HIRUGARREN ZATIA

 

Urria, 1860

 

        Euria etorri zen, euria joan zen, eta eguzkia tronura igo berriro, errege bat suminduta baina aginte konstituzionalek apalduta erreinatzera itzultzen denean bezala, menpekoen barrikadek astebetez urrun egonarazi ondoren. Beroak erre gabe ematen zuen gozabidea, argia bortitza zen baina ez zituen koloreak deusezten, eta lurretik hirusta eta menda zuhurrak ateratzen ziren azalera, eta aurpegi fidagaitzetan itxaropenak.

        Don Fabriziok, Teresina eta Argutorekin —zakurrekin—, eta don Ciccio Tumeorekin —laguntzailearekin— ordu luzeak igarotzen zituen ehizean, egunsentitik arratsaldera arte. Hartzen zuen nekea nekez kanpokoa zen erabat emaitzei begira, ezen tiratzailerik trebeenentzat ere zaila da ia inoiz ez dagoen jomuga bat jotzea: asko zen etxeratzean Printzeak eper pare bat eramaten bazuen sukaldera, eta era berean don Cicciok zoriontsutzat joko zuen bere burua gauean untxi bat jartzen bazuen mahaian, ipso facto erbi gradura igoarazia, gure artean ohi den bezala.

        Nolanahi ere, harrapakin ugari lortzea bigarren mailako plazerra izango zen Printzearentzat; ehiza-egunetako atseginbidea beste nonbait zegoen, gertakari nimiño askotan zatikatua. Bizarra moztearekin hasten zen, artean ilun zegoen gelan, arkitektura pintatuak zituen sabaian bere mugimenduei halako ikutu teatrala ematen zien kandela baten argitan; biziagotu egiten zen areto lokartuak zeharkatzean, argi dardartiarekin jokorako karta nahastuak, fitxak eta kopa hustuak zeuzkaten mahaiak saihestean eta, haien artean, zaldi ezpata aurkitzean, gizontasun handiko balentriak iragartzen zizkiona; bai eta gero argi grisarekin lorategi geldian ibiltzean ere, txoririk goiztiarrenek, lumetako ihintza kentzeko, gorputza astintzen zuten bitartean; eta huntzak oztopatutako ateskatik barrena alde egitean; hitz batez esanda, ihes egitean. Eta gero, errepidean, lehen argiekin guztiz errugabeko agertzen zen errepidean, don Ciccio topatzen zuen, irribarrez bere bibote horituen artean, zakurren kontra gozoki erneguka; berauei, itxaroaldian, dardar egiten zieten giharreek ilearen tertziopeloaren azpian. Artizarra diz-diz ari zen, mahats ale zuritu, garden eta heze bat bezala, eta ordurako bazirudien entzuten zela eguzkiaren gurdiak zeru-ertzaren azpitik maldan gora egiten zuen burrunba; laster aurkitzen zituzten lehen artaldeak, itsasaldiak bezain nagi zebiltzala, oinetan larrua jantzitako artzainek harrika gidatuak; artileak biguin eta arrosa ikusten ziren lehen izpiekin; gero artzain-zakurren eta ehiza-zakur erretxinen arteko norlehenagoka ilunak ebatzi beharra zegoen, eta gortzeko moduko bitarte horren ondoren, aldapan gora berriz, eta artzainen Siziliako isiltasun oroitaurrekora iristen ziren. Tupustean, denetik urrun zeuden, espazioan eta areago denboran. Donnafugata, bere jauregiarekin eta aberats berriekin, bi miliatara zegoen edo hor nonbait, baina oroitzapen lausotu bat zirudien, batzuetan burdinbideko tunel baten bukaera urrunean sumatzen diren paisaiak bezala; haren atsekabeak eta haren luxua hutsalak ziren, iraganekoak izan balira baino hutsalagoak; izan ere, eskualde aldaezin hauen urruntasunetik begiratuta, bazirudien etorkizunekoak zirela, ez zirela harrizkoak edo haragizkoak, baizik eta ametsezko etorkizun baten gai berberaz eginak, halako Platon herritar batek amestutako Utopia batetik atera balira bezala, eta gora-beherarik ttikiena aski balitz bezala tankera desberdinez tajutzeko edota gerta zitezela eragozteko ere. Hortaz, iraganeko gauza orok gordetzen duen energi-karga apurra ere galdua zuela, Donnafugatako munduak ezin zuen kezkabide gehiagorik eman.

       

        Kezkabideak, izan ere, ugari izan zituen Don Fabriziok azken bi hiletan: alde orotatik sortu ziren, hildako sugandila bati erasotzen dioten inurriak bezala. Batzuk egoera politikoaren zartaduratik irtenak ziren; beste batzuk inoren grinek bota zizkioten gainera; eta beste batzuk, aldiz, —eztenkadarik handienak ematen zizkiotenak, hain zuzen— bere barrenetik erneak ziren, hau da, politikaren eta hurkoaren nahikerien aurrean zeuzkan erreakzio zentzugabeetatik sortuak —nahikeria deitzen zien, suminduta zegoenean, lasai zegoenean grinatzat jotzen zituenei—; eta kezkabide horiei egunero pasatzen zien errebista, haruntz eta honuntz erabiltzen zituen, multzoka edo lerroka bere kontzientziaren arma-plazan, espero zuelarik bera lasaitzeko moduko arrazoiren bat aurkitzea haien joan-etorrietan; baina ez zuen lortzen. Aurreko urteetan auzi gogaikarriak gutxiago ziren eta, nolanahi ere, Donnafugatako egonaldia atsedenaldi bat izaten zen: buruhausteak fusila erortzen utzi, haranetako malkarretatik barreiatu eta hain lasai geratzen ziren, ogi eta gazta jaten, non haien uniformeen gerrazaletasuna ahaztu eta laborari baketsuak zirela pentsa baitzitekeen. Urte hartan, aldiz, armei eutsiz oihuka ari diren tropa matxinatuak bezala, bilduta geratu ziren eta bere etxean bertan aztoratuta sentiarazten zuten, «Hautsi lerroak!» esan eta gero erregimentua inoiz baino estuagoa eta mehatxugarriagoa dela ikusten duen koronel baten antzera.

        Bandak, suziriak, kanpaiak, "zingarelle" eta Te Deum bat: oso barrera polita; baina, ondoren: iraultza burgesa, bere eskaileretatik don Calogeroren frakaz igotzen zena; Angelicaren edertasuna, bere Concettaren grazia apalari itzal egiten ziona; Tancredi, sumatutako bilakaeraren denborak azkartzen zituena, eta, are gehiago, bere grina sentsualak bultzatuta, bere interes guztiz konkretuak loreekin apaintzen zituena; Plebiszituaren eskrupuluak eta okerrak; berak, Gattopardok, hamaika maltzurkeriari amore eman beharra, hainbat urtez ezinkizunak atzaparka uxatu ondoren.

        Hilabete eta gehiago bazen Tancredik alde egin zuela, eta orain Casertan zen, bere Erregearen bizilekuan kanpaturik; handik, noizean behin, gutunak idazten zizkion Don Fabriziori, Printzeak noiz irribarrez, noiz marru eginez irakurri eta gero bere idazmahaiko kajoirik ezkutuenean uzten zituenak. Concettari ez zion inoiz idatzi, baina ez zitzaion ahazten ohiko malizia bihozkorraz harentzako bere goraintziak bidaltzea; hara zer idatzi zuen behinola: Andere gattopardotar guztiei eskuminak, eta batez ere Concettari; gutuna familiari irakurtzean, aitaren zuhurtziak zentsuratu egin zuen esaldi hura. Angelica ia egunero joaten zen bisita egitera, inoiz baino liluragarriago, aitak edo parte txarrekoa zirudien neskame batek lagundurik; ofizialki, bisitak laguntxoei egiten zizkien, neskei, baina, izan ere, ondo igartzen zen haren goreneko puntura iristen zela ezaxolaz bezala galdetzen zuenean:

        — Iritsi al da Printzearen berririk?

        Angelicak, tamalez, ez zuen "Printzea" esaten bera izendatzeko, Don Fabrizio izendatzeko alegia, baizik eta harako kapitaintxo garibaldizale hura aipatzeko; eta horrek halako sentimentu bitxi bat sortarazten zion Salinari, ondamu sentsualaren algodoiaz eta bere Tancredi maitearen arrakastagatik sentitzen zuen pozaren zetaz ehundua; azken finean, sentimendu gogaikarria zen. Beti berak erantzuten zion galderari: ondo gogoetatuta isurtzen zuen zekien guztia, baina kontu handiz inausia aurkezten zuen beti berri-sorta, bere guraize zuhurrekin arretaz ebakiz bai arantzak —Napolirako joanaldi ugarien kontaketak eta Aurora Schwarzwald, San Carloko dantzariaren hanken edertasunari buruzko aipu garbi-garbiak—, bai ondugabeko lore-kuskuak ere —«Emango al didazu Angelica andereñoaren berririk?», «Ferdinando II.aren langelan Andrea del Sartoren Madonna bat ikusi dut Sedàra andereñoa gogoratu didana»—. Horrela, Tancrediri buruzko irudi gatzik gabea osatzen zuen, ez oso egiazkoa, baina hartara, orobat, ezin esan zitekeen festa-hondatzailearen edo ezkongilearen papera jokatzen zuenik. Hitzezko zuhurtasun horiek nahiko ongi islatzen zituzten Tancrediren grina arrazoituaz zeuzkan sentimentuak, baina bera sumindu egiten zuten, bai eta nekatu ere; bestalde, azken boladan asmatu behar izan zituen hizkuntzazko eta jokabidezko ehun amarruen arteko ale bakan batzuk baino ez ziren horiek; atsekabetuta gogoratzen zuen urtebete lehenagoko egoera, nola orduan burutik pasatzen zitzaion guztia esan zezakeen, seguru zekielarik edozein inozokeria Ebanjelioko hitza balitz bezala onartuko zela, eta bere zuhurtasunik eza printze baten axolagabekeria balitz bezala. Iraganaren oroimina berataz jabetzen zenean, aldarterik txarreneko uneetan nahiko urrun iristen zen malda arriskutsu horretan behera: behin batean, Angelicak eskainitako kikara teari azukrea ipintzen ari zitzaiolarik, konturatu zen hiru mende lehenagoko Fabrizi Corbèra eta Tancredi Falconeri haien ahalbideen inbidiatan zela, haiek apaizaren aurretik igaro gabe asetuko baitzuten beren garaiko Angelica-ekin oheratzeko gogoa, herriko nesken doteez arduratu gabe —horrelakorik ez zen esistitzen, gainera—, eta haien osaba agurgarriei gorriak ikusarazi beharrik gabe gauza egokiak esan edo isiltzeko. Odoletik zetorkion haragikoitasun hura —haragikoitasuna baino areago, nagikeriaren azalpen sentsual bat zen, batez ere— hain bizia zen une hartan, non berrogeita hamar urteko aitonseme guztiz gizabidetsu hura gorritu ere egin baitzen; bere arima, iragazki ugariren bitartez eskrupulu rousseautiarrez tindatuta, sakon-sakonean lotsatu zen. Hortik, gainera, askoz ere nazka handiagoa hartu zion oinen artean egokitu zitzaion gizarte-egoerari.

       

        Bereziki bizia zen, goiz hartan, uste baino bizkorrago garatzen ari zen egoera baten preso egoteko sentsazioa. Izan ere, aurreko gauean Tancrediren gutun bat ekarri zion Donnafugatarako posta urria noizean behin kaxa hori argi batean eramaten zuen zalgurdiak.

        Irakurri baino lehenago ere, nabarmena zen haren garrantzia, paper dizdiragarrizko orri bikainetan eta kaligrafia argi armoniatsuaz idatzita baitzegoen. Auskalo zenbat zirriborroren "kopia garbia" zela igartzen zen berehala. Hartan, Printzeak ez zuen ` osabatzarra" deituera jasotzen, gogokoa bilakatu zitzaiona, baina "Ene osaba Fabrizio maitea", alde on franko zeuzkana: hasieratik txantxa-susmo guztiak uxatzen zituen; ondoren idatzita zegoenaren garrantziaz ohartarazten zuen; beharra egonez gero gutuna edozeini erakusten uzten zuen; eta, halaber, deian erabilitako izenaren zehaztasunak halako indar behartzailea zuela esaten zuten erlijio-ohitura zaharzahar batzuekin lotuta zegoen.

        «Osaba Fabrizio maitea»-ri, beraz, aditzera ematen zion «beraganako oniritziz eta begirunez beteriko iloba» maitasunik indartsuenaren preso zela hiru hilabete lehenagotik, eta ez «gerrako arriskuek» —alegia, Casertako parkeko paseoek—, ez eta «hiri handi baten edertasunek» ere —alegia, Schwarzwald dantzariaren mimoek— ezin izan ziotela une bakar batez ere buru-bihotzetatik urrundu Angelica Sedara andereñoaren irudia —eta segituan halako adjektibo-prozesio luze bat zihoan, maitearen edertasuna, dohaiak, bertuteak eta adimena goraipatzeko—; gero, tintazko eta sentimenduzko zirrimarra nabarmenen bitartez esaten zen Tancredi bera saiatu zela bere sua itzaltzen, bere doilorkeriaz jabetu zenean «luze bezain alferrekoak izan dira orduak, Napoliko iskanbilaren erdian sartuz edo nire armalagunen austeritatean babestuz neure sentimenduei gogor egiten ahalegindu naizenean». Aldiz, orain maitasunak gaina hartua zion zuhurtasunari, eta bere izenean Angelica andereñoaren eskua «aita guztiz agurgarriari» eskatzeko erregutzen zion osaba maiteari. «Badakizu, osaba, nire maitasunaz, nire izenaz eta nire ezpataz kanpo ezin diodala ezertxo ere eskaini maite dudan neska horri.» Esaldi horren ondoren —eta horri dagokionez, ez da ahaztu behar aro erromantikoaren erdi-erdian zeudela orduan—, Tancredik gogoeta luzeak eginez esaten zuen egokia eta beharrezkoa ere bazela bultzatzea Falconeritarrena eta Sedàratarrena bezalako familien bategitea —halako batean, ausardiaz «Sedàra etxea» ere idaztera iristen zen—, bategite horiek odol berria ekartzen zietelako leinu zaharrei eta klaseak berdintzen zituztelako, Italian garai hartan gertatzen ari zen mugimendu politikoak bilatzen zuen bezala. Huraxe izan zen Don Fabriziok atseginez irakurri zuen gutun zati bakarra, ez soilik bere usteak egiaztatzen zizkiolako eta bere igarle-dohaiak berresten zizkiolako, baizik eta, baita ere, haren estiloak, esangabeko ironiaz gainezka, majikoki oroitarazten ziolako ilobaren irudia, bai eta haren ahotsaren sudur-doinu burlazkoa, malizia urdinez beteriko begiak eta haren irritxo kortesiazkoak ere. Geroago, Don Fabrizio ohartu zenean pasarte jakobino horrek zehatz-mehatz orri bat betetzen zuela, halatan non, hala egokituz gero, gutunari ataltxo iraultzailea kenduz beste edozeini irakurtzen uzteko arazorik ez baitzegoen, Tancrediren taktoarekiko bere mirespenak gailurra jo zuen. Gerrako azken gertaerak labur kontatu eta urtebete barru Erroma, «Italia berriaren hiriburu agurgarri izango zena», erdietsiko zutelako bere uste osoa adierazi ondoren, iraganean jasotako maitasuna eta atentzioak eskertu eta, amaitzeko, barkamena eskatzen zuen «nire etorkizuneko zorionaren giltza» zeukan enkargua haren gain uztera ausartu izanagatik. Gero agurra zetorren (berarentzat bakarrik).

        Don Fabriziori zorabio txiki bat eragin zion hitz lauzko zati aparteko horren lehen irakurketak. Historiaren bizkortze harrigarria sentitu zuen berriro; oraingo erara adieraziko dugu nolakoa zen bere gogo-aldartea une hartan: edozeinek edukiko lukeena, Palermo eta Napoli arteko bidaia egiten duten hegazkin potolo horietako batera igo delakoan, konturatzen denean aparailu supersoniko batean itxita dagoela eta aitaren egiteko astia eduki baino lehen ere egongo dela bere helburuan. Bere nortasunaren bigarren maila bat, bihotzekoa, azalera irten eta Tancrediren erabakiaz poztu zen, haren haragizko asebidea, iragankorra, eta haren lasaitasun ekonomikoa, betirakoa, ziurtatzen zizkiolako. Hala ere, mutilak sinestu ezinezko ausardia zuela ere pentsatu zuen gero; izan ere, Angelicak haren desioa onartu balu bezala jokatzen zuen; baina, azkenerako, gogoeta haiek guztiak desagertu zitzaizkion, don Calogerorekin halako mintzagai intimoak eduki beharrak eragiten zion umiliazioagatik; orobat, gogaituta ere bazegoen, biharamunean tratu zailetan hasi beharra zeukalako, bere izaera ustez lehoitiarrari higuin ematen zioten maltzurkeriak erabiliz.

        Don Fabriziok emazteari bakarrik jakinarazi zion gutunaren nondik-norakoa, ohean zeudela, beirazko estalkian itxitako argiontziaren argitasun urdinskarekin. Maria Stellak ez zuen hasieran ezer esan, baina bai aitaren mordoa egin; gero, aitaren egin eskubiaz ez, baizik eta ezkerraz egin beharko zukeela adierazi zuen; bere ezuste izugarria horrela azaldu ondoren, aidean atera ziren bere hitz-jarioaren tximistak. Ohean eserita zegoen, eta izara zimurtzen ari ziren bere atzamarrak, hitzek logela itxiko ilargi-giroa urratzen zuten bitartean, zuzi sutuak bezain gorri.

        — Eta ni Concettarekin ezkonduko zelakoan! Traidore hutsa da, bere kastako liberal guztiak bezalaxe; lehendabizi, Errege saldu du, orain gu! Horrek, bai, bere aurpegi faltsuarekin: hitzetan eztia zeukan, baina pozoina eginetan! Horixe gertatzen da zeharo gure odolekoa ez den jendea etxeratzen denean! —hor, bidea ireki zion familisesioetako korazeroen erasoaldiari—. Esan nuen, bada, nik!, baina inork entzun ez. Inoiz ezin zian dut eraman musu-apain hori. Zuk bakarrik galdu zenuen burua berarekin!

        Egia esateko, bera ere limurtu zuten Tancrediren labainkeriek; artean, berak ere maite zuen; baina Jainkoak sortutako edozein gizon-emakumek eduki dezakeen plazerrik handiena «zuk duzu errua» oihukatzea denez gero, egia guztiak eta sentimentu guztiak bazter batean geratu ziren.

        — Eta orain kopeta ere badu zuri enkargatzeko, bere osabari, Salina Printzeari, gehien errespetatu beharko zuenari, engainatu duen neskatilaren aita zaren horri, bere eskari indignoa egitea gizon zital horri, neska lotsagaldu horren aitari! Baina ez duzu horrelakorik egin behar, Fabrizio, ez duzu egin behar, ez duzu egingo, ez duzu egin behar!

        Ahotsa gero eta zorrotzagoa zen, gorputza gero eta zurrunagoa. Don Fabriziok, artean bizkarrez etzanda, alde batera begiratu zuen sukar-belarra gaumahai gainean ba ote zegoen ikusteko. Botila han zen, bai eta zilarrezko goilaratxoa ere, tapoiaren gainean zeharka; logelako erdi-iluntasun urdin-berdean, diz-diz ageri ziren, ekaitz histerikoen kontra eraikitako argi-dorre lasaigarri bat bezala. Halako batean, jaiki eta hartzea pentsatu zuen, baina eseri baino ez zen egin; prestigio zati bat berreskuratu zuen horrela.

        — Stellatxo, ez esan horrenbeste ergelkeria! Ez dakizu zer esaten ari zaren. Angelica ez da lotsagaldu bat; etorkizunean beharbada, baina oraingoz besteak bezalako neska bat da, besteak baino ederragoa eta beharbada Tancredirekin apur bat maitemindua, denak bezala. Gainera, dirua ere izango du; gure dirua, neurri handi batean, baina don Calogerok ondoegi ere administratua; eta Tancredik horren behar handia dauka: jaun bat da, asmo handiak ditu, baina diruak ihes egiten dio eskuen artetik. Concettari inoiz ez dio ezer esan; are gehiago, hona iritsi zenetik zakur baten antzera erabili izan du gure alabak. Eta, bestalde, ez da traidorea: garaiari jarraitzen dio, hori besterik ez, bai politikari, bai bere bizitza pribatuari dagokienez; eta, gainera, ezagutzen dudan mutilik maitagarriena da; eta hori nik bezain ondo dakizu, Stellatxo nerea.

        Bost hatz eskergek doi-doi ikutu zuten emakumearen kaskezur nimiñoa. Negarrez zotinka ari zen; ur pixka bat edateko zentzu ona eduki zuen, eta orain haserrearen sua nahigabe bilakatu zitzaion. Don Fabriziok biziki espero zuen ohe epeletik irten beharrik ez izatea ordurako hotz samar zegoen logelan ibilaldi bat egiteko, oinutsik gainera. Geroagoko bakea ziurtatzearren, amorratuta zegoelako itxurak egin zituen.

        — Eta gainera ez dut oihurik nahi nire etxean, nire logelan, nire ohean! Ahaztu itzazu «egingo duzu» eta «ez duzu egingo» horiek! Neuk erabakitzen dut; zuk uste baino dexente lehenagotik ere erabakia daukat. Nahikoa da!

        Oihuak gorroto zituen arren, bular neurrigabean sartzen zitzaion arnasa guztiaz ari zen oihuka. Aurrean mahai bat zeukalakoan, belaunean ukabilkada handi bat jo, mina hartu eta bera ere lasaitu egin zen.

        Emaztea ikaratuta zegoen, eta txakurkume mehatxatu baten antzera ari zen intzirika.

        — Orain, egin dezagun lo. Bihar ehizera noa eta goiz jaiki beharra daukat. Nahikoa da! Erabakita dagoena erabakita dago. Gabon, Stellatxo.

        Musu eman zion emazteari, bekokian lehendabizi, bakearen adierazgarri, ahoan gero, maitasunaren adierazgarri. Berriz etzan zen, eta horma aldera bueltatu. Mendilerro baten soslaia zerumuga urdinskan bezala marrazten zen bere itzal etzana hormako zetaren gainean.

        Stellatxo ere bere lekura itzuli zen, eta bere eskubiko hankak Printzearen ezkerrekoa ikutzean, erabat kontsolatuta sentitu zen, bai eta harro ere hain gizon suhar eta kementsu baten emaztea zelako. Zer axola zuen Tancredik... eta Concettak ere?...

       

        Labanaren ahoan egindako ibilaldi horiek ordukoz bertan behera gelditu ziren, beste gogoetekin batera, landako antzinatasun usaintsuan, hala deitzerik badago hain sarritan ehizean ibiltzen zen lekuei. "Landa" hitzean badago, zeharka bada ere, lanaren bidez eraldatutako lurraren zentzua; sastrakadia, aldiz, muino baten aldapei helduta, feniziarrek, dorioek eta ionioek Sizilian, —antzinateko Amerika horretan—, lehorreratzean aurkitu zuten nahaspila lurrintsu berberean zegoen. Don Fabriziok eta Tumeok igo, jaitsi, labaindu eta azala urratzen zuten arantzekin, hogeita bost mende lehenago halako Arkedamo batek edo Filostrato batek nekatu eta azala urratu zuten bezalaxe; landare berberak ikusten zituzten, izerdi era berean itsaskorrak bustitzen zizkien arropak; itsas haize ezaxolati berberak mugitzen zituen, taigabe, gisatsak eta mirtoak, bai eta elar-usaina zabaltzen ere. Zakurren ustekabeko geldialdi gogoetatsuak, harrapakinaren zain zeudeneko tentsio patetikoa, ehizerako Artemisari laguntza eskatzen zitzaion egunetan bezalakoxeak ziren. Funtsezko osagai horietara murriztua, begitartea kezken azalaz garbituta zuela, onartzeko moduko itxuraz agertzen zen bizitza.

        Goiz hartan, muino tontorrera iritsi baino lehentxeago, Arguto eta Teresinak piztia sumatu duten zakurren erlijio-dantzari ekin zioten: gorputza herrestan mugituz, zurrunduz, hankak zuhur altxatuz, zaunka motelak eginez. Minutu gutxiren buruan, ile griseko ipurdi txiki batek jauzi egin zuen belar artean, eta ia aldi berean bi tirok amaiera eman zioten itxaroaldi isilari; Argutok piztitxo hilurren bat jarri zuen Printzearen oinetan. Untxi bat: buztin koloreko bere kasaka apala ez zen hura salbatzeko aski izan. Itzelezko zauri batzuek urratu zizkioten muturra eta bularra. Bi begi beltz handi ikusi zituen Don Fabriziok berari begira, azkar belo berde-urdin batek estaliak; arrenkurarik gabe begiratzen zioten, baina oinazea eta harridura erakutsiz gauzen antolabide guztiaren aurkako protesta moduan. Tertziopeloa bezalako belarriak hoztuta zituen ordurako, atzapar txikiak erritmikoki uzkurtzen zitzaizkion, alferreko ihesaren erakusgarri iraungi gabea; animalia bere burua salbatzeko itxaropen irrikatsu batek torturatuta hiltzen ari zen, harrapatuta egon arren bere burua libratu ahalko zuela imajinatuz, hainbat gizonek bezalaxe; hatz-punta errukitsuek muturtxo gaixoa laztantzen zioten bitartean, animaliatxoa azken gorputz-ikara batek astindu eta hil egin zen. Baina Don Fabriziok eta Tumeok eduki zuten beren denborapasa; are gehiago, lehenak, zerbait hiltzeko plazerrarekin batera, errukitzeko gozabide lasaigarria ere sentitu zuen.

        Ehiztariak tontorrera iritsi zirenean, milazka eta artelatz urrien artean Siziliaren egiazko irudia agertu zen; haren aldean, hiri barrokoak eta laranjondoak hutsaren ondorengo ezerezkeriak baino ez ziren. Uhinetan infinitoraino iristen den idortasunaren irudia: uhina uhinaren gainean, atsekabetuak eta arrazoigabeak, eta haien lerro nagusiak, gogoak ezin atzeman ditzakeenak, sorkuntzaren fase ero batean asmatuak; itsaso bat, haize-aldaketa batek olatuak erotu zituen unean barri bihurtua. Donnafugata, kukubilkaturik, lurraren edozein tolesduratan ezkutatzen zen, eta ez zen arimarik ere ikusten: mahasti-ilara melaska batzuek bakarrik salatzen zuten gizonemakumeak noizpait igaro zirela handik. Mendisketatik haruntzago, alde batean, itsasoaren anil-koloreko mantxa, lurra baino itsaso gogor eta antzuagoa. Haize arina igarotzen zen guztiaren gainetik: alde orotara zabaltzen zituen ongarri, ustel eta salbia usainak, gauza oro ezabatzen, ezeztatzen, berrosatzen zuen bere ibilera axolagabeaz; untxiaren ondare bakar ziren odol ttanttoak lehortzen zituen, askoz ere urrutiago Garibaldiren ile-adatsa nahasten zuen, eta gero hautsa botatzen zien begietara Gaetako bastioiak sendotzen ari ziren soldadu napolitarrei, botatako untxiaren ihesa bezain alferreko itxaropen batek adoretuta zeudela.

        Artelatzen itzal ttikian atsedena hartu zuten Printzeak eta organujoleak; egurrezko ontzietako ardo epela edan zuten, eta jan Don Fabrizioren zorrotik ateratako oilasko errea eta don Cicciok eramandako muffoletti irineztatu gozo-gozoak; insólia mahats gozoa dastatu zuten, begietarako itsusi bezain ahorako ona; ogi xerra handi batzuekin ase zuten ehiza-zakurren gosea: beren aurrean zeuden, patxadatsu, gogo handiz haien kredituak berreskuratu nahian dabiltzan alguazil batzuen antzera. Gero, arauzko eguzkiaren pean, Don Fabrizio eta don Ciccio lokartzeko zorian egon ziren.

        Baina, tiro batek untxia hil bazuen ere, Cialdiniren kainoiek soldadu napolitarrak kikiltzen bazituzten ere, eguerdiko beroak gizonak lokartzen bazituen ere, inurriak, aldiz, ezin zituen ezerk ere geldiarazi. Don Cicciok txistuka botatako mahats-ale helduegi batzuek erakarrita, hara hurbiltzen ziren haien lerro estuak, organujole-txistuaz basitutako ustel apur hartaz jabetzeko irrikaz. Bulartsu zihoazen aurrera, nahasian baina bipil: hiruzpalauko talde txiki batzuk berriketan geratzen ziren une batez, eta, seguru aski, Morco mendiaren gailurreko 4 zenbakiko artelatzaren azpiko 2 zenbakiko inurritegiaren mendez mendeko loria eta etorkizuneko oparotasuna goraipatzen zituzten; gero, besteekin batera, berriz ekiten zioten etorkizun segururantz ibiltzeari; intsektu haien bizkar dizdiragarriak gogo beroz ari ziren dardarka eta, zalantzarik gabe, ereserki baten notak hegaldatzen ziren haien lerroen gainetik.

        Zehaztea komeni ez den halako ideia-uztartze batzuen ondorioz, inurrien lehia hark loa galarazi zion Don Fabriziori eta Plebiszituaren inguruko egunak ekarri zizkion gogora, arestian Donnafugatan bertan bizi izan zituen bezala; egun haiek argitu beharreko hainbat enigma ere utzi zizkioten, bai eta halako ezuste-sentsazio bat ere. Orain, horrek guztiak argi eta garbi bost axola zion izadi horren erdian zegoela —inurriei izan ezik—, beharbada bazegoen haietako baten konponbidea aurkitzea. Zakurrak etzanda zeuden, lo, zapal-zapal eginda, paperetik moztutako iruditxoak bailiran; untxitxoa, adar batetik buruz behera zintzilik, haizeak mugitzen zuen etengabe, baina Tumeok begiak artean ere zabalik edukitzea lortzen zuen, bere pipak lagunduta.

        — Eta, don Ciccio, zein izan zen zure botua hilaren hogeita batean?

        Gizagaixo hura ikaratu egin zen. Ustekabean harrapatuta, bere herrikide guztiek bezala bere burua babesteko erabiltzen zuen zuhurtasunezko hesitik kanpo zegoela, zalantzatan zegoen, ez zekien zer erantzun.

        Printzea ustekabe hutsa zena beldurtzat jo eta sumindu egin zen.

        — Tira, gizona; zeren beldur zaude? Gu, haizea eta zakurrak baino ez gaude hemen.

        Lekuko lasaigarrien zerrenda, egia esateko, ez zen oso zorionekoa; haizea berritsua da izatez, Printzea erdizka siziliarra. Erabat fidagarriak zakurrak bakarrik ziren, hizkuntza artikulaturik ez zeukaten eta. Halere, don Ciccio bere onera itzuli eta herritar-maltzurtasunak erantzun zuzena ekarri zion burura, hots, ezertarako balio ez zuena.

        — Barkatu, Jaun Goren hori, berorren galdera alferrekoa da. Badaki Donnafugatan baietzaren aldeko botua eman zutela denek.

        Don Fabriziok bazekien hori, jakin ere; eta horrexegatik, erantzunak enigma txiki-txiki bat zena enigma historiko bihurtu besterik ez zuen egin. Bozketaren aurretik lagun asko etorri zitzaizkion aholku eske; denei zintzoki gomendatu zien baiezkoaren alde bozkatzeko. Izan ere, Don Fabriziori ezin zitzaion buruan sartu bestelako aukerarik bazegoenik, berez ekintza hura erabakitako kontua zelako, komeria hutsa; aintzat hartu beharra zegoen, gainera, beharrizan historikoa, bai eta jende umil haiek izan zitzaketen buruhausteak ere, ezetzaren alde bozkatu zutela zabaltzen bazen. Alabaina, bere hitzek asko ez zituztela komentzitu konturatu zen. Jokoan sartu zen siziliarren makiabelotasun ezjakina, garai haietan sarritan oinarri zeharo ahulen gainean aldamio korapilatuak altxatzera eraman zuena jende hura, bihotz zabalekoa berez. Badira sendagile batzuk, sendatzen oso trebeak izan arren, guztiz oker dauden odol edo gernu analisietan oinarritzen direnak eta horiek zuzentzeko nagiegiak direnak; bada, haien antzera, siziliarrek (ordukoek) gaixoa hiltzen zuten azkenerako, beren burua alegia, arazoen edo, behintzat, mintzakideen egiazko ezagutzan ia inoiz oinarritzen ez zen zuhurtasun guztiz errefinatuaren ondorioz, hain zuzen. Ad limina Gattopardorum bidaia egin zutenetako batzuei ezinezkoa iruditzen zitzaien Salinako Printzeak Iraultzaren alde bozkatzea —herri galdu hartan halaxe deitzen zitzaien, artean ere, aldaketa gertatu berriei—, eta pentsatzen zuten haren arrazoibideak ateraldi ironikoak baino ez zirela, hitzez adierazitakoa ez beste ondorio praktiko bat lortzera zuzenduak; erromes haiek —eta onenak ziren—, begiruneak uzten zien neurrian, begi-keinuka irten ziren haren langelatik, Printzearen hitzen zentzua hauteman zutelako harro, eta esku-igurtzika, beren buruei zorionak emanez beren argitasunagatik, noiz eta argitasun hori itzaldu zen unean, hain zuzen. Beste batzuk, ostera, goibelduta alde egiten zuten berari aditu ondoren, alderdi-aldatzaile bat edo txoriburu hutsa zelakoan, inoiz baino seguruago zeudelarik ez ziotela jaramonik egin behar, eta zerbaiti jarraitzekotan, milurteko errefrauak dioenari jarraitu behar ziotela: alegia, hobe gaitz ezaguna, onura ezezaguna baino. Arrazoi pertsonalak ere bazituzten nazioaren errealitate berria onartu nahi ez izateko: batzuetan, beren fedea; beste batzuetan, ordea, lehenagoko erregimenaren mesedeak jaso zituztela eta ez zutela jakin behar bezain azkar moldatzen berrira; edo, bestela, askapenaren istiluetan kapoi pareren bat eta baba-neurri batzuk desagertu zitzaizkiela edota buruan adar pareren bat agertu, borondatezkoak tropa garibalditarrak bezala, edo derrigortuak erregimentu borbondarrak bezala. Hamar lagun ingururekin behintzat "ezetz" bozkatuko zutelako irudipen penagarri baina nabarmena izan zuen; gutxiengo eskasa, noski, baina inolaz ere kontutan ez hartzekoa Donnafugatako hauteslego txikian. Gainera, kontuan hartuz gero beragana joandako pertsona haiek herriko gaina eta bikaina bakarrik zirela, eta komentzitu gabekoren bat egongo zela jauregira joatea inoiz amestu ez zutenen artean ere, Printzeak kalkulatu zuen hogeita hamar ezezko botu egongo zirela Donnafugatako aho-batezko baietz trinko hartan.

        Plebiszitu eguna haizetsua eta lainotsua izan zen, eta herriko kaleetan gazte-taldetxo nekatu batzuk ikusi ziren jiran, sonbreruko zintan "bai" zioten karteltxoak eramanez. Haize zurrunbiloek aireratutako paper zikinen eta hondakinen artean, «Bella Gigougin»»-eko bertso batzuk kantatzen zituzten, eresi arabiar bilakaturik, ezen molde horretara egokitu behar izaten dute Sizilian kantatzen diren festa-doinu guztiek. Orobat, bizpahiru "aurpegi arrotz" ere ikusi ziren —hots, Girgentikoak—, osaba Menicoren tabernan eserita, Sizilia zaharberrituak, Italia berpiztuaren altzoan, izango zuen "etorkizun bikain eta itxaropentsua" goresten; nekazari batzuk mutu zeuden haiei adi, aitzurraren gehiegizko erabilerak eta, neurri berean, derrigorrezko eta gosez beteriko aisi-egun ugariek aberetuta. Eztarriari eragin eta txistua botatzen zuten behin eta berriro, baina isilik zeuden; hain isilik egon ere, non orduantxe edo —Don Fabriziok geroago esan zuenez— erabaki baitzuten "aurpegi arrotzek" kuadribioko arteen artetik Matematika jartzea Erretorikaren aurretik.

        Arratsaldeko laurak aldean, Printzea botu ematera hurbildu zen, aita Pirrone zuela eskubian, eta don Onofrio Rotolo ezkerrean; kopetilun eta ileargi, zuhur zihoan Udaletxerantz, eta askotan eskuaz babesten zituen begiak, haize zakar harekin, kalean bildutako zikinkeria guztiez beteta egonik, begierrea ez edukitzeko, horretarako joera baitzeukan; eta aita Pirroneri esaten zion haizerik gabe airea urmael ustel bat izango zela baina, halaber, haize bolada osasungarri haiek zabor piloa ere bazeramatela handik. Redingote beltza jantzia zuen, hiru une lehenago, Ferdinando Errege gaixo hari ohore egitearren Casertara joan zenean zeukan berbera; Erregea hil egin zen, berarentzat zorionez: haren ezgaitasunari zigilua ezartzen zion egun hura, haize lohitu batek zigortua, ez ikusteko garaiz hil ere. Baina, ezgaitasuna izan ote zen benetan? Hala izanez gero, sukar beltzak jota hiltzen dena ere ezgaitasunagatik hiltzen dela esan beharko litzateke. Ibaika etortzen zitzaizkion papertzar haiei irtenbidea eman nahirik lanpeturik egoten zen Errege hura gogoratu zuen, bai eta halako batean konturatu ere errukitzeko halako dei oharkabe bat agertzen zela haren begitarte antipatiko hartan. Gogoeta haiek penagarriak ziren, gauzak beranduegi ulertarazten dizkiguten guztiak bezalaxe, eta Printzearen itxura eta bere irudia hain solemne eta beltz bihurtu ziren, non ikustezinezko hil-gurdi baten atzetik zihoala baitzirudien. Kaleko hartxintxarrak jotzean ostikada amorratuetan erabiltzen zuen bortizkeriak bakarrik salatzen zituen bere barruko istiluak; esan beharrik ez dago bere kapelu luzeko zintak ez zuela inolako txartelik erakusten, baina bera ezagutzen zutenen begien aurrean, "bai" bat eta "ez" bat agertzen ziren txandaka fieltro dizdiragarriaren gainean.

        Hautesmahaia zeukan Udaletxeko lokalera iritsi zenean, harritu egin zen ikustean mahaikide guztiak zutitu zirela bera, ia-ia ategaina buruarekin joz, sartu zenean; botua ematera lehenago iritsitako nekazari batzuk bazterrarazi zituzten eta horrela, itxaron beharrik gabe, Don Fabriziok bere baietza utzi zuen Sedàra alkatearen esku abertzaleetan. Aita Pirronek, ordea, ez zuen boturik eman, herriko biztanle-erroldan bere izena ez emateko neurri zuhurra hartu baitzuen. Don 'Nofriok, Printzearen aginduak betez, Italiako arazo korapilatsuari buruzko bere iritzi silababakarrekoa adierazi zuen, hitz-laburtasunaren egiazko maisulana, errizin-olioa edan behar duen ume baten gogo on berberaz burutua.

        Ondoren, denak goian, alkatearen langelan, «basotxo bat hartzera» gonbidatuak izan ziren; baina aita Pirronek eta don 'Nofriok nahikoa arrazoi onak agertu zituzten, abstinentzia batak, sabeleko mina besteak, eta behean geratu ziren. Bakarrik egin behar izan zion aurre Don Fabriziok freskagarriari.

        Don Calogeroren idazmahai atzean dirdir ikusten ziren Garibaldiren oliografia bat eta (jadanik) Vittorio Emanueleren beste bat, eskubian kokatua, zorionez; gizon ederra lehena, itsusi-itsusia bigarrena, baina bata eta bestea ia aurpegia estaltzen zien ilajearen mardultasun miragarriak anaituak. Mahaitxo zapal batean, gaileta zaharzahar batzuk zeuden plater baten barruan, culi-zikinkeriak dolu beltzez estaliak, bai eta rosolio-z beteriko hamabi baso txiki arrunt ere: lau gorri, lau berde eta lau zuri, azken hauek erdian, bandera berriaren sinbolizazio xaloa, Printzearen bihotz-zimikoa irribarre batez zipriztindu zuena; izan ere, pattar zuria aukeratu zuenean, besteak bezain urdailerako txarra izango ez zelakoan aukeratu zuen, eta ez, norbaitek esan zuen bezala, pendoi borbondarraren beranduko omenez. Nolanahi, hiru rosolio motak berdin zeuden azukrez gozatuta, hirurak ziren itsaskor eta gogaikarriak. Zorionez ez zuten brindisik egin; izan ere, don Calogerok esan zuen bezala, pozaldi handiak mutuak dira. Don Fabriziori Girgentiko agintarien eskutitz bat erakutsi zioten, zeinetan aditzera ematen baitzitzaien Donnafugatako biztanle langileei bi mila lirako laguntza ematen zietela estolderiarako; obra hura 1961erako amaituko zen, alkate jaunak baieztu zuen bezala, behaztopo eginez Freudek hainbat hamarkada geroago azalduko zituen lapsus horietako batekin; horrenbestez, bertan amaitu zen bilera.

        Eguzkia sartu baino lehenago, Donnafugatako hiru edo lau lilitxoak —han ere ez ziren falta, baina ez zuten elkarrekin Ian egiten, baizik eta bakoitzak bere negozio pribatuan— plazan agertu ziren, ilea hirukoloreko zintatxoz apainduta, emakumezkoak botua emateko eskubiderik gabe geratu zirelako protestatzeko; liberalik beroenek ere isekaz bidali zituzten handik gaixo haiek, eta beren gordelelekuetara bihurtu behar izan zuten. Horrek ez zuen galarazi, hala ere, Giornale di Trinacria-k, lau egun geroago, palermitarrei jakinaraztea Donnafugatan Sexu ederraren ordezkari lirain batzuk, Aberri guztiz maitearen etorkizun berri dizdiratsuko beren fede suharra adierazi nahirik, plazan manifestatu zirela, hango biztanlego abertzalearen onespen orokorraren erdian.»

        Gero, hautesmahaia itxi, botu-arakatzaileek lanari ekin, eta ilundu ondoren Udaletxe erdiko balkoiko ateak zabaldu zirenean don Calogero azaldu zen guztien aurrean, hirukoloreko banda eta guzti, alboetan bi umetxo zituela, haizeak berandu gabe itzaldu zituen argimutil pieu banarekin. Ilunpetan ikustezin bihurtutako jendetzari aditzera eman zion Donnafugatan Plebiszituak honako emaitza izan zuela:

        Erroldan, 515; botuak, 512; "bai", 512; "ez", zero.

        Plazako beste mutur ilunetik txaloak eta gorak altxatu ziren; bere etxeko balkoitxoan, Angelica, neskame funebrearekin batera, txaloka ari zen bere esku eder harrapariekin; hitzaldiak egin ziren: superlatiboz eta kontsonante bikoitzez beteriko adjektiboek ilunpetan elkar jo eta errebotea egiten zuten etxeetako hormetan; suzirien trumoien artean, mezuak bidali zitzaizkien Erregeari —berriari— eta Jeneralari; hirukoloreko txapliguren bat herri ilunetik gora atera zen, izarrik gabeko zerurantz; zortzietarako dena amaituta zegoen, eta iluntasuna besterik ez zen geratu, betidanik beste edozein gautan gertatzen den bezala.

       

        Morco mendi tontorrean, dena garbi-garbi agertzen zen orain argi handiaren pean; baina gau hartako iluntasunak bere hartan jarraitzen zuen Don Fabrizioren arimaren hondoan. Bere egonezina ez zen halako edo holako tankera garbi batean azaltzen, eta horregatik mingarriagoa zen. Egonezin haren jatorria ez zegoen Plebiszituak konponbidean jarri zituen arazo latzetan: Erreinuaren —Bi Sizilietako Erreinuaren— interes handiak, bere klasearen interesak eta bere pribilegioak mailatuta irteten ziren gertaera guzti haietatik, baina bizirik jarraitzen zuten; gauzak zeuden bezala, ezin zitekeen gehiago eskatu. Bere egonezina ez zen politikoa izatez, eta, antza denez, sustrai sakonagoak zeuzkan, geure buruari buruzko ezjakintasun izugarri baten azpian lurperatuta daudelako irrazional deitzen ditugun motibu horietako batean errotuak.

        Italia Donnafugatako gau kopetilun hartan jaio zen; hantxe jaio zen, herri ahaztu hartan, eta ez bakarrik Palermoko nagitasunean eta Napoliko iskanbiletan; baina seguru aski iratxo gaizto bat ere egon zen bertan, izen ezezaguneko iratxo bat. Jaio behintzat jaio zen, eta espero izatekoa zen era horretara bizi ahal izango zeta; izan ere, beste edozein era okerragoa izango zen. Ongi da. Alabama, esanahiren bat eduki behar zuen kezka temati horrek; nolabait barrundatzen zuen zenbaki haiek lehortasun handi samarrez jakinarazten ziren bitartean eta, era berean, hitzaldi puztuegi haien bitartean zerbait edo norbait hit zeta, Jainkoak bakarrik zekien herriko zein zokotan, herriaren kontzientziako zein tolesduratan.

        Hozkirriak lozorroa uxatu zion Don Cicciori, eta Printzearen duintasun sendoak izuak urrundu; orain, bere kontzientziaren azalera amorrua bakarrik irteten zen, alferrekoa bai noski, baina ez innoblea. Zutik zegoen berriz, eta dialektoaz ari zen hizketan, mugimendu askorekin, arrazoia eduki arren barregarria gertatzen den txotxongilo tamalgarri bat zirudiela.

        — Nik, Jaun Goren hori, ezezko botua eman nuen. "Ez", mila aldiz "ez". Gogoan neukan berorrek esan zidana: beharra, alferrekotasuna, batasuna, aukerakotasuna. Arrazoia izango du berorrek, baina politikaz nik ez dakit ezer. Besteei uzten dizkiet gauza horiek. Baina Ciccio Tumeo behar bezalako gizon bat da, pobrea eta zoritxarrekoa, galtzak urratuta dituena —eta eskuekin ipurmamietan jotzen zuen, ehiza-galtzetan kontu handiz eginak zituen adabakietan—, eta ez ditut ahaztu jasotako mesedeak; eta Udaletxeko zerri haiek nire iritzia irentsi, mamurtu, eta gero ipurtzulotik botatzen dute, haiek nahi bezala aldatuta. Nik beltz esan, eta haiek zuri esanarazi! Behin esan ahalko nuen pentsatzen nuena, eta Sedara azpisuge horrek hutsaren pare bihurtu nau, ni inoiz esistitu ez banintz bezala jokatu du, ez ezer eta ez inor ez banintz bezala: ni, Francesco Tumeo La Manna, Leonardo zenaren semea, fugatako eliza nagusiko organujolea, bera baino mila aldiz hobea, eta mazurka bat eskaini niona bere alaba... —eta hozka egin zion hatz bati bere burua geldiarazteko— bere alaba milika hura jaio zenean!

        Orduan, lasaitasuna etorri zitzaion Don Fabriziori, azkenik argitu baitzuen bere enigma; orain bazekien nor izan zen itoa Donnafugatan eta beste hamaika lekutan, haize lohitsuko gau hartan: jaioberri bat, fede ona; gehien zaindu beharko zuketen umetxoa, hain zuzen; hura sendotzearren zilegi izango zatekeen beste alferreko triskantza burugabe batzuk egitea. Don Ciccioren ezezko botuak edo, Donnafugatan, beste antzeko berrogei botuk ere ez zuketen ezertan aldatuko emaitza hura; ezta ehun mila ezezkok ere Erreinu guztian; aitzitik, esanguratsuago bihurtuko zuketen, eta hondamen morala galaraziko zatekeen. Sei hilabete lehenago, ~Tgizu neuk diodana; bestela dantzan hasiko dira makilak,' zioen ahots despotikoa entzuten zen. Orain, ordea, bazirudien mehatxuaren ordez lukurreroaren hitz biguinak aditzen zirela: «Zerorrek izenpetu zenuen, ba. Ez al duzu ikusten? Argi dago! Geuk esaten duguna egin behar duzu; begira, ba, ordainagiria! Zuk nahi duzuna eta guk nahi duguna gauza bera da.»

        Don Cicciok orroaka jarraitzen zuen.

        — Zuentzat, handikiontzat, gauzak bestela dira. Zuek eskertxarrekoak izan zaitezkete beste feudo bategatik, baina ogi puska bategatik, ordea, ezinbestekoa da esker ona adieraztea. Beste hariko ezpala da, ostera, Sedàra bezalako tratalarientzat, haientzat aprobetxatzea lege baita. Guretzat, jende xehearentzat, gauzak diren bezala dira. Berorrek badaki, Jaun Goren horrek, nire aita zena, gizon on hura, basozaina zeta San Onofrioko Erret Egoitzan, Ferdinando IV.aren garaian ere, inglesak hemen zeudela. Bizimodu gogorra zen, baina erret jantzi berdeak eta zilarrezko txapak agintea ematen zuten. Isabel erregina, Espainiakoa, Calabriako dukesa zen orduan, eta hari esker estudiatu nuen, eta hari esker naiz orain naizena, Eliza Nagusiko organujolea, Jaun Goren horren onginahiak ohoratua. Eta beharrik handieneko urteetan, gure amak eskea bidaltzen zuenean Gortera, laguntzarako bost ontzak heriotza bezain seguru iristen ziren; ze, Napolin mait gintuzten, bazekiten jende ona eta menpeko zintzoak ginela. Erregea etortzen zenean, txapaka egiten zion sorbaldan gure aitari, eta esaten zion: «Don Lionà, zu bezalako asko nahi nituzke, tronuaren eta neure pertsonaren sostengu leialak.» Gero, kanpo-laguntzaileak banatzen zituen urrezko txanponak. Limosna deitzen diote orain egiazko Errege baten eskuzabaltasun horri; haiek beste horrenbeste eman beharrik ez edukitzeko esaten dote hori, baina leialtasunaren ordain zuzenak ziren. Eta, orain, errege santu haiek eta erregina eder haiek zer esango lukete, zeruetatik begira jarriz gero? Leonardo Tumeoren semeak saldu egin gaitu!'. Eskerrak paradisuan badakiten egia zein den. Badakit, Jaun Goren hori; berori bezalako pertsonek esan didate: errege-erreginen gauza hauek ez dute ezer esan nahi, haien zereginen arteko bat dira. Egia izango da, edo egia da, izan ere. Baina bost ontzurreak ere egiazkoak ziren, horiek hor zeuden, eta laguntza ederra ematen ziguten negurako. Eta orain, zorra kitatzeko aukera nuenean, putza! «Zu ez zara inor». Nire ezetza baietz bilakatu. Lehen «menpeko leiala» nintzen, orain aldiz, borbonzale nazkagarri bat.. Orain denak dira saboiardoak, baina saboiardoak kafearekin jaten ditut nik!

        Eta hatz lodiaren eta erakuslearen artean alegiazko bizkotxoari eutsiz bezala, irudipenezko kikara batean bustitzen zuen.

        Don Fabriziok beti begiko izan zuen don Ciccio, baina errukitik sortutako sentimendua zen: gaztetan bere burua artera bideratua zuela uste izanik, zahartutakoan horretarako dohairik ez duela konturatu eta, amets dohakabeak poltsikoan gordeta, lantegi horretxetan baina beheragoko mailetan jarraitzen duen edonorenganako errukitik sortua; eta haren pobreziaren duintasunaz ere errukitzen zen. Baina, orain, nolabait mirestu ere egiten zuen eta, sakonean, bere kontzientzia harroaren sakon-sakonean, ahots batek galdetzen zuen don Cicciok ez ote zuen Salinako Printzeak berak baino noblezia handiagoz jokatu; eta Sedara haiek, Donnafugatan aritmetika bortxatzen zuen txikitxo harengandik hasi eta Palermo edo Torinoko handiagoenganaino, Sedára haiek guztiek ez al zuten krimen bat egin kontzientzia horiei arnasa galeraztean? Don Fabriziok ezin zezakeen jakin orduan, baina ondoko hamarkadetan hegoaldeko jendeari leporatuko zitzaizkion laxokeriaren eta etsigaiztoaren zati batek orduantxe izan zuen bere sorrera: herri horri inoiz egokitu zitzaion lehen askatasun-adierazpena burugabeki zanpatu zen hartan.

        Don Cicciok bere barrua asaskatu zuen. Orain, "jaun austeroaren" bere pertsonifikazio egiazko baina arraroak beste bati uzten zion lekua, "esnobaren" sarriagoko eta era berean jatorrari, alegia. Ezen Tumeo "esnob pasiboen" espezie zoologikokoa zen, gaur egun bidegabeki arbuiatuta dagoen espezie horretakoa. Zer esanik ez, Sizilian "esnob" hitza ez zen ezaguna 1860an, baina hala nola Koch baino lehenago ere tuberkulosoak bazeuden, halatsu bazegoen garai ezin urrunago hartan jende bat zeinentzat bizitzako goilege baita beraiek baino gizarte-maila goragokotzat jotzen dituztenei obeditzea, haien antzera jokatzea eta, batez ere, inolako buruhausterik ez ematea; izan ere, "esnoba" bekaiztiaren kontrakoa da. Garai hartan, beste izen batzuekin azaltzen zen: "leiala", "prestua" edo "zintzoa" deitzen zitzaion; eta bizi zoriontsua eramaten zuen, handiki baten irribarrerik iheskorrena ere aski baitzen bere egun oso bat eguzki-argiz betetzeko; eta maitezko deituera haiekin batera aurkezten zenez gero, orain baino askoz sarriagokoak ziren haien dol-tai asegarriak. Hortaz, don Ciccio, gizon esnob eta maitakorra, beldurtu egin zen, Don Fabrizio gogaitu zuelakoan, eta arretaz lehiatzen zen, —ustez— bere erruz Printzearen bekosko olinpikoan pilatutako itzalak uxatzeko modua aurkitu nahirik; une hartan, modurik egokiena ehizean berriz hasi zitezela proposatzea zen; eta horixe egin zuten.

        Eguerdiko loaldian harrapatuta, oilagor dohakabe batzuk eta beste untxi bat erori ziren ehiztarien tiroekin, nahiko tiro errukigabeak gainera egun hartan, zeren eta bai Salinak, bai Tumeok ere atsegin hartzen baitzuten animalia errugabe haiek eta don Calogero Sedàra bat eginez. Alabaina, danbatekoak eta tiroek une batez eguzkitan dizdizka jartzen zituzten ile edo luma matazak ez ziren aski egun hartan Printzea baretzeko; orduak igaro eta Donnafugatara itzuli beharra nurDiltzen zen neurrian, aixaie picueluatcntu iaatur eduki behar zuen elkarrizketak sortzen zizkion kezkak, suminak eta lotsak estutu egiten zioten bihotza, eta, alferrekoa izan zen, azken batean, bere golkoan "don Calogero" deitu izana bi oilagorri eta untxi bati; apo ezin nazkagarriago hura irensteko erabakia hartuta zeukan arren, aurkariari buruzko argibide gehiago edukitzeko beharra sentitu zuen, edo, hobe esanda, eman behar zuen urratsari buruz jendeak zeukan iritzia neurtzeko. Horrela, beraz, egun hartan bigarren aldiz, ustekabean harrapatu zuen don Ciccio ziplo eginiko galdera batek.

        — Aizu, don Ciccio; zuk pertsona asko ikusten dituzu herrian, eta, Donnafugatako jendeak zer pentsatzen du egiatan don Calogerori buruz?

        Egia esateko, alkateari buruz zeukan ustea nahiko argi adierazi zuela uste zuen Tumeok, eta horixe erantzutekotan zegoenean, gogora etorri zitzaizkion Don Tancredik Angelicari jartzen omen zizkion begi samurrei buruz entzun zituen zurrumurru lausoak; damututa zegoen, gainera, lehenagoko erretolika botatzen galarazi ez ziolako bere mingainari; izan ere, jendearen ustea ustel ateratzen ez bazen, bere hitzak mingarriak izan zitezkeen Printzearen belarrientzat. Bere gogoaren beste zati batean, aldiz, pozik zegoen Angelicaren kontrako ezer garbirik esan ez zuelako; areago dena, artean ere eskubiko hatz erakuslean zeukan min zuriak baltsamuaren eragina eduki zuen.

        — Azken buruan, Jaun Goren hori, don Calogero Sedàra ez da azken hilabeteotan gora egin duten beste jende asko baino txarragoa.

        Laudorio hura epel samarra zen, baina aukera eman zion Don Fabriziori berriro bereari ekiteko.

        — Begira, don Ciccio, asko interesatzen zait don Calogerori eta bere familiari buruzko egiaren berri jakitea.

        — Egia zera da, Jaun Goren hori, don Calogero oso aberatsa dela, bai eta itzal handikoa ere; zekena da —alaba ikastetxean zeukatenean, emazteak eta biek arraultz frijitu bat jaten zuten bien artean—, baina beharra dagoenean gastatzen ere badaki; eta munduangastatzen diren tarí guztiak norbaiten poltsikoan amaitzen direnez gero, kontua da orain jende asko dagoela bere menpe; eta gero, esan beharra dago, adiskidea denean egiazko adiskidea da; bere lurra lau terraggi-tan eman, eta nekazariek senperrenak egin behar izaten dituzte ordaintzeko, baina duela hilabete berrogeita hamar ontza mailegatu zizkion Pasquale Tripiri, lehorreratzearen garaian lagundu ziolako; eta interesik gabe, gainera: ez da ikusi mirakulu handiagorik Santa Rosaliak Palermoko izurritea geldiarazi zuenetik. Deabrua bezain bizkorra da, bestalde: Jaun Goren horrek ikusi izan balu joan den udaberrian! Batetik bestera zebilen lurralde guztian, saguzaharrak bezala, kotxean, mando gainean, oinez, euri nahiz eguzki; eta hura non, han osatzen ziren isilpeko elkarteak, han prestatzen zen etorri behar zutenentzako bidea. Jainkoaren zigorra, Jaun Goren hori, Jainkoaren zigorra! Eta bere karreraren hasieran baino ez dago! Zenbait hilabeteren buruan diputatu izango da Torinon, eta hemendik zenbait urtetara, Elizaren ondasunak salgai jartzen direnean, lau sosen truke Marcako eta Masciddàroko feudoez jabetu eta probintziako lurjaberik handiena izatera iritsiko da. Horixe da don Calogero, Jaun Goren hori, gizon berria, izan behar duen bezalakoa; tamalgarria da, ordea, horrela behar izatea!

        Don Fabriziori eguzki-argiz beteriko behatokian, zenbait hilabete lehenago aita Pirronerekin izan zuen hizketaldia etorri zitzaion gogora; jesulagunak iragarritakoa egiaztatzen ari zen; baina, ez al zen jokabide egokia mugimendu berrian sartu eta hura bere klaseko zenbaitzuren alde bideratzea, zati batez behintzat? Don Calogerorekiko elkarrizketa hurbilak sortzen zion higuina txikiagotu egin zen.

        — Baina etxeko besteak, don Ciccio; besteak nolakoak dira benetan?

        — Jaun Goren hori, Don Calogeroren emaztea, urteak dira inork ez duela ikusi, nik izan ezik. Mezatara joateko bakarrik irteten da, lehen mezara, bostetakora, inor ez dagoenean. Ordu horretan ez da organua jotzen; baina ni, behin, inoiz baino goizago jaiki nintzen, hura ikustearren, hain zuzen. Donna Bastiana neskamearekin batera sartu zen, eta nik, konfesategi atzean ezkutatuta nengoenez gero, ez nuen gauza handirik ikusten; baina elizkizuna amaitzen ari zenean, beroa andre gaixoa baino indartsuagoa zen eta mantelina beltza kendu zuen aurpegitik. Zin egiten dut, Jaun Goren hori, eguzkia bezain ederra da! Don Calogerori ezin zaio kargu hartu, besteengandik urrun eduki nahi badu, bera labezomorroak baino itsusiagoa da eta. Baina hobekien zaindutako etxeetatik ere iristen dira berriak nola edo hala; neskameek hitz egiten dute; eta dirudienez, donna Bastiana asto bat da: ez omen daki irakurtzen, ez omen daki idazten, ez omen daki erlojua zer den, hitz egiten ere ez omen daki ia; behor eder-eder bat, boluptatetsua eta arrunta; alaba maite izateko ere ez omen da gai; oherako ona, eta kito.

        Don Cicciok pozik egiten zuen irribarre —erreginen tutelapean bizi izandakoa eta printzeen jarraitzailea izanik, estimu handitan zituen bere moduak, apalak, baina, bere ustez, ezin hobeak—: nortasuna ezdeustu zionaz nolabait mendekatzeko modua aurkitu zuen.

        — Bestalde —jarraitu zuen—, ezin zitekeen bestela izan. Jaun Goren horrek ba al daki noren alaba den donna Bastiana? —bueltatu eta, hanka puntetan jarrita, mendiska bateko etxe multzo txiki urrun baterantz seinalatu zuen hatz erakusleaz: bazirudien amildegi batetik erortzeko zorian zeudela, baina kanpandorre arlote batek oztaozta eusten ziela, iltzatuta bezala; auzo gurutziltzatu bat—. Runciko berorren maizter batena; Peppe Giunta zuen izena, baina oso zikin eta basatia zenez, Teppe `Mmerda» deitzen zioten denek; gaizki esana barkatu, Jaun Goren hori.

        Eta, bere buruarekin pozik, hatz baten inguruan biltzen ari zen Teresinaren belarri bat.

        — Don Calogerok Bastianarekin ihes egin eta handik bi urtetara, hilik aurkitu zuten Rampinzerirako bidezidorrean, bizkarrean hamabi eskupetazo zituela. Fortuna eduki du beti don Calogerok, gizon hura nagusikeriatan ibiltzen zelako gero eta gehiago, eta nekagarri bihurtzen ari zelako.

        Gauza haietako asko ezagunak zituen Don Fabriziok, eta aintzat hartuak ere bai; baina ez zekien Angelicaren aitonaren goitizenaren berri; horrek ikuspegi historiko sakona irekitzen zuen, amildegi batzuk jartzen zituen agerian, zeinen aldean don Calogerok lorategi bateko lore-sail bat baitzirudien. Oinetako lurra egiaz ikaran zuela sentitu zuen; nola jasango ote zuen hori Tancredik?, eta berak? Buruz kalkulatzen hasi zen zernolako lokarriak lotuko zuen Salinako Printzea, senarraren osaba, emaztearen aitonarekin; ez zuen horrelakorik aurkitu, horrelakorik ez zegoen. Angelica Angelica zen, neska xarmangarri bat, aitonaren goitizena ongarrirako bakarrik izan zuen larrosa bat. «Non olet —errepikatzen zuen—, non olet; are gehiago, optime foeminam ac contubernium olet

        — Denetaz hitz egin didazu, don Ciccio, ama basatiaz eta aitona simaurtsuaz, baina ez ordea gehien interesatzen zaidanaz, Angelica andereñoaz.

        Ordu gutxi lehenagora arte Tancrediren ezkontzeko asmoari buruzko sekretua ernamuinetan zegoen arren, ahoz aho zabalduko zen, noski, halabehar hutsez mozorrotu izan ez balitz. Ezbairik gabe, jendea ondo baino hobeto konturatu zen mutilak don Calogeroren etxera egiten zituen bisita ugariez, bai eta haren irribarre liluratuez ere; hirian ohikoak eta esanahi berezirik gabeak diren mila txera txiki horiek irrits bortitzen seinale dira Donnafugatako puritanismoaren begien aurrean. Lehendabizikoa izan zen eskandalurik handiena: eguzkitan kiskaltzen ari ziren agureek eta borrokan ari ziren umetxoek dena ikusi zuten, dena ulertu eta dena kontatu; muxika dozena hark nolako esanahi afrodisiako eta ezkonarazgarriak zituen galdegin zitzaien atso sorgin aditu batzuei, bai eta bilatu ere liburu sekretu-argigarrietan, beste inon baino lehenago Rutilio Benincasak, nekazariherri xumearen Aristotele hark eginikoan. Zorionez, gure artean nahiko usua zen fenomenua gertatu zen: gauzak gaiztotzeko irrikak mozorrotu zuela egia; Angelica bere haragikeriaren helburu hartu eta hura limurtzeko lehiatzen zen Tancredi andrekoi baten txotxongiloa osatu zuten, besterik ez; herritar xume haiei ez zitzaien buruuK pasatu ere egiten Falconeri Printzea eta Peppe 'Mmerdaren iloba ezkontzeko asmoa egon zitekeenik, era horretan biraogileek Jainkoari egiten diotenaren pareko omenaldia egiten zietelarik handikien etxeei. Gero, Tancredi joan zenean, irudikeria haiek bertan behera gelditu eta ez zen berriro hotsik atera horretaz. Horretan, Tumeo besteen antzera ibili zen eta horregatik mutil gazte baten barrabaskeriez hitz egiten dutenean adineko gizonek izaten duten aire jostariaz hartu zuen Printzearen galdera.

        — Andereñoaz, Jaun Goren hori, ez dago ezer esan beharrik, bera ikustearekin nahikoa da; haren begiak, haren azala, haren bikaintasuna bistakoak dira, eta denentzat ulergarriak. Uste dut Don Tancredik ondo ulertu duela horiek hitz egiten duten hizkera; ala, gaiztoegia ote naiz hori pentsatzean? Amaren edertasun guztia dauka, baina osabaren aker usaina gabe. Eta gainera buruz bizkorra ere bada! Ikusi al du berorrek nola Florentziako une apurrak nahikoak izan diren bera aldatzeko? Bene-benetako andrea da orain —jarraitzen zuen don Cicciok, ez baitzen xehetasunetarako sentibera—, andre bat oinetatik bururaino. Ikastetxetik itzuli ondoren, bere etxera deitu eta nire mazurka zaharra jo zidan: gaizki jotzen zuen, baina zoragarria zen ikustea, haren txirikorda beltzekin, begi haiekin, hanka haiekin, bular harekin... Aker usaina? Bai zera! Paradisuko usaina edukiko dute haren izarek!

        Printzea gogaitu egin zen; klase-harrotasuna hain da jeloskorra, baita endekatzen denean ere, non bere ilobagaiaren omenezko laudorio orgiastiko haiek mindu egin baitzuten; nola ausartzen zen don Ciccio horrelako lirikotasun lizunaz mintzatzera Falconeri Printzesa izan behar zuenari buruz? Hala ere, egia zen gizajo hark ez zekiela ezer; dena jakinarazi beharko zion; azken batean, zenbait orduren buruan jendeak jakingo zuen albistea. Berehala erabakia hartu eta irribarre gattopardotar baina adiskidantzazko bat zuzendu zion Tumeori.

        — Lasai, don Ciccio maitea, lasai; etxean nire ilobaren eskutitz bat daukat, Angelica andereñoari ezkon-hitza eskatzeko enkargua ekarri didana; hemendik aurrera, berataz hitz egitean, zure ohiko begiruneaz hitz egin beharko duzu. Albistearen berri duen lehena zara, baina ordaindu egin beharko duzu ohore horrengatik: jauregira itzultzean, eskupeta-gelan giltzapetuta egongo zara Teresinarekin batera; hainbat eskupeta garbitu eta olioztatzeko astia izango duzu, eta don Calogeroren bisita amaitu arte ez zara libre aterako; ez dut lehenago inolako hotsik atera dadin nahi.

        Horrela, ustekabean harrapatuta, don Ciccioren zuhurtasunak eta bere ehun esnobkeriek behea jo zuten, bete-betean jotako txirloak bezala. Sentimentu zahar-zahar batek baino ez zuen zutik iraun.

        — Hori aldrebeskeria, Jaun Goren hori! Iloba batek, ia berorren semea den batek ez luke ezkondu beharko berorren etsai diren eta beti berorren kaltean ibili diren horien alabarekin. Hura seduzitzen saiatzea, nik uste nuen bezala, konkista ekintza zen; beste hau, aldiz, baldintzarik gabeko errendizioa. Falconeritarren akabua da, eta Salinatarrena ere bai!

        Hori esan eta gero, burua makurtu eta oinen azpiko lurra ireki zedin desiratu zuen, estu eta larri. Printzea more jarri zen, belarrietaraino jarri ere; bere begiko zuriak ere odolez betea zirudien. Ukabilen mailua estutu eta pausu bat egin zuen don Cicciorenganatz. Baina bera zientzi-gizona zen eta, azken batean, gauzen ongaitzak ikusten ohituta zegoen; gainera, bere lehoi itxuraren azpian, eszeptiko hutsa zen. Nahikoa jasanbehar eduki zituen egun hartan: Plebiszituaren emaitza, Angelicaren aitonaren goitizena eta eskupetazoak! Bestalde, Tumeok arrazoia zuen, tradizio hutsak hitz egiten zuen haren ahotik. Baina ergela ere bazen: ezkontza hura ez zen ezeren akabua, guztiaren hasiera baino; mende askotako ohituren barrean zegoen hori.

        Ukabilak berriro zabaldu, eta azkazalen arrastoak geratu zitzaizkion eskubarrenetan.

        — Goazen etxera, don Ciccio; badira gauza batzuk zuk ulertu ezin ditzakezunak. Lehen bezain adiskide, ezta?

        Eta biderantz jaisten ziren bitartean, zaila izango zen esatea bietatik zein zen don Kixote eta zein Santxo.

 

        Lau t'erdiak jotzean don Calogero ordu-orduan iristen zela iragarri ziotenean, Printzeak bere burua osorik txukundu gabe zeukan; alkate jaunari langelan une batez itxaroteko eska ziezaiotela agindu eta patxadaz jarraitu zuen bere burua apaintzen. Ilea "lemo-liscio"-z, Atkinsonen Lime Juice delakoaz gantzutu zuen, alegia, Londrestik kaxatan iristen zitzaion eta, izenean, kantuen desitxuratze etniko berbera jasaten zuen lozio zuriskaz; uko egin zion redingote beltzari eta haren ordez beste bat hartu zuen, more kolore motel-motelekoa, egokiagoa iruditu baitzitzaion abagadune ustez alai hartarako; beste une batez ere atzeratu zen, goizean bizarra presaka moztu zuenean libratu zen ile gorri lotsagabe bat pintza batez erauzteko kokotsetik. Aita Pirroneri deitzeko eskatu zuen. Irten baino lehenago, mahai batetik Blâtter der Himmelsfroschung-eko laburpen bat hartu eta, orri sorta bil-bil egina zuela, aitaren egin zuen: debozio keinua, bai, baina Sizilian, uste baino gehiagotan, erlijioz kanpoko esanahia duena.

        Langelara iristeko zeharkatu behar ziren bi geletatik igarotzen ari zela, imajinatu egin zuen ile leun lurrintsuko Gattopardo itzelezko bat zela, txakal txiki beldurti bat sarraskitzeko gertu zegoena; eta berea bezalako izaeren gurutzea diren ideia-uztartze nahigabeko horietako baten medioz, koadro historiko frantses horietako baten irudia etorri zitzaion gogora: mariskal eta jeneral austriarrak, galaz eta luma-mototsez beteak, lerroz lerro igarotzen dira Napoleon ironiko baten aurrean, beren burua errenditzeko; dotoreagoak dira, bai, baina garailea kapote txiki griseko gizontxoa da. Eta horrela, ordu txarrean iritsitako Mantova eta Ulmeko oroitzapen haiek irainduta, Gattopardo sumindu bat izan zen langelan sartu zena.

        Don Calogero han zegoen, zutik, txiki-txikia, xumea, eta bizarra gaizki moztua zuela; edozeinek esango zukeen egiatan zirudiela txakal txiki bat, bizkortasuna zerien begitxo haiek eduki ez balitu; baina, bere buru-argitasun horrek helburu materiala izanik, eta ez abstraktua Printzearenak ustez zeukan bezala, gaiztakeria-ezaugarritzat hartua izan zen. Jazkera abagadunearen arabera aukeratzeko zentzua, Printzeak jaiotzez zuena, falta zitzaionez gero, alkateak uste izan zuen ondo egingo zuela ia-ia hileta baterako jantzita joanda; aita Pirrone bezain beltzez jantzita zegoen kasik. Baina, beronek txoko batean eseri eta moren erabakiez arduratu nahi ez duten apaizen berebaitaratu-itxura marmolezkoa hartuta zuela, beste haren aurpegiak, aldiz, irrikaz itxaroten ari denaren sentimendua azaltzen zuen, begi-mingarria ia. Hitz hutsalak norgehiagoka hasi ziren berehala, hitzezko borrokaldi handien aurretik gertatu ohi denez. Baina erasoaldi handia don Calogerok taiutu zuen.

        — Jaun Goren hori —galdetu zuen—, Don Tancrediren berri onik jaso al du?

        Garai hartan, herri txikietan alkateek bazekiten posta nola kontrolatu —arauen gainetik pasatuz—, eta beharbada Tancrediren idazkeraren ezohiko dotoreziak jarri zuen erne. Printzea sumintzen hasi zen, ideia hori burutik pasatu zitzaionean.

        — Ez, don Calogero, ez. Nire ilobak burua galdu du...

        Baina bada printzeak babesten dituen jainkosa bat. Heziera Ona du izena, eta askotan esku hartzen du Gattopardoak trantze estuetatik libratzeko. Baina hari tributu handia ordaindu beharra dago. Hala nola Palas Ateneak Ulisesen neurrigabekeriak bridatzeko esku hartu zuen, Heziera Ona agertu zitzaion Don Fabriziori amildegi ertzean gerarazteko; baina bizitzan behin gutxienez argi hitz eginez ordaindu behar izan zuen bere salbazioa. Patxada osoz eta zalantzarik bat ere gabe amaitu zuen esaldia.

        — ...zure alabagatik, don Calogero; maite duela dio, atzo idatzi zidan.

        Alkateak bihotz-lasaitasunik harrigarrienarekin jarraitu zuen; irribarre egin, eta bere kapeluko zinta miatzeari ekin zion. Aita Pirronek sabaira zuzenduta zituen begiak, haren sendotasuna egiaztatzeaz arduratutako igeltsero-maisu bat bailitzan. Don Fabrizio egonezinik zegoen; aldi bereko mututasun haiek entzuleak harritzeko satisfazio eskasa ere lapurtzen zioten. Hortaz, lasaitua hartuz konturatu zen don Calogero mintzatzera zihoala.

        — Banekien, Jaun Goren hori, banekien. Elkarri musu ematen ikusi zituzten irailaren 25ean, asteartez, Don Tancredik alde egin bezperan; berorren lorategian, iturri ondoan. Erramu hesiak beti ez dira uste bezain trinkoak. Hilabetez egon naiz berorren ilobak zer egingo zain, eta Jaun Goren horrengana etortzekotan nintzen orain, mutilak nolako asmoak dituen galdetzera.

        Hainbat liztorrek eraso zioten Don Fabriziori beren eztenekin. Aurrena, artean zaharkitu gabeko gizon orori gertatu ohi zaion bezala, haragizko jelosia: berarentzat beti ezezaguna izango zen marrubi zapore hura dastatu egin zuen Tancredik. Ondoren, gizartearen aurrean lotsarazita egoteko sentsazioa, berri onen mezularia izan ordez, salatuaren lekuan aurkitzen zuelako bere burua. Hirugarrenik, bere barruko atsekabea, mundu guztia bere menpe dituela uste eta, aldiz, gauza asko berak ezer jakin gabe gertatzen direla ikusten duenaren antzera.

        — Don Calogero, ez ditzagun mahai gaineko kartak aida. Gogora ezazu neuk erregutu dizudala hona etor zaitezela. Nire ilobak bidalita, atzo iritsi zitzaigun eskutitz baten berri nahi nizun jakinarazi. Bertan, zure alabarekin bihotz-zaletuta dagoela aitortzen du; bihotz-zaletasun hori, nik... —hemen, Printzeak zalantza txiki bat eduki zuen, batzuetan gezurrak zailak direlako esaten alkatearenak bezalako begi zorrotz batzuen aurrean—, ez nekien zeinen bizia zen; bukaeran, zuri Angelica andereñoaren eskua eskatzeko enkargua egiten dit.

        Don Calogerok asaldakaitz jarraitzen zuen; aita Pirrone etxegintza-aditua izatetik eremutar mahometanoa izatera igaro zen eta, eskubiko lau hatz ezkerreko beste laurekin gurutzatuta, hatz lodiak bata bestearen jiran erabiltzen zituen, irudimen koreografiko nabarmenez aldatuz eta itzulikatuz haien norabidea. Isilaldiak luze iraun zuen eta Printzeak pazientzia galdu zuen.

        — Orain, don Calogero, neu nago zure asmoak aitortuko ote dizkidazun zain.

        Alkateak, begiak Printzearen besaulkiko hari-bazter laranjakoloreetara zuzenduta eduki ondoren, eskubiko eskua pasatu zuen haien aurretik, eta, gero, berriro altxatu zituen; orain oso begi xaloak ziren, harriduraz beteak, keinu horrekin benetan aldatu izan balitu bezala.

        — Barkatu, Printzea —«Jaun Goren hori» esaera bertan ezabatzearekin, dena zorionerako irten zela ulertu zuen Don Fabriziok—. Baina ustekabe eder honekin hitzik egin ezinik nengoen. Ni, ordea, aita moderna naiz, eta ezingo dut behin betiko erantzunik eman, gure etxeko poza den aingeru hari galdetu arte. Halere, badakit nola erabili aita baten eskubide sakratuak; Angelicaren buru-bihotzetan gertatzen den guztia dakit, eta uste dut esan dezakedala denoi hain ohore handia egiten digun Don Tancrediren oniritziak baduela ordain zintzorik nire alabaren bihotzean.

        Don Fabrizio zintzoki hunkitu zen: apoa irentsita zegoen, eztarritik behera jausten ari zitzaizkion haren buru eta heste mamurtuak; hankak baino ez zituen mastekatu gabe, baina hutsaren hurrengoa zen hori, gainerakoaren aldean; zatirik handiena egina zegoen. Liberazio-sentsazio hura dastatu ondoren, bere barruan Tancredirekiko oniritzia hasi zen bide egiten; erantzun alaigarria irakurtzean dizdizka hasiko ziren begi urdin estuak gogoratu zitzaizkion; imajinatu zituen, oroitu, hobeto esanda, amodiozko ezkontza bateko lehen hilabeteak, nola haietan zentzuen zoraldiak eta akrobaziak edertzen eta sostengatzen dituzten aingeruen hierarkia guztiek, harrituta baina onginahitsu. Are urrutiago, Tancrediren bizitza segurua begiztatu zuen, bai eta haren dohainak garatzeko aukera ere; hori gabe, sosik ezak hegalak moztuko zizkion ilobari.

        Jaun nobleak zutitu, don Calogero harrituarenganatz pausu bat egin, besaulkitik altxatu eta bere bularraren kontra estutu zuen; alkatearen hanka motzak airean zintzilik geratu ziren.. Siziliako probintzia galdu bateko gela hartan irudi japoniar bat osatu zen: eulitzar iletsu bat lirio more erraldoi batetik dilindan. Don Calogerok berriz zorua ikutu zuenean «Bizarra mozteko laban ingeles pare bat erregalatu behar diot —pentsatu zuen Printzeak—. Ezin du horrela jarraitu.»

        Aita Pirronek bere hatz lodien jira-bira eten, zutitu eta eskua tinkatu zion Printzeari.

        — Jaun Gorena, ezkontza hau bere babespean har dezala eskatzen diot Jainkoari; berorren poza nirea ere bada.

        Don Calogerori hatz puntak luzatu zizkion hitzik egin gabe. Gero, hatz-kosko batez horman eskegitako barometro bat jo zuen; behera zihoan: eguraldi txarra zetorren. Berriro eseri eta otoi-lipurua zabaldu zuen.

        — Don Calogero —zioen Printzeak—, bi gazte hauen maitasuna guztiaren oinarria da, beren etorkizuneko zorionari eutsiko dion sostengu bakarra. Hori badakigu; hala da, eta kito. Baina gu gizon adintsuak gara eta beste gauza batzuetaz kezkatu behar dugu. Ez dizut esan behar zeinen leinargi handikoa den Falconeri familia: Siziliara Carlos Anjoukoarekin etorri zen eta aragoitarren, espainiarren eta Borbon erregeen menpe ere jarraitu zuen loratzen (zilegi bekit azken hauek aipatzea zure aurrean), eta ziur naiz kontinenteko dinastia berriaren pean ere (Jainkoak gorde dezala) jarraituko duela aurrerapidean.

        Ez zegoen inoiz jakiterik Printzea noiz ari zen zirika edo noiz zebilen oker.

        — Erreinuko Pare, Espainiako Handiki eta Santiago-Zaldun izanak dira, eta Maltako zaldun izateko kutizia badute, aski dute hatz bat altxatzea, via Condotti-k arnasik egin gabe diplomak luzatzeko, garizumako gozokiak balira bezala; hala izan da behintzat orain arte —azken zeharresan gaiztoa guztiz alferrik galdu zen, don Calogerok arrastorik ere ez baitzuen San Juanen Ordena Jerusalemdar Soberanoaren sortarauei buruz—. Ziur naiz zure alabak, bere edertasun bakanarekin, areago apainduko duela Falconeritarren leinua, eta bere bertuteaz jakingo duela Printzesa santu haien irakasbideari jarraitzen; haien arteko azkenak, nire arreba zenak, zalantzarik gabe bedeinkatuko ditu zerutik bi senar-emazteak.

        Eta Don Fabriziori berriro hunkitu zitzaion bihotza bere Giulia maiteaz oroitzean, haren bizitza arbuiatua etengabeko sakrifizioa izan baitzen Tancrediren aitaren xelebrekeria sutsuengatik.

        — Mutilari dagokionez, ezagutzen duzu; eta, ezagutzen ez baduzu, neu nauzu hemen, nahi dituzun berme guztiak emateko. Onberatasuna toneladaka dauka, eta hori ez dut nik bakarrik esaten, ez al da egia, aita Pirrone?

        Jesulagun bikaina, bere irakurralditik irtenarazia, trantze estu baten aurrean zegoen. Tancrediren aitor-entzulea izan zen, eta ezagutzen zuen haren bekatutxo bat edo beste: egiatan larririk ez, noski, baina bai ordea aipatzen ari zen onberatasun sendoari hainbat kintl kentzeko modukoak; eta, gainera, eskon-desleialtasun porrokatua iragartzeko modukoak denak. Jakina, ezin zuzen horrelakorik esan, hala sakramentuzko arrazoiengatik, nola komenentzia mundutarrengatik ere; bestalde, mutila maite zuen eta, nahiz bere bihotzaren sakonean ezkontza hura gaitzetsi, inoiz ez zuen esango hitz bakar bat ere hura ospatzea oztopa zezakeenik, are gutxiago galarazi. Zuhurtasunean aurkitu zuen babesa, bertute nagusien arteko malgu eta moldaerrazenean.

        — Handia da, don Calogero, Tancredi gurearen onberatasunaren ondarea, eta, Angelica andereñoaren jainkozko grazien eta dohain lurtarren euskarriarekin, senar kristau ona izatera iritsiko da egunen batean.

        Iragarpen hura, ausartegia baina zuhurtasunez baldintzatua, bestelako arazorik gabe atera zen aurrera.

        — Baina, don Calogero —jarraitu zuen Printzeak, apoaren azken kartilagoak mastekatuz—, alferreko lana bada Falconeri Etxearen antzinatasunaz mintzatzea, halatsu, tamalez, alferrekoa da esatea, badakizu eta, nire ilobaren oraingo egoera ekonomikoa ez dagoela bere izen handiaren pare; Tancrediren aita, Ferdinando nire koinatua, ez zen etorkizunaz gehiegi arduratzen zen aita horietako bat; jaun handi bat zen, eta bere handitasun horretxek, bere administrarien arinkeriarekin batera, dexente urritu dute nire iloba eta pupilo maitearen ondarea; Mazzara inguruko feudo handiak, Ravanusako pistatxo-alorrak, Oliveriko masustegiak, Palermoko jauregia, dena, den-dena galduta dago; baina zuk badakizu hori, don Calogero.

        Don Calogerok bazekien, jakin ere: inork gogoan zuen enara emigraziorik handiena izan zen, eta haren oroitzapenak artean ere ikara eragiten zion, ez ordea zuhurtzia, noblezia siziliar guztiari; aldiz, atsegingarria zen Sedàra guztientzat.

        — Nire tutelaldian jauretxea bakarrik salbatu ahal izan dut, nirearen ondoan dagoena, lege-trikimailu askorekin eta, orobat, zenbait sakrifizio ere eginez, pozarren egin ere, nire arreba Giulia santuaren oroimenez eta nire bihotzeko mutil horri diodan maitasunagatik. Jauretxe ederra da: eskailerak Marvugliak diseinatu zituen, aretoak, ordea, Serenariok edertu; baina, gaur egun, egoerarik onenean dagoen gelak ozta-ozta balio du ahunztegi izateko.

        Apoaren azken hezurrak uste baino nazkagarriagoak izan ziren; baina, azken fincan, haiek ere izan ziren irentsiak. Orain ahoa rbitu beharra zegoen, esaldi atsegingarri baina, halaber, zintzoren batez.

        — Baina, don Calogero, zoritxar eta estuasun guzti horien ondorioa Tancredi bera izan da; badakigu gauza hauek zer diren; beharbada ezinezkoa da bera bezalako mutil baten gailentasuna, delikatutasuna eta xarma lortzea, bere aurrekoek dozena bat ondare handi harrika bota gabe; Sizilian behintzat hala da; natur-legea da nolabait, lurrikarak eta lehorteak arautzen dituztenak bezala.

        Isildu zen, morroi bat sartu zelako piztutako bi argimutil eramanez azpil batean; morroiak beren lekuan jartzen zituen bitartean, halako nahigabe atsegin batez beteriko isiltasun bati gelaz nagusitzen utzi zion Don Fabriziok. Eta gero:

        — Tancredi ez da beste edozein bezalako mutila, don Calogero —jarraitu zuen—, ez da bakarrik dotorea eta jaun batek behar duen bezalakoa; aski ikasi behar du oraindik, baina bere giroan jakin behar duen guztia daki: gizonak, emakumeak eta garaiaren zertzeladak eta izpiritua; asmo handiak ditu, eta arrazoiz eduki ere, urrun iritsiko da; eta zure alaba Angelica, don Calogero, zoriontsua izango da, berarekin batera abiatu nahi badu bide horretatik. Bestalde, Tancredirekin egotean, badaiteke noiz edo behin haserretzea, baina aspertu, inoiz ez; eta hori handia da!

        Gehiegizkoa litzateke esatea alkateak oso aintzat hartzen zituela Printzearen hitzaldiko zati horretako ñabardura mundutarrak; oro har, horrek bere lehengo ustea egiaztatu egiten zion, alegia, Tancredi mutil maltzur eta aprobetxazalea zela, eta berak gizon maltzur eta begizorrotz baten beharra zeukan etxean, besterik ez. Nornahiren pareko sentitzen zuen bere burua, nornahiren parekotzat hartzen zuen; hala ere, pena pixka bat ere bazuen, ikusten zuelako bere alaba zertxobait maiteminduta ere bazegoela mutil harekin.

        — Printzea, banekizkien gauza horiek, eta beste batzuk ere bai; eta ez dit batere axola —sentimentaltasunez jantzi zen—. Maitasuna, Printzea, maitasuna dena da, badakit nik hori —eta beharbada zinez ari zen gizagaixo hura, maitasuna ulertzeko bere modua onartuz gero—, trama ni munauko gizona izaki, nire kartak ere jarri nahi ditut mahai gainean. Alferrik litzateke nire alabaren doteaz hitz egitea: bera da nire bihotzeko odola, nire erraietako gibela; ez daukat nire jabetza beste nori utzirik, nirea dena berea ere bada. Baina zuzena da gazteek jakin ahal izatea eskuartean zer eduki dezaketen berehala: ezkon-hitzarmenean, alabari Settesoliko feudoaren jabetza utziko diot, 644 salma-takoa, edo, gaur egun esaten duten bezala, 1.680 hektareatakoa, den-dena garia, primerako lurrak, gozo eta gizenak, eta 180 salma mahasti eta olibondo Gibildolcen; eta ezkontza egunean, oihalezko hogei zakutxo eskainiko dizkiot senarrari, mila bana ontzatakoak. Ni zerua goian eta lurra behean geratuko naiz —erantsi zuen, sinesten ez ziotelakoan pozik—, baina alaba bat alaba bat da. Eta horrekin munduan diren Marruggiaren eskailera guztiak eta Sorcioneroren sabai guztiak berregin daitezke. Angelicak bizileku egokia eduki behar du.

        Poro guztietatik zerion bere arruntkeria ezjakina; hala ere, bere bi entzuleak harri eta zur geratu ziren. Don Fabriziok bere burua menderatzeko ahalmen guztia behar izan zuen bere ezustea golkoan gordetzeko. Tancrediren kolpea uste baino askoz ere neurriz goragokoa zen. Halako nazka-sentsazio bat berataz jabetu beharrean egon zen, baina Angelicaren edertasunak eta senarraren zinikotasunak artean ere lortzen zuten poesiaz estaltzea hitzarmenaren basakeria. Aita Pirronek dzart egin zuen mingainaz aho-sabaian; gero, nahigabeturik bere harridura agerian utzi zuelako, errima aurkitu nahi izan zion zuhurtziarik gabeko hots hari, kirrinka eginaraziz aulkiari eta zapatei eta zalapartaz pasatuz otoi-liburuko orriak; baina ez zuen ezer lortu, eta lehengo irudipenak bere hartan iraun zuen.

        Zorionez, don Calogeroren nabarmenkeria batek, elkarrizketa osoko bakarrak, estualditik atera zituen denak.

        — Printzea — esan zuen—, badakit esan behar dudanarekin harritu egingo dela, berori Titon enperadorearen eta Berenice erreginaren odolekoa baita; baina Sedàratarrak ere badira nobleak. Ni iritsi arte, zoritxarreko leinua izan gara, probintzian lurperatua eta dizdirarik gabekoa, baina nik arauzko agiriak dauzkat kajoian, eta egun batean denek jakingo dute berorren iloba Sedàra del Biscotto baronesarekin ezkondu dela; Bere Maiestate Ferdinando IV.ak Mazzarako portuko aduanen pribilegioarekin emandako titulua da. Dagozkion biderapenak egin behar ditut: lokarri bat baino ez zait falta.

        Duela ehun urte, falta ziren lokarrien, pribilegioen eta ia-izenkidetasunen kontu hura siziliar askoren bizitzako osagai garrantzitsu bat zen, eta, txandaka, bihotz-beroaldiak eta bihotz-erorialdiak eragiten zizkion milaka pertsonari, on nahiz gaizto; baina mintzagai garrantzitsuegia da hau bidenabar aipatzeko, eta horregatik aski egingo dugu hemen esanez don Calogeroren ateraldi heraldiko hark halako gizon-klase bat osorik nola gorpuzten zen ikusteko atsegin artistiko paregabea eman ziola Printzeari, eta bere barre eutsiak hainbeste gozatu zion ahoa, non ia goragalea eman baitzion.

        Ondoren, solasaldia alferreko mila errekatan barreiatu zen: Don Fabrizio Tumeo eskupeta-gelan ilunpetan giltzapetuta zegoela gogoratu, eta bere bizitzan hamaikagarren aldiz damutu zitzaion herrietan egin ohi diren bisitaldien iraupena; azkenik, isilaldi erresumindu batean itxi zuen bere burua; don Calogerok ulertu zuen, biharamun goizean Angelicaren onespen zalantzarik gabea ekartzeko itzuliko zela agindu eta agur egin zuen. Bi aretotan zehar lagundua izan zen, besarkatua gero, eta eskaileretatik jaitsi zen, Printzeak goitik, dorre bat bezala, txikitzen ikusten zuelarik maltzurkeria, gaizki ebakitako traje, urre eta ezjakintasun pilo txiki hura, ia bere familian sartzeko zegoena.

       

        Gero, eskuan kandela bat zuela, Tumeo askatzera joan zen; berau etsituta zegoen, ilunpetan, bere pipa erretzen.

        — Damu dut, don Ciccio, baina, ulertuko duzu, ez neukan beste aukerarik.

        — Ulertzen dut, Jaun Goren hori, ulertzen dut. Ondo joan al da dena, behintzat?

        — Oso ondo, ezin hobeto.

        Tumeok zorionak murdukatu, hedea lotu zuen Teresinaren lepokoan —zakurra, ehizarekin agortuta, lo zegoen— eta zorroa jaso.

        — Har itzazu nire oilagorrak ere, irabazi dituzu. Gero arte, don Ciccio maitea, zatoz laster bisita egitera. Eta gaizki eginak barkatu.

        Bizkarreko indartsu bat eman zion, adiskidetze-seinale eta nagusitasun-erakusgarri; Salina etxeari geratzen zitzaion azken menpeko leiala bere bizileku apalera joan zen.

        Printzea bere langelara itzuli zenean, aita Pirrone, eztabaidarik ez edukitzeko, hanka eginda zegoela ikusi zuen; eta emaztearen logelarantz abiatu zen, gertatutakoa kontatzeko. Haren urrats sendo bizkorren hotsek hamar metrotara ere iragartzen zuten. Nesken egongela zeharkatu zuen: Carolina eta Caterina artilezko mataza bat biltzen ari ziren, eta aita igarotzean irribarre egin eta zutik jarri ziren. Mademoiselle Dombreuil-ek betaurrekoak azkar kendu eta apalapalik erantzun zion haren agurrari; Concetta bizkarra emanda zegoen: enkajea egiteko ziriekin ari zen lanean eta, aita igarotzen entzun ez zuenez, ez zen bueltatu ere egin.

 

 

© Giuseppe Tomasi di Lampedusa

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giuseppe Tomasi di Lampedusa / Gattopardo" orrialde nagusia