HITZAURREA

               

        Giuseppe Tomasi, Palmako dukea eta Lampedusako printzea, Palermon jaio zen 1896ko abenduaren 23an, eta hemen aurkezten dugun Gattopardo honegatik igaro da literaturaren historiara. Gazte-gaztetandik irakurle ase-ezina izanik, oso ondo ezagutu zituen Frantziako, Ingalaterrako eta Errusiako literaturak, jatorrizko hizkuntzan gainera, bai eta bere garaian Europan eta Ameriketan nagusi ziren literatur korronteak ere; Stendhal, Proust, Joyce eta Virginia Wolf ziren bere idazlerik gustukoenak. Alabaina, bere bizitza ia guztian ez zuen literaturarekin bestelako harremanik izan, harik eta 1953tik 1955era bitartean bere mundu aristokratikoko bakardadea utzi eta Palermoko intelektual gazte batzuekin halako literatur-zenakulu bat antolatu eta zuzendu zuen arte; bere irakurketa ugarietan sakon ezagutzera iritsi zen literatura ingeles eta frantsesaren garapen historiko osoa jorratu zuen, bere idazle-jardunaren atarian.

        Ordurako, Tomasi di Lampedusak urteak zeramatzan eleberri historiko bat idazteko asmoarekin, Sizilian girotua, Garibaldi lehorreratu zen garaian, bere birraitona baten, Giulio Tomasi di Lampedusaren figuran oinarrituz. 1954an bere lehengusu poeta bati lagundu zion idazle-batzar batera, eta horrela ezagutu ahal izan zituen garai hartako Italiako literaturgilerik onenak, baina izatez jendearentzat irekia ez izanik, ez zen inorekin harreman luzerik edukitzera iritsi. Halere, beharbada han ikusitako giroak akuilaturik, bere buruarekin konfiantza hartu eta ordura arte bazter utzia zuen sorlanari ekin zion, su eta gar, eta pare bat urteren buruan Il Gattopardo moldatu zuen, bai eta bost ipuin eta Stendhali buruzko azterlan bat idatzi ere.

        Hortaz, hirurogei urterekin hasi zen idazten. Zoritxarrez, 1957. urteko udaberrian gaixotasun larri bat diagnostikatu zioten, eta Erromara joan zen sendatzeko asmoz, baina uztailaren 23ko gauean hil zen, bere literatur lanak argitaratuta ikusi gabe.

        Izan ere, aurreko urtean Mondadori eta Einaudi argitaletxeetara bidali zuen eleberriaren parte bat, baina ez zioten argitaratu nahi izan. Nolanahi ere, bere lagun baten bitartez, eleberriaren bertsio daktilografiatu bat Giorgio Bassani, Feltrinelli argitaletxerako idazle garaikideen liburu bilduma bat zuzentzen zuenaren eskuetara iritsi, eta Il Gattopardo 1958an plazaratu zen; berehala sekulako arrakasta lortu zuen irakurleen artean, eta handik zenbait urtera Luchino Viscontik film bat egin zuen. Aldiz, kritikarien artean denetako iritziak piztu zituen; kontutan har dezagun neoerrealismoaren garaia zela hura Italian, «eleberriaren krisiaren garaia» alegia, eta Lampedusaren lana giro horretatik kanpo kokatzen zela erabat; gainera, ez zegoen garbi eleberri historikoa ala psikologikoa zen, errealitatearen kontakizuna ala oroimenarena. Bestalde, egilea hilda zegoen, bere liburuari azken forma eman gabe, eta Giorgio Bassaniren esku geratu zen eginbehar hori; horrek ere nahikoa eztabaida eragin zituen azken testuaren egiazkotasunaz. Bassani, eskuetara iritsi zitzaion zirriborroa (egilearen izenik ere ez zuena) irakurri eta gero, nobela handi baten aurrean zegoela ikusirik, azkenik Lampedusaren lana zela jakin eta Palermora joan zen idazlearen familiarekin harremanetan jartzera; Lampedusaren alargunak kopia makinografiatu bat eskuratu zion, baina ez zen konforme geratu, testua osorik ez zegoelakoan; horrela, idazlearen semeordea, Gioacchino Lanza Tomasi, ezagutu eta Lampedusak utzia zion eskuizkribua jaso zuen (1957ko eskuizkribua deitu izan zaio), eta Bassani horretaz baliatu zen ordurako zeuzkan zazpi atalak orrazteko; bertan, gainera, alargunak eman ez zion atal oso bat zegoen, bosgarrena, aita Pirronek bere herrira egiten duen bidaia kontatzen duena; izan ere, printzesaren arabera, bere senarra ez zegoen oso pozik zati horretan jesulagunak nobleziaz egiten duen goraipamenarekin, Don Fabrizioren jokaera ekintzen bidez soilik justifikatu gabe haren glosa bat egiten baitzuen. Euskaratu dugun bertsioa, beraz, 1957ko eskuizkribuaren gainean egindakoa da, Gioacchino Lanzak ontzat emana.

        Esan bezala, Il Gattopardo Sizilian girotua dago, Garibaldi Marsalan lehorreratu zen garaian, alegia, Italiaren batasunera eraman zuten gertakizunen garaian. Ekintzak hogeita bost urte betetzen ditu, hiru epetan banatuta: lehen lau atal edo «zatiak» 1860. urteari dagozkio, hau da lehorreratzearen urteari; haiekin batera jarri behar dira, orobat, bosgarren eta seigarren zatiak: lehena, 1861ean kokatua, aita Pirroneren bidaia kontatzen duena, eta bigarrena, 1862an, dantzaldi ezagunaren atala da. Bigarren epeak zati bakarra hartzen du, VIIa, 1883. urtean kokatua, eta Printzearen azken egunak eta haren heriotza kontatzen ditu. Azkenik, zortzigarren zatia, 1910ean girotua, guztiaren bukaera da. Hiru epe horietan, Don Fabrizio bere leinuaren gainbeheraren eta klase sozial berri baten sorreraren lekuko izango da, horixe baita eleberriak kontatzen diguna: gauza guztiak isurian doazela, pixkanaka aldatuz, hutsera, ezerezera iristeko. Bitartean, aitzakia bat agian, Italiaren eta Sizilia dohakabearen historiara hurbiltzen gara, mundu baten amaieraren aurrean gertatzen gara, interesik materialenak, maitasuna, sentsualitatea, galduarekiko oroimina, ez izanarekiko arrenkura, heriotza eta beste hainbat sentimendu nahasten dituen atmosfera margotzen digun kontakizun zoragarri batean.

        Hitzaurre hau amaitzeko, argitasun bat izenburuari dagokionez. Euskal edizio honetan, Gattopardo ipini dugu, berez Fabrizio Printzearen ezizen bat bezala delako, bere familiaren armarritik ateratakoa; idazlearen ironia bat aurkitzen dugu hemen, zeren bere familiaren armarrian leopardo bat baitzegoen. Beraz, Salinatarren sinbolo heraldikoan itxuraldaketa lexiko-literario bat gertatu da, guk bere hartan utzi nahiago izan duguna. Espainieraz, jakina den bezala, El Gatopardo izenburua ipini zitzaion, idazkera moldatuta, gazteleraz horrelako izenik duen animaliarik egon ez arren. Beste hizkuntza gehienetan, aldiz, «leopardo» hitza erabiliz itzuli izan da, baina gure edizio honetan, ahaztu gabe gure artean «Gattopardo» hitzak dituen oihartzun literario-zinematografikoak, inolako itzulpenik ez egitea erabaki dugu, hitzaren konnotazio horiek ez galtzeko.

               

Koldo Biguri

 

 

© Koldo Biguri

 

 

"Giuseppe Tomasi di Lampedusa / Gattopardo" orrialde nagusia