Hamalau

BELFEGOR EDO NAGIKERIA

 

        Asko hitz egiten da infernuan, 2250ean fundatutako Bêt-Bêt hiriaz. Bêt-Bêt zaintzen zuten demonio ugariak, oporrak disfrutatzera Deabruaren jaurerrira itzultzen zirenean, berri gartsuak zabaltzen zituzten hango izpiritu aurrerakoiaren garaipenen inguruan. Han ez zen galtzen espazioaren zentimetro bakar bat ere, eta mundu guztiak lan egiten zuen. Higienerik zorrotzenak distirarazten zituen bertako auzo eta sektore guztiak, eta hauetako bakoitza, garrantzizko azterketen ondoren, injineru, arkitekto, paisajista eta teknikari burutsuek ideatua izan zen, eredu berezi baten arabera, zeinak errepikatzen zituen eraikuntza uniformeak, plazak, lurpeko babeslekuen labirintoa, etorbideak, errepideak eta gainerakoak, harik eta hurrengo distritura igaro arte, hau ere bere aldetik beste eredu baten emaitza, zeren, aurrekoa bezala, berdintasun, simetria, eraginkortasun eta zorroztasunez planeatu eta lortua izan baitzen. Taldekatze bakoitzaren exijentzien arabera, mota jakin bateko tximinia, dorre eta konduktuak gailentzen ziren, eta kolore ezezaguneko gasak botatzen zituzten, zeren proiektugileek segidako koarteletan, berdin edo antzeko manufakturak metatu baitzituzten, fluido berdin edo antzekoak jaurtitzen zituztenak, ondorioz erraza zen jakitea Bêt-Bêt hiriko zein gunetan aurkitzen zen bat, aireko hondakinen tonutik, eta hauek sortzen zuten kiratsetik. Halere, zientzilariek kirats horiek ia erabat orekatzea lortu zuten, eta oso zolia izan beharra zegoen horiek bereizteko, ze lurrin berdinak ordezkatzen baitzituen, eta ezinbestekoa zen honetara ohitzea. Bestalde, zaingoaz arduratzen zirenek izan ezik, inork ez zuen uzten zegokion sekzioa Bêt-Bêt hiriko mirari handiaren barruan: zeregin gehiegi zeukaten zegozkien esparruetan, eta lanak ez zuen ematen biderik ezohiko alferkerietan ibiltzeko. Atseden-egunetan, biztanleek bakarkako mekanismo xumeak jartzen zituzten martxan, eta hauek, atmosferan igo eta ibilaldi laburrak gauzatzea ahalbidetzen zieten, baina orduan ere beren hiritar zatiketen altitudean metatuak ibili ohi ziren, goiko trantsitoa gobernatzen zuen poliziak hartara behartuta. Eta aktibitateen tregoa mailakatuen aldiak egokitzen zitzaizkienean, normalean, omnibus handietan eramaten zituzten planeta adiskide desberdinetara, han aurreikusitako antzeko hiriak zain baitzeuzkaten plazer metodikorako. Ondorioz, Bêt-Bêt hiriak ordena perfektutik sortzen den irudi moztu, koadrikulatu eta zehaztua eskaintzen zuen. Aski zen han norbaitek zer auzotan bizi zen esatea (egia esan, beharrezkoa ez zen gauza, ze bere arropa eta identifikazio ezaugarritik ondorioztatzen baitzen hori), berehalaxe jakiteko nolakoak ziren haren egoera soziala eta zegozkion erantzukizunak, eta zein roboten menpe zeuden haren zereginak. Biztanleak denak batera etortzen ziren beren zereginetara eta beren egoitzara, beren olgetetara eta beren atsedenaldietara. Horretarako ez zuten txilibitu beharrik, ez artifizio soinudun, ez isileko deialdirik beren kontzientzietara, ze eurek, espontaneoki, betetzen baitzuten hori, horrenbesterainoxe ohituak baitzeuden, amaren sabeletik hasita, beren eginkizun aldaezinei erantzutera.

        Dorre lerdenetan finkotuta, demonioek desfilatzen ikusi zituzten, eguneroko eboluzioak ezartzen zuenaren arabera, bertako batailioi uniformeak, goardi mekaniko arretatsuek alfer-alferrik gidatzen zituztela, eta harrituta geratu ziren haien disziplinaren bikaintasunaz.

        — Ulertzen ditut —azaldu zuen Leviatan bekaiztiak— Bêt-Bêt hiriak han finkatutako gure adiskideei eragiten dizkien alabantzak eta mirespena.

        — Hain miresgarria da hiri ideal hau —esan zuen Luziferrek—, ze bere ordena, bere kemen eta bere trebetasunagatik, soilik konpara baitaiteke...

        — Infernuarekin —eten zuen Satanek.

        — Hori da, Infernuarekin.

        — Infernuarekin! Infernuarekin! —onetsi zuten besteek, patxadan arnasa hartuz.

        — Hona hemen —jarraitu zuen Luziferrek— nora daraman aurrerapen zaindu, onuragarriak. 2273. urtean, gizakiak lortu du, bere ikerketa bikainen eta paradigma den arautegi baten ondorio gisa, sortzea, Lurraren gainean, maisutasunezko arketipoa, zeina, bere jakinduria sistematikoarekin, eskaintzen duen Infernuak. Zorionak eman beharra dago.

        Eta, agur modura, diamantezko diadema ukitu zuen. Gainerakoek haren keinua errepikatu zuten begirunezko erreberentziekin.

        — Gorentasuna, Anderea —esan zion Mammonek Belfegorri, zeinak arrautza gogorren antzeko begiez begiratzen baitzuen—, ezinezkoa da berorren posizioagatik zeloak sentitzea une hauetan. Bêt-Bêt hirian ez dago lekurik nagikeriarentzat. Funtzionatuko lukete, agian, zenbait bekatuk. Nagikeriak ez. Ez da kabitzen. Pentsatzen dut biztanle gehienak Linbora joango direla. Nagirik, seguraski, ez dago hemen. Deabrua zain geneukan, azkenean, lege gaiztoko amarruarekin.

        — Deabrua kritikatzen duenak, Zeruari tu egiten dio... Infernuari esan behar nuen —deklamatu zuen Beeltzebulek.

        Ondoko egunetan Bêt-Bêt hirian zehar egindako ibilaldiek, beren azaleko inpresioak sendotu zituzten. Elikagai sintetiko banatzaileek jakiak nola partitzen zituzten ikusi zuten, erregulartasun isokronoz, etxe erraldoietan. Osasunaren ajeak ezabatu zirenez, dibertsifikatzaile handiak, Bêt-Bêt hiriko biztanleek otordu bikiak egin zitzaketen (eta egin beharra zeukaten), hauek egunero aldatzen baitzituzten, ordutegi jakin baten arabera, honela norbaitek bêt-bêtar baten gosaria ikusten bazuen, bazekien ziur populazio osoak jaki konprimatu horiek gosalduko zituela, eta hauek, nahitaez, bera gosaltzera zihoan berberak ziren. Eta moda, urtetik urtera aldatzen zenez, Bêt-Bêt hirikoei janzkeran distraitzeko aukera bat emateko, arropa berria iragartzen zen bezain laster, publikoa merkatuetan biltzen zen, gero, etxera (edo hobeto esanda egoitzara) jantzi berriak eta bere auzokoen homogeneoak luzituz itzultzeko pozez. Siberia neurri zehatzez berogailutua izan zen, horretarako Lurraren barruko beroaz baliatuz; hau motore indartsu eta bikainez erauzi zuten, beraz ez zen ezagutzen negua udatik bereizten duen aldaketarik, eta honi esker ez jatea, ez janztea, ez bizitzaren erritmoa, ez ziren aldatzen urtean zehar; eta nola zortzi zenturia baziren familiaren erakundea deuseztua izan zela, Bêt-Bêt hirian funtzionatuz segitzen zuten betebehar bakarrak eta oso zorrotzak lan egin, jan, ernaldu, atseden hartu eta lo egitea ziren, aurrez finkatutako ordutegi baten barruan.

        Aipatzen duguna —askoz gehiago delarik isilean gordetzen duguna, amorragarritzat har ez gaitzaten, baina panorama honekin zorroztasunez harmonizatzen duena— izugarri interesatu zitzaien demonioei. Halere, Bêt-Bêt Infernuarekin parekatu zuen beren lehen inpresioa aldatu egin zuten azalekoa izatea gertatu zelako. Hori bai, ezbairik gabe, benetan infernutarra zen gauza bakarra —eta horretan bat zetozen zazpiak—, Bêt-Bêt hirian denek lan egiten zuten ebidentzia izan zen, eta han bizitza oso zorrotz erregimentatua eramaten zela. Horrek, alde batetik, Beeltzebulen irrika igualitarioak ase zituen, baina, bestetik, minduta eta ez aurrera eta ez atzera utzi zuen hiri hartan sabelkeria gozoa deuseztua izanak. Bazirudien, era beran, ez haserrea, ez harrokeria, ez zekenkeria, ez lizunkeria, ez bekaizkeria, ez zeudela han eragiteko baldintzatan. Eta zer esan nagikeriaz, tentazioetan erauzienaz!

        Bertako demonioek, hauekin hitz egin baitzuten, jakinarazi zieten Bêt-Bêt ez zela Mundu osoan gertatzen zenaren lagin bat besterik, eta honek lotsa-lotsa eginda utzi zituen, Deabruak gauzaeztzat kalifikatzeko eduki zuen arrazoia finkoagotzean, izan ere —Infernuan edozein arduratatik autojubilatu zirelako— ez baitzituzten ezagutzen hain oinarrizko arazoak. Elkarren artean beren buruak salatu zituzten denbora alfergaltzaile izateagatik eta zegokien printze titulua eramateko duin ez izateagatik, eta Luzifer harroputza tartean aurkitu izan ez balitz, honek adorea jaso baitzien berezko eta gaindiezinezko harrokeriak iradokitzen zizkion argudioekin, hipokondrian eroriko ziren denak, errenditze hondagarrienetan amiltzeraino. Zorionez, erabat lan zaila gauzatu beharra zeukaten, eta honek poztasun osasungarri moduko bat ematen zien, kezkaren, handipuzkeriaren eta erronkaren ondorioa. Eta gehien harritzen zituena Belfegor emakume potzoloaren jarrera zen, zeren hau, beirate baliokideen aurrean geratu, jantoki monotonoetan sartu, edota fabrika-establezimendu trukagarriak bisitatzen zituzten bitartean, geldo-geldo, euren urratsen atzetik bazetorren ere, dortoka-oskola eutsi edo laguntza ematen zioten lau tximinoak ondoan zituela, aitzakia hutsalekin atalondoetan, plazetako soropilean, edonon, eseri egiten baitzen, edo espaloi higikorretatik eraman zezaten uzten zien, harik eta desagertu eta loarekin bere barru-barruko elkarrizketari berrekiten zion arte.

        Denbora aurrera zihoan, turismoaren, azterketa sozialen eta esfortzu profesionalaren atzeratzearen artean, eta honek argi uzten zuen gertaera hori nagikeriaren ezaugarriaren azpian kokatua izan zela. Alfer-alferrik zirikatu zuten Belfegor, bere lana has zezan. Demonio hermafroditak euren gainean ibiltzera botatzen zituen bere begi berde handi eta alferrak, ederrak izango ziratekeenak, lo gehiegi egitearen ondorioz, barruko lausoan adarkatutako ildoengatik izan ez balitz. Belfegorrek ez zien kasurik egiten, posizio nakarra berregokitzera mugatzen zelarik. Eta deabruak sutu eta asaldatu egin ziren, emademonioaren erruagatik, denen eginkizunak koroatzear zeuzkatela, guztiak porrot egingo zuen beldur. Hitz egin zioten, erregutu egin zioten, astindu egin zuten, salatu egin zuten, laidotu egin zuten, baina dena alfer-alferrik. Belfegorrek ondo frogatu zuen, setakeria bitxiaz, nagikeria sendoago dela harrokeria eta hira baino. Uko egin zion ibiltzeari, berriro anden erabilpenera itzuliz, eta berauen gainean, txinpantzeek garraiatzen zutela eta, gorte txiki bat iduri, sirenak, zezenak, grifoak, sugeak eta apoak inguratzen zutela —hauek ez baitziren aspertzen beirateak aztertzeaz—, arranditsu zetorren bere adiskideen atzetik. Hauek, maiz, ibilitako bidean atzera egin, ukondoaz jo eta galdetzen zioten ea artean ez al zuen aurkitu irtenbiderik, ea ez al zeukan emateko agindurik, eta Belfegorrek irribarre egiten zien otzantasun hain urrunez, ze horrek beren onetik atera eta sutan jartzen baitzituen. Luzapenez leporaino eginda, batzarrean bildu ziren demonioak beren bazkide aihergak lo egiten zuen bitartean, eta beren kabuz jokatzea erabaki zuten, baina laster ikusi zen, beren eztabaidan zehar, ez zeuzkatela eskura nagikeriari zegozkion baliabide psikologikoak, ze bakoitzak, aurrera ateratzeko, bere bekatu indibidualari atxikitako politika proposatu baitzuen, eta honek, agian, bêt-bêtarren bekaizkeria, zekenkeria, haserrea, etab. sor zitzakeen, baina sekula ez bilatzen zena. Ezinean eta amorrazita, beren onetik aterata zeuden. Eta bien bitartean Bêt-Bêt hiriak martxan zirauen, erloju handi bat bailitzen, zeinaren esferak bere herriko maniobra militar automatikoak islatzen zituen, Mundu osoan gertatzen zenaren irudi laburtu bat aurkezten ziela.

        Azkenean burua galdu zuten eta, beren amorruak bateratuz, denek batera eraso zioten emademonio geldoari, beren garraiobideen konplizitateaz baliatuz. Sugeak Belfegorren gorputzaren biguntasuna estekatu zuen; zezena gainean jarri zitzaion; grifoak mokoka eraso zion; apoak tu egin zion; tximinoek egurtu egin zuten; eta eurek, senidearen printzesa-izaeraren aurrean esperimentatzen zuten begirunea handia bazen ere, desesperatuta zartakoz josi zuten, atsekabetuta beren buruak joko bailituzte bezala. Borondateak bateratze honek bere emaitza ekarri zuen. Bere onera itzuli zenean, erreklamatu zioten, gutxienez, saia zedila bêt-bêtar bat, bat bakarra, edozein bêt-bêtar nagikeriaren tranpa bigunean erorarazten, ziurtatuz horretarako beren laguntzarik leialena emango ziotela. Belfegorrek egingo zuela, urruma egin zuen eta, bere orduan, emango zituela ordenantzak. Une horretatik aurrera, ondoko bi asteetan zehar, ez zuten haren arrastorik izan, eta Infernura itzulia ote zen susmoa ere hartu zuten, txintik esan gabe eta bakarrik utzita, baina ez ziren ausartu irtetera, harik eta ziurtasun osoa lortu arte ez zitzaiela geratzen beste erremediorik bide hori hartzea baino.

        Emademonio nagia pisua galtzetik hasi zen, ahal zen neurrian. Sekula ez zuen lortu emakume bêt-bêtar zahar edo gazteekin (oso ederrak) konpara zitekeen ziluetarik. Erremediorik gabe, gantzak eta kiloak sobratzen zitzaizkion. Halere, denek zeramaten jantzi uniformeetako baten barruan sartzea lortu zuen; dokumentazio faltsua eskuratu, eta honela hornitua, kuxin sentimentalen manufaktura batean sartu zen.

        Hauek, Bêt-Bêt hiriko zientzia gizonen asmakari bat ziren eta, hiritar bizitzaren zoriontasuna segurtatzen zuten. Kuxin handiak ziren, eta aski zen hauetan oinak jartzea kezka nostalgikoak ezabatzen zituzten soinuak emiti zitzaten. Esate baterako, baldin, bere egoitza hutsera itzultzean, norbait ordena familiar zaharreko nostalgiek atsekabetzen bazuten (bere odolean sartuegia, milurteko ohituragatik, erregimen berriak dagoeneko sustraitik aterea izateko), nahikoa zuen oinak kuxinaren gainean jartzea, eta segituan eskaintzen zion mekanismoak haurraren negarra, txakurraren zaunka, katuaren miaua, kanarioaren txorrotxioa, eltze-danborrada, eta honela, zeren amaigabe alda baitzitezkeen soinuak, premiaren arabera, eta kuxinaren oparotasunak barruan zeuzkan hasi Bach-en fugatik eta eltzeko indioiloaren irakite hotseraino, eta amodiozko deklarazio batetik soropila ebakitzeko makinaren iskanbilaraino. Beren eboluzioan atzeratutakoek soilik, ahulenek, erosten zituzten kuxin hauek, baina kontuan eduki beharrekoak ziren, Bêt-Bêt hiria zentzu harmonikoz garatzea nahi baldin bazen. Berauen egileek kalkulatzen zuten, kuxin horiek ere baztertzea lortuko zela, pixkana-pixkana, baina oraingoz gaur egungo kontzeptuaren garaipentzat hartzen zen, urruntasun sintomak zeuzkatenak, erremedio berdinen dosi berdinez sendatu ahal izatea.

        Kuxin mesedegarrien fabrika batean sartu zen, beraz, Bere Gorentasun Belfegor Anderea. Jakina, establezimendu txikia zen, industria handira destinatutakoekin konparatzen bada, publiko murriztu eta berezi batentzat baitzen. Sartu zen eta lanera sartu zen, zerbait hain nahasia emademonioarentzat, hain etsaia haren idiosinkrasiarentzat, ze kosta egin baitzitzaion ezarri zioten lan morrontzaren nazka gainditzea. Azken batean, baloratu beharra dago honen esanahia, hots, demonio printzesa bat, eta gainera, nagikeriaren demonioa eta printzesa izatearen inguruabar guztiz bereziagatik nabarmendua, egunero kuxin sentimentalen fabrikara etorri, eta kuxinak betetzen jardutea ordu segida luze-luze batean. Pertsonala bi mila gizonezko eta emakumek osatzen zuten, zeinaren sexuak bereiztea zaila zen —lortzen zenean—, berauek oso ondo bateratzera iritsi baitziren Bêt-Bêt hiriko metodoak.

        Belfegorri dagokionez pertsonalaren atentzioa eman zuen lehen gauza, honen bolumenaren desberdintasuna izan zen. Inork ez zuen pisatzen Belfegorrek adina, honek bere buruari ezarritako erregimena berriketakoa ez bazen ere. Kuriositate horri haren jarreraren zenbait aspektutatik deribatzen zena gehitu zitzaion. Lan egiten zuen noski, kontzienteki lan egiten zuen, ze bestela ez baitzukeen izango irauterik manufakturan, oso zigor larrietan erori gabe, halere asmatu zuen sartzen lanari aurre emateko eran bere geldotasun fina —hau, egia esan, hasiera batean, ez zen itzal bat besterik, moteltasunaren ñabardura arin-arin bat besterik ez apenas—, baina honen presentzia, leun, milinga, samur, ezti, eta etengabeak, bere hurbileneko lankideen harridura sortu zuen. Ez zitzaien burutik pasa, erritmoaren ukitu hori, aldaketa arin eta sendo hori existitu ere egin zitekeenik. Hain gauza bitxia zen, ze eurek ere gutxitu egin baitzuten kadentzia neketsua beren zeregina betetzeko orduan. Gero hauteman zuten, atsedenaldi laburretan, bere lekuan zutik egon eta seiluak hartu edo masajeak errezibitu ordez, indarra metatzeko, emakume hasberri gizenak etzan eta lo egiten zuela. Azken hau fantastikoa zen. Norbaiti lo egitea bururatzea, lana beronen jarraipenetik bereizten duen denbora-bitarte laburrean, fantastikoa zen. Eta Belfegor (nork daki begi bat zabalik zuela ote, ze lo egiten zuenean, lo seko egiten baitzuen) siesta egitera ausartzen zen aipaturiko okasioetan.

        Aurrena emakume bat izan zen; gero gizonezko bat izan zen; hurrena hirugarren emakume bat; ondoren laugarren gizon bat, uzkur-uzkur eginda hasieran, eta aurrerago gogotsu, Belfegorri kopiatzera ausartu ziren. Eta ez hori bakarrik: haren lasaikeriaren, haren makaltasunaren, haren «laisser aller»aren jarraibidea zabaldu zen fabrikan. Buruzagiek berandu esku hartu zuten: fabrika osoa lo zegoen; fabrika osoak gero eta lan gutxiago egiten zuen... gero eta gutxiago... Harik eta fabrika gelditu zen arte, Belfegor lokartuaren inguruan. Hain misteriotsua, hain poetikoa zen muxarrez populatutako manufaktura hark eskaintzen zuen ikuskizuna, ze langile-buruak, enplegatuak, zaintzaileak eta robot baztertuak, era berean, haren eragin loguratsuaren aurrean erori baitziren, lo-zenturiek eskatuko baliete bezala, eta berauetara errendituko balira bezala. Eta askok bekokiak edo garondoak gainean jartzeko kuxin sentimentalak erabili zituztenez, fabrika, urrumaz, sehaska-abestiz bete zen, eta honek hain lozorro sakoneko baretasuna sortzen lagundu zuen, ze jada inor ez baitzen jaiki, ez esnatu, ez jan, ez etxera itzuli, baizik burua kulunkatuz eta zurrungaka jarraitu zuten.

        2273. urtean, argiak baino azkarrago korritzen zuten berriek Munduan zehar. Honetarako irakatsitako buruek transmititzen zituzten berriak. Berehalaxe jakin zen, edonon, Bêt-Bêt hirian gertatzen zena. Eta Mundua txunditu egin zen. Ez zen egon ez altxamendurik, ez hitzaldi subertsiborik, ez atentaturik, ez krimen beldurgarririk, ez indarkerian oinarritutako askatasunaren ezarpena erreklamatzen zuen heretikorik. Logura egon zen, logura gogotik. Logura bost kontinente naturaletan, eta bi fikziozkoetan, urpekoan eta airekoan. Jendeak loari eman zion laborategietan, bulegoetan, anfiteatroetan eta, inon baino gehiago, fabriketan. Hildakoek lo egiten duten baretasun xaloarekin lo egiten zuen jendeak. Naretasun bikain bat egin zen globoaren jabe.

        Bat-batean, zenbateraino itxaron eta nahi zen berretsiz, Nagikeria jainkotuak bere inperio mistikoa ezarri zuen. Presente egin zen, argiemaile, kontsolatzaile, erlijio errebelatu baten ahalmenaz. Azaldu eta hedatu egin zen; jendetzak erakarri zituen, oporraldi independenteen gose-egarri, bizitza berrerosi eta justifikatzeko bitarteko original gisa, erlijio zaharrei xixkatu zizkien gizarte horretan eta aspaldiko tenpluak eraikin handi hutsengatik ordezkatzen zituela, lanpara berdez argituak, bertan errito erabat arkaikoa errepikatzen zela, arkeologo eta teologoei esker —bilarraren jokoa—, eta hau hirugarren milurteko jendeak erreberentzia zeremoniatsuz eta karanbola geometrikoen joan-etorriz praktikatzen zuen, horretarako esanezinezko sakontasunetaraino kontzentratzen zela. Antzinako bilarraren ebangelioak ez zela aski frogatzen zuen; ez zituen asetzen herriaren naturaz gaindiko premiak. Nagikeriaren betiereko dogmak lekua kendu zion, eta hori, nagikeriari dagokionez, erlijio-gerren esku hartze ankerrik gabe, garaien logika helduari obedituz.

        Horrenbesteko garrantziko gertaera izpiritualak, aipaturiko bere ondorio fisikoarekin azkar, sinkroniko, ugaltzen ziren bitartean, demonioak Hegoamerikan zebiltzan apunteak hartzen, zeren, bistakoa denez, Belfegorrek ez baitzituen behar. Plazerrez bidaiatzen zuten, obligazioz egin ondoren. Han ulertezinezko anormaltasun baten ziurtasunek hunkitu zituzten. Jendeak lo egiten zuen, lotarako bizi balitz bezala, egiazkoa loaren bizitza balitz bezala, eta ez bestea, ohiko atzera-aurrerarena. Eta erabateko atsedenaren ideia Belfegorren esentziatik bereiztezina zenez, biak konektatu zituzten; Bêt-Bêt hirian zerbait erabat munstrokeriazkoa gertatzen ariko zen beldur izan ziren, eta Bêt-Bêtera itzuli ziren, beren garraiobideei ezproia eta nafta emanez. Bidenabar, bueltan zetozen bitartean, egiaztatu ahal izan zuten Mundua lokartuz zihoala. Esan zitekeen likido hipnotikoz hautseztatu zutela, erabelar autoritarioaren bidez. Ozeanoetako urak zingiratzen ari ziren; ibaien emaria geldituz zihoan; haizete eta haize leunak ankilosatzen ari ziren; hodeiak geldituz zihoazen; euria izoztu eta zurrundu egiten zen erori baino lehen; animaliak etzaten ari ziren; ez zen kerik ageri tximinietan, ez surik labe garai eskergetan; bilarreko bolak, meditaziora emanak, geldituz zihoazen; deus, deus ez zen mugitzen. Bakar-bakarrik eurek egiten zuten hegan, bizkor, erabateko eztitasunezko paralisiaz gozatzen zuen Lurraren erdian.

        Bêt-Bêtera heldu eta Belfegorren bila hasi ziren. Horretarako, hiriko sei sektoreetan zehar barreiatu, eta hanka puntetan korritu zuten estatua zurrungarien museoa. Isiltasuna, zurrunga desberdinek apenas urratzen zutena, hiriaren gainean hedatzen zen. Baina ez, baretasun zurrungaria etenez, sehaska-abestien abesbatza herabe batek flotatzen zuen metropoliaren gainean, atzo soinu bortitzez dardar egiten zuena. Bertarantz joan ziren, denak batera, ahots kulunkatzaileak gidatzat hartuta. Eta jauregi sorgindu batean sartu balira bezala izan zen. Edo hobeto esanda katedral batean, kultu berriko adoratzailez gainezka. Aurpegiz lurrera edo beirateriazko sabaietara begira, lo eta zurrungaka, arnasa hartzen zuten gizonezko eta emakumezko langileek. Lo eta amets eta irribarre egiten zuten, lasai, kuxin sentimentalen katu lotien larruek zabunkatzen zituztela. Eta talde horizontalaren erdian, Belfegor, bertikal eta lotsor, nagikeria bizigarriaren emadeabru-jainkosa paregabea, oskola berreskuratuta, eta euskarritzat lau kariatide gisa, bere lau tximinoak zeuzkala, garaile ageri zen. Salbuespenez, ez zegoen lo. Gainerakoak zeuden lo. Ez zeukan lo egin beharrik, ze bera baitzen loa, eta bere esku potzoloekin iruten zuen berau, halako eraginkortasun paradoxikoz, ze honen armiarma-sareak estaltzen baitzuen dagoeneko Mundu zabala. Handitasun narea jariatzen zitzaion haren jarrerari, eta demonioek (Luzifer harroa bera barne) ez zuten zalantzarik egin belaunikatzeko: euretako inork baino gehiago merezi zuen ohore hori, ze, azken batean, langile handi eta probetxugarria bilakatu baitzen.

        Kuxin handiek, ahapeka, antzina-antzinako koplak abestu zituzten:

 

                «Haurtxo txikia xehaskan dago,

                amak esan dio lo egiteko...»

 

        Lo egiten zuten haurren antzera, haur eta zaharrek. Eta preziorik gabeko bakea jaitsi zen giza artegatasunaren gainera. Kalera irten ziren zazpiak, dama handiaren geldotasuna aurretik zutela. Afoniak eta gogogabeziak horrenbesteko bizitasuna irabazi zuten, ze ez baitzegoen ez inor ez ezer hauei eutsiko zienik. Horregatik eragin zuen petardo jaurtiketa disonante hura eta bizkortu zituen oihartzun gozakaiztu haiek, Belfegorren saxofono eutsiezin puzkartiak isiltasunaren duintasuna mesprezatuz, eta agian turutots garaileak izan nahian. Ezin aurpegiratu izan zioten hori bere adiskideek, ereinotzen orduan. Garrantzi handiagoko nahasketek atsekabetzen zituzten, ze hauteman uste izan baitzuten Munduak, Munduak berak zegozkion biraketen azkartasun bizkorra murrizten zuela. Egia zen: Mundua gelditzen ari zen; Mundua gelditzera zihoan; Munduak azken birak ematen ari zela zirudien, dantzari zahar eta akitua iduri. Lokartzera eta agian hiltzera zihoan Mundua. Ulertzen da printzeen alarma. Ponpeiakoa gehiegizkoa izan bazen, nola tasatu Bêt-Bêten gerta zitekeena? Ai!, gauza izango ote ziren Munduari heldu eta bultzatzeko, bere ohiko martxari berrekitea lortu eta Deabruaren feudoko interesen aurka zihoan hondamena eragozteko, zeren, martxa hori gabe, nor arduratuko zatekeen beronen giza horniduraz?

        Baina ez zen beharrezkoa izan, zalantzarik gabe, beren energiaz gaindiko eragiketa horri heltzea. Beste batek, beste batzuek, hartua zuten ordurako erantzukizun handi hori. Zeru ikaragaitza pizten hasia zen Veneziako jauregiko sabaiek hain ongi gogoarazten zituzten haien antzeko distira, tximista, arma gardun eta metal astinketaz. Bi masa supersonikok zeru goietan bat egindako inpresioa ematen zuten, aerosferako bi gudaroste distirati bailiren. Zirikatzaileek bultzada eman zieten beren hegoei; beren zamari zerbitzariek hegoei eragin zieten; eta gorantz igo zen beren zutabea, ikuskapen-hegaldian.

        Laster egiaztatu zuten kontua bi gudarosteen artean zela. Aingeru eta demonioak elkarturik zetozen Lurra salbatzera, beren arima eztabaidagarrien biltegia. Alde batetik eskuadroi zerutarrak zetozen, San Migel buru zutela; eta kontrakotik, berriz, Infernuko miliziak, Deabruaren beraren buruzagitzapean. Alde batetik, oste zuriak; kontrakotik, pikete gorriak. Arkangeluaren kaskoa esmeraldazkoa zen, San Jorgerena, San Sebastianena eta San Gabrielena bezala; urre filosofalezkoak ziren, Deabruaren, Azazel, zutoihaldunaren, eta Molok, zelatariaren kasketak; seguraski, azken honek eman zion esfera desobedientea nahasturik zebilen abisua. Andramaletx, Baratroko Kantziler Nagusiaren pauma-isatsa, beste bandera bat bezala zabaltzen zen. Hodei siberiarren loditasunean hego koloreanitzak, ezpatak, ezkutuak astintzen ziren, okasio sonatu hartan, potentzia etsaiek borroka egin zutenean bezala. Oraingo honetan, ordea, ez ziren borrokatu. Interes berberek artegatzen zituzten. Talde bakoitzak alde batera utzi zuen aurkakoa motibo berarekin etortzea: horregatik, laburki, San Migelek eta Deabruak zegozkien aurpegietan josi zituzten begiak. Arkangeluak edertasun belikoa islatzen zuen, areago Deabruak —zeinak franela grisezko trajea erantzi, eta, kasurako, armadura gorria jantzi baitzuen— bi aurpegi zeuzkan, hori ez dezagun ahaz, bat sabelean, altzairuzko gonaren azpian azaldu zena, honek haren ikusmenaren ahalmena bikoizten zuen. Elkar aztertu, eta ezein ez zihoala gerra asmoz ondorioztatu zuten. Orduan lurrera amildu ziren, zuriak eta gorriak nahasian. Zazpi demonioak gehitu zitzaizkien, ustekabeko aliantza horretaz harriturik, euretako batek eragina. Deabruak eta San Migelek hitz egin zuten; ados jarri ziren Azazel eta San Sebastian, Molok eta San Jorge. Eman zizkieten zegozkien agindu militarrak beren legioei, eta hegaldatu egin ziren, lurrazalaren bila. Aurkitu zuten, haztatu zuten eta egiaztatu zuten, egiazki, bere habaila gutxituz zihoala, eta denak batera, deabru eta aingeruak; aingeru eta deabruak; Paradisuko tronu eta dominazioak eta Abernuko printze eta kapitainak; Mundu nagia palankaz mugitu eta bultzatzen ahalegindu ziren (Arkimedesen irakaspen-fantasia gauzatuz).

        — Eee... up! Eee... up! Eee... up! Gora! —oihu egin zuen San Migelek.

        — Eee... up! Eee... up! Eee... up! Gora! —oihu egin zuen Deabruak.

        Eskuez, bizkarrez, hankez, bultzatu, sakatu, bularrez eragin zioten Munduari. Aingeruak gorritu, eta demonioak zuritu egin ziren; hauen hegoek, zeinak nahastu eta harrotu egiten baitziren, oilar-borroka batean bezala, kolore bera hartu zuten laster, beraz alferreko gertatu zen ekipoak bereizi nahi izatea. Besoak ukondoetaraino sartu zituzten, zarakar unibertsalean, honen zimurretan, honen depresioetan.

        — Gora! —oihu egin zuen Kapadoziako Jorgek, zaldi gainean ikusten denak urrezko esterlinetan.

        — Gora! —oihu egin zuen Pertsiako Asmodeok, lizunkeriak estalkia kendutakoen muskuluak lausengatzen dituenak.

        Belfegorrek bultzadak ematen zituenaren plantak egin zituen; Adramaletxek bere lumajea zaindu zuen; San Sebastianek gezidun arantzurdea marruska ziezaioten debekatu zuen. Hain kreditatutako salbuespenez kanpo, Zeru eta Infernuek elkarrekin lan egin zuten, harik eta Lurrak obeditu zien arte; balantza egin zuen, dardar egin zuen, bira azkartu eta zegokion kadentzia zuzena hartu zuen berriro. Jira eta bira zebilen, behar den bezala. Tropel etsaiak, aho batez berotu zirenak, beren lurraldean zuzkidura segurtatzeko, zeinak hilkorrak hala izateari utzi arte ezagutzen ez dituen (eta kasu horretan ere bat bakarra ezagutzen du); ondorioz, banatu egin ziren. Atzera geratu ziren adiskidantza iragankorreko uneak. Taldekatu egin ziren aingeruak, zuri, zilarreztatu, isil, kutsugabe, zorrotz, hotzak; eta taldekatu egin ziren, halaber, demonioak, barroko, hitzontzi, polikromo, elefante-tronpa, idi, orein, igel, krustazeo, basilisko, hontza-burudunak. Iparralderantz eta hegoalderantz hegatu ziren, elkar agurtu gabe. Hauen oinetan, natura eta jendea iratzartu egin ziren.

        — Honek —galdetu zion Leviatanen bekaizkeriak Belfegorren aldentzeari— Berorren Gorentasunaren lana alferreko izan dela esan nahi al du?

        Belfegorrek ontzat izan zuen erantzutea, oso urrundik, baso sonanbulu baten bihotzetik hitz egingo balu bezala:

        — Ez, Gorentasuna, ez... Olgantza eta huelga lehengusuak dira. Nik Munduari erakutsi diot joan daitekeela beso erorien, hanka erorien, urdail erorien huelgara, egonean egonez, eta nagikeriarako eskubidean datzala askatasunerako eskubidea. Hori bazekiten han lehen; orain badakite berriro... eta ez dute ahaztuko. Nagikeria berreskuratu dute, dohain bikaina, eta zoriona itzulian doa Mundura. Bekatu egin dute... ez dute bekatu egin? Askatu egin dira, agian bekatu eginez, eta orduan bekatua, nire bekatua, ihesbide bat da... manumisio edo emantzipazio bat... Gogora beza ni naizela... ni naizela demoniorik askeena... baina ez biezat hitz eginarazi... ez naza neka...

        Estigia aintzirako bandan hegan egin zuten. Zazpiek Deabrua inguratu zuten, hau kexa baitzen. Laudatu egin zuten, losentxatu egin zuten, gortesauek beren buruzagiekin egin ohi duten antzera. Distraitzeko, makinak bidaia bitartean ateratako argazkiak erakusten hasi zitzaion Luzifer, beren «slide»ekin gogaitzen duten turisten antzera:

        — Hau, Jauna, Tiffaugesko gaztelua da. Hemen dago areto nagusia, ondo bereizten ez dena, itotzen duten armiarma-sareengatik. Hemen nago ni, Madame Katalinari etorri ederrarekin hitz egiten, Belfegorren ondoan, honek, jakin gabe, gotzai papera egin zuen, Monsignore Belfegarena. Hemen Ponpeian aurkitzen gara, Lord Lytton irakurtzen. Ikusten al nau Berorren Gorentasunak, biluzik? Asmodeok analizatzen nau, inspiratu, eta fauno dantzari baten irudi ederra zizelatzeko. Eta hemen dantzan eta puzka gabiltza, Vesuvioren inguruan: bai, bai, hau ni naiz. Beste argazki hau bitxia da, artistikoa; titulatu beharko litzateke: «Enperatriz Alargunaren ametsa». Munduko enperadoreak, printzeak irudikatzen ditugu. Nik oso ederki ordezkatu nuen Errusiako Tsarra. Begira beza: hemen Potosin aurkitzen gara, eta giza piramide bat eratzen dugu, saltinbanki gisa, Melgarejo diktadorea txunditzeko. Ez, ez naiz piramidea koroatzen duena, horri eusten diona naiz; piramidea nire gainean finkatzen da. Ikusten al gaitu orain, New York-en bilduta, Empire State Building-en puntan? Beha nola makurtzen naizen. Belfegorrek, globo profilatikoek... badaki zer esan nahi dudan, eusten ziotela bidaiatu zuenekoa da. Hemen, taldeko argazkia: Rezzonico jauregiko Dantza-Aretoan bildutako publikoa, komedia bat antzezten den bitartean. Hau Ludoviko da, Dama Txit Narearen Etxezaina; hau, haren andrea da, Principessa; eta izeba Loredana Savorgnan... ni, abade veneziarrez, oso bitxia. Beha, beha!... Dortoka irlan, pirata artean. Monsieur de Lonvilliers Poincy-koa, San Kristobalgo Gobernadorea... itsasmutil betokerra... geisha bat... Lord Alfred Douglas... Don Juan... hermafrodita... Ni, orkestra antillarrean zerrotea bibrarazten. Ah, musika! Eta, azkenik, Bêt-Bêt. Ez, ni ez nau aurkituko, Deabru Jauna. Ni ikerketa-lanetan nenbilen Hegoamerikan, eta makina ukatu egin zen, tentela halakoa, gurekin etortzera. Lo dagoen... lo eta lo dagoen... jendearen argazkiak dira...

        Argazkiek zirkulatu zuten, usaindun, mintzodun. Satanek, Asmodeok, Mammonek, Leviatanek, Beeltzebulek, eta Belfegorrek berak ere, borroka egin zuten berauek eskuratzeko, kartulina kromatuetan zegokien posizioa adierazteko, baina ez zuten lortu, ze ordurako deabru-ilaretan zehar baitzebiltzan, atzaparrez atzapar, apatxez apatx, antenaz antena, matxardaz matxarda, garroz garro, barreak eta txantxak adoretuz. Pauma Kantzilerrak lentea okertu eta mesprezatu egin zituen argazkiak. Batzuek ihes, erori, hegan egin zuten eta gero espaziuntziek bildu zituzten, eta hauei interes zientifikoko arazoak planeatu zizkieten: asmakizunak eraginez Parisen; karikaturak Londresen; gastuak UNESCO-n; bekak Estatu Batuetan; mahainguruak Buenos Airesen; erlijioak Afrikan; sariak Istanbulen; proklamak Txinan; espedizioak Bêt-Bêten, eta atmosfera misterio ulergaitzezko habia den nozio ederra areagotuz.

        Honela, batzuen protesten, beste batzuen handiustearen, bakar batzuen mirespenaren, gehienen isekaren artean itzuli ziren izotzen eta sugarren herrialdera. Kea zerien bertako tximiniei; zauritu egiten zuten hango suek: primeran funtzionatzen zuen guztiak.

        — We are home again —poztu egin zen Satan.

        — Sweet home... sweet home... —abestu zuen brigadak. Gazterien abestia ere kantatu zuten.

        Haien ongi etorria zaunkatu zuen Kantzerberok; orro egin zuen zezen asiriarrak, Tartaroko larre sutsuak kulunkatuz; sirena, bere haur zurdatsuarekin, Akeronteko uretan murgildu zen.

        — Francesca eta Paolo ikusi beharra daukat —adierazi zuen Asmodeok—. Postal bat dakarkiet.

        — Nik harroak ikusi behar ditut.

        — Nik, haserrekorrak.

        — Nik, zekenak.

        — Nik, bekaiztiak. Zeinen ederki sentitzen den bat hemen!

        — Ni sukaldean sartuko naiz. Errezeta berriak dakartzat, Deabru Jauna. Berorren Gorentasunak gorputzadarrak miazkatuko ditu; goiko ahoaz jaten duen bitartean, behekoaz edan egingo du. Noren bidez baliatu zen gu zelatatzeko, Gorentasun Gorena?

        — Sekretua da. Top secret. Harengatik izan ez balitz, ile bategatik, zurda bategatik, betile bategatik, bilo bategatik, galdu egingo genuen Lur elikatzailea —purrust egin zuen subiranoak—. Gera bitez Infernuan, Gorentasunak. Ez diet emango beste misiorik extramuros. Ez zitzaidan arrazoirik falta, Belfegorrekin erne ibiltzeko jakinarazi nienean! Zuen erruz, ia-ia fusionatu gintuzten aingeruekin eta nork iragar dezake zein izango zatekeen orduan haien eta gure patua? Zer egingo genuke, elkarturik, aingeru eta demoniook? Zer? zer litzateke nitaz... Jainko Santua?

        — Arraioa, Gorentasuna, eta gu turismo bekataria eskala handian proiektatzen ari ginan eta!

        Belfegorrek deus ez zuen esan. Lo zegoen, ametsak albaintzen ari zen. Mundu geldi, guztiz eder, behin-betiko grina eta atsekabeetatik askatutako Mundu bat amesten zuen, espazio mugagabeetan flotatuko zuena, xaboi-burbuila garden baten antzera. Tximinoek, hau maitatzera iritsi baitziren, Beeltzebulen euliak uxatu, manta purpura batez babestu kareizko ohatze kopatuan, eta laztandu egin zuten, bakoitzak bere lau esku jakintsuak erabiliz.

 

Cruz Chica, 1973ko apirilak 25 - urriak 25.

 

 

 

© M. Mújica Lainez

© itzulpenarena: Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia