LEHEN ZATIA

 

Maiatza, 1860

 

        «Nunc et in hora mortis nostrae. Amen.»       

        Amaitua zen eguneroko errosario errezua. Ordu erdiz, Printzearen ahots pausatuak nekezko misterioak gogorarazi zituen; ordu erdiz, beste ahots batzuek, nahasturik, halako marmar kulunkari bat ehundu zuten, zeinetan nabarmen geratu baitziren ezohiko hitz batzuen —maitasuna, birjinitatea, heriotza— urrezko loreak; eta marmar hark zirauen bitartean, bazirudien areto rococo-a itxuraz mudatu zela; tapizeriaren zetaren gainean hegal irisatuak zabaltzen zituzten papagaiak ere kikilduta azaldu ziren; Madalenak ere, bi leihoen artean, penitente bat zirudien, eta ez, ordea, emakume ilehori eder bat, auskalo zein ametsetan galdua, beti ikusten zen bezala.

        Orain, ahotsa isilik zegoela, dena zetorren berriro ohiko legera edo nahastera. Zerbitzariak irten ziren atetik, Bendicó zakur alanoa sartu zen, tristerik kanpoan utzi zutelako, eta buztana astintzen hasi zen. Emakumeak geldiro altxatzen ari ziren, eta, atzera egitean, haien gonen harat-honatak gutxinaka-gutxinaka agerian uzten zituen azuleiuen hondo zuriskan marraztutako biluztasun mitologikoak. Andromeda bat bakarrik geratu zen estalita eta une luzetxo batez ikusi ezinik, aita Pirroneren sotanagatik —apaiza bere gehigarrizko otoitzetan luzatu zen—, nola Perseo zilarrezkoa lehiatzen zen, olatuen gainetik hegaka, berari laguntzera eta musu ematera.

        Sabaiko freskuetan jainko-jainkosak esnatu egin ziren. Tritoi eta driade lerroak agertu ziren bat-batean, masusta-gorri eta arrosa-more koloreko hodeien artean, mendi eta itsasoetatik Conca d'Oro itxuraldatu baterantz oldarturik Salina etxearen loria goresteko, perspektiba-araurik oinarrizkoenei konturik ez jartzeraino bezain pozkarioz gainezka; eta jainko-jainkosa nagusiek —jainkoen arteko printze eta printzesa diren horiek—, Jupiter tximist-jaurtitzaileak, Marte kopetilunak, Venus langiak, jainko txikien andanaren aurretik ibilita, gogo onez eusten zioten gattopardoarekiko armarri urdinari. Bazekiten hogeita hiru ordu eta erdiz, orain, berriz jabetuko zirela jauretxeaz. Hormetan, tximinoak burla-keinuka hasi zitzaizkien kakatuei.

        Palermoko Olinpo haren azpian, Salina etxeko hilkorrak ere azkar ari ziren jaisten esfera mistikoetatik. Neskak soinekoen tolesdurak txukuntzen ari ziren, begirada urdinak eta barne-eskolako sapa-hizkerako hitzak tnikatzen; hilabete eta gehiago bazen, apirilaren lauko "matxinaden" egunetik, komentutik itzularazi zituztela zuhurtasunagatik, eta faltan bilatzen zituzten Salvatoreko ohezeruak eta talde barruko intimitatea. Umetxoak borrokan ari ziren, San Frantzisko Paolakoaren estanpa baten jabe nor egingo; seme zaharrena, oinordekoa, Paolo dukea, erretzeko gogoz zegoen ordurako eta, gurasoen aurrean egiteko beldurrez, patrikan barrena haztatzen zuen zigarrontziaren lasto txirikordatua; bere aurpegi meharrean halako malenkonia metafisiko bat ageri zen: egun txarra izan zen hura; Guiscardo zaldi gorria ez zuen sasoi onean ikusi, eta Fannyk ez zuen ohiko papertxo morea helarazteko modua (ala gogoa?) aurkitu. Zertarako haragitu zen, orduan, Erredentorea? Printzesaren nagusikeria irrikatsuak lehor erortzen utzi zuen errosarioa harbeltxez bordatutako poltsan, begi eder eta alditsuek zeharka begiratzen zietelarik seme-alaba mirabeei eta senar tiranoari, beronengana bere gorputz nimiñoa luzatuz maitasunean nagusi izateko alferreko irrika batez.

        Bien bitartean, bera, Printzea, altxatzen ari zen: bere erraldoipisuaren kolpeak dardarrez jartzen zuen zorua, eta bere begi argi-argietan harrotasuna islatu zen une batez, gizonen eta etxeen gaineko nagusitasuna berresten zion aldi iheskor hargatik. Orain errosario-errezua bitartean aurrean izan zuen aulkiaren gainean neurriz gaineko mezaliburu gorria utzi, belaun azpian jarritako sudur-zapia eskuratu eta, apur bat zapuztuta, begirada ilundu egin zitzaion berriz ikusi zuenean goizetik txalekoaren zuritasun zabala eteten ausartu zen kafe-mantxatxoa.

        Ez zen lodia: gizon larri eta oso indartsua baino ez; bere buruak (hilkor arruntak bizi ziren etxeetan) lanparen azpiko zintzilikarioa ikutu ohi zuen; bere hatzek zeta-papera bailiran bihurri zitzaketen dukat bateko txanponak; eta Salina jauretxetik zilargin baten lantegira etengabeko joan-etorria zegoen, bere suminari gogor egitearren, mahai aurrean zegoela, sarritan biribildu arte bihurritzen zituen tenedore-goilarak konpontzeko. Hatz haiek, bestalde, bazekiten leun-leunak izaten ere ikutzean eta laztan egitean, eta horretaz ondo gogoratzen zen, bere kalterako, Maria Stella, emaztea; eta goian, jauretxe gainean, bere behatoki pribatuan pilatzen ziren teleskopio, katalexu eta "kometa-bilatzekoen" torloju, dranbal eta botoi esmerilatuek ikutu gabe zirauten laztan arinaren pean. Printzearen azal arrosa eta ezti koloreko bere ilea pizten zituzten maiatzeko arratsalde hartako eguzki apalduaren errainuek; bere ama, hogeita hamar urte lehenago Bi Sizilietako gorte zabarra bere harrotasunaz izoztu zuen Carolina printzesa hura jatorriz alemana zela salatzen zuten. Baina bazeuden bere odolean irakiten beste esentzia germaniko batzuk, aristokrata siziliar harentzat 1860. urtean deseroso samarrak, bai behintzat azpiko maila batean uzteraino bere larru-azal zuri-zuriak eta ile horiak azal ilunaren eta bele koloreko ilearen giro hartan eduki zezaketen erakargarritasuna: alegia, nagusikeria, halako zorroztasun moral bat, eta ideia abstraktuekiko joera, Palermoko gizartearen habitat laxoan nagusikeria gutiziatsu, amaigabeko eskrupulu moral eta bere senide eta adiskideenganako mespretxu bihurtuak, azken hauek, hala iruditzen zitzaion, noraezean baitzebiltzan Siziliako ibai pragmatiko hartako ur moteletan.

        Matematikarako joera zeukan lehena (eta azkena) zen menderik mende bere gastuen batuketa eta zorren kenketa egiten ere inoiz jakin ez zuen leinu batean; astronomiara bideratu zuen, bai eta horrela jendeartean ospe handia lortu eta bere baitako pozaldi gozo-gozoak eduki ere. Aski bedi esatea harrotasuna eta azterketa matematikoa hainbesteraino lotu zirela bere baitan, non irudikeriaz uste baitzuen izarrek men egiten ziotela bere kalkuluei —eta halaxe zela zirudien, hain zuzen—, eta aurkitu zituen bi planetatxoek —Salina eta Lirain izenak eman zizkien, bere jabetzako lurren eta inoiz ahaztu ez zuen bere eper-zakur baten antzera— bere etxearen ospea zabaltzen zutela Artizar eta Jupiterren arteko eskualde antzuetan eta, hortaz, jauretxeko freskuak iragarpen bat izan zirela, lausengua baino areago.

        Batetik, amaren aldeko harrotasunak eta intelektualismoak, eta, bestetik, aitaren aldeko zentzukoitasunak eta errazkeriak bultzaturik, Fabrizio printze gaixoa etengabe zapuztuta bizi zen, bere itxura zeustarra eta guzti, eta bere leinuaren eta bere ondasunen hondamenari begira geratzen zen, ezer egin gabe eta horri konponbidea aurkitzeko gogorik bat ere gabe.

        Errosarioaren eta afariaren arteko ordu erdi hura eguneko uneetan gutxien sumintzen zutenetako bat zen, eta ordu batzuk lehenagotik ere dastatzen hasten zen haren lasaitasuna, zalantzazkoa halere.

       

        Bendicó bere aurretik zebilela zeharo kilikaturik, lorategira zeramaten eskailera laburretatik jaitsi zen. Hura hiru harresiren eta jauretxeko albo baten artean itxirik egonik, itxitasunak kanposantu itxura ematen zion, are gehiago erregadiatzeko ubide txikien aldamenetan lerroka banatuta zeuden lur-tontor batzuk zirela medio: izan ere, erraldoi melaska batzuen hilobiak ziruditen. Hango lur gorriskan landare ugari zegoen, nahas-mahasean haziak; loreak Jainkoak nahi zuen lekuan sortzen ziren, eta mirto-hesiak ibilera zuzentzeko baino areago oztopatzeko jarrita zeudela ematen zuen. Atzeneko aldean, liken hori-beltzez lohitutako Flora batek mende askotako bere dohaiak erakusten zituen, etsiturik; alboetan, bi eserlekuren gainean kuxin akoltxatu batzuk ageri ziren lardaskan, haiek ere marmore grisezkoak, eta izkina batean mimosa zuhaitz baten urreak bere alaitasun ustegabekoa tarteratzen zuen. Nagitasunak azkar agortutako edertasun-nahi baten sentsazioa isurtzen zen zokor bakoitzetik.

        Baina lorategiari, bere hesien artean estuturik eta hildurik zegoela, lurrin itsaskorrak, haragizkoak eta apur bat ustelak zerizkion, halako santa batzuen erlikietako jario usaintsuak bezalakoak; krabelinen usain sarkorra nagusi zen arrosen lurrin protokolozkoaren eta zokoetako magnolia astunen oliozkoaren gainetik; eta gordeka bezala antzematen zen mendafinaren perfumea ere, mimosaren ume-lurrinarekin eta mirtoaren konfite-aromarekin nahasia, eta hormaz bestaldetik gainez egiten zieten laranja eta limoi arbolei beren lehen loreen logela-usainak.

        Itsuentzako lorategia zen: ikusmenak irainak jasotzen zituen etengabe, baina usaimenak atsegina atera zezakeen handik, samurra ez, baina bai bizi-bizia. Paul Neyron arrosak —berak erosi zituen adaskak Parisen—, gainbehera eginda zeuden: Siziliako lurraren zuku indartsu eta lazoek aurrena suspertu eta gero makaldu ondoren, uztail apokaliptikoek erre ondoren, haragi koloreko aza moduko zerbait bihurtuak ziren, lizunak, baina lurrin trinko bat isurtzen zuten, likitsa ia, lorezale frantses bakar batek ere inoiz espero izango ez zukeena. Printzeak haietako bat sudurpean jarri, eta Operako emakume dantzari baten izterra usaintzen ari zela iruditu zitzaion. Bendicó, berari ere eskaini zionean, nazkaturik atzera egin eta azkar abiatu zen sentsazio osasungarriagoen bila, gorotzaren eta hildako sugandila ziztrin batzuen artera.

        Hala ere, lorategi lurrintsuak burutazio ilun batzuk uztartzera eraman zuen Printzea. «Usain ona dago hemen orain, baina duela hilabete...»

        Gogoan zuen zer-nolako higuina zabaldu zuten jauretxe osoan bafada gozo-min batzuek, haien eragilea urrundu baino lehen: Bosgarren Ehiztari Batailoiko soldadu gazte bat, hilotzik, San Lorenzon, matxinatu-eskuadren kontrako borrokaldian zaurituta gertatu eta limoi-arbola baten azpian, bakarrik, hiltzera etorria. Ahozpez aurkitu zuten hirusta-belarren artean, aurpegia odol eta bomitu putzu batean, azkazalak lurrean iltzatuta, oso-osorik inurriz beterik zegoela; eta uhalen azpian, heste moreek beste putzu bat egina zuten. Russo nagusiordea izan zen gauza txirtxilatu hura aurkitu, ahoz gora jarri, aurpegia zapi gorri handi batez estali, adartxo batekin erraiak sabeleko urratuaren barrean sartu, eta gero zauria kapotebarren berdeekin estali zuena; nazkaren nazkaz txistua etengabe jaurtiz, gorpuaren gain-gainera ez, baina bai oso hurbilera. Eta dena trebetasun kezkagarri batez.

        — Hilda daudenean ere ez da amaitzen zerri hauen kiratsa —esaten zuen.

        Heriotz abandonatu hark izan zuen omenaldi bakarra izan zen hura. Soldadu lagun hunkituek handik eraman zutenean (eta gurdiraino arrastaka eta sorbaldetatik hartuta eraman zutenez gero, lastoa berriz kanpora atera zitzaion txorimalo hari), ezezagunaren arimaren aldeko De Profundis bat erantsi zitzaion arratsaldeko errosarioari; eta ez zen hortaz berriro hitz egin, horrekin ase geratu zelako etxeko emakumeen kontzientzia.

        Don Fabrizio Floraren oinetatik liken apur bat azkazalez kentzera joan, eta gora eta behera hasi zen paseatzen. Eguzki apalduak haren itzal neurrigabekoa proiektatzen zuen lore-sail funebreen gainean. Hildakoaz ez zen berriro hitz egin, izan ere; azken finean, soldaduak Erregeren alde hiltzeko dira soldadu, hain zuzen. Halere, hesteak aterata zituen gorputz haren irudia sarritan etortzen zitzaion berriz gogora, Printzeak eman ziezaiokeen bake bakarra eskatzera bezala: hau da, bere oinaze ezin handiagoa beharrizan orokor batez zurituz. Ezen, norbaiten edo zerbaiten alde hiltzea ongi dago, bidezkoa da; baina beharrezkoa da jakitea edo, behintzat, seguru egotea norbaitek badakiela norengatik edo zergatik hil garen; horixe eskatzen zuen aurpegi itxuragabetu hark; eta hortxe hasten zen lainoa.

        — Baina Erregeren alde hil da, Fabrizio maitea, argi dago hori —erantzungo zion bere koinatu Màlvicak Don Fabriziok galdegin balio, beti adiskide-tropelaren bozeramale hautaturik gertatzen zen Màlvica hark—. Erregeren aide, berak ordezkatzen baititu legea, jarraitasuna, prestutasuna, zuzenbidea eta ohorea; Erregeren aide, berak bakarrik defenditzen baitu Eliza, berak bakarrik eragozten baitu jabetasunaren hondamena, "sektak" nahi duen bezala.

        Hitz eder-ederrak haiek, Printzeak bihotzaren barru-barrutik maite zuen guztia adierazten zutenak. Artean bazen zerbait, hala ere, ondo ez zetorrena. Erregea, ongi da. Ondo ezagutzen zuen Erregea, arestian hil zena behintzat; oraingoa jeneral jantzitako apaizgai bat baino ez zen. Eta ez zuen asko balio, benetan.

        — Baina hori ez da arrazoitzea, Fabrizio —ihardesten zion Màlvicak—; daitekeena da soberano banakaren bat ez egotea behar duen mailan, baina erregetzaren ideiak dagoen-dagoenean dirau; pertsonetatik aparteko gauza da.

        — Hori ere egia da; baina ideia bat gorpuzten duten erregeak ezin dira, belaunaldi bat bestearen ondoren, halako maila baten azpira jaitsi, ez dute jaitsi behar; bestela, koinatu maitea, ideia ere hondatzen da.

        Eserleku batean jarririk, geldi-geldi geratzen zen, Bendicó loresailetan egiten ari zen triskantzari begira; tarteka-marteka, zakurrak bere begi errugabeak bihurtzen zituen harengana, egindako lanagatik —hamalau krabelin txiki-txiki eginda, landare-hesi erdia sustraitik aterata, ubide txiki bat itsutua— laudorioak eskatzearren bezala. Pertsona bat ematen zuen benetan.

        — Nahikoa da, Bendicà, etorri hona.

        Eta animalia harengana joaten zen, mutur lurtsua ezartzen zion esku gainean, egindako lan ederra ergelkiro eten izana barkatzen ziola erakusteko irrikaz.

       

        Entzunaldiak, Ferdinando Erregeak Casertan, Napolin, Capodimonten, Porticin, kristo-etxean... eman zizkion entzunaldi ugariak.

        Besapean adarbiko kapelua eta ezpainetan Napoliko arrunkeriarik freskoenak zituela berriketan gidatzen zuen zerbitzuko txanbelanaren aldamenean, arkitektura bikaineko eta altzariteria begimingarriz (borbondarren erregetza bezalaxe) hornitutako areto amaitezinetatik ibili behar zen, pasabide zikin eta eskailera gaizki artatu batzuetatik sartu, harik eta, azkenik, jende asko zain zegoen gela-aurre batera iristen zen arte: polizi-aurpegi itxiak, eskatzaile gomendatuen aurpegi irrikatsuak. Txanbelanak barkatzeko eskatu, jendailaren oztopoa gainditzen lagundu, eta beste gela-aurre baterantz zuzentzen zuen; Gorte-jendearentzat erreserbatuta zegoen gela txiki bat zen, urdin eta zilar kolorekoa; eta itxaroaldi labur baten ondoren mirabe batek kontu handiz atean jo eta Presentzia Augustuaren aurrean onartua izaten zen.

        Langela pribatua txikia eta artifizioski sinplea zen: horma zurituetan, Francesco Laren erretratu bat zegoen, eta oraingo Erreginaren beste bat, itxura garratz samarra agertzen ziona; supazter gainean, Andrea del Sartoren Madonna batek harritua zirudien hirugarren mailako santuak eta Napoliko santutegiak erakusten zituzten koloreko litografia batzuek inguratuta zegoelako; balda hatean argizarizko Jesus Haur bat, aurrean kandela-ontzi bat pizturik; eta idazmahai eskergaren gainean, paper zuriak, paper horiak eta paper urdinak: Erreinuko administrazio guztia bere azken fasera iritsia, Bere Maiestatearen (D.G.) sinadurara, alegia.

        Papertzarrezko hesi horren atzean, Erregea. Zutik ordurako, altxatzen zela erakustera behartua ez izateko; Erregea eta bere aurpegi handi zurbila urregorrizko matel-bizarren artean, oihal lakarreko bere militar jaka jantzirik zuela, zeinen azpitik isurtzen baitzen galtza laxoen katarata morea. Urrats bat egiten ari zen aurrera, eskubiko eskua jadanik luzatua zuela gero ukatuko zuen eskumuinerako.

        — Oh, Salina, zorionekoak begiak!

        Napolitar azentuak dexente gainditzen zuen txanbelanarena zaporeari zegokionez.

        — Erret Maiestate Horrek barkatuko dit, halaxe erregutzen diot, Gorteko uniformea ez badaramat soinean; Napolira bidean nago, bakarrik, eta ez nuen galdu nahi Bere Pertsonari omenaldi egitera etortzeko aukera.

        — Ez txorakeriarik esan, Salina; badakizu zeure etxean bezalaxe zaudela Casertan. Bai, zeure etxean —ari zen errepikatzen idazmahai atzean eseri eta une batez atzeratzen zuelarik bisitariari esertzen uzteko baimena.

        — Eta neskatxak zer moduz?

        Printzea konturatu zenez, une hartan egokia zen halako ateraldi bat esatea, aldi berean lizunkeriaz eta santukeriaz.

        — Neskatxak, Maiestate?, nire adinean eta ezkontzaren lokarri sakratuaren uztarpean?

        Erregearen ahoa barrez ari zen, eskuek zorroztasunez paperak txukuntzen zituzten bitartean.

        — Ez nukeen inoiz lizentzia hartuko, Salina. Zure emakumeez galdetzen nizun, printzesatxoez. Concetta, gure besoetako maitea, handia egongo da dagoeneko, andereño-andereñoa.

        Familiatik zientziara igaro ziren.

        — Salina, zeure buruari ezezik, Erreinu osoari egiten diozu ohore! Gauza ederra da zientzia, erlijioari eraso nahirik hasten ez denean!

        Gero, ordea, adiskide-mozorroa alde batera utzi eta Soberano Zorrotzarena hartzen zuen bere gain.

        — Esaidazu, Salina: zer diote Sizilian Castelcicalaz?

        Don Fabrizio uzkur ageri zen; izugarrizkoak esaten entzun zien bai erregezaleei, bai liberalei ere, baina ez zuen laguna saldu nahi, eta huskerietan geratu zen.

        — Jaun handia, zauri loriatsua, zahartuxea beharbada Lugartenientetzaren zereginetarako.

        Erregeak bekosko iluna jarri zuen: Salinak ez zuen zelataritzan aritu nahi, beraz Salinak ez zuen ezer halio beretzat. Eskuak idazmahai gainean jarririk, joateko baimena ematera zihoan.

        — Lanez gainezka nago; Erreinu guztia datza bizkar hauen gainean.

        Azukre koskorra emateko ordua zen; mozorro adiskidekorra kajoitik atera zen.

        — Berriro Napolitik igarotzen bazara, Salina, zatoz Concettarekin Erreginak ezagutu dezan. Badakit gazteegia dela Gortean aurkeztua izateko, baina bazkaritxo pribatu bat ez digu inork galaraziko. Makarroiak eta neskatila ederrak, esaten den bezala. Agur, Salina, izan ondo.

        Behinola, ordea, agurra txarra izan zen. Don Fabriziok atzeraka ibilki bigarren aldiz makurtua zuen burua, Erregeak berriro dei egin zionean.

        — Salina, entzuidazu. Palermon laguntasun okerrak dituzula esan didate. Zure iloba Falconeri hura... zergatik ez diozu zentzua sartzen buruan?

        — Maiestate, Tancredik emakumeak eta kartak baino ez ditu buruan!

        Erregeak pazientzia galdu zuen.

        — Salina, Salina, ez erokeriarik esan. Erantzunkizuna zerorrek duzu, tutorea zara eta. Esaiozu lepoarekin kontuz ibiltzeko. Agur.

        Ibilbide arranditsu baina badaezpadako hartatik zihoala Erreginaren erregistroan izenpetzeko, bihotza ilundu egin zitzaion. Erregearen jarrera poliziakoak adina goibeldu zuen haren bihozkortasun plebeioak. Zorionekoak bere adiskideak: familiartasuna adiskidetasuntzat hartu nahi izaten zuten, mehatxua erregetasuntzat. Berak ezin zuen. Eta txanbelan akats-gabeak eta biek elkarri huskeriak esaten zizkioten bitartean, bera bere baitan galdezka ari zen nor etorriko ote zen aurpegian heriotzaren zeinuak zituen erregetza haren atzetik. Piamontetarra, Galantuomo hura, bere urrutiko hiriburu txikian hainbeste zalaparta ateratzen zuena? Ez al zen berdina izango? Torinoko dialektoa, napolieraren ordez; eta kito.

        Erregistrora iritsi ziren. Izenpetzen ari zen: Fabrizio Corbera, Salinako Printzea.

        «Edota Peppino Mazziniren Errepublika? Eskerrik asko. Corbera jauna izango nintzateke orduan.»

        Eta itzuleraren etapa luzeak ez zuen baretu. Cora Danólorekin zeukan zitak berak ere ezin izan zuen kontsolatu.

        Gauzak horrela zeudela, zer egin zitekeen? Dagoenari heldu, itsu-itsuan ibili gabe? Orduan, tiroen danbada motzak behar ziren, arestian Palermoko plaza arlote batean entzun ziren bezala; baina tiroek ere zertarako balio zuten?

        — "Danba-danba" eginez ez da ezer konpontzen. Ez al da egia, Bendicó?

        "Txilin, txilin, txilin" egiten zuen, ordea, afaria iragartzen zuen zintzarriak. Bendicó korrika zihoan, aidez aurretik dastaturiko jakiagatik ahogozoa egina zuela. «Horra hor piamontetar egoki bat!', pentsatzen zuen Salinak, eskaileretatik gora zihoala.

       

        Villa Salinan, garai hartan Bi Sizilietako Erreinuan puri-purian zegoen arranditasun pitzatuaz zerbitzatu zen afaria. Mahaikideen kopurua (hamalau ziren, etxeko nagusi, seme-alaba, eta gizon eta emakumezko etxe-irakasleen artean) berez nahikoa zen mahaiari halako errespetagarritasuna emateko. Mantel fin-fin adabakitu halez estalita, dizdiz ageri zen, "ninfa" baten azpian, alegia, Muranoko lanpararen azpian kordokan eskegitako carsella ahaltsu baten argipean. Artean sartzen zen argirik leihoetatik, baina ategainetako hondo ilunen gaineko irudi zuriak, baxu-erliebeen itxura egiten zutenak, itzaletan galtzen ari ziren ordurako. Sendoa zen zilarreria eta bikainak edontziak, Bohemiako grabatuen arteko medailoi lauaren gainean ED hizkiak (Ferdinandus dedit) ageri zutenak, erregearen emankoitasunaren oroigarri; baina platerak, sigla ospetsu batez markaturik bakoitza, sukalde-laguntzaileek eginiko triskantzetatik osorik irtendakoak baino ez ziren, eta platerateria ezberdinetatik zetozen. Tamaina handienekoak —oso Capodimonte ederrak, urrezko aingura txiki batzuk zeuzkatenak almendra-berde koloreko ertz zabal baten gainean— Printzearentzat ziren soilik, gustatzen baitzitzaion bere inguruko gauza guztiak, emaztea izan ezik, bere neurrikoak izatea. Jangelan sartu zenerako denak han zeuden: escrita, Printzesa bakarrik; besteak, aldiz, zutik beren aulkien atzean. Bere lekuaren aurrean, plater zutabe bana zutela alboan, zopa-ontzi eskergaren saihets zilarrezkoak zabaltzen ziren, Gattopardo dantzaria ageri zelarik estalkiaren gainean. Printzeak berak zerbitzatzen zuen zopa, lan atsegina, pater familias izanik zegokion elikatzaile-eginbeharren adierazgarri. Gau hartan, ordea, aspaldian ez bezala, burduntzalia mehatxugarri entzun zen zopa-ontziaren paretetan txintxinka, zeuden soinurik izugarrienetako bat eginez; sumin handi baina artean ere menderatuaren ezaugarri, berrogei urte geroago bizirik zirauen seme batek zioen bezala; Printzea ohartu egin zen Francesco Paolo, hamasei urteko semea, ez zegoela bere lekuan. Mutila azkar sartu «Barkatu, aita» eta eseri egin zen. Ez zuen errietarik entzun, baina aita Pirronek, artzain-zakur eginkizunak zituenez gutxi gora-behera, burua makurtu eta Jainkoari hel egin zion. Bonbak ez zuen leher egin, baina igarotzean harrotu zuen haizeak mahaia izoztu eta berdin-berdin hondatu zuen afaria. Isilik jaten zuten bitartean, Printzearen begi urdinek, apur bat ezkutaturik betazal erdi-itxien atzean, seme-alabei banan-banan begiratu eta beldurrez isilarazten zituen.

        Aldiz, bere pentsamendua bestelakoa zen: Familia ederra!.. Emakumezkoak mardulak, osasuntsuak, haien masail-xulo maliziatsuekin eta, sudur eta bekoki artean nabarmen, bekosko hura, Salinatarren arrazako marka. Gizonezkoek, argal baina sendo, indarkeria zainduaz erabiltzen zituzten mahai-tresnak. Baziren bi urte haietako bat falta zela, Giovanni, bigarren semea, maiteena, petralena. Halako egun batean, etxetik desagertu eta bi hilabetetan ez zen haren berririk jakin. Harik eta Londrestik eskutitz begirunetsu baina hotz bat iritsi zen arte, zeinetan eragindako kezkengatik barkamena eskatzen, osasunez ondo zegoela adierazten eta, harrigarria, aditzera ematen baitzuen nahiago zuela ikatz enpresa bateko enkargatu-bizimodu apala, Palermoko erosotasunen arteko bizitza "zainduegia" (irakur, lotua) baino. Oroitzapenak, hiri heretiko hartako behelaino ketsuan alderrai zebilen gaztetxoarengatikako estuasunak deungaro atximurkatu zioten Printzeari bihotza eta sofrikario handia eragin. Areago goibeldu zen.

        Hain goibeldu ere non Printzesak, haren ondoan eserita, bere ume-eskua luzatu eta mantel gaineko eskutzar ahaltsua laztandu baitzion. Zuhurtzia gutxiz eginiko keinu hark hainbat sentsazio piztu zituen: ernarazitako errukiagatik sumina, eta zentzukoitasun itzarria, baina ez, ordea, iratzarri zuenarengana zuzendua. Tximista batean, Marianninaren irudia, burua burkoan hondoratua, azaldu zitzaion Printzeari. Ahotsa lehor altxatu zuen.

        — Domenico —esan zion zerbitzari bati—, esaiok don Antoninori zaldi gorriak coupé-ari lotzeko; afaldu orduko, Palermora jaitsiko naiz.

        Emaztearen begietara begiratu eta beirazko bihurtuta zituela ikustean, damu hartu zuen agindu zuenaz, baina ezinezkoa izanik emandako agindu bat atzera botatzea, lehengoari eutsi zion, krudelkeriari iseka erantsiz.

        — Aita Pirrone, betor nirekin, hamaiketarako itzuliko gara; bi ordu igaro ahal izango ditu fraile-etxean berorren lagunekin.

        Palermora gauez joateak, garai iskanbilatsu haietan gainera, zentzurik gabekoa zirudien nabarmenki, nola eta ez bazen munta gutxiko amodio-mentura batean sartzeko; eta etxeko elizgizona lagun hartzea nagusikeria iraingarri hutsa zen. Aita Pirronek behintzat horrela hartu zuen, bai eta horrekin mindu ere; baina amore eman zuen, jakina.

        Azken mizpira apenas zegoelarik irentsita entzun zen zalgurdiak bebarruan egiten zuen ibil-hotsa; morroi batek Don Fabriziori kapelu luzea eta jesulagunari hiru puntakoa eskuratzen zizkien bitartean, Printzesak, begiak malkotan, azken saioa egin zuen, alferrik egin ere.

        — Baina, Fabrizio, egun hauetan... bideak soldaduz beterik daudela, jende bihurriz beterik... ezbeharra gerta liteke.

        Printzeak irri gaiztoa egin zuen.

        — Erokeriak, Stella, erokeriak; zer nahi duzu gertatzea? Denek ezagutzen naute; bi kana beteko gizon askorik ez dago Palermon. Agur.

        Eta, presaka, musu eman zion kokotsaren pareraino insten zitzaion bekoki hari; artean ere leuna zen. Nolanahi, dela Printzesaren larru-azalaren usainak oroitzapen samurrak ekarri zizkiolako, dela bere atzean aita Pirroneren ibilera penitentziazkoak errieta eliztiarrak piztu zituelako, berriro egon zen irtenaldia bertan behera uztear coupé aurrera iritsi zenean. Une hartan, ahoa irekitzen ari zelarik zalgurdia gorde zezatela esateko, bat-batean oihu bat —Fabrizio, ene Fabrizio!— iritsi zen goiko leihotik, eta garrasi zorrotz-zorrotzak haren ondotik. Printzesak bere histerialdietako bat zeukan.

        — Aurrera! —esan zion gurdizainari, berau gidalekuan zelarik zigorra sabel gainean trabeska—. Aurrera, goazen Palermora, apaiz jauna fraile-etxean uztera.

        Eta indarrez itxi zuen atea, morroiari horretarako betarik utzi gabe.

       

        Artean ez zen gau beltza eta, harresi garaien arteko mehargunean sarturik, bidea zuri-zuri luzatzen zen. Salinaren jabegotik irten eta berehala, ezkerretara begiztatzen zen Falconeritarren landetxe erdi lurjoa, Tancredi bere iloba eta pupiloarena. Aita etxekaltea, Printzearen arrebaren senarra, ondasun guztiak xahutu eta gero hil egin zen. Erabateko hondamendi bat izan zen, mirabe-jantzien galoietako zilarrezko hariak ere urtzera eramaten duten horietakoa; eta ama hil zenean, Erregeak Salina osabaren ardurapean utzi zuen umezurtza, orduan hamalau urtekoa. Mutiko hura lehenago ia ezezaguna zuen arren, bihotz-bihotzez maitatzera iritsi zen, azkenik, Printze suminbera, halako alaitasun bihurria aurkitu baitzuen haren baitan, bai eta halako izakera friboloa ere, noizbait seriotasun-krisi batzuek bat-batean eteten zutena. Bere buruari aitortu ez arren, hura nahiago izango zukeen oinordeko izateko, Paolo inozoa baino. Orain, hogei urte zituela, Tancredi ase eta aise bizi zen, tutoreak, esku zekenik gabe, bere poltsikotik jarrita ere ematen zizkion sosekin.

        «Batek jakin zein saltsatan sartuta ote dagoen gure mutikote hori —pentsatzen zuen Printzeak Villa Falconeri ondotik zebilelarik; ilunpetan, hango bugainbileak, bere apezpiku-zeta isuriz burnisare gainetik, arranditasun itxura ematen zion etxeari—. Zein saltsatan ote dabil!»

        Ezen Ferdinando Erregeak, gaztetxoaren laguntasun okerrak aipatu zituenean, gaizki egin zuen esatean, baina arrazoia zuen, izan ere. Harrapatuta zegoen adiskide jokozale batzuen eta bere erakargarritasun dohaitsuarekin liluratuak zituen emakumezko adiskide eta, esaten den bezala, "heziketa galduko" batzuen sarean; "sektak" begi onez ikustera eta Batzorde Nazional isilpekoarekin harremanak edukitzera ere iritsi zen; beharbada handik ere jasotzen zuen dirurik, Erret Kutxatik ere jasotzen zuen bezala, bestalde. Eta apirilaren Iauaren ondoren, Printzeak direnak eta ez direnak egin behar izan zituen mutila estuasun eder batetik atera ahal izateko: bisita egin behar izan zien Castelcicala eszeptikoari eta Maniscalco adeitsuegiari. Ez zen hori, ez, gauza atsegina; nolanahi ere, Tancredi ezin zitekeen oker egon, osabaren ustez; hortaz, garaiek zuten errua egiatan, garai azpikozgoratu haiek, haietan etxe oneko gaztetxo bat ezin baitzitekeen "faraoia" zeritzan karta jokoan aritu adiskidetasun galgarriekin topo egin gabe. Garai itsusiak.

        — Garai itsusiak, Jaun Goren hori.

        Aita Pirroneren ahotsak bere pentsamenduen oihartzuna balitz bezala egin zuen hots. Coupé-ko txoko batean zapaldurik, Printzearen mardultasunak estuturik, Printzearen nagusitasunak menderaturik, jesulagunek gogoz eta gorputzez sufritzen zuen eta, gizon eskasa ez izanik, berehala lekualdatzen zituen bere nahigabe iragankorrak historiaren mundu iraunkorrera.

        — Begira beza, Jaun Goren horrek.

        Eta hatzaz seinalatzen zituen Conca d'Oro-ko mendi malkartsuak, artean ere argituak ilunabarreko ordu hartan. Haien aldatzetan eta tontorretan hamaika su zeuden piztuta, matxinatuen "eskuadrek" gauero irazekitzen zituztenak, erregearen eta komentuen hiriarentzako mehatxu isil gisa. Azken gaubeiletan gaixo larrien geletan pizturik ikusten diren argiak ziruditen.

        — Ikusten dut, aita, ikusten dut.

        Eta pentsatzen zuen beharbada Tancredi su gaizto haietako baten inguruan zela, bere esku aristokratikoekin bereak bezalako eskuei boterea kentzeko goriturik zeuden txingarrak hauspotzen ari.

        «Tutore ona nago ni, buruak ematen dion edozein erokeria egiten duen pupilo horrekin.»

        Orain bidea maldan behera hasia zen arinki, eta Palermo hurbil ikusten zen, ilunpetan erabat. Komentuen eskergatasun neurrigabeak zanpatu egiten zituen hango etxe apalak, elkarren ondoan estutuak; dozenaka zeuden komentuak, denak erraldoiak, sarritan bi edo hirunaka multzokatuak, gizonezkoen komentuak eta emakumezkoenak, komentu aberatsak eta komentu txiroak, handikien komentuak eta herri xumearen komentuak, jesulagunen komentuak, beneditarrenak, frantziskotarrenak, kaputxinoenak, karmeldarrenak, erredentoristenak, agustindarrenak... Lerro makur zehazgabeekiko kupula zurbilak, esnez hustutako ditien antzekoak, are gorago altxatzen ziren, baina haiek, komentuek alegia, ematen zizkioten hiriari haren goibeltasuna eta haren izaera, haren duintasuna eta, orobat, Siziliako argi frenetikoak berak ere inoiz ezin uxatzen zuen heriotz sentsazioa. Gainera, ordu hartan, ia gau beltza zela, haiek ziren ikusmira osoaz nagusitzen zirenak. Eta, egia esateko, haien aurka piztuta zeuden mendietako suak, komentuetan bizi zirenen zeharo antzeko gizonek hauspotuak: haiek bezala fanatikoak, haiek bezala boterearen, hau da, ohi den bezala, aisiaren egarri zirenak.

        Horixe ari zen pentsatzen printzea, zaldi gorriak pausuan zebiltzalarik bidean aurrera; bere egiazko funtsari kontrajarritako pentsamenduak, Tancrediren patuarekiko antsiatik eta komentuek gorpuzten zituzten hertsapenen aurka oldartzera bultz egiten zion akuilu sentsualetik sortuak.

        Izan ere, bidea loran zeuden laranja-arbola artetik igarotzen zen orain, eta loreen eztei usainak gauza oro deusezten zuen, ilargi beteak paisaia deusezten duen bezala; zaldi izerdituen usaina, zalgurdiko tapizeriaren larru usaina, printze usaina eta jesulagun usaina, den-dena ezabatzen zuen huriak eta haragizko plazerrez beteriko heriotz-oste bat bururatzen zituen lurrin islamdar hark.

        Aita Pirrone ere hunkituta zegoen.

        — Zeinen herri ederra izango litzatekeen hau, Jaun Goren hori, baldin eta...

        — Baldin eta hainbeste jesulagun egongo ez balitz, pentsatu zuen Printzeak, apaizaren ahotsak atsegin gozo hurbilei buruzko pentsamenduak eten baitzizkion. Eta segituan damutu zen zitalkeria burutugabeaz, eta adiskide zaharrari hiru puntako kapeluan jo zion bere esku handiaz.

        Hiriko errebalean sartzean, Villa Airoldi ondoan zeudela, patruila batek zalgurdia geldiarazi zuen. Ahots pugliatar batzuek eta ahots napolitar batzuek «Geldi hor» agindu zuten; baioneta neurrigabe batzuek dir-dir egin zuten linterna baten argi dardartian; baina subofizial batek azkar ezagutu zuen Don Fabrizio, kapelu luzea belaunetan zuena.

        — Barkatu, Jaun Goren hori, jarraitu aurrera.

        Eta, gainera, soldadu bati gidalekura igotzeko agindu zion, hurrengo zaindari-postuetan trabarik izan ez zezaten. Astunago bihurtuta, coupé-a polikiago ibili zen, Villa Ranchibile inguratu, Terrerosse eta Villafrancako baratzeak zeharkatu eta Porta Maquedatik sartu zen hirira. Quattro Canti di Campagnako Romeres kafetegian, goardiako sekzioetako ofizialak txantxetan ari ziren, egundoko sorbeteak edaten zituzten bitartean. Baina beste bizi-arrastorik ez zuten aurkitu hirian: kaleak huts-hutsik zeuden, eta haietan durundio egiten zuen hede zuriak bularrean zeharka zebiltzan errondakoen pausaje erritmikoak. Alboetan, komentuen baxu jarraia, Badia del Monte, estigmatuak, gurutzetarrak, teatinoak, denak pakidermikoak, bikea bezain beltzak, ezerezaren antza zeukan loaldi batean murgilduak.

        — Bi ordu barru etorriko naiz berorren bila, Aita. Errezu onak egin.

        Eta Pirrone gizagaixoak nahasturik jo zuen komentuko atean, coupé-a kaleska artetik urruntzen zen bitartean.

       

        Ibilgailua jauregian utzita, Printzea oinez abiatu zen joatea erabakia zuen lekura. Bidea laburra zen, baina auzoa ospe txarrekoa. Soldadu batzuk, ekipo osoarekin —berehala antzematen zen itzalgaizka urrundu zirela plazetan gau egiten ari ziren sekzioetatik—, begi lanbrotuak zeuzkatela irteten ziren etxetxo apaletatik, zeinen balkoi makaletan albaka landareak azaltzen baitzuen sartzeko izan zuten erraztasuna. Gaztetxo galtzaluze itxuratxarreko batzuk sesioan zeuden siziliar haserretuek izaten duten ahoskera motelaz. Urrundik, soldadu begirale urduriei ihes egindako tiroen hotsak iristen ziren. Auzo hura atzean utzirik, bidea Cala inguru guztian luzatu zen: arrantza-portu zaharrean txalupa erdi ustelak kulunkan ageri ziren, zakur ezkabiatsuen itxura tamalgarriarekin.

        «Bekataria naiz, badakit, bi aldiz bekataria, jainko-legearen aurrean eta Stellaren giza maitasunaren aurrean. Ez dago zalantzarik; bihar konfesatuko naiz aita Pirronerekin.»

        Irribarre egin zuen bere golkorako, agian beharrik gabeko gauza izango zela pentsatuz, zeren jesulagunak oncle, baino hobeto jakingo baitzuen egun hartako haren hobenen berri; gero, ordea, bere izpiritu zirtolaria nagusitu zitzaion berriro.

        «Bekatu egiten dut, egia da, haina berriro hekaturik ez egiteko egiten dut hekatu, neure barrutik arantza haragikoi hau erauzteko, oker handiagoetara bultzatua ez izateko. Jaunak badaki hori.»

        Bihotza samurtu egin zitzaion bere buruarekin: bere barruan, negar zotinka ari zen.

        «Gizagaixo ahul hutsa naiz —ari zen pentsatzen, bere pausaje ahaltsuak hartzola zikina zapaltzen zuen bitartean—. Ahula naiz eta ez nau inork sostengatzen. Stella! Azkar esaten da! Jaunak badaki maite izan dudala: hogei urterekin ezkondu ginen. Baina orain nagusikeria gehiegi azaltzen du, eta zaharregia ere bada.»

        Ahultasun sentsazioa bertan amaitu zitzaion.

        «Oraindik gizon gogorra naiz; eta nola egongo naiz pozik emakume horrekin, ohean, aitaren egiten du-eta edozein besarkada eman aurretik eta, gero, unerik zirraragarrienetan "Jesus, Maria eta Jose" esaten besterik ez daki-eta? Ezkondu ginenean, horrek guztiak kitzikatu egiten ninduen; baina orain... zazpi ume eduki ditut berarekin, zazpi, eta inoiz ez diot zilborra ikusi. Zuzena al da hori? —garrasika ari zen ia, bere larrialdi xelebreak akuilaturik—. Zuzena al da? Zuei guztioi galdetzen dizuet —eta Catenako atariari begiratzen zion—. Bera da egiazko bekataria!»

        Aurkikuntza lasaigarri hark kontsolatuta, kementsu jo zuen Marianninaren atean.

       

        Bi ordu geroago, berriro zen coupé-an, itzulbidean, aita Pirronerekin. Berau aztoratuta zegoen; bere komentukideek egunera jarri zuten egoera politikoari buruz: Villa Salinako baretasun urrunetik zirudien hamo are latzagoa omen zen. Piamontetarrak irlako hegoaldean lehorreratuko omen ziren, Sciacca aldean; eta agintariek halako borbor mutua antzeman zuten herriko jendearen baitan: hirietako jendaila zain zegoen agintearen lehen ahulezi-arrastoa noiz agertuko, lapurretan eta bortxaketan hasteko gertu. Aita fraileak asaldatuta zeuden, eta haietako hiru, zaharrenak, Napolira joatera behartu zituzten, arratsaldeko "pacchetto"-an, aldean komentuko paper guztiak eramanik.

        — Jaunak babes gaitzala eta zain dezala Erreinu txit santu hau!

        Don Fabriziok ez zion jaramon handirik egiten, murgilduta baitzegoen halako barealdi ase baina nazkaz zipriztindu batean. Marianninak herriko alaba baten begi opakoez begiratu zion, ez zion ezeri uko egin, umil eta esaneko agertu zen. Bendicó bat, nolabait, zetazko azpikogonaz jantzia. Biguintasun handi samarreko une batean «Printzetzarra» ezpainetaratu behar izan zuen. Printzea irribarrez zegoen, artean ere, bere buruarekin ase. Hobe hori, noski, ezen ez Sarah-k, hiru une lehenago, Astronomiari buruzko Biltzar batean Sorbonnen zilarrezko domina eskaini ziotenean bisitatzen zuen lilitxo paristarrak, antzeko mementuetan esaten zituen "mon chat" edo "mon singe blond" haiek. "Mon singe blond" baino hobe, zalantzarik ez; askoz hobe "Jesus, Maria eta Jose" baino ere; sakrilegiorik ez zegoen, behintzat. Neska ona zen Mariannina, bai; hurrengoan, hiru kana zeta gorri eramango zizkion.

        Baina, hura ere pena! Haragi gazte hura, eskuka erabiliegia, lizuntasun etsitu hura; eta bera ere, zer zen? zerria, zerria besterik ez. Burura itzuli zitzaion Parisko liburudenda batean, liburuki batekin orri-pasan ari zela, halabeharrez irakurri zuen bertso bat, ez zekien norena, Frantziak astero plazaratu eta ahaztu egiten dituen poeta horietako batena. Berriro ari zen ikusten saldu gabeko liburuek osatzen zuten zutabe limoi-hori kolorekoa, eta orria, orri bikoitia, eta berriro ari zen entzuten han, poema itxuragabeko baten bukaerako bertsoak:

 

        Seigneur, donnez-moi la force et le courage

        de regarder mon coeur et mon corps sans dégoût!

 

        Eta aita Pirronek halako La Farina batez eta beste halako Crispi batez hizketan jarraitzen zuen bitartean, «Printzetzarra» lokartu egin zen, nolabaiteko euforia larritu batean, zaldi gorrien trostak kulunkaturik, kotxeko lanparatxoen argiak haien ipurmami gizenen gainean dardar egiten zuelarik. Villa Falconeri pareko bihurgunean esnatu zen.

        «Hori ere! Egurra ez dio ba botatzen bera irentsiko duen suari?»

        Ezkongelan zegoela, Stella ikusi zuenean, lo-txanoaren azpian ilea ondo orraztuta zuela, kobrezko ohe handi-handi altu-altuan hasperenka lokarturik, hunkitu eta samurtu egin zen.

        «Zazpi ume eman dizkit, eta nirea bakarrik izan da.»

        Sukar-belar usaina zegoen gelako airean galdurik, histerialdiaren azken aztarna. «Ene Stellatxo gaixoa!», zioen penaturik, ohera igotzen zen bitartean. Orduak joan, orduak etorri, eta ezin zen lokartu; Jainkoa, bere esku ahaltsuaz, hiru su ari zen nahasten haren gogoetetan: Marianninaren laztanena, ezezagunaren bertsoena, eta mendietako sugarren su amorratua.

        Egunsenti aldean, aldiz, Printzesak aitaren egiteko aukera izan zuen.

       

        Biharamun goizean, eguzkiak indarberrituta argitu zuen Printzea. Kafea hartua zuen, eta lore beltzekiko bata gorri bat jantzirik, bizarra mozten ari zen ispilutxo baten aurrean. Bendicók bere burutzar astuna pausatu zion pantuflaren gainean. Eskubiko masaileko bizarra kentzen zuen bitartean, ispiluan, bere aurpegiaren atzean, mutil gazte batena ikusi zuen, aurpegi meharra, aldi berean iseka eta beldurra erakusten zituen itxura nabarmena zuena. Ez zen bueltatu, eta bizarra mozten jarraitu zuen.

        — Tancredi, nolako saltsatan ibili haiz bart?

        — Egunon, osaba. Nolako saltsatan? Ez naiz inolako saltsatan sartu; lagunekin ibili naiz. Gau benetan santua eduki dut. Ez, ordea, nire ezagun batzuek, Palermora joan dira-eta ongi pasatzera.

        Don Fabrizio ezpain eta kokots arteko larru zati zaileko bizarra kentzeari lotu zitzaion arretatsu. Mutilaren ahots apur bat sudurkariak hainbesteko gazte-kernena zeraman bere gainean, non ezinezkoa baitzen haserretzea; harritzea, berriz, zilegizkoa izan zitekeen, beharbada. Bueltatu, eta toaila kokots azpian zuela, ilobari begiratu zion. Ehizerako jantzita zegoen: jaka estu bat eta bota luzeak.

        — Eta jakin al nezake nortzuk ziren hire ezagun horiek?

        — Zu, osabatzar hori, zu. Begi hauekin ikusi zintudan Villa Airoldiko zaindari postuan, sargentuarekin hizketan ari zinela. Ederra gauza, zure adinean!, eta apaiz txit agurgarri baten aldamenean, gainera! Agure lizunkoi halakoak!

        Lotsagabekeria handiegia zen hura: uste zuen dena onar ziezaiokeela bere buruari. Betazalen zirrikitu estuen artetik, begi urdin arre haiek, bere amaren begi haiek, bere begiek begiratzen zioten irribarrez. Printzea mindu egin zen: mutilak ez zekien noraino irits zitekeen, baina berak ez zuen kargu hartzeko bihotzik; gainera, arrazoia zeukan.

        — Baina zergatik jantzi haiz horrela? Zer dago? Maskara dantza gaur goizean?

        Mutila serio jarri zen; haren begitarte triangularrak halako gizon bisaje ustekabekoa bereganatu zuen.

        — Banoa, osabatzar hori, ordu erdi barru. Agur egitera etorri naiz.

        Salina gaixoak bihotza estutzen zitzaiola sentitu zuen.

        — Duelo batera?

        — Duelo handi batera, osaba. Frantziskotxo Jainkoak Gorde Dezalaren kontra. Mendira noa, Corleonera; ez inori esan, Paolori batez ere. Gauza handiak datoz, osabatzar hori, eta ez dut etxean geratu nahi; gainera, geratuko banintz, berehala harrapatuko nindukete.

        Printzeak bere bat-bateko begitazioetako bat eduki zuen; gerrila-eszena anker bat: tiroak basoan, eta Tancredi berea zerraldo, hesteak aterata, zoritxarreko soldadu hura bezala.

        — Burutik hago, seme! Jende horrengana joatea ere! Mafiosoak eta bazternahasleak dituk denak. Falconeritar batek gurekin egon behar dik, Erregeren aide.

        Begiek irribarre egin zuten berriro.

        — Erregeren aide, jakina; baina zein erregeren aide?

        Mutila serio jarri zen; aldi berean enigmatiko eta maitagarri bihurtzen zen serioaldi horietan.

        — Gu ere tartean sartzen ez bagara, horiek errepublika ekarriko digute. Denak bere hartan jarraitzea nahi badugu, denak aldatu behar du. Ongi azaldu al dut?

        Osaba besarkatu zuen, apur bat hunkituta.

        — Laster arte. Hirukolorekoarekin itzuliko naiz.

        Adiskideen erretorikak zertxobait kutsatua zuen bere iloba ere; baina, ez: ahots sudurkari haren doinuak ongi asko erakusten zuen beroaldi hura gezurrezkoa zela. Hura mutila, hura! Erokeriak egiteko gauza zen, bai eta, aldi berean, erokeriak salatzeko ere. Eta Paolo berea, une hartan, segur aski, Guiscardoren jan-ondoa zaintzen. Beste hau zen bere egiazko semea. Don Fabrizio azkar zutitu, lepotik toaila indarrez kendu, eta bila hasi zen kajoi batean.

        — Tancredi, Tancredi, itxaron —ilobaren atzetik hasi zen korrika, poltsikoan urrezko "ontza" kartutxo bat sartu eta sorbalda estutu zion. Mutila barrez hasi zen.

        — Orain diruz laguntzen diozu iraultzari? Eskerrik asko, osabatzar hori, laster arte; eta goraintziak izebari.

        Eta eskaileretan behera hasi zen korrika.

        Bendicó bere adiskidearen atzetik atera zen, jauretxe guztia oihu alaiz beteaz, eta hots egin behar izan zion; bizarra mozten amaitu eta aurpegia garbitu zuen. Morroia Printzeari arropak eta oinetakoak janztera etorri zen.

        — Hirukolorekoa! Zoragarria, hirukolorekoa! Ahoa betetzen zaie hitz horrekin, barraban horiei! Eta zer esan nahi du zeinu horrek, frantsesenaren kopia txar horrek?; itsusia da gainera, gure bandera zuri-zuri eta erdian armarriko lis-lore urrezkoa duenaren aldean. Eta zer espero dezakete horiek kolore kirrinkarien nahaste-borraste horretatik?

        Lepo bueltan zeta beltzezko korbatatzar erraldoia lotzeko unea zen. Eginkizun zaila, berez, eta horregatik politikari buruzko gogoetak alde batera uztea komeni zen. Buelta bat, bi buelta, hiru buelta. Hatz lodi artatsuek korapiloa osatu, harrotutako zatiak lixatu eta zetaren gainean errubizko begiekiko Medusaren burutxoa iltzatzen zuten.

        — Gilet garbia. Ez al duk ikusten hau zikinduta dagoela?

        Morroia hanka puntetan jarri zen Printzeari oihal marroizko redingote-a janzteko; zapia ere luzatu zion, hiru bergamota tantoz bustia. Giltzak, kate-erlojua eta txanpon-poltsa, aldiz, berak sartu zituen patrikan. Ispiluan begiratu zion bere buruari: zer esanik ez, artean ere gizon ederra zen.

        — "Agure lizunkoiak!". Txantxa astuna, mutil zital horrek egin diguna! Nire adinarekin nahi nuke ikusi, lau hezur gaizki lotuta besterik ez dituen hori!

        Bere pausaje indartsuak txin-txinka jartzen zituen aretoetako kristalak, haietatik igarotzean. Etxea lasaia, argitsua eta apaina zen; eta, batez ere, berea. Eskaileretan behera, ulertu egin zuen.

        — Denak bere hartan jarraitzea nahi badugu...

        Gizon ona zen Tancredi: beti pentsatu zuen hori.

       

        Administrazioko gelak artean hutsik zeuden, pertsiana itxietan barrena sartzen zen eguzkiak isilik argituta. Jauretxeko beste edonon baino areago, leku hartan fribolokeriarik handienak egiten baziren ere, austeritate zorrotz samarrekoa zen itxuraz. Horma karezurituetatik, Salina etxeko feudoak agertzen zituzten koadro handiak islatzen ziren argizariz igurtzitako zoruan: marko beltz eta urrezkoen barman, kolore biziz nabarmenduta ikusten zen Salina, mendi bikiekiko irla, aparrezko enkajez beteriko itsaso batek inguratua, eta uretan xirulikan agertzen ziren galera apaindu batzuk; Querceta eta bere etxe txikiak eliza nagustaren ondoan, eta hara bidean erromes talde urdinska batzuk; Ragattisi, mendi zintzurretan estututa; Argivocale, galsoroz beteriko lautada hartan nimiñoa, eta han eta hemen, lanean, nekazariak; Donnafugata eta bere jauregi barrokoa, zalgurdi gorri, zalgurdi berdeska eta zalgurdi urrezkoen helmuga, denak, itxura zenez, emakumez, botilaz eta bibolinez beteak; eta beste asko, orobat, denak bere bibote luzeen artean irribarrez ageri zen Gattopardo batek babestuta, zeru leun lasaigarri baten pean. Guztiak alai, guztiak Salina etxearen nagusitasun argitua, "nahastua" bezain "garbia", goraipatzeko irrikan. Aurreko mendeko maisulan xaloak ziren, ez oso fin-finak; baina ez zuten balio mugak zehaztu eta esparruak eta errentak argitzeko; gauza horiek, izan ere, ezezagunak ziren denentzat. Aberastasuna, mende askotan zehar, apaingarri, luxu eta plazer bilakatu zen; hori besterik ez; eskubide feudalak indargabetzean, pribilegioekin batera betebeharrak ere suntsitu ziren; ardo zaharra bezala, aberastasuna upel hondoan metatzen joan zen kutiziaren, arduren eta, baita ere, zuhurtasunaren hondarrak, eta berotasuna eta kolorea bakarrik mantentzen zituen. Azkenik, bere burua deuseztu zuen: bere helburura iritsia zen aberastasun hori funtsezko olioz osatuta zegoen, eta funtsezko olioen antzera, azkar lurruntzen zen. Eta, ordurako, koadroetan hain alai agertzen ziren feudo haietako batzuk hegan hasiak ziren eta oihal koloreanitzetan eta izenetan bakarrik zirauten. Beste batzuek, aldiz, iraileko enarak ziruditen: artean ere han egongo dira, zuhaitzetan bilduta, iskanbila batean, baina alde egiteko prest. Halere, asko zeuden; bazirudien inoiz ez zirela amaituko.

        Azken burutapen hori gora-behera, bere langelan sartzean, Printzearen sentsazioa txarra izan zen, beti bezala. Gelaren erdian nagusi, idazmahai bat zegoen, hainbat eta hainbat kajoi, hutsune, sartune, gordetegi eta planu makur zituena. Egur hori-beltzeko masa hura antzezleku bat bezala zegoen barrutik hustuta eta edergailuz betea, lapurrek izan ezean inork funtzionatzen jartzen ez zekien tranpaz, planu irristakorrez eta sekretuetarako zokoz josia. Paperez estalita zegoen, eta nahiz Printzeak, zuhurtziaz, paper horiek astronomiaren menpeko eskualde hotzei buruzkoak izan zitezen ardura eduki, geratzen zena nahikoa zen bere bihotza egonezinean jartzeko. Halako batean, burura itzuli zitzaion Ferdinando Erregeak Casertan zeukan idazmahaia, hura ere espedientez eta hartu beharreko erabakiz lepo: haien bidez amets egin zitekeen patuen urjarioan eragina edukitzearekin, nahiz eta beste haran batera isurtzen zen oldarrean, bere kasa.

        Don Fabriziori burura etorri zitzaion Ameriketako Estatu Batuetan arestian aurkitutako botika bat, ebakuntzarik ankerrenetan oinazerik ez izateko balio zuena, bai eta nahigabeetan bihotza antsiarik gabe edukitzeko ere. Morfina deitu zioten jentilen estoizismoaren eta kristauen etsipenaren ordezko kimiko zabar horn. Errege gaixoarentzat, administrazio fantasmalak morfinaren lana egiten zuen; berak, Salinak, osagai hautatuagoko beste zerbait zeukan: astronomia. Ragattisi galduaren eta Argivocale kolokaren irudiak burutik kenduz, Journal des savants aldizkariaren zenbakirik berrienaren irakurketan murgildu zen. "Les dernières observations de l'Observatoire de Greenwich présentent un intérêt tout particulier..."

        Hala ere, azkar asko alde egin behar izan zuen izar-erreinu bare haietatik. Ciccio Ferrara jauna sartu zen, kontularia. Gizontxo meharra zen, betaurreko lasaigarri eta pajarita lohigabe batzuen atzean liberalaren arima ameslari eta harraparia ezkutatzen zuena. Goiz hartan, ohi baino gartsuago zegoen: argi zegoen aita Pirrone goibeldu zuten albiste berberek botika bihotz-bizkorgarri baten eragina izan zutela haren baitan.

        — Tristeak garaiak, Jaun Goren hori —esan zuen errituzko agurren ondoren—; zorigaitz izugarriak gertatuko dira, baina istilu eta tiroketa apur batzuen ondoan, hobera joko du denak, eta loriazko aro berriak etorriko dira gure Siziliarentzat; hori bai, amaren seme askok lrrutik ordainduko dute, baina bestela pozik egon beharko genuke.

        Printzea marmarrean ari zen, iritzirik azaldu gabe.

        — Don Ciccio —esan zuen gero—, itxuran jarri behar dira Quercetako errenten kobrantzak; bi une badira handik ez dugula xemeikorik ikusten.

        — Kontuak zuzen daude, Jaun Goren hori —esaldi majikoa zen—; bakarrik, Angelo Mazza jaunari idatzi behar diogu, prozedurarekin hasteko; gutuna gaur bertan ekarriko diot berorri, sinadura ipintzeko.

        Eta berriro kontu-liburu handiak lardaskatzera joan zen; haietan, bi urteko atzerapenaz, zehatz-mehatz kaligrafiatuta zeuden Salina etxeko kontu guztiak, benetan garrantzitsuak zirenak izan ezik.

        Bakarrik geratu zenean, Don Fabrizio ez zen berehala murgildu izar-lainoetan. Haserre zegoen, eta ez bakarrik gertu zeuden gertakizunekin, baizik eta Ferrararen ergelkeriarekin, nagusi bilakatuko ziren klaseetako bat antzeman baitzuen harengan.

        «Gizon honek dioena egiaren guztiz kontrakoa da. Penaturik dago amaren seme asko lehertuko direlako, baina, aldiz, oso gutxi izango dira: ezagutzen dut bi etsaien izaera; Napolin edo Torinon, berdin da, garaipen-partea idazteko beharko direnak baino bat gehiago ez, hain zuzen. Sinesten du, ordea, "gure Siziliarentzako loriazko aroetan", berak dioen bezala: horixe bera agindu ziguten Niciarekin hasita ehundaka izan ditugun lehorreratze guztietan, baina inoiz ez da horrelakorik lortu. Eta, gainera, zergatik lortuko zen? Orduan, zer gertatuko da? Negoziaketak egingo dira, eta tiroketa ia kaltegabeak tarteka, eta gero dena lehen bezalakoa izango da, dena aldatuta egongo den arren.»

        Tancrediren hitz anbiguoak itzuli zitzaizkion burura; betebetean ulertzen zituen orain. Lasaitu eta aldizkariko orriak pasatzeari utzi zion. Pellegrino mendiko magal kiskaliak, miseria bezala biluzi eta betierekoak ari zen begiratzen.

        Handik gutxira, Russo nagusiordea etorri zen, bere menekoen artetik garrantzitsuena Printzearen iritziz. Liraina, panazko "bunaca" batez jantzirik, dotore, begi irrikatsuak barne-zimikorik gabeko kopetaren azpian: gorantza zihoan klase baten adierazgarri ezin hobea zen bere usiez. Gainera atsegina eta ia zintzoki debotoa bere nagusiarekin, ezen halako eskubide bat betetzen zuelakoan egiten zituen bere lapurretak.

        — Jaun Goren hori nahigabetuta egongo da Tancredi jauna joan delako, pentsatzen dut; baina ez da luzaroan egongo kanpoan, ziur naiz, eta dena ongi amaituko da.

        Printzeak berriro ere egin zuen topo Siziliako enigmetako batekin. Irla sekretu honetan etxeetako ate-leihoak langatuta egongo dira, eta nekazariek esango dute ez dakitela zein bidetatik joaten den haiek bizi diren herrira, han, mendiska gainean, hamar minutuko bidera dagoen arren; bada, irla honetan, misteriotsua izateko itxura egiten badu ere, isilpekotasuna ipuin hutsa da.

        Esertzeko keinua egin eta begietara zuzen begiratu zion Russori.

        — Pietro, gizonez gizon hitz egin dezagun; hi ere nahastuta al hago istilu honetan?

        Ez zegoen nahastuta, erantzun zuen, aita familiakoa zen eta arrisku horiek Tancredi bezalako mutil gaztetxoen kontua ziren.

        — Nola ezkutatuko nion ezer Jaun Goren horri, nire aita bezalakoxea da eta? —Hala ere, hiru hilabete lehenago, Printzearenak ziren limoietatik ehun eta berrogeita hamar saskikada ezkutatu zituen bere biltegitxoan, eta bazekien Printzeak bazekiela—. Baina aitortu behar dut haiekin daukadala bihotza, mutil adoretsu haiekin.

        Altxatu egin zen, Bendicóri sartzen uzteko, atea dardarka jartzen baitzuen haren bultzada adiskidekorraz. Eta gero berriro eseri.

        — Jaun Goren horrek badaki; ezin da honela jarraitu: etxeak arakatu, galdeketak egin, edozergatik ere paperak betearazi, polizia bana kale kantoi bakoitzean; behar bezalako gizonak ez dauka bere gauzez arduratzeko askatasunik. Gero, aldiz, edukiko ditugu, bai, askatasuna, segurtasuna, zerga arinagoak, erraztasunak, merkataritza. Hobeto egongo gara denok: apaizak bakarrik aterako dira galtzen. Jaunak ni bezalako pobretxoak babesten ditu, ez haiek.

        Don Fabrizio irribarrez ari zen: bazekien Russok berak erosi nahi zuela Argivocale, tartekari baten bidez.

        — Zenbait egunez tiroak eta istiluak egongo dira, baina Villa Salina harkaitza bezain seguru egongo da; Jaun Goren hori da gure aita, eta nik adiskide asko dauzkat hemen. Piamontetarrak JaunAndre Goren horiek agurtzera bakarrik sartuko dira, kapela eskuan. Are gehiago don Tancrediren osaba eta tutorea izanik!

        Printzea umiliatuta sentitu zen: orain Russoren adiskideen babespeko izateraino apaldua ikusten zuen bere burua; bere meritu bakarra, nonbait, Tancredi mukizu haren osaba izatea baino ez zen.

        «Azkenerako, astebete barru, etxean Bendicó daukadalako egongo naiz bizirik eta onik!»

        Eta atximur egiten zion zakurraren belarri bati, hainbeste indarrez egin ere non animalia gaixoa uluka hasi baitzen, harro, zalantzarik ez, baina baita oinazetuta ere.

        Handik gutxira, Russoren hitz batzuek lasaitu egin zuten.

        — Hobea izango da dena, Jaun Goren hori, sinestu behar dit. Gizon prestu eta abilak aurrera aterako dira. Gainerakoa, lehen bezala izango da.

        Jende honek, bost xentimoko liberal hauek probetxu handiagoa ateratzeko modua eduki besterik ez zuten nahi. Kito. Enarak bizkorrago hasiko ziren hegan, horra hor dena. Bestela ere, askok jarraitzen zuten kabian.

        «Arrazoia duk, beharbada. Batek jakin!». Orain ulertzen zituen ezkutuko zentzu guztiak: Tancrediren hitz enigmatikoek, Ferrararen hitz enfatikoek, Russoren hitz zuri baina adierazgarriek agerian utzi zuten azkenik beren sekretu lasaigarria. Gauza asko ziren gertatzekoak, baina dena komedia hutsa izango zen, komedia zaratatsu erromantiko bat; odol mantxa banaka batzuk egongo ziren bufoijantzien gainean, hori besterik ez. Konponbideen herria zen hau, ez zegoen frantsesena bezalako amorraziorik; eta, egia esanda, Frantzian ere, noiz gertatu zen ezer seriorik, alde batera utziz berrogeita zortziko ekaina? «Ondo baino hobeto ulertu diat —esan nahi zion Russori, baina bere sortzezko kortesiak gerarazi egin zuen—: zuek ez gaituzue suntsitu nahi, zuen "aitak" gara eta; gure lekua hartu besterik ez duzue nahi. Eztiki, modu onez, beharbada dukat milaka batzuk sartuz gure poltsikoetara. Horrela da, ezta? Hire ilobak, Russo maitea, baroia dela usteko dik zintzoki; eta hi, nik zer zekiat, Moscoviako boiardo baten ondorengo izatera iritsiko haiz, hire izenari esker, eta ez zoritxarreko nekazari ilegorri baten semea, izen horretxek berak adierazten duen bezala. Ordurako, hire alaba gutarteko batekin ezkondua egongo duk, beharbada Tancredi begiurdin eta eskumengel horrekin berarekin. Gainera, neska ederra duk, eta bere burua garbitzen ikasiz gero...» "Denak bere hartan jarrai dezan". Funtsean gauza bera: klaseen ordezkatze motel bat besterik ez. Kamarako aitonseme izanik ditudan urrezko giltzek eta San Gennaroren lokarri geriza kolorekoak kajoian geratu beharko dute, eta gero Paoloren semearen bitrina batean amaituko dute, baina Salinatarrek Salinatar izaten jarraituko dute; eta, beharbada, sariren bat ere edukiko dute: Sardiniako Senatua, San Maurizioren xingola pistatxo-berdea. Batzuk besteak bezain apaingarriak.»

        Zutik jarri zen.

        — Pietro, hitz egin ezak hire adiskideekin. Hemen neskatila asko zeudek; hobe inork ikaratzen ez baditu.

        — Ez kezkatu, Jaun Goren hori; hitz eginda nago dagokionarekin: Villa Salina komentu bat bezain lasai egongo da.

        Eta bihotzez egin zuen irribarre, ironia apur batez.

        Don Fabrizio irten egin zen, eta atzetik Bendicó; alta Pirroneren bila igo nahi zuen, baina zakurraren eske-begiradak lorategira joatera behartu zuen, ordea. Bendicók, izan ere, aurreko gauean hasitako lanaren oroitzapen beroak zituen, eta tajuz bukatu nahi zuen. Lorategia aurreko egunean baino usaintsuago zegoen, eta goizeko eguzkiaren azpian mimosaren urrea ez zegoen hain lekuz kanpo.

        «Baina, soberanoak, gure soberanoak? Eta legitimitateari zer gertatuko zaio?»

        Pentsamenduak une batez aztoratu zuen, ezinbestez; lipar batez, Màlvica bezalakoa izan zen. Ferdinando, Francesco hain erdeinatu haiek anaia zaharrak, fidakorrak, bihozkorrak, zuzenak iruditu zitzaizkion, egiazko erregeak. Baina barneko bakea defenditzeko indarrak, zeharo erne Printzearen baitan, laguntzera zihoazen jadanik, zuzenbidearen mosketeriarekin, historiaren kainoiteriarekin.

        «Eta Frantzia? Legitimoa al da akaso Napoleon Ill.a? Eta frantsesak ez al dira, bada, zoriontsu bizi helmugarik gorenetara gidatuko dituen enperadore argitu horren mende? Gainera, hitz egin dezagun garbi. Zuzen-zuzenezkoa zen erabat Carlos lila, ala? Bitontoko gudaldia Corleoneko gudaldia bezalakoa izan zen, edo Bisacquinokoa bezalakoa, edo piamontetarrak gutarrekin ostikoka hasiko diren auskalo zein bezalakoa; denak lehengo hartan jarrai dezan egindako gudaldi horietako bat. Gainera, Jupiter bera ere ez zen Olinpoko errege legitimoa.»

        Zer esanik ez, Jupiterrek Saturnoren aurka emaniko estatukolpeak izarrak ekarri zizkion gogora.

       

        Bendicó bere bizitasunagatik arnaska utzi, eskaileretatik berriro igo, alabak Salvatoreren emakumezko adiskideez hizketan ari ziren aretoak zeharkatu (igaro zenean, haien gonen zetak fris-fras egin zuen alabak altxatzen ziren bitartean), eskaileratxo luze batzuetatik igo eta behatokiko argitasun urdin handian murgildu zen. Aita Pirrone eserita zegoen, meza eman eta kafe kargatua Monrealeko gailetekin hartu duen apaizaren itxura lasaiarekin, bere formula algebraikoetan buru-belarri. Bi teleskopioak eta hiru katalexuak, eguzkiak itsututa, atsedenean zeuden lasai-lasai, estalki beltza zutela okularraren gainean, jana gauez bakarrik ematen zaiela dakiten abere hezien antzera.

        Printzea ikusirik, apaiza bere kalkuluetatik atera eta aurreko gaueko itsusikeria ekarri zion gogora. Zutitu eta diosal adeitsua egin zuen, baina baita esan ere:

        — Jaun Goren hori aitortzera al dator?

        Don Fabrizio harritu egin zen, loaldiak eta goizeko hizketaldiek ahaztarazi baitzioten gaueko pasadizoa.

        — Aitortzera? Gaur ez da larunbata. Gero gogoratu eta irribarre egin zuen.

        — Egiatan, Aita, beharrik ere ez dagoela esango nuke. Dena daki eta.

        Jesulaguna sumindu egin zen, derrigorrez inposatutako bere konplizitate hori berriro aipatu ziotenean.

        — Jaun Goren hori, aitorpenaren —indarra ez datza hobenak kontatzean soilik, baizik eta, batez ere, egindako oker guztiez damutzean; eta horrelakorik egiten eta erakusten ez duen bitartean, niri dagokidanez, bekatu hilgarrian egongo da, neuk berorren ekintzen berri jakin ala ez.

        Punttalakurlo samar, putz eginez mahukatik haritxo bat kendu eta berriro murgildu zen abstrakzioetan.

        Goizeko aurkikuntza politikoek Printzearen ariman finkatu zuten lasaitasuna zela bide, irribarre besterik ez zuen egin, beste une batean lotsagabekeria irudituko zitzaionagatik. Dorretxoko leihoetako bat zabaldu zuen. Paisaiak bere edertasun guztiak jarriak zituen agerian. Eguzkiaren legamiarekin, gauza orok pisugabe zirudien: itsasoa, urrutian, kolore hutseko mantxa bat zen; gauean beldurgarri eta zelataz beterik agertu ziren mendiek deuseztear zeuden lurrun-metak ziruditen; eta Palermo bihurria bera patxadatsu zabaltzen zen komentuen inguruan, artaldea artzainaren oinetan bezala. Bokalean, ainguratutako itsasontzi arrotzek, istiluak gertatuta ere bidalita, ezin zuten beldur sentsazioa eragin hango baretasun txundituan. Eguzkia, artean ere bere goreneko galdatik urrun maiatzaren 13ko goiz hartan, Siziliaren egiazko errege azaltzen zen: eguzki bortitz lotsagabetua, eguzki narkotizatzailea orobat, norberaren nahia ezeztatu eta gauza oro mantentzen duena halako morroi-gelditasun batean, amets bortitzek kulunkaturik, ametsak bezain arbitrario diren bortizkeriek astinduta.

        — Vittorio Emanuele asko beharko dira gainera isurtzen zaigun edari magiko hau aldatzeko!

        Aita Pirrone zutitu, gerrikoa txukundu eta eskua luzaturik zuzendu zen Printzearen alderantz.

        — Jaun Goren hori, zakarregia izan naiz; ez nuke nahi berorren onginahia erretiratzea, baina jaramon egin, aitor bedi.

        Izotza puskatu zen, eta Printzeak bere irudipen politikoak jakinarazi ahal izan zizkion aita Pirroneri. Jesulaguna, ordea, haren lasaituarekin bat etorri gabe, gogor hasi zen berriz.

        — Hitz gutxitan: zuek, jaunok, ados jarri zarete liberalekin, zer diot liberalekin, masoiekin berekin, gure kaltetan, Elizaren kaltetan. Argi baitago gure ondasunak, pobreen ondarea diren ondasunak, ostu eta txarto banatuko direla gaizkile-bururik zitalenen artean; eta gero nork kenduko die gosea gaur egun ere Elizak mantentzen eta gidatzen dituen zorigaiztoko ugariei?

        Printzea isilik zegoen.

        — Zer egingo dute orduan jendetza etsitua baretzeko? Oraintxe esango diot, Jaun Goren hori. Lehendabizi, berorren lurretako zati bat botako diete ahora, gero beste bat, eta azkenik guztia. Eta horrela beteko du Jainkoak Bere Justizia, masoien bitartez bada ere.

        Jaunak gorputzez itsu zirenak sendatzen zituen; baina izpirituz itsu direnek, non amaituko dute?

        Apaiz zoritxarrekoa arnaska ari zen; zintzoki minduta zegoen, Elizaren ondarea alferrik galduko zela uste baitzuen, baina, horrekin batera, damuturik zegoen bihotzari buruaz jabetzen utzi ziolako eta Printzea iraintzeko beldurrez zegoelako; estimatzen zuen, eta ezagutzen zuen haren sumin zaratatsua, baina baita haren onberatasun urruna ere. Hortaz, errezeloz eseri eta zeharka begiratu zion Don Fabriziori, beronek eskubila batez katalexu baten tresneria garbitzen zuen bitartean, bere lan xehe-xehean berebaitaraturik itxuraz; handik gutxira, zutik jarri eta luzaroan geratu zen eskuak zatar batez garbitzen. Aurpegiak ez zuen ezer ere adierazten; bazirudien begi argiak azkazalen sustraietan babesturik koipe arrastorik ba ote zegoen antzeman nahirik soilik ari zirela. Behean, jauretxearen inguruan, isiltasun argia sakona zen, jauntasun handi-handikoa, eta hura eragotzi baino areago azpimarratu egiten zuten, batetik, Bendicóren zaunkada luze-luze batek, erronka jotzen ziolarik laranjadi atzean lorazainaren zakurrari, eta, bestetik, sukaldean berandu gabe egingo zen otordurako haragia oholean xehetzen ari zen sukaldari baten labanaren talka erritmiko sorrek. Eguzki bete-beteak bai lurraren gogortasuna, bai gizonen tirabirak urrupatu zituen. Don Fabrizio gero apaizaren mahaira hurbildu, eseri eta lis-lore borbondar puntadunak marrazten hasi zen, jesulagunak bere suminean abandonatu zuen lapitza ongi zorroztuaz. Aire serioa zeukan, baina hain barea non aita Pirroneri berehala itzaldu baitzitzaizkion kezkak.

        — Ez gara itsuak, aita maitea, gizonak baino ez gara. Errealitate aldakor batean bizi gara, hartara moldatu nahirik, algak itsasoaren bultzadarekin makurtzen diren bezala. Eliza Santuari espreski agindu zaio hilezkortasuna; guri, halako klase sozial bat garen aldetik, ez. Guretzat, ehun urtez iraungo duela agintzen digun gaitz-aringarria betieretasunaren pare dago. Agian, gure seme-alabez, gure ilobez ardura gintezke; baina esku hauekin laztantzea espero dezakegun horretatik kanpo dagoena ez da gure kontua; ni ezin naiteke arduratu 1960. urtean nire ondorengoak, ondorengorik baldin badut orduan, izango direnaz. Elizak, ordea, bai, arduratu beharra dauka, ez hiltzeko aukeratua izan delako. Bere etsipenean bertan dago kontsolabidea. Eta uste al du berorrek ez lukeela bere burua salbatuko, gure sakrifizioaz oraintxe bertan edota etorkizunean aukera izango balu? Salbatuko luke, bai horixe, bai eta horrela ongi egin ere.

        Aita Pirrone ez zen mindu, hain zegoen pozik Printzea mindu ez zuelako. "Etsipen" hitz hura onartu ezinezkoa zen, Elizari zegokionez, baina konfesategiko ohitura luzeak Don Fabrizioren umore etsitua estimatzeko gauza bihurtu zuen. Hala ere, ez zion mintzalagunari garaile ateratzen utzi behar.

        — Larunbatean bi bekatu aitortu beharko dizkit, Jaun Goren horrek: bata, atzokoa, haragiarena; bestea, gaurkoa, izpirituarena. Gogoan izan.

        Biak lasaiturik, hizketan hasi ziren laster kanpoko behatoki batera —Arcetrikora— bidali beharreko txosten bati buruz. Itxuraz zenbakiek sostengaturik, gidaturik, ordu haietan ikustezin baina han zeudela, argizagiek eterra zeharkatu egiten zuten haien ibilbide zehatzetatik. Topaguneetara zintzoki agertuz, kometek haiei begira zegoenaren aurrean segundu zehatzean ere azaltzeko ohitura hartua zuten. Eta ez ziren ezbeharren mezulari, Stellak bestela uste zuen arren: aitzitik, mementu zehatzean agertzean, giza arrazoiaren garaipena aitortzen zuten; horrela, giza arrazoia proiektatu egiten zen eta zeruen normaltasun miragarrian hartzen zuen parte.

        «Utzi ditzagun hemen behean Bendicó guztiak harrapakin xumeei jarraika, eta sukaldariaren labanak abere errugabeen haragia xehetzen. Behatoki honen altueratik, armonia lasai batean bat egiten dira bataren panparroikeria eta bestearen odol egarria. Egiazko arazoa, arazo bakarra, izpirituaren bizitza hau bere unerik abstraktuenetan bizitzen jarraitzea da, heriotzaren antzik handiena dutenetan, alegia.»

        Horrelako burutapenak zerabilzkien Printzeak, ahaztuta zituelarik bere betiko sineskeriak eta bere atzoko apeta haragizkoak. Eta abstrazkio-une haiengatik, beharbada, are barkamen handiagoa izan zuen bere baitan, hots, unibertsoarekiko lotura handiagoa, aita Pirroneren esaldiak lortuko ziona baino. Goiz hartan ordu erdiz, sabaiko jainkoek eta tapizeriako tximinoek berriro isilik geratu behar izan zuten. Baina aretoan ez zen inor konturatu.

       

        Bazkarirako zintzarriak behera deitu zituenean, biak beren onean zeuden berriro, bai zertzelada politikoak ulertzen zituztelako, bai ulerpen hori ganditua zutelako ere, eta ezohiko barealdia zabaldu zen jauretxean. Eguerdiko otordua nagusiena zen eta, Jainkoari esker, ondo atera zen. Pentsa: Carolinari, hogei urteko alabari, begitartea enmarkatzen zioten ile-kuskuiletako bat, dirudienez gaizki jarritako horkila batek eutsia, askatu eta plater gainera erori zitzaion; gertakari hark atsekabea ekarriko zukeen beste edozein egunetan, baina orduan alaitasuna gehitu besterik ez zuen egin. Neskatilaren ondoan eserita zegoen nebak kizkurra hartu eta lepotik zintzilik jarri zuen, eskapulario bat bailitzan; Don Fabriziok ere utzi zion barre egiten bere buruari. Denek zekiten Tancredi alde eginda zegoela, bai eta nora eta zertara ere, eta denak ari ziren horretaz mintzatzen, Paulo izan ezik, isilik ari baitzen jaten. Bestela ere, inor ez zegoen kezkatuta, bai ordea Printzea, halako ardura txiki bat baitzuen bihotzaren sakonean gordea; bai eta Concetta ere, bere bekoki ederrean halako itzal bat agertzen zuen bakarra.

        «Birigarro horrekiko sentimentutxoren bat dauka nonbait neskatila honek. Bikote polita izango litzateke, baina beldur naiz Tancredik gorago begiratu behar izango ez ote duen; beherago, alegia.»

        Egun hartan, Don Fabrizioren jatorrizko onberatasuna agerian zegoen berriro, estali ohi zuten lainoak desagertu baitziren kezka politikoak ere desagertu zitzaizkionean. Alaba lasaitu nahirik, erret armadaren fusilen doitasun eskasaz hasi zen: arraiarik ez zutela eskupetatzar haietako kainoiek, oso penetrazio-indar gutxi zeukatela haietatik irteten ziren jaurtigaiek; azalpen teknikoak ziren, gezurrezkoak gainera, eta gutxik ulertu eta inork ere ez zituen sinestu; halere, denak lasaitu zituzten, ezen lortu baitzuten gerla indardiagrama garbi bat izatea, eta ez egiaz dena, hots, anabasa zeharo jakin eta zikina.

        Bazkari amaieran, jelatina ronarekin zerbitzatu zen. Don Fabrizioren gozoki maiteena zen hura, eta Printzesak, eman zitzaizkion kontsolabideengatik esker onez, presta zezatela agintzeko ardura hartu zuen goizean goiz. Itxura mehatxugarria zeukan, bastioi eta ezponda gainean eraikitako dorre bat baitzirudien, igo ezinezko horma lau irristakorrez hornitua, gerezi eta pistatxozko goarnizio batek defenditua; alabaina, garden eta dardartia zen, eta bere barruan izugarri erraz hondoratzen zen goilara. Gotorleku anbarrezkoa Francesco Paolorengana iritsi zenerako —hamasei urteko mutilari azken lekuan zerbitzatu ohi zioten—, pendoitz kainoikatu batzuk eta bloke solte batzuk baino ez zitzaizkion gelditzen. Likorearen lurrinak eta goarnizio koloretsuaren zapore finak alaituta, Printzeak atseginez ikusi zuen nola errausten zen gotorleku beldurgarri hura janguraren erasoekin. Bere edalontzietako batean Marsalako ardo pixka bat geratzen zen; berak altxatu, inguruko familiari begiratu zion, zertxobait luzaroagoan Concettaren begi urdinetan geratuz, eta «Gure Tancredi maitearen osasunerako», esan zuen. Zurrutada bakarrean edan zuen ardoa. Jadanik ez ziren ikusten F.D. siglak, lehenago edalontziaren urre kolorearen gainean nabarmen-nabarmenak.

       

        Administrazioan argia zeharka sartzen zen Don Fabrizio bazkalostean berriz jaitsi zenean, eta, orain, feudoen koadroak itzalpean zeudenez gero, ez zuen haien aldetik inolako gaitzespenik jasan behar izan.

        — Bedeinka gaitzala berorrek —murmuriatu zuten Pastorellok eta Lo Nigrok, gauzekin ordaintzen zen errenta zatia, carnaggio izenekoa, eraman zuten bi maizterrek. Tente-tente zeuden eta beren begiek harridura azaltzen zuten beren aurpegi ezin hobeki afaitatu eta eguzkiak beltzaranduetan. Azienda usaina zerien. Printzeak bihotzez hitz egin zien, funts-funtsera murriztutako bere dialektoaz; haien familiez galdegin zien, bai eta abereen egoeraz eta uztan biltzea espero zutenaz ere.

        — Zerbait ekarri al duzue? —galdetu zien gero; eta biek baietz zioten bitartean, gauzak aldameneko gelan zeudela, Printzea apur bat lotsatu zen, oharturik elkarrizketa hura Ferdinando Erregearen entzunaldien errapikapena izan zela.

        — Itxaron bost minutuz, Ferrarak ordainagiriak ekarriko dizkizue.

        Eskutan dukat pare bana jarri zien, ekarri zutena baino balio handiagokoak.

        — Gure osasunerako edan dezazuen —eta ekarritako carnaggio haiek ikustera Joan zen: lurrean lau primosale gazta zeuden, bakoitza hamabi rotolo-koa, edo, bestela esanda, ia hamar kilokoa; axolagabeki begiratu zien: gorroto zuen gazta hura; bazeuden, gainera, sei arkumetxo, urteko azkenak, buruak patetikoki zintzilik zeuzkatenak zenbait ordu lehenago biziaren ihesbide izan zen ebakitik; sabelaldea ere irekia zuten, eta heste irisatuak kanpora irtenak.

        «Jaunak gorde dezala bere arima», pentsatu zuen, hilabete lehenago hesteak aterata aurkitu zuten soldaduaz oroiturik.

        Lau oilo pare, hankak lotuta, beldurrez inarrosten ziren Bendicóren mutur miatzailearen azpian.

        «Hau ere alferreko beldurraren adibidea —pentsatzen zuen—; zakurra ez da haientzat arriskugarria; hezur bat ere ez die jango, sabelean min egingo lioke eta.»

        Halere, odol eta izu-ikara ikuskizunak nahigabetu egin zuen.

        — Hi, Pastorello, eraman itzak oiloak oilategira; oraingoz despentsan ez dizkiagu behar; eta hurrengo batean, zuzenean sukaldera eraman arkumeak: bazterrak zikindu egiten dizkitek hemen. Eta hi, Lo Nigro, hoa eta esan Salvatoreri garbitzera etortzeko eta gaztak hemendik eramateko. Eta ireki ezak leihoa, hatsa joateko.

        Ondoren, Ferrara sartu zen ordainagiriekin.

       

        Don Fabrizio berriz bere langelara igo zenean, hango diban gorrian egin ohi baitzuen lo-kuluxka, Paolo aurkitu zuen han, maiorazkoa, Quercetako dukea. Gazteak bere adore guztia bildu eta hitz egin nahi zion. Txikia, argala, beltxarana izanik, bera baino zaharragoa zirudien.

        — Aita, galdetu nahi nizun nola jokatu beharko dugun Tancredirekin, berriz etortzen denean.

        Aita berehala ulertu eta sumintzen hasi zen.

        — Zer nahi duzu esan? Zer aldatu da?

        — Baina, aita, zuk ezin duzu horrelakorik onartu, inondik ere; Sizilia asaldaturik daukaten doilorkume haiekin biltzera joan da; gauza horiek ez dira egin behar.

        Argudio politikoaren mozorroa hartua zuten haren bekaizkeria pertsonalak, sasisantu hark bere lehengusu arduragabearekiko zeukan suminak, ergelak mutil azkarrarekiko zeukanak. Don Fabriziok ez zion esertzeko ere esan semeari, haserre-haserre zegoen.

        — Hobe da babokeriak egitera joan, egun osoa zaldi kakari begira egon baino! Lehen baino maiteago dut Tancredi. Eta gainera, ez dira babokeriak. Inoiz «Quercetako Dukea» dioten bisita-txartelak egiterik izango baduzu, eta ni hiltzen naizenean lau sos hartzen badituzu heredentzian, Tancrediri eta bera bezalako beste batzuei eskertu beharko diezu hori. Alde hemendik, ez dizut onartzen horretaz gehiago hitz egitea niri!, hemen neuk bakarrik agintzen dut.

        Gero berriro bere senera etorri eta suminaren ordez ironia erabili zuen.

        — Zoaz, seme, lo egin nahi dut. Politikaz hitz egin nahi baduzu, zoaz Guiscardorengana, ondo moldatuko zarete.

        Eta Paolok, izoztuta, atea ixten zuen bitartean, Don Fabriziok redingote-a eta bota txikiak erantzi, dibanari intziria aterarazi zion bere pisuaren eraginez, eta lasai lokartu zen.

       

        Esnatu zenean, bere morroiak egunkaria eta gutuntxo bat ekarri zizkion erratilu baten gainean. Zaldizko zerbitzari batek ekarri zituen Palermotik, bere koinatu Màlvicak aginduta. Artean ere erdi lo, Printzeak gutuna ireki zuen.

        «Fabrizio maitea; idazten ari naizen honetan, ilunaldirik handienean nago. Irakur itzazu egunkariak dakartzan albiste ikaragarriak. Lehorreratu dira piamontetarrak. Gureak egin du. Gaur gauean bertan, nik eta familia osoak babesa eskatuko dugu itsasontzi inglesetan. Berdin egin nahi izango duzu, segur aski; eskatuko dut lekuren bat zuretzat uzteko, ongi iruditzen bazaizu. Jaunak gorde dezala oraindik ere gure Errege maitea. Besarkada bat. Ciccio.»

        Papera tolestatu, poltsikoan sartu eta barre algaraka hasi zen. Màlvica hori! Oilo busti bat izan zen beti. Ez zuen ezer ulertu, eta orain dardarka ari zen. Eta zerbitzarien mende uzten zuen jauregia; oraingoan bai aurkituko zuen hutsik! «Ahaztu gabe: komeni da Paolo Palermora joatea; une hauetan, etxe abandonatuak etxe galduak dira. Afarian hitz egingo diot.»

        Egunkaria zabaldu zuen. «Piratakeria nabaria burutu zen maiatzaren 11n, Marsalako hondartzan jende armatua lehorreratu zenean. Geroagoko albisteek argitu dutenaren arabera, itsasotik iritsitako jende-ostea zortzirehun ingurukoa da, Garibaldi buru. Lurreratu bezain azkar, filibustero haiek ardura handiz saiatu ziren Erregearen tropekin buruz buru ez egiten, eta antza denez Castelvetranora abiatu ziren, hiritar baketsuak mehatxatuz eta han eta hemen lapurretak eta hondamenak eginez... etab., etab.»

        Garibaldiren izenak zertxobait aztoratu zuen. Menturazale hura, dena ile eta bizar, mazzinitar hutsa zen. Atsekabeak ekarriko zituen.

        «Baina Galantuomo-k hona bidali badu, horrek esan nahi du fidatzen dela berarekin. Eskuak lotu egingo dizkiote.»

        Lasaitu, orraztu eta oinetakoak eta redingote-a janzteko agindu zuen. Egunkaria kajoi batean gorde zuen. Errosario-ordua zen ia, baina saloia hutsik zegoen artean ere. Diban batean eseri eta, zain zegoelarik, Vulcano sabaikoak Torinon ikusi zituen Garibaldiren litografien antza zuela ohartu zen. Irribarre egin zuen. «Adarduna!»

        Familia biltzen joan zen. Gonetako zetak fris-fras egiten zuen. Gazteenek elkarrekin txantxetan jarraitzen zuten. Ate ostean, zerbitzarien eta Bendicóren arteko ohiko eztabaida entzun zen, zakurrak kosta ahala kosta hartu nahi baitzuen parte. Hautsez beteriko eguzki errainu batek tximino gaiztoak argitu zituen.

        Belauniko jarri zen: «Salve Regina, Mater misericordiae...»

 

 

© Giuseppe Tomasi di Lampedusa

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giuseppe Tomasi di Lampedusa / Gattopardo" orrialde nagusia