Hamabi

ASMODEO EDO LIZUNKERIA

 

        Koktel eta sukaldaritzako errezetak dakartzaten paper inpresoetan beste ezertan ez zuela begirik jarri, harrotasunez, ziurtatzen zuen Beeltzebulek berak ere irakurria zuen «Altxorraren Irla»; hala, demonioak pirata-atmosferaren barruan kokatzea, erosoa eta orokorra izan zen. Halere, desberdintasun nabariak aurkitu zituzten Robert Louis Stevensonen geografiaren eta Dortokari zegokionaren artean. Lehenengoaren irla leku heze, bero eta osasunaren kaltekotzat deskribatzen da, pinu eta sahatsen ezohiko ugaritasunez estalia; begiztatzen zutena, berriz, eta bere izena narrasti korazatuarekin zeukan antzekotasunari zor ziona, ozeanoko haize leun setatiari esker defendatzen zen beroaren astuntasunetik, eta bananondo, kokondo, tamarindo, mango, kaoba, ogiaren zuhaitz eta indipikondo nahasketa baten azpian ezkutatzen zen, eta landareria hau guztia kopula bitxi batean mihiztatzen zuten igokariek eta aihen-antzeko lianek.

        Galeoiak zazpi kanoikada zeremonial bota zituen («gu zazpion presentzia iragartzeko ote da?» —galdetu zuen, isekaz, harrokeriarenak), eta labarretatik erantzun zioten. Oraindik ordubete behar izan zuten atrakatzeko, ze kontuz iragan beharra baitzegoen kanalean zehar zeinari koral urperatuek balio baitiote hormatzat. Demonioek denbora-tarte hori aprobetxatu zuten zubira jaisteko, untziko pertsonaia nagusiak ezagutzeko, eta, agian, eurak hain paraje arlotera aldatuak izatearen arrazoia jakiteko.

        Taldeko nagusia Lonvilliers de Poincy-ko Monsieur Philippe zen, Maltako Ordenako Etxezaina, zeina Richelieu Kardinalak gobernadore gisa bidali baitzuen San Kristobal irlara, erdia frantsesa eta erdia ingelesa; hirurogei urte inguru zeuzkan. Garaiera urriko gizona zen, oso argala, baina planta handikoa, eta bere peto beltzaren gainean Maltako zaldunen zortzi puntako gurutze zuria hedatzen zen. Filibustero eta bukanero giroan, hark —zinez hala ez zenak, erabat alderantziz baizik— atentzioa ematen zuen, begia txaplata ilunaren azpian disimulatzen zuen bakarra izateagatik, horrela, gainerakoetan erreparatu gabe, pirateriako nobelen edozein irakurle, aitoren seme honengana zuzenduko zatekeen autografoa eskatzeko, kortsarioa zelako ustean, eta ez Gobernadore Txit Gorena, eta honek, noski, asko suminduko zukeen. Irudi klasikoa osatzeko, egia da zenbait gauza falta zitzaizkiola, adibidez, zurezko zangoa eta papagaia sorbaldaren gainean. Era berean, benetako piratengan nabarmentzen zenaren kontra, tratu abegitsu eta hizkera finagatik bereizten zen, zertxobait exageratu ere egiten zuen arren, seguraski, desparekotasuna ondo markatu nahi zuelako. Lumaje zuribeltzez apaindutako kapelu hegal-zabala belarrietaraino sartzen zuen, eta honen azpian azaltzen ziren haren aurpegi zorrotzaren triangelua eta ilajea, kokospeko bizarra eta bibotea, grisak izateari utziak. Laburbilduz, bi kolore bakarrik elkartzen ziren haren irudi fina konbinatzeko: beltza eta zuria, eta horrek ingurukoen polikromiarekin kontrastatzen zuen, ia denak gizakote edo mutil-puska handiak, buruak kolore ugariko zapiz lotzen zituztenak eta alkondara eta gerriko liluragarriak zeramatzatenak. Bat, ordea, berrogeitaka urtekoa jada, bereizi egiten zen halaber gainerakoengandik bere arropen kalitateagatik, izan ere, honek tonu bizikoa izanik, kezka aratz bat nabarmentzen baitzuen. Monsieur Fontenay-koa zen; hau Maltako Etxezainak bigarren buruzagi gisa zeraman, Dortoka irlarako bere bisitan.

        Biztanle guztiak bildu ziren hondartzan. Galeoia ur bazterretik berrogeita hamar braza ingurura gelditu zen, lehorreratzeko puntuan. Oraindik ez dugu aipatu ainguratoki horren berezitasuna, zeinaz haraindi ezin zitezkeen arriskatu zingo sakoneko untziak. Oso garraio desberdinez osatutako flota batek eragiten zuen hori. Han ikusten ziren bi galeoi Monsieur Philipperena baino zingo txikiagokoak, eta zenbait fragata, korbeta eta galera, eta hauek beren mastetan jasotzen zituzten Europako (Espainiakoak izan ezik) pabilioi hornituak, normalean, kalaberadun bandera, bernezur gurutzatu, basurde edo eskeletoekin nahasian. Hemen eta han, tripulazio batek garbiketa edo sinplifikazio lanetan ziharduen, urre-koloreko apaingarri aberatsak kentzen zizkiela, pisua arintzeko. Ustekabeko marinelek ez zioten erreparatu nolako duintasunez jaitsi zen Monsieur Lonvilliers de Poincy, Monsieur de Fontenay atzetik zuela, bere untziko eskailera txikian behera, eta nola kokatu zen txalupan, baina ainguratutako untzietako batetik, untzi ahula galeoiko beste bik eskoltatzen zutela branka apainduen artean gurutzatu zuen heinean, ongi etorria eman zion musikajole desafinatu talde batek, flotak zerbitzatzen zituztenen distrakziorako, eta abordatze basatiak egiten ziren bitartean iskanbila eta zalaparta egiten laguntzeko eraman ohi zituzten horietakoak.

        Bere faluan zutik, Monsieur Philippek kapelua erantzi zuen, korteko keinu zabalez, lirioen bandera irlan goratu zutenean. Honela iritsi zen hondartzara, eta han Monsieur Levasseur, Dortokako Gobernadoreak, eskua luzatu zion lurrera jaisten laguntzeko. Jakina, demonioak lagun izan zituen ibilaldi nautikoan, eta ez zioten harrituta egoteari utzi lurraldeko miseriagatik, hona baitzetozen okerbidez lortutako hainbat eta hainbat altxor.

        Egia esan, asko falta zitzaion honi atsegin eta olgantzako lekua izateko. Ondo egiaztatu zuten hau ostalariek, «El Palomar» ezkutatzen zen tontorrera nekerik askorekin iristean. Hau Monsieur Lavasseur-ek eraikitako gotorlekua zen, eta gain hura harrapatzeko beharrezkoa zen harrian tailatutako harmaila eta burdinazko mailen erabilpena. Demonioek hegan egin zuten gailurreraino, baina Maltako pertsonaia ospetsuak ez zuen izan bere zango ahulez baliatzea beste erremediorik, bakardade horien laztasunen kontra protestatuz eta San Kristobal irlako bere gaztelu txikia irrikatuz, zeina hirurehun esklabok zaintzen zuten. Arratsaldea hiltzear zegoen, eta laster hasi ziren ñir-ñirka tropikoko izar miresgarriak; gero ilargia azaldu zen, biribila, teatrala, eta honen argitan zazpiek filibusteroak bizi ziren txabola ziztrinak eta berauen taberna arloteak begiztatu zituzten.

        Horrenbesteko zikoizkeriaren aurka eta biztaleen traje ajeatuen aurka altxatzen ziren, berauek luzitzen zituzten bitxi zoragarriak. Perladun iduneko luze, esmeraldazko paparreko orratz, errubidun belarritako, urrezko zirgilok edertzen zituzten urkamendi-piura haiek, eta Monsieur Philippek, kokondo-bidean zehar gotorlekurantz eta bertako kanoietarantz etortzean, bere begi bakarrarekin begiztatu zituen bitxiak, Munduko emakumerik ederrenentzat egokiak. Bazekien Dortokan emakume bakar bat ere ez zela bizi, ze bere araudiaren zorroztasunak debekatzen baitzuen hori; izan ere, haren izpiritu puritanoa luxuaren aurka zegoen erabat, hori desordenaren lekukotzat baitzeukan.

        Laster ohartu ziren demonioak San Kristobalgo Gobernadore Txit Gorenaren zorroztasun intoleranteaz. Garbi-garbi, katolikoa zen; Dortokako Gobernadore Txit Gorena, berriz, higanota zen ezbairik gabe. Bitxiena da azken hau ondotxoz bihozberago izatea Monsieur Philippe baino, zeinaren menpe baitzegoen burokrazia borbonikoaren eta eskalafoi kolonialaren arazoengatik. Ezagutzen zituen Monsieur Lavasseur-ek Monsieur Philipperen ñabardura psikologikoak; ez zekiena beste honako hau zen, hots, bera ordezkatzera zetorrela, bere prebenda mardula kenduz. Horregatik harrera abegitsua egin zion hark Dortokara egin zuen lehen bisitaldian eta berau ahal zen maitekorrena izan zedin saiatu zen. Erretiluan eskaini zion irla, fruta-gonbidapen bat bezala, eta asignatutako gelan atseden hartzen utzi zuen. Han, Poincyko jaunak zegokion misioaren (edo mendekuaren) gainean meditatu zuen, zeinak, ezatsegina izanik ere, ez baitzion uzten bere gogoko izateari. Jarrera zuhur horrek, atzera begirako planteamenduak barne zirela, funtzionario zorrotzaren inguruan zelatari, egoeraren ideia betea eratzen lagundu zien demonioei.

        Ministro Kardinalak San Kristobalgo gobernua aman zionetik, Poincyko Monsieur Lonvilliers-ek elementu konplexuen aurka borroka egin behar izan zuen. Ingelesak izan ziren bertako lehen okupatzaileak, 1623an. Hori lortzeko karibeen, bertako nagusi basatien aurka borroka egin behar izan zuten. Ez zitzaiekeen ondoegi joango eginkizunean, hala beharrez, frantsesak azaldu izan ez balira, ze zoko bakoitza ezagutzen zuten indiarrek, sarri erabiltzen baitzituzten estratagema eta borrokak. Monsieur Pierre Belain d'Esnambuc zuten buru, noble-familia bateko bigarren semea, eta honek zortea probatu zuen, atarramentu onik gabe, pirateriaren borroketan, harik eta bere untzia irlaren aurrean hondoratu zen arte. Han, Mr. Thomas Warner, Gobernadore ingelesak, besoak zabaldu eta aliantza bat proposatu zion, d'Esnambuc-ek bozkarioz onartu zuena. Elkarrekin, San Kristobal esplotatzeari ekin zioten, harik eta bi urteren buruan, frantsesa, aberastuta, bere jaioterrira itzuli zen arte. Richelieuk entzun egin zion; honen esperientzia eta maltzurkeriatik Koroarentzat erator zitezkeen abantailak baloratu zituen; eta berriro bueltan bidali zuen, ingelesak eliminatu eta Antilla Txikiak oso-osorik okupatzeko aginduarekin. Bere adiskide Warner ezabatu ordez, d'Esnambuc akordio batera iritsi zen ingelesarekin, eta ondorioa, irla bien artean banatzea izan zen. Halabaina, urtebete geroago, ingelesa bere adiskidea egoztera behartua aurkitu zen, Londrestik etorritako ordenantzak gogoz kontra aplikatuz. Erreakzionatu egin zuen zaldunak (agian britainiarrarekin ados jarrita), eraso egin zion eta menperatu egin zuen. Warnerrek jaioterrirako bidea hartu zuen gertatutakoaren berri ematera eta d'Esnambuc jaun eta jabe geratu zen. Orduan espainolen eraso beliko bat gertatu zen, eta honen ondorioz, ingelesek eta frantsesek, elkartuta, porrotaren mingostasuna dastatu zuten. Halere, espainolek laster alde egin zuten, alferreko erredura baten ondoren, eta d'Esnambuc bere jaurerrira itzuli zen. Warner ere itzuli egin zen, eta honekin irlaren zatiketa berrezarri zen, oraingoan zegozkien nazioen babespean. Frantziakoek Richelieuk finkatutako plana aurrera eraman, eta Martinikaz eta Guadalupez jabetu baziren ere, Kardinalak pentsatu zuen Warner eta d'Esnambuc-en anaitasuna ez zetorrela bat bere proiektuen izpirituarekin, eta bere ordezkaria baztertzea erabaki zuen. Ondorioz, Lonvilliers de Poincy-ko Monsieur Philippe, San Kristobalgo Gobernadore izendatua sartu zen eszenan. Monsieur Philippe gizon aski desberdina zen Monsieur Pierreren aldean. Azken honek, bi palmondori lotutako hamakan lo egiten zuen; administradore berriak, ordea, lorategiz inguratutako bi solairuko gaztelua eskatu zuen. Bertan babestu zuen bere bakardade harroa, eraginkortasun ejenplagarriz, beste hamalau irlaz jabetzeko bakarrik utzi zuena. Hauen bilduma egiten zuen bitartean, filaktelikoak seilu antillarren bilduma egiten duen bezala, Dortokari buruzko zurrumurru kezkagarriek inguratu zuten. Bertan bizi ziren, Hispainiolatik milia gutxi batzuetara, aberririk gabeko abenturari bakar batzuk, eta hauek errepublika bitxi moduko bat eratua zuten, Kostako Anaien Kofradia zeritzona, eta neurrigabeko filibusterismo oparoa praktikatzen zuten. Ez zen Monsieur de Poincy gehiegikeria eta abusuek ikaratzen dituzten horietako tipoa. Duda-mudan ibili gabe, 1640an, Monsieur Lavasseur, d'Esnambuc-en kapitain zailduetako bat bereizi zuen Dortokaz jabe zedin. Esana dugu Lavassieur higanota zela. Honengandik askatzean, Monsieur Philippe katolikoak beste herexe batzuetatik libratzeko aprobetxatu zuen, hauek ustezko konkistatzailearekin joan baitziren. Lavaseur oso abila izan zen. Irla konkistatu ordez, piratak konkistatu zituen, eta gobernadore hauta zezaten lortu zuen, funtzio horiek betetzen zituena garaituz. Halere, ez zuen egokitzat iritzi Dortoka Frantziari eranstea, oraindik. Gotorlekua eraiki zuen eta, egia esan, filibustero bat gehiago bilakatu zen, horrek berekin dakarren mozkinarekin, ze zati ederrak jaso baitzituen harrapakinetatik. Monsieur de Poincy urrunari urrun eutsi zion gezur lausengarien bidez. Ministro berriak, Mazarino Kardinalak, piratekiko adiskidetasunetik bere politikarentzat zetozen errendimenduak baloratzea aldeko inguruabarra izan zuen, piratek galera nabariak eragiten baitzizkien espainiarrei. Eta Poincy, erbesteratua, laidotua, San Kristobalen ahaztua, Levasseur-ek Dortoka bikain asko gobernatzen zuen bitartean, gorrotoz gaixotu zen. Gorrotoa da Munduaren motore nagusietako bat, eta Monsieur Philippek berea olioztatu zuen, grina artatsuz, urte luzeetan. Harik eta bere orduak jo zuen arte. 1647an, potentzia europarrek Antillak banatu zituzten; eta Dortoka ez zen izan, ez Frantziarena eta ez Ingalaterrarena —Monsieur de Lonvilliers de Poincy deliberazio diplomatikoen buru izan balitz bezalaxe— baizik, hain zuzen, Maltako Ordenarena, San Kristobal, San Bartolome eta San Martinen erdiarekin batera. Horrenbeste santuk berotu egin zuten Gobernadore jainkotiarra, maltatar dignatario ikusgarria. Bat-batean, Monsieur de Fontenay izendatu zuen, Lavasseur azpizapoa ordezka zezan. Eta honekin, arrandiaz gainezka, Maltako banderak bere jatorriko lurrekoen artean zabalduta, bularraren gainean heraldika eta gurutze autoritarioa finkatuta, Dortokarantz nabigatu zuen. Lehorreratzear aurkitu zuten demonioek, mendekua eta harrokeria jariatzen zituela. Pipa erretzen zuen orain «El Palomar»en, Pekingo Hiri Debekatuan bailegoen eta haitz honek luzeran berrogei kilometro eta zabaleran zortzi neurtu ez, baizik Txina osoa hartuko balu bezala. Zeru tropikalak bezala dir-dir egiten zioten begiek. Eskuak igurtzitzen zituen. Barre egiten zuen.

        — Monsieur Philippe al da Berorren Gorentasunak tentatu behar duena? —galdetu zuen Mammonek.

        — Ez dakit —erantzun zuen Asmodeok.

        — Gorrotoari emanago deritzot lizunkeriari baino —hitza hartu zuen Luziferrek.

        — Gure nagusiak kandidato hau aukeratu badu —gehitu zuen Asmodeok—, lizunkeria arduratuko da Monsieur Philippez.

        — Kaskagogorra izan behar du —hasperen egin zuen Beeltzebulek.

        — Ez dago gogorregi denik lizunkeriaren arietearentzat, Gorentasuna. Santuak ez ditut sartzen, ore bereziz eginak daude eta. Nire laborategietan, artifizio interesgarriak moldatu ditugu, milurteko ikerketen emaitza. Oso teknikari trebeak daude han, lehen mailako zientzilariak. Kasu honetan ez ditut erabiliko Lurrak ematen dituen baliabideak besterik, neure ukitu txikiren batekin. Ikusiko dugu.

        Gau hartan bertan, Levasseur Kaipitainak bankete batez egin zion harrera Monsieur Lonvilliers de Poncyri. Bertan parte hartu zuten Monsieur de Fontenay-z gainera, almirante hierarkiaz eta printzesa-bitxiz apaintzen ziren zenbait piratak.

        — Hemen edonor da almirante —erdeinatu zituen Leviatanek, bere adiskideekin banketea ikusten zuenak.

        Postre garaian, Kapitainak San Kristobalgo Gobernadorearen osasunari topa egin zion. Monsieur Philippek, bere aldetik, Dortokako Gobernadorearenari topa egin zion. Eskertzeko batera zutitu ziren Levasseur eta Fontanay. Modu original eta laburtu horretan jakin zuen lehenak bere destinoa, batere ongi etorri ez zitzaiona. Goibeldu egin zen, hitz ulertezinak kirimikatu zituen, eta zurrutean jarraitu zuen. Bien bitartean, Poincy eta Fontenay-k Maltako Ordenaren ohorez altxatu zituzten beren kopak. Biak hala biak nobleak eta katolikoak ziren; horrek Levasseur eta euren artean horma lodi bat jasoko zuen, garaipena beren aldetik zegoen xehetasun koipetsuaz aberastua. Piratek, hauek itxuraz arrakastarik handienekoari segitzen baitzioten, abesbatza egin zieten.

        — Hiru hauetako nor ote, inor bada, berorren pertsonaia? —galdetu zuen berriro Mammonek, Asmodeori aurpegi emanez.

        Erantzun modura, Monsieur de Poncy txinpart aureola batek inguratu zuen, demonioentzat soilik ikuskorra.

        — Le voilà, Excellence.

        Levasseur Kapitaina goiz erretiratu zen, agur esan gabe. Zalantzarik ez, mendekua prestatzera zihoan. Biharamunean misteriotsuki asasinatua azaldu zen, agian bere ordezkarien lana, eta Fontenay Gobernadoreak meza ateratzeko agindu zuen. Honela paisajea argituta, Monsieur de Poincy-k azkar korritzen zen irla korritzeari ekin zion. Artxipelago osoko bezeroak maiz biltzen zireneko lapurreta-merkatua bisitatu zuen; tabernak ikusi zituen (sartu gabe); soroak goraipatu zituen; emakumerik eza laudatu zuen; bela-maisu, pilotu, zirujau, artilleroekin mintzatu zen; harrituta utzi zuen Kostako Anaiek eskuineko besoaren galera zortziko sei piezaz edo sei esklaborekin ordaintzeak, eta ehun piezaz edo esklabo batekin, begi baten galera: berak bat kontserbatzen zuenez, bizirik zirauena txaplata beltzekoarenaren ondoan, tasazioa urritzat jo zuen. Sakonki, zoriontsu eta lasai hartu zuen arnasa. Haren hoztasun gogorra garaipenaren eguzkitan epeldu zen. Hiru egun barru San Kristobalerako bidea hartuko zuela iragarri zuen.

        — Gorentasuna —esan zion Satanek Asmodeori—, bidaia dezagun, eta hau luzatzea nahi ez badu, azkar zerbait egin beharra izango du.

        — Gaur gauean izango da.

        Lizunkeriarenak sabelkeriarenaren laguntza eskatu zuen, ze egosketa batzuk atondu beharra baitzeaukan. Sukaldean sartu eta jarraitasunez lan egin zuten.

        — Jakia da —azaldu zuen Asmodeok— nire aliatu nagusia. Ezagutzen al du «De re coquinaria», Apicius, I. mendeko erromatar batena?

        — Zeraren ostekoa?

        — Bai, zeraren ostekoa.

        — Ez dut ezagutzen.

        — Harritzen naiz, Gorentasuna. Apiciusek berorren bibliografian sartu beharko luke, merezia dauka eta. Hona hemen, hark dioenez, erreakzio sentsualak eragiten dituzten belarrak: kuminoa, aneta, anis-belarra, ereinotza, apio-hazia, kaparrondoa, txarpoila, sesamoa, ziapea, ipulatxa (edo txorta-kipula), akara, ezkaia, jengibrea, asentsio-belarra, albaraka, perrexila, oreganoa, txortaloa, mendaskia, kartamoa, bortusaina, malba, baratxuria, isipu-belarra eta arbustua.

        Izendatu ahala eskuak kolpatzen zituen eta azaldu egiten ziren; hala, mahaia kolorez eta lurringaiez betez joan zen.

        — Zentzugabea da —esan zuen Beeltzebulek— mahai familiar apalenetan azaltzen diren jaki asko eta asko, erromatar honek bizigarri erotikotzat hartzea.

        — Agian berauen dibulgazio eta famari esker —erantzun zion Asmodeok—, segiko du populatuz Munduak berotasun xaloz. Nork daki gainugalketak eragiten dituen arazoen kausa, eta estatistika-egileak horrenbeste kezkatzen dituena, ez ote den perrexilaren, ereinotzaren eta baratxuriaren gehiegizko kontsumoa! Goazen orain Apiciusek aholkatzen dituen barazkietara: alkatxofa, babak, esparragoa, arbia, boilurra, bitxilorea (edo txiribia), erremolatxa, astamahatsa, aza, txikoria, pepinoa, ailorbea, errefaua eta letxua.

        — Letxu xumea ere bai?

        — Baita ere.

        Aurreko kasuan bezala, mahaia gainezkatu zuten; ikusteak gustu ematen zuen.

        — Bihoa, mesedez, entsalada prestatuz —erregutu zuen Asmodeok—. Ez da kexatuko material faltaz. Nik, bien bitartean, Apicius jakintsuaren testua utzi gabe, «De re coquinaria»k xede berbererako proposatzen dituen «frutti di mare»ak metatuko ditut. Gogora ditzagun: olagarroak, muskuiluak, trikuak, ostrak, txibiak, karramarroak eta ikaraioak (edo arraia elektrikoak). Hemen daude. Hauekin, Berorren Gorentasunak gailurrak harrapatuko ditu.

        Jo eta ke ziharduen Beeltzebulek ebakitzen, garbitzen, irekitzen, nahasten, gozatzen; bien bitartean, Asmodeok ontzi garai batean, Monsieur de Poincy-ren ahoa eta erraiak artegatzera predestinatutako edabea irabiatu zuen.

        — Edaritarako —azaldu zuen— Erroma zaharra utzi eta Indian babestuko naiz, honek, xumetasunez, antzina-antzinakoa izan uste baitu. Substantzia bitxiak behar ditut: uktxata landarearen sustraia eta txaba piperbeltza. Gainerakoa erraza da: esnea, azukrea eta erregaliza. Induak nire ikasle onak dira, erotismoari dagokionez.

        Beeltzebulek, zehatz-mehatz, notatu zuen errezeta oharrez betetako koadernoan. Dardar egin zuten, lizunki, eltzeek. Pulpoak eta txibiak beren garroak atera zituzten. Ereinotzak asentsio-belarraren ospea koroatu zuen.

        — Ah... —murmurikatu zuen tripazainak— ah...

        — Moldatuko naiz ni —azaldu zion kideak—, Monsieur Philipperen sukaldaria etortzen denean hau atera diezaion; honekin konparatuta, bere neurritasuna aparte, Monsieur Levasseur zenaren banketea haur-ahia izango da. Berehalaxe noa jantokira, eta bertan askatuko ditut lurrin lizunak; multzo harmonikoa lortzeko, hauek ere Indiari erreklamatuko dizkiot.

        Tripazaina ez zegoen ikuskizun hori galtzeko. Atzetik joan zitzaion, eta lekuko izan zen, nola nahasten zituen brontzezko eltze batean, erreberentzia erritualez makurtuz eta sanskrito literarioan murmurikatuz, kardamomo, olibano, garuwel deituriko landare, jasmin eta Bengalako errubiazeo proportzio berberak. Minutu bakar batzuen buruan, gela hori eta sukaldea elikagai eta lurrin-irrikaren bateria bilakatu ziren. Surik gabe, sutan zetzan etxetzarra.

        — Amaitzeko —esan zuen Asmodeok—, musika falta da, fondo musikala: musika, haragiaren gozamenean gorenera iristen diren eszenarik onenen osagarri zirikatzailea. Gainerako Gorentasunek ez diote uko egingo, espero dut, lan artistiko hori gauzatzeari. Guztiz leun eta hildua komeni da, han eta hemen, zigorkadaz, atzaparkada melodikoz zeharkatua.

        Monsieur Philippe de Lonvilliers de Poincy-k, protokoloz, bakarrik jaten zuen, terrazara zabaltzen zen leihatearen aurrean. Burrunbaka zebiltzan intsektu argitsuak Beeltzebulen euli berdeen erasopean eta palmondo-orria astintzen zuen itsasmutil betoker batek haizatuta. Urrutira, danbatekoak entzuten ziren, baina Gobernadorea jakinaren gainean zegoen zeri zor zitzaizkion, eta bazekien ez zeukala zertan kezkaturik. Bukanero batzuk pistola-jokoan zebiltzan. Joko merkea, erosoa eta eraginkorra zen: zenbait lagun gela kozkor batean sartzen ziren; euretako bat lurzoruan esertzen zen bi pistola edo trabukoren aurrean; gainerakoek pareten kontra zirkulatzen zuten; bat-batean, erdikoak kandelak itzali eta erabat ilunbetan geratzen ziren; armak hartu, gurutzatu eta azarean tiratzen zuen; garrasiek gaua astintzen zuten; zaurituta edo hilda erortzen ziren. Bakoitza ahal duen bezala eta bere zaletasunen arabera distraitzen da. Aspertu egiten ziren piratak emakumerik gabeko beren irla hartan, eta prozedura errazetara jotzen zuten dibertsio bila. Halere, gehiengoak, zuhurragoak, mozkortzeari ematen zion, eta hauen eztabaidak, hauen kantuak, hauen biraoak eta hauen korrokadak, basapizti gosekil edo argoseen kurrinka eta uluen artean, Monsieur Philippek bere mokadu harrigarriak metatzen zituen ganbararaino igotzen ziren. Gobernadorea ez zen gastronomoa. Gainerakoan, urteak ziren, San Kristobalen, haren oinarrizko anoa hertsia txerrikiak eta dortoka zopak osatzen zutela. Beste bat, Asmodeok ideatutako erromatar-indiar ezinezko menuari aurre egitean harritu egingo zatekeen. Hura ez. Mastekatu eta irensten zuen bitartean, han sukaldeko aniztasuna San Kristobalgoa baino ondotxoz handiago zela pentsatzera mugatu zen. Eta dastatuz eta hesteak betetzen segitu zuen. Ustekabeko sentsazio batek korritu zuen laster; samurtasunerantz, bere espeziekiko harremanerantz, konprentsiozko elkartrukaketarantz eragiten zion zerbaitek. Itsasmutilari erreparatu zion, eta pentsatu zuen betokerra ez balitz, ez zatekeela itsusia izango, eta betoker izanik ere, bazeukala bere xarma. Baina berehalaxe haren hoztasun zainduak, berezkoa zuen lehortasunak, bere erantzuna ezarri zuen, eta Monsieur Phlippe, irlari izena ematen zion kelonioaren antzera, bere baitan ezkutatu zen eta ideia arrotz horiek kanporatu zituen, itsasmutilak intsektuak uxatzen zituen bezala. Eltzearen lurrin arraroak gau-arnasa zela ematen zuen. Ez zen iristen zorabiatzeraino, baina bat-batean ahuldade gozo batean murgiltzen zuen Maltako Etxezaina.

        Inguruan, demonioek ez zioten atsedenik ematen beren buruari. Asmodeok hunkitu egin zuen Monsieur de Poincy, ze Vatsyayana Malanagaren Kama Sutraren, Petronioren, Arentinoren, Sadeko Markesaren, Maurice Sachs-en, «The Pearl-en», New York-en, Broadway gunean saltzen dituztenetako liburuska pornografiko horietako aipuz gainezkatu baitzion burua, sekula irakurri ez zituenak eta, bistako zenbait kasutan, irakurri ere ezingo zituenak. Zanpatuta, atzamarkatuta eta lo ere egiten ez zuten emozio-esnatzeak tiratuta, ze bere animotik kanpo egon baitziren beti, zutitu egin zen Monsieur Philippe. Ur arrez blai egindako txakurra bezala astin-astin eginez, irla sorgindua zegoela pentsatu zuen, eta, egiazki, halaxe zegoen egon ere.

        Une horretan Monsieur de Fontenay sartu zen xake-taula besapean zuela, eguneroko partidarako prest.

        — Lurrin berezia —esan zuen, sudurra jasoaz.

        San Kristobalgo Gobernadoreak gozo-gozo errezibitu zuen:

        — Ez dakit zer gertatzen zaidan. Zapalketa bat... Agian irla heretiko honetako atmosfera izango da. Deabrua libre dabil hemen —gehitu zuen, huts egin gabe.

        Eseri egin ziren. Jengibreak, arbiak, pepinoak, ziapeak, sesamoak, arraiak eta olagarroak elkar onartu zuten Bere Gorentasunaren barruko konduktuetan, eta hitzarmen oldarkorrak azkartu zituzten. Taulan barreiatutako piezek itxura anormalak hartu zituzten, batez ere Asmodeok orain amodioaren muntaia anizkoitzei eskainitako liburu japoniarretako ilustrazioetara jo zuelako.

        Ustekabean, saihestea lortu gabe, Monsieur de Poincy-k Monsieur de Fontenay-ren eskua hartu zuen, dorrea jasotzen zuen unean:

        — Esku ederrak dauzka —esan zion.

        Dortokako Gobernadoreak eskuak begiratu zituen, harrituta. Baldarrak, motzak ziren. Eskuineko eraztun-hatzean, zortzi zozo gorrien ezkutudun eraztuna beste falange lodietatik dibortziatzen zen.

        — Erreparatu al die —gehitu zuen Monsieur Philippek, itsasmutila seinalatzen ziola— pirata horren aldakei? Arraroa da hain jende fina egotea paraje hauetan.

        Kortesiaz, Fontenay euli-txoriaren aldera biratu zen eta haren ezkeltasuna egiaztatu zuen.

        — Betokerra da —azaldu zuen, zerbait esatearren—. Betokerrek zorte txarra ekarri ohi dute. —Gero iradoki zuen—: uste dut berorrek oheratu egin behar lukeela. Nekatua dago. Zalapartak gehiegizkoak izan dira. Eta heriotza hori... Levasseur Kapitainaren heriotza...

        Monsieur Philippek asasinatutakoa gogoratu zuen. Erorita ikusi zuen, baina biluzik, larrua nakarrezkoa. Eskua pasa zuen bekokiaren gainean:

        — Bai, etzan egingo naiz.

        Monsieur de Fontenay-k logelaraino eskoltatu zuen, argimutila altxata zuela, barrundatuz jaunak besoaz gerria inguratu eta estutzen bazion, balantza ez egiteagatik izango zela. Ondo lo egin esan zion, makurtu egin zen, atea itxi zuen, eta barruan utzi zuen, zazpi demonioekin. Joan egin zen, ondorioztatuz hirurogei urteak adin arriskutsua behar dutela izan, baina gero ondorioztatu zuen adin guztiak direla txarrak.

        Maltako dignatarioa erantzi egin zen, eranzten ari zela amets egingo balu bezala. Txaplata kendu zuen, eta betzuloa hutsik azaldu zen. Maindiren artean sartu baino lehen, ispiluak, auskalo zein filibusteria-harrapakinetatik ekarriak, argal, hezurtsu, islatu zuen. Beta izan zuen bere buruari esateko, azken batean, fisikoki, ez zegoela hain gaizki. Ah, bera ausartu izan balitz, lehenago...! Baina ez. Sekula ez zen ausartu. Ezertara. Bera, aldakaitza, zorrotza, latza, zurruna, intolerantea, Monsieur Philippe Lonvilliers de Poincy perfektua izan zen. Bere ezpainetatik irten nahi ez zuten otoitz lauso batzuk murmurikatu zituen.

        — Musika! —agindu zuen Asmodeok.

        Demonioek, itundutakoa praktikara eramanez, galtza beltz estu-estuak, eta laranja-koloreko brusa, garden, mahuka zabalak, eskuturretan farfail loredunez lotuak jantzi zituzten. Orkestra antillarra inprobisatzeko asmoa zuten, baina honen instrumentalaren ideia izpirik ere ez zeukatenez, banjora, marinbara, marinbaora, marakara, zerrotera eta guarura jo zuten, eltze bat azken hau. Botutoa, Orinocoko indiarren gerrako tronpeta, azaldu zenean, Asmodeok keinu larriz bidali zuen.

        — Hasi jotzen! Suabe-suabe...

        Hain handia izan zen burrunba, ze Monsieur Philippek jauzi egin baitzuen.

        — Suabe-suabe! —exijitu zuen Asmodeok—. Bibolinak eta zerroteak. Habanera bat... eta suabe kantatu...

        Jotzaileek obeditu egin zuten haren agindua eta bi taldetan banatu ziren, zerroteak hemen, eta bibolinak han. Hortz zorrotzeko zerrak hankartean finkatuta, bibrarazi zituzten, negarti, samintsu, eta bibolinek kadentzia markatu zuten auhen altu eta baxuz. Iruditu zitzaien, egokia, Dortoka irlan zeudenez, pirata-abesti bat intonatzea izango zela, eta nola Stevensonek «Altxorraren Irlan» sartzen duena besterik ez zekiten, modulatu egin zuten, ahotsak mehetuz, harik eta «castrati»enak bezala entzun ziren arte:

 

                «Fifteen men on the dead man's chest,

                Yo-ho-ho, and a bottle of rum,

                And a bottle of rum.»

 

        Hori, begiak erdi itxiz, aldakak eta sorbaldak kulunkatuz eta habaneraren erritmo zabunkatura hurbilduz.

        Ohearen erreselera igota, esku batean eltzea ketan, eta bestean batuta zuela, Asmodeok txerri-muturra eta untxi belarriak azaldu zituen gortina artean, eta hego berdeskak, errauli probokatzailearenak, astindu zituen harik eta karraskauts finak askatu arte, zeinak, etzandako ziklopeari hautseztatuz, hau erotzea lortu baitzuten. Bi kolpe eman zituen batutaz, falsetto tonua nabarmendu zuen, eta kantatzeari ekin zion:

 

                «Cuandó... salí de La Habana, brillaba el sol...»

 

        Gainerakoek jarraitu zuten:

 

                «¡Ay chiquita que sí,

                ay chiquita que no... ay!»

 

        Monsieur Philippek, larru gorrian mundura etorri zen bezala, baina ez hain ondo, usain lodia arnastu, eta musika eta ahotsak edan zituen, eta hauek, mozkorren marmarrarekin nahasian, landa zabaletik zetozela simulatzen zuten. Zerroteek bare-bare marrakatu zuten, katuen grina benereoa imitatuz; bibolinen gozamenak eldarniatu egin zuen. Asmodeok igarri zuen Monsieur de Poincy aski adobatua zegoela show nagusiari hasiera emateko.

        Soinujoleek, isil-misilka, exotiko izan nahi zuten zenbait dantza interpreta zitzaten utzi zuen —cueca, conga, bamba, rumba, cumbia—, eta atmosferaren presioa areagotzeko aprobetxatu zuen, hain muturrekoa, ze maltatarrak nekez eta hotsa atereaz arnasa hartzen zuen. Orduan demonioak zenbateraino zen demonio frogatu zuen. Salto batean, logelaren erdian jarri zen, ohearen kolomek koadrotua, antzoki txiki bat iduri, eta han, hurrenez hurren, mendeen eta herrialdeen gainetatik lasaiera erudituz olgetan ibiliz, Japoniako geisha, efebo espartarra, Korintoko hetaira, trabesti brasildarra, Lesbos-ko Safo, Lady Chatterley-ren maitalea, Bizantzioko Enperatriza, Kretako Lirioen Printzea, Hamburgoko prostituta, Errenazimentuko mutila, Goyaren bi majak, Lord Alfred Douglas, «Mila eta Bat Gau»eko maitagarria, edonongo hermafrodita, Don Juan eta Otero Ederra izan zen. Orkestrak lagundu zuen hain desberdinak ziren pertsonaien agertze eta desagertzea konpas egokien bidez, zeinak «Madame Butterfly»gandik hasi (geisharentzat) eta Strauss-en baltseraino (Otero Ederrarentzat) eskalonatu baitziren, eta Asmodeok asmatu zuen bata aienatu baino lehen, bestea azal zedin, eta honela hain mota desberdineko biluztasunak nahastu ziren, eta une jakin batean Brasilgo trabestiak, Lady Chatterley-ren maitaleak, Safok eta Lirioen Printzeak —adibibide txiki bat aipatzearren—, konbinatzen zutela, muntatzen zutela eta akoplatzen zutela, gizaki eta olagarro lizun baten egitura eratu zuten, aukeraz betea, eta honek Monsieur Philipperen liseriketa-kanaleko olagarro bizilagunaren antzeko erreakzioa eragin zuen, eta honela bi olagarroek, ikuskorrak eta ikustezinak grina estuz aldeztu zuten Asmodeok gogoz lortu nahi zuena.

        Poincy-koari ez zitzaion iristen begi zurtz bakarrarekin. Argosenak nahiko zituzkeen. Geishak obia askatu eta kimonoa zabaldu zuen; efeboa palestran bezala agertu zen, hots, dutxaren azpian bezala; hetariak nabarmendu zuen eta ez zuen nabarmendu, maltzurki, komeni zitzaiona; trabestiak ia estalita kontserbatu zuen salatuko zukeen hura; Ladyrenak bular iletsua eta zerbait garrantzizkoagoa erakutsi zituen; Enperatrizak nabaritu zuen mantua zela, dalmatika bezain astuna, soinean zeraman arropa bakarra; Printzea apetatu egin zen eta lumadun kapeluari eutsi zion, gainerakotik libre; Hamburgoko emakume bekatariak beste horrenbeste egin zuen, baina galtzerdi beltzekin eta briliante faltsudun galtzariekin; mutila halako lehiaz eta trebeziaz estutu zen, ze ez baitzuen erantzi beharrik izan; Maja Jantziak bere «pendant»a kopiatu zuen; Lord Douglas irribarre egitera mugatu zen eta erantzi izan balitz bezala izan zen; maitagarriak hegan bidali zituen bere estalkiak eta adierazi zuen maitagarriek (Ekialdekoek) dontzeila-anatomiaren leuntasunak plagiatzen dituztela; hermafroditak Vatikanoko Museoko androginoaren posizioa errepikatu zuen, klasikoa dena, aroz eta androginoz. Don Joanek giroa berotu zuen, bere presentzia beste kaloriferorik gabe; eta Otero Ederrak horrenbeste denbora behar izan zuen gerruntzea, azpiko gonak, galtza motzak, etab. kentzeko, ze «strip-tease» ospetsu baten erdibidean geratu baitzen aldaketak abiadura azkarrez gertatzen zirelako.

 

                «Yo-ho-ho, and a bottle of a rum...

                Cuandó... salí de La Habana...»

 

        Monsieur de Poincy gogaitu, dohakabea! Grina sutsuak askatuak ziren eta oinkatu egiten zuten, oinutsik, haren miseriaren gainean. Bera osoa txingar bakarra eta zurruntasun bakarra zen. Bidezkoa al zaigu, orduan, harritzea, disgustatzea, ezagutzen zuen eta zeinaz eskua bota zezakeen prozedura bakarrera jo zuelako —konpartsa hura itzal hutsa baitzen—, bere larritasuna desagortzeko? Hartara jo zuen hirurogeitaka urtekoak, bere nerabezarotik bereizten zuen bide luzea baldar eta trakets igoz. Ahituta geratu zen, baina handia izan zen haren arindua. Gauzak, ordea, ez ziren han bukatu. Bi egunez, ez zuen lortu ganbara uztea, atea jakiren bat hartzeko besterik erdi irekitzen ez zuela, eta Monsieur de Fontenay eta ofizialak errefusatuz, hauek ardurati baitzetozkion, eta txunditu egiten ziren, debekatutako zirrikitutik Gobernadorearen biluztasun argala ozta-ozta ikustean. Bi egunez, bi egun osoz, zirikatu zuen Asmodeok irudiak berrituz, konposizioak ugalduz, orkestra eta Beeltzebul sukaldaria xaxatuz, zalduna bere orgia bakartia luzatzera behartuz, zorroztasun eta isolamenduzko bizitzaren bokalea. Eta okasio hartan ere, Patu ankerrak ezarri zuen Maltako Etxezainak bakartasunaren zantzuaren azpian jardutea, eta bere amodiozko solasaldia izan beharko zukeena, monologo bilakatzea.

        Azkenean, itsasoratzeko aukeratutako goizean, Monsieur Philippek bere logelako sarrera ireki zuen. Nolako ikuskizunarekin topatu ziren haren jendeak! Lonvilliers de Poincy-ko jauna oheko anabasan zetzan, zurbil eta geldi Herioa berbera bezala, hark bezala hortzak eta saihetsezurrak eta askoz gehiago erakusten zuela, hain laxo eta birrindua, ze Monsieur de Fontenay errukiorra kapa beltzarekin eta honen zortzi puntako gurutzearekin estaltzera aurreratu baitzen. Garbitu, orraztu, trajeatu eta oinetakoak jarri zizkioten. Dortokako Gobernadoreak bere beso sendoetan jaso zuen eta, kanoikada zeremonialek baretasuna hausten zuten bitartean, galeoira eraman zuen. Itsasmutil betoker famatuak lumadun kapelua zeramakion. Biztanleak atzetik etorri ziren. Inork ez zuen imajinatu zeri atxeki San Kristobalgo Gobernadorearen ahuleria, zeinak totelka hitz egiten baitzuen eta, ulertzea lortzen zitzaionean, hain hitz zantarrak esaten zituen, ze hobe zen totelka mintza zedin. Zazpi demonioek ere eskolta egin zioten, Asmodeo herrena buru zutela, eta hau txalotu egin zuten bere kofradeek. Mitxeleta izugarriak dir-dirka zebiltzan eguzkitan.

        Luziferrek, ordea, esan zuen:

        — Gogaikarritzat hartuko banaute ere, nire setagatik, azpimarratu nahi dut, jaunok, Harrokeria, nire Harrokeria, eta zenbait kasutan, Handipuzkeria, honen anaia txikia direla bekatu larri guztien iturri bakarra. Harrokeriagatik, amildu zen Thouarsko Madame Katalina Tiffaugesko gazteluan; handipuzkeriagatik, bizia galdu zuten Nonia Imenea eta gainerako ponpeiarrek, hauek, zekenkeriaz, ez baitzuten amore eman, erupzio bitartean, beren prestigioaren lekukotzetatik aldentzeko; harrokeriagatik hil zuen Tzu-Hsi Enperatriz bekaiztiak Zeruaren Semea. Don Antonino Robles eremutarrak ez zuen bekatu egin harrokeriaz, Potosin, baina haren ondoan distiratu zuen Melgarejo Kapitain Jeneralaren harrokeria beldurgarriak, berarekin sabelkeriaren probokaziopean erortzeko zirikatzen zuela. Sior Leonardo handipuzkeriaren biktima izan zen, Veneziako Rezzonicotarrak izan ziren bezalaxe, hauekin bihozgabe jokatu baitzuen haren hirak. Eta Monsieur Philipperi dagokionez, nork du zalantzarik haren harrokeriak, kristau zorroztasunez mozorrotuta, lizunkeriaren egonezinetan galtzera eraman zuela?

        — Berorren Gorentasunak ulertuko duen bezala —erantzun zion Asmodeok—, zertxobait nekatuta nago. Ez biezat eskatu orain argudiatzea.

        — Utz biezat, Gorentasuna... Urrun nigandik berorren lana gutxietsi nahi izatea, bikaina izan da eta. Frogak sobera dira han.

        Eta Luziferrek Maltako Etxezaina seinalatu zuen; hau txalupa utzi eta galeoiko eskaileran gora zihoan, Monsieur de Fontenay-k zeramala. Bere onera itzuli zen toldan, eta apenas aski izan zuen arnasa itsasmutila tripulazioan sar zedila agintzeko.

        Demonioak haitzean eseri, eta denbora luzez egon ziren, erretzen eta maniobrak behatzen. Belak jaso zituzten; aingurak altxatu zituzten; danbatekoak bota zituzten; zutuoihalak agurtu zituzten. Bazihoazen, bazihoazen jada. Untziak haizea irabazi zuen eta biratu, berbiratu, haizebetu, kliskatu, mendi-atzeratu, eta beste zenbait untzi-gauza egin zituen.

        — Goazen gu ere —esan zuen Satanek—. Hemen datoz gure garraioak, oraingoan, zintzo-zintzo, denak. Nola? Asurbanipal zezenak bizarra kendu du. Geure lana errematatzea geratzen zaigu, azken bekatuaren pasadizoarekin. Nagikeriari dagokio, logikoa zenez, ahalegintzea, beste erremediorik ez dagoenean.

        — Nik aitortu beharra daukat —esan zuen Beeltzebulek— gure bidaia amaitzear egotea deitoratzen dudala.

        — Baita nik ere —aldeztu zuen Asmodeok—. Bat nator Deabru Nagusiaren iritziarekin, honen ustez motz geratu baitzen Tomas Aquinokoa bekatu nagusiak zazpira murriztean.

        — Esate baterako —hitza hartu zuen Luziferrek— bururatzen zait erresumina (bekaizkeria ez dena) sabelkeria baino bekatu ondotxoz okerragoa dela.

        — Ez naza gutxiets, Gorentasuna —erregutu zuen Beeltzebulek.

        — Eta zurikeria? —galdetu zuen Satanek—. Ez al da nagikeria baino okerrago?

        — Eta hipokresia... gezurra ez dena? —galdetu zuen Mammonek.

        — Eta gorrotoa... amorrua ez dena? —galdetu zuen Leviatanek.

        — Hori kontuan izan dute —erantzun zion Luziferrek—. Gogora beza harako «zeure lagun hurkoa maitatuko duzu», etab. Distrakzio barkaezina izango zatekeen.

        Hegoak harrotu eta igo egin ziren, dotoreziaz gainezka. Behean, kulunka zebilen galeoia.

        — San Kristobalgo Gobernadoreak —amaitu zuen Asmodeok— koloretako album bat darama berekin; hori ez du utziko bere bizitzaren akabera arte. Orriak irauli eta irauli, manipulatuz, jarraituko du gauez-gau. Ez dut uste luzaro biziko denik.

 

 

 

© M. Mújica Lainez

© itzulpenarena: Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia