Hamahiru

BIDAIA

 

        Apetaz edo senaz, gehiegi igo ziren. Jolasean zebiltzan galaxiekin. Luziferrek, harrokeriaz puztuta, bere mantutzarra ireki eta flotatzen utzi zuen, eta honek denak estali zituen, bela mehe baten antzera, honela Monsieur Philipperen galeoian bidaiatzen zutela imajina zezaketen, oihal kirrinkari zeharrargitsuaren azpian.

        Asurbanipalek zergatik kendu zuen bizarra jakin nahi izan zuen Asmodeok. Zezen asiriarrak gutxitua ematen zuen, bere eranskin beneragarria gabe. Koroatua eta bizargabe, hanka sendoko koadrupedo indartsua sailkatzea zaila zen, eta beti, elementu iletsuari, giza-kemenaren sinboloari emandako garrantzia baloratzen laguntzen zuen (Santson, errege frankoak, azken hauek ileordeaz baliatu zirenak). Ez zutekeen honela onartuko, faltsua izateagatik, Louvre-ko Museoan.

        Sirenak azaldu zuen:

        — Belaunaldien oinarrizko gatazkaren ondorioa da. Erreparatu, Asmodeo jauna, gure semeari: bizar luzeagoa dauka egunetik egunera, ia bularrera iristen zaio, oraindik titia ematen diodan arren. Zezenak ahaleginak egin ditu, arrakasta gabe, Supernipalek bizarra kendu eta bizargabe izaten saia dadin, horrela haur-trebetasunik ezaren eta heldutasunak ematen duen esperientziaren arteko distantzia markatzeko. Ez du lortu; orduan bere bizar eder eta bikaina sakrifikatzera etsimendu da. Asurbanipalek, primitibo on gisa, esanahi handia ematen diei ikurrei, eta berarentzat, orain, bizarra, ohituraren kontra, gaztaroaren adierazgarria da. Babiloniarrak uste du moda bat inauguratu duela, bizarra kendu eta honela bere lehentasuna finkotuz, eta pozik dago. Niri ondo geratzen zaiola iruditzen zait. Gaztetu egiten du..., baina nik ez nioke esango hori ezergatik ere, baizik errepikatzen diot, semetzat daukan bularreko-haur bizartsuaren ondoan, ikusten dela bera dela patriarka, masaila handietan ile luzerik gabeko zezen handia.

        — Niri ez zait batere gustatzen nola geratzen zaion —erantzun zuen Asmodeok—. Garai batean, modan egon zen zerbitzariek patila zabalak erakustea. Asurbanipalen bizarrak niretzat, berorren nagusia naizen honentzat, maîtres-d'hôtel zaharren patilak bezala ziren. Bizarra kenduta, ez dut onartzen neure zerbitzaria. Nire antz handiegia dauka.

        — Orain ez dago zerbitzurik, Gorentasuna —gogoratu zion Satanek—. Gogoak ematen diena egiten dute. Bizarra edo patilak hazten uzteko exijitzen badio, joan egingo da, eta estatutuaren komedia berrargitaratuko dugu. Gainera, indemnizazioak erreklamatuko ditu. Ahaz beza bizarra eta egoki bedi garaietara. Imajina beza, alderantziz, bizar luzeko zerbitzari bat, erretiluarekin jantokian sartzen, eta esan biezat ea horrek duintasunik emango liokeen eguneroko zeremoniari.

        — Bai —marmar egin zuen Asmodeok—, orain ni naiz bizarra utzi behar lukeena.

        Besteek barre egin zuten, aker eta apote nahasketa irudia bururatuz. Zirtzileria hauetatik kometa baten agerrerak distraitu zituen, hau abiadura eroan baitzihoan, bere parabola, bere hiperbolea edo bere elipsea marratuz, eta, harrotasunez, bere hiru elementuak erakutsiz: nukleoko izarra, adatsaren nebulosa, eta isatsaren dilatazio beldurgarria.

        — Kometek —esan zuen Leviatanek— erregeen heriotza iragartzen dute.

        — Erregeen asmaketa da —esan zuen Beeltzebul herrikoiak—. Sinetsi nahi dute astroak beren biografien menpe daudela, baina astroek beren eboluzio aldaezinei jarraitzen diete. Egia da, halere, kometek eragin nabaria dutela ardoei dagokienez. Château-Lafitteren lehen «grand cru»a 1811ko kometarekin lotzen da. Ziur nago.

        — Interesgarria izango litzateke probatzea —proposatu zuen Luziferrek.

        — Probatzea zer?

        — «Gran cru»a.

        Beeltzebulek ez zuen izan bi aldiz esan beharrik. Kopak eta botilak azaldu zituen eta, pentsaezinezko altueran, demonioak bozkariatu egin ziren, 1811ko Château-Lafitteri esker, honek deabruzko zainak berotzen zizkien eta. Botila horren atzetik, beste bat eta beste bat eta beste zenbait gehiago etorri ziren.

        — Zoragarria, zoragarria! —dastatu egiten zuten bidaiariek.

        Beeltzebulen ontasunagatik, garraioek gonbidapenean parte hartu zuten. Laster hasi ziren balantzaka espazioan; beren baitan biratu ziren, aireko derbitxeak iduri; lasterketa eroei ekin zieten; Trapezista jauziak eginez amiltzen ziren. Euliak ere ñabardura bereziz zebiltzan burrunbaka.

        — Asurbanipalek dio —azaldu zuen bi zotinen artean Superundak— berriro bizarra utziko duela.

        — Ez... ez... —protestatu zuen Asmodeok—, nik... nik utziko dut bizarra. Hil bitez xaboia, brotxa eta bizar-moztea!

        — Ardoa da —iragarri zuen Beeltzebulek— gizakiaren lagunik onena.

        — Zaldia baino... txakurra baino hobea? —galdetu zuen Mammonek.

        — Hobea, askoz hobea. Ordezkatu egiten ditu, gainditu egiten ditu. Nahikoa ardo balego Munduan, gerrak ezabatuko lirateke. Ez dut ulertzen nola ez duten aztertzen arazo hori agintariek eta enologoek.

        — Beti izango dira gerrak, Gorentasuna —hasperen egin zuen Mammonek—. Kasu horretan, armamentu fabrikatzaileen eta ardo fabrikatzaileen artean lehertuko litzateke gerra.

        Euforiko, elkar besarkatu zuten Asmodeok eta Asurbanipalek, lehenengoa zezenaren bizkarretik jausi eta bere hego gogortuek ez eusteko arriskuaz.

        Erlojua jo eta jo hasi zen eta horrek halako gezurrezko neurritasun bat itzuli zien, «grand cru»aren meritu alkoholikoak egiaztatzen zituena. Luziferrek urtea irakurri zuen: 2273.

        — Denbora... —muturkatu zuen Asmodeok— goaz eta gatoz... gatoz eta goaz...

        Geziak bezala amildu ziren, ziztu biziko lasterketan elkar eztenkatzen zutela. Haizeteek esnatu, eta haien arrapala gelditu nahi izan zuten, haien arropetan, haien hegoetan, haien ile adartuetan kateatuz. Orro egin zuen Ardilarruaren motoreak. Asmodeok mapa zabaltzea lortu, eta Bêt-Bêt hiriari zegokion eskualdean pizten zela ikusi zuen, Siberiaren bihotzean lekutua. Gero Eoloren amorruak indarrez kendu zion mapa. Planisferioa hegan joan zen, airea zigortuz, tolestuz, destoleztuz, pozik eta zoriontsu azkenean zegokion bizitza lortu zuelako. Jostatzen utzi zioten. Ez zuten haren beharrik. Luziferrek, azturaz gehiago premiaz baino, ze fitxa bakarra geratzen baitzen barruan, japoniarraren kutxa ireki zuen. Harritzekoa bazen ere, paperean bilduta zegoen geratzen zen pieza, hain mehea, ze ez baitzen hautematen ukimenaz. Zabaltzea lortu zuen, Deabru Gorenaren atzapar kaligrafikoa ezagutu zuen, eta Leviatani pasatu zion, eta honek irakurri zuen: «Kontuz Belfegorrekin».

        Nagikeriarena astintzeko modua aurkitu zuten tximinoen laguntzarekin, eta hauek andak kulunkarazi zituzten. Erorketaren azkartasuna zaildu egiten zuten zurrunbiloen haserreak, Austro eta Boreasen, Siroko eta Mistralen lepape puztuen aurkako borrokak. Atximurkatu, belarrondokoak eman zizkioten lotiari; bere oskola astindu zioten. Jada bereizten ziren lautadan Bêt-Bêt hiriko argi amaigabeak. Jada igotzen zen bertako muga gabeko tximinietako kea. Jada marruskatzen zituzten, arrain itsuen antzera, bertako atmosfera zaindu eta garbitzen zuten mota guztietako aerostatoak.

        — Belfegor! Belfegor!

        Zabaldu zituen begiak Loaren eta Gauaren alabak azkenean horratio. Haren aharrausia labar-pinturaz apaindutako haitzulo famatuetako iluntasunarekin konparatzekoa izan zen. Erabateko aharrausia zen, bat-batean hutsa eta trogloditikoa; erabatekoa, baita dortokaren oskol ahurrak ere, baita marmota larruzko hegoek ere, hauek kurbatu eta dilatatu egiten baitziren, eta aharrausi egin zuten hauek ere. Biltzen zuen armiarma-sarezko ehuna urratu, eta jaiki egin zen.

 

 

 

© M. Mújica Lainez

© itzulpenarena: Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia