LAUGARREN ZATIA

 

Azaroa, 1860

 

        Ezkon-hitzarmenaren ondoren haien arteko harremanak ugariagoak zirela eta, Sedàraren merituekiko mirespen bitxi bat hasi zen sortzen Don Fabriziorengan. Azkenerako ohitu egin zen masailetako bizar gaizki moztura, doinu plebeiora, traje xelebreetara eta izerdilurrin iraunkorrera, eta horrela gizon haren buru-argitasun arraroaz ohartzeko libre izan zen; don Calogerok ez bat eta ez bi argitzen zituen Printzeari ezin konponduzkoak iruditzen zitzaizkion arazo asko; libre zegoelarik beste gizon askoren eginari onestasunak, prestutasunak eta, beharbada, gizalegeak ezartzen dizkioten eragozpenetatik, alkatea zuhaitzak sustraitik ateraz eta animalien gordelekuak zanpatuz arantzen urratuei eta zapaldutakoen garrasiei erreparatu gabe aurrera dabilen elefantearen segurtasunaz mugitzen zen bizitzaren basoan. Printzea, aldiz, «mesedez», «eskertuko nizuke», «biziki estimatuko nizuke» eta «oso atsegina izan zara» esapideen haize biguin kortesiazkoek zeharkaturiko ibartxo gozagarrietan hezia izanik, don Calogerorekin berriketan hasten zenean, haize lehorrek jotako landa batean agerian gertatzen zen, eta, artean ere bere bihotzean mendietako haitzarteak nahiago zituen arren, ezinbestez miresten zuen Donnafugatako arte eta zidroei sekulan aditu gabeko arpegioak ateratzen zizkien aire-bolada haien indarra.

        Ezarian-ezarian, oharkabean ia, Don Fabrizio bere kontuak azaltzen hasi zitzaion don Calogerori; kontu ugari, korapilatsu eta berak ere ondo ezagutzen ez zituenak, eta hori ez behar bezain buru zorrotzik ez zuelako, baizik eta gauza horiek axola ez ziotelako, mespretxatu egiten zituelako; izan ere, huskeriatzat jotzen zituen, alde batetik haiei zegokienez nagia zelako, eta bestetik beti oso erraza gertatu izan zitzaiolako estualdietatik ateratzea hogeiren bat hektarea salduz, milaka zituen eta.

        Printzearen kontakizuna entzun eta bere erara antolatu ondoren don Calogerok aholkatzen zituen ekintzak, behintzat, egokiak izaten ziren eta berehala edukitzen zuten emaitza; baina eraginkortasun ankerrez asmatu eta Printze onberak esku biguin eta ahulez betetzen zituen aholku haien azken ondorioz, urteen joan-etorriekin Salina etxeak bere menpekoekin zikoitz izateko ospea hartu zuen, merezi gabeko ospea, egia esanda, baina Donnafugatan eta Quercetan zeukan izen ona suntsitu zuena; bestalde, inork ere ez zuen galarazi haren ondasunen hondamena.

        Ez litzateke zuzena esan gabe uztea Printzearekiko harreman ugariagoek nolabaiteko eragina ere eduki zutela Sedàraren baitan. Ordura arte, aristokratak negozio bileretan —hau da, salerosketa tratuetan— edo guztiz salbuespenezko eta luzaroan hausnartutako jai-gonbidapenetan bakarrik ezagutu zituen, hau da, gizarteko gizon-emakume ale horiek beren itxurarik onena agertzen ez duten abaguneetan. Abagune horietan, sineste osoa hartu zuen aristokrazia osatzen zutenak gizon-ardi batzuk baino ez zirela, haien ondasunen artilea bere arbaizaren mende uzteko bakarrik esistitzen zirenak, bai eta haien izena, ezin azalduzko ospe batez argitua, bere alabari uzteko ere.

        Baina Garibaldiren ondoko garaiko Tancredi hura ezagutu zuenean, parean aurkitu zuena gazte nobleen ustekabeko eredu bat zen, bera bezain gogorra, eta, bere onerako, inoren edertasun eta aberastasunak bere irribarre eta tituluen truke inguratzeko gauza zena, eta inguratu gainera, alkateak bere dohainen artean sentitzen ez zituen halako grazia bat eta halako xarma bat erantsiz —eta bera haien menpe erortzen zen, nondik sortuak ote ziren jakin gabe—, ekintza " sedàratar" horiei. Geroago, ikasi zuenean Don Fabrizio hobeto ezagutzen, noble-ardia sail horren ezaugarri ziren emekeria eta beren burua babestu ezina aurkitu zizkion, baina, baila halako erakar-indar bat ere, tonuan ez baina bai bizitasunean Falconeri gaztearenaren pare zegoena; orobat, abstrakziora jotzen zuen halako energia bat ere aurkitu zion, halako joera bat bizimodua bere baitatik irteten ziren gauzetan bilatzeko eta ez, ordea, besteei eskuetatik ken ziezaizkiekeen gauzetan. Energia abstraktuzale horrek biziki hunkitu zuen, nahiz eta berak ezin zuen oso ongi ulertu ez eta hitzen bidez adierazi ere, hemen egiten saiatu garen bezala. Hala ere, xarma horretako zati handi bat manera onetatik sortzen zela ohartu zen, bai eta konturatu ere zeinen atsegingarria den ongi hezitako gizona, zeren eta, azken finean, gizon hori giza izaeraren parte handi bateko agerpen gogaikarriak baztertzen eta nolabaiteko altruismo probetxugarriaz —esamolde honetan, adjektiboaren eraginkortasunak lagundu zion sustantiboaren hutsaltasuna onartzenjokatzen duen norbait baita. Poliki, don Calogero ulertzen hasi zen elkarrekin egindako otordu batek ez duela zertan izan behar mastekatze-zarata eta saltsa-mantxa erauntsi bat; solasaldi batek inondik ere ez duela zertan eduki behar zakur borroka baten antza; emakumezko bati pasatzen uztea indar seinale dela eta ez, berak uste bezala, ahultasun seinale; mintzalagun batengandik gehiago lor daitekeela «Ez dut ongi azaldu esan nahi nuena» esanez, ezen ez «Ez duk piperrik ere ulertu»; eta antzeko trikimailuak erabiliz, janari, emakume, mintzagai eta mintzalagunek onura handiagoa ekartzen diotela ongi tratatu dituenari.

        Ausarta litzateke esatea don Calogerok berehala atera ziola etekina ikasi zuen guztiari; handik aurrera, bizarra hobetoxeago mozten jakin zuen, bai eta gutxiago ikaratzen ere lixiban erabilitako xaboi kopuruarekin; eta kito. Baina, hiru belaunaldiren buruan arlote eraginkor batzuk aitonseme babesgabe bihurtzen dituen klase-fintze bat hasi zen orduan beretzat eta beretarrentzat.

       

        Angelicak, emaztegai modura, Salinatarrei egin zien lehen ikustaldia akatsik gabeko eszena-zuzendaritzaz gauzatu zen. Neskaren jokaera bikaina izan zen, hainbesteraino ere non hitz bakoitzak eta ekintza bakoitzak Tancredik berak gomendatuak baitziruditen; baina garai hartako garraiobideak motelak izanik, hori ezinezkoa zen, eta, ezinbestez, beste hipotesi batera jo beharra gertatu zen: alegia, gomendio haiek konpromezu ofiziala baino lehenago emanak izan zirela; hipotesi ausarta, baita printze gazteak oso begikoa zuela zekienarentzat ere, baina ez erabat zentzugabea. Angelica arratsaldeko seietan iritsi zen, zuriz eta arrosaz jantzirik; buruan, uda giroko pamela handi bat zeraman, txirikorda beltz biguinak itzalpean uzten zizkiona eta haren gaineko mahats-luku eta urrezko galburu artifizialekin sotilki gogorarazten zituena Gibildolceko rnahastiak eta Settesoliko galsoroak. Sarrerako salan utzi zuen aita; gona zabala kulunkatuz, barruko eskaileretako maila ugari samarretatik arin igo, eta Don Fabrizioren besoen artera sartu zen; musu bana eman zion matel-bizarretan, eta Printzeak egiazko maitasunez itzuli zizkion, apika behar baino gehiago luzatuz, masail nerabeen gardenia-aroma usaintzearren. Angelicak gorritu eta urrats erdi bat egin zuen atzera.

        — Zoriontsua naiz, oso-oso zoriontsua... —esan zuen.

        Berriro hurbildu eta, hanka-puntetan, «Osabatzarra», xuxurlatu zion belarrira. Eszenografiaren aldetik bikaina izan zen gag hura, Einsesteinen ume-kotxearena bezain eraginkorra, eta, aldi berean ageri-agerikoa eta isilpekoa zenez gero, neskatila eder hura Printzea [iluratu eta betirako jabetu zen haren bihotz lañoaz. Bitartean, don Calogero eskaileretan gora zihoan, esanez zeinen penatuta zegoen bere emaztea han ezin egoteagatik; izan ere, aurreko egunean etxean estropezu egin eta zaintiratua eduki zuen ezkerreko oinean, nahiko mingarria.

        — Berenjena bat bezala dauka orkatila, Printzea.

        Hitzezko laztanarekin poz-pozik, Don Fabriziok, Tumeok esan zionaren ondoren oso ondo zekienez bere kortesiak ez ziola inolako buruhausterik ekarriko, atseginez adierazi zuen bera joango zela berehala Sedàra andrea ikustera, bai eta proposamen horrekin don Calogero ikaratu ere; beronek, Printzea atzera botatzearren, beste gaixotasun bat gaineratu behar izan zion emazteari, buruko min handia oraingoan, andre gaixo hura ilunpetan egotera behartzen zuena.

        Orduko, Printzea besoa eskaintzen ari zitzaion Angelicari; hainbat aretotatik igaro ziren, ilunpetan ia, bidea aurkitzen nekez laguntzen zuten kriseilu batzuek nola edo hala argituta; sala haien bukaeran, aldiz, argitsu azaltzen zen "Leopoldoren aretoa", non familiako besteak baitzeuden zain; ilunpe hutsetik intimitatearen erdigune argirantz zihoazen bitartean, haien ibilerak iniziazio masonikoaren erritmoa zeukan.

        Familiakoak ate ondoan pilatuta zeuden. Printzesak bere eragozpenak erretiratu zituen, senarraren sumina ikusirik; izan ere, honek ezerezean suntsitu zituen: onartu ez zituela esatea gutxiegi litzateke; musu batzuk eman zizkion ilobagai ederrari eta besoen artean hainbesteko indarrez estutu zuen, non neska gaztearen larruazalean markatuta geratu baitzen Salinatarren errubi-lepoko ospetsuaren arrastoa: Maria Stellak janztea erabaki zuen, egun argia izan arren, ospakizun haren garrantzia azpimarratzeko. Francesco Paolo, hamasei urteko mutila, pozik zegoen, berak ere aukera paregabea zeukalako Angelicari musu emateko, aitaren begirada jeloskor ezinduaren pean; Concetta oso atsegina azaldu zen: malkoak zerizkion begietatik, hain zen bizia bere poza; beste ahizpak bere inguruan zituen elkarren gainka, zalaparta handiz alai, hain zuzen ere hunkituta ez zeudelako. Aita Pirronek, aldiz, emakumezko xarmarako santuki itsua ez izanik —izan ere, Jainkoaren Ontasunaren froga gezurtaezina ikusten zuen hor—, graziaren (g xeheaz) epeltasunaren aurrean duda-muda guztiak urtzen zitzaizkiola sentitu zuen eta, ahapean, «Veni, sponsa de Libano» esan zion; gero bere burua geldiarazi behar izan zuen, beste bertsikulo beroago batzuk ez gogoratzeko. Mademoiselle Dombreuil, institutrizei dagokien bezala, hunkituta ari zen negarrez, eta bere esku etsituen artean estutzen zituen neska gaztearen sorbalda loretsuak, esanez:

        — Angelicà, Angelicà, pensons à la joie de Tancrède.

        Bendicó, ordea, normalean jendartean lasai egoten zen arren, marruka ari zen eztarriaren hondotik, harik eta Francesco Paolok, haserre, eta artean ere dardarka zituela ezpainak, kementsu isilarazi zuen arte.

        Lanparako berrogeita zortzi besoetako hogeita lauren gainean kandela bana zegoen piztuta, eta argizagi horietako bakoitzak, aldi berean garbi eta irazekiak, maitasunez urtzen zen dontzeila batez pentsaraz zezakeen; Muranoko lore bikolorekoak, beren kristal bihurrizko txurtenetan, behera begira zeuden, hara sartzen ari zen neska mirestuta utztz eta irribarre tornasoiatua eta naussorra zuzenduz. Subaju handia piztuta zegoen, areago bozkarioaren ezaugarri, etxegiro artean epela berotzeko baino, eta sugarren argia taupaka ageri zen zoruan, altzarietako urre higatuetatik aldizkako dizdirak askatuz. Hura zen etxeko subazterraren irudia, etxearen sinboloa, eta, haren barrean, ilintiek desirazko txinpartak adierazten zituzten; txingarrek, ordea, norbere golkoan atxikitako suak.

        Printzesak, trebezia benetan aipagarria baitzeukan sentipenak hutsaren hurrengora murrizteko, Tancrediren haurtzaroko pasadizo gogoangarriak kontatu zituen; eta hainbesteraino ibili zen horrekin gora eta behera, non egiatan pentsatu behar izango baitzen Angelicak zoriontsutzat hartu behar zuela bere burua, berarekin ezkontzera zihoan gizona sei urtez mainak egin gabe purgak hartzeko bezain zentzuduna izan zelako eta, hamabi urtez, eskutada bat gerezi lapurtzeko bezain ausarta. Printzesak bandidu izukaitzari buruzko pasadizo hura gogoratzen zuen bitartean, Concettak barreari eman zion eta esan:

        — Tancredik oraindik ere ezin izan du utzi bizio hori —esan zuen—; aita, gogoratzen al duzu nola asko estimatzen zenituen muxika haiek hartu zituen orain bi hilabete?

        Gero, bat-batean goibeldu zen, frutagintza elkarte kaltetu bateko buru izan balitz bezala.

        Laster, Don Fabrizioren ahotsak itzalpean utzi zituen izkirimiri haiek; Tancredi une hartan nolakoa zen esan zuen: mutil gazte erne argi bat, bera maite zutenak liluratu eta besteak haserre jartzen zituzten ateraldi horietako bat egiteko gertu egoten zena. Han kontatu zuen nola Napolin zegoen batean, San-ez-dakit-zereko dukesari aurkeztu ziotenean, beronek mutilarekin grinatu eta goiz, arratsalde eta gau nahi zuen ikusi bere etxean, aretoan nahiz ohean zegoela ere, zeren eta, berak zioenez, inork ez baitzekien berak bezain ondo kontatzen les petits riens; eta nahiz eta Don Fabriziok azkar zehaztu zuen garai hartan Tancredik hamasei urte ere ez zituela eta dukesa hark, ordea, berrogeita hamarretik gora, Angelicari diz-diz egin zioten begiek, argibide zehatzak baitzituen gaztetxo palermotarrez eta intuizio bortitzak dukesa napolitarrez.

        Baina oker egongo ginateke jarrera horregatik Angelicak Tancredi maite zuela pentsatuko bagenu: harrotasun eta goranahi handiegiak zituen bere nortasuna tarte batez ezeztatzeko gauza izateko, eta hori gabe ez dago amodiorik. Bestalde, gaztea izanik, bere bizitza sozial murritzak ez zion aukera gehiegirik ematen mutilaren egiazko alderdi onak aintzat hartzeko, denak xehetasun finez beteak. Baina, maite ez bazuen ere, maiteminduta zegoen orduan berataz, baina hori ez da gauza bera; haren begi urdinek, kortesia jostariak eta ezustean bere ahotsak jartzen zituen doinu sendo batzuek egiatan aztoratzen zuten, baita gogoratu bakarrik egiten zituenean ere, eta egun haietan esku haiek menperatua izatea baino ez zuen desio; menperatua izan ondoren, ahaztu egingo zituen, bai eta haien ordez beste batzuk aurkitu ere, gerora gertatu zen bezala, baina, bitartean, irrikitan zegoen mutilaren eskumenean geratzearekin. Hortaz, balizko —eta, bestalde, inoiz ere gertatu gabekoamodio-harreman hari buruzko aitorpenak eraginda, zigorren artean zentzugabeenak kolpatu zuen, iraganarekiko jelosiak alegia; baina ez zuen luze iraun, Tancredirekin ezkontzeak zekarzkion abantaila erotiko eta ez-erotikoei buruzko azterketa hotzak uxatu baitzion.

        Don Fabriziok Tancredi goraipatzen jarraitzen zuen; maitasunak bultzatuta, halako Mirabeau bat balitz bezala aipatzen zuen.

        — Laster eta ongi hasi da; bide luzea egingo du.

        Angelicaren bekoki leuna baiezkoa esanez bezala makurtzen zen; egiatan, ordea, Tancrediren etorkizun politikoak ez zion axolarik. Gora-behera publikoak aparteko unibertso batean gertatuko balira bezala hartzen zituzten neska ugari horietako bat zen, eta ez zitzaion burutik pasatu ere egiten Cavour-en hitzaldi batek, noizpait, mila engranaje txiki-txikiren bidez, eraginik eduki zezakeela bere bizitzan, edota aldatu ere alda ziezaiokeela. «Garia edukiko dugu, eta aski dugu horrekin; ze bide eta bideondo ere!» pentsatzen zuen sizilieraz. Gaztaroko lañokeriak ziren horiek, segituan arbuiatuko zituenak, urteak joan eta urteak etorri, Montecitorio eta Consultako Egeriarik mihigaiztoenetako bat izatera iritsi zenean.

        — Eta gainera, Angelica, oraindik ez dakizu zeinen dibertigarria den Tancredi! Dena daki, eta ustekabeko ikusmoldeak ematen dizkie gauza guztiei. Berarekin zaudenean, etorriak laguntzen badio, munduak inoiz baino barregarriagoa dirudi, batzuetan serioagoa ere bai.

        Angelicak bazekien Tancredi dibertigarria zela; mundu berriak ezagutarazteko gauza zela, aldiz, espero ez ezik, susmatzeko arrazoiak ere bazituen aurreko hil bukaeratik, hots, musu ospetsu, ofizialki egiaztatu baina ez bakar hura eman zionetik, askoz ere musu leun eta gozoagoa ordura arte ezagutu zuen ale bakarra baino, orduan urtebete eta gehiago Poggio a Caiano-n mutiko lorazain batek oparitua. Baina Angelicar axola gutxi zioten senargaiaren izpiritu-ezaugarriek, bai eta buru-argitasunak ere, askoz gutxiago Don Fabrizio maite, egiatan oso maite baina, orobat, oso "intelektualari" haino, nolanahi ere. Tancrediren baitan aukera ikusten zuen Siziliako nobleziaren munduan goreneko leku bat edukitzeko, bere ustetan gauza miragarriz, baina egiatan nahiko bestelako gauzaz beterik zegoen mundu hartan; eta mutila besarkada-lagun bizkorra izan zedila ere desio zuen. Gainera, maila intelektualik gorenekoa ere baldin bazen, askoz hobeto; baina horrek ez zion axola gehiegirik. Beti edukiko zuen dibertitzeko aukerarik. Une hartan, ordea, xelebrea izan edo leloa izan, han eduki nahi izango zukeen, garondoan, txirikorden azpian kilima egin ziezaion behintzat, egin ohi zuen bezala, gainera.

        — Jainkoa! nahi nuke, bai, hura gure artean egotea!

        Denak hunkitu zituen esaera hark, bai nabarmena zelako bere zintzotasuna, bai haren motibuak ezjakintasunaren itzalpean geratzen zirelako; eta horrenbestez amaitu zen lehen ikustaldi zoragarri hura. Izan ere, Angelicak eta bere aitak agur esan zuten; zaldi-mutil batek lagunduta, eskuan zeraman lanparako argiaren urre zurbilak platanoetako hosto erorien gorritasuna izekitzen zuelarik, aitaalabak etxera iritsi ziren, Peppe 'Mmerdari giltzurrunak izorratu zizkioten eskupetazoengatik sartu ezin izan zen etxera, hain zuzen.

       

        Bere onera itzuli zenean, Don Fabrizio berriro murgildu zen nabarrean irakurtzeko ohituran. Udazkenean, errosarioaren onian, kanpora irteteko ilunegi zegoenez gero, familia ondoan biltzen zen, afaltzeko orduaren zain; Printzeak eleberri moderno bat irakurtzen zien, atalka, etxekoei, eta serio jartzen zen arren, onginahia jariatzen zitzaion poro guztietatik.

        Urte haietan, hain zuzen ere, europarren gogoan gaur egun nagusi diren literatur mitoak eratzen ari ziren elaberrien bitartez; Siziliak, berriz, neurri batean berritasun guztietarako bere ohiko itxitasunagatik, neurri batean beste edozein hizkuntzaren ezezagutza zabalduagatik, eta neurri batean aduanen bitartez gauzatzen zen zentsura borbondar laidogarriagatik, ez zekien Dickens, Eliot, Sand, Flaubert, ez eta Dumasen berri ere. Halere, Balzacen lihuru pare bat ezkutuan iritsi ziren Don Fabrizioren eskuetara, baina berak hartua zuenez familiako zentsorea izateko ardura, bakarka irakurri ondoren, haserre, oso begikoa ez zuen lagun bati mailegatu zizkion, esanez liburu haien sortzailea burmuin bizkor bat zela, ezbairik gabe, baina baita xelebrea eta "ideia finkoak" zituena ere —gaur egun monomaniakoa esango zukeen—; juzku arin samarra, ikusten denez, baina baita zorrotza ere, nolabait. Hortaz, irakurketen maila nahikoa txikia zen, muga handi batzuk zituelako: neskatilen birjinalotsarekiko begirunea, Printzesaren erlijiozko eskrupuluekiko begirunea eta Printzearen beraren duintasun-zentzua, berak ez baitzukeen inoiz ere onartuko bildutako bere familiari "zikinkeriak" entzunaraztea.

        Azaroaren hamarra edo zen, eta Donnafugatako egonaldia bukatzear zegoen. Euria gogor ari zuen, mistral haizeak, zakartuta, euri-zaplada amorratuak botatzen zituen leihoetara; urrunean, trumoi burrunda entzuten zen; noizean behin, tantaren batzuek, Siziliako kezulo xinpleetan sartzeko bidea aurkitu ondoren, lipar batez sugarretan zirtaka egin eta beltzez zipriztintzen zituzten oliboilinti sutuak. Angiola Maria ari ziren irakurtzen, eta arratsalde hartan azken orrietara iritsi ziren: neskatilak neguan Lombardia izoztuan barrena egiten zuen bidaia lazgarriaren deskribapenak hozmindu egiten zizkien andereñoei haien bihotz siziliarrak, beren besaulki epeletan eserita bazeuden ere. Halako batean, zarata handiak entzun ziren aldameneko gelan eta Mimi zerbitzaria sartu zen arnaska.

        — Jaun-Andre Goren horiek —oihukatu zuen, bere dotoretasun guztia ahaztuz—, Jaun-Andre Goren horiek! Tancredi jauna iritsi da! Patioan dago, maletak zalgurditik aterarazten. Amabirjina Santua, eguraldi honekin! —eta alde egin zuen.

        Concetta bere oroimenean bakarrik esistitzen zen denbora batera eraman zuen ustekabeak, eta «Maitea!» atera zitzaion ezpainetatik, baina bere ahotsaren soinuak berak bihurtu zuen orainaldi tamalgarrira eta, erraz ulertuko den bezala, bere barruko denbora bero batetik kanpoko denbora izoztu batera igarotzeko atze-aurre bat-bateko haiek min handia eman zioten; zorionez, bere hitz hura, guztien zirraran murgildua, ez zuen inork entzun.

        Eskaileretarantz abiatu ziren denak Don Fabrizioren oinkada luzeen atzetik; azkar zeharkatu zituzten areto ilunak, jaitsi ziren; ate handia zabal-zabalik zegoen, beheko patiora jotzen zuen kanpoko zurubi handiaren gainean; haizea indartsu sartzen zen eta dardarka jartzen zituen erretratuetako oihalak, berarekin batera hezetasuna eta lur usaina garraiatuz; zeru tximistariaren kontra, lorategiko zuhaitzak inarrosi egiten ziren, zeta zimurtuak bezala karrask eginez. Don Fabrizio atetik irtetera zihoala, bulto itxuragabe astun bat agertu zen azken harmailan: Tancredi zen, zalduneria piamontetarraren kapote urdin eskerga batean bildua; kapotea blai-blai eginda zegoen, eta berrogeita hamar kilokoa eta beltza zirudien.

        — Kontuz, osabatzarra! Ez ikutu, busti-bustirik eginda nator.

        Aretoko lanparak erdizka ikusten utzi zuen haren aurpegia. Sartu, kapoteari lepoan eusten zion kateatxoa askatu eta erantzi zuen; lurrera erori zen, halako soinu likatsua eginez. Zakur busti usaina zuen eta hiru egun zeramatzan botak kendu gabe, baina, Don Fabriziorentzat, bere seme-alabak baino maiteago zuen mutila zen besarkatzen ari zen hura; Maria Stellarentzat, fede gaiztoz iraindutako iloba maitea; aita Pirronerentzat, ardi beti galdu eta beti aurkitua; Concettarentzat, bere amodio galduaren antzeko mamu maite bat; mademoiselle Dombreuilek ere eman zion musu bat laztanetara ohitu gabeko ahoarekin, eta oihu egiten zuen gaixoak:

        — Tancrède, Tancrède, pensons à la joie d'Angelicà —berak hain aukera gutxi izanik, beti ere besteen pozak imajinatzera behartuta zegoen.

        Bendicók ere berriz aurkitzen zuen bere jokolagun maitea, beste inork ez bezala zekiena ukabilan barrena muturrean putz egiten; baina, zakur antzean, areto inguruan gartsuki arrapaladan ibiliz erakusten zuen bere bozkarioa, bere maiteaz arduratu gabe.

        Egiatan hunkigarria izan zen une hura, familia bildu zelarik itzultzen zen gaztearen inguruan; are maiteagoa zen familiakoa ez zelako, are zoriontsuagoa maitasuna ezezik, betiko segurtasun-sentsazioa ere jasotzera zetorrelako. Une hunkigarria, baina baita luzea ere. Hasierako suhartasuna epeldu ondoren, Don Fabrizio konturatu egin zen beste bi pertsona zeudela ateunean, haiek ere tantaka eta irribartsu. Tancredik ere ohartu eta barre egin zuen.

        — Barkatuko didazue, baina zirrararekin burua galdu dut. Izeba —esan zuen, Printzesari zuzenduz—, lizentzia hartu dut nire adiskide bihotzeko bat ekartzeko, Carlo Cavriaghi kontea; gainera, ezaguna duzue, askotan etorri zen landetxera jeneralarekin zegoenean zerbitzutan. Eta beste hura Moroni lantzaria da, nire laguntzailea.

        Soldaduaren aurpegian irribarre zintzo bezain trakets bat azaldu zen; firme zegoen, beroki loditik lurrera ura tantaka erortzen zitzaion bitartean. Konte gaztea, aldiz, ez zegoen firme: kapelu busti itxuragabetua kenduta, eskuan muin ematen ari zitzaion Printzesari, irribarrez, eta neskatilak itsutu egiten zituen bere bibotetxo horiekin eta bere ezin ezabatuzko erre biguinarekin.

        — Entzuna nuen, ba, hemen, zuen artean, ez zuela inoiz euririk egiten! Ama maitea; azken bi egunotan badirudi erreka barruan sartuta gaudela! —gero serio jarri zen—. Baina, hi, Falconeri, non duk Angelica andereñoa? Bera erakusteko ekarri nauk Napolitik arrastaka. Neska eder asko ikusten dizkiat, baina ez bera —Don Fabriziori zuzendu zitzaion—. Badaki, Printzea?, honen arabera, Sabako erregina bera da. Goazen berehala formosissima et nigerrima hori gurtzera. Segi hortik, kaskagogor halakoa!

        Horrela hitz egiten zuen, ofizialek koarteletako mahaietan erabiltzen zuten hizkera ekarriz areto serio hartara, luma-mototsez apaindutako asaba zahar korazatu haien artera; eta barre egiten zuten denek. Baina Don Fabrizio eta Tancredi ez ziren burutik maingu: ezagutzen zuten Don Calogero, ezagutzen zuten harekin ezkonduta zegoen "Piztia Ederra", eta bazekiten nolako utzikeria sinesgaitza zegoen aberats okitu haren etxean; Lombardia xaloak ez zuen horrelako ezer ezagutzen.

        Don Fabriziok hitza hartu zuen.

        — Aizu, kontea; uste zenuen Sizilian ez zuela inoiz euririk egiten, baina ikusten duzunez ibaika erortzen da. Ez nuke nahi zuk gure artean pulmoniarik ez dagoela pentsatu, eta gero berrogeiko kailenturarekin ohean egon behar izatea. Mimi —esan zion zerbitzariari—, esan sua pizteko Tancredi jaunaren gelan eta kanpokoentzako gela berdean. Alboko gelatxoa ere presta dezatela soldaduarentzat. Eta zu, kontea, zoaz ongi lehortzera eta arropak aldatzera. Zure gelara pontxea eta gaileta batzuk eraman ditzatela aginduko dut; afaria zortzietan da, bi ordu barru.

        Cavriaghi hil askotxo lehenagotik zegoen soldadutzara ohituta, aginte-ahotsera berehala ez makurtzeko; agur egin eta otzan-otzana jarraitu zion zerbitzariari. Moroni ere atera zen, ofizialen kutxatxoak eta franela berdezko maginetan sartutako sableak aurretik eramanez.

        Bien bitartean, Tancredi idazten hasi zen: «Angelica maitemaitea: iritsi naiz, zuretzat iritsi ere. Katua bezain maiteminduta nago, baina baita igela bezain bustita ere, zakur galdu bat bezain zikin eta otsoa bezain gose. Txukundu ondoren eta ederren arteko ederraren aurrean agertzeko duin naizela uste dudan bezain laster abiatuko naiz korrika zuregana; bi ordu barru. Goraintziak zure guraso maiteei. Zuri... ezer ez, oraingoz.» Testua Printzearen iritzipean jarri zen; irribarrez onartu zuen, Tancrediren gutun-idazkeraren miresle izan baitzen beti; eta mezua segituan bidali zen pareko etxera.

 

        Guztien alaitasuna eta zirrara hainbesterainokoak ziren, non bi mutilentzat ordu laurdena aski izan baitzen lehortu, txukundu, niformez aldatu eta "Leopoldo" aretora itzultzeko; sutondoan zeuden, tea eta koinaka edaten eta besteen mirespena jasotzen. Garai haietan, Siziliako familia aristokratikoak baino militar kutsu gutxiagokorik ez zegoen; Palermoko saloietan inoiz ez zen ikusi ofizial borbondarrik, eta haietara sartu ziren garibaldizale apurrek areago ziruditen txorimamu bitxi batzuk, egiazko militarrak baino. Horregatik, hango bi ofizialak ziren benetan Salina etxeko neskek hurbiletik ikusten zituzten lehenak; eta biak "bularralde bikoitzeko" jakaz jantziak: Tancredi, lantzarien zilarrezko botoiekin; Carlo, bersagliere-en urrezkoekin; batak laranja koloreko hariz bordatuta zeukan tertziopelo beltzezko lepo altua; besteak, gorrimin koloreko hariz. Hankak, txingarren aldera luzatuak, oihal urdinez eta oihal beltzez estaliak. Mahuketan, zilar edo urrezko "loreak" amairik gabeko zirri-marra eta jira-biratan korapilatzen ziren: zoragarriak, benetan, redingote serio eta hileta usaineko frak haietara ohituta zeuden neskatila haientzat. Ikaskizunez beteriko elaberria besaulki baten atzean zetzan.

        Don Fabriziok ez zuen ongi ulertzen: karramarroak bezain gorri eta arlote samar jantzita gogoratzen zituen.

        — Baina, orain garibaldizaleok ez al duzue alkandora gorria janzten?

        Biak sugegorri batek helduta bezala bueltatu ziren.

        — Baina zer garibaldizale eta garibaldizale-ondo, osabatzarra? Horiek lehenagoko kontuak dira! Cavriaghi eta biok ofizialak gara, oraindik zenbait hilabetez Sardiniakoa baina laster Italiakoa izango den Bere Maiestate Erregeren armada erregularrean, hain zuzen. Garibaldiren armada desegin zenean bi aukera zeuden: etxera loan edo Erregeren armadan geratu. Bera eta biok, tajuzko pertsona guztiak bezala, "egiazko" armadan sartu ginen. Beste haiekin ezin zitekeen jarraitu, ez da hala, Cavriaghi?

        — Jainkoa, hura jendilajea, hura! Esku-kolpeak emateko baino ez zuten balio gizon haiek, tiro batzuk egiteko, eta kito. Orain behar bezalako pertsonen artean gaude, benetako ofizialak gara, alegia —eta gaztetxo nahigabetu baten keinuaz altxatzen zituen bibotetxoak.

        — Gradu bat kendu digute, badakizu, osabatzarra? Ez dute, ez, oso estimu handitan gure eskarmentu militarraren seriotasuna; ni, kapitaina izatetik tenientea izatera pasatu naiz, ikusten? —eta "loreen" korapiloak erakusten zituen—; hau, aldiz, tenientea zen, eta orain azpitenientea. Baina goratu bagintuzte bezain pozik gaude. Guztiz beste era batera errespetatzen gaituzte orain uniforme hauekin.

        — Bai horixe! —moztu zion Cavriaghik—, orain jendea ez da beldurtzen gurekin: badakite ez diegula oilorik lapurtuko.

        — Ikusi behar zenuen, Palermotik hona etortzean, posta-geltokietan geratzen ginenean zaldiak aldatzeko! Nahikoa zen «Bere Maiestatearen zerbitzurako premiazko aginduak» esatea, eta sorginkeriaz bezala agertzen ziren zaldiak; eta guk aginduak erakutsi bai, baina Napoliko ostatuko kontuak baino ez izan haiek, ondo biribilduak eta zigilatuak.

        Aldaketa militarrei buruzko solasaldia agortu ondoren, mintzagai interesgarriagoetara igaro ziren. Concetta eta Cavriaghi elkarren ondoan eseri ziren, apur bat urrun ordea, eta kontetxoa Napolitik ekarritako oparia erakusten ari zitzaion: Aleardo Aleardiren Kantuak, berak enkargatutako enkoadernazio zoragarri batean. Azalaren urdin ilunaren gainean printze-koroa bat ageri zen sakon grabatuta eta, azpian, neskaren izen-deituren lehen hizkiak: C.C.S. Beherago, beste hizki handi eta gotiko itxurako batzuek «Beti gor» zioten. Concettak, dibertiturik, barrean eman zion.

        — Zergatik gor, kontea? C.C.S.k oso ondo entzuten dizu.

        Kontetxoari gazte-grinaz pieu zitzaion begitartea.

        — Gor, bai, gor, andereñoa, nire hasperenei gor, nire intziriei gor, eta itsu ere bai, nire begiek zuzentzen dizkizuten erreguei itsu. Jakingo bazenu zenbat sufritu nuen Palermon, hona etortzeko alde egin zenutenean! Agurrik ere ez, ezta keinu bat ere eskuarekin, zalgurdiak zumarditik galtzen ziren bitartean! Eta gor ez deitzea nahi duzu? «Krudela» jartzeko eskatu beharko nukeen, aldiz.

        Neskaren hoztasunak izoztu egin zuen mutilaren literatur harroaldia.

        — Bidaia luzea izan duzu eta nekatuta zaude oraindik; ez zara zeure buruaren jabe. Lasai zaitez; zergatik ez didazu poesia ederren bat irakurtzen?

        Bersagliere-ak ahots larrituaz eta saminez beteriko etenak eginez bertso samur batzuk irakurtzen zituen bitartean, subaju aurrean Tancredik zeta urdin argiko estutxe bat atera zuen poltsikotik.

        — Hona hemen eraztuna, osabatzarra, Angelicari emango diodan eraztuna; edo, hobeto esanda, zerorrek nire ordez erregalatuko diozuna.

        Bultzailua zanpatu eta zafiro ilun-ilun bat azaldu zen, oktagono gisa tailatua, zapala eta bazterretan diamante-ale txiki garbi-garbi ugariz inguratua. Joia tetriko samarra, baina zeharo bat zetorrena garaiko gustu nekrofiloarekin, eta Don Fabriziok bidalitako hirurehun ontzurreak argi eta garbi balio zituena. Egiatan, aldiz, dexente gutxiago kostatu zen: hil haietako lapurreta eta ihesaldiekin, aukerako joia oso ederrak aurkitzen ziren Napolin; prezioan zegoen aldearekin orratz bat erosi zuen, Schwarzwald andereñoarentzako oroigailu. Concettari eta Cavriaghiri ere hotsegin zieten mirestera joateko, baina ez ziren mugitu, konteak ikusia zuelako ordurako, eta Concettak beranduagorako utzi zuelako plazer hura. Eraztuna eskuz esku ibili zen, mirestua eta laudatua izan zen; eta goraipatua Tancredirengandik espero zitekeen gustu ona.

        — Baina zer egingo duzu neurriarekin? —galdetu zuen Don Fabriziok—, Girgentira bidali beharko dugu eraztuna, neurrira jar dezaten.

        Tancrediren begietatik malizia-zipriztinak jalgi ziren.

        — Beharrik ez da egongo, osaba, neurri zehatza du; alde egin aurretik hartu nuen.

        Eta Don Fabrizio isilik geratu zen: maisu baten aurrean zegoen.

        Estutxeak bira guztia osatu zuen subaju inguruan eta Tancrediren eskuetara itzuli zen, ate ostetik halako «Sar naiteke?— apal bat entzun zenean. Angelica zen. Presarekin eta zirrararekin, scappolare bat beste ezer hobeagorik ez zuen aurkitu euri jasatik babesteko, alegia, nekazariek erabili ohi dituzten jipoi neurrigabe horietako hat, oihal zakar-zakarrez egina; tolesdura zurrun urdin ilun haietan bildurik, haren gorputza lirain-liraina ageri zen; txano bustiaren azpian, begi berdeetan antsia eta harridura ikusten zen; boluptatez mintzo ziren.

        Ikuskizun harekin, pertsonaren edertasunaren eta jantziaren zakartasunaren arteko aldearekin, Tancredik zigorkada bat bezala jaso zuen; zutitu, hitzik esan gabe korrika harenganatu eta musu eman zion ahoan. Eskubian zeukan estutxeak kilima egiten zion neskari atzerantz makurtua zeukan garondoan. Gero bultzailuari eragin, eraztuna hartu eta neskaren hatz nagian sartu zuen; estutxea lurrera erori zen.

        — Tori, eder hori, zuretzat da, Tancredi zurearen opari —bere ironia esnatu zen berriz—; osabatzarrari ere eskertu beharko diozu.

        Gero berriz besarkatu zuen; irrika sentsualaren eraginez, dardarka zeuden biak: aretoa eta bertan bildutakoak oso urrunak iruditzen zitzaizkien; eta mutilari egiatan iruditu zitzaion musu haiekin Siziliaz jabetzen zela, Falconeritarrek mendez mende uztarpean eduki eta, orain, alferreko bihurrialdi baten ondoren, haren urrezko uztekin eta haragizko atseginekin bere aurrean —beti beretarrekin gertatu ze bezala— errenditzen zen lur eder infidel hartaz.

 

        Bisitari ongietorri haiek iristearekin, Palermorako itzulera atzeratu egin zen; eta hurrengo bi asteak zoragarriak izan ziren. Iii Dfizialen bidaiak lagun izandako erauntsi harekin amaitu zen eguraldi txarra, eta haren ondoren uda-hondarra iritsi zen dirdaitsu, Sizilian boluptatearen egiazko urtaroa, alegia: giro argitsua, urdina, samurtasun-oasia urtaroen joan-etorri latzean, bere eztitasunaren bidez zentzuak zoratzen eta liluratzen dituena, eta bere epeltasunarekin biluztasun ezkutuetara gonbidatzen duena. Jakina, Donnafugatako jauregian ez zegoen biluztasun erotikorik; baina bazegoen, ugari egon ere, halako sentsualtasun gartsu bat, zenbat eta eutsiagoa are eta akuilagarriagoa. Hamazortzigarren mendeak, hilurren zela, bere atseginerako harm zituen plazer ilunetarako topaleku izan zen Salina jauregia larogei urte lehenago; baina Carolina printzesaren aginpide estua zela bide, Errestaurazio garaiko erlijiozaletasun berria zela bide, eta, orain, Don Fabrizioren haragikoitasuna ­maliziarik gabea— zela bide, iraganeko ahulkeria aipagarri haiek ahaztuta zeuden. Ihesi jarriak izan ziren peluka hautseztatuak jantzitako deabrutxoak; han jarraitzen zuten, jakina, baina larba egoeran, eta hauts mordo baten azpian negu-loan bezala, eraikuntza neurrigabeko hartako auskalo zein ganbaratan. Gogoratuko den bezala, Angelica ederrak nolabait suspertu egin zituen larba haiek jauregira joatean; baina bi mutil maiteminduak iritsi zirenean iratzarri ziren egiatan etxeko zokoetan gordetako grinak; orain nonahi azaltzen ziren, eguzkiak esnatutako inurrien antzera, pozoinik gabe beharbada, baina bizi-bizirik. Arkitekturak berak, rococó apaindurak berak, bere ustegabeko bihurguneekin, hanka etzanak eta bular tenteak ekartzen zituzten gogora; irekitzen zirenean, ate guztiek zirrist egiten zuten, logela-kortina batek bezala.

        Cavriaghi maiteminduta zegoen Concettaz, baina, berez mutiko bat izanik, eta ez itxuraz bakarrik Tancredi bezala, Prati eta Aleardiren erritmu errazetan asaskatzen zuen bere amodioa, bai eta bere bihotzekoa ilargi-argitan bahitzeko ametsekin ere, horren ondorio logikoei erreparatu gabe; baina Concettaren gortasunak berehala zapaldu zituen amets haiek. Ezin genezake esan bere logela berdean zegoelarik ametsaldi zehatzagoetara ematen zen ala ez; baina, Donnafugatako udazken hartako eszenografia galante hartan berak hodei eta zerumuga lausoak zirriborratuz bakarrik hartzen zuen parte, multzo arkitektonikoak asmatzera iritsi gabe. Aldiz, beste bi neskek, Carolinak eta Caterinak, nahiko ondo jo zuten beren partea, azaro hartan jauregi osoan, iturrietako murmurioekin eta zaltokietako zaldi behor-nahien ostikaldiekin eta altzari zaharretan pipiek ezkon-habiak eraikitzeko egiten zuten zulatze-lan setatiarekin nahasturik aditzen zen desio-sinfonia hartan. Gazte-gazteak eta politak ziren eta, beraietaz maitemindutako inor ez bazegoen ere, berdin-berdin geratu ziren murgilduta besteen artean gurutzatzen ziren irriken korrontean; eta, askotan, Concettak Cavriaghiri ukatzen zion musuak, Tancredi ase utzi ez zuen Concettaren besarkadak oihartzuna aurkitzen zuten beren baitan; ia ikutu egiten zieten haien gorputz ikutugabea, haien bidez amesten zuten besteek, eta beraiek ere egiten zuten amets, izerdi ederrez blaituriko adatsekin eta hasperen laburrekin egin ere. Mademoiselle Dombreuil dohakabea ere, tximistorratz lanak behin eta berriro egin ondoren, alaitasunzurrunbilo nahasi hartara erakarria izan zen azkenik, psikiatrak beren gaixoen zoraldiez kutsatzen eta haietan erortzen diren bezalaxe; egun osoa haien atzetik eta, moralaren izenean, zelatan pasatu ondoren bere ohe bakartian etzaten zenean, haztatu egiten zituen bere bular zimelak, dei eginez bere murmurioetan, nahasian, Tancrediri, Carlori, Fabriziori...

        Jakina, Tancredi eta Angelica bikotea zen zentzuen beroaldi horren erdigune eta bultzagarri. Ezkontza seguru baina ez hurbilak aidez aurretik hedatzen zituen bere itzal lasaigarriak haien elkarrenganako desioen lubeltz errean. Klase desberdintasuna zela medio, don Calogerok arazorik gabe onartzen zuen bi neska-mutilak bakarka ordu luzeak ematea, noblezian normala zelakoan; era berean, Maria Stella printzesari normala iruditzen zitzaizkion, Sedàratarrak bezalakoen artean, Angelicaren ikustaldien maiztasuna eta haren jokabide-askatasuna ere, bere alaben kasuan onargarria irudituko ez zitzaiona; hartara, Angelicak gero eta bisita gehiago egiten zituen jauregira, etengabe ia, eta beti lagunduta joaten zen arren, azkenerako formalitate hutsa baino ez zen; izan ere, aitarekin joaten zenean, beronek segituan alde egiten zuen Administraziora, azpijokoak aurkitzera (edo asmatzera), eta neskame batek laguntzen bazion, berau ere berehala desagertzen zen, despentsan kafea hartzeko edo zerbitzari dohakabeak nazkatuta uzteko.

        Angelicak jauregi guztia ezagutzea nahi zuen Tancredik, bertako multzo korapilatsu hura, bisitari-gela zahar eta berriak, harreragelak, sukaldeak, kaperak, teatroak, pintura-aretoak, larru usaineko kotxetegiak, zaltokiak, negutegi sargoritsuak, pasabideak, eskaileratxoak, terrazak eta arkupeak, eta batez ere ahaztutako apartamentu batzuk, hainbat urte lehenagotik debalde utziak eta ez erabiliak, halako mataza nahaspilatu misteriotsu bat osatzen zutenak. Tancredi ez zen konturatzen (edo oso ondo konturatzen zen) zirimola sentsualaren erdigune ezkuturantz eramaten ari zela neska, eta Angelicak, denbora hartan, Tancredik zer erabaki, huraxe nahi izaten zuen. Eraikuntza ia mugagabe hartan egiten zituzten ibilaldiak amaigabeak ziren; lurralde ezezagun baterantz abiatzea bezala zen, eta ezezaguna zen benetan, ezen Don Fabriziok ere ez zuen inoiz oinik jarri apartamentu galdu haietako askotan; eta, gainera, atsegingarri gertatzen zitzaion hori, zeren eta, esaten zuenez, jauregi batek ez baitu bertan bizitzea merezi hango gela guztiak ezagunak badira. Bi maiteminduak Ziterarantz ontziratzen ziren, eta gela ilun eta gela eguzkitsuak, leku luxuzkoak edo landerrak, hutsak nahiz era askotako altzari zokoratuz beteak ziren haien itsasontzia. Mademoiselle Dombreuilekin edo Cavriaghirekin abiatzen ziren, edota biekin (aita Pirronek, aldiz, bere Ordenaren ohiko zuhurtziaz, uko egin izan zion beti); itxuraz, behintzat, dezentzia salbu zegoen. Baina jauregi hartan ez zen zaila atzetik jarraitu nahi ziena bistatik galtzea: aski zen igarobide batetik sartzea (batzuk luze-luzeak ziren, estu eta bihurriak, leihatila saretuez hornituak, eta ezin ziren apur bat larritu gabe zeharkatu), galeria batetik atzera itzultzea, eskaileratxo gaiztakeria-lagun bat igotzea, eta bi neska-mutilak urrun egongo ziren, inork ez ikusteko moduan, irla mortu batean bezain bakarrik. Eta haien zelatan ezer askorik ez: pastel-erretratu hits bat, pintorearen trebetasunik ezak begiradarik gabe sortua, edo, sabaiko fresko ezabatu batean, neskatila artzain bat, berehala ezikusiarena egingo zuena. Bestalde, Cavriaghi laster nekatzen zen, eta bere bidean leku ezagunen bat edo lorategira jaisteko eskaileraren bat aurkitu orduko, ospa egiten zuen, bai adiskideari mesedea egiteko, bai Concettaren esku hotz-hotzei begira hasperenka jarduteko. Institutrizak luzeago irauten zuen, baina hark ere etsitzen zuen; denbora batez, bere deiak entzuten ziren, gero eta urrunagoak, beti ere erantzunik gabeak: «Tancrède, Angelica, où êtes-vous?» Gero, dendena isilik geratzen zen, eta sabaietan arrapaladan ibiltzen ziren saguen hotsak, edo haizeak lurrean biraka erabiltzen zuen ehundaka urtetako eskutitz ahaztu baten ziri-zarak baino ez zuen urratuko isiltasun hori: beldur irrikatuetarako, besarkada lasaigarriak emateko aitzakiak. Eros haien ondoan zegoen beti, maliziati eta setatsu, bi senar-emaztegaiak sorginkeriaz beteriko zorte-joko batera bultzatuz. Biek haurtzaroa oso urrun ez zutenez, berez atsegingarria gertatzen zitzaien jokoa, ondo pasatzen zuten elkarri jarraituz, galduz eta elkar aurkituz; baina azkenik elkartzen zirenean, haien zentzu suspertuak haietaz jabetu eta mutilaren bost hatzak neskarenen artean sartuko ziren (pertsona zentzukoi erabakigabeek oso maite duten keinua); hatz-puntek eskugaineko zain zurbiletan egiten zuten fereka leunak osorik aztoratzen zien barrena, laztan ausartagoen atari.

        Behinola, Angelica lurrean pausatutako koadro baten atzean ezkutatu zen; eta denbora apur batez Arturo Corbera Antiokiako setioan izan zuen babesle neskaren irrika itxaropentsuak; baina aurkitua izan zenean, irribarrea armiarma-sarez estalia eta eskuak hautsez beteak zituela, mutilari heltzen eta besarkatzen utzi zion, eta denbora luze-luzea igaro zen «Ez, Tancredi, ez!» esan baino lehen: baina uko hura gonbite bat zen, zeren Tancredik bere begien urdintasuna neskaren begi berde-berdeetara zuzendu besterik ez baitzuen egin ordura arte. Beste batean, goiz argitsu hotz batean, Angelica dardarrez ari zen, artean ere udako soineko batez jantzirik zegoelako; berotzearren, Tancredik besarkatu egin zuen oihal urratu batez estalitako diban batean; kopeta gaineko ileak mugitu egiten zizkion neskaren arnas usaintsuak; une estasiagarriak eta penagarriak izan ziren, haien bitartean irrika oinaze bihurtzen baitzen eta norbere burua menderatzeko ahaleginak, aldiz, delizia.

        Apartamendu abandonatuetako gelek ez zuten fisonomia berezirik ez izenik ere eta, Mundu Berriaren aurkitzaileek bezala, haietan gertatutakoaren izenaz bataiatzen zituzten ibilitako lekuak: logela handi bat, non ostroka-luma batzuen eskeletoaz apaindutako zerua zeukan ohe baten espektrua baitzegoen, "oinazeen gela" izenaz gogoratua izan zen gerora; arbel leun pitzatuzko maila txikiak zituen eskaileratxo bati "zorioneko irristadako eskailera" deitu zion Tancredik. Behin baino gehiagotan, non zeuden ez zekitela gertatu ziren: jira eta bira, itzuli, elkarri jarraitu, murmurioz eta laztanez beteriko geraldiak egin eta egin, orientazioa galdu eta kristalik gabeko leihoren batetik atera behar izaten zuten burua, patioaren itxuraren arabera edo lorategiaren ikuspegiaren arabera jauregiko zein hegaletan zeuden jakin ahal izateko. Noizean behin, ordea, ez zuten ezer ere lortzen, leihoak ez zuelako patio handietako batera jotzen, barneko patio txiki ezezagun eta inoiz ikusi gabeko batera baizik, eta zeukaten ezagubide bakarra katu baten sarraskia izango zen, edota ohiko pasta eta tomate platerkada, leihotik edo ahotik botatakoa, batek jakin; eta neskame erretiratu baten begiek aurkituko zituzten beste leiho batetik. Arratsalde batean, hiru hankatako alasa baten barruan lau carillon aurkitu zituzten, hamazortzigarren mendeko lañotasun artifiziosoak biziki estimatzen zituen musika-kaxa horietako batzuk, alegia. Haien arteko hiru, hautsetan eta armiarma-saretan murgilduta, mutu geratu ziren; aldiz, laugarrenak, berriagoa zelako edo zur ilunezko kutxatxoan hobeto gordea zegoelako, mugimendutan jarri zuen hortzez beteriko kobrezko zilindroa, eta altzairuzko hortz irten haiek, bat-batean, halako doinutxo airoso bat eman zuten, zilarrezko tonu zorrotzekin: "Veneziako Ihauteriak" ospetsua zen; eta haiek doinu alai malenkoniatsu haren erritmuari jarraituz aritu ziren musuka. Eta haien besarkada askatu zenean, harrituta konturatu ziren doinua aspaldi amaituta zegoela eta haien oroimeneko oihartzunak baino ez zirela izan beren laztanak gidatu zituen musika.

        Behinola, ustekabea beste era batekoa izan zen. Bisitari-hegal zaharreko gela batean, armairu baten atzean ezkutatuta ate bat zegoela ohartu ziren; ehundaka urtetako sarrailak berehala eman zien amore bortxatzen zuten bitartean elkartuz eta elkar laztanduz atsegin hartzen zuten hatz haiei; beste aldean, eskailera estu luze batek errebuelta leunak osatuz antolatuak zituen marmol arrosazko bere mailatxoak. Goian, beste ate bat, irekita eta akoltxatu desegin lodi batekin, eta gero beste apartamendutxo apain baina arraro bat, sei logela txiki zituena saloi handitxo baten inguruan; logela guztiek eta saloiak marmol zuri-zurizkoa zuten zorua, apur bat pendizean, alboko kanaltxo baterantz isuria. Sabai apaletan, koloreko igeltsulan bitxi batzuk, hezetasunak ulergaitz bihurtutakoak, zorionez; paretetan, ispilu handi txunditu batzuk, beheregi eskegiak, haietako bat pitzatua ia-ia erdian emandako kolpe bategatik, eta guztiak XVIII. mendeko kandela-euskarri bihurriz hornituak. Leihoek aparteko patio batera jotzen zuten, bestelako irekidurarik gabe halako argi hits bat sartzen uzten zuen putzu itsu eta gor moduko batera. Logela guztietan eta saloian ere, diban zabalak, zabalegiak, iltzeetan tiraka kendutako zetazko estalkiaren arrastoak erakusten zituztenak; bizkarrak zikinduta zeuzkaten; subajuen gaineko marmoletan eskultura fin korapilatsuak, biluzi paroxistikoak, baina oinazetuak, amorruz mailuka elbarrituak. Hezetasunak mantxak eginak zituen hormetako goiko aldean, bai eta, hala zirudien behintzat, behean ere, gizabeteko altueran, non halako itxuraketa arraro batzuk, tonu ilunak eta ezohiko erliebeak hartu baitzituen. Tancredik, urduri, ez zuen nahi izan Angelicak saloiko horma-armairu bat ikutzerik; berak ireki zuen. Sakon-sakona zen eta gauza harrigarriak zituen barruan: zeta-hari meheko harilkoak; lizuntasunez apaindutako zilarrezko kaxatxo batzuk, hondoan, kanpoko aldetik, etiketa txiki-txikiak zituztenak, eta haietan, idazkera dotorez, halako zehaztapen ulergaitz batzuk, botiketako ontzietan irakurtzen diren laburdurak bezalakoak: "Estr. catch.", "Tirch-stram.", "Part-opp."; barrukoa lurrunduta zeukaten botilatxoak; oihal zikineko bildumen bat, zoko batean zutik; barruan zartailu txiki sorta bat zegoen, zigorra idizainez egina zutenak, batzuek zilarrezko heldulekuak zeuzkaten eta beste batzuk marra urdin mehekiko zeta zuri oso zahar batez estalita zeuden, erdiraino bakarrik, eta hiru beltzune-lerro ikusten ziren oihalaren gainean; azkenik, metalezko tresna batzuk, ezin jakin zertarakoak. Tancredik beldurra hartu zuen, baita bere buruarekin ere: jauregiko haragizko pilpira isurtzen zuen erdigune ezkutua aurkitu zuela ulertu zuen.

        — Goazen hemendik, maitea, hemen ez dago ezer interesgarririk.

        Atea ondo itxi, eskaileretatik isilik jaitsi eta bere lekura itzuli zuten armairua; gero, egun osoan, Tancrediren musuak arinak izan ziren, ametsetan eta bekatuen ordainez emanak bezala.

        Gattopardoaren ondoren Donnafugatan objeturik ohikoena zartailua zela zirudien. Apartamendutxo enigmatikoa aurkitu eta biharamunean, bi maiteminduek beste zartailu txiki bat aurkitu zuten, arras bestelakoa. Egia esanda, hura ez zegoen apartamendu ezezagunetan, Duke Santuaren gela beneratuetan baizik, jauregiko lekurik apartekoenean. Han, XVII. mendearen erdi aldera, Salinatar bat komentu pribatu batean bezala erretiratu zen, penitentzia egiteko eta Zerurantzako ibilbidea prestatzeko. Gela txikiak ziren, sabai baxukoak, zoruan buztin zurizko baldosa arruntak zeuzkatenak eta hormak karezurituta, nekazaririk landerrenen etxeetan bezala. Haietako azkeneko balkoitxo batetik begiratuta, zabaldi hori bat ikusten zen, feudoak feudoen gainean, denak argi triste batean murgilduak. Hormetako batean gurutze erraldoi bat zegoen, egiazkoa baino ere handiagoa: Jainko oinazeztatuaren buruak sabaia jotzen zuen, oin odoleztatuek lurzola ikutzen zuten; saihetseko zauriak aho bat zirudien, bortxakeriak azken salbaziorako hitzak ezpainetaratzea galarazi ziona. Jainkoaren gorpuaren ondoan, eskuleku motzeko zartailu bat zegoen zintzilik iltze batetik: larru ordurako gogortuzko sei korda zituen, eta haien muturretan berunezko bola bana, urrak bezain lodiak. Duke Santuaren "penitentzia" zen. Barru hartan Giuseppe Corbera, Salinako Dukeak bere burua zigortzen zuen, bere Jainkoaren eta bere feudoen aurrean, eta beharbada iruditzen zitzaion haiek erredimitzeko erortzen zirela lurrera bere odol tantoak; bere deboziozko beroaldian, seguru aski pentsatzen zuen bataio bekatu-ordaingarri horren bidez bakarrik izango zirela bereak, bere odoleko odol, bere haragiko haragi, esan ohi den bezala. Aldiz, lur-mokorrak galduak ziren eta goi hartatik ikusten ziren lursailetako asko beste inorenak ziren, baita don Calogerorenak ere; don Calogerorenak, hau da, Angelicarenak, eta, beraz, jaioko zen semearenak. Edertasunaren bidezko erredentzioa eta odolaren bidezkoa elkarren ondoan imajinatzean, zorabio bat bezala sentitu zuen Tancredik. Angelicak, belauniko, musu ematen zien Kristoren oin zulatuei.

        — Begira, horko traste hori bezalakoa zara, gauza bererako balio duzu —esan zion Tancredik, zartailua erakutsiz; baina neskak ulertu gabe burua altxatu eta irribarre egiten zuenez gero, eder baina hutsik, bera makurtu eta, Angelica belauniko zegoela, musu bat eman zion, hainbesteko indarrez non garrasi eginarazi baitzion eta ezpaina eta aho-sabaia zaurituta utzi.

        Horrela igarotzen zituzten egun haiek, ametsalditan alderrai; infernu batzuk aurkitu zituzten, gero maitasunak erredimitzen zituenak, eta paradisu galdu batzuk, gero maitasun horretxek lohitu egiten zituenak; biek gero eta irrika biziagoa sentitzen zuten jokoa eten eta apostuan irabazitakoa azkar berreskuratzeko; azkenerako, ez zuten ezer gehiagorik arakatzen, berenbaitaraturik joaten ziren gelarik bakartuenetara, inolako oihurik inoren belarrietara iristen utziko ez zutenetara; baina oihurik ez zen egongo: arrenak eta zotinak besterik ez, ahapeka. Izan ere, han egoten ziren biak, besarkatuta eta errugabe, elkar errukitzen. Bisitari-hegaleko gelak ziren haientzat arriskutsuenak: apartean zeuden, hobeto zainduta, bakoitzak bere ohe ederra zuela eta haren gainean koltxoi bildua, eskukada soil batekin zabal zitekeena... Egun batean, Tancrediren burmuinak ez, ezen horretan ez zuen zer esan handirik, baina bai bere odol guztiak erabaki zuen bukaeraraino iristea; goiz hartan Angelica eder gaizto hark, «Zure nobizia naiz» esan zion, haien artean izandako lehen desio-topaketa gogorarazi nahirik, gonbite bat bezain nabarmenki; eta emakumea, ilea nahasten utzi ondoren, bere burua eskaintzen ari zela, eta gizonaren gainetik arra nagusitzeko zorian zela, elizako kanpai handiaren danbatekoa haien gorputz etzanen gain-gainera erori zen ia, bere bibrazioa erantsiz haien gorputzen dardarari; bat egindako ahoek elkarrengandik apartatu behar izan zuten irribarre egiteko. Beren onera itzuli ziren; biharamunean Tancredik abiatu behar zuen.

        Egunik zoriontsuenak izan ziren haiek Tancrediren eta Angelicaren bizitzan, geroago hain gora-behera ugarikoak eta, ezinbesteko oinaze-hondo batean, hain bekatuzkoak izango ziren beren bizitza haietan. Baina artean ez zekiten horren berri, eta zehatzagoa iruditzen zitzaien etorkizun baten atzetik zihoazen, jakin gabe ke eta haize hutsez osatua zegoela. Zahar eta alferrik zuhur bihurtu zirenean, haien oroitzapenak egun haietxek gogoratuko zituzten etengabeko oroiminez: desioaren egunak izan ziren, beti menperatzen zuten baina horrexegatik beti hor jarraitzen zuen desioarenak, haien aurrera eskeintzan bezala agertu eta haien ezetza jaso zuten etzaleku ugarienak, zentzuen zirikadari gogor egiteagatik beragatik zirikada hori ukazio, hau da, egiazko maitasun izatera iritsi zenekoak. Egun haiek beren ezkon-bizitzarako prestakuntza izan ziren, erotikoki ere porrot egin zuen bizitza horretarako; prestakuntza bat, ordea, aparteko zerbait bezala mamitu zena, gozagarri eta labur: hala nola operak ahazten direnean bizirik dirauten sinfoniak, lotsaz estalitako beren alaitasunean, zirriborraturik, operaren barruan trebeziarik gabe gauzatu eta azkenik porrot eginten duten aria guztiak dauzkatenak.

       

        Angelica eta Tancredi bizien mundura itzultzen zirenean bizio iraungien, bertute ahaztuen eta, batez ere, amaigabeko desioaren unibertsoan erbesteraturik egon ondoren, gogo onez baina ironiaz beteriko barrera egiten zieten.

        — Burutik eginda zaudete; horrela hautsa jatera joatea ere! Baina, Tancredi, begira nola jarri zaren! —esango zuen Don Fabriziok, irribarrez; eta iloba trajea zepilaraztera joango zen.

        Aulki batean zankalatraba eserita, Cavriaghi "virginia" bat ari zen erretzen, eta so egiten zion aurpegia eta lepoa garbitzen eta, ura ikatza bezain beltz bihurtzen zela ikustean, bufaka ari zen adiskideari.

        — Ezingo nikek ukatu, Falconeri: Angelica andereñoa inoiz ikusi dudan neskatilarik ederrena duk; baina horrek ez dik balio heure burua zuritzeko; Jainkoarren, neurriz jokatu behar duzue!, hiru orduz egon zarete gaur bakarrik; maiteminduta bazaudete, ezkondu segituan eta ez barregarri geratu jendearen aurrean. Ikusi behar buen nolako aurpegia jarri duen aitak gaur, despatxutik irtetean ikusi duenean oraindik ere gela-itsaso hartan nabigatzen ari zinetela! Neurria, adiskidea, beharrezkoa duk neurria, eta siziliarrok gutxitxo daukazue!

        Sermoilari ari zen, pozik bere jakinduria irentsarazten ziolako kamarada zaharragoari, Concetta "gorraren" lehengusuari. Baina Tancredi suminduta zegoen, ilea txukatzen zuen bitartean: neurririk eza leporatzea ere, nori eta berari, tren bat geldiarazteko adinakoa zuen hari! Nolanahi, bersagliere lotsagaldu hura ez zegoen guztiz oker: itxurarekin ere kezkatu beharra zegoen; baina bere laguna bekaizkeria hutsagatik bihurtu zen moralista, ordurako argi baitzegoen Concettari egiten zion kortejamenduak ez zuela ezer lortzen. Gainera, nolako odol zapore leuna zuen Angelicak, lehenago czpain-barruan hozka egin zionean!, nolako samurtasunez makurtu zen besarkatu zuenean! Baina egia zen, ez zeukan bururik.

        — Bihar eliza ikustera joango gaituk, aita Pirrone eta Monsignor Trottolino zaindari hartuta.

        Bien bitartean, Angelica nesken gelara joan zen soinekoa aldatzera.

        — Mais, Angelicà, est-ce Dieu possible de se mettre en un tel état? —sumintzen zen mademoiselle Dombreuil, neskatila eder hark, gerruntze eta azpikogona hutsean, besoak garbitzen zituen bitartean. Ur hotzak kitzikaduraren irakina moteltzen zion, eta bere baitan onartzen zuen institutrizak arrazoi zuela: merezi al zuen hainbeste nekatzea, horrela hautsez betetzea, jendeari barrebidea ematea?, eta, zertarako gainera? begietara begiratua izateko, hatz mehe haiei bere gorputzean ibiltzen uzteko, ezer gutxitarako... Eta artean ere minduta zeukan ezpaina.

        — Nahikoa da gaurkoz. Bihar aretoan geratuko gara besteekin.

        Baina biharamunean, begi haietxek, hatz haietxek berriro eskuratuko zuten beren azti-indarra, eta berriro ere ekingo zioten biek ezkutatu-agertu joko zoro hari.

        Paradoxa bat bada ere, bi erabaki haiek, aparte hartuak baina berdinak, barrena baretzeko baliatu zitzaien bi maiteminduei; izan ere, afarian, beste guztiak baino lasaiago agertu ziren, biharamunerako asmo on baina alferrei esker, eta, gainera, dibertitu egin ziren gainerakoen maitasun-adierazpenak, beraienak baino txikiagoak, zirikagai hartuz.

        Tancredi etsia hartuta zegoen Concettarekin: Napolin, halako damu izpi bat sentitu zuen bere lehengusinarekiko, eta horrexegatik jo zuen Cavriaghirengana, bere lekua hartuko zuelakoan; errukiak ere bazuen tokirik bere kalkuluetan. Iritsi zenean, Concetta abandonatu ondoren damututa egoteko itxurak egin zituen, maltzurkeriaz eta kortesiaz, baina bere laguna akuilatzen jardun zen. Alferrik, ordea: Concettak bere eskolume-berriketak egiten jarraitzen zuen, begi hotzez begiratzen zion kontetxo sentimentalari, baita erdeinu apur batez ere. Txoriburu galanta, neska hura, alferrik zen berarekin. Azken finean, zer nahi zuen? Cavriaghi mutil zintzoa zen, gizon jatorra, abizen onekoa, eta lursail handiak zituen Brianzan; labur esanda, adierazgarriro "partidu ona" deitzen den hori zen. Jakina, Concettak bera maite zuen, ez? Berak ere maite izan zuen beste denbora batean: ederragoa zen Angelica, askoz ere aberatsagoa, baina Concettak bazuen bere baitan Donnafugatakoak sekulan edukiko ez zuen zerbait. Baina bizitza gauza serioa da, ze deabru! Concettak ulertu beharko zukeen; gainera, zergatik hasi zen berarekin hain gogorra izaten? Izpiritu Santuaren komentuan egin zion errieta hura, eta beste hainbat geroago. Gattopardo, ziur aski, Gattopardo; baina mugak egongo ziren piztitzar harroputz harentzat ere.

        — Neurria, lehengusina maitea, beharrezkoa duzu neurria, eta Siziliako emakumeek gutxitxo daukazue!

        Angelicak, ostera, arrazoia ematen zion bere bihotzean Concettari: Cavriaghi hari gatza eta piperra falta zitzaizkion; Tancrediz maiteminduta egon ondoren, aurrean zeukan Marsalaren ondoren ura edatea bezala izango zen berarekin ezkontzea. Gertatu zena gertatu ondoren ulertzen zuen Concetta, bai. Baina beste bi ergel haiek, Carolinak eta Caterinak, arrain hil begiz begiratzen zioten Cavriaghiri, eta pilpilean eta urtzen hasten ziren haiengana hurbiltzen zenean. Zeren zain zeuden? Aitaren eskrupulu ezarekin, ez zuen ulertzen nolatan haietako bat ez zen ahalegintzen konte gaztea Concettaren eskuetatik kentzen. «Adin horretan neska-mutil gazteak txakurkumeak bezalakoak dira: txistu eginez gero, hor etorriko zaizkizu. Ergel halakoak! Beren errezelo, debeku eta harrokeria guztiekin, jakina da nola amaituko duten.»

        Gizonak afalostean erretzera joaten ziren saloian, Tancredi eta Cavriaghiren arteko solasaldiek ere, haiek baitziren etxeko bi erretzaileak eta hortaz deserriratu bakarrak, halako tonu berezi bat hartzen zuten. Azkenerako, konte gazteak bere maitasun itxaropenen porrotaldia aitortu zion adiskideari.

        — Ederregia duk, garbiegia niretzat; ez naik maite; burugabe hutsa izan nauk, horren esperoan egoteagatik. Oroiminaren sastakaia bihotzean josita dudala alde egingo diat hemendik. Ez nauk ausartu eske garbirik egitera. Somatzen diat zizare bat bezalakoa naizela bere begien aurrean, eta zuzena duk horrela izatea; nirekin konformatuko den beste zizare eme bat aurkitu beharko diat.

        Eta bere hemeretzi urteek barre eginarazten zioten bere zoritxarraz.

        Tancredi, bere zorion ziurtatuaren gainaldetik, laguna kontsolatzen ahalegintzen zen.

        — Begira; jaio zenetik ezagutzen diat Concetta. Inon den izakirik maitagarriena duk, bertute ororen ispilu; baina itxi samarra ere bai, oso begiratua, eta esango nikek handiuste samarra ere badela; gainera, siziliar peto-petoa duk; ez duk sekulan irten hemendik. Ezin jakin ondo egongo ote litzatekeen Milanon, platerkada bat makarroi jan aurretik astebete lehenagotik pentsatu beharra baitzegok herritzar hartan!

        Tancrediren ateraldiak, batasun nazionalaren lehen adierazpenetako batean, Cavriaghi berriz irribarrez jartzea lortu zuen; ez zegoen minik edo oinazerik ere bere barruan luzaroan geratuko zenik.

        — Zakuka erosiko nizkiokean nik, ba, zuen makarroiak! Nolanahi ere, ez zegok zer eginik; espero diat, behintzat, hire osabaizebek ez didatela gorrotorik hartuko zuen artean alferrik sartu izanagatik, oso atseginak izan dituk nirekin.

        Tancredik lasaitu egin zuen, zintzoki gainera, Cavriaghi begiko gertatu baitzitzaien denei, Concettari izan ezik —edo, beharbada, baita Concettari ere—, bere aldarte on zaratatsuagatik, nahiz eta hori, bere baitan, sentimentaltasunik minberenarekin nahasturik egon; eta beste mintzagai bat hartu zuten, hau da, Angelica.

        — Falconeri, hi haiz hi zorionekoa! Angelica andereñoa bezalako alaja bat aurkitzea ere zerritegi honetan (barkatu, motel)! Zeinen ederra den, Jainko maitea, zeinen ederra! Alproja halakoa hi, hor eramaten duk hainbat eta hainbat orduz gure katedralea bezain handia den etxe honetako zokorik zokoenetara! Gainera, ederra ez ezik, buruz jantzia ere baduk; eta zintzoa, gainera: begietan ikusten zaiok zintzotasuna, bere lañotasun garbi maitagarria.

        Cavriaghik liluraturik jarraitzen zuen Angelicaren zintzotasunarekin, Tancredik irribarrez begiratzen zion bitartean.

        — Guzti honetan, heu haiz egiazko zintzoa, Cavriaghi.

        Milanotarraren baikortasunean kosk egin gabe geratu zen esaldi hura.

        — Aizak —esan zuen konte gazteak—, egun gutxi barru aterako gaituk hemendik; ez zaik iruditzen baronesatxoaren amaren aurrean aurkeztua izan beharko nukeela?

        Estrainekoz entzuten zuen Tancredik ahots lonbardiar batek titulu batekin deitzea bere bihotzekoari. Une batez ez zuen ulertu nortaz ari zen. Gero, bere baitako printzea errebelatu egin zen.

        — Ze baronesatxo, ordea, Cavriaghi! Maite dudan neska eder maitagarri bat duk, besterik ez!

        «Besterik ez» hori ez zen egi-egia; baina Tancredik zintzoki hitz egiten zuen; familiatik jabetza handiak edukitzera ohituta, egiatan iruditzen zitzaion Gibildolce, Settesoli eta oihalezko zakutxoak Carlos d'Anjoukoaren garaietatik zirela bereak, betidanik, beraz.

        — Tamalez, uste diat ezingo duala ikusi Angelicaren ama; Sciaccara zihoak bihar, bainu-sendabideak hartzera; oso gaixorik omen zegok emakume gajoa! —zapaldu egin zuen hautsontzian Virginiatik geratzen zena—. Goazemak saloira, nahikoa egon gaituk besteengandik urrun.

       

        Egun haietako batean, Don Fabriziok Girgentiko prefetuaren eskutitz bat jaso zuen, kortesiarik handieneko estiloaz jakinarazten ziona Aimone Chevalley di Monterzuolo zaldun jauna, prefeturako idazkaria, iritsiko zela Donnafugatara, Gobernuarentzat garrantzi handikoa zen gai batez mintzatzeko berarekin. Harrituta, Don Fabriziok bere seme Francesco Paolo bidali zuen biharamunean postabulegora, missus dominicus hura jaso eta jauregian ostatu hartzera gonbidatzeko; egiazko errukizko egintza zen hori, eta ez bakarrik abegikortasun hutsa, handiki piamontetar haren gorputza osaba Menicoren ostatu-kobazuloan txiki-txiki egingo zuten mila piztien mende ez uztea, alegia.

        Posta-kotxea iluntzean iritsi zen, aulkian bere zaindari armatua zekarrela eta aurpegi zorrotzen zama eskasarekin. Chevalley di Monterzuolo ere jaitsi zen bertatik, bere ikaratu itxuragatik eta errezeloz beteriko irribarretxoagatik berehala ezagutzeko moduan. Hilabete zeraman Sizilian, irlako alderdirik berez siziliarrenean, gainera, eta Monferratoko bere herriskatik etorria zen zuzen-zuzenean. Izatez herabeti eta jaiotzez burokratikoa izanik, ez zegoen batere gustura. Beterik zeukan burua siziliarrek iritsi berrien nerbioen sendotasuna aproban jartzeko oso gogokoak dituzten bandidutzari buruzko kontakizunez, eta azken hilabetean hiltzaile bat ikusten zuen bere bulegoko uxier guztien baitan, eta laban bat bere idazmahaiko zurezko gutun-irekitzeko bakoitzean; bestalde, hilabete osoa zeraman sabela aldrebestua zuela olioz prestaturiko janarien erruz. Orain han zegoen, ilunabarrean, oihal griseko bere maletatxoarekin, eta posta-kotxeak deskargatu zuenean, errezeloz begiratzen zion errepide haren itxura ezertarako ez politari; «Corso Vittorio Emanuele» errotulua, hondo zuriaren gaineko hizki urdin batzuez parean zeukan etxe hondatua apaintzen zuena, ez zen aski sinestarazteko bere nazio berbereko leku batean zegoela, azken batean; eta ez zen ausartzen etxeei kariatideen antzera atxekitako nekazari horietako bakar bati ere zuzentzera, ulertuko ez ziotelakoan eta bere tripa nahastu baina maiteetan zentzugabeko labankada bat jasoko zuelakoan.

        Francesco Paolo hurbildu eta bere burua aurkeztu zionean, begiak zabal-zabal ireki zituen bereak egina zuelakoan, baina mutikote ilehoriaren itxura dotore eta prestuak zertxobait lasaitu zuen, eta gero Salina jauregian aterpetzera gonbidatuta zegoela ulertu zuenean, harritu eta arindua hartu zuen; Piamonteko eta Siziliako gizalegeen (Italiako bi punttalakurloenen) arteko lehia etengabeek alaitu zuten jauregirainoko ilunpeko ibilaldia, maleta nork eramango zuen erabakitzeko; azkenik, bi lehiatzaile gizalegetsuek batera eraman zuten, arin-arina izan arren.

        Jauregira iritsitakoan, lehen patioan geldirik zeuden "campiere"-en aurpegi bizartsuek berriro asaldatu zioten bihotza Chevalley di Monterzuolori; baina gero, Printzeak egin zion harrera epel baina atseginak eta begiztatu zituen lekuen dotorezia nabarmenak bestelako iritzia eragin zioten. Bere lurretan apalki baina duintasunez bizi zen Piamonteko noblezia txikiko etxe bateko seme hura lehendabiziko aldiz aurkitzen zen jauregi batean aterpetuta, eta horrela handiagoa zen bere herabetasuna; eta Girgentin kontatzen entzundako pasadizo odoltsuekin, iritsi zen herriaren itxura txartxarrarekin, eta patioan kanpaturik ikusi zituen bidelapurrekin (berari horixe iruditu zitzaizkion) ikaratuta zegoen; gauzak horrela, afaltzera jaitsi zenean kontrajarritako bi beldurrek estutzen zioten bihotza: batetik, berea baino goragoko giro batean dagoenak sentitzen duen beldurrak, eta, bestetik, bandiduen segada batean erori den koitaduarenak.

        Afarian lehen aldiz jan zuen ondo Siziliako itsasertzak ikutu zituenetik, eta nesken edertasunak, aita Pirroneren austeritateak eta Don Fabrizioren manera handiek sinestarazi egin zioten azkenik Donnafugatako jauregia ez zela Capraro bandiduaren kobazuloa eta segur aski bizirik irtengo zela handik; gehien lasaitu zuena Cavriaghi bertan egotea izan zen; izan ere, esan ziotenez, hamar egun zeramatzan etxe hartan, eta itxuraz oso ondo zegoen, eta gainera Falconeri gaztetxo haren lagun handia zen: miragarria, bere ustez, siziliar baten eta lonbardiar baten arteko adiskidetasun hura. Afariaren bukaeran Don Fabrizioren ondora hurbildu eta apartean elkarrekin hitz egiteko baimena eskatu zion, biharamun goizean alde egiteko asmoa baitzeukan; baina Printzeak zanpatuta utzi zion lepo bat esku-zartada batez, eta bere irribarrerik gattopardotarrenaz:

        — Ezta pentsatu ere, zaldun jaun maite hori —esan zion—, orain nire etxean zaude eta nahi dudan arte edukiko zaitut bahituta; bihar ez duzu alde egingo, eta seguru egotearren arratsaldera arte geratuko naiz zurekin bakarka hitz egiteko plazerrik gabe.

        Esaldi horrek, hiru ordu lehenago zaldun jauna ikaran jarriko zukeen arren, alaitu egin zuen orain. Gau hartan Angelica ez zegoen eta, beraz, whist jokoan aritu ziren. Mahai batean, Don Fabrizio, Tancredi eta aita Pirroneren ondoan bi rubber irabazi eta hiru lira eta hogeita hamabost zentimo poltsikoratu zituen; gero, bere logera erretiratu, izaren freskotasuna eskertu eta gizon zuzenaren lo —iakorraz lokartu zen.

       

        Ondoko goizean, Tancredik eta Cavriaghik lorategian paseo bat ematera eraman zuten, eta gero koadroak eta tapiz bilduma irestarazi zizkioten; herritik ere egin zuten beste osteratxo bat; urtaroko eguzki ezti-kolorearen azpian ez zen aurreko gauean betin beldurgarri azaltzen; irribarreren bat eta guzti ikusi zuen, eta hevalley di Monterzuolo herri txikietako Siziliarekin ere hasi zen saitzen. Tancredi horretaz ohartu eta irlako jendeak kanpotarrei torio ikaragarriak, tamalez beti ere egiazkoak, kontatzeko irrikak irtu zuen bere mende. Harlandu baldar samarrez apaindutako irrealdea zeukan jauregi irrigarri samar baten aurretik ari ziren arotzen.

        — Chevalley maitea, hemengo hau Mútolo baroiaren etxea da; ain hutsik eta itxirik dago, familia Girgentin bizi delako baroiaren umea bandiduek bahitu zutenetik, orain hamar urte.

        Piamontekoa dardarka hasi zen.

        — Gizagaixoa!, auskalo zenbat ordaindu behar izan zuen askatzeko!

        — Ez, ez zuen ezer ordaindu; diru arazotan zeuden ordurako, eskudirurik gabe, hemengo guztiak bezala. Baina mutila berdinberdin itzuli zioten; epeka, ordea.

        — Nola? Zer esan nahi du, Printzea?

        — Epeka, ongi diot, epeka: zati bat orain, gero beste bat. Lehendabizi, eskubiko hatz erakuslea iritsi zen. Astebeteren buruan ezkerreko oina, eta azkenik, saski eder batean, piku mordo baten azpian (abuztua zen), burua; begiak zabal-zabalik omen zituen, eta odol lehortua ezpain-ertzetan. Nik ez nuen ikusi, artean mutikoa nintzen; baina esan zidatenez, ikuskizuna ez zen polita. Saskia horko harmaila horren gainean, ate aurreko bigarrenean utzi omen zuen buruan zapi beltz bat zeukan atso batek: inork ez zuen ezagutu.

        Nazkaren nazkaz, Chevalleyri begirada gogortu egin zitzaion; gertaera hura entzuna zuen lehenago ere, baina orain, eguzki eder haren azpian, dohain ezohiko hura utzi zuten harmaila ikustea besterik zen. Bere funtzionari arimak eman zion laguntza.

        — Nolako polizia ezdeusa zeukaten Borbon haiek! Baina laster amaituko da hori guztia, gure karabineroak hona etortzen direnean.

        — Zalantzarik ez, Chevalley, zalantzarik ez.

        Gero Hiritarren Biltokiaren aurretik igaro ziren: plazako platanondoen itzalpean, eguneroko burnizko aulki eta doluz jantzitako gizon erakusketa agertzen zuen. Agurrak, irribarreak.

        — Begiratu ondo horiei, Chevalley, atxiki ezazu ikuskizun hau oroimenean: urtean bi aldiz jaun hauetakoren bat seko hilda geratzen da bere siloitxoan; ilunabarreko argi eskasarekin botatako tiro bat, eta inork ez du inoiz jakiten nor izan den.

        Chevalleyk Cavriaghiren besoari eusteko beharra eduki zuen, beragandik hurbil kontinenteko odol apur bat sentitzeko.

        Handik gutxira, kaleska aldapatsu baten muturrean, zabaldutako arropa zurien girnalda koloretsuaren artetik, elizatxo lañoki barroko bat begiztatu zuten.

        — Hura Santa Ninfa da. Duela bost urte, parrokoa barrean hil zuten, meza ematen ari zela.

        — Izugarria!, tiro bat elizan!

        — Bai zera, tiroa! Chevalley, katoliko zintzoegiak gara horrelako okerkeriarik egiteko. Bakar-bakarrik, pozoina jarri zioten kalizeko ardoan; ez da hain nabaria, liturgikoagoa da, nolabait esateko. Inoiz ez zen jakin nork egin zuen: parrokoa pertsona bikaina zen eta ez zeukan etsairik.

        Gizon batek gauean esnatzean espektro bat ikusten badu ohe ondoan, bere galtzerdiak jantzita, bere adiskide parrandazaleen trufa dela sinesten ahaleginduko da bere ikaratik libratzeko; bada, Chevalley halaxe babestu zen adarra jotzen ari zirelako ustean.

        — Oso dibertigarria, Printzea, barregarria benetan! Oso ondo kontatzen ditu berorrek pasadizo hauek, elaberriak idatzi beharko lituzke!

        Baina dardarizoa zeukan ahotsean; Tancredi errukitu zitzaion, nahiz etxera itzuli aurretik besteek adinako zer-kontatua zeukahiruzpalau lekuren aurretik igaro, kronista lanak egiteari utzi eta lini eta Verdi hartu zituen mintzagai, izurri nazionalak sendato betiereko ukendu horiek.

       

        Arratsaldeko lauretan, Chevaleyri langelan bere zain zegoela esateko agindu zuen Printzeak. Gela txiki bat zen, hormetan, kristalezko armairu batzuen barrean, eper disekatu batzuk zituena, luma gris eta hanka gorrikoak, nahiko ale arraroak, aspaldiko ehizaldien oroigarri; matematika-aldizkari batzuen urte askotako zenbakiez beteriko liburutegi altu estu batek noblezia ematen zion hormetako bati; bisitarientzako besaulki handiaren gainean, aldiz, senitartekoen miniatura-konstelazio bat: Don Fabrizioren aita, Paolo printzea, larruazal ilunekoa eta ezpainak mairu batenak bezain sentsualak zituena, bere Gorteko uniforme beltzaz jantzia, eta bularrean gurutzatuta San Jenaroren kordoia; Carolina printzesa, alargun geratu ondoren, bere ile hori-horiak dorre baten antzeko motots batean bilduak eta bere begi zorrotz eta urdinekin; Giulia, Printzearen arreba, Falconeri printzesa, lorategi bateko harrizko jarleku batean escrita, bere eskubian lurrean zabalik utzitako guardasol txiki baten amaranto koloreko mantxarekin, eta ezkerrean, Tancredi, orduan hiru urte zituela, berari ematen ari zitzaion basalore sorta baten mantxa horiarekin (Don Fabriziok ezkutuka poltsikoratu zuen miniatura hori, algoazilek Villa Falconeriko altzariak imitorioan ezartzen zituzten bitartean). Gero, beherago, Paolo, lehen semea, zaldiketarako galtza estuekin, lepo makurreko eta begi distiratsuko zaldi sutsu baten gainera igotzen ari zela; ondo identifikatu gabeko hainbat osaba-izebek joia handiak zeuzkaten ageri-agerian edo, doluminez, hildako senideren baten bustoa erakusten zuten. Konstelazioaren erpinean, ipar-izarraren lekuan, miniatura handiago bat ikusten zen: Don Fabrizio bera, hogei urte zituela doi-doi, eta emazte gazte-gaztea, burua haren sorbaldan jarria, erabateko amodio-menpetasunaren ezaugarri; emaztea, beltzaran; bera, ilegorri, Erregeren Gorputz Goardiaren uniforme urdin-zilarraz jantzirik, atseginez irribarretsu, ile berriko matel-bizar hori-horiek inguratuta zuelarik begitartea.

        Ondoren, eseri eta Chevalleyk berehala azaldu zuen bere gain utzi zioten betekizuna.

        — Zorioneko anexioaren ondoren, esan nahi dut, Sizilia Sardiniako Erreinura guztion onerako bildu ondoren, Torinoko gobernuak Siziliako jaun handi batzuk Erreinuko Senatore izendatzeko asmoa du; probintziako agintariei pertsonalitate batzuen zerrenda osatzeko eskatu zaie, gero gobernu zentralak aztertu eta Erregeak dagokion izendapena egin dezan; eta, nola ez, Girgentin berorren izena aipatu dute berehala, Printzea; izen handia antzinatasunagatik, jabearen berezko ospeagatik, bere meritu zientifikoengatik eta arestiko gertakarietan azaldutako jarrera duin eta liberalagatik ere.

        Mintzalditxo hura aspalditik prestatuta zegoen; are gehiago, Chevalleyren galtzetako atzeko poltsikoan zetzan koaderno txikian lapitzezko ohar labur ugariz zuzendua ere izan zen. Alabaina, Don Fabriziok ez zuen zirkinik ere egiten eta bere betazal astunek oztaozta uzten zuten bere begirada erdi-ikusten. Ile horiskako bere eskutzarra mahai gaineko alabastrozko S. Pedroko kupula baten gainean zegoen, geldi-geldirik, eta osorik estaltzen zuen.

        Zerbait proposatzen zaienean siziliarrek erakusten duten axolagabekeria maltzurrera ohituta, Chevalleyk ez zuen etsi.

        — Zerrenda Torinora bidali aurretik, nire nagusiek pentsatu dute egokia izango zela berorri jakinaraztea, eta galdetzea, orobat, berorren gustukoa ote den proposamena. Berorren onespena lortzea (itxaropen hori dute agintariek) izan da hona ekarri nauen betekizuna; gainera, betekizun horri esker berori eta berorren etxekoak, jauregi bikain hau eta Donnafugata hain ikusgarri hau ezagutzeko ohorea eduki dut.

        Ura igebelar-hostoetatik bezala irristatzen ziren lausenguak Printzearen nortasunetik: harroak diren eta, gainera, harro izaten ohituta dauden gizonek dituzten abantailetako bat da hori.

        «Honek usteko du ohore handia egiten didala —ari zen pentsatzen—, niri, naizena naizen honi, Siziliako Erreinuko Pare, besteak beste, gutxi gora-behera senatorea izatea bezala edo. Halere, opariak emailearen arabera epaitu behar dira: bere pecorino gazta pusketa ematen didan nekazariak opari handiagoa egiten dit Giulio Làscarik bazkaltzera gonbidatzen nauenean baino. Tamalez, pecorino gaztak nazka ematen dit, eta, horrela, ezer gutxi geratzen da: «esker ona, ikusten ez den gauza, alegia, eta nazkagatik zimurtutako sudurra, ongiegi ikusten dena.»

        Senatuari buruzko bere ideiak, gainera, lauso samarrak ziren; ahaleginak eginda ere, ideia horiek beti ekartzen zizkioten gogora Erromatarren Senatua, Gallo gaizki heziaren buruan makila bat hautsi zuen Papirio senatorea, eta Caligulak senatore izendatu zuen Incitatus izeneko zaldia (bere seme Paolok bakarrik ez zukeen gehiegizkotzat joko ohore hori); gainera, ernegatuta zegoen, aita Pirronek esandako esaldi bat behin eta berriz gogoratzen zitzaiolako behin eta berriro: «Senatores boni viri, senatus autem mala bestia». Orain, Parisko Inperioko Senatua ere bazegoen, baina pribilegio ugari zeukaten aprobetxategien batzar bat baino ez zen. Palermon ere bazegoen, edo egon zen, Senatu bat, baina hiri-administratzaile batzorde bat baino ez zen izan, eta nolako administratzaileak gainera! Ahuntzaren gauerdiko eztula Salinatar batentzat. Argi hitz egin nahi izan zuen: —Hortaz, zaldun jauna, azalduko didazu pixka bat egiatan zer den senatore izatea? Lehenagoko monarkiaren prentsak ez zuen pasatzen uzten Italiako beste estatuetako sistema konstituzionalari buruzko berririk, eta duela bi une Torinon egin nuen astebeteko egonaldia ez zen aski izan niretzat argitasunik emateko. Zer da, ohorezko izendapen hutsa, kondekorazio moduko zerbait, ala beharrezkoa da legegintzan eta erabakiak hartzeko orduan esku hartzea?

        Piamontetarra, Italiako estatu liberal bakarraren ordezkaria, indu egin zen.

        — Baina, Printzea, Senatua Erreinuko Goi-Kamera da! Han gure herriko politika gizonen gaina eta bikaina biltzen da, Erregeren jakinduriak aukeratuta, herriaren aurrerabidera begira gobernuak edo beraiek proposatzen dituzten legeak aztertu, eztabaidatu, onartu edo atzera botatzeko; aldi berean ezproi eta brida betekizunak ditu, jokabide onera bultzatzen du, desmasiak galerazten ditu. Berorrek parte hartzea onartzen badu, diputatu aukeratuekin batera ordezkatuko du Sizilia; entzunaraziko du orain sendatu beharreko hainbeste zaurirekin eta ase beharreko hainbeste nahikunde zuzenekin mundu modernoaren plazara agertzen den berorren lur edereder honen ahotsa.

        Chevalleyk luzaroan jarraituko zukeen beharbada tonu hartan, ate ostetik Bendicók onartua izatea eskatu izan ez balio «Erregeren jakinduriari'; Don Fabriziok atea zabaltzera doanaren antzera altxatzekoa egin zuen, baina hain nagiki, non astia eman baitzion piamontetarrari berak sartzen uzteko; Bendicó, arreta handiz, luzaroan geratu zen Chevalleyren galtzak usnatzen; gero, erabat sinesturik parte oneko gizona zela hura, leihopean etzan eta loak hartu zuen.

        — Entzuidazu, Chevalley; izan balitz ohorezko izendapen bat, bisita-txartelean idazteko titulu soil bat, pozik onartuko nukeen; iruditzen zait Italiako estatuaren etorkizunerako erabakikorra den une honetan guztiok dugula geure atxikimendua eman beharra, eta ahaleginak egin behar ditugula adostu ezina ez erakusteko kanpoko estatuen aurrean; izan ere, beldurrez edo itxaropenez daude guri begira; arrazoirik gabe, gerora ikusiko denez, baina hala da.

        — Orduan, Printzea, zergatik ez du onartzen?

        — Pazientzia izan, Chevalley, orain azalduko dizut; siziliarrok ohiturik gaude gure erlijioa ez zeukaten eta gure hizkuntzaz mintzo ez ziren gobernatzaileak edukitzera; horregatik, buruz eta zentzuz jokatzen ikasi dugu. Bestela, ezin gainetik kenduko genituen zergalari bizantziotarrak, emir berberiskoak edo errege-orde espainiarrak. Orain gure izaeraren zati bat da hori, horrelakoak gara. Lehenago, atxikimendua esan dut, ez partaidetza. Azken sei hilabeteotan, zuen Garibaldi horrek Marsalan oina ezarri zuenez geroztik, gauza gehiegi egin dira guri galdetu gabe, eta ezin orain agintea duen klase zaharreko partaide bati eskatu parte har dezala eta burura eraman ditzala gauza horiek. Ez dut eztabaidatu nahi egin dena ondo ala gaizki egin den; neuk, behintzat, gauza askotxo gaizki egin direla uste dut, baina orain esango dizut gauza bat gurekin urtebete egon ondoren berez ulertuko duzuna. Sizilian ez du axolarik zerbait ondo zein gaizki egiteak: "zerbait egitea" da siziliarrok inoiz barkatzen ez dugun bekatua, horixe besterik ez. Zaharrak gara, Chevalley, oso zaharrak. Badira hogeita bost mende behintzat era guztietako zibilizazio miresgarrien zama garraiatzen dugula bizkarrean: den-denak kanpotik etorri ziren, osorik eta biribil, bat bera ere ez zen geure artean sortu; bakar bat ere ez da jarri gure batutapean. Zu bezain zuriak gara, Chevalley, Inglaterrako erregina bezain zuriak; baina badira bi mila eta bostehun une kolonia bat garela. Ez naiz kexatzen ari: errua geurea da, neurri handi batean; baina nekatuta gaude, gure onena kendu baligute bezala sentitzen gara.

        Chevalley urduri zegoen.

        — Nolanahi ere, orain hori amaitu da; orain Sizilia ez da lur konkistatua, estatu libre bateko zati librea baizik.

        — Asmoa ona da, Chevalley, baina berandu iritsi da; gainera, esan dizudan bezala, neurri handi batean geurea da errua. Oraintxe aipatu didazu mundu modernoaren mirarien plazara agertzen den Sizilia gazte bat; niri, aldiz, gehiago iruditzen zait ehundaka urtetako atso bat, Londresko Erakusketa Unibertsalera gurpil-aulkian eramana, tutik ulertzen ez duena, guztia bost axola zaiona, bai Sheffieldeko altzairutegiak, bai Manchester-eko ehungintzak ere, eta bere burko lerdetsuen artean eta pixontzia ohepean duela lo-kuluxka egitea beste irrikarik ez duena.

        Poliki hitz egiten jarraitzen zuen, baina San Pedroko kupularen gaineko eskua gero eta indartsuago ari zen estutzen; biharamunean, kupularen gailurreko gurutzetxoa puskatuta aurkitu zuten.

        — Loa, Chevalley maitea, loa nahi dute siziliarrek, eta beti gorrotoa izango diote iratzarri nahi dituenari, baita opariak eramateko bada ere; eta, gure artean esanda, zalantza handitan daukat erreinu berriak opari asko duenik guretzat maletan. Siziliaren agerbide guztiak ametsezkoak dira, baita indarkeriarik handienekoak ere: gure zentzukoitasuna ahaztu-nahia da; gure eskupetazo eta labankadak heriotz-nahia; boluptatez beteriko gelditasun-nahia dira, heriotz-nahia beraz, gure nagitasuna, gure sendapoki edo kanela sorbeteak. Gure gogoetatsu itxura, esan liteke, ezereza da, nirvanaren sekretuak arakatu nahi dituena. Hortik dator gure arteko batzuen, erdizka iratzarririk daudenen nagusikeria; hortik ere Siziliako agerbide artistiko eta intelektualen mende bateko atzerapen ospetsua: berritasunek erakarri egiten gaituzte bai, baina hilik eta bizi indarrik eman ezinik sumatzen ditugunean bakarrik; hortik dator gaur egun, gure garai honetan, mito batzuen sorrera: mito agurgarriak, egiatan antzinakoak balira, baina hilda dagoelako bakarrik erakartzen gaituen iragan batean berriz murgiltzeko ahalegin beldurgarriak baino ez dira.

        Chevalley zintzoak ez zituen gauza guztiak ulertu, batez ere azken esaldia gertatzen zitzaion nahiko iluna: ikusiak zituen buruan luma-mototsez apaindutako zaldi hezurtsuek garraiatzen zituzten gurdi koloretsuak, txotxongilo heroikoen teatroaren aditzea ere bazeukan, baina berak ere uste izan zuen egiazko tradizio zaharrak zirela horiek.

        — Ez al zaio iruditzen apurtxo bat gehiegikeriak esaten ari dela, Printzea? —esan zuen—, neronek ezagutu ditut Torinon siziliar etorkin batzuk, Crispi, haietako baten izena esateko, eta ez zaizkit inondik inora ere lotiak iruditu.

        Printzea haserretu egin zen.

        — Gehiegi gara salbuespenik ez egoteko; gainera, lehenago ere hitz egin dizut erdizka iratzarririk daudenez. Crispi gazte horri dagokionez, nik ez, baina zerorrek ikusi ahalko duzu beharbada zahartzaroan ez ote den eroriko gure desbide boluptatetsuan: denak erortzen dira. Dena dela, konturatzen naiz esan beharrekoak gaizki esan ditudala: siziliarrak esan dut lehenago, baina «Sizilia, giroa, klima, paisaia» erantsi beharko nukeen. Gure arima indar horietxek mamitu dute arrotzen uztarpeekin eta bortxaketa zentzugabeekin batera, edo, beharbada, haiek baino gehiago ere: paisaia hau, biguintasun lizunkoiaren eta gehiegizko gogorkeriaren arteko erdibidea ezagutzen ez duena; sekulan ere zikoitza, eskaxa, lasaigarria edo gizatiarra ez dena, izaki arrazoidunen bizileku izateko egindako herri batek behar lukeen bezala; herri honek bata bestetik milia gutxitara dauzka Randazzo inguruko infernua eta Taorminako badiaren edertasuna, neurriz kanpokoak biak, arriskugarriak beraz; klima hau, sei hilabetez berrogei gradutako sukarraldiaz zigortzen gaituena; konta itzazu, Chevalley, konta itzazu: maiatza, ekaina, uztaila, abuztua, iraila, urria; sei aldiz hogeita hamar egunetako eguzki galda gure buruen gainean; gure uda, Errusiako negua bezain luze eta izugarria, baina arrakasta gutxiagorekin borrokatzen duguna. Oraindik ez dakizu, baina gure artean su-elurra egiten duela esan liteke, Bibliako hiri madarikatuetan bezala; hil guzti horietako bakar batean, siziliar batek serioski Ian egingo balu, hiru hilabeterako aski izan beharko lukeen adina energia gastatuko luke; eta gero, urik ez dago, edo hain urrundik ekarri behar da, non tanta bakoitzaren truke izerdi tanta bana ordaintzen baita. Eta horren ondoren, euriteak, euri jasak beti, ibai-bide lehorrak zoratzen dituztenak, abereak eta gizonak itotzen dituztenak non eta batzuk eta besteak, astebete lehenago, egarriz lehertzen ari ziren leku berean. Paisaiaren indarkeria hori, klimaren ankerkeria hori, inguruan daukagun guztiaren etengabeko tentsio hau, baita iraganeko monumentu guzti hauek ere, mirestekoak baina ulertezinak ez ditugulako geuk eraiki, mamu isil eder-eder batzuen antzera inguratzen gaituztenak; gobernu guzti hauek, beren armekin auskalo nondik lehorreratuak, berehala gure morrontza, gero gure gorrotoa eta beti gure ezinulertua aurkitu zutenak, guretzat enigmatikoak diren arte-lanen bidez eta beste nonbait gastatutako zergak ateratzen dizkiguten zergalari jakin-jakinen bidez bakarrik eman direnak ezagutzera; gauza horiek guztiek osatu dute gure izaera, kanpoko halabeharrek eta, gainera, arima-irlatasun batek baldintzatua.

        Langela txiki hartan begietaratutako infernu ideologikoak gehiago asaldatu zuen Chevalley goizeko kontakizun odoltsuak baino. Zer edo zer esan nahi izan zuen, baina Don Fabrizio ez zegoen hura entzuteko, urduriegi zegoen.

        — Ez dut ukatuko irlatik kanpora joandako siziliar batzuek honetaz libratzea lortzen dutela: hori bai, oso-oso gazteak direnean bidali behar dira kanpora, hogei urte dituztenerako berandu da; morkotsa egina dute ordurako: sinestuta egongo dira besteak bezalakoa dela beren herria, baina gaiztakeriaz laidotua; hemen dagoela normaltasun zibilizatua, eta arrarokeria kanpoan. Baina barkatu, Chevalley, neurria galdu dut gauza hauek kontatzean eta seguruenik gogaitu egin zaitut. Ez zara etorri Ezekiel Israelgo desbenturak uxatzeko otoitzean nola hasten den entzutera. Gatozen berriro gure egiazko harira. Benetan eskertzen diot gobernuari nitaz pentsatu izana Senaturako, eta arren eskatzen dizut nire esker zintzo hori adieraz diezaiozula dagokionari: baina ezin dut onartu. Klase zaharreko partaide bat naiz, erregimen borbondarrarekin ezinbestez konprometitua, eta hari lotua dezentziaren lokarriekin, ezen ez bihotzarenekin. Nire zoritxarreko belaunaldia garai zahar eta berrien erdian zankalatraba dago, eta ez batean ez bestean ere ez da gustura aurkitzen. Eta hori gutxi bada, ilusiorik ere ez daukat, jadanik ohartuko zinenez; zer lortuko luke Senatuak niregandik, bere burua engainatzeko gaitasuna, besteak gidatu nahi dituenak eduki beharreko dohaina alegia, falta duen legegile eskarmentugabe batengandik? Gure belaunaldiko gizonok txoko bateaa erretiratu behar dugu eta handik ikusi gazteek katafalko apain-edertu honen inguruan egiten dituzten zilipurdi eta jauziak. Gazteak behar dituzue orain, gazte sasoikoak, "nola" galderarekin arduratzen direnak, eta ez "zergatik" galderarekin, eta beren interes bereziak idealtasun politiko lausoekin mozorrotzeko, esan nahi dut, horietara moldatzeko gai direnak —isildu, San Pedro bakean utzi, eta aurrera jarraitu zuen—. Utziko al didazu aholku bat ematen, zure nagusiei helarazteko?

        — Zer esanik ez, Printzea; arreta osoz entzuna izango da; baina oraindik ere ausartuko nintzateke aholkua ez, baina onarpena espero izatera.

        — Bada gizon bat Senaturako iradoki nahi nukeena: Calogero Sedàra; han esertzeko meritu gehiago ditu nik baino. Esan didatenez, bere familia sustrai zaharrekoa da, edo laster izango da. Zuk izen ona deitzen duzun hori baino areago, ahalmena du berak; meritu zientifikorik ez dauka, baina aparteko meritu praktikoak ditu. Joan den maiatzeko kinka larria bitartean izan zuen jarrera, gaitzetsi ezinezkoa ezezik, zeharo baliagarria izan zen; ilusiorik ere, ez dut uste nik baino gehiagorik izango duenik, baina beharra dagoenean nonbaitetik ateratzeko bezain bizkorra bada, izan ere. Behar duzuen gizona da. Baina azkar ibili behar duzue, entzuna baitut diputatuaren batzarrera aurkeztekotan dela bere hautagaitza.

        Sedàraz luze hitz egin zuten Prefeturan, bazekiten nola moldatzen zen alkate lanetan eta mundu pribatuan ere; Chevalleyk bihotzikara bat izan zuen: gizon prestua zen, eta legegile-batzarrei buruz zeukan iritzia bere asmo onak bezain garbia zen; horregatik, egokia iruditu zitzaion zirkinik ez egitea, eta ondo egin zuen bere burua ez konprometituz, zeren eta hamar urte geroago, don Calogero bikain hark senatoretza eskuratuko baitzuen. Nolanahi ere, Chevalley prestua bai, baina ergela ez zen; falta zuen, bai, Sizilian adimenari izena lapurtzen dion gogo-bizkortasuna; gauzak ulertzeko bere gaitasuna motela zen, baina segurua, eta gainera ez zeukan besteen sufrimenduarekiko hegoaldetarren itxikeria. Ulertu zituen Don Fabrizioren mingostasuna eta samina, lipar batean begietaratu zitzaion hilabetez bera lekuko izan zuen ikuskizuna: miseria, doilorkeria eta axolagabekeria beltza. Iragandako orduetan ondamuz ikusi zituen Salinatarren aberastasuna eta handikitasuna; orain, aldiz, samurtasunez gogoratzen zituen bere mahasti txikia, bere Monterzuolo, Casale ondokoa, itsusia, eskaxa, baina bare eta bizia. Erruki izan zion itxaropenik gabeko printze hari, bai behintzat ume oinutsei, malariak jotako emakumeei, eta bere bulegora egunero zerrendaturik iristen ziren biktima ez-errugabeei adina. Berdinak ziren denak funtsean, putzu berean abandonatutako zoritxar-lagunak.

        Azken ahalegina egin nahi izan zuen; zutik jarri zen; bihotz zirrarak halako pathos bat eransten zion haren ahotsari.

        — Printzea, egi-egiatan ez da saiatuko egin daitekeena egiten berorren herri honen egoera, pobrezia materiala, miseria moral itsua arintzeko edo konpontzeko? Uko egiten dio? Mendera daiteke klima, ezabatu gobernu txarren oroitzapena; siziliarrek hobera jo nahi izango dute; gizon prestuak bazterrean geratuz gero, bidea libre geratuko da eskrupulurik eta etorkizunera begiratzeko gaitasunik ez duen jendearentzat, Sedàra bezalakoentzat; eta berriro lehen bezalakoa izango da dena, beste hainbat mendez. Entzun berorren bihotz-deiari, Printzea, eta ez esan dituen egia harroei. Ez aparte geratu.

        Don Fabriziok irribarre egiten zion, eskutik hartu eta bere ondoan eserarazi zuen dibanean.

        — Zu jaun bat zara, Chevalley, eta zorion handia izan da niretzat zu ezagutzea; arrazoia zenuen guzti-guztian, baina oker egon zara «siziliarrek hobera jo nahi izango dute» esan duzunean. Niri gertatutako pasadizo bat kontatuko dizut. Garibaldi Palermon sartu baino bizpahiru egun lehenago, itsas-armadako ofizial ingles batzuk aurkeztu zizkidaten; badian zer gertatuko adi zeuden itsasuntzietan ematen zuten zerbitzua, eta bazekiten, ez dakit nondik eta nora, badudala etxe bat Marina aldean, itsasora begira, hiriaren inguruko mendi-lerro guztia ondo ikusten uzten duen terraza bat duena. Etxea ikusten uzteko eskatu zidaten, garibaldizaleak omen zebiltzan ikuspegi hura begiratzera joateko, haien itsasuntzietatik ez baitzuten ezer garbirik antzematen; etxera etorri eta goraino lagundu nituen; gaztetxo inuzente batzuk baino ez ziren, matel-bizar gorriskak eduki arren. Liluraturik geratu ziren ikuspegiarekin, argiaren indarrarekin; halere, aitortu zutenez, ikaratuta zeuden kaleetan ikusi zuten miseria, hondamen eta zikinkeriarekin. Ez nien azaldu bata bestearen ondorioa zela, zuri esaten saiatu naizen bezala. Gero, haietako batek galdetu zidan zer egitera zetozen egiatan borondatezko italiar haiek. «They are coming to teach us good manners —erantzun nuen—, but won't succeed, because we are gods.» Gizabidea irakastera datozkigu, baina ezingo dute, jainkoak gara eta.. Uste dut ez zutela ulertu, baina barrez hasi eta gero joan egin ziren. Horrelaxe erantzuten dizut zuri ere; Chevalley maitea, siziliarrek ez dute inoiz hobera jo nahi izango, arrazoi sinple bategatik: ezin hobeak direla uste dute; haien harrokeria haien miseria baino indartsuagoa da; edozein arrotz sartzen bada tartean, jatorriz arrotzak izan, nahiz gogoz beren buruaren jabe diren siziliarrak izan, lortutako betegintzarre horren ametsaldia hankazgoratu egiten zaie, ezerezaren zain dauden bitarteko beren patxada ase hori aztoratzeko arriskua dago. Hamaika herri desberdinen zapalkuntza jasan ondoren, uste dute halako iragan inperial bat dutela, ponpeziaz beteriko hiletak edukitzeko eskubidea ematen diena. Benetan uste al duzu, Chevalley, Sizilia unibertsoaren historiaren isurian bideratzea espero duen lehena zarela? Jainkoak daki zenbat emir musulmanek, Ruggero erregearen zenbat zaldunek, sueboen zenbat eskribauk, zenbat baroi anjoutarrek, Errege Katolikoaren zenbat lege-gizonek erabili duten buruan erotasun eder hori! Eta zenbat errege-orde espainiarrek, Carlos IILaren zenbat funtzionari erreformatzailek! Eta orain, nork daki nortzuk izan ziren haiek? Alferrik saiatu ziren: Siziliak lo egin nahi izan du; zergatik egin behar zieten jaramon, aberatsa izanik, jakintsua izanik, onestua izanik, guztiek miresten eta bekaizkeriaz begiratzen bazuten, hitz batean esanda, ezin hobea bazen? Orain, gure artean ere esaten hasi da, Proudhomek eta izena gogoratzen ez diodan judu aleman batek idatzi dutenaren ildotik, gauzen egoera txarraren errua, hemen eta edonon, feudalismoak duela; neuk dudala, nolabait esanda. Hala izango da. Baina feudalismoa alde guztietan egon da, bai eta kanpotarren inbasioak ere. Ez dut uste zerorren arbasoek, Chevalley, edo squire inglesek, edo jaun frantsesek hobeto gobernatuko zutenik Salinatarrek baino. Nolanahi ere, ondorioak desberdinak izan dira. Desberdintasunaren arrazoia siziliar guztien begietan diz-diz egiten duen handiago-ustean bilatu behar da, geuk harrotasuna deitzen dugun, baina egiaz itsutasuna baino ez den zer horretan. Oraingoz, eta denbora luzean, ez dago zer eginik. Damu dut, baina politikaren alorrean ezin dut hatz bat bera ere mugitu. Hozka egingo lidakete. Siziliarrei ezin esan zaizkien hitzak dira hauek; eta neronek ere, gainera, txarrera hartuko nukeen, zerorrek esan izan bazenitu. Berandu da, Chevalley; afaltzeko janztera joan beharra dugu. Zenbait orduz gizon zibilizatuarenak egin beharko ditut.

       

        Biharamunean, Chevalleyk goizean goiz alde egin zuen eta Don Fabriziori erraza gertatu zitzaion posta-geltokira laguntzea, ehizera joatea erabakia zuen eta. Don Ciccio Tumeo ere haiekin zihoan, bi eskupeten zama bikoitza eramanez lepoan, berea eta Don Fabriziorena, bai eta barrean bere bertute oinperatuen behazuna ere.

        Goizeko bost t'erdietako argitasun zurbilarekin ikusirik, Donnafugata hutsik zegoen eta etsiturik agertzen zen. Etxe guztien aurrean, mahai erromesetako hondakinak metatzen ziren horma zartatuen bazterrean; zakur dardarti batzuek nahastatu egiten zituzten, irrikaz baina alferrik beti. Ateren bat edo beste irekita zegoen ordurako, eta pilatuta lo egiten zutenen hatsak kalea betetzen zuen; kriseiluen argi motelarekin, amek trakomak erretako betazalak miatzen zizkieten umeei; doluz jantzita zeuden ia denak, eta asko abelbideetako errebueltetan topo egiten diren txingote horietakoren batekin ezkonduta egon ziren. Gizonak, aitzurra eskuetan hartuta, Jainkoa lagun lana nork emango irteten ziren; isiltasun hoskabea, edo ahots histerikoen garrasi etsituak. Izpiritu Santuaren komentuaren aldetik eztainuzko egunsentia hasia zen bere zuritasuna zabaltzen berunezko hodeien gainetik.

        «Egoera honek ez du luze iraungo —pentsatzen zuen Chevalleyk—; gure administrazio berri, arin eta modernoak dena aldatuko du.»

        Printzea, aldiz, bihotz-ilunduta zegoen. «Honek guztiak ez luke iraun behar, baina iraungo du, beti; gizonen "beti" horretan, noski, mende bat, bi mende...; eta gero bestela izango da, okerrago ordea. Gu Gattopardo izan ginen, lehoiak; gure ordez etorriko direnak txakal txikiak izango dira, hienak; eta denek, Gattopardo, txakal eta ardi, lurreko gatza garelakoan jarraituko dugu.» Elkarri eskerrak eman, eta elkar agurtu zuten. Chevalley bomito koloreko gurpilak zeuzkan posta-kotxe batera igo zen. Zaldia, osorik gose eta zauri, bidaia luzeari lotu zitzaion.

        Eguna urratzen hasia zen; hodei-estalkia zeharkatzea lortzen zuen argi apurrari traba egiten zion berriro leihatilako zikinkeria antzinatikakoak. Chevalley bakarrik zegoen; astinaldi eta inarrosaldi artean, txistuz busti hatz muturra, eta begi baten tamainan garbitu zuen kristala. So egin zuen; bere aurrean, errautsezko argiaren pean, saltoka ageri zen paisaia, erredimiezin.

 

 

© Giuseppe Tomasi di Lampedusa

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giuseppe Tomasi di Lampedusa / Gattopardo" orrialde nagusia