BIGARREN ZATIA

 

Abuztua, 1860

 

        — Zuhaitzak! Zuhaitzak hor daude!

        Oihua lehen karrozatik irten eta, atzeraka, errepikatuz joan zen hauts zurizko hodeian ia ikustezinezkoak ziren beste lauen ilaran zehar, eta ateska bakoitzean aurpegi izerditu batzuek poza eta nekea agertu zuten.

        Egia esateko, zuhaitzak hiru ziren, eta eukaliptuak gainera, Ama Naturaren umerik okerrenak; baina, halaber, goizeko seietan Salinatarrek Bisacquino utzi zutenetik begiztatzen zituzten lehenak ziren. Ordurako hamaikak ziren, eta bost ordu haietan eguzkitan hori kolorez suturik ageri ziren mendi-bizkarrak baino ez zituzten ikusi. Ibilbide zelaietan trostan ibili ziren eta, zati laburretan txandaka, ekinaldi luze motelak egin zituzten aldapan gora, eta pausu zuhurra erabili aldapan behera; bestalde, bai pausua, bai trosta ere berdin-berdin itoak kriskitinen etengabeko isurian, azkenik paisaia gorituaren agerbide soinuzko gisa antzematen zen isuri hartan. Urdin zurbilez pintatutako herriak zeharkatu zituzten; osorik lehortuta zeuden ibaiak igaro zituzten, bikaintasun bitxiko zubi batzuetatik; basartoak eta gisatsak ere kontsolatu ezin zituzten amildegien albotik pasatu ziren. Zuhaitzik ez, ur tantarik ez inon: eguzkia eta hautsa, hori besterik ez. Kotxeen barrean, eguzki eta hauts haiengatik itxita, tenperaturak berrogeita hamar graduak iritsiko zituen ziur aski. Zeru zurituan inarrosten ziren zuhaitz egarritu haiek hainbat gauza iragartzen zituzten: bi ordu baino gutxiago falta zitzaiela bidaia bukatzeko, Salina etxeko lurretan sartzen ari zirela, jan zitekeela eta, beharbada, aurpegia garbitu ere putzu bateko ur harjoaz.

        Hamar minutu geroago, Rampinzèriko basetxera iritsi ziren; eraikuntza handi bat zen, urtean hilabetez bakarrik aterpe ematen ziena laborariei, mandoei eta abere batzuei, uztarako biltzen zirenean. Ate ezin gogorrago baina erroetatik aterearen gainean, harrizko Gattopardo bat ageri zen dantzan, harrikada batez hankak moztuta eduki arren; eraikuntzaren ondoan, putzu sakon batek, eukaliptu haiek zainduta, mutu eskaintzen zituen eskain zitzakeen zerbitzuak: bazekien igerileku, aska, kartzela eta hilobi izaten. Egarria kentzen zuen, tifusa hedatzen, bahitutako jendea gordetzen, bai eta abere eta gizonen hondakin ustelak ezkutatzen ere, izengabeko hezurdura leundu hutsetan geratzen ziren arte.

        Salina familia osoa jaitsi zen kotxeetatik. Printzea, pozik, bere bihotzeko Donnafugatara laster iristeko itxaropena zuelako; Printzesa, suminduta eta geldo aldi berean, baina animatuta senarraren baretasuna ikustean; neskatilak, nekatuta; mutikoak, berritasunarekin kitzikatuta, beroak otzandu gabe; mademoiselle Dombreuil, institutriz frantsesa, porru eginda eta, Aljerian Bugeaud mariskalaren familiaren etxean igarotako urteez oroiturik, intzirika, «Mon Dieu, mon Dieu, c'est pire qu'en Afrique!», bere sudur harroa lehortzen zuen bitartean; aita Pirrone, otoi-liburuaren irakurketa hasi ondoren lo-kuluska bat egin eta bidaia labur iruditu zitzaiona, eta beste guztiak baino ernaiago zegoena; neskame bat eta bi morroi, landaren ezohiko alderdiengatik sumindutako hiritarrak; eta Bendicó, azken kotxetik kanpora irten ondoren, erneguka hasi zena erdiparean itzulinguruak eginez argia urratzen ari ziren belatxinga batzuen heriotziradokizunekin.

        Denak hautsez zuri zeuden, bekain, ezpain edo buztanetaraino; hodeitxo zuriska batzuk altxatzen ziren bidealdia amaituta hautsa elkarri kentzen zioten pertsonen inguruan.

        Zikinkeria artean, are dizdira handiagoa zeukan Tancrediren gizalege dotoreak. Zaldiz egin zuen bidaia eta, basetxera karabana baino ordu erdi lehenago iritsia zenez gero, astia izan zuen hautsa kendu, bere burua garbitu eta korbata zuria aldatzeko. Era askotako zerbitzuak ematen zituen putzu hartatik ura atera zuenean, une batez baldeko ispiluan begiratu eta egoki aurkitu zuen bere burua: benda beltz bat zeukan eskubiko begiaren gainean, hiru hilabete lehenago Palermoko borrokaldietan bekainean egindako zauria sendatu baino areago gogoratu egiten zuena; beste begi urdin hark aldi batez itzaldutako bestearen malizia ere azaltzeko enkargua hartua zuela zirudien; korbata gainean, zintatxo gorri bat zeukan, jantzi zuen alkandora gorria nabarmenkeriarik gabe oroitarazten zuena. Printzesari kotxetik jaisten lagundu, mahukaz osabaren kapelu luzeari hautsa kendu, lehengusinei karameluak eta lehengusu txikiei ziriak banatu, ia belaunikatu jesulagunaren aurrean, Bendicóren grinazko oldarrei erantzun, mademoiselle Dombreuil kontsolatu, denekin txantxetan aritu eta zoragarria iruditu zitzaien denei.

        Gidariek inguruan poliki ibilarazi zituzten zaldiak, askara eraman baino lehen freskatzeko; morroiek mantelak zabaldu zituzten gari-jotzetik geratutako lastoaren gainean, basetxeak proiektaturiko itzal-errektangelu txikian. Putzu zerbitzalaren ondoan hasi zen bazkaria. Inguruan, olatuen antzera agertzen ziren soro funebreak, lastoagatik hori, galondo erreengatik beltz; zerua txirriten deitoreaz beterik zegoen; abuztu amaieran euriaren zain alferrik dagoen Sizilia iharraren hil-antsia bezalakoa zen.

       

        Handik ordubetera, denak suspertuta lotu zitzaizkion berriz bideari. Zaldiak, nekatuta, are polikiago bazebiltzan ere, azken bide zatiak laburra zirudien; paisaia, orain bai ezaguna, ez zen lehen bezain siniestroa gertatzen. Bazter ezagunak zetozkien gogora, aurreko urteetan paseatzera eta meriendatzera joandako lekuak: Dragonara aldeko amildegia, Misilbesiko bidegurutzea; berandu gabe Madonna delle Graziera iritsiko ziren, Donnafugatatik oinez paseatzera irteten zirenean egiten zituzten ibilaldirik luzeenetako helmugara. Printzesa lokarturik zegoen; Don Fabrizio, berarekin bakarrik karroza zabalean, zoriontsu sentitzen zen. Inoiz ez zen egon 1860ko abuztuaren bukaera hartan bezain pozik, Donnafugatara hiru hilabete igarotzera joateagatik. Ez bakarrik Donnafugatako etxea, jendea, eta bertan bizirik iraun zuen jabetasun feudalaren sentsazioa maite zituelako, baizik eta, baita ere, beste aldietan ez bezala, ez zituelako faltan bilatuko behatokiko arratsalde baketsuak eta Marianninari noizean behin egiten zizkion ikustaldiak. Egia esateko, apur bat nazkatuta zegoen azken hiru hilabeteetan Palermok eskaini zuen ikuskizunarekin. Harrotu nahi izango zukeen egoera ulertu eta alkandora gorriko "mamu" hari aurpegi ona jarri zion bakarra izateaz; baina aitortu behar izan zuen begi argia izatea ez zela Salina etxearen monopolioa. Palermotar guztiek zoriontsu ziruditen; guztiek, tontolapiko batzuek izan ezik: Màlvica, bere koinatua, diktadorearen poliziak harrapatzen utzi eta hamar egun itzalpean igaro zituena; bere seme Paolo, hura ere atsekabetuta baina zuhurragoa, Palermon utzi zuena auskalo zein ume-azpilanetan nahastuta. Gainerako guztiek argi eta garbi azaltzen zuten beren poza, papar-hegalak hirukoloreko ezkarapelez apainduta zeramazkiten, goizetik gauera manifestazioak egiten zituzten, eta, batez ere, hitz egiten zuten, predikatzen zuten, deklamatu egiten zuten; beharbada, okupazioaren lehendabiziko egunetan iskanbila hura guztia ulertzekoa izan zen, kale nagusietatik igarotzen ziren zauritu apurrei agur egiten zieten gora eta biba haiengatik, edota jendeak kalean torturatzen zituen "saguen" —erregimen galtzailearen poliziako agenteen— garrasiengatik; baina orain, aldiz, zaurituak sendatuta eta bizirik ateratako "saguak" polizia berrian sartuta zeudelarik, pailazokeria horiek txoroak eta zentzugabekoak iruditzen zitzaizkion, nahiz eta beharrezkoak zirela aitortu. Hala ere, hura guztia heziketa txarraren azaleko agerbidea zela iruditzen zitzaion; gauzen funtsa, tratu ekonomiko eta soziala onargarriak ziren, berak iragarri bezala. Don Pietro Russok bete egin zuen bere hitza, eta Villa Salina ondoan ez zen tirokada bat bera ere aditu; eta Palermoko jauregian portzelana txinatarrezko zerbitzu handi bat lapurtu bazuten, Paoloren burugabekeriagatik bakarrik lapurtu zuten; izan ere, bi saskitan sartzeko agindu zuen, eta gero patioan utzi bonbardaketa bitartean: egiazko eta benetako gonbitea, saskian sartu zutenek berek harrapa zezaten.

        Piamontetarrak —Printzeak artean ere horrela deitzen zien bere burua lasaitzeko, hala nola beste batzuek, goraltzeko, garibaldino, edo, iraintzeko, garibaldesko deitzen zieten—, beragana azaldu ziren, ez kapelua eskutan, aurresan zioten bezala, baina bai behintzat eskua jarriz ofizial borbondarrenak bezain higatuta eta maiztuta zeuden kapelu gorri haien biseran.

        Tancredik hogeita lau ordu lehenago iragarrita, ekainaren hogei aldean jeneral bat agertu zen Villa Salinan, oihalbegi beltzekiko jaka motz gorri bat jantzirik. Bere ordenantzako ofizialak jarraituta, gizalegez eskatu zuen sabaiko freskoak miresten uzteko. Besterik gabe onartu zitzaion, bere etorreraren iragarpena aski izan baitzen aretotik Ferdinando II Erregea galaz jantzirik erakusten zuen erretratu bat kendu eta, bere lekuan, "Probatica piscina" neutral bat jartzeko: oso operazio egokia, bai politikaren, bai estetikaren ikuspegitik.

        Jenerala hogeita hamar urte inguruko toscanar airoso bat zen, hiztuna eta panparroi samarra, baina baita gizabidetsua eta atsegina ere: behar bezalako begiruneaz jokatu zuen, Don Fabriziori Jaun Goren hori,~ deituera emanez gainera, nahiz eta hori Diktadorearen lehen dekretuetako baten kontra joan erabat; ordenantzako ofiziala, hemeretzi urteko mutil gangarra bera, konte milandar bat zen, bere bota dizdiragarriekin eta bere "erre" leunarekin neskatilak liluratu zituena.

        Tancredik lagunduta etorri ziren: gudalekuan bertan mailaz goratu zuten, edo zehazkiago esanda, kapitain izendatu. Bere zauriak eragindako oinazeengatik apur bat eroria, han zegoen, gorriz jantzirik, garaileekiko bere hurkotasuna erakusteko irrikitan; «hi» eta «nire adiskide kementsu hori» elkarri esaka erakutsitako hurkotasuna, "kontinentekoek" mutil-giroko berotasunez sarri erabili eta Tancredik itzultzen zizkiena, sudur-hotsekin ordea eta, Don Fabrizioren ustez, halako azpiko ironia batez beteta. Printzeak bere kortesia ezin menderatuzkoaren gainaldetik hartu zituen bere etxean, baina haiekin dibertitu eta lasaitu egin zen benetan, hainbeste ere non handik hiru egunera bi "piamontetarrak" afarira gonbidatuak izan baitziren. Eta zoragarria izan zen ikustea Carolina piano aurrean, jeneralaren kantuari laguntzen, berau Siziliaren omenez arriskatu zenean "Vi ravviso o luoghi ameni" abesten, Tancredik, larriturik, partiturako orriak iraultzen zituen bitartean, mundu honetan nota faltsurik ez balego bezala. Bien bitartean, kontetxo milanotarrak, sofa baten aldera makurturik, Concettari laranja-loreez hitz egin eta Aleardo Aleardi poetaren esistentziaren berri ematen zion; neskak entzuteko itxurak egiten zituen, baina tristerik zegoen bere lehengusuaren aurpegi txarrarekin, piano gaineko kandelek egiatan baino langiagoa agerrarazten baitzuten.

        Gaua guztiz idilikoa izan zen eta beste batzuk ere etorri ziren ondoan hura bezain bihozkortasunez beteak; haietako batean, eskaria egin zitzaion jeneralari ardura zedila jesulagunak kanporatzeko agindua aita Pirroneri ez ezartzeko, berau urtez eta ajen beterik pintatu ondoren; apaiz bikain hura begiko gertatu zitzaionez gero, jeneralak haren egoera tamalgarrian sinesteko itxurak egin, arduratu, lagun politiko batzuekin hitz egin, eta aita Pirrone geratu egin zen. Bai eta horrela Don Fabriziok gero eta seguruago jakin ere bere iragarpenak zuzenak zirela.

        Jenerala oso baliagarria izan zen egun gora-beheratsu haietan mora joan nahi zuenarentzat beharrezkoak ziren pasa-baimenen konturako ere; neurri handi batean, berari esker gozatu ahal izan zituen bere oporrak Salina familiak iraultza-urte hartan ere. Orobat, kapitain gaztea hilabeteko lizentzia lortu eta osaba-izebekin joan ahal izan zen. Pasa-baimenaren arazoaz aparte, abiatzeko prestakuntzak luze eta korapilatsuak izan ziren. Izan ere, trebezia handiz negoziatu behar izan zen administrazioan Girgentiko «itzal handiko pertsona» batzuen ordezkariekin; negoziaketak, Pietro Russo bure zela, irribarre, esku-tinkatze eta txanponen txin-txinekin burutu ziren. Bigarren pasa-baimen bat, baliozkoagoa, lortu zen; baina hori ez zen beste munduko ezer izan. Maleta eta bizigai mendi batzuk bildu behar izan ziren eta, hiru egun lehenago, sukaldari eta mirabeetako batzuk aurretik bidali; teleskopio txiki bat paketatu eta Paolo Palermon geratzea onartu behar izan zen; horren ondoren bakarrik abiatu ahal izan ziren. Jenerala eta alferez gaztea bidaia ona opatzera eta loreak eskaintzera joan ziren; eta kotxeak Villa Salinatik abiatu zirenean, bi beso gorri inarrosten egon ziren luzaroan, Printzearen kapelu luze beltza ateskatik kanpora agertu zen, baina kontetxoak agertzea espero izan zuen enkajezko guantez estalitako esku txikia, aldiz, Concettaren altzoan geratu zen.

        Bidaiak hiru egunez iraun zuen eta beldurgarria izan zen. Errepideak, Siziliako errepide ospetsuak, zeinengatik Satrianoko printzeak lugartenientetza galdu baitzuen, nola edo halako arrasto batzuk ziren, zuloz ereindakoak eta hautsez beteak. Lehen gaua, Marineo herrian igaro zutena, eskribau lagun baten etxean, jasateko modukoa izan zen; bigarrena, Prizziko ostatu purtzil batean emandakoa, aldiz, penagarria: hirunaka ohe bakoitzean eta era guztietako animalia nardagarriek erasota. Hirugarrena, Bisacquinon. Han ez zegoen tximitxarik baina, ordainetan, Don Fabriziok hamahiru euli aurkitu zituen granizatu hete edalontzian; simaur hats astun samarra iristen zen bai kaleetatik, bai ondoko "pegar-gelatik" ere, eta horrek amets txarrak eragin zizkion Printzeari; argia urratzean esnatu zenean, izerditan eta kiratsez beterik, bere bizitzarekin berarekin alderatu zuen, ezinbestez, bidaia nazkagarri hura: hasieran, lautada irripartsuetatik zabaldu zen, gero mendi aldapatsuetara igo eta haitzarte mehatxugarrietatik lerratu, azkenik kolore bakarreko lur ondulatu amaitezinetara, etsipena bezain leku hutsetara iristeko. Goizean goizeko ameskeria haiek adin oneko gizaseme bati gerta zekiokeen gauzarik okerrena ziren; eta Don Fabriziok ongi jakin arren eguneko zereginekin desagertuko zirela, oinaze zorrotzak eragiten zizkioten, bizitzak ongi irakatsi baitzion arimaren hondoan halako dolu hondar bat uzten zutela, egunero metatuz, heriotzaren egiazko kausa izatera iritsiko zena.

        Eguzkia irten zenean, mustro haiek kontzientziatik kanpoko gordelekuren batean ezkutatu ziren; ordurako, Donnafugata hurbil zegoen, bere jauregiarekin, bere ur xirristekin, bere arbaso santuen oroigarriekin; dena haurtzaroan bezala zegoelako irudipena ematen zuen, eta, gainera, jendea atsegina, elizkoia eta tolesgabea zen han. Baina, une hartan, gogoeta batek zirikatu zuen: batek jakin arestiko gertakizunen ondoren jendea lehen bezain elizkoia ote zen ala ez. Ikusiko dugu.»

        Orain iristear zeuden. Tancrediren begitarte maltzurra agertu zen leihatila atzean.

        — Osaba, izeba, presta zaitezte; bost minututan han gaude.

        Tancredik ongi zekien gizalegez jokatzen: ez zen herrira Prinaren aurretik sartuko; zaldia pausuan jarri eta, zuhurtzia handiz, en zalgurdiaren alboan jarraitu zuen.

       

        Zubi laburretik bestaldean, agintariak zain zeuden, eta hainbat nekazari haien inguruan. Karrozak zubian sartu orduko, udal bandak, su eta gar, "Noi siamo zingarelle"-ri eraso zion, zenbait une lehenagotik Donnafugatak bere Printzeari eskaintzen zion lehen agur bihozkor xelebre gisa; eta berehala, talaian zegoen mutikotxoren batek abisaturik, Eliza Nagusiko eta Izpiritu Santuaren komentuko kanpaiek festa giroko zalaparta batez bete zuten airea.

        Jainkoari esker, dena beti bezala dagoela dirudi» pentsatu zuen Printzeak karrozatik jaistean.

        Han ziren Don Calogero Sedàra, alkatea, hirukoloreko banda bat zuelarik gerri bueltan, bere kargua bezain dizdiragarria; on Trottolino, erretore jauna, bere aurpegi handi gorrituarekin; don Ciccio Ginestra, eskribaua, Guardia Nazionale-ko kapitain gisa etorria, galaz eta luma-mototsez betea; han zen don Totó Giambono, sendagilea, eta han zen Nunzia Giarritta txikia ere, Printzesari lore sorta bat luzatu ziona, ez oso txukuna eta, gainera, ordu erdi lehenago jauregiko lorategian bildutako loreekin egina. Han zen Ciccio Tumeo ere, katedraleko organujolea, berez agintarien ondoan egoteko aski mailarik ez zuena, baina adiskide eta ehizalaguna izanik etorria; ideia on bat eduki zuen, gainera: Printzeari ustekabe pozgarri bat ematearren, berarekin Teresina eramatea, ile gorriko ehizazakurra, begi gainean urren koloreko bi arrasto zituena; zakurraren gogo beroak Don Fabrizioren irribarre guztiz berezi bat lortu zuen ordainetan. Berau aldarte ezin bobean zegoen, egiatan eztia; karrozatik emaztearekin batera jaitsi zen eskerrak emateko asmoz, eta Verdiren musika-jasarekin eta kanpai-durundioarekin, alkatea besarkatu eta eskua tinkatu zien gainerako guztiei. Nekazari mordoa mutu zegoen, baina haien begi geldietan jakinmina nabarmentzen zen, etsitasunik gabekoa, zeren Donnafugatako herritarrek ez baitzeukaten ezer haien jaun bihotz-zabalaren aurka; izan ere, sarritan ahaztu egiten zitzaion errentak eta alogera txikiak eskatzea. Gainera, ohiturik zeudenez Gattopardo biboteduna ikusten jauregiko aurrealdean, elizetako atari gainean, iturrietako goiko aldean eta etxeetako portzelanazko azuleiuetan dantzan, irrikitan zeuden orain Gattopardo egiazkoa piqué-zko galtzetan guztiei eskutada lagunkoiak banatzen eta felino gizabidetsu baten aurpegiaz irribarrez ikusteko. «Zer esanik ez, dena lehen bezalaxe dago, lehen baino hobeto ere.»

        Tancredirekiko ikusmin handia ere bazegoen: aspalditik ezagutzen zuten denek, baina orain itxuraldatuta bezala azaltzen zen; bere baitan jadanik ez zen gaztetxo buruarina aurkitzen, ezpada aristokrata liberala, Rosolino Pilo, Palermoko borrokaldietako zauritu loriatsuaren laguna. Mirespen zaratatsu hartan, arraina uretan bezala zegoen bera; herriko miresle haiek egiazko dibertsioa ziren. Dialektoaz hitz egiten zien, zirika hasten zen haiekin, txantxetan hasten zen bere buruarekin eta bere zauriarekin. Baina «Garibaldi jenerala»» esaten zuenean, ahotsa moteldu eta mezamutilak ostensorio aurrean izaten duen berebaitaratu itxura hartzen zuen; eta don Calogero Sedàrari, askapenaren egunetan Ian handia egin zuela entzuna zuenez gero, ahots ozenez esan zion:

        — Don Calogero, Crispik ondo hitz egin dit zutaz.

        Ondoren, Concetta lehengusinari besoa eskaini eta denak liluraturik utzita aldendu zen.

       

        Morroiak, umeak eta Bendicó zeramazkiten karrozak jauregira abiatu ziren zuzenean, baina, antzina-antzinako usadio batek agintzen zuen bezala, gainerakoek, etxea zapaldu aurretik, Te Deum bat entzun behar zuten Eliza Nagusian. Berau, gainera, handik bi pausutara zegoen, eta hara zuzendu ziren denak segizioan: iritsi berriak, hautsez beterik baina ikusgarri; agintariak, ordea, dizdiratsu baina umil. Aurrean don Ciccio Ginestra zihoan, uniformeak ematen zion prestigioaz kaleko jendea bazterrerazten; ondoren Printzea, lehoi otzan ase baten antzera, emaztea besotik helduta; atzean, Tancredi eta bere eskubian Concetta, nahiko aztoratuta eta negargura eztieztia zuela elizara bere lehengusuaren besotik zihoalako; ezin esan, gainera, oso egokia zenik, aldarte hura gozatzeko, mutil arretatsuak besoan egiten zion presio handia, kalean alde guztietan aurkitzen ziren zulo eta zurikinak saihesten laguntzeko bakarrik egina, noski. Atzerago, gainerako guztiak zihoazen, nahas-mahasean. Organujoleak bizkor alde egin zuen, Teresina etxean utzi eta segizioa elizan sartu aurretik bere leku burrunbatsuan egoteko. Kanpai hotsak gero eta zalapartatsuagoak ziren, eta etxe hormetan, bi hilabete lehenago pintzel trakets batek marraztu zituen «Bizi bedi Garibaldi!», «Bizi bedi Errege Vittorio!», «Hil bedi Borbon erregea!» izkribuek, kolorea galdurik, horma barrura sartu nahi zutela zirudien. Suziriek eztanda egiten zuten eskaileretatik igotzen ziren bitartean, eta segizio txikia elizan sartu zenean, don Ciccio Tumeok, arnaska baina garaiz iritsita, kemen handiz eraso zion "Amami, Alfredo"-ri.

        Katedralean, ikusminez beterik, jende piloa zegoen marmol gorrizko zutabeen artean; Salinatarrak koruan eseri eta zeremonia laburrean Don Fabriziok jendaurrean erakutsi zuen bere burua, zoragarri; Printzesa, aldiz, beroaren beroz eta nekeagatik konortea galtzeko zorian zegoen, eta Tancredik, euliren bat uxatzeko aitzakiaz, behin baino gehiagotan ikutu zuen, doi-doi halere, Concettaren burn ilehoria. Dena behar bezala zegoen, eta on Trottolinoren sermoitxoaren ondoren, denak aldare aurrean makurtu, aterantz abiatu eta plazara irten ziren, eguzki-galdara.

        Eskailera-oinetan, agintariek beren errespetuak aurkeztu eta Printzesak —zeremonia bitartean jaso zituen aginduak, xuxurlaturikgau hartan afaltzera gonbidatu zituen alkatea, erretorea eta eskribaua; erretorea ofizioz zegon ezkongai, eta eskribaua afizioz; hartara, haiekin ezkontideen konturik ezin zitekeen atera; ez oso kemen handiz, alkatearentzako gonbidapena haren emazteari ere luzatu zitzaion. Berau nolabaiteko nekazari-alaba bat zen, ederederra, baina senarraren beraren iritziz, arrazoi bat baino gehiagorengatik, inon ez erakustekoa; beraz, inor ez zen harritu ondoezik zegoela esan zuenean; baina harridura handia eragin zuen erantsi zuenean:

        — Jaun-andre goren horiek onartzen baduzue, nire alaba Angelicarekin joango naiz: hilabete osoan ez dakit zenbat aldiz esan didan nolako poz handia izango lukeen orain ikusiko bazenute, adinez nagusituta.

        Baietz erantzun zioten, jakina; eta don Fabriziok, Tumeo ikusirik besteen bizkarretik begira, oihuka esan zion:

        — Eta zu ere bai, noski, don Ciccio; Teresinarekin etorri.

        Eta besteengana zuzenduta:

        — Eta afalostean, bederatzi t'erdietan, atsegin handiz ikusiko ditugu adiskide guztiak.

        Donnafugatan zeresan handia eman zuten azken hitz haiek. Printzeak herria aldatu gabe aurkitu bazuen, bera, aldiz, oso aldatuta aurkitu zuten, lehenago inoiz ez baitzuen hain hitz gozorik ezpainetaratuko; eta harrezkero, oharkabean, haren ospearen gainbehera hasi zen.

       

        Salina jauregia Eliza Nagusi ondoan zegoen. Plazara jotzen zuten zazpi balkoi zituen aurrealde laburra ikusita, nekez pentsatuko zuen inork haren atzean berrehun metro luzeko handitasuna ezkutatzen zuela. Tankera desberdineko eraikuntza batzuk ziren, armoniaz elkarri lotuak, hiru patioren inguruan, eta atzean lorategi zabal bat, hesi batekin itxia. Plaza aleko sarrera nagusian, bidaiariek ongietorri-azalpen gehiago jaso behar izan zituzten. Don Onofrio Rotolo, herriko administradoreak ez zuen parte hartu, inoiz ez zuen parte hartzen, herri sarreran egiten ziren harrera ofizialetan. Carolina printzesaren eskola zorrotz-zorrotzean hezia izanik, berari zegokionez, vulgus delakoa ez zen esistitzen eta Printzea atzerrian bizi zen bere jauregiko atetik barrura sartzen ez zen bitartean; eta horregatik bera han zegoen, ate handitik bi pausutara, kanpoan, txiki-txikia, zahar-zaharra, bizar oso handiaz, eta bere ondoan emaztea, mardula eta bera baino askoz gazteagoa, eta atzean zerbitzariak eta zortzi "campiere", kapeluan urrezko gattopardo bana zutenak, eta eskuetan eskupeta, ez beti alferrik.

        — Atsegin handia da niretzat ongietorria ematea Jaun-Andre goren horiei zeuen etxe honetara. Jauregia utzi zen egoera berean jartzen dut berriz ere zuen esku.

        Printzeak estimu handitan zeukan pertsona bakanetako bat zen don Onofrio, eta, beharbada, lapurtu ez zion bakarra. Haren prestutasuna kasketaren muga-mugan zegoen, eta hari buruzko pasadizo entzungarriak kontatzen ziren; esaterako, behinola, Printzesak kanpora abiatu behar izan zuen batean, erdi hustuta utzi zuela basokada bat rosolio, bai eta, handik urtebetera, leku berean aurkitu ere, edukina lurrunduta eta hondar azukretsu huts bihurtua, baina ikutu gabe.

        — Izan ere, Printzearen ondareko zati infinitesimal bat da, eta ez da alferrik galdu behar.

        Don Onofriorekin eta donna Mariarekin diosalak amaitu eta gero, Printzesa, zutik nerbio hutsari esker bakarrik, ohera joan zen segituan, neskak eta Tancredi lorategiko itzal epeletarantz atera ziren korrika, eta Don Fabriziok eta administradoreak egoitza handia ibili zuten goitik behera. Dena bere era onean zegoen: koadroak beraien marko astunetan, hautsik gabe; antzinako koadernaketen urreak dizdiratsu, baina nabarmenkeriarik gabe; ate guztien inguruko marmol grisak eguzki goiarekin diz-diz. Azken berrogeita hamar urteetan bezalaxe zeuden gauza oro. Tirabira zibilen zurrunbilo zaratatsua atzean utzirik, Don Fabrizio animatuta sentitu zen, segurtasun barez beterik, eta ia samurtasunez so egin zion don Onofriori, bere ondoan trostan jarraitzen ziolarik.

        — Don 'Nofrio, altxorrak zaintzen dituzten gnomo horietako bat zara, ezbairik gabe. Gure eskerrik handiena zor dizugu.

        Aurreko urteetan gauza bera sentituko zuen, baina hitzak ez zitzaizkion inoiz ezpainetaratu; don 'Nofriok esker onez eta harriturik begiratu zion.

        — Nire eginbeharra da, Jaun Goren hori, nire eginbeharra.

        Eta bere zirrara ezkutatzearren, belarri batean hazka hasi zen ezkerreko hatz txiki luze-luzeaz.

        Ondoren, administradoreari tearen tortura ezarri zioten. Don Fabriziok bi kikara agindu zituen eta don 'Nofriok, bihotz-min handiz, bat irentsi behar izan zuen; gero, Donnafugatako kronikak kontatzeari ekin zion: bi aste lehenago Aquila feudoaren alogera berritu zuela lehen baino baldintza kaskarxeagoetan; gastu handiak egin behar izan zituela kanpotarrentzako hegaleko sabaiak konpontzeko; baina kutxan, Jaun Gorenaren esku, 3.275 ontzurre zeuden, gastuak, zergak eta bere soldatari zegokiona ordaindu eta gero.

        Ondoren, berri pribatuak etorri ziren, urteko gertakari handiaren ingurukoak: don Calogero Sedàraren fortuna bizkor eta etengabe handitu zela; Tumino baroiari eskainitako maileguari sei hilabete lehenago epea amaitu eta haren lurraz jabetu omen zen: maileguz emandako mila ontzurreri esker, beste jabego bat zeukan orain, urtean bostehun ontzurreko etekina ematen ziona; apirilean, bi "salma" lur eskuratu ahal izan zituen lau xemeikoren truke; jabego txiki hartan harrobi bat zegoen, harri oso preziatua ematen zuena, eta ustiatzeko asmoa zeukan. Gari salmenta nahiko probetxugarriak egin zituen lehorreratzearen ondoren gertatu ziren eskasia handiko garai nahaspilatsuetan. Don 'Nofrioren ahotsa arrenkuraz bete zen.

        — Kontu zehatzak atera ditut: don Calogeroren errentak, hemen, Donnafugatan, Jaun Goren horrek dituenen pare egongo dira laster; eta herrian dituen jabetzak bere ondareko zatirik txikiena dira.

        Aberastasunarekin batera, haren eragin politikoa ere handitzen ari zen; Donnafugatako eta auzo-herrietako liberalen buru izatera iritsia zen; hauteskundeak egiten zirenean, gauza ziurra zen diputatu joango zela Torinora.

        — Eta nolako haizeak erabiltzen dituzten! Berak ez, buru argiegia dauka horretarako, baina bere alabak, esaterako: Florentziako ikastetxetik itzuli da, eta gona akanpanatuekin eta tertziopelozko oihal-zerrendak zintzilik dituen sonbreru ttiki batekin ibiltzen zaigu herrian.

        Printzea isilik zegoen: alaba, bai, gauean afaltzera joango zen Angelica hura bera; polita izango zen artzaintxo hura pinpirinduta ikustea berriz; ez zen egia ezer ez zegoela aldatuta; don Calogero bera bezain aberats! Baina gauza horiek, funtsean, jakinekoak ziren, ordaindu beharreko prezioa zen.

        Printzearen isiltasunak kezkatu egin zuen don 'Nofrio; herriko marmarizoak kontatuz nahigabetu egin zuela pasatu zitzaion burutik.

        — Jaun Goren hori, bainua prestatzeko agindua emateaz arduratu naiz; prest egongo da honezkero.

        Don Fabrizio nekatuta zegoela konturatu zen bat-batean; ia hirurak ziren, eta bederatzi ordu zeramatzan gelditu gabe, eguzki galdatan, eta nolako gaua pasatu ondoren, gainera; zokorik gordeenetan ere gorputza hautsez beterik zuela sentitzen zuen.

        — Eskerrik asko, don 'Nofrio, hori pentsatu izanagatik; eta gainerako guztiagatik ere bai. Gauean ikusiko dugu elkar, afarian.

       

        Igo zen barneko zurubitik. Igaro zen tapizen salatik, sala urdinetik, sala horitik; pertsiana jeitsietatik argia iragazten zen; haren langelan Boulle-ren pendulu-erlojua emeki ari zen tiki-taka.

        — Hau bakea, Jainkoa, hau bakea!

        Bainugelan sartu zen: txikia zen, karezuritua, lurra adreilu lakarrez egina, eta haien erdian ura husteko zuloa zeukan. Bainontzia halako harraska obal bat zen, egundokoa, kanpotik horiz eta barrutik zuriz bernizatutako burdin-orriz egina eta egurrezko lau hanka sendoren gainean altxatua. Leihotik, eguzkia bortizki sartzen zen barrura, inolako oztoporik aurkitu gabe. Hormako kako batetik zintzilik, albornoz bat; sokazko aulkietako baten gainean, aldagarriak; beste batean, traje bat, bidaian ekarritako kutxan hartutako zimurrak zituena. Bainontzi ondoan, xaboi-zati arrosa handi bat, eskubila handi bat, korapilo batez lotutaxo zapi bat, busti ondoren halako esne usaintsu bat jariatuko zuen zaia zeukana, eta belaki handihandi bat, Salinako administradoreak bidali ohi zizkionetakoa.

        Don Fabriziok dei egin zuen: bi morroi sartu ziren, gainezka egindako balde bana zeramatela, bata ur hotzez betea, bestea ur irakinez; sartu-irtena zenbait aldiz egin zuten, harraska bete zen arte; eskuaz tenperatura probatu zuen: ondo zegoen. Morroiei alde egiteko esan, arropa erantzi eta murgildu egin zen. Gorputzar eskerga harekin, ura gainezka egiteko zorian egon zen. Gorputza xaboiztatu eta eskubilaz igurtzi zuen: epeltasunak on egiten zion, laxatu egiten zuen. Lokartzear zegoelarik ate-joka hasi zen norbait; Domenico, gela-laguntzailea, beldurti sartu zen.

        — Aita Pirronek galdetu du ea laster ikusi ahal izango ote duen Jaun Goren hori. Hemen ondoan dago, Jaun Goren hori bainutik irten zain.

        Printzea asaldatu egin zen; nahigaberen bat gertatu bazen, hobe zen lehenbailehen izatea haren berri.

        — Inondik ere ez; sar dadila oraintxe.

        Don Fabrizio artegatuta zegoen jesulagunaren presarekin; eta apur bat horregatik, apur bat apaiz-abituarekiko begiruneagatik, laster irten nahi izan zuen bainutik: pentsatzen zuen aita Pirrone sartu baino lehen jantzi ahal izango zuela albornoza, baina ez zuen lortu, eta apaiza sartu zenean, xaboi-urak ez zuen jada estaltzen eta jantzi gabe zeukan behin-behineko meztidura hura; larrugorritan zegoen, zutik, Herkules Farnesio baten antzera, eta gainera lurruna zeriola, eta lepotik, besoetatik, urdailetik eta izterretatik behera ur errekak erortzen zitzaizkiola, Rodano, Rhin eta Danubio ibaiek Alpeetako mendilepoak zeharkatzen eta bustitzen dituzten bezalaxe. Aita Pirronerentzat zeharo gauza berria zen Printze handia Adanen itxuran aurkitzea. Penitentzia-sakramentuaren bidez arimen biluztasunera ohituta zegoen, baina ez zuen hainbesteko ohiturarik gorputzena ikusteko; berak ez zukeen betile bakar bat ere mugituko halako, esate baterako, intzestu-harreman baten aitorpena entzutean, baina, aldiz, aztoratu egin zen biluztasun titaniko errugabe haren bistan. Aitzakia bat totelka esan, eta atzera itzultzekoa egin zuen; baina Don Fabriziok, suminduta bere gorputza estaltzeko astia eduki ez zuelako, haren kontra zuzendu zuen bere haserrea, jakina.

        — Aita, ez izan ergela; hobe, eman biezat albornoza eta, gaizki iruditzen ez bazaio, lagundu lehortzen.

        Segituan, aspaldiko eztabaida bat etorri zitzaion gogora.

        — Eta mesedez, Aita, har beza berorrek ere bainu bat.

        Pozik, errieta higienikoa egin ahal izan ziolako moralari buruzko hainbat eta hainbat entzunarazi zizkionari, berriz lasaitu zen. Azkenik eskuratutako oihalaren goiko muturraz ilea, matel-bizarrak eta lepoa lehortu zituen, azpikoaz Aita Pirrone umiliatuak oinak igurtzitzen zizkion bitartean. Mendi hartako goi-beheak lehortuta zeudenean:

        — Orain, eser bedi, Aita, eta esan zergatik hitz egin nahi zidan horrenbesteko premiaz.

        Eta jesulaguna esertzen zen bitartean, leku intimoago batzuk lehortzeari ekin Zion bere kasa.

        — Hara, ba, Jaun Goren hori: kontuz bete beharreko eginkizun bat jarri didate. Berorrek biziki maite duen pertsona batek bere bihotza zabaldu nahi izan dit, eta haren sentimentuak berorri ezagutarazteko enkargua nire gain utzi, niretzat ohoragarria den berorren estimuaz fidaturik, oker beharbada...

        Aita Pirroneren zalantzak esaldi amaitezinetan isurtzen ziren. Don Fabriziok pazientzia galdu zuen.

        — Labur esanda, Aita, nor dugu? Printzesa?

        Eta besoa altxatua zuela, mehatxuka zegoela zirudien; aldiz, galtzarbea lehortzen ari zen.

        — Printzesa nekatuta dago; lo dago eta ez dut ikusi. Concetta andereñoa da —etena—. Maiteminduta dago.

        Berrogeita bost urteko gizaseme batek bere seme-alabetako bat maitatzeko adinean dagoela konturatzen den arte pentsa dezake gaztea dela. Printzea kolpetik zahartuta sentitu zen; bertan ahaztu zituen ehizean ibiltzen zenean egiten zituen miliak, esanarazten zekien Jesus, Maria eta Jose' haiek eta une hartantxe zeukan sasoia, bidaia luze nekagarri bat egin eta gero. Harako hartan, Villa Giuliako ahuntzen bizkarrean eseritako bilobatxo tropel bati lagun egiten dion pertsona buruzuri bat bihurturik ikusi zuen bere burua.

        — Eta txoriburu hori zergatik joan da berorrengana gauza hauek kontatzera? Zergatik ez da etorri niregana?

        Concetta norekin zegoen maitemindurik ere ez zuen galdetu: ez zegoen beharrik.

        — Jaun Goren horrek ongiegi gordetzen du berorren aita-bihotza etxeko jaunaren agintearen azpian; ulertzekoa da, beraz, alabatxo gaixoak apur bat beldurtu eta etxeko elizgizon jainkotiarrarengana jotzea.

        Don Fabrizio galtzontzilo luze batzuk jantzi eta bufaka ari zen; solasaldi luzeak, malkoak eta mugarik gabeko nahigabeak barrundatzen zituen; Donnafugatako lehen eguna hondatu behar zion alaba milika hark.

        — Ikusten dut, Aita, ikusten dut. Inork ez nau konprenitzen neronen etxean. Horixe da nire zorigaitza.

        Aulkitxo batean eserita zegoen, bularreko ile horia tantoz perlatuta zuela. Ur erreka txikiak sigi-sagan mugitzen ziren adreiluen gainean, gela zaiaren esne usainaz eta xaboiaren almendra usainaz beterik zegoen.

        — Eta, berorren iritziz, zer esan beharko nuke nik?

        Jesulaguna izerditan zegoen, estufa batek eragindakoa zirudien hango beroarekin, eta isilpekoa jakinarazi zuenez gero, alde egin nahi izango zukeen; baina bertan geratu zen, bere erantzunkizun-zentzuak behartuta.

        — Elizak guztiz begi onez ikusten du familia kristau bat sortzeko desioa. Gure Jauna Kanako ezteietan egon...

        — Ez gaitezen beste hizpide batzuetan sar; nik ezkontza honetaz nahi dut hitz egin, ez ezkontzaz oro har. Tancredik proposamen garbiak egin al ditu?, noiz?

        Aita Pirrone, bost urtetan, mutilan latina irakasten saiatu zen; zazpi urtetan haren mainak eta ziriak jasan zituen; denek bezala, harekiko lilura sentitu zuen; baina minduta zegoen Tancrediren arestiko jarrera politikoekin; bere baitan borrokan zeuden aspaldiko maitasuna eta une hartako arrenkura. Orain ez zekien zer esan.

        — Proposamen argi eta garbirik ez. Baina Concetta andereñoak ez dauka zalantzarik: haren txerak, begiradak, hitz-erdiak, gero eta sarriago gertatzen dira, eta aski izan dira arima santu hori komentzitzeko; mutilak maite duela uste du, bete-betean. Baina, alaba begirunetsu eta esanekoa izanik, nire bitartez galdetu nahi zion berorri zer erantzun beharko duen proposamen horiek iristen direnean. Gertatzear daudela somatzen du.

        Don Fabrizio zertxobait lasaituta sentitu zen; nondik eta nora zeukan neskatila hark mutil gazte baten asmoetan garbi ikusteko moduko jakinduria?, eta Tancredi bezalako mutil bat izanda, zer esanik ez! Seguru aski ustekeriak ziren, neskentzako ikastegietako burkoak asaldatzen dituzten "urrezko amets" horietako bat. Arriskua ez zegoen hurbil.

        Arriskua. Hitzak hain oihartzun biziak eduki zituen haren buruan non harritu egin baitzen. Baina arriskua norentzat? Bihotzez maite zuen Concetta: atseginez ikusten zuen nolako mendekotasunez eta nolako baretasunez makurtzen zen bere alaba aitaren borondatearen edozein azalpen gorrotagarritara; nolanahi ere, estimu handiegitan zituen berak mendekotasun eta baretasun haiek. Bere lasaitasunerako edozein mehatxu baztertzeko berez zeukan joeragatik, ez zen behar bezalako arretaz konturatzen nolako dizdira ikaragarria igarotzen zen haren begietatik obeditzen zituen bitxikeriak egiatan gogaikarriegiak zirenean. Printzeak oso maite zuen bere alaba hura; baina are maiteago zuen Tancredi. Betidanik liluratu zuen mutilaren bihozkortasun burlazaleak, baina hilabete gutxi zirela hasi zen haren buru-argitasuna ere miresten: gauzetara azkar moldatzeko bere erraztasuna, buru-zorroztasun mundutar hura, sortzetik beretik zeukan ñabardurekiko abilezia, modako hizkera demagogikoaz mintzatzeko trebezia ematen ziona, nahiz eta adituentzat argi utzi hura denborapasa hutsa zela, zeinetan bera, Falconeriko Printzea, une batez bakarrik aritzen baitzen; gauza horiek guztiek dibertitu egin zuten Don Fabrizio. Eta berea bezalako izaera eta klasea zeuzkan pertsona batentzat, dibertigarria den norbaitek ia-ia merezi du, besterik gabe, maitatua izatea. Haren ustez, Tancredik etorkizun handia zeukan aurrean; nobleziak, uniformea aldatuta, ordenamendu politiko berriaren aurka egin zezakeen kontraeraso bateko alfila izan zitekeen. Gauza bakarra falta zitzaion, ordea: dirua; Tancredik ez zeukan dirurik, ezer ez. Eta politikan aurrera egitekotan, handik aurrera izenak garrantzi gutxiago izango zuenez gero, dirua franko beharko zen: dirua botoak erosteko; dirua hautesleei mesedeak egiteko; dirua liluratzeko moduko bizimodua edukitzeko. Bizimodua... eta Concetta, bere bertute pasibo guztiekin, gauza izango ote zen senar handinahi ospetsu bati gizarte berriko maila irristakorretatik igotzen laguntzeko? Bera zen bezain lotsatia, isilkoia eta berebaitaratua izanik? Une hartako eskolume ederra izaten jarraituko zuen beti: alegia, berunezko bola bat senarraren oinetan.

        — Aita, berorrek ikusten al du Concetta Vienan edo San Petersburgon enbaxadore?

        Aita Pirroneri burua nahastu zitzaion galdera horrekin.

        — Baina, zer ikusteko du horrek? Ez dut ulertzen.

        Don Fabriziok ez zuen erantzuteko nekea hartu eta bere gogoetetan murgildu zen. Dirua? Concettak dotea edukiko zuen, jakina. Baina Salina etxearen fortuna zortzi zatitan banatu behar zen, zati ezberdinetan, eta neskena guztien artetik txikiena izango zen. Eta orduan? Tancredik beste zerbaiten beharra zeukan, bai: Maria Santa Pau, esaterako, orduko bereak zituen lau feudoekin eta osaba apaiz aurreztuzale guzti haiekin; Sutèra familiako neska horietako bat, nahiko itsusitxoak, baina nahiko aberatsak. Maitasuna. Jakina, maitasuna. Sua eta garrak urtebetez, errautsa hogeita hamar urtez. Bazekien berak zer zen maitasuna... eta, gainera Tancredi, haren aurrean emakumeak madari umoak bezala eroriko ziren eta...

        Halako batean hotza eduki zuen. Soinean zeukan ura lurruntzen ari zen, eta izoztuta zeukan besoetako larruazala. Hatz puntak zimurtuta. Eta zenbat solasaldi penagarri zain! Horiei ihes egin beharra zegoen...

        — Orain janztera joan behar dut, aita. Arren, esan Concettar ez nagoela inola ere minduta, baina ez dugula berriro hitz egingo ziur jakin arte horiek ez direla neska erromantiko baten ameskeriak bakarrik. Laster arte, aita.

        Zutitu eta apaingelara igaro zen. Ondoko Eliza Nagusitik hilkanpai goibelgarriak aditzen ziren. Norbait hil zen Donnafugatan, Siziliako udako dolu handia jasan ezin izan zuen gorputz nekaturen bat, euriari itxaroteko indarrik izan ez zuena. «Zorionekoa —pentsatu zuen Printzeak, matel-bizarretatik lozioa pasatzen zuen bitartean—. Zorionekoa: bost axola horri alabak, doteak eta karrera politikoak». Hildako ezezagun batekin une labur batez bat etortzea aski izan zen bera lasaitzeko.

        «Heriotza dagoen bitartean itxaropena dago» pentsatu zuen; gero bere alaba batek ezkondu nahi zuelako halako ilunaldian erori izana barregarria iruditu zitzaion.

        «Ce sont leurs affaires, après tout» pentsatu zuen frantsesez, haren burutapenek maliziatiak izan nahi zutenean egiten zuen bezala. Besaulki batean eseri, eta lokartu egin zen.

 

        Handik ordubetera gorputzaldi onez esnatu eta lorategira jaitsi zen. Eguzkia sartzen ari zen ordurako eta, bere indarkeria agortuta, haren errainuek kortesia handiz argitzen zituzten araukariak, pinuak eta arte sendoak, bertako loria zirenak. Paseabide nagusia poliki zihoan beherantz, sudurrik gabeko jainkosen busto izengabeak inguratzen zituzten erramu-hesi garaien artean; eta urrundik, Anfitriteren iturrira erortzen ziren ur-xirripen euri gozoaren hotsa iristen zen. Hara zuzendu zen, arin, berriz ikusteko irrikaz. Tritoien itsaskurkuiluetatik, Naiadeen maskorretatik eta itsas mustroen sudurzuloetatik, hari meheak osatuz irteten zen ura, murmurio biziaz tinkitanka eginez askaren gainazal berdeskan, zipriztinak, burbuilak, aparrak, uhinak, dardarak eta zirimola irribarretsuak eraginez; sekulan oinaze bihurtu ezingo zen atsegin baten promesa isurtzen zen iturri osotik, ur epeletik, tertziopeloa bezalako goroldioaz estalitako harrietatik. Uraska biribilaren erdiko uharte txikian, zizel ohitugabe baina zentzukoi batek moldatua, Neptuno saiatu eta irribarretsu batek Anfitrite irrikatsu bat harrapatzen zuen: beronen zilborra, zipriztinek bustirik, eguzkitan diz-diz, berandu gabe izango zen urpeko itzalean ezkutaturiko musuen kabi. Don Fabrizio gelditu, begiratu, gogoratu eta oroimina jabetu zen berataz. Luzaroan geratu zen.

        — Osabatzarra, etorri atzerriko muxikak ikustera. Oso ondo egokitu dira hemengo lurrean; eta utzi lizunkeria hauek, zure adineko gizonentzat ez dira eta.

        Tancrediren ahotsaren malizia maitakorrak atera zuen sorraldi boluptatetsu hartatik. Ez zuen etortzen entzun, katu bat bezalakoa zen. Estraineko aldiz iruditu zitzaion arrenkura sentsazio batek akuilatzen zuela, mutila ikustean; traje urdin ilunaren azpiko musu-apain gerri-mehe hargatik izan zituen bi ordu lehenago heriotzari buruzko pentsamendu latzak. Gero konturatu zenez, ez zen arrenkura, beldur mozorrotu hutsa baizik: Concettaz hitz egingo zion beldurrez zegoen. Baina elkarrizketan hasteko modua eta ilobaren tonua ez ziren bera bezalako gizon bati maitasun-konfidentziak egitera doanarenak. Lasaitu egin zen: ilobaren begiradan gaztetasunak adineko pertsonei eskaini ohi dien bihozkortasun ironikoa antzematen zuen.

        «Gurekin nolabaiteko kortesiaz joka dezakete, inolako arazorik gabe: badakite gure hileta-biharamunean libre izango direla».

        "Atzerriko muxikak" ikustera joan ziren. Bi une lehenago adaska alemanekin eginiko txertoa bikain atera zen; muxikak gutxi ziren, dozena bat inguru txertatutako arboletan, baina handiak, tertziopelotsuak eta lurrintsuak; eta horixkak zirenez eta masailetan bi arrosa-une zeuzkatenez, neskatila txinatar lotsati batzuen buru txikiak ziruditen. Printzeak hatz-muturren leuntasun ospetsuaz haztatu zituen.

        — Helduta daudela esango nuke. Tamalez, gutxiegi dira gauean zerbitzatzeko. Bihar biltzeko agindu eta ikusiko dugu nolakoak diren.

        — Hara! Horrela gustatzen zait zu ikustea, osaba; horrela, bere lanaren fruituak ederresten eta aldez aurretik dastatzen dituen agricola pius baten gisa, eta ez lehentxeago, eskandaluzko biluztasunei begira topatu zaitudan bezala.

        — Hala ere, Tancredi, muxika hauek ere amodioen ondorio dira, bategiteen ondorio.

        — Bai horixe, baina amodio legezkoen ondorio, zuk, jabea zaren horrek, eta lorazainak, notari gisa, eraginda; amodio gogoetatu eta emankorren ondorio. Horkoa, aldiz —esan zuen, arteek osaturiko oihalaren atzetik bere murmurioa entzunarazten zuen iturrira seinalatuz—, egiatan uste al duzu erretorearen aurretik pasatu direla?

        Elkarrizketa ibilbide arriskutsua hartzen ari zen eta Don Fabriziok azkar aldatu zuen norabidea.

        Etxerantz igotzen ziren bitartean, Tancredik Donnafugatako maitasun kronikaz jakin zuena kontatu zuen: Menicak, Saverio "campiere"-aren alabak haurdun uzten utzi omen zion bere senargaiari; orain, ezkontza presaka egin beharra zegoen. Bestalde, Colicchiok ozta-ozta ihes egin omen zion senar haserretu baten eskupetakadari.

        — Baina nondik eta nora jakiten dituzu gauza horiek?

        — Jakiten ditut, osabatzar hori, jakiten ditut. Niri dena kontatzen didate; badakite urrikaltzen naizela.

        Errebuelta leunak eta mailadiarte luzeak eginez lorategitik jauregira zeraman eskaileraren gainaldera iritsi zirenean, arratsaldeko zerumuga ikusi zuten zuhaitzez haruntzago; itsas aldean, tinta koloreko hodeitzar itzelezko batzuek zeruan gora egiten zuten. Asea ote zen Jainkoaren kolera, eta amaitua Siziliaren urteroko madarikazioa? Une hartan, milaka begik begiratzen zieten lasaibidez beteriko hodeitzar haiei, milioika hazi zeuden zain lurraren altzoan.

        — Espero dezagun uda amaitua egotea eta azkenik euria etortzea —esan zuen Don Fabriziok; eta hitz horiekin, aitonseme harroak, euriak berez gogaitu baino egingo ez zukeen arren, bere herritar zakarren senide agertzen zuen bere burua.

       

        Printzeak beti nahi izan zuen Donnafugatako lehen otordua hotsandikoa izatea: hamabost urtetik beherako seme-alabatxoak mahaitik kanpo geratzen ziren, ardo frantsesak zerbitzatzen ziren, erromatar erako pontxea eskaintzen zen haragi errea baino lehen eta morroiak peluka irineztatuekin eta belaunperainoko galtza motzekin egoten ziren. Puntu ttiki bakar batean ematen zuen amore: ez zen etiketaz janzten, gonbidatuak ez estutzeko, horrelako jantzirik ez baitzuten, noski. Gau hartan, "Leopoldorena" deitzen zioten aretoan, Salinatarrak azken gonbidatuen zain zeuden. Enkajezko pantailen azpitik, petroliozko lanparek argi horizko zirkuluak osatzen zituzten; Salinatarren asaba zaharren zaldizko erretratu eskergak irudi itzel eta lauso batzuk baino ez ziren, haietaz geratzen zen oroitzapena bezala. Don Onofrio iritsia zen emaztearekin, bai eta erretore jauna ere; berau, bere kapa sorbalda gainetik tolestuta zuela galaren adierazgarri, Printzesarekin hizketan ari zen Mariaren Ikastetxeko gora-beherei buruz. Han zen don Ciccio organujolea ere (Teresina lotuta zegoen ordurako despentsako mahai baten hankari), Printzearekin hizketan Dragonarako amildegietan bete-betean jotako tiro bikainak gogoratzen ari. Dena beti bezain lasai zihoan, baina halako batean Francesco Paolo, hamasei urteko semea, zarata handiz sartu zen aretoan.

        — Aita, don Calogero eskaileretatik igotzen ari da. Frakez jantzita dator!

        Tancredik besteek baino segundu bat lehenago hartu zuen aintzat albistearen garrantzia; don Onofrioren emaztea liluratzen ari zen, baina zorigaiztoko hitza entzun zuenean, barrear ezin eutsi, eta gorputz-ikaraz algarari eman zion. Printzeak, aldiz, ez zuen barrerik egin, zeren berari, esan behar da, Marsalako lehorreratzeari buruzko parteak baino zirrara handiagoa eragin baitzion albiste hark. Hura gertakari aurrejakina ez ezik, urruna eta ikustezina ere izan zen. Orain, aldiz, presagio eta sinboloekiko sentibera samarra zenez gero, iraultza ikusten zuen pajarita zuri hartan eta bere etxeko eskaileretatik igotzen ari ziren bi frak-hegal beltz haietan. Orduko Donnafugatako lurjaberik handiena ez izateaz gainera, arratsaldeko jantziaz hartu behar zuen etxean, zuzena zen bezala, gaueko jantziaz agertzen zen gonbidatu bat.

        Haren egonezina handia zen, eta gonbidatuari harrera egitearren mekanikoki aterantz zihoan bitartean ere irauten zion. Berau ikusi zuenean, halere, atsekabea zertxobait arindu zitzaion. Ikuspegi politikotik zeharo egokia izanda ere, jostun-lan gisa, aldiz, don Calogeroren fraka negargarria zela esan zitekeen. Oihala fin-fina zen, egikera berria, baina joskera benetan ikaratzekoa. Londrestar Berboa nahiko trakeski haragitu zen don Calogeroren zikoizkeria porrokatuak aukeratu zuen Girgentiko artisan batengan. Azpiko bi hegalen muturrak zerurantz zutitzen ziren eske mutu batean, lepo zabala itxuragabea zen eta, esatea mingarria da baina beharrezkoa, alkateak botatxo botoidunak zeramatzan oinetan.

        Don Calogero Printzesarenganatz zihoan, eskua luzatuta eta guantean sartuta zuela.

        — Nire alabak barkamena eskatzen du; oraindik ez zegoen gertu. Andre Goren horrek badaki nolakoak diren emakumezkoak honelakoetan —erantsi zuen, ia bertako moldeaz aditzera emanez arintasun paristarreko gogoeta bat—. Baina lipar batean egongo da hemen; gure etxetik hona bi pausu daude, berorrek dakienez.

        Liparrak bost minutuz iraun zuen; gero atea zabaldu eta Angelica sartu zen. Ezuste itsutua izan zen eragin zuen lehen erantzuna. Salinatarrak arnasarik gabe geratu ziren; Tancredik lokietako zainak taupaka zituela ere sentitu zuen. Haren ederraren ederraz, gizonek ezin izan zituzten antzeman, edo aztertu, edertasun horren akatsak, inondik ere ez urriak; asko izango ziren Ian kritiko hori egiteko gauza inoiz ere izan ez ziren pertsonak. Garaia zen eta, irizpide eskuzabal samarraren arabera, ongi egina; haren azalmintzak esnegainaren zaporea zukeen —haren antza zeukan, behintzat—, eta haren ume-ahoak marrubiena. Kizkur leunetan bilduriko ile-adats gau kolorekoen azpian, begi berdeek argi-urratzearen dizdira zuten, estatuenak bezala geldiak ziren eta, haiek bezala, zertxobait krudelak. Poliki zebilen, bere inguruan gona zuri zabala kulunkatuz, eta bere edertasunaz seguru dagoen emakumearen patxada garaitezina erakusten zuen bere izate osoan. Hilabete asko geroago bakarrik jakin ahal izan zen bere sarrera garaipenezkoan kordea galtzeko zorian egon zela, antsiaren antsiaz.

        Ez zen arduratu Don Fabrizioz, Printzea beraganantz zihoan arren, atzean utzi zuen Tancredi, ametsaldi batean bezala irribarrez; Printzesaren besaulkiaren aurrean, bere bizkar bikainak makurtze arin bat marraztu zuen, eta Sizilian ezohikoa zen begirunea adierazteko tankera horrek exotikotasunaren lilura erantsi zion une batez herritar-edertasunarenari.

        — Angelica nerea, zenbat denbora zu ikusi gabe! Oso aldatuta zaude, eta ez txarrerako.

        Printzesak ez zien sinesten bere begiei; lau urte lehenagoko hamahiru urteko neskatila zaindugabe eta itsusitxoa gogoratzen zuen, eta ezin zuen haren irudia alderatu aurrean zeukan adolezente boluptatetsu harenarekin. Printzeak ez zeukan berriz antolatu beharreko oroitzapenik, baina bai hankazgoratu beharreko itxarokizunak; aitaren frakak bere harrotasunari emaniko kolpea errepikatu egiten zen orain alabaren itxurarekin; baina oraingoan ez zen oihal beltza, esnea bezalako larruazal matea baizik. Eta joskera onekoa, bai horixe! Borrokako zaldi zaharra zenez, emakumezko graziaren deiak gertu aurkitu zuen eta Bovinoko dukesari edo Lampedusako printzesari hitz egitean erabiliko zukeen kortesiazko adeitasun berberaz zuzendu zitzaion neskari.

        — Zorion handia da guretzat, Angelica andereñoa, horren lore ederra izatea gure etxean; eta sarritan ikusteko plazerra edukiko dugula espero dut.

        — Eskerrik asko, Printzea; ikusten dut niri ere agertzen didala nire aita maiteari beti erakutsi dion bihotz zabala.

        Ahotsa ederra zen, tonu apalekoa, arreta gehiegiz zaindua beharbada; Florentziako ikastetxeak ezabatua zuen Girgentiko azentu motela; sizilieratik, kontsonanteen gogortasuna baino ez zen geratzen haren hitzetan, baina nahiko ondo zetorren hori haren liraintasun argi baina sendoarekin. Florentzian "Jaun Goren hori" esapidea alboratzen ere erakutsi zioten.

        Zoritxarrez, Tancrediri buruz zer esan gutxi dago: don Calogerori aurkez zezala eskatu ondoren, Angelicari eskuan muin emateko irrikari nekez gogor egin ondoren, bere begi urdinaren faroa erabili ondoren, Rotolo andrearekin berriketan geratu zen, baina ezer ulertu gabe entzuten ari zen guztian. Aita Pirrone zoko ilun batean zegoen, gogoetatsu, eta Liburu Santuez ari zen pentsatzen: gau hartan, ordea, Dalila, Judit eta Esther bata bestearen ondoren ekarriz bakarrik agertzen zitzaizkion.

        Areto erdiko atea zabaldu eta «Prann' pronn'» adierazi zuen morroi nagusiak; hots misteriotsu haien bidez afaria pronto zegoela iragartzen zuen; eta talde heterogeneoa jangelarantz abiatu zen.

 

        Printzeak eskarmentu geniegi zeukan, barrualdeko herri batean gonbidatu siziliarrei potage batekin hasitako afari bat eskaintzeko, eta are errazkiago hausten zituen goi mailako sukaldaritzaren arauak haustura hori bere gustuekin bat zetorren neurrian. Baina behin hamo gehiagotan iritsia zen Donnafugatako handikien belarrietara kanpoan lehen platerean halako salda eskas bat zerbitzatzeko ohitura barbaroa zutela, eta, hartara, halako beldur izpi bat edukitzen zuten taupaka, horrelako otordu solemne bakoitzaren hasieran. Horregatik, berdez, urrez eta peluka irineztatuz jantzitako hiru zerbitzari sartu zirenean makarroizko barrunbete handiak zeuzkaten zilarrezko erratilu bana ekarriz, hogei pertsonatatik lauk bakarrik ez zuten beren ezuste alaia azaldu: Printze-Printzesak, bazekitelako; Angelicak, milikeriagatik, eta Concettak, jateko gogorik ez zuelako. Gainerako guztiek (Tancredi barne, esan beharra dago, tamalez) era askotara adierazi zuten beren lasaitua, hasi eskribauak bere lilura adierazteko egiten zituen txirula soinuko kurrinketatik eta Francesco Paoloren garrasi labur zorrotzeraino. Nolanahi ere, etxeko jaunak inguru guztian egin zuen begiradak bertan moztu zituen adierazpen itxuragaitz haiek.

        Heziera ona alde batera utzirik, barrunbete babeldar haiek mirespenezko dardarizoak eragiteko moduko itxura zuten erabat. Azaleko urre dizdiragarria eta isurtzen zuen azukre eta kanela lurrina, labanak urratzen zuenean barrutik kanporatzen zen gozotasun-sentsazioaren ataria baino ez ziren: lehendabizi, usain onez beteriko lurruna irteten zen, ondoren oilasko erregibelak eta arraultz egosiak begiztatzen ziren, bai eta urdaiazpiko, oilasko eta trufa xerrak ere makarroi ttikiz eginiko ore koipetsu eta oso beroan; haragizko aterakinekin, makarroiek oso orkatz kolore miragarria agertzen zuten.

        Probintzian beti gertatu ohi den bezala, afariaren hasiera bildutasunean iragan zen. Erretore jaunak aitaren egin zuen eta buru-belarri eraso zion janariari, hitzik esan gabe; organujoleak begiak itxita dastatzen zuen janariaren gozotasuna: eskerrak ematen zizkion Sortzaileari erbiak eta oilagorrak jo eta hiltzeko trebezia zuelako, eta horri esker antzeko estasiak eduki zitzakeelako noizean behin; halere, horrelako barrunbete batek balio zuenarekin, Teresinak eta biek hilabete gutxienez igaroko zuketela pentsatzen zuen; Angelica, Angelica ederra, Toscanako odolki txikiak eta bere heziketaren zati bat ere ahaztuta, bere hamazazpi urteetako gogoaz eta erdi-erditik helduta zeukan tenedoreak ematen zion indarraz ari zen janaria irensten. Tancredik, galaitasuna eta gula batu nahirik, ahaleginak egiten zituen Angelicaren musuen zaporea sentitzeko ahotara lurrintsuetan, baina ahalegina ez zela atsegina ohartu eta bertan behera utzi zuen, ametsaldi horri gozokien unean berriz ekiteko erabakiaz; Don Fabrizio, Angelica aurrez aurre zeukala, berari begira zegoen sorgorturik, baina bera izan zen mahaira ateratako demi glace hura kargatuegia zegoela ohartu zen bakarra, eta biharamunean sukaldariari esango ziola agindu zion bere buruari; gainerakoak ezertaz pentsatu gabe ari ziren jaten eta ez zekiten etxean halako aura sentsual bat sartu zelako ere iruditzen zitzaiela janaria hain aho-gozagarria.

        Lasai eta pozik zeuden denak. Denak, Concetta izan ezik. Berak bai besarkatu eta musu eman zion Angelicari, beronek berarekin erabiltzen zuen zuketa ezetsi eta haien haurtzaroko hiketa nahiago izan zuen, baina han, gerruntze urdin motelaren azpian, estuturik sentitzen zuen bihotza; Salinatarren odol oldarkoia esnatzen zen bere baitan, eta bere kopeta leunaren azpian norbait pozointzeko ameskeriak egosten ziren. Tancredi Angelicaren eta beraren artean zegoen eserita, eta bere burua errudun sentitzen duenaren jendetasun artatsuaz, begiradak, hitz goxoak eta txantxak banatzen zituen bere bi auzoko emakumezkoen artean; baina Concettak sentitu egiten zuen, senez sentitu ere, lehengusuarengandik arrotzarengana zuzentzen zen desio-jarioa, eta kopeta belztu egiten zitzaion; bera hil adina nahi zuen norbait hil. Emakumea izanik, xehetasunei heltzen zien indarrez: nolako grazia arruntaz altxatzen zuen Angelicak eskubiko hatz txikia eskuarekin basoa hartzean; nolako orin gorrista zeukan lepoko azalean; nolako ahalegina egiten zuen, bai eta bertan geratu ere, bere hortz zuri-zurien artean geratutako janari apur bat eskuaz kentzeko; are bizitasun handiagoaz, halako izpiritugogortasun bat ere antzematen zion; eta nahiz xehetasun horiek egiatan hutsalak izan lilura zentzukoiaren suak erretzen zituelako, indarrez heltzen zien, fidakor eta etsiturik, aldamiotik erori den igeltsero batek berunezko ur-hodiari heltzen dion bezalaxe; espero zuen Tancredik ere erreparatuko ziela eta nahigabetu egingo zela heziera-desberdintasunaren ezaugarri nabarmen horien aurrean. Baina Tancredik ordurako erreparatu zien, bai, baina oi!, inolako ondoriorik gabe. Emakume eder-ederrak haren gaztetasun suhartsuari eskaintzen zion akuilagarri fisikoaren menpe uzten zuen bere burua, bai eta neska aberatsak gizon handinahi eta pobrearen burmuinean pizten zuen —esan dezagun— kontabilitate-kilikaren menpe ere.

        Afariaren bukaeran, denak ari ziren solasean: don Calogerok hizkera ezin txarragoaz baina intuizio zorrotzez kontatzen zituen Garibaldik probintzia konkistatzean izandako pasadizo ezkutu batzuk; eskribauak "hiritik kanpo" (hau da, Donnafugatatik ehun metrotara) eraikitzen ari zen landetxe txikiaz hitz egiten zion Printzesari; Angelicak, argiek, janak, chablis-ak eta mahai inguruko gizonezko guztiengan aurkitzen zuen adostasunak kitzikatuta, Palermoko "arma-ekintza loriatsuei" buruzko gertakariren bat kontatzeko eskatu zion Tancrediri; ukondoa mantelaren gainean pausatua zuen, eta eskuaren gainean masaila; odola bildu zitzaion masailetan eta atsegingarria bezain arriskutsua zen bera ikustea. Besagainak, ukalondoak, atzamarrek eta dilindan zeraman guante zuriak marrazturiko arabeskoa zoragarria iruditzen zitzaion Tancrediri, eta gogaikarria Concettari. Mutila, miresteari utzi gabe, gerlaren berri ari zen kontatzen, guztiari garrantzia kenduz; Gibilrossa-ra gauez eginiko ibilaldia, Bixioren eta La Masaren arteko sesioa, Porta di Terminin eginiko erasoa.

        — Artean ez neukan enplastu hau begian eta izugarri ondo pasatu nuen, andereño, sines dezakezu. Algararik handienak maiatzaren 28ko gauean egin genituen, ni zaurituta gertatu baino minutu batzuk lehenago. Jeneralak begiraleku bat behar zuen Origlioneko monasterio gainean: atean jo eta jo, biraoka hasi, eta inork ireki ez; klausurako komentua zen. Tassoni, Aldrighetti, ni eta beste norbait atea botatzen saiatu ginen gure mosketeen ipurdiarekin. Alferrik. Orduan, ondoko etxe bonbardatu batera joan ginen korrika habe bat hartzera eta azkenik infernuko zarata eginaz erori zen atea. Sartu ginen barrara: dena hutsik; baina pasabideko izkina batetik garrasi larritu batzuk entzun genituen; monja talde bat kaperan babestu zen eta han zeuden, aldare ondoan pilatuta; batek jakin zeren beldurrez, hamar mutil amorratu haiekin. Barregarria zen haiek ikustea, itsusiak eta zaharrak, haien abitu beltzekin, begiak zabal-zabalik, eta... martiriorako gertu eta prest. Zakurrak bezala ari ziren urrumaka. Tassonik, a-ze mutila!, oihu egin zien: «Ez beldurrik izan, arrebak; bestelako ardurak dauzkagu; nobiziak ikusten uzten diguzuenean itzuliko gara!» Eta hesteak bota beharrean egon ginen barrez. Eta han utzi genituen, ahoa bete hortzekin, goiko terraza txikietatik erregezaleei tiro egitera joateko.

        Angelica, artean masaila eskuan bermaturik zuela, barrez ari zen, bere otsanda-hortz guztiak erakutsiz. Txantxa hura zoragarria iruditzen zitzaion. Aztoratuta zegoen bortxaketa-aukera harekin, lepo ederra taupaka zeukan.

        — Ez zineten, ez, mutil makalak! Gustatuko zitzaidan, bai, zuekin egotea!

        Tancredik bestelakotua zirudien: kontaketaren suak eta oroitzapenaren indarrak, bere baitan neskaren aura sentsualak eragiten zuen kitzikarekin batera, lehenagoko mutil zentzuduna soldadu zakar bihurtu zuten lipar batean.

        — Anderefio, zu han egon izan bazina, ez genukeen nobizien zain egon beharrik izango.

        Bere etxean, Angelicak hitz zantar asko zituen entzunak; baina hura zen berari zuzenean egiten zioten lehendabiziko (eta ez azkeneko) aipu lizuna; gustatu zitzaion berritasun hura, eta bere algararen tonua igo eta zaratatsu bilakatu zen.

        Une hartan, mahaitik altxatzen hasi ziren denak; Tancredi makurtu egin zen Angelicak erortzen utzitako lumazko haizemailea lurretik jasotzeko. Altxatzean, Concettak aurpegia txingarra bezala zuela ikusi zuen, bai eta betileen ertzean bi malko txiki zituela ere.

        — Tancredi, gauza itsusi horiek apaizari aitortzekoak dira, ez dira andereñoei, mahaian, esatekoak; ez behintzat ni ere bertan nagoela.

        Eta bizkarra eman zion.

 

        Oheratu aurretik, Don Fabrizio aldagelako balkoi txikian geratu zen une batez. Behean, lorategia itzalean murgilduta zegoen, lo; aire geldian, zuhaitzek urtutako berunez eginak ziruditen. Hurbileko kanpandorre mehatxugarritik gautxorien alegiazko ulua iristen zen. Hodeirik ez zeruan: arratsaldean agertu zirenak joanda zeuden, auskalo nora, hoben gutxiagoko herrietarantz, zeinentzat Jainkoaren kolerak kondena txikiagoa erabaki baitzuen. Izarrak lausotuta zeuden eta haien izpiak ozta-ozta sartzen ziren sargorizko estalkian.

        Don Fabrizioren arima haietarantz oldartu zen, ikutu ezinezkoetarantz, iritsi ezinezkoetarantz, poza eman eta ordainetan ezer ezin eska dezaketen horietarantz, trukean aritzen ez diren horietarantz; beste hainbatetan bezala, amets egin zuen laster egongo zela zabaldi izoztu haietan, intelektu huts kalkuluetarako koaderno txiki batekin; kalkulu oso zail baina beti egoki aterako zirenak egiteko.

        «Haiek dira garbi huts bakarrak, parte oneko pertsona bakarrak —pentsatu zuen bere formula mundutarrekin—. Nori pasatzen zaio burutik Pleiadeen doteaz, Sirioren karrera politikoaz edo Vegak logelan duen jokaeraz arduratzea?».

        Eguna txarra izan zen; hori ez zion urdail-ahoan zeukan presioak bakarrik adierazten, izarrek ere esaten zioten; haien usadiozko itxuran ikusi ordez, begiak altxatzen zituen bakoitzean diagrama berbera aurkitzen zuen han: goian bi izar, begiak; behean bat, kokotsaren punta; aurpegi triangular baten eskema burlatia, larrituta zegoenean bere arimak konstelazioan proiektatzen zuena. Don Calogeroren fraka, Concettaren amodioak, Tancrediren harropuzkeria nabarmena, bere txepelkeria, bai eta Angelica haren edertasun mehatxugarria ere. Gauza itsusiak, lur jausiaren aurretik erortzen diren harri txintxarrak. Eta Tancredi! Arrazoia zeukan, ongi da, eta lagundu ere egingo zion; baina ezin esan zitekeen oso prestua zenik. Eta bera ere Tancredi bezalakoa zen.

        — Nahikoa; ahaztu dezagun.

        Itzalpean, Bendicók belauna igurtzitzen zion buruaz.

        — Begira, Bendicó, zu haiek bezalakoa zara apur bat, izarrak bezalakoa: zorionez ulertezina, larritasunik eragiteko ezgai. Zakurrari burua altxatu zion, ia ikustezina gauean.

        — Gainera, begiak sudurraren pare dauzkazunez, eta kokotsik ez, ezinezkoa da zure buruak espektru gaiztoak irudikatzea zeruan.

       

        Hainbat mendetako ohitura betetzearren, iritsi eta biharamunean Salinatarrek Izpiritu Santuaren Monasteriora joan behar izaten zuten Corbèra andere dohatsuaren hilobian otoitz egitera; Printzearen arbaso hark sortu zuen komentua, dotea eman zion eta bertan santuki bizi eta santuki hil zen.

        Monasterioa klausura-arau zorrotz baten pean zegoen, eta sarrera debekatuta zegoen gizonezkoentzat. Horrexegatik, hain zuzen, Don Fabrizio bereziki pozten zen bisitagatik, zeren eta berarentzat, sortzailearen ondorengo zuzena izanik, debekua ez baitzegoen indarrean; umetasunez harro zegoen Napoliko Erregearekin bakarrik erdibanatzen zuen eta estimu handitan zeukan pribilegio hartaz.

        Araua legez hausteko ahalmen hargatik maite zuen Izpiritu Santuaren Monasterioa, baina ez arrazoi hargatik bakarrik. Leku hartan dena atsegin zitzaion, mintzaleku zabarraren umiltasunetik hasita: hango kainoi-erako ganga, erdian Gattopardo bat zeukana, hitz egiteko burnisare bikoitza, mezuak sartu eta ateratzeko zurezkc gurpil txikia, Erregeak eta berak izan ezik, munduan beste gizonezko guztiek legez ezin zeharka zezaketen ate ongi karratua. Atsegin zuen monjen itxura: haien lihozko papar zuri-zuria xeheki tolestua abitu beltz zarpailaren gainean. Arimarako ikaskizuna aurkitzen zuen Dohatsuaren mirakulu xaloak hogeigarren aldiz kontatzen entzuten zionean Abadesari, honek hatz batez erakusten zionean monja santuak lorategi malenkomatsuko zein zokotan utzi zuen airean zintzilik harri handi bat, deabruak gainera bota ziona, haren austeritatearekin ernegatuta; beti harritzen zen zelda bateko hormetan enmarkaturiko bi eskutitz ospetsu eta dezifraezinak ikusten zituenean: onbideratzeko asmoz Corbèra Dohatsuak deabruari idatzi ziona eta beronen erantzuna, alegia, pena handiz ezin ziola obeditu; atsegin zituen ehundaka urtetako errezeten arabera monjek prestatzen zituzten almendratuak, atsegin zuen koruan ofizioa entzutea, eta pozik egon ere bazegoen komunitate hari bere errentaren zati bat, inolaz ere ez gutxiesteko modukoa, eskaintzeagatik, sortagiriak finkatuta zeukan bezala.

        Hortaz, goiz hartan monasterio hurbilerantz zihoazen bi kotxeetan jende alaia baino ez zebilen. Printzea, Printzesa eta Carolina eta Concetta alabak zihoazen lehenengoan; bigarrenean, Tancredi, Caterina alaba eta aita Pirrone; hauek, jakina, extra muros geratu eta mintzalekuan zain egongo ziren ikustaldia bitartean, gurpiletik agertuko ziren almendratuekin kontsolatzen. Concetta urrun bezala ageri zen, baina lasai, eta Printzeak aurreko eguneko inozokeriak ahaztuta egongo zirelako itxaropena zeukan.

        Klausurako komentu baterako sarrera ez da gauza laburra, ezta eskubiderik sakratuena daukanarentzat ere. Lekaimeek halako erresistentzia bat agertu behar zuten, formala bai, baina luzea, eta, bestalde, zapore handiagoa eransten ziona zalantzarik gabe emango zen baimenari; ikustaldia espero zen arren, alditxo batez egon behar izan zuten itxaroten mintzalekuan. Itxaroaldi horren bukaera aldean, bat-batean Tancredik esan zion Printzeari:

        — Osaba, ezingo zenuke zerbait egin ni ere sartzeko? Azken batean, Salinatarra naiz erdizka, eta ez naiz behin ere egon hemen.

        Funtsean, Printzea poztu egin zen eskariarekin, baina etsietsian eragin zion buruari.

        — Baina, seme, badakizu: neu bakarrik sar naiteke hemen; besteentzat ezinezkoa da.

        Hala ere, ez zen erraza Tancrediri gogoa hoztea.

        — Barkatu, osabatzarra; goizean liburutegira joan eta berriro irakurri dut sortagiria: «Salinako Printzea sartu ahalko da, eta harekin batera bere jarraigoko bi aitonseme, Abadesak onartzen badu.» «Zure jarraigoko aitonsemeetako bat izango naiz, zure ezkutaria izango naiz, nahi duzuna. Eska iezaiozu Abadesari, mesedez.»

        Ezohiko berotasunez hitz egiten zuen; beharbada, aurreko gaueko mintzaldi ezegokiak ahaztarazi nahi zizkion norbaiti. Don Fabrizio lausengatuta zegoen.

        — Horren gogo handia baduzu, maitea, ikusiko dut...

        Baina Concetta, bere irribarrerik eztienaz, lehengusuari zuzendu zitzaion.

        — Tancredi, hona gentozela habe bat ikusi dugu lurrean, Ginestraren etxe aurrean. Zoaz hartzera, lehenago sartuko zara eta.

        Tancrediri begi urdina ilundu egin zitzaion eta aurpegia mitxoleta bezain gorri jarri, ezin jakin lotsagatik ala suminagatik; zerbait esan nahi zion Don Fabrizio harrituari, baina Concetta berriro mintzatu zen, ahots gogorraz orain, eta irribarrerik gabe.

        — Utzi, aita, txantxetan ari da; komentu batera behintzat sartu da, eta nahikoa behar luke; ez da zuzena bera gure honetan sartzea.

        Morroilo itxien arrabotsaz ari zen atea irekitzen. Kalostrako hozkirria sartzen zen mintzaleku sargoritsuan monja lerrokatuen elemeleekin batera. Beranduegi zen tratutan hasteko eta Tancredik komentu aurrean paseatzen geratu behar izan zuen, suzko zeruaren azpian.

        Ikustaldia ezin hobeto atera zen. Don Fabriziok, bakea ez hausteko, ez zion galdetu nahi izan Concettari haren hitzen esanahia: lehengusu-lehengusinen arteko ohiko umekerietako bat izango zen, seguru aski; nolanahi ere, bi gazteen arteko mokokaldiak hainbat buruhauste, mintzatu-behar eta hartu beharreko erabaki urruntzen zituen, eta, beraz, ongi etorria zen. Guzti horren ondoren, denek debozioz gurtu zuten Corbèra Dohatsuaren hilobia, monjen kafe arina tolerantziaz edan eta almendratu arrosa eta berdotzak satisfazioz marruskatu. Printzesak arropategia arakatu zuen, Concettak bere betiko begirune eta zintzotasunaz hitz egin zuen monjekin, eta berak, Printzeak, aldi bakoitzean eskaintzen zituen hogei "ontzak" utzi zituen errefektorioko mahai gainean. Egia da irtetean bakarrik aurkitu zutela aita Pirrone, baina apaizak esan zuenaren arabera, Tancredik gutun bat idatzi behar zuela gogoratu eta oinez alde egin zuen, eta horregatik inork ez zion horri jaramonik egin.

       

        Jauregira itzuli ondoren, Printzea liburutegira igo zen; fatxadako erdialdean zegoen, erlojuaren eta tximistorratzaren artean. Sargoriagatik itxita zegoen balkoi handitik Donnafugatako plaza ikusten zen, zabal-zabala, hautsez beteriko platanondoek itzalpetuta. Aurreko etxeek herriko arkitekto batek tajuz diseinaturiko aurrealdeak agertzen zituzten; urteek lixatuta, harri leunezko mustro larreko batzuek eusten zieten balkoi txikiegiei, beren gorputzak bihurrituz; beste etxe batzuk, haien artean don Calogerorena, inperio tankerako fatxada lotsatien atzean ezkutatzen ziren.

        Don Fabrizio gora eta behera zebilen areto handi hartan; noizean behin, pasaeran, begirada bat botatzen zion plazari: berak udalari opariz emandako eserlekuetako batean hiru aguretxo zeuden, eguzkitan kiskaltzen; hamar bat mutiko elkarri jarraika, eskutan egurrezko ezpata handiak zeuzkatela; zuhaitz bati lotuta, lau mando. Eguzki ankerraren azpian, ikuskizuna ezin zitekeen herrikoagoa izan. Halere, leiho aurretik igaro zen batean, nabarmenki hirikoa zen figura batek erakarri zion begirada: lerdena zen, zuzena eta ongi jantzia. Begiak zorroztu zituen: Tancredi zen; haren sorbalda eroriengatik eta redingote-an ondo bildutako gerri meheagatik ezagutu zuen, urrun samar egon arren. Arropaz aldatuta zegoen, bere trajea ez zen Izpiritu Santuan zeukan marroia, Prusiako urdin koloreko beste bat baizik, «nire liluragarritasunaren kolorea», berak esan ohi zuen bezala. Eskuan helduleku esmaltatuko bastoia zeukan (Falconeritarren adarbakarra eta Semper purus idazkuna zeuzkana, ziur aski), eta katua bezain arin zebilen, oinetakoak hautsez bete nahi ez dituenaren antzera. Hamar pausu atzerago, morroi batek jarraitzen zion, saski batean hamar bat muxika horiska masailgorri zeramatzala.

        Mutiko bat saihestu eta arretaz baztertu zen mando baten pixa putzutik. Sedàra etxeko atera iritsi zen.

 

 

© Giuseppe Tomasi di Lampedusa

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giuseppe Tomasi di Lampedusa / Gattopardo" orrialde nagusia