Sei

LEVIATAN EDO BEKAIZKERIA

 

        Bost urte zeramatzan orduan Tzu-Hsi, Enperatriz Alargunak, Bakearen eta Zahartzaroko Harmoniaren Parkean bizitzen, hau da, Hamar Mila Urteetako Bizitza Luzerako Mendian, edo, azkenik, Udako Jauregian. Kuang-Hsü Enperadorearen erreinuaren hasieratik, haren iloba eta adopziozko semeak, erregeorde gisa jokatu zuen, baina 1888an uko egin zien funtzio horiei, subiranoaren berehalako ezkontza iragartzean. Agian uste zuen andereak, Kuang-Hsük ezkondu eta etxea zuzentzeko nahiko adina zeukanez, zitekeena zela nahiko adina edukitzea bere laurehun milioi menpekoak gobernatzeko ere.

        Udako Jauregira erretiratu zen orduan, eta honen teilatu ugariak begiztatu zituzten gure demonioek. Nola Jauregi horrek —edo, hobeto esanda, jauregi horiek— asko sufrituak izaki, hondamendia aurriekin txandakatzen zutenez, erabaki zuen Enperatrizak (zeina batzuek «Buda Zaharraren» izen beneragarriarekin izendatzen duten), berauek zaharberritzea, berreraikitzea, ugaltzea eta aberastea, berauetan biziko zenaren izaera ospetsuari zegokion arabera. Horretarako, bere kaligrafia txukunaren lumakada batez baliatuz, Estatuaren aurrekontutik Itsas Armadara destinatzen zen hogeita lau milioi taeleko kantitate ederra deskontatu zuen. Honela jokatzean, ez zuen eman gehiegizko asmamenaren frogarik noski. Anizkoitzak eta etengabeak baitira, izan ere, jarrera paraleloen adibideak, diru publikoen maneiua usufruktuatzen dutenen artean, eta ezin duenak, andere ahalguztidun hark bezala, partida hau edo bestea jauregiaren eraikuntzara bideratu, neurri apalagoan, landetxe edo departamentu bat erosi eta edertzera zuzentzen du. Itsas Armadak galera nabaria sentitu bazuen ere, gero egiaztatu zen bezala, halere Buda Zaharrak merezi uste zituen lausengu eta erosotasunetatik gozatu zuen. Garrantzizkoa, flota mendebaldarren armamentuen arrunkeria higuingarriaren gainetik nagusitzen zena, zeina kopiatzen saiatzen baitzen Txinakoa, zera zen, Enperatriz Alarguna pozik bizitzea. Halaxe bizi izan zen, bere apaingarrirako grinari amore emanez, Hamar Mila Urteetako Bizitza Luzerako Mendia edertzera dedikatzen zen bitartean, pentsatuz, agian, hala iradokitzen baitzioten losentxariek, zahartzaro hori lortuko zuela. Ez al zeukan ba andereak bere burua, Tibeteko Dalai-Lamak bezala, «Buda Biziduntzat», jainkoaren gizakundetzat?

        Oker lebilke irakurlea, pentsatuko balu, bridak ilobari uztean, andere Alargunak bere aginte-lana erabat uzteko etsia hartu zuela. Ezta hurrik eman ere. Alderantziz izan zen: haren posizioak Juang-Hsürenaren gainetik egonez jarraitu zuen. Baina hau zaila da argitzen, zeren honek mantxuriarren lehentasun genealogiko eta dinastikoen labirintoan sartzea inplikatzen baitu. Haientzat, Txinako monarkak, aurreko belaunaldi batekoa zenak lehentasuna kontserbatzen zuen beti gazteagoen gainean, zirenak zirela. Bitxia, baina honela da. Harritu egingo ditu, Txinan bertan ere, gaur egungo promozio bihurriak. Enperatriz Alargunak, Kuang-Hsüren aitona-osabaren bosgarren emazteak —eta hala zen aldetik, haren bigarren mailako emakume desberdinetako bat— aurre hartzen zion agintean Enperadoreari, honek baino lehen, erreinatzen zuen familia osatu izan hutsagatik, eta luzaroago bizi izan zelako familia bereko kide zaharrago guztiak baino, zeinak heriotzaren inkaminak ezabatu baitzituen. Lanak ematen ditu hau ulertzeak. Lanak ematen ditu ulertzeak zainetan autokraten odola ez zeraman andere batek, jatorriz mantxuriar Bigarren Banderaren leinukoa izaki (eta esklaboa izana zela ere murmurikatu zen), enperadoreak Lehenengotik zetozen bitartean, bere borondatea gainezarri ahal izatea lerro zuzenean printze nagusi horietatik zetorren norbaiten gainean, eta, gainera, Zeruaren Semea zena. Egia da bi enperadoreren alarguna eta ama izan zela —bata zein bestea ilunak gogotik—, baina horrek, beste edozein herrialdetan, apaingarri paper hutsa asignatuko ziokeen, diademen azpian lo-kuluska egiten duten andere zaharren antzera, europar egunkariek maiz agerturiko multzoko erret argazkietan bezala. Han, Tzu-Hsi, Buda Zaharra zen ezbairik gabeko nagusia eta halaxe izango zen bizi zen bitartean, andereak mugagabekotzat kontatzen zuena. Beraz, esan dugun bezala, bere atribuzio ofizialak utzi bazituen, hauek zutik, bere horretan, sor, erabateko jarraitu zuten, eztabaida errespetugabe oroz haraindi, gogoak ematen zion bezain laster berreskura zitzakeela, Udako Jauregiko bakean, aisialdi txolinera ematen zen bitartean, bere mila eunuko, bere ohoreko dama, bere musiko, bere aktore eta bere txakur nanoen artean, lore-moldaketak entseiatuz, jantzi eta bitxiak aldatuz, bisitak errezibituz, bertsoak pintatuz eta Itsas Armadaren taelak xahutuz.

        Esan zitekeen, bere emakume zereginetara emana ikustean, jada gobernu-lana ez zitzaiola interesatzen. Eta froga gisa, gorteko etiketarekin loturiko arazoetan soilik parte hartzen zuen, hauek zientzia politikoa baino ondotxoz hobeto menperatzen baitzituen, eta Pekingo Hiri Debekatuan, egoitza inperialean, usadio tradizionalak onartzen edo indargabetzen zituztenen sari eta zigorren banaketara ere dedikatzen zen. Hitz batean —bosgarren emazte gisa—, aitona-osaba Enperadorearekin ezkondu ez balitz; Enperadore lehengusua erditu izan ez balu; eta mantxuriar leinuarekin aliaturiko hainbat andere lurperatu izan ez balitu, ondoz ondoko hilobietan, Tzu-Hsi, emakume aski arrunta izango zatekeen, zeinak, batzuek ziotenez, Piemonteko baserritarra ematen baitzuen, berritsua, bere lorategiaz arduratzen zena eta bere letra onaz harro sentitzen zena. Baina Patuak hala ezarri zituelako gertakariak, honen apetaren arabera, abanikoa edo sudurzapia erortzen uztearen menpe zegoen Munduko herrialderik zahar, zabal eta populatuenetako baten zoria. Azken batean, erasoezina, helezina zen. Agian izan zezakeen arrazoi izpiren bat bere burua Buda Biziduntzat edukitzeko, lakazko tronutik, bere begi beltz eta liluragarriak, haren aurrean, kopetaz lurra ukitzen zuten zazpi mandarin kategorietarantz pasearazten zituenean.

        Bosturteko bat igaroa zen Udako Jauregian finkatu zenetik, eta bi bosturteko, bridak lasatu eta Kuang-Hsüren eskuetan jartzen zituela eman zuenetik. Zazpi demonioak iritsi ziren goizean, hauen auzoteria bitxiaren gainean berririk izan gabe noski, Enperatriz Alarguna egunari aurre egiteko prestatu zen, egun berezia ez balitz bezala. Berezia zen, ordea. Zahartzaro Zoriontsuaren Logelako ohean esnatu zen, zeina kolore anitzetako saguzar pintura batek apaintzen zuen, izan ere, saguzarra, Txinan (hitz-joko erraz bati amore emanez), sinbolo zoriontsuetako bat baita. Haren logelako hamabost erlojuek batera abestu zuten, sei kanpai dilin-dalan joz, eta dontzeilak sartu ziren, katilukada bat esne bero eta loto zuztarrezko edabea zekartela. Gero, poliki-poliki, garbitu eta jantzi egin zuten, zeta horizko udako txabusina lotu eta urrezko zenbait fenixdun eta bizkarreraino jaisten zitzaizkion perlazko haridun tiara jartzen zizkiotelarik. Zapata mantxuriar zangaluzeak jantzi zizkiotenean hamabost zentimetro irabazi zituen; hori aldeko zuen, oso txikia zen eta. Gelaurrea zaintzen zuten sei eunukoek, sableak zorrotik atera eta ateak zabaldu zituzten; Printzesak eta ohoreko damak ondoko gelan azaldu ziren, belauniko, ez baitzeukaten logelara sartzerik; hauek kanpotik, Buda Bizidunaren esnatzearen eta janztearen zeremonia ikustezinera asistitzen zuten. Hitz erritualen bidez agurtu zuten: «Lao-Tzu-Tzung Chee-Siang» (Arbaso Haundia, izan zoriontsu), eta denak batera, arranditsu, Entzutegi-Aretoraino etorri ziren.

        Ez zuen izan betarik Enperatriz Alargunak ohoreko damekin hitz egiteko. Halere, zerbaitek, senak edo, nolabaiteko berezitasuna adierazi zion eurengan. Agian, agurra ahoskatzeko era izan zitekeen, ze Tzu-Hsik muturreraino eramaten baitzuen zehaztasun fonetikoari zegokion eskakizun pedantea. Edozein modutara, ari zen ematen haren ahaide eta faboritoen harrera, botoi hierarkikoz eta pauma-lumaz apaindua; hauek bederatzi bider marruskatzen zuten buruaz marmolezko lurzorua eta, euren ohituraren arabera, beste zenbait hobari eskatzera eta nolabaiteko asmakeria, esames eta azpikeria kontatzera etortzen zitzaizkion. Hauek guztiek osatzen zuten sektorerik itxiena, Gorteko usadioei lotua eta pribilegiozalea. Bere ohorezko aulkiaren goialdetik, aihergatasun harroputz baten plantak eginez behatu zituen Buda Zaharrak, egia beste hau zenean, hots, ezerk ez zuela horrenbeste liluratzen marmarrak bezainbat, eta gero, ordutan, ez ziola utziko gorteko esames horiek hausnartzeari, hauek Li-Rairen poemak bezainbat irrikatzen baitzituzten haren belarriek. Haren begi inkisidoreak halaber Printzesen multzorantz zihoazen; hauek geldi zeuden bazter batean, gela nahasi horretan, non aspaldiko pieza bikainak, brontzezko munstroak, lurrinontziak, lirio, loto, orkideo-ontziak, enperadoreek eta jakintsuek trazatutako inskripzio erraldoidun erroiluak, bidaiari txinatarrek Europatik ekarritako erdipurdiko objektu itsusiekin eta hiru pianorekin nahasten baitziren, hauetariko bi bertikalak, inoiz jotzen ez zutenak. Baina Enperatrizaren begiak, batez ere, emakume multzo familiarraren gainean finkatzen ziren, ze artean ez baitzuen ulertzen bere harriduraren arrazoia. Konfuzioren Krisantemo Printzesa, hain ongi hezia, ez zitzaion iruditu beste zenbait okasiotan bezain zurrun eta galant. Bere ondokoengan bermatzen zen eta zertxobait kulunka egiten zuen, loak menperatuko balu bezala. Ondorioz, printzesak ohiko paseoan arakatzeko erabakia hartu zuen zer gertatzen zen jakiteko. Erritmo aulikotik ateratzen zen guztiak haserretu eta nahastu egiten zuen, erregearen kaltezko ogena bailitzen, eta bistakoa zen Printzesek (alargunek eta birjinek) ez zutela jokatzen normaltasunez. Agian atxeki zekiokeen naturak agintzen duen elkartruketik pribatutako eta ezin konta ahal eunuko atsekabegarriz inguraturiko beren emakume nerbio-egoerari. Hori zen, zalantzarik gabe, Enperatriza gehien erresumintzen zuena. Harentzat, Printzesa batek, bere odolaren luxu erdeinagarriarekin ezkontzen ez ziren sexuaren poztasunak eta atsekabeak kendu beharra zeukan.

        Entzutegi-Aretotik Tronuarenera aldatu ziren, ez baitzen ezein giza indar milaurteko protokoloa hausteko gai zenik. Eta han ere abagunea izan zuen andereak irregulartasun nabaria susmatzeko, ze hamaiketan puntuan, paseorako ezarritako orduan, laurogeita bost erlojuek —hauetariko asko errege mendebaldarrek oparituak— jotzeari ekin ziotenean, musika dilindari eta kaskabilo-soinuz, prozesio liliputar ibilera, oilar eta urretxindor kantu, uraren korritze eta beste hainbat miresgarritasunez ganbara beteaz, Printzesek, ezustekoaren eraginez, jauzi bat eman zuten denek batera, hots haiek lehen aldiz entzungo balituzte bezala, nork eta eurek, goizero ohiko kontzertu zaratatsu bera entzuten zutenek. Horrek mugak gainditu zituen. Segundo batez, Enperatriz Alargunaren buruan Printzesei lepoa mozteko agindua emateko ideia garrantzirik gabea gurutzatu zen, arauak azpikoz gora jartzeagatik, baina pentsatu zuen, horrela eginez gero, laguntzailerik gabe geratuko zela, ze hain era kezkagarrian jokatzen zuten haiez kanpo, inork ez baitzeukan bere isolamendu ohoragarria partekatzeko ezinbestekoa zen nobleziarik.

        Azken bisitak erretiratu ziren bezain laster, bere ondora deitu zituen. Pentsatu zuen, bere aginduak hautsiz eta zegokien zuhurtasun nagusia bertan behera utziz, oso goiz hasiak izango zirela zurrutean gehitxo eginez, edo opioa erretzen, zeharo debekatua zeukana. Banan-banan ahoa zabalarazi zien; bere jakingurazko sudurra arrimatu zuen bertara; arnasa ohikoa zela egiaztatu zuen, sufre kutsu arin bat izan ezik, agian hortzetako pasta berriren bati zor zekiokeena; jantziak usnatu zizkien; marmar egin zuen, desilusionatuta, eta, euria hasten zuenez, Yu-Si Jaun Gaztea garaztailuaz batetik bestera zebilelako, bere jatorria ezkutatzen zuen zabarkeriaz mendekua hartzea erabaki zuen, zegokien jardueran parte hartzera behartuz. Andereari ez zion axola bustitzeak. Gainera, eunukoek itzalkin izugarriekin babesten baitzuten euritik, bere segizioak aterperik ez zeukan bitartean. Eta martxa ohi baino gehiago luzatu zuen, han-hemenka plantazio bat edo kioskoko obrak aztertzeko geldituz, harik eta, blai eginda doministikuka egiten zuten Printzesekin abiapuntura itzuli zen arte. Bakarrik bazkaldu zuen zilarrezko hogeita hamar erretilu alboan zituela, zeinetan txori-habiak, hegazti-mihiak, arrain-garunak, izkira-arrautzak, marrazo-hegalak eta beste zenbait gozotasun gailentzen ziren; gero siesta urduri bat egitera erretiratu zen. Ez zuen lortu burutik kentzea Printzesak fisikoki ere aldatu zirelako ziurtasuna, zeren baten matrailezurra luzatu egin baitzen, krokodiloaren ahutzak gogoratzen zituela, eta herrenka zebilen bestearen aurpegiak, berriz, txerriaren muturra gogoratzen zuen. Dama hauek, zegokien txandan, hiruroigeitaka urteko Enperatrizaren atsedenaldia aprobetxatu zuten beren egoitzan sartzeko; honi Aldeko Hodeien Pabilioia zeritzon. Han norgehiagoka egin zuten zutikako bainuak hartzeko, ur irakin eta ziapez marranta uxatzeko. Berarekin batera euli kiribil berdea sartu zen pabilioian, eta honek, enbarazu egin arren, beren etxean senti zitezen lagundu zuen.

        Inozokeria izango litzateke orain irakurlea damen itxuran eta jarreran sortutako aldakuntzaren kausez harritu nahi izatea. Atzeratuena ere konturatua izango da, noski, azken deskribapen honetan zehar ereinez joan garen datu xehe eta onuragarriei esker, demonioei zegokien erantzukizun handiaz, Enperatriz Alarguna horrenbeste gozakaizten zuen prozesuan. Izan ere, irakurle azkarra, Printzesak ez ziren Printzesak, demonioak baizik. Hau da, baziren eta ez ziren, aldi berean.

        Argi gaitezen. Egun horretan, egunsentian, zazpiak Zoriontasun Handiaren Belvederean pausatu ziren, bertara igo ohi baitzen Tzu-Hsi, gau argietan ilargia mirestera, poemak urrumatzen zizkioten bi eunuko lagun zituela. Begiratokia hutsik zegoen eta handik eraikuntzak eta lorategi gehienak begiztatzen ziren. Han, Almirateak eskatu zion Luziferri, Ekialde Urrunarekin erlazionaturiko arazoetan aditua izateagatik, eskura ziezaiola Udako Jauregiaren planoa, eta harroak segundo batean eman zion; honetaz eta kataloxaz baliatzen zirela, infernutarrak egoitza desberdinak lekutuz joan ziren. Horrela jakin zuten Buda Zaharrak non lo egiten zuen; non haren ohoreko damek; non Li Lien Ying, eunukoen buruzagiak; eta horrela hurrenez hurren. Jarraian, Leviatanek, honek ez baitzuen deitoratu besterik egiten Itsas Armadari erauzitako dirua, eta berak zuzenduko baitzituen operazioak korazatu baten aginte-zubitik, deklaratu zuen, erasoari ekin baino lehen, operazioaren xehetasunez erabat informatu beharra zegoela. Horretarako agindu zuen etor zitezela Aldeko Hodeien Pabilioira, Printzesen egoitzara. Bertara hegatu ziren, beraz, formazio isilean, Almirantea aurretik zutela; honek airean eman zizkien bere argibide eta instrukzioak. Hauen arabera, Tzu-Hsiren gelen fatxadaren aurrean aurkitzen den haitzean lurreratu ziren; haitz honi Hilezkortasunaren Landare Berdeak Hazten Direneko Haitza deritzo. Handik damen pabilioiraino joan ziren. Bata bestearen atzetik sartu ziren eraikinean; oharkabean igaro ziren eunuko zelatarien artean; eta lo zeuden zazpi Printzesak aurkitu zituzten (emazte ohiak eta hala izatera iritsi ez zirenak). Une batez kontenplatu zituzten te hosto lurrintsuek betetzen zituzten kuxinetan luzatuak; zazpi printzesek, arrainak iduri, ezpainak zabalduko zituzten unea itxaron zuten; ahurrak elkartu, besoak luzatu eta Belfegor bultzatu zuten eta, aldi berean, igerilari olinpikoentzat ere gaizki ez zegokeen jauzi azkar eta seguru batez, eskainitako ahosabaien argilunaren barruan murgildu ziren. Beren sinkronizazio eta beren dotoreziaz, murriztu eta mehetu ziren zehaztasunaz, jauzi eta murgiltze perfektua izan zen, are gehiago hartu zituzten Printzesen egitura finen konduktuen diametroak kalkulatzen badira. Printzesek apenas kulunkatu zituzten buruak ustekabeko ostalari filoformeak injeritzean, eta hauek printzesa bakoitzaren barruan finkatu ziren, urpekaria eskafandran bezala. Uler biezagu irakurleak (demoniozko prozedurak konplexuak izan ohi baitira): zazpiek zazpien barruan hartu zuten ostatu, eta printzesen nortasun lokartuak bakoitzaren gorputzeko ipurmasailarantz lekualdatu zituzten, honela Printzesekin hauen intimitaterik intimoenetan bizi izan ziren, oharkabean, ordezkatzen zituztela, baina deuseztu gabe; zazpi Printzesen trazak, beren ohiko keinuak, beren ezagupideak barne, kontserbatzen zituztela. Argi dago demonioen nortasunak, hain sendoa izaki, borroka egin zuela ez desagertzeko, izaera fisikoari zegokion hartan ere, eta horri zor izan zitzaion Buda Zaharra harritu izana zenbait ezaugarri bereiztean, adibidez, krokodiloarena, txerriarena, etab., Printzesen trazak gainditzen zituztenak, eta izutu egin zen Enperatriza Konfuzioren Krisantemo aristokratikoa behatzean, honengan haragitu baitzen Belfegor, ondo kostata zutik mantentzen zela. Espero dugu irakurleak atzemango zituela gure adierazpenak, Leviatanek eta gainerako Gorentasunek aplikatutako tekniken inguruan, Enperatrizaren ohoreko damen banakotasunak berenganatzeko; hauek lotan segitzen zuten, imajina daitekeen edozein maskara baino mozorro osoagoa janzten duen lasaitasunez kanpotarrek ordezkatzen zituzten bitartean. Ez dizuegu gomendatzen, hori bai, murgilketa material eta izpiritualaren prozedura xume hau, ze hori burutzeko beharrezkoa baita oso-oso deabrua izatea. Komeni da adieraztea, murgildutakoek eurek, hain emaitza magistralak lortzeko, ultra-yogi ikastaroak egin zituztela Pandemoniumeko gimnasio eta igeritegi izoztuetan.

        Orain, paseo euritsura itzuliz, bi multzotan banatuta, antigualeko pertz handien inguruan, zeinetan kea jariatzen zuen ur irakinak, zeta horizko arropak izterretaraino bilduz eta hankak likido ongileetan murgilduta, zazpi Printzesa Demonioek Asmodeoren zigarroa erre eta inpresioak banan-banan aipatzen zituzten.

        — Arazoa —esan zuen Leviatanek— Enperatriz Alarguna bekaizkerian eroraraztea baldin bada, lana edozein deabruren ahalmena baino handiagoa da. Emakume horrek ez dauka, ezbairik gabe, inoren inbidia edukitzerik. Ez dago bekaizkeriarentzat lekurik dena daukan aparteko izaki baten bihotzean, eta zeinak aski izango lukeen nahi izatea, bat-batean, gogoak ematen diona lortzeko; baina ezin dezake nahi izan, gauzak bere apetei aurreratzen zaizkienean. Emakume honentzat bekaizkeria ez da existitzen berea ez den ahultasun gisa eta ukiezinezko bere bereizitasunaren beste testigantza bat bezala izan ezik. Ez dio inbidiarik ez daukan gaztetasunari berari ere, bere burua hilezkortzat daukalako, hau da, gazteak baino iraunkorragotzat dauka bere burua; ez die inbidiarik santuei ere, Buda Bizia dela uste baitu; ezta sentsualei ere, bere kastitate oldarkorra bere izaera zerutarretik eta erregetarretik bereiztezinezkotzat ematen baitu. Adimen mugatu baten jabe denez, honen goranahia ez doa zenbait muga baino harago, eta perimetro horretan ez zaio ezer falta bere goranahia betea edukitzeko. Agian zirika daiteke andere hau bere psikologia okertzen ahaleginduz eta berak ez daukan bakarraren jabe diren apalak inbidia izatera behartuz: aurrerapenerako, eboluziorako, konkistarako gaitasuna, baina bistakoa da Enperatriz Alarguna oso eroso dagoela horrela, eta seguruaski uste du, Bekaizkeria (Bekaizkeria, Munduko aurrerapenaren motorea, Harrokeriaren eta Gaizkinahiaren alaba) Gosearen eta Arrunkeriaren alaba dela. Ulertuko dute ni desesperatzea.

        — Goethek, bere «Faustoan» —aipatu zuen Luziferrek— esanarazten dio Mefistofelesi ez dagoela ezer barregarriagorik desesperatzen den deabru bat baino.

        — Hori ez biezat aipa. Erdipurdiko deabru bat da. Nahiago dut operan. Eta ziurtatzen diot, Gorentasuna, ez naizela barregarri sentitzen gakordei erronka egiten dien atea zabaldu ezin dudalako. Berorren Gorentasunak askoz kasu errazagoari aurre egin behar izan zion, Mammonek adierazi zion bezala. Gilles Raiskoaren alarguna guztiaz jabetua zegoen, eta amore eman zezakeen harrokeriaren aurrean, galdutakoa berreskuratzen zuela erdikustarazten bazitzaion, baina Wën-Tsung Enperadorearen alargunak dena dauka, eta ez du gozatzen inbidia izateko ahalmenaz. Agian izan zien inbidia, bosgarren emaztea zenean, laugarrenari, hirugarrenari, bigarrenari eta lehenengoari, gaur, ordea, Tzu-Hsi Enperatriza da, Buda Biziduna, inor gailenagorik ez dagoela, Buda bera izan ezik, zeina dela imajinatzen duen, ondorioz ez dio inbidiarik, ze hori bere buruari inbidia izatearen astakerian erortzea izango bailitzateke. Orduan, dominaren atzealde bilakatzen da, zeinaren aurrealdea, Berorren Gorentasunak tentatutako Gilles Raiskoaren andre umiliatuak okupatzen duen.

        — Berorren Gorentasunak inbidia dit —zirikatu zuen Luziferrek, honen handipuzkeria hazi egin baitzen «Fauno Dantzariaren» eskulturaz geroztik.

        — Nire profesioa da eta ez dut ukatzen. Mammoni ere inbidia diot, honek ez baitzuen zalantzarik izan zenbait hiri suntsitzeko, bere helburua lortzekotan.

        — Ai, Gorentasuna! —protestatu zuen zekenak—. Ez biezat hori gogorazi! Eta ni gastu gutxirekin arrakasta lortu nahi nuena!

        — Uste dut —esan zuen Satanek, bere pertzari ziapea gehituz— Almirante Jauna azkarregi desanimatu dela. Apenas garen etorri berri batzuk besterik, eta Berorren Gorentasunak, zalantzarik gabe, epaitzeko elementu gehiago behar ditu. Ez beza itxaropena gal oraindik.

        — Remember! —abestu zuen Luziferrek, isekaz—. Remember Mefistofeles!

        Hura izango zen ikuskizun bitxia zazpi Printzesek eskainiko ziekeena, baldin edozein begiluze ausartu izan balitz hauek zelatatzera eta hauen mintzaira ulertzeko modurik izan balu! Pertzen inguruan jarrita, hauetatik ateratzen zen lurrinak erdiezkutatzen zituela, naturaz gaindiko izakiak ziruditen (eta izan ere halaxe ziren, egiazki) edo sorginak (eta hauen adiskidantzazko aliantza partekatzen zuten), baina aire bolada batek kea aienatu orduko, finak, leunak, freskoak, berragertzen ziren: Gorterik dotoreenetako zazpi dama, apaingarri eta pinturarik gabe, eta honek beren adatsak eta beren larruazalak distirarazten zituen; zazpi Printzesa mantxuriar, zeinak krisantemoz, perlaz, poesiaz eta jantziez hitz egin ordez, Bekaizkeriaren arrakastaren ahalmenak analizatu eta Ponpeia eta Raisko Mariskala aipatzen zituzten...

        — Egokiena —proposatu zuen Asmodeo herrenak— taldeka banatzea izango dugu. Bihoa Almirante Jauna Pekinera eta bil beza han informazioa. Gu, bien bitartean, hemen geure paperak antzezten ahaleginduko gara, oraindainokoan baino arte handiagoz, ze bistakoa baita Buda Zaharrak kirats arraroa usnatzen duela, zerk eragina den sekula asma ezingo lukeen arren.

        — Bai —gogoeta egin zuen Leviatanek—, Pekinera joango naiz. Ideia ona da. Agian aurkitu ahal izango dut, Hiri Debekatuan, aztarnaren bat, zaila iruditzen zaidan arren. Emakume honek ez dauka inbidiaz egoterik. Ez dauka Enperadorearen inbidiaz egoterik ere, hura bere menpe baitauka.

        — Bihoa eta azter beza —jarraitu zuen lizunkeriaren demonioak—. Bere Gorentasunak sobera dauka azkartasuna. Eta Belfegorrek ahalegina egin beharra dauka guri laguntzeko —amaitu zuen, nagikeriarengana zuzenduz, hau zurrungaka ari baitzen bi hankak pertzean sartuta, eta Beeltzebulen ukondokada batek iratzarri zuen—. Honela ez bada, gure kexak hartuko ditu Deabruak. Eduki beza gogoan zelatari ikustezinek inguratzen gaituztela.

        Belfegorrek murmurikatu zuen bere izaerak berak debekatzen ziola alferkeria konbatitzea, baina, egoera zen bezelakoa izanik, bere esku zegoen guztia egingo zuela, zegozkion murrizketen barruan.

        — Laburbilduz —esan zuen Luziferrek—, Enperatrizari jakinaraziko diogu Udazkeneko Sahatsa Printzesak, hau da, Almirante Jaunak, ohean geratu behar izan zuela, ondo aurkitzen ez zelako. Egia esan, denok egin beharko genukeen gauza da, bustialdiaren ondoren. Eta Berorren Gorentasunak Pekinera bidaiatuko du. Itzul bedi azkar, mesedez, gure egoera urruti baitago erosoa izatetik. Guk, geure aldetik, gorteko lanarekin jarraituko dugu... ez batere inbidia izatekoa, sinets biezat.

        Hitz horiek ahoskatzeaz batera, neskame bat etorri zen, ahaz ez zezaten Enperatrizak arratsalde horretan tea eskainiko ziela delegazioetako damei. Bat-batean, Leviatan ordura arte bizi izandako gorputzetik irten zen, eta gorputza, egiaz eta benetan marrantatua, ohean kokatu zuen. Beste sei Printzesak lehortu egin ziren, oinetakoak jantzi eta korrika egin zuten (Konfuzioren Krisantemo geldoak ere bai), mitxeleta-hodei artean, txutxu-mutxuka, txioka, barrezka, orrazkeretako loreak apain-apain jartzen zituztela, haizemaileei eraginez, eta hauek astinduz Almirantearengandik agurtzen zirela; hau hegan baitzihoan ordurako Bakearen eta Harmoniaren Parkeko sabaien gainean zehar, bereiztezin gainerakoentzat.

        Ohoreko damek bere logelako gelaurrean itxaron zioten Tzu-Hsiri. Azaldu zen bezain laster, guztiz egoki egin zuten agur errituala. Andere Arbaso Haundiak aldi luze batez behatu eta usnatu zituen. Poztu egin zen, jakin zuenean, Udazken Sahatsak ohean zaintzen zuela berak eragindako marranta. Hura zen, Printzesa guztietatik, jakinmin handiena eragin ziona, haren aurpegian nabarmentzen ikusi uste zituen musker bisaiengatik. Azterketaren ondoren, baikor, pentsatu zuen mudantza eta gora-behera haiek udaldiaren gogortasunari atxeki beharko zitzaizkiokeela, eta ezarria zela berriro normaltasun zeremoniatsua, eta multzo txikiaren aurrean jarri zen, Entzutegi-Aretoranzko martxan. Tronuan eseri ordez, aulki batean jarri zen, eta agindu zuen sar zitezela emakume atzerritarrak. Hauek Europako erreberentzia egin zuten, eta berehalaxe emakume ingelesen, frantsesen, alemanen, italiarren eta iparramerikarren berriketaz durundatu zuen areto zabalak, demonioen imitazio-talentuak igortzen zuen emakume mantxuriarren tinbre leun eta eztiki atiplatuaz kontrastatzen zuela. Aitortu beharra dago azken hauek era ezinobean portatu zirela. Ezta behin bakarrik ere, hizkuntza guztiak dominatzen zituzten arren, ez ziren erori berauek erabili eta luzitzeko limurkeriaren aurrean, baizik buruei eragitera mugatu ziren, automata adeitsuak iduri, interpreteek haien esaldi ondo apainduak itzultzen zituztenean, eta denbora gehiena era atsegindarriz barre egiteari eman zioten, zetazko mahuka flotagarriekin aurpegiak tapatzen zituztela. Aretoko mutur batetik bestera joan ziren, oinkada labur eta makurdura adeitsuz, zirtzileriak hankaz gora ez botatzeko arreta jarriz, dozenaka te katilu zerbitzatuz eta lakazko erretilutan, gozoki bikainak eskainiz. Enperatrizak, tarteka-marteka, bere ohorezko aulkia uzten zuen, talde batera hurbiltzen zen, soineko inperialetan mozorrotutako urtxintxa bezala, kapelu iparramerikarra edo jantzi alemana goratzen zuen, ia beti huts eginez, apropos egiten ez bazuen behintzat, ze txarrenak aukeratzen baitzituen. Bere begi beltzak, sudur noble eta aho zabal eta sendoaren gainean finkatuak, etengabe mugitzen ziren; une batez Konfuzioren Krisantemo Printzesarengan finkatu ziren, zeina nahiko zuzentasunez mantentzen zen zutik, edo Saguzar Granate Printzesarengan; hau ez zen besterik Beeltzebul baino eta, Buda Zaharraren iritziz, larregi elikatzen zen. Emakume gonbidatuek dir-dir egiten zuten harrotasunez, elkar zelatatzen zutela, egiaztatzeko ea frantsesak bitxi ederragoak luzitzen ote zituen eta ea ingelesa laudorio berezien objektu ote zen ikusteko Enperatrizaren aldetik. Hain nabariak ziren zeloak, ze hezkuntzak eta ofizio diplomatiko luzeak ez baitzuten laguntzen norgehiagoka disimulatzen. Ahaleginak egin zituzten andereek, oiloek oilarraren inguruan bezala kakaraka Buda Biziaren inguruan, kasu honetan espresio poliglotekin. Eta Budak, lurrindatuta, jarrera hieratikoak hartu zituen eta tea edan zuen otoitzean ari balitz bezala.

        — Gure atso zahara —xuxurlatu zion Satanek Luziferri, mahuka horiaren atzean— hipokrita da galanta. Egia esan, ezin ikusia die bere ostalariei.

        Ezin erantzun izan zion besteak, opariak banatzeko ordua iritsia zen eta. Laurogeita bost erlojuek jotzeari ekin zioten, eta marmarra tonuz igo zen, aretoa txoritegi kolosal bat balitz bezala, Abernuko Printzesek haizemaileak, banbuzko kutxak, jateko zotzak, anbarrezko eraztunak, turkesazko zintzilikarioak eta gainerako txineriak banatuz aretoa korritzen zuten bitartean. Oparirik eskasenak Tzu-Hsik gehien losentxatu zituen damei emanez dibertitu ziren, eta dama ingelesa paperezko bere loreak dama italiarraren koralezko eskuturrarekin konparatzean, aztoratu egin zen inor engainatu ez zuen irribarre ikasia produzitzearren. Honela zihoan festa, guztiz atsegingarri. Ehun eta hamabi te katilu banatu ziren.

        Isats-pianoa irekita zegoen, eta honen paretik igarotzean, Luziferrek ez zion eutsi bere hatz finak boliaren gainean irristatzeko tentazioari. Hori erloju dorpeak isildu ziren unearekin bat etorri zenez, ordurako dama bakoitzak bere opariaren mototsa desegin eta zegokion desilusioa sentitua zuen, zeren Tsen Li Yamen-en sailak, Kanpo-Arazoenak, aholkatu baitzion Enperatriz Alargunari ez zitzala muturreraino eraman opariak, izan ere, Pekingoek sekula ez zuten ulertzea lortzen zer zen europarrek gustu onekotzat hartzen zutena; eta elkarrizketek kili-kolo egiten zutenez, inork zer esanik ez zeukalako, eta teak izua eragiten zuelako, txalo jo zuten andereek, demonioa inguratu eta zerbait interpretatzeko erregutu zioten, iskanbila horrenbesteraino areagotuz, ze inork ez baitzion entzun Enperatrizari, zeinak aldarrikatzen baitzuen Glizinen Printzesak ez zekiela jotzen.

        Harrokeriak berotu eta zirikatu egin zuen beronen demonioa. Alferreko izan zen honen adiskideek alarma-begiradak zuzentzea, ze finkatua baitzen jada aulkian; hartuak zituzten jada, eskuek eta hankek, bereak ez bazituen ere, teklak eta pedalak; jada atzerantz botatzen zuen burua; eta dardaratzen zuen jada, oldartsu, eunukoek astindutako paumen lumazko flabelo garaiak baino energia handiagoaz atmosfera beroa hunkituz, Chopinen Opus 35 Si Bemoleko Sonataren hasierako allegroak. Hegan egin zuten hatz arinek, nota-turrustak jariatzen ziren, eta andereek ez zuten ezkutatu beren harridura. Scherzoak erlojuak dardaratu zituen, eta hauetako batzuek orduz kanpo kantatu zuten, krimen ikaragarria. Bien bitartean, geldi bere besaulkian, Enperatrizak ahaleginak eta bi egin zituen begiak orbitetatik eror ez zekizkion. Halere, bidezkoa da esatea ez ziola inbidiarik Printzesa pianojoleari; gorroto zuen, trebezia bikain hura ezkutatu ziolako, nori, eta berari, zeinari ez baitzitzaion ezer estali behar. Azkenean, gehiago eutsi ezinez, garrasi egin zuen, esmalte eta perlazko zenbait azkazal-ontzi puskatu zituen, eta Hileta-Martxak bilkurari bere azken kadentzia inprimatzea eragotzi zuen. Hau, bat-batean amaitu zen, eta legazioetako damen azken agurra, zegozkien pakete apalek traba egiten zietela, eta adeitasunak murmurikatzen setatuak, beren Entzutegi-Aretorako etorrera baino azkarragoa izan zen.

        Ugariak izan ziren, suposatuko den bezala, azalpenak Tzu-Hsi eta Luziferren artean, zeinak esan zion pianoa jotzen bakarka ikasi zuela, ezkutuan, une egokian bera harrituta uzteko. Eta sinetsi nahi ez bazuen ere, onartu egin behar izan zuen Enperatrizak azalpen hori, logikoa zen bakarra izaki, baina hausnarrean geratu zen, bere perlak mastekatuz eta buruan birak ematen zizkiela egun horretako gora-beherei. Demonioei dagokienez, Aldeko Hodeien Pabilioira bildu bezain laster, hauek haserre eraso zioten harroari bere kontsultatu gabeko jarreragatik, dena pikutara bidaltzeko zorian egon zelako.

        — Joan egin zaizkit eskuak —erantzun zien—. Tentazioak menperatu nau.

        — Ez da Berorren Gorentasuna tentatua izan behar duena, Enperatriz Alarguna baizik.

        — Eta, gainera... horrenbeste denbora zen Chopin jotzen ez nuela! Infernuan, hotzak pianoak hondatu ez dituenean, Deabruak desafinatzeko agintzen du eta gero maisu bekatariak, legioa direnak, kontzertuak ematera gonbidatzen ditu.

        Hileta Martxa kantatu zuen ahoa itxita, zeina ez baitzen iritsi interpretatzera, eta lotara joan ziren. Honela igaro zen demonioen lehen ekitaldia Hamar Mila Urteetako Bizitza Luzerako Mendian.

        Biharamun goizean, Leviatan itzuli zen bere apo hegalarian. Albistez gainezka zetorren.

        Aski desberdina zen Pekingo Hiri Debekatuan zeramaten bizitza Udako Jauregian pasatzen zenarekin konparatuta. Hemen, paseo eta harreren artean zihoan; han, ordea, meditatu eta azpijokoa egiten zen. Enperadore gaztea, mantxuriar dinastiako hamabigarrena, gustatu zitzaion Leviatani. Itxura eszeptikoko gazte bat zen adats luzea zeukana eta bere esku nobleak zaintzen zituena. Xalotasun dotorez janzten zen. Gauza segurutzat ematen zen, bere jauregian itxita, adeitasun paregabeko tratua ematen zien gizon jakintsuen artean, irakurtzeaz, erloju mekanismoak moldatzeaz eta musika entzuteaz soilik arduratzen zela. Beste bat zen, ordea, errealitatea, ezagutzen ez bazen ere, eta Leviatanek, bere nonahi egoteko dohainari esker, laster aurkitu zuen hori. Enperadorea, Estatuaren burua, estatu-kolpea prestatzen ari zen. Zeruaren Semea inguratzen zutenak ez ziren, ematen zuten bezala, poeta, mediku eta astrologoak, politikariak baizik eta, gainera, abangoardiako politikariak, liberalak. Txina berri bat eraiki nahi zuten eta, Herensugearen Tronuaren garaiera zorabiagarritik, Kuang-Hsük hauen asmoak partekatzen zituen. Txina Europako herrialde aurrerakoien maila berean jartzeko asmoa zeukaten, eta horretarako sakoneko iraultza behar zen, zeinak, oinarriak astintzean, erakundeak eta ohiturak alda zitzan. Arrakasta lortu nahi bazen, ordea, sekretu handiz jokatu eta garaipena ustekabean lortu beharra zegoen. Batez ere, ezinbestekoa zen, Buda Bizia, azpikeria desegiteko gai zen bakarra, ez jabetzea konplot hau antolatzen ari zela. Horregatik zebiltzan, batzuetan hanka-puntetan eta beste batzuetan, poliki-poliki. Hasiak ziren zabaltzen, zigilu inperialarekin, lehen dekretuak, itxuraz ez kaltegarriak. Laster azalduko ziren gainerakoak, gero eta kezkagarriagoak. Une horretara arte, Enperatriz Alargunak ez entzuna egin zuen. Agian, zeremonialarekin zerikusirik ez zeukatelako, ez zitzaizkion axola; agian, halaber, bere entrenamenduek Tzu-Hsi eta honen presio-taldea arazo horietatik urrundu egin zituzten azkenean.

        — Eta atzerritarrak? —galdetu zuen Satanek—. Zer iritzi dute atzerritarrek...?, tea elkarrekin hartu dugun andere berritsu horien senarrek?

        — Zatituak daude. Bada Txina modernoago batetik abantailak aterako dituztela kalulatzen duenik, eta bada oraingo ahuleriatik ez irtetea komeni zaiela pentsatzen duenik ere. Azken hauek osatzen dute gehiengoa.

        — Berorren Gorentasunak kontatzen diguna oso interesgarria da, historia garaikidearen eta dagozkien organo konstituzionalen eboluzioaren kapitulu gisa —esan zuen Luziferrek—, baina ez dut ikusten zer etekin atera diezaiokegun geure eginkizunaren ikuspegitik. Ez dut bereizten non azaltzen den Enperatrizaren bekaizkeria katramila horretan. Enperatriza ukiezina da eta oso pozik dago.

        — Nik ikusten dut, ba —erantzun zuen krokodiloak—. Europako potentziek Zeruaren Seme gaztea gogo onez begiratzen duten inpresioa finkatu behar dugu (gezurra bada ere) Enperatrizaren buruan; bera baino, Buda Bizia bera baino gehiagotzat eta agintea erabiltzeko duinagotzat hartzen dutela. Hitz batean: Enperadoreari inbidia izatea lortu behar dugu, etsiaraziz Kuang-Hsük, berak baino mirespen handiagoa eragiten diela kanpotar horiei... Enperatrizak gutxiagotzat juzgatzen dituen kanpotarrak, baina zeinaren gailentasun nabaria jasan behar izan duen Enperatriz Alargunak. Bururatzen zaidan bekaizkeria-aukera bakarra da. Baina aparteko arretaz jokatu beharko da, poliki-poliki, eta etapaz etapa. Dena den, oraintxe bertan eta esna dadin baino lehen, amets bat eratuko diogu.

        — Ametsa?

        — Ikusiko dute, Gorentasunok. Lehen atentzio deia izango da, eta zentzu honetan, oso arina. Eta guztiz txinatarra, jaunok: gogora bezate amets-herrialdean aurkitzen garela.

        Txalo egin zuen, eta oheak Mundu Zaharreko aldizkari ilustratuz bete ziren. Gainezka egiten zuten ohazalen gainean tapa mordoek argazki eta kromoen nahaste-borrastearekin. Demonioek orrialdeak biratzen zituzten bitartean, Leviatan bere ideia jakinaraziz joan zitzaien. Honen arabera, bakoitzak zegokion izaerarekin egokiago zetorren edo apaingarriago irizten zuen aginteko subiranoa aukeratu zuen, eta bekaiztiak tramatu zien pantomima antzezteko prestatu ziren. Printzesa-gorputzak utzi zituzten aurrena, eta gero, beren metamorfosiaren zientzia aplikatuz eta aldizkariek eskainitako ereduetara egokitzen zirela, transformatzeari ekin zioten. Almiranteak, bere maniobraren buruzagi hierarkiagatik, Kuang-Hsü, Txinako Enperadorearen eta osatzeko asmoa zuten koadroko irudi nagusiaren papera hartu zuen. Satanek Gilermo II.a, Alemaniako Enperadorearen papera interpretatu zuen; Luziferrek, Nikolas II.a, Errusiako Tsarrarena; Mammonek, Hunberto I.a, Italiako Erregearena; eta Asmodeok, Alfontso XIII.a, Espainiako errege umearena. Belfegor, eserita egon zedin «amets operazioa» deitzen ziotenak zirauen bitartean, Ingalaterrako Victoria Erregina bihurtu zuten. Beeltzebuli dagokionez, honek erabat uko egin zion monarka-papera antzezteari, ze bere printzipio errepublikarrek galarazten baitzioten hori, eta Mr. William McKinley, Estatu Batuetako Presidentea karakterizatzea erabaki zuen. Bidezkoa da esatea ez zutela denborarik galdu, kontuan eduki behar izan zituzten xehetasun mordoa barne hartzen bada, fisonomiak, uniformeak, kondekorazioak, etab., egituratzean, ze artatsu eta zorrotzak izaki, ahalegin guztia egin baitzuten beren lanak ondo atera zitezen. Joan eta etorri zebiltzan, zazpiak, egunkarietatik ispiluetara, zirtzileriak apainduz, akatsak zuzenduz, hemen galoi bat eta han txarratel bat gehituz, elkar kritikatuz eta elkarri lagunduz. Leviatanek pronto zeudela iritzi zuenean, pabilioia utzi eta, bata bestearen atzetik, Enperatriza lotan zegoen jauregirako bidea hartu zuten.

        Egunsentiko lanbroak oso dotore estaltzen zituen gerizondoak, hilarriak eta munstroen eskulturak, zazpiek patio nareak gurutzatu zituzten bitartean. Inork ez zituen ikusi. Inork ezin izan zituen ikusi, ez eunuko zaindariek, ez hosto artean goiz berora esnatzen ziren txoriek. Ezta ere, inork ezin izan zuen entzun sableen eta ezproien metal klaskadarik, ez Belfegor Victoriaren jantzien fru-frurik, ze eurek bakarrik baitzeuzkaten sentimen aski zorrotzak beren koloreen ortzadarra hautemateko eta beren urratsen eta beren armen soinua entzuteko. Tzu-Hsiren ganbarara, isil-isilik, iritsi eta bertan sartu ziren. Enperatriz Alarguna ohean zetzan. Honen aurrean, Leviatanek zuzenduta, zeinak esperientzia luzeko régisseur gisa jokatzen baitzuen, antzoki txikia armatu zuten.

        Belfegor aulki batean jarri zuten; albo banatara, zutik, Luzifer, Satan, Mammon, Asmodeo eta Beeltzebul banatu ziren; Leviatan konposizio sinbolikoaren alde goienean kokatu zen. Berehalaxe, denek batera, krokodiloaren seinaleari obedituz, doministiku egin zuten. Buda Zaharrak jauzi egin zuen bere kuxinen gainean eta begiak igurtzi zituen.

        Enperatrizaren aurrean, lurrin-ontzien lainoz inguratua, irudi konplexu bat zutitu zen, zeinetan Enperatrizak astekari kanpotarrek ekarri ohi zituzten estanpa alegoriko bakunen estilo ankerra bereizi zuen. Banan-banan, pertsonaiak identifikatuz joan zen. Goikoa, arina, izpirituala, Zeruaren Semea zen; eseritako andere lodia, lurrin flaskoaren tapoiaren antzeko koroa txatxar barregarri hura erakusten zuena, Victoria Erregina zen; hura, bibote gomaztatuduna, Kaiser alemana zen; larruzko txano eta begirada goibelekoa, Errusia Guztietako Autokrata zen; bestea, Italiako Erregea; masailezur handiko mutil kozkorra, monarka espainiarra; eta partikular gisa janzten zena eta hainbeste urre eta lumaren artean ia ikusten ez zenak, berriz, Estatu Batuetako Presidentea behar zuen izan. Irribarre egiten zuten, Kuang-Hsüganatz («Edertasunaren Jarraipena» deitutakoarengana) biratuta, eta harenganatz luzatzen zituzten besoak beren omenaldia eskaintzen ziotela. Litografia polikromoak —hain desberdina, beren tinta arrotzengatik, Zerutar Inperioko pinturen ñabardura finen aldean— dir-dir egiten zuen, izugarri. Distiratu egiten zuten altzairuek, kaskoek, idunekoek eta gurutzeek. Eta despota txinatarrak muskulurik higitu gabe, urrun eta harro hartzen zituen adeitasun menekoak, esan zitekeelarik hura zela —eta ez kuxinen zetaren gainean bihurritzen zen dama— Buda Bizia, Jainko Gizon egina. Enperatrizaren atzean ezkutatuta eta klik bakar batek ere traizinotzea eragotziz, Infernuko fotografiak ateratzeko makinak betiko dokumentatu zuen eszena miresgarria, eta intsentsu-ontzien lurrina erregistratu zuen, efektua osatzeko «Tanhaüser-en» konpasak gehituz.

        Leviatanek, suabe-suabe, putz egin zuen, eta betazalak astundu zitzaizkion Enperatrizari, ondorioz berriro luzatu zen ohean eta laster zen lo. Demonioek ospa egiteko aprobetxatu zuten unea, ze berehalaxe deituko baitzuen erlojuak eta dontzeila zerbitzariak Anderea esnatzera etorriko ziren. Ospa egin zuten, beraz, erregeek eta presidente norteamerikarrak, patio, galeria eta korridoreetan zehar, marmolezko herensugeen aihergatasunaren artean. Ezpatek zangoak zigortzen zizkieten; bandak eta urre-bortxak nahaspilatzen zitzaizkien; zetroak galtzen zituzten; britainiar koroa txikiak balantzaka tangoa dantzatzen zuen; lutu-isatsa eraman beharra zegoen Belfegorri, balantza egin eta eror ez zedin. Eta juxtu-juxtu izan zuten astia jantzi martzialak erantzi eta Printzesa mantxuriar traza melenga berreskuratzeko, ze hasiak baitziren jotzen herrialde guztietako erlojuak, seiak iragarriz; eta bat-batean zabaldu ziren Zahartzaro Zoriontsuaren Gelako ateak; Enperatriz Alarguna, ikusgarri, azaldu zen neska esklabo eta eunukoekin; itzalkinak altxatu ziren; eta ohoreko zazpi damak, arnasestuka, andereen aurrean makurtu ziren. Alferrik arakatu zuen hauen disimuluak, mahuka eta haizemaileen atzean, aurpegi inperiala. Ezerk ez zuen ikustarazten beren amets bitxiak eragindako kezka. Espero zutenaren aurka, alaiago, hiztunago zirudien, eta tonu horrek iraun zuen, egunean zehar, audientziak bitartean, paseoa bitartean.

        Azken hau txalupa handi batean egin zen, lapiz lazulizko lakuan zehar. Deabruek, jitean (oso zehaztugabe) sentitzeko, eta Leviatanek jakinarazi zien arren melodia horrek zorte txarra ekartzen zuela, «Madame Butterfly-ren» abesbatza modulatu zuten «a bocca Chiusa». Eta isildu zirenean, eunukoek arraunean egiten zuten bitartean, aipatu zuen Enperatriz harroak bere goizeko ametsa, ze Printzesa adeitsuen aldera itzuliz, brankan okupatzen zuen tronutik, esan baitzien:

        — Oso amets ederra egin dut bart. Munduko subiranoek Enperadorea inguratu eta ohoreak egiten zizkioten. Augurio ona ikusten dut horretan, eta, zeharka, neuri, Enperatriz Alargunari, Txinako Ama Handiari egindako ohorea ikusten dut, ze, izan ere, Enperadorea basailu bat gehiago baita niretzat, lehen basailua.

        Ezpainak lotu zituzten demonioek, eta ahal izan zutenean, bere koadro biziaren eraginkortasunik eza zentsuratu zioten Leviatani, baina Almiranteak gogorazi zien, hura hasierako atentzio dei bat izan zela eta, Tzu-Hsiren jarrera horrelakoa bazen ere, pozik zegoela emaitzaz.

        Astebete osoa igaro zen betiko moduan. Zeremoniak, banketeak, drama historiko luzeen ikuskizunak (zeinetan demonioak zein baino zein gehiago aspertzen ziren), ibilaldiak, lakuan zeharko paseoak, kiosko eta tenpluetarako igoerak errepikatu ziren. Leviatanek hegan egin zuen berriro Pekinera eta, gero, kontatu zuen han sutan zegoela gauza, ze lege berriztatzaileak barra-barra ugaltzen baitziren. Bazuen horren berri Enperatrizak lerro tradizionaleko bere jarraitzaileengandik, baina garrantzia kentzen zien. Gozokaizten zuena, oraingoz, poema labur sail bat orraztea zen, zeinetan sugandila baten eta portzelana berdezko tigrearen arteko amodioak deskribatzen baitziren; hau deskribakaitza da noski, baina oso orientala ezbairik gabe.

        — Heldu da unea —deklaratu zuen azkenean Almiranteak—, bigarren saioa errepikatzeko plano onirikoan. Beste amets bat armatuko dugu, nota azpimarratuz. Oraingoan Mr. McKinley kenduko dugu, hau irten egiten baitzen laminatik, eta Beeltzebulek Enperatrizaren papera hartuko du bere kargu.

        Aurka egiten setatu zen tripazaina, bere antzerti-dohairik ezaren aitzakiak jarriz eta azaldu zuen lanik asko ematen ziola Mantxuriako Printzesa birjina bat pertsonifikatu beharrak ere, baina krokodiloak ez zuen amore eman.

        Obeditu eta lagundu beharra zegoen, portura iritsi nahi bazen.

        Bakoitzak aurreko okasioan luzitutako arropak jantzi zituen; denen artean Beeltzebul pintatu eta mozorrotu zuten, honek gogo txarrez egiten uzten bazien ere, harik eta, bere txabusina hori bikainaren bidez eta bere perla eta errubizko orrazkeraz, lortu nahi zen ereduaren trazuak eta janzkera erreproduzitu zituen arte; eta, isil-isilik, errege-segizioa, ziba-ziluetadun Queen Victoria aurretik zela, Tzu-Hsi lo zetzan gelara iritsi zen. Leviatanek banatu egin zituen; koralki doministiku egin zuten eta, aurreko goizean bezala, Buda Zaharrak jauzi egin zuen ohean. Txakur txiki pekindar batzuk zeuden gelan, begi gogor desafiatzailekoak, eta zaunkaz ekin zioten.

        Amets-eszena honek jada pintatu genuena gainditu zuen. Enperatrizak aztoratuta kontenplatu zuen, ze, beti injinerutza popular eta baldarreko teknika berarekin, baina orain errefortzu mimikoaz, koadroak Enperatriza barne hartzen baitzuen, eta, jakina, honek bertan antzezten zuen atala ez zen onena.

        Leviatan Enperadoreak planeatuz zirauen sabaiaren eta bertako habeen inguruan. Honen begiak, txakur txikien begien antzekoak, harrokeriaz garretan zeuden. Honen oinetan arnasotsa atera eta begiak okertzen zituen, lurrean luze-luze etzanda, Beeltzebul Enperatrizak, Luzifer, Satan, Asmodeo eta Mammon, Errusia, Alemania, Espainia eta Italiako monarken zapalketaren biktima; hauek ugaldu egin baitzuten beren kondekorazioen kopurua; eta alde batean, Victoria Belfegor oparo eta txikiak arrandiaz txalo jotzen zuen. Aurreko aldian ez bezala, konposizioa ez zen estatikoa, baizik mugimendu patxadatsu batez hornitua zegoen, argizari-museoetan maniki batzuei jarri ohi zaienaren antzera, izan ere hori baitzen gehien gogorazten zuena: argizari-museoetako automatak, gertaera oroigarrietan erakutsi ohi direnak. Kaiserrak, Tsarrak eta Erregeek erritmo mekanikoaz jartzen zituzten botak Enperatriz etzanaren gorputzaren gainean; jaso eta jaitsi, jaso eta jaitsi egiten zituzten; eta Ingalaterrako Erreginak bere txaloak errepikatzen zituen inespresio zurruneko ahurrekin; burua jasotzen zuen Kuang-Hsü zerutarrarenganatz, irribarre egiten zion eta hasperen egiten zuen.

        Gehiegi zen. Benetako Enperatrizak garrasi egin zuen, eta ez zen beharrezko izan Leviatanek lo harraraztea, ze kordea galduta ohe handiosaren gainean erori baitzen. Eskuak igurtzi zituzten «Gothako Urtekariko» zazpi astroek eta irten egin ziren estutu gabe eta beren luxuetan katramilatu gabe. Bazekiten Tzu-Hsi berandu jaikiko zela.

        — Zorte on, Maiestatea! —errepikatu zioten krokodiloari, eta Enperadoreak plazerrezko malko bat xukatu zuen zetazko mahukaz.

        — Espero dut ez dela koadroa errepikatu beharrik izango —esan zion Beeltzebulek—, ze, ostiko mordo ederra hartu baitut urdailean Berorien Gorentasunek emanda; jakin beza urdaila dela nik gehien zaintzen dudana.

        Hartuak zituen ostikoak Tzu-Hsik ere, ez urdailean, ariman baizik. Honen harrokeria zirtaka eta txinpartaka ari zen ardagaia bezala, ez, ordea, bekaizkeriaz, amorruaz baizik. Honen haserre bizi ospetsua begiak zabaldu bezain laster azaldu zen, eta hau txakurkume pekindarrek esperimentatu zuten, amorruz sutan logelatik ostikoka bota baitzituen, eta baita txikitu zituen zeramikek ere; halere, mantendu zuen beharrezko buru-argitasuna Ming garaikoak ez puskatzeko.

        Zazpi Printzesek amorru horren maila baloratu zuten. Egun osoan zehar astindu zituen, eta Printzesek eramanpenez onartu zuten jokaera hau, haserre honen gogortasunean ikusten baitzuten Enperatrizak kordokatzen zuen lekukotza. Ez zen izan paseorik, ez orkidea bilketarik, ez te berderik, ezta meditaziorik ere ilargiaren argitan. Sugandilaren eta portzelanazko tigrearen amodioen gaineko poemak bertan behera utziak izan ziren betiko. Geldi-geldi, idoloa iduri, bere tronuan, sekula baino Budago, Enperatrizak hatz bitxiztatuak behatu zituen. Tarteka-marteka, paper batzuk nahasten zituen; trenbide, itsasuntzi eta mendebaldar moldeko eskolen fundazioaren eraikuntzari buruzko dekretu famatuen kopia ziren; zapi horiz estalitako kutxetan ekartzen zizkioten dokumentu hauek.

        — Halere —azpimarratu zuen Satanek— ez dio inbidiarik Enperadoreari. Gorroto du, gorrotatzen dihardu, bistan dago hori.

        — Garrantzizko urratsa eman dugu —erantzun zion Almiranteak, aire profesionalez—. Aurki emango dugu behin-betikoa.

        Hurrengo astean eman zuten. Bien bitartean, Enperatrizak bere amorrua oretzen jarraitu zuen, pastel fin bat prestatzen ari balitz bezala. Egunero gehitzen zizkion gozagarriak. Ametsetan hartutako laidoaren oroitzapenak osatzen zuen saltsaren oinarria. Zahartu egin zen denbora laburrean, eta ez zen horrenbeste arduratzen bere apainketaz. Hutsagatik, mototsetatik tiratzen zien inguratzen zuten neska esklabo edo mandarinei, eta berari, berriz, ihes egiten zioten xerloek, buru-estalkiaren eta bertako orratz luzeen azpian. Inor haren aurrean atzerritarren bat aipatzearen arinkerian erortzen bazen, txinpartak jaurtitzen zituzten haren begi beltzek eta irainka ekiten zion, irain hain zaharrez, ze jakintsuenek bakarrik lortzen baitzuten berauen esanahia ulertzea.

        Honela iritsi zen Enperatrizak Tartariako Printzeak hartu zituen ordua. Leviatanek artista-xeraz antolatua zuen audientzia hori, xehetasunik txikiena ere ahaztu gabe, akatsgabea gerta zedin. Europako subiranoen papera egin ondoren, demonioek beste horrenbeste egin beharko zuten mogol-enbaxada batekin. Zegozkien paperak entseiatu eta jantziak konbinatu zituzten. Bikainak ziren hauek. Gerrikoak, urrezko oihalen gainean ixten ziren, jaspezko orratzez, eta hauetatik zintzilik kutxatila bordatuak zeuden haizemaile, daga eta bitxiz apaindutako erlojuentzat. Udako beroak estutzen zuen arren, ez zieten uko egin azeri-larruei, hauek osatzen baitzuten papera. Diz-diz egiten zuten, batez ere Luziferrek, honen irudi atletikoa hazi egiten baitzen fin eta basati arteko arrandiaz.

        — Hau beste gauza bat da —ziurtatu zion harroak bekaiztiari—, eta eskertzen diot aldaketa. Aitortzen diot leporaino eginda nengoela Printzesa mantxuriarra antzezteaz. Hasita nengoen ematzen eta zaila da zenbait keinu ezabatzea. Hemen, zabal daiteke bat, izan daiteke norbera.

        Esku bat gerrian jarri eta bere burua miretsi zuen ispiluan.

        Seinalatutako egunean, beren garraioak zaldi basati bihurtu ondoren, Udako Jauregian sartu ziren arnes zalaparta handiaz. Palankinean Leviatanen apoa zetorkien atzetik, eta krokodiloa Belfegorren tximinoetako baten gainean zetorren, zaldiko isats-loka bihurtua. Apoak ere bere aldaketa jasan zuen. Orain bolizkoa zen, baina bere Luis XIV. kasaka gorria utzi gabe noski, honek pieza paregabeko bihurtzen baitzuen.

        Li Lien Yingek, eunukoen buruzagiak, Entzutegi-Aretoan hartu zituenean, ohiko eroskeriaren ordainketa aurrez egin ondoren, dotoretasun soltez ahozpeztu ziren; zoruko lauzak kolpatu zituzten kopetez, horrenbesteko indarrez kolpatu ere, ze puskatzeko prest ematen baitzuten; eta pribilegiatuentzat gordetzen ziren kuxinetan belaunikatu ziren. Eurekin Hamar Mila Urteetako Parkearen naretasun finean estepetako eta berauetako horden parrastada bizi eta kementsu bat sartuko balitz bezala izan zen.

        Leviatanek hitz egin eta beren bisitaren arrazoia argitu zuen. Urrundik zetozen, agurrrak eta opariak zekartzatela. Era berean, beren sosegurik ezaren arrazoia Tronura jaso nahi zuten. Eta zezeldu zuen, urruti eta bakardade gozokaitzean bizi baziren ere berenganaino iritsi zirela harridura eta kezka eragiten zieten zurrumurruak. Harritzekoa zera da, ez zituztela jakin ostalari txinatar eta mantxuriarren bidez, misiolari britainiarren bitartez baizik. Barbaro exotikoak, hilezkortasunaren eta jainko absurdu baten, Mendebaldeko Jainkoaren indarraren predikariak, Enperadorearenganako laudoriotan desegin ziren, eta gertakari honek poztasunez bete zituzten eurak noski, Printzipe mogolak, ze Zeruaren Semearen menpeko leialak baitziren, baina, alderantziz, errespeturik gabe mintzatu ziren Enperatriz Alargunari dagokionez. Kanpotarrek Kuang-Hsüren perspektiba goraipatu zuten, zeinak zibilizazio europarra zuzenduko baitzuen, burdinazko bide bikoitzez, Txina zabalaren mutur batetik besteraino, Enperatrizak bere aisia Udako Jauregiko plazer hutsalekin entretenitzen zuen bitartean. Eta horrek, jakina, Mogoliako jaunak gozokaizten zituen, ze Enperadorearenganako leialtasuna berresten bazuten ere, oraindik areago estimatzen zituzten Andere Arbaso Handiaren merituak; honengan ikusten baitzuten Inperioko bertute gorenen gordetzailea.

        — Monje ibiltari kristauak —jarraitu zuen Leviatanek, bere harribitxiak distiraraziz eta erdi karakolatuz, ze horri mogola baitzeritzon—, setatu dira errepikatzen haraindiko errege nagusiek Zeruaren Semea daukatela Herrialde Horiko subirano bakar posible gisa, izan ere honen adimen zabala eta berrikuntzetara irekiaren menpe baitago Txinaren aurrerapena, eta juzgatzen dute aurrerapen txinatarrari traba egiten dion oztopo bakarra Enperatriz Alargun Beneragarria dela; horregatik iradokitzen dute aparta dezatela bidetik, eurek, zuzenean eta bakarrik, Enperadore sakratuarekin trata dezaten, eta honekin analiza ditzaten hobekuntzak, zeinetatik sortuko baita beren arteko konbenientzia. Aipaturiko errege hauek maltzurrak eta boteretsuak dira, eta uste dute gure Enperadorea ere boteretsu eta maltzurra dela. Tematu dira esaten Kuang-Hsü Bere Maiestatearekin berdintasunean mintzatuko direla, eta denen artean salbatuko dutela Txina atzerakoia.

        Zureriatik zintzilik zeuden paperezko linterna poliedrikoek Entzutegi-Aretoa ia argitzen ez bazuten ere, erraza izan zen ohartzea Buda Zaharrak kolorez aldatu zuela. Tindu leunki berdeska bat, Almirantearen azkartasunak bekaizkeriaren ñabardura iradokia bereizi zuena hedatzen hasi zen haren hazpegien gainean.

        Eta Leviatanek hitzaldiarekin jarraitu zuen, izerditan, larruzko txanoa astinduz, jada azaldutakoa errepikatuz, zegokion lautadetako zaldun-papera betez, primitiboa eta arranditsua, Gorteko lausengu eta zurikerien ezjakin eta purrustada xaloak ugaldu eta zabaltzeko gai. Inguruan, honen lagunak buruak astintzera eta beren armak dardaratzen zituzten hasperen marrantatu eta keinu zakarretan lehertzera mugatu ziren.

        Hitzik ere ez zuen erantzun Enperatriz Alargunak. Harro, urrun, hizlaria arakatu zuen, bera, tronua inguratzen zuten brontzezko alegiazko piztien artean bat gehiago balitz bezala, baina berdeen gama areagotuz zihoan haren aurpegian, eta horrenbeste, ze herensugea ematen bazuen, herensuge hori oliba izugarri batean tailatua izan zen.

        — Opari bitxi bat ekarri diogu —amaitu zuen Almiranteak—, bisitaren oroigarri, eta hau atsegingarri eta berri erakargarrietan aberats izatea espero dugu.

        Agindu bat eman zuen, eta eunukoek bolizko apo handia sarrarazi zuten. Zabaldu zuen honek ahoa, eta barrutik ehun txori txiki irten ziren, kolibriak bezala txiki eta apainak eta areto zabalean zehar hegan egin zuten. Hauetariko asko Enperatrizaren bizkarren eta kofiaren gainean pausatu ziren, zeinak, amorruak eta bekaizkeriak kurrikatua, ez zuen asmatu hauek uxatzen. Txio egiten zuten, hegoei eragin eta berriro biltzen zuten, hodei oihularia iduri, andere itsaso-berde trinkoa.

        Amaitua zen elkarrizketa, eta tartariarrak atzeraka irten ziren. Orduan Tzu-Hsik bere grina askatu zuen. Esku-zartadaka, demonioek euliekin egin ohi zuten bezala, txori txikiak barreiatu zituen. Eunukoek paumatzar lumazko haizemaileekin astindu zituzten. Batzuk sabaian babestu ziren eta beste batzuk hilda erori ziren, beste zenbaitek, ordea, geratu eta andereari eraso egiteko apeta izan zuten beren hegada eta txorrotxioekin, eta Tzu-Hsik, hauen pio-pio zoragarrietan, Leviatanen esaldi beldurgarriak entzunez jarraitu zuen. Gauera arte, bere ganbararaino, han lortu baitzuten harrapatzea azken kolibri setatia, entzun behar izan zuen bere bekaizkeria zirikatzen zuen mezu txorrotxiotua. Ordu horretan, Enperatrizaren larruazalaren kolorea berde-botila zen.

        Biharmunean, Enperadoreari deitzeko agindua eman zuen. Ez dugu berregingo hemen honen elkarrizketa historikoa, edo hobeto esanda, honen monologo basatia, hau testu askok konsignatzen dute eta. Bakar-bakarrik gogoratuko dugu gazte liberala kiribildu egin zuela, hurakanak arrastaka daraman hosto hauskorra bailitzen. Belauniko, Inperioko agintari gorenaren aurrean dardarka, zeinak bere gailentasunaren osotasuna berreskuratu baitzuen, Kuang-Hsü errenditu egin zen. Traizionatua, utzia, ezin izan zuen ezer egin. Mende kupidagabe gehiegik zamatzen zuten bere hezur hauskorren gainean. Data horretatik bere heriotzaraino, hamar urte geroago, preso bat, esklabo bat, txotxongilo bat izan zen, bere izeba jasangaitz eta ankerra eskoltatzera behartua, Udako Jauregitik Hiri Debekatura lekualdatzen zenean. Ez Boxerren nekazari erreboltak, ez ministro alemanaren hilketak, ez legazioen setioak eta indar europarren Pekinen sartzeak, ez memoria eta nobeletan irakurtzen denak eta zinerama-filmeek bildutakoak, ez zuten lortu berau salbatzea. Enperatrizak umiliatu egin zuen eta inbidia izan zion azkeneraino. Inbidia zion haren baretasunari, haren urruntasunari, haren filosofia misteriotsu eta etsipenduari, oreka eta gelditasuna berreskuratuz geroztik zeukan ukiezintasun benetan inperialari. Enperatriza, bien bitartean, Txina deuseztuak pairatutako kolpeen azpian ahaleginduko zen.

        Demonioek ipinia zioten puntua beren hirugarren lanari. Lortua zuten bekaizkeriak jan eta irents zezan Tzu-Hsi, eta hau, hasieran, ezinezko iruditu zitzaien, izan ere hain sendoa zela ematen baitzuen haren armadura harroputzak. Erreskatatu zuten apoa, lotu zituzten beren ibilgailuak eta irteteko erabakia hartu zuten. Pozik zeuden abentura berrien atzetik joateko moduan izateagatik. Luzifer bezalaxe, gainerakoak ere izorratu egin zituen Printzesa mantxuriarren ordezkaritza luzeak, bere derrigorrezko milinkeriekin.

        — Neure buruari diot inbidia —esan zuen Leviatanek—. Nire lana oso ondo atera da.

        Hegan zihoazen, hodeien gainean, Almirantea zorionduz, Belfegorri bultza eginez, hau lo baizetzan lau tximinoen andetan, ustekabean, euren gainera gezi-zaparrada erori zenean. Jarri ziren borroka-ordenan, eta laster aurkitu zituzten beren arerioak. Baztangaren, Eskarlatinaren, Hepatitisaren, Otien, Albaitarien, Hordien, Su Artifizialen eta Zapatarien erdijainkoak ziren, zeinak zuzi-mataza baten atzean prestatu, eta handik askatzen baitzituzten beren gezi zorrotzak. Sun-Pin Jeneralak, oinetakogileek gurtzen dutenak, aurpegiratu zien:

        — Defenda zaitezte, miserableok! Zuen eta zeuon katramilen erruz, Enperatriz madarikatuak anulatu egin du Kuang-Hsü Enperadorea eta gure aberriaren hobekuntza eta gorakada atzeratu ditu! Zuen erruz, atzeraka goaz! Urteak eta urteak itxaron beharko da, Txinan erreformak garaile atera baino lehen!

        — Baina garaituko dugu! —hitza hartu zuen Cen-Sen, gibela torturatzen dutenen babesleak—. Eta ez ditugu edukiko trenbideak bakarrik! Txina txinatarrentzat! Txina Munduarentzat!

        — Gora iraultza! —oihu egin zuten denek batera.

        — Gora tradizioa! —erantzun zieten Infernukoek.

        Albaitarienak xiringa lodia dantzatu zuen; otienak, lainoztagailua; artifiziozko suenak berauek jaurti zituen, birakari eta erretzaile. Gezi zaparrada ari zuen liburuska gorriekin nahasian. Tou-Sen, oilaurren biktimen jainkoak, arrosa koloreko te katilua jaurti zuen, bere iraganeko topaketaren mirarizko superstitea, agian. Satan suminduak eta Luzifer harroak erasoari eutsi nahi izan zioten, baina Asmodeok eragotzi egin zien; poliki asko apartatu zuen honek gezi-zaparrada, banbu-gortina bat bailitzen.

        — Tira, Gorentasunak —esan zien—. Utz ditzagun oso erraz birrinduko genituzkeen anarkista hauek. Ez dezagun hustu zeru mitologikoa, horrek ondorio txarrak ekarriko lituzke eta. Ez dagokigu politika nazionalaren arazoetan muturra sartzea. Udako Jauregian egin genuenarekin aski da.

        Besteek ulertu zuten arrazoia zuela, eta altuera iristezinera igo ziren. Entretenitzeko, bidaia bitartean, Leviatanek enperatriz Alargunaren historiaren azkena kontatu zien, Horoskopoen Liburuko orrialde bat Pekingo Astrologiako Juntaren Dorrean harrapatuz jakin zuena... irudi zerutarretan adituak Alargunari erakusten ausartu ez ziren orrialdea.

        — Hamar urte barru gertatuko da, zehazki Kuang-Hsüren heriotzaren biharamunean, ondorioz xuxurlatuko da andereak berau pozoitzeko aginduko diela eunukoei, honela bera hiltzean hark bizirik iraun ez dezan. Eta Enperatrizaren heriotza aparteko gertakari bati zorko zaio, gainezarpen bati... nola deituko genioke?... errefusazko eliminazio bati. Aurrez aurre jarriko dira orduan bi botere, berdinak itxura batean, baina bietako bat indartsuago izango da eta bestea garaituko du. Enperatriz Alargunak, garai horretan, Dalai-Lamaren bisita hartuko du. Halabaina, Tzu-Hsi zein Tibeteko Lama Gorena, Budaren gizonegite organikoa izateaz harrotuko dira, baina hori onartezina da, teologiko eta teknikoki; ezinezkoa da jainkotasunaren bi gizonegite aldi berean azaltzea leku berean. Batak bestea ukatzen du, ez du batak bestea ezagutzen, elkar baztertzen dute. Kasu horretan, bietako batek, derrigor, amore eman, beste mundura erretiratu, eta bertan denbora egin beharra dauka harik eta metenpsikosi-prozesuak Lurrera itzultzen duen arte. Mekanismoak zorroztasun zurrunez funtzionatzen du. Honen froga zera da, Enperatriza, Dalai baino Buda txikiago, lur honetatik despedituko dela, elkarrizketa honetatik aste bakar batzuk geroago. Bere neurriko zapata aurkituko du. Ez dio ezertarako balioko dagozkion budatar eskubideei eusteak. Kuang-Hsü Enperadorea ahula izan bazen, Lama tibetarra, bere hierarkia sakratuarekiko arduratsu, ez da errendituko. Edo izan egiten da, edo ez da izaten Buda Haundia; eta horrek ez du bueltarik. Jakinaren gainean jartzen ditut Berorien Gorentasunak, badaezpada, noizbait Buda izateaz harrotzea bururatzen bazaie. Sekula ez da jakiten noiz sor daitekeen batek izan nahi zuen Buda baino gehiago den Buda bat.

        Txintxo-txintxo elikatu ziren demonioak hain jakinduria higienikoaz eta, hegoak astinduz, herensugeak loto-lorez elikatzen diren eta sugandilak portzelanazko tigrearekin dauzkan amodioak narratuko dituen poetaren agerpena espero duen lurraldetik aldendu ziren.

        — Enperatriza beste hamar urtez biziko da —esan zuen Asmodeok—. Imajina bezate Berorien Gorentasunek zeinen berde, zeinen berde-berde, artxiberde eta poliberde egongo den orduan.

        Ateraldiak pentsarazi egin zien. Ondorioz, beren lirismoa zabaldu zuten, Txina bertsolarian egindako egonaldiak berotuta.

        — Berdea Ponpeiako brontzea bezala, mendeetako sepulturaren ondoren —iradoki zuen Luziferrek, bere «Faunoaren» ohorez.

        — Berdea soto hezeetan gordetzen den urrea bezala —deklaratu zuen Mammonek.

        — Berdea krokodiloa naizen hau bezala —kantatu zuen Leviatanek—, eta adarrek gerizpetzen duten eta krokodiloak flotatzen duen lakua bezala.

        — Berdea Gerrako koraza bezala —orro egin zuen Satanek—, Gorgona sugeramailez betea.

        — Berdea lizunen oliba-koloreko zurbiltasuna bezala, ilargiaren babesean elkar besarkatzen duten gorputz biluziak bezala —gozatu zuen Asmodeok.

        — Berdea espinaka-purea bezala —proposatu zuen Beeltzebulek—, salteatua, ura lurrindu arte, gurineztaturiko zartaginean.

        Belfegorrek begiak erdireki zituen:

        — Berdea belusez tapizatutako koltxoia bezala; estalki glaukoa bezala; mahatsondo-hostoak eta matxinsaltoak bordatu dituzten burukoa bezala; igel-aldrak barazki-saskiekin pasatzen direneko ametsa bezala; berdea...

        Eta lo hartu zuen berriro.

 

 

 

© M. Mújica Lainez

© itzulpenarena: Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia