Hamar

SATAN EDO HIRA

 

        — Hira —esan zuen Satanek, maskara altxatu eta dotoreziaz sudur-hauts izpi bat arnastuz—, harrokeriaren antzera, honi estu-estu lotua baitoa, bekatu bikain, garbi, sutsu, distiratsua da, beste bekatu nagusi batzuekin gertatzen denaren aldean; hauek nahiago dut ez izendatzea, Berorien Gorentasunak ez mintzeko. Bekatu aristokratikoa.

        — Seguraski —erantzun zion Mammonek—, Berorren Gorentasunak usteko du zekenkeria ez dela horrela; erdipurdiko jendearen bekatua dela. Bide horretatik, gauza izango litzateke zekenkeria behartsuen bekatua dela leporatzeko ere. Hori astakeria!

        Satanek erantzuna gutxietsi zuen. Maskaran zehar, erantsi zuen:

        — Hiraren gainean mintzatzean, Horazio aipatu ohi da: «Hira eroaldi labur bat da». Hori bai dela astakeria! Esan izan balu, erokeria bikain eta luxuzko bat dela, ados egongo ginatekeen ia. Eta erotasuna poetikoa denez, graziazko egoera bat delako, zeinak poesiaren antzera irudi desberdin eta antitetikoak ere lotu eta adiskidetu egiten baititu, eta, bat-batean, murmuriotik eztandara igarotzen denez, ondorioztatu beharko da, amorrua poesiaren forma bat dela.

        Luze jarraitu ahal izango zukeen honela mintzatzen, paradoxak albainutuz. Haren umore onak bozkariatu egiten zuen, miresgarriki. Hori eragiten laguntzen zuen denak; Kanal Handiko ur ilunetan distiratzen zuen arratseko eguzkiak; jauregi koloreanitzen nobleziak; arraunean zihoazen gondolaren erritmoak; janzten zituzten traje miragarriek. Satanena hori-kanelatuagatik nabarmentzen zen; Luziferrena, gerezi-koloreagatik; Asmodeorena, berde-lizunagatik; Mammonena, zafiro-koloreagatik; Beeltzebulena, urdinagatik; eta Belfegorrena, karratu laranja eta beltzeko xake-itxurakoagatik. Kapa luze ilunak; belusezko trikornioak; eta exageraziozko sudurdun mozorro zuriak zeuzkaten. Belfegorrek eta Asmodeok emakume-jantziak aukeratu zituzten. Aho batez barre egiten zuten, moda veneziarraren arabera, izan ere, garai hartan, inork ez baitzion barre egiteari uzten Venezian, edo gutxienez irribarre egiteari. Barreek gondola batetik bestera salto egiten zuten, gitarren eta lauteen konpasera. Kanal Handi osoak barre bakar eta luze batek bezala durundatzen zuen. Hauen ondoan, txalupa bat lerratu zen, politxinela konkortu eta kapeludun talde batez betea, Tiepoloren pintzela etsipenez oroitzen zuena.

        — Azken batean —adierazi zuen Beeltzebulek—, gizakien mundua ederra da. Izeba eta ahaide, bertso eta eskultura, sukalde eta berotasunaren mundua. Batzuetan gizaki izatearen nostalgiak estutzen nau.

        — Horrela ez delako —erantzun zion Leviatanek, Asmodeoren farfaildun haizemailearekin jostatuz—. Berorren Gorentasuna aingeru izan zen eta demonioa da. Ezin daiteke kexa bere karreraz. Hilezkorra... Hilezkorra da betiko, ez akademikoak bezala; hauek baitira gizakiaren irudimen elbarriak asmaturiko hilezkortasunetik hurbilen daudenak. Inguratzen gaituen eta dibertitu egiten dela disimulatzen duen jende hau guztia, bere hilkortasunaren larritasunaren azpian bizi da. Herioa da Bizitzako errege. Eta Berorren Gorentasunak oso azaletik aurpegi ematen dio Munduari: itzala gehiago dago bertan argitasuna baino.

        — Halere...

        — Ez bedi izan makabroa, Gorentasuna —bitarteko izan zen Luzifer, Leviatani zuzentzen zitzaiola— eta goza beza unea. Egin beza hauek bezala... horiek bezala...

        Eta azarean, monokuloaz, beste gondolak erakutsi zituen, zeinak ia ura ez ikusteraino betetzen baitzuten Kanala, eta gondolariek, belus purpurak urrezko eskudelaz lotzen zituztela, airetik xelebre esekita, errieta egiten zieten elkarri, builaka esanez: Aoí!, aoí!

        — Hiri honetan —gehitu zuen Luziferrek, zeinak estelan arrastatzen uzten baitzuen zeta urdinezko eskuzorroa—, Ihauteriak sei hilabete irauten du orain.

        — XVIII. mendeko Ponpeia da —zehaztu zuen Mammonek—. Ez al da bukatuko ezagutu genuen Ponpeia bezala!

        — Zorionez —erantzun zion Leviatanek—, ez dago sumendirik eskualdean.

        — Baina itsasoa dago, Gorentasuna —jarraitu zion zekenak—. Venezia itsasoaren gatibua da. Eta itsasoa okerrago izan daiteke sumendiak baino.

        — Edo disimuluz jokatu, setati —eten zuen Satanek—, eta, pixkana-pixkana, azpia janez, erupzio baten hondamen ondorio berberak lortu.

        — Ez bitez izan izorratzaileak —erreklamatu zien Luziferrek—. Begira bezate inguruan. Har bezate jarraibide.

        Honen aholkuari jarraitu zioten demonioek, eta Buzentauroa begiztatu zuten, untzi dukala, zeromoniaren batetik itzulian, lehoi ebanjelikoaren zutoihalez eta Duxaren arrosa heraldikoez apaindua. Ofizialen eta ezkutarien mugimenduaren artean, zubian printze zaharra bereizten zen, zeinaren ile zuriak harribitxizko «cornoa»ren azpian azaltzen ziren, eta jendetza bedeinkatzen zuela ematen zuen. Mocenigoa zen, hain funtzio ohoragarria betetzen zuen leinu horretako seigarrena, beraz, etxeko zerbait balitz bezala betetzen zuen, eta bere ezkutuko arrosa adarra Veneziako gonfaloietatik betiko banaezinezko balitz bezala. Eta zeinen gutxi, zeinen gutxi falta zen bandera arrotzek San Markoskoak ordezka zitzaten! Hori sumatuko ote zuen axolagabe itxurako jendetzak? Horregatik egiten ote zuten horrenbeste barre, azkeneko aldiz barre egingo balute bezala? Olana marratuzko untzi txikiek dardar egiten zuten inguruan, intsektu ahulak iduri, eta aldi berean gortekoa eta herritarra zen musikak, Vivaldiren bibolin eta danbolindun zalaparta nahasteak, bere kadentzia eskaintzen zieten ezin konta ahala maskarei —mairuak, turkiarrak, hungariarrak, tartariarrak, txinatarrak, deabruak (egiazko deabruek ezagutu ez zituztenak)— eta jantzi bitxiak eta teatroko ileordeak janzten zituztenei, zeinek elkarri deitzen zioten arraunen zurrumurruan eta batak besteari hitzorduak ematen zizkion geroagorako, ze udako gauak ez baitzuen azkenik izango.

        — Nora ote garamatza geure gondolak? —galdetu zuen Pandemoniumeko bidalietako batek.

        Piazzettako nasan untziratuak ziren, batelariarengan erreparatu gabe eta norabiderik adierazi ez ziotela, gogotsu, turista gisa, bat-batean, iskanbilan parte hartzeko, eta orain, ustekabean, bete beharra zeukaten eginkizunaren nozioak kezkatzen zituen. Ezerk ez zien markatzen, artean, helburu zehatzik. Satan, bere betebehar nagusia buruan sartua zuela kasu horretan, gondolariarenganantz itzuli eta itxuraldatu egin zen, gidatzen zituena, bat-batean, identifikatzean. Mozorro eta guzti ere, —egia esan, baldar samarra—, ezinezkoa izango zatekeen ez antzematea, zeukan behi-muturragatik. Molok zen, Infernuko Kontseiluko kidea, Ponpeian oso garratz bisitatu zituen demonio errietaegilea. Haserrekorrak ukalondoz jo zituen hurbilenekoak, eta hauek beste horrenbeste egin zuten gainerakoekin:

        — Molok da —xuxurlatu zuen Satanek—. Egin dezagun ezikusia. —Eta, suabe-suabe, «Gazteria Demonisten Marxa» txistukatzen hasi zen.

        Besteek imitatu egin zuten, begiradak aurrean finkatuta, tente-tente, tutoreak, opor-eguna aprobetxatuz paseatzera ateratako ikasle-talde zentzudun bat bailiren. Atzean, mutu, besoei eragiten zien mamutzarrak.

        Luziferrek Italiako Turing Clubaren «Gude Bleu»a aurkitu zuen bere arropetan, 1956. urtekoa; aurkibide alfabetikoan bila ibili zen, 211. orrialdera iritsi, eta egoitza ospetsuak izendatuz joan zitzaien, beren branka oztopoak saihestuz zihoan neurrian:

        — À gauche, Dario Jauregia, 1487koa; à Droite, Corner della Ca'Grande Jauregia, Sansovinorena; ezkerrera, Loredan Jauregia, XVI. mendekoa; eskuinera, bi jauregi Barbaro, bat XVII. mendekoa, bestea XV.ekoa. Aurrerago Mocenigo Jauregia ikusiko dugu, non biziko den Byron 1818an, eta ibilbidearen bukaeran, Vendramin-Calergi jauregia, non hilko den Wagner 1883an.

        Ez zituzten ikusi; ez ziren luzatu haraino. Fatxadek, beldurgarri, desfilatzen zuten, bitxiz apaindutako emagalduak bailiren. Denborak oso ederki matizatuak zituen berauen intonazioak. Opalo izugarriak ziruditen.

        — Rezzonico Jauregia, Longhenarena, Massarik osatua, XX. mendean XVIII. mendeko museoa gordeko duena.

        Honen ezkerrera, etxetzar dotore trinkoa zutitu zen. Rezzonikotarren armarria —gurutzea eta dorreak— harrotzen zen, urre-koloreko, aitasantu tiararen azpian, erdiko balkoi zabalean, zeren garai horretan familiako batek, Klemente XIII.ak betetzen baitzuen pontifize-aulkia. Gondolak bertarantz okertu zuen, Kanalaren erdia utzita.

        — Aitortu beharra dago —xuxurlatu zuen Almiranteak— Molokek arraunean ondo egiten duela.

        Gozo-gozo, musika-tresna formako garraioaren muturrak, sigi-saga egin zuen nabigatzaileen zalapartan; Ca'Rezzonicoko harmailen muturra abordatu zuen, hau urak astintzen zuen gora-behera dardaratiz, eta zazpiak jaitsi egin ziren, buruak biratu gabe.

        — Gauza hemen dela ematen du —esan zuen Satanek.

        — Zorionez libratu gara zelatari horrengandik —esan zuen Asmodeok—. Doala, nazkagarri hori, amondarrek adora dezaten. Wagner jauregia beste batean ezagutuko dugu. Uste dut han konposatu zuela «Tristanen» bigarren ekitaldia.

        Eta, kapa gurutzatuz eta munduko amodio duorik ederrena ahapeka kantatuz, koloma lodiko arkupean sartu zen, zeinaren muturrean gailentzen baitzen, beste behin gehiago, sekulako eta orain marmolezko, delako armarria. Lizunak tajurik gabe imitatzen zituen tenorearen eta sopranoaren ahotsak. Isiltzeko agindu zioten eta ikustezin bihurtu ziren, baina denen akordioz, beren jantziak kontserbatzea erabaki zuten, zeinak gizakien sentimenen eremua betetzen ez bazuten ere, gutxienez, beren sentimen-sotiltasunaren eskumenera egongo baitziren. Ez zuten etsi traje fin horiek uztera, hauek oso ederki egokitzen baitziren atmosferarekin eta, gainera, beren irudiak nabarmentzen zituztelako.

        — Sekula ez gara jantzi honen ondo bidaiari ekin genionetik —azaldu zuten.

        Saltoka igo zuten, kartoizko sudurretatik tiratzen zutela, harmailadiko lehen tartea, Massarik ideatua, eta kolpe batean gelditu ziren, zeren bertatik baitzetorren, loriatsu, etxeko nagusia, Ludoviko Rezzonico, Veneziako Prokuradorea. Bere ileorde barroko triangeluarraren txirbilek kulunka egiten zuten, bere esku leun eta bitxiztatuez ferekatzen zituzten bitartean, eta haren profilaren harrotasunak xixel numismatikoak eskatzen zituen. Dir-dir egiten zuten haren bitxiek, haren kateek. Inguruan, morroi-hodei batek flotatzen zuen, bastoiaren, hiru puntako kapeluaren, karpeten eramaileak. Hauetako baten gainera, zeru-goietatik, seinalatzen zuela, ustekabean, gezi gorri bat jaitsi zen, neon distiratsuzko artifizio moduko bat, abisu elektriko bat bezala, itzali eta piztu egiten zena, harik eta desagertu zen arte.

        — Gezi txikidun horrek —ondorioztatu zuen Satanek—, izan behar du nire gizona.

        Prokuradorea bere leinuaren marmolezko ikurraren aurrera iritsi zenean pixka batean gelditu egin zen pentsatzeko. Orduan irabazi zuen arrandian. Kapelua jantzi zuen, geziak bereizitako morroiaren hatzen puntatik hartzen zuela; bolizko heldulekudun kainaberan bermatu zen; eta «cortile»tik urrundu zen, eta bertako harlauzek haren zapatatzarren handitasunaren azpian durundatu zuten. Airean geratu zen haren azmikle lurrinaren kutsua, morroien usain fuerteari gehitua.

        Demonioek haren itzulerari itxarotea erabaki zuten, baina ez zen itzuli. Itzuli ziren, ordea, etxezaina eta morroiak. Erraza izan zen ondorioztatzea, orduan, geziaren tipoa morroien burua zela. Beronen duintasunak eta tonuak aldarrikatzen zuten hori, hauek Prokuradorearen ezaugarri harroei soilik baitzihoazkien atzetik, eta baita gainerakoek honi hitza zuzentzean erakusten zuten begiruneak ere. Laster jakin zuten, halaber, Abernukoek Sior Leonardo zuela izena.

        Sior Leonardo berrogita hamar urterantz bidean zihoan. Sendoa eta garaiera ertainekoa, tako goranahiekin luzatzen zuen berau, eta gainera, gerria troxatzen zuen bere lodiera murrizteko. Horri bere aurpegi oliba-koloreko eta latza gehitzen bazaio, zeinetan begi zorrotzak betile arantzatsuen, aginte-sudurraren eta kokospe belaxkaren joko ikusgarrian ezabatzen baitziren, ulertuko da, hegal zabaleko bere kasakarekin, gorria eta beltza, Rezzonicotarren koloreak, batzuetan oilategiko hegazti garesti horietako baten inpresioa ematen zuela, burugoia, eta oilategian agintzen duena. Ezer ez, ordea, egiatik urrutiago, demonioek laster egiaztatu zuten bezala.

        Sior Leonardo lotsati eta eztia zen. Berezko azaleko itxurak, beldurgarria, harresi gisa balio zion bizitzako erasoen aurka. Jakina, bere menpe zeuden morroiak ohartuak ziren kontraste horretaz, flakezia horretaz, eta haren aurrean ohorezko begiramen plantak egiten bazituzten ere, zeinak aipaturiko itxura protokolarioak gainezartzen baitzizkien, bera ez zegoenean ez ziren urriak etxezainari egiten zizkioten isekak.

        Honetaz konturatu ziren bidaiariak, denbora iragan ahala eta berau jauregia korritzeko aprobetxatzen zutela.

        — Ca'Rezzonicoa —zehaztu zuen Luziferrek— familia baten handiusteari jasotako monumentua da.

        Lehen solairuko Dantza-Areto kolosalean esan zuen hau, freskoz eta estaldura urrekaraz jantzia, eta honen sabaian Munduaren lau zatien sinbolo piktorikoa hedatzen zen, eta hauen erdian hegan egiten zuen, dirdiratsu eta putinka, Eguzkiaren gurdiak. Han, hirugarren aldiz, arranditsu eta orain koloreanitz, etxearen armarriak bere diseinuak gogoratzen zizkien bisitariei, badaezpada, hori ahazteko «gaffe» barkaezinean eroriak baziren. Eta Ezteietako Alegoriaren Aretoaren sabaian, Giambatista Tiepolo eta Dominico honen semeak, Ludoviko eta honen emaztea, Faustina Savorgnan (veneziarrek, gehiegikeriaz, «Principessa» titulatzen zutena) margotu zituzten, beste eguzki-gurdi batek garraiatuak, Apolok laguntzen zuela, eta agure koroatu bat aurretik zela, zeinak zetroa zeraman eskuan eta bandera bat kulunkarazten zuen, bertan bi familien armarri obalatu eta errepikakorrak elkartzen zirela.

        — Rezzonicotarrek —jarraitu zuen Luziferrek—, ematen du Munduaren, Munduaren lau zatien ardatza direla uste dutela eta Eguzkia, egunero, beraiei argi egitera ateratzen dela.

        — Eta irteten ikusi dugun zaldunak, berriz, Ludovikok —gehitu zuen Asmodeok—, planeten sinfoniak bere inguruan biratzen duen astroa balitz bezala jokatzen du.

        Barre egin zuten gainerakoek, oso ongi ezagutzen baitzituzten sistema astronomikoek beren bidaian korritzen dituzten etapak, eta zeinen axolagabeki jarraitzen dioten beren bideari, milioika legoatara, alegia, gizakien kezkez arduratzetik.

        — Gizakiaren kaskartasun mugagabea —ondorioztatu zuen harroak—, bere harrokeria amaigabearekin bakarrik konpara daiteke. Zertxobait lagundu dut nik oreka hori ezartzeko; izan ere, hori gabe gizakia amildu egingo bailitzateke, inguratzen duten leizeen lazturak zapalduta. Predikariak baino onuragarriago izan natzaio, izan ere hauek etengabe, suntsitzaile, bere kaskarkeriaren ebidentzia errematxatzen baitiote. Ni gabe, aurrerapenaren ideia ezabatzen da.

        — Baita ni gabe ere —esan zuen zekenak.

        — Baita ni gabe ere —esan zuen bekaiztiak.

        — Ez da hau une egokia —hitz egin zuen Satanek— gutako nor izan garen filantropoago erabakitzeko. Lanak banatuko ditut orain, horrenbeste abantaila dakartzan lanaren banaketa printzipioa aplikatuz. Kokatzeko, Luzifer Rezzonicotarrekin zerikusia daukan guztia biltzeaz arduratuko da; nik beste horrenbeste egingo dut Sior Leonardori dagokionez; eta Berorien Gorentasunek, probetxuzko deritzoten etxeko xehetasunen gaineko berriak ekarriko dizkigute.

        Besteek onetsi zuten prozedura, eta geletan zehar barreiatu ziren, bakoitza izendatu zitzaion betebeharrean tematua. Lan horiek zenbait egun hartu zituzten, Luziferrek dokumentuak arakatu behar izan zituelako; Satanek, etxezainaren adimenean miatu, zeina, azken hau gutxitua zelako, haren bidegurutze eta argilunen anabasa ugaltzen baitzuen; eta Asmodeo, Leviatan eta Mammonek (Belfegorrengandik ezer gutxi espero zuten), sukaldeetatik egongeletara bildu behar izan zituzten kontuan hartzekoak ziren jauregiko bizitzako lekukotzak. Jauregiko bizitza honek, bien bitartean, bere erritmo arranditsuak txandakatu zituen, itxurakeria eta erreberentzien loratze handiz, pribilegioen nabarmentze handiz eta huskerien metatze handiz, eta betiere azpimarratuz, esparru hartan, harrokeriak, lakrikunkeriak eta aldakortasunak beren arau zurrunen arabera eraturiko eskemen menpe zeudela balioak. Azkenean, demonioek iritzi zuten heldu zela beren ikerketen emaitzak erkatzeko unea. Asmo horrekin, Klemente XIII.aren erretratu subiranoaren ondoan bildu ziren, eta honi bizkarra ematea erabaki zuten, arrazoi juridikoengatik (bakoitzak berea), zeinak ez den beharrezko zehaztea.

        Lehenengo Luziferrek azaldu zuen:

        — Rezzonicotarrak jatorriz ez dira Veneziakoak, Como Laku ingurukoak baizik, baina, jakina, nahiago lukete inguruabar hori oroimenetik aienatuko balitz. Hauetako bat, joan den mendearen hasieran, Genoara etorri zen, bere merkataritza-enpresen garapenerako inguru egokiago baten bila. Hori baitziren izan: merkatariak. Ez printzeak, ez legegileak, ez gerrariak: merkatariak. Horrenbeste aurreratu zuen, ze Genoako Duxak estalita eta eserita ere egoteko baimena eman baitzion, bera bertan zegoenean. Haren harrokeria honela zirikatuta, Carlo Rezzonicok ez zuen zalantzarik izan «magnifikoa» ezizena bereganatzeko. Haren anaia Aureliok, bere aldetik, negozioaren filiala Venezian jartzearen mozkina haztatu zuen, eta hona etorri zen. Ika-mikaren zientzian maisu, nahaspila bankarioetan trebe, horrenbeste aberastu zen, ze Magnifikoak haren urratsei segitzea erabaki baitzuen, hori bai, genoarrekin harreman asko edukiz, eta hona etorri zen bera ere. Itsutu egiten zituen jaun eta artisten hiri honek. Eskuzabaltasunez ordaindu zuten beren harrera. Hirurogei mila ezkutu eman zituzten Eskaleen Ospitalerako, eta Irakliongo gerrarako, berriz, ehun mila. Aristokrazia ozarrak isten dituen ateak zabaltzen ditu onegintzak, eta hauetatik sartzen da harrokeria. Zaila da opariei aurka egitea. Dama asko eta askok, mundutar arrakasten egarrik, badakite hori. Errepublika oligarkikoak, zeinaren noblezia —hori ez dugu baztertzen zirriborro orokor honetan— bere aspaldiko hastapenetan, antzeko espekulazio-eragiketetan parte hartu zuen, oraindik ere praktikatzen dituenak bestalde, konpentsa zitzakeen bakarrarekin ordaindu zuen hauen laguntza: 1687an, Veneziako Patriziatua eman zien eta Urrezko Liburuan inskribatu zituen, zeinetako kideek osatuko duten bere Kontseilu Nagusia, XIII. mendeaz geroztik. Neurtzen al dute Berorien Gorentasunek aurrerapen azkarra, gure merkatarien promozioa? Hautematen al dute haien bularren puztea, haien kopeten zimurtzea, haien jarreren handitasun dinastikoa? Ulertzen al dute zergatik pintarazten diren Feboren gurdian? Parekoak izan balituzte bezala tratatu zituzten Veneziako inperioa Munduaren gainean zabaldu zutenen odola zeramatenak.

        — Almiranteak ere bai? —galdetu zuen, sinesgogor, Leviatan Almiranteak.

        — Bai noski. Baita almiranteak, senadoreak eta Dux Txit Nareak ere. Ia zazpi hamarkada geroago (hots, orain dela sei urte) beren izenari garrantzi internazionala eman zion ustekabeko gertakari izugarri bat sortu zen. Euretako bat, Paviako Gotzaina, Aitasantu tronura igoa izan zen: Klemente XIII.a. Tiarak kupula paregabea gehitu zion Rezzonicotarren ezkutuari, zeren familia italiar handi ororen ametsa, Colonnatarrena zein Orsinitarrena, gutxienez Aitasantu bat (bizpahiru hobe) edukitzea baita beren genealogian. Jauregi honen fatxadan diadema hirukoitz hori ikusi dugu. Zer deritzote? Rezzonicotarrak ez dira kabituko beren baitan. Eta Zeruaren mesedea aprobetxatuko dute: beren arteko bat San Markosko Zaldun Betiereko izendatua izan zen; bestea, Kardinal; bestea, Tronuko Printze Laguntzaile eta Erromako Senatuko eta Herriko Gonfaloniero; bestea, Protonotari Apostoliko. Bosturteko labur baten igarotzean, Rezzonicotarren idunekoak, zeremonietako jantziak, tituluak eta errentak ehunkoiztu zituzten. Gaur, inork ez die kenduko burutik Gurutzadetako heroi batengandik datozela. Seguraski, aurkitu egingo dute. Ikusi dugu Ludoviko, Veneziako Prokuradorea; kargu honetarako izendatua izan zen bere garaian honen aita ere (kasualitatez, Klemente XIII.aren aitasantutza hasi eta hurrengo urtean). Jauregi honetako harmailetan barrena jaisten ikusi dugu, ilunabarraren lorian eguzkia jaitsi ohi den antzera. Inori pasatzen uzten ez dion gizona da.

        — Eta jauregia? —galdetu zuen Asmodeok.

        — Beharrezkoa zuten jauregia. Beren luxuzko kokagunea zen, beren perspektiba, beren garaipenaren atzealde apaingarria, garaipen-batailen pinturak osatzen dituzten hodei bikain horiekin konparagarri den zerbait zen. 1750ean erosi zieten egiazko noble batzuei, Bon di San Barnabatarrak, eraikina errematatzea lortu baino lehen porrot egin zutenak. Hemen bizitzen jarri nahi zuten, Errege-Kanalean. Zaharberritu egin zuten, handitu egin zuten, aberastu egin zuten; freskoz, argiz, beren heraldikaz eta beren ondasunez gainezkatu zuten. Gero beren Aita Santuaren intsigniekin perfekzionatu zuten. Beren irudi arkitektoniko bihurtu zuten. Orain berengandik banaezina da. Eta dagokien leku honen jabetza eta inskripzioa Urrezko Liburuan oso berriak badira ere, Rezzonicotarren asmoa zerutar betierekotasunaren inpresioa transmititzea da.

        — Berorren Gorentasunak —esan zuen Belfegor Andereak erdi lotan, bere merinakea astinduz— labur zezakeen hitzaldia, Rezzonicotarrak aberats berriak direla esanez.

        — Noble berriak.

        — Baldintza horiek batera doaz maiz.

        — Aberats berriak eta noble berriak ezinbestekoak dira —esan zuen Beeltzebul demokratak—. Zoritxarrez, ez dute lortzen hori proletarioak zapalduz baizik.

        — Ez beza adarra jo proletarioekin, Gorentasuna! —purrust egin zuen harroak—. Paradoxikoa da, sabelkeriaren demonioa horrenbeste arduratzea horietaz, bere oinarrizko arazoetako bat, hain zuzen, elikaduren eskasian datzanean.

        — Nik ezin konta ahala errezeta merke asmatu ditut.

        — Ordezkoak, Gorentasuna, suzedaneoak, artifizioak, gosearen mozorroak...

        Satanek, bere txandan, Sior Leonardorekin lotutako ikerketen berri eman zuen.

        — Ez zen erosoa izan —hasi zen— hauek biltzea, zeren morroiek ugariak baitituzte beren buruzagiaren gaineko pasadizo eta teoriak, baina funtsezkorik ezer ez dakitela da egia. Gizon iheskorra da, eta honen buruan sartu beharra izan nuen, bertako estratetan galtzeko arriskuarekin, gizon honen barru-barruko grinak aurkitzeko. Funtsean, erretxinduta eta lekuz kanpo dagoen gizona da. Bi mende geroago, psikoanalistaren eskuetan utziko zituzkeen bere soldatak. Kezka handi batek itoa dauka. Sior Leonardok emagaldu ospetsu bat du ama, Ancilla, bere xarmak eskaintza onena egin zionari saldu zizkiona. Veneziako prozeratuko ondorengoek bisitatzen zuten, haiek honen ohean aurkitzen baitzuten egonezin fisikoen gozagarria. Ondorioz, Sior Leonardok badaki veneziar noble bat duela aita, baina ez luke jakingo esaten nor, zehazki. Mocenigotar bat? Morosinitar bat? Contarinitar bat? Hiruetako batek dauka izan beharra, hirurak txandakatzen baitziren maiz Ancillaren maindiretan zehar igarotzeko garai horretan, eta esan beharrik ez dago, inor ez zela aurreratu semetzat aitortzeko. Norengandik dator, hortaz, gure etxezaina? Mocenigotarretatik eta berauen arrosa-adarra eta sei Duxetatik, zeinaren artean aurkitzen den gaurkoa? Morosinitarretatik, berauen zilarrezko gerriko eta bere lau Duxetatik? Contarinitarretatik eta Duxen zifra zortzira igotzen duten berauen zilarrezko mailatik? That is the question, gure adiskide Nonia Imeneak Ponpeian esaten zuen bezala. Aukera egin dezake eta ez da ausartzen. Gauez, bisio koroatuen erasoak jasaten ditu. Eta haren adimenak kulunka egiten du, alde batetik, prostitutak eta honen ostalari ospetsuek, hauen artean ezkutatzen baita bere aita, tiratzen diotelako, eta bestetik, berriz, Rezzonicotarrek, bere ugazabek tiratzen diotelako, zeinak zerbitzatu eta mesprezatzen dituen, ze hauek baino printzeago sentitzen baita. Egoera bitxia.

        — Denbora asko al da —galdetu zuen Leviatanek— etxe honetan zerbitzatzen duela?

        — Asko; betidanik ia. Sior Leonardok fraile sartu nahi izan zuen Mundutik urruntzeko, Munduak, ordea, gehiegi erakartzen zuen. Gero aktore izatea pentsatu zuen, agian honela bere benetako identitatetik libratzeko, eta gaztaroan maiz egin zuen Arlekin papera, honen trebetasun akrobatikoa gozatuz, Veneziako zazpi antzokietako batean, San Samuele-renean. Entzuna zuen Alemaniako Enperadoreek eta Hautesle Handiek herri-antzezlari jendea nobletzen zutela, eta bururatu zitzaion bide horretatik lortuko zuela amesten zuen posizioa, baina, bere ezkutuko aitaren izena bereganatzea lortu ez zuenez, ez zuen lortu subiranoen fabore guztiz berezia ere. Hogei urte zeuzkan, Signor Pantalone interpretatzen zuen beste aktoreetako baten makilak, proszenioko liskar itxurako batean, hanka hautsi zionean. Orduan Rezzonicotarren morrontzan sartu zen, hauek garai hartan Fontana Jauregian bizi baitziren, San Felice-n. Herrena bazen ere, hurrenez hurren, morroi, alabardari, mazolari (hots, duintasuna sinbolizatzen duen mazoaren eramaile), ganbara-maisu eta, azkenik, Kanal Handian instalatzean, etxezain izan zen, morroi guztien gainean agintea zuela. Aurreratu zuen, zalantzarik gabe, baina ez ziren aurrerapen hauek Arlekin ohiak amesten zituenak. Amaren adeitasunari esker, bere odolean zehar zirkulatzen duen Mocenigotar, Morosinitar edo Contarinitarren obsesioak, bere arima mokokatzen du beti. Ezdeus baina aldi berean ospetsu sumatzen du bere burua, ondotxoz ospetsuago Rezzonicotarrak baino, zeinaren aginduak obeditzen dituen. Horra hor, gizon honen arazoa. Honen barruan, Berorien Gorentasunek ondorioztatuko duten bezala, hiraren hazi oso ederrak daude ereinda. Horiek garastastatzea eta loraraztea dagokit niri. Erraza dirudi, ez da, ordea, horrela, nahigabetzen duen berezko lotsagatik, bere sasikotasun nahasiaren fabrikazioa, eta bakerako, aienatzeko, ezabatzeko, ahaztua izateko daukan gogoagatik eta, ondorioz, bere txikitasunetik eta handitasun rezzonicotarretik ateratzen den aihergatasunaren pisuarekin bere sentikortasuna estu ez dezaten daukan irrikagatik.

        Isildu egin zen Satan, eta Leviatanek hartu zuen hitza.

        — Ezagutzen ditugu, beraz, dagokigun eragiketarako Rezzonicotarrak, hauen jauregia eta etxezaina, Infernuko neonezko geziak adierazia. Inguruabar edo gora-behera hauei dagokienez, guk bildu dugun garrantzizko gauza bakarra, eta bidezkoa da azpimarratzea, zeren Beren Gorentasun Satan eta Luziferrek ere izango baitzuten, noski, honen berri, beren ikerketa bitartean, zera da, zehazki astebete barru, 1764ko ekainaren 7an, aparteko jaialdia egingo dela hemen, York-eko Dukearen, Ingalaterrako Jorge III.a Erregearen anaiaren ohoretan. Ludoviko Rezzonicok etxea leihotik behera botatzeko asmoa dauka. Sekula, aipaturiko Ludoviko eta Principessa Faustina Savorgnan-en ezteietatik, eta Pontifize ahaidearen proklamazioak eragindako zeremonia-bisitetatik, ez zuen distiratuko jauregi honek horrenbesteko distiraz. Horri zor zaio ardo gozo kaxen porturatzea; argizari metaketa exageratua argimutiletarako eta argi-armiarmetarako; tapizatzea; zilarren distiratzea; koadroen bernizatzea; altzarien igurtzitzea; loreen enkargatzea; jakiz eztabaidatzea. Prokuradoreak eta Donna Faustinak batailarako prest dauden bi mariskalek bezala jokatzen dute. Halaxe izango da ekainaren 7ko festa, eta Venezia osoa hauen garaipenaren menpe dago.

        — Hala da —azaldu zuen Satanek—. Eta niri dagokit konektatzea aipaturiko festa eta Sior Leonardo, hiraren ereinotzen azpian. Aztertu egin beharko dut nola aste honetan zehar.

        Banatu egin ziren, eta bakoitza ahal zuen ondoen pasatzen ahalegindu zen. Belfegor Prokuradoreen ohe olinpikoan etzan zen; Beeltzebul bertako sukaldeetan gozatu zen; Asmodeok jauregiko koadroen biluztasunak miretsi zituen; Mammonek kostua kalkulatu zuen; Leviatanek berotegi egokitzat iritzi zituen egongelak bekaizkeriaren frutak umotzeko; Luziferrek ukitu bat eman eta ezkutuak handitzeko moldatu zen; eta Satanek ez zituen apartatu bere ezpain ukiezinak Donna Faustina Savorgnan-en belarritik.

        Azken honen hitz-jarioaren ondorioa izan zen Rezzonicotarrek hartu zuten erabakia: banketearen ostean antzerti-ikuskizun batekin lausengatuko zuten Dukea. Jakinik Ingalaterran erruz estimatzen zela Commedia Dell'Arte-a, Erregearen anaiari benetako antzezpen bat eskaintzea erabaki zuten, izpiritu italiarraren zerbait berezia, eta beren etxezainaren talentuaren jakinaren gainean zeudenez, eszenan jartzea gomendatu zioten. Alferreko izan zen Sior Leonardo isilean alde egiten ahalegintzea. Prokuradoreak eta honen Principessak asmo bat trazatzen zutenean, ez zegoen Lurrean haiei kontra egiteko gai zen ahalmenik. Argudiatu zuen ez bere adinak eta ez bere pauso kolokak ez zutekeela jasango jada Arlekin papera hartzea, eta erantzun zioten, kasu horretan, egin zezala Signore Pantalone zaharrarena. Protestatu zuen ez zeukala aktorerik funtziorako, eta erantzun zioten bila zitzala, zeki eta dukatik aurreztu gabe. Beste argudio bat erabili nahi izan zuen, eta Ludovikok ileordea astindu eta ez gogaitzeko oihukatu zion, ze bestela ere gauza gehiegi zeuzkala buruan, bere etxezainarekin eztabaidan distraitzeko. Segituan, Rezzonicotarrak joan egin ziren, hodei gainean bidaiatu beharra eta berauetako baten sabai mitologikora igotzeko presa baleukate bezala, eta Sior Leonardo tristeak, bi egun barru ikuskizunaren entseiua antzezteko kontingentziari aurre egin behar izan zion —antzerti hori entseiatzen ez bazen ere—, ugazabek beren onespena eman ziezaioten. Etsiturik irten zen, beraz, noizbehinkako komikoen atzetik, eta Satan, jada bakarrik uzten ez zuena, harekin batera joan zen.

        Aski ezaguna da Commedia dell'Arte-ren teknika hemen beronen zehetasunak errepikatzeko. Halere, irakurleari gogoratuko diogu ondoko honetan zetzala funtsa: aktoreek, emaniko endredo batetik hasita, testua inprobisatzen zuten; honela, beronen arrakasta komedianteen eta hauen asmamenaren dohain histrionikoen eta etorriaren menpe zegoen. Pertsonaien kopurua urria izan ohi zen, baina Ludovikoren harrokeriak taulen gainean ahal zen kantitaterik handiena biltzeko eskatu zionez Sior Leonardori, honek teatro desberdinetatik Arlekin bat, Scapino bat, Graziano Doktore bat, Tartaglia hizmotel bat, Politxinela bat, Sangue e Fouco Kapitain bat, Horazio bat, Isabella bat, Flaminia bat, Angelika bat eta Eulalia bat hautatu zituen, ze bera arduratuko baitzen Signore Pantaloneren hitzaldiez. Hurrengo egunean, goizean goiz etorri ziren jauregira; morroiek osatua zuten Dantza-Aretoan eszenatokia, honen dekorazio xumeak hiru fatxada simulatzen zituen.

        Bakoitzak bere jantziak eta bere elementu tradizionalak zekartzan: Arlekinek, inozo-soineko luzea, losanje koloreanitza, eta astamakila arma segurutzat; Scapinok, kasaka zuria, xingola berdeek edertzen zutena, gitarratzarra ahaztu gabe; Doktoreak, orkatiletaraino iristen den arropa beltza, soleta eta bere ofizioko birreta; Politxinela napoliarrak, kapelu konikoa eta bi konkorrak; arrandia hutsaletako Kapitainak, ezpata inoiz ez beldurgarria; gainerakoek ez bezala, toskanar hizkeran primeran mintzatzen ziren maiteminduek modako trajeak zekartzaten. Gazte gartsuek ez beste guztiek maskara barregarriak erakusten zituzten.

        Sior Leonardok, zeinari gida edo «corago»-lana baitzegokion, trikimailu labur bat irakurri zien, obra hasi baino lehen gertatutakoaren laburpenean zetzana. Hau aspaldiko komedia bat zen, hemen Isabellak, Signore Pantaloneren alabak, Horaziorekin maiteminduak, azken honek ere, bere aldetik, hura maite baitzuen, aitaren aurkaritzarekin tupust egingo zuen, zeren Signorea, bere noblezia ospetsuaz etsimendua, ez baitzen makurtzen bere alaba plebeio bati entregatzera. Gainerako partaideek ekintza nahastuko zuten gidak aipatu zituen gertakariak korapilatuz. Entzun ondoren, komikoak joan egin ziren, zegozkien paperetan meditatzera, biharamunean etorri eta entseiua Prokuradoreen aurrean gauzatzeko hitza eman zutelarik...

        Prokuradoreek, Satanek zirikatuta, ideatu zuten, beronekin festaren gozamen aurreratu bat eskaintzea zenbait lagunmini, eta hala, gonbidapenak banatzeko agindu zuten. Batez ere, Donna Faustinaren izeba etortzea interesatzen zitzaien, Donna Loredana, Udineko Savorgnandarren handiki eta ohorea, zeina Ludovikok beneratu egiten baitzuen haren itzal handi eta aberastasun paregabeagatik. Gainerakoak ahaideak eta hurbileneko adiskideak izango ziren.

        Aipatzen ahalegindu garen prologoak konbinatu ondoren, hiraren demonioak bere kideek egingo zutena xedatu zuen, eta bera arduratu zen Sior Leonardo prestatzeaz. Gau osoan zehar, hark bidegabeko bizitzagatik erretxindua sentitzeko zeukan joera zirikatu zuen. Aktoreekiko kontaktuak, gazteagotzean, bere Arlekin garaietan nabarmendu zuen kemen oldartsuaren dosi bat itzuli zion, eta Rezzonicotar nazkagarriek eragindako desohore bidegabearen biktima zelako ziurtasuna gaiztarazi zion. Ah, nola nahi izango zukeen jauregi horretan bere armak jartzea, Contarinitarrenak, Morosinitarrenak, Mocenigotarrenak edo zirelakoak, Rezzonicotar gorrotatutakoenen ordez! Casanovak bere «Memorias» II. liburukiaren II. kapituluan deskribatzen dituen («les deux glandes genératrices») Bergamoko Colleonitarren guztiz bitxiak tokatzen bazitzaizkion ere, nolako gozamenez esekiaraziko zituzkeen, arranditsu, kolomarteetatik, bi zango kolosalen hankartean bezala! Bere kikilkeriak, bere uzkurtasunak, porrotek oretuta barruan zeraman guztiak, ahaleginak egin zituzten liskar zaharren berpiztearen aurka, eta horrela igaro zuen gaua, borrokan, harik eta egunsentiak, jantziko zituen arropa urria, daga eta maskara marroi iluna, txoritzar-sudur eta bizar zorrotzarekin moldatzera behartu zuen arte. Jarraian, bere hizketaldiak prestatzeaz arduratu behar izan zuen, eta horrela igaro zen arratsaldea.

        Ikuskizunerako ezarria baino ordubete lehenago, Donna Loredana bere gondolara igo zen, zeina Savognandarren bandera zilar koloreko eta beltzak berizten zuen. Andere zaharra eseri egin zen, zurrun automata bat bezala. Koloreteak, zuria eta gorria, aurpegia igeltsuztatzen zion; betileak Txinako urez tindatuak, ile hautseztatuaren azpian, eta ordezko hortzen distira bitxiak, zeukan feriako panpina itxura finkotzen laguntzen zuten. Horretan laguntzen zuen distantziak mantentzeko jartzen zuen ahaleginak ere, honek ia erabateko mututasuna ezartzen baitzion. Nahiz eta ekaineko beroa ez zen berriketakoa, belus eskarlatazko mantua erakusten zuen. Dama oro bezala, probetxuzkoa izan ala ez, bere «sigisbée», «cavalier servant», irtirin, edo deitu nahiago den bezala, delakoak eskoltatzen zuen, hori —senarrak onartua eta modak ezarria—, zeinaren funtzio bakarra aukeratutako damaren aginduetara egotean beti eta berau platonikoki adoratzean finkatzen zen. Hauetakoak komentuetako mintzategietan, sukaldeetan, merkatuetan eta guzti zeuden: nola faltako zitzaion, ba, bat Donna Loredanari! Honena Senadore zahar bat zen, eta merenge kizkurtuzko ileorde piramidalak itotzen zuen, eta honen eskuineko betazala erdi eroria eta olanaztatua bezala nabarmentzen zen. Inguruan, urte gutxiko zenbait iloba neskato jarri ziren, hauen artean bi moja, gogoak ematen zienean klausura uzten zuten horietakoak, eta tximino kozkor batekin jostatu, edo beren altzo-txakur bereiztezinak mimatzen zituzten. Neska bakoitza bere irtirin zizpurugileak laguntzen zuela zetorren. Abiatzeko prestatzen ziren unean, banda alai bat sartu zen ustekabean gondolan, lau abade eta bi andrez osatua, denak mozorrotuak. Donna Loredana Savorgnan urrunak hitzik zuzendu ez zienez, ze bere harrotasunak eragozten baitzion, iloba neskatoek kalkulatu zuten, onartzen bazituen, lagunak izango zituela; Donna Loredanak, berriz, ondorioztatu zuen bere ahaideen lagunak izango zirela; eta neskatoek, pozik eta zoriontsu sei ostalariek eskaintzen zieten dibertsioaz, harrera beroa egin zieten. Horrela bidaiatu zuten sei demonioek, berriro, Errege-Kanalean zehar, Rezzonico Jauregiraino, Klemente XIII.aren tiarak santutua.

        Elkarrekin igo zuten eskalinata. Astiro, kardiako, hatzen puntak elkarri lotuta, inarroste eta bastoi hotsen artean, igo zuten maitale adinduek, zeinak keinu bortitzez apartatu zituzten txakur txikiak, tximinoa eta Beeltzebulen euli berdeak. Eskailburuan, korteko erara makurtuta, errezibitu zituen Veneziako Prokuradoreak (zeinak, halaber, barrundatu zuen sei kanpotarrak bere ezkonizebaren taldekoak izango zirela, eta halakotzat oso ongi etorriak, noski), eta haren atzetik sartu ziren Munduko Lau Zatien Aretoan.

        Sutan zegoen hau sutzar bat iduri. Mutur batean, antzoki txikiak dirdiratzen zuen, zeinaren aurrean, aulki eta kuxinen gainean, hogeita hamar gonbidatu inguru barreiatzen ziren, hiriko jenderik handikiena, izen ospetsuak, emakume ederrak, funtzionario prestigiotsuak. Lehen ilara Donna Loredanarentzat gordea zuten, zeina, adierazi ez ziotelarik, erdiko aulkian eseri zen, tronu moduko bat, eta honen bizkarraldearen gainean jaurti zuen kapa eskarlata, erregina-mantua bailitzen. Haren ondoan zeuden Senadore «servente»a, betazal eroriaren erreberentziez, itzulinguruka, bonboiak eskaintzen zizkiola; Donna Faustina eta Prokuradorea; eta biran, iloba neskatoak, tximinoa, txakurrak, beste «cavalier servant»ak, abade apokrifoak eta hauen dama apokrifoak (Belfegor eta Asmodeo).

        Morroiek erretiluak pasa zituzten freskagarriekin eta karamelu eta almendrazko pastekin: San Barnaba ibaira zabaldutako leihaterietatik Veneziaren usaina iragazten zen, ustela eta fina bera bezalaxe; eta ikuskizuna hasi zen arte, han bildutakoek norgehiagoka egin zuten grazian, dotoretasunean, ika-mikan, hitz-jokoan, barrean eta eulien pertsekuzioan, abadeak nabarmendu zirelarik beren ironia originalagatik. Ludoviko, Goldoniren antzertiaren aldeko azaldu zen, eta emaztea, berriz, Carlo Gozziren aldeko (hau, gainera, kondea baitzen); honen fantasiak liluratu egiten omen zuen. Airean eta airearentzat berriketan egiten zuten, eta jantziak glizina eta krisantemo izugarriak bailiren hedatzen ziren. York-eko Dukearen izena joan eta etorri zebilen hizketaldietan. Emakumeek aurkitzen zuten Galtzariaren Ordena, zangoa besarkatzen ziona, belaunaren azpian, bere liga eta lema urrekararekin, oso ondo zetorkiola, eta honelako zerbait hartzea proposatzen zuten. Eta murmurioek argimutiletako garra dardarazten zuten. Kortesia, dotoretasun eta dandy eredu bat izan zen hura. Giovani Crosatok margotutako sabaian hegan egiten zuten pertsonaiek elkarrizketa perfektuaren atsegintasunean parte hartzen zutela zirudien, gizakiak eta jainkoak bereiztea zaila gertatzen zen solasaldi hartan. Senadore zaharrak, ohitura ez galtzearren, neska eta mutil gazteei atximurka egiten zien, betazalean zehar, gardena zalantzarik gabe, zelatatzen zituelarik, eta gero, berriro, bonboiak ematen zizkion Donna Loredana isilari zeinak, lehiaz mastekatu izan ez balu, noizbaiteko batean horratio hil zen ilusioa emango zietekeen bere ahaideei.

        Lehendabizi, aurreargien ostean, mairu abeslari bat azaldu zen, guztiek ezagutzen zutena, ze ez baitzegoen plaza, kale, kaleska veneziarrik hark bere danbolinarekin korritu ez zuenik. Emakumez jantzita zegoen, eta bere kopla gordinekin poztu zituen. Txalotu egin zuten, eta komediaren hasiera aurreko denbora-bitartean, Infernuko argazki-makina azaldu zen proszenioan, bere zango mehen gainean jauzika, eta denentzat ikustezin, demonioentzat izan ezik. Jendearen uneko argazki asko hartu zituen, Donna Loredanaren zimur bakoitza finkatuz; Ludovikoren eta Senadorearen bizkarraren gainean isuritako kizkur bakoitza; deabruen irribarre fotogeniko bakoitza. Makinaren argi bizi iheskorrek zertxobait asaldatu zuten ikuslegoa, baina Rezzonico Savorgnandarren beste artifizio bati atxeki zioten hori; dena den, laster baztertu zituzten, ze aurrera baitzetorren Arlekinen polikromia, zaunka eta barre-algaren artean.

        Obraren hiru ekitaldiak uste izatekoa zen erritmoz moldatu ziren, publikoak, beraz, ohi zen bezala, arreta gutxi jarri zion. Eszenatokian esaldi bitxiak, mimika absurduak eta kolpe ozenak gertatzen ari ziren bitartean, amodiozko elkarrizketa mundutarrak luzatzen ziren aretoan, txakurren eta tximinoaren parte hartzearekin eta pasta eta karamelu karraska askorekin hortzen artean. Idazle aditu batek deklaratzen du, beren eginkizuna betetzeko, aktoreek metafora, metonomia, sinekdoke, katakresi, metalepsi, alegoria, protasi, aferesi, sinkopa, paragoge, apokope, antitesi, sistole, etab., bete behar zituztela, eta gramatikak eta erretorikak arbitratu zituzten hainbat maltzurkeriatara jo zuen konpartsak (bere baratzeko baratxuriez gainera) gaia aberasteko. Gainerakoan, prototipo bakoitzak zegokion atala antzeztu zuen, eta ikuslegoak, eboluzionatzen ikuste hutsarekin, erruan erori gabe, bazekien zeri kasu egin. Signore Pantalonek (Leonardok) herrenka eta hasperenka egiten zuen, betaurrekoak kendu eta jarriz; Graziano Doktorea Bolognako dialektoaz baliatu zen; Arlekin Bergamokoaz; Scapinok gitarra jotzen zuen; Politxinelak bufoikeriak ugaldu zituen; Sangue e Fouco Kapitainak Julio Zesarren batailetan ibili zela zioen; maiteminduek eztitasunak partekatzen zituzten; eta komediaren aparatuak erlojua bailitzen funtzionatu zuen, zeinetan orduek zegokien txandan jotzen baitzuten edozein arduragabekeria, edozein baldarkeria eragotziz. Ustekabean, Kanal Handiaren distantziatik edo San Barnaba ibaiaren hurbiletik —aoí!— gondolarien oihu luzea gehitu zitzaien ihardespenei, eta Veneziak ikuskizunean parte hartuko balu bezala izan zen. Baina andereak eta hauen irtirinak beren mintzairaren alanbikeari atxekiegi zeuden, sarkinkeriaz ohartzeko.

        Halere, hirugarren ekitaldiaren erdialdera, ikuslegoa mutuarazi zuen zerbait gertatu zen. Ondorioz, euliaren hegada entzun zitekeen —eta entzun zen, ez batena bakarrik, euli askorena baizik, ze berdeek nonahi burrunbatzen baitzuten—, eta atzeratutako ikusle bat orduan sartu izan balitz Dantza-Aretoan, harritu egingo zatekeen gelditasun isilaren aurrean, ohikoaren hain kontrakoa, adi-adi entzuten baitzieten gonbidatuek aktoreei. Egia esan, ostalariek jada ez zuten hitz egiten, ez mastekatzen, ez atximurka egiten, ez barre egiten, ezta zaunka egiten ere. Begiak proszenioan josita zeuzkaten; belarriak luzatzen zituzten, ileorde itogarriak kenduz. Signorearen hitzaldi luzearen erdian, garbi-garbi, Rezzonico deiturak bibratu izanari zor zitzaion hori, eta hain leku eta tonuz kanpo geratzen zen Aitasantuaren familiako Rezzonikotar handikiak aipatzea komedia irrigarriaren erdian, Rezzonikotarrak harrotzen zituen aparteko duintasun paregabeagatik, ze ikusleek alde batera utzi baitzituzten gainerako buruhauste guztiak beren arreta eszenatokian zentratzeko.

        Han estutzen zen obraren korapiloa. Signore Pantalonek Horaziori demanda egiten zion, bere alabaren eskua nahi baitzuen, honek zegokion jatorri baxua Pantalonetarren guztiz altuarekin lotu nahi zuelako. Atzean, mainak egiten zituen Isabellak; Sangue e Fouco Kapitainak bere ezpatatzarra astintzen zuen; Arlekin, Politxinela eta Scapinok itzulipurdiak egiten zituzten; Graziano Doktoreak buruari eragiten zion.

        Rezzonico? Rezzonico? Ondo entzun al zuten? Ez ote zien iruzur egin distrakzioak? Bai, ondo entzun zuten, oso ondo, ze berriro Horazio atsekabetuarengana zuzentzean, Pantalonek Rezzonico deitu zion eta.

        Signorearen ezpainetatik irain-turrusta, laido-urjauzi bat aterako balitz bezala izan zen orduan. Horazio astintzen zuen eta Rezzonicotarrak larderiatu, iraindu eta umiliatzen zituen. Mutil gizajoak ez zuen asmatzen erantzuten, eta gainerako interpreteak, harrituta, geldi zeuden. Sior Leonardok kendua zuen maskara, eta honen fisonomia gorri-gori azaldu zen. Demonioak izan ziren Satan begiztatu zuten bakarrak, zutik, haren ondoan, hura xaxatuz eta eutsiz. Eta Sior Leonardok mutila astintzen zuen eta aurpegiratzen zion Rezzonicotar bat, merkatari odola, Como Lakuko txerpolaritakoa, bere leinua Veneziako noblezia-gailurretaraino jasotzea ausartu izana.

        Prokuradorea eta Principessa Faustina zutitu egin ziren, artean beren entzumen-organoei sinesterik eman gabe. Besoak luzatzen zituzten, arnasestuka fokak iduri, eta ez zuten asmatzen hitzik esaten. Azkenean Ludovikok modulatu ahal izan zuen:

        — E pazzo! Erotuta dago!

        — E pazzo! —oihukatu zuten moja ilobek.

        Eta Errepublika Txit Narean, bere burua dotoretzat zeukan inork frantsesa beste hizkuntzarik erabiltzen ez zuenez, gehitu zuten:

        — Il est fou! Monsieur Leonardo est fou!

        Rezzonikotar handikiek beren etxezainarenganatz hurbildu nahi izan zuten, beren maiestatea narriatuta, baina ez zegoen jada Sior Leonardo isilaraziko zuenik. Askatutako amorrua, deabruzkoa eta bekatua izango da, baina txipart zerutar bat gordetzen duena beti, hartaz jabetua zen, bikain. Garaile zen, erraldoitu egiten zuen, erdijainko bihurtzen zuen, ingurumariko heroi mitologikoen izaerara altxatzen zuen, Rezzonicotarrek atera zitzaketen baino titulu gehiagorekin. Esan zitekeen tximistak jariatzen zirela berarengandik. Jariatu egiten ziren, egiazki, dir-dir egiten zuen eta. Txingar dardarati bat zen. Hirak haren aspaldiko irainak lehertarazi zituen. Han goian, hileta-hegaztia bailitzen planeatzen zuen gurutzearen eta dorreen ezkuturantz astintzen zuen ukabila. Tu egin zuen, makakorroa egin zuen, oka egin zuen. Hiraren demonioak hitz mingarriak esaten zizkion hitzemaile baten modura. Rezzonikotarren zikoizkeriak, sasi-printze, etorkin, plebeio, Aitasantuaren aprobetxategi, tratulari, abenturari, salerosle, lukurreroak desfilatu zuen eszenatokian zehar, haur-komedia satira, idazki iraingarri, libelo, iseka bihurtuz.

        Prokuradoreak eta Principessak zutik jarraitzen zuten, euliz estalita, ekaitzari hesiak jartzeko gai ez zirela. Donna Loredanak barreari eman zion, ordezko hortzeria karraskaraziz; hau imitatzearren, barre egin zuten Senadoreak, iloba neskatoek, «cavaliers servant»ek; barre egin zuten, halaber, komikoek; eta barre gehiena egin zutenak abadeak eta hauen bi damak izan ziren, zeinak pozarren kontenplatzen baitzuten eszena lehen ilaratik, boxeo konbatea ring-sidetik ikusten duenaren antzera. Hankei eragin eta Sior Leonardo zirikatzen zuten hitz arameo, babiloniar eta pertsiarrekin. Barreak zabaldu ziren emakume ederretara, magistratu dirudunetara, ganbara-maisuetara, alabardarietara, morroietara. Alde batetik, amorru biziak dirdiratu eta eztanda egiten zuen, eta bestetik barre-algarak erantzuten zion. Txakur txikiei dagokienez, hauek anabasaz kutsatuta, setati, tximinoari kosk egiten zioten.

        Azkenean, Ludoviko Rezzonicok bere lokomozioa zurruntzen zioten oztopo ulertezinak haustea lortu zuen. Bi pauso, hiru pauso eman zituen; gorritu egin zen, baina ez Sior Leonardo bezala; ileordea kendu zuen eskuzarta batez, buru soil izerditsua erakutsiz, distiratsu; eszenatokira igo nahi izan zuen, etxezain lotsagabeari merezitako ordaina emateko; ez zuen, ordea, kontuan eduki honek zurezko daga zorrotik aterea zeukala. Duda egin zuen Prokuradoreak; bizkarra eman eta korrika ihesi ekin zion, Principessarekin —serio-serio korrika, itxura gordetzeko—, bien bitartean gonbidatuak eta demonioak, bibolinek egokitu behar zituzten esaldien, kortesiaren eta etiketaren, frufruen eta haizemaileen jokoa erdeinatuz, eserlekuetan iraulkatzen ziren, inor baino gehiago Donna Loredana, honek mirariz gaztetu egin zela ematen zuen, eta Senadoreari besarkatuta barre egiten zuen. Neurria gorde zutenak sabaian azaltzen ziren Apolo eta Kupidoak izan ziren, argi-armiarmek berauen poztasuna argitu bazuten ere.

        Jakina, ingurukoek erreakzionatu zuten bezain laster, Sior Leonardo desarmatua eta estekatua izan zen. Mozala jarri eta begiak tapatu behar izan zitzaizkion, sua jaurtitzen zutelako. Sakrilego gisa egotzi zuten, Pontifizearen kaltezko ogenaren errudun. Donna Faustina eta Ludovikok ohean egon behar izan zuten, harik eta York-eko Dukearen ohorezko jaia egin zen arte, hemen ez zuten gogoratu ere nahi izan Commedia dell'Arte-a, Donna Loredanaren erreklamuak gora-behera. Kronikek esaten dute harrera hori bikaina izan zela. Halere, Dukeak alde egin zuen arte, Rezzonicotarrek apenas berreskuratu zuten lasaitasunik. Sekula ez zutela berreskuratu da egia. Sior Leonardo desagertu egin zen, Satanek babesten zuela, honek bere putre-hegoz estali baitzuen, eta horregatik ezinezko izan zen kartzelara bidaltzea, Plomos presondegi ilunean ustel zedin. Jauregikoek agindu zioten bere jendeari erne egoteko badaezpada, banketean sartzen ahalegintzen bazen. Ez zuen hala egin odolberoak, baina, berriro diogu, harik eta Duke ingelesak ospa egin zuen arte, Rezzonicotarrek ez zioten utzi ingurunea miatzeari; gortinak altxatzeari; ezkutuak eta familiako erretratuak eta, batez ere, Aitasantuarena behatzeari; beren bihotzen taupadak zenbatzeari, barrabaskeriaren baten beldur, mamu anker salatzailea agertuko zen zalantzan.

        Data horretarako, egunak ziren demonioek eterrean zehar hegan egiten zutela.

        — Zer iruditu zaio Venezia? —galdetu zion Satanek Luziferri.

        — Ez dut betarik izan bisitatzeko, baina hiri jostagarritzat daukat.

        Beeltzebulek Superunda ferekatu zuen:

        — Adiskideok, a zer nolako sustoa hartu zuten Rezzonicotarrek! Zerbaitetarako balioko diela uste al dute, zuzenduko direla?

        — Ez, zorionez, zeren horrek kontrizio eta erredentzio erasoezina eskatuko bailituzke —erantzun zion hirarenak—. Ez dut uste Sior Leonardo ahaztuko dutenik ere.

        — Eta Sior Leonardo? Zer da honetaz? Berriro otzantasunean erori al zen?

        — Sior Leonardo, amorru ongilearen errekluta da betiko. Enplegua eskuratu diot Mantuan, suziri fabrika batean. Eta hauetako bakoitzak hodeietara jaurti, eta eztanda egiten duenean, hark ere eztanda giten du, amorru biziz eta pozkarioz gainezka. Orain Leonardo Mocenico-Contarini-Morosini du izena. Irabazi egin zuen hori. Hiru aita irabazi zituen, baten ordez.

 

 

 

© M. Mújica Lainez

© itzulpenarena: Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia