Bost

BIDAIA

 

        Hegan eta hegan egin zuten. Demonisten abestiak, garaile, tronpeteatzen zuen espazio infinituetan. Oso gora igo ziren, eta ez zuten ikusten Lurra, hodeizko tapakien eta edredoien azpian. Eta Lurrak, ohe jantzian lo egin nahi gabe, jira eta bira ziharduen bere misio misteriotsua betetzen; izan ere, jira eta bira ibiltzea baita honen misioa, bere gizaki, abere, ibai, mendi, oihan, goranahi, amets eta nekezko zamarekin. Eurak ere, zazpiak, nekatu egin ziren (egiazki, ez zazpiak, seiak baizik, Belfegor sekula ez baita nekatzen, metatutako atseden erreserbei esker). Iruzkinak isiltzen zituzten. Jada ez zituzten errepikatzen beren arrakasten xehetasunak, Ponpeian, Poitoun. Aurrerantz begiratzen zuten, Munduaren urduritasunean artean korritzeko geratzen zitzaien guztirantz, Infernuko bakera itzuli baino lehen. Ez zen azaldu ezta Apoloren gurdia ere, laidotua beronen auriga olinpikoei iseka egin zitzaielako, ezta gurpil zodiakalaren musikarik ere ez zuten entzun, ze hodeiek, eta metaketa apartsuak baino ez ziren beste batzuek, inguramenduak bereiztea galarazten baitzieten.

        Arrapaladan zihoazen isiltasunean, ezin arnastuzko mugagabetasunean zehar, piltzar zuriak eta grisak arrastatuz.

        Ezin izan zuten jasan abiada hori sirenaren eta honen ondokoaren ahuldadeak, hauek mendi-gaitza sufritzen baitzuten.

        — Jaitsi gaitezen, jauna —erregutu zion sirenak Beeltzebul zaldunari—. Umeak ezin du pairatu hain presio latza.

        Halaxe zen; Supernipalek, kongestinoatuta, ahaleginak egiten zituen bere arnasestua baretzeko eta bizar bigunak erauzten zituen.

        Errukitu egin zen tripazaina eta milaka legoa jaitsi zituen segundotan. Gainerakoek atzetik jarraitu zioten, beren gogortasunezko izaera famaren galerarik gabe, hain eskualde babesgabeak uzteko eskaintzen zitzaien aitzakiaz pozik. Orduan Lurra nabarmendu zen, etxekoi, fruta lakar baina gutiziagarri gisa. Jaisten jarraitu zuten, birikak betean arnasa hartuz.

        — Zer da hura? —galdetu zuen Luziferrek.

        Leviatanek kataloxa luzatu, eta honen kristalak gain menditsu bat hartu zuen.

        — Aurriak ematen duten haitzak begiztatzen ditut. Lumatxa eta hodei errezelak ere badaude han. Eta haitz horietan gizon bat ikusten dut, ahaleginetan dabilen preso bat.

        — Utz biezat Berorren Gorentasunak betaurrekoa.

        Prismatikoak, besteetan bezala, demoniozko atzaparren artean zirkulatu zuen.

        — Honek —kalkulatu zuen Satanek— Kaukaso izan behar du, eta mendi tontorrean indar egiten duena, berriz, Prometeo ospetsua izango da, seguraski.

        — Nor? —galdetu zuen Beeltzebulek, gorri-gorri eginda.

        — Prometeo, Gorentasuna. Demiurgoa. Zeusen sua gizateriarentzat ostu zuena, hori zela eta kateatu zuen haserre zerutarrak Kaukason. Mitologiako edozein eskuliburutan aurkituko du hori. Zenbaitek Zeusen bihotzetik bertatik ostu zuela txinparta dio, eta beste zenbaitek, berriz, Eguzkiaren gurdiaren gurpilera zuzia arrimatuz lortu zuela. Eskilo ez dator bat autore hauekin.

        Horretan, arrano bat hurbildu zen gatibuarenganaino eta erraietan mokoka hasi zitzaion.

        — Ikusten du, Gorentasuna? Hori egunero gertatzen da. Zeus jainkoaren aginduz, arranoak gibelak irensten dizkio, eta gauez berriro hazten zaizkio. Zeusek ezarri zion tormentua da.

        — Ez zuen imajinazio handirik erakutsi Jainkoen... beste jainkoen Aitak —esan zuen Luziferrek—. Gure Infernuan egin dugu asmakizun hoberik, alajaina.

        — Halere, sistema merkea da, autarkikoa —azaldu zuen Mammonek—, eta zentzu horretan, gomendagarria.

        — Aitor beza, Gorentasun horrek —ezeztatu zion Asmodeok—, Paolo Malatesta eta Francesca da Riminirentzat nik asmatutako martirioa hobea dela. Gogora beza: hiru bider egunean, egunero...

        — Eta uste dut —ausartu zen esatera Beeltzebul— Zeusek ez zuela kontuan eduki arrano errugabea pairaraztera behartutako tortura. Hark, nire ustez, Prometeo lapurrak berak baino askoz gehiago sufritzen du. Agian ba al da ezer okerragorik gauza bera jan beharra baino astelehenean, asteartean, asteazkenean... eta honela eternitateraino? Gibela... gibela... gibela... Ai, arrano zoritxarrekoa! Era bariatuan prestatuko balute bederen. Niretzat, errezetarik onena sinpleena da. Xerratan ebakitzen da gibela; gero, olio, gatz, piperbeltz, perrexil xehetu eta tipula pitin batez salteatzen da; xigortzen denean, paper olioztatuan jartzen da, urdai xerra gehitzen zaio eta baita salteatu zeneko saltsa ere; azkenik, paperean bildu eta labean sartzen da orduerdi batez. Hau da zekor gibela «papillote eran» deritzona. Uste dut aplika dakiokeela kasu honi. Eta zertarako kontuan hartu haragi-xerra bezala ebakitzen den gibela, burges eran...?

        — Tira, Gorentasuna! —eten zuen Satanek—. Denbora alferrik galtzen ari gara.

        Utzi zuten Prometeo, mokokada eta hego zartakoen artean, biluzik, kexuka ihes egiten ahalegintzen zena, eta ibilaldiari berrekin zioten. Leviatanen apoari begi irtenak handitu zitzaizkion, ondorioz beharrezkoa izan zen tarteka-marteka aireko arrapalada moteltzea, kolirio tanta batzuk botatzeko. Denbora pixka bat igaro ondoren, Zerua irudi bitxiz apaintzen hasi zen. Tigre baten gainean zangalatraba, dama bat igaro zen, zeinak zahagia eta, lepagainean, mutiko bat zeraman, garastailuarekin.

        — Txinako atmosferan aurkitzen garela esango nuke —iritzi zuen Luziferrek—. Uste dut ezagutzen ditudala bionboko bi pertsonaia hauek, ze hori baita nire obligazioa, Ekialde lurtarrarekin lotzen den guztiaren buru naizenez. Damak Feng-Po-Po izan behar du, inondik ere, Haizearen Andere zaharra, eta mutikoak, berriz, Yu-Si, Euriaren Jaun Gaztea. Taoistak dira bata zein bestea, eta Trumoiaren Ministerioaren menpe daude. Ekaitza prestatzen arituko dira.

        Ez zebilen oker demonioa, budista, taoista eta Konfuzioren jarraitzaileen Paradisua eta Infernua populatzen duten goi izakien ugaltasunak hauen nortasunekin asmatzea zail bihurtzen badu ere. Andere Zaharrak zahagia ireki zuen, eta haize-parrastada batzuek ihes egin zuten, Jaun Gazteak zilarrezko garastailua hartu zuen, eta Lurra lorategi bat balitz bezala, keinu politez, beronen gainera irauli zituen euriaren hariak. Gero, irribarretsu, bidaiariak agurtu, eta beren itzuliari jarraitu zioten. Euri zaparrada bat bakarrik izan zen, baina hodei meheak argitu ziren. Hau bereiziz, untzi zeharrargitsua iduri, hodei biribil bat sortu zen; honek brankan ogro buru zirtzil bat erakusten zuen, kondaira asiarreko lau animalia borondate onekoek eusten ziotena: adarbakarra, herensugea, dortoka eta fenixa. Gainean, lurrinezko masak kuxinak balira bezala jarrita, zortzi pertsonaia zeuden; hauek te hartzen zuten, elkarri gortesia miresgarriak eskaintzen zizkiotelarik. Haiek ere ezagutu zituen Luziferrek, bere zalantzak izan zituen arren, eta adiskideei aurkeztuz joan zen.

        — Hona hemen —esan zien— txinatarren zeruetan bizi direnen gehiegizko barietate eta aniztasunaren froga bat. Ikus bezate, Gorentasunok. Oroimenak engainatzen ez banau, emakume hura Tou-Sen da, baztanga gaixotasunaren zaindaria; bestea San-Sen da, eskarlatinak erasotakoez arduratzen dena; eta han aurrerago dagoen beste hura, Cen-Sen, hepatitis jasaten dutenen laguntzailea da. Ulertzekoa da elkarrekin paseatzea, beren ahaidetasunengatik. Bitxia gertatzen dena zera da, tearen erritoa Pa-cárekin, otarrainen eta gainerako intsektu kaltegarrien suntsitzailearekin partekatzea; Ma-Senekin, zaldien jainkoa izanez hasi eta albaitariena izanez amaitu zuenarekin; Huo-Senekin, su artifizialen zaindariarekin; Sun-Pin Jeneralarekin, zapatarien laguntzailearekin, ze honek oinetako ortopedikoa asmatu baitzuen; eta Zortzi Jainko Hordietako batekin, idemen ongilearekin; azken hauen kultua Tang dinastiaren azpian hasi baitzen, libazio errepikatuetara zaletuak beti egon baziren ere.

        Harritu ziren demonioak Luziferren ezagupenez eta oroimenaz, batez ere, Txinaz arduratzen ez zela zenbait zenturia bazirela aitortu zienean, eta txunditu zituen, noski, hodeizko untzikoek harrokeriarena identifikatu izanak ere, adiskidetasunezko belaunikatzeak errepikatu eta tea hartzera gonbidatu baitzituzten. Ondorioz, Abernukoek untzi abegitsua abordatu zuten; zamariak (Ardilarru mekanikoa barne) borondate oneko lau zamariei laguntzera behartu zituzten pabilioi nabigatzailea garraiatze lanean; honek kariatide bitxi txerto bat sortu zuen; Beeltzebulek euliak uxatu zituen, Pa-cá intsektujalearen atzaparren azpian erortzea eragozteko; eta laster parte hartu zuten mundutar berriketa dotoretan eta atzapar lehor, jasmin lore eta beste hainbat gozotasunez lurrindutako katiluen joan-etorrian.

        Albaitarien erdijainkoak Secchió-ren, Sug dinastiako Zen poetaren bertsoak gogoratu zituen; honek te edalea pintatzen du «bakarrik Zeruaren eta Lurraren artean, ezin konta ahal izakiri aurre eginez», eta azpimarratu zuen, hala ere, tearen zaporeak irabazi egiten duela berau konpainian zurrupatzen bada. Asmodeok, lizunak, mokofinak, adituak, «Fauno Dantzariaren» eskultoreak, altxatu zuen fintasunez ontzietako bat, deszifratu zituen honen markak eta esan zuen:

        — Ch'ien Lung-en garaikoa, XVIII. mendea, «arrosa familia». Portzelanarik finenak.

        Eta baztangagatik aukeratutakoen erdijainkosari eskatu zion atera ziezaiola bigarren katilukada bat.

        Honek katilua luzatu zion, Budaren hitz absolutua dela suposatzen den testua errepikatuz:

        — Tori katilu bat te, oh monje anaia!

        Eskertu zion lizunak, harrituta horrela deitzen ziolako. Halaxe zeuden, oso gustura, txorakeriak egiten zituztela, eta bien bitartean hodeiak bere txangoari jarraitu zion, txorrotxioz eta erreberentziaz dardarati. Kilkirrak kantari ari ziren jadezko kaxaren barruan, eta hepatitisaren jaunak ahotsak lagundu zituen «ku ch'in-aren» zazpi hariak joz. Zoritxarrez, Asmodeo bera izan zen, zeina zoriontasunez lurrindatzen baitzen atmosfera bikain horretan, oparia itzultzeko ideia txarra izan zuena, eta adiskide berriei fabrikazio pertsonaleko bere zigarro bizigarri haietako batzuk eskaini zizikien. Zupadaz zupada, eskuz esku pasatu zituzten, txinatar begi tarratatuak argituz, eta zigarroen eragina laster sentitu zen, ze Sun-Pin Jeneralaren, ortopediarenaren ile gorriak eta aurpegi urdinak tonalitate horiek areagotu egin baitzituzten, purpurarenak eta anil biziarenak lortzeraino, eta Hou-Senek, su artifizialenak, berriz, kolore anitzetako girandula batzuk jaurti zituen, suziri harrigarrietan lehertu zirenak. Bat-batean, hordien erdijainkoa, zeinarekin Beeltzebulek oso adeitasun handiko elkarrizketa hasi baitzuen, bazirudien aldi berean eten gabe sartzen zuen ardoaren eta erretako drogaren efektua sentitu zuela eta, mingain lodiz, Deabruaren Infernuan eta Budaren Nirvanan hierarkiak kendu eta erregimen igualitarioa ezarri behar zela esaka hasi zen.

        Izugarri haserretu ziren Satanen eta Luzbelen printzipio monarkikoak.

        — Berorren Gorentasunak —oihu gin zuen azken honek, aristokrazia mandarinoaren txineraz— Errepublika proposatzen du.

        — Are gehiago oraindik —erantzun zuen hordiak—, askoz gehiago.

        — Ez dut ulertzen.

        Orduan gainerako ekialdearrek liburuska berdina astindu zuten bakoitzak ezkerrean, besteek bereiztea lortu ez zutena, harrotasunez eskuin ukabila altxatzen zuten bitartean.

        — Iraultza! —oihu egin zuten denek batera Baztangaren, Eskarlatinaren, Hepatitisaren, Otien, Albaitarien, Artifiziozko Suen, Zapatarien, Hordialdiaren jaunek—. Iraultza! Etorkizuneko jainkoak gara!

        — Tradizioa! —errepikatu zuten ostalariek, Beeltzebulek eta Belfegorrek salbu, isiltasun dolutua gordetzen baitzuen lehenak, eta bigarrena, berriz, bere aihergatasun otzanean tapatua baitzegoen—. Tradizioa! Betiko demonioak gara!

        Eta «Gazteria Demonisten Martxak» orro egin zuen. Airean zehar saltatu zuten Ch'ien Lung Enperadorearen garaiko katiluek eta teontziek. Mila puskatan apurtu ziren.

        — Ai!, ai! —erregutu zuen Mammonek, zekenak, arrazoi ekonomikoengatik.

        — Ai!, ai! —erregutu zuen Asmodeok, estetak, arrazoi artistikoengatik.

        Nork daki zer gertatuko zatekeen; seguraski borrokan egingo zuten, baldin une larri horretan iratzargailuaren txilinak jo izan ez balu, Belfegor astinduz, zeinak bere nagikeria mimatzen baitzuen hodeiaren tolestura batean.

        — Tente! Deabruaren ordena! —agindu zuen Luziferrek, eta tente jarri ziren infernukoak—. Pekin hiriaren gainean aurkitzen garela adierazten du mapak, eta erlojuak, berriz, 1898 urtea aurrera doala jakinarazten du. Agur, jaunok! Ez daukagu denbora alferrik galtzeko! Zeuon badaezpadako etorkizunarekin uzten zaituztegu! Erne ibili! Mundua oso zaharra eta hauskorra da eta!

        Hartu zituzten berriro beren garraioak eta jaitsierari ekin zioten. Atzean, erdijainkoek beren liburuska gorriak erakutsiz eta ukabil iraultzaileak itxiz jarraitzen zuten. Demonioekin batera jaitsi ziren, petaloak iduri, XVIII. mendeko portzelanen zati arrosak, zeinak harrapatzen alferrik ahalegindu zen Asmodeo. Eutsi ezinezko haizeak aldendu zituen hiriburutik; bitartean, alde guztietatik, paper polikromozko kometek, txori, arrain, saguzar formekin igo, dantzatu eta isatzak astintzen zituzten, zeinak zazpiek esku zartaka uxatu behar izan zituzten, beren lurreratze ikusmena oztopatzen zietalako. Teila horiz estalitako eraikin multzo bat, aberats trazako denda, ezin konta ahala pagoda, kiosko, patio, zubi eta lorategi, eta laku distirati bat hedatu eta izurtu ziren beren oinetan.

        — Enperadore mantxuriarren Udako Jauregia da —jakinarazi zuen harroak—. Errepideak Pekinekin komunikatzen du. Beha bezate bertan gurdien, sei gizon bizkorrek eramandako palankinen, zaldi-estalkidun zaldien, bandera inperialdun kamioien emana.

        Eta une horretan, lakazko kutxa ireki eta zegokion fitxa atera zuen.

        — Bekaizkeriari dagokio txanda; Bere Gorentasun Leviatan Almirante Jaunari. Good luck.

 

 

 

© M. Mújica Lainez

© itzulpenarena: Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia