Bederatzi

BIDAIA

 

        — Lana azkarra eta garbia izan da —laburbildu zuen bekaiztiak, hegan egiten zuten bitartean—, halere, eraginkorra izan ote den galdetzen diot neure buruari. Don Antoninok bekatu egin du, noski, baina bizitzaren gainerakoa geratzen zaio damutzeko. Ez Madame Katalina Thouarskoa, eta ez Tzu-Hsi Enperatriza, ez dira damutuko beren jarrerez, beren grinez. Ezta ondasunak beren bizitzak baino maiteago izan zituzten Ponpeiako biztanleak ere, ez baitzuten izan betarik horretarako. Don Antonino Robles, ordea, damu daiteke, eta Zerua irabazi, kasu horretan.

        — Ez dut uste —argudiatu zuen Beeltzebulek— hori lortuko duenik. Ez dut uste horren bizitza asko luzatuko denik. Are gehiago, agur esaten ariko zaiola uste dut, goragaleen artean, zeren ez baita gauza izango bere errai ahuletan askatutako altxamendua baretzeko. Eta baldintza horiek ez dira aproposenak damurako.

        — Hots —gehitu zuen Luziferrek—, agian, zoritxarrez jan izana damutuko zaiola, baina ez bere baraualdiaren laztasuna hautsi zuelako, horrekin bizitza galdu zuelako baizik, eta, ondorioz, baita beste bankete batzuez gozatzeko aukera ere.

        — Halere, uste dut —gehitu zuen Leviatanek—, aingeruek beste jagole batez hornituko zutela. Agian, honek —erantsi zuen, maltzurkeriaz— Bere Gorentasun Beeltzebulenak baino nozio argiagoak edukiko ditu medikuntzaz eta, horrela izanik, sendatu egingo du, eta erabateko penitentzia egiteko aukera eskainiko dio.

        — Mirariek parte hartzen badute —azpimarratu zuen lizunak—, desberdina da jokoa, biziatua. Karta markatuak erabiltzen dira. Gu ez goaz zenbait prestidigitazio eta zenbait mozorrotzetik harago. «Trabestia» lege onekoa da.

        — Vesuviokoa ez zen izan prestidigitazioa —protestatu zuen krokodiloak.

        — Zertarako jardun eztabaidan Gorentasuna? Eskala handiko prestidigitazioa izan zen.

        — Jakina —esan zuen Satanek— goikoekin sekula ez daki batek zeri lotu... Batzuetan erabaki bitxiak hartzen dituzte. Gogora bezate Don Antoninok «santu» deitu ziola Melgarejo Jeneralari, bere jan beharraren jan beharrez; honek konplikatu egiten du haren egoera, baina gogora bezate, halaber, dirudienez, oraindik ez dela erabaki Mariskal Raiskoaren patua, bere erabateko delako kontrizioa zela eta. Zeruak, arrazoi osoz, arima-gosea dauka. Despopulazio arazoak eduki behar ditu nonbait, Orkoan gertatzen denaren kontra. Demografia...

        — Nik ahal nuena egin nuen —eten zion Beeltzebulek.

        — Eta oso ederki! —onetsi zuen Belfegorrek, esna, agian liseriketa-larritasunengatik—. Pistatxa-makarroi horiek...

        Oroitzapenak sabelkeriaren demonioari eragin zion, eta honen irribarrea bultzatu zuen, mahatsondoaren fruituzko girlandapean. Zabaldu zituen tontorka betetako bere anekak, eta aipaturiko postrea atera zuen berauetatik, eta alferrontziari eskaini zion. Almendren, kirscharen, barazki berdearen lurrinak, gainerakoak astindu zituen, eta gonbidapenean parte hartu zuten. Euliak burrunbaka hasi ziren.

        Honela, mastekatuz eta eskolastikoen antzera eztabaidatuz, New York hiri gautarraren gainean hegan egin zuten. Empire State Buildig-eko 102. solairuaren plataforman kokatu ziren, eta handik, Leviatanen kataloxaz baliatuz, Manhattan irla kontenplatu zuten, eta haraindi, Hudsonaldea eta bertako basoak. Turista eta ikusnahiak behatokiko beirateetara hurbiltzen ziren. Ikusten zutena, erosi berriak zituzten postalekin konparetzen zuten, eta hauen gainean pentsamentu hilezkorrak inskribatzen zituzten. Zalapartaka fotografiatzen zuten. Lortu zituzten fotografietatik ezein ez zen izan Infernuko makina independenteak lortu zituenak bezain bitxia, ze honek demonioen irudi jirabirakariak sartu baitzizkion metropoliaren hondo arkitektonikoari, zazpiak irtetera eta hodeietan «pausatzera» behartuz. Zeinen ederto salduko ziratekeen 86. solairuko dendetan! Behean, termita eta beldarren igarotzea ahalegintzen zen, eraikin erraldoien artean. Lanbro opakoak, «smog» polemikoak, flotatzen zuen eraikuntzen gainean, argi koadrikulatu amaigabeen gainean.

        — Zeinen desberdina Potosiren aldean! —gogoeta egin zuen Beeltzebulek, plataformara itzultzean—. Zenbat on egiten duen bidaiatzeak!

        — Aniztasun honetatik —esan zuen Mammonek— bidezkoa da ondorioztatzea gizakia kreazio jainkotiarra dela.

        — Zalantzarik ez —aurreratu zen Luzifer—: gizakia Jainkoaren sorkaria da, Deabruak emandako ukituaz.

        — Ukituek —osatu zuen Mammonek— hasierako obra desagertarazi dute. Ez zaio antzematen ia. Salbuespen modura...

        Aharrausi egin zuten eta, edan eta irentsitakoak artean nahastu egiten zituztelako, lotara etzan ziren. Bero egiten zuen, eta gauak izarrezko tapizak hedatu zituen.

        Itzartzean, oso goiz, tximinoek beren funtzioak bertan behera utzi zituztelako berriarekin aurkitu ziren. Irispen luzeko betaurrekoa iparrorratzaren norabide guztietarantz aplikatzen ahaleginak egin bazituzten ere, ezinezko gertatu zitzaien hauen arrastorik ateratzea. Superundak, langile-ordezkariak, adierazi zien oporrak hartzea erabaki zutela, Belfegor garraiatzeaz nekatuta.

        — Aurrez kontsultatu egin behar ziguten —haserretu zen Satan—. Deabruari kexatuko gatzaizkio. Nora joan dira?

        Sirenak burua astindu zuen, lotsati:

        — Hori ez dakit.

        — Hau edozein lege-xedapenen kontrakoa da —esan zuen Luziferrek, pairamen gutxiko—. Bidaiari jarraitzeko behar ditugu, eta eurek badakite hori. Itxaron zezaketen, unea aukera genezan arte, batzuen eta besteen komenientziara. Formalki gaitzesten dugu haien jarrera.

        — Estatutuak... —xuxurlatu zuen sirenak.

        — Zer estatutu?

        — Estatutua idatzi dugu.

        — Barregarria da. Zuen lanaz zerikusirik duen ezein estatutuk ez dauka baliorik, Deabruaren oniritzirik gabe.

        — «Ad referendum Diaboli» moldatu dugu.

        — Ba! Latin mordoiloak!

        — Okerrena da segituan bidaiari berrekin beharra daukagula —gehitu zuen Mammonek—, eta ez zaidala bururatzen nola garraiatuko dugun Bere Gorentasun Belfegor.

        Belfegor, beti bezala, lo zetzan, elkarrizketan sartu gabe, hau berarekin hain estu lotua zegoela susmatu gabe. Bere oskolean uzkurtuta, amets egiten zuela amets egiten zuen, eta bigarren amets hori bigarren amesgile baten ametsa zela, zeinak amets egiten zuen ametsetan ari zela. Beraz haren kontzientzia harrapatzeko, ezinbestekoa zen zenbait amets-harresi zeharkatzea. Ez ziren saiatu ere egin demonioak Loti Ederraren basoan zehar gurutzatzen. Empire Stateko lehen bisitariak azaltzen hasi ziren, bista jatunak. Demonio ikustezinen artean zirkulatzen zuten, Bosgarren Etorbidea, Pennsylvaniako Geltokia, Times Square, Center Park, Radio City, Liburutegi Publikoa, etab., seinalatuz, eta maiz huts eginez.

        — Agian egongo da gure kidearen garraioa eratzeko moduren bat —gogoeta egin zuen Asmodeok—. Batere ez da kostatzen entseiatzea.

        Esku handiak harrotu zituen, ferekaren artearen dominatzaileak eta berauetan gutunazal txikiak bistako eginez joan ziren. Urratu egin zituen, eta honen kofradeek, sexuaren batailetan borrokalariak inmunizatzea bilatzen duten gomazko ohiko inplementuak bereizi zituzten. Bazeuden gardentasun finekoak, eta baita arrosa, berdaska, laranja agresibo, limoi leun-kolorekoak ere. Batzuk gandorrez, ezproiz dotoretzen ziren.

        — Berorren Gorentasuna ondo babestua dabil —barre egin zuen Satanek.

        — Hala eskatzen dit neure jarduera intrinsekoak. Baina estalki hauek gorroto ditudala da egia.

        Asmodeo berauek puzten hasi zen, ahoa plazerrerako marraztua, poltsa arin horiei aplikatuz. Gainerakoek berdin egin zuten, zuloak hari sendoz hark bezala lotuz, harik eta hamar, hamabost, hogei, hogeita hamar globo koloreanitz andei lotu zitzaizkien arte, zeinaren gainean zetzan dortoka andrea. Gero aerostato bitxia kanporantz bultzatu zuten, eta bozkarioz egiaztatu zuten atmosferan mantentzen zela, esferen ugaltasunak eutsita, zeinak beren naturaz gaindiko arnasteen ahalmenak betetzen baitzituen. Ibilgailuak eterrean bogatu zuen, kulunka leunez, eta beronen montgolfierek emakume-bular mardulen forma hartu zuten, baina hain tindu bitxietakoak, ze antzinako prostituta finenen titi margotuetan pentsarazten baitzuten. Demonioak atzetik atera ziren, beren zamari magikoetan. Andei heldu, eta bultzada eman zieten arraun lumaztatuei, eta Belfegorren arlutxak atoian eramanez, espedizio tentatzaileari berrekin zioten. Gainean, plastikozko bolak alaitasunez kulunkatu ziren, zoriontsu agian Patuak asignatu zien zoriaz, aire zabaleko ariketaz alegia, hain bestelakoa asmatuak izan zirenekoarekin konparatuta, uste izatekoa den arren batzuek —sentikortasun zorrotza eta joera atseginzalea bazeukaten— agian, beren jatorrizko erabilpena deitoratuko zutela.

        Itsasoa zeharkatu zuten, eta laster aurkitu ziren Frantziako lur landuaren gainean. Parisen gainean hegoei eragiten zietela, beren muxar lokartuarekin, Asmodeok gelditu egin zituen.

        — Eman biezazkidate une batzuk —eskatu zien kideei—. Bitartean, distrai bitez hiri perfektua begiratuz.

        Taldetik bereizi zen, Asurbanipalen bizkarrean, eta Louvreko Museoaren teilatuetarantz jaisten ikusi zuten. Laster, bueltan zen berriro.

        — Ary Scheffer-en koadroaren beste postal bat lortu dut, «Paolo eta Francesca», interesatuei eramateko, abiadako puntura itzultzen garen bezain laster. Horrenbeste eskukatzez eta beren negarrarekin bustitzez hondatua izango duten ideiak kezkatzen nau eta.

        Kartulina eskuz esku pasatu zen. Maitale handien gorputz uztartuek diz-diz egiten zuten.

        — Zeinen imajinazio poetikoa! —esan zuen Asmodeok—. Nolako aldea errealitate zehatzarekin! Gogora bezate, Printzeok.

        Hauen oroimenean bi zaharren estanpa sortu zen, zeinak egunean hiru bider maitatzen baitute fisikoki elkar, Infernuko gatibutasunean, Sisifok harria bultzatzen duen antzera, zeina berriro jausten den mendi maldan behera, eta Danaideek hondorik gabeko beren ontzia betetzen duten antzera.

        — Ah! —murmurikatu zuen Leviatanek—. Zorionez amodioarena, torturetan txarrena dena, ez zen sartu gure nortasunen nahaspilan!

        Venezia islatu zen urrutira, bere aintziren dirdiran, irudikeria bailitzen.

        — Nahiago nuke hementxe geratzea tokatuko balitzaigu —hasperen egin zuen Luziferrek—. Beti irrikatu dut hiri harro honetan bizitzea.

        Honen eskariari obedituz bezala, iratzargailuak jo zuen, eta deabruzko serafin ederraren begiek dir-dir egin zuten. 1764. urtean bizi zirela jakin zuten, eta eginkizuna oraingo honetan Satani zegokiola, Hiraren Jaunari.

 

 

 

© M. Mújica Lainez

© itzulpenarena: Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia