Zortzi

BEELTZEBUL EDO SABELKERIA

 

        Txabola txikian, zeinaren lastozko estalkiaren gainean hain gutxi pisatzen baitzuten Abernuko zazpi mandatariek eta hauen zazpi zamariek, bizilagun bakarra aterpetzen zen: Don Antonino Robles. Zuzenago esanda, bi aterpetzen ziren: Don Antonino eta honen Aingeru Goardakoa. Gauaren etorrerako une horietan, kanpaiak eta orkestra Potosiko biztanleak erakartzeko lehian zebiltzan bitartean —batzuek, errezo elizkoierantz; besteak, zapateatu paganorantz—, Don Antoninok, beti bezala, lehenengoak aukeratu zituen eta, besoak zabalduta, belauniko lurzoru gogorraren gainean, bata bestearen segidan, abemaria amaigabeak errezatuko zituen. Kandela mutur batek, lurrean jarria hau ere, apenas argitzen zuen gela bakarra, eta hori leunez pintatu zuen aldare txikia, zeinaren aurrean errepikatzen baitzituen anakoretak bere debozioak. Aldareak, argiaren ahultasunak uzten zuenean, elementu desberdin mordoa erakusten zuen: igeltsuzko irudi arlote eta moztuak; santuen estanpak euli-gorpuzkin zaharrez orlatuak; paperezko lore eta oxkarrak; pintura kolonial bitxiren bat, honen urreak kraka-geruzaren azpian desagertzen zirela; haur-panpinen hondakinak, trapuzkoak, sitsak joak eta habeetatik zintzilik; zurezko txalupa txikiak, kobrezko errosarioak; zin-opari tristeen letoia: gorputzadarrak, belarriak eta ahoak; eta txapin berri-berri bat ere bai, ordu gutxi batzuk lehenago hilabeteetako haur batek erabilia, eta aire hotzean kulunka zebilena bikuina burezur baten aurrean. Ugaritasun nahasi horrek zurgatzen zuen Don Antoninoren interesa, eta bat-batean, haize boladak tronboiaren marranta, bonboaren trumoia eta barre-algaren eskandalua areagotzen bazuen, penitentzigileak lizunkeria mundutarraren oihartzun haiek apartatuko zituen bere esku iharraren mugimenduaz eta, brontzeen dilin hotsak zoratuta, bere otoitzari berrekingo zion. Behin eta berriz, buru soila, arina, txoriena bezalakoa, zeinetan begiek dir-dir egiten zuten beste zuzi batzuk iduri, aldareko anabasarantz altxatzean, eta ahurrak bilduta jasotzean, haren gorputzaren erabateko argaltasuna nabaritu zen, izan ere, arropa berea ez balu bezala zintzilikatzen baitzitzaion soinean. Ezinezkoa gertatuko zatekeen adin zehatzik atxeki nahi izatea, eta bestalde berak ere ez zekien zegokiona. Berrogei eta hirurogeita hamar urte bitartean eduki zitzakeen Don Antoninok. Eztabaida ezin zitekeena, ordea, haren odol-nahasketa zen. Indiar eta espainol hazpegiak azaltzen ziren aurpegi zimur, kobre-koloreko hartan, eta konbinaziotik emaitza ustekabe aristokratikoa ateratzen zen, zeinetan bertan zeuden inken soraiotasuna eta harrotasun penintsularra. Baina grinen aurkako borrokaren hamarkada luzeek leundu egin zuten haren espresioa, eta urrutiko prozesuen arrasto bakarren bat nabari bazen, ondo disimulatzen zuen hori Don Antoninok. Txiki, ahul, argal, maskal: honela begiztatu zuten demonioek, txabolaren zirrikituetatik, haren existentziaren berri lehen aldiz jakin zutenean. Berak asmatu eta apaindutako aldarearen parte osatzen zuela zirudien. Ezkerraldera, lurrean, ur pitxerrak, eskukada bat ale eta sustraik erakusten zuten haren ahuldadea. Kontua da urteak eta urteak zirela beste elikagairik dastatzen ez zuela, eta okasio batzuetan, hotza eta elur erauntsien haserrea areagotzen bazen, huraxe ere ez zuen eramaten ahora, ze atean utzi ohi zioten emakume zintzoek, euren eta sabelean zeramaten hautxoaren alde errezatzeko eskatuz, ez baitzuten lortzen mendiska igotzea haren txabola ezkutatzen zen terrazaraino.

        Aingeru Goardakoa izan ohi zen orduan bakartiaren lagun bakarra. Beltzarana, kopeta marrazki geometrikozko zapi batez lotuta, haren txabola partekatzen zuen, eremutarra jaio zenetik izendatua izan zitzaion misioa betez, eta inolako kexarik formulatzen ez bazuen ere, bere lanari zegokionez, ze benetan aingerutarra baitzen, agian bururatuko zitzaion, batzuetan, egoki zekiokeela hain monotonoa ez zen beste zereginen bat, izan ere, egia esan, oso lan gutxi baitzeukan. Aingeruaren funtzioa kontenplatzailea kontenplatzera mugatzen zen; kaperako erretaularen behartasuna aberasten ikustera, duda-mudako ekarpenekin; eremutarra behatzea gaizki jaten zuenean, hatz zorrotzak katilu lakarrean hondoratuz, baina horregatik utzi gabe, mokadu bat eta bestearen artean, otoitzaren silabak xuxurlatzeari. Hasieran, Zeruan azaltzen zen Aingerua, astero, Don Antoninoren jardueraren txosten zehatzak aurkeztuz, baina hauek hain bata bestearen antzekoak zirelako, halako batean ez zegoen han inor Aingeruaren komunikazioen errepikapenaz arduratuko zenik, bestela ere zereginik asko bazeukaten bertan eta. Horregatik, gero eta gehiago bakandu zituen kazeta txiki horiek, aspergarritzat har ez zezaten, harik eta, azkenean, kronika errepikakor hauek erabat baztertu zituen arte. Gauzak horrela, eta orduak nolabait bete beharrez, materializatu egin zen Don Antoninoren aurrean, eta honek mirari hori zeruaren eskuzabaltasunaren agiritzat hartu zuen. Ugariak izan ziren hasi zituzten elkarrizketak, baina horrenbestekoa zen beren prestaeren arteko aldea, ze goardakoak azkenean uko egin zion solasaldiak teologiaren planora altxatzeari, hauetan aise mugitzen bazen ere, eta etxeko arazoen mailara mugatu zituen berriketaldiak, hauetan askoz hobeto moldatzen baitzen Don Antonino. Eta hauen barruan ere, era berean, aingerutar apaltasunez, eguneroko eztabaidaren jarduerara baino gehiago, zeregin praktikoenera murriztu zen, bere babestuari erratza pasatzen, garbiketan, jakiak egosten eta kapera apaintzen laguntzeko, azken hau gehiegi gustatzen ez zitzaion arren. Honela, bien artean begirunezko adiskidantza ezarri zen, eta hain sakona bilakatu zen Aingeruak Don Antoninorengan jarri zuen konfiantza, aldendua, gainerakoan, bekatu egiteko okasiotik, ze kerubeak ez baitzuen zalantzarik egiten, denboralditxo batez, bere zelatari postua utzi eta uniformetasun guztiz zoriontsuz inguruan paseatuz distraitzeko. Ziurtasun lasai horrek zertxobait herdoildu egin zuen polizia zerutarraren eraginkortasun patruilatzailea, ziurtasunagatik lasai baino lasaiago, zertxobait zabartu egin zituen zegozkion betebeharrak, alegia. Aurrekari hauekin bakarrik justifikatzen da gero kontatuko dena. Eta berauek finkotzen dute, aparteko okasio hartan, Don Antoninoren txabolaren teilatuaren gainean zazpi domonioak beren zazpi munstro eta guzti pausatu zirenean, Aingeru Goardakoak hauek ez ezagutzea; eta banakotasun arraro haiek bere aterpeko bakea nahasten zutela iruditu bazitzaion ere, beste egun batzuetan bezala, ingurune hartan zokomiran ibili ohi ziren txoritzar gosekilei atxeki zien hori.

        Kanpoan, haize zorrotzak jotzen zuen, eta Supernipal eta Superunda kexatu egin ziren. Demonioek inguruko txabola suhil batera eramatea erabaki zuten, eta Belfegorren anden gainean etzan zituzten, aurrez dortoka-dama irtenarazita, zeinak, jakina, protesta egin zuen eta oso haserre jarri zen izendatzaile komuna deserosotasuna zen leku batera eraman zutelako. Sua piztu zuten han. Denek inguratu zuten amaren besoetan zotin eta bafa egiten zuen Sireno txiki bizarduna, eta han berarengandik ateratzen zela zirudien distira leun batek argitzen zuela, demonioek irudi primitibo magiko bat osatu zuten txabolan, pintura deskontzertagarri moduko bat, non maisu flandestar edo aleman batek, apropos eta lotsagabekiro, pertsonaiak ordezkatu balitu bezala. Grifoaren eta zezenaren irudiek, mozkotea bata eta lodia bestea, koadrotzen zituzten, konbinazio estetikoaren barruan, deabruzko eskuak, atzapartsuak, bularren gainean gurutzatuak edo atsekabe teatralez luzatuak, eta hauek inguratuz mintzezko, lumazko eta ehunezko (azken hauek Mammonenak eta Leviatanenak) hegoen dardarak pilpiratzen zuen, haize leunak astindutako hostotza koloreanitza bailitzen.

        Jakina, ez ziren aski, Beeltzebulen pilulak gaixoak lasaitzeko, horregatik sabelkeriarenak, Babiloniako panteoian medikuen zaindari gisa gurtu zutela gogoratuz —sekula ez zuen ulertu zergatik—, «Larousse Médical»a sortu zuen, 1924ko argitalpena.

        — Berriagorik ez dut lortu —zuritu zen—, baina liburu honetan dago dena. Liburu hau da diplomarik onena... baina ni ez naiz oso liburuzalea... Ea...

        Orriak pasa zituen atzera eta aurrera, gainerakoek zelatatzen zutela.

        — Soroche —letreiatu zuen—. Agian, frantsesez, soroshe edo sorroche? Ez dago. Mendi-gaitza?, hauter? Haute fréquence, ikus électrothérapie. Ez da hau. Haut gaitza, epilepsiaren sinonimoa. Ezta ere.

        — Bila beza presioa —iradoki zion Luzbelek—, pression...

        — Ikus hipertentsioa. Ez da hori. Hau da argazki itsusi mordoa! Eta atmosphère? «La pression atmosphèrique a une action sur la santé et probablemente sur les épidemies.» Hasieran bezala aurkitzen gara. Mendi-gaitzak hipertentsio arterialarekin ba al du ba zerikusirik? Ez dut uste eta neure ezjakinkeria aitortzen dut.

        — Harrituta nauka —esan zuen Satanek— Berorren Gorentasuna medikuen zaindari izateak.

        — Asiriarren garaian izan nintzen zaindari, eta gauzak asko samar aldatu dira ordutik hona.

        — Egokiena —eten zuen Belfegorrek, bi aharrausiren artean—, koramina eman eta deskantsatzen uztea izango da. Presioa, kasu hauetan, jaitsi egiten da eta ez da igotzen. Ondorioz, bihotza tonifikatu behar da. Hemen daukat koramina; neurekin eramaten dut beti.

        Harrituta, erreberentziaz, eskuz-esku pasa zuten kaxa. Beeltzebulek prospektua irakurri zuen, hitzak nabarmenduz, ezkutuko erregutze bat bailitzen:

        — Azido piridino B karbonikoaren dietilamida. Zer hitz ederrak!

        Berauek salmodiatu zituen Asmodeok; gainerakoek abesbatza egin zioten eta, gaixoei pilulak ematen zizkieten bitartean, beren ahotsak areagotu egin ziren, kanpai eta danbor soinuarekin, airea kadentzia gregorianoz asez:

        — Azidoaren deitilamida,

        — Azidoaren dietilamida...

        — Poesiak —deklaratu zuen Leviatanek— leku ilunetan egiten du habia.

        Pixkana-pixkana, lasaitu egin ziren pattal zeudenak. Itxi ziren haien begiak eta erregulartasunez hartu zuten arnasa. Orduan hanka puntetan irten ziren demonioak, Superunda eta honen umearen zainketa grifoaren seriotasunari utziz. Hotzak estutzen zuen kanpoan. Eremutarraren etxolaraino iritsi ziren; denak berdin zirauela egiaztatu zuten. Aingeru Goardakoa erdi lo zegoen eta Don Antonino ere bai.

        Don Antonino da —esan zuen Beeltzebulek— tentatu behar dudana.

        — Zer gai bikaina Flaubertentzat! —azaldu zuen Asmodeok—: «San Antoninoren Tentaldia».

        — Eta honek —zehaztu zuen Satanek, jatorrizko buruzapidun aingeru beltzarana seinalatuz— abestiek erreklamatzen duten aingeru beltzetakoren bat izan behar du. Laga ditzagun eta joan gaitezen Potosi erdigunera, horrenbesterainoko iskanbila zeri zor zaion jakiteko.

        Hegoak zabaldu eta, denek batera, arranditsu, planeatu zuten Hiri Inperialaren gainean. Gero kale bakarti bateko argilunak aprobetxatu zituzten zegokien itxura zazpi indiarrenaz trukatzeko. Belarriak tapatzen zizkieten txanoak lotu zituzten; ojotak jantzi zituzten; pontxoz estali eta, geldo-geldo, eskualde horretan ez da komeni presaka ibiltzea eta, Bozkario Plazara iritsi ziren, han argien distira eta festaren burrunba areagotzen baitziren. Laster nahastu ziren zokomiran zebilen jendetzarekin, janez eta zurrutean eginez, ardiki eta idiki, ur-ezti eta opil frijitu, gozoki, mazapan, txuño-erroskila, txarki, txitxa eta likore-salmentako postuen artean. Asmodeok loreak botatzen zizkien emakume txoloei, eta hauek, bitxi pintoreskoen erakusdendak iduri, biratzean, irribarretsu, urrezko belarritakoei tintin eginarazten zieten. Luxu arkaikoa batzen zen han gabezia pentsaezinarekin, ze bitxien barrokismo atzerritarrak ñir-ñir egiten zuen bezala distiratzen baitzuten eskaleen azaleko oilaurrek.

        — Hauetako batzuek —xuxurlatu zuen Beeltzebulek— «Larousse Médical»eko ilustrazioak dirudite.

        — Eta emakume hauetako batzuek, berriz —gehitu zuen lizunkeriarenak—, ardikia baino gusturago jango nituzke.

        Puzka ekin zion bandak, eta dantzari berrekin zitzaion, eta dantza Moneta Etxeko eta ondoko etxeetako patioetara hedatu zen, eta baita, atalondoen gainean, ezkutu espainiarrek oraindik koartel-ospea erakusten zuten guztiz aitoren seme haien atari zabaletara ere. Militar askok, metal-hari eta dominadun flamigeroak iduri, dantza eta jauziak egiten zituzten emakume indiarrekin. Mintzatzen entzun zietelarik, demonioek jakin zuten hilabete bazela iskanbilak irauten zuela, zehazki Mariano Melgarejo Kapitain Jenerala, Errepublikako Presidente eta Babeslea, Potosin ezarria zenez geroztik, Acha Jenerala Canteriako batailan garaitu ondoren. Melgarejoz mirariak kontatzen ziren eta honen soldaduak ez ziren aspertzen hauek errepikatzeaz. Hordituta, erotuta, haren izena oihukatzen zuten, eta honek zart! egiten zuen beste lehergailu edo karajo itsusi batek bezala, eta bizpahiru biltzen ziren orduko, oihal zurizko galtzak, kasaka berde, hori eta gorriak —kolore nazionalak— nahastuz eta oinak erdi biluzik zituztela, potosiarrak inguruan biltzen ziren korrokada artean aletzen zituzten alegiazko kontaerak ez galtzeko. Ez zen igaro urterik, jeneral mestizo eta berrogeitaka urtekoa Bolivia astindua gobernatzen hasi zenetik, eta hain denbora laburrean legendako pertsonaia bihurtu zen. Garaitezintzat irizten zen. Herrialdea sutan zegoen, lau aldeetatik altxamenduak eta iraultzak ugalduz, eta hark, bere armada txikiarekin, nekerik gabe gurutzatzen zuen mutur batetik bestera, buruzagi erreboltariei eta natura zakarrari erronka eginez, bere zangartasunaren lege basatia gainezartzeko. Uzten zuen orgia, hordi, salto egin bere zaldi beltz Holofernesen gainera, eta arrapaladan egiten zuen etsaien atzetik. Gupidagabea zen. Fusilatu egiten zuen, sastatu egiten zuen, borreroarena berberak eginez, beharrezkoa bazen (eta ez bazen), beti prest zeukan armaren bidez. Haren kapa urrekara gorpuen gainean kulunkatzen zen. Eta ardoz eta harrokeriaz hordi mantentzen zen. Apenas zekien irakurtzen, baina egoerak edo inguruabarrek hala eskatzen bazuten, bere tropak elektrizatzen zituen hitzaldi gogorrez. Honen etsairik okerrena Belzu izan zen (ez nahastu Beeltzebulekin), honi «Arabiarra» deitzen zioten ezizenez, bere itxuraren dotoretasun belztuagatik, eta Belzuk, herriaren idoloak, La Paz hartzea lortu zuenean, hura han ez egotetik etekina atereaz, eta Jauregiko balkoitik, jeneral traidoreak albo banatan zituela, jendetzaren txaloak jasotzen zituenean, Melgarejok plaza zeharkatu zuen, preso plantak eginez, plebe harrituaren erdian, Arabiarrak besoak zabaltzen zizkion egoitzan sartu zen, hil egin zuen bere ezkutuko errebolberraz, irten zen balkoira bere aldetik eta han, harridurazko segundo batzuen ondoren, bere izena goraipatu eta txalotzen entzun zituen bere kontrarioarena suhartasunez goraipatzen zuten berberak. Gero bankete bat emateko agindu zuen, eta bertan mahaikide izan ziren berau abandonatu zuten ofizialak, etxetzarraren beste zoko batean herri xehe negartiak Belzuren kaperan zehar desfilatzen zuen bitartean.

        — Atsegina gertatzen zait tipo hau —ohartarazi zuen hiraren demonioak—. Primeran konponduko nintzateke berarekin. Ikustea gustatuko litzaidake.

        Ez zuen izan bi aldiz esan beharrik, ze Kapitain Jenerala, Holofernesen gainean zaldun, lurrera jaitsi eta dantzariengana bildu baitzen. Gizon bikaina zen, altua, liraina, sendoa, bizkar zabal eta bular gogorrekoa. Bisaia fineko aurpegi iluna luzatzen ziola, bizar beltza, zeta-antzekoa eta obala, barreiatzen zitzaion txaketa urdinaren gainean, urre-bortxa eta kondekorazioz izartua, baina bere begiek baino gutxiago distiratzen zutela, oraintxe samurrak, oraintxe beldurgarriak. Katuaren malgutasunez higitzen zen, eta dantzaldiko oihuen artean, haren kapa gorriak banderaren antzera kulunkatzen zuen.

        — Hori duk eta! —oihu egin zuen Satanek, gorde gabe—. Tigreak dantza egin ahal baleza, horrelaxe egingo luke!

        Laguntzat neska zurbil bat zeukan, oso ederra, gorputz haragikoia, begi beltz handiak eta begiratu serioa zituena. Jendetza apartatu egin zen haiei leku egiteko, eta biraka ekin zioten, parekorik gabe, ez bi pertsona baizik bakarra balira bezala, zermoniatsu, ausart. Asmodeok neskatxaren nortasuna ikertu zuen, eta bere adiskideei jakinarazi zien:

        — Juana Sanchez da, bere amorantea, eta izugarri maite du. Amak, koronel baten alargunak, eman zion pentsioaren truke. Gero ama-alaben gainera opari-zaparradak jausi ziren. Bi izaki bikain hauen amodiozko lehen elkartzeak hiru egun iraun zuen, eta bitarte horretan landa-laguntzaileek izututa entzun zituzten itxitako atean zehar haien maite-suaren orroak. Ados nago Berorren Gorentasunarekin —gehitu zuen, Satanengana zuzenduz eta txano ehundua ukitzen zuela agur txiki bat eginez—: tipo zoragarria da.

        Jeneralak, bitartean, dantzan jarraitu zuen. Txiki-txikitatik egiten zuen dantza, Tarata bere jaioterritik hasita, han indiarrek hala irakatsi baitzioten kenen soinura; eta bere nerabezaroko Cochabambatik, hemen itsuek pausoak erritmatzen zizkioten gitarra eta salterioaz. La Paz-en, ordurako Presidente, bere suhartasunari, bere ankerkeriari eta bere maltzurkeriari esker, dantza-arrastak eratzen zituen, eta hauetara gizonezkoak bakarrik etortzen ziren, emakumeak ez baitziren makurtzen artean Sanchez neskarekin iskanbila partekatzera, non funtzionario zaharrek itzulipurdiak egiten baitzituzten, tenienteek besarkatzen zituztela, Melgarejok tiroka akuilatzen zituen bitartean. Eta Potosin, Bozkario Plaza osoa eta ondokoak, batez ere Katu Plaza, dardaratu egiten ziren, etxetzarrek ere mudantzetan parte hartuko balute bezala. Azkenean, isildu zen banda, eta tartean ardo gehiago atera zuten. Orduan, bere adiskideek bultzata, Beeltzebulek ulertu zuen iritsia zela ekiteko unea. Beretarrak arrastatu zituen Zazpi Biren kaleskaraino, sasoi hartan despopulatua, eta Olleria Plazan, San Agustinen aurrean, giza-piramide bat eratzea proposatu zien, ez aurrez, beren jantziak tatxetez bete eta bakoitza zuzi banaz hornitu gabe.

        Luziferren bizkar sendoen gainera Satan igo zen, eta honek beso banatan Belfegorri eta krokodiloari eutsi zien; hauen gainean zihoazen, era berean, Asmodeo eta Mammon eta, eraikuntza Caravacako gurutze-forman koroatuz, Beeltzebul potoloak bi zuzi astintzen zituen. Hankabiko arkitektura bitxi hura, zuziekin fatxadak marruskatuz, espazio ireki zabaleraino etorri zen, zeinetan orkestra militarra konpasei berrekiteko prestatzen ari baitzen. Arkitektura hau ikustean, isildu egin ziren musikajoleak eta mutu geratu ziren bikoteak. Aulki banatan zeuden Melgarejok berak eta honen Juana zerutarrak zutitu eta begiak igurtzi zituzten, ze plazan zehar sekula ikusi gabeko zutabe itsugarri bat baitzetorren, tatxet-txintaz eta zuzi-sugarrez, traje indigenen koloreak eta keinu txundituak nabarmenduz. Diktadorearen aurrean, desegin egin zen saltokarien dorrea itzulipurdi bizkorrak eginez, eta Presidenteak bere aurrean belauniko zeuden zazpi akrobatei bere txaloa eskaini zienez, jendetzak ere gogotsu ekin zion txaloka. Kapitain Jeneralak, eskuzabal, txitxa atera ziezaietela agindu zuen eta «melgarejo» bana bota zion bakoitzari, moneta faltsua. Gero, jakingurak eraginda, saltinbankiei galdekatu zien, ze txundituta uzten baitzuten, aski arrazoiz, indiar gizagaixo batzuk joko horiek egiteko gai izateak.

        — Deabruzko gauza dirudi —esan zuen, huts egin gabe.

        Beeltzebul ondoratu zitzaion, mila bufoikeria eginez, eta Errepublikaren Babesleak, hau Zesarretarako aprendiz oro gisa histrioizalea baitzen, laster ekin zion barrez, eta hari entzuteagatik, dantzaren sedukzioa eta guzti ahaztu zituen, zeinak gogo freskoz berrekiten baitzion, orain oilar eta zezenez mozorrotuen mimoz interpretatua. Azpimarratzea komeni da Beeltzebul ahalegindu zela harik eta bere konkista lortu zuen arte tigrea mantsotzen broma eta pasadizo mordo baten bidez, asmatuak edo egiazkoak, izan ere, hauek —esan ohi den bezala, deabruak gutxiago baitaki deabru izateagatik zahar izateagatik baino— liluratu egin zuten diktadorea, istoriozale amorratua zen eta. Bere xelebrekerien artean, modua aurkitu zuen Beeltzebulek Don Antonino Roblesen aldarearen deskribapena sartzeko, eta Presidenteari adierazteko han falta zen bakarra Melgarejoren irudia zela. Zergatik ez eraman irudi hori? Hark etengabe gurtua, bere santuen ondoan, Kapitain Jeneralak Zerua irabaziko luke horrenbeste otoitzi esker.

        Izugarri gustatu zitzaion ideia Presidenteari; ez zeukan osagai gorena zen: leku bat Jaunaren aukeratuen artean. Eta irizpen azkarrez nabarmentzen zenez, agindu zuen aurki zezatela segituan bere ekipajean, zegokion heroi hegoamerikar jantziaren handitasunean bera erakusten zuen litografia markotua. Laudatu egin zuten demonioek, eta Melgarejok, alkoholaren eta harropuzkeriaren eraginpean, bat-batean, Cerrora joatea erabaki zuen, bere opari prestigiotsua eremutarrari aurkezteko. Hala egin zen, eta Kapitain Jenerala desfilea konbinatzen entretenitu zen bere espedizio belikoak planeatzean erabili ohi zuen arteaz.

        Minutu bakar batzuk aski izan ziren segizioa martxan jartzeko. Banda zihoan aurrean instrumenuak martirizatuz. Honi demonioen piramideak segitzen zion, zeinaren zuziek buruzagiaren erretratuari distirarazten zioten, Beeltzebulek altxata eusten ziola, erlikia bailitzen. Jarraian Melgarejo zetorren Holofernes isats-luzearen gainean, Juana zaldiaren ipurgainean zuela, kapa purpuraz jantzita. Eta atzetik kapitainak eta soldaduak narrasten ziren, eta hauekin zenbait dantzari nahastu ziren, gandor eta adardun mozorroekin. Nola prozesioaren osotasuna mozkorrez eratua zegoen, hauen ilaren nahasketak balantza eta estropezu egiten zuen kalesketan, non eliza ospetsuek eta armarridun ateek berauen garapena koadrotzen zuten, eta Cerrorako igoera hasten zen neurrian, Potosi inguratzen duen mendikatea —Karikaritik eta bertako Colquechaca eta Turqui aintziretatik hasita Chinguipayako mailetaraino— elkartuz joan zen, ilargiak eta izar hotzek iratzartuta, ikuskizunaren bitxitasunari, zeinari lagundu baitzion bere kolore urdin, turkesa, gorri eta grisekin. Hala jarraitu zuten, soinua joz eta abestuz, Don Antoninoren txabolara bidean. Llama eta bikuinak izututa zihozkieten aurretik.

        Aingeru Goardakoa esnatu zen, iskanbilaz ohartuta. Buruko zapia atondu eta irten egin zen iskanbila honen motiboa aztertzera, eta ermitarako bidean, harkaitzak itzuriz eta amildegiak saihestuz, bere buruaren gainean suzko gurutzea altxatzen zuen suge argitsua ikusi zuen eboluzionatzen. Mirari eta alegoria miresgarrietara ohitua bazegoen ere, ez zuen harritu gabe utzi peregrinazioaren berezitasunak, honen sinboloari ez baitzion tankerarik hartu; izan ere urte asko ziren jada bakardade apartatu hartan bizi zela, baina halere bere xalotasunak kalkulatu zuen gauza hura, hain fantastikoa, Don Antoninori zegokion naturaz gaindiko saria zela, honen lo-galtze santuen ordain-sari gisa. Hala, gizon dohatsua astintzera joan zen zalapartaka, eta biak atera berragertzean, melgarejotar abangoardia zupatuarekin egin zuten topo aurrez aurre; eta honek errezoak ahapekako kantu lizunez txandakatzen zituen. Roblesek ere, Aingeruak xaxatuta, sari zerutarra zetorrela berarenganantz imajinatu zuen, eta belaunikatu egin zen, eta bitartean, Melgarejo ospetsuak, Beeltzebulen eskutatik irudia hartuta, txabolan sartu, eta berau aldarearen erdian jarri zuen Amabirjinaren eta San Joseren igeltsuak baztertuz. Soilik une horretan, jendetzak txabola hartu eta inguratu zuenean, ohartu zen Goardakoa bere hanka sartzearen larritasun sakrilegoaz. Ikaratuta, airean gora igo zen, laguntza eske, ze iruditu baitzitzaion soldadu eta mozorrotutako jendetzaren artean, zenbait demonio disimulatzen zirela. Ez zuen betarik izan Don Antonino ihar eta inuzentea ohartarazteko, honek bere debozioaren ordaina hobentzen baitzion buruzagiaren irudiari, bere santutegi xelebre guztiari eskaini ohi zion jaiera berberaz.

        Ardoa atertu gabe isurtzen zen, eta Melgarejok gidatzen zuen zurruteroen frenesia. Besoaz Beeltzebulen gerri zabala biltzen zuela, bere gorputz handiari mugimendu kulunkatua ematen zion eta Taratako apaizarengandik ikasitako latinak ahapeka kantatu zituen, eta xirulek beren iruzkin malenkoniatsua gehitu zieten berauei. Sabelkeriarenak aukera aprobetxatu zuen Don Antonino bankete batez omentzea proposatzeko.

        — Utz biezat Berorren Gorentasunak, aparteko mesede gisa, oturuntzaz neu arduratzen —esan zion ketxuera nahasian—. Zin dagiot ez zaiola damutuko. Oso sukaldari ona naiz eta.

        Tigrea umore onean zegoen. Erretaulan sartua izateak perspektiba berriak irekitzen zituen haren aurrean, betiereko jaurerriko eremuan. Juana laztandu eta algara bat jaurti zuen, hurbilenekoek lagundu zutena.

        — Ez da izango arkume eta idirik —erantsi zuen Beeltzebulek—. Eman biezazkit Berorren Gorentasunak hamabost minutu.

        — Ondo zegok —erantzun zion buruzagiak, bufoiaren barrabaskeria aurreikusiz—, baina betetzen ez baduk, lepoa moztuko diat.

        Zazpi demonioak langile-ordezkaria eta Supernipal utziak zituzten txabolan desagertu ziren; bien bitartean, tropak ingurune horretan zegoen hirugarren txabolaren aurriak lurreratu eta hauek sekulako sutzarra armatzeko erabili zituzten.

        — Indiarra erotuta dago —esan zuen Melgarejok, eta ezpata atera zuen zorrotik—. Ordu laurden bat barru agurtuko da mundu honetatik; lehen, dibertsio bat eskainiko digu.

        Zazpiek oso lasai aurkitu zituzten Superunda eta honen semea. Munstroek arreta xumez zaindu baitzituzten. Beeltzebulek mahukak bildu zituen, une batez gogoeta egin, eta adierazi zuen:

        — Idikia eta arkumea emango dizkiegu, baina ez diete antzemango.

        Eskatutakoa baino denbora laburragoa sobera izan zuen janariak maneatzeko, nahiz eta egosketak gaua eskatuko ziokeen, baldin ezinbestekoak diren hainbat elementu aurkitzeko aukerarik egon izan balitz Potosi apartatuan. Bere esku trebe inspiratuen menpe, eltze potoloak eta zartagin leinargiak azaldu ziren, eta berauetan «boeuf mode»aren gozamena, urdai-xerra, piperbeltz, ezkai, azenario, tipula, belar lurrintsu eta ereinotzez ondua. Ardo zuri eta koñakez garastatu zuen eta azken hau sutu egin zuen. Era berean, idikia atondu zuen txingarretan erreta olibekin, urdaiztatua baratxuri eta perrexilarekin, zeinaren gainean Madeira lehorra isuri zuen, esaldi kabalistikoak murmurikatuz; arkume txuletak erreta, kardu-purearekin; haragi erreak Soubiseko eran; arkumea osorik piperbeltz saltsarekin. Usain gozoak egoitza lurrindatu zuen. Ezpainak behin eta berriz miazkatu zituzten demonioek, makakoek, grifoak, sugeak eta apoak (batere ez belarjale eta intsektiboroak), zeinak jo eta ke ari baitziren esparrago puntak ebakitzen eta ilar eta boilur eskutadak jaurtitzen. Superunda eta Supernipalek zabaldu zituzten begiak eta extasiak hartu zituen. Eta Beeltzebul, zalapartaren bihotzean, garaile nabarmendu zen, hutsetik sortaraziz bere Haut-Brion gogokoena eta de la Viuda xanpain botilak; han eta hemen jakiak dastatuz, hagaska magikoarenak egiten zituen burduntzali handi biribilarekin; «Gazteria Demonisten Martxa» ahapeka kantatuz; eta eltzeak aberastera eta nahastera itzuliz. Gainditu egin zen postreetan, jada libre herriko haragien uniformetasunak ezartzen zion murrizketatik. Pistatxa, hur eta txokolatezko makarroiak; mugurdizko erroskilak; kafe, marrubi eta kirsch-etan bainatutako bizkotxoak; pinazko merengeak; arbeletxe eta marraskinozko ponpak; krema eta laranjazko gazta izoztua; «mousse au chocolat praliné» eta Limosin-eko «clafouiti»ak, gerezi beltzez lortuak, gainezka egin zuten erretiluetan. Hauek zilar trinkozkoak eta Limoges-eko portzelanazkoak ziren, eta Beeltzebulek muturreraino eraman zuen bere fintasuna baxeran, adibidez, mahai-tresnetan eta plateretan, Kapitain Jeneralaren inizialak inprimatzeraino. Damaskozko ezpain-zapiei dagokienez, halako jakituriaz tolestu zituen, ze belauntziak, erbiak eta trikornioak baitziruditen. Dena pronto, banatua eta apaindua zegoenean, deabruak mesetara irten ziren, banketea zekartela.

        Harritu egin zen publikoa ikuskizunaren aurrean, hordikeria berriketakoa ez zen arren, eta Presidente Probisionalak hitzaren erabilpena galdu zuen, ze aurrera zetorren segizio hark, gauean, jaki ikusgarrien lurrinaren artean, sumendiaren barrutik azaleratutako jarraigo kimeriko bak bailitzen, gainpasatu egiten baitzituen ondotxoz, aurreko zuzi piramideak bezalaxee, boliviar haluzinazioaren sormenak. Biharamunean, heroiak eta honen osteak buru-argitasuna berreskuratu zuten orduko, eztabaida sortu zen kasu sinesgaitzaren inguruan. Zerbitzua eta jakien kondar marruskatuak desagertuak ziren denak; beste horrenbeste gertatu zen zazpi indiar misteriotsuekin; eta era guztietako tesiak eman ziren fenomenoa argitzeko. Norbait, asko irakurria, sugestio kolektiboaren alde azaldu zen; beste batzuek, edabeen gehigikeriari atxeki zekiokeen amets utopiko baten ondorioen aldeko azaldu ziren; izan zen manaren mirariaren erreprodukzioa zela zioenik ere, Don Antoninoren santutasunari eta Melgarejoren guztiahaltasunari zor izan zekiokeena; eta Melgarejok iritzi zuen sorginen gauza zela.

        Baina hori hurrengo egunean izan zen, begirada lausotu eta mihi azidoarekin jaiki eta gero. Gau hartan, txabola txatxar batetik zetozen janari fin bezain bariatu haien presentziaren lekuko izan zirenean, pentsatu zuten gauza bakarra berauen zaporeaz gozatzea izan zen. Beren egoerak, garunak forratzen zizkien lainoak, ez zieten utzi lekurik eztabaidarako. Diktadoreak, eseak eginez, Don Antonino Robles gogoetatsua sutzarreraino gidatu zuen; ohoreko lekua eman zion, harri ahur baten gainean; eta honen ondoan eseri zen, Juana Sanchez eskuinaldean zuela. Gainerakoak gogoak eman zien bezala banatu ziren, eta bitamina eta fintasun, pipermin eta gozotasun, ezusteko eta asetze segida izugarria gertatu zen hortzak sartu, matrailezurrak karraskarazi, ahosabaiak poztu eta beren liseri-kanaletan barrena, korroka eta zurrumurru desberdinen artean, beren gizatasuna alaitzen zuen likido eta solidoen emaria ibiliz sentitzen zuten bitartean. Bibaka ekin zioten, Melgarejo oparoak aurre hartzen ziela, eta honek, logikoa denez, ez zuen trenkatzen bere mirespena. Banda, mokaduak tronboiengatik, eta sardeskak danbor zotzengatik trukatzen zituen heinean, putz egiten eta mailukatzen tematu zen. Eta Infernuko munstro ikustezinek —inork baino gehiago zezen asiriarrak— ahal zuten guztia, zanpa-zanpa, jan zuten. Eroaldiari kontrajartzen zitzaion parajeko bake lehorra zeru izartuaren azpian. Melgarejok berak, jan baino lehen, puska bat jatera behartzen zuen, pozoituko zuten beldur, Aurelio Sanchez Koronela, bere amorantearen neba, doilor bat, sei urte geroago, Liman Jenerala asasinatuko zuena berbera, Juanak, krimenaren aurrean, bere aihergatasun gogorra abandonatuko ez zuelarik.

        Inoiz ez bezala behar izan zuen Don Antoninok, Babeslearen erretratua hartu zuen gauean, bere jagolearen laguntza materiala eta morala. Honen errai gosetiek kirrinka eta txistu egiten zuten, elementu miserablez gogaituta, gastronomia bikainaren loriaren aurrean. Begiek salto egiten zioten orbitetatik, koñak usaina zerion «boeuf mode»aren, piperbeltzez hautseztatutako arkumearen eta kirschez mozkorturiko merengearen atzetik, eta samintasunez apartatzen zituen. Antzinako otoitzak xuxurlatu zituen, ezpainak estutuz, Melgarejok plater monumentalak luzatzen zizkion bitartean. Inguruan jarrita, demonioek ukondoaz bultza egiten zioten; errezetak deskribatzen zizkioten; saltsa epikurearrak zerietela burduntzalikadak ateratzen zizkioten. Batez ere, Beeltzebulek zirikaldi gozoen bidez setiatu zuen. Errukarriak eskuak bihurritu zituen, eta alferreko estuasunez Aingeru Goardakoa bilatu zuen, baina hura inon ageri ez. Eta bien bitartean, lurrinen disimilazioa berean tematu zen sudurra setiatzen ziola; irudimena torturatu eta ahoa txisku mikatzez bustitzen zioten forma eta tonuetakoa. Azkenean, ia haur intziri bati ihes egiten utzi, begiak azpikoz gora jarri, eta jateari ekin zion. Denetik eta behin eta berriz jan zuen; gozamenez igeri egiteko uretara murgiltzen denak bezala jan zuen; gorputz osoarekin jan zuen, nostalgiak desagertaraziz, estuasunak indemnizatuz, amets izugarriak gorpuztuz. Eta edan bazuen edan zuen; xanpainetan dutxatu zen; ardo beltzetan murgildu zen; likorez blai egin zen. Sekula pentsatu gabeko mendekuak, subkontzienteki irrikatuak, bihotza tauparazi eta zainak loratu zizkion. Sufritu egin zuen, hasieran, aladuraren kurriken azpian, baina beranduko errepresaliak ematen zion zoriontasunak, bere kezka ito zion.

        — Gizon honek —esan zion Beeltzebulek Luziferri— aukera ezagatik eta baliabideak iritsi ez zitzaizkilako ez du egin bekatu orain arte: Beha beza zeinen azkar erori den.

        — Ez bitza ken merituak —erantzun zion Harrokeriarenak—. Berorren Gorentasunak ondo baino hobeto lan egin du, eta nolako azkartasunez, gainera!

        Melgarejok, aldi berean, libazioak emendatzen zituen. Beste batzuetan bezala, exhibizionismoaren tentazio sentsualaren aurrean erori zen. Gauza jakina zen, mozkorraldiaren gailurrean, bere emea jendaurrean biluztearen nabarmenkeria basatian jausten zela. Are gehiago oraindik, Juanaren gorputzaren liturgia fetitxista moduko bat sortua zuen, zeinari gurtza eman beharra baitzeukaten bere ministroek eta bere jeneralek. Arroparik gabe, neskatxa izaten zen buru, kontseilu errepublikarretan, eta kabineteko kideak makurtu eta belauniko jartzen ziren inguruan. Tiranoak zelatatu egiten zituen, irrits zantzurik txikiena detektatzeko, eta hau azaltzen bazen, berauek likidatzeko prest, horregatik funtzionarioek neska gaztearen haragia, hain bizia, eskultura bizigabe batena balitz bezala jokatzen zuten. Hala, tirakadaka kendu zizkion jantziak, harik eta mundura etorri zen bezala geratu zen arte, edo Luzifer bezala demonio itxuran zegoenean. Otzana ematen zuen, baina betazalak altxatzen bazituen, haren begiradatik gorroto eta mendeku tximistak gurutzatzen ziren. Zutik sutzarraren ondoan, harkaitzaren gainean, bere bularren, sabelaren eta zangoen edertasuna erakutsi zuen, zeinaren urrezko leuntasuna miazkatzen zuten sugarrek. Atzean, marmol beltzezko Holofernesek irrintzi egin eta zurdak astindu zituen. Inor, ezta mozkor-mozkor eginda zegoenik ere, ez zen ausartu hitzik esatera. Pikotxean jarritako zilueten gelditasuna gorritu zuen suak, zeinak arrano zaharkitu bihurtzen zituen. Dantzarien mozorro lumaztatuek gehiegikeria gaitzesgarriak auguratu zituzten. Don Antoninok aurpegia bi eskuekin estali eta negar-zotinka ekin zion. Pontxo-kolpe batez desestali zion aurpegia Kapitain Jeneralak, baina aszeta ohiak ez zuen eman emakumeaz interesatzen zen frogarik. Beeltzebulek «mousse au chocolat» gehiago eskaini zion.

        — Huts egin dut —zuzendu zen demonioa, berriro Luziferri hitz eginez—, Don Antoninok ez luke bekatu egingo Doña Juanarekin, aukera emango balitzaio ere. Egia da, halere, organo guztiek ez dutela denbora bera behar izaten herdoiltzeko.

        — Arazoaz ni arduratu izan banintz —tartekatu zen Asmodeo lizuna—, komentzituko nuela uste dut, baina ez dagokit eginkizun hori. Jarrai beza Berorren Gorentasunak dagokionarekin, primeran betetzen du eta.

        Eta Beeltzebulek horretan jarraitu zuen, harik eta eremutarraren tripak jaki gehiago sartzeari uko egin zion arte; okertu egin zen haren organismo ahula, hezurdura nabarikoa, Mammon zekenarena bezain argala, eta oka egin zuen irentsitakoa.

        Melgarejok kapa gorriaz estali zuen Juana, honek doministikuka ekin baitzion. Besarkatu egin zuen samurtasunez.

        — Tema bedi, Gorentasun hori —esan zion Satanek tripazainari—. Orain hutsik dago berorren kandidatua.

        Hala egin zuen Beeltzebulek, eta Don Antoninok, menuaren ordenan eragozpenik jarri gabe, arbeletxeko ponpak eta arkume arandoi «blanquette», erroskila à la Soubise eta xerrak laranjekin irensteari berrekin zion, hau guztia Haut-Brion ardotan bustita. Zutitu, eta mihi dorpez, brindis bat entseiatu zuen:

        — Mariano Melgarejo Jeneralaren osasunerako! Honen irudia nire txabolan dagoenetik, nire bizitza aldatu egin da eta. Ugaritasunaren santua da, goratua izan bedi Jainkoa!

        Txalo egin zioten; gozatu egin zuen santu berriak; Holofernesen bridatik tiratu zuen eta xanpaina kopa bat atera zion, eta animaliak tantarik utzi gabe zurrupatu zuen.

        — Nola erakarriko zukeen gure Jeneralak Suetonio, eta zeinen egoki osatuko zukeen haren galeria! —hasperen egin zuen Asmodeok—. Gainbeherako Zesar bat da, bere harropuzkeria eta eldarnio guztiarekin. Niri gero eta gehiago gustatzen zait.

        — Nire iritziz —esan zuen Leviatanek— arazo hau erabakita dago. Ez dago zalantzarik Don Antoninok bekatu egin duela. Begira bezate, Gorentasunak.

        Gorentasunek arreta lotsagabez begiratu zuten, osatzen zuen koadroa arima pozten dutenetakoa ez bazen ere. Eurek, gutxik partekatuko zutekeen bozkarioa islatu bazuten, arrazoi profesionalengatik izan zen. Don Antonino, hilda bezala zetzan, bere goragaleen ekoizpen itxuragabearen eta ontzi eta soberakinen lurreratzearen erdian. Zikinduta, lohituta, bere nahaspilaren kausak ez zuen ezabatu haren zurbiltasuna, alderantziz baizik, ukitu errealistez, bertutetsu izatetik ogendun bihurtu baitzuen. Hasi zuen goi-lautadako haizeak, arrasta zezakeen bere haserrealdi izoztuan —hain labaina eta arina gertatzen zen haren egitura—, inguruan etzanda zeuden gorputzengatik izan ez balitz, izan ere hauek harenarekin atal-lotura bat eratzen baitzuen, pentsaezinezko olagarro-antzeko zerbait. Aipaturiko olagarroak basamortuan luzatzen zituen bere beso ugariak, eta uniforme militarren handikeria pontxo baldarren neurritasunaz nahasten zuen, kondekorazioak eta ojotak tartekatuz, zelai menditsu baten fikzioa ere sorrarazteraino, konbatearen ondoren. Azken inpresio hau aldezten zuten, hemen eta han entzuten ziren aieneek eta, batzuetan, beso baten kulunkatze zalantzatiak edo errainu baten irristatze negartiak. Melgarejok, Juanaren bular biluz eta hoztuen gainean uzkurtuta, zurrunga egiten zuen hilzorian balego bezala. Holofernes bakarrik, Holofernesen belus distirati ukitu gabea bakarrik geratzen zen zutik, porrotaren erdian. Ostikoak botatzen zituen, gartsu, eta mesprezuzko ezpaina jasotzen zuen.

        — Heldu da ospa egiteko ordua —tematu zen Leviatan—. Gorentasunok, goazen.

        Ez zen beste egitekorik geratzen, eta Beeltzebulek onartu egin zuen haren aholkua. Ondoko txabolan, azkar batean prestatu zituzten beren zamariak, eta hegan hasi ziren dotore, arranoak iduri.

        — Primeran jan dugu —esan zuen Belfegorrek, bere andetan egokituz—. Pistatxazko makarroiak oso gozoak zeuden. Don Antonino gaixoa! Bizar handi horren irudia aterpetu duelako horrela jaten jarraituko duela uste baitu, gizajoak! Noiz jango ote dute hurrena horrela Lurrean?

        — Sekula ez, zin dagiot —erantzun zion Beeltzebulek apaltasun irribarretsuz.

        Garaiz agurtu ziren Cerro de la Platatik. Bazetorren behera, kontrako aldetik, hodei piltzarrak baztertuz, aingeruen batailoia. Atmosferan eseki daitekeen marmol zuri-zurizko bloke bat bezala jaitsiz zetozen, hegorik higitu gabe, serpentina orrizko altzairuak jasota. Haien dirdira hain zen handia, ze esan baitzitekeen eguzkiaren txinpart bat zela behera zetorrena, geldiro, isil, arranditsu. Don Antoninoren Aingeru Goardakoa eurekin zetorren, buruko zapia alde batera okertua zuela. Hondamendiaren nukleoan gelditu ziren, eta berau kontenplatu zuten, erabidea azentuatuz. Inguruan Schuberten «Ave Mariak» bibratzen zuen. Laster ohartu ziren, urrutira, demonioen talde estutua galtzen zela.

        — Ez du merezi atzetik joateak —esan zuen batailoi-buru egiten zuenak—. Ez dagokigu guri. Azken batean, ez dute egin beren lana betetzea besterik.

        Arin-arin joan ziren hondakinen artean, tuniken orla biltzen zutela, eta Don Antonino zuzendu zuten.

        — Honen gorputza zuzentzea erraza da —hitz egin zuen berriro buruzagiak—; beste zuzenketa, izpirituarena, kosta egingo da. Zuk ezingo duzu gauzatu hori —gehitu zuen, buruko zapidunari aurpegi emanez—. Zeure enplegua kenduko zaizu.

        Putz egin zuen dohakabearen aureolaren gainean, eta hau itzali egin zen.

        — Kargutik kendua zaude —errepikatu zuen—, baina ez jubilatua. Itzul zaitez gurekin. Ikusiko dugu zer kargu ematen zaizun. Astur, Don Antonino Roblesen salbazioaren ardura ematen dizut.

        Batera igo ziren, jaitsi bezalaxe, Schuberten musikarekin beti, irudi geldien ezinzimelduzko blokea berriz eratuz, zeinaren zentroan negar-zotinka egiten zuen aingeru zokoratuak. Eta Asturrek, horailak, iris zerutardunak, bere soineko albaren muturra Seltz-ur botilan busti, eta ontasun serafikoz bere onetik ateratako eremutarraren lokiak freskatu zituen.

 

 

 

© M. Mújica Lainez

© itzulpenarena: Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia