Zazpi

BIDAIA

 

        Berdea zen halaber, berde garden, urtar, dardartia, orain zeharkatzen zuten zerua. Azken izarrak margulduz zihoazen, eta eguzkia, ahul, irten nahian lehiatzen zen, beste behin gehiago, egun batez gehiago, oraindik zalantzati den lehoikumea iduri. Luzifer gainean zeraman grifoak ipurdantzaka ekin zion, eta ezkata urdineko sugeak, berriz, zeinaren gainean Satanek bere armadura gorriaren sua harrotzen baitzuen, sua jaurti zuen zabal-zabal egindako ahotik. Leviatanen apoak lerde ozar batzuk bota zituen; zezen bizarduna, zeinaren gainean baitzihoan Asmodeo, marruka eta ostikoka hasi zen; eta, azkenik, laueskukoak, hain otzanak eurak, Belfegor puzkartia bere dortoka-oskolaren hutsunean uzkurtuta ohatilan eusten ziotenak, ohatze hegalaria zarabandatzen hasi ziren eroen moduan.

        — Anormaltasun baten aurrean aurkitzen gara —esan zuen harroak—. Erreboltaren antzeko zerbaitek nahastu ditu gure zerbitzariak.

        — Masen errebolta izango da —kurrinkatu zuen lizunkeriarenak, zezenari zigorkada bat erantsiz, eta sugeak jaurtitzen zuen sua, pizgailu original gisa, bere uztako zigarroak pizteko aprobetxatzen zuela.

        — Egin dezagun ohartuezarena —xuxurlatu zuen Almiranteak—. Baretuko dira.

        Baina ez ziren baretu. Mammonen Ardilarru mekanikoa hankak zabal-zabal egin eta ipursaltoka hasi zen hots itsusiak atereaz. Eta anabasa horrenbesteraino igo zen, ze txinpantzeek, elkar hartuta, andak astindu baitzituzten, nagia haizatzera bailihoazen, eta airean gora bota zuten behin eta berriro. Belfegorrek lotan ez zuen asmatu bere albo banatan bizigabe zintzilik zeuzkan marmota-larruzko hegoak erabiltzen, eta espazio hutsean amiltzen hasi zen, heste-detonazioen artean bere oskolaren gainean biraka. Horretaz ohartzean, demonioak laguntzera etorri zitzaikion. Munstroak ziztatu zituzten ezproiaz; amildutako kidea inguratu zuten; eutsi egin zioten saguzar, putre, erraulki, kotoi merke, olana eta eztizko hegoei gogotik eraginez, harik eta helikoptero antzeko bat inprobisatu zuten arte, helizez betea, eta jaitsi egin ziren, nagia garraiatuz, eta hau, azkenean, onik utzi zuten lurrean.

        Bertan goritasuna irabazi zuen Satanen amorru ospetsuak. Aurpegi beldurgarria estaltzen zioten ile flabetatuak tente-tente jarri zitzaizkion eta bizi propioaz dardar egin zuten.

        — Zer gertatzen da? —orro egin zuen—. Azal ezazue zer gertatzen den! Ahaztu egin al duzue Deabru Haundiak gure esanetara jarri zaituztela eta gure aurkako edozein desobedientziak, haren aurka altxatzea inplikatzen duela?

        Nahastuta, elkar begiratu eta galtzarbeak hazkatu zituzten. Grifoak, Asurbanipal zezenak, sugeak eta apoak distraituarena egitea aukeratu zuten. Orduan Superundak, hitz egiteko dohaina zeukan bakarrak, Supernipal, bularreko ume betierekoa apartatu zuen; adatsez estali zituen bular biluziak, hauek gutiziatzen baizituen, bere grina disimulatu gabe, zezen asiriarrak, eta zinkurinatu zuen:

        — Bere Gorentasun Mammonen makinagatik da, jaunok. Jada ezin dugu jasan ematen zaion tratu txarra.

        Gainerako zamariek, elkartasunez, buru baieztariak makurtu zituzten.

        — Baina zertaz kexatzen zara? —galdetu zion emeki Beeltzebulek.

        — Ez du asmatzen haize hutsez funtzionatzen, eta desintegratzen ari da.

        — Esan dut ba nik hamaika bider! —oihu egin zuen harroak—. Mammon horrek muturreraino darama bere zekenkeria! Abstinentziak, azkenean, hondatu egingo du bere Ardilarrua.

        Hau, urrekara, adartsu, ahultzen ari zen. Estertore arriskutsuan astintzen zituen bere engranajeak.

        — Primeran dabil —erreklamatu zuen jabeak—. Atentzioa ematea gustatzen zaio.

        — Eta zeren bidez ibilarazten du? —galdetu zuen Asmodeok.

        — Ez naiz akordatzen. Naftaz uste dut.

        — Horrela bada, izango du, ba, nafta.

        Lizunkerian maisu denak Beeltzebulengana itzuli eta galdetu zion ea bere jaurerriko eremuan ba al zegoen erregai horren produkziorik, eta sabelkeriarenak, haserre, erantzun zion nafta ez zela sartzen sukaldaritzako errezetetan.

        — Agian —iradoki zuen— ibiliko litzateke ardoaz. Hori bai eskura diezaieket beroriei, barra-barra, zailtasunik gabe.

        — Proba dezagun.

        — Zein ardo dute gogoko Berorien Gorentasunek?

        — Edozein —erregutu zuen Mammonek—, ardo apal merke bat.

        — Ez, gauzak ondo egin behar dira —erantsi zuen Beeltzebulek—. Nik 1914. urteko Haut-Brion miresgarria aholkatzen dut.

        Eskuak zabaldu zituen, eta armiarma-sareez estalitako botila bana loratu zen esku banatan. Kortxoa kendu, usaina hartu, begiak txilotu, «Ahhh!» egin eta, ahariaren matrailezurrak bereiziz, berauen barruan irauli zuen bi ontzietako edukia. Gero beste bi botila sortu, eta hauek ere bide berbera eraman zuten, eta horrela bata bestearen segidan, makina ase zen arte.

        — Orain su eman behar zaio —esan zuen Satanek.

        Bere suzko sugea hartu zuen; urrezko ahoan entxufatu zuen; kable ezkatatsua estutu zuen, azkazalak sartzen zizkiola; ofidioa bihurkatu egin zen; sugarra hain izan zen bizia, ze sabel metalikotik ihes egin eta Mammonen ibilgailua argitu baitzen, eta hau urrumaka, zurrungaka eta beeka hasi zen dardaratuz eta betekada hornituaren probak emanez.

        — Primeran funtzionatzen du —adierazi zuen Satanek—. Bere Gorentasun Mammonen jarrera barkaezina da. Egarriak itotzen zegoen.

        — Baita ni ere —azaldu zuen Beeltzebulek— egarriak itotzen nago. Zer deritze Berorien Gorentasunek kopa bat edo beste hartzea?

        Honen eskuetan berriro ontzi ilunak sortu eta kortxoek saltatu zuten. Veneziako kristal finak banatu zituzten. Topa egin eta brindisak errepikatu zituzten. Berehalaxe, dir-dir egiten zieten begiek, balantzaka hurbildu eta elkar besarkatu zuten. Mammonek negarrez edan zuen.

        — Gainditu dugu narriadura —aldarrikatu zuen Satanek—. Zuei dagokizuenez —esan zuen, garraioetara zuzentzen zela—, oso ogen larria egin duzue. Mutinatu egin zarete, eta zuen erruz, arrisku handian aurkitu da Belfegor. Oraingoagatik, barkatu egingo dizuegu, kausa kontuan edukiz, baina honelakorik errepikatzen bada, igarriko diozue nire haserrearen pisuari, aladeabrua!

        Sirena aurreratu zen, bere kurba nakardunarekin eragiten zuela.

        — Erabaki dugu —murmurikatu zuen— gremioa osatzea geure eskubideak defendatzeko.

        — Zer?

        — Abantailak bistakoak dira, ze horri esker konpondu baitugu geure adiskide Ardilarruaren arazoa.

        Gorri-gorri egin eta gehitu zuen:

        — Nire adiskideek langile-ordezkari izendatu naute Berorien Gorentasunen aurrean. Ez nuen kargua onartu nahi izan, baina horrenbeste tematu dira eta horrenbeste baloratu dute gure asmo eta gurariak komunika ditzakeen bakarra ni izatearen zirkunstantzia, ze azkenean ez dut izan amore ematea beste erremediorik.

        — Ah! —oihu egin zuen Luziferrek—. Hasi da zuengan indarra hartzen lurtar eragin zorigaiztokoa. Sindikatu bat!

        — Nire iritziz —sartu zen Beeltzebul—, erabaki dutena zuzena da, beren interesak babesten dituzte.

        — Ez eraso nire nerbioei, Gorentasuna, berorren berrikuntzekin! Eta ez dezagun eztabaida! Aitzitik, atera biezagu beste kopa bana.

        Horrela egin zuen Beeltzebulek, gogo onez, noski; eta, gainera, munstroen artean ere likido noblea banatu zuen, Mammon protestaka ari zen arren.

        — Non aurkitzen ote gara? —galdetu zuen Leviatanek, ingurua begiztatuz.

        Bideska batean aurkitzen ziren lautada berde batez inguratuta, zeina elefante itxurako landareria gris eta begitsuek orbantzen zuten. Zereal soroak, behiak larrean ziharduteneko zelaiez txandakatzen ziren. Errota arlote bat, motel-motel, biratzen zen, kirrika ugertsuekin. Txori aldrak kulunka zebiltzan alanbre telefonikoetan eta lursailak zatitzen zituzten burdinsareetan. Hauetariko asko eta asko lokatzazko habietan bizi ziren, biribilak, labe ñimiñoak bailiren.

        — Honek Errepublika Argentinarra izan behar du —kalkulatu zuen Luziferrek.

        — Panpa ospetsuak?

        — Panpa ospetsuak.

        Izugarrizko hodeiek zirkulatzen zuten zeruan zehar, elkarri bultzaka bezala. Hauek behatu zituzten, ahurrekin bisera eginez, eguzkia ordurako jaun eta jabe baitzen zeruan. 1914ko Haut-Briona jariatzen zen deabruzko zainetan zehar, behaztopa eta barre eginarazten ziela. Bidean aurrera, tapa-tapa, atso zahar nekazari bat zetorrela ikusi zuten zaldia uhaletik zuela. Beltzez jantzita ageri zen eta burua zapiz estalita zeukan, beltza hau ere, kokotspean korapiloa eginda.

        — Diberti gaitezen —proposatu zuen Asmodeok— eta eman diezaiogun susto bat. Garen bezalako azaltzea aski izango da horretarako.

        Pozik onartu zuten, zoriontsu haur bulkadara egokitzeagatik, hori banaezina baita demonio orotik. Bideskako bihurgune batean jarri ziren, ombú baten gerizpean, eta beldurgarrienak iritzi zituzten keinu eta jarrerak moldatu zituzten. Beren hegoak tentetu egin ziren; krokodiloaren ahutzak eta txerriaren muturra azaldu ziren; sugeak txistu jo zuen; grifoa uztaitu egin zen; tximinoak zutitu egin ziren; Luziferren zetroak dir-dir egin zuen; euliek mamu-masa bat eraiki zuten; atzaparrek distira egin zuten; Mammonen eskeletoak tintin egin zuen. Erliebe izugarri bat, amesgaizto bat, izu-muntaia bat eratu zuten, are beldurgarriagoa oraindik berauek markotzen zituen bake bukolikoaz zeukaten kontrasteagatik.

        Eta bazetorren bidean aurrera hurbilduz atsoa. Zaldi txikiari tirakadak ematen zizkion, eta orduantxe ohartu ziren infernutarrak aberea herrena zela eta bazka-poltsaz gehiegi zamaturik zetorrela. Harik eta talde beldurgarritik metro gutxi batzuetara aurkitu zen arte, ez zen konturatu emakumea haien presentziaz, aurretik ematen zion eguzkiaren argitasun biziak ikustea eragozten zion eta. Gelditu eta malkoek lausotzen zizkioten begiak igurtzi zituen, isilik geratu zen alditxo batez eta gero errieta egin zien:

        — Ah, mandinga zikinok! Ihauteriak sekula ez al dira amaitzen zuentzat? Alferrontzi ergelok! Mutikote dohakabeok! Itzul zaitezte herrira! Edo zoazte uzta biltzera, amona lanpetu batekin berriketan ibili ordez! Arre, arre, Juanzito!

        Makurtu eta lurrean miatu zuen; harri kozkor bat, bi harri kozkor aurkitu zituen, eta harrika eman zien taxu izpirik gabe. Ezkerreko bidetik eraman zuen zaldi trankina sokatik helduta, eta ahoa bete hortz utzi zituen, bularra puztu, bekainak zimurtu eta alferreko ufak egiten ahalegintzen ziren bitartean. Laster desagertu zen atsoa astakarduen artean, eta eurak, mesprezatu eta gailenduak izatea onartu ezinik, beren jarreran tematu ziren, harik eta Beeltzebulek, alkoholaren eraginez balantzaka, esan zuen arte:

        — Ezagutu egin gaitu. Ohartu al dira, Gorentasunak, mandinga deitu digula?

        — Oihu bat, apostrofe bat da —zuzendu zuen Asmodeok—. Eta kasualitate bat. Pentsatzen nagoena zera da, hemen mozorro ikusgarriak asmatu behar dituztela inondik ere.

        — Hori Brasilen gertatzen da —adierazi zion Leviatanek—, muga egiten duen herrialdean. Rioko Ihauteriak.

        Satanek besoak luzatu zituen nagiak atereaz, eta orro egin zuen:

        — Goazen hemendik! Zertarako denbora alferrik galdu atso ero eta sor batekin? Gogoak emanda nago atso zahar horri zaldi ziztrin hori jo eta bertan garbitzea!

        — Laga beza, Gorentasuna! —lasaitu zuen Asmodeok—. Alde egin dezagun behingoz!

        Hegoei gero eta erritmo biziagoan eraginez igo egin ziren, txori-taldea izutuz, desilusioagatik mendekua hartzeko. Harroak «Gazteria Demonisten Martxari» hasiera eman zion, baina besteek ez zioten jarraitu. Dotore egin zuten hegan, Deabruaren mandatari izaera gorenaz limurturik. Opalozko iratxo mordo bat ikusi zuten pasatzen, urrutira, mitxeletak bezala dardarati. Aingeru-talde bat ere ikusi zuten, ederrak, gardenak, palmondo eta intsentsu-ontziak zekartzatela, eta aurpegiak estali zituzten mahuka flotagarriekin, haiek bereiztean.

        Beeltzebulek gogoeta egin zuen:

        — Ongi begiratzen bada, gure senideak dira. Enbor beretik irten ginen. Iruditzen zaie halakoren batean berriro aingeru bihurtuko garela?

        — Zertarako, Goretasuna? —erantzun zion Luziferrek—. Honela ondo gaude.

        — Nik uste dut, Munduak izateari uzten dionean, Mundua desagertzera destinatua baldin badago, denok Paradisura itzuliko garela.

        — Deabrua ere bai?

        — Noski.

        — Berorren Gorentasunak Giovani Papini irakurri du.

        — Nik deus ez dut irakurtzen. Aitortzen dut, hori bai, Zeruan kozinatzea gustatuko litzaidakeela, moja-zizpuruak, San Roke-opilak, aingeru-ileak...; dena axuleiu zurizkoa... Ez, ordea, Pandemoniumean bezala hotza litzatekeen sukalde batean... Bai... iruditzen zait Mundua amaitzean Infernuko ateak itxi egingo direla, hustu egingo dutela, eta zereginik izango ez dugunez, Paradisura eramango gaituztela...

        — Infernua itxi! Gu ezabatu! Berorren Gorentasuna anarkista da, erdijainko txinatarrak bezala. Eta zozokerietan galduta dabil. Haut-Briona igo zaio burura.

        Arrats behera zen. Zer arratsalde ote zen hura? Zer egun, zer urte? Eta demonioek beren migrazioan jarraitu zuten hodeien gainean zehar.

        Bat-batean, erlojuaren txilinak beren loa eten zuen. Berau kontsultatu zuten; mapa argitsua kontsultatu zuten; fitxa atera zuten.

        — Lanera! —laburtu zuen Almiranteak—. Hemen egon behar luke orain panpatar atsoak. Ea alferrontziena aurpegiratzen zigun! Atso madarikatua! Horixe da umore beltzaren senik ez edukitzea! Bolibian aurkitzen gara; 1865. urtea; eta Bere Gorentasun Beeltzebuli dagokio txanda. Hatzak zupatuko ditugu, zalantzarik gabe. Ez dakigula irten aingerutar nostalgiekin! Utikan aingeru-ileak!

        Lurrerako itzulerari ekin zioten, zikonia seguruak bailiren. Lurra azaldu zenean, hain laku zabala begiztatu zuten, ze Ch'ien Lung, Udako Jauregiko mahaiaren erdia iruditu baitzitzaien koloretako portzelanazko ahate eta guzti.

        — Titicaca lakua da —esan zuen Mammonek.

        — Le lac de Titicaca —inprobisatu zuen Asmodeok, estudiante-bufoikeriaz, azken silaba frantsesez azentuatuz:

        — Le lac Titicaca.

        — Où condor fait caca.

        Globoko sabai akzidentatuaren gainean beren bidaia bultzatzen zuen haize misteriotsuak indarrez harrapatu zituen, beren oinetan uzkurtzera, bihurritzera eta zartatzera behartuz, Uholde aurreko basapiztien bizkarrezurrak bailiren, borroka anker baten erdian egonkortuak, andetar mendikatearen gainetara. Elurraren zuritasunak, amorruzko bitsak bezala koroatzen zuen orno urdin, urdin argi, gorri eta grisezko nahasketa horren azpian, sigi-saga egiten zuten haizpitarte ofidioek. Hemen eta han, herriskak metatzen ziren. Populatuenetako zenbait herriskak, kanpandorreak artzain zituztela beren ganadu-taldeak edanarazten zituzten ibaietan. Gelditu ziren azkenean demonioak, eta Luziferrek planisferioa kontsultatu zuen.

        — Potosi Hiri Inperialaren gainean aurkitzen gara —esan zuen—. Horrek, arrea eta konikoa, Cerro Rico izan behar du, Zerro de la Plata.

        Almiranteak bere oroimenean miatu zuen:

        — Berrehun eta laurogeita bosgarren urtean, hamabost mila zazpiehun eta laurogeita hamar milioi libera sendo produzitu zizkien espainolei, hauetatik bostena Koroarentzat izan zelarik. Ez dago gaizki. Baina orain... zein urtetan bizi gara?

        — 1865ean.

        — Orain Potosi hiri hila da, edo letargikoa...

        — Ez du ba horrela ematen —tartekatu zuen Satanek, jaitsierakoan hiria seinalatuz.

        Izan ere, arratsaldea itzaltzen ari zen bitartean, Potosi animatu egin baitzen. Argiak piztuz zihoazen kaleetan eta, plazetan, zuziak garretan jarri eta itzali egiten ziren, poxpoluak bailiren. Musika zurrumurru alai batek eskoltatu zituen Lurrera hurbilduz zetozen bidaiariak. Baina ez ziren pausatu hiriko erdigunean, hasieran pentsatu zuten bezala. Jatorrizko izenak dioenaren arabera, «zilar malkoak isurtzen dituen» mendiaren hegaletaraino bultzatu zituen haizeteak; han txabola ilunak mailakatzen ziren, eta bertan utzi zituen. Superunda eta honen umea, mendi-gaitzik jasan ez zutenak hegan egitean, azaltzeko zailak diren arrazoiengatik (baldin azalpenik badaukate), lurrean pausatu ziren orduko, sudurretik odola zeriela jarri ziren. Lau mila metrora itsasoaren mailaren gainetik, goi-minak jo zituen, eta langile-ordezkaria eta honen semea koka-pilulaz medikatu zituen Beeltzebulek.

        Zazpi demonioak kotatuak zeuden, hegazti harrapakariak bezala, txabolarik arloteenaren gainean. Behean, kale-labirintoan, argiak eta soinuak areagotuz zihoazen. Zalantzarik gabe, banda militarrak gerrako martxak baltsekin txandakatzen zituen, eta iskanbila horri, samingarri, hilzoriko, hil-kanpaiak gehitzen zitzaizkion, hogeita hamabi elizetan, hamar komentuetan... kanpaiak kontserbatu zituztenetan... zeren hondatutakoak ere bai baitzeuden...

 

 

 

© M. Mújica Lainez

© itzulpenarena: Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia