuzko perbertsiotzat jotzen zuten, edo hor nonbait, eta bera Salina printzea izan ez balitz, eta jakineko gauza izan ez balitz zaldun bikaina, ehiztari nekagaitza eta hainbestean andrezalea zela, bere paralaxe eta teleskopioengatik baztertua izateko arriskuan egongo zen; nolanahi ere, gutxik hitz egiten zuten berarekin, ezen haren begi urdin hotzek, betazal astunen artetik, beren senetik ateratzen zituzten haren solaskideak; horregatik, sarritan bakarrik aurkitzen zen, ez ordea begiruneagatik, uste zuen bezala, beldurragatik baizik.
Zutik jarri zen; lehengo malenkonia orain egiazko umore txar bihurtuta zegoen. Oker egin zuen dantzara joanez: Stella, Angelica eta alabak oso ondo moldatuko ziren bakarrik, eta bera, une hartan, zoriontsua izango zen Salina kaleko terrazaren ondoko bere langela txikian, iturriaren murmurioa entzuten eta kometak buztanetik harrapatzeko ahaleginetan.
Alferrik da, hemen nago; alde egitea ez litzateke gizabidezkoa.
Dantza aretoa dena urre zen: findua erlaitzetan, landua atezangoetan, damaskinatu argia, ia zilarrezkoa ilunagoaren gainean ateetan eta leihoak ixten eta, horrela, giroari kutxa-sentsazio harroa emanez eta duintasunik gabeko kanpoaldearekiko lotura guztiak baztertuz, ezeztatzen zituzten leihatiletan. Ez zen dekoratzaileek orain neurririk gabe hartzen duten urreztadura lotsagabea, baizik eta urre higatu bat, Iparraldeko neskatila batzuen ilea bezain zurbila, bere balioa ezkutatzen zuena edertasuna erakutsi eta aldi berean prezioa diximulatu nahi zuen ahalke baten azpian; han eta hemen, paneletan, rococó tankerako lore sorta batzuk ageri ziren, hain kolore ahulekoak non lanparen isladak eragindako halako gorritasun llabur bat baino ez baitziruditen.
Eguzkiaren tonalitate hark, dizdira eta itzal nahaspilo hark minez jarri zuten, halere, Don Fabrizioren bihotza, goibel eta tente zegoelarik ate-unean; areto nabarmenki aristokratiko hartan, nekazal munduko irudiak zetozkion burura; koloreen tinbrea Donnafugata inguruan eguzkiaren tiraniaren pean errukia eskatzen zuten alor amaigabe geldiek zeukaten berbera zen; areto hartan ere, feudoetan abuztu erdian bezalaxe, uzta aspaldi amaitua zen, beste nonbait bildua eta, han bezala, galondoen kolorean bakarrik geratzen zen haren oroitzapena; galondo erreak, bestalde, alferrikakoak. Bere notekin aire beroa zeharkatzen zuen balsa lur-azal egarrien gainetik, atzo, gaur, bihar, beti, beti, beti beren dolua jotzen duten haize etengabearen estilizazioa bakarrik iruditzen zitzaion. Hango dantzari mordoa haien artean bere haragitik (ez ordea bihotzetik) hurbileko pertsona asko kontatzen zituen irreala iruditu zitzaion azkenerako, oroitzapen galduezinak ehunduta dauden gai berberaz osatua, alegia ametsetan asaldatzen gaituena baino are gai hauskorrago batez. Sabaian, jainko-jainkosak, beren tronu urre-koloreetan makur, behera begira zeuden, irribarrez, udako zerua bezain urrikalgaitz. Betierekoak zirelakoan zeuden: Pittsburgh-en (Penn.), fabrikaturiko bonba batek kontrakoa frogatuko zien 1943an.
Ederra, Printzea, ederra! Dagoeneko ez da honelako gauzarik egiten, urre garbiaren gaurko prezioarekin!
Sedàra ondoan zeukan; haren begiek barru hura miatzen zuten goitik behera, graziarekiko itsu, diruzko balioari adi.
Don Fabriziok, bat-batean, gorroto ziola sentitu zuen; hura gora iritsi izanari, bera bezalako beste ehun gora iritsi izanari, haien azpijoko ilunei, haien zikoizkeria tematsuari eta ezin-aseari zor zitzaien jauregi horiek goibeltzen zituen heriotz sentsazioa; Don Fabriziori, dantzarien jantzi beltzak ikustean, haitzarte galduen gainetik harrapakin ustelen bila dabiltzan belatxingak etortzen zitzaizkion gogora, eta hori ere don Calogerori zor zitzaion, harekin elkar hartuta zeudenei, bizitzan zerbait handi izatera iritsi ez zirelako sentitzen zuten arrenkurari eta gutxiago-usteari. Erantzun txarra emateko gogoa izan zuen, ospa egin zezala gonbidatzeko. Baina ezin: gonbidatu bat zen, Angelica maitagarriaren aita zen. Besteak bezalako zorigaiztoko bat, beharbada.
Ederra, don Calogero, ederra: baina ez gure neska-mutilak bezain ederra.
Angelica eta Tancredi haien aurretik igarotzen ari ziren une hartan, mutilaren eskubi guanteduna neskaren gerrian arin pausatua, besoak luzatuta eta loturik, bakoitzaren begiak bestearenei tinko. Mutilaren frakaren beltzak, neskaren soinekoaren arrosak, nahasturik, joiatxo bitxi bat osatzen zuten. Inon den ikuskizunik patetikoena eskaintzen zuten: bi neska-mutil oso gazte, elkarrekin maiteminduak, dantzan, bata bestearen akatsetarako itsu, patuaren abisuetarako gor, bizitzako bide guztia saloi hartako zerua bezain laua izango zela uste zutenak; antzerki-zuzendariak gidoian ere agertzen diren pozoinari eta hilobiari buruz ezer esan gabe Giuliettaren eta Romeoren papera jokatu behar duten bi antzezle hasi-berri ziruditen. Ez bata ez bestea ere ez ziren onak, biak interesez beteak zeuden, isilpeko helburuak zeuzkaten; baina atsegina eta hunkigarria zen haiek ikustea, dantzan, mutilak neskaren belarrira murmuriatzen zizkion hitz samur alaiekin, neskaren ilearen lurrinarekin eta beren gorputz hilkor haien besarkadarekin haien anbizioak, garbiak ez baina, halere, lañoak, ezabatzen ziren bitartean.
Urruntzen ari ziren bi gazteak, igarotzen beste bikote batzuk, ez hain ederrak, baina bai haiek bezain hunkigarriak, bakoitza bere itsutasun iragankorrean murgildurik. Bihotza samurtzen zitzaiola sentitu zuen Don Fabriziok; haren lehenagoko haserreak lekua uzten zion sehaskaren aurreko eta azken arnasaren ondoko bi ilunbeen artean eskainitako argi-izpi meheaz gozatzen saiatzen ziren izaki galkor horiekiko errukiari. Nola sumindu, segurtasun osoz hil behar duenarekin? Horrek esan nahi izango zuen hirurogei urte lehenago azoka-plazan kondenatuen kontrako irainak jaurtitzen zituzten emakume arrain-saltzaileak bezain zitala izatea. Pouf-etan bildutako tximinoak ere, bere adiskide babo zaharrak ere gauez, hiltegira bidean, hiriko kaleetatik marrumaka dabiltzan aziendak bezain zorigaiztokoak, salbaezinak eta errukarriak ziren; haien guztien belarrira iritsiko zen egunen batean berak hiru ordu lehenago San Domenicon entzun zuen txilin-hotsa. Betiko dena bakarrik gorrota daiteke.
Gainera, saloiak betetzen zituen jende hura guztia, emakume itsusitxo haiek guztiak, gizon ergel haiek guztiak, bi sexu handiusteko haiek, bere odoleko odol ziren, bera ziren; haiekin bakarrik moldatzen zen, haiekin bakarrik egoten zen bere gogara.
Horiek baino argiagoa naiz beharbada, kultuagoa zalantzarik ez, baina kasta berekoak gara, nire elkartasuna zor diet.
Don Calogero hizketan ari zen Giovanni Finalerekin, caciocavallo gaztaren salneurriak gora egingo zuela seguru aski, eta, zorioneko gertakari horrekin itxaropentsu, haren begiak dizdiragarri eta otzan ageri zirela konturatu zen. Barne-zimikorik gabe ospa egin zezakeen.
Une horretara arte, pilatutako haserreak indarra eman zion; orain, ordea, lasaialdiarekin batera nekea ere iritsi zen: ordubiak ziren ordurako. Lasai esertzeko lekua bilatu zuen, gizonengandik urrun, ezen haiek bere bihotzeko anaiak ziren, bai, baina baita aspergarriak ere beti. Azkar aurkitu zuen: liburutegia, txiki, isil, argitsu eta hutsik. Eseri, eta gero berriz zutitu zen, mahaitxo baten gainean zegoen ura edateko. «Ura bezalakorik ez dago, benetan», pentsatu zuen egiazko siziliar baten antzera; eta ez zituen txukatu ezpainetan geratutako ttanttoak. Berriro eseri zen. Atsegin zitzaion liburutegia, bere gogara sentitu zen laster; hartaz jabetu egin zen, liburutegiak uko egin gabe, inpertsonala baitzen, gutxi erabilitako gelak bezala; Ponteleone ez zen bere astia han barruan galduko zuen gizona. Aurrean zeukan koadro bati begira geratu zen: Greuzeren «Zuzenaren heriotza»-ren kopia on bat zen. Agurea ohean zetzan, azken arnasetan, izara zuri-zurien tolesduren artean, inguruan bere ilobak zituela: mutikoak bihozminez, neskatilak besoak sabairantz altxaturik. Neskatilak politak eta kilikariak ziren, mina baino areago nasaikeria iradokitzen zuten haien arropa nahastuek; bistan zen haiek zirela koadroaren egiazko gaia. Nolanahi ere, Don Fabrizio une batez harritu egin zen Diegok halako ikuskari malenkoniatsua edukitzeaz beti begien aurrean; gero, gela hartan urtean behin edo sartuko zela pentsatuz, lasaitu egin zen.
Berehala, bere heriotza hango haren antzekoa izango ote zen galdetu zion bere buruari: seguruenik bai, alde batera utzirik izarak ez zirela hain lohigabeak izango bazekien hilurren daudenen izarak zikin egoten direla beti: lerdea edukitzen dute, isuriak, sendagaien mantxak eta, orobat, espero izatekoa zela Concetta, Carolina eta besteak egokiago jantzita egotea. Baina, oro har, gauza bera. Beti bezala, bere heriotzaz hausnartzeak lasaitu egin zuen, besteen heriotzari buruzko gogoetak lehenago aztoratu zuen neurri berean; beharbada, bere heriotza, azken finean, mundu guztiarena zelako ote?
Horren hurrengo gogoeta zera izan zen, konponketak egin beharko zirela familiaren hilobian, Kaputxinoen komentuan. Tamalez, orduko ez zen baimenik ematen gorpuak kriptan lepotik eskegitzeko eta poliki momifikatzen ikusteko: bera, handia eta garaia, dotore-dotore geratuko zatekeen horma hartan, bere aurpegi pergamu bihurtuaren irribarre geldiarekin eta piqué zurizko galtza luzeluzeekin neskak ikaratzen. Baina ez; galaz jantziko zuten, soinean zeraman frak haretxekin, beharbada.
Atea ireki egin zen.
Osabatzarra, oso ederra zaude gaur. Ezin hobeto geratzen zaizu frak hori. Baina, zeri begira zaude? Heriotza kortejatu nahian, ala?
Tancredik Angelica zeraman besotik; dantzaren eragin sentsuaaren mende jarraitzen zuten, apur bat nekatuta. Angelicak eseri eta nusuzapi bat eskatu zion Tancrediri lokiak txukatzeko. Don Fajriziok eman zion berea. Bi gazteek erabateko ezaxolaz begiratzen zzioten koadroari. Bientzat, heriotzari buruzko ezagutza soil-soilik intelektuala zen, beste kultur datu bat zen, besterik ez, eta ez, ordea, hezurmuinetaraino sartutako esperientzia bat. Heriotza egon bazegoen, bai, ezbairik gabe, baina besteen kontua zen; gazteek, pentsatzen zuen Don Fabriziok, beren baitan goreneko kontsolabide horren berri ez dakitelako sentitzen dituzte garraztasun handiagoz oinazeak zaharrek baino; berauentzat, segurtasun-irteera hurbilago dago.
Printzea esan zuen Angelicak, esan digute berori hemen zegoela eta atsedena hartzeko etorri gara, baina baita gauza bat eskatzeko ere; espero dut ez didala ezetz esango begiak maliziaren maliziaz barrez zeuzkan, eta eskua Don Fabrizioren mahukan pausatu zuen. Hurrengo mazurka nirekin dantzatzeko eskatu nahi nion. Esan baietz, ez izan gaiztoa. Badakigu oso ondo egiten duela dantza.
Printzea izugarri poztu zen, indioilarra bezain harro sentitzen zen. Kaputxinoen kripta?, bai eta zera ere! Atseginaren atseginez dardarka zituen masail iletsuak. Mazurkaren kontu horrek, ordea, izu pixka bat ematen zion: dantza militar hura, oinkadaz eta jirabiraz beterik, ez zen ordurako ona bere hezurretarako. Angelicaren aurrean belauniko jartzea atsegingarria izango zen, baina, gero berriz zutitzeak ez ote zizkion arazoak ekarriko?
Eskerrik asko, Angelica, gaztetu egiten nauzu. Atsegin handiz obedituko dizut, baina mazurka bat ez; niretzat lehen balsa, nahi baduzu.
Ikusten duzu zeinen ona den osaba, Tancredi? Ez da zu' bezain kapritxosoa. Badaki, Printzea, ez zuela nirekin dantza egiteko eskatzea nahi? Jeloskortuta dago.
Tancredi barrez hasi zen.
Horrelako osaba eder dotorea edukita, zuzena da jeloskorra izatea. Tira, oraingoan ez dizuet galaraziko.
Hirurak ari ziren irribarrez, eta Don Fabriziok ez zekien ongi berari atsegin ematearren ala adarra jotzearren asmatu ote zuten eskaintza hura. Ez zuen axola: maitagarriak ziren, berdin-berdin.
Irtetean, Angelicak besaulki baten tapizeria ikutu zuen eskuaz.
Politak dira, kolore ederra dute; baina, berorren etxekoak, Printzea...
Itsasontzia aurrera zihoan jasotako bultzadarekin. Tancredi tartean sartu zen.
Nahikoa da, Angelica. Biok maite zaitugu, altzariei buruz dakizuna aparte utzita ere. Utzi bakean aulkiak, eta zoaz dantzara.
Dantzagelara zihoalarik, Sedàrak eta Giovanni Finalek hizketan jarraitzen zutela ikusi zuen Don Fabriziok. "Russella", " primintio" eta "marzolino" hitzak entzun zituen: ereiteko alearen abantailak alderatzen ari ziren. Bere baitan, Printzeak berehala iragarri zuen don Calogerok Margarossara nekazaritzan berrikuntzak sartuz Giovanni Finale hondamendira eramaten ari zen jabetzara joateko gonbidapena jasoko zuela.
Angelica-Don Fabrizio bikotea ikusgarria izan zen. Printzearen oin eskergak delikatutasun harrigarriaz mugitzen ziren, eta bere damaren arrasozko zapatatxoak behin ere ez ziren ikutuak izateko arriskuan egon. Printzearen eskutzarrak indarrez eta irmoki heltzen zion gerritik, eta kokotsa haren ile-uhin sorgingarrietan bermatzen zen; Angelicaren kolkotik bouquet à la Maréchale lurrina igotzen zen, baina, batez ere, larruazal gazte leunaren aroma. Tumèoren esaldi bat etorri zitzaion gogora Printzeari: «Paradisuko usaina edukiko dute haren izarek.» Esaldi ezegokia, esaldi zantarra, baina zehatza. Tancredi hori...
Angelica hitz egiten ari zitzaion. Bere jatorrizko buru-iritzia bere handinahia bezain ase zegoen.
Oso zoriontsua naiz, osabatzarra. Oso atseginak izan dira denak, oso zintzoak. Eta Tancredi maitagarria da; baita berori ere. Hau dena berorri zor diot, osabatzarra: baita Tancredi bera ere. Izan ere, berorrek nahi izan ez balu, gauza jakina da zer gertatuko zen.
Nik ez dut zerikusirik, ene alaba; zeure buruari zor diozu dena.
Egia zen: inongo Tancredi batek ezin izango zien gogor egin haren edertasunari eta, harekin batera, haren ondareari. Guztiaren gainetik igaroz ezkonduko zen berarekin. Ziztada batek zeharkatu zion bihotza: Concettaren begi harro porrokatuak etorri zitzaizkion gogora. Baina min laburra izan zen: bira bakoitzean urte bana erortzen zitzaion sorbaldetatik behera; laster hogei urterekin bezala aurkitu zuen bere burua, areto hartantxe Stellarekin dantza egiten zuenean bezala, desilusioak, aspertasuna eta beste guztia zer ziren ez zekienean bezala. Lipar batez, gau hartan, heriotza "besteen kontua" izan zen berriro bere begien aurrean.
Bere orduko sentsazioarekin zeharo bat zetozen bere oroitzapenetan hain murgilduta egonda, ez zen konturatu halako une batean Angelica eta biak bakarrik ari zirela dantzan. Beharbada Tancredik zirikatuta, gainerako bikoteak dantza egiteari utzi eta haiei begira zeuden; Ponteleone senar-emazteak ere han ziren: bihotz-samurtuta ziruditen; zaharrak ziren eta, beharbada, ulertu egiten zuten. Stella ere zaharra zen, baina bere begiek, ate-une batetik, goibelduta begiratzen zioten. Orkestrina isildu zenean, txaloaldi batek ez zuen eztandarik egin Don Fabriziok lehoi itxura handiegia zeukalako inork halako gauza ezegokia egiteko.
Balsa amaitu eta gero, Angelicak Tancredi eta bien mahai berean afaltzeko proposatu zion Don Fabrizior; oso pozik onartuko zuen, baina une hartan biziegiak ziren bere gaztaroko oroitzapenak, eta ongi konturatzen zen osaba zaharrarekiko afaria desatsegina gertatuko zitzaiela orduan, Stella handik bi pausutara zeukatelarik.
««Maiteminduek bakarrik egon nahi izaten dute, edota, bestela, arrotzekin; inoiz ez zaharrekin, eta, are gutxiago, ahaideekin.»
Eskerrik asko, Angelica, ez naiz gose. Zerbait hartuko dut zutik. Zoaz Tancredirekin, ez nitaz kezkatu.
Neska-mutilak urrundu arte zain egon zen une batez, eta gero buffet gelan sartu zen bera ere. Beste aldean mahai estu luze-luze bat zegoen, Diegoren aitonak, Espainiako Gortearen opariz, Madrileko bere enbaxadore-aldia amaitutakoan jaso zituen hamabi vermeil argimutil ospetsuek argituta: metal dizdiragarrizko euskarrien gainean, sei atleta eta sei emakume irudik, txandaka, zilar urreztatuzko enborrari eusten zioten beren buruen gainetik, hamabi kandelaren sugarraz koroaturik; urreginaren trebeziak maltzurki azaldu zuen gizonek nolako erraztasun lasaiaz, eta neskatilek nolako neke dohaintsuaz eusten zioten neurrizgaineko zama hari. Primerako hamabi pieza. «Batek jakin zenbat salma lurren balioa izango duten horiek!», esango zukeen Sedàra zorigaiztokoak. Don Fabrizio gogoratu egin zen nola egun batean Diegok argimutil guzti haien kaxak erakutsi zizkion: marrokin berdezko mendiska batzuk, alboetan Ponteleonetarren harmarri hirukoitza eta emaileen sigla elkar-gurutzatuak zeuzkatenak urrez moldaturik.
Argimutilen azpian, inoiz ere kontsumitu gabeko "erreserbako gozoki" piramideak sabai urrunerantz altxatzen zituzten bost mailatako fruta-ontzien azpian, dantzaldi handietako tables à thé direlakoen oparotasun monotonoa zabaltzen zen: bizirik egositako otarrainak, koralinoak; txahalkiz eginiko chaud froid-ak, argizari eta goma itxurakoak; saltsa arinetan murgildutako lupinak, altzairu kolorekoak; labe beroetan gorritutako indi-oiloak; oilagor hezurgabetuak, beren errai xehetuez apaindutako ogi xigortu mordo anbarezkoen gainean; gibel-pastelak, beren gelatinazko korazen azpian arrosa kolorez; goizalde koloreko galantinak, eta koloreko beste hamaika delizia anker; mahai-muturretan, zilarrezko bi zopa-ontzi monumentalen barruan consommé-a zegoen, anbar erre garbia. Afari hori prestatzeko, izerdi ederrik botako zuten aurreko gauetik sukaldariek beren sukalde handietan.
Arraioa, zenbat gauza! donna Margheritak ongi daki gauzak egiten. Baina nirea ez bezalako urdailak behar dira guzti honetarako.
Muzin egin zion eskubian kristalez eta zilarrez dizdiz zegoen mahaiari, eta ezkerretara abiatu zen, gozokiak zituenerantz. Han baziren izugarrizko babà batzuk, gorristak, zaldi gorrien ilajea bezala; Monte-Bianco-ak, esnegainezko elurrez zuri; beignets Dauphine, almendrek zuriz eta pistatxoek berdez zipriztinduak; txokolatezko profiterole mendi batzuk, marroi eta lodiak, Cataniako lautadako humusa bezala izan ere, hainbat jira-biraren ondoren, han zuten jatorria; parfait arrosak, parfait txanpaina kolorekoak, parfait grisak, krask eginez orrigabetzen zirenak labanak mozten zituenean; ginda gozagainduez eginiko litxarreriak; ananas horien tinbre mikatzak; eta "Sabelkoikeriaren garaipenak", beren pistatxo xehetuen berde hitsarekin; "Birjinen pastak", lizunkoi samarrak. Hauetatik bi eskatu zituen Don Fabriziok, eta platerean zeuzkala, bere bular moztuak erakusten zituen Santa Agedaren karikatura profano bat zirudien. «Nolatan ez ote zitzaion bururatu Ofizio Santuari gozoki hauek debekatzea, ahal zuen bitartean? "Sabelkoikeriaren garaipenak" (sabelkoikeria, bekatu hilgarria!) eta Santa Agedaren bularrak monasterioetan salduta eta festazaleek janda! Ai ene!»
Areto bainilaz, ardoz eta hauts apaingarriz usaintsuan, Don Fabrizio batetik bestera zebilen leku baten bila. Bere mahaitik, Tancredik ikusi eta aulki hatean jo zuen eskuaz, esertzeko lekurik bazegoela erakusteko; bere ondoan, Angelica, zilarrezko platera baten atzealdearen laguntzarekin, orrazkera ongi ote zeukan ikusi nahirik ari zen. Don Fabriziok, irribarrez, burua mugitu zuen, ezetz esateko. Bila jarraitu zuen. Mahai batetik Pallavicinoren satisfazio ahotsa entzuten zen: «Nire bizitzako bihotz-zirrararik handiena...!» Harengandik hurbil bazegoen leku huts bat. Baina, hura gizon nazkantea! Azkenerako, ez al zen hobe Angelicaren bihozkortasun bilatu baina atsegina onartzea eta Tancrediren ateraldi eta ziriak entzutea? Ez; hobe norbera aspertu, besteak aspertzea baino. Barkatzeko eskatu, eta koronelaren ondoan eseri zen; berau zutik jarri zen Printzea ondoratu zitzaionean, bai eta horrela Gattopardoren oniritzi apur bat irabazi ere. Aukeratu zituen gozokietako "bianco mangiare", pistatxo eta kanela nahasketa fin hura dastatzen zuen bitartean, Don Fabriziok hizketan ziharduen Pallavicinorekin, eta ohartzen zen berau, beharbada andreentzat gordetzen zituen esaldi ezti-jarioak alde batera utzita, ez zela txoriburu bat, inondik inora ere; hura ere "jaun" bat zen, eta bere klasearen ohiko eszeptikotasunak, paparreko bersagliere-sugar oldartsuek itota egon ohi zen arren, burua ateratzen zuen orain, bere jatorrizko giroaren antzeko batean zegoelarik, koarteletako eta bere emakumezko miresleen ezinbesteko erretorikatik kanpo.
Orain Ezkerrak gurutzean josi nahi nau, abuztuan Jeneralari tiro egiteko agindu nielako nire mutilei. Baina, esan, Printzea, beste zer egin nezakeen aldean neramatzan agindu idatziekin? Gainera, aitortuko dut: han, Aspromonten, alkondaragabe horietako ehundaka batzuen aurrean egokitu nintzenean, haietako batzuek fanatiko sendaezinen aurpegia zutela, eta beste batzuek ogibidez bazternahasle direnen bisajea, poztu ere egin nintzen, agindu horiek zeharo ados zetozelako neronek pentsatzen nuenarekin; tiro egiteko agindua eman izan ez banu, jende hark txiki-txiki egingo zituzkeen nire soldaduak, bai eta ni ere, eta hori ez zen kalte handia izango, baina frantsesak eta austriarrak parte hartzera eramango zituzkeen; sekulako nahaste-borrastea, mirariz, edo, bestela esanda, auskalo nola osatu den Italiako Erreinu hau hondamendira eramango zukeena. Eta, bion arterako esana, nire tiroketa laburrak Garibaldiri lagundu zion batik bat: begi-bistatik kendu zion inguruan zeukan jendilaje hura, Zambianchi bezalako morroi haiek guztiak, auskalo zertarako berataz aprobetxatzen ari zirenak, asmo onez beharbada, baina zentzurik gabe, edo Tuillerie-ek edo Palazzo Farnese-k akuilatuta, batek jakin; berarekin batera Marsalan lehorreratu zirenak ez bezalakoak denak, Italia "quarantottata" sorta batekin eraiki daitekeela uste zutenak, haien arteko onenak behintzat. Berak, Jeneralak, badaki hori, ze, ezaguna denez, bere aurrean belauniko jarri nintzenean, eskua tinkatu egin zidan, eta tinkatu gainera bost minutu lehenago oinean bala bat sartu dizunarekin, nire ustez, ohikoa ez den berotasunarekin; eta, ba al daki zer esan zidan isilpean berak, mendi zoritxarreko hartan zebilen pertsona egoki bakarra zen hark? «Eskerrik asko, koronela.» Eskerrik asko, zergatik?, galdetu nion; bizitza guztirako herren utzi nuelako?, ez, noski; begien aurrean jarri nizkiolako bere jarraitzaile badaezpadako haien fanfarroikeriak eta, okerrago beharbada, zitalkeriak.
Barkatu, koronela, baina ez duzu uste gehiegizkoak izan zirela eskumuin, sonbreru-kentze eta laudorio haiek guztiak?
Egia esanda, ez. Omenaldi-ekintza horiek zinezkoak zirelako. Ikusi behar zen gizon handi gaixo hura, lurrean etzanda, gaztainondo baten azpian, gorputzean mina zuela, eta are min handiagoa izpirituan. Penagarria zen! Horrek argi erakusten zuen ume bat izan dela beti, bizarra eta zimurrak dituena, baina mutiko bat, halere, buruarin eta inuzentea. Hura beldurtzera behartuta egon ondoren, nork ez zuen sentituko zarrastada bat bihotzean? Gainera, zergatik ez nuen sentitu behar? Nik emakumeei bakarrik ematen diet eskuetan muin; ba, orduan ere, Printzea, Erreinuaren salbazioari eman nion muin, hura ere andre bat baita, guk, militarrok, ohoratu behar duguna.
Zerbitzari bat igarotzen ari zen; Don Fabriziok Mont-Blanc zati bat eta kopa bat champagne ekartzeko eskatu zuen.
Eta zuk, koronel, ez duzu ezer hartu behar?
Jateko ezer ez, eskerrik asko. Beharbada, kopa bat champagne nik ere.
Gero berearekin jarraitu zuen; bistan zen ezin zezakeela oroitzapen hura gainetik kendu, ezen, tiro gutxiz eta trebetasun handiz egina izanik, bere antzekoak liluratzen zituen tankera horretakoa baitzen.
Nire bersagliere-ek desarmatzen zituzten bitartean, Jeneralaren gizonak erneguka eta biraoka ari ziren. Badaki noren kontra? Beraren kontra, bere buruarekin ordaindu zuen bakarraren kontra. Nazkagarria, baina jakinekoa: ondo ikusten zuten eskuen artetik ihes egiten ziela pertsonalitate ume baina handi hark, haien azpijoko ilunak estal zitzakeen bakarrak. Eta nire kortesiak egin beharrik egon ez balitz ere, poz berberaz egingo nituzkeen; hemen, gure artean, Italian, inoiz ere ez gara gehiegikeriatan erortzen sentimentalismoekin eta musukeriekin: dauzkagun argudio politikorik eraginkorrenak dira.
Eraman zioten ardoa edan zuen, baina horrek saminaldia areagotu egin zion, itxuraz.
Berori ez da egon kontinentean Erreinua sortu eta gero, ezta? Zorionekoa! Ez da ikuskizun polita. Batu garen honetan bezain bereiztuta ez gara behin ere egon. Torinok ez dio hiriburua izateari utzi nahi; Milanok austriarrena baino txarragoa irizten dio gure administrazioari; Firenze artelanak kanpora eramango ez ote dizkioten beldurrez dago; Napoli negarrez, galtzen ari den industriak direla eta; eta hemen, Sizilian, zerbait izugarri eta zentzugabea ari da ernatzen... Oraingoz, berorren zerbitzari apal honen merituz ere, ez da hitz egiten alkandora-gorriei buruz, baina hitz egin egingo da berriro. Eta horiek desagertzen direnean, beste kolore batekoak etorriko dira; eta gero, gorriak berriro. Eta nola amaituko da dena? Italiak ba omen du izar babesle bat; baliteke. Baina berorrek, Printze horrek, nik baino hobeto daki izar geldiak ez daudela egiatan geldirik.
Zertxobait txolinduta beharbada, igarle baten antzera hasia zen. Ikuspegi kezkagarri haiekin, Don Fabriziok bihotza estutzen zitzaiola sentitzen zuen.
Dantzaldiak luze iraun zuen, eta goizaldeko seiak jo zuten: denak ahituta zeuden, eta gutxienez hiru ordu lehenagotik oheratu nahirik; baina goiz alde egitea jaia ondo atera ez zela adieraztea bezala izango zen; etxeko jaun-andreak mindu egingo ziren, gaixoak, hainbeste neke hartu eta gero.
Emakumeek zurbilduta zeukaten aurpegia, jantziak, aldiz, zimurtuta, arnasa lodi. Amabirjina maitea, hau nekea! Amabirjina maitea, hau logurea! Beren korbata nahastuen gainean, gizonezkoek horituta eta zimurtuta zeukaten aurpegia, ahoa, berriz, txistu mingotsez bustita. Gero eta bisita ugariago egiten zituzten orkestraren balkoiaren pare zegoen gelatxo ez oso zaindu batera: han, ordena ederrean antolatuta, hogei bat pixontzi zeuden, ordu hartan gehienak goraino beteta eta batzuk ia gainezka. Dantzaldia amaitzear zegoela sentituz, mirabe logaletuek orduko ez zituzten aldatzen lanparetako kandelak: mutxikin motzek argi lausoa, ketsua, parte txarrekoa zabaltzen zuten saloietan. Buffet gelan basoak, hatz bete ardorekin, mirabeek, ingurura begiratuz, berehala husten zituztenak, eta plater deseginak besterik ez zeuden. Egunsentiko argia leihatiletako zirrikituetatik ausartzen zen, plebeioki.
Bilera hura zatika ari zen murrizten, eta donna Margheritaren inguruan jende talde bat zegoen, elkarri agurka. «Oso polita izan da! Amets bat! Antzina bezala!» Tancrediri kosta egin zitzaion don Calogero iratzartzea, aparteko besaulki batean lokartuta baitzegoen, burua atzerantz makurtuta; galtza-barrenak belauneraino igota zeuzkan, eta bere zetazko galtzerdien gainetik galtzontziloen muturra ikusten zen, herrietan erabili ohi direnak bezalako galtzontziloak, benetan. Pallavicino koronelak ere bazituen begizuloak; hala ere, entzun nahi zionarentzat, etxera ez zihoala eta zuzenean Ponteleone jauregitik arma-plazara zihoala esaten ari zen; horixe agintzen zuen dantzaldi batera gonbidatutako militarrek betetzen zuten tradizio gogorrak.
Familia karrozara sartu zenean ihintzak umelduta zeuden kuxinak, Don Fabriziok oinez etxeratuko zela esan zuen; hozkirri apur batek on egingo zion, buruko min pixka bat zeukan. Aldiz, izarretara begira kontsolabide apur bat lortu nahi zuen, hori zen egia. Bakarren bat bazegoen artean ere, zenitean. Izarrak ikustean suspertu egin zen, beti bezala; urrun zeuden, guztiahaltsu eta, aldi berean, bere kalkuluetarako otzan; gizonen alderantziz, hain zuzen: hurbilegi beti, ahulak eta, halere, bihurriak.
Kaleetan joan-etorri apur bat bazen ordurako: gurdiren bat, tira egiten zuen asto ñabarra baino lau aldiz handiagoko zabor piloarekin. Estalkirik gabeko orga batean pilatuta zeramatzaten zertxobait lehenago hiltegian hildako idiak, pusketaka, heriotzaren lotsagabekeriarekin beren barneko mekanismoak agerian utziz. Tarteka, tanto gorri lodi bat erortzen zen harzolaren gainera.
Zeharkale estu batetik zeruko ekialdea begiztatu zuen, itsasoaren gainetik. Han zen Venus, udazken-lurrunezko bere turbantean bildurik. Beti leiala zen, Don Fabrizioren zain egon ohi zen beti, goizez irteten zenean, Donnafugatan ehizera baino lehen, orain, aldiz, dantzaldiaren ondoren.
Don Fabriziok hasperen egin zuen. Noiz erabakiko zen topagune ez hain iheskor bat ematera, huskerietatik eta odoletik urruna, ziurtasuna betiko nagusi den eskualdean?
© Giuseppe Tomasi di Lampedusa
© itzulpenarena: Koldo Biguri