BOSGARREN ZATIA

 

Otsaila, 1861

 

        Aita Pirrone herri bateko semea zen; izan ere, San Cono zen bere jaioterria, herri txiki-txiki bat, orain autobusei esker Palermoko satelite bat ia-ia, jendez betea; baina duela mende bat, nolabait esateko, planeta-sistema berezi batekoa zen, gurdiz lauzpabost orduko bidea baitzegoen Palermoko eguzkitik.

        Gure jesulagunaren aita San Eleuterioren abadiak San Conoko lurretan ohore handiz zeuzkan bi feudotako "arduraduna" izan zen. Garai hartan, nahiko ogibide arriskutsua zen "arduraduna" izatea bai arimaren, bai gorputzaren osasunerako, harreman arraroak edukitzera behartzen zuelako, bai eta halako kontu arriskugarri batzuk ezagutzera ere: izan ere, pilatzen zirenean, halako gaixotasun bat eragiten zuten, "kolpetik" —horixe da hitz zehatza— gaixoa edozein hormaren oinetan zerraldo botatzen mena, bere kontu guztiak sabelean zigilatuz eta ezin erabiltzeko moduan utziz astidunen jakinminerako. Alabama, don Gaetanok, apaizaren aitak, zuhur jokatzean eta aurre-sendabide batzuk zentzuz erabiltzean oinarritutako higiene zorrotzari esker lortu zuen lanbideko gaixotasun horn ihes egitea; eta pulmoniak jota hil zen bakean otsaileko igande eguzkitsu batean, almendrondoetako loreak soiltzen zituen haizearen hotsarekin. Emazte alarguna eta hire seme-alaba —bi neska eta gure apaiza— egoera ekonomiko nahiko onean utzi zituen; gizon argia izanik, ondo jakin zuen dirua aurrezten abadiak ordaintzen zion soldata sinestu ezin den bezain eskasarekin, eta bere heriotzako orduan bazeuzkan almendrondo batzuk haran barrenean, mahats landare batzuk aldatzetan eta, goraxeago, belardi harritsu txiki bat; pobretxo baten ondasunak, noski, baina nahikoa San Conoko ekonomia txiroan nolabaiteko pisua edukitzeko; orobat, bazeukan etxetxo zeharo kubiko bat, kanpotik urdina eta barrutik zuria, lau gela behean eta lau goian, herrira Palermotik sartu eta hantxe.

        Hamasei urte zituela urrundu zen aita Pirrone etxe hartatik, eliz eskolan azaldu zituen dohainek eta San Eleuterioko abate mitradunaren onginahiak Artzapezpikutegiko apaizgai-etxerantz bideratu zutenean; baina, hainbat urtez behin, askotan itzulia zen, bai arreben ezkontzak bedeinkatzera, bai don Gaetano hilurrenari beharrik gabeko —munduaren ikuspegitik, noski— absoluzio bat ematera, eta orain ere itzultzen zen, 1861eko otsailaren bukaera aldean, aitaren heriotzaren hamabosgarren urteurrenerako; eta egun haizetsu eta garbia zen, beste hura izan zen bezalakoxea.

        Astinaldiz beteriko bost ordu izan ziren, oinak dilindan zaldiaren buztan atzean; baina, gurditxoaren oholetako pintura abertzale berriek eragindako goragalea gainditu ondoren —izan ere, beste guztien gainetik, sugar koloreko Garibaldi bat irudikatzen zuten erretorikoki itsaso koloreko Santa Rosalia baten besotik—, bost ordu atsegingarri izan ziren. Palermotik San Conora igotzen den haranak baditu bere baitan itsas-bazterretako paisaiaren oparotasuna eta barrualdekoaren gogortasun errukigabea, eta aire osasungarria duten haize bolada batzuek zeharkatzen dute; haize bolada ospetsuak, gainera, hobekien zuzendutako balak ere beren bidetik bazterrarazteko gauza omen direnak, halatan non tiratzaileek beste norabait nahiago baitute praktikatzera Joan, hango balistika-arazo korapilatsuegiak ikusirik. Gurdizaina, gainera, hildakoa oso ondo ezagutu zuenez, luze eta zabal aritu zen haren merituak gogoratzen, bai eta oroitzapen haiekin lausengatu ere entzutera ohitutako bidaiaria, beti egokiak izan ez ziren arren seme baten eta apaiz baten belarrientzat.

        Iristean, alaitasun negartsu batez hartu zuten. Besarkatu eta bedeinkatu zuen bere ama, amaigabeko dolu beltzezko artileen artetik alargunen ile zuri eta aurpegi arrosa erakusten zituena; arrebak eta ilobak agurtu zituen, baina hauen arteko bati, Carmelori, zeharka begiratu zion, ezkarapela hirukoloreko bat jarria zuelako kapelan, jai seinale. Etxeratu bezain laster, beti bezala, gaztetako oroitzapenen oldar gozo-gozoak menderatu zuen: aldatu gabe zegoen dena, lurreko buztin gorrizko baldosetatik hasi eta altzari xumeetaraino; argi berbera sartzen zen leiho estuetatik; Romeo, txoko batean zaunkada laburrak egiten zituen zakurra, bere indarjokuetako lagun izandako beste cernieco baten birloba guztiz antzekoa zen; eta sukaldetik "ragú" borborkariaren mendetako lurrina iristen zen: tomate xehetua, tipulak eta aharikia, egun berezietako anelletti-etarako; gauza orok adierazten zuen aita zenaren nekeekin lortutako bakea.

        Elizarantz atera ziren berehala, urte-meza entzuteko. Egun hartan, San Conok bere itxurarik onena agertzen zuen eta eskuzabaltasunez, harrotasunez ia, erakusten zituen era askotako simaurrak; kale aldapatsuetan gora, jendearen artetik elkarri jarraika zebiltzan ahuntz txiki urduri batzuk, errape beltzak dilindan, eta txerritxo siziliar batzuk ere, ilunak, moxal nimiñoak bezain bizkorrak; eta aita Pirrone nolabait herriko loria izatera iritsia zenez gero, asko ziren bedeinkapena eskatzeko edo iraganeko garaiak gogoratzeko bere inguruan pilatzen ziren emakume, ume eta gazteak ere.

        Sakristian erretorearekin elkartu zen, aspalditik elkar ikusi gabeko lagunen antzera, eta meza entzun ondoren aldameneko kaperatxo bateko hilarri baten ondora abiatu ziren: emakumeek negarrez musu eman zioten marmolari, eta semeak ozenki egin zuen otoitz bere latin misteriotsuaz; etxeratu zirenean, anelletti-ak pronto zeuden eta gozoak iruditu zitzaizkion aita Pirroneri, Villa Salinako sukaldeko fintasunek ez baitzioten hondatu dastamena.

        Gero, arratsaldean, adiskideak etorri zitzaizkion agurtzera eta haren gelan bildu ziren: sabaitik eskegita, hiru besoko kobrezko kriseilu batek olioz bustitako metxen argi motela zabaltzen zuen; txoko batean, oheak bere koltxoi koloretsuak eta ohazal gorri-hori itogarria uzten zituen agerian; gelako beste txoko bat zimmile deritzan estera altu zurrun batek ixten zuen: familiaren beharretarako astero errotara eramaten zen ezti koloreko garia gordetzen zuen. Hormetan, grabatu baztanga-pikatu batzuetan, San Antoniok JainkoHaurra erakusten zuen, Santa Luziak bere begi atereak, eta San Frantzisko Xabierrek sermoia egiten zien indiar lumadun erdi biluzi andana batzuei; kanpoan, ilunabar izarratuan, haizeak txistu egiten zuen eta, bere erara, urteurrena ospatzen zuen bakarra zen. Gelaren erdian, kriseilu azpian, txingarrontzia zegoen, lurraren kontra zapaldurik, eta gelan zeudenek oinak jarriak zituzten haren inguru guztiko egur dizdiragarrian, sokazko aulkietan eserita. Erretorea, Schiró anaia biak —hango lurjabe batzuk— eta don Pietrino, botikario zaharzaharra ziren; kopetilun etorriak ziren eta kopetilun jarraitzen zuten, politikaz ari zirelako, eta aita Pirroneren albiste lasaigarrien zain zeudelako, emakumeak behean lanpeturik zeuden bitartean; izan ere, Palermotik iritsi berria izanik, asko jakin behar zuen, "handikien" artean bizi zenez gero. Albiste-egarria asea izan zen, lasaigarrinahiak, ordea, pot egin zuen, haien adiskide jesulaguna, apur bat zintzotasunagatik, apur bat taktikagatik ere, ezin beltzago azaltzen ari baitzitzaien etorkizuna: Gaetan haizean kulunkan jarraitzen zuen Borbondarren banderak, baina blokeoa burnizkoa zen, eta gotorlekuko armategiek banan-banan leher egiten zuten; orduko han ez zen ezer salbatzen, ohorea salbu, hau da, deus gutxi; Rusia laguna zen, baina urruna, Napoleon IILa, aldiz, hurbila baina ezin fidatzeko modukoa, eta jesulagunak ez zituen ezertarako ere aipatzen Basilicatako eta Terra di Lavoroko matxinatuak, bere barne-barnean haietaz lotsatzen baitzen. Zioenez, beharrezkoa zen errealitatearen aurrean makurtzea eta onartzea eratzen ari zen Italiako estatu hura, jainkogabe eta harraparia, bai eta Piamontetik haraino koleraren antzera zabalduko ziren desjabetze eta soldadutza lege haiek ere.

        — Ikusiko duzue —izan zen bere azken ondorio ez orijinala—, negar egiteko begirik ere ez digute utziko.

        Herrietako kexuen ohiko korua bildu zitzaien hitz horiei. Schiró anaiak eta botikarioa hasiak ziren zerga-bilketaren horzkada sentitzen; lehenen kasuan, kontribuzio bereziak eta zergen igoera izan ziren; bestearen kasuan, aldiz, ustekabeko galanta: Udaletxera deitu zioten eta esan, urtean hogei lira ordaindu ezik, aurrerantzean ez ziotela bere sendabelarrak saltzen utziko.

        — Ni, ordea, pitusgarria, asma-belarra eta Jainkoak egindako belar santu horiek neure eskuz hartzera joaten naiz mendira, euri ala ateri, behar den gau eta egunetan! Lehortzeko, eguzkitan jartzen ditut, guztiona da eta, eta neure etxean xehetzen ditut nire aitonaren motrailuarekin! Zertarako sartzen zarete zuek, Udaletxeko horiek? Zergatik ordaindu behar dizkizuet hogei lira?, zuen aurpegi ederragatik?

        Hitzak ito-itoka irten zitzaizkion hortzik gabeko ahotik, baina begiak egiazko amorruz goibeldu zitzaizkion.

        — Oker ala zuzen nago, aita? Esan!

        Jesulagunak begiko zuen: adintsu gogoratzen zuen, makurtzen hasia ere, etengabe jira-biraka eta lurretik gauzak jasotzen ibiltzeagatik, berak artean ere txoriei harrika egiten zien denboran; eta gainera esker zitzaion, bazekielako emakumetxoei bere belar-ur bat saltzen zienean beti esaten ziela hainbat "Agur Mariarik" edo "Gloria Patririk" gabe alferrekoa izango zela hura. Bestalde, bere burmuin zuhurrak ez zuen jakin nahi zer zegoen egiatan nahastura haietan eta zeren itxaropenez eskatzen ziren.

        — Arrazoia duzu, don Pietrino, ehun aldiz arrazoia. Nola ez, ba? Baina sosak ez badizkizuete zuei edo zuek bezalako pobretxoei hartzen, non aurkituko dituzte, Aitasantuari gerra egin eta berea dena lapurtzeko?

        Solasaldia luzatzen ari zen, leihatila sendoetatik sartzea lortzen zuen haizeak dardar jarritako argi apalarekin. Aita Pirronek etorkizunean Elizari ezinbestez kenduko zizkioten ondasunak aletzen jarraitzen zuen: agur, beraz, inguruko abadiaren nagusitasun leunari; agur negu gogorretan banatzen zen zopari; eta Schiró anaietan gazteenak zuhurgabeki esan zuenean nekazari batzuek, horrela, beren lursail ttiki bat eduki ahalko zutela, ahotsa mespretxurik sendoenaz gogortu zitzaion.

        — Ikusiko duzu, don Antonino, ikusiko duzu. Alkateak dena erosi, lehen kuotak ordainduko ditu, eta gero hor konpon! Halaxe gertatu da Piamonten.

        Joan ziren azkenik, bildu zirenean baino askoz ere kopetilunago eta bi hilabeterako marmarizoz hornituta; bakarrik botikarioa geratu zen; gau hartan ez zen ohera joango, ilargi betea izanik, Pietrazzi aldeko harkaitzetan erromeroa biltzera joan behar zuelako; esku-argi txikia eraman zuen aldean, eta irten bezain laster aterako zen bila.

        — Baina, aita, zu nobleziaren artean bizi zara, eta zer diote "handikiek" nahaspila handi honetaz? Zer dio Salinako printzeak, bera den bezalako handi, suminbera eta harroa izanda?

        Aita Pirronek behin baino gehiagotan egina zion bere buruari galdera hori, eta erantzutea ez zen erraza izan, batez ere ez zuelako aintzat hartu edo gehiegikeriatzat hartu zuelako Don Fabriziok goiz batean behatokian, orduan ia urtebete, esan ziona. Orain erantzuna ezagutzen zuen, baina ez zekien don Pietrinori ulertzeko moduan nola itzuli, ezen berau leloa ez izan arren, gehiago ulertzen zuen bere belarrek katarroa kentzeko edo tripako haizeak ateratzeko duten ahalmenaz, edo beharbada ahalmen afrodisiakoez ere, halako abstrakzioez baino.

        — Begira, don Pietrino, "handikiak", zuk diozun bezala, ez dira erraz ulertzen. Unibertso berezi batean bizi dira, Jainkoak zuzenean ez, baizik eta haietxek, eskarmentu guztiz bereziz, gureak ez bezalako pozez eta atsekabez beteriko hainbat mendetan zehar sortu duten unibertso batean; badute oroimen kolektibo sendo samarra, eta, hortaz, asaldatu edo alaitu egiten dira zuri edo niri bost axola zaizkigun gauzekin, baina haientzat gauza horiek hil edo bizikoak dira, loturik daudelako haien klasearen oroitzapenek, itxaropenek eta beldurrek osatzen duten ondare horrekin. Jainkoaren Probidentziak nahi izan du ni partikula apal bat izatea betirako garaipena segurtatua izan zaion Eliza betiereko honen Ordenurik loriatsuenean; zu eskalako beste muturrean zaude, ez diot baxuenean, ezberdinenean baizik. Zuk oregano landare sendo bat aurkitzen duzunean edo errauliz ongi hornitutako habi bat (horiek ere bilatzen dituzu, don Pietrino, badakit), harreman zuzenetan zaude Jainkoak sortu duen naturarekin, eta sortu gainera ona eta txarra bereiztu gabe, gizonak bere aukera librea egin ahal dezan; eta atso gaiztoek edo neskatila irritsuek laguntza eskatzen dizutenean,

        Golgotako argiak baino lehenagoko garai ilunetaraino jaisten zara mendeen leizean.

        Agureak harrituta begiratzen zion: jakin nahi zuen Salinako printzea pozik zegoen ala ez egoera berriarekin, eta besteak errauliak eta Golgotako argiak ateratzen zizkion. «Hainbeste irakurrita, burutik amaitu dik, koitadua!

        — "Handikiak" ez, ez dira horrelakoak; jadanik manipulatuta dauden gauzetatik bizi dira. Betiko bizitzaz lasaitzearren zerbitzen diegu elizgizonok, zuek, botikariook biguingarriak edo bizkorgarriak ematearren zerbitzen diezuen bezala. Eta horrekin ez dut esan nahi gaiztoak direnik: alderantziz. Ezberdinak dira; beharbada arraroak iruditzen zaizkigu, guztiek, santuek izan ezik, bilatzen duten zerbaitera iritsiak direlako: alegia, ondasun lurtarrekiko axolarik ez izatera, ohituta daudelako horiek edukitzera. Beharbada horrexegatik ez dira arduratzen guk oso aintzat hartzen ditugun gauza batzuekin; mendian dagoena ez da kezkatzen lautadetako eltxoekin, eta Egipton bizi dena aterkiez ahaztu egiten da. Harako hura, aldiz, elur-jauzien beldur izaten da, bestea, ordea, krokodiloen beldur, eta bai batzuek bai besteek ere axola gutxi guri. Guk ezagutzen ez ditugun beldurrak dauzkate haiek: haserre ikusia dut Don Fabrizio, gizon serio eta burutsua bera, gaizki plantxatutako alkandora-lepo bategatik; eta ongi dakit Làscariko printzeak gau batean ez zuela lorik egin, amorruaren amorruz, Lugartenientetzan eginiko otordu batean leku okerrean jarri zutelako. Hara, ez al zaizu iruditzen arropa zuriagatik edo protokoloagatik bakarrik bere senetik ateratzen den gizateria mota hori zoriontsua dela, eta beraz goragoko maila batekoa?

        Ordurako, don Pietrinok ez zuen ezer ulertzen: arrarokeria arrarokeriaren gainetik zetorren: orain alkandora-lepoak eta krokodiloak. Baina artean bazuen herriko gizonaren zentzu on apur bat laguntzeko.

        — Baina, horrela baldin bada, aita, infernura joango dira denak!

        — Zergatik? Batzuk galdu egingo dira, beste batzuk salbatu, beren mundu baldintzatu horretan nola bizi izan diren. Ziur aski, Salina, esate baterako, onik aterako da; ongi jokatzen du bere jokoan, betetzen ditu arauak, ez du tranparik egiten; ezagutzen dituen jainko-legeak nahita hausten dituena zigortzen du Jaunak, bide okerretik nahita sartzen dena; aldiz, bere bideari jarraitzen diona lasai egon daiteke, baldin eta itsusikeriarik egiten ez badu bide horretan. Zuk, don Pietrino, mendafinaren lekuan astaperrexila salduko bazenu, horren jakinean saldu, alegia, akabo zu; baina hobe beharrez egiten baduzu, Tana andreak Sokrateren heriotze guztiz noblea edukiko du eta zu zerura joango zara zuzen-zuzen, tunikaz jantzita eta hegaltxo batzuekin, zuri-zuria erabat.

        Sokrateren heriotza gehiegi izan zen botikarioarentzat; etsitu eta loak hartu zuen. Aita Pirrone konturatu eta pozik geratu zen, orain gaizki ulertua izateko beldurrik gabe hitz egin zezakeelako; eta nahi zuen hitz egin, esaldien ke-kizkurretan aditzera eman bere barnean ilunkiro pil-pilean zeuzkan gogoetak.

        — Eta ongia egiten dute, gainera. Jakingo bazenu, esate baterako, zenbat familiak aurkitzen duten babesa jauregi haietan, kale gorrian egon ordez! Eta trukean ez dute ezer eskatzen, ezta lapurreta txikirik ez egitea ere. Eta hori ez dute handi-mandikeriagatik egiten, baizik eta bestelakorik egitea galerazten then odoleko sen ilun moduko bategatik. Beharbada bestela badirudi ere, ez dira beste asko bezain berenkoiak: haien etxeen bikaintasunak, haien festen ponpeziak badute zerbait inpertsonala, pixka bat elizen eta liturgiaren handitasuna bezalakoa, zerbait ad maiorem gentis gloriam egina, neurri handi batean erredimitzen dituena; edaten duten baso bete txanpaina bakoitzeko berrogeita hamar eskaintzen dizkiete besteei, eta norbait gaizki tratatzen dutenean, gertatu ohi den bezala, bekatua baino areago, beren klasea finkatzen duen ekintza bat da hori. Fata crescunt. Adibidez, Don Fabriziok bere iloba Tancredi babestu eta hazi du; hitz batean, bestela galduta egongo zen umezurtz gaixo bat salbatu du. Esango duzu gazte hori ere handikia zelako egin duela hori, beste inor izanez gero ez zukeela hatz bakar bat ere mugituko. Egia da, baina zergatik egin beharko zuen horrelakorik, bere bihotzaren sakonean benetan uste badu "besteak" gaizki ateratako aleak direla, irudigilearen eskuetatik itxuragabeturik atera diren portzelanak direla, su-proban jartzea ere merezi ez dutenak? Don Pietrino, mementu honetan lo ez bazeunde, jauzi egingo zenuke esateko handikiak gaizki ari direla besteak erdeinatzean, eta denok, maitasunaren eta heriotzaren uztarpean aldi berean, berdinak garela Sortzailearen aurrean; eta arrazoia eman beharko nizuke derrigorrez. Baina erantsiko nuke ez dela zuzena erdeinua "handikiei" bakarrik leporatzea, hori bizio unibertsala baita. Unibertsitatean irakasten duenak eliz eskoletako maisu gaixoa erdeinatzen du, horrelakorik nabarmentzen uzten ez badu ere; eta lo zaudenez gero, zalantzarik gabe esan diezazuket elizgizonok laikoen gainetik sentitzen dugula geure burua, eta jesulagunok gainontzeko kleroaren gainetik, zuek, botikariook, hortz-ateratzaileak erdeinatzen dituzuen bezala, edo haiek zuei irri egiten dizueten bezala; medikuak, aldiz, hortz-ateratzaileez eta botikarioez burlatzen dira, baina beren gaixoek astotzat hartzen dituzte haiek, eta bihotza edo gibela porru eginda dutela ere bizitzen jarraitu nahi dute. Epaileen iritziz, abokatuak legeen funtzionamendua atzeratu besterik nahi ez dzten nazkante batzuk baino ez dira, eta bestalde literaturak ugari ditu epaile horietxen ponpeziaren, nagikeriaren eta, beharbada, zerbait okerragoaren kontrako satirak. Nekazariek bakarrik erdeinatzen dute beren burua; baina ikasten dutenean besteen lepotik irri egiten, gurpila itxi eta hasieratik hasi beharko da berriro.

        Pentsatu al duzu inoiz, don Pietrino, zenbat ofizio-izen bihurtu diren iraingarri? Kargamutila, zapata-konpontzailea edo pastelerotik hasita, frantsesezko reitre edo pompier hitzetaraino. Jendeak ez die erreparatzen kargamutilen edo suhiltzaileen merituei; haien bazterreko akatsei bakarrik begiratu eta denei zakar edo harroputz deitzen die; eta entzuten ez didazunez gero, esango dizut oso ongi dakidala nolako esanahi arrunta duen "jesulagun" hitzak. Bestalde, noble horiek duintasunez jasaten dituzte ezbeharrak; ikusia dut bat, zorigaiztokoa halakoa, biharamunean bere burua hiltzea erabakita eduki arren, mutiko bat Lehen Jaunartzearen bezperan bezain irripartsu eta adoretsu zirudiena. Aldiz, zuk, don Pietrino, badakit; zure kexuekin zoratu egiten duzu herri guztia zure pitusgarri-ur horietako bat edan behar duzunean. Sumina eta iseka jaunenak dira; kexak eta aieneak ez. Begira, errezeta bat emango dizut: topatzen baduzu "handiki" kexati negarrontzi bat, begira bere zuhaitz genealogikoari: adar idor bat aurkituko duzu segituan.

        Deusezten zaila den klase bat da, funtsean etengabe zaharberritzen delako eta, beharra dagoenean, badakielako ongi hiltzen; hau da, badaki hazi bat jaurtitzen bukaera iristen denean. Begira bestela Frantziari: dotoreziaz utzi dira sarraskitzen eta orain han daude lehen bezala; lehen bezala, bai, ez baitira latifundioak edo eskubide feudalak noblea egiten dutenak, ezberdintasuna baizik. Esan didatenez, Parisen badira gaur egun hainbat konte poloniar, matxinadek eta despotismoak deserrira eta errekara bultzatu dituztenak; zaldi-kotxeak gidatuz ateratzen dute bizimodua, baina nolako bekosko ilunez begiratzen dieten beren bezero burgesei!; umil-umil igotzen omen dira gaixoak kotxeetara, zergatik jakin gabe, elizan sartutako zakurrak bezala.

        Eta beste zerbait ere esango dizut, don Pietrino; beste hainbatetan gertatu bezala, klase horrek desagertu beharko balu, segituan beste bat sortuko litzateke, lehengoaren parekoa, on-gaitz berberekin; beharbada ez litzateke odolean oinarrituko, baizik eta, nik zer dakit... leku batean bizitzen daramaten denboran, edo sakratua omen den halako testu bati buruz usiez daukaten ezagutza hobean.

        Une hartan, zurezko eskaileran amaren oin-hotsak entzun ziren; barrez sartu zen.

        — Norekin ari zinen hizketan, ene seme? Zure laguna lo dago, ez al duzu ikusten?

        Aita Pirrone apur bat lotsatu zen; ez zuen erantzun, baina bai esan: —Kanpora lagunduko dut oraintxe. Gaixoa, hotzak akabatzen egon beharko du gau osoan.

        Esku-argiko metxa atera eta, hanka puntetan eta bere sotana olioz zikinduz, lanparako gar batean piztu zuen; bere lekura itzuli eta ateska itxi zuen. Don Pietrino ametsetan murgilduta zegoen; ezpain batetik txistu hari bat erori eta paparrean zabaltzen zitzaion. Ez zen gauza erraza izan hura iratzartzea.

        — Barkatu, aita, baina hain gauza arraro eta nahastuak ari zinen esaten!

        Irribarre egin, jaitsi eta kanpora atera ziren. Gauak etxetxoa, herria, haran osoa estaltzen zituen; ozta-ozta nabarmentzen ziren hurbileko mendiak, beti bezala, mehatxugarri. Haizea baretua zegoen, baina hotz handia egiten zuen; izarrak amorruz ari ziren dizdizka, milaka gradutako beroa eragiten zuten, baina ezin zuten agure koitadu bat berotu.

        — Don Pietrino gaixoa! Nahi al duzu beste beroki bat hartzera joatea?

        — Eskerrik asko, ohituta nago. Bihar ikusiko dugu elkar, eta esango didazu orduan Salinako printzeak nola jasan duen iraultza.

        — Oraintxe esango dizut, lau hitzetan: iraultzarik ez dela egon dio, denak lehen bezala jarraituko duela.

        — Inozoa! Zuri ez al zaizu iraultza iruditzen alkateak ordainarazi nahi izatea Jainkoak sortu eta neronek biltzen ditudan belarrak? Ala, zuk ere galdu duzu burua?

        Esku-argia saltoka urruntzen zen, eta azkenik fieltroa bezain lodiko ilunbeetan desagertu zen.

        Aita Pirronek pentsatzen zuen mundua buru-hausgarri handi bat irudituko zitzaiola matematikarik edo teologiarik ez zekienari.

        — Ene Jainkoa, Zure Orojakintzak bakarrik asma zezakeen honenbeste nahaspila!

       

        Biharamun goizean bertan egin zuen topo nahaspila horietako beste adibide batekin. Elizan meza ematera joateko jaitsi zenean, bere arreba Sarina aurkitu zuen sukaldean tipula ebakitzen. Begietan zituen malkoak Ian horrek berez eragiten dituenak baino handiagoak iruditu zitzaizkion.

        — Zer dugu, Sarina? Ezbeharren bat? Ez triste jarri: Jaunak nahigabea ematen du, baina baita kontsolamendua ere.

        Ahots eztiak ezereztu egin zuen emakume gaixoak artean zeukan lotsa apurra, eta zarata handiz hasi zen negarrez, aurpegia mahai koipetsuan jarriz. Negar zotinen artean hitz berberak aditzen ziren beti.

        — Angelina, Angelina... Vicenzinok jakinez gero, biak hilko ditu... Angelina... Hil egingo ditu horrek!

        Eskuak gerriko beltz zabalean ezkutatuta, hatz lodiak bakarrik agerian, aita Pirronek zutik begiratzen zion. Ez zen zaila ulertzea: Angelina Sarinaren alaba ezkongaia zen eta Vicenzino, bere amorruarekin beldurra eragiten zuena, aita, bere koinatua. Ekuazio hartako osagai ezezagun bakarra bestearen izena zen, Angelinaren ustezko maitalearena.

        Angelina aurreko egunean ikusia zuen jesulagunak: neska bat zen orain, zazpi urte lehenago herrian utzi zuen neskatila negarti hura. Hamazortzi bat urte zituen eta itsusitxo samarra zen, aho irtenarekin, bertako beste hainbat emakume nekazari bezala, eta jaberik gabeko zakurren begi beldurtuekin. Iristean jo zuen begiz, eta bere bihotzean ez oso erruki handiz gonbaratu zituen bera, bere izenaren txikigarri plebeioa bezain tamalgarria, eta beste Angelica hura, bere izen ariosteskoa bezain arranditsua, arestian Salina etxeko bakea nahastu zuena.

        Hortaz, ezbeharra handia zen, eta bera erdi-erdian harrapatuta zegoen; Don Fabriziok esan ohi zuena etorri zitzaion gogora: senitarteko bat aurkitzen den bakoitzean arantza bat aurkitzen da; eta gero gogoratu izana damutu zitzaion. Gerrikotik eskubia bakarrik atera, kapelua erantzi eta txapaka egin zion arrebari sorbalda zotinkarian.

        — Tira, Sarina, ez negarrik egin! Hemen naukazu, zorionez, eta alferrik da negar egitea. Non da Vicenzino?

        Vicenzino kanpoan zen ordurako, Rimatora joana, Schirb anaien "campiere"-aren bila. Gaitzerdi!; beldurrik gabe hitz egin zezaketen. Zotin, malko-txukatze eta zintz artean atera zen istorio tamalgarri guztia: Angelina —hobe esanda, 'Ncilina— bere burua seduzitzen utzi zuen; ezbehar hura uda hondarrean gertatu zen. Donna Nunziataren mandioan biltzen omen zen amorantearekin, eta orain hiru hilabetekoa zegoen; izu-laborrian, amari aitortu zion; berandu gabe nabarmentzen hasiko zitzaion sabela, eta Vicenzinok triskantza bat egingo zuen.

        — Ni ere hilko nau, ezer ez esateagatik; "ohorezko gizona" da hori.

        Izan ere, bere kopeta laburrarekin, bere "cacciolani'"-kin, lokietan hazitzen utzitako ile sortekin alegia, bere dingili-dangala ibiltzearekin, galtzetako eskubiko patrika beti handituarekin, begien bistan zen Vicenzino "ohorezko gizon" bat zela, edozein sarraski egiteko gauza den astakirten gogorzale horietako bat, alegia.

        Sarinak lehengoa baino negar saio handiagoa egin zuen berriro, gajoak uste zuelako ez zela emazte duina izan bere senarrarentzat —gizabide ispilu harentzat.

        — Sarina, Sarina, berriro ere? Ez negarrik egin! Mutilak ezkondu beharko du berarekin, ezkondu egingo da. Haren etxera joango naiz; berarekin eta gurasoekin hitz egin eta dena konponduko da. Vicenzinok ez du ezer jakingo, ezkontzeko hitza emana dutela besterik ez, eta ez du inolako kalterik jasango bere ohoreak. Baina jakin behar dut nor izan den. Baldin badakizu, esan.

        Arrebak berriz altxatu zuen burua; beste ikara bat irakurtzen zitzaion orain begietan, ez labankadekiko ikara aberezko hura, baizik eta beste bat zehatzagoa, garratzagoa, nebak mementuz dezifratu ezin izan zuena.

        — Santino Pirrone izan da! Turiren semea!, eta gu iraintzearren egin du, ni iraintzearren, gure ama eta gure aitaren oroitzapen santua iraintzearren! Nik ez dut inoiz berarekin hitz egin; seme ona zela esaten zuten denek, eta aldiz doilorkume bat baino ez da, bere aita zerrikumearen dina, desondratu bat. Geroago gogoratu nuen: azaroko egun haietan hemen aurretik pasatzen ikusten nuen bere bi adiskiderekin, belarrian jeranio gorri bat zuela. Infernuko sua, infernuko sua!

        Jesulaguna aulki bat hartu eta emakumearen ondoan eseri zen. Argi zegoen, meza atzeratu beharko zuen. Arazo larria zen. Turi, Santinoren aita, seduzitzailearena, bere osaba zen; bere aita zenaren anaia, anaia nagusia, zehazkiago esanda. Hogei urte lehenago, aita zenarekin batera ibili zen arduradun-lanetan fraileentzat, lanik handi eta probetxugarrieneko garaian. Gero, sesio batek banatu zituen bi anaiak: senide artean, sustrai argirik gabe eta bi alderdiek zer ezkutatu handia daukatela, ezin konpon daitezkeen istilu horietako bat izan zen. Kontuak kontu, aita zena, Jainkoak izan dezala bere altzoan, almendrondo-sail txiki baten jabe egin zenean, anaia Turik —san zuen erdia berea zela, berak diruaren erdia edo lanaren erdia jarria zuelako; baina erosketa-paperak Gaetano zenaren izenean zeuden bakar-bakarrik. Turi haserre bizi-bizian, ahotik bitsa zeriola ibili zen San Conoko kaleetatik. Aita zenaren izen ona kolokan jarri zen, baina adiskide batzuk sartu ziren tartean eta horri esker okerrena galarazi zen; almendrondo-saila Gaetanorentzat geratu zen, baina Pirrone familiako bi adarren artean zeharkatu ezinezko amildegi bat ireki zen. Geroago, Turi ez zen anaiaren hiletara ere joan, eta arreben etxean "zerrikume hori" izen soilarekin deitzen zioten. Jesulagunak erretore jaunari diktatu zizkioten eskutitz nahaspilatu batzuen bidez jakin zuen guztiaren berri, eta zerrikeriari buruzko oso iritzi bereziak zituen, seme-begirunez bere golkoan gordetzen zituenak. Almendrondo-saila Sarinarena zen orain.

        Garbi zegoen dena: arazoak ez zuen inolako zerikusirik maitasunarekin eta grinarekin. Zerrikeria bat baino ez zen, beste zerrikeria bat mendekatzen zuena. Konpongarria, hala ere; jesulagunak eskerrak eman zizkion Probidentziari egun haietantxe eraman zuelako San Conora.

        — Begira, Sarina; ezbehar hori bi ordutan konponduko dizut nik; baina lagundu behar didazu: Chibbaro erdia (hori zen almendrondo-sailaren izena) `Ncilinari eman behar diozu dotean. Ez dago beste erremediorik: kaskarin horrek hondatu dizue.

        Eta pentsatzen zuen Jainkoa ar-eske dauden zakur emeez ere baliatzen dela batzuetan Bere justizia egiteko.

        Sarina sumindurik jarri zen.

        — Chibbaro erdia! Lapur-kastako horientzat? Ezta pentsatu ere! Nahiago dut hil!

        — Ongi. Orduan, meza ondoan hitz egitera joango naiz Vicenzinorekin. Ez beldurrik izan, saiatuko naiz hura lasaitzen.

        Berriro kapelua jantzi, eta eskuak berriz sartu zituen gerrikoan. Zain zegoen, egonarriz, bere buruaz seguru.

        Vicenzinoren amorrualdiaren beste edizio bat, aita jesulagun batek aztertu eta zuzendua izan arren, irakurgaitz azaltzen zitzaion berriro ere Sarina dohakabeari, eta hirugarrenez eman zion negarrari; gutxinaka-gutxinaka, ordea, zotinak gutxitu egin ziren eta amaitu. Emakumea zutik jarri zen.

        — Egin bedi Jainkoaren nahia! Konpon itzazu zuk gauza hauek; ez dago beste erremediorik. Chibbaro eder hura! Gure aitak bota zituen izerdiak!

        Malkoak berriz hasteko zorian zeuden, baina aita Pirrone kanpoan zen ordurako.

       

        Jainkozko Sakrifizioa ospatu ondoren, eta erretore jaunak eskaini zion kikara bete kafea onartu eta gero, jesulaguna osaba Turiren etxera abiatu zen zuzenean. Ez zen han inoiz egon, baina bazekien txabola arlote-arlote bat zela, herri goienean zegoena, mastro Ciccuren sutegitik hurbil. Berandu gabe aurkitu zuen, eta leihorik ez izanda eta atea zabal-zabal zegoenez gero eguzki apur bat sartzen uzteko, ate ondoan geratu zen. Barruan, ilunpetan, mando-bastak, alportxak eta zakuak ikusten ziren pilatuta; don Turik mandazain lanak eginez ateratzen zuen bizimodua, orain semeak lagunduta.

        — Doràzio! —egin zuen oihu aita Pirronek. Deo gratias (agamus) esapidearen laburdura zen, elizgizonek norabait sartzeko baimena eskatu nahi zutenean erabiltzen zutena.

        — Nor da? —oihukatu zuen agure ahots batek, eta gizon bat zutik jarri leku hartako zoko batean eta atera hurbildu zen.

        — Zure iloba naiz, aita Saverio Pirrone. Zurekin hitz egin nahi nuke, ongi iruditzen bazaizu.

        Ustekabea ez zen handia izan: baziren bi hilabete behintzat haren edo bere ordezko baten bisitaren zain zeudela. Osaba Turi agure sendoa zen, tentea, eguzkiak eta kazkabarrak errea eta kiskaldua, eta onak ez diren pertsonei ezbeharrek irekitzen dizkieten ildo beldurgarriak zituen aurpegian.

        — Sartu —esan zuen, irribarrerik egin gabe; pasatzen utzi eta, gogo txarrez, eskuan muin ematekoa egin zuen. Aita Pirrone egurrezko zela handietako batean eseri zen. Lekua pobre samarra zen: bi oilo lurra arakatzen ari ziren zoko batean, eta simaur, arropa busti eta miseria gaizto usaina zegoen nonahi.

        — Osaba, urte mordoa da elkar ikusten ez dugula, baina dena ez da nire erruz izan; jakingo duzunez, ez naiz herrian bizi, eta zu ere ez zara joaten amaren, berorren koinataren etxera; atsekabea ematen digu horrek.

        — Etxe horretan ez dut sekulan oinik jarriko. Sabela aldrebestu egiten zait aurretik pasatzean. Turi Pirronek ez ditu ahazten egin dizkioten okerrak, ezta hogei urte pasatu eta gero ere.

        — Jakina, ulertzekoa da, jakina. Baina ni Noeren Kutxako usoa bezala nator gaur, uholdea amaitu dela jakinerazteko. Oso pozik nago gaur hemen egoteaz, eta atzo ere pozik jarri nintzen, etxean esan zidatenean zure seme Santino nire iloba Angelinaren senargaia dela; neska-mutil zintzoak dira, hala esan didate, eta haiek bat egitean bukatu egingo da gure familien arteko ezin konpondua, ni, utziko al didazu esaten, beti atsekabetu nauena.

        Turiren aurpegiak ustekabe nabarmenegia erakutsi zuen, itxura hutsezkoa ez izateko.

        — Soinean duen abitu sakratuagatik ez balitz, aita, gezurretan ari dela esango nuke. Auskalo nolakoak kontatu dizkioten berorren etxeko andretxoek. Santinok bere bizi guztian ez du hitzik ere egin Angelinarekin; seme zintzoegia da bere aitaren nahiaren kontra jartzeko.

        Jesulaguna mirestuta zegoen agurearen tinkotasunarekin, gezurrak esateko abildadearekin.

        — Antza denez, ez didate berri zuzenik eman. Pentsa zer esan didaten: ados zeundetela dotearekin eta gaur biok etorriko zinetela etxera "aurpegi ikustea" egiteko. Nolako gezurrak kontatzen dituzten emakume hauek! Edozeinek esango luke ez dutela beste zereginik! Hala ere, kontu horiek egia ez izan arren, bihotz onekoak direla esan nahi du horrek. Orain, osaba, alferrik da ni hemen geratzea: etxera noa oraintxe, arrebari kontu hartzera. Eta, barkatu; pozik ikusi dut osasunez zaudela.

        Interes irrikatsu apur bat azaltzen hasia zen agurearen aurpegian.

        — Itxaron, aita. Segi beza berorren etxeko berriketa barregarri horiekin; nolako doteaz ari ziren hitzontzi haiek?

        — Nik al dakit, osaba! Uste dut Chibbaro erdiaz esan dutela zerbait. 'Ncilina beren begietako ninia dela esan dute, eta sakrifizio gehiegizkorik ez dagoela familian bakea edukitzeko.

        Ez zuen barrerik egiten orduan don Turik. Zutik jarri zen.

        — Santino! —hasi zen garrasika, mando kaskagogorrei deitzen zien indar berberaz. Eta inor ez zetorrenez gero, are garrasi handiagoak egin zituen—. Santino! Amabirjina Santuaren odola!, zertan ari haiz?

        Aita Pirrone ikaratzen zela ikusi zuenean, espero ezin zen bezalako morroi-keinu batez estali zuen ahoa.

        Santino azienda gobernatzen ari zen aldameneko larrain txikian. Beldurtuta sartu zen, eskuan mando-orrazia zuela; hogeitabi urteko mutil sendoa zen, aita bezala altu eta meharra, baina bere begiak ez ziren hain gogorrak. Lehenagoko egunean, denek bezala, ikusia zuen jesulaguna herriko kaleetatik, bai eta berehala ezagutu ere.

        — Hau da Santino. Eta hau hire lehengusua, aita Saverio Pirrone. Eskerrak eman Jainkoari apaiz jauna hemen dela, belarriak moztu egingo nizkian bestela. Zer dituk maitasun kontu horiek, nik, hire aitak, ezer jakin gabe? Semeak aitari obeditzeko jaiotzen dituk, ez gonen atzetik ibiltzeko.

        Mutila lotsaturik zegoen, ez beharbada desobeditu izanagatik, baizik eta aitaren konformidadearekin egin zuelako, eta ez zekien zer esan; estuasunetik ateratzeko, mando-orrazia lurrean utzi eta apaizari eskuan muin ematera joan zen. Beronek irribarrez hortzak erakutsi eta bedeinkapen bat zirriborratu zuen.

        — Jainkoak bedeinka hazala, ene seme; baina uste diat ez duala merezi.

        — Hire lehengusuak —jarraitu zuen agureak— erregutu eta erregutu egin zidak, eta konforme nagok. Baina zergatik ez duk lehenago esan? Orain, txukundu hadi eta goazemak berehala 'Ncilinaren etxera.

        — Egon pixka batean, osaba, egon —aita Pirronek gogoan zuen "ohorezko gizonarekin" hitz egin behar zuela, ez baitzekien hark ezer—. Etxean prestakuntzak egin nahiko dituzte, jakina; gainera, gauean joango zinetela esan didate. Etorri orduan, eta poz handiz ikusiko zaituztegu.

        Eta aita-semeak besarkatuta, alde egin zuen.

       

        Etxetxo kubikora itzultzean, aita Pirronek bere koinatu Vicenzino etxean zela ikusi zuen eta horrela, arreba lasaitzearren, senar izugarriaren bizkarretik egin behar izan zion keinu bat, baina nahikoa zen hori, siziliarrak izanik biak. Gero, koinatuari berarekin hitz egin nahi zuela esan, eta biak etxe atzeko mahats-parra ezdeusaren alderantz atera ziren; abitu-barren kulunkariak nolabaiteko muga mugikor igaroezin bat markatzen zuen jesulagunaren inguruan; ` ohorezko gizonaren" ipurmami lodiak kulunkan ari ziren, beti bezain harro eta mehatxugarri. Kontuak kontu, elkarrizketa espero ez bezala atera zen erabat. `Ncilina berehala ezkonduko zela ziurtatu ondoren, "ohorezko gizonak" erabateko ezaxola azaldu zuen alabaren jokabideaz; aldiz, eman beharreko doteari buruzko lehen aipua entzun orduko, begiak biraka hasi, lokietako zainak handitu eta ero baten moduan hasi zen balantzaka. Aho zikinetik lizunkeria mordo bat goitikatu zuen, eta burutaziorik hilgarrienek aztoratu zuten. Bere eskua, lehenago alabaren ohorearen alde zirkinik ere egin ez arren, urduri joan zen orduan galtzetako eskubiko patrika haztatzera, garbi uzteko besteren odoleko azken tanta ere isurarazteko prest zegoela almendrondo-saila defenditzearren.

        Aita Pirrone biraoak noiz agortuko zain geratu zen, azkar aitaren eginez bakarrik blasfemiaren mugan zeudenean; txikizioak iragartzen zituen keinuari ez zion jaramonik bat ere egin.

        — Jakina, Vicenzino —esan zuen, eten batean—, neuk ere neure ahalegintxoa egin nahi dut guztia konpontzen laguntzeko. Aita zenaren jabetzatik niri dagokidan partea adierazten duen agiri pribatua Palermotik bidaliko dizut, puskatuta.

        Baltsamu horrek berehala egin zuen bere lana. Vicenzino, aurretiaz emandako jabetzaren balioaz kontuak ateratzen ari zelarik, isilik geratu zen; aire eguzkitsu eta hotzetik Ncilinak osabaren logelan eskoba pasatzean kantatu nahi izan zuen kantu baten nota oso desafinatuak igaro ziren.

        Arratsaldean, osaba Turi eta Santino bisita egitera joan ziren, oso txukun eta alkandora zuri-zuriak jantzita. Senar-emaztegaiek, elkarren aldamenean eserita, barre algara handiak egiten zituzten noizean behin, elkarri begira, baina hitzik egin gabe. Benetan pozik zeuden: neskak, "bizimodua" aurkitzen zuelako eta gizon egoki hura beretzat edukiko zuelako; mutilak, aitaren aholkuak bete zituelako eta orain neskame baten eta almendrondo-sail erdi baten jabe zelako; belarrian berriro zeraman jeranio gorria ez zitzaion inori infernuko islada iruditzen orain.

        Handik bi egunera, aita Pirrone berriro atera zen Palermorako. Bidean, ongi antolatu nahi izan zituen bere burutapenak, ez denak atsegingarriak: uda hondarrean ernaldutako amodio aberezko hark, apropos eginiko kortejamendu baten bidez berreskuratutako almendrondo-sail erdi kaskar hark arestian bere aurrean ikusitako beste gertakizun batzuen bertsio arlotea erakusten zioten. Handikiak begiratuak eta ulertezinak ziren, nekazariak irekiak eta nabarmenak; baina deabruak berdin-berdin jartzen zituen berak nahi bezala dantzan.

        Villa Salinan aldarte ezin hobean aurkitu zuen Printzea. Lau egun haiek ondo pasatu ote zituen galdetu zion Don Fabriziok, eta ea gogoratu al zen haren amari goraintziak emateaz bere partez. Izan ere, ezagutzen zuen; sei urte lehenago, hura jauretxera joan zen, eta haren alargun-baretasuna gustagarri gertatu zitzaien etxeko jaun-andreei. Jesulagunari erabat ahaztu zitzaizkion goraintziak, eta isilik geratu zen, baina gero esan zuen amak eta arrebak Jaun Gorena agurtzeko eskatu ziotela: asmazio hutsa, eta, hortaz, gezurra baino arinagoa.

        — Jaun Goren hori —erantsi zuen gero—, bihar karroza bat erabiltzeko baimena eskatu nahi nion: Artzapezpikutegira joan behar dut ezkontzeko dispentsa bat eskatzera; nire iloba bat lehengusu batekin ezkontzeko asmotan dabil.

        — Jakina, aita Pirrone, jakina, nahi duzuna; baina etzi nik ere joan behar dut Palermora, nirekin etor zintezke. Ala premia handikoa da?

 

 

© Giuseppe Tomasi di Lampedusa

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giuseppe Tomasi di Lampedusa / Gattopardo" orrialde nagusia