Hamaika

BIDAIA

 

        Veneziatik irten eta laster berreskuratu zituzten lau txinpantze hegalariak, Belfegor emakume lodikotearen andak eramateaz arduratzen zirenak, eta Empire State Bulding-en, garraio-lanez aspertuta beren lana bertan behera utzi zutenak. Buru-makur eta aire otzanez itzuli ziren. Beren atzealdeak egituraz eta kolorez aldatuak ageri ziren ze, ohikoen ordez, ipurtaldea ikortzirinez betea, zartatua, eta mandrilen ipurmasailak bereizten dituzten tonu gorri eta urdinak erakusten baitzituzten. Berehalaxe jakin zuten demonioek, langile-ordezkariaren bidez, mudantza hori, beren funtzioak arautzeko, Superundarekin «ad referendum Diaboli» idatzi zuten estatutu-proiektuaren Infernuko aurkezpenari zor zitzaiola. Ematen duenez, Deabru Nagusiak berak gauzatu zuen, bere apatxak beste tresna konbentzigarririk gabe, aipaturiko mudantza hori tximinoen ipurmasaila errukarrietan.

        — Gure nagusiaren erantzuna ekarri dute ipurtaldean tatuatua eta kromatua —azaldu zuen Luziferrek—. Mezua argia da. Bistan da, Pandemoniumeko Jauna ez dagoela ados estatutuarekin.

        — Guk —xuxurlatu zuen, zinkurin-mingurin artean Superundak— ez dugu amore emango geure asmoetan. Sozial motako errebindikazio orok behin eta berriz ekitea eta denbora eskatzen ditu.

        — Zaila da —iritzi zuen Satanek— Deabru Nagusiak tximinoen ipurmasailekiko daukan iritzia aldatzea ageriko aldarrikapenez. Hauek egin dezaketen onena lasai egotea da eta protestarik gabe Belfegor garraiatzea. Oraingoz, beren atzealdeko masail handietan Deabruarekiko beren intimitate fisikoaren lekukotza nabaria erakustea, nire ustez, ohore handia da. Garraitzera, beraz!

        Hala egin zuten txit ostikatuek, eta sekula ez zen ibili hain eroso nagikeriaren demonioa.

        Bidaiariak primeran igo ziren. Atzera utzi zuten, urruti, urruti, estratosfera, eta eguzki-sistemako astroak erritmo serioz biratzen direneko eskualdeak aztertu zituzten. Izaera ezezaguneko espaziuntzi desberdinak igarotzen ikusi zituzten. Batek, branka Martitzera apuntatzen zuen batek, eman zien atentzioa. Honen kasuan, inskripzio mordo batek informatzen zuen, tripulatzaileak atsegin-txangoa egiten ari zirela, planeta hartan, Hilton Hotelen lehen sukurtsalaren irekieran parte hartzeko. Leihatiletatik ikusi ahal izan zuten, turistek xanpaina edaten zutela eta lore-sortak zeramatzatela. Gidak, anplifikadoreaz baliatuz, kanpoko kosmorama, ozar-izarra, izar uxoen ihesa seinalatzen zizkien. Asko eta asko, pasaiarien artean, iparramerikarrak izango ziren. Zoritxarrez, ez zeuden, beren aldetik, demonioen talde hegalaria eta hauen zamariak kaptatzeko baldintzatan, ze gainerakoa hain entretenigarria izanik, ikuskizunaren gauzarik erakargarri eta bitxiena baitzen. Zazpiek beste espaziuntzi batzuk ere ikusi zituzten, Jupiter, Saturno eta Uranotik zetozenak, hauek beste kurioso mordo bat zeramaten Hilton Hotelaren inauguraziora. Hauetako bidaiariak aski desberdinak ziren, materialki, jatorriz Lurrekoak zirenekin konparatuta, eta baita erakusten zituzten loreak ere, baina aurreko kasuan bezala, beren ibilgailuak apaintzen zituzten legenda alaiak ingelesez edo, zehatzago izateko, yankeeraz idatzita zeuden.

        Halere, demonioak gehien liluratu zituena ninfa-forman eta luxuz apaindutako kohete luze bat izan zen, gure lurretik bidalia hau ere, eta nabarmentzen zuten testu argitsuen arabera, putetxe-kate bat instalatzera zihoan Artizarrera. Musika dardaratiek inguratzen zuten; emakume eder eta gizonezko serioek betetzen zuten.

        — Esaten dute —azaldu zuen Leviatanek— Artizarreko atmosfera dela egokiena sentsualitatezko aktibitateen loraldirako. Zientzilari ikertzaile serioek konklusio onuragarri hori lortu dute.

        — Eztabaidaezina da —zehaztu zuen Asmodeok— aurrerapena bazter guztietara iristen dela, eta gizakiak beronen aitzindaria izateko pribilegioa daukala.

        — Gustatuko zitzaidakeen, Gorentasunak, Sior Leonardo geurekin ekartzea —gogoeta egin zuen Satanek—. Oso atsegina da.

        — Horrela amorratuz jarraitzen badu —izan zen Beeltzebulen erantzuna—, ez beza izan zalantzarik laster elkarrizketa egin ahal izango duela harekin Infernuan.

        — Jarraituko du, ziur nago. Haserrealdi bikainak behin dikea hautsiz gero, beronen isuri frenetikoa ez da gelditzen. Ezinbesteko, nahitaezko, bihurtzen da, alkoholaren antzera, zigarroaren antzera, berauetara sarri jotzen dutenentzat. Eta higienikoa, gimnastikoa da; odolaren zirkulazio ona eta jariaketa kaltegarrien disoluzioa laguntzen ditu.

        — Zigarroak aipatu direnez... —esan zuen Asmodeok.

        Hain bereziak ziren bereetako bat armatu zuen, kea zurgatu eta bere adiskideei pasatu zien. Hala, azkar-azkar, munduko bolaranzko bidea hartu zuten, ze erlojuak artegatasun-zantzuak ematen baitzituen eta, artean txilina jotzen ez bazuen ere, txintxin arinak askatzen zituen, behin-betiko deiaren aurrekariak. Gizateriak globo urritzat daukan ostatua, hodeizko koltxoian agertu zitzaien. Altuera galdu ahala, itsaso berdea begiztatu zuten, haitzez zipriztindua. Leviatan Almiranteak profesionaltasunez kataloxa luzatu zuen:

        — Karibeen, antropofago famatuen Itsasoaren gainean goaz hegan. Horiek dira India Mendebaldarrak; alde hartara, Haizebeko Irlak, eta hauek, eskuinera, Haizaldekoak, Antilla Handi eta Txikiak.

        Azkenak adieraziz joan zen:

        — Santa Luzia, Martinika, Guadalupe, Puerto Rico...

        Zetazeo edo sirenak ziruditen ur apartsuan.

        — Antillak —jarraitu zuen Almiranteak— ... palmondoak, sargazoak, hondartza onak.

        — Rona —gehitu zuen Beeltzebulek.

        — Musika tropikala —esan zuen Asmodeok— eta emakume ederrak. Les belles créoles...

        Iratzargailuak jo zuen setati, baina horrekin ere ez zen bere onera etorri aisialdiaren demonioa. Erlojuaren orratzak 1647. urtea markatzen zuen.

        — 1647 —erreparatu zuen Satanek— ... Richelieu 1642an hil zen, eta Luis XIII.a, berriz, 1643an. Luis XIV.aren... Austriako Anaren... Mazarinoren... adin txikia zeharkatzen dugu; beraz, historikoki, «Hiru Mosketarien» ondorenean kokatzen gara.

        Makurdura arinez biratu ziren, Patuak eraginda, eta beheratuz segitu zuten, harik eta gaurko Kuba eta Haitiren itsasarte bereiztailea zeharkatzen zuen untzi bat begiztatu zuten arte.

        — Hiru zubi eta txopako gaztelu handia: galeoi bat —egiaztatu zuen Leviatanek—. Mastetan bandera zuriak, lirio lorez estaliak, eta bandera gorriak gurutze zuriekin: Frantzia monarkikoa eta Maltako Ordena.

        — Gure erlojuaren lehia eta zaratatik interpretatzen dut —ondorioztatu zuen Luziferrek—, hor behar duela bidaiatu gure hurrengo etaparen arrazoiak. Bi fitxa besterik ez zaizkigu geratzen, Nagikeriari eta Lizunkeriari dagozkienak. Bere Gorentasun Belfegor Morfeoren zepotik libratzen ez denez, iradokitzen diot, Gorentasun Lizuna, atera dezala zortea.

        Asmodeok kutxan sartu zituen hatz guztiz sentikorrak:

        — Niri tokatu zait —jakinarazi zuen—: Antillak, 1647 eta Lizunkeria; nahasketa beroa.

        — Hemengo sukaldaritza bezala —gehitu zuen Beeltzebulek.

        — Jaitsi gaitezen, eta Deabru Nagusiak lagun gaitzala.

        Masterian pausatu ziren, kaioak bezala. Eroen lurmuturra eta San Nikolas lurmuturra inguratzen zituzten Españolan. Mesanan orekak entseiatuz, itsasmutilak kantatu zuen:

        — Istriborraldera, Dortoka irla!

        Eta, eskuekin pantaila eginez, gatz usain freskoa arnasten zuten bitartean, filibusteroen irlatxoa zutitzen ikusi zuten, Kostako Anaien Kofradiaren gotorlekua.

        — Stevenson betean gaude —irribarre egin zuen Satanek-: «Altxorraren Irla».

        — Nahi beza Infernuak guk bat aurkitzea —esan zuen ezpainak miazkatuz zekenkeriaren demonioak.

 

 

 

© M. Mújica Lainez

© itzulpenarena: Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia